Biblia/1 Makabearrak

Wikitekatik
Biblia
1 Makabearrak
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala[aldatu]

1 Filiporen seme Alexandro mazedoniarra Mazedonia lurraldetik abiatu zen. Grezia eta gero pertsiarren eta mediarren errege Dario menperatu ondoren, honen ordez jarri zen errege. 2 Guduketa asko eginez, gotorlekuez jabetu eta tokian tokiko erregeak hil zituen. 3 Lurraren mugetaraino heldu zen eta herri askoren ondasunez jabetu. Lurreko bizilagunak mutu gelditu ziren haren aitzinean, eta Alexandrori handiuste eta harrotasunez bete zitzaion bihotza. 4 Gudaroste oso indartsua bildurik, lurralde, herrialde eta buruzagien gain agindu zuen, denak bere zergapeko eginez. 5 Hauen guztien ondoren, ordea, gaixotu egin zen eta antzeman zion hiltzera zihoala. 6 Orduan, gaztetan berarekin hazi ziren handiki gudalburuak bildu eta bere erreinua banatu zien, hil baino lehen. 7 Eta hamabi urtez errege izan ondoren, hil egin zen Alexandro.

8 Gudalburu haiek agintearen jabe egin ziren nor bere lurraldean, 9 eta, Alexandro hil zenean, errege-koroa jantzi zuten denek. Haien ondorengoak ere errege izan ziren luzaro, mundu osora geroz eta kalte handiagoak ekarriz. 10 Errege haiengandik adar zital-gaizto bat sortu zen: Antioko Epifanes, Antioko erregearen semea. Erroman bahitua egon ondoren, seleukotarren agintaldiko ehun eta hogeita hamazazpigarren urtean hasi zen errege izaten.

Greziar ohiturak Israelen sartu


11 Aldi hartan, lege-hausle batzuk sortu ziren Israelen eta jende asko engainatu zuten, esanez: «Tira, elkar gaitezen inguruetako herriekin; izan ere, bereizi ginenez geroztik kaltea besterik ez dugu izan!»

12 Askori ongi iruditu zitzaion hori. 13 Orduan, herriko batzuek erregeagana jo zuten eta hark baimena eman zien jentil-herrien ohiturak hartzeko. 14 Jentilek ohi bezala, kiroldegia egin zuten Jerusalemen, 15 erdainkuntzaren aztarnak ezabatu zituzten, uko egin zioten itun santuari eta arrotzen uztarria onartu, okerkeria egiteko beren buruak salduz.

Antioko Epifanes Egipton eta Jerusalemen


16 Bere erreinua sendotua ikustean, Egiptoko errege ere izatea bururatu zitzaion Antiokori, bi erreinuetako errege izatearren. 17 Gudaroste izugarria, gudu-gurdiak, elefanteak, zaldiak eta ontziteria handia harturik, Egipton sartu 18 eta hango errege Ptolomeoren kontra borrokan hasi zen. Ptolomeo galduan atera zen eta, zauritu asko utzi ondoren, ihesi joan. 19 Antioko, berriz, Egiptoko hiri-gotorrak hartu eta herrialde hartako ondasunez jabetu zen. 20 Egipto menperatu ondoren, itzuli egin zen seleukotarren agintaldiko ehun eta berrogeita hirugarren urtean. Gero, gudaroste indartsua harturik, Israelen kontra abiatu zen eta Jerusalemera heldu. 21 Harropuzkeriaz santutegian sarturik, urrezko aldarea, argimutila bere osagai guztiekin, 22 eskainiriko ogien mahaia, isur-opariak egiteko ontziak, azpilak, urrezko intsentsu-ontziak, oihala eta koroak ostu zituen. Tenpluaren aurrealdean zeuden urrezko apainduria guztiak ere eraman zituen. 23 Era berean, zilar, urre, gauza baliotsu eta aurkitu zituzten altxor gordeez ere jabetu zen. 24 Dena harrapatu ondoren, bere herrialdera joan zen. Gainera, sarraski izugarria egin zuen eta harrokeria izugarriz mintzatu.

25 Israelgo lurralde osoan dolu handia izan zen. 26 Buruzagi eta arduradunek negar egin zuten, neska-mutil gazteak ahuldu egin ziren, emakumeen edertasuna zimeldu. 27 Senar-berriek antsi egin zuten, emazteek negar, ezkon-ohean eserita. 28 Lurra dardaratu egin zen hango bizilagunei gertatuagatik, eta Jakoben ondorengo guztiak ahalkez gorritu ziren.

Etsaiek Daviden Hiria hartu


29 Handik bi urtera, Antioko erregeak ofizial zerga-biltzaile bat bidali zuen Judeako hirietara; Jerusalemera ere joan zen, gudaroste izugarriarekin. 30 Bake-hitzak esan zizkien azpikeriaz hango bizilagunei, eta sinetsi egin zioten. Baina gero, ustekabean, hiriari eraso eta izugarrizko kolpea eman zion. Israel herriko jende asko hil zuen. 31 Hiriko ondasunak ostu zituen, hiriari su eman eta etxeak eta inguruko harresia hondatu. 32 Emakumeak eta haurrak gatibu hartu zituzten gudariek, eta abereak lapurtu. 33 Gero, Daviden Hiri inguruan harresi handi eta sendoa eraiki zuten, dorre tinkoz babestua. Hori izan zuten beren gotorlekua. 34 Jende zital-gaiztoa eta lege-hauslea ezarri zuten han eta bertan finkatu. 35 Armak eta janaria gotorleku hartan bildu zituzten, bai eta Jerusalemen ostutako harrapakinak ere. Oso mehatxugarri gertatu ziren.

36 Tenpluaren kontrako zelatada bilakatu ziren, etsai maltzur Israelentzat, aldi oro. 37 Errugabeen odola isuri zuten santutegiaren inguruan, eta toki santua profanatu. 38 Haiengatik ihes egin zuten Jerusalemgo bizilagunek; arrotzen bizileku bihurtu zen eta bertakoentzat arrotz, bertako seme-alabek alde egin baitzuten. 39 Santutegia soildua gelditu zen, basamortu egina; jaiak dolu bihurtu ziren, larunbat-jaia barregarri eta ohoragarri zena arbuiagarri. 40 Bere ospearen araberakoa izan zuen Jerusalemek desohorea, eta handitasunaren ordez dolua.

Jentilen kultuak hedatu


41 Antioko erregeak agindua idatzi zuen bere erresuma osorako: denek herri bat bera izan behar zuten, 42 horretarako nork bere ohiturak baztertu beharko zituelarik. Herri guztiek onartu zuten erregearen agindua 43 eta israeldar askok ere onartu zuen haren erlijioa; idoloei opariak eskaini eta bete gabe utzi zuten larunbatari buruzko legea. 44 Antiokok, mezularien bidez, gutunak helarazi zituen Jerusalemera eta Judeako hirietara, ohitura arrotzak onartzeko aginduz. 45 Debekatua zuten juduek tenpluan erre-opariak, sakrifizioak eta isur-opariak eskaintzea; ezin zituzten bete larunbat eta jaiei buruzko legeak, 46 kutsatu egin behar zituzten santutegia eta jende santua, 47 idoloei aldareak, toki sakratuak eta jauretxeak eraiki behar zizkieten, eta urdeak eta abere kutsatuak eskaini. 48 Semeak ezin zituzten erdaindu eta era guztietako likiskeria eta lohikeriaz kutsatu behar zituzten beren buruak. 49 Legea ahaztu eta ohitura guztiak aldatu behar zituzten. 50 Eta erregearen agindua bete ez zezana hil egin behar zuten. 51 Era berean idatzi zuen bere erresuma osorako. Begiraleak ezarri zizkion erregeak herriari, eta Judeako hiri bakoitzean sakrifizioak eskaintzeko agindu zuen. 52 Herriko jende askok, Moisesen legea baztertu zuenak, bat egin zuen jentilekin eta kalte handiak egin herrian. 53 Horregatik, israeldarrek gordelekuetan babestu behar izan zuten.

54 Seleukotarren agintaldiko ehun eta berrogeita bosgarren urtean, Kisleu hilaren hamabostean, izugarrizko idolo higuingarria ezarri zuen Antiokok aldare nagusiaren gainean. Eta Judeako hiri guztietan ere eraiki zituzten aldareak. 55 Etxeko atean eta plazetan ere intsentsua erre behar zuten. 56 Antiokoren gizonek hautsi eta sutara bota ohi zituzten aurkitutako lege-liburuak. 57 Norbaiti itun-liburua aurkitzen bazioten nahiz legearen aginduak betetzen harrapatzen bazuten, hil egin ohi zuten, hala baitzuen erregeak agindua. 58 Eta horrelako gogorkeriaz erabili ohi zituen hilero-hilero hirietan harrapatutako israeldarrak. 59 Hilero, hogeita bostean, opariak eskaini behar zituzten aldare nagusiaren gainean ezarritako beste aldarean. 60 Beren semeak erdaintzen zituzten emakumeak hil egiten zituzten, erregeak agindu bezala, 61 beren haurrak lepotik zintzilik zituztela. Haien ahaideak eta erdainkuntza egin zutenak ere hil egiten zituzten. 62 Hala ere, israeldar askok sendo iraun zuen eta, adore handiz, ez zuen janari kutsaturik hartu; 63 nahiago izan zuten heriotza, janari haiez kutsatu eta itun santua hautsi baino. Eta hil egin ziren. 64 Izugarria izan zen Israelek jasan behar izan zuen probaldia.

Matatias eta beronen semeak


2. atala[aldatu]

1 Aldi hartan, Joanen seme eta Simeonen biloba zen Matatias, Joariben ondorengoetako apaiza, Jerusalem utzi eta Modin hirira joan zen bizitzera. 2 Bost seme zituen: Joan, izengoitiz Gadi; 3 Simon, Tasi deitua; 4 Judas, Makabearra deitua; 5 Eleazar, Auaran deitua, eta Jonatan, Apfus deitua. 6 Judean eta Jerusalemen egiten ari ziren sakrilegioak ikusirik, 7 Matatiasek esan zuen:

«Dohakabea ni! Neure herriaren hondamendia eta Hiri Santuaren galera ikusteko jaioa naiz! Nola bizi naiteke bertan, hiria etsaien menpe dagoelarik eta santutegia atzerritarren esku? 8 Ohorerik gabeko gizona bezalaxe gelditu da tenplua. 9 Eraman egin dituzte beraren ospea ziren ontziak. Haurrak plazetan sarraskitu dituzte, gazteak etsaien ezpataz erori dira. 10 Jentil-herri guztiak jabetu dira gure erreinuaz, bertako ondasunak berenganatu dituzte. 11 Apaindura guztiak kendu dizkiote Jerusalemi; aske zen, eta orain esklabo. 12 Santutegia bera ere, gure santutegi eder eta ospetsua, horra toki bakarti bihurtua, jentil-herriek profanatua. 13 Zertarako bizi luzaroago?»


14 Matatias eta semeek, jantziak urratu eta zakukia soinean harturik, dolu handia egin zuten.

Iraultza hasi


15 Horretan, heldu ziren Modin hirira Antioko erregearen funtzionarioak; bere erlijioa ukarazi eta idoloei sakrifizioak eskainarazi behar zioten jendeari. 16 Israeldar asko funtzionarioengana joan zen; Matatias eta semeak, ordea, aparte gelditu ziren, denak batera.

17 Erregeak bidalitako funtzionarioak honela mintzatu zitzaizkion Matatiasi:


-Buruzagi ospetsu eta indartsua zara hiri honetan, eta zeure seme eta senideek babesten zaituzte. 18 Aurrera zaitez, beraz, beste inor baino lehen eta bete erregearen agindua, beste herrialdeetakoek, Judeako jendeak eta Jerusalemen gelditu direnek egin duten bezala. Orduan, zu eta zure semeak erregearen adiskideetakoak izanen zarete, eta zilar, urre eta eskuerakutsi asko emanen dizue saritzat.

19 Matatiasek, ordea, esan zuen ahots handiz:


-Erregearen menpeko beste herri guztiek, erregearen aginduak betez, beren arbasoen erlijio-ohiturak baztertzen badituzte ere, 20 nik, nire seme eta senideek Jainkoak gure arbasoekin egindako itunari eutsiko diogu. 21 Jainko errukitsuak ez dezala nahi guk legea eta aginduak bazter ditzagun. 22 Ez ditugu beteko erregearen aginduak, ez eta aldatuko ere ezertan geure erlijio-ohiturak.

23 Matatiasek hitz hauek esan zitueneko, judu bat, denen bistan aurreratu zen Modin hirian eraikia zegoen aldare gainean sakrifizioa eskaintzera, erregeak agindu bezala. 24 Hori ikustean, sutu egin zitzaion barrua Matatiasi. Legearekiko maiteminak eraginik, amorru bizian, lasterka joan eta lepoa moztu zion judu hari aldare gainean. 25 Jendea sakrifizioak eskaintzera behartzen zuen funtzionarioa ere hil egin zuen, eta aldarea porrokatu. 26 Legearekiko maiteminetan suturik, antzina Pinhasek Saluren seme Zimriri egina bera egin zuen Matatiasek. 27 Gero, oihu handiz esan zuen hirian barrena: «Legea maite izan eta itunari eutsi nahi diotenak betoz nirekin!» 28 Matatiasek bere semeekin mendira egin zuen ihes, hirian zuen guztia utzirik.

Larunbatari buruzko legeari tinko eutsi


29 Aldi hartan, judu asko, legearekiko leial eta zuzen izan nahirik, basamortura jaitsi zen, bertan bizitzeko asmoz, 30 beren emazte, seme-alaba eta abereekin. Izan ere, zorigaitz gogorra zuten gainean.

31 Jakinarazi zieten erregearen funtzionarioei eta Jerusalemen, Daviden Hirian, bildua zegoen gudarosteari, erregearen agindua bete ez zutenak basamortura joanak zirela leize-zuloetan gordetzera. 32 Orduan, gudari-multzo handi bat haien ondoren abiatu zen eta aurkitu zituztenean, haien aurrez aurre ezarri zuten kanpalekua eta erasotzeko prestatu ziren. Larunbata zen. 33 Agindu hau eman zieten juduei:


-Aski da! Atera hortik, bete erregearen agindua, eta salbatuko duzue bizia.

34 Juduek erantzun zuten:


-Ez gara aterako hemendik, ez eta beteko ere erregearen agindua. Ez dugu hautsiko larunbatari buruzko legea.

35 Orduan, eraso egin zieten. 36 Baina juduek ez zuten erantzun, ez harriak jaurtikiz, ez leize-zuloak itxiz. 37 Hau zioten: «Hil gaitezen denok errugabe izanez. Zeru-lurrak ditugu testigu bidegabekeriaz hiltzen gaituztela». 38 Horrela, bada, erasoa larunbatez egin zietenez, erantzun gabe hil ziren judu haiek beren emazte, seme-alaba eta abereekin batera. Mila lagun inguru ziren.

Matatiasen taldea indartu


39 Gertakari haren berri jakitean, Matatiasek eta lagunek saminki egin zuten negar, 40 eta esan zioten elkarri: «Denok gure senide horiek bezala egiten badugu, geure bizia eta ohiturak defendatzeko jentilen kontra borrokatzen ez bagara, berehala suntsituko gaituzte lurretik». 41 Eta egun hartan, erabaki hau hartu zuten: «Erasoa larunbatez egiten badigute ere, aurre egingo diegu, leize-zuloetan hil ziren senide haiek bezala ez hiltzeko».

42 Egun haietan, asidear-talde handia bildu zitzaien. Israeldar ausart eta lege-betetzaileak ziren. 43 Haietaz gainera, hondamendi hari ihes egin nahi izan zioten guztiak ere bildu zitzaizkien, Matatiasen taldea indartuz. 44 Gudarostea eraturik, haserre eta amorruz, bekatarien eta legegabekoen kontra oldartu ziren. Etsaietatik bizirik geldituak atzerrira joan ziren ihesi, beren buruak salbatzeko. 45 Matatias eta lagunak herriz herri ibili ziren, aldareak porrokatuz, 46 Israelen erdaindu gabe aurkitzen zituzten mutikoak erdaintzera behartuz 47 eta lehen harro jokatu zutenak pertsegituz. Ongi atera zitzaien dena. 48 Horrela, jentilen eta erregeen menpetik salbatu egin zuten legea, errege bekatari hari nagusitzen utzi gabe.

Matatiasen azken nahia eta heriotza


49 Matatiasek, bizitza bukatzear zuelarik, esan zien semeei:

«Horra, harrokeria eta bidegabekeria dira orain nagusi; hondamendi eta haserre biziaren aldia da.

50 «Ene semeok, izan ezazue legearekiko maitemina; eman zeuen bizia Jainkoak gure arbasoekin egin zuen itunaren alde.

51 «Izan gogoan gure arbasoek beren garaian egin zituztenak. Ospe handia hartuko duzue eta betiereko izena.

52 «Abraham, Jainkoak aztertu zuenean, ez al zen leial izan? Horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen.

53 «Josek bere atsekabealdian ere bete zuen agindua, eta Egiptoko jaun egin zuten.

54 «Gure arbaso Pinhasi, bere maitemin gartsuarengatik, bere ondorengoak beti apaiz izango zirela hitz eman zion Jainkoak.

55 «Josue, Jainkoaren agindua betetzeagatik, Israelen buruzagi izan zen.

56 «Kaleb, biltzarraren aurrean egin zuen testigantzagatik, lurraldeko ondarearen partaide izan zen.

57 «Davidek, bere zintzotasunagatik, errege-aulkia hartu zuen betiko.

58 «Elias, legearentzat zuen maitemin sutsuarengatik, zerura jaso zuten betiko.

59 «Ananias, Azarias eta Misael, Jainkoarengan izan zuten uste onagatik, salbatu egin ziren sugarretatik.

60 «Daniel, errugabe izateagatik, libratu egin zen lehoien haginetatik.

61 «Ikusten duzue, beraz, gizaldiz gizaldi ez dutela huts egiten Jainkoarengan itxaroten dutenek. 62 Ez izan, bada, errege bekatari horren mehatxuen beldur, horren handikeria gorotz eta har bihurtuko baita. 63 Gaur gorenean dago, baina bihar ez dute ikusi ere egingo, bera hauts bihurtuko baita eta berorren asmoek huts egingo. 64 Semeok, izan sendo eta iraun tinko Jainkoaren legean, lege horrek beteko baitzaituzte aintzaz. 65 Horra hor zuen anaia Simon; gizon zentzuduna da. Entzuiozue beti; aita bezala izanen duzue. 66 Judas Makabearra ausarta da gaztetandik; gudalburu izanen duzue eta berak zuzenduko du jentil-herrien kontrako borroka. 67 Bil itzazue zeuengana legea betetzen duten guztiak, mendekatu zeuen herria, 68 itzuli jentil-herriei beraiek egin dizueten kaltea eta bete arretaz legearen aginduak».

69 Ondoren, bere semeak bedeinkatu eta hil egin zen. 70 Seleukotarren agintaldiko ehun eta berrogeita seigarren urtea zen. Modin hirian ehortzi zuten, bere gurasoen hilobian. Israel osoak dolu handia egin zuen Matatiasengatik.

JUDAS MAKABEARRAREN EGINTZAK

Judas Makabearrari eginiko gorazarrea


3. atala[aldatu]

1 Matatiasen ondorengoa beraren seme Judas izan zen, Makabearra deitua. 2 Senideak eta aitaren jarraitzaile guztiak bere alde izan zituen eta gogoz borrokatu ziren Israelen alde.

3 Bere herriaren izen ospetsua zabaldu zuen Judasek, erraldoiaren antzera jantzi zuen bular-oskola eta gerrian hartu borrokarako armak. Borroka egin zuen eta bere ezpataz babestu gudarostea. 4 Lehoiaren antzeko izan zen egintzetan, harrapakinen aurrean orroaka ari den lehoikumearen antzeko. 5 Legegabeak bilatu eta pertsegitu egin zituen eta herriaren nahasleei su eman. 6 Kikildu egin ziren lege-ukatzaileak hark ematen zien beldurraz, eta gaiztagin guztiak izutu ziren. Askapen-borrokak, hari esker, iritsi zuen bere xedea. 7 Atsekabez bete zuen errege asko; Jakoben ondorengoak, aldiz, pozez, bere egintzengatik. Haren oroipena mendez mende goretsia izanen da. 8 Hiriz hiri ibili zen Judean, lege-ukatzaileak suntsiaraziz. Horrela urrundu zuen Israelengandik Jainkoaren haserrea. 9 Lurraren mugetaraino hedatu zen haren izena. Eta bildu egin zituen sakabanatuak.

Judas Makabearraren lehenengo garaipena


10 Jentilak eta Samariako gudari-talde handia bildu zituen Apoloniok, Israelen kontra gudukatzeko asmoz. 11 Judasek, hori jakitean, bidera atera, menperatu eta hil egin zuen Apolonio. Jende asko erori zen zauritua; gainerakoek ihes egin zuten. 12 Harrapakinak bildurik, Judasek beretzat hartu zuen Apolonioren ezpata, eta aurrerantzean ezpata hura erabili zuen bere bizitzako guduketa guztietan.

13 Gudura joateko asmoz Judasek bere inguruan gudari eta jende-talde leiala bildu zuela jakitean, Seronek, Siriako gudarostearen buruzagiak, 14 esan zuen bere baitan: «Izen handia eta ospea lortuko dut erresuma osoan, erregearen aginduak mesprezatzen dituzten Judasen eta beronen gizonen aurka borrokatuz». 15 Horrela, bada, jentil-talde indartsua berekin zuela, abiatu zen Seron, israeldarren mendekua egiteko asmoz. 16 Bet-Horonerako aldapara hurbiltzen ari zela, bidera atera zitzaion Judas giza talde txiki batekin. 17 Hauek, nolako gudarostea zetorkien ikustean, esan zioten Judasi:


-Nola borrokatuko gara gu, honen gutxi izanik, horrelako jendetza handi eta indartsuaren kontra? Gainera, oso ahulduak gaude, baraurik baikaude egun osoan.

18 Judasek ihardetsi zien:


-Erraz eror daiteke jendetza handia gutxi batzuen esku. Berdin baitio Jainkoari askoren nahiz gutxiren bidez salbatu. 19 Borrokan garaipena ez du gudaroste handia izateak ematen, zerutik datorren indarrak baizik. 20 Harrokeriaz eta maltzurkeriaz gainezka datozkigu, gu, gure emazteak eta haurrak hondatu eta gure ondasunez jabetzeko asmoz. 21 Gu, aldiz, geure bizia eta ohiturak defendatzeko borrokatzen gara. 22 Jainkoak hondatuko ditu gure aurrean. Ez izan horien beldur.

23 Hitz egiten bukatu orduko, ekin zion Judasek ustekabean etsaien kontra eta menperatu egin zituen Seron eta beronen gudarostea, 24 eta beraien ondoren joan zen Bet-Horongo maldan behera, lautadaraino. Zortziehun etsai inguru hil ziren; gainerakoek ihes egin zuten filistearren lurraldera. 25 Inguru haietako jentilak Judasi eta beronen anaiei beldurra hartzen hasi ziren. 26 Antioko erregeaganaino heldu zen haren izena, eta herri guztietan mintzatzen ziren Judasen guduez.

Antiokok Pertsiari eta Judeari erasotzeko asmoa


27 Horren guztiaren berri izatean, haserre biziz suturik, bere erreinuko indar guztiak bildu eta gudaroste arras indartsua antolatzeko agindu zuen Antiokok. 28 Bere altxortegia ireki eta urte beteko soldata eman zien gudariei, edozertarako prest egoteko aginduz. 29 Ohartu zen, ordea, altxortegian dirurik ez zela gelditzen eta eskualde hartako zergak murritzak zirela. Antzinatik zetozen legeak deuseztean, erregeak berak herrialde hari erakarritako istilu eta hondamendiagatik gertatu zen hori. 30 Beldur zen erregea ez ote zuen aski izango, ordurarte hain eskuzabal, bere aurrekoek baino askoz ere esku zabalago, egin ohi zituen gastuak eta emaitzak ordaintzeko. 31 Herstura larri hartan, Pertsiara joan eta, hango eskualdeetako zergak bilduz, diru asko eskuratzea erabaki zuen.

32 Eufrates ibaitik Egiptoko mugetara arteko lurraldean Lisias utzi zuen errege-arazoen arduradun nagusi; handikietakoa zen Lisias eta errege-jatorrikoa. 33 Bere seme Antiokoren heziketaz ere arduratzeko agindu zion, bera etorri arte. 34 Gudarostearen erdia eta elefante-taldea utzi zizkion, beraren erabaki guztiak betetzeko aginduz. Judea eta Jerusalemgo bizilagunen kontra 35 gudaroste handia bidali behar zuen, Israelgo indarrak eta Jerusalemen gelditzen zirenak apurtu eta deuseztera, herrialde hartan beraien oroitzapena ere ezabatzeraino. 36 Gero, jende arrotza kokarazi behar zuen juduen lurraldean, honetaz jabe zitezen. 37 Antioko erregea bera, gudarostearen beste erdia harturik, erreinuko hiriburu zen Antiokiatik abiatu zen, ehun eta berrogeita zazpigarren urtean. Eufrates ibaia igaro eta goi-lautadako eskualdeetan barrena ibili zen.

Siriar gudarosteak Judeari eraso


38 Erregearen adiskideen arten gizon boteretsu ziren Dorimenoren seme Ptolomeo, Nikanor eta Gorgias aukeratu zituen Lisiasek, 39 eta Judea herrialdea hartu eta birrintzera bidali, berrogei mila gudari oinezko eta zazpi mila zaldizkorekin, erregeak agindu bezala. 40 Beren gudarostearekin abiatu eta Emaus ingurura heldurik, hemengo lautadan ezarri zituzten oihal-etxolak. 41 Eskualde hartako merkatariak, haien berri entzutean, zilar eta urre ugari eta girgiluak harturik, kanpalekura joan ziren, israeldarrak esklabo erosteko asmotan. Siriar eta filistear multzoak ere bildu zitzaizkien.

42 Ohartu ziren Judas eta anaiak egoera geroz eta larriagoa zela, etsaien gudarostea beren lurraldean zutenez gero. Jakin zuten, orobat, herria erabat deusezteko agindua emana zuela erregeak. 43 Eta esan zioten elkarri: «Jaikiaraz dezagun lur joa dagoen geure herria, eta borroka gaitezen geure herri eta santutegiaren alde!» 44 Orduan, batzarra bildu zuten, gudurako prestatu eta otoitz egin, eta Jainkoari gupida eta errukia eskatzeko.

45 Jerusalem toki bakarti bihurtua zegoen, bertako seme-alabarik bat ere ez zen sartzen, ez ateratzen. Santutegia profanatua zegoen, gotorlekua arrotzek hartua, jentilak bizi ziren bertan. Galdua zuten Jakoben ondorengoek poza, isilik zeuden txirula eta harpa.

Juduak Masfan bildu


46 Horrela, bada, bildu eta Jerusalemen aurrez aurre dagoen Masfara joan ziren juduak, antzina ere Masfan otoizlekua egona baitzen israeldarrentzat. 47 Egun hartan barau egin zuten, dolu-jantzia hartu, burura errautsa bota eta urratu egin zituzten beren soinekoak. 48 Jentilek sasijainkoen irudiei kontsulta egin ohi dieten bezala, juduek lege-liburua zabaldu zuten, Jainkoaren nahia irakurtzeko. 49 Ekarri zituzten apaiz-jantziak, hasikinak eta hamarrenak, eta etorrarazi zituzten promesaldia burutua zuten nazireuak. 50 Eta oihu egin zioten Jainkoari, esanez: «Zer egin behar dugu hauekin? Nora eraman behar ditugu? 51 Izan ere, zure santutegia zapaldua eta profanatua dago, apaizak atsekabetuak eta apalduak, 52 eta jentilak gu suntsitzeko elkartu dira. Badakizu zein asmo duten gure kontra. 53 Nola egin diezaiekegu aurre, zuk laguntzen ez badiguzu?»

54 Orduan, turutak jo eta deiadar handia egin zuten. 55 Ondoren, gudarosteko buruzagiak izendatu zituen Judasek: mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarna gizoneko taldeburuak. 56 Beren etxea eraikitzen ari zirenak, ezkonberriak, mahastia landatzen ari zirenak eta koldarrak etxera itzularazi zituen, legeak agindu bezala. 57 Gero, abiatu eta Emausetik hegoaldera ezarri zuten kanpalekua. 58 Judasek esan zuen: «Har itzazue armak, izan ausart eta egon prest, gu eta gure santutegia desegiteko elkartu diren jentil-herri horiei bihar egunsentian erasotzeko. 59 Hobe dugu borrokan hil, gure herriaren eta santutegiaren hondamendia ikusi baino. 60 Jainkoak nahi duena izan dadila».

Emauseko gudua


4. atala[aldatu]

1 Gorgias, bost mila gizon eta aukerako mila zaldizko berekin harturik, gauez abiatu zen, 2 eta juduen kanpalekuan sartu, ustekabean harrapatzeko asmoz. Gotorlekuko jendea zuten gidari. 3 Hori jakitean, Judas ere atera egin zen bere gudariekin, Emausen gelditzen zen errege-gudarostearen kontra oldartzeko asmotan, 4 gudari-taldeak kanpalekutik kanpora sakabanatuak ziren bitartean. 5 Gorgias, Judasen kanpalekura gauez heldu eta inor aurkitu ez zuenean, mendietan hasi zen juduen bila, bere baitan esanez: «Guregandik ihesi dabiltza horiek». 6 Egunsentian, ordea, zelaian agertu zen Judas hiru mila gizonekin; baina ez zeukaten nahi hainbat babeski eta ezpata. 7 Jentilen kanpalekua, berriz, indartsua zen, ikusten zenez; ongi gotortua eta zalditeriaz inguratua zegoen. Denak gudari trebe eta zailduak ziren. 8 Honela mintzatu zitzaien Judas berekin zituen gizonei: «Ez izan jendetza horren beldur, ez kikildu horien eraso bortitzaren aurrean. 9 Oroitu nola salbatu ziren gure arbasoak Itsaso Gorrian faraoiak bere gudarostearekin pertsegitzen zituenean. 10 Dei egin diezaiogun, beraz, Jainkoari, lagun diezagun, gure arbasoekin eginiko itunaz oroit dadin eta gudaroste hori gaur gure aurrean desegin dezan. 11 Orduan, nazio guztiek jakingo dute Israelek baduela askatzen duen norbait».

12 Begiak jaso eta juduak kontra zetozkiela ikustean, jentilak 13 kanpalekutik irten ziren borrokari ekiteko. Judasen gizonek, turutak joz, 14 guduari ekin zioten. Jentilak deseginak gertatu ziren eta lautadara egin zuten ihes. 15 Atzean geldituak, berriz, ezpataz hil zituzten denak. Gazaraino eta Idumea, Azoto eta Jamniako lautadetaraino pertsegitu zituzten. Hiru mila gizon inguru hil ziren. 16 Pertsekuzio hartatik bere gudarostearekin itzultzean, 17 Judasek esan zien: «Ez arduratu orain harrapakinez, gainean dugu-eta beste guduketa bat. 18 Hurbil dugu Gorgias bere gudarostearekin, mendi horretan. Lehenbizi egin aurre etsaiei eta borrokatu horien kontra, gero hartuko dituzue lasai harrapakinak».

19 Judasek hizketaldia bukatu zueneko, gudari-talde bat ikusi zuten mendibizkarrean zelatan. 20 Etsai haiek ohartu ziren beretarrak ihesi joanak zirela eta kanpalekua sutan zegoela, oraindik ere ikus zitekeen ke-mordoak erakusten baitzuen han gertatua. 21 Hura ikusteak beldurrez jota utzi zituen. Gainera, Judasen gudarostea lautadan gudurako prest begiztatzean, 22 filistearren herrialdera egin zuten denek ihes. 23 Orduan, Judas kanpalekura itzuli zen harrapakinak hartzera. Urre eta zilar asko, purpura morez eta gorriz tindaturiko oihalak eta beste ondasun ugari bildu zituzten. 24 Itzultzerakoan, Jainkoa goraipatuz eta goretsiz zetozen, «ona baita, haren maitasuna betikoa baita» esanez. 25 Egun hartan Israelek garaipen handia lortu zuen.

Israeldarrek Lisiasen gudarostea garaitu


26 Ihes egin ahal izan zuten jentilek Lisiasengana joan eta gertatuaren berri eman zioten. 27 Entzutean, larritua eta lur joa gelditu zen, Israeli ez baitzitzaion berak nahi zuena gertatu eta gauzak ez baitzitzaizkion erregeak agindu bezala atera.

28 Hurrengo urtean, aukerako hirurogei mila gizon eta bost mila zaldizko bildu zituen Lisiasek juduen kontra joateko. 29 Idumeara jo zuten eta Bet-Surren ezarri kanpalekua. Judas hamar mila gizonekin joan zitzaion aurre egitera. 30 Gudaroste indartsu hura ikustean, otoitz hau egin zuen Judasek: «Goretsia zu, Israelen salbatzaile hori! David zeure zerbitzariaren bidez, zeuk desegin zenuen erraldoi indartsuaren oldarra, eta Saulen seme Jonatanen eta beronen ezkutariaren eskura eman filistearren gudarostea. 31 Era berean, emazu oraingo gudaroste hau ere zeure herri Israelen eskura, geldi daitezela beren oinezko eta zaldizko gudariez lotsaturik. 32 Sar iezaiezu beldurra, desegin horien indar harroa, geldi daitezela hondatuak eta deseginak. 33 Egizu, eror daitezela maite zaituztenen ezpatapean; horrela, ezagutzen zaituztenek, gorazarreak kantatuz, Jainkotzat goraipa zaitzatela».

34 Ekin zioten guduari, eta bost mila gizon inguru galdu zituen borrokan Lisiasen gudarosteak. 35 Bere gudarostearen hondamena eta Judasen gudarien ausardia ikusirik
-bizitzeko nahiz adoretsu hiltzeko prest baitzeuden
-, Lisiasek Antiokiara jo zuen, saripeko gudari arrotzak hartu eta indar handiagoarekin Judeara itzultzeko asmotan.

Tenplua berriro sagaratu


36 Judasek eta anaiek esan zuten: «Desegin ditugu etsaiak; igo gaitezen santutegiaren garbikuntza egitera eta berriro Jainkoarentzat sagaratzera». 37 Gudaroste osoa bildu eta Sion mendira igo ziren. 38 Baina santutegia inor gabe, aldarea profanatua, ateak erreak eta gelak deseginak zeudela, atarietan sasiak, edozein baso edo menditan bezala, erne zirela ikustean, 39 jantziak urratu, burura errautsa bota eta dolu handia egin zuten. 40 Gero, lurrean ahozpeztu eta, turutek seinalea ematean, deiadar egin zioten Jainkoari.

41 Santutegiaren garbikuntza egin arte, gotorlekukoen aurka borrokatzeko agindua eman zien Judasek bere gizonei. 42 Gero, akatsik gabeko apaizak, legezale zirenak, aukeratu zituen; 43 haiek santutegiaren garbikuntza egin zuten eta harri kutsagarriak toki lohi batera eraman. 44 Profanatua zegoen erre-oparietarako aldarearekin zer egin eztabaidatu zuten. 45 Iritzi onez, aldarea desegitea erabaki zuten; horrela, ez zitzaien lotsagarri gertatuko, jentilek profanatua baitzen. Desegin zuten, beraz, aldarea, 46 eta tenplua zegoeneko mendian, toki berezi batean, utzi zituzten harriak, berauekin zer egin esango zuen profetaren bat agertu arte. 47 Ondoren, legeak agintzen duenaren arabera, landu gabeko harriak hartu eta lehengoa bezalako aldarea eraiki zuten. 48 Santutegia eta tenplu barrua konpondu eta atariak sagaratu zituzten. 49 Tresna sakratu berriak ere egin zituzten, eta tenplu barruan argimutila, intsentsua erretzeko aldarea eta mahaia jarri. 50 Gero, aldare gainean intsentsua erre, eta izeki zituzten argimutileko kriseiluak, tenpluan argi egin zezaten. 51 Jainkoari eskainiriko ogiak mahaian ezarri eta oihalak eseki zituzten. Horrela bukatu zuten hasitako lana.

52 Seleukotarren agintaldiko ehun eta berrogeita zortzigarren urteko bederatzigarren hilaren, hau da, Kisleu hilaren hogeita bostean, egunsentian jaiki 53 eta sakrifizioa eskaini zuten legearen arabera, egin berria zuten erre-oparietarako aldarean. 54 Kantu artean, zitara, harpa eta txilinak joz, inauguratu zuten tenplua, hiru urte lehenago jentilek profanatua zuteneko egun berean, hain zuzen. 55 Herri osoak, lurreraino ahozpezturik, goretsi egin zuen beraien asmoak ongi burutzea eman zien Jainkoa. 56 Zortzi egunez ospatu zuten aldarearen sagaratzea, eta erre-opariak eskaini zituzten bozkarioz, bai eta elkartasun-opariak eta gorespen-opariak ere. 57 Urrezko koroaz eta babeski txikiz apaindu zuten tenpluaren aurrea, sarrerak eta gelak konpondu eta ateak ipini zizkieten. 58 Herria biziki poztu zen, eta jentilek eginiko nardagarrikeria ezabatua gelditu zen. 59 Aldarea sagaratzearen urteurrena bere garaian, Kisleu hilaren hogeita bostetik aurrera, zortzi egunez alai eta pozik urtero ospatzea erabaki zuen Judasek, anaiekin eta israeldarren biltzar osoarekin batera.

60 Aldi hartan, Sion mendiaren inguruan harresi garaiak eta dorre sendoak eraiki zituzten, jentilek lehen bezala leku haiek zapal ez zitzaten. 61 Gudari-taldea ipini zuen bertan Judasek, zaindari. Eta Bet-Sur ere gotortu zuen, herriak idumearren aurrez aurre gotorlekua izan zezan.

Judas idumearren eta amondarren kontra


5. atala[aldatu]

1 Aldarea berreraiki eta tenplua lehengo erara konpondu zutela jakitean, inguruetako herriek, erabat haserreturik, 2 beraien artean bizi ziren Jakoben ondorengoak desagerraraztea erabaki zuten, eta israeldarrak hiltzen eta triskatzen hasi ziren. 3 Orduan, Judasek eraso egin zien Idumean bizi ziren Esauren ondorengoei, bai eta Akrabatenekoei ere, israeldarrak inguratuak zeuzkatelako. Zeharo porrokatu eta hondatu zituen eta haien ondasunak hartu. 4 Gero, Baianen leinukoek egiten zuten kalteaz oharturik
-israeldarren zelatan egoten baitziren bideetan, tranpak eta eragozpenak jarriz
-,
5 beren dorreetan gordetzera behartu zituen Judasek. Ondoren, inguratu eta, erabat suntsitzeko, su eman zien dorreei eta barruan ziren guztiei. 6 Gero, amondarren kontra oldartu zen. Lagun asko ziren amondarrak eta gudaroste indartsua zuten, Timoteoren buruzagitzapean. 7 Guduketa askoren ondoren, menperatu eta hondatu egin zituen. 8 Jazer izeneko hiriaz eta inguruetako herrixkez jabetu eta Judeara itzuli zen.

Galilean eta Galaaden gudukatzeko prestaketak


9 Galaadeko jentilek elkar hartu zuten lurralde hartan bizi ziren israeldarrak desagerrarazteko. Israeldarrek, Datema izeneko gotorlekuan gorde 10 eta gutunak igorri zizkieten Judasi eta beronen anaiei, esanez: «Gure inguruan bizi diren jentilek elkar hartu dute gu desagerrarazteko. 11 Gotorlekuan babestu gara, baina gotorleku hau hartzeko prestatzen ari dira, Timoteo gudalburu dutela. 12 Zatoz berehala, gu horien eskuetatik libratzera. Gutarik asko erori da jadanik, 13 eta Tobiasen eskualdean bizi diren gure senide guztiak, mila gizon inguru, hil dituzte, eta beraien emazte eta seme-alabak gatibu eraman eta ondasunak ostu». 14 Gutunak irakurtzen ari zirelarik, beste mezulari batzuk heldu ziren Galileatik, jantziak urraturik, berri honekin: 15 «Ptolemaidakoak, Tiro eta Sidongoak Galileako jentil guztiekin elkartu dira gu suntsitzeko».

16 Judasek eta herriak, albiste horiek entzutean, biltzar handia egin zuten, etsaiek hala estutzen eta erasotzen zituzten senideei nola lagundu erabakitzeko. 17 Judas honela mintzatu zitzaion bere anaia Simoni: «Hartu gizonak eta hoa Galileako senideak libratzera; anaia Jonatan eta biok Galaadeko eskualdera joango gaituk».

18 Judea defendatzeko, Zakariasen seme Jose eta Azarias, herriko arduraduna, utzi zituen gainerako gudarostearekin, 19 eta agindu hau eman zien: «Zuen buruzagitzapean gelditzen da gudari-talde hau; baina ez egin borrokarik jentilen kontra gu itzuli arte».

20 Simoni hiru mila gizon eman zizkioten Galilean borrokatzeko eta Judasi zortzi mila, Galaaden borrokatzeko.

Zenbait guduketa Galilean eta Galaaden


21 Galileara heldurik, Simonek borroka ugari egin zuen jentilen kontra, menperatu eta ihes eragin zien. 22 Ptolemaida hiriko ateetaraino pertsegitu zituen. Hiru bat mila jentil erori zen hilik, eta Simonek hartu egin zituen haien ondasunak. 23 Ondoren, Galilean eta Arbata izeneko eskualdean bizi ziren juduak, beren emazte, seme-alaba eta zuten guztiarekin hartu eta Judeara eraman zituen pozaren pozez.

24 Bitartean, Judas Makabearrak eta beronen anaia Jonatanek Jordan ibaia igaro eta basamortuan barrena hiru eguneko ibilaldia egin zuten. 25 Nabatearrak aurkiturik, nabatear haiek harrera baketsua egin zieten eta Galaadeko eskualdean bizi ziren juduei gertatuaren berri eman, 26 hau da, inguratuak zeudela Bosora, Bosor, Alema, Kasio, Maked eta Karnain hiri handi eta indartsuetan, 27 eta Galaadeko beste hirietan ere halaxe zeudela; gainera, biharamunean gotorleku guztiei eraso, hartu eta judu guztiak egun berean desagerrarazteko asmoa zutela etsaiek.

28 Judasek, berehala, Bosorarako bidea hartu zuen, basamortuan zehar, bere gudarostearekin. Hiriaz jabetu, gizaseme guztiak ezpataz hil eta, hiriko ondasunak hartu ondoren, su eman zion. 29 Gauez handik atera eta Datema izeneko hiri-gotor ingurura joan zen. 30 Eguna argitzean, begiak jaso eta kontaezin ahalako jendetza handia ikusi zuten juduek, hiri-gotor hartaz jabetzeko eskalak eta tramankuluak eraikitzen. Ordurako hasia zuten erasoa. 31 Erasoa hasia zela ikusirik eta hiritik zeruraino deiadar izugarria eta turuta-hotsa zihoazela oharturik, 32 esan zien Judasek bere gudarosteko gizonei: «Borroka zaitezte gaur zeuen senideen alde!» 33 Eta hiru lerrotan taldekaturik, etsaiaren atzealdetik hurbildu ziren, turutak joz eta otoitz-oihuak eginez. 34 Timoteoren gudari-taldeek, Makabearra zetorkiela ohartzean, ihesari eman zioten. Triskantza handia egin zien Makabearrak, egun hartan zortzi mila gizon inguru erori zirelarik. 35 Gero, Alema hirirako bidea hartu zuen Judasek. Eraso zion hiriari, hartu eta, gizaseme guztiak hil eta bertako ondasunez jabetu ondoren, su eman zion. 36 Handik abiaturik, Kasfo, Maked, Bosor eta Galaad eskualdeko beste hiriak ere hartu zituen.

37 Gertakari hauen ondoren, beste gudari-talde bat hartu eta Rafon hiriaren aurrez aurre ezarri zuen kanpalekua Timoteok, errekaz bestaldera. 38 Judasek kanpaleku hura ikertzera bidali zituen batzuk, eta berri hau ekarri zioten: «Gure inguruetako jentil guztiak bildu zaizkio Timoteori eta gudaroste izugarria eratu dute. 39 Saripean hartutako arabiarrak ere badituzte, laguntzaile gisa. Uraz handik daude etxolatuak eta zuri erasotzera etortzeko prest». Judas etsaiei aurre egitera irten 40 eta errekara hurbildu zen bere gudarostearekin. Orduan, esan zien Timoteok bere gudarosteko buruzagiei: «Guk baino lehenago erreka igaro eta erasotzen badigu, ezin izango diogu eutsi; garaitu egingo gaitu segurki. 41 Baina ikaratu eta uraz handik gelditzen bada, guk erreka igaro, eraso eta garaitu egingo dugu».

42 Erreka-bazterrera heltzean, bertan jarri zituen Judasek gudarosteko ofizialak, agindu honekin: «Ez utzi inori oihal-etxolak ezartzen. Doazela denak borrokara». 43 Lehenengo Judasek berak igaro zuen erreka etsaiaren kontra joateko, eta gudaroste osoak jarraitu zion gero. Juduek garaitu egin zituzten jentilak, eta hauek armak bota eta ihesi joan zien arrapaladan Karnaingo jauretxera. 44 Juduek, ordea, hiria hartu eta su eman zieten Karnaingo jauretxeari eta bertan zeuden guztiei. Eta xehatu egin zuten hiria. Ezin izan zion Judasi inork ere aurre egin.

45 Judasek Galaad lurraldeko israeldar guztiak bildu zituen Judea lurraldera eramateko, txiki eta handi, emakume, seme-alaba
-jendetza oso handia
- eta ondasunak ere bai.
46 Bidean zihoazela, hiri handi eta indartsura, Efronera, heldu ziren. Haren erditik igaro beharra zuten nahitaez, ez baitzuten beste biderik. 47 Hango bizilagunek, ordea, eragotzi egin zieten igarotzea eta harriz itxi zituzten sarrerak. 48 Judasek bake-mezua bidali zien esanez: «Utzi zeuen lurraldean barrena igarotzen geurera joateko; inork ere ez dizue kalterik egingo, oinez igaro besterik ez dugu nahi eta». Hala ere, ez zieten sarrera ireki nahi izan. 49 Orduan, bakoitza, zegoen tokian, erasotzeko prest egoteko agindua zabaldu zuen Judasek gudarostean. 50 Gudariak erasorako prestatu zirelarik, Judasek egun eta gau osoan eraso zion hiriari, hartu zuen arte. 51 Gizaseme guztiak ezpataz hil ondoren, hiria xehatu, harrapakinak hartu eta gorpuen gainetik igaro zen hirian zehar. 52 Gero, Jordan ibaia igaro zuten, Bet-San hiriaren aurrez aurre dagoen Lautada Handian sartzeko. 53 Ibilaldi osoan, atzean geldituak bilduz eta herria suspertuz joan zen Judas, Judea lurraldera heldu ziren arte. 54 Sion mendira alai eta pozik igo eta erre-opariak eskaini zituzten, beren arteko bat ere galdu gabe onik itzuli zirelako.

Jose eta Azarias menperatuak


55 Judas eta Jonatan Galaaden zirelarik eta haien anaia Simon Galilean, Ptolemaidaren aurrez aurre, 56 gudarostearen buruzagi ziren Josek, Zakariasen semeak, eta Azariasek, haien egintza handi eta borroken berri entzunik, 57 esan zioten elkarri: «Guk ere ospetsu egin behar dugu geure izena. Eraso diezaiegun inguruetako jentilei». 58 Orduan, Jamnia hiriari erasotzeko agindu zioten beren menpe zuten gudari-taldeari. 59 Gorgias bere gizonekin hiritik atera zen, borrokari ekiteko. 60 Eta menperatu egin zituen Jose eta Azarias, eta Judeako mugetaraino pertsegitu. Israeldar gudarosteko bi mila gizon inguru galdu ziren egun hartan. 61 Judas eta beronen anaien esana aditu gabe, egintza handiak egiteko gauza zirela uste izan zutelako gertatu zitzaion gudu-taldeari hondamen hura. 62 Haiek ez ziren, ordea, Jainkoak Israel herria salbatzako eginkizuna eman zien gizon haien kastakoak.

Judasen garaipena Idumean eta Filistean


63 Judas ausart hark eta anaiek ospe handia izan zuten Israel osoan eta haien izena entzuna zen herrialde guztietan. 64 Jende-multzo handiak biltzen zitzaizkien, beraiek txalotuz. 65 Judas, bere anaiekin, Esauren jatorriko jendearen kontra abiatu zen hegoaldeko lurraldera. Hebron hiriaz eta inguruko herrixkez jabeturik, harresiak xehatu eta su eman zien haren inguruko dorreei. 66 Ondoren, filistearren lurralderantz abiatu zen, Marisa zeharkatuz. 67 Borrokan kontuz ibili gabe, handikeriak egin nahi izan zituzten apaiz batzuk erori ziren egun hartan. 68 Gero, filistearren lurraldean zegoen Azotorantz bihurtu zen Judas; porrokatu zituen hango aldareak, jainkoen irudiei su eman eta, hirietako ondasunak hartu ondoren, Judea lurraldera itzuli zen.

Antioko Epifanesen heriotza


6. atala[aldatu]

1 Antioko erregeak, ipar-eskualdeetan zebilelarik, jakin zuen, bazela Pertsian bere aberastasun, zilar eta urrearengatik ospetsua zen hiria, Elimaida izenekoa. 2 Hango jauretxean aberastasun izugarriak zeuden: Mazedoniako errege Filiporen seme Alexandrok, greziarren lehen erregeak, han utzitako urrezko gudu-jantziak, bular-oskolak eta armak. 3 Hiri hartara joan zen Antioko, hiria hartu eta bertako ondasunez jabetzeko asmoz. Alabaina, ez zuen lortu. Izan ere, asmo horiez ohartzean, hiriko bizilagunek 4 armak hartu eta aurre egin zioten. Antiokok ihes egin behar izan zuen handik, zeharo atsekabeturik, eta Babiloniara itzuli. 5 Baina Pertsian zelarik, mezulari bat etorri zitzaion, Judeara bidalitako gudu-taldeak hondatuak zeudela eta 6 gudaroste indartsu baten aurrean joana zen Lisiasek juduengandik ihes egin behar izan zuela adieraziz; juduak indartsu egin zirela menperatutako gudu-taldeei kenduriko arma, gudu-tresna eta harrapakin ugariei esker; 7 Jerusalemgo aldare gainean erregeak eraikia zuen idolo higuingarria xehatu egin zutela eta santutegia harresi handiz inguratu, lehen bezala; bai eta erregearen hiria zen Bet-Sur ere.

8 Halako berriak entzunik, erregea harri eta zur gelditu zen, oso-oso urduri. Nahigabearen nahigabez, oheratu egin behar izan zuen, gauzak nahi bezala atera ez zitzaizkiola eta. 9 Egun asko egin zuen ohean, geroz eta nahigabe handiagoz. Hiltzeko zorian zegoela pentsatu zuenean, 10 adiskide batzuei etorrarazi eta esan zien: «Ezin dut lorik egin, ez eta begirik bildu ere; geroz eta kezkatuago nago. 11 Neure buruari esaten diot: Zer dela-eta dut honelako nahigabea, zer dela-eta nago honen aztoratua, ona izanik eta maitatua neure agintaldian? 12 Orain, ordea, ohartzen naiz nolako gaiztakeriak egin ditudan Jerusalemen, han zeuden zilarrezko eta urrezko gauzak eramanez eta Judeako bizilagunak arrazoirik gabe sarraskituz. 13 Aitortzen dut, horrexegatik etorri zaizkidala gaitz hauek eta atsekabearen atsekabez hiltzen ari naizela herrialde arrotz honetan».

Antioko V.a, Eupator


14 Gero, adiskideetako bat, Filipo, deitu eta bere erreinu osoaren arduradun egin zuen. 15 Bere koroa, jantzi eta eraztuna eman zizkion, eta bere seme Antioko hezi eta errege izateko presta zezan agindu zion. 16 Eta bertan hil zen Antioko erregea, seleukotarren agintaldiko ehun eta berrogeita bederatzigarren urtean. 17 Erregea hil zela jakitean, haren seme Antioko ezarri zuen Lisiasek errege-aulkian, Eupator izena emanez. Berak hazia zuen txikitandik.

Judas Makabearrak Jerusalemgo gotorlekuari eraso


18 Jerusalemgo gotorlekuko gudariek setiatuak zeuzkaten israeldarrak santutegiaren inguruan. Ez zuten egokierarik galtzen israeldarrei kalte egiteko eta jentilei laguntza eskaintzeko. 19 Gudari-talde hura desegiteko asmoz, gudaroste osoa bildu zuen Judasek, jende hura inguratzearren. 20 Bildu zirenean, gotorlekua inguratzen hasi ziren, jaurtikigailuak eta gudurako beste zenbait tramankulu eraikiz. Ehun eta berrogeita hamargarren urtea zen. 21 Setiatuak zeudenetako batzuek, hala ere, lortu zuten inguraketari ihes egitea eta, beste israeldar lege-ukatzaile batzuk harturik, 22 Antioko erregeagana jo zuten, esatera: «Noiz arte egon behar duzu gure alde atera gabe eta gure anaiak mendekatu gabe? 23 Gogo onez izan ginen zure aitaren zerbitzari, haren aginduen arabera ibili ginen eta haren legeak bete genituen. 24 Horrexegatik setiatu dute gotorlekua gure herrikide israeldarrek, eta arrotz bezala hartzen gaituzte. Gainera, aurkitu dituzten guretarrak hil egin dituzte eta gure ondasunak ebatsi. 25 Eta gure kontra ez ezik, zuen menpeko lurraldeen kontra ere jo dute. 26 Oraintxe bertan, inguratua daukate Jerusalemgo gotorlekua eta hartu egin nahi dute. Santutegia eta Bet-Sur hiria ere sendotu dituzte. 27 Bidea agudo mozten ez badiegu, geroz eta ausartago eginen dira eta ezin izango diezu gero eutsi».

Bet-Zakariaseko guduketa


28 Berri hori jakitean, biziki haserreturik, adiskideak eta oinezko eta zalditeriaren gudalburuak bildu egin zituen erregeak. 29 Beste erreinuetatik eta greziar uharteetatik ere bildu zitzaizkion saripeko gudariak. 30 Ehun mila gudari oinezko, hogei mila zaldizko eta gudurako trebaturiko hogeita hamar elefante zituen erregeak bere gudarostean. 31 Idumean zehar etorririk, inguratu egin zuten Bet-Sur eta luzaro eraso, gudu-tramankuluz baliaturik; baina inguratuek irten eta erre egin zizkieten tramankuluak eta oso oldarki borrokatu ziren.

32 Orduan, Jerusalemgo gotorlekua inguratzeari utzi eta Bet-Zakariasen ezarri zuen Judasek kanpalekua, Antioko erregearen aurrez aurre. 33 Goizean goiz jaiki eta erregeak Bet-Zakariaserako bidetik abiarazi zuen gudarostea azkar. Prestatu ziren gudari-taldeak gudua hasteko eta jo zituzten turutak. 34 Borrokara eragiteko, mahats- eta masusta-zukua erakutsi zizkieten elefanteei. 35 Aberetzar haiek gudari-taldeen artean banatuak zeuden. Elefante bakoitzaren ondoan mila gizon zeuden lerrotan jarriak, bular-sareak eta brontzezko bular-oskolak jantzirik. Gainera, elefante bakoitzarekin aukerako bostehun zaldun zihoazen, 36 aberetzarra gelditzen zenean geldituz eta aurrera egiten zuenean aurrera eginez. Ez zuten bakarrik uzten. 37 Elefante bakoitzak oholez eginiko dorre sendo bana zeraman bizkarrean babeslekutzat, uhalez lotua; dorre bakoitzean hiru gudari zihoazen borroka egiteko, eta gidaria. 38 Gainerako zalditeria gudarostearen alde bietan zihoan, gudarostearen hegalak babesteko eta etsaia zirikatzeko.

39 Eguzkiak urrezko eta brontzezko babeskiak jo zituenean, distirak argitu egin zituen mendiak, lastargi izekiak bailiran. 40 Erregearen gudarosteko talde bat mendien bizkarrez bizkar zihoan; bestea, berriz, lautadan zehar. Denak ongi lerrokaturik eta sendo zihoazen aurrera. 41 Denak dardaraz gelditzen ziren jendetza haren garrasiak, oin-hotsak eta armek elkar jotzean ateratzen zuten zarata entzutean. Izan ere, gudarostea oso handi eta indartsua zen. 42 Judasek eta beronen gudarosteak aurreratu eta ekin zioten borrokari. Erregearen gudarosteak seiehun gizon galdu zituen.

Eleazarren adorea


43 Beste elefanteak baino handiagoa eta errege-oskolaz babestua zihoan bat ikusi zuen Elezarrek, Abaran deituak, eta uste izan zuen haren gainean joango zela erregea. 44 Orduan, bere burua eman zuen, bere herria salbatu eta betiereko ospea hartzeko. 45 Gudari-taldearen erditik ausarki sartuz, lasterka joan zen aberetzarragana, ezker-eskuin jendea hilez eta bere aurretik etsaiak alde batera eta bestera bazterraraziz. 46 Elefantearen azpira heldu, ezpata sartu eta hil egin zuen. Aberetzarra, ordea, gainera erori zitzaion eta hil egin zen Eleazar. 47 Juduek, berriz, erregearen gudarostearen indar oldartsua ikusirik, atzera egin zuten.

Sion mendia inguratua


48 Antioko erregearen gudarostea Jerusalemerantz abiatu zen, juduak borrokatzera, eta Judea eta Sion mendiaren kontra joateko prestatu zuen erregeak kanpalekua. 49 Erregeak bakeak egin zituen Bet-Sur hirikoekin eta hauek hiritik irten ahal izan zuten; izan ere, lurrarentzat atseden-urtea zenez, ez zuten janaririk hirian babesturik irauteko. 50 Horrela, erregeak Bet-Sur bereganatu eta gudari-taldea jarri zuen bertan, hiria defendatzeko.

51 Luzaro jardun zuen santutegia inguratzen. Geziak jaurtikitzeko dorreak eta gudurako tramankuluak eraiki zituen santutegiari erasotzeko: su- eta harri-jaurtikigailuak, azkonak jaurtikitzeko uztaiak, bai eta habailak ere. 52 Inguratuek ere, beren aldetik, tramankuluak eraiki zituzten, etsaienei aurre egiteko. Luzaro iraun zuen guduak. 53 Azkenean, ordea, janaririk gabe gelditu ziren biltegian; izan ere, urte hura zazpigarrena zen; gainera, jentilen menpetik askatu eta Judeara ekarritako israeldarrek janak zituzten azken elikagaiak. 54 Goseak eraginik, bada, gizon banaka batzuk santutegian utzirik, nor bere etxera sakabanatu ziren beste guztiak.

Erregeak bakeak egin juduekin


55 Jakin zuen Lisiasek, Filipo
-Antioko erregeak, hil aurretik, bere seme Antiokoren heziketaz eta errege izateko prestakuntzaz arduratu zuena
-
56 itzulia zela Pertsia eta Mediatik erregearekin joandako gudarostearekin eta gobernuaren zuzendaritza hartu nahian zebilela. 57 Orduan, agudo alde egiteko prestatu zen Lisias eta esan zien erregea, gudalburu eta gudarosteari: «Geroz eta ahulagoak gara. Janaria urritzen ari zaigu; setiatzen ari garen gotorlekua oso sendoa da eta, gainera, erresumako arazoez arduratu beharra dugu. 58 Eman diezaiegun eskua gizon horiei eta egin ditzagun bakeak beraiekin eta herri osoarekin. 59 Utz diezaiegun antzinako beren ohituren arabera bizitzen, zeren eta beren usadioak debekatu dizkiegulako haserreturik jokatu baitute horrela». 60 Erregeak eta gudalburuek ontzat eman zuten iritzi hori eta setiatuei bakea eskaintzeko mandatariak bidali zituen erregeak. Setiatuek onartu egin zuten bakea, 61 eta erregeak eta gudalburuek zin egin zieten. Zin horretan fidaturik, atera ziren gotorlekutik 62 eta erregea Sion mendian sartu zen. Baina toki hura zeinen sendoa zen ikustean, egina zuen zina hautsi eta inguruko harresia botatzeko agindu zuen erregeak. 63 Gero, arrapaladan, Antiokiara itzuli zen. Han, hiriko nagusi Filipo zela aurkitu zuen. Baina eraso eta indarrez jabetu zen hiriaz.

Demetrio I.a, Siriako errege


7. atala[aldatu]

1 Seleukotarren agintaldiko ehun eta berrogeita hamaikagarren urtean, Seleukoren seme Demetriok Erromatik ihes egin eta Siriako itsasertzeko hiri batera jo zuen giza taldetxo batekin, eta han bere erregealdia hasi. 2 Bere aurrekoen jauregian sartzeko zegoela, gudari-taldeak atzeman egin zituen Antioko eta Lisias, errege berriaren aurrera eramateko. 3 Demetriok, hori jakitean, esan zuen: «Ez ditut ikusi ere egin nahi». 4 Gudari-taldeak, orduan, hil egin zituen eta errege-aulkian eseri zen Demetrio.

Bakides eta Alkimo Judasen aurka


5 Orduan, israeldar legegabeko eta lege-ukatzaile guztiek Demetriogana jo zuten, apaiz nagusi izan nahi zuen Alkimo gidari zutela. 6 Erregearen aurrean herriaren kontra salakuntzak egin zituzten, esanez: «Judasek eta beronen anaiek hil egin dituzte zure aldeko guztiak eta gu geure herrialdetik egotzi. 7 Bidali, bada, zeure konfiantzazko norbait, gure artean eta erregearen menpeko lurraldean Judasek eta anaiek egin duten hondamena ikus dezan. Zigor ditzala haiek eta beraien laguntzaile guztiak».

8 Erregeak Bakides hautatu zuen. Erregearen adiskideetako bat zen, Eufrates ibaiaz bestaldera zeuden lurraldeetako gobernaria, gizon handia erreinuan eta leiala erregearentzat. 9 Honek Alkimo traidorearekin batera bidali zuen Bakides; Alkimo apaiz nagusi izendatu zuen eta israeldarren mendekua egiteko agindu zion. 10 Gudaroste handi batekin abiatu ziren. Judea herrialdera heldurik, mezulariak igorri zizkieten Judasi eta anaiei gezurrezko bake-eskaintzak egitera. 11 Judasek eta anaiek, ordea, ez zituzten ontzat hartu haien hitzak, gudaroste handiarekin zetozela ikusi baitzuten. 12 Hala ere, lege-maisuen talde bat Alkimo eta Bakidesekin bildu zen, irtenbide egokia aurkitzeko. 13 Israeldarren artean asidearrak izan ziren bakea eskatzen lehenak. 14 Hau zioten: «Aaronen jatorriko apaiza etorri da gudarostearekin. Ez digu inolako bidegabekeriarik egingo». 15 Bakidesek, onez mintzatu eta zin eginez, esan zien: «Ez dizuegu inolako gaitzik egingo, ez zuei, ez zuen aldekoei». 16 Sinetsi egin zioten. Baina Bakidesek haietako hirurogei hartu eta egun berean hil zituen. Horrela bete zen Liburu Santuak dioena: 17 «Jerusalem inguruan barreiatu dituzte zure santuen gorpuak eta beraien odola isuri, eta ez die inork ere lur eman».

18 Orduan, herri guztiak, ikaraz eta beldurrez, zioen: «Jendaila hori ez dabil ez egiaz, ez zuzentasunez, hautsi egin baititu eginak zituen hitzarmena eta zina». 19 Bakidesek, Jerusalemdik alde egin eta Bet-Zait deritzan herrian ezarri zuen kanpalekua. Han, berarengandik ihes eginiko asko eta herri hartako zenbait harrapatu, lepoa moztu eta hango osin handira bota zituen. 20 Gero, eskualde hura Alkimoren ardurapean ipini eta, Alkimo zaintzeko gudari-taldea utzirik, erregeagana joan zen Bakides. 21 Alkimok borroka egin zuen, apaizgo nagusia bere esku izateko. 22 Herriaren nahasle guztiak bildu zitzaizkion eta, Judea lurraldeaz jabeturik, kalte handia egin zioten Israeli. 23 Alkimok eta beronen aldekoek israeldarrei jentilek beraiek baino ere kalte handiagoak egiten zizkietela ikusirik, 24 Judeako eskualde guztietan zehar ibili zen Judas, traidoreak zigortuz eta herrialde hartan ibiltzea eragotziz. 25 Judas eta beronen aldekoak geroz eta indartsuago zirela eta ezin ziela aurre egin ikustean, Alkimok erregeagana itzuli eta salakuntza maltzurrak egin zizkion haien kontra.

Nikanorren egitekoa


26 Demetrio erregeak bere gudalburu ospetsuenetako bat, Nikanor, bidali zuen judu-herria suntsitzera. Nikanorrek gorroto bizia zion Israeli. 27 Gudaroste handi batekin Jerusalemera heldu zenean, gezurrezko bake-mezua bidali zien Nikanorrek Judasi eta anaiei, esanez: 28 «Ez diezaiogun borrokarik egin elkarri. Adiskide gisa joango natzaizue ikustera, gizon banaka batzuk harturik». 29 Joan zen, beraz, Judasengana eta biek adiskide gisa hartu zuten elkar. Etsaiak, ordea, prest zeuden Judas bahitzeko. 30 Nikanor asmo gaizto horrekin zetorkiola ohartzean, Judasek, haserreturik, ez zuen gehiago ikusi nahi izan hura. 31 Nikanorrek, berriz, bere asmo txarra igarri ziotela konturaturik, Judasen kontrako borrokari ekin zion Kafarsalaman. 32 Nikanorren gudarosteko bostehun gizon inguru erori ziren; gainerakoek Daviden Hirira egin zuten ihes.

Nikanor mehatxuka tenpluaren aurka


33 Gertakari hauen ondoren, Nikanor Sion mendira igo zen. Zenbait apaiz eta herriko arduradun adiskide gisa ongi etorria egitera atera zitzaion santutegitik; erregearen alde eskaintzen zen oparia ere erakutsi nahi zioten. 34 Nikanorrek, ordea, barre eta burla egin zien, iraindu eta lotsagabekeriaz mintzatu zitzaien, 35 zin hau, haserre, eginez: «Judas eta beronen gudarostea oraintxe bertan ematen ez badizkidazue, hurrengoan garaile etortzean, su emango diot tenplu honi». Eta haserre bizian alde egin zuen. 36 Apaizek, berriro sartu eta aldare eta santutegiaren aurrean zutik, oihu egin zuten negarrez: 37 «Zeuk aukeratu duzu toki hau, zuri deitzeko eta zure herriak otoitzak eta eskariak egiteko etxe izan dadin. 38 Zigor itzazu gizon hori eta berorren gudarostea. Eror bitez ezpatapean. Oroit zaitez horiek botatako biraoez eta ez eman atsedenik».

Nikanor garaitua eta hila


39 Jerusalemdik alde egin eta Bet-Horonen ezarri zuen Nikanorrek kanpalekua; han siriar gudari-talde bat bildu zitzaion. 40 Judasek, berriz, Adasan ezarri zuen berea hiru mila gizonekin. Eta otoitz hau egin zuen: 41 «Asiriarren errege Senakeribek bidalitako haiek zure kontra biraoka jardun zutenean, zure aingeruak etorri eta haietako ehun eta laurogeita bost mila lagun hil zituen. 42 Orain ere, bada, desegin ezazu aurrean dugun gudaroste hori. Eta bizirik geldi daitezenek jakin bezate, Nikanorrek biraoak bota dituela zure tenpluaren kontra. Zigor ezazu merezi duen heinean». 43 Adar hilaren hamahiruan ekin zioten bi gudarosteek borrokari. Nikanorren gudarostea menperatua gertatu zen, eta Nikanor bera hil zen lehena. 44 Nikanor hila zela ikusirik, haren gudariek armak bota eta ihes egin zuten. 45 Juduak haien ondoren ibili ziren egun osoko bidean, Adasatik Gazararaino, haien atzetik turutaz deiadar eginez. 46 Judu-herrixketako jendeak, atera eta ihesi zihoazenak inguratuz, batzuei besteen kontra bultza egin zien. Denak hil ziren ezpataz; ez zen bat ere gelditu. 47 Juduek ondasunak harrapakin gisa hartu, Nikanorri burua eta eskuineko eskua
-harrokeriaz luzatu zuen hura
- moztu eta Jerusalemera eraman zituzten, erakusteko.
48 Herriak, bozkarioz beterik, jai handia egin zuen egun hartan. 49 Eta egun hura, Adar hilaren hamahirua, urtero ospatzea erabaki zuten. 50 Ondoren, alditxo batez bakea izan zuten Judea herrialdean.

Erromatarrei gorazarrea


8. atala[aldatu]

1 Heldu zen Judasengana erromatarren entzutea: gudari indartsuak omen ziren, ongi hartzen omen zituzten berengana biltzen zirenak eta laguntasun bila joaten zitzaizkienei adiskidetasun-hitza ematen omen zieten. Gudari indartsuak ziren benetan. 2 Eta adierazi zioten Judasi nolako gerrak eta egintza handiak zituzten galaziarren artean, nola menperatu zituzten eta zergapeko egin, 3 zenbat saiatu ziren Espainiako zilar- eta urre-meatzak berenganatzeko. 4 Beren trebetasun eta kemenari esker jabetuak ziren herrialde hartaz guztiaz, beraienetik oso urruti egon arren. Lurraren azken mugetatik erasotzera etorritako erregeak ere menperatu eta erabat deseginik utziak zituzten; beste batzuek urtero zergak ordaindu behar zizkieten. 5 Filipo eta Pertseo, Mazedoniako erregeak, ere menperatuak zituzten, bai eta kontra joan zitzaizkien beste guztiak ere.

6 Antioko Handia, Asia Txikiko erregea, erromatarrak borrokatzera joan zen behinola, ehun eta hogei elefante, zalditeria, gudu-gurditeria eta gudaroste handi batekin. Erromatarrek, ordea, menperatu egin zuten. 7 Bizirik harrapatu zutelarik, zerga handiak ordaintzera eta presoak ematera behartu zituzten bera eta beraren ondorengoak. 8 India, Media eta Lidia, bere erreinuko eskualderik ederrenak ere, kendu eta Eumene erregeari eman zizkioten. 9 Erromatarrak suntsitzera joatea pentsatu zuten greziarrek. 10 Erromatarrek, ordea, hori jakitean, greziarren kontra gudalburu bakarra bidali, eraso eta greziar asko hil zuten. Haien emazte eta haurrak gatibu eraman zituzten, ondasunak ostu eta herrialdea menpean hartu zuten; gotorlekuak xehatu eta esklabo egin zituzten gaurdaino. 11 Eta noizbait aurre egin izan zieten beste erreinu eta uharteak ere hondatu eta menpeko egin zituzten. Beren adiskideekin, aldiz, eta beraiengan babesten zirenekin adiskide gisa jokatzen zuten. 12 Menperatuak zituzten beren inguruetako nahiz urrutiko erregeak. Erromatarren izena entzuten zutenak ikaratu egiten ziren.

13 Erromatarrek erregetza eskuratzen laguntzen dietenak izan ohi dira errege, eta beraiek nahi dituztenak bota egiten dituzte errege-aulkitik. Agintearen gorenean daude. 14 Hala eta guztiz, erromatar batek ere ez du bere burua errege izendatzen, ez eta purpuraz janzten ere aginpidea handitzeko; 15 baizik eta legebiltzarra antolatu dute eta egunero etengabe hirurehun eta hogei legebiltzarkide hizketatzen dira herriko arazoez, dena egoki eratzeko. 16 Urtean gizon bati eman ohi diote, beraiek eta inperio osoa gobernatzeko agindua. Denek egiten dute gizon horren esana, ikusezinik eta inbidiarik gabe.

Juduek hitzarmena egin erromatarrekin


17 Akos-en apaiz-senitartekoa zen Joanen seme Eupolemo eta Eleazarren seme Jason hautatu zituen Judasek Erromara bidaltzeko, erromatarrekin adiskidetasun- eta elkargo-hitzarmena egin zezaten, 18 gainean zuten uztarria astindu nahirik. Izan ere, ikusten zuten greziarren aginteak morrontzapean zanpatua zuela Israel. 19 Hala, bide luzea eginik, Eupolemo eta Jason Erromara heldu ziren. Legebiltzarrean sartu eta hitza hartu zuten: 20 «Judas Makabearrak, beronen anaiek eta judu-herriak bidali gaituzte zuengana, zuekin elkargo- eta bake-hitzarmena egitera, eta zeuen aldekotzat hartu eta adiskideen artean sar gaitzazuen eskatzera». 21 Ongi iruditu zitzaien eskabidea legebiltzarkideei 22 eta, brontzezko oholetan idatzirik, gutuna igorri zuten Jerusalemera, bake- eta elkargo-agiri izan zedin. Hona zer zioen gutunak: 23 «Bihoakie ongi erromatarrei eta judu-herriari betiko, bai itsasoan, bai lehorrean! Urrun bekizkie ezpatak eta etsaiak! 24 Baina erromatarren kontra nahiz berauen edozein adiskideren kontra, Erromaren menpeko edozein tokitan, gerrarik sor baledi, 25 judu-herriak borroka egin beharko du bihotz osoz, momentuko egoeraren arabera. 26 Ez diezaiela garirik, ez armarik, ez dirurik, ez itsasontzirik eman erromatarren etsaiei. Horrela erabaki du Erromak. Bete bezate hitz emandako guztia, ordainetan deus ere hartu gabe. 27 Era berean, gerra judu-herriaren kontra baledi, erromatarrak beraren alde borrokatuko dira gogo osoz, momentuko egoeraren arabera. 28 Ez diete garirik, ez armarik, ez dirurik, ez itsasontzirik emango juduen etsaiei. Horrela erabaki du Erromak. Bete bezate hitz emandako guztia marrokeriarik gabe. 29 Hauxe da erromatarrek eta judu-herriak elkarrekin egin duten hitzarmena. 30 Gerora bai batzuek, bai besteek zerbait erantsi edota kendu nahi izango balute, elkarrekin bat etorriz egin beharko dute, eta orduan erantsia nahiz kendua baliozkoa izango da.

31 «Demetrio erregeak egin dizkizuen kalteei buruz, honako hau idatzi diogu: Zergatik ezarri diezu halako uztarri astuna gure adiskide eta gudu-lagun diren juduei? 32 Zutaz berriro inolako kexurik baldin badute, beraien alde aterako gara eta gerra eginen dizugu, bai itsasoz, bai lehorrez».

Judas Makabearra guduan hil


9. atala[aldatu]

1 Nikanor eta beronen gudarostea hondatuak zeudela jakitean, Bakides eta Alkimo bidali zituen berriro Demetrio erregeak, gudarostearen eskuineko sailarekin. 2 Galgalarako bidea harturik, Arbela hiriaren inguruan dagoen Mesalot setiatu zuten. Eta, hartaz jabeturik, jende asko hil zuten. 3 Ehun eta berrogeita hamabigarren urteko lehen hilean Jerusalemen aurrean ezarri zuten kanpalekua. 4 Handik, hogei mila gizon eta bi mila zaldizkorekin, Berea hirirantz jo zuten. 5 Judasek Elasan zuen ezarria bere kanpalekua, eta aukerako hiru mila gizon zituen berekin. 6 Baina etsaiak zein ugari ziren ikustean, askok, beldurrak jota, alde egin zuen kanpalekutik; zortziehun gizon baizik ez ziren gelditu. 7 Ikusi zuen Judasek bere gudarostea ahuldua zegoela eta gudua gainean zuela; baina ez zuen astirik berriro biltzeko. Orduan, bihotza lur joa gelditu zitzaion. 8 Lur joa egon arren, esan zien gelditu zitzaizkion gizonei:


-Jaiki! Goazen etsaien kontra; ea aurre egin diezaiekegun.

9 Gizonek, ordea, atzera eragin nahiz, esan zioten:


-Ezin dugu, gutxi gara eta. Orain, salba dezagun bizia! Gero, lagunak hartu eta itzuliko gara etsaiei aurre egitera.

10 Judasek ihardetsi zien:


-Inola ere ez dut ihes egingo! Hiltzeko ordua heldu bazaigu, hil gaitezen adore osoz geure senideen alde, gure izen ona zikintzen utzi gabe.

11 Etsaien gudarostea kanpalekutik atera eta juduei erasotzeko prestatu zen. Zalditeria bi taldetan banatua zuten; habailariak, arkulariak eta gizonik adoretsuenak gudarostearen aurrealdean zetozen. Bakides, berriz, eskuinaldean. 12 Gudari-saila bi aldeetatik hurbildu zitzaien juduei, turutak joz; Judasen taldekoek ere jo zituzten berenak. 13 Lurra dardaratu egin zen bi gudarosteen zarata-hotsez. Ekin zioten guduari eta borrokan jardun zuten egunsentitik ilunabarreraino.

14 Bakides eta beronen gudari-talderik hoberenak eskuinaldean zirela ikusirik, Judasek, bere gizonik ausartenekin, 15 eskuineko gudari-sail hura menperatu eta pertsegitu egin zuen Azotoko muinoraino. 16 Alabaina, eskuineko gudari-saila menperatua zela ohartzean, ezkerreko sailekoek Judas eta beronen gizonen ondoren joan eta eraso egin zieten. 17 Borroka izugarria izan zen eta gizon asko erori zen hilik, alde bateko nahiz besteko. 18 Judas ere hila gertatu zen; gainerakoek ihes egin zuten.

19 Jonatanek eta Simonek beren anaia Judasen gorpua hartu eta Modin hirian ehortzi zuten, gurasoen hilobian. 20 Israel osoak egin zuen negar eta dolu handia Judasengatik; anitz egunez ari izan ziren hiletak jotzen, esanez: 21 «Erori da adoretsua, Israel salbatzen zuena!»

22 Judasen gainerako jardunak, guduketak, egintza handiak eta ospea eman zioten gorabeherak oso ugari izan zirenez, ezin dira denak idatziz eman.

JONATANEN EGINTZAK

Bakidesek Israel herria zanpatu


23 Judas hiltzean, Israel osoan legegabeko jendea agertzen hasi zen eta gaizkileek burua jaso zuten. 24 Eta garai haietan gosete izugarria zegoenez, jendea haien alde jarri zen. 25 Orduan, lege-ukatzaile haietarik batzuk aukeratu eta herrialdeetako buruzagi ezarri zituen Bakidesek. 26 Buruzagi haiek Judasen aldekoak arreta handiz bilatu eta, galdeketak egin ondoren, Bakidesengana eraman ohi zituzten, eta Bakidesek iraindu eta zigortu egiten zituen. 27 Profetak desagertu zirenez geroztik ez zen izan Israelen hura adinako larrialdi handirik.

Jonatan abertzaleen buruzagi


28 Orduan, Judas Makabearraren lagun guztiek bildu eta esan zioten Jonatani: 29 «Zuen anaia Judas hilez geroztik ez dugu hura bezalako gizonik izan etsaiari kontra egiteko, hau da, Bakidesi eta gure herria gorroto dutenei kontra egiteko. 30 Zu hautatzen zaitugu gaur, haren ordezko buruzagi eta gidari izan zaitezen egin behar ditugun borroketan».

31 Une hartan hartu zuen Jonatanek buruzagitza, bere anaia Judasen ondorengo bezala.

32 Hori jakitean, Jonatan hil nahian zebilen Bakides. 33 Jonatanek, anaia Simonek eta berauen aldeko guztiek, hori adierazi zietenean, Tekoako basamortura ihes egin zuten. Asfarreko urtegi ondoan ezarri zuten kanpalekua.

34 Larunbat batez izan zuen Bakidesek ihesi horren berri, eta Jordan ibaiaz bestaldera igaro zen bere gudaroste osoarekin.

35 Tresneria ugari zeramaten Jonatanek eta beronen taldekoek. Orduan, jende-taldearen gidari zen Joan bere anaia nabatearrengana, bere adiskideengana, bidali zuen Jonatanek, tresneria hura beraien artean uzteko baimen eske. 36 Baina Janbriren leinukoek, Madabakoek, eraso, Joan bera eta zeraman guztia bahitu eta harrapakinekin ihes egin zuten. 37 Aldi baten buruan, Jonatani eta anaia Simoni jakinarazi zieten: «Janbriren leinukoak eztei-jai handia egitekotan dira. Emaztegaia, Kanaango handikietako baten alaba, Nadabatetik dakarte jende-talde handi batekin». 38 Beren anaia Joan nola hil zuten oroiturik, Jonatan eta Simon mendira igo ziren eta bihurgune batean gorde. 39 Orduan, senargaia ikusi zuten bere adiskide eta ahaideekin beste taldearengana zetorrela, danbolinak joz eta kantari, musika-tresna asko eramanez, lagun-talde handi eta zaratatsu baten artean. 40 Jonatanek eta Simonek, beren gordelekutik atera, eraso eta sarraskitu egin zituzten. Jende asko hil zuten, eta bizirik geldituak mendira joan ziren ihesi. Jonatan eta beronen gizonak harrapakinez jabetu ziren. 41 Horrela, eztei-jaia hileta bihurtu zen, eta kantu-soinuak negar-zotin. 42 Beren anaiaren odola mendekatu ondoren, Jonatan eta Simon Jordango bazter zingiratsuetara joan ziren.

Jordan ibai-ertzeko gatazka


43 Hori jakitean, larunbat batez Bakides Jordan ibai-ertzera etorri zen gudari-talde handi batekin. 44 Jonatanek bere gizonei esan zien: «Izan adore! Borroka gaitezen bizia salbatzeko, gaur ez baita lehengo konturik. 45 Aurrean eta atzean etsaia dugu, saihets batean Jordango urak eta bestean zingirak eta sastrakak. Ez dugu ihesbiderik. 46 Egin deiadar Jainkoari, etsaien eskuetatik salba gaitzan».

47 Ekin zioten, beraz, borrokari. Jonatanek besoa luzatu zuen Bakides zauritzeko; Bakidesek, ordea, saihestu eta atzera egin zuen. 48 Orduan, Jonatan eta lagunak, Jordanera jauzi egin eta igerian heldu ziren beste aldera. Etsaiek, aldiz, ez zuten igaro ibaia juduen atzetik joateko. 49 Egun hartan, Bakidesen gudarosteko mila lagun inguru hil ziren.

Bakidesek beste gotorleku batzuk eraiki


50 Jerusalemera itzulirik, zenbait gotorleku eraiki zuen Bakidesek Judean: Jerikon, Emausen, Bet-Horonen, Betelen, Tamnatan, Faratonen eta Tefonen. Harresi garaiak eginarazi zituen, eta ateak eta morroiloak ipini. 51 Gotorleku bakoitzean gudari-talde bat utzi zuen, noizean behin Israeli erasotzeko. 52 Bet-Sur eta Gazara hiriak eta Jerusalemgo gotorlekua ere sendotu zituen, beraietan gudari-taldeak eta janari-biltegiak eratuz. 53 Gero, inguru haietako jauntxoen semeak bahituran hartu eta Jerusalemgo gotorlekuan preso sartu zituen.

Alkimoren heriotza


54 Ehun eta berrogeita hamahirugarren urteko bigarren hilean Alkimo apaiz nagusiak tenplu barruko atariko horma botatzeko agindu zuen, horrela profeten lana hondatuz. 55 Baina, botatzen hasi ziren orduan, gaitzak jo zuen Alkimo eta utzi egin behar izan zituzten botatze-lanak. Ahoa itxi eta gogortu egin zitzaion. Hitzik gabe gelditu zen eta bere azken borondatea ere ezin izan zuen adierazi. 56 Azkenean, oinaze bizitan hil zen Alkimo. 57 Hori ikustean, erregeagana itzuli zen Bakides. Horrela, Judea herrialdea lasai bizi izan zen bi urtez.

Bakidesekin beste gatazka bat


58 Legegabeko jendeak bildu eta zioen: «Jonatan eta lagunak lasai bizi dira, ezeren susmo txarrik gabe. Etorraraz dezagun orain Bakides eta atzeman ditzala denak gau batean». 59 Eta Bakidesengana joan ziren horretaz hitz egitera. 60 Atera zen Bakides gudari-talde handi batekin, eta Judeako bere lagun guztiei isilkako idazkia bidali zien, Jonatan eta lagunak harrapatzeko eskatuz. Baina ezin izan zuten, jakin egin baitzen haien asmoa. 61 Ordainez, azpijoko hartan buru izan ziren inguru haietako berrogeita hamar gizon harrapatu eta hil egin zituzten Jonatanen aldekoek. 62 Gero, Jonatan, Simon eta lagunak basamortura joan ziren, Bet-Basi izeneko hirira; hondatua zegoena berreraiki eta gotortu egin zuten.

63 Hori jakitean, Bakidesek bere gudarostea bildu eta dei egin zien Judean zituen lagunei. 64 Bet-Basira heldurik, inguratu eta eraso egin zion egun askotan, gudu-tramankuluak erabiliz. 65 Anaia Simon hirian utzirik, Jonatanek irtenalditxo bat egin zuen gudari-talde txiki batekin eta herrialdean zehar ibili zen. 66 Odomera eta beronen ahaideak menperatu zituen, bai eta Fasironen leinukoak ere beren oihal-etxoletan. Ondoren, Bet-Basi inguratua zuten etsaiei erasotzen hasi ziren, gudari artetik aurrera eginez. 67 Orduan, Simonek eta lagunek hiritik atera eta su eman zieten gudu-tramankuluei.

Bakidesek eta Jonatanek bakeak egin


68 Horrela borrokatu ziren Bakidesen kontra, eta garaitu egin zuten. Bakides erabat lur joa gelditu zen, beraren asmo eta erasoek porrot egin zutelako. 69 Eta biziki haserretu zen legegabeko gizon haiekin, haiek etorrarazi baitzuten lurralde hartara, eta haietarik asko hil zuen. Gero, bere herrira itzultzea erabaki zuen. 70 Hori jakitean, mandatariak bidali zizkion Jonatanek

Bakidesi, bakeak egitera eta presoak itzultzera gonbidatuz. 71 Ontzat hartu zuen hori Bakidesek eta Jonatanek zioena bete. Eta zin egin zuen, biziko zen bitartean ez ziola gehiago kalterik egingo. 72 Lehendik Judean harrapatutako presoak itzuli zizkion, eta bere herrialdera joan zen. Ez zen gerora inoiz ere itzuli juduen lurraldera. 73 Aurrerantzean bakea izan zen Israelen. Makmas hirian finkatu zen Jonatan eta herria gobernatzen hasi. Gaizkileak desagerrarazi egin zituen Israeldik.

Demetrio I.ak Jonatanekin elkartu nahi


10. atala[aldatu]

1 Seleukotarren agintaldiko ehun eta hirurogeigarren urtean Antiokoren seme Alexandro Epifanes itsasoz etorri eta Ptolemaida hiriaz jabetu zen. Eta ongi hartu zutenez, errege izaten hasi zen bertan. 2 Horren berri izatean, gudaroste handia hartu eta haren kontra gudukatzera abiatu zen Demetrio erregea. 3 Adiskide-gutuna bidali zion Jonatani, handietsi egingo zuela hitz emanez. 4 Izan ere, bere baitan zioen: «Egin ditzagun lehenbailehen bakeak juduekin, Jonatanek Alexandrorekin gure kontra egin baino lehen; 5 izan ere, oraindik oroituko da zenbat kalte egin diegun berari, beraren anaiei eta herri osoari». 6 Horrela, bada, gudarostea antolatzeko eta armak egiteko ahalmena eman zion Demetriok Jonatani. Gudu-lagun izateko hartu zuen eta Jerusalemgo gotorlekuan zeuden presoak berari emateko agindu.

7 Jerusalemera joan eta herri osoak eta gotorlekuan zeudenek entzuteko eran irakurri zuen Jonatanek gutuna. 8 Gudarostea biltzeko erregeak ahalmena eman ziola entzutean, beldurtu egin ziren gotorlekukoak 9 eta bertan preso zeuzkaten bahituak Jonatani eman zizkioten; honek, gero, beren gurasoei itzuli zizkien. 10 Jonatan Jerusalemen gelditu zen bizitzen eta hiria berreraiki eta berriztatzen hasi. 11 Harresiak eraiki eta Sion mendia harlanduz inguratu eta gotortzeko agindu zien lan-arduradunei. Eta halaxe egin zuten. 12 Bakidesek eraikitako gotorlekuetan zeuden atzerritarrek ihes egin zuten, 13 beren gudari-postuak utzirik, eta nor bere herrialdera joan zen. 14 Hala ere, gelditu ziren Bet-Surren Jainkoaren legea eta aginduak gutxiesten zituzten batzuk, hiri hura babes-hiri zelako.

Jonatan apaiz nagusi izendatu


15 Jakin zuen Alexandro erregeak nolako eskaintza egina zion Demetriok Jonatani, bai eta nolako egintza handiak egin eta nolako nekeak jasan izan zituzten ere Jonatanek eta anaiek. 16 Eta esan zuen Alexandro erregeak: «Aurki ote dezakegu horrelako beste gizonik? Egin dezagun geure adiskide eta gudu-lagun». 17 Eta honako gutun hau idatzi zion: 18 «Alexandro erregeak bere anaia Jonatani, agur! 19 Jakin dugu gizon ausarta zarela eta merezi duzula gure adiskide izatea. 20 Beraz, gaurtik aurrera zeure herriko apaiz nagusi eta erregearen adiskide izendatzen zaitugu. Zu, berriz, jar zaitez gure alde eta izan gure adiskide». Gutunarekin batera, purpurazko soingainekoa eta urrezko koroa igorri zizkion. 21 Ehun eta hirurogeigarren urteko zazpigarren hilean, Etxola Jaian, hartu zituen Jonatanek soinean apaiz-jantziak. Gero, gudari-taldea bildu zuen eta arma ugari prestatu.

Demetrio I.ak beste eskaintza berriak egin Jonatani


22 Hori jakitean, atsekabeturik, esan zuen Demetriok: 23 «Zer egin ote dugu, Alexandrok guri aurrea hartu eta juduen adiskidetasuna eta laguntza berak lortzeko? 24 Neuk ere idatzi beharko diet, lausengatuz eta goi-mailako karguak eta emaitzak eskainiz, beren laguntasuna eman diezadaten». 25 Eta hau idatzi zien: «Demetrio erregeak judu-herriari, agur! 26 Pozez jakin dugu gorde duzuela gurekin egin zenuten hitzarmena eta gure adiskide izaten iraun duzuela, gure etsaien aldera aldatu gabe. 27 Jarrai ezazue gurekin leial izaten, eta on eginez sarituko dizuegu gure alde egina. 28 Zerga asko kenduko dizuegu eta mesede ugari egingo. 29 Oraindanik, zergak ordaintzetik libre uzten zaituztet: bai gatzaren, bai koroaren zerga kentzen dizuet judu guztioi. 30 Gainera, gaurtik aurrera, uko egiten diot, betiko, zegozkidan uztaren herena eta zuhaitzetako fruituen erdia hartzeari. Eta hori, Judean ez ezik, beroni atxiki zaizkion Samaria eta Galileako hiru eskualdeetan ere bai.

31 «Santua izanen da Jerusalem, eta hamarrenak eta zergak ordaintzetik libre, bai eta beraren lurralde osoa ere. 32 Uko egiten diot Jerusalemgo gotorlekuaren gain dudan aginteari eta apaiz nagusiari damaiot; berak hautaturiko gudariak jar ditzake bertan, gotorlekua defendatzeko. 33 Judeatik nire erreinuko edozein tokitara gatibu eramaniko judu orori askatasuna itzultzen diot, ordainketa egin beharrik gabe. Ez du inork zergarik ordaindu beharrik izango, ez eta abereenik ere. 34 Jaiegun, larunbat eta ilberri-jaietan nire erreinuko juduek ez dute zergarik ordaindu beharrik izango, ez eta agindutako jaiegun horien aurreko eta ondoko hiru egunetan ere. 35 Ez du inork baimenik izango juduei kontuak eskatzeko, ez eta inolako arazorengatik eragozpenik jartzeko ere. 36 Erregearen gudarostean hogeita hamar milaraino judu sartuko dira, eta gainerako gudariek bezainbateko saria hartuko dute. 37 Haietarik batzuk erregearen gotorleku garrantzitsuenetan ipiniko dituzte eta beste batzuk erreinuan diren konfiantzazko postuetan. Ofizialak eta gudalburuak juduen artetik hautatuak izanen dira eta beren legeen arabera jokatuko dute, erregeak Judea herrialderako agindua duenez. 38 Judeari atxiki zaizkion Samaria probintziako hiru eskualdeak geldi bitez Judeari atxikiak eta har bitza Judeak beretzat. Nagusi bakarra izanen dute; ez bezate apaiz nagusia beste agintaririk onar.

39 «Ptolemaida hiria eta beronen lurraldea Jerusalemgo santutegiari dohaintzat damazkiot, bertako kultu-gastuak ordaintzeko. 40 Neure aldetik, zilarrezko hamabost mila txanpon emango ditut urtero; erregearen zergadirutik hartuko dira, egoki zaizuen hirietan. 41 Nire administratzaileek aurreko urteetan ordaindu gabe utzitako diru-laguntzak, hemendik aurrera, tenpluko lanetarako emango dituzte, lehen egin ohi zen bezala. 42 Gainera, santutegiak dituen diru-sarreretatik urtero kentzen diren zilarrezko bost mila txanponak bertan diharduten apaizentzat uzten ditut. 43 Erregeari zergak zor dizkiolako nahiz beste edozein arazo duelako, Jerusalemgo tenpluan edota beronen barrutian norbait babesten bada, libre izango dira bai bera, bai nire erreinuan dituen ondasun guztiak. 44 Santutegia eraikitzeko nahiz konpontzeko gastuak erregearen kontura izango dira. 45 Jerusalem inguruko harresi eta gotorlekuen eraikitze-gastuak erregearen kontura izango dira, bai eta Judeako beste hirietako harresiak eraikitzearenak ere».

46 Eskaintza honen berri izatean, Jonatanek eta herriak ez zuten sinetsi nahi izan, ez eta aintzakotzat hartu ere, oroitzen baitziren Demetriok Israeli egindako kalte izugarriez eta nolako atsekabeak ekarri zizkien. 47 Beraz, Alexandroren aldera jo zuten, bake-eskaintza egiten lehena izan baitzen. Eta harekin elkartu ziren betiko.

Demetrio hil


48 Alexandro erregea, gudaroste handia bildurik, Demetriori kontra egiteko prestatu zen. 49 Bi erregeek guduari ekin ziotelarik, Demetrioren gudarostea ihesi joan zen. Baina Alexandrok atzetik joan eta menperatu egin zuen. 50 Ilunabarrera arte borrokari gogor eutsi zion arren, egun hartan erori egin zen Demetrio.

Alexandrok eta Ptolomeok hitzarmena egin


51 Alexandrok mezulariak bidali zizkion Egiptoko errege Ptolomeori mezu honekin: 52 «Neure erreinura itzulirik, neure aurrekoen errege-aulkian eseri eta agintea hartu dut, Demetrio menperatu eta herrialdeaz jabetu ondoren. 53 Izan ere, gerra egin nion Demetriori eta, bera eta gudarostea garaitu ondoren, beraren errege-aulkian eseri naiz. 54 Izan gaitezen biok elkarren adiskide. Emadazu alaba emaztetzat; zure suhi izango naiz eta dagozkizun bezalako eskuerakutsiak egingo dizkizuet bai zuri, bai alabari». 55 Ptolomeo erregeak erantzun zion: «Zorionekoa, zeure aurrekoen erreinura itzuli eta beraien errege-aulkian eseri zareneko eguna! 56 Horra, egingo dizut idatziz eskatu didazuna. Baina zatozkit Ptolemaidara, elkar ikus dezagun eta zeure aitaginarreba izango nauzu, zeuk eskatu bezala».

57 Egiptotik atera eta Ptolemaidara heldu zen Ptolomeo bere alaba Kleopatrarekin. Ehun eta hirurogeita bigarren urtea zen. 58 Alexandro bidera atera zitzaion Ptolomeori eta honek bere alaba Kleopatra eman zion. Ezteiak Ptolemaidan izan ziren, erregeei dagokien bezalako ospe handiz.

Jonatan gobernari izendatu


59 Alexandro erregeak Jonatani idatzi zion, etortzeko eskatuz. 60 Ospe handiz inguratua joan zen Jonatan Ptolemaidara eta bi erregeekin egon zen. Haiei eta beraien adiskideei zilarra, urrea eta eskuerakutsi ugari eman zizkien. Horrela, haien begiko egin zen. 61 Orduan, lege-hausle batzuk, Israelgo satsa zirenak, elkar hartu eta erregeagana joan ziren, Jonatanen aurka salakuntzak egitera. Baina erregeak ez zien kasurik ere egin, 62 baizik eta Jonatani bere soinekoak erantzi eta purpuraz janzteko agindu zuen. Eta halaxe egin zuten. 63 Ondoren, bere alboan eserarazi eta agindu hau eman zien bere ofizialei: «Zoazte Jonatanekin hirira eta hots egin, ez dezala bera inork ere ezerengatik sala, ez eta gogaitu ere».

64 Erregearen aginduz Jonatan nola ohoratzen zuten eta purpuraz jantzia nola zebilen ikusirik, salatzaile guztiek ihes egin zuten. 65 Bere adiskiderik handienetako eginez eta gudalburu eta gobernari izendatuz ohoratu zuen erregeak Jonatan. 66 Orduan, Jonatan Jerusalemera itzuli zen bakean eta pozik.

Demetrio II.a Nikator Jonatanen aurka


67 Ehun eta hirurogeita bosgarren urtean Demetrio I.aren semea, Demetrio II.a, Kretatik bere arbasoen herrira etorri zen. 68 Hori jakitean, Alexandro erregea, oso nahigabeturik, Antiokiara itzuli zen. 69 Demetriok, berriz, Apolonio ezarri zuen Koele-Siria eskualdeko gobernari. Honek, gudaroste handia bildu ondoren, kanpalekua Jamnian ezarri eta mezu hau igorri zion Jonatan apaiz nagusiari: 70 «Zu zara guri kontra egiten digun bakarra. Zure erruz barre eta burla egiten didate. Zergatik agertzen zara hain indartsu mendietan gure aurka? 71 Zeure gudarosteagan halako konfiantza baldin baduzu, jaitsi lautadara guri kontra egitera eta han neurtuko ditugu indarrak. Hirietako gudariak neure alde ditut. 72 Galdetu eta jakingo duzu nor naizen eta nortzuk ditudan lagun. Guri ezin izango diguzuela eutsi diote lagun horiek; zuen arbasoak ere beren herrialdean bertan bi aldiz menperatuak izan baitziren. 73 Zuk ere ezin izango diozu eutsi halako zalditeria eta gudaroste handiari lautadan, ez haitzik, ez babeslekurik ez dagoen tokian».

Jonatanek Apolonio menperatu


74 Apolonioren hitzak entzutean, larritu egin zitzaion barrua Jonatani. Hamar mila gizon aukeratu eta abiatu egin zen Jerusalemdik; anaia Simon ere laguntzera joan zitzaion. 75 Jope hiriaren aurrean ezarri zuten kanpalekua. Hiri barruko bizilagunek, ordea, itxi egin zizkieten ateak, Apolonioren gudari-talde bat baitzegoen bertan. Baina juduek erasotzean, 76 hiriko jendeak, beldurraren beldurrez, ireki egin zizkien ateak eta Jonatan jabetu egin zen Jope hiriaz.

77 Horren berri izatean, hiru mila zaldizko eta gudaroste handiarekin Azoto hiriko bidea hartu zuen Apoloniok, handik igarotzeko itxurak eginez. Baina, aldi berean, lautadarantz jo zuen, konfiantza handia baitzuen bere zalditeria handiarengan. 78 Jonatan atzetik joan zitzaion Azotorantz, eta bi gudarosteek borrokari ekin zioten. 79 Apoloniok mila zaldizko utziak zituen atzean, ezkutuan. 80 Ohartu zen Jonatan atzean ere etsaiak zituela zelatan. Zaldizko haiek juduen gudarostea inguratu eta goizetik arratsera geziak jaurtikitzen ari izan zitzaizkion. 81 Hala ere, juduen gudarosteak sendo eutsi zion erasoari, Jonatanek agindu bezala. Azkenean, nekatu egin ziren etsaien zaldiak. 82 Simon, orduan, bere gudarostea atera eta etsaien kontra oldartu zen. Eta zalditeria leher egina zegoenez, menperatu eta ihes eragin zion. 83 Zalditeria lautadan barreiatu zen. Ihesi joanak Azotora heldu eta Dagonen jauretxean, beren idoloaren santutegian, sartu ziren, beren bizia salbatzeko asmoz. 84 Jonatanek, ordea, su eman zien Azotori eta inguruko herriei, eta harrapakinak hartu eta erre egin zuen Dagonen jauretxea, bertan babestu ziren guztiekin. 85 Zortzi milaren bat hil ziren ezpataz nahiz sutan kiskaliak.

86 Handik atera eta Askalon hiriaren aurrean ezarri zuen Jonatanek kanpalekua. Hiri hartakoak ongi etorria ohore handiz egitera atera zitzaizkion. 87 Gero, Jerusalemera itzuli zen Jonatan bere gizonekin, harrapakin ugari eramanez. 88 Honen guztiaren berri jakitean, Alexandro erregeak ohore handiagoa eman zion Jonatani 89 eta urrezko orratza bidali, erregearen ahaideei eman ohi zaiena bezalakoa. Gainera, Akaron hiriaren eta inguru guztiaren jabe egin zuen.

Ptolomeo IV.ak Alexandro Epifanes menperatu


11. atala[aldatu]

1 Egiptoko errege Ptolomeok itsasertzeko hondarra bezain ugari zen gudarostea bildu zuen, bai eta ontziteria ere. Alexandroren erreinuaz azpikeriaz jabetu eta bereari gehitzeko asmoa zuen. 2 Abiatu zen, bada, Siriarantz bake-itxuran. Hirietako jendea, ateak ireki eta bidera ateratzen zitzaion ongi etorria egitera, halaxe egiteko agindu baitzien Alexandro erregeak, Ptolomeo aitaginarreba zuenez. 3 Honek, ordea, hiri batean sartu bezain agudo, gudari-taldea uzten zuen bera zaintzen. 4 Azotora hurbildu zenean, Dagonen jauretxea erakutsi zioten, suak errea, hiria bera eta inguruak hondatuak, gorpuak han-hemenka barreiatuak, bai eta borrokan kiskalirik hil zirenen gorpuak ere, erregeak igaro behar zuen tokian metatuak. 5 Jonatanek egin zuena ere kontatu zioten, Ptolomeok gaitzetsiko zuelakoan; baina erregea isildu egin zen. 6 Jonatan, ospe handiz inguratua, Jopera joan zitzaion bila. Agurtu zuten elkar eta bertan eman zuten gaua. 7 Biharamunean, Eleutero izeneko ibairaino lagundu zion Jonatanek Ptolomeori; gero, Jerusalemera itzuli zen.

8 Ptolomeo erregea itsasaldeko Seleukiara bitartean zeuden itsas herriez jabetu zen. Bitartean, asmo gaiztoak egosten ari zen Alexandroren kontra. 9 Mezulariak bidali zizkion Demetrio erregeari, esatera: «Egin dezagun hitzarmena bion artean. Orain Alexandrok emazte duen neure alaba emango dizut eta zeure aitaren erreinuan errege izango zara. 10 Damu dut alaba berari eman izana, ni hil nahian ibili baita». 11 Alexandroren erreinua beretzat nahi zuelako zioen gezur gaizto hori. 12 Kendu zion, bada, alaba Alexandrori eta Demetriori eman; horrela, Alexandrogandik banandu egin zen eta agerian jarri zen bien arteko etsaigoa. 13 Antiokian sartu eta Asiako erregegoa hartu zuen eta bi erreinuetako koroaz jabetu: Egiptokoaz eta Asiakoaz.

14 Alexandro erregea, aldi hartan, Zilizian zen, eskualde hartako bizilagunak asaldatu egin baitzitzaizkion. 15 Ptolomeok egin zuenaren berri jakitean, beraren kontra borrokatzera etorri zen; baina Ptolomeok, gudaroste handi batekin aurre egin eta menperatu egin zuen. 16 Alexandro Arabiara joan zen ihesi, babes bila, eta Ptolomeo garaile gertatu zen. 17 Zabdiel zeritzan arabiar batek Alexandrori lepoa moztu zion eta burua Ptolomeori bidali. 18 Bi egunen buruan, ordea, Ptolomeo ere hil egin zen. Orduan, gotorlekuetako jendeak hil egin zituen Ptolomeok jarritako gudari-taldeak. 19 Demetrio, berriz, errege izaten hasi zen. Seleukotarren agintaldiko ehun eta hirurogeita zazpigarren urtea zen.

Demetrio II.a juduen alde


20 Aldi hartan, Judeako gudariak bildu zituen Jonatanek Jerusalemgo gotorlekuari erasotzeko. Gudu-tramankulu ugari eraiki zuen horretarako. 21 Baina, beren herria gorroto zuten lege-hausle batzuk erregeagana joan eta Jonatan Jerusalemgo gotorlekuari erasoka ari zitzaiola salatu zioten. 22 Hori entzutean, Demetrio erregea, biziki haserreturik, abiatu eta Ptolemaida hirira etorri zen. Gotorlekua inguratzeari utzi eta Ptolemaidara berarekin mintzatzera ahalbailehen etortzeko aginduz idatzi zion Jonatani. 23 Honek, berriz, hori jakitean, inguraketa jarraitzeko agindu zuen. Gero, Israelgo arduradun eta apaiz batzuk harturik, arriskuan jarri zuen bere burua. 24 Izan ere, zilar, urre, jantzi eta beste eskuerakutsi asko harturik, erregeagana joan zen Ptolemaidara. Erregeak onez hartu zuen. 25 Herritar legegabeko haiek Jonatanen kontra salakuntzak egin zituzten arren, 26 aurreko erregeek hartu izan zuten bezain ongi hartu zuen Demetriok: goraipatu egin zuen adiskide guztien aitzinean. 27 Apaizgo nagusian eta lehendik zituen kargu guztietan sendotu zuen Jonatan, eta bere adiskiderik handienen arteko egin. 28 Judea eta Samaria aldeko hiru eskualdeak zergak ordaindu beharretik libra zitzan eskatu zion Jonatanek erregeari; horren ordainetan, zortzi mila eta ehun kilo inguru zilar agindu zizkion. 29 Onartu zuen erregeak hori, eta gutun hau idatzi zion Jonatani arazo hauez guztiez:

30 «Demetrio erregeak bere anaia Jonatani eta judu-herri osoari, agur! 31 Gure senide Lastenesi zuei buruz idatzi diogun gutunaren kopia bidaltzen dizuegu, jakin dezazuen: 32 <Demetrio erregeak Lastenes bere kontseilariari, agur! 33 Gureganako duen jarrera onarengatik judu-herriari mesede egitea erabaki dugu, adiskide baitugu eta zuzen jokatzen baitu gurekin. 34 Judea lurralde osoaren eta Aferema, Lida eta Ramataim hiru eskualdeon jabe direla baiezten dugu. Samariari kenduak eta Judeari erantsiak dira eskualde horiek, beren inguruekin. Jerusalemen sakrifizioak eskaintzen dituztenen mesedetan egin zen hori, erregeak haiei urtero kendu ohi zizkien lurraren nahiz fruta-arbolen emaitzei buruzko zergen ordainetan. 35 Bestalde, hemendik aurrera barkatu egiten dizkiegu guri dagozkigun beste hartzekoak: hamarrenak, zergak eta gatzagei eta koroari dagozkienak. Barkatu egiten diegu hau guztia. 36 Aurrerantzean ez beza inork indargabe utzi erabaki hauetako bat ere inoiz. 37 Saia zaitez, beraz, erabaki hauen kopia egin eta Jonatani ematen, mendi santuan denek ikusteko eran ezartzeko> ».

Gudarostea Demetrio II.aren aurka


38 Bere agintepean herrialdea bakean zegoela eta inork ere kontra egiten ez ziola ikusirik, Demetrio erregeak nor bere etxera bidali zituen gudariak, greziarren uharteetan bilduak zituen gudari arrotzak izan ezik. Hori zela-eta, aurreko erregeenak izaniko gudari-taldeak aurka jarri zitzaizkion. 39 Orduan, Trifonek, lehen Alexandroren aldeko izanak, gudariak Demetrioren aurka marmarrean ari zirela ikusirik, Imalkue arabiarragana jo zuen, hura ari baitzen Alexandroren seme Antioko hazten. 40 Mutikoa emateko eskatu zion, aitaren errege-aulkian ezartzeko. Demetrioren egintzen berri eman zion eta gudariek hari nolako gorrotoa zioten adierazi. Egun askotan egon zen han Trifon.

Jonatanek asaldatuak menperatu


41 Aldi berean, Jerusalemgo gotorlekuko eta beste gotorlekuetako gudari-taldeak kentzeko eskatu zion Jonatanek Demetriori, gudari-talde haiek beti gatazkan ari baitziren Israelen kontra. 42 Demetriok erantzun zion Jonatani: «Egingo dut hori zuregatik eta zure herriarengatik; gainera, ohorez beteko zaituztet zu eta zure herria, aukera izan bezain laster. 43 Baina orain, mesedez, bidal iezazkidazu gizonak nire alde borrokatzera, neure gudari-talde guztiek alde egin baitidate».

44 Jonatanek hiru mila gudari ausart bidali zizkion Antiokiara; haiek heltzean, poz handia hartu zuen erregeak. 45 Hiriko jendea, ehun eta hogeiren bat mila lagun, kalera atera zen asaldaturik, erregea hiltzeko asmoz. 46 Erregea jauregian gerizatu zen eta hiriko jendeak kaleak hartu zituen, gatazka hasiz. 47 Orduan, erregeak juduei dei egin zien, lagun ziezaioten. Juduak, lehenbizi, erregearen inguruan bildu ziren eta, gero, hirian barrena zabaldu. Egun hartan ehun mila lagun inguru hil zituzten, 48 hiriari su eman, harrapakin ugari hartu eta erregea salbatu zuten. 49 Juduek hiria beren gogora menperatua zutela ikustean, kikildu egin zen jendea eta oihuka eskatu zioten erregeari: 50 «Egin ditzagun bakeak eta utz diezaiotela juduek hiriaren kontra borrokatzeari». 51 Armak utzi eta bakeak egin zituzten. Juduek izen handia hartu zuten erregearen eta erreinuko jende guztiaren aurrean. Gero, harrapakin ugari berekin zeramatela, Jerusalemera itzuli ziren. 52 Demetriok sendotu egin zuen errege-aulkia eta herrialdea bakean gelditu zen beraren agintepean. 53 Demetriok, ordea, ez zion eutsi hitz emanari eta Jonatanen etsai bihurtu zen. Honek eginak zizkion zerbitzuak eskertu ordez, buruhauste asko eman zion.

Antioko IV.a Jonatanekin elkartu


54 Horren guztiaren ondoren, itzuli zen Trifon, Antioko mutikoa berekin zekarrela, eta errege izendatu Antioko eta koroa ezarri zioten. 55 Demetriok etxera bidalitako gudariak errege berriaren inguruan bildu ziren eta Demetrioren aurka borrokatu. Honek, menperatu zutelarik, ihes egin behar izan zuen. 56 Eta Trifon, elefanteez baliatuz, Antiokiaz jabetu zen.

57 Orduan, Antioko errege gazteak gutun hau idatzi zion Jonatani: «Zeure apaizgo nagusia berresten dizut. Lau eskualdeetako gobernari egiten zaitut, bai eta erregearen adiskideen arteko ere». 58 Urrezko ontziak eta mahai-hornidura osoa bidali zizkion, eta urrezko ontzietan edateko, purpuraz janzteko eta urrezko orratza eramateko baimena eman. 59 Eta Jonatanen anaia Simon gudalburu egin zuen, Tiroko Mailaditik Egiptoko mugaraino dagoen eskualderako.

Jonatanen eta Simonen konkistak


60 Eufrates ibaiaz mendebaldeko lurralde eta hirietan barrena joan zen Jonatan. Siriako gudaroste osoa bildu zitzaion, berarekin batera borrokatzeko. Askalon hirira heldu zenean, hango bizilagunek ongi etorri handia egin zioten. 61 Handik Gazara jo zuen, baina bertako bizilagunek itxi egin zizkioten ateak. Jonatanek inguratu egin zuen eta su eman inguruetako auzuneei eta lapurretak egin zituen beraietan. 62 Gazako jendeak eskaturik, bakeak egin zituen Jonatanek beraiekin; baina hango agintarien semeak bahitu eta Jerusalemera eraman zituen. Ondoren, lurralde osoan zehar ibili zen, Damaskoraino.

63 Jonatan bere kargutik botatzeko, Demetrioren gudalburuak Galileako Kedesera gudaroste handi batekin etorriak zirela jakitean, 64 Jonatan, herrialdea bere anaia Simonen ardurapean utzi ondoren, haien bila atera zen.

65 Simonek, Bet-Sur aurrean kanpalekua ezarririk, hiria inguratu eta egun askotan eraso zion. 66 Hirikoek eskaturik, bakeak egin zituen haiekin; baina, handik irtenarazi ondoren, hiria hartu eta gudari-taldea ezarri zuen bertan. 67 Jonatanek, bere aldetik, Genesaret aintziraren ertzean ezarri zuen kanpalekua eta, goizean goiz abiaturik, Asorreko lautadara heldu zen. 68 Orduantxe zetorren arrotzen gudarostea Jonatanen bila lautadan zehar, gizon batzuk mendian zelatan utzi ondoren. Jonatanek bere gudarostearekin aurrera egitean, 69 zelatan zeuden gizonek agertu eta borrokari ekin zioten, 70 baina Jonatanen gudari guztiek ihes egin zuten. Ez zen bat ere gelditu, bi gudalburu izan ezik: Absalomen seme Matatias eta Kalfiren seme Judas. 71 Jonatanek, soinekoak urraturik, burura hautsa bota eta otoitz egin zuen. 72 Gero, borrokari ekin zion eta, etsaiak garaiturik, ihes eragin zien. 73 Hori ikustean, ihesi joandako gizonak Jonatanengana itzuli eta etsaien ondoren joan ziren, berarekin batera, etsaiek Kedesen zuten kanpalekuraino. 74 Etsaien gudarosteko hiru mila gizon erori ziren egun hartan. Jonatan, berriz, Jerusalemera itzuli zen.

Jonatan Erroma eta Espartarekin harremanetan


12. atala[aldatu]

1 Egokiera ona zuela ikusirik, gizon batzuk hautatu eta Erromara bidali zituen Jonatanek, erromatarrekin zuten adiskidetasuna berretsi eta berritzera. 2 Esparta eta beste zenbait hiritara ere adiskidetasun-gutunak bidali zituen.

3 Jonatanen mezulariek, Erromara heldu eta legebiltzarraren aurrera joanik, esan zuten: «Jonatan apaiz nagusiak eta judu-herriak bidali gaituzte, lehendik beraiekin dituzuen adiskidetasuna eta gudu-lagun izateko hitzarmena berritzera». 4 Legebiltzarrekoek agiri bat eman zieten mezulari haiei, igaro behar zituzten herrialdeetako agintarientzat, Judeara bakean itzul zitezen.

5 Hona hemen Jonatanek Espartakoei idatzi zien gutunaren kopia: 6 «Jonatan apaiz nagusiak, herri-arduradunek, apaizek eta gainerako juduek Espartako beren senideei, agur! 7 Lehen ere idatzi zion zuen errege Areiok gutun bat Onias apaiz nagusiari, gure senide zinetela esanez. Hala ikus daiteke gutun honekin batera bidaltzen dizuegun kopian. 8 Oniasek ongi etorri handia egin zion zuen mezulariari, eta gudu-lagun izateaz eta adiskidetasunaz argi eta garbi mintzo zen gutuna ere hartu zuen. 9 Guk ez dugu halako hitzarmenen beharrik, geure liburu santuek indartzen baikaituzte. 10 Hala ere, zuei mandatariak bidaltzen saiatu gara, zuekin ditugun senidetasuna eta adiskidetasuna berritzeko, zuentzat arrotz gerta ez gaitezen. Izan ere, denbora asko da idatzi zenigutela. 11 Gu, geure aldetik, etengabe oroitzen gara beti zuetaz, jai eta beste egun jakinetan egin ohi ditugun opari-eskaintze eta otoitzetan. Izan ere, egoki da eta zuzen senideez oroitzea. 12 Pozten gara zuek ospetsu izateaz. 13 Gu, berriz, atsekabe eta gerra artean gabiltza, inguruetako erregeek eraso egin baitigute. 14 Baina borroka hauekin ez zaituztegu gogaitu nahi izan, ez zuek, ez gainerako gudu-lagunak eta adiskideak. 15 Izan ere, Jainkoarengandik datorkigu laguntza; berak libratu gaitu etsai guztiengandik, eta berauek menperatuak gertatu dira. 16 Orain, Antiokoren seme Numenio eta Jasonen seme Antipatro aukeratu eta erromatarrengana igorri ditugu, beraiekin lehendik genituen adiskidetasuna eta gudu-lagun izateko hitzarmena berritzera. 17 Zuengana ere joateko agindu diegu, zuei agur egitera eta gutun hau ematera, berritu egin nahi baitugu zuekiko senidetasuna. 18 Erantzun, mesedez, gutun honi».

19 Hona hemen Oniasi bidalitako gutunaren kopia: 20 «Areiok, espartarren erregeak, Onias apaiz nagusiari, agur! 21 Aurkitu dugun agiri batek dio, espartarrak eta juduak senide direla eta Abrahamen jatorrikoak. 22 Hau jakinik, idatz iezaguzue, mesedez, ongi zareten esanez. 23 Guk, geure aldetik, hau idazten dizuegu: Zuen abere eta ondasunak gureak dira eta gureak zuenak. Beraz, zuei honen guztiaren berri emateko agintzen dugu».

Jonatan eta Simon berriro gudura


24 Demetrioren gudalburuak, lehen baino gudari-talde handiagoarekin, borrokarako asmoz zetozkiola jakitean, 25 Jonatan Jerusalemdik Hamat herrialderantz abiatu zen haien bila, Judean sartzeko astirik eman gabe. 26 Eta ikerlariak bidali zituen etsaien kanpakelura. Itzultzean, jakinarazi zioten, gauez erasotzeko prestatzen ari zirela etsaiak. 27 Borrokan hasteko prest, gau guztian erne eta armak eskuetan zituztela egoteko agindu zien Jonatanek ilunabarrean bere gudariei. Eta gudari aurrelariak ipini zituen kanpalekuaren inguruan. 28 Etsaiek, ordea, Jonatan bere gudariekin borrokarako prest zegoela jakitean, izuturik eta beldurrez beterik, suak piztu zituzten beren kanpakeluan eta alde egin. 29 Baina Jonatan eta gudariak ez ziren egunsentira arte ohartu etsaiek ihes egin zutela, su haien distira ikusten baitzuten. 30 Joan zen Jonatan etsaien atzetik, baina ezin izan zituen atzeman, igaroa baitzuten Eleutero ibaia. 31 Orduan, Jonatanek zabdiar izeneko arabiarrei eraso, menperatu eta ondasunak kendu zizkien. 32 Gero, kanpalekua jaso eta Damaskora joanik, eskualde hartan barrena ibili ziren.

33 Simon ere, bere aldetik, abiatu eta Askalon eta inguruetako gotorlekuetara heldu zen. Ondoren, Jopera saihestu eta hartu egin zuen, 34 entzuna baitzuen hango bizilagunek Demetrioren aldekoei eman nahi zietela gotorlekua. Gudari-talde bat utzi zuen han Simonek, hiria zaintzeko.

Jerusalem gotortzeko lanak


35 Jerusalemera itzultzean, herriko arduradunek batzarrean bildu eta Judean gotorlekuak eraikitzea erabaki zuten. 36 Jerusalemgo harresiak handiago egitea eta hango gotorleku eta hiri artean horma handi bat egitea ere erabaki zuten; horrela, gotorlekua isolatua geldituko zen, eta gotorlekukoek ezin izango zuten ezer erosi, ez saldu. 37 Bildu ziren, beraz, Jerusalem berreraikitzeko; izan ere, ekialdeko harresia, Zedron errekara begira zegoena, eroria zegoen. Era berean, Kafenata izeneko auzunea ere berreraiki zuten. 38 Simonek, bere aldetik, Xefela lautadako Adida hiria berreraiki eta gotortu zuen, eta ateak eta morroiloak ipini zizkion.

Jonatan etsaien eskuetan erori


39 Trifonek Asiako errege izan nahi zuen, koroa jantzi eta Antioko erregea hil. 40 Baina beldur zen Jonatanek ez ote zion eragotziko eta gerra egingo. Horregatik, harrapatu egin nahi zuen eta hil. Abiatu zen, bada, eta Bet-San hirira heldu.

41 Jonatan ere, aukerako berrogei mila gudari berekin zituela, Trifonen bila abiatu zen eta Bet-Sanera heldu. 42 Jonatan gudaroste handiarekin zetorrela ikusirik, beldur izan zen Trifon Jonatani erasotzeko, 43 eta ohore handiz hartu zuen, bere adiskide guztiei aurkeztuz eta eskuerakutsiak eskainiz. 44 Gero, esan zion Jonatani: «Zergatik nekarazi duzu jende hau guztia, geure artean inolako gerrarik ez dugularik? 45 Bidal itzazu beren etxeetara, aukeratu gizon batzuk zuri lagun egiteko eta zatoz nirekin Ptolemaidara. Hiri hori, gainerako gotorlekuak, bertako gudari-taldea eta funtzionarioak emango dizkizut. Gero, ni joan egingo naiz, horretarako etorria naiz eta».

46 Sinetsi egin zion Jonatanek Trifoni eta, honek esan bezala, bidali egin zuen gudarostea Judeara, 47 berari lagun egiteko hiru mila gizon hartu ondoren. Hauetarik bi mila Galilean utzi zituen eta beste milarekin joan zen bera Ptolemaidara. 48 Baina Jonatan hirian sartu bezain agudo, hiritarrek ateak itxi, Jonatan harrapatu eta beronekin sartu ziren guztiak ezpataz hil zituzten.

49 Gero, Trifonek gudari-talde batzuk eta zalditeria bidali zituen Galileara eta Lautada Handira, Jonatanen aldekoak hondatzera. 50 Juduek, ordea, Jonatan eta beronekin zirenak harrapatu eta hil egin zituztela jakitean, elkar adoretu zuten eta lerro itxitan aurrera egin, borrokarako prest. 51 Juduak beren biziaren alde borrokatzeko prest zetozela ikusirik, erasotzaileek atzera egin zuten. 52 Horrela, judu-gudariak onik heldu ziren Judeara. Dolu egin zuten Jonatan eta beronen lagunengatik, eta beldur handiak hartu zituen denak. Israel osoak egin zuen dolu handia. 53 Orduan, inguruetako herri guztiek juduak suntsitu nahi izan zituzten. Hau zioten: «Ez dute buruzagirik, ez laguntzailerik, eraso diezaiegun, beraz, eta desagerrarazi horien oroitzapena jende artetik!»

SIMONEN EGINTZAK

Simon, juduen buruzagi


13. atala[aldatu]

1 Jakin zuen Simonek gudaroste handia bildua zuela Trifonek Judeako herrialdea hondatzera etortzeko. 2 Eta, judu-herria beldurrez dardar eta izutua zegoela ikusirik, Jerusalemera joan, jendea bildu 3 eta adoretu egin zuen, esanez: «Badakizue zenbat egin dugun nire anaiek, gure senitarteak eta neuk ere legearen eta santutegiaren alde. Badakizue zenbat gerra eta atsekabe ikusi behar izan dugun. 4 Horregatik hil dira nire anaia guztiak, Israelengatik. Neu bakarrik gelditzen naiz. 5 Larrialdi honetan ez nuke neure bizia salbatzeaz arduratu nahi, ez bainaiz neure anaiak baino hobea. 6 Alderantziz, mendekatu egingo ditut geure herria, santutegia eta zuen emazte eta seme-alabak. Izan ere, jentil-herri guztiek, gureganako gorrotoz, bat egin dute gu suntsitzeko».

7 Hitzaldi hau entzutean, herriaren espiritua suspertu egin zen 8 eta denek ahots handiz esan zioten Simoni: «Izan zaitez zu gure buruzagi, zure anaia Judas eta Jonatanen ordez. 9 Gida gaitzazu eta beteko dugu zure esana».

10 Orduan, Simonek gudari guztiak bildu zituen, Jerusalemgo harresiak bukatzeko lehiatu zen eta inguru guztian gotortu zuen. 11 Gero, Absalomen seme Jonatan Jopera bidali zuen gudari-talde handi batekin. Jonatanek bota egin zituen hiri hartako bizilagunak eta bertan gelditu zen bera.

Simonek Trifon uxatu


12 Gudaroste handi batekin abiatu zen Ptolemaidatik Trifon Judea herrialdean sartzeko asmoz. Jonatan zeraman berekin preso. 13 Simonek Adida hirian ezarri zuen kanpakelua, Xefela lautadaren aurrez aurre. 14 Beraren anaia Jonatanen ordez Simon zela buruzagi eta borrokari ekiteko prest zegoela aditzean, Trifonek mezulariak bidali zizkion, esatera: 15 «Karguan egon zen bitartean erregearen ondasunen kontura egin zituen zorrengatik daukagu bahitua zuen anaia Jonatan. 16 Bidal iezazkiguzu, beraz, bi mila eta zazpiehun kilo zilar eta Jonatanen bi seme bahituran, eta askatuko dugu. Ez dugu nahi, behin askatuz gero, gure kontra jar dadin».

17 Gezurretan ari zitzaizkiola igarri zien arren, bere herritarrak kontra jar ez zekizkion, dirua eta haurrak ekartzeko agindu zuen Simonek; 18 jendeak esan baitzezakeen: «Dirua eta haurrak bidali ez dituelako hil dute etsaiek Jonatan». 19 Bidali zituen, beraz, Simonek haurrak eta bi mila eta zazpiehun kilo zilar. Baina Trifonek ez zuen bete bere hitza eta ez zien askatu Jonatan. 20 Gero, gainera, lurralde hura hartu eta hondatzeko asmotan abiatu zen Trifon. Adorarako bidean zehar bira egin zuen; baina zihoan bide guztietara ateratzen zitzaion Simon, aurre egitera. 21 Bitartean, Jerusalemgo gotorlekukoek mezulariak bidali zizkioten Trifoni, basamortuan zehar, ahalbailehen beraiengana joateko eta janaria eramateko eskatuz. 22 Trifonek bere zalditeria osoa abiatzeko prestatu zuen; baina gau hartan izugarrizko elurtea bota zuen eta ezin izan zen joan. Orduan, Galaadera jo zuen. 23 Baskama hirira hurbiltzean, hil egin zuen Jonatan, eta bertan ehortzi zuten. 24 Gero, bere herrira itzuli zen Trifon.

Jonatan Modin hirian ehortzia


25 Simonek bere anaia Jonatanen gorpua ekarrarazi eta Modinen, beren gurasoen hirian, ehortzi zuen. 26 Dolu handia egin zion Israel osoak eta negar handiak egun askotan. 27 Simonek bere aita eta anaien hilobi gainean eraikuntza handi bat eginarazi zuen, urrutitik ikusteko erakoa, aurretik eta atzetik harlanduz egina. 28 Zazpi piramide ere eraiki zituen, bata bestearen ondoan, bere aita, ama eta lau anaien omenez. 29 Gero, apaindu egin zituen, inguruan zutabe garaiak eraikiz. Zutabeetan arma-sortak zizelkarazi zituen, betiereko oroigarri, eta haien ondoan itsasontziak, itsasoz zihoazenek ikus ahal izan zitzaten. 30 Halakoxe hilobia eginarazi zuen Simonek Modinen, eta han dago gaurdaino.

Simonek hitzarmena egin Demetrio II.arekin


31 Trifonek, Antioko errege gaztearen kontra azpikeriaz jokatuz, hil egin zuen. 32 Haren errege-aulkian eseri eta Asiako koroa hartu zuen, eta izugarrizko kaltea egin zion herriari. 33 Bitartean, Judeako gotorlekuak berreraiki egin zituen Simonek, dorre garaiz eta harresi handiz inguratu, ateak eta morroiloak ipini eta janaria bildu zuen beraietan. 34 Ondoren, gizon batzuk hautatu eta Demetrio erregeagana bidali zituen, juduen herrialdeari zergak ordaindu beharra barkatzeko eskatzera, Trifonek ostu besterik ez baitzien egin. 35 Demetrio erregeak, eskari horri erantzunez, honako gutun hau idatzi zion:

36 «Demetrio erregeak Simon apaiz nagusi eta erregeen adiskideari, arduradunei eta judu-herri osoari, agur! 37 Hartu ditugu bidali dizkiguzuen urrezko koroa eta palmadarra. Prest gaude zuekin erabateko bakeak egiteko, zergak ordaindu beharra ken diezazueten aginduz funtzionarioei idazteko ere bai. 38 Bego sendo zuen alde erabaki dugun guztia. Eta eraiki dituzuen gotorlekuak izan bitez zuenak. 39 Barkatzen dizkizuegu orain arte eginiko huts eta hobenak. Aurrerantzean ez dizuegu eskatuko zor diguzuen koroa, ez eta Jerusalemek ordaindu behar lukeen beste zergarik ere. 40 Zuen artekoren batzuk gure gudari-taldean sartzeko gai badira, eman bezate izena eta izan bedi bakea gure artean».

41 Seleukotarren agintaldiko ehun eta hirurogeita hamargarren urtean askatu zen Israel atzerritarren uztarpetik. 42 Handik aurrera, herriak honako data hau idatzi ohi zuen agiri eta hitzarmenetan: «Simon, apaiz nagusi handi, gudalburu eta juduen buruzagiaren lehen urtean».

Simonek Gazara hiria hartu


43 Egun haietan, Gazara hiria inguratu eta setiatu egin zuen Simonek bere gudarostearekin. Zurezko dorre higikorra egin eta, hirira hurbildurik, harresietako dorre bat eraitsi eta hartu egin zuen. 44 Dorre higikorreko gudariak salto egin eta hirian sartu ziren. Hango gizonak, erabat izutuak, 45 harresi gainera igo ziren beren emazte eta seme-alabekin, jantziak urraturik. Eta bakeak egiteko eskatu zioten oihuka Simoni. 46 Hau zioten: «Ez gaitzazu hartu gure gaiztakeriak merezi duenaren arabera, zeure errukiaren arabera baizik».

47 Simonek bakeak egin zituen haiekin eta ez zien gehiago eraso. Baina bota egin zituen hiritik eta garbiarazi idolorik zeukaten etxeak. Orduan sartu zen bera hirian, gorazarre eta gorespen-kantu artean. 48 Gauza kutsatu guztiak bota eta legea betetzen zuen jendea sarrarazi zuen hirian. Gero, hiria gotortu eta etxea eraiki zuen beretzat.

Simon Jerusalemgo gotorlekuaz jabetu


49 Etsaiak Jerusalemgo gotorlekuan zeuden kanpora atera ezinik, ez saltzera, ez erostera. Gose handia jasaten ari ziren eta jadanik jende asko goseak hila zen. 50 Haiek ere bakeak egiteko eskatu zioten Simoni, eta honek bakeak egin zituen. Gudariak handik bota eta bertako gauza kutsatuak kenduz, garbitu egin zuen gotorlekua. 51 Ehun eta hirurogeita hamaikagarren urteko bigarren hilaren hogeita hiruan egin zuten han sarrera gorespen-oihu artean, palmadarrez, harpa, txilin eta lira-soinuz lagundurik. Gorazarreak eta abestiak kantatuz zihoazen, etsai beldurgarri hura Israeldik bota ahal izan zutelako.

52 Egun hura urtero alaiki ospatzeko agindu zuen Simonek. Gero, gotorlekuaren ondoan dagoen santutegiko mendia gotortu zuen. Eta bertan bizi izan zen bere etxekoekin. 53 Eta bere seme Joan gizondua zela ikusirik, gudaroste osoaren buru egin zuen. Gazara hirian bizi izan zen Joan.

Demetrio II.aren heriotza


14. atala[aldatu]

1 Seleukotarren agintaldiko ehun eta hirurogeita bigarren urtean Demetrio erregea, bere gudarostea bildurik, Mediara abiatu zen, Trifonen kontra borrokatzeko laguntza bila. 2 Baina Pertsia eta Mediako errege Arsakek, Demetrio beraren lurraldean sartu zela jakitean, bere gudalburuetako bat bidali zuen Demetrio bizirik atzeman zezan. 3 Joan zen, bada, gudalburua, eta Demetrioren gudarostea menperatu eta atzeman egin zuen erregea. Gero, Arsakengana eraman zuen eta honek preso sartu.

Simonen goralpena

4 Judea herrialdeak bakea izan zuen Simonen egunetan. Bere herriaren ona bilatu zuen Simonek, eta herriak begi onez ikusi zituen beti haren agintaritza eta ospea. 5 Ospetsu izateaz gainera, Jope bere portu egin zuen eta greziar uharteetarako bidea ireki. 6 Bere herriaren mugak zabalagotu zituen eta herrialdeak menperatu. 7 Gatibu ugari herriratu zuen, Gazara eta Bet-Sur hiriez eta Jerusalemgo gotorlekuaz jabetu zen; gauza kutsatu guztiak kendu zituen handik. Ez zuen izan kontra egingo zionik. 8 Bakean lantzen zituzten beren alorrak, lurrak uzta ematen zuen eta lautadetako zuhaitzek fruituak. 9 Zaharrak, plazan eseririk, onaldiaz mintzatzen ziren, eta gazteek gudari-jantzi ederrak zeramatzaten. 10 Hiriak janariz hornitu zituen, eta gotorlekuak eginez babestu. Horrela, haren izena lurraren mugetaraino heldu zen. 11 Bakea ezarri zuen herrialdean, Israel bozkario handiz bete zen. 12 Nor bere mahatsondo eta pikuondoaren azpian eseri ohi zen, ez baitzituen inork kezkarazten. 13 Ez zen gelditu herrialdean erasoko zienik, haren egunetan menperatu egin baitzituzten erregeak. 14 Bere herriko jende xumea babestu zuen, legea betearazi, lege-hausle eta gaiztoak egotzi. 15 Santutegia ohoratu egin zuen eta bertako ontziak ugaritu.

Erroma eta Espartarekin hitzarmena berritu Simonek


16 Jonatan hil zela Erroman jakitean, nahigabe handia hartu zuten eta gauza bera Espartan ere. 17 Baina apaizgo nagusia eta herrialdeko eta hirietako agintaritza haren anaia Simonek hartu zituela jakitean, 18 brontzezko oholetan idatzi zioten, Simonen anaia Judas eta Jonatarekin eginak zituzten adiskidetasuna eta hitzarmena berritzeko. 19 Jerusalemen, batzarraren aitzinean irakurri zituzten gutunak. 20 Hona hemen espartarrek bidalitakoaren kopia: «Espartarren hiriak eta bertako agintariek Simon apaiz nagusiari, herri-arduradunei eta gainerako juduei, beren senideei, agur! 21 Gure herrira bidali dituzuen mezulariek adierazi digute zeinen ospetsu eta ohoragarri zareten. Poz handia eman zigun mezulari horiek etortzeak. 22 Herriko agirien artean sartu dugu haiek ekarritako txostena, honela dioena: <Juduen mandatari diren Numenio, Antiokoren semea, eta Antipatro, Jasonen semea, etorri zaizkigu, gurekin duzuen hitzarmena berritzera. 23 Gure herriari egoki iruditu zaio mandatari hauek ohorez hartzea eta horien mezua hiriko agirien artean sartzea, Espartako herriak horien oroitzapena izan dezan>. Agiri honen kopia atera dugu Simon apaiz nagusiarentzat». 24 Hauen guztien ondoren, Simonek Erromara bidali zuen Numenio, seiehun kilo pisatzen zuen urrezko babeski handi batekin, erromatarrekin ere hitzarmena berritzeko.

Judu-herria Simonen alde


25 Judu-herriak, horren guztiaren berri izan zuelarik, galdetzen zuen: «Nola eskertuko diegu Simoni eta beronen semeei? 26 Izan ere, bera, beraren anaiak eta aitaren senitartea ausarki borrokatu dira Israelen etsaien aurka, eta askatasuna ekarri diote». Eta, idazkun bat brontzezko oholetan grabaturik, Sion mendian ezarri zuten zutabe batzuetan. 27 Hona hemen idazkunak zioena: «Ehun eta hirurogeita hamabigarren urteko Elul hilaren hemezortzian, Simon apaiz nagusi handiaren hirugarren urtean, Asaramel-en, 28 apaizak, herria, herriko buruzagiak eta arduradunak batzarturik zeudela, honako hau adierazi ziguten: 29 Guduketa asko izan da lurralde honetan. Horietan guztietan, Matatiasen seme eta Joiarib apaizaren ondorengoetarikoa den Simonek eta senideek beren buruak arriskatu dituzte. Santutegiari eta legeari eustearren, aurre egin diete beren herriaren etsaiei. Horrela, ospe handia ekarri diote beren herriari. 30 Jonatanek batasuna eman zion herriari eta apaiz nagusi izatera heldu zen, hil arte. 31 Juduen etsaiek herrialdea hartu nahi izan zuten, dena errausteko eta santutegian lapurretak egiteko. 32 Baina, orduan, Simon jaiki zen bere herriaren alde borrokatzera. Bere ondasunetarik asko eralgi zuen herri-gudarostea armatzen eta gudari-saria ematen. 33 Judeako hiriak gotortu egin zituen, bai eta mugan dagoen Bet-Sur ere. Hiri hau lehen etsaien menpe egona zen, baina gero gudari-talde judua ezarri zuen Simonek bertan. 34 Itsasertzean dagoen Jope eta Azoto ondoan dagoen Gazara hiriak ere gotortu zituen. Azken honetan, lehen, etsaiak bizi ziren; baina Simonek juduak kokarazi zituen eta bizitzeko behar zuten guztiaz hornitu. 35 Simon zeinen leial zen eta nazioa goratzen nola saiatzen zen ikusirik, herriak buruzagi eta apaiz nagusi izendatu zuen. Horrela, eginiko lan guztiak, herriarentzat izaniko zuzentasuna eta leialtasuna eta herria goratzeko etengabe eginiko ahalegina eskertu nahi izan zizkioten. 36 Simonen egunetan lortu zuten arrotzak lurraldetik botatzea, bai eta Jerusalemen, Daviden Hirian, zeudenak ere. Hauek gotorlekua egina zuten eta bertatik irteerak egin ohi zituzten, santutegiaren inguruak kutsatzera eta beraren santutasuna iraintzera. 37 Judu-gudariak ezarri zituen Simonek gotorleku hartan eta sendotu egin zuen, hiria eta herrialdea zaintzeko; Jerusalemgo harresiak ere handiago egin zituen. 38 Honen guztiaren ondoren, Demetrio erregeak sendotu egin zuen Simon apaiz nagusi bezala, 39 bere adiskideen artean hartu eta ohorez bete. 40 Izan ere, jakin zuen Demetriok juduei adiskide, gudu-lagun eta senide esaten zietela erromatarrek, eta ohorez hartuak zituztela Simonen mandatariak. 41 Jakin zuen, orobat, juduei eta apaizei ongi iruditu zitzaiela Simon betiko buruzagi eta apaiz nagusi izendatzea, harik eta profeta fidagarriren bat agertu arte, 42 eta horregatik zutela gudalburu eta santutegiaren arduradun izendatua. Simonek izendatuko zituen santutegiko langile-buruak, herrialdeko administrazio-arduradunak, bai eta gudarostearen eta gotorlekuen arduradunak ere. 43 Denek egin behar zuten haren esana, haren izenean idatzi behar ziren herrialdeko agiri guztiak. Simon bera purpuraz jantziko zen eta urrezko bitxiz apainduko. 44 Inork ere, herritar nahiz apaiz, ezin izango du baztertu erabaki hauetarik bat ere, ez hark emaniko aginduei kontra egin, ez eta haren baimenik gabe biltzarrik egin, ez purpuraz jantzi edota urrezko orrazirik eraman ere. 45 Norbaitek erabaki hauek baztertzen nahiz hausten baditu, errudun izanen da. 46 Herri osoa bat etorri zen erabaki hauen arabera jokatzeko eskubidea Simoni ematerakoan. 47 Simonek ontzat hartu zuen apaizgo nagusia, bai eta juduen eta apaizen gudalburu eta gobernari izatea eta denen buruzagi izatea ere».

48 Agiri hau brontzezko oholetan grabatzea eta santutegiko esparruan agerian jartzea erabaki zuten. 49 Kopiak altxortegian gorde behar ziren, Simonen eta beronen semeen eskura.

Antioko VII.a, Siriako errege berria


15. atala[aldatu]

1 Demetrio erregearen seme Antiokok gutuna bidali zien greziar uharteetatik Simoni, apaiz nagusi eta juduen gobernariari, eta herri osoari. 2 Hona hemen zer zioen: «Antioko erregeak Simon apaiz nagusi eta gobernariari eta judu-herri osoari, agur! 3 Gizon gaizkile batzuk gure gurasoen erreinuaz jabetu direnez, erreinu horri buruz ditudan eskubideez baliaturik, bera neureganatzea erabaki dut eta lehen zegoen erara itzultzea. Horretarako, gudaroste handia bildu dut eta gudu-ontziak armatu. 4 Geure herrialdean lehorreratu nahi dut, bera hondatu eta bertako hiriak xehatu dituztenak zigortzeko. 5 Berretsi egiten dizkizut nire aurreko erregeek egin zizkizuten zerga-kentze guztiak, bai eta gainerako dohainak ere. 6 Zure lurraldean erabiliko den dirua egiteko baimena ematen dizut. 7 Jerusalem eta santutegia izan bitez burujabe. Prestatu dituzun arma guztiak, eraiki eta zeure esku dituzun gotorlekuak izan bitez zureak. 8 Errege-altxorrarekiko dituzun zorrak, oraingoak nahiz gerokoak, hemendik aurrera barkatuak gelditzen zaizkizu betiko. 9 Eta geure erreinuaz jabetzean, zu zeu, zure herria eta santutegia ohorez beteko zaituztegu, zuen ospea lur osoan entzuna izateraino».

10 Seleukotarren agintaldiko ehun eta hirurogeita hamalaugarren urtean abiatu zen Antioko bere gurasoen herrialderantz. Gudu-talde guztiak elkartu zitzaizkion; bakarren batzuk baizik ez ziren gelditu Trifonekin. 11 Orduan, Antiokok Trifon pertsegitzeari ekin zion; baina itsasertzean dagoen Dora hirira joan zen ihesi Trifon, 12 ohartu baitzen aldi txarrak zetozkiola gainera, gudu-taldeek utzi zutenez gero. 13 Orduan, Antiokok Dora aurrean ezarri zuen kanpalekua, ehun eta hogei mila gudari eta zortzi mila zaldunekin. 14 Inguratu zuen hiria eta, aldi berean, gudu-ontziak hurbildu ziren itsasaldetik. Horrela, lehorrez eta itsasoz setiatu zuten, eta ezin zen inor sartu, ez atera.

Erromatarren gutunak juduen alde


15 Bitartean, itzuli ziren Erromatik Numenio eta beronen lagunak, zenbait errege eta herrialderentzako gutunak ekarriz. Hau zioten:

16 «Luziok, erromatarren kontsulak, Ptolomeo erregeari, agur! 17 Juduen mandatariak etorri zaizkigu adiskide eta gudu-lagun bezala. Simon apaiz nagusiak eta judu-herriak igorririk zetozen, lehendik beraiekin genituen adiskidetasuna eta hitzarmena berritzera. 18 Urrezko babeski bat ekarri ziguten, seiehun kilokoa. 19 Horregatik, egoki iruditu zaigu erregeei eta herriei idaztea, juduei inolako kalterik egin ez diezaieten aginduz, ez eta erasorik ere haien hiri eta herrialdeari, eta ez diezaietela lagundu haien erasotzaileei. 20 Ekarri diguten babeskia onartzea ere erabaki dugu. 21 Beraz, juduen herrialdetik gizon gaizkileak ihesi joan eta zuenean gerizatzen badira, itzul itzazue Simon apaiz nagusiaren eskuetara, bere legearen arabera zigor ditzan».

22 Gutun hau bera bidali zieten Demetrio, Atalo, Ariarate eta Arsake erregeei, 23 bai eta herrialde guztietara ere: Sampsame, Esparta, Delos, Mindos, Sikion, Karia, Samos, Panfilia, Likia, Halikarnaso, Rhodas, Faselida, Kos, Side, Arados, Gortina, Knido, Zipre eta Zirenera. 24 Gutun beronen beste kopia bat Simon apaiz nagusiari ere igorri zioten.

Antioko VII.a Simonen aurka


25 Bitartean, Antioko erregeak kanpalekua Dora hiriaren inguruetan ezarri zuen eta gudari-taldeak bidaltzen zituen etengabe hiriaren kontra, gudu-tramankuluez ere baliatuz. Inguratua zeukan Trifon, eta ezin zen inor atera, ez sartu. 26 Simonek aukerako bi mila gizon bidali zizkion beraren alde borrokatzeko, bai eta zilarra, urrea eta arma ugari ere. 27 Baina Antiokok ez zituen hartu nahi izan; gainera, aurrez Simoni hitz emandako guztia atzera bota zuen eta beraren kontra jarri. 28 Bere adiskideetariko bat, Atenobio, bidali zion Antiokok Simoni, berarekin hizketatu eta esan ziezaion: «Zuek zeuen menpe hartu dituzue nire erreinukoak diren Jope eta Gazara hiriak eta Jerusalemgo gotorlekua. 29 Hondatu egin dituzue hiri horien lurraldeak, kalte handiak egin dizkiozue nire herrialdeari, eta nire erreinuko herrixka askoren jabe egin zarete. 30 Itzul iezazkidazue, bada, kendu dizkidazuen hiriak, eta ordaindu Judeako mugez kanpora zeuen menpe hartutako herrixkei dagozkien zergak. 31 Bestela, eman ordainetan hamahiru mila kilo zilar, eta beste horrenbeste, egin dizkidazuen kalteen eta hirietako zergen ordainetan. Osterantzean, joan eta gerra eginen dizuegu».

32 Heldu zen, bada, erregearen adiskide Atenobio Jerusalemera. Simonen handitasuna, urrezko eta zilarrezko ontziz beteriko arasak eta halako ospe handia ikustean, harritua gelditu zen. Eman zion aditzera Simoni erregearen mezua, eta 33 Simonek ihardetsi zuen: «Guk ez dugu besteren lurrik hartu, ez eta besteren ondasunik geureganatu ere, geure arbasoen ondarea baizik. Aldi batez, gure etsaien esku egona da, bidegabekeriaz. 34 Eta guk, egokiera izan dugularik, berreskuratu egin dugu geure arbasoen ondare hori. 35 Eskatzen dizkigun hiri horiek, Jopek eta Gazarak, berriz, kalte handiak egin zizkioten gure herriari, eta lurraldea hondatu zuten. Horien ordainetan bi mila eta zazpiehun kilo zilar emango dizkizugu».

36 Atenobiok ez zuen hitzik erantzun. Haserreturik, erregeagana itzuli eta Simonen erantzuna adierazi zion, bai eta haren handitasuna eta ikusitako guztia ere. Erregea ere su bizitan jarri zen.

Antiokok Kendebeo bidali juduen kontra


37 Bitartean, ontzi batean, Ortosia hirira ihes egin zuen Trifonek. 38 Antioko erregeak Kendebeo izendatu zuen itsasertzeko gudalburu nagusi, eta oinezko zein zaldizko gudari-taldeak eman zizkion. 39 Judea inguruan kanpalekua jarri, Zedron hiria berreraiki, hango ateak sendotu eta herriari erasoak egiteko agindu zion. Anartean, Trifonen ondoren joan zen Antioko. 40 Jamnia hirira heldurik, juduak zirikatzen hasi zen Kendebeo, Judean barrena erasoaldiak eginez, presoak harrapatuz eta jendea hilez. 41 Berreraiki zuen Zedron hiria eta zaldizko zein oinezko gudariak kokarazi zituen bertan, handik Judeako bideetan zehar irteerak egiteko, erregeak agindua zion bezala.

Kendebeo garaitua


16. atala[aldatu]

1 Simonen seme Joanek Gazaratik igo eta Kendebeo egiten ari zenaren berri eman zion aitari. 2 Simonek bere bi seme zaharrenei, Judas eta Joani, dei egin eta esan zien: «Nik eta nire anaiek eta gure aitaren senitartekoek gaztetandik eta gaurdaino borrokatu izan ditugu Israelen etsaiak. Eta Jainkoak maiz eman digu Israel gure eskuz salbatzea. 3 Orain zahartua nago; zuek, aldiz, Jainkoaren errukiaz, adinik onenean zaudete. Hartzazue, beraz, nire eta nire anaien tokia. Zoazte gure herriaren alde borrokatzera, eta lagun diezazuela Jainkoak!»

4 Herrialdean oinezko zein zaldizko hogei mila gudari aukeraturik, Kendebeoren kontra abiatu zen Joan. Modin hirian igaro zuten gaua. 5 Biharamun goizean, goiz jaikirik, lautadarantz jo zuten. Eta horra, oinezko eta zaldizko gudari-talde handia zetorkien gainera. Erreka besterik ez zuten tartean. 6 Joan, bere gudariekin, etsaiaren aurrez aurre jarri zen. Eta bere gizonak erreka igarotzeko beldur zirela oharturik, Joanek berak igaro zuen lehena. Hori ikustean, gizonek ere igaro zuten haren atzetik. 7 Joanek banandu egin zuen bere gudarostea, zalditeria oinezko gudarien artean sartuz, oso ugaria baitzen etsaien zalditeria. 8 Jo zituzten turutak eta garaitu egin zuten Kendebeo, bere gudaroste eta guzti. Asko erori ziren hilzorian, eta bizirik geldituek ihes egin zuten gotorlekurantz. 9 Guduketa hartan zauritu egin zuten Joanen anaia Judas. Joanek, ordea, pertsegitu egin zituen Kendebeok berreraikia zuen Zedron hiriraino. 10 Iheslariak Azotoko zelaietan zeuden dorreetara joan ziren. Joanek su eman eta etsaietako bi mila gizon galdu ziren. Orduan, Joan onik itzuli zen Judeara.

Ptolomeok Simon hil


11 Abuboren seme Ptolomeo Jerikoko lautadako buruzagi izendatua zuten. Zilar eta urre asko zuen, 12 apaiz nagusiaren suhia baitzen. 13 Bihotz harrokoa izanik, herriaren jabe egin nahi zuen eta, horretarako, Simon eta beronen semeak suntsitzeko asmo maltzurra hartu zuen. 14 Herrialdearen administrazioaz arduraturik, Simon, hiriz hiri zebilen batean, Jerikora jaitsi zen, Matatias eta Judas bere semeekin. Ehun eta hirurogeita hamazazpigarren urteko hamaikagarren hila zen, Xebat hila. 15 Abuboren semeak, berak eraikitako gotorleku txiki batean, Dok izenekoan, hartu zituen azpikeriaz, eta bazkari ederra eman zien; baina gizon batzuk zelatan jarri zituen. 16 Simon eta beronen semeak hordi zeudenean, Ptolomeo bere gizonekin jaiki, armak hartu eta bazkaltokian bertan Simonen kontra oldartu ziren, berau, honen bi semeak eta zerbitzari batzuk hilez. 17 Halako traizioa egin zuen, bada, Ptolomeok, on egina gaizkiaz ordainduz.

Joan bere aitaren ondorengo agintari


18 Ondoren, Antioko erregeari idatzi zion Ptolomeok gertatuaren berri emanez eta gudari-taldeak bidaltzeko eskatuz, herrialdea eta hiriak bere esku hartzeko. 19 Gazarara ere bidali zituen mandatariak, Joan hil zezaten. Gudalburuei ere idatzi zien, berarengana etor zitezen, zilarra, urrea eta eskuerakutsiak eman nahi zizkiela eta. 20 Beste batzuk, berriz, Jerusalem eta santutegia zegoeneko mendiaz jabetzera bidali zituen. 21 Batek, ordea, aurrea harturik, Gazarara heldu eta Ptolomeok aita eta anaiak hil zizkiola adierazi zion Joani eta esan zion gainera: «Zu hiltzera ere bidali ditu batzuk». 22 Hau entzutean, oso nahigabetua gelditu zen Joan. Bera hiltzera zetozen gizonak atzeman eta hil egin zituen, bai baitzekien bera galtzera zetozela.

23 Joanen gainerako jardunak, borrokak, egintza handiak, harresiak nola eraiki zituen eta beste ekintzak 24 beraren apaizaldiko Kroniketan daude idatziak, bere aitaren ordez apaiz nagusi izendatu zuten egunetik hasita.