Biblia/Kolosarrei

Wikitekatik
Biblia
Kolosarrei
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

KOLOSARREI GUTUNA

Agurra


1. atala[aldatu]

1 Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Kristo Jesusen apostolu naizen honek, eta Timoteo anaiak Kolosan bizi zareten kristau fededun eta senide leialoi idazten dizuegu. 2 Jainko gure Aitak eman biezazkizue grazia eta bakea.

SARRERA (1,3-14)

Esker onezko otoitza

3 Zuen alde otoitz egitean, eskerrak ematen dizkiogu etengabe Jainkoari, Jesu Kristo gure Jaunaren Aitari, 4 jakin baitugu nola sinesten duzuen Kristo Jesusengan eta nola maite dituzuen fededun guztiak; 5 zeruan Jainkoak zuentzat prestatua duen sariaren itxaropenak eragiten dizue horretara, berriona --egiaren mezua-- zuengana iritsi zenean ezagutu zenuten itxaropenak, alegia. 6 Berrionaren mezua, Jainkoaren onginahiaren berri izan eta egiaz ezagutu zenuten egunetik bertatik ari da zuen artean hazten eta fruitua ekartzen, mundu guztian ari den bezalaxe. 7 Epafras gure lankide maiteak eta zuentzat Kristoren zerbitzari leial denak irakatsi zizuen horrela. 8 Hark jakinarazi digu nolako maitasuna sortzen duen zuengan Espirituak.

Kristauen alde otoitza

9 Horregatik, berri hauek aditu genituen egunetik etengabe ari gara zuen alde otoitzean. Jainkoari eskatzen diogu, jakinduria osoz eta Espirituak ematen duen ulermenaz jantzirik, Jainkoaren nahia zein den bete-betean ezagut dezazuela. 10 Horrela, Jaunari zor zaion bezala biziko zarete, atsegin duen guztia eginez, era guztietako egintza onen fruitua emanez eta Jainkoa gero eta sakonago ezagutuz. 11 Jainkoaren ahalmen aintzatsuak indar zaitzatela, dena jasateko eramanpena eta pazientzia izan ditzazuen, 12 eta, bozkarioz beterik, eskerrak eman diezazkiozuen Aitari, argiaren erreinuan bere herri santuarentzat prestaturik dituen ondasunetan parte izateko gai egin zaituztenari. 13 Berak atera gaitu ilunpearen menpetik eta bere Seme maitearen erreinura aldatu; 14 honengan dugu askapena, bekatuen barkamena.

KRISTOREN MISTERIOA (1,15--2,5)

Jainkoaren salbamen-asmoa, Kristorengan burutua

15 Jainko ikusezinaren irudi da Kristo, izaki guztietan lehen-sortua. 16 Beraren bidez sortu zituen Jainkoak zeru-lurretan diren gauza guztiak, ageri direnak eta ez direnak: munduan agintzen duten ahalmen, nagusi, aginte eta botereak. Kristo da sortua izan den guztiaren eredu eta helburu. 17 Gauza guztiak baino lehenago da bera, eta berari esker diraute elkarloturik.

18 Kristo da gorputzaren burua, Elizarena alegia. Bera da hasiera, hilen artetik lehen piztua, eta gauza guztietan lehentasuna dagokio; 19 Jainkoak nahi izan baitu bere izaeraren betea Kristorengan egotea, 20 eta honen bitartez gauza guztiak berekin adiskidetzea, bai zerukoak eta bai lurrekoak, berak gurutzean isuritako odolaz bakea ekarriz.

Kristoren bitartez Jainkoarekin adiskidetuak

21 Zuek ere, garai batean, Jainkoarengandik urruti zeundeten eta haren etsai zineten zeuen egintza txarrengatik. 22 Baina orain berekin adiskidetu egin zaituzte Jainkoak, Kristok bere gorputz hilkorrean jasandako heriotzari esker, beraren aurrean santu, errugabe eta akasgabe ager zaitezten. 23 Horretarako, ordea, sinesmenean sendo oinarriturik, entzun duzuen berrionari esker duzuen itxaropenean ongi finkatuak iraun behar duzue. Berrion hori zerupeko izaki guztiei hots egin zaie, eta ni, Paulo, berrion horren zerbitzari egin nau Jainkoak.

Pauloren ministeritza Kristoren misterioaren zerbitzuan

24 Pozik nago orain, zuen alde jasaten ditudan sufrimenduengatik. Horrela, gorputzean jasaten ari naizen atsekabeak Kristoren atsekabeei eransten dizkiet haren gorputza den Elizaren alde. 25 Elizaren zerbitzari bihurtu naiz ni, Jainkoak bere mezua zuei oso-osorik eramateko eginkizuna eman baitit. 26 Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, mendeetan eta gizaldietan gordea eduki ondoren, orain bere fededunei agerturiko asmoari buruzkoa, alegia. 27 Hauei jakinarazi nahi izan die Jainkoak zeinen aberats eta aintzatsu den jentilentzat asmo ezkutu hori; zuengan den eta aintzarako itxaropen duzuen Kristori buruz ari natzaizue. 28 Kristo hauxe ari gara hots egiten, denei aholku emanez eta ahalegin guztian irakatsiz, denak beren kristau-bizitzan heldutasun betera irits daitezen. 29 Honetarako nekatzen eta borrokatzen naiz, niregan kemen handiz ari den Kristoren indarra euskarri dudalarik.


2. atala[aldatu]

1 Jakin behar duzue nolako borroka gogorrean ari naizen ni zuen alde, Laodizeakoen alde eta ni neu ikusi ez nauten beste senide guztien alde. 2 Haiek adorez bete daitezen ari naiz horrela eta, maitasunean bat eginik, Jainkoaren asmo ezkutua den Kristo aberastasun oso-osoan ulertzera eta sakon ezagutzera hel daitezen. 3 Beronengan daude gordeak jakinduriaren eta ezagueraren ondasun guztiak. 4 Arrazoi maltzurrez inork engaina ez zaitzaten diotsuet hau. 5 Gorputzez zuengandik urruti egonik ere, espirituz zeuekin naukazue; pozik, Kristorengan zeinen egoki eta sendo sinesten duzuen ikustean.

KRISTOREKIN PIZTU DIRENEN JOKABIDE BERRIA (2,6--4,1)

Kristorengan bakarrik betetasuna

6 Beraz, Kristo Jesus Jauna onartu duzuenez gero, jarraitu berari dagokionez bizitzen. 7 Harengan errotuak eta oinarrituak, iraun sendo sinesmenean, irakatsi zaizuen bezala, eta eman eskerrak etengabe. 8 Begira, gero, inork pentsaera eta argudio hutsalez engaina ez zaitzaten; horiek giza pentsamoldearen ondorio dira eta munduan agintzen duten indarretan oinarrituak daude, eta ez Kristorengan. 9 Jainkoaren izaera Kristo gizon eginarengan dago bete-betean; 10 eta zuek ere, munduko aginte eta botereen buru den Kristoren bitartez lortu duzue zeuen betetasuna. 11 Zuek ere erdainduak zaudete, baina ez giza eskuz egindako erdainkuntzaz; Kristok erdaindu zaituzte, zeuen bekatuzko izaeratik askatuz. 12 Bataioaren bidez Kristorekin lurperatuak izan zarete eta piztu ere, berarekin piztu zarete, bera hilen artetik piztu zuen Jainko ahaltsuagan sinetsi duzuelako. 13 Garai batean, hilda zeundeten zeuen bekatuengatik eta zeuen bekatuzko izaeragatik; baina Jainkoak biziarazi egin zaituzte Kristorekin batera, bekatu guztiak barkaturik. 14 Gu gaitzesten gintuen epai-agiria suntsitu egin du eta gurutzean josiz deuseztatu. 15 Munduko aginte eta botereak indargabetu egin ditu eta denen aurrean lotsagarri agerrarazi, Kristoren bitartez haien gain garaipena lortu ondoren. 16 Ez zaitzatela, beraz, inork gaitzets jan-edanak edo jaiegun, ilberri nahiz larunbatak direla eta. 17 Hori guztia etortzeko ziren gauzen itzala besterik ez da; errealitatea Kristo da. 18 Ez zaitzatela gaitzets apal-itxuran agertu eta aingeruen kultua atsegin duten horiek; ikuskarietan murgiltzen dira eta beren giza burutapen ergelez harropuzturik dabiltza. 19 Halakoak ez daude buru den Kristorekin loturik, eta Kristo da, hain zuzen, buru bezala, lokailu eta junturen bitartez gorputz osoa elkarlotzen duena eta, Jainkoak nahi bezala, hazarazten duena.

Bilatu zeruko gauzak

20 Kristorekin hil bazarete eta munduan agintzen duten indarretatik askatu, zergatik makurtzen zarete oraindik arauetara, mundukoak bazinete bezala? 21 <<Ez hartu, ez dastatu, ez ukitu>> esaten dizuete. 22 Arau horiek, erabiliaren erabiliz ezerezten diren gauzei buruzkoak dira, eta giza arau eta irakaspen baino ez. 23 Egia esan, irakatsi horiek badute jakinduri tankera, erlijiotasunaz, apalkuntzaz eta gorputza gogor hartzeaz ari baitira; baina ez dute ezertarako balio, norberekeria asetzeko ez bada.


3. atala[aldatu]

1 Beraz, Kristorekin piztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo Jainkoaren eskuinaldean eseria. 2 Jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan, 3 hilik baitzaudete, eta egiazko zuen bizia Kristorekin dago Jainkoarengan gordea. 4 Kristo, zuen bizia, agertuko denean, orduan harekin aintzatsu agertuko zarete zuek ere.

Gizon-emakume berrien jokabidea

5 Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, zikinkeria, irrits eta grina txarrak eta idolatria den diru-gosea. 6 Honelako gauzek pizten dute Jainkoaren haserrea errebeldeen gain. 7 Zuek ere, garai batean, ibiliak zarete horrela, halakoetan bizi zinetenean. 8 Orain, ordea, bazter itzazue horiek guztiak, hau da, haserrea, gorrotoa, gaiztakeria, irainak eta hizkera gordina. 9 Ez jarraitu elkarri gezurrak esaten, izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi 10 eta berria jantzi duzuenez gero; izaki berri zarete, bere egile den Jainkoaren irudira eraberrituz doana, hura gero eta sakonago ezagutzeko. 11 Harentzat ez dago ez greziarrik eta ez judurik, ez erdaindurik eta ez erdaingaberik, ez kultura handiagoko nahiz txikiagokorik, ez esklaborik eta ez librerik: Kristo da dena, eta denetan bizi da. 12 Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz. 13 Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri. 14 Eta guztien gainetik, jantz zaitezte maitasunez, hau baita elkartasun betearen lokarria. 15 Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan, horretara deitu baitzaituzte Jainkoak gorputz batean elkartuz. Eta izan zaitezte esker oneko. 16 Bizi bedi oparo zuengan Kristoren mezua. Irakatsi eta zentzarazi elkar jakinduria osoz. Kantatu Jainkoari esker onez eta bihotzez salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak. 17 Eta esan nahiz egin dezazuen guztia, egizue Jesus Jaunaren izenean, honen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.

Bizitza berriaren eskakizunak

18 Emazteok, izan senarren menpeko, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala. 19 Senarrok, maitatu emazteak eta ez izan horiekin zakar. 20 Seme-alabok, izan beti gurasoen esaneko, hori baitu Jaunak gogoko. 21 Gurasook, ez sumindu seme-alabak, bihozgabe ez daitezen. 22 Esklabook, izan beti mundu honetan nagusi dituzuenen esaneko; ez jagolearen begiradapean edo gizakiei atsegin izateko bakarrik, bihotz-bihotzez baizik, Jaunarenganako begiruneagatik. 23 Egin dezazuen guztia egizue gogo osoz, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat, 24 jakinik Jaunarengandik jasoko duzuen ondarea duzuela saria. Zuek Kristo, benetako nagusia, duzue zerbitzatzen. 25 Gaizki jokatzen duenak, dena dela, bere merezia hartuko du, Jainkoak ez baitu bereizkeriarik egiten.


4. atala[aldatu]

1 Nagusiok, eman zeuen esklaboei zuzen eta bidezko dena, jakinik zuek ere baduzuela zeruan nagusia.

AZKENA (4,2-18)

Zenbait aholku

2 Izan iraupentsu otoitzean, beti erne Jainkoari eskerrak emanez. 3 Egin otoitz gure alde ere, Jainkoak mezua hots egiteko eta Kristoren misterioa adierazteko aukera eman diezagun, misterio horrengatik bainago kartzelan. 4 Egin otoitz misterioa behar bezalako hitzez adierazi ahal izan dezadan. 5 Joka ezazue zuhur kristau ez direnekin, une egokiez baliatuz. 6 Zuen hizketa izan dadila beti atsegina eta gaztuna, bakoitzari dagokion eran erantzuten jakinez. 7 Tikiko anaia maiteak, zerbitzari leial eta Jaunaren zerbitzuan lankide dudanak, emango dizue nire gorabeheren berri. 8 Horretarakoxe bidaltzen dizuet, nire berri eman diezazuen eta adorez bete zaitzaten. 9 Berarekin batera, zeuen herritar Onesimo anaia leial eta maitea bidaltzen dizuet. Hauek emango dizuete hemen gertatzen den guztiaren berri.

Azken agurra

10 Goraintziak ene kartzela-lagun Aristarko eta Bernaberen lehengusu Markosen izenean (hau zuek ikustera joango balitz, har ezazue ongi, agindua dizuedanez). 11 Goraintziak Justo deritzan Jesusen izenean ere. Judu-jatorrikoetatik hauek dira Jainkoaren erregetza zabaltzen nirekin lanean ari diren bakarrak, eta oso kontsolagarri gertatu zaizkit. 12 Herritar duzuen Epafrasek ere, Kristo Jesusen zerbitzariak, agur egiten dizue; zuen alde eginahalean otoitzean dihardu beti, tinko iraun dezazuen, Jainkoaren nahia betetzera erabat emanak. 13 Neu nauzue testigu zenbat neke hartzen duen zuengatik, bai eta Laodizea eta Hierapoliskoengatik ere. 14 Goraintziak Lukas sendagile maitearen eta Demasen izenean. 15 Agur itzazue Laodizeako senideak, Ninfa eta honen etxean biltzen den eliz elkartea. 16 Zuek irakurri ondoren, bidali gutun hau Laodizeako eliz elkarteari ere, irakur dezaten. Eta zuek ere irakurri Laodizeara bidali nuena. 17 Esan Arkipori, saia dadila Jaunarengandik hartu zuen eginkizuna betetzen. 18 Neure eskuz idazten dizuet azken agurra: Paulok. Oroit zaitezte kartzelan nagoela. Grazia zuekin. \z