Edukira joan

Biblia/2 Pedro

Wikitekatik
Biblia
2 Pedro
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

PEDROREN BIGARREN GUTUNA

Agurra


1. atala

[aldatu]

1 Nik, Simon Pedrok, Jesu Kristoren zerbitzari eta apostolu honek, zuei idazten dizuet, gure Jainko eta Salbatzailea den Jesu Kristoren salbamen-indarrari esker gurea bezain fede baliotsua iritsi duzuenoi. 2 Grazia eta bakea oparo izan ditzazuela, Jainkoaren eta Jesus gure Jaunaren ezagutzari esker.

Kristau-bokazioa

3 Jainkoak, bere ahalmenaz, erlijio-bizitzarako behar den guztia eman digu, bere aintza eta indarraz deitu gintuen Jesus ezagutaraziz. 4 Honela, agindutako ondasun baliotsu eta bikainak ere eman dizkigu, grina txarrek munduan eragiten duten ustelkeriatik ihes eginez, Jainko-izaeraren partaide izan zaitezten. 5 Horregatik, saia zaitezte gogoz zeuen fedearekin batera bertutea izaten, bertutearekin ezagutza, 6 ezagutzarekin neurritasuna, neurritasunarekin eramanpena, eramanpenarekin jainkozaletasuna, 7 jainkozaletasunarekin senide-batasuna, eta senide-batasunarekin maitasuna. 8 Jarrera hauek guztiak zuengan gero eta gehiago indartzen badituzue, lagungarri izango dituzue eta Jesu Kristo gure Jauna gero eta hobeto ezagutzera eramango. 9 Baina jarrera horiek ez dituena itsua eta bista motzekoa da, ahaztu egin baitu garbitu egin duela Jainkoak bere lehenagoko bekatuetatik. 10 Senideok, Jainkoak deitu eta aukeratu zaituzte: saia zaitezte egoera hori sendotzen; hori eginez gero, ez duzue sekula huts egingo, 11 eta zabal-zabal irekiko zaizkizue Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen betiko erreinuko ateak.

Apostoluen testigantza eta profeten hitzak

12 Horregatik, ez naiz aspertuko zuei gauza hauek gogorarazten, nahiz eta zuek jakin eta irakatsi zaizuen egian sendo egon. 13 Izan ere, bidezko iruditzen zait, mundu honetan bizi naizen bitartean, zuek bizkortzea zenbait gauza gogoratuz, 14 badakit eta, laster utzi beharko dudala mundu hau, Jesu Kristo gure Jaunak agertu didanez. 15 Baina ahalegin guztiak egingo ditut, gauzok beti, bai eta ni hil ondoren ere, gogoan izan ditzazuen. 16 Jesu Kristo gure Jaunaren ahalmenezko etorrerari buruz hitz egin genizuenean, ez ginen oinarritu irudipenezko ipuinetan, geure esperientzian baizik, geure begiz ikusi baikenuen haren handitasuna. 17 Jesusek Jainko Aitarengandik hartu zituen ohorea eta aintza, honela esan baitzion Jainkoaren ospe bikainetik etorritako mintzoak: <<Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut nik atsegin>>. 18 Guk geuk entzun genuen zerutik etorritako mintzo hori, mendi santuan Jesusekin geundela. 19 Badugu profeten hitza ere, hitz guztiz sendoa, eta zuek ederki egiten duzue hitz horri adi-adi egonez: toki ilunean argi egiten duen kriseilua bezala da zuentzat, eguna zabaldu eta goizeko izarra zuen bihotzetan jaiki arte. 20 Baina, aurrez, hau jakin behar duzue: ezin dituela inork Liburu Santuetako profeziak bere kontura adierazi. 21 Izan ere, antzinako profetek ez zuten beren kabuz hitz egin, baizik eta, Espiritu Santuak gidaturiko gizonak zirenez, Jainkoaren partetik hitz egin zuten.

Sasimaisuak sortuko


2. atala

[aldatu]

1 Israel herrian sasiprofetak izan ziren bezala, zuen artean ere izango dira sasimaisuak, doktrina kaltegarriak zabaltzen saiatuko direnak. Salbatu zituen Jauna ukatu egingo dute, eta berehala ekarriko dute beren gainera hondamena. 2 Jende askok jarraituko die beren jokabide biziotsuan, eta, horiek direla eta, gaitzetsia izango da kristau-bidea. 3 Diru-goseak eraginda, irabazia lortu nahiko dute hitz maltzurrez, baina aspaldidanik dago erabakita haien kontrako epaia, eta zain dute hondamena.

Sasimaisuen zigorra: iraganeko adibideak

4 Jainkoak ez zien barkatu bekatu egin zuten aingeruei, eta, infernuko barrunbe ilunetara jaurtikiz, han utzi zituen auzirako gordeta. 5 Antzinako munduari ere ez zion barkatu, baizik eta uholdea bidali eta jende gaizto hura suntsitu egin zuen, nahiz eta Noe --bere bizitzan zintzotasuna erakutsi zuena-- hondamenditik libratu beste zazpi lagunekin. 6 Sodoma eta Gomorra hiriak ere kondenatu egin zituen eta erraustu, gerora izango ziren gaiztoen eskarmenturako. 7 Baina Lot zintzoa onik atera zuen, jende gaizto haren biziera biziotsuak saminez betetzen zuelako. 8 Gizon zintzo hau gaizkile haien artean bizi zen, eta egunero ikusi eta entzun behar izan zituen itsuskeriek atsekabez betetzen zioten bere bihotz zintzoa. 9 Izan ere, badaki Jaunak gizon zintzoak probalditik ateratzen eta gaiztoak auzi-egunean zigortzeko gordetzen, 10 batez ere, haragizko grina zikinen atzetik dabiltzanak eta Jaunaren agintea gutxiesten dutenak. Sasimaisuok harroputz eta ausart dira: inolako beldurrik gabe, maldizioak botatzen dituzte zerutar izakien kontra; 11 aingeruak berak, ostera, indarrez eta ahalmenez handiago izan arren, ez dira ausartzen Jaunaren aurrean haien kontra irainik esaten. 12 Gizon horiek, harrapatu eta sarraskitzeko sortuak diren adimengabeko animaliak bezalakoak dira: ezagutzen ez dutena madarikatzeagatik, animaliak bezala galduko dira, 13 egindako gaitzaren ordainez gaitza jasoz. Egun-argitan atseginkeriatan ibiltzea dute gogoko; jende nardagarri eta ustel hori lizunkeriatan gozatzen da, zuekin jan-edanean ari diren bitartean. 14 Begiak adulterio-irrikaz dituztela, ez dira bekatuz inoiz asetzen. Pertsona ahulak liluratzen dituzte, eta gutiziarako trebatua dago jende madarikatu hori. 15 Bide zuzena utzirik, galdu egin dira, Bosorren seme Balaam profetaren jokabideari jarraituz. Honek bidegabeko irabazia irrikatu zuen; 16 baina izan zuen bere bidegabekeria aurpegiratu zion norbait: hitzik ez duen asto batek, giza ahotsez mintzatuz, profetari bere asmo zoroa galarazi zion. 17 Gizon horiek urik gabeko iturri dira, ekaitzak eramaten duen laino. Ilunpe beltzak dauzkate zain. 18 Hots handiko hitzaldi hutsak egiten dituzte eta grina lizunen bitartez okerbidetik aldendu berriak liluratzen. 19 Libre izango direla agintzen diete, berak bitartean gaiztakeriaren esklabo direlarik, zeren eta noren menpean jarri, haren esklabo baita gizakia. 20 Izan ere, Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailea ezagutu eta munduko lohikeriei ihes egin ondoren, berriro haietara erortzen direnentzat, azkenengo egoera hau lehenengoa baino okerragoa da. 21 Hobe zuketen salbazio-bidea sekula ez ezagutzea, ezagutu eta gero, hartu zuten lege santutik atzera egitea baino. 22 Horiengan betetzen da esaera zaharrak hain egoki dioen hau: Txakurra ok egin eta botatakora itzultzen da eta <<Txerri garbitu berria lokatzetara>>.

Jaunaren eguna agindu bezala etorriko


3. atala

[aldatu]

1 Ene maiteok, egiten dizuedan bigarren gutuna dut hau. Eta biotan zenbait gauza gogoratuz bizkortu nahi izan zaituztet, zuzen irizteko gai izan zaitezten. 2 Gogora itzazue, beraz, antzinako profeta santuen mezua eta apostoluek irakatsitako Jaun eta Salbatzailearen agindua. 3 Jakizue, batez ere, azken garaietan gizon isekariak, beren grina txarrei jarraituz biziko direnak, etorriko direla. Eta irriz 4 galdetuko dute: <<Zertan gelditu da Kristo etorriko zela zioen agintzaria? Izan ere, gure gurasoak hil ziren, eta geroztik denak berdin jarraitzen du, mundua mundu denetik bezalaxe>>. 5 Hori esatean, ahaztu egiten dute aspaldi bazirela zeruak, eta bai eta lurra ere, Jainkoaren hitzak uretatik sortarazia eta uren erdian finkatua; 6 horregatik, orduko mundua, uholdeko urek estalirik galdu zen. 7 Oraingo zeru-lurrei dagokienez, Jainkoaren hitz berberak eusten die, eta epai- eta gaiztoen hondamen-egunerako gordeak daude. 8 Ene maiteok, ez ahaztu, Jaunarentzat egun bat mila urte bezala dela, eta mila urte egun bat bezala. 9 Jauna ez da bere agintzaria betetzeko luzamendutan ari, batzuek hala uste izan arren; gertatzen dena da pazientzia duela zuekin, ez baitu inor galtzerik nahi, denok bihozberritzea baizik. 10 Baina Jaunaren eguna lapurra bezala ustekabean etorriko da. Orduan, burrunba handiz desagertuko dira zeruak, munduaren osagaiak suak kiskalita desegingo eta lurra bere egintza guztiekin agerian geldituko da Jainkoaren epairako.

Itxaropenean erne eta fede-bidean leial

11 Dena honela desegitekoa baldin bada, pentsa ezazue zein santu eta jainkozale izan behar duen zuen bizitzak. 12 Bizi, bada, Jainkoa etorriko den egunaren zain eta lan egin lehenbailehen irits dadin. Egun hartan, sutan desegingo dira zeruak, eta munduaren osagaiak kiskalita ezereztuko dira. 13 Gu, ordea, agindutako zeru-lur berrien zain gaude; han dena Jainkoaren nahiaren arabera izango da. 14 Beraz, ene maiteok, gauza hauen zain zaudeten bitartean, saia zaitezte Jainkoarekin bakean bizitzen, garbi eta errugabe haren aurrean. 15 Kontuan izan, Jaunak gurekin duen pazientzia gure salbamenerako dela. Horrela idatzi dizue gure anaia maite Paulok ere Jainkoak eman dion jakinduriaz, 16 eta gauza bera esaten du gai hauetaz hitz egiten duen bere gutun guztietan; egia da bere gutunetako zenbait pasarte ez dela ulerterraza, eta, horregatik, ezjakinek eta heldugabeek oker ulertzen dituzte, gainerako Liburu Santuak bezala, beren hondamenerako. 17 Zuek, ene maiteok, aldez aurretik jakinaren gainean zaudete. Beraz, zabiltzate kontuz, gaizto horien iritzi okerrek liluraturik, zuen sendotasuna koloka ez dadin. 18 Saia zaitezte Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailea gero eta gehiago ezagutzen eta haren onginahia zeuenganatzen. Aintza berari orain eta beti. Amen. \z