Biblia/1 Pedro

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search
Biblia
1 Pedro
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

PEDROREN LEHEN GUTUNA

Agurra


1. atala[aldatu]

1 Nik, Pedrok, Jesu Kristoren apostolu honek, Ponto, Galazia, Kapadozia, Asia eta Bitiniako lurraldeetan atzerritar bezala sakabanaturik bizi zaretenoi idazten dizuet. 2 Aita Jainkoak aurrez erabakita zuenaren arabera aukeratu zaituzte eta Espirituaren bidez sagaratu, Jesu Kristoren esanera bizitzeko eta beronen odolaz garbituak izateko. Grazia eta bakea oparo zuei!

Esker ona Kristorengandiko salbamenagatik

3 Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita! Bere erruki handiak eraginda, bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hilen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain, 4 Jainkoak guretzat zeruan prestaturik duen ondarea jasotzeko itxaropena. Ondare hori ez daiteke hondatu, ez zikindu, ez zimeldu. Zuentzat ere prestatua du Jainkoak. 5 Honek bere ahalmenaz zaintzen zaituzte, azken garaian agertuko den salbamena irits dezazuen fedeari esker.

Fededunen poza

6 Horregatik, pozik zaudete, nahiz eta oraindik alditxo batez zenbait probaldi sufritu behar izan. 7 Horrela, zuen fedeak bere jatortasuna erakutsiko du, galkorra izan arren sutan garbitzen den urreak bezala; eta urrea baino askoz baliotsuago den zuen fedeak gorespena, ospea eta ohorea iritsiko ditu Jesu Kristo agertuko denean. 8 Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esan ezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete dagoeneko, 9 zeuen fedearen helburua, zeuen salbamena, iristen duzuelako.

Salbamena profetek iragarri

10 Profetek, Jainkoak zuentzat prestaturiko dohaina iragarri zutenean, salbamen hau zuten gogoan eta berau aztertzen saiatu ziren. 11 Berekin zuten Kristoren Espirituak aldez aurretik adierazten zizkien Mesiasen sufrimenduak eta ondorengo aintza, eta hori guztia noiz eta nola gertatuko zen aztertu zuten beraiek. 12 Jainkoak agertu zien, egiten zuten profezi lana ez zutela berentzat, zuentzat baizik. Eta haiek adierazia, zerutik bidalitako Espiritu Santuaren eraginez berriona hots egiten dizuetenek iragartzen dizuete orain. Aingeruak berak ere gauza horiek ikusteko irrikaz daude.

Santu izateko deia

13 Horregatik, prestatu zeuen gogoa zerbitzurako, eta bizi neurritasunez. Jar ezazue zeuen itxaropen osoa Jesu Kristoren agerpenak ekarriko dizuen dohainean. 14 Esaneko seme-alabei dagokienez, ez jarraitu ezjakinean bizi zineten garaiko grina txarrei. 15 Aitzitik, dei egin dizuen Jainkoa santu den bezala, izan zuek ere santu zeuen biziera guztian. 16 Izan ere, Liburu Santuak dio: Izan santu, ni santua naiz eta. 17 Inolako bereizkeriarik gabe, nor bere egintzen arabera epaitzen duenari <<Aita>> deitzen diozuenez gero, joka begirunez munduko erbestealdian bizi zareten bitartean. 18 Gogoratu zeuen aurrekoengandik hartutako biziera zentzugabetik askatuak izan zaretela; eta askatuak, ez gauza ustelkorrez, urrez nahiz zilarrez, 19 baizik eta bildots garbi eta akasgabe bezala zuen alde eskaini den Kristoren odol baliotsuaz. 20 Kristo mundua mundu izan aurretik zegoen Jainkoaren asmotan, eta azken garai hauetan agertu da zuen onerako. 21 Eta zuek beronen bidez sinesten duzue hilen artetik piztu eta ospez bete zuen Jainkoarengan; horrela, zuen fedea eta itxaropena Jainkoarengan finkatuak daude.

Bizi jaioberriei dagokienez

22 Orain zuek, egiaren mezuari obedituz, zeuen barruak garbitu dituzue, senide bezala elkar benetan maitatzeko. Maita ezazue, bada, batak bestea bihotzez eta sutsu; 23 izan ere, berriro jaio zarete, eta ez hazi hilkorretik, hilezkorretik baizik, bizia den eta betiko dirauen Jainkoaren hitzetik. 24 Honelaxe dio Liburu Santuak ere:

Gizaki oro belarraren pareko da, haren edertasuna landako lorearena bezalakoa: ihartzen da belarra, erortzen lorea; 25 Jaunaren hitzak, ordea, betiko dirau.

Hitz hau, berriz, zuei hots egin zaizuen berriona da.


2. atala[aldatu]

1 Beraz, gaiztakeria guztiak --maltzurkeria, itxurazalekeria, bekaizkeria eta gaizki-esateak-- alde batera utzirik, 2 haur jaioberriek bezala, irrika ezazue hitzaren esne garbia, horren bidez hazi eta salbamen betera hel zaitezten, 3 Jauna zeinen ona den dastatu duzuenez gero.

Kristo harri bizia eta Jainko-herri berria

4 Hurbil zaitezte Jaunarengana. Bera da harri bizia, gizonek baztertua, baina Jainkoaren begietan aukeratua eta bikaina. 5 Horrela, zuek ere harri biziaz osaturiko espirituzko tenplu egingo zaituzte Jainkoak eta apaiz sagaratuko, Jainkoari atsegin zaizkion espirituzko opariak Jesu Kristoren bitartez eskaintzeko. 6 Hau dio, izan ere, Liburu Santuak:

Hona nik Sionen harri bat ipini, giltzarri aukeratu eta bikaina. Horretan sinesten duenak ez du huts egingo.

7 Zuentzat, beraz, sinesten duzuenontzat, harri hori balio handikoa da; sinesten ez dutenentzat, berriz, Liburu Santuak dioenez,

Etxegileek bazterturiko harria kantoi-harri bihurtu da; 8 eta bai eta behaztopa-harri ere, erorarazteko harkaitz.

Behaztopa egiten dute mezua onartu nahi ez dutelako: hori da ezarri zaien zoria. 9 Zuek, ordea, jatorri aukeratu zarete, errege-apaizgo, nazio sagaratu, Jainkoak beretzat irabazitako herri, ilunpetatik bere argi zoragarrira deitu zaituzten Jainkoaren egintza bikainak iragar ditzazuen.

10 Garai batean herri ere ez zinetenok, orain Jainkoaren herri zarete; errukirik gabe zeundetenok, orain errukia iritsi duzue.

Kristau-bizitza jentilen artean

11 Ene maiteok, munduan arrotz eta atzerritar zaretenez, arren eskatzen dizuet utz ditzazuela alde batera zuen kontra borrokan ari diren giza grina gaiztoak. 12 Joka ezazue ongi jentilen artean; horrela, orain gaizkiletzat salatzen bazaituztete ere, zuen egintza onak aitortu beharko dituzte eta Jainkoa goretsiko dute, hura kontuak hartzera etortzean.

Agintariekin harremanak

13 Jaunarengatik, izan zaitezte giza agintari guztien menpeko: bai denen gain agintea duen erregearen menpeko, 14 bai eta gobernarien menpeko ere, hark ezarriak baitira, gaizkileak zigortzeko eta on egiten dutenak saritzeko. 15 Izan ere, hau da Jainkoaren borondatea: zuek, on eginez, zentzugabe eta ezjakinak isilaraztea. 16 Joka ezazue pertsona libre bezala; ez, ordea, askatasuna gaiztakeriaren estalkitzat erabiliz, zeuen buruak Jainkoaren zerbitzura jarriz baizik. 17 Errespetatu guztiak, maitatu senideak, izan begirune Jainkoari eta errespetua erregeari.

Esklaboen harremanak nagusiekin

18 Zuek, esklabook, izan errespetu osoz zeuen nagusien menpeko, ez on eta bihozbera direnen menpeko bakarrik, baizik eta gogorrak direnen menpeko ere bai. 19 Gauza ederra baita, Jainkoa ezagutzen duenarentzat, bidegabeko sufrimenduak eramatea. 20 Izan ere, zerbait gaizki egiteagatik zigortuko bazintuztete, zer merezimendu izango zenukete? Baina on egiteagatik sufritu behar baduzue, hori gauza ederra da Jainkoaren aurrean. 21 Izan ere, honetarako deitu zaituzte Jainkoak: Kristok, zuengatik sufrituz, ikasbide eman zizuen, zuek ere haren urratsei jarraituz joka dezazuen.

22 Hark ez zuen bekaturik egin, ez zen haren ahoan maltzurkeriarik; 23 iraintzen zutenean, ez zuen irainez erantzuten; sufriarazten ziotenean, ez zuen mehatxurik egiten; aitzitik, zuzen epaitzen duenaren eskuetan jartzen zuen bere burua. 24 Gure bekatuak bere gain hartu eta gurutzeraino eraman zituen, gu ere, bekatuzko bizierari uko eginez, zuzentasunaren arabera bizi gaitezen. Haren zauriek sendatu zaituztete. 25 Galdurik zenbiltzaten, ardiak bezala; baina orain zeuen artzain eta zaintzaileagana itzuli zarete.

Senar-emazteen arteko harremanak


3. atala[aldatu]

1 Zuek ere, emazteok, izan zaitezte zeuen senarren menpeko; horrela, horietakoren batzuek salbamen-mezua onartzen ez badute ere, emazteen jokabideak, eta ez hitzek, salbamenerako irabaz ditzan, 2 zuen jokabide garbi eta errespetuzkoa ikusteak, alegia. 3 Ez arduratu kanpoko edertasunaz: orrazkera, urrezko bitxi eta luxuzko soinekoen apainduraz; 4 baizik eta arduratu ezkutuko bihotz-barruaz, espiritu gozo eta baketsuaren edertasun ustelezinaz, honek balio baitu Jainkoaren aurrean. 5 Horrelaxe apaintzen ziren garai bateko emakume santuak ere, beren itxaropena Jainkoarengan jarria zutenak: beren senarren menpeko izanez. 6 Sarak, esate baterako, obeditu egiten zion Abrahami eta <<Ene jauna>> esaten zion. Zuek haren benetako alaba izango zarete, ezeren beldurrik gabe, onbidean bazabiltzate. 7 Era berean, zuek, senarrok, jabe zaitezte emakumea izatez bigunagoa dela, eta erakutsi dagokion errespetua elkarbizitzan, hark ere, zuek bezalaxe, betiko biziaren dohaina hartuko baitu. Horrela, ez duzue eragozpenik izango elkarrekin otoitz egiteko.

Kristau-elkarteko barne-harremanak

8 Dena den, izan zaitezte denok gogo eta sentiera bateko, elkarren senide on, errukior eta apal. 9 Ez erantzun gaiztakeriari gaiztakeriaz, ez eta irainari ere irainaz, bedeinkazioz baizik, Jainkoak bere bedeinkazioa jasotzeko deitu zaituzte eta. 10 Izan ere,

bizia maite duenak, luzaroan bizi eta zoriontsu izan nahi duenak, mihia gorde behar du gaitzetik, eta ezpainak engainutik. 11 Gaitzetik aldendu behar du eta on dena egin, bakea bilatu eta haren bidetik ibili. 12 Zintzoengan baititu Jaunak begiak, haien deiak entzuteko adi belarriak; baina gaizkileei aurpegi ematen die Jaunak.

Zorionekoak zuzentasunagatik sufritzen dutenak

13 Nork egingo dizue kalte, zuek beti on egiten saiatzen bazarete? 14 Baina zuzen jokatzeagatik sufritu beharrean gertatzen bazarete, zorionekoak zuek! Ez izan inoren beldur, ez ikaratu! 15 Ostera, aitortu zeuen bihotzetan Kristo Jauna dela, eta egon beti prest zeuen itxaropenaren arrazoia eskatzen dizuenari erantzuna emateko; 16 baina egizue apaltasunez eta errespetuz, kontzientzia garbiz jokatuz. Horrela, Kristoren sinesle bezala duzuen jokaera onaz gaizki-esaka ari direnak beren hitz gaiztoez lotsatuko dira. 17 Nolanahi ere, hobe on egiteagatik sufritzea, Jainkoak hala nahi izanez gero, gaizki egiteagatik sufritzea baino.

Bataioaz Jesusen garaipenaren partaide

18 Kristo bera ere giza bekatuengatik hil zen, eta behin betiko hil ere, errugabea errudunengatik, zuek Jainkoarengana eramateko. Gizakia zenez, hil egin zen, baina Espirituak bizi berria eman zion. 19 Orduan, preso zeuden espirituei salbamena hots egitera joan zen, 20 behinola sinesgogor izan ziren haiei, alegia; Noeren egunetan, untzia egin bitartean, Jainkoa pazientziaz egon zitzaien zain; baina untzian banaka batzuk bakarrik, zortzi lagun guztira, izan ziren uretan zehar salbatuak. 21 Ur hura, orain zuek salbatzen zaituzten bataioko uraren irudi zen. Bataioak ez gaitu gorputzeko zikina garbituz salbatzen, Jainkoaren aurrean kontzientzia garbi gordetzeko konpromezua ezarriz baizik; Jesu Kristoren piztueraren bidez salbatzen gaitu. 22 Hau, zerura igo ondoren, Jainkoaren eskuinaldean dago eta menpean ditu aingeru, aginte eta indarrak.

Bekatuzko lehengo biziera baztertu


4. atala[aldatu]

1 Beraz, Kristok bere gorputzean sufritu zuenez, hartu zuek ere armatzat pentsaera berbera, jakinik gorputzean sufritu duenak bekatuarekiko lotura hautsi egin duela, 2 mundu honetan gelditzen zaizkion egunetan Jainkoak nahi bezala bizitzeko, eta ez giza grinen arabera. 3 Nahiko denbora egin duzue lehen ere jentilen erara biziz: lasaikeria eta biziotan, jan-edan eta mozkorkerian, eta idolatria gaitzesgarritan. 4 Orain, jentilak harritu egiten dira eta irainka ari zaizkizue, beren biziera txarreko gehiegikerietan ez duzuelako parte hartzen. 5 Baina kontuak eman beharko dizkiote biziak eta hilak epaitzeko prest dagoenari. 6 Horregatik hots egin zitzaien berriona hildakoei ere, gizakiari dagokion epaia gorputzean hartu ondoren, Espirituaren indarrez Jainkoaren biziaz bizi zitezen.

Hurbil da azkena. Elkarte-bizitza

7 Hurbil da gauza guztien azkena. Beraz, izan zaitezte zentzudun eta bizi neurritasunez otoitzari lotzeko. 8 Batez ere, gorde ezazue bizi-bizi elkarrenganako maitasuna, maitasunak bekatu askoren barkamena lortzen baitu. 9 Egiozue abegi ona batak besteari, marmarrik gabe. 10 Nork bere dohaina hartu du Jainkoarengandik. Jar itzazue guztiok zeuen dohainak besteen zerbitzura, Jainkoaren hainbat eratako dohainen administratzaile zintzo bezala. 11 Hitz egiteko dohaina duenak, adieraz dezala Jainkoaren hitza. Zerbitzuren bat duenak, bete dezala Jainkoak ematen dion indarraz, gauza guztietan Jainkoa goratua izan dadin Jesu Kristoren bidez. Beroni aintza eta ahalmena menderen mendetan. Amen.

Poztu erasoaldietan

12 Ene senide maiteok, ez harritu zuek probatzeko hor piztu den suarengatik, zerbait harrigarria izango balitz bezala. 13 Aitzitik, poztu Kristoren sufrimenduetan parte izateko zoria duzuelako, hura aintzaz beterik etortzean poz-alaitasunez bete zaitezten. 14 Zorionekoak zuek, kristau izateagatik iraintzen bazaituztete, honek Jainkoaren Espiritu ospetsua zuengan dagoela esan nahi du eta. 15 Ez dezatela zuetako inor zigortu hiltzaile, lapur edo gaizkile izateagatik, edo bazterrak nahasten ibiltzeagatik; 16 baina kristau izateagatik bada, ez bedi lotsa eta gorets beza Jainkoa izen hori daramalako. 17 Iritsi baita Jainkoaren auzia hasteko garaia, eta Jainkoaren familiatik bertatik hasiko da. Eta auzia gurekin hasten bada, zein izango ote da Jainkoaren berriona sinesten ez dutenen azkena? 18 Zintzoa nekez salbatzen bada, zer izango ote da gaiztoez eta bekatariez? 19 Beraz, Jainkoak hala nahirik sufritzen dutenek jar dezatela beren burua leiala den Egilearen eskuetan, on egiteari utzi gabe.

Elkarte-arduradunak


5. atala[aldatu]

1 Zuen arteko arduradunei nik, beraiek bezala arduradun eta Kristoren sufrimenduen testigu eta gero agertuko den aintzaren partaide naizen honek, arren eskatzen diet: 2 larra ezazue Jainkoak zuen esku jarri duen artaldea: zaindu, ez gogoz kontra, gogo onez baizik, Jainkoak nahi bezala; ez irabazi zikinari begira, bihotz-zabaltasunez baizik; 3 ez zaintzeko egokitu zaizkizuenen gain agintea ezarriz, artaldearentzat eredu izanez baizik. 4 Horrela, artzain nagusia agertzean, inoiz zimelduko ez den aintzazko koroa jasoko duzue.

Izan apal eta egon erne

5 Era berean, zuek, gazteok, izan zaitezte adinekoen menpeko. Izan zaitezte denok apalak zeuen harremanetan; Jainkoak harroei aurre egiten baitie; apalei, berriz, onginahia azaltzen. 6 Behera zaitezte, bada, eta jarri Jainko ahaltsuaren eskumendean, bere garaian gora zaitzaten. 7 Utzi Jainkoari zeuen kezka guztiak, bera baita zuetaz arduratzen. 8 Izan zaitezte neurritsu eta egon erne. Zuen etsaia, deabrua, zuen inguruan dabil, goseak dagoen lehoia bezala, nor irentsiko. 9 Egiozue aurre fedean sendo, munduan zabaldurik diren beste senideak ere zuek bezalakoxe sufrimenduak jasaten ari direla jakinik. 10 Eta pixka batean sufritu ondoren, dohain guztien iturri den Jainkoak, Kristoren bidez bere betiko aintzara deitu zaituztenak, berak bizkortuko zaituzte, sendo egin eta finko ezarriko. 11 Berari dagokio ahalmena menderen mendetan. Amen.

Azken agurrak

12 Anaia leialtzat daukadan Silbanoren eskuz idatzi dizuet gutun labur hau, zuei adore eman eta Jainkoaren benetako grazia zein den adierazteko asmoz. Iraun sendo grazia horretan. 13 Babilonia honetan bizi den eta zuek bezalaxe Jainkoak aukeratua den eliz elkarteak agurtzen zaituzte, bai eta nire seme Markosek ere. 14 Agur ezazue elkar, maitasunez besarkatuz. Bakea Kristorenak zareten guztioi. \z