←1 Korintoarrei | Biblia 2 Korintoarrei |
Galaziarrei→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
1. atala
[aldatu]1 Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Timoteo anaiak, Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari eta Akaia probintzia osoko fededun guztioi idazten dizuegu. 2 Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
SARRERA (1,3-11)
Atsekabeak jasan ondoren Jainkoari esker ona
3 Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita, Aita errukitsu eta kontsolamendu ororen iturri den Jainkoa! 4 Berak ematen digu adore atsekabe guztietan, guk ere besteak edozein atsekabetan adoretu ahal izan ditzagun geuk Jainkoarengandik hartzen dugun adoreaz. 5 Izan ere, Kristorengatik jasan behar ditugun sufrimenduak ugari badira, ugaria da, era berean, Kristok ematen digun adorea. 6 Guk atsekabeak jasaten baditugu, zuek adorea eta salbamena har ditzazuen jasaten ditugu; adorea hartzen badugu, zuek adorea har dezazuen hartzen dugu, adore honek eraginik iraupenez eraman ahal izan ditzazuen guk geuk ere eramaten ditugun sufrimenduak. 7 Eta zuengan daukagun itxaropenak oinarri sendoak ditu, bai baitakigu gure sufrimenduetan parte duzuenok adorean ere izango duzuela. 8 Senideok, jakin behar duzue nolako larrialdiak izan nituen Asia probintzian. Biziko nintzen itxaropena bera ere galdua nuen, ezin jasan ahalako larrialdi handiak izan bainituen. 9 Bai, etsia nengoen heriotza-epaia gainean nuela; baina horrela, neuregan ez, baizik eta hilak pizten dituen Jainkoarengan konfiantza jartzen ikasi nuen. 10 Berak atera ninduen, eta aterako nau aurrerantzean ere, horrelako heriotza-arriskutik; berarengan dut jarria itxaropena, eta onik aterako nau hemendik aurrera ere. 11 Lagun iezadazue zuek ere zeuen otoitzez. Horrela, lagun askoren erreguei esker Jainkoak emango didan laguntza dela bide, eskerrak ere askok emango dizkiote niri egindako mesedeengatik.
PAULOREN JOKAERA KORINTOARREN ARTEAN (1,12--7,16)
Korintora joateko asmoak aldatu
12 Nire harrobidea neure kontzientziaren aitorpena da; kontzientziak esaten dit Jainkoak emandako xalotasun eta zintzotasunez jokatu dudala edonon, eta gehiago zuen artean; eta hori, ez giza jakintzak eraginda, Jainkoaren onginahiak baizik. 13 Nire gutunetan ere ez dago beraietan irakurtzen eta ulertzen duzuena besterik; ez dago ezkutuko asmorik. Eta espero dut bete-betean ulertuko duzuela, 14 dagoeneko erdizka bederen ulertu didazuena, hau da: ni zuentzat harrogarri izango naizela, zuek niretzat izango zareten bezala, Jesus gure Jauna agertuko den egunean. 15 Uste horrekin, hain zuzen, lehenbizi zuek ikustera joateko asmoa nuen, nire bisitaren poza bi aldiz izan zenezaten: 16 Korinton barrena joatekoa nintzen Mazedoniara, eta Mazedoniatik berriro Korintora itzultzekoa, Judearako bidaia zuek presta zeniezadaten. 17 Arinkeriaz hartu ote nuen horrelako asmo hori? Edota giza helburu maltzurrez hartzen ote ditut neure asmoak, orain <<bai>> eta gero <<ez>> zuei esanez? 18 Ongi daki Jainkoak zuei hitz egitean ez nabilela batean <<bai>> eta bestean <<ez>>. 19 Guk, Silbanok, Timoteok eta nik neuk, hots egin dizuegun Jainkoaren Seme Jesu Kristo ez zen izan batean <<bai>> eta bestean <<ez>>; harengan dena <<bai>> izan zen, 20 hau da, Jainkoak agintzari guztiei baietza eman die harengan; horregatik, Kristoren bitartez esaten diogu <<Amen>> Jainkoari, berau goresten dugunean. 21 Jainkoa da, ni eta zuek Kristorenganako fedean sendo ezarri gaituena: berak sagaratu gaitu, 22 bere ezaugarriaz markatu gaitu eta Espiritua ipini du gure baitan, hartuko dugunaren garantia bezala.
Paulo zergatik ez Korintora
23 Jainkoa bera dut testigu, eta hil nadila bertan egia ez badiot: Korintora oraindik joan ez banaiz, zuei dizuedan begiruneagatik da. 24 Banuen gogoa, ez, noski, zuen sinesmena neure menpe eduki nahi dudalako --sinesmenean sendo baitzaudete--, zuekin elkarlanean jarduteko baizik, zuen pozerako.
2. atala
[aldatu]1 Baina berriro nahigaberik ez nizuela eman behar eta, zuengana ez joatea erabaki dut. 2 Izan ere, nik nahigabea ematen badizuet, nork poz nazake ni zuek izan ezik, neuk nahigabetu zaituztedanok izan ezik? 3 Hau zen, hain zuzen, nire gutunaren helburua: zuengana joatean, ez nazatela nahigabetu poztu behar ninduketenek; zeren ziur bainago, zuei guztioi dagokizuenez, nire poza zeuen poz egiten duzuela. 4 Nire atsekabea eta barruko kezka hain handiak zirenez, negarrez idatzi nizuen; baina ez zuek nahigabetzeko asmoz, nolako maitasun neurrigabea dizuedan adierazteko baizik.
Iraindu zuenarentzat barkamena
5 Norbaitek nahigabetu banau, ez nau ni nahigabetu, baizik eta neurri batean --gehiegi ez esatearren-- zuek guztiok nahigabetu zaituzte. 6 Horrelako horrek badu nahikoa zuetako gehienek ezarri dioten zigorraz; 7 orain, ordea, barkatu eta adorea eman behar diozue, gehiegizko nahigabeak lur joa utz ez dezan. 8 Arren, beraz, ager iezaiozue berriro ere zeuen maitasuna. 9 Hain zuzen, honetarako ere idatzi nizuen: zuek probatzeko, gauza guztietan esaneko zareten ala ez jakiteko, alegia. 10 Eta zuek barkatzen diozuenari, nik ere barkatzen diot; izan ere, nik barkatzen badut --barkatzekorik ezer baldin badut--, zuengatik barkatzen dut Kristoren aurrean. 11 Ezagunak ditugu Satanasen azpikeriak, eta ez dugu nahi arazo honetan hura irabazian ateratzerik.
Troadetik Mazedoniara
12 Troadera Kristoren berriona hots egitera iritsi nintzenean, Jaunarentzat lan egiteko aukera ederra aurkitu nuen; 13 baina Tito, nire anaia, han ez zegoelako, oso kezkaturik sentitu nintzen eta, hangoei agur eginik, Mazedoniara jo nuen.
Esker ona
14 Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari, Kristoren bidez lortu duen garaipenaren partaide egiten gaituelako beti, eta, gure bitartez, Kristoren ezagutza usain-gozoa bezala leku guztietan zabaltzen duelako. 15 Izan ere, Kristok Jainkoari eskaintzen dion intsentsuaren usaina bezala gara bai salbatzen direnentzat, bai galtzen direnentzat: 16 galtzen direnentzat, heriotza ematen duen heriotza-usaina; salbatzen direnentzat, berriz, bizitza ematen duen bizi-usaina.
Paulo itun berriaren zerbitzari
Eta nor da gai eginkizun horretarako? 17 Gu ez gabiltza salerosketan Jainkoaren mezuarekin, beste asko bezala; zintzotasunez mintzo gara, Jainkoaren izenean, beronen aurrean eta Kristok eraginda ari garela jakinik.
3. atala
[aldatu]1 Berriro hasi ote naiz neure burua gomendatzen? Zuentzako edo zuengandiko gomendio-gutunen beharra ote dut, beste zenbaitek bezala? 2 Zeuek zarete nire gomendio-gutuna, neure bihotzean idatzia daramadana eta jende guztiak ezagutu eta irakurri duena. 3 Garbi dago, izan ere, zuek Kristoren gutuna zaretela, neuk idatzia, eta ez tintaz, Jainko biziaren Espirituaz baizik; ez harlosatan, haragi-losatan baizik, bihotzean alegia. 4 Horixe da Kristori esker Jainkoaren aurrean dudan konfiantza. 5 Ez ni neurez zerbaitetarako gai naizela uste dudalako; gaitasuna Jainkoarengandik datorkit, 6 berak egin bainau gai itun berriaren zerbitzari izateko. Itun hori ez da legearen letra soilean oinarritzen, Espirituaren indarrean baizik, legearen letrak hil egiten baitu; Espirituak, berriz, bizia ematen. 7 Heriotzara zeraman legearen zerbitzua, harlosatan letraz idatziarena alegia, ospez beterik agertu zen, eta israeldarrek ezin zioten Moisesi aurpegira begiratu, zerion distiragatik --distira hura iragankorra zen arren--. 8 Ba, zenbatez ospetsuago ez ote da izanen Espirituagan oinarrituriko itunaren zerbitzua! 9 Gaitzespenerako izan zenaren zerbitzua ospez betea agertu bazen, zenbatez ospetsuago ez ote da izango salbamenerako denaren zerbitzua! 10 Hain zuzen, lehen ospez betea zenak galdu egin du orain ospe hori, oraingoaren ospe ezin handiagoaren aldean. 11 Beraz, iragankor zena ospez betea bazegoen, iraunkor denak askoz ospe handiagoa izanen du. 12 Horregatik, honelako itxaropena dugularik, askatasun osoz jokatzen dugu; 13 eta ez Moisesek bezala, hark zapi batez estaltzen baitzuen aurpegia, israeldarrek distira iragankor hura desagertu egiten zela ikus ez zezaten. 14 Baina ilundu egin zitzaien adimena israeldarrei, eta gaur bertan ere, itun zaharreko idaztiak irakurtzen dituztenean, hor irauten du haientzat estalki horrek, Kristok bakarrik ken baitezake. 15 Bai, gaurdaino, Moisesen liburuak irakurtzen dituztenean, zapi hark adimena estaltzen die israeldarrei. 16 Norbait Jaunarengana itzultzen denean bakarrik kentzen zaio estalkia. 17 Jaun hori, berriz, Espiritua da, eta Jaunaren Espiritua non, askatasuna han. 18 Gu guztiok, aurpegia agerian dugula, Jaunaren aintza islatzen dugu, eta haren irudira ari gara eraberritzen, gero eta distiratsuago bihurtuz, Jaunaren Espirituaren eraginez.
Paulo berrionaren zerbitzari leial
4. atala
[aldatu]1 Horregatik, zerbitzu hau Jainkoak bere errukiz eman digula jakinik, ez dugu kemenik galtzen. 2 Uko egin diegu isilpeko baliabide lotsagarriei; ez dugu azpikeriaz jokatzen, ez eta Jainkoaren mezua faltsifikatzen ere. Aitzitik, egia argi eta garbi azalduz, geure buruak sinesgarri bihurtzen dizkiegu gizon-emakume guztiei Jainkoaren aurrean. 3 Guk hots egiten dugun berriona ilun gertatzen bada, galtzen direnentzat gertatzen da ilun, 4 sinesgabeentzat alegia; Satanasek, mundu honetako jainkoak, itsutu egin baitie adimena, Jainkoaren irudi den Kristo aintzatsuaren berrionaren argi distiratsua ikus ez dezaten. 5 Ez gara geure buruak predikatzen ari, Jesu Kristo Jauna dela baizik, eta gu ez gara zuen zerbitzari besterik Jesusen maitasunagatik. 6 <<Distira beza argiak ilunpetan>> esan zuen Jainkoak berak piztu du argia gure bihotzetan, Jesu Kristoren aurpegian distira egiten duen Jainkoaren aintza argiro ezagut dezagun.
Konfiantza zailtasunen artean
7 Baina altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin, honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik. 8 Alde guztietatik estutzen gaituzte, baina zapaldu ez; larri gaude, baina etsita ez; 9 erasopean bai, baina eskutik utzita ez; lurrera botatzen gaituzte, baina suntsitzen ez; 10 nonahi eta beti Jesusen heriotza daramagu geuregan, Jesusen bizia ere guregan ager dadin. 11 Bizi garen bitartean, beti heriotzara garamatzate Jesusengatik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia ere ager dadin. 12 Horrela, guregan heriotza ari da; zuengan, berriz, bizia. 13 Hau dio Liburu Santuak: Sinetsi nuen, eta horregatik hitz egin nuen. Guk ere, sinesmen-espiritu bera dugularik, sinesten dugu eta horregatik hitz egiten, 14 jakinik, Jesus Jauna piztu duenak piztu egingo gaituela gu ere Jesusekin eta beronen ondoan ipiniko gaituela zuekin batera. 15 Hau guztia zuen onerako da, Jainkoaren dohaina askorengana ugari zabaltzean, esker ona ere ugal dadin, Jainkoaren aintzarako.
Bizi berria itxaron
16 Horregatik, ez dugu adorea galtzen. Gure gorputza hondatzen ari bada ere, barrutik indarberritzen ari gara egunetik egunera. 17 Izan ere, oraingo gure nekeek, une bateko eta arinak izanik, betiko den aintza paregabea prestatzen digute. 18 Geure begiak ez ditugu ipintzen ikusten diren gauzetan, ikusten ez direnetan baizik; ikusten direnak behin-behinekoak baitira; ikusten ez direnak, berriz, behin betikoak.
5. atala
[aldatu]1 Jakin badakigu, mundu honetan bizileku dugun oihal-etxola hau hondatzen bazaigu ere, Jainkoak prestaturiko bizilekua dugula zeruan betiko, giza eskuz egin gabea. 2 Horregatik, hain zuzen, hasperenka gaude, oraingoaren gainetik zeruko geure bizileku hura janzteko irrikaz, 3 orduan lurreko geure gorputzaz jantzirik bagaude behintzat, eta ez biluzgorri. 4 Bai, oihal-etxola honetan bizi garenok hasperenka gaude larri, ez baitugu oraingo jantzi hau galdu nahi, baizik eta honen gainetik beste jantzia hartu nahi dugu, hilkor dena biziak beregana dezan. 5 Horretarako egin gaitu Jainkoak, eta horren garantiatzat Espiritua eman digu. 6 Beraz, uste onez beteak gaude beti, nahiz eta jakin, gorputz hau geure egoitza dugun bitartean, Jaunarengandik erbesteratuak gaudela. 7 Sinesmenaren argiak gidatzen gaitu, eta ez ikusten dugunak. 8 Uste onez gaude, bai, baina nahiago genuke gorputz honetatik erbesteratuak izan Jaunarekin bizitzera joateko. 9 Nolanahi ere, gorputzean nahiz gorputzetik kanpo, Jaunari atsegingarri izaten ahalegintzen gara, 10 guztiok Kristoren auzitegian agertu behar baitugu, nork bere ordaina jasotzeko, saria nahiz zigorra, gorputzean bizi garelarik egindakoaren arabera.
Kristo Jesusengan sorkari berri
11 Jakinik, beraz, Jaunari zer begirune zor zaion, gizon-emakumeak komentzitzen ahalegintzen gara. Ondo baino hobeto daki nor garen Jainkoak, eta zuek ere zeuen baitan badakizuelakoan nago. 12 Ez gabiltza berriro geure burua zuen aurrean gomendatzen; guregatik harrotzeko aukera eman nahi dizuegu. Horrela jakingo duzue zer erantzun, egiaz barruan dutenaz ez, baina kanpoko itxuraz harrotzen direnei. 13 Burua galdurik bezala agertu bagara, Jainkoarengatik izan da, eta orain geure senean agertzen bagara, zuengatik da. 14 Izan ere, Kristoren maitasunak bultzatzen gaitu, jakinik bat denengatik hil dela eta, ondorioz, denak hil direla. 15 Kristo denengatik hil da, bizi direnak ez daitezen berentzat bizi, beraiengatik hil eta piztu den harentzat baizik. 16 Beraz, hemendik aurrera ez dugu inor giza ikuspegi hutsez balioztatuko; eta inoiz Kristo giza ikuspegiz balioztatu badugu, orain ez dugu hala egiten. 17 Beraz, Kristorena dena sorkari berri da; zaharrarenak egin du, berria sortu da.
Jainkoarekin adiskidetzeko zerbitzua
18 Hau guztia Jainkoarengandik dator, Kristoren bitartez berekin adiskidetu baikaitu eta adiskidetzeko zerbitzua gure esku utzi du. 19 Bai, Jainkoa da Kristoren bitartez mundua berekin adiskidetu duena, gizon-emakumeei bekatuen kontuak eskatu gabe, eta adiskidetzearen mezu hau gure esku utzi duena. 20 Kristoren mandatari gara, beraz, eta Jainkoak berak gure bitartez erregutuko balizue bezala da. Kristoren izenean eskatzen dizuegu: egitzazue bakeak Jainkoarekin. 21 Bekatuarekin zerikusirik ez zuen hura, guregatik bekatuarekin bat egin zuen Jainkoak, guk haren bitartez Jainkoarengandik salbamena irits dezagun.
6. atala
[aldatu]1 Jainkoak bere ekintzan lankide gaituenez gero, eskatzen dizuegu ez dezazuela alferrik har haren onginahia. 2 Izan ere, Jainkoak dio:
Onginahi-garaian entzun dizut, salbamen-egunean lagundu.
Begira, bada, oraintxe da onginahi-garaia, oraintxe salbamen-eguna.
Pauloren eramanpen handia
3 Ez diogu inori okerrerako biderik eman, gure zerbitzua toki txarrean geldi ez dadin; 4 baizik eta gauza guztietan Jainkoaren zerbitzari garela agertzen dugu, jasaten dugun guztian eramanpen handia erakutsiz: atsekabe, beharrizan eta estuasunetan, 5 zigor, kartzela, nahaspila eta lan neketsuetan, lo faltan eta janari-gabezian. 6 Biziera garbiz jokatzen dugu, jakinduriaz, pazientziaz eta bihotz onez, Espiritu Santuaren dohainez eta benetako maitasunez, 7 egiaren mezua hots eginez eta Jainkoaren indarra erakutsiz. Nahiz erasorako nahiz defentsarako, ez dugu Jainkoaren salbamen-indarra beste armarik, 8 ohoratzen gaituztela nahiz iraintzen, gutaz ongi hitz egiten dutela nahiz gaizki. Gezurtitzat jotzen gaituzte, egia esaten dugun arren; 9 ezezaguntzat, ongi ezagunak garen arren; hilzorian gaude, baina oraindik bizirik; zigortuak, baina ez hilak; 10 tristetzat jotzen gaituzte, baina beti pozik gaude; behartsutzat, baina beste asko aberasten dugu; ezertxo ere ez bagenu bezala, guztiaren jabe garelarik. 11 Korintoarrok, xalotasun osoz mintzatu natzaizue, zabal-zabalik ireki dizuet neure bihotza. 12 Nire barruan harrera zabala duzue; zuek, ordea, itxirik duzue bihotza niretzat. 13 Erantzun iezadazue zuenganako nire jokabideari dagokionez. Seme-alabei bezala mintzo natzaizue; zabaldu zuek ere zeuen bihotzak.
Kristauak Jainko biziaren etxe
14 Ez nahasi sinesgabeekin: ba al dute zerikusirik elkarrekin zuzenbideak eta gaiztakeriak? Elkar ote daitezke argia eta iluna? 15 Etor ote daitezke bat Kristo eta deabrua, edota harremanik izan ote daiteke fededun eta fedegabearen artean? 16 Zein kidetasun izan dezake Jainkoaren tenpluak sasijainkoekin? Zeren gu Jainko biziaren tenplu baikara, Jainkoak berak esan bezala:
Haiekin biziko naix eta haiekin ibiliko, haien Jainko izango naiz eta haiek nire herri. 17 Horregatik, hau dio Jaunak: Irten haien artetik, urrundu, ez ukitu ezer kutsaturik, eta neuk hartuko zaituztet. 18 Aita izango naiz zuentzat, eta zuek seme-alaba niretzat.
Hau dio Jaun ahalguztidunak.
7. atala
[aldatu]1 Ene maiteok, honelako agintzariak ditugunez gero, garbi gaitezen gorputzeko eta espirituko zikin guztietatik, eta eraman dezagun bere betera geure sagarapena, Jainkoarenganako begirunean biziz.
Korintoarren damua eta Pauloren poza
2 Egidazue leku zeuen bihotzetan. Ez diot inori bidegaberik, ez kalterik egin, ez dut inor ustiatu. 3 Ez zaituztet gaitzetsi nahi, esana baitizuet barru-barruan zaituztedala: elkarrekin bat eginak gaude, bai heriotzarako, bai bizitzarako. 4 Handia da zuengan dudan konfiantza eta harro nago zuengatik. Adorez betea nago eta pozez gainezka neure atsekabe guztien artean. 5 Mazedoniara iritsi nintzenean, nik, gizarajo honek, ez nuen atsedenik izan; atsekabeak izan nituen alde guztietatik: borroka kanpotik eta beldurra barrutik. 6 Baina bihozgabetuei adore ematen dien Jainkoak adorez bete ninduen Titoren etorrerarekin. 7 Eta ez bakarrik haren etorrerarekin, bai eta zuengandik ekarri zizkidan berri pozgarriekin ere: berak jakinarazi zizkidan ni ikusteko duzuen irrika, zuen damu-negarra eta nirekiko maitasuna. Horrek oraindik gehiago poztu ninduen. 8 Horregatik, nire gutun harekin nahigabea eman banizuen ere, ez dut damurik. Eta, gutun hark alditxo batez nahigabetu egin zintuztela ikusirik, lehen damuturik egon banintzen ere, 9 orain poztu egiten naiz; ez, noski, eman nizuen nahigabeagatik, nahigabe horrek zeuen jarrera aldatzera eraman zintuztelako baizik. Zuen nahigabea Jainkoak nahi bezalakoa izan zen; beraz, ez nizuen inolako kalterik egin. 10 Izan ere, Jainkoaren asmoen araberako nahigabeak salbamenera garamatzan bizi-aldaketa dakar ondorio, eta horretaz damutu beharrik ez dago. Mundu honetatik datorkigun nahigabeak, berriz, heriotzara eramaten gaitu. 11 Begira, bestela, zer sortu zuen zuengan Jainkoaren araberako nahigabe horrek: nolako ardura eta zeuen buruak zuritu beharra, nolako haserrea eta beldurra! Nolako irrika eta zaletasuna nireganako, nolako bizkortasuna erruduna zigortzeko! Garbi azaldu duzue errugabe zinetela arazo honetan. 12 Idatzi, beraz, ez nizuen idatzi iraina egin zuenarengatik, ez eta hartu zuenarengatik ere, Jainkoaren aurrean nitaz duzuen ardura agertzeko aukera zuei emateko baizik. 13 Zuen jokabideak kontsolatu egin nau. Eta oraindik gehiago poztu nau Titoren zoriona ikusteak, zuek guztiok biziberritua utzi baituzue berorren bihotza. 14 Zuetaz egin nizkion goraipamen guztiak ez dira gezur gertatu; bestela baizik, zuei beti egia esan dizuedan bezala, egia gertatu dira zuetaz Titori egin nizkion goraipamenak ere. 15 Zuek guztiok agertu zenioten menpekotasuna eta nolako begirunez hartu zenuten gogoratzean, handiago egiten zaio zuekiko maitasuna. 16 Zuengan konfiantza osoa izan dezakedala jakiteak pozez betetzen nau.
DIRU BILKETA JERUSALEMGO KRISTAUEN ALDE (8,1--9,15)
Eskuzabal izateko deia
8. atala
[aldatu]1 Senideok, Jainkoak Mazedoniako eliz elkarteei izan dien onginahia jakinarazi nahi dizuet. 2 Atsekabealdi gogorra jasan behar izan duten arren, haien poza neurrigabekoa izan da eta, gabezia gorrian izan arren, oso eskuzabal agertu dira. 3 Ahal zutena eta gehiago ere eman dutela, testigu naiz. Beren gogoz, 4 arren eta arren eskatzen zidaten fededunen aldeko zerbitzu honetan parte hartzen uzteko. 5 Eta nik uste baino gehiago ere egin dute: lehendabizi Jaunari eman zizkioten beren buruak, eta gero niri, Jainkoak nahi bezala. 6 Horregatik eskatu diot Titori, zuen eskuzabaltasunezko egintza hau berak hasi zuenez gero, burutu ere berak buru dezala zuen artean. 7 Gauza guztietan aberats zarete: sinesmenean, hitz egiteko gaitasunean, jakintzan, denetarako arduran eta nireganako maitasunean; izan zaitezte aberats eskuzabaltasunean ere. 8 Hau ez dizuet aginduz esaten, beste eliz elkarteen arreta ikusiz, zeuen maitasunaren jatortasuna erakusteko aukera izan dezazuen baizik. 9 Ezaguna duzue Jesu Kristo gure Jaunaren eskuzabaltasuna: aberats izanik, behartsu egin zen zuengatik, bere behartsu-izateaz zuek aberats egiteko. 10 Aholku bat ematen dizuet gai honi buruz. Iaz zuek izan zineten lehenengoak, diru-bilketa egiten ez ezik, bai eta horretarako erabakia hartzen ere; on duzue, bada, 11 orain egintza hori azkeneraino eramatea. Honela, hasierako asmo onaren parekoa izanen da egintzaren burutzapena ere, zuen ahalbideen arabera. 12 Izan ere, borondatea duenari eman dezakeena onartzen zaio, ez zaio besterik eskatzen. 13 Arazoa ez da besteak lasai egoteko zuek larri gertatzea, guztien berdintasuna bilatzea baizik. 14 Une honetan, zuek sobera duzuenak haien eskasia konponduko du, eta egunen batean haien ugaritasunak zuen eskasia. Honela, berdintasuna izango da nagusi, 15 Liburu Santuak dioen bezala:
Asko bildu zuenak ez zuen sobera, ez eta gutxi bildu zuenak ere eskas.
Paulok bidalitako mandatariak
16 Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari Titoren bihotzean zuenganako nire ardura bera sortu duelako. 17 Nire erregua onartuz ez ezik, bere gogoz ere abiatu da zuengana, inoiz baino arretatsuago. 18 Beste anaia bat ere bidaltzen dizuet berarekin, berrionaren zerbitzuan egin duen lanarengatik eliz elkarte guztiek goraipatzen dutena. 19 Gainera, bera aukeratu dute eliz elkarteek, eskuzabaltasunezko egintza hau burutzeko egiten ari naizen ibilaldian lagun izan dezadan, zerbitzu hau Jaunaren aintzarako eta neure borondate onaren agiritzat hartu baitut neure gain. 20 Horrela, inori ez diot hizpiderik emango horrenbesteko dirutza neure esku daukadalarik. 21 Ongi jokatzen ahalegintzen naiz, Jainkoaren aurrean ez ezik, bai eta gizakien aurrean ere. 22 Beste anaia bat ere bidaltzen dizuet horiekin. Maiz eta era askotan egiaztatu ahal izan dut zeinen arduratsu den, eta orain askoz arretatsuago ageri da zuengan duen konfiantza handiarengatik. 23 Titori dagokionez, neure lagun eta lankide dut zuen arazoetan; beste gure anaia horiek, berriz, eliz elkarteen mandatariak dira eta Kristoren aintza. 24 Agertu, beraz, eliz elkarteen aurrean, egiaz maite dituzuela, eta denek ikusiko dute arrazoi dudala zuengatik harro egoteko.
Diru-bilketaz berriro
9. atala
[aldatu]1 Fededunen aldeko diru-laguntzari buruz ez duzue nik gehiago idatzi beharrik. 2 Ezaguna dut zuen borondate ona, eta horrek harro ibilarazten nau Mazedoniakoen aurrean: Akaiakoek prestakizunak iaztik eginak dituztela esaten diet, eta zuen arreta bizia bizkorgarri gertatzen da gehienentzat. 3 Anaiak bidaltzen dizkizuet. Ea, bada, nire harrobide hori ez den huts gertatzen gai honetan, eta zuek benetan prest zaudeten, esan dizuedan bezala. 4 Ez dadila gerta, mazedoniarrak nirekin joan eta zuek prestatu gabe aurkituz gero, ni lotsatua gelditzea zuengan jarri dudan konfiantzagatik; lotsa, nirea bai, baina batez ere zuena izango litzateke. 5 Horregatik, beharrezkoa iruditu zait, ni heldu aurretik anaia horiei zuengana joateko eskatzea, zuek agindutako emaitza prestaturik eduki dezaten. Prest egongo delarik, eskuzabaltasunaren adierazgarri izango da, eta ez zimurkeriaz egindako emaitza. 6 Izan kontuan urri ereiten duenak urri biltzen duela, eta oparo ereiten duenak bildu ere oparo biltzen. 7 Eman beza bakoitzak bere kontzientzian erabaki duena, baina ez gogo txarrez eta behartuta bezala, alai ematen duena maite baitu Jainkoak. 8 Eta ahaltsua da Jainkoa, era guztietako dohainak zuei oparo emateko, zeuentzat denetik nahikoa izanik, egintza on guztietarako sobera izan dezazuen, 9 Liburu Santuak dioen bezala:
Esku betean ematen die behartsuei, haren eskuzabaltasunak betiko dirau.
10 Ereiteko hazia eta jateko ogia ematen dituen Jainkoak emango dizue hazia, ugarituko du zuek ereindakoa eta oparo gehituko zuen eskuzabaltasunaren emaitzak. 11 Denetan aberats zarete, denetan eskuzabal izateko; horrela, nire bitartez, zuen eskuzabaltasunak Jainkoarentzat esker ona sortuko du. 12 Diru-laguntza hau liturgi zerbitzua bezala da, fededunen beharrak arintzeko ez ezik, askorengan Jainkoarenganako esker ona sortzeko ere balio baitu. 13 Zuen diru-laguntzaren balioa egiaztatzean, Jainkoa goretsiko dute senideek, argi erakutsiko baitiezue Kristoren berrionaren menpeko egin zaretela eta benetan eskuzabala dela haiekin eta denekin duzuen elkartasuna. 14 Era berean, Jainkoak egin dizuen dohain paregabea ikusiz, beren maitasuna erakutsiko dizuete, zuen alde otoitz eginez. 15 Eskerrak Jainkoari, beraren ezin esan ahalako dohain horrengatik.
PAULO BERE APOSTOLUTZAREN ALDE (10,1--12,21)
Etsaien salaketei erantzuna
10. atala
[aldatu]1 Nik, Paulok, aurrez aurre hain apal eta urrutitik hain zorrotz omen naizen honek, Kristoren otzantasun eta bihozberatasunagatik erregutzen dizuet: 2 ez nazazue, arren, zorrotz jokatzera behartu zeuekin izango nauzuenean, prest bainago gogor aurre egiteko giza irizpidez jokatzen dudala esaten duten horiei. 3 Gizakia naiz, bai, baina ez naiz giza irizpidez ari borrokan. 4 Gure borrokako armak ez dira gizakiarenak, Jainkoarenak baizik, eta hiri-gotorrak ere errausteko indarra dute: argudio faltsuak 5 eta Jainkoaren ezagutzaren aurka altxatzen den harropuzkeria oro errausten ditugu, eta giza arrazoiketa oro Kristoren morrontzapean jartzen, berari obedi diezaion; 6 eta prest gaude edozein desobedientzia zigortzeko, zuen obedientzia bere betera iritsiko denean. 7 Itxurari baizik ez diozue begiratzen. Kristorena dela uste duenak izan beza gogoan bera bezain Kristorena naizela ni ere. 8 Eta neure aginpideaz harro sentitzen banaiz, agian behar baino gehiago, ez naiz lotsatzen; izan ere, zuei fedean hazten laguntzeko, eta ez hondatzeko, eman zidan Jaunak aginpide hau. 9 Ez dizuet eman nahi gutunez bakarrik beldurgarria naizeneko itxura. 10 Zenbaitek dio: <<Gutunak gogorrak eta zorrotzak dira; baina bera itxura kaxkarreko gizona da eta hizlari eskasa>>. 11 Hori dioenak jakin beza, urrutitik eta gutunez naizen bezalakoa izango naizela hurbiletik eta egintzetan ere. 12 Egia esan, ez dut ausardiarik beren buruak goraipatzen dituzten horien pareko edo kidekotzat neure burua emateko. Horrelako horiek zentzu ona galdu dute: lehenengo beren burua hartzen dute neurritzat eta, gero, neurri horrekin balioztatzen dituzte beren buruak. 13 Niri dagokidanez, ez dut neurriz gain harrotu nahi; Jainkoak ezarri didan lan-eremua hartuko dut neurritzat, eta neurri horren muga barruan zaudete zuek ere, korintoarrok. 14 Ez ditut ezarritako neurriaren mugak gainditzen, zuenganaino heldu ez banintz bezala, neu izan bainintzen lehenbizikoa zuei Kristoren berriona eramaten. 15 Ez naiz, bada, neurriz gain ari, besteen lanaz baliatuz. Hau da, ordea, nire itxaropena: zuen sinesmena haziz doan neurrian, nire lanak gero eta fruitu handiagoa ekarriko duela zuen artean, ezarri zaizkidan mugen barruan; 16 badut zuen lurraldeaz harantzago berriona zabaltzeko itxaropena ere, baina besteren mugetan sartu gabe, eta bestek landutakoaz harrotu gabe. 17 Harrotu nahi duena, harro bedi Jaunarengan. 18 Izan ere, ez da onetsia bere burua goratzen duena, Jaunak goratzen duena baizik.
Paulo eta sasiapostoluak
11. atala
[aldatu]1 Zorakeriatxo batzuk barkatuko al dizkidazue! Horixe barkatzen dizkidazuela! 2 Izan ere, Jainkoak bere herriarengatik sentitzen duen jelosiaz nago ni zuengatik jeloskor. Senar bakarrari, Kristori, zauzkatet aginduta eta neskatxa garbi bezala aurkeztu nahi zaituztet berarengana. 3 Baina beldur naiz, sugeak bere maltzurkeriaz Eva engainatu zuen bezala, zuen gogoak ere ez ote diren gaiztotuko, Kristorenganako jarrera zintzo eta garbitik aldenduz. 4 Izan ere, etortzen zaizue norbait, guk predikatu genizuena ez bezalako Jesus predikatuz, edo hartu zenutena ez bezalako espiritua eskainiz, edo sinetsi zenutena ez bezalako berriona hots eginez, eta zuek lasai-lasai onartzen duzue. 5 Hala ere, uste dut ez naizela ezertan superapostolu horiek baino gutxiago. 6 Mintzatzen motela banaiz ere, ez jakintzan, beti eta era guztietara agertu dizuedan bezala. 7 Gaizki egin ote nuen zuek goratzeagatik neure burua beheratzean? Jainkoaren berriona dohainik hots egin nizuelako diot. 8 Zuek zerbitzatu ahal izateko, beste eliz elkarteei kendu behar izan nien neuretzako behar nuena. 9 Eta zuen artean nengoela beharrean gertatu nintzenean, ez nintzen zuetako inorentzat zama izan, Mazedoniatik etorritako senideek eman baitzidaten behar nuena. Nire jokaera hauxe izan zen eta hauxe izango ere da: ezertan nekagarri ez izatea zuentzat. 10 Kristo niregan bizi dela bezain egia da harrobide hori inork ere ez didala kenduko Akaia osoan. 11 Zergatik jokatu dut horrela? Maite ez zaituztedalako ote? Ongi daki Jainkoak zenbat! 12 Horrela egin dut eta egingo ere, ni adina badirela-eta harro dauden horiek aitzakiarik izan ez dezaten. 13 Horrelako horiek sasiapostolu dira, gezurrezko langile, Kristoren apostolu-itxura baino ez dutenak. 14 Eta ez da harritzekoa: Satanasek berak argizko aingeru-itxurak hartzen baditu, 15 ez da handia izango haren zerbitzariek ere salbamenaren zerbitzari-itxurak hartzea. Baina horien azkena egintzen araberakoa izango da.
Paulok jasandako nekeak
16 Berriro diotsuet ez nazazuela zorotzat har. Edo bestela, utzidazue niri ere zoro bezala zertxobait harrotzen. 17 Ez dut Jaunak argiturik hitz egiten, zoro batek hitz egingo lukeen bezala baizik, zertaz harrotu badudala jakinik. 18 Asko dira giza arrazoi hutsez harrotzen direnak; zergatik ez ni? 19 Izan ere, zuek, hain zentzudun izanik, gogoz jasaten dituzue zoroak. 20 Denak jasaten dituzue: morroi bihurtzen zaituztetenak, irensten zaituztetenak, lapurreta egiten dizuetenak, beren harrokerian gutxiesten zaituztetenak, masailakoka zarabiltzatenak. 21 Argi dago bigunegi izan naizela! Hori lotsa nirea! Besteak ausartzen direnera --badakit zoro bezala ari naizela-- ni ere ausartuko naiz. 22 Hebertarrak direla? Bai ni ere. Israeldarrak direla? Bai ni ere. Abrahamen jatorrikoak direla? Bai ni ere. 23 Kristoren zerbitzariak direla? Ni gehiago, nahiz zorakeria izan hori esatea. Haiek baino neke gehiago jasan dut, kartzela gehiago, zigorkadak zer esanik ez; hilzorian ere egona naiz hamaika aldiz. 24 Juduen eskuetatik bost aldiz hogeita hemeretzi zigorkada hartua naiz; 25 hiru aldiz makilkatua, behin harrikatua, hiru aldiz hondoratu zen ninderaman itsasontzia, eta gau-egun osoa eman nuen itsasoan galdurik. 26 Zenbat ibilaldi oinez eta zenbat arrisku! Arriskuak ibaietan, arriskuak bidelapurren aldetik, arriskuak neure herrikoen aldetik, arriskuak jentilen aldetik, arriskuak hirietan, arriskuak basamortuan, arriskuak itsasoan, arriskuak gezurrezko senideen artean. 27 Zenbat neke eta lan! Gau asko lorik egin gabe; gose eta egarri; maiz ezer jan gabe, hotzak eta jantzirik gabe. 28 Eta horien guztien gainetik, eguneroko nire buruhaustea: eliz elkarte guztien ardura. 29 Nor gaixotzen da, ni gaixotu gabe? Nor erortzen da, ni erremindu gabe? 30 Harrotu behar badut, neure ahuleziaz harrotuko naiz. 31 Eta ongi daki Jainkoak, Jesus gure Jaunaren Aitak --bedeinkatua bera beti!--, ez diodala gezurrik. 32 Damaskon nengoela, Aretas erregearen gobernariak zaintzaileak ezarri zituen hirian ni harrapatzeko; 33 baina saski batean leihotik eraitsi ninduten harresian behera, eta horrela ihes egin nuen haren eskuetatik.
Pauloren ikuskari eta agerpenak
12. atala
[aldatu]1 Harrotu behar badut --ezertarako ez bada ere--, Jaunarengandiko ikuskari eta agerpenetara joko dut. 2 Ezagutzen dut nik kristau bat, orain hamalau urte hirugarren zeruraino eraman zutena --gorputzarekin ala gorputzik gabe ote zen ez dakit, Jainkoak daki--. 3-4 Eta badakit gizon hori paradisura eraman zutela --gorputzarekin ala gorputzik gabe ez dakit, Jainkoak daki--, eta han, gizakiak ezin esan ditzakeen hitzak entzun zituela. 5 Halako gizonaz harrotuko naiz ni; neure buruaz, ordea, ez, neure ahuleziaz ez bada. 6 Harrotuko banintz, hala ere, ez litzateke burugabekeria izango, egia hutsa esango nuke eta; baina bego horretan, inork niregan ikusten edo entzuten duenak adierazten duena baino handiagotzat har ez nazan, 7 aparteko goi-agerpenak izan ditudala eta. Horiek direla-eta neure burua den baino handiagotzat jo ez dezadan, oinaze bat emana izan zait, haragian sartutako eztena bailitzan, harro ez nadin jo eta jo ari zaidan Satanasen ordezkaria. 8 Hiru aldiz eskatu diot Jaunari, ken dezala hori niregandik, 9 baina berak esan dit: <<Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita bete-betean>>. Gustura harrotuko naiz, beraz, neure ahuleziaz, Kristoren indarra niregan ager dadin. 10 Horregatik, pozik nabil Kristorengatik jasaten ditudan ahulezia, laido, beharrizan, erasoaldi eta estualdietan. Ahul naizenean, orduan bainaiz indartsu.
Korintoarrak direla-eta Paulo kezkatan
11 Zoro bezala mintzatu naiz, baina zeuek behartu nauzue; izan ere, zeuek atera behar zenuten nire alde, zeren, ezer ez naizen arren, ez bainaiz ezertan superapostolu horiek baino gutxiago. 12 Apostolu naizela adierazten duten seinaleak, zuen artean eramanpen handiz burutu nuen lanean agertu ziren argi: mirariak eta egintza ahaltsu eta harrigarriak. 13 Zertan izan zarete beste eliz elkarteak baino gutxiago, nik zuen kontura bizi nahi ez izatean baizik? Barka, mesedez, bidegabekeria hau! 14 Prest nago hirugarren aldiz zuengana joateko, eta oraingo honetan ere ez natzaizue nekagarri izango. Ez nabil zuen ondasunen bila, zuen bila baizik. Izan ere, ez dute seme-alabek aurreratzen gurasoentzat, gurasoek seme-alabentzat baizik. 15 Nik ere oso gustura emango dut dudan eta naizen guztia zuengatik. Badirudi, hala ere, zenbat eta gehiago nik zuek maite izan, hainbat eta gutxiago maite nauzuela zuek ni. 16 Norbaitek esan dezake egia dela ez natzaizuela nekagarri gertatu, baina, begi argikoa naizenez, engainuz harrapatu zaituztedala. 17 Hara zenbat lagun bidali izan dizuedan: horietako zeinez baliatu naiz zuek ustiatzeko? 18 Titori eskatu nion joateko, eta berarekin beste anaia hura bidali nuen. Titok ustiatu ote zaituzte? Ez al dugu biok espiritu berarekin jokatu? Ez al gara bide beretik ibili? 19 Honezkero, neure burua zuen aurrean zuritzen ari naizela uste izango duzue. Baina ez! Kristau bezala eta Jainkoaren aurrean mintzo natzaizue, eta guztia, maiteok, zuei fedean hazten laguntzeko da. 20 Izan ere, beldur naiz, zuengana joango naizenean, ez ote zaituztedan nik nahi bezala aurkituko eta ez ote nauzuen zuek ere nahi ez zenuketen bezala aurkituko. Beldur naiz ez ote diren zuen artean eztabaidak, bekaizkeriak, haserreak, norgehiagokeriak, gaizki-esateak, esamesak, handikeriak eta nahaspilak izango. 21 Beldur naiz, hurrengo zuengana joatean, neure Jainkoak ez ote nauen berriro ere atsekabetuko zuen aurrean, eta bekatu egin duten askorengatik ez ote dudan negar egin behar izango, beren jokabide lizun eta biziotsua aldatu ez dutelako.
AMAIERA (13,1-13)
Azken oharrak
13. atala
[aldatu]1 Oraingo honekin hirugarren aldia da zuengana noana. Auzi oro bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabakiko da. 2 Neure bigarren ikustaldian esan nizuena bera esaten diet orain, urruti nagoela, bekatari zaharrei eta beste guztiei: joango naizenean, ez naizela bai-bainaka ibiliko. 3 Kristo nire ahoz mintzo ote den egiaztatu nahian zabiltzatenok, hori izango duzue froga. Kristo, izan ere, ez da ahula zuekin; indartsu agertzen da zuen artean. 4 Egia da ahul bezala gurutziltzatu zutela; baina orain bizirik dago Jainkoaren ahalmenaz. Ni ere haren ahulezian partaide naiz, baina berarekin batera bizi naiz, eta Jainkoaren ahalmenaz jokatuko dut zuekin. 5 Aztertu zeuen barrua ea sinesmenean zaudeten, aztertu serioski. Ez al zarete ohartzen Jesu Kristo zuengan bizi dela? Orduan, eskas atera duzue azterketan. 6 Aitortuko al duzue behintzat nik ez dudala eskas atera! 7 Jainkoari hauxe eskatzen diot: ez dezazuela inolako okerrik egin; niri ez dit axola ni zuzen nengoen ala ez frogatzea, zuek ongi egitea baizik, nahiz eta ni toki txarrean gelditu. 8 Izan ere, ezertarako ahalmenik badut, egiaren alde ari izateko da, ez egiaren aurka. 9 Zuek indartsu izanez gero, ni pozik nago, ahula izan arren. Hau da Jainkoari eskatzen diodana: zuek bete-beteko izatea. 10 Horregatik, zuengandik urruti nagoelarik idazten dizuet, gero, zuekin egongo naizenean, zorrotz ari izan beharrik izan ez dezadan, zuek fedean hazarazteko, eta ez hondatzeko, Jaunak eman didan aginpidearekin.
Azken agurra
11 Azkenik, senideok, poz zaitezte, saiatu bete-beteak izaten eta izan adore. Bizi zaitezte elkar ongi hartuz eta bakean. Eta maitasunaren eta bakearen Jainkoa zuekin izango da. 12 Agur ezazue elkar besarkada santuaz. Fededun guztiek agurtzen zaituztete. 13 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna izan bitez zuekin guztiokin. \z