Edukira joan

Biblia/Efesoarrei

Wikitekatik
Biblia
Efesoarrei
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

EFESOARREI GUTUNA

Agurra


1. atala

[aldatu]

1 Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Kristo Jesusen apostolu naizen honek, Efeson bizi zareten fededunoi, Kristo Jesusengan sinesten duzuenoi, idazten dizuet. 2 Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.


Jainkoaren salbamen-asmoa

3 Goretsia izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita, zeruan, Kristoren bitartez, Espirituaren ondasun oroz bedeinkatu gaituena! 4 Kristorengan aukeratu gintuen mundua mundu izan baino lehen, haren aurrean santu eta akasgabe izan gaitezen maitasunez. 5 Bere onginahiak eraginda ordutik zuen erabakia, Jesu Kristoren bitartez gu seme-alabatzat hartzea, 6 bere Seme maitearengan eskuzabal eman digun dohain zoragarria berarentzat gorespen-kantu bihur dadin. 7 Semeak bere heriotzaz askapena eta bekatuen barkamena lortu dizkigu, Jainkoaren eskuzabaltasun agorrezinaren erakusgarri; 8 bere eskuzabaltasunaren dohainak oparo isuri ditu gure gainera, jakinduria eta ezaguera oroz gu hornituz. 9 Bere asmo ezkutua, bere onginahiaz erabakia zuen asmoa, ezagutarazi digu: 10 historia bere betetasunera eramatea, gauza guztiak, nola zerukoak hala lurrekoak, Kristo buru dela, batean bilduz. 11-12 Honen bitartez gara oinordeko gu ere, lehendik Mesiasengan itxaropen genuenok, gauza guztiak berak nahi bezala egiten dituen Jainkoak aurrez aukeratu baikaitu bere asmoaren arabera, bere aintzaren gorespen-kantu izan gaitezen.

13 Eta zuek ere egiaren mezua, salbatzen zaituzten berriona, entzun eta Kristorengan sinetsi duzuenok, aginduriko Espiritu Santuak zigiluz bezala markatu zaituzte; 14 Espiritua da hartuko dugun ondarearen garantia, harik eta Jainkoak bere egin duen herria askapen osora iritsi arte eta haren aintzaren gorespen-kantu izan gaitezen arte.

Kristo gure Jaunaren nagusigoa

15 Horregatik, Jesus Jaunarengan nola sinesten duzuen eta fededun guztiak nola maite dituzuen jakinik, 16 etengabe ari natzaio Jainkoari zuengatik eskerrak ematen, ene otoitzetan zuetaz oroituz. 17 Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintza guztia dagokion Aitak, jakinduria eta goi-argia eman diezazkizuela, bera zer-nolakoa den sakonki ezagutzeko. 18 Argi ditzala zuen barruko begiak, jakin dezazuen zer itxarotera deitu zaituzten, zeinen zoragarria den fededunentzat ondare gisa prestatua duen aintza 19-20 eta zeinen handia den sinestedunen alde erabiltzen duen bere ahalmena. Indar ahaltsu hori Kristorengan erakutsi zuen Jainkoak, hura hilen artetik piztu eta zeruan bere eskuinaldean eserarazi zuenean. 21 Munduko aginte, botere, indar eta nagusigo ororen gainetik eta, mundu honetan ez ezik, datorren munduan ere aipagarri den edozeinen gainetik ezarri zuen. 22 Dena jarri du Jainkoak Kristoren oinazpian, eta berau egin du denen gainetik Elizaren buru. 23 Eliza haren gorputza da, unibertsoa erabat betetzen duen Kristok erabat betea.

Kristok dohain hutsez salbatu


2. atala

[aldatu]

1 Zuei dagokizuenez, hilik zeundeten zeuen hutsegite eta bekatuetan, 2 hori baitzen zuen jokabidea garai batean, mundu honen joerei jarraituz: munduan agintzen duten indarren buruzagiaren menpeko zineten, jende errebeldeagan ari den espirituaren menpeko. 3 Gu guztiok ere hala bizi izan ginen lehen: geure giza grina txarrei jarraituz, geure grina eta burutapen gaiztoek agindutakoa betez; izatez, guk ere Jainkoaren zigorra merezi genuen, beste guztiek bezala. 4 Baina Jainkoak, hain baita errukitsua eta halako maitasun neurrigabez maitatu baikaitu, 5 geure bekatuengatik hilik geundelarik, bizia eman zigun Kristorekin batera --onginahi hutsez salbatu zaituzte!--; 6 eta Kristo Jesusekin batera eta berarengan piztu gintuen eta zeruetan eserarazi. 7 Horrela, Kristo Jesusengan gurekiko hain ona izanez agertu nahi izan die datozen gizaldiei zeinen ugaria eta eskuzabala den bere onginahia. 8 Dohain hutsez zarete salbatuak sinesmenaren bidez; eta hau ez dator zuengandik, baizik eta Jainkoaren emaitza da; 9 ez dator egintzetatik, inor harro ez dadin. 10 Izan ere, Jainkoak eginak gara; Kristo Jesusengan sortu gaitu, on egiten saia gaitezen, Jainkoak guretzat aurrez erabakia zuen bezala.

Kristo bakegile eta batasungile

11 Zuei, jaiotzaz jentil zaretenoi, juduek, gorputzean egina duten erdainkuntzagatik <<erdainduak>> diren horiek, <<erdaingabe>> deitzen zizueten. Ez ahaztu 12 lehenago ez zenutela Mesiasik, ez eta parterik ere Israel herriko eskubideetan; ez zenutela zerikusirik Jainkoaren agintzari eta itunekin, eta itxaropenik gabe eta Jainkorik gabe bizi zinetela munduan. 13 Orain, berriz, Kristo Jesusenak eginik, garai batean urruti zinetenok, hurbildu egin zarete Kristoren heriotzari esker. 14 Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu berak bi herriak, bereizten zituen etsaigoaren hesia deseginez. Bere gorputzean 15 baliogabetu egin du legea bere agindu eta arauekin, eta bi herriekin gizadi berri bakarra sortu du bere baitan, bakeak eginez. 16 Bi herriak Jainkoarekin adiskidetu ditu eta gurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar batean elkartu, beraien arteko etsaigoa suntsituz. 17 Bere etorrerarekin bakearen berriona hots egin zigun: bakea zuei, urruti zinetenoi, eta bakea hurbil zirenei. 18 Zeren bai batzuk eta bai besteok hurbil baikaitezke Aitarengana Espiritu berarengan elkarturik. 19 Ez zarete, beraz, ez arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baizik eta Jainkoaren familiako, 20 apostolu eta profeten oinarri gainean eraikiak, Kristo Jesus bera giltzarri delarik. 21 Kristo Jaunarengan ongi finkaturik, eraikin osoa haziz doa, Jainkoari sagaraturiko tenplu bihurtzeraino. 22 Kristoren bitartez, eraikinaren parte zarete zuek ere besteekin batera, Espirituak eraginda Jainkoaren bizileku bihurtzeraino.

Paulok Jainkoaren asmo ezkutua hots egin


3. atala

[aldatu]

1 Hori dela eta, ni Paulo, jentil zaretenon onerako Kristo Jesusen preso naizen hau... 2 Jakingo duzue, noski, Jainkoak bere onginahian zuekiko eman didan eginkizuna; 3 agerpenez jakinarazi zidan bere asmo ezkutuaz ari natzaizue, goraxeago laburki idatzia dizuedanaz, alegia. 4 Hori irakurriz, bada, ikus dezakezue nola ulertzen dudan nik Kristoren misterioa. 5 Misterio hau ez zitzaien iragandako gizaldiei jakinarazi; orain, ordea, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu die Jainkoak. 6 Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Kristo Jesusen bitartez eta berrionari esker, jentilok oinordekide izatea, Kristorekin gorputz bat bera osatzea eta agintzari beraren partaide izatea. 7 Berrion honen zerbitzari egin nau Jainkoak onginahi hutsez, bere ahalmen indartsuaz eman didan dohainez. 8 Neuri, fededun guztien artean txikiena naizen honi, dohain hau eman zait: Kristoren neurrigabeko aberastasuna jentilei hotsegitea, 9 eta Jainkoarengan, gauza guztien egileagan, betidanik gordea zegoen asmo ezkutua nola ari den betetzen guztiei argi erakustea. 10 Horrela, agerian jartzen zaie orain, Elizaren bitartez, zeruetako aginte eta botereei Jainkoaren era guztietako jakinduria, 11 aurrez betidanik berak zuen eta Kristo Jesus gure Jaunarengan bete duen asmoaren jakinduria. 12 Kristori esker eta beronengan dugun sinesmenaren bitartez ausartzen gara konfiantza osoz Jainkoarengana hurbiltzera. 13 Ez galdu, bada, adorea zuengatik jasaten ditudan atsekabeak direla eta, hauexek baitituzue zeuen aintza.

Aitari eskari-otoitza

14 Horregatik, belauniko jartzen naiz Aitaren aurrean, 15 bai zeruan eta bai lurrean familia ororen sorburu denaren aurrean, 16 eta hau eskatzen diot: bere aintzaren aberastasunari dagokionez, sendo zaitzatela Espirituaren indarrez, barrutik hazi zaitezten; 17 bizi dadila Kristo zuen bihotzetan sinesmenaren bidez eta izan dadila maitasuna zuen bizitzaren erro eta oinarri. 18 Horrela ulertu ahal izango duzue, fededun guztiekin batera, zeinen zabal eta luze, garai eta sakon den Kristoren maitasuna; 19 ezaguera ororen gainetik dagoen maitasun hori ezagutuko duzue, horrela Jainko-izateaz erabat betez joan zaitezten. 20 Jainkoari, guregan darabilen bere indarraz gauza guztiak guk eska nahiz pentsa dezakegun baino askoz hobeki egin ditzakeenari, 21 aintza Elizan eta Kristo Jesusengan, gizaldiz gizaldi eta menderen mendetan. Amen.


Erabateko batasuna


4. atala

[aldatu]

1 Nik, Jaunarengatik preso nagoen honek, hartu duzuen deiari dagokionez bizi zaiteztela eskatzen dizuet. 2 Izan apal, otzan eta jasankor, elkar maitekiro eramanez. 3 Saia zaitezte Espirituak ematen duen batasunari eusten, elkartzen zaituzten bakeaz. 4 Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, egin zaizuen deiari dagokion itxaropena ere bat bakarra den bezala; 5 bat bakarra Jauna, bat bakarra sinesmena, bat bakarra bataioa, 6 bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoena, guztien bidez ari dena eta guztiengan bizi dena.

Dohain ezberdinak

7 Baina gutariko bakoitzak Kristok eman nahi izan dion neurrian hartu du dohaina. 8 Horregatik dio Liburu Santuak:

Gorenera igo zenean, gatibuak berekin eraman zituen eta gizakiei dohainak eman zizkien.

9 Igo zela esatean, zer esan nahi du, aurrez beheko lur honetara jaitsi zela baizik? 10 Jaitsi zen hura, zeru gorenera dena betetzera igo dena bera da. 11 Bera da batzuk apostolu egin zituena, beste batzuk profeta, beste batzuk berrionaren hotsegile, beste batzuk artzain eta irakasle. 12 Horrela, gai egiten ditu fededunak beren zerbitzu-lanerako eta Kristoren gorputza hazarazteko, 13 harik eta denok elkarrekin sinesmen eta Jainkoaren Semearen ezagutza berbera izan arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko izatera iritsi arte. 14 Ez gaitezen haur izan, edozein irakaspen-haizek astinduak eta harat-honat eramanak, uste okerretan erorarazteko trebe den jende maltzurrak engainatuak. 15 Alderantziz baizik, maitasunean benetakoak izanez, hazi gaitezen gauza guztietan, Kristori gero eta gehiago egokituz. Bera da burua 16 eta berak ematen dizkio gorputz osoari barne-lotura eta batasuna, atal guztiek, bakoitzak bere jarduera bereziaren arabera, gorputz osoaren alde egiten duten elkarlanaren bitartez; horrela, gorputza haziz eta maitasunean osoki eraikiz doa.

Bizitza zaharretik berrira

17 Hona, bada, zer esaten eta zinez eskatzen dizuedan Jaunaren izenean: ez zaiteztela bizi sinesgabeak bizi diren bezala; buruarinak dira 18 eta adimena ilundua dute; Jainkoaren bizitzatik urruti bizi dira, beren burugogorkeriagatik ezjakintasunean murgilduak baitaude. 19 Zentzu morala galdurik, lizunkeriara jo dute, aseezineko antsiaz era guztietako bizioetara emanak bizitzeko. 20 Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi duzuena. 21 Entzun duzue, izan ere, hartaz hitz egiten eta, Jesusi dagokion egiazko irakaspenaren arabera, hau ikasi duzue: 22 alde batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi egin behar duzuela; 23 eta, bestetik, zeuen gogo-bihotzak berritu 24 eta giza izaera berria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar duzuela, Jesusen egiaren arabera biziera zuzena eta santua eramateko.

Bizitza berriaren eskakizunak

25 Bazter ezazue, beraz, gezurra eta esan egia nork bere lagun hurkoari, guztiok elkarren atal baikara. 26 Haserretzen bazarete ere, ez heldu bekatu egiteraino; zuen haserreak ez beza eguzkia sartu arte iraun. 27 Ez eman inolako aukerarik deabruari. 28 Lapur denak ez dezala aurrerantzean ostu, saia dadila baizik bere eskuz lan egiten, beharrean dagoenari zer eman edukitzeko. 29 Ez bedi atera zuen ahotik hitz zakarrik, baizik eta, zerbait esan behar baduzue, ona eta egokia eta entzun dezatenen onerako izan dadila. 30 Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, horrekin markatu baitzaituzte Jainkoak zigiluaz bezala, askapen-egunean zuek bereizteko. 31 Ez bedi izan zuen artean zakarkeriarik, ez haserrerik, ez gorrotorik, ez garrasirik, ez irainik, ez eta inolako gaiztakeriarik ere. 32 Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz, Jainkoak Kristoren bitartez barkatu dizuen bezala.


5. atala

[aldatu]

1 Izan zaitezte, beraz, Jainkoaren antzekoak, beraren seme-alaba maite zaretenez. 2 Bizi zaitezte maitasunean, Kristoren antzera, berak maite izan baikintuen eta bere burua gure alde eman baitzuen, Jainkoak atseginez onartzen duen oparitzat eskainiz. 3 Aipatu ere ez egin zuen artean lizunkeria edota inolako bizio eta gutiziarik, fededunei dagokienez; 4 ez eta gordinkeria, kirtenkeria edota zorakeriarik ere; hori guztia ez baita itxurazkoa. Aitzitik, eman eskerrak Jainkoari. 5 Zeren jakizue, lizun, zikin eta gutiziatsu bakar batek ere --halakoa sasijainkozalea baita-- ez duela Kristoren eta Jainkoaren erreinuko ondarean parterik izango.


Jokatu argiaren partaide bezala

6 Ez zaitzatela inork argudio hutsalez lilura, horrexegatik pizten baita Jainkoaren haserrea errebeldeen aurka. 7 Ez izan halakoen kide. 8 Izan ere, garai batean ilunpetan bizi zineten; orain, aldiz, argitan bizi zarete, Jaunarekin bat eginik. Jokatu, beraz, argiaren partaide zaretenez; 9 argiaren fruitua onginahia, zintzotasuna eta egia oro dira. 10 Azter ezazue zer zaion Jaunari atsegin, 11 eta ez hartu parte ilunpetan bizi direnen alferrikako egintzetan; sala itzazue, ordea, 12 lotsagarri bai eta horiek isilean egin ohi dutena aipatzea ere. 13 Baina argiak salatzen duen guztia agerian gelditzen da, 14 eta agerian gelditzen dena argi bihurtzen. Horregatik esan ohi da:

Esna zaitez, lo zauden hori, jaiki hilen artetik eta Kristok argituko zaitu.

15 Begira, bada, arretaz, nola zabiltzaten; ez jokatu ergel, zentzuz baizik, 16 egokieraz baliatuz, garai txarrak baititugu. 17 Ez izan, beraz, burugabe, baizik eta saiatu Jaunaren nahia zein den ulertzen. 18 Ez mozkortu, ardotik nasaikeria baitator; aitzitik, bete zaitezte Espirituaz, 19 zeuen artean salmoak, gorazarreak eta kantu inspiratuak abestuz. Kantatu eta egin gorazarre Jaunari bihotz-bihotzez, 20 gauza guztiengatik Jainko Aitari etengabe eskerrak emanez, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean.

Senar-emazteak

21 Izan zaitezte elkarren menpeko, Kristori diozuen begiruneagatik. 22 Emazteak izan daitezela beren senarren menpeko, Jaunaren menpeko bezala, 23 senarra emaztearen buru baita, Kristo Elizaren buru den bezala, bere gorputza den Elizaren salbatzaile delarik. 24 Eliza Kristoren menpeko den bezala, izan bitez emazteak ere denetan senarren menpeko. 25 Senarrok, maita itzazue zeuen emazteak, Kristok ere Eliza maitatu eta beronen alde bere burua eman zuen bezala. 26 Bere burua eskainiz, sagaratu egin zuen Eliza, urez eta hitzaren indarrez garbituz. 27 Horrela prestatu zuen beretzat Eliza distiratsua, zikinik eta zimurrik edo antzeko deusik gabea, Eliza santu eta kutsagabea. 28 Era berean, senarrek ere beren gorputza bezalaxe maitatu behar dituzte emazteak. Emaztea maite duenak bere burua maite du. 29 Ez du inork bere gorputza gorrotatzen, baizik eta jaten eman eta zaindu egiten du, Kristok Elizarekin egiten duen bezala; 30 eta gu guztiok gorputz horren atal gara. 31 Horregatik, gizasemeak bere aitamak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango dira. 32 Handia da misterio hau, eta nik Kristori eta Elizari loturik ikusten dut. 33 Dena dela, zuetariko bakoitzak maita beza emaztea bere burua bezala, eta emazteak izan biezaio begirune senarrari.

Guraso eta seme-alabak

6. atala

[aldatu]

1 Seme-alabok, izan zaitezte gurasoen esaneko, hori baita zuzena Jaunarenak direnentzat. 2 Ohoratu aitamak, hori baita berekin agintzari bat daraman lehen mandamendua, hau da: 3 Luzaroan bizi eta zoriontsu izan zaitezen lurraldean. 4 Gurasook, ez sumindu seme-alabak; hezi itzazue, ordea, Jaunari dagokion bezala irakatsiz eta zentzaraziz.

Nagusiak eta esklaboak

5 Esklabook, izan mundu honetan nagusi dituzuenen esaneko, erabateko begirunez eta bihotz-bihotzez, Kristoren esaneko bezala; 6 ez jagolearen begiradapean edo gizakiei atsegin izateko bakarrik, Jainkoaren nahia gogoz betetzen duten Kristoren esklabo bezala baizik. 7 Bete ezazue gogo onez zeuen zerbitzua, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat. 8 Badakizue, egindako ongiaren neurrian sarituko duela bakoitza Jaunak, esklaboa nahiz librea izan. 9 Zuek ere, nagusiok, joka ezazue era berean esklaboekin, mehatxurik egin gabe; hartu kontuan haien eta zuen nagusia zeruan dagoela, eta hark ez duela bereizkeriarik egiten.

Gaizkiaren aurkako borroka

10 Bukatzeko, sendo zaitzatela Jaunak bere indar ahaltsuaz. 11 Har itzazue Jainkoak ematen dizkizuen armak, deabruaren maltzurkeriei aurre egiteko gai izan zaitezten. 12 Gure borroka, izan ere, ez da hezur-mamizko arerioen aurkakoa, goiko espiritu gaiztoen aurkakoa baizik, mundu ilun honetako aginte, ahalmen eta botereen aurkakoa. 13 Horregatik diotsuet: Hartu Jainkoak ematen dizkizuen armak, une txarrean gogor eutsi eta zailtasun guztiak, atzera egin gabe, gainditu ahal ditzazuen. 14 Zutik, beraz! Lotu gerrikotzat egia, jantzi bularrekotzat zintzotasuna 15 eta oinetakotzat bakearen berriona zabaltzeko ardura. 16 Eduki beti besoan babeskitzat fedea, etsaiaren suzko geziak oro itzali ahal izateko. 17 Hartzazue burukotzat salbamena, eta ezpatatzat Espirituaren ezpata, hau da, Jainkoaren hitza. 18 Egin otoitz eta eskariak etengabe, Espirituaren indarrez. Egon erne, beila eginez, fededun guztien alde erreguan lehiatsu; 19 bai eta nire alde ere, Jainkoak hitz egokia ahoan jar diezadan, berrionaren misterioa ausardiaz adierazteko. 20 Berrion honen bozeramaile naiz kate artean; Jainkoak ausardia eman diezadala, behar bezala hots egin dezadan.

21 Nire gorabeherak eta zertan ari naizen zuek ere jakin ditzazuen, Tikiko anaia maite eta Jaunaren zerbitzari leialak emanen dizue guztiaren berri. 22 Horretarakoxe bidaltzen dizuet, nire berri eman diezazuen eta adorez bete zaitzaten. 23 Jainko Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman diezazkietela senideei bakea eta maitasuna fedearekin batera. 24 Grazia Jesu Kristo gure Jauna maitasun iraunkorrez maite duten guztiekin. \z