Edukira joan

Biblia/1 Tesalonikarrei

Wikitekatik
Biblia
1 Tesalonikarrei
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

TESALONIKARREI LEHEN GUTUNA

Agurra


1. atala

[aldatu]

1 Paulo, Silbano eta Timoteok, Jainko Aitarekin eta Jesu Kristo Jaunarekin bat eginik dagoen Tesalonikako eliz elkarteari idazten diogu. Grazia eta bakea zuei.


Tesalonikarrak sinestedunentzat eredu

2-3 Eskerrak ematen dizkiogu beti Jainkoari zuek guztiongatik, gure otoitzetan gogoan zaituztegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakartzagu etengabe zuen sinesmen ekintzailea, zuen maitasun saiatua eta Jesu Kristo gure Jaunarengan duzuen itxaropen iraunkorra. 2-3 Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, berak aukeratu zaituztela. 5 Izan ere, guk zuei hots egindako berriona ez zitzaizuen hitz hutsez eman, Espiritu Santuaren indar beteaz baizik. Ongi dakizue zuen artean egin genuen guztia zuen onerako izan zela. 6 Eta zuek gure eta Jaunaren ereduari jarraitu zenioten, atsekabe askoren artean izanik ere, Espiritu Santuaren pozez onartu baitzenuten Jainkoaren mezua. 7 Horrela, eredu gertatu zarete Mazedonia eta Akaiako sinestedun guztientzat. 8 Izan ere, zuenetik zabaldu da Mazedonia eta Akaiara Jaunaren mezua; eta eskualde horietara ez ezik, bazter guztietara ere heldu da Jainkoarengan duzuen sinesmenaren entzutea, guk ezer esan beharrik gabe. 9 Beraiek kontatzen dute, hain zuzen, nolako harrera egin zeniguten zuengana joan ginenean eta nola, sasijainkoak utzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana itzuli zineten, berau zerbitzatzeko 10 eta zerutik etorriko den beraren Seme Jesusen zain egoteko. Jainkoak hilen artetik piztu du Jesus, eta beronek askatuko gaitu etortzekoa den haserre-zigorretik.

Pauloren jokaera tesalonikarren artean


2. atala

[aldatu]

1 Senideok, ongi dakizue gure egonaldia zuen artean ez zela alferrikakoa gertatu. 2 Dakizuenez, sufrimenduak eta irainak jasan berriak ginen Filipon; hala ere, Jainkoak emaniko ausardiaz adierazi genizuen beraren berriona zailtasun handien artean. 3 Gure predikua, izan ere, ez zen uste okerretan oinarritua, ez eta asmo maltzurrez nahiz engainuz egina ere. 4 Bestela baizik, Jainkoak berriona gure esku jartzeko gai ikusi gaituenez, horren arabera hitz egiten dugu, ez gizakiei atsegin emateko, gure bihotzak aztertzen dituen Jainkoari baizik. 5 Jauna dut lekuko, eta zuek ere badakizue, ez ginela behin ere lausenguaz baliatu, ez eta diru-gosearen eraginez jardun ere; 6 ez genuen giza onespena ere bilatu, ez zuengandik, ez besterengandik. 7 Kristoren apostolu garenez, geure aginpideaz balia gintezkeen, baina maitasun samurrez tratatu nahi izan zaituztegu, bere haurrak maitekiro zaintzen dituen amak bezala. 8 Hain bihotzeko zintuztegunez, prest geunden, Jainkoaren berriona ez ezik, bai eta geure bizia ere zuei emateko. Hainbesteraino maite zintuztegun! 9 Senideok, gogoan izan gure neke eta ahaleginak: gau eta egun egin genuen lan zuetako inorentzat zama ez izateagatik, Jainkoaren berriona hots egin genizuenean. 10 Zuek zarete testigu, eta Jainkoa ere bai, zein garbi, zuzen eta akasgabe jokatu genuen zuekin, sinestedunokin. 11 Eta ongi dakizue, aita bere seme-alabentzat bezala izan garela zuetako bakoitzarentzat, 12 zuei aholku eta adore emanez eta Jainkoari dagokion eran bizitzeko eskatuz, honek bere erreinura eta aintzara deitzen zaituztenez gero.

Berrionagatik pertsegituak

13 Horregatik, etengabe ematen dizkiogu eskerrak Jainkoari; zeren, Jainkoaren mezua hots egin genizuenean, zuek onartu egin baitzenuten: ez zenuten hartu giza hitz huts bezala, Jainkoaren hitz bezala baizik. Hala da izan ere, eta lan ederra ari da egiten zuengan, sinesten duzuenongan. 14 Benetan, senideok, zuek ere, Judean bizi diren eta Jesu Kristorenak diren Jainkoaren eliz elkarteen jarraitzaile bilakatu zarete; izan ere, haiek juduen aldetik jasan zituzten sufrimendu berberak jasan dituzue zuek ere zeuen herritarrengandik. 15 Juduek Jesus Jauna eta profetak hil zituzten, eta orain gu pertsegitzen gaituzte. Ez zaizkio Jainkoari atsegin eta gizon-emakumeentzat etsai dira, 16 galarazi egin nahi baitigute jentilei, salbatu ahal izateko, mezua predikatzea; horrela, beren bekatuen neurria betetzen ari dira etengabe; baina badatorkie gainera, eta behin betiko, Jainkoaren haserre-zigorra.

Tesalonikarrak Pauloren poz eta aintza

17 Senideok, guri dagokigunez, aldi batez zuengandik urruti aurkitu ginelarik --gorputzez, ez bihotzez--, eginahalak eta gehiago egin genituen, zuek aurrez aurre ikustera joateko. Hain baitzen gartsua gure gogoa, 18 zuei ikustaldi bat egitea erabaki genuen --ni neu, Paulo, behin baino gehiagotan saiatu ere bai--; baina Satanasek galarazi egin zigun. 19 Izan ere, nor izango da gure itxaropena eta poza? Nor, zuek izan ezik, Jauna agertuko denean beronen aurrean harro aurkeztuko dugun garaipen-koroa? 20 Bai, zuek zaituztegu geure aintza eta poza.

Timoteoren eginkizuna Tesalonikan


3. atala

[aldatu]

1 Horregatik, gehiago itxaron ezinik, Atenasen neu bakarrik gelditzea erabaki nuen, 2 eta Timoteo, gure anaia eta Kristoren berrionaren zerbitzuan Jainkoaren lankidea, bidali nizuen. Sendo eta adore zintzaten bidali nizuen, 3 eta gertatzen zitzaizkizuen atsekabeengatik inor gainbehera etor ez zedin. Badakizue horiek ditugula geure zori. 4 Zuekin ginelarik, aldez aurretik esan genizuen atsekabeak izango genituela, eta badakizue hala gertatu dela. 5 Horregatik, gehiago itxaron ezinik, Timoteo bidali nizuen zuen sinesmena zer-nola zebilen jakiteko, beldur bainintzen tentatzaileak ez ote zintuzten tentatu eta gure nekeak ez ote ziren alferrikakoak gertatu.

Timoteo berri onekin itzuli

6 Orain, ordea, etorri zaigu Timoteo zuenetik, eta berri onak ekarri dizkigu zuen sinesmenari eta zuen elkar maitasunari buruz; jakinarazi digu, beti gaituzuela maitekiro gogoan eta gu ikusteko irrika bizian zaudetela, gu zuek ikusteko gauden bezala. 7 Horrela, senideok, gure atsekabe eta estualdi guztien artean, adorez beterik utzi gaituzue zeuen sinesmenagatik. 8 Orain bai bizi naizela berriro, Jaunarekin bat eginik irauten duzuela ikusirik!

Esker ona eta eskaria

9 Nola eman guk Jainkoari behar adina esker? Hainbestekoa baita zuengatik geure Jainkoaren aurrean dugun poza! 10 Gau eta egun ahalegin guztian ari gatzaizkio Jainkoari erreguka, zuek aurrez aurre ikusi eta zuen sinesmenak oraindik dituen hutsuneak osabete ahal izatea eskatuz. 11 Jainko gure Aitak berak eta Jesus gure Jaunak bidera ditzatela zuengana gure pausoak! 12 Jaunak gero eta handiago egin dezala elkarrenganako eta guztienganako zuen maitasuna, guk zuei dizueguna handia den bezala. 13 Sendo zaitzatela barrutik, Jesus gure Jauna bere santuekin agertuko den egunean santu eta akasgabe aurkez zaitezten gure Aita Jainkoaren aurrean.


Jarraitu Jainkoari atsegin ematen

4. atala

[aldatu]

1 Azkenik, senideok, otoi eta otoi hau eskatzen dizuet Jesus Jaunaren izenean: Jainkoari atsegin emateko nola bizi guregandik ikasi zenutenez gero, saia zaitezte gero eta gehiago horrela bizitzen. 2 Badakizue nolako irakaspenak eman genizkizuen Jaunaren izenean. 3 Hau nahi du Jainkoak zuengandik: bizi zaiteztela berarentzat, sagaratuei dagokienez, eta alde egin dezazuela lizunkeriatik. 4 Joka dezala bakoitzak zentzu santuz eta errespetuz bere emaztearekin, 5 bere burua grinen menpeko egin gabe, Jainkoa ezagutzen ez duten jentilek bezala; 6 inork ez dezala gai honetan bere senidea irain edo engaina, Jauna bera baita horiez guztiez mendekatzen dena, lehen ere behin eta berriro zinez esan genizuen bezala. 7 Jainkoak ez gaitu moralgabekerian bizitzeko deitu, berarentzat sagaraturik bizitzeko baizik. 8 Beraz, irakatsi hauek gutxiesten dituenak ez du gizakia gutxiesten, bere Espiritu Santua ematen dizuen Jainkoa baizik.

Elkar maitatzeko eta lan egiteko deia

9 Elkarri zor diozuen maitasunari buruz, ez duzue nik idatzi beharrik, Jainkoak berak irakasten baitizue elkar maitatzen, 10 eta hala egiten duzue Mazedonia osoko senideekin. Hala ere, senideok, saia zaitezte, arren, gero eta maitasun handiagoa izaten 11 eta bizitza baketsua eramaten, nor bere arazoez arduratuz eta nork bere eskuz lan eginez, agindua dizuegun bezala. 12 Horrela, kristau ez direnen errespetua zeuenganatuko duzue, eta ez duzue inoren beharrik izango.

Hildako kristauen piztuera

13 Senideok, ez dugu nahi hildakoen zoriari buruz zuek ezjakinean egoterik, atsekabe ez zaitezten, itxaropenik ez dutenen antzera. 14 Jesus hil eta piztu zela egiaz sinesten badugu, era berean, Jesusekin bat eginik hil direnak ere Jainkoak berekin hartuko ditu. 15 Hau diotsuegu, Jaunaren irakatsian oinarrituz: guk, Jauna etortzean bizirik gertatuko garenok, ez diegu hil direnei aurrea hartuko. 16 Zeren, goiangeruaren ahotsez eta Jainkoaren turuta-hotsez seinalea emanik, Jauna bera jaitsiko baita zerutik, eta aurrena Kristorekin bat eginik hildakoak piztuko dira; 17 gero gu, artean bizirik izango garenok, haiekin batean eramango gaituzte hodeietan, airean Jaunarekin topo egitera. Eta horrela beti Jaunarekin egongo gara. 18 Adore ezazue, beraz, elkar hitz hauekin.

Erne egon Jaunaren etorreraren zain


5. atala

[aldatu]

1 Senideok, hori noiz eta nola izango den, ez duzue nik idatzi beharrik. 2 Zeuek dakizue aski ongi Jaunaren eguna ustekabean etorriko dela, lapurra gauez bezala. 3 Jendea <<Hau bakea eta segurtasuna!>> esaten ariko denean, orduan etorriko zaie hondamendia gainera, ustekabean, haurdun dagoenari erdiminak bezala, eta ez dute ihes egiterik izango. 4 Zuek, ordea, senideok, ez zarete ilunpetan bizi, eta egun horrek ez du zuek lapurrak bezala zertan harrapatu. 5 Zuek guztiok argiaren eta egunaren aldeko zarete; ez gaude, ez, gauaren eta ilunaren menpean. 6 Beraz, ez dezagun lorik egin gainerakoek bezala, baizik eta egon gaitezen erne eta argi. 7 Lo egiten dutenek gauez egiten dute lo, eta mozkorrak gauez dira mozkortzen. 8 Guk, ordea, egunarenak garenok, argi behar dugu egon, geure armak prest ditugula: sinesmena eta maitasuna bularrekotzat, salbamenaren itxaropena burukotzat. 9 Izan ere, Jainkoak ez gaitu bere haserre-zigorra jasateko nahi, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez salbamena iristeko baizik. 10 Jesu Kristo guregatik hil zen, gu, nahiz esna nahiz lo, berarekin bat eginik bizi gaitezen. 11 Horregatik, bada, eman adore elkarri eta lagundu batak besteari, egiten duzuen bezala.


Azken aholkuak

12 Senideok, elkarte-buru dituzuenei, zuen artean hainbeste lan egin eta zentzarazten zaituztenei, begiramena izateko eskatzen dizuegu Jaunaren izenean. 13 Adierazi beraiei onespen eta maitasunik handienak, egiten dutenarengatik. Bizi bakean elkarrekin. 14 Otoi, senideok: zentzarazi zabar dabiltzanak, eman adore bihozgabetuei, eutsi ahulei, izan eramanpen guztiekin. 15 Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde eta saia zaitezte beti elkarri eta denei ongi egiten. 16 Zaudete beti pozik. 17 Egin otoitz aspergabe. 18 Eman eskerrak beti, Jainkoak horixe eskatzen baitizue, Kristo Jesusenak zaretenez. 19 Ez itzali Espirituaren indarra, 20 ez gutxietsi profezi dohainik. 21 Aztertu gauza guztiak eta hartu on dena. 22 Zaindu zeuen buruak edonolako gaiztakeriatik.

Azken agurra

23 Bakea ematen duen Jainkoak erabat bereak egin zaitzatela, eta zuen izate osoak --gorputz, arima eta espiritu-- errugabe iraun dezala Jesu Kristo gure Jauna agertuko den egunera arte. 24 Leiala da dei egiten dizuena, eta beteko du hitz emana. 25 Senideok, egin otoitz guretzat ere. 26 Agurtu besarkada santuaz senide guztiak. 27 Jaunarengatik eskatzen dizuet: irakurri senide guztiei gutun hau. 28 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuekin. \z