←1 Makabearrak | Biblia 2 Makabearrak |
Jakinduria→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
1. atala
[aldatu]1 «Jerusalemen eta Judea herrialdean bizi garen juduok Egipton bizi zareten senide juduok agurtzen zaituztegu, bakea eta zoriona opa izanez. 2 Bete zaitzatela Jaunak ondasunez eta oroit dadila bere zerbitzari leial Abraham, Isaak eta Jakobekin egin zuen itunaz. 3 Eman biezazue denoi kemena bera gurtzeko eta beraren nahia bihotz-bihotzez eta gogo onez egiteko. 4 Ireki beza zuen bihotza beraren legea eta aginduak onartzeko, eta eman biezazue bakea. 5 Entzun bitza zuen eskariak eta adiskidetu bedi zuekin, eta ez zaitzatela baztertu aldi txarretan. 6 Hauxe da une honetan zuentzat eskatzen ari garena. 7 «Demetrio errege zela, ehun eta hirurogeita bederatzigarren urtean, guk, juduok, idatzia genizuen honako hau: <Hondamen eta larrialdi handiak erori dira gure gainera urte hauetan. Jasonek eta beronen aldekoek lur santuari eta erreinuari traizio egin, 8 tenpluko ate handiari su eman eta errugabeen odola isuri zuten. Guk Jainkoari otoitz egin eta entzun digu. Sakrifizioa eta irin garbia eskaini dizkiogu, kriseiluak piztu eta eskaintzeko ogiak aurkeztu>. 9 Kisleu hilean Etxola Jaia ospa dezazuen idazten dizuegu orain. Ehun eta laurogeita zortzigarren urtean.
Bigarren gutuna
Agurra
10 «Jerusalemen eta Judean bizi garenok, arduradunek eta Judas Makabearrak, Ptolomeo erregearen kontseilari eta apaiz gantzutuen jatorriko den Aristobulori eta Egiptoko juduei, agur eta zorion!
Antiokoren heriotzagatik juduek Jainkoa goretsi
11 «Arrisku handietatik salbatu gaitu Jainkoak; horregatik, eskerrik beroenak ematen dizkiogu, Antioko erregearen kontrako borrokan lagundu digulako, 12 Jainkoak bota egin baititu kanpora Hiri Santuari erasotzen ziotenak. 13 Izan ere, beraien erregea, menperagaitza zirudien gudarostearekin Pertsiara heldu zenean, sarraskitu egin zuten Nanea jainkosaren jauretxean, Nanearen apaizek asmaturiko azpikeriari esker. 14 Antioko bere adiskideekin jauretxe hartara joan zen, jainkosarekin ezkontzeko aitzakiaz, horrela, ezkon-saritzat hango aberastasunak hartuko zituelakoan. 15 Nanearen jauretxeko apaizek agerian jarri zituzten aberastasunak eta, bere taldeko batzuekin erregea jauretxe barrura sartu zenean, apaizek itxi egin zuten jauretxea. 16 Orduan, sabaiko ate ezkutua ireki eta, harrika, zanpatu egin zituzten erregea eta beronen lagunak. Ondoren, zatikatu eta burua mozturik, kanpoan zeudenei jaurtiki zizkieten puskak. 17 Izan bedi goretsia gauza guztietan gure Jainkoa, sakrilegioa egiten ari zirenak horrela galdu zituelako!
Su sakratuak miragarriro iraun
18 «Kisleu hilaren hogeita bostean tenpluaren Garbikuntza Jaia ospatuko dugu. Zuei honen berri ematea egoki iruditu zaigu, zuek ere Etxola Jaia eta suaren jaia ospa ditzazuen. Horrela, Nehemiasek tenplua eta aldarea berreraiki eta sakrifizioak eskaini zitueneko garaia gogoratzen dugu. 19 Izan ere, gure arabasoak Pertsiara erbesteratu zituztenean, orduko apaiz jainkozaleek aldaretik sua hartu eta, inork jakin gabe, urik gabeko putzu handi baten antzeko osin-zulo batean gorde zuten eta bertan seguru utzi, toki haren berri inork ere ez jakiteko eran. 20 Anitz urteren buruan, Jainkoak nahi izan zuenean, Nehemiasek, Pertsiako erregeak bidalirik, su hura bilatzeko agindu zien, gorde zuten apaiz haien ondorengoei. Haiek, esandako sua ez, baizik eta isurki lodia aurkitu zuten. Atera eta eramateko agindu zien Nehemiasek. 21 Sakrifiziorako dena prest egon zenean, egurra eta egur gainean ezarritako oparigaiak isurki harekin zirtatzeko agindu zien apaizei Nehemiasek. 22 Hala egin zuten. Aldi baten buruan, ordurarte lainopean egoniko eguzkiak jo zuenean, izugarrizko sugarra piztu zen. Denak erabat harriturik gelditu ziren. 23 Eta oparigaiak erre bitartean, apaizek otoitz egin zuten, bai eta bertan zen jendeak ere apaizekin batera. Jonatanek ematen zuen hasiera, eta gainerakoek, Nehemiasek ere bai, erantzun. 24 Hona hemen otoitza: <Jauna, Jainko Jauna, gauza guztien egilea, izugarria, indartsua, zuzena, errukitsua; zu zara errege bakarra, zu on bakarra. 25 Zu zara emaile bakarra, zu zuzen bakarra, ahalguztiduna eta betikoa! Zuk salbatzen duzu Israel gaitz orotatik. Zuk hautatu zenituen gure arbasoak eta santu egin. 26 Onartzazu zeure herri Israel osoaren alde eskaintzen dizugun oparia. Zaindu zeure ondare hau eta egin santu. 27 Bil itzazu sakabanatuak dauden guretarrak, askatu jentilen artean esklabo daudenak, begira onez arbuiatuak eta higuingarritzat bazterturik daudenak. Eta horrela, jakin dezatela nazio guztiek zu zarela gure Jainkoa. 28 Zigor itzazu zapaltzen eta harrokeriaz iraintzen gaituztenak. 29 Landatu zeure herria zeure toki santuan, Moisesek bezala>. 30 «Bitartean, apaizek gorazarreak kantatzen zituzten. 31 Oparigaiak erre zirenean, sobera gelditutako isurkia harri handi batzuen gainera isurtzeko agindu zuen Nehemiasek. 32 Hori egitean, sugarra piztu zen; baina aurrean distiratzen zuen argiak, aldaretik atera eta irentsi egin zuen sua. 33 Zabaldu zen gertakari honen berri eta Pertsiako erregeari ere esan zioten, erbesteratutako apaizek sua gordea zuten tokian isurkia agertu zela eta Nehemiasen lagunek isurki harekin oparigaiei su eman eta sagaratu egin zituztela. 34 Gertatua egiaztatu ondoren, erregeak hesia ezarri zuen eta toki hura sakratutzat eman. 35 Erregeak ondasun handiak jaso zituen eta mesede egin nahi zienen artean banatu. 36 Nehemiasen lagunek <neftar> esan zioten isurki hari, hau da, garbikuntza; baina gehienek <nafta> esan ohi diote.
Jeremiasi buruzko zenbait oroitzapen
2. atala
[aldatu]1 «Idazkietan datorrenez eta esan dugun bezala, sua hartzeko agindu zien erbesteratuei Jeremias profetak. 2 Gainera, lege-liburua eman zien erbesteratuei eta Jaunaren aginduak ez ahazteko eskatu eta beren pentsaera ez okertzeko, erbestean urrezko eta zilarrezko irudiak eta beraiek inguratzen zituzten apainduriak ikustean. 3 Halako zenbait aholkuren artean, legea beren bihotzetik urrutiratzen ez uzteko esaten zien. 4 Idazki berorretan esaten zenez, profeta, goi-agerpenaren eraginez, lagun batzuei oihal-etxola eta kutxa eramateko agindu eta mendira joan zen. Mendi haren gainetik, Jainkoak Israeli ondaretzat emaniko lurraldeari begira egona zen Moises. 5 Eta, hara heldurik, leize-zulo bat aurkitu eta bertara sartu zituen Jeremiasek oihal-etxola, kutxa eta usain-gozoen aldarea, eta leize-ahoa itxi. 6 Gerora, Jeremiasi lagun eginez joandako batzuk bertara itzuli ziren, bidea markatzeko asmoz, baina ezin izan zuten tokia aurkitu. 7 Hori jakitean, Jeremiasek haserre egin zien, esanez: <Ez du inork jakingo toki hori non den, harik eta Jainkoak, errukiturik, bere herria bil dezan arte. 8 Orduan agerraraziko ditu Jaunak gauza hauek berriro, eta Jaunaren aintza lainoan agertuko da, Moisesen garaian bezala, eta toki santu hau handikiro sagaratzeko Salomonek otoitz egin zuen hartan bezala>. 9 Idazki hartan esaten zenez, Salomonek, gizon jakintsu hark, oparia eskaini zuen santutegia bukatu eta sagaratzean. 10 Eta Moisesek Jaunari otoitz egitean, suak zerutik jaitsi eta oparigaiak erre zituen bezala, Salomonek otoitz egin zuenean ere suak jaitsi eta oparigaiak erre zituen. 11 Esana zuen Moisesek: <Bekatuaren barkamenerako eskainia erre bada, jan ez dugulako da>. 12 Salomonek, orobat, zortzi eguneko jaia egin zuen.
Nehemiasen liburutegia
13 «Nehemiasen idazki eta oroitzapen-liburuetan ere kontatzen dira gertakari hauek; bai eta Nehemiasek liburutegia nola eratu zuen ere: erregeei, profetei eta Davidi buruzko liburuak eta eskaintzei buruz erregeek idatzitako gutunak bilduz, hain zuzen ere. 14 Era berean, Judas Makabearrak ere bildu zituen, egin izan dizkiguten gerrak direla-eta, sakabanatuak zeuden liburuak. Eta orain eskura ditugu. 15 Horietakoren bat behar baduzue, bidali norbait bila.
Tenpluaren Garbikuntza Jaia ospatzeko deia
16 «Garbikuntza Jaia ospatzear gaudelarik idazten dizuegu. Ederra izango litzateke zuek ere jai hau ospatzea. 17 Izan ere, herri osoa Jainkoak salbatu du, denoi eman digu lurraldea ondaretzat, bai eta erreinua, apaiz izatea eta santu izatea ere, 18 legearen bidez hitz eman zuen bezala. Jainkoarengan dugu itxaropena, eta errukituko zaigula espero dugu, eta zerupeko lurralde guztietatik bilduko gaituela toki santuan. Atera ere, gaitz handietatik atera gaitu, eta garbitu egin du toki santua.
Idazlearen asmoa
19-23 «Zireneko Jasonek idatzitako bost liburuetan daude jasoak gertakari hauek: Judas Makabearraren eta anaien historia, tenplu handiaren garbikuntza eta aldarearen sagaratzea, Antioko Epifanes eta beronen seme Eupatorren kontrako guduak, judaismoaren alde ausarki borrokatu ziren gizon adoretsuen alde izandako zerutiko agerpenak. Gizon hauek, hain gutxi izanik ere, lurralde osoa hondatu eta atzerritar-talde handiei ihes eragin zieten, mundu osoan ospetsua den tenplua berreskuratu zuten, Jerusalem askatu eta baztertzeko zorian zeuden legeak berrezarri zituzten. Izan ere, Jauna, erruki handiz, beraien alde egon zen. Jasonek bost liburutan jaso zuen hau guztia liburu bakarrean laburbiltzen ahaleginduko gara. 24 Ohartu gara, izan ere, eman beharreko zenbakiak asko eta gaia oso zabala direnez, nekagarri gerta daitekeela historiako gertakarietan murgildu nahi duenarentzat. 25 Horregatik, irakurketa soila egin nahi duenarentzat atsegingarri, sakonago aztertu nahi duenarentzat erraz eta liburu hau hartuko duten guztientzat onuragarri izango den zerbait eskaintzen saiatu gara. 26 Laburpen hau burutzeko eginkizuna hartu dugunontzat ez da izan, ez, lan erraza; izerdia isuri eta gaualdi asko eman behar izan dugu. 27 Bazkari ona eman nahi eta besteen atsegina bilatzen duenak ere ez du lan erraza hartzen. Baina besteei zerbitzua egitearren, gogo onez eramango dugu geuk ere neke hau. 28 Jason historiagileari utziko diogu gertakari bakoitzaren xehetasunetan sartzea; laburpen-arauak betetzen saiatu gara gu. 29 Etxe berria egitean, arkitektoari dagokio egitura osoaz arduratzea; edertu eta margotu behar duenari, aldiz, apaindurez bakarrik arduratzea. Guri ere horixe bera gertatzen zaigulakoan nago. 30 Gertakariak sakontzea, ingurugiroa aztertzea eta xehetasunak arretaz ikertzea historiagileari dagokio. 31 Baina, gertakariak luze-zabal kontatzeari uko eginez, gauzak laburki ematen utzi behar zaio egokitzaileari. 32 «Has dezagun, beraz, geure kontaera, orain arte esanari besterik erantsi gabe, ergelkeria izango bailitzateke hitzaurrea luzatzea eta historia bera laburtzea».
APAIZGO NAGUSIA IRISTEKO BORROKA
Heliodoro, erregearen ministraria, Jerusalemera
3. atala
[aldatu]1 Onias apaiz nagusiaren jainkozaletasun eta zuzentasunari esker, Hiri Santuan bake-bakean bizi ziren eta legeak erabat betetzen zituzten. 2 Aldi hartan, erregeek ere ohoratu egiten zuten toki santua eta eskuerakutsi bikainak bidali ohi zituzten. 3 Asiako errege Seleukok berak ere opariak eskaintzeko gastuak bere irabazietatik ordaindu ohi zituen. 4 Baina Bilgaren senitartekoa zen eta tenpluko administratzaleek egin zuten Simon izeneko batek eztabaidak izan zituen apaiz nagusiarekin, hiriko merkatuaren administrazioari buruz. 5 Apaiz nagusia makurrarazi ezin zuela ikusirik, aldi hartan Koele-Siria eta Feniziako gobernaria zen Tarsoko Apoloniogana jo zuen Simonek; 6 eta esan zion, Jerusalemgo altxortegia ezin konta ahalako aberastasunez betea zegoela, oparietako gastuetarako behar zena baino gehiago, eta erregea egin zitekeela berorien jabe. 7 Apoloniok, berriz, erregearekin izan zuen hizketaldi batean, aberastasun haiei buruz esan ziotena jakinarazi zion. Orduan, erregeak Heliodoro ministrari nagusia deitu eta Jerusalemera bidali zuen, aipaturiko aberastasun haiek bahitzeko agindurik. 8 Berehala abiatu zen Heliodoro, Koele-Siria eta Feniziako hiriak ikustera zihoaneko aitzakiaz, baina, egiaz, erregearen aginduak bete nahirik. 9 Jerusalemera heltzean, ongi etorria egin zioten bai apaiz nagusiak, bai hiritarrek. Heliodorok aditzera eman zuen altxortegiaz jakinarazi ziotena eta zein zen bera han izatearen zergatia. Eta gauzak horrela ziren galdetu zuen gero. 10 Apaiz nagusiak, orduan, altxortegiko dirutza alargunei eta umezurtzei zegokiena zela adierazi zion, 11 eta zati bat Tobiasen seme Hirkanorena, goi-mailako pertsonaia batena, zela; guztira hamaika mila kilo zilar eta bost mila eta bostehun kilo urre zegoela altxortegian, eta ez Simon zital hark gezurretan esan zuena. 12 Azkenik, esan zion ezin zitzaiela inolako kalterik egin beren konfiantza toki haren santutasunean eta mundu osoan ohoratua den tenpluaren handitasun ukiezinean jarri zutenei. 13 Heliodorok, ordea, erregearen aginduak zirela-eta, aberastasun haiek erregearen altxortegirako bahitu beharrekoak zirela zioen gogor.
Jerusalem asaldatua
14 Esaniko egunean, Heliodorok tenpluan sartu nahi zuen hango aberastasunen ikerketa egitera. Nahigabe handia hedatu zen hiri osoan. 15 Apaizek, beren jantzi bereziak soinean zituztela, aldare aitzinean ahozpeztu eta dei zegioten Jainkoari, beronek emanak baitziren diruzaintzari buruzko legeak. Eta dirutza hura tenpluan gorde zutenentzat osorik zaintzeko eskatzen zioten. 16 Apaiz nagusiaren itxura ikusteak erdibitu egiten zuen bihotza, haren aurpegiak eta kolore zurbilak beraren barruko nahigabea agertzen baitzuten. 17 Erabat izutua zegoen eta gorputza dardar, bihotzean nolako atsekabea zuen begira zeudenek igartzeko eran. 18 Jendea multzoka ateratzen zen etxeetatik, toki santuari gainera zetorkion irainaldia urrun zedin elkarrekin otoitz egitera. 19 Emakumeak, bularpeak zakukiz loturik, kalea betean zebiltzan, eta gorderik egon ohi ziren neskak ere, batzuk ateetara zihoazen lasterka, beste batzuk harresi gainera igotzen ziren eta beste batzuk leihoetara ateratzen. 20 Emakume guztiek, eskuak zerurantz jasorik, otoitz egiten zuten. 21 Errukia ematen zuen jendetza hura nahasian ahozpeztua eta apaiz nagusia larri eta nahigabetua ikusteak. 22 Hala ere, tenpluaren babespean gorde zituzten ondasunak osorik eta seguru zaintzeko Jaun ahalguztidunari denak eske ari zitzaizkion bitartean, 23 Heliodoro bere erabakia bete nahian zebilen.
Heliodoro zigortua
24 Hurbildu zen, beraz, Heliodoro bere zaintzaileekin tenpluko altxortegira. Une hartan, espirituen Jaun eta aginte guztien Nagusiak bere handitasuna agertu zuen. Eta toki hartara sartzeko ausardia izan zutenak, Jainkoaren indarrak izuturik, kemenik eta adorerik gabe gelditu ziren. 25 Izan ere, oso apain txalmatua eta gainean zaldun beldurgarria zeraman zaldia agertu zitzaien. Bizkor oldartuz, zaldiak aurreko besoak jaso zituen Heliodororen aurka. Zaldi gainekoak urrezko bular-oskola zeramala zirudien. 26 Aldi berean, bi gizon gazte agertu zitzaizkion Heliodorori; oso indartsuak eta ederrak ziren, soineko bikainez jantziak. Alde banatan jarririk, zigorkatu egin zuten etengabe, astin-astin egina utzi arte. 27 Heliodoro lurrera erori zen zerraldo, ilunpe handiak inguratua. Orduan, jaso eta ohatila batean ezarri zuten. 28 Eta aipaturiko altxortegira talde handiarekin eta bere zaintzaileekin sartu berria zen gizon hura han eraman zuten, bere buruaz baliatzeko gauza ez zela. Horrela, argi-argi ikusi zuten denek Jainkoaren nagusigoa. 29 Jainkoaren indarrak joa, han zegoen Heliodoro hitzik gabe eta salbatzeko itxaropenik gabe. 30 Besteek, berriz, Jauna goresten zuten, bere toki santua aintzaz bete zuelako. Eta lehentxeago ikaraz eta beldurrez betea zegoen tenplua, Jaun ahalguztidunaren agerkundearen ondoren, bozkarioz eta alaitasunez bete zen.
Onias apaiz nagusiak Heliodororen alde otoitz egin
31 Heliodororen lagunetako batzuek Onias apaiz nagusiagana jo zuten bizkor, azkenetan zegoen hari bizitzeko aukera emateko Goi-goikoari otoitz egin ziezaion eskatzera. 32 Heliodorori gertatua, juduek maltzurkeriaz egina zela erregeak uste izango zuen beldurrez, apaiz nagusiak oparia eskaini zuen, gizon hura senda zedin. 33 Apaiz nagusia haren alde barkamen-ohikunea egiten ari zen bitartean, lehengo bi gazteak agertu zitzaizkion Heliodorori, jantzi berberak soinean zituztela eta, beraren aurrean zutik, esan zioten: «Emaizkiok benetan eskerrak Onias apaiz nagusiari, berari esker ematen baitik Jaunak bizitzeko aukera. 34 Jainkoak zigortu egin hau; orain, jakinarazi denei zeinen handia den Jainkoaren indarra». Hau esanik, desagertu egin ziren gazteak.
Heliodorok Jainkoaren indarra aitortu
35 Bizirik irauteko mesedea egin zion Jaunari oparia eskaini eta otoitz sutsua egin ondoren, Oniasi agur egin eta bere gudarostearekin erregeagana itzuli zen Heliodoro. 36 Eta bere begiz ikusiak zituen Jainko guztiz handiaren egintzak aitortzen zizkien denei. 37 Jerusalemera berriro bidaltzeko egokiena zein izan zitekeen galdegin zion erregeak. Heliodorok erantzun: 38 «Etsairen bat nahiz zure gobernuaren kontra dagoenen bat baldin baduzu, bidal ezazu hara. Bizirik ateratzen bada, erabat zigorkatua etorriko zaizu, toki hura benetan Jainko-indarrez inguratua baitago. 39 Izan ere, bere bizilekua zeruan duenak zaintzen eta babesten du toki hura, eta heriotzaz zigortzen toki hartara asmo txarrez doazenak». 40 Hauek izan ziren Heliodorori eta altxorra zaintzeari buruzko gorabeherak.
Simonen zitalkeria
4. atala
[aldatu]1 Lehen aipaturiko Simon, tenpluko altxortegia eta aberria salatu zituena, Oniasen kontra gezurretan ari zen, Oniasek Heliodoro gaizki erabili eta zoritxarra ekarri ziola esanez. 2 Eta hiriaren ongile, herriaren babesle eta lege-betetzaile sutsu zen Onias gobernuaren kontrako azpisugea zela esatera ere ausartu zen. 3 Hain handia izatera heldu zen gorrotoa, ezen Simonen taldeko batek hilketak ere egin baitzituen. 4 Etsaigo hura kaltegarria zela eta, bestalde, Menesteoren seme Apoloniok -Koele-Siria eta Feniziako gobernariak- Simon gaiztakeriara bultzatzen zuela ikusirik, Oniasek 5 erregeagana jo zuen. Ez zituen bere herritarrak salatu nahi, baizik eta herri osoaren eta herritar bakoitzaren ona bilatu. 6 Izan ere, ikusten zuen, erregeak erabaki ezik, ezin zela erreinuan bakea nagusitu, ez eta Simonen erokeriak geldiarazi.
Jason apaiz nagusiak greziar ohiturak sartu
7 Seleuko hil zenean, Antioko, izengoitiz Epifanes, hasi zen errege izaten. Oniasen anaia Jasonek beretzat lortu zuen azpikeriaz apaizgo nagusia,
8 elkarrizketa batean erregeari hamar mila kilo zilar aginduz eta, gainera, beste bi mila eta berrehun kilo beste errenta batzuetatik.
9 Beste lau mila kilo ordainduko zizkiola ere hitz eman zion, baldin eta bere kontura kiroldegia eta gazteentzako kirol-eskola eraikitzeko baimena ematen bazion eta Jerusalemgo bizilagunei antiokiar hiritartasuna ezartzen uzten bazion.
10 Erregearen oniritzia lortu eta aginteaz jabeturik, berehala behartu zituen Jasonek herritarrak greziarren biziera hartzera.
11 Aurreko urteetan emanak zizkieten seleukotar erregeek juduei zenbait eskubide onginahiz, Eupolemoren aita Joanen ahaleginei esker. Eupolemo hau zen erromatarrekin adiskidetasun- eta elkartasun-hitzarmena egitera bidali zuten mandataria. Jasonek, ordea, ezabatu egin zituen eskubide haiek eta, legezko erakundeak deseginik, Moisesen legearen kontrako ohiturak sartu nahi zituen.
12 Egin zuen, bada, kiroldegia atsegin handiz gotorlekuaren azpian, eta gazterik hoberenak greziarren erara hezitzera bultzatu zituen.
13 Greziar ohiturak eta arrotzen joerak oso indartsu sartu ziren, apaiz nagusi ez, baizik eta zital handia zen Jason higuingarri haren eraginez.
14 Apaizek berek ere ez zuten aldareko zerbitzuaren ardurarik, gutxietsi egiten zuten tenplua, eta sakrifizioak eskaintzeari utzi. Diskoa jaurtikitzeko deia egin orduko, jolastokira bizkor joan eta Jainkoaren legeak debekatzen dituen jokoetan esku hartzen zuten.
15 Ez ziren arduratzen beren aberriaren ohoreaz, eta greziarren arteko ospeak gogo bizienaz estimatzen zituzten.
16 Horrexegatik, egoera penagarrian gertatu ziren: greziarren jokabideak eta biziera hartu nahi zituzten, eta eredu eta imitagarritzat hartu nahi zituzten greziarrak berak bihurtu zitzaizkien etsai eta borrero.
17 Ezin dira Jainkoaren legeak hautsi ondoriorik jasan gabe, gerora ikusiko denez.
18 Tiro hirian lau urtez behingo jokoak, erregea bertan zela, egiten ari zirenean,
19 antiokiar hiritartasuna zuten jerusalemdar batzuk bidali zituen Jason nazkagarriak. Zilarrezko hirurehun txanpon zeramatzaten Herakleoren omenez egiten zen sakrifiziorako. Eramaileek, ordea, egokiago iritzi zioten diru hura opari hartan baino beste zerbaitetan eralgitzeari.
20 Eta horrela, bidaltzaileak Herakleorentzako oparitan eralgi nahi zuen dirua, hiru arraun-lerroko itsasontziak egiteko eman zuten eramaileek.
Antioko Epifanes Jerusalemen
21 Menesteoren seme Apolonio Egiptora bidali zuten Filometorren errege-koroapenerako. Orduan jakin zuen Antiokok Filometor erregea ez zetorrela bat beraren politikarekin. Bere segurtasunaz kezkaturik, Antiokok, Jope hirian zehar, Jerusalemera jo zuen. 22 Jasonek eta hiritarrek ongi etorri handia egin zioten, eta lastargi eta oihu artean sartu zen. Gero, Feniziaraino joan zen Antioko bere gudarostearekin.
Menelao apaiz nagusi izendatua
23 Hiru urteren buruan, lehen aipatua dugun Simonen anaia Menelao bidali zuen Jasonek, erregeari dirua eraman eta garrantzizko arazoen negoziaketa egin zezan. 24 Erregeagana gizon handikiaren tankeran joanik, beretzat iritsi zuen Menelaok apaizgo nagusia, Jasonek baino zortzi mila kilo zilar gehiago eskainiz. 25 Erregearen agiria harturik, Jerusalemera itzuli zen Menelao. Ez zeraman deus ere apaiz nagusi izateko duin egingo zuenik, jauntxo ankerraren su mina eta basapiztiaren amorrua izan ezik. 26 Eta, bere anaiari tokia kendua zion Jasoni ere beste batek kendu zion berea eta ihes egin behar izan zuen Jasonek Amman lurraldera. 27 Menelao, ordea, agintearen jabe egin zelarik, ez zen arduratzen erregeari hitz emandako dirua ordaintzeaz, 28 gotorlekuko gudalburu zen Sostratesek eskatzen zion arren. Sostratesek zuen, izan ere, zergak biltzeko ardura. Orduan, biei egin zien dei erregeak. 29 Menelaok bere anaia Lisimako utzi zuen bere ordezko apaiz nagusi, eta Sostratesek zipretar gudarien buruzagi zen Krates.
Onias hilarazia
30 Bitartean, Tarso eta Malos hirietako bizilagunak asaldatu egin ziren, beraien hiriak erregearen ohaide Antiokori erregalo eman zizkiotelako. 31 Erregea bizkor joan zen istilu hura zuzentzera, handikietako bat, Androniko, bere ordezko utzirik. 32 Menelaok, egokiera ederra zuela ikusiz, santutegian urrezko ontzi batzuk ostu eta Andronikori erregalatu zizkion; beste batzuk, berriz, Tiron eta inguruetako hirietan saldu zituen. 33 Horren berri ziur jakitean, Antiokiatik hurbil dagoen Dafneko santutegira babesleku bila joana zen Oniasek aurpegira bota zion okerkeria hura Menelaori. 34 Baina honek, Androniko bakarrean harturik, Onias hiltzera bultzatu zuen. Orduan, Andronikok, Oniasen bila joan eta, azpikeriaz, bereganatu egin zuen honen konfiantza. Eskuineko eskua luzatuz zin egin zion eta babeslekutik atera zedin lortu zuen, nahiz eta Oniasek zalantzak zituen. Atera orduko hil egin zuen, justiziari inolako begiramenik izan gabe. 35 Hori zela-eta, juduak ez ezik, beste nazioetako asko ere haserretu egin ziren eta ezin izan zuten eraman gizon hura halako bidegabekeriaz hilarazi izana. 36 Ziliziako eskualdeetatik Antioko itzuli zenean, hiriko juduak eta gaiztakeria hura gaitzesten zuten greziarrak Oniasen hilketa bidegabea salatzera joan zitzaizkion erregeari. 37 Barne-muinetaraino hunkitu eta errukiturik, malkoak isuri zituen Antiokok, hildakoaren zuhurtziaz eta neurritasun handiaz oroituz. 38 Eta haserre sutan, erantzarazi egin zion Andronikori purpurazko soinekoa eta jantziak urratu; gero, Onias maltzurkeriaz hil zuen tokiraino hirian barrena eraman eta bertan desagerrarazi zuen mundu honetatik hiltzaile hura. Merezitako zigorra eman zion horrela Jaunak.
Herriaren asaldura batean Lisimako hil
39 Menelaoren oniritziz, lapurreta sakrilego asko egin zuen Lisimakok Jerusalemen. Albiste hau zabaldu zenean, asaldatu egin zen herria Lisimakoren kontra. Ordurako, sakabanatua zen urrezko gauza asko. 40 Jende guztia haserrez gainezka asaldatu zelarik, hiru mila gizon armatu zituen Lisimakok eta jendearen kontrako erasoa hasi, zaharra bezain eroa zen Aurano izeneko baten buruzagitzapean. 41 Lisimako erasotzen ari zela ohartzean, batzuek harriak eta beste batzuek makilak hartu zituzten; beste batzuek, berriz, han zegoen errautsa esku beteka; eta denek zalapartaka Lisimakoren jendearen kontra jo zuten. 42 Haietako asko zauritu eta beste batzuk hil ere egin zituzten; gainerakoei ihes eragin zieten. Profanatzailea bera ere hil egin zuten tenpluko altxortegi ondoan.
Menelao diruaren truke libre utzia
43 Gertakari hauengatik auzitara eraman zuten Menelao. 44 Antioko erregea Tirora heltzean, Jerusalemgo arduradunen biltzarrak bidalitako hiru gizonek zuzenbide egiteko eskatu zioten. 45 Bere burua galdua ikustean, dirutza handia agindu zion Menelaok Ptolomeori, Dorimenoren semeari, baldin eta erregea haren alde jartzea lortzen bazuen. 46 Ptolomeok, haizea hartzeko aitzakiaz, atarira eraman zuen erregea eta iritziz aldarazi. 47 Orduan, salakuntza guztietatik libre bidali zuen erregeak Menelao, kalte guztien egilea. Eta hiru dohakabe haiek, aldiz, hiltzera kondenatu zituen, basatiak bezain epaile gogorren aurrean ere libre aterako ziren arren. 48 Horrela, hiria, herria eta gauza sakratuak defendatu zituzten haiek hil egin zituzten berehala. 49 Tiroko batzuek, gaiztakeria harengatik haserreturik, eskuzabal eman zuten laguntza hiletak antolatzeko. 50 Menelaok, berriz, agintean iraun zuen, handikien diruzalekeriari esker. Geroz eta gaiztoago egin zen, bere herritarren etsairik handiena izateraino.
ANTIOKO EPIFANESEN PERTSEKUZIOA
Antiokoren bigarren gudualdia Egipton
5. atala
[aldatu]1 Aldi hartan, Egiptoren kontra bigarren gudualdia egiteko prestatzen hasi zen Antioko. 2 Berrogeiren bat egunez, Jerusalem osoan ikuskariak gertatu ziren: airean lasterka urrez jantzitako zaldunak agertu ziren, sailetan banaturiko gudari-talde armatuak, 3 zaldun-taldeak gudu-lerrotan antolatuak, oldarraldi eta erasoaldiak alde batetik eta bestetik, babeski astinduak, lantza-multzoak, jaurtikitako geziak, urrezko gudu-jantzien distirak eta era guztietako bular-oskolak. 4 Ikuskari haiek gauza onak iragar zitzaten eskatzen zuten denek.
Jasonen azkena
5 Nahiz eta gezurra izan, Antioko hil zeneko zurrumurrua zabaldu zenean, Jasonek gutxienez mila gizon hartu eta bat-batean Jerusalemi eraso zion. Harresian zeudenei atzera eragin zien eta, azkenean, hiriaz jabetu. Menelao, orduan, gotorlekuan babestu zen. 6 Jason bere herritarrak hiltzen hasi zen errukirik gabe. Ez zen ohartzen bere senideen kontrako garaipena zela hondamendirik handiena. Herrikide zituenak ez, baizik eta etsaiak garbitzen ari zela uste zuen. 7 Hala ere, ez zuen aginterik eskuratu. Eta azkenean, egin zuen saldukeriaz lotsaturik, amondarren lurraldera baztertu zen berriro. 8 Haren jokaera gaiztoak honelako azkena izan zuen: atxilotu egin zuten arabiarren errege Aretasen jauregian. Gero, denek aurrean zeramatela, ihesi ibili behar izan zuen hiriz hiri. Denek arbuiatu zuten, lege-ukatzaile zelako; denek gorrotoa izan zioten, bere aberriaren eta herritarren zapaltzaile izan zelako, eta Egiptora bultzatu zuten. 9 Handik Espartara joan zen itsasoz, babeslekua aurkituko zuelakoan, hangoak juduen jatorri berekoak zirelako. Eta aberritik hainbeste lagun erbesteratu zuena, erbestean hil zen; 10 eta hainbeste jende hilobiratu gabe utzi zuen Jasoni ez zion inork ere negarrik egin, ez eta inolako hiletarik ere, eta ez zuen tokirik izan bere arbasoen hilobian.
Antioko Epifanesek tenpluan lapurretak egin
11 Gertakari hauen berri izatean, Judea burujabetu nahian zebilela uste izan zuen Antioko Epifanesek. Horregatik, basapiztia bezala amorraturik, Egipto utzi eta Jerusalem hartu zuen armen indarrez.
12 Beren eskuetan eroriak errukirik gabe hiltzeko eta etxeetan gordetzen zirenei lepoa mozteko agindu zien gudariei.
13 Sarraskitu egin zituen gazte eta zaharrak, emakume eta haurrak suntsitu, neskatxa eta bularreko haurrei lepoa moztu.
14 Laurogei mila lagun galdu ziren hiru egunetan: berrogei mila ezpataz hilak eta gutxienez beste horrenbeste esklabo salduak.
15 Eta ez zuen hori aski izan; lurreko tenplurik santuenean sartzera ere ausartu zen, Menelao -legeak eta bere aberria saldu zituen hura- gidari zuela.
16 Bere esku kutsatuz hartu zituen ontzi sakratuak eta santutegi hura aberastu, edertu eta ohoratzearren aurreko erregeek eginiko emariak lapurtu.
17 Antioko harrotu egin zen bere baitan, eta ez zen ohartu, Jaun handia Jerusalemgo jendearen bekatuengatik zegoela alditxo batez haserre eta horregatik ez ziola begiratzen toki santuari.
18 Izan ere, juduak hainbeste bekatutan murgilduak egon izan ez balira, Antioko ere, heldu orduko, zigorkatu egingo zukeen Jaunak eta beraren ausardia makurtarazi, antzina Heliodoro bezala, Seleukok altxortegia ikertzera bidali zuen hartan.
19 Jaunak, izan ere, ez zuen herria tenpluarengatik aukeratu, tenplua herriarengatik baizik.
20 Horregatik, herriari gertaturiko zoritxarretan tenpluak ere parte izan zuen bezala, herriaren zorionetan ere halaxe izan zuen gero. Eta Jaun ahalguztidunak, haserretuta, eskutik utzia bazuen ere, berriro adiskidetu ondoren, bere edertasun osoan berriztatu zuen.
Herria zanpatua
21 Eta horrela, tenpluan berrogeita zortzi mila kilo zilar ebatsi ondoren, Antiokiara joan zen berehala Antioko. Bere harrokerian eta handiustean, lehorrean itsasontziz eta itsasoan oinez ibil zitekeela uste izan zuen.
22 Eta zenbait gobernari utzi zuen herriari kalte egiteko: Jerusalemen Filipo utzi zuen, jatorriz Frigiakoa, gobernari izendatu zuen Antioko bera baino basatiagoa;
23 Garizim mendian Androniko utzi zuen; eta batik bat, Menelao, besteak baino askoz gaiztoagoa bere herritarrentzat.
Juduenganako gorrotoz beterik,
24 Misiako gudari alokatuen buruzagi zen Apolonio bidali zuen Antiokok Jerusalemera hogeita bi mila gizoneko gudarostearen buruzagi, sasoiko gizaseme guztiei lepoa mozteko, eta emakumeak eta haurrak esklabo saltzeko aginduz.
25 Heldu zen, beraz, Apolonio Jerusalemera eta, bake asmotan zetorren itxura eginez, geldi egon zen larunbata, egun santua, etorri arte. Juduek atseden-eguna zutela ikusirik, desfilea egiteko agindu zien gudariei.
26 Orduan, ikuskizun hura ikustera atera ziren guztiak hil egin zituen; eta, gainera, gudari armatuek, hirian barrena ibiliz, jendetza handia hil zuten.
27 Judas, Makabearra deitua, berriz, bederatzi lagunekin basamortura joan zen. Bera eta lagunak mendian bizi ziren basabereak bailiran. Belarra baizik ez zuten jaten, legeak debekatua janda ez kutsatzearren.
Juduak pertsegituak
6. atala
[aldatu]1 Zerbait geroxeago, Atenasko legebiltzarreko bat bidali zuen Antioko erregeak juduak beren arbasoen legeetatik urruntzera behartzeko eta beren biziera Jainkoaren legeen arabera eramatetik baztertzeko. 2 Jerusalemgo tenplua profanatu egin behar zuen eta Olinpoko Zeusi eskaini; Garizimgoa, berriz, Zeus Babesleari, bertako bizilagunek eskatu bezala. 3 Neurri gaizto horiek gogaikarri eta eramangaitz gertatu zitzaizkion jende guztiari. 4 Izan ere, lizunkeriaz eta itsuskeriaz betea zuten tenplua atzerritarrek: emagalduekin dibertitzen ziren, atari sakratuetan emakumeekin harremanak izaten zituzten eta gauza debekatuak sartu zituzten tenpluan. 5 Legeak debekatzen dituen oparigai kutsatuz betea zegoen aldarea. 6 Ezin zen larunbateko jaia egin, ez arbasoengandik zetozen jaiak ospatu, ez eta nork bere burua judu agertu ere. 7 Aldiz, gogorkeria garratzez behartuak zeuden hilero erregearen jaiotegunean sasijainkoei eskainitako janariak hartzera. Eta Dionisos jainkoaren omenezko jaiegunetan behartuak zeuden prozesioan joatera, untzazko koroa buruan zutela. 8 Ptolemaidako bizilagunen eraginez, agindua atera zen, inguruetako hiri greziarretan ere jokaera bera izan zezaten juduen kontra, sasijainkoari eskainitako janariak hartzera behartuz. 9 Greziar ohiturak onartzen ez zituztenei lepoa mozteko ere agindu zen. Argi ikus zitekeen, beraz, nolako zoritxarra zetorren. 10 Adibidez, bi emakume, beren semetxoak erdaindu zituztela-eta, auzitara eraman zituzten. Beren haurrak bularretik zintzilik ipinita, hirian barrena erabili zituzten denen aurrean eta, gero, harresietan behera amildu. 11 Judu batzuk Jerusalem inguruko leize-zuloetara joan ziren, larunbat-jaia isilean ospatzera. Salatu zioten hori Filipori, eta denak batera bizirik erre zituzten eta ez ziren defendatu, egun haren santutasuna errespetatzeagatik.
Jainkoak bere herria eskutik uzten ez
12 Liburu hau eskuetan hartuko dutenei hau eskatzen diet: ez daitezela uzkurtu zoritxarrengatik. Bestela baizik: pentsa dezatela, zigor hauek ez direla gure herria hondatzeko gertatu, hezitzeko baino. 13 Izan ere, bekatariak beren hartan luzaro ez uztea, baizik eta zigorra berehala ematea onginahi handiaren ezaugarri da. 14 Beste nazioak zigortzeko, eramanpen handiz itxaron ohi du Jaun handiak, beren bekatuen neurria bete dezaten arte. Gurekin, aldiz, horrela ez jokatzea erabaki du; 15 ez baikaitu zigortu nahi gure bekatuak azkenera heldu ondoren. 16 Ez digu inoiz ere ukatzen bere errukia. Zoritxarren bidez hezitzen duenean ere, ez du bere herria eskutik uzten. 17 Esan dugun hau izan bedi zentzapenerako. Eta honen ondoren, goazen kontakizunaren harira.
Eleazarren martiritza
18 Eleazar lege-maisu nagusienetakoa zen, adin handikoa eta itxura bikainekoa. Ahoa zabaltzera behartu eta txerrikia janarazi nahi zioten. 19 Bera, berriz, bizitza lotsagarria baino heriotza ospetsua nahiago zuenez, bere gogoz zihoan makilakadak hartzera, 20 ahoan zeukana botaz. Horrelaxe egin behar dute debekatutako janaria gutxiesteko adorea dutenek, nahiz eta bizia arriskuan jarri. 21 Legearen kontrako otordu hartan buru zirenek aparte hartu zuten Eleazar. Aspalditik ezaguna zutenez, jatea zilegi zitzaion okela berak prestatu eta ekartzeko esaten zioten, eta erregeak agindu bezala sasijainkoei eskainitako okela zeneko itxurak eginez jan zezala; 22 horrela, heriotzatik libratuko zela eta, lehen beraiekin izan zuen adiskidetasunagatik, gizabidez erabiliko zutela. 23 Baina bere adinari, bere zahartzaroaren nagusitasunari eta lanean zuritutako ile agurgarriari zegokien jokaera ohoretsua hartu zuen Elezarrek; haurtzarotik izan zuen jokaera bikainari eta, batez ere, Jainkoak ezarritako lege santuari jarraitu zien. Beraz, lehenbailehen hil zezatela agindu zien. 24 Honela ziotsen: «Gure adinean ez da egoki itxurak egitea; gazte askok uste izango du Eleazarrek, bere laurogeita hamar urteekin, atzerritarren biziera hartu duela, 25 eta, gelditzen zaidan bizitza laburrari eusteko, nik itxurakeria hori egiteagatik, gazteak okerbideratu egingo dira nire erruz. Neure zahartzaroa zikintzea eta lotsagarri egitea izango litzateke hori. 26 Eta, une batez gizonen zigorrari ihes egingo niokeen arren, ezin izango nuke Ahalguztidunaren eskuetatik ihes egin, ez bizirik, ez hilik. 27 Horregatik, neure bizia orain adoretsu emanez, nire zahartzaroari dagokion duintasunez agertuko naiz. 28 Eta ikasbide bikaina emango diet gazteei, lege santu eta agurgarriengatik gogotsu eta kementsu hilez». Hau esanik, makilakadak hartzera joan zen berehala.
Elezarren azken otoitza
29 Eleazar zeramatenek gogorkeria bihurtu zuten lehentxeago agertu zioten biguntasuna, esan berri zuena erokeriatzat hartu zutelako. 30 Zigorkadengatik hiltzear zegoela, hau zioen hasperenka: «Jaunak ongi daki dena; badaki heriotzari ihes egin niezaiokeela, baina, gorputzean oinaze latzak jasaten ari naizen arren, neure barruan pozik daramatzadala berarenganako begiruneagatik». 31 Horrela hil zen Eleazar. Bere heriotzaz prestutasun eta onbide-eredu gogoangarria utzi zien, gazteei ez ezik, bai eta herri osoari ere.
Zazpi anaien martiritza
7. atala
[aldatu]1 Beste batean, zazpi anaia atxilotu zituzten beren amarekin. Legeak debekatua duen zerrikia jatera behartu nahirik, idiaren zainez egindako zartailuz zigorkatu zituen erregeak. 2 Haietarik batek, denen izenean mintzatuz, zioen: «Zer galdetzen diguzu? Zer jakin nahi duzu guregandik? Nahiago dugu hil, gure arbasoen legeak hautsi baino». 3 Erabat amorraturik, zartaginak eta pertzak sutan jartzeko agindu zuen erregeak. 4 Ontziak sutan jarri zituztelarik, denen izenean mintzatu zenari, anaien eta amaren aurrean, mihia moztu, burua larrutu eta esku-oinak mozteko agindu zuen. 5 Mutila ezertarako gauza ez zela gelditu zenean, artean bizirik, sutara hurbildu eta zartaginara botatzeko agindu zuen erregeak. Zartaginatik lurruna ugari zabaltzen zen bitartean, ama-semeek elkarri adore ematen zioten kementsu hiltzeko. Hau zioten: 6 «Begira dugu Jainko Jauna eta zinez errukitzen zaigu, Moisesek bere kantuan argi aitortu zuen bezala: <Errukituko zaie bere zerbitzariei> ». 7 Lehenengoa horrela hil zenean, bigarrena eraman zuten zigorkatzera. Buruko larrua ile eta guzti kendu ondoren, galdetu zioten: «Jango al duk okela hau, hire gorputza atalez atal torturatu baino lehen?». 8 Hark, bere arbasoen hizkuntzan, erantzun zien: «Ez!» Orduan, hura ere lehenengoa bezala torturatu zuten. 9 Azken arnasa ematerakoan, esan zuen: «Zuk, gaizkile maltzur horrek, oraingo bizia kentzen diguzu; baina munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu, beraren legeengatik hiltzen garenok». 10 Honen ondoren, irainka eta iseka hasi ziren hirugarrenarekin. Mihia ateratzeko agindu ziotenean, berehala atera eta besoak ere luzatu egin zituen ausarki. 11 Eta esan zien gizonki: «Jainkoak eman zizkidan gorputz-atal hauek, beraren legeengatik gutxiesten ditut. Eta badakit, berarengandik hartuko ditudala berriro». 12 Erregea eta beronekin zeudenak harrituak gelditu ziren gazte haren ausardiaz, huskeriatzat baitzituen oinaze-minak. 13 Hirugarrena hil zenean, oinaze berberaz torturatu zuten laugarrena. 14 Hiltzear zegoela, esan zuen: «Merezi du giza eskuz hiltzeak, Jainkoak berpizteko itxaropena ematen digunean. Zuk, ordea, ez duzu bizirako berpizterik izango». 15 Ondoren, bosgarrena ekarri eta torturatu zuten. 16 Erregeari so eginez, esan zion: «Zuk, hilkorra izan arren, nahi duzuna egin ohi duzu, gizon-emakumeen gain aginpidea duzulako. Baina ez uste izan Jainkoak gure herria eskutik utzi duenik. 17 Itxaron eta ikusiko duzu beraren indar handia. Berak torturatuko zaituzte zu eta zure ondorengoak». 18 Gero, seigarrena ekarri zuten. Hiltzear zegoela, hau zioen: «Ez engainatu zoro-zoro zeure burua. Gu geure erruz ari gara hau guztia jasaten, geure Jainkoaren kontra bekatu egin dugulako. Horregatik gertatu zaizkigu gauza harrigarri hauek. 19 Baina ez uste izan zu ere zigorrik gabe geldituko zarenik, Jainkoari gerra egiteko ausardia izan duzu eta».
Seme gazteenaren eta amaren martiritza
20 Zinez miresgarria eta gogoangarria, ama izan zen. Egun berean zazpi semeak hiltzen ikusi eta bihotz handiz jasan zuen dena, bere itxaropena Jaunarengan jarria zuelako. 21 Seme bakoitzari indarra ematen zion bere hizkuntzan. Sentipen bikainez betea eta gizonezkoarena bezalako indarrez, emakume hark ziotsen: 22 «Nik ez dakit nola agertu zineten nire erraietan; ez nizuen nik arnasa eman, ez bizia ere, eta zuetako bakoitzaren gorputza ez nuen nik eratu. 23 Diren guztien Egileak egin du gizon-emakumeen izatea eta sortarazi ditu gauza guztiak. Berak itzuliko dizkizue bere errukiaz arnasa eta bizia, zeuen buruak ematen baitituzue orain beraren legeengatik». 24 Emakumea isekaz ari zitzaiola eta hitz haiek irainak zirela uste izan zuen Antiokok. Oraindik bizirik zegoen txikiena. Berari mintzatuz, komentzitu egin nahi zuen Antiokok, eta zin egin zion aberats eta guztiz zoriontsu bihurtuko zuela, bere adiskidetzat hartu eta kargu handiak emango zizkiola, baldin eta bere arbasoen ohiturei uko egiten bazien. 25 Mutikoak kasurik ere egiten ez zionez, amari dei egin eta mutikoa iritziz aldarazteko eskatu zion erregeak, horrela salba zedin. 26 Luze hitz egin ondoren, amak onartu zuen semeari aholkuak ematea. 27 Berarengana makurtu eta, errege anker hura engainatuz, esan zion amak semeari bere hizkuntzan: «Ene seme, erruki nitaz. Bederatzi hilabetez eraman zintudan sabelean, hiru urtez eman nizun bularra, neuk hazi eta hezi zaitut gaurdaino, neuk eman nizun jaten. 28 Ene seme, otoi, begira zeru-lurretara eta ikus horietan dagoen guztia. Jakin Jainkoak hori guztia ezerezetik egin duela eta gizon-emakumeok ere era berean egin gaituela. 29 Ez izan, beraz, borrero horren beldurrik; ager zaitez anaien pareko, onartu heriotza, errukialdia etortzean zu ere anaiekin batera berriro aurki zaitzadan». 30 Ama hizketan ari zela, gazteak esan zuen: «Zeren zain zaudete? Nik ez dut egingo erregearen esana, Jainkoak Moisesen bidez gure arbasoei eman zien legearen esana baizik. 31 Baina zuk, hebertarroi hainbeste kalte egin diguzun horrek, ez duzu ihes egingo Jainkoaren eskutik. 32 Gu, egiaz, geure bekatuengatik ari gara sufritzen. 33 Gu zigortzeko eta zuzenarazteko haserretu da une batez Jauna; hala ere, adiskidetuko da berriro bere zerbitzariokin. 34 Baina zu, zital hori, gizonetan maltzurrena zaren hori, ez zaitez itxaropen hutsalez alferrik harrotu, Jainkoaren zerbitzarien kontra eskua jasoz. 35 Oraindik ez diozu ihes egin guztia ikusten duen Jainko ahalguztidunaren epaiari. 36 Une honetan, oinazealdi laburra jasan ondoren, Jainkoak hitz eman duen bukaerarik gabeko bizian parte dute nire anaiek. Zuk, aldiz, zure harrokeriak merezi duen zigorra jasan beharko duzu, Jainkoaren erabakiz. 37 Neure gorputza eta bizia ematen ditut, nire anaiek bezala, gure arbasoen legeengatik. Eta Jainkoari hau eskatzen diot: ager diezaiola lehenbailehen bere onginahia gure herriari eta zuk ere, oinaze eta zigorren eraginez, aitortu beharra izan dezazula bera dela Jainko bakarra. 38 Nire eta anaien heriotzaz, bare bedi gure herriaren kontra, ongi merezirik, Ahalguztidunak izan duen haserrea!» 39 Bere onetik irten eta iseka hura jasan ezinik, askoz ankerragoa izan zen erregea mutil harekin besteekin baino. 40 Hala, gazte hura ere legea hautsi gabe hil zen, uste osoa Jaunarengan ipinirik. 41 Azkenik, ama hil zuten semeen ondoren. 42 Aski bedi esan duguna, sakrifizioetan eskainitako okela janarazteko zigorrak zeinen neurrigabeak izan ziren adierazteko.
JUDAS MAKABEARRAREN EKINTZAK
Judas Makabearra borrokara
8. atala
[aldatu]1 Bitartean, Judas Makabearra eta beronen lagunak herrietan sartzen ziren isilean; beren senideei dei egin eta judu-erlijioan zintzo irauten zutenak berenganatuz, sei mila lagun bildu zituzten. 2 Eta Jaunari eskari hauek egin ohi zizkioten: denek oinazpian hartzen zuten herriari begira ziezaiola; jende zitalak profanatua zuen tenpluaz erruki zedila, 3 bai eta hondatzen ari ziren eta ia erraustua zuten hiriaz ere, eta deiadarka ari zitzaion odolaren oihua entzun zezala; 4 haur errugabeen sarraski zuzengabeaz eta Jaunaren kontra botatako biraoez oroitu eta gaiztakeriari zion gorrotoa ager zezala. 5 Bere gudarostea antolatu zuenean, Judas Makabearra menperagaitz egin zen jentilentzat, Jaunaren haserrea erruki bihurtua baitzen ordurako. 6 Ustekabean heldu eta su ematen zien hiri eta herrixkei eta, gudu-tokirik egokienak harturik, ihes eragiten zien etsai-multzo handiei. 7 Gehienetan, gauaren babesa aukeratzen zuen erasoak egiteko. Haren ausardiaren entzutea denean zabaldu zen.
Judasek Nikanor garaitu
8 Judas ezari-ezarian aurrera egiten ari zela eta haren garaipenak geroz eta gehiago zirela ikusirik, Filipok Ptolomeori -Koele-Siria eta Feniziako gudalburuari - idatzi zion erregearen interesak defendatzen laguntzera etor zekion.
9 Patrokloren seme Nikanor, erregearen adiskiderik gorenetako bat, izendatu zuen berehala Ptolomeok eta, nazio guztietatik gutxienez hogei mila gizonek osaturiko gudarostearen buru jarririk, judu-herri osoa suntsitzera bidali zuen. Eta Gorgias eman zion lagun, gerra-arazoetan oso ikasia baitzen gudalburu hura.
10 Erregeak erromatarrei zor zien zerga -berrogeita hamalau mila kilo zilarrekoa- judu-presoak salduz ordain zezakeela uste zuen Nikanorrek.
11 Eta judu-esklaboak erostera etortzeko deia igorri zuen kostaldeko hirietara, hogeita zazpi kilo zilarretan laurogeita hamar esklabo emango zituela aginduz. Ez zuen sumatzen Ahalguztidunaren zigorra gainera zetorkiola berehala.
12 Nikanor gudua egitera zetorrela jakitean, Judasek etsaia laster hurbilduko zitzaiela adierazi zien bere lagunei.
13 Orduan, beldurtiak eta Jainkoak mendekatuko zituela uste ez zutenak ihesi joan ziren handik.
14 Gainerakoek, gelditzen zitzaiena saldu eta, aldi berean, otoitz zegioten Jaunari, borroka hasi ere aurretik Nikanor maltzurrak salduak zituenak libratzeko eskatuz.
15 Eta hori eskatzen zioten, beraiengatik ez, baizik eta Jaunak arbasoekin eginak zituen itunengatik eta Jainkoaren izen agurgarri eta handiari laguntza eskatuz egina zioten deiarengatik.
16 Orduan, bere gizonak bildu -guztira, sei mila- eta etsaiaren aurrean ez kikiltzeko esaten zien Makabearrak, eta inolako eskubiderik gabe kontra zetorkien atzerritar-multzoari beldurrik ez izateko; baizik eta borroka zitezela gogotsu.
17 Izan zezatela ere gogoan nola iraindu zuten atzerritarrek toki santua, Jerusalemen kontra nolako gogorkeriak egin eta juduen ohiturak nola hondatu zituzten.
18 Eta gehitu zien: «Horiek beren armetan eta ausardian dute konfiantza; guk, berriz, Jainko ahalguztidunagan. Kolpe batez bota ditzake Jaunak aurka datozkigunak, bai eta mundu osoa ere».
19 Eta beren aurrekoei laguntzeko Jainkoak zer egin zuen adierazi zien; adibidez, Senakeriben garaian ehun eta laurogeita bost etsai galdu zirela.
20 Eta Babilonian, galaziarren kontrako guduan, zortzi mila judu eta lau mila mazedoniar besterik ez zela borrokarako; mazedoniarrak larri zirelarik, zortzi mila juduek ehun eta hogei mila etsai garaitu zituztela Jainkoak emaniko laguntasunari esker, eta harrapakin asko hartu ahal izan zutela.
21 Hitz hauekin adoretu, eta lege eta aberriagatik hiltzeko prestarazi ondoren, Judasek lau taldetan banatu zuen gudarostea.
22 Gudari-talde bakoitzaren buru Simon, Jose eta Jonatan bere anaiak ezarri zituen, bakoitzaren menpe mila eta bostehun gizon jarriz.
23 Ondoren, liburu santua irakurtzeko agindu zion Eleazarri. Eta gudu-deiadartzat «Jainkoa lagun!» emanik, lehenengo gudari-taldearen buru jarri zen bera eta Nikanorri erasotzen hasi.
Jainkoaren ekintza berezia
24 Ahalguztiduna beren alde jarri zitzaielarik, bederatzi mila etsai baino gehiago hil zuten juduek; Nikanorren gudari gehienak zauritu zituzten, gorputz-adarrak moztu zizkieten eta denei ihes eragin zieten. 25 Esklaboak erostera zetozenen dirua hartu eta, bide aski luzean haien atzetik joan ondoren, itzuli egin ziren, ordua gainean zutelako. 26 Izan ere, larunbat-bezpera zen; horregatik ez zuten jarraitu haien atzetik. 27 Etsaien armak eta gainerako harrapakinak bildu zituztenean, larunbat-jaia egiten hasi ziren, Jauna handikiro goretsiz eta goraipatuz, bizirik eutsi zielako eta, egun hartan ere, bere errukiaren lehen tantak, ihintza bezala, isuri zizkielako. 28 Larunbat-biharamunean, harrapakinetarik zati bat pertsekuzioa jasan zutenen artean banatu zuten, beste zati bat alargun eta umezurtzen artean; gainerakoa beren eta beren seme-alaben artean. 29 Gero, otoitz egin zuten elkarrekin, Jaun errukitsuari bere zerbitzariekin erabat adiskidetzeko eskatuz.
Judasek Timoteo eta Bakides garaitu
30 Timoteo eta Bakidesen aldekoei ere eraso egin zieten juduek, eta hogei mila etsai baino gehiago hil zuten. Eta gailurretako gotorleku askoren jabe egin ondoren, harrapakin ugari hartu eta bi multzo berdinetan banatu zuten: bata berentzat hartu zuten eta bestea pertsegituen artean banatu, bai eta alargun eta umezurtzen eta zaharrean artean ere. 31 Etsaien armak arreta handiz bildurik, toki egokietan ezarri zituzten; gainerako harrapakinak, berriz, Jerusalemera eraman. 32 Timoteoren gudalburuetako bat, juduei kalte handia egina zen gizon zitala, hil egin zuten. 33 Garaipena ospatzeko aberrian egiten ari ziren jaietan, tenpluko ate santuei su eman zietenak erre egin zituzten, bai eta etxe koskor batean ezkutatua zegoen Kalistenes ere. Horrela hartu zuten beren gaiztakeriagatik merezitako ordaina.
Nikanorrek Antiokiara ihes egin
34 Nikanor gaizkile izugarri hark mila merkatari ekarriak zituen, juduak esklabo saltzeko. 35 Jainkoaren laguntzaz, berak gutxietsitakoek makurrarazi zioten burua Nikanorri. Bere soineko bikainak erantzirik, ihesi doan esklaboaren antzera ibili zen landan zehar. Hala ere, heldu zen Antiokiara, bakarrik, baina hondatua zegoen gudarostearena baino zorte hobeaz. 36 Erromatarrei zor zieten zerga ordaintzeko, Jerusalemen harrapaturiko presoak salduko zituela esan zuena, juduek defendatzaile berezia zutela esaten ari zen orain, eta menperagaitzak zirela; defendatzaile, hain zuzen ere, beraren legeak betetzen zituztelako.
Antioko Epifanes larriki gaixotua
9. atala
[aldatu]1 Aldi hartan, Antiokok lotsagarri alde egin behar izan zuen Pertsiako eskualdeetatik. 2 Izan ere, Pertsepolis izeneko hirian sarturik, hango jauretxean lapurreta egin eta hiria menperatu nahi izan zuen; baina jendeak, horren aurrean asaldaturik, harmak hartu zituen eta, herrialde hartako jendea nagusitu zitzaiolarik, Antiokok alde egin behar izan zuen lotsaz betea. 3 Ekbatana hirian zegoelarik, Nikanorri eta Timoteoren gudarosteari gertatuaren berri jakin zuen Antiokok. 4 Amorruaren amorruz bere onetik aterata, ihes eragin ziotenek berari eginiko iraina, juduei ordainaraztea pentsatu zuen. Horregatik, bidaia burutu arte gelditu gabe aurrera egiteko agindu zion gurdi-gidariari. Baina gainera zetorkion Jainkoaren epaia, harrokeriaz esana baitzuen: «Jerusalemera heltzean, juduen hilobi bihurtuko dut hiria». 5 Dena ikusten duen Jaunak, Israelen Jainkoak, gaitz sendaezin eta ikusezina eman zion. Hitz haiek esaten ari zela, kenezineko mina sumatu zuen erraietan eta izugarrizko oinazeak barruan. 6 Ongi merezia zuen hori, besteen erraiak zigor ugari eta ankerrez oinaztatu baitzituen berak. 7 Hala ere, ez zuen burua makurtu bere handiustean. Geroz eta harrotuago, juduenganako amorru-sua zeriola, lasterrago joateko agintzen zuen. Baina, gurdia abiada bizian zihoalarik, erori egin zen bertatik Antioko, eta, halako erorketa txarrean, gorputz-atal guztiak kolpatuak gelditu baitzitzaizkion. 8 Eta lehentxeago, gizona baino handiagoa zelakoan, itsas uhinei agindu eta mendi-gailurrak balantzan pisa zitzakeela uste zuena, lurrera erori ondoren, esku-ohatilan zeramaten orain. Horrela, argi ikusi ahal izan zuten denek Jainkoaren ahalmena. 9 Zital hari gorputzetik harrak ateratzen zitzaizkion mordoka eta, oraindik bizirik zegoela, pusketaka erortzen zitzaion haragia, ikaragarrizko minez. Eta halako kiratsa zerion, ezen gudaroste osoari nazka ematen baitzion ustelkeria hark. 10 Eta pittin bat lehentxeago zeruko izarrak ukituko zituela uste zuena, ezin zuen orain inork eraman, zerion kirats nardagarri jasanezinagatik.
Antiokoren aldaketa
11 Orduan, gaitzak joa, bere handiustea galtzen hasi zen eta, etengabeko minaren minez, Jainkoaren zigorpean nolako egoeratan zegoen jabetzen. 12 Berak ere ezin baitzuen bere buruari zerion kiratsa jasan, esan zuen: «Bidezko da Jainkoaren menpe egotea. Hilkor denak ezin du uste izan Jainkoa adinakoa denik». 13 Madarikatu hura otoizka hasi zitzaion Jaunari; baina Jauna ez zitzaion errukitu. 14 Lehen Hiri Santua erraustera eta hilobi bihurtzera arrapaladan zihoan hark, orain hiria burujabe egingo zuela hitz eman zion Jaunari. 15 Lehen, hilobirako ez, baizik hegazti harrapari eta basapiztien janaritarako beste ezertarako ez zirela iritzi zien juduei eta berauen haurrei; orain, berriz, greziarren pareko egingo zituela zioen. 16 Lehen, lapurreta egin zuen tenplu santuan; orain, berriz, emari ederrez apainduko zuela, ebatsitako ontzi sakratu guztiak itzuliko zituela eta sakrifizioetan eralgitzen zena bere diruz ordainduko zuela zioen. 17 Gainera, bera ere judu egingo zela, eta jendea bizi zen alde guztietara joango zela, Jainkoaren ahalmena oihukatuz.
Antiokok gutuna idatzi juduei
18 Halaz guztiz, ez zitzaizkion oinazeak inola ere joaten, etorria baitzuen gainera Jainkoaren epai zuzena. Egoera hartan etsirik, gutun hau idatzi zien Antiokok juduei, eskari-eran: 19 «Antioko errege eta buruzagiak bere hiritar dituen judu prestuei agurrik beroena, osasuna eta ongizatea opatuz. 20 Espero dut, zuek eta zuen seme-alabak, Jainkoari esker, ongi izango zaretela eta gauzak zeuek nahi bezala aterako zaizkizuela. 21 Bihotz-bihotzez oroitzen naiz zuek niretzat duzuen errespetu eta oniritziaz. Pertsiako eskualdeetatik nentorrelarik, eritasun larria harrapatu nuen, eta beharrezkoa iruditu zait denen segurtasunaz arduratzea. 22 Ez nago neure egoeraz etsia, baizik eta zinez uste dut aterako naizela gaixoaldi honetatik. 23 Baina oroitzen naiz, gure aitak ere, iparraldeko lurraldeetan gudu-ibilaldia egitera joan zenean, bere ondorengoa izendatu zuela. 24 Horrela, ustekabekoren bat gertatu nahiz berri txarren bat etorriz gero, herrialdeko jendea ez zen larrituko, jakingo baitzuen agintea nori zion utzia. 25 Gainera, gogoan dut, gure erreinuaren mugetan diren auzoko erregeak erne daudela zer gertatuko eta egokiera noiz etorriko. Horregatik, neure seme Antioko izendatzen dut errege. Maiz utzi izan dut neure seme hau zuetako askoren ardurapean eta zainpean, iparraldeko eskualdeetara joan beharra izan dudanean. Berari idatzi diot gutun honen jarraian idatzia dagoena. 26 Beraz, hauxe esaten eta eskatzen dizuet: zuek guztiok eta zuetariko bakoitzak niregandik hartutako mesedeak kontuan izanik, niretzat izan duzuen onginahia izan dezazuela nire semearentzat ere. 27 Ziur nago, neurriz eta gizalegez beteko dituela nire asmoak, eta zuekin bat etorriko dela». 28 Giza hiltzaile eta biraolari hark heriotza negargarria izan zuen atzerrian, mendi artean. Berak besteei sufriarazi zizkien bezalako oinaze izugarriak jasanez hil zen. 29 Erregearen lagun zen Filipok eraman zuen gorpua; baina Antiokoren semearen beldurrez, Egiptora joan zen, Ptolomeo Filometorrengana.
Judasek tenplua garbitu eta kultua berriro eratu
10. atala
[aldatu]1 Jaunaren gidaritzapean, Judasek eta beronen lagunek berreskuratu egin zituzten santutegia eta hiria. 2 Eta eraitsi egin zituzten atzerritarren hiriko plazan eraikitako aldare eta kultu-lekuak. 3 Tenpluaren garbikuntza egin ondoren, beste aldare bat eraiki zuten eta, suharriz sua pizturik, sakrifizioa eskaini zuten, bi urtez eskaini gabe egon ondoren. Intsentsua erre zuten, kriseiluak piztu eta eskainiriko ogiak mahaian ezarri. 4 Ohikune hauek egin ondoren, lurrean ahozpezturik, otoitz egin zioten Jaunari, berriro halako ezbeharretan erortzen ez uzteko eskatuz. Eta inoiz bekaturik egiten bazuten, zigor zitzala neurriz eta ez zitzala utzi jende biraolari eta arrotzaren esku. 5 Arrotzek tenplua profanatu zuten egun berean egin zuten tenpluaren garbikuntza, hau da, Kasleu deritzan hilaren hogeita bostean. 6 Etxola Jaia bezala, zortzi egunez ospatu zuten jai hura ere bozkarioz. Oroitzen ziren nola ospatu zuten, pixka bat lehentxeago, Etxola Jaia: basapiztiak bezala, mendian eta leize-zuloetan biziz. 7 Lorez apainduriko makilak, adar hezeak eta palmadarrak eskuetan zituztela, gorazarreak kantatzen zizkioten bere toki santuaren garbikuntza egitera eraman zituen hari. 8 Eta denak bat etorriz eta baietza emanez, jaiegun haiek judu-herri osoak urtero ospatzea erabaki zuten.
Antioko Eupator, bere aitaren ondorengo errege
9 Azaldu berria dugu nola hil zen Antioko, Epifanes deitua. 10 Orain, zital haren seme Antioko Eupatorren egintzak azalduko ditugu, beraren guduengatik gertatu ziren kalteak labur aipatuz. 11 Erregetza harturik, Antioko Eupatorrek Lisias izeneko bat -Koele-Siria eta Feniziako gobernaria- izendatu zuen gobernuburu. 12 Aurretik, Makron izeneko Ptolomeo izen zen gobernari bi lurralde haietan. Juduei zuzenbide egiten eta bakean gobernatzen saiatu zen lehena izan zen, ordurarte haien kontra egindako bidegabekerien ondoren. 13 Hori zela-eta, erregearen adiskideek salatu egin zuten Ptolomeo Makron hura Antioko Eupatorren aurrean. Eta traidore zela etengabe entzun beharrean gertatu zen, Filometorrek ardurapean jarri zion Zipre utzi eta Antioko Epifanesen aldera igaro omen zelako. Horregatik, bere kargua ohorez eraman ezin zuela-eta, hilgarria hartu eta bere burua galdu zuen.
Judasek Idumeako gotorlekuari eraso
14 Gorgias, lurralde haietako gobernari eginik, gudari atzerritarrak bildu eta juduei behin eta berriz erasotzen ari zen.
15 Aldi berean, idumearrek ere, gotorleku egokien jabe eginik, juduei eraso egiten zieten. Eta, Jerusalemdik ihesi joanei babesa emanik, gerra pizten ahalegintzen ziren.
16 Orduan, Makabearraren aldekoek, Jaunari otoitz egin eta guduan lagun izan zezatela eskatu ondoren, Idumeako gotorlekuen kontra jo zuten.
17 Oldarrean eraso eginik, gotorlekuez jabetu ziren juduak, harresietan borrokatzen zirenei atzera eragin ondoren. Lepoa mozten zieten harrapatutako guztiei. Gutxienez, hogei mila lagun hil zituzten.
18 Bi dorre sendo-sendotan, gutxienez, bederatzi mila lagun babestu ziren; inguraturik egon arren, bazuten irauteko behar den guztia.
19 Setiaketa hura egiteko behar hainbat gizonekin Simon eta Jose, Zakeorekin batera, bertan utzirik, Judas Makabearra beste gotorleku batzuetara joan zen, besteak baino bizkorrago hartu behar zirenetara.
20 Dorretan inguratuak zeuden batzuek, ordea, erosi egin zituzten Simonen gizonak, diruzale baitziren hauek. Zilarrezko hirurogeita hamar mila txanpon hartu eta ihes egiten utzi zieten batzuei.
21 Gertatua jakitean, Makabearrak bildu zituen gudarosteko buruzagiak eta aurpegira bota zien errudunei, etsaiei ihes egiten utziz, beren senideak diruarengatik saldu izana.
22 Orduan, traidoreak hilarazi eta berehala hartu zituen bi dorreak.
23 Berak zuzendurik, guduketak arrakasta izan zuen, eta hogei mila lagun baino gehiago hil zuen bi dorreetan.
Judasek Gazara hiria hartu
24 Lehenago juduak nagusitu zitzaizkion arren, Timoteo, atzerritar gudari-talde izugarria eta Asiatik ekarritako zaldi ugari bildu ondoren, Judea armen indarrez hartzeko asmotan agertu zen. 25 Etsaia hurbiltzean, Makabearraren aldekoek beren burura hautsa bota eta gerria jantzi latzez lotu zuten, Jainkoari otoitz eginez. 26 Eta aldarearen oinetan ahozpezturik, lagun ziezaiela eskatzen zioten Jainkoari: egin zedila beraien etsaien etsai eta aurkakoen aurkako, lege-liburuak argi erakusten duen bezala.
27 Otoitza bukatzean, armak hartu eta bide luzean ibili ziren hiritik kanpora; etsaiengana hurbildurik, gelditu egin ziren. 28 Egunsentiko lehen argi-izpia agertzean ekin zioten borrokari bi gudarosteek. Onik ateratzeko eta garaitzeko itxaropena, beren ausardiagatik ez ezik, Jaunarenganako konfiantzagatik zuten juduek; etsaiek, aldiz, beren amorrua zuten gidari borrokan. 29 Gatazka unerik gogorrenean zegoelarik, zerutiko bost gizon bikain agertu zitzaizkien etsaiei, urrezko hedeak zituzten zaldien gainean jarrita: juduen aurrean ipini ziren 30 eta, Makabearra erdian harturik, beren armez estali zuten. Horrela ezin zuen inork ere zauritu. Etsaiei, berriz, tximist-geziak jaurtikitzen zizkieten. Orduan, itsutuak eta nahasiak, sakabanatu egin ziren etsaiak, izuturik. 31 Hogei mila eta bostehun oinezko eta seiehun zaldizko hil zituzten juduek. 32 Timoteok berak ere oso ongi defendatua zegoen hiri-gotor batera, Gazara izenekora, egin zuen ihes. Kereas zen han agintari. 33 Makabearraren gizonek, adorez beterik, lau egunez eduki zuten inguratua gotorlekua. 34 Barrukoak, gotorlekua sendoa eta harrapaezina zelakoan, biraoka eta irainka hasi zitzaizkien etengabe. 35 Bosgarren eguna argitzean, ordea, Makabearraren gudarosteko hogei gaztek, biraoengatik biziki haserreturik, harresi gainera gizonki jauzi egin eta aurrean jarri zitzaizkienak hil egin zituzten amorru biziz. 36 Era berean, beste batzuk ere, nahasmenduaz baliaturik, barrukoei kontra egitera igo ziren harresi gainera, eta su eman zieten dorreei. Su handiak piztu eta erre egin zituzten biraolariak. Beste batzuek ateak bota eta sarrera eman zioten juduen gudarosteari. Horrela, jabetu egin ziren hiriaz. 37 Putzu batean gordea zegoen Timoteori lepoa moztu zioten, bai eta beraren anaia Kereasi eta Apolofanesi ere. 38 Egintza hauek burutzean, gorazarrez eta kantuz goretsi zuten Jauna, Israeli hainbeste lagundu eta garaipena eman ziolako.
Judasek Lisias menperatu
11. atala
[aldatu]1 Antioko IV.a erregearen hezitzaile eta ahaide zen Lisias gobernuburua oso haserre zegoen gertatuagatik. Handik pixka batera, 2 laurogei mila gizon eta bere zalditeria osoa bildurik, juduen kontra abiatu zen. Jerusalem greziarren bizileku bihurtu nahi zuen, 3 jentilen beste jauretxeei bezala tenpluari ere zergak ezarri eta urtero apaiz nagusiaren kargua salgai jarri. 4 Lisiasek ez zuen kontuan, inola ere, Jainkoaren ahalmena. Harrotua zegoen hainbeste milaka gudari eta zaldun eta laurogei elefante zituelako. 5 Judean sarturik, Jerusalemdik hogeita hamar kilometrora dagoen Bet-Sur hiri-gotor sendora hurbildu eta inguratu egin zuen. 6 Makabearraren aldekoek, Lisias gotorleku hura inguratzen ari zela jakitean, jende guztiarekin batera, hasperen eta negar artean, otoitz egin zioten Jaunari, Israel salbatzera aingeru ona bidal zezan. 7 Makabearrak, armak hartzen lehena bera izanik, adoretu egin zituen besteak, beren senideei laguntzearren, arriskuari aurre egin ziezaioten. Eta denak batera ausarki oldartu ziren. 8 Han bertan, Jerusalemdik hurbil, zuriz jantziriko zaldun bat agertu zitzaien aurrean, eskuan urrezko armak zituela. 9 Orduan, denek aho batez Jainko errukitsua goretsi zuten. Erabat adoretuak eta kemenez beteak, prest zeuden gizonei ez ezik, basabererik amorratuenei eta burdinazko harresiei ere erasotzeko. 10 Gudu-lerrotan jarririk, aurrera zihoazen, zerutiko laguna gidari zutela. Izan ere, errukitu egin zitzaien Jauna. 11 Lehoiak bailiran erori ziren etsaien gainera. Hamaika mila gudari oinezko eta mila eta seiehun zaldizko hil zituzten eta, gainera, guztiei ihes eragin. 12 Gehienak zaurituak eta armak galdurik joan ziren ihesi; Lisias bera ere lotsagarri ihes eginez salbatu zen.
Bakeak egin juduekin
13 Lisias, ordea, ez zen zentzugabea. Jasan zuen hondamendia hausnartuz, hebertarrak menperagaitz zirela ohartu zen, Jainko ahaltsua lagun zutelako.
14 Orduan, mandatariak bidali zizkien juduei bakeak egiteko, baldintza bidezkoak ipiniz. Erregea ere beraiekin adiskidetzera bultzatuko zuela hitz eman zien.
15 Denen onari begira, baiezkoa eman zien Makabearrak Lisiasen proposamen guztiei. Erregeak ere, bere aldetik, Makabearrak juduentzat Lisiasi idatziz eskatutako guztia eman zion.
16 Lisiasek juduei idatzi zien gutunak hau zioen: «Lisiasek judu-herriari, agur!
17 Joan eta Absalom zuen mandatariak eman didate azpian idatzitako gutuna, eta berorretan datozen proposamenak onartzeko eskatu.
18 Eman diot erregeari adierazi behar zitzaion guztiaren berri; nire esku zegoenari, berriz, baiezkoa eman diot.
19 Beraz, zuek gobernuarekiko borondate onean irauten baduzue, ni ahaleginduko naiz zuen alde lan egiten.
20 Arazo hauei eta xehetasunei buruz zuekin hizketa daitezela agindu diet zuen eta neure mandatariei.
21 Izan ongi! Ehun eta berrogeita zortzigarren urtean, Dioskoro hilaren hogeita lauan».
Erregeak Lisiasi idatzitako gutuna
22 Erregearen gutunak hau zioen: «Antioko erregeak Lisias anaiari, agur! 23 Gure aita joana da jainkoengana. Eta nik, nire erreinuko jendeak bere lanetan ezeren beldurrik gabe jardun dezan nahi dut. 24 Jakin dut, juduek ez dituztela onartu nahi greziar ohiturak, gure aitak nahi zuen bezala. Nahiago dutela beren biziera, eta beren legeak betetzen uzteko eskatzen dutela. 25 Herri hori ere beldurrik gabe bizi dadin nahi dut nik. Beraz, hau erabakitzen dut: Itzul diezaietela berriro tenplua, eta bizi ahal izan daitezela beren arbasoen ohituren arabera. 26 Bidal iezazkiezu, mesedez, mandatariak beraiekin bakeak egitera eta nire erabakia jakinaraztera, horrela, konfiantzaz bizi eta beren lanei gogoz ekin diezaieten».
Erregeak judu-herriari idatzitako gutuna
27 Erregeak judu-herriari igorritako gutunak hau zioen: «Antioko erregeak juduen legebiltzarkideei eta judu-herri osoari, agur! 28 Zuek ongi izatea nahi nuke; ni ere ongi nabil osasunez. 29 Menelaok aditzera eman dit, zeuen etxe eta lanetara itzuli nahi duzuela. 30 Ksantiko hilaren hogeita hamarra baino lehen itzultzen direnak, bakean eta seguru bizi ahal izango dira. 31 Juduok zeuen janariak hartu eta legeak bete ahal izanen dituzue, antzina bezala. Zuetariko inori ez zaio nekerik emango ezjakinean eginiko okerrengatik. 32 Menelao bidaltzen dizuet, zuek lasaitzeko. 33 Izan ongi! Ehun eta berrogeita zortzigarren urteko Ksantiko hilaren hamabostean».
Erromatarrek juduei bidalitako gutuna
34 Erromatarrek ere gutuna idatzi zieten juduei: «Kinto Memiok eta Tito Maniok, erromatarren mandatariok, judu-herriari, agur! 35 Ontzat hartzen dugu Lisiasek, erregearen anaiak, eman dizuena. 36 Baina erregeari aurkeztekoa dela Lisiasek erabaki duena, aztertu zeuek ere eta bidal iezaguzue erantzuna lehenbailehen mandatariren batekin, zuentzat egokiena zer den erregeari guk adierazteko. Izan ere, Antiokiara goaz. 37 Beraz, bidal iezazkiguzue batzuen batzuk bizkor, guk ere jakin dezagun zuen iritzien berri. 38 Izan ongi! Ehun eta berrogeita zortzigarren urteko Ksantiko hilaren hamabostean».
Judasen garaipena inguruko hirietan
12. atala
[aldatu]1 Hitzarmen hauek egin ondoren, erregeagana itzuli zen Lisias, eta juduek landako lanei ekin zieten. 2 Baina eskualde haietako gobernari batzuek -Timoteok, Geneoren seme Apoloniok, Hieronimok, Demofanek eta, gainera, zipretar gudarien buruzagi zen Nikanorrek- ez zieten bakean uzten juduei, ez eta lasai bizitzen ere. 3 Behinola, Jopeko bizilagunek gaiztakeria izugarria egin zuten: Hiri hartan bizi ziren juduak, beren emazte eta haurrekin, jopetarrek prestatu zituzten itsasontzietara igotzera gonbidatu zituzten, juduen kontra inolako asmo txarrik izan ez bazuten bezala, 4 eta hiritar guztiek batera hartutako erabakia zela esanez. Juduek ontzat hartu zuten gonbidapena, bakean bizi nahi zutelako eta mesfidantzarik ez zutelako. Baina itsaso zabalera heltzean, hondoratu egin zituzten. Baziren han gutxienez berrehun lagun. 5 Herrikideei egin zieten ankerkeriaren berri jakitean, bere gizonei aditzera eman zien Judasek. 6 Eta, Jainko epaile zuzenari dei egin ondoren, bere senideen hiltzaileen kontra abiatu zen. Su eman zion gauez portuari, itsasontziak erre eta han babestu zirenak ezpataz hil. 7 Gero, hiriko ateak itxiak zeudela ikusita, alde egin zuen handik, baina berriro etorri, jendea erabat suntsitzeko asmoa harturik. 8 Bitartean, jakinarazi zioten Judasi Jamnia hirikoek ere bertan bizi ziren juduei antzeko zerbait egin nahi zietela. 9 Orduan, eraso egin zien gauez Jamniakoei eta su eman portuari eta itsasontziei. Sugarrak Jerusalemdik ikusi ziren, berrogeita bosten bat kilometrora.
Judas Kaspin hiriaz jabetu
10 Judasek irtenaldia egin zuen Timoteoren kontra. Kilometro eta erdi ibili zirelarik, arabiar gudu-talde batek eraso zien. Bost mila oinezko ziren gutxienez eta bostehun zaldizko.
11 Gudua izugarria izan zen; baina Judasenak nagusitu ziren Jainkoaren laguntzaz. Arabiar garaituek bakeak egitea eskatu zioten Judasi, abereak emango zizkiotela eta aurrerantzean lagunduko ziotela hitz emanik.
12 Arabiar haiek gauza askotan beraientzat baliagarri izan zitezkeela ikusirik, bakeak egin zituen beraiekin eta, adiskideturik, beren oihal-etxoletara itzuli ziren arabiarrak.
13 Hiri-gotor bati ere eraso zion Judasek. Lubetaz eta harresiz inguratua zegoen, eta jatorri askotako jendea bizi zen bertan. Kaspin zuen izena.
14 Harresiak sendo eta janari aski zutela-eta, inguratuak lotsagabe agertu ziren Judasen gudarien kontra, berauek irainduz, biraoak botaz eta zilegi ez diren gordinkeriak esanez.
15 Antzina, Josueren garaian, hesi-hausgailurik eta gudu-tramankulurik gabe Jeriko hondatu zuen munduko Nagusi handiari dei egin ondoren, Judasen gizonek eraso egin zioten harresiari adore handiz.
16 Jainkoak hala nahirik hiriaz jabetu zirenean, esan ezin ahalako sarraskia egin zuten. Inguru haietan zegoen zingira, laurehun metro inguru zabalekoa, bertaraino zihoan odolaz betea ageri zen.
Karnion jauretxean ere garaile Judas
17 Handik ehun eta hogeita hamar kilometro inguru urrundurik, Judas eta beronen gizonak Karaka izeneko hiri-gotorrera heldu ziren, tubiar izeneko juduengana.
18 Hala ere, ez zuten Timoteo aurkitu toki hartan, handik alde egina baitzen ezer iritsi gabe; hala ere, gudari-talde oso sendoa utzi zuen.
19 Orduan, Makabearraren taldeko bi gudalburuk, Dositeok eta Sosipatrok, gotorlekuari eraso eta Timoteok han utzitako gizonak hil zituzten. Hamar mila baino gehiago ziren.
20 Makabearra, bere gudarostea gudu-taldetan banatu eta bakoitzari gudalburua ezarririk, Timoteori erasotzera abiatu zen. Timoteok ehun eta hogei mila oinezko eta bi mila eta bostehun zaldizko zituen berekin.
21 Judas hurbil zela jakinarazi ziotenean, Timoteok Karnion izeneko tokira bidali zituen emakumeak, haurrak eta tresneria; izan ere, toki hura menperaezina eta harrapaezina zen, hain ziren estuak lurralde hartako igarobide guztiak.
22 Judasen lehenengo gudu-taldea agertu orduko, beldurrak hartu zituen etsaiak eta izuturik gelditu ziren, dena ikusten duen Jainkoaren agerkundearen aurrean. Nor bere aldetik ihesi abiatu ziren denak, askotan beren artean elkar zaurituz eta ezpata-muturrez elkar zulatuz.
23 Judasek kemen handiz pertsegitu zituen eta gaizkile haiek ezpataz jo. Hogeita hamar mila inguru hil zituen.
24 Timoteo bera ere Dositeo eta Sosipatroren gudarien eskuetan erori zen. Baina libre eta onik joaten uzteko eskatu zien azerikeriaz, gudari haietako askoren guraso eta senideak bahituak zituela eta hil egingo zituztela esanez.
25 Bahitu guztiak onik itzularaziko zituela hitz eman zuen Timoteok, berriketa ugariz. Orduan, askatu egin zuten, senide haiek salbatu nahiz.
26 Judas Karnionera itzuli zen, Atergateion izeneko jauretxera, eta han hogeita bost mila gizon hil zituen.
Judas garaile itzuli Jerusalemera
27 Etsaiak menperatu eta suntsitu ondoren, Judasek Efronera zuzendu zuen bere gudarostea; hiri-gotor hartan bizi zen Lisias, bai eta jatorri askotako jendea ere. Gudari gazte indartsuak, harresi aurrean jarririk, ausarki borrokatzen ziren. Barruan jaurtikigailu eta arma ugari zuten bildua.
28 Baina, bere kemenaz etsaien indarrak desegiten dituen Nagusiari dei egin ondoren, hiriaz jabetu eta barruan zeudenetarik hogeita bost mila inguru hil zituzten.
29 Handik Eskitopolis hiriaren kontra jo zuten; Jerusalemdik ehun eta hamar kilometro ingurura zegoen.
30 Hiri hartan bizi ziren juduek, ordea, jakinarazi zieten oso ongi tratatzen zituztela eskitopolistarrek eta aldi txarretan gizabidez hartu zituztela.
31 Orduan, Judasek eta honen gizonek eskerrak eman zizkieten hiri hartakoei eta aurrerantzean ere juduak ongi hartzeko esan. Gero, Jerusalemera itzuli ziren, Asteen Jaia baino lehentxeago.
Judasek Gorgias menperatu
32 Jai hura, Mentekoste ere deitua, ospatu ondoren, Idumeako gobernari zen Gorgiasen kontra jo zuten juduek. 33 Gorgias hiru mila oinezko eta laurehun zaldizkorekin atera zitzaien. 34 Guduketan judu batzuk hilak gertatu ziren. 35 Dositeo zeritzan zaldun ausart batek, tubiar izeneko judu-taldekoak, eskua erantsi zion Gorgiasi eta, arropatik heldurik, arrastaka zeraman indarrean, madarikatu hura preso hartzeko asmoz. Baina traziar jatorriko zaldun batek Dositeori atzetik eraso eta besoa moztu zion. Orduan, Gorgiasek Marisa izeneko hirira egin zuen ihes. 36 Esdrinen taldeko gudariak leher eginak zeuden, luzaro ari baitziren borrokan. Orduan, gudualdian lagun eta gidari ager zekiela eskatu zion Judasek Jaunari. 37 Gero, bere hizkuntzan gudu-deiadarra eta beste zenbait kantu oihukatuz, ustekabean eraso zion Gorgiasen gudarosteari eta ihes eragin.
Hilen aldeko oparia
38 Gero, bere gudarostea bildu eta Odolam hirira eraman zuen Judasek. Asteko zazpigarren eguna zetorrela-eta, beren buruaren garbikuntza eginik, larunbat-jaia ospatu zuten. 39 Beharrezkoa egin zen gudarien gorpuak biltzea. Horregatik, biharamunean hartu eta arbasoen hobietan lur eman zieten, beraien ahaideekin batera. 40 Baina hildako bakoitzari, jantzien azpian, Jamniako idoloei eskainitako gauzak, legeak juduei debekatuak, aurkitu zizkioten. Horrela ikusi zuten argi zergatik hil ziren gudari haiek. 41 Orduan, gauza ezkutuak agerian jartzen dituen Jauna, epaile zuzena, goretsi egin zuten. 42 Gero, eskari asko egin zioten, egindako bekatu hura zeharo ezaba zezan. Eta bekatutik garbi irauteko eskatu zion Judas prestuak gudarosteari, hildakoei beren bekatuagatik gertatua ikusirik. 43 Gudari bakoitzari eskatuz, zilarrezko bi mila txanpon bidali zituen Jerusalemera, bekatuagatiko oparia eskain zezaten. Egintza on eta bikaina izan zen hura, piztueran pentsatuz egina. 44 Izan ere, hildako gudariak piztuko zirela espero izan ez balu, alferrikakoa eta zentzugabea izango zen hildakoen alde eskatzea. 45 Baina, zintzo hiltzen direnek sari bikaina izanen dutela uste baitzuen, burutapen santu eta ederra izan zen hura. Horregatik agindu zuen hilen aldeko barkamen-oparia eskaintzeko, haiek beren bekatutik libre geldi zitezen.
Antioko V.ak Menelao hilarazi
13. atala
[aldatu]1 Seleukotarren agintaldiko ehun eta berrogeita bederatzigarren urtean, Judasek eta beronen gizonek jakin zuten Antioko Eupator Judearen kontra zetorrela gudaroste handiarekin. 2 Harekin batera zetorren Lisias ere, erregearen hezitzaile eta gobernuburua. Ehun eta hamar mila oinezkoz, bost mila eta hirurehun zaldizkoz, hogeita bi elefantez eta gurpiletan igitaiak zituzten hirurehun gurdiz osaturiko gudarostea zekarten. 3 Menelao ere elkartu zitzaien eta, azerikeria handiz, zirikatu egin zuen Antioko, bere aberria salbatzeagatik ez, bera agintearen jabe egiteagatik baizik. 4 Baina erregeen Erregeak Antiokoren haserrea piztuarazi zuen gaizkile haren kontra. Izan ere, Lisiasek esana zion erregeari Menelao zela hondamen guztien erruduna. Orduan, Menelao Berea izeneko hirira eraman eta han bertako ohituren arabera hiltzeko agindu zuen erregeak. 5 Bazen hiri hartan hogeita bost metroko dorrea errautsez betea; dorreak jiragailu bat zuen, alde guztietatik isuria errautsetarantz zuela. 6 Lapurreta sakrilegoa nahiz beste hoben handiren bat egiten zuena hara bultzatu ohi zuten denek, hil zedin. 7 Horrelako zigorrez hil zen Menelao maltzur hura, eta lurrik ere ez zioten eman. 8 Bidezko zen horrela hiltzea, aldarearen aurka gaiztakeria asko egina baitzen, eta aldareko sua eta errautsa sakratuak baitira; horrela, errautsetan izan zuen heriotza.
Juduen garaipena Modinen
9 Antioko erregea asmo basatiz betea zetorren, juduak bere aitaren garaian baino askoz gogorrago tratatzeko gogoz. 10 Hori jakitean, gau eta egun Jaunari dei egiteko agindu zion Judasek bere gudarosteari, aurrekoetan bezala oraingoan ere lagun ziezaien. Izan ere, dena galtzeko arriskuan zeuden: legea, aberria eta tenplu santua. 11 Jaunari eskatu behar zioten, berriro arnasa hartzen hasia zen herria ez uzteko atzerritar biraolari haien esku. 12 Halaxe egin zuten denek batera: hiru egunez etengabe, hasperenka, baraurik eta lurrean ahozpezturik otoitz egin zioten Jaun errukitsuari. Ondoren, adoretu egin zituen Judasek eta prest egoteko agindu. 13 Arduradunekin biltzar berezia egin ondoren, ateratzea erabaki zuen, Antioko erregea Judean sartu eta Jerusalemez jabetu baino lehen arazo hura bukatzeko, Jaunaren laguntzaz. 14 Arazo haren irtenbidea diren guztien Egilearen esku utzirik, legeak, santutegia, hiriburua, aberria eta erakundeak defendatzeko gogotsu borrokatzera dei egin zien Judasek bere gizonei. Gero, Modin hiriaren inguruetan ezarri zuen kanpalekua. 15 Gizonei «Jainkoa garaile!» eman zien gudu-deiadartzat eta, gudari gazte hoberenak harturik, erregearen kanpalekuari eraso zion gauez. Kanpalekuan bi mila gizon hil zituzten eta elefanterik handiena zauritu, beronen gidari eta guzti. 16 Kanpalekua ikaraz eta beldurrez bete ondoren, garaile alde egin zuten. 17 Biharamunean, eguna argitzean, dena bukatua zen, Jainkoak Judasi eman zion babesari esker.
Antioko V.ak hitzarmena egin juduekin
18 Juduen ausardia nolakoa zen ikusirik, amarrukeriaz hartu nahi izan zituen erregeak gotorlekuak.
19 Hurbildu zen Bet-Surrera, juduen gotorleku sendora, baina atzera eragin zioten, garaitua eta porrokatua utzirik.
20 Behar zutena helarazi zien Judasek barrukoei.
21 Baina judu-gudarosteko batek, Rodokok, isilpeko berriak eman zizkien etsaiei. Jakin zuten, ordea, saldukeria juduek; eta Rodoko harrapatu eta hil egin zuten.
22 Orduan, bigarren aldian hizketatu zen erregea Bet-Surrekoekin; bakeak egin eta joan zen. Gero, Judasen gudarosteari eraso zion, baina juduek garaitu egin zuten.
23 Bitarte horretan, erregeak Antiokian utzia zuen Filipo, bertako arazoen arduradun. Eta jakin zuen Filipo kontra jaiki zitzaiola. Izuturik, juduak deitu eta zin eginez, onartu egin zituen berauen baldintza bidezko guztiak eta, horrela, juduekin adiskidetu. Gero, oparia eskaini eta Jerusalemgo tenplua ohoratu zuen. Eskuzabal izan zen toki santuarekin
24 eta ongi etorria egin zion Judasi. Ondoren, Ptolemaida eta Gerra hirien arteko lurraldearen gudalburu Hegemonida utzirik,
25 Ptolemaidara joan zen. Hiri hartakoak, ordea, oso minduak zeuden erregeak juduekin hitzarmen hura egin zuelako. Hain zeuden haserre, ezen hautsi egin nahi baitzuten hitzarmen hura.
26 Orduan, Lisiasek harmailara igo eta ahal bezain ongi defendatu zuen hitzarmena; irabazi zuen herriaren oniritzia, jendea baretu eta berauen onginahia bereganatu zuen. Gero, Antiokiara joan zen.
Halaxe gertatu ziren erregearen gudu-irtenaldia eta atzeraldia.
Nikanorren erasoa
14. atala
[aldatu]1 Hiru urteren buruan, Judasek eta beronen gizonek jakin zuten Seleukoren seme Demetrio Tripoliko portura heldu zela gudu-talde handi batekin eta ontziteriarekin. 2 Eskualde hartaz jabeturik, hilarazi egin zituen Antioko eta Lisias beronen hezitzailea. 3 Bazen Alkimo izeneko bat, antzina apaiz nagusi izana, baina Makabearrak asaldatu ziren garaian bere gogoz kutsatua. Berarentzat inolako salbamenik ez zegola pentsatuz eta aldare santura ezin izango zela berriro hurbildu, 4 Demetrio erregeagana joan zen ehun eta berrogeita hamaikagarren urte inguruan, eta urrezko koroa, palmadarra eta tenplura eraman ohi direnak bezalako olibo-adarrak eskaini zizkion. Egun hartan ez zuen besterik egin. 5 Baina aurkitu zuen Alkimok abagune ederra bere erokeriarentzat, Demetrio erregeak biltzarrera deitu eta juduen erabaki eta asmoei buruz galdetu zionean. 6 Alkimok erantzun zion: «Asidear izeneko juduek, Judas Makabearra buru dutela, guduak eta gatazkak pizten dituzte eta ez diote erreinuko jendeari bakean bizitzen uzten. 7 Horregatik, neure arbasoengandik nuen apaizgo nagusia kendu zidaten arren, hemen natorkizu; 8 lehenbizi, erregearen interesek egiaz axola didatelako eta, bigarren, gure herritarren egoerak kezkatzen nauelako. Izan ere, lehen aipatu dizkizudan gizonen erokeriengatik asko sufritzen ari da gure herri osoa. 9 Beraz, jakin ezazu xehetasun guztiz arazo horren berri, oi errege, eta zaindu gure herrialdea, arriskuan dagoen gure nazioa, denei eskaintzen diezun onginahi zabal horrekin. 10 Bestela, Judas bizirik den bitartean, ezin izango du estatuak bakerik iritsi». 11 Alkimok hori esatean, erregearen beste adiskideak Demetrio gehiago berotzen lehiatu ziren, gorrotoa baitzioten Judasi. 12 Erregeak berehala Nikanor, elefante-sailaren gudalburua, Judeako gobernari izendatu eta bidali egin zuen, 13 Judas hil, beronen lagunak sakabanatu eta Jerusalemgo tenplu handiko apaiz nagusi Alkimo izendatzeko agindua emanik. 14 Judasengandik ihesi joanak ziren Judeako jentilak multzoka bildu zitzaizkion Nikanorri, juduen zoritxar eta hondamena beraien onerako izango zirelakoan.
Nikanorrek bakeak egin Judasekin
15 Jakin zuten juduek Nikanor gudarostearekin hurbiltzen ari zela eta jentilak erasoka zetozela. Orduan, buru gainera hautsa bota eta otoitz egin zioten Jaunari, Israel herria betiko ezarri eta, agerpen miresgarriak eginez, beti zaintzen duenari. 16 Buruzagiak agindurik, atera eta Desau herrixka ondoan ekin zioten etsaien aurka borrokari. 17 Judasen anaia Simon ere borrokan ari zen Nikanorren kontra; baina etsaiak ustekabean etorri eta makurraldi txiki bat izan zuen Simonek. 18 Hala ere, Nikanorrek jakin zuen nolakoa zen Judasen gudarien ausardia eta nolako adorez borrokatzen ziren beren aberriaren alde, eta beldur izan zen arazo hura odola isuriz erabakitzeko. 19 Horregatik, Posidonio, Teodoto eta Matatias bidali zituen, juduekin bakeak egitera. 20 Proposamenak arretaz azterturik, buruzagia gudarostearekin mintzatu eta ontzat hartu zuten denek hitzarmena egitea. 21 Eta buruzagiek bakarrean elkar ikusteko eguna izendatu zuten. Egun horretan, gudaroste bakoitzak gudu-gurdi bana aurrerarazi eta ohorezko jarlekuak ezarri zituzten. 22 Judasek ipiniak zituen gudari armatuak toki egokietan, etsaiek ustekabean eta amarrukeriaz erasotzen bazuten ere. Baina bat etorriz bukatu zen elkarrizketa. 23 Nikanor Jerusalemen gelditu zen aldi batez, inolako arazorik sortu gabe. Gainera, multzoka bildu izan zitzaion jendea bidali egin zuen. 24 Maiz ikusten zuten elkar Judasek eta biek; Judas oso begiko gertatu zitzaion. 25 Ezkondu eta seme-alabak izan zitzala esan zion. Ezkondu zen, bada, Judas eta lasai bizi izan zen, beste edozein bezala.
Alkimok berriro etsaigoa piztu eta Nikanorrek tenplua mehatxatu
26 Nikanorrek eta Judasek elkar ongi hartzen zutela ikustean, Alkimo hitzarmenaren kopia eskuratu eta Demetrio erregeagana joan zen. Nikanor gobernuaren interesen aurka zebilela salatu zion, erreinuaren etsai zen Judas bere ondorengo izendatu zuelako. 27 Maltzur haren salaketak beroturik, erregeak, bere onetik aterata, Nikanorri idatzi zion: egindako hitzarmenagatik haserre zegoela esaten zion eta Makabearra katez lotua berehala Antiokiara bidaltzeko agintzen. 28 Mezu hau hartzean, lur jorik gelditu zen Nikanor. Izan ere, ez zitzaion buruan sartzen inolako okerrik egin ez zuen gizon harekin sinaturiko hitzarmena hautsi beharra. 29 Baina erregeari kontra egin ezin zionez, agindua azpikeriaren batez bete ahal izateko abagune bila zebilen. 30 Makabearra, ordea, ohartu zen Nikanorrek hotzago hartzen zuela eta beren arteko harremanak ez zirela lehen bezain beroak; hoztasun horrek deus onik ez zuela esan nahi igarri zion. Orduan, bere aldeko asko bildurik, Nikanorrengandik ezkutatu egin zen. 31 Judasek hain trebeki ihes egin ziola konturatzean, apaizak ohiko sakrifizioak eskaintzen ari zirela, tenplu txit handi eta santura joan eta gizon hura eskura emateko agindu zien Nikanorrek. 32 Apaizek zin egin zioten ez zekitela non zen bila zebilen gizona. 33 Orduan, Nikanorrek, besoa tenplurantz luzatu eta zin hau egin zuen: «Judas katez lotua ematen ez badidazue, birrindu egingo dut Jainkoaren toki sakratu hau, aldarea xehatu, eta toki honetan bertan Dionisosi eraikiko diot jauretxe bikaina!» 34 Hau esanik, alde egin zuen. Apaizek, besoak zerurantz jasorik, otoitz hau egin zioten gure herriaren alde beti bikain borrokatu den Jainkoari: 35 «Ezeren beharrik ez duzun arren, Jauna, zeuk nahi izan duzu zure bizilekua den tenplu hau gure artean egotea. 36 Oraingoan ere, santu bakarra zaren Jaun horrek, zaindu garbi kutsu guztietatik garbitu berria den etxe hau».
Razisen heriotza
37 Bazen Razis izeneko gizon bat, Jerusalemgo arduradunetakoa, abertzale jatorra eta oso estimatua. Juduentzat hain ona zelako, «juduen aita» deitu ohi zioten. Gizon hura salatu egin zuten Nikanorren aitzinean. 38 Makabearrak asaldatu aurreko garaietan, juduzale izana eta judu-erlijioaren alde etengabe eta gogotsu borrokatua zen. 39 Juduen kontra zuen amorrua aditzera eman nahirik, berrogeita hamar gudari baino gehiago bidali zituen Nikanorrek Razis harrapatzera, 40 gizon hura atxilotuz, juduei kalte handia egingo ziela pentsatuz. 41 Nikanorren gudu-taldea dorrea hartzeko zorian zegoen; atariko atea behartzen ari ziren, eta ateei su eman eta erretzeko agindua zuten. Alde guztietatik inguratua zegoela ikusirik, Razisek ezpata gainera bota zuen bere burua. 42 Nahiago izan zuen gizonki hil, gaizkile haien eskuetan erori eta bere nobleziari ez zegozkion irainak jasan baino. 43 Baina, istilu hartako zalapartagatik, huts egin zuen kolpea. Une hartantxe ari zen sartzen gudu-taldea atetik. Orduan, Razisek harresira lasterka igo eta gudarien gainera bota zuen bere burua gizonki. 44 Denek atzera egin zuten berehala, eta denen aurrean gelditu zen tartean jo zuen lurra Razisek. 45 Hala ere, bizirik zegoen eta, adorez beterik, jaiki egin zen, odola parrastaka zeriola. Larri zauritua egon arren, gudarien artetik lasterka igaro eta harkaitz maldatsu baten gainera igo zen. 46 Ia erabat odolusturik, bere hesteak atera, bi eskuz hartu eta gudarien gainera jaurtiki zituen. Eta arnasa eta bizia berriro itzultzeko bizi-arnasaren Jabeari eskatuz hil zen.
Juduei erasotzeko asmoa Nikanorrek
15. atala
[aldatu]1 Judasen gizonak Samaria aldean zirela jakitean, Nikanorrek larunbatez, atseden-egunez, erasotzea erabaki zuen, inolako arriskuren beldurrik gabe. 2 Nikanorrekin, beharturik, zihoazen juduek esan zioten: «Ez itzazu hil era anker eta basati horretan. Errespeta ezazu dena ikusten duenak aukeratu eta santutu duen eguna». 3 Maltzur handi hark, ordea, galdetu zuen ba ote zen zeruan larunbata jai egiteko agindu zuen Nagusirik. 4 Juduek erantzun zioten: «Bizi den Jaunak berak, zeruko Nagusiak, agindu du larunbata jai egiteko». 5 Nikanorrek, berriz, ihardetsi zien: «Ba, nik, lurreko nagusi naizen honek, armak hartu eta erregearen alde egiteko agintzen dut». Hala ere, ezin izan zuen bere asmo gaiztoa bete.
Judasek bere gizonei adore-hitza eman
6 Nikanorrek, bere neurrigabeko handikeriaz harrotua, oroitarri bat eraikitzea erabaki zuen, Judas eta beronen gizonen gain izaniko garaipenaren oroigarri. 7 Makabearrak, aldiz, sendo eusten zion uste onari, Jaunarengandik laguntza izango zuenaren itxaropenez. 8 Eta bere lagunak adoretu zituen, jentilen beldurrik izan ez zezaten, baizik eta, lehen Jaunak eman zien laguntasunaz oroiturik, oraingoan ere garaipena Ahalguztidunak emango ziela itxaron zezaten. 9 Legea eta profetak aipatuz bizkortu zituen. Eta adore handiagoa eman zien, ordurarte izandako borrokak gogoraraziz. 10 Haien ausardia horrela pizturik, berotu egin zituen, jentilak zeinen desleial ziren eta beren zin-hitzak nola hausten zituzten esanez. 11 Gizon bakoitza armatu zuen, baina babeskiak eta lantzak ematen duten segurtasunaz baino gehiago hitz jatorrek ematen duten konfiantzaz, eta guztiak pozez bete zituen amets sinesgarri bat, ikuskari antzeko bat, kontatuz. 12 Hona hemen ikusi zuena: Onias, apaiz nagusi izana, gizon jator, eratsu eta atsegina, hizkera egokikoa, haurtzarotik onbide guztietan jarduna, besoak zabalik, otoitzean ari zen judu-elkarte osoaren alde. 13 Ondoren, beste gizon bat agertu zitzaion Judasi, ile-zuria, duintasun handikoa, tankera bikainekoa eta handitasunez inguratua. 14 Oniasek otoitz egin eta esan zuen: «Gizon hau Jeremias da, Jainkoaren profeta. Maite ditu bere senideak eta otoitz asko egiten du herriaren eta hiri santuaren alde». 15 Orduan, Jeremiasek, eskuineko eskua luzatu eta urrezko ezpata eman zion Judasi, hitz hauek esanez: 16 «Torizu ezpata santu hau; Jainkoaren dohaina duzu eta beronekin hondatuko dituzu etsaiak».
Nikanor menperatua eta hila
17 Ausardia pizteko eta gazteei adore bizia emateko hain eder ziren Judasen hitz haiek bizkorturik, kanpalekuan gelditu ordez, denak batera erasoari ausarki eta adorez ekitea pentsatu zuten juduek, arazoa erabakitzeko. Izan ere, arriskuan zeuden Jerusalem hiria, erlijioa eta tenplua. 18 Emazte eta seme-alaba, senide eta ahaideei buruz zuten kezka baino handiagoa eta lehenagokoa zen tenplu sakratuari buruz zutena. 19 Bitartean, hirian gelditu zirenen larritasuna ez zen txikiagoa, gudu-zelaian borrokan ari zirenez kezkatuak baitzeuden. 20 Zain zeuden denak arazoa zertan bukatuko ote zen. Bitartean, bildu ziren etsaiak eta gudarostea gudu-lerrotan jarri. Elefanteak toki egokietan ezarri zituzten eta zalditeria alboetan. 21 Han zeuden gudu-talde, arma-mota desberdin eta elefante haien itxura izugarria ikustean, Makabearrak dei egin zion egintza miresgarriak egiten dituen Jaunari, eskuak zerurantz jasorik. Ongi baitzekien garaipena ez duela armen indarrak ematen, baizik eta Jaunak erabakitzen duela merezi dutenei ematea. 22 Hona Judasen otoitza: «Jauna, Judako errege Ezekiasen garaian zeure aingerua bidali zenuen eta berak Senakeriben gudarosteko ehun eta laurogeita bost mila gizon hilarazi zituen. 23 Orain ere, zeruetako Jaun horrek, bidal ezazu aingeru ona, gure aurretik joan eta etsaiak beldur-ikaraz bete ditzan. 24 Jo ditzala zure beso indartsuak zure herri santuaren kontra biraoa dariola etorri direnak!» Horrela bukatu zuen otoitza. 25 Nikanorren gizonek, turuta-hots eta gudu-kantu artean, aurrera egiten zuten bitartean, 26 Judasen gizonek, Jaunari dei eta otoitz eginez, borrokari ekin zioten. 27 Armak eskuan eta Jainkoari otoizka bihotzean, hogeita hamabost mila gizon gutxienez hil zituzten. Haien poza Jainkoaren agerpen hura ikustean! 28 Borroka bukatu eta bozkarioz beteak itzultzean, Nikanorren gorpua ezagutu zuten lurrean eroria bere gudu-jantzi eta guzti. 29 Deiadar eta iskanbila artean, Jauna goretsi zuten beren arbasoen hizkuntzan. 30 Orduan, bere herritarren alde soin eta muin lehenengo lerroan borrokatu zen hark, gaztarotik bere aberkideentzat onginahia izan zuen hark, Nikanorri buru-besoak sorbalda eta guzti moztu eta Jerusalemera eramateko agindu zuen. 31 Hirira heltzean, bere herritarrei eta apaizei dei egin ondoren, aldare aurrean jarri zen Judas, eta gotorlekukoak ere etortzeko agindu zuen. 32 Orduan, Nikanor higuingarri haren burua eta Ahalguztidunaren etxe santuaren kontra biraolari hark harrokeriaz jaso zuen besoa erakutsi zizkien. 33 Ondoren, Nikanor zitalari mihia moztu zion eta, puskak eginik, txoriei emateko agindu; besoa, berriz, tenpluaren aurrean zintzilikatzeko agindu zuen, Nikanorren erokeriak izandako ordainaren ezaugarritzat. 34 Eta horrela agertu zitzaien Jauna goretsi zuten denek, zerura begira esanez: «Goretsia, bere toki santua profanatu gabe gorde duena!» 35 Gero, gotorlekuan zintzilik jarri zuen Nikanorren burua, Jaunak nola laguntzen duen denek argi eta garbi ikus zezaten. 36 Denek, aho batez, egun hura seinalatu gabe igarotzen ez uztea erabaki zuten, eta arameeraz Adar deritzan hamabigarren hilaren hamahiruan -Mardokeoren egun-bezperan- ospatzea.
LIBURUAREN BUKAERA
37 Hauek izan ziren Nikanorri buruzko gorabeherak. Handik aurrera Jerusalem hiria hebertarren esku gelditu zenez, nik hementxe bukatuko dut neure lana. 38 Nire azalpen hau ongi eta taxuz egina gelditzen dela? Horixe zen nire asmoa. Narrasa eta nola-halakoa gertatu dela? Ezin izan dut hobeki egin. 39 Ardo hutsa nahiz ur hutsa edatea kalterako da; ur-ardoa edatea, berriz, atsegingarri, eta gustu ona uzten du. Era berean, kontaeraren antolaketa bizia atsegingarri da irakurlearen belarrietarako. Hemen bukatzen dut.