Edukira joan

Biblia/Filipoarrei

Wikitekatik
Biblia
Filipoarrei
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

FILIPOARREI GUTUNA

Agurra


1. atala

[aldatu]

1 Paulo eta Timoteok, Jesu Kristoren zerbitzariok, Filipon bizi zareten kristau fededun guztioi eta bertako elkarte-zuzendari eta laguntzaileoi idazten dizuegu. 2 Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.


Esker ona eta eskaria

3 Zuetaz oroitzen naizen bakoitzean eskerrak ematen dizkiot neure Jainkoari. 4 Pozik egiten dut zuen guztion alde otoitz beti, 5 lehenengo egunetik orain arte berrionaren zerbitzuan lankide izan baitzaituztet. 6 Badakit ziur, zuengan hain lan ederra hasi zuenak burutu ere egingo duela, Kristo Jesus berriro agertuko den egunera arte. 7 Bidezko iruditzen zait zuen guztionganako dudan sentipen hau, barru-barruan baitzaramaztet; izan ere, partaide zaituztet Jainkoarengandik hartu dudan dohainean, bai preso nagoen honetan, bai berriona defendatzeko eta sendotzeko aukera dudanean ere. 8 Jainkoa dut lekuko nola nagoen zuek guztiok ikusteko irrikaz Jesu Kristoren maitasun eztiaren eraginez. 9 Eta hauxe eskatzen dut otoitzean: zuen maitasuna izan dadila ezagueraz geroz eta jantziagoa eta sentiberatasunez biziagoa, 10 egokien dena bereizten jakin dezazuen; horrela, Kristo agertuko den egunean garbi eta errugabe aurkituko zaituzte, 11 Jesu Kristok guregan betetzen dituen egintza onetan aberats, Jainkoaren aintza eta gorespenerako.

Paulorentzat bizitzea Kristo da

12 Jakin behar duzue, senideok, bizi dudan egoera berrionaren aurrerapenerako lagungarri gertatu dela. 13 Izan ere, gobernariaren jauregikoek eta gainerako guztiek garbi ikusi dute Kristorengatik nagoela preso. 14 Eta ni preso egoteari esker, gure senide gehienak, Jaunarenganako konfiantzan indarberriturik, ausartago sentitzen dira Jainkoaren mezua beldurrik gabe hots egiteko. 15 Egia da, bai, batzuk bekaizkeriaz eta nireganako etsaigoz ari direla Kristo predikatzen; baina beste batzuk asmo onez ari dira. 16 Hauek maitasunez jokatzen dute, hemen berriona defendatzeko nagoela jakinik; 17 besteek, berriz, nire aurkako lehian predikatzen dute Kristo; ez dira asmo garbiz ari, nire kate hauek astunago egin nahian baizik. 18 Baina niri zer? Edonola ere, itxurakeriaz nahiz egiaz, Kristo predikatzen dute, eta honek pozten nau. Eta are gehiago poztuko naiz, 19 ondo baitakit, zuen otoitzari esker eta Jesu Kristoren Espirituaren laguntzaz bizi dudan egoera hau salbamenerako gertatuko zaidala: 20 itxaropen sutsua dut ez didala usteak huts egingo eta ziur nago beti bezala orain ere, bizi nadila ala hil, Kristok bere handitasuna agertuko duela niregan. 21 Izan ere, niretzat bizitzea Kristo da eta hiltzea irabazpide. 22 Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal baneza, ez nuke jakingo zer hautatu. 23 Alde bietatik nago erakarria: alde batetik, hil egin nahi nuke, Kristorekin egoteko, hau askogatik onena delarik; 24 baina bestetik, nik bizitzen jarraitzea beharrezkoagoa da zuentzat. 25 Eta honetaz ziur nagoelarik, badakit gelditu egingo naizela eta zuekin guztiokin jarraituko oraindik, zuen sinesmenaren aurrerapen eta pozerako. 26 Horrela, zuek ikustera berriro joatean, Kristo Jesusenak izateaz duzuen harrotasuna areagotu egingo da niri esker.


Sinesmenean sendo

27 Hauxe besterik ez dizuet eskatzen: zuen jokabidea Kristoren berrionari dagokiona izan dadila. Ni zuek ikustera joan ala ez, gauza bera entzun nahi nuke zuetaz: gogo berean sendo zaudetela eta, elkarrekin bat eginik, berrionarekiko leialtasunaren alde borrokan ari zaretela, 28 etsaien aurrean ezertan beldurtu gabe; zuen kemen hori hondamen-bidean daudenaren seinale izango da etsaientzat; zuentzat, ordea, salbamenaren seinale. Hala erabaki du Jainkoak. 29 Izan ere, dohain hau eman dizue Jainkoak: Kristorengan sinestea ez ezik, harengatik sufritzea ere bai, 30 niregan ikusi zenuten eta orain entzuten duzuen borroka berbera egiten duzuelarik.

Kristo bezala apal


2. atala

[aldatu]

1 Beraz, egia bada Kristok aholku ematen dizuela eta maitasunak adorez betetzen zaituztela, egia bada Espirituagan bat eginik bizi zaretela eta bihozbera eta gupidatsu zaretela, 2 bete nazazue pozez, denok iritzi eta sentiera bereko izanez, elkar maitatuz eta ongi hartuz. 3 Ez egin deus ere norgehiagokeriaz edota harrokeriaz, apaltasunez baizik, besteak norbera baino hobeak direla pentsatuz; 4 ez nork bere onari bakarrik begiratuz, besteena ere bilatuz baizik. 5 Izan itzazue zeuen artean Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak.

6 Kristo Jesusek, Jainko-izaerako izanik, ez zion gogor eutsi nahi izan 7 jainkozko bere mailari; bestela baizik, hustu egin zen bere handi-izateaz eta esklabo-izaera hartu zuen, gizakien antzeko eginez. Gizaki huts bezala agertuz, 8 apaldu egin zuen bere burua, heriotzaraino menpeko eginez, gurutzean hiltzeraino. 9 Horregatik, denen gainetik goratu zuen Jainkoak eta izen guztietan bikainena eman zion, 10 Jesusen izenaren omenez, zeruan, lurrean eta lur azpian, guztien belaunak makur daitezen, 11 eta mihi orok aitor dezan Jesu Kristo dela Jauna, Jainko Aitaren aintzarako.

Izarrak bezala munduan

12 Nire esana beti egin duzuenez gero, ene maiteok, egizue orain ere, hor ez nagoelarik; ez hor nagoenean bezala bakarrik, askoz gehiago baizik. Saia zaitezte zeuen salbamena begirune santuz burutzen; 13 Jainkoa da, izan ere, bai nahi izateko eta bai burutzeko gai egiten zaituztena, berak nahi bezala. 14 Egizue dena marmarrik eta eztabaidarik gabe, 15 gizarte maltzur eta gaizto honen erdian garbi eta akasgabe, Jainkoaren seme-alaba errugabe, izan zaitezten; gizarte honetan izarrek munduan bezala egiten duzue argi, 16 bizia ematen duen mezuari tinko eutsiz. Horixe izango dut nik harrobide Kristo agertuko den egunean, nire lehia eta nekeak ez baititut alferrik emanak izango. 17 Eta zuen sinesmenaren kultu-zerbitzua burutzeko nire bizia opari eskaini behar badut ere, pozik nago eta alaitu egiten naiz zuekin guztiokin. 18 Poz zaitezte horrela zuek ere eta alaitu nirekin batera.

Timoteo eta Epafrodito Pauloren lankide

19 Jesus Jaunaren laguntzaz, Timoteo laster zuengana bidaltzeko itxaropena dut, zuen berri jakinik ni ere bizkor nadin. 20 Ez dut, izan ere, beste adiskide minik, ni neu bezala zuen gauzez benetan arduratzen denik; 21 nor bereaz axolatzen dira denak eta ez Jesu Kristorenaz. 22 Baina ezagutzen duzue Timoteoren jokaera jatorra eta nola egin duen lan nirekin seme batek aitarekin bezala, berrionaren zerbitzuan. 23 Hori bidaltzea espero dut, bada, nire arazoak nola doazen ikusi bezain laster. 24 Baina badut konfiantza, Jauna lagun, neu ere zuengana laster joango naizela. 25 Bitartean, beharrezko iruditu zait Epafrodito anaia maitea, lanean eta borrokan lagun izan dudana, zuengana bidaltzea. Zuek nire premian laguntzeko bidali zenidaten; 26 baina orain zuek guztiok ikusteko irrika bizia zuen eta oso kezkaturik zegoen, beraren gaixotasunaren berri izan zenutela jakinik. 27 Egia da, gaixo egon zen, ia hilzorian; baina Jainkoa errukitu egin zitzaion, eta berari ez ezik, bai eta niri ere, nahigabea nahigabearen gain izan ez nezan. 28 Horrela, bada, ahalik lasterren bidali dizuet, hura berriro ikustean poz zaitezten eta ni lasaiago senti nadin. 29 Hartzazue Jaunaren izenean poz handiz, eta ohoratu beti hori bezalakoak direnak. 30 Izan ere, Kristoren aldeko lanarengatik ia hilzorian egon da eta bere bizia arriskuan jarri du, zuek niri laguntzeko egin ezin zenutena zuen ordez berak egin nahirik.

3. atala

[aldatu]

1 Gainerakoan, senideok, poz zaitezte Jaunarengan.


Kristorengan uste on izan eta bizi

Zuei beti gauza berak idaztea niretzat ez da nekagarri; zuentzat, berriz, sendogarri da. 2 Kontuz zakur horiekin! Kontuz erdainkuntza faltsua proposatzen dizueten langile txar horiekin! 3 Izan ere, gu baikara egiaz erdainduak, giza mailako gauzetan uste ona jarri gabe Jainkoa Espirituaren eraginez gurtzen dugunok eta Kristo Jesusengan harrotzen garenok. 4 Eta hori, nik ere badudalarik giza mailako gauzetan uste ona jartzeko arrazoia. Norbaitek gauza horietan uste ona jar dezakeela pentsatzen badu, nik gehiago: 5 jaio eta zortzi egunera erdaindu ninduten; jatorriz israeldarra naiz, Benjaminen leinukoa, hebertar-hebertarra; legea ulertzeko moduari dagokionez, fariseua; 6 Elizaren pertsegitzaile sutsua eta legeak agintzen duen guztia betetzen akatsik gabea izana. 7 Baina baliotsutzat nituen gauza guztiok, baliogabetzat jo nituen Kristorengatik. 8 Eta are gehiago, nire ustetan deusek ere ez du ezer balio Kristo Jesus ene Jauna ezagutzearen dohain paregabearen aldean. Kristorengatik dena galdu dut eta dena zaborraren pareko jotzen dut, hura irabaztearren 9 eta harekin bat eginik bizitzearren. Ez dut neurez salbatu nahi, legea betetzetik datorren salbamenaz, alegia, Kristorengan sinestetik datorrenaz baizik, Jainkoak sinesmenaren bidez ematen didan salbamenaz, alegia. 10 Kristo nahi dut ezagutu, neuregan haren piztueraren indarra nahi dut sumatu eta haren oinazeetan partaide izan haren heriotza neuregan berrituz, 11 horrela nik ere hildakoen piztueran parte izango dudan itxaropenez.

Helburua lortzeko lehia

12 Ez dut esan nahi hori lortu dudanik edota helmugara heldu naizenik; baina lehia bizian ari naiz ea eskuratzen dudan, Kristo Jesusek ni neu beretzat eskuratu ninduenez gero. 13 Senideok, ez dut uste dagoeneko hori iritsia dudanik; baina, atzean gelditu denaz ahazturik, aurrera jotzen dut 14 eta helbururantz lehiatzen naiz saria iristeko; horretara deitzen baitit Jainkoak goitik Kristo Jesusen bitartez. 15 Gu guztiok, kristau heldu garenok, jo dezagun bide horretatik; eta, bestela pentsatzen baduzue, Jainkoak argi ikusaraziko dizue horretan ere. 16 Nolanahi ere, eutsi diezaiogun tinko lortu dugun mailari. 17 Senideok, izan zaitezte nire antzeko, eta begiratu guregan duzuen ereduaren arabera bizi direnei. 18 Izan ere, asko dira Kristoren gurutzearen etsai bezala bizi direnak. Askotan esan dizuet eta berriro diotsuet orain, malko artean. 19 Horrelakoen azkena hondamena da; sabela dute jainko, beren lotsarietan harrotzen dira eta lurreko gauzetan bakarrik pentsatzen dute. 20 Gu, ordea, zeruko hiritar gara eta handik itxaro dugu salbatzailea: Jesu Kristo Jauna; 21 hark antzaldatuko du gure gorputz ezerez hau, bere gorputz aintzatsuaren irudiko eginez, gauza guztiak bere menpe jartzeko duen ahalmenari esker.


4. atala

[aldatu]

1 Ene senide maiteok, irrika biziz nago zuek ikusteko. Zuek, maiteok, ene poz eta koroa zaretenok, iraun ezazue Jaunari tinko atxikiak.

AZKEN AHOLKUAK,

Jaunarengan poztuz

2 Ebodia eta Sintikeri, Jaunarengatik, bat etor daitezela eskatzen diet. 3 Zuri, lagun zintzo horri, emakume horiei laguntzeko eskatzen dizut, nirekin batera borrokatu baitziren berrionaren alde, Klemente eta gainerako nire lankideekin batera; hauen izenak biziaren liburuan idatzirik daude. 4 Poz zaitezte Jaunarengan beti! Berriro diotsuet, poz zaitezte! 5 Ikus dezala jende guztiak zeinen bihozbera zareten. Hurbil da Jauna! 6 Ez eduki ezeren kezkarik, baizik eta, gorabehera guztietan, agertu Jainkoari zeuen eskabideak, otoitz eta erregu eginez eta eskerrak emanez. 7 Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen bidez. 8 Gainerakoan, senideok, hartzazue aintzat egiazko, gizabidetsu, zuzen, garbi, maitagarri eta goresgarri, bertutetsu eta onargarri den guztia. 9 Egizue niregandik ikasi, hartu eta entzun zenutena eta niregan ikusia. Eta bakea ematen digun Jainkoa zeuekin izanen duzue.

Filipoarrei eskerrak emanez

10 Poz handia hartu dut kristau bezala, nireganako duzuen ardura nabarmen agertu delako; bazenuten lehendik ere, baina agertzeko aukerarik ez. 11 Ez diot hau ezeren beharrean nagoelako, ni neu edozein egoeratan neurez moldatzen ikasia bainago; 12 badakit eskasian nahiz ugaritasunean bizitzen. Edozein egoeratan zaildua eta edozertara jarria nago: aserik nahiz goseak egotera, ugari edukitzera nahiz beharrizanera. 13 Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan. 14 Hala ere, ederki egin zenuten nire atsekabean zeuen solidaritatea agertzean. 15 Badakizue gainera zuek, filipoarrok, berriona zabaltzen hasi berrian Mazedoniatik atera nintzenean, eliz elkarte bat ere ez zela nire gastuen kargu egin, zuek izan ezik; 16 Tesalonikan nintzelarik ere bidali zenidaten behin eta birritan nire premietarako behar nuena. 17 Ez uste izan neuretzako mesede bila nabilenik; zuen aldeko kontua handitzea nahi dut. 18 Hartu dut, bada, dena, eta sobera daukat; oso ongi hornitua nago, Epafroditoren eskuz bidali didazuena hartu ondoren. Jainkoak atseginez onartzen duen oparia da zuen emaitza. 19 Nire Jainkoak, bere aldetik, bere aberastasun harrigarriaren arabera erantzungo dizue zeuen premia guztietan, Kristo Jesusen bitartez. 20 Aintza Jainko gure Aitari menderen mendetan. Amen.

Azken agurra

21 Agur itzazue kristau fededun guztiak. Nirekin dauden senideek agurtzen zaituztete. 22 Fededun guztiek agurtzen zaituztete, enperadorearen etxean daudenek batez ere. 23 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuekin. \z