←Erromatarrei | Biblia 1 Korintoarrei |
2 Korintoarrei→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
KORINTOARREI LEHEN GUTUNA
Agurra
1. atala
[aldatu]1 Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik eta berak deiturik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Sostenes anaiak 2 Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari idazten diogu. Jesu Kristok sagaratu zaituzte eta Jainkoak bere herri santu izateko deitu, edozein lekutan Jesu Kristo gure Jaunari dei egiten dioten guztiekin batera, hauek eta guk Jaun bat bera onartzen baitugu. 3 Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
Jainkoari esker ona
4 Eskerrak ematen dizkiot etengabe neure Jainkoari zuengatik, Jesu Kristoren bidez agertu dizuen onginahiagatik. 5 Izan ere, Kristoren bitartez, gauza guztietan aberats egin zaituzte, bai hitz egiteko eta bai ezagutzeko. 6 Kristori buruz egiten dugun aitormena zuen artean sendo finkatu denez, 7 ez da zuek ez duzuen dohainik, Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den zain zaudeten bitartean. 8 Berak sendo iraunaraziko dizue azkeneraino, inork zuen aurka zeresanik izan ez dezan Jesu Kristo gure Jauna etorriko den egunean. 9 Leiala da Jainkoa, eta berak deitu zaituzte bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin elkarturik bizitzera.
Korintoarren alderdikeriak
10 Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean, arren eskatzen dizuet: bat etor zaitezte guztiok eta ez bedi izan zatiketarik zuen artean. Bizi elkar ongi harturik, ikuspegi eta iritzi bat bera duzuela. 11 Kloeren jendearengandik jakin dut, senideok, eztabaidak dituzuela zeuen artean. 12 Alegia, nork bere aldetik honela omen dio: <<Ni Paulorena naiz>>, <<Ni Apolorena>>, <<Ni Pedrorena>>, <<Ni Kristorena>>. 13 Zatitua ote dago, bada, Kristo? Paulo gurutziltzatu ote zuten zuengatik? Edo Pauloren izenean bataiatu ote zintuzteten? 14 Jainkoari eskerrak, ez dut nik zuetako inor bataiatu, Krispo eta Gaio izan ezik. 15 Horrela, inork ez dezake esan nire izenean bataiatua izan denik. 16 A bai, Estebanen etxekoak ere nik bataiatu nituen, baina ez dut uste beste inor bataiatu dudanik. 17 Izan ere, Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berriona hots egitera baizik, eta hau ez giza jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak bere indarra gal ez dezan.
Kristo gurutziltzatua Jainkoaren indar eta jakinduria
18 Kristoren gurutzeko heriotzaren mezua zorakeria da galtzen direnentzat; guretzat, ordea, salbamen-bidean garenontzat, Jainkoaren indarra da. 19 Liburu Santuak dio, izan ere:
Hondatu egingo dut jakintsuen jakinduria, eta huts bihurtuko adituen adimena.
20 Zertan dira jakintsuak, ikasiak, mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria? 21 Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak, guk hots egiten dugun zorakeriaren bitartez salbatu nahi izan ditu fededunak. 22 Juduak mirarizko seinale eske dabiltza, eta jentilak jakinduria bila; 23 guk, berriz, Kristo gurutziltzatua predikatzen dugu, juduentzat onartezina eta jentilentzat zentzurik gabea dena; 24 baina Jainkoak deitu dituenentzat, judu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indar eta Jainkoaren jakinduria da. 25 Zeren Jainkoarengan zorakeria dirudiena gizakiak baino jakintsuago baita, eta Jainkoarengan ahulezia dirudiena gizakiak baino indartsuago. 26 Begira bestela, senideok, zeintzuk zareten Jainkoak deitu zaituztenok: ez dira zuen artean munduak jakintsutzat hartzen dituenetatik asko, ez eta ahaltsu nahiz aitoren semeetatik ere. 27 Aitzitik, munduak zorotzat duena aukeratu du Jainkoak jakintsuak lotsarazteko, eta munduak argaltzat duena indartsuak lotsarazteko; 28 munduak baliogabetzat eta mesprezagarritzat duena, munduaren begitan ezerez dena aukeratu du Jainkoak, zerbait direla uste dutenak ezerezteko; 29 horrela, ez du inork Jainkoaren aurrean harrotzerik. 30 Berari zor diozue izatea, Jesu Kristori esker. Berau egin du Jainkoak guretzat jakinduria, berorren bidez askatu gaitu bekatutik, salbatu eta bere egin. 31 Horrela betetzen da Liburu Santuak dioen hura: Harrotu nahi duena, harro bedi Jaunarengan.
Pauloren mintzaira, jakintsuena ez bezalakoa
2. atala
[aldatu]1 Horregatik, senideok, nik ere, Jainkoaren salbamen-asmoa iragartzera joan nintzaizuenean, ez nizuen hitz egin giza jakinduriazko hizkera landua erabiliz. 2 Izan ere, zuen artean ez nuen ezer jakin nahi izan, Jesu Kristo, eta berau gurutziltzatua, izan ezik. 3 Horregatik, ahul eta beldurrez dardar aurkeztu nintzen zuen aurrean. 4 Nire hitza eta predikua ez ziren giza jakinduriazko argudiotan oinarritu, Espirituaren indarrean baizik, 5 horrela, zuen sinesmena Jainkoaren indarrean oinarri zedin eta ez giza jakindurian.
Espiritua eta Pauloren kristau-jakinduria
6 Hala ere, sinesmen helduko kristauei jakinduria irakasten diegu guk ere; baina jakinduria hori ez da mundu honetakoa, ez eta laster galduko diren mundu honetako agintariena ere. 7 Guk Jainkoaren jakinduria misteriotsua irakasten dugu, hark ezkutuan eduki eta betidanik gure aintzarako erabakia zeukana. 8 Mundu honetako agintarietatik batek ere ez du jakinduria hori ezagutu, zeren, ezagutu izan balute, ez baitzuketen gurutziltzatuko Jainkoaren aintza berekin zuen Jauna. 9 Baina, Liburu Santuak dioen bezala, inork ikusi eta entzun ez duena, gizakiari inoiz bururatu ez zaiona, Jainkoak bera maite dutenentzat prestaturik zeukana, 10 horixe agertu digu Jainkoak Espirituaren bidez. Espirituak, izan ere, guztia aztertzen du, bai eta Jainkoaren barne-sakona ere. 11 Nork ezagut dezake gizakiaren barru-barrua, bere baitan duen giza espirituak baizik? Era berean, Jainkoaren barrua ere ez dezake inork ezagut Jainkoaren Espirituak izan ezik. 12 Eta guk ez dugu munduko espiritua hartu, Jainkoarengandik datorrena baizik; honela, Jainkoak eman dizkigun dohainak ezagut ditzakegu. 13 Gauza hauetaz ez dugu giza jakinduriak irakatsitako hizkeraz hitz egiten, Espirituak irakatsitakoaz baizik, espirituzko gaiak Espiritua hartu duten gizon-emakumeei adieraziz. 14 Espiritugabeko gizakiak ez du onartzen Jainkoaren Espirituari dagokiona; horrek ez du zentzurik berarentzat eta ezin du ulertu, Espirituaren argitan bakarrik juzga daiteke eta. 15 Espiritua duenak, berriz, dena juzgatzen du; bera, ordea, ez dezake inork juzga.
16 Nork ezagutu du Jaunaren pentsamendua? Nork irakats diezaioke?
Guk, ordea, Kristoren pentsamendua dugu.
Korintoarrak kristau-gaietan heldugabeak
3. atala
[aldatu]1 Nik, senideok, ezin izan nizuen hitz egin Espiritua dutenei bezala, pertsona heldugabeei bezala baizik, kristau-mailan umetxo direnei bezala. 2 Esnez hazi zintuztedan, ez janari sendoz, hau hartzeko ez baitzineten oraindik gauza. Orain ere ez zarete gauza, 3 giza grinen menpeko izaten jarraitzen baituzue. Izan ere, bekaizkeriak eta eztabaidak dituzuen bitartean, ez ote zarete giza grinen menpeko? Ez ote duzue giza irizpide hutsez jokatzen? 4 <<Ni Paulorena naiz, ni Apolorena>> esaten duzuenean, ez al zarete giza irizpide hutsez ari?
Denak zerbitzari eta Jainkoaren lankide
5 Azken batean, zer da Apolo? Eta zer Paulo? Zuek sinesmenera erakarri zaituzten Jainkoaren zerbitzari besterik ez, bakoitza Jaunak eman dion egitekoaren arabera. 6 Landatu, nik egin nuen; ureztatu, Apolok; baina hazi, Jainkoak hazarazi zuen. 7 Landatzen duena eta ureztatzen duena ezer gutxi dira; axola duena Jainkoa da, hazarazten duena. 8 Landatzen duena eta ureztatzen duena berdinak dira, bakoitzak, berak egindako lanaren arabera saria hartuko badu ere. 9 Gu Jainkoaren obrako lankideak gara; zuek, Jainkoak lantzen duen soroa, Jainkoak eraikitzen duen etxea. 10 Jainkoak eman didan dohainaren arabera, nik oinarria ezarri dut, etxegile trebeari dagokionez; baina beste batek jasotzen du gainean eraikina. Ikus beza bakoitzak nola eraikitzen duen. 11 Argi dago inork ez dezakeela ezarria dagoen oinarria besterik ezar; eta oinarri hori Jesu Kristo da. 12 Baina oinarri honen gainean urrez, zilarrez, harribitxiz, zurez, belarrez edo lastoz eraiki daiteke. 13 Jaunaren auzi-egunak agirian jarriko du norberaren lanaren balioa, sutan agertuko baita egun hori, eta suak frogatuko du nolakoa den bakoitzaren lana. 14 Eraikitakoak suari eusten badio, egileak saria hartuko du; 15 eraikitakoa erretzen bada, ordea, egileak galdu egingo du saria; bera, hala ere, bizirik aterako da, baina suteari ihes egiten diona bezala. 16 Ez al dakizue Jainkoaren tenplu zaretela eta Jainkoaren Espiritua zuengan bizi dela? 17 Jainkoaren tenplua hondatzen duena, hondatu egingo du Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua baita: tenplu hori zuek zarete.
Denak Kristorenak eta Kristo Jainkoarena
18 Ez beza inork bere burua engaina! Zuetako norbaitek mundu honen arabera jakintsu dela uste badu, egin bedi zoro, egiaz jakintsu izateko. 19 Mundu honetako jakinduria, izan ere, zorakeria da Jainkoaren begietan, Liburu Santuak dioen bezala:
Jakintsuak beren maltzurkerian harrapatzen ditu.
20 Eta beste hau ere badio:
Badaki Jaunak jakintsuen asmoak hutsalak direla.
21 Beraz, ez bedi inor harro gizakiez, dena zuena baita: 22 Paulo, Apolo, Pedro, mundua, bizitza, heriotza, oraingoa eta gerokoa; dena zuena da. 23 Zuek, ordea, Kristorenak zarete, eta Kristo Jainkoarena.
Apostoluak kristauen zerbitzari
4. atala
[aldatu]1 Beraz, har gaitzatela denek Kristoren zerbitzaritzat eta Jainkoaren asmo ezkutuen administratzailetzat. 2 Eta administratzaileari eskatzen zaiona leiala izatea da. 3 Niri dagokidanez, gutxi axola zait zuek edo giza auzitegik epaitua izatea. Neuk ere ez dut epaitzen neure burua. 4 Egia da neure kontzientziak ez nauela ezertan salatzen; baina horrek ez du esan nahi neure burua errugabetzat dudanik, Jaunak bainau epaitzen. 5 Ez dezazuela, beraz, epea baino lehen epai. Itxaron Jauna etorri arte. Berak argituko du ilunpean ezkutatua dagoena, berak agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta orduan, nork bere merezia jasoko du Jainkoarengandik. 6 Zuengatik esan ditut gauza hauek, Apoloren eta neure adibidea jarriz, guregandik ikas dezazuen idatzirik dagoena baino harantzago ez joaten, eta inor ez dadin batengatik harro besteren bizkar. 7 Nork egiten zaitu zu besteak baino gehiago? Zer daukazu hartu ez duzunik? Eta daukazuna hartua baldin baduzu, zergatik harrotzen zara hartua ez bazenu bezala? 8 Asebeteak omen zaudete, aberastuak; gure beharrik gabe, errege izatera iritsi omen zarete. Nahiago nuke egia balitz errege zaretela, gu ere zuekin batera errege izan gintezen! 9 Dirudienez, gu, apostoluok, Jainkoak azken tokian jarri gaitu, heriotzara kondenatuak bagina bezala; ikuskizun bihurtu gaitu mundu guztiarentzat, bai aingeruentzat, bai gizon-emakumeentzat. 10 Gu zoroak omen gara Kristorengatik; zuek, berriz, kristau zentzudunak. Gu ahulak, zuek sendoak; zuek izen handikoak, gu gutxietsiak. 11 Orain arte hor ibili gara goseak, egarriak, larrugorri eta gaizki erabiliak; ez daukagu non bildurik, 12 eta lehertzeraino egiten dugu lan geure eskuz. Irain egiten digute eta guk bedeinkatu; erasoka erabiltzen gaituzte eta guk jasan; 13 gaitseaka ari zaizkigu eta guk gozoki erantzun. Orain artean, munduko simaurra bezala gara, guztien hondakin.
Pauloren oharrak
14 Hau idaztean, ez zaituztet lotsarazi nahi, ohartarazi baizik, seme-alaba maiteak zaituztedanez gero. 15 Kristau bezala baduzue irakasle franko, ez ordea aitarik asko; kristau bezala nik sortu zintuztedan berrionaren bidez. 16 Horregatik, nire antzeko izan zaiteztela eskatzen dizuet. 17 Eta horretarako bidaltzen dizuet Timoteo, neure seme maite eta kristau zintzoa. Berak gogoratuko dizkizue kristau-bizitzarako nire burubideak, eliz elkarte guztiei han eta hemen irakasten dizkiedan bezala. 18 Ni berriro zuengana joango ez naizelakoan, batzuk harropuztu egin dira. 19 Joango naiz, ordea, eta laster gainera, Jaunak nahi badu. Ikusiko dut orduan, egintzetan zenbaterainokoak diren hainbeste hitz egiten duten harroputz horiek. 20 Izan ere, Jainkoaren erreinua ez da hitz-kontua, egintza-kontua baizik. 21 Zer nahi duzue? Ni zuengana zigorrarekin joatea ala maitasunez eta goxotasunez?
Lizunkeri arazoa
5. atala
[aldatu]1 Leku guztietan zabaldua dago, zuen artean lizunkeri arazo bat dagoela, eta ez nolanahikoa, jentilen artean ere gertatzen ez direnetakoa baizik: zuetako batek amaordea omen du emazte. 2 Eta zuek, negar egin beharrean, harro jarraitzen duzue, eta ez duzue bota zeuen artetik horrela jokatu duena. 3 Bada, nik, gorputzez urruti baina espirituz hor bertan nagoen honek, erabakia dut dagoeneko hori egin duenarentzat epaia, bertan banengo bezalaxe: 4 Jesus gure Jaunaren izenean bilduko zarete --eta han izango naiz ni ere espirituz-- eta, Jesus gure Jaunaren ahalmenez, 5 Satanasen esku utziko duzue hori, ea horrela, beraren bekatuzko izaera suntsiturik, Jaunaren egunean salbatzen den. 6 Ez duzue batere arrazoirik harrotzeko. Ez al dakizue legami pixka batek ore guztia altxatzen duela? 7 Bazter ezazue legami zaharra eta izan ore berri, legamigabeko pazko-ogiak bezala; izan ere, horixe zarete, Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia izan denez gero. 8 Ospa dezagun, beraz, Pazko Jaia, baina ez legami zaharrarekin, bekatu eta gaiztakeriazko legamiarekin, legamigabeko pazko-ogiekin baizik, hau da, bihotz-garbitasunez eta egiaz. 9 Beste gutunean jende lizunekin ez elkartzeko esaten nizuen. 10 Ez nintzen mundu honetako lizunez mintzo, edo hemengo diruzale, lapur eta sasijainkozaleez; bestela, mundutik atera egin beharko zenukete. 11 Hau da esan nahi nizuena: kristau direla esan eta lizun, diruzale, sasijainkozale, izen onaren kentzaile, mozkor edo lapur direnekin ez elkartzeko. Horrelakoekin, ez eta otordu bat egin ere! 12-13 Ez dagokit niri kanpokoak epaitzea; horiek Jainkoak epaituko ditu. Zuek elkartekideak epaitu behar dituzue. Liburu Santuak dio: Bota gaiztoa zeuen artetik.
Kristauen arteko auziak
6. atala
[aldatu]1 Zuetako norbait, beste baten aurka auziren bat duenean, nolatan ausartzen da jentilen auzitegira jotzen, fededunen aurrera jo beharrean? 2 Ez al dakizue fededunek mundua epaituko dutela? Eta mundua epaitu behar duzuenok, ez ote zarete gauza arazo txikiak epaitzeko? 3 Ez al dakizue aingeruak ere epaituko ditugula? Bada, arrazoi handiagoz eguneroko gorabeherak. 4 Gorabehera horiek direla-eta auziak dituzuenean, nolatan aukeratzen dituzue epaile eliz elkartearentzat inor ez direnak? 5 Zeuen lotsarako diotsuet. Ez ote duzue inor aditurik, senide arteko auziak erabaki ditzakeenik? 6 Bai zera! Senidea senidearekin auzitan zabiltzate, eta epaile jentilen aurrean gainera! 7 Dena dela, zeuen artean auzitan ibiltzea bera nahiko penagarria da. Zergatik ez bidegabekeria jasan eta zeuen buruak larrutzen utzi? 8 Baina ez, zeuek zarete bidegabekeria eta lapurreta egiten dituztenak, eta hori zeuen senideen aurka. 9 Ez al dakizue bidegabeek ez dutela Jainkoaren erreinua iritsiko? Ez engaina zeuen buruak! Lizunek, sasijainkozaleek, adulteriogileek, emakeriazaleek, sodomitek, 10 lapurrek, diruzaleek, mozkorrek, izen onaren kentzaileek eta iruzurgileek ez dute Jainkoaren erreinua iritsiko. 11 Horietakoak zineten zuetako batzuk ere; baina garbituak izan zarete, sagaratuak eta Jainkoak onartuak Jesu Kristo Jaunaren izenean eta gure Jainkoaren Espirituaren bidez.
Haragikeriaren aurka
12 <<Dena zilegi dut>>, dio zenbaitek; baina ez da dena komenigarri. <<Dena zilegi dut>>, baina ni ez nau ezerk menpeko egingo. 13 Esaten da bai eta ere: <<Janaria sabelarentzat da eta sabela janariarentzat>>; baina bata zein bestea hondatu egingo ditu Jainkoak. Gorputza, ordea, ez da lizunkeriarako, Jaunarentzat baizik, eta Jauna gorputzarentzat. 14 Eta Jainkoak, Jauna piztu zuenak, gu ere piztu egingo gaitu bere ahalmenaz. 15 Ez al dakizue zuen gorputzak Kristoren atal direla? Eta nik Kristoren atala emagaldu baten atal egingo ote dut? Ez horixe! 16 Ez al dakizue emagalduarekin elkartzen dena berarekin gorputz bat bera egiten dela? Honela baitio Liburu Santuak: Biak bat izango dira. 17 Jaunarekin elkartzen dena, berriz, berarekin espiritu bat bera egiten da. 18 Egizue ihes haragikeriatik! Gizon-emakumeek egiten dituzten beste bekatu guztiak gorputzetik kanpora gelditzen dira; baina haragikeriazko bekatua egiten duenak bere gorputzaren aurka egiten du bekatu. 19 Ez al dakizue zuen gorputza Jainkoak eman dizuen eta zuengan bizi den Espiritu Santuaren tenplu dela? Beraz, ez zarete jadanik zeuenak, 20 garesti ordainduz eskuratu baitzaituzte Jainkoak. Goretsazue, bada, Jainkoa zeuen gorputzaz.
EZKONTZAZ ETA GIZARTE BIZITZAZ
Ezkonduen betebeharrak
7. atala
[aldatu]1 Idatzi zenizkidaten galderei erantzunez, hau diotsuet: Ongi dago ez ezkontzea; 2 baina, lizunkeria dela-eta, gizon bakoitzak izan beza bere emaztea eta emakume bakoitzak bere senarra. 3 Eman biezaio senarrak emazteari zor diona, eta berdin emazteak senarrari. 4 Emaztea ez da bere buruaren jabe, senarra baizik, ez eta senarra ere berearen jabe, emaztea baizik. 5 Ez ukatu elkarri zor diozuena, elkarrekin ados eta aldi labur baterako ez bada, otoitzean ari izateko. Eta gero, elkartu berriro, grinari eutsi ezinik, Satanasek tenta ez zaitzaten. 6 Baimen gisa diotsuet hori, ez agindu gisa. 7 Denok ni bezala ezkongabe izatea nahi nuke; baina Jainkoak eman dion dohain berezia du bakoitzak, batak hau eta besteak hura. 8 Ezkongabeei eta andre alargunei, dauden egoeran jarraitzea on dutela esaten diet, ni bezala. 9 Baina grinari eutsi ezin badiote, ezkon daitezela; hobe da ezkontzea sutan egotea baino. 10 Ezkonduei agintzen diet --ez nik, Jaunak baizik-- emaztea ez dadila banandu senarrarengandik; 11 eta bananduko balitz, ez dadila berriro ezkon, edo bakeak egin ditzala senarrarekin. Eta senarrak ez dezala zapuztu emaztea. 12 Gainerakoei --neure iritzi bezala, ez Jaunaren agindu bezala-- hau esaten diet: Kristau batek, kristau ez den emakume batekin ezkondua egon eta emaztea berarekin bizitzeko prest baldin badago, ez dezala zapuztu emaztea; 13 eta emakume batek, kristau ez den batekin ezkondua egon eta senarra berarekin bizitzeko prest baldin badago, ez dezala zapuztu senarra. 14 Izan ere, kristau ez den senarra Jaunarentzat sagaratua dago emaztearekin bizi duen batasunagatik; orobat kristau ez den emaztea, senarrarekin bizi duen batasunagatik. Hala ez balitz, zuen seme-alabak ez lirateke Jainkoarenak izango; baina egiaz Jaunarentzat sagaratuak dira. 15 Kristau ez dena, ordea, banandu nahi balu, banandu bedi; horrelakoetan kristaua --gizon nahiz emakume-- aske gelditzen da, Jainkoak bakean bizitzera deitu baitzaituzte. 16 Zeren nork esaten dizu zuri, emazte horri, zeure senarra salbatuko duzula? Edo zuri, senar horri, zeure emaztea salbatuko duzula?
Kristauek lehengo gizarte-egoeran jarraitu
17 Aipaturiko kasuaz aparte, jarrai beza bakoitzak Jaunak ezarri dion bizi-egoeran, hots, Jainkoak federa dei egitean zuen egoeran. Hau da eliz elkarte guztietan ematen dudan araua. 18 Erdaindua zinelarik deitu zintuela Jainkoak? Ez ibili zeure erdainkuntza ezkutatu nahian. Erdaingabea zinelarik deitu zintuela? Ez erdaindu. 19 Erdaindua nahiz erdaingabea izateak ez du garrantzirik; Jainkoaren aginduak betetzea da balio duena. 20 Jarrai dezala bakoitzak Jainkoak deitzerakoan bizi zen egoeran. 21 Esklabo zinelarik deitu zintuela Jainkoak? Ez izan ardurarik; baina, askatasuna lortzeko aukera baduzu, ez alferrik galdu. 22 Jaunaren deiak esklabo dena libre egiten du, eta libre dena Kristoren esklabo bihurtzen. 23 Garesti ordainduz eskuratu zaituzte Jainkoak: ez bihurtu, beraz, gizakien esklabo. 24 Senideok, jarrai beza bakoitzak Jainkoaren aurrean, honek deitzerakoan zuen bizi-egoeran.
Ezkongabeak eta emakume alargunak
25 Ezkongabeentzat ez daukat Jaunaren agindurik. Hala ere, neure iritzia emango dizuet, Jaunaren errukiaz sinesgarri naizenez gero. 26 Bizi ditugun une larriak gogoan harturik, esan dudana egoki dela uste dut, hau da, on dela norberak dagoen egoeran jarraitzea. 27 Ezkondua zarela? Ez ibili banandu nahian. Ezkongabea zarela? Ez hasi emazte bila. 28 Hala ere, ezkontzen bazara, ez duzu bekaturik egiten; neskatxak ere, ezkontzen bada, ez du bekaturik egiten. Baina ezkontzen direnek arazo handiagoak izango dituzte beren bizitzan, eta nik ez nuke nahi horrelakorik zuentzat. 29 Senideok, epea laburtu egin dela diotsuet. Beraz, gelditzen zaigun denboran, ezkonduak bizi bitez ezkondurik ez baleude bezala; 30 negar dagitenak, egingo ez balute bezala; pozik daudenak, ez baleude bezala; erosten dutenak, ezer ez balute bezala, 31 eta mundu honetako gauzez baliatzen direnak, baliatuko ez balira bezala; mundu hau, orain ageri zaigun itxuran, desagertzear baitago. 32 Kezka guztiak kendu nahi nizkizueke. Ezkongabea Jaunaren gauzez kezkatzen da, Jaunari atsegin nola emango; 33 ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere emazteari atsegin nola emango, 34 eta bere baitan zatitua dago. Emakume ezkongabea eta neskatxa Jaunaren gauzez kezkatzen dira, eta beroni gorputz-arimaz emanak bizi dira; ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere senarrari atsegin nola emango. 35 Hau zeuen onerako diotsuet, ez ezertan behartu nahi zaituztedalako. Hau da nahi dudana: era egokienean bizi zaiteztela, oso-osorik Jaunari atxikiak. 36 Gazte grinatsu batek bere neskatxarekin ez dela ongi jokatzen ari eta ezkondu egin behar duela uste badu, bete dezala bere asmoa, eta ezkon daitezela; ez du bekaturik egiten. 37 Baina beste batek, inork behartu gabe eta bere buruaren jabe dela, andregaiarekin ez ezkontzeko erabaki sendoa bere baitan hartzen badu, oso ongi egingo du. 38 Bere andregaiarekin ezkontzen denak, beraz, ongi egiten du, eta ezkontzen ez denak, hobeki. 39 Emakumea loturik dago senarra bizi den bitartean. Hiltzen bazaio, libre gelditzen da eta nahi duenarekin ezkon daiteke, aukeratua kristaua izanez gero. 40 Baina zoriontsuagoa izango da dagoen bezala gelditzen bada; hau da nire iritzia, eta Jainkoaren Espiritua nik ere badudalakoan nago.
Janariak eta kristau-askatasuna
8. atala
[aldatu]1 Sasijainkoei eskainitako haragiaz, denok dakigu, noski, jakin behar dena. Baina jakiteak harrotu egiten du; maitasunak bakarrik hazarazten du fedean. 2 Zerbait dakielakoan dagoenak, oraindik ez du behar bezalako ezagutzarik; 3 Jainkoa maite duena, ordea, begi onez hartzen du berak. 4 Beraz, zer esan sasijainkoei eskainitako haragia jateaz? Badakigu sasijainkoak ez direna ezer ere munduan eta Jainkoa bat besterik ez dena. 5 Jainko deituak zeruan nahiz lurrean asko izan arren --eta benetan horrelako jainko eta jaun asko dago--, 6 guretzat Jainkoa bat bakarra da, Aita, gauza guztien sorburu eta helburu dena, eta bat bakarra Jauna, Jesu Kristo: beronen bidez baitira gauza guztiak eta beronen bidez baikara gu ere. 7 Baina ez dute guztiek hau behar bezala ulertzen. Batzuek, oraintsu arte idolatrian ibiliak, haragi hori sasijainkoei eskainia balitz bezala jaten dute eta, beraien kontzientzia ongi hezigabea denez, errudun bihurtzen dira. 8 Ez gaitu, noski, janariak Jainkoarentzat atsegin egiten: ez dugu ezer galtzen ez jateagatik, ez eta irabazten ere jateagatik. 9 Baina izan kontu, zuen askatasun hori kontzientzia hezigabekoentzat behaztopagarri gerta ez dadin. 10 Izan ere, kontzientzi hezigabeko batek zu, gauzak behar bezala ulertzen dituzun hori, sasijainkoen jauretxeko otorduetan parte hartzen ikusten bazaitu, ez ote da sasijainkoei eskainitako haragia jatera bultzatua sentituko, jokabide hori beraren hezigabeko kontzientziaren kontrakoa izanda ere? 11 Horrela, gauzak ongi ulertzen omen dituzun horrek galdu egingo zenuke kontzientzia hezigabeko zeure senidea, harengatik ere Kristo hila izan den arren. 12 Senideen aurka bekatu eginez eta beraien kontzientzia hezigabeari kalte eginez, Kristoren aurka egiten duzue bekatu. 13 Beraz, nire senideari janariren bat jatea erorbide gertatzen bazaio, ez dut inoiz haragirik jango, nire senidea erorbidean ez jartzeko.
Paulok bere eskubideei uko
9. atala
[aldatu]1 Ez ote naiz libre? Ez ote naiz apostolu? Ez ote dut ikusi Jesus gure Jauna? Ez ote da nire lanaren fruitu zuek kristau izatea? 2 Besteak apostolutzat hartu nahi ez banaute ere, zuek behintzat hartu behar nauzue, zuek kristau izatea baita apostolu naizenaren froga. 3 Horixe da nire defentsa salatzen nautenen kontra. 4 Ez ote dugu, bada, janaria eta edaria hartzeko eskubiderik? 5 Ez ote dugu eskubiderik emakume fededun bat lagun ibiltzeko, beste apostoluek, Jaunaren anaiek eta Pedrok berak bezala? 6 Ala Bernabe eta biok ote gara geure mantenua irabazteko lan egin behar dugun bakarrak? 7 Nor ibili da inoiz gerran beretik ordainduta? Nork landatzen du mahastia eta gero beronen fruituetatik jaten ez? Nork bazkatzen du artaldea eta ardien esnetik edaten ez? 8 Giza esperientziako adibideak aipatzen ditudala? Eta ez ote dio gauza bera Moisesek ere? 9 Legean, hain zuzen, honela dago idatzirik: Ez diozu muturrekorik ipiniko gari-jotzen ari den idiari. Idien arduraz ote dio hori Jainkoak? 10 Ala ez ote dio hori guregatik, hain zuzen? Jakina, bada, guregatik dagoela idatzia. Izan ere, bai lurra lantzen duenak, bai gari-jotzen ari denak, fruituan bere partea izango duen itxaropenez egin behar du lan. 11 Zuengan espirituzko ondasunak erein baditugu, gehiegi ote da zuengandik lurreko ondasunak jasotzea? 12 Beste batzuek zuen ondasunetan parte izateko eskubidea baldin badute, askoz handiagoa guk. Hala ere, ez gara baliatu eskubide horretaz; bestela baizik, den guztia jasan izan dugu, Kristoren berrionari oztoporik ez jartzeagatik. 13 Ez al dakizue eginkizun sakratuetan jarduten dutenek tenplua izaten dutela mantenubide, eta aldarean zerbitzatzen dutenek aldarean eskaintzen diren oparietatik hartzen dutela beren partea? 14 Era berean, Jaunak ere, berriona hots egiten dutenei, berrionaren zerbitzuan egiten duten lanetik bizitzeko eskubidea dutela adierazi zien. 15 Baina nik ez dut eskubide horretaz baliatu nahi izan; eta orain ere, hau idazten badizuet, ez da hori lortu nahi dudalako. Nahiago nuke hil... Ez, ez dit inork harrobide hori kenduko. 16 Egiaz, berriona hots egiten dudala-eta ezin naiz harrotu; ezinbesteko eginbehartzat jotzen baitut hori, eta errukarria ni berriona hots egingo ez banu! 17 Hori neure gogoz egingo banu, mereziko nuke saria; baina nik nahi gabe beste batek ezarritako eginkizuna betetzen ari banaiz, 18 zer sari zor zait orduan? Hauxe besterik ez: berriona dohainik hotsegitea, berrionaren zerbitzutik datozkidan eskubideez baliatu gabe.
Paulo, dena denentzat
19 Guztiz libre naizen arren, guztien esklabo egin naiz, ahalik jende gehien Kristorentzat irabazteko. 20 Juduekin judu egin naiz, juduak irabazteko; Moisesen legepean bizi direnekin legepeko egin naiz, nahiz eta neu lege horren menpeko ez izan, legepean bizi direnak irabazteko. 21 Moisesen legea ezagutzen ez dutenekin, legea kontuan hartu gabe bizi izan naiz, legea ezagutzen ez dutenak irabazteko; ez, noski, Jainkoaren legerik onartzen ez dudalako, nire legea Kristo baita. 22 Ahul direnekin ahul egin naiz, ahulak irabazteko. Guztiengana ahalik eta gehien egokitzen saiatu naiz, nolabait batzuen batzuk salbatzeko. 23 Eta guztia berrionagatik egiten dut, berrion horretan neuk ere parte izan dezadan.
Atleten antzera
24 Denok dakizue kiroldegian partaide guztiek egiten dutela lasterka, baina saria batek bakarrik jasotzen duela. Beraz, egizue lasterka, irabazteko eran. 25 Atletek diziplina gogorra ezartzen diote beren buruari, eta hori, zimeltzen den koroa irabazteko; guk, ordea, zimeltzen ez dena irabazteko. 26 Ni ere hala aritzen naiz; ez lasterka itsu-itsuan egiten duena edo ukabilkadak hutsean jotzen dituen borrokalaria bezala; 27 baizik eta neure gorputza hezi eta menpean jartzen dut, besteei irakatsi ondoren neu baztertua gerta ez nadin.
Israelen gertaerak aurreirudi kristauentzat
10. atala
[aldatu]1 Senideok, jakin behar duzue, gure arbasoak denak egon zirela hodeiaren babespean eta denek igaro zutela Itsaso Gorria. 2 Denek hartu zuten bataioa hodeian eta itsasoan, Moisesekin bat egiteko. 3 Denek jan zuten espirituzko janari bera, 4 eta denek edan espirituzko edari bera; izan ere, beraiekin zihoan espirituzko harkaitzetik edaten zuten, eta harkaitz hori Kristoren irudi da. 5 Hala ere, haietako gehienak ez ziren Jainkoaren gogoko izan, eta hilik gelditu ziren basamortuan. 6 Hau guztia guretzat ikasbide izateko gertatu zen, gaiztakeriarik irrika ez dezagun, haiek irrikatu zuten bezala. 7 Ez zaiteztela sasijainkozale izan, haietako batzuk bezala. Honela dio Liburu Santuak:
Otordua egitera eseri zen herria; ondoren, jostatzeari ekin zion.
8 Ez dezagun haragikeriara jo, haietako batzuek bezala, eta egun bakar batean hogeita hiru mila lagun hil ziren. 9 Ez dezagun tenta Jauna, haietako batzuek egin zuten bezala, eta sugeek zizta eginda hil ziren. 10 Ez zaiteztela marmarrean ari ere, haietako batzuk ari izan ziren bezala, gero aingeru suntsitzailearen esku hil zirelarik. 11 Haiei gertaturiko gauza horiek ikasbide dira guretzat, eta gure eskarmenturako idatzi zituzten, azkenak diren garai hauetan bizi garenok zentzarazteko. 12 Beraz, zutik dagoela uste duenak egin beza kontu eror ez dadin. 13 Ez zaizue gainera etorri giza indarrez gainditu ezin ahalako tentaldirik; leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko.
Idolatriari uko
14 Ene maiteok, ihes egiozue, beraz, idolatriari. 15 Pertsona zentzudunei bezala mintzo natzaizue; juzgatu zeuek diodana. 16 Jainkoa bedeinkatuz hartzen dugun esker onezko kopak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen odolean? Eta zatitzen dugun ogiak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen gorputzean? 17 Ogia bat denez, denok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen baitugu denok. 18 Begira Israel herrian gertatzen denari: opariak jaten dituztenek ez al dute bat egiten aldarearekin? 19 Honekin ez dizuet esan nahi sasijainkoei egindako opariek baliorik dutenik, edo sasijainkoa zerbait denik. 20 Ez, noski! Deabruei eskaintzen zaizkie opari horiek, ez Jainkoari. Eta nik ez dut nahi zuek deabruarekin bat egiterik. 21 Ezin duzue edan Jaunaren kopatik eta deabruenetik. Ezin duzue parte izan Jaunaren mahaian eta deabruenean. 22 Edo sutu egin nahi ote dugu Jainkoaren haserrea? Bera baino indartsuago ote gara?
Egin guztia Jainkoaren aintzarako
23 <<Dena zilegi da>>, bai, baina ez da dena komenigarri. <<Dena zilegi da>>, bai, baina ez da dena elkartea eraikitzeko lagungarri. 24 Ez bedi inor bere buruaren onaren bila ibil, besterenaren bila baizik. 25 Jan azokan saltzen den guztitik, kontzientzi arazorik sortu gabe. 26 Jaunarena baita lurra eta bertan dagoen guztia. 27 Jentil batek gonbidatzen bazaituzte eta zuek gonbitea onartu, jan mahaira ateratzen dizuen guztitik, kontzientzi arazorik egin gabe. 28 Baina norbaitek <<Sasijainkoei eskainitako haragia da hori>> esaten badizue, ez jan, oharra egin dizunari eta kontzientziari zor diezun errespetuagatik. 29 Ez dut zure kontzientziagatik esan nahi, bestearenagatik baizik. Eta zergatik mugatu behar du besteen kontzientziak nire askatasuna? 30 Jatordua Jainkoari eskerrak emanez egiten badut, zergatik gaitzetsi behar naute Jainkoari eskerrak emanez jaten dudanarengatik? 31 Nolanahi ere, nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako. 32 Eta ez izan erorbide ez juduentzat, ez jentilentzat, ez eliz elkartearentzat ere. 33 Ni ere guztiei atsegin ematen saiatzen naiz gauza guztietan eta ez dut bilatzen neure ona, besteena baizik, salbo izan daitezen.
11. atala
[aldatu]1 Egin zaitezte nire antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.
Emakumeak eliz batzarretan
2 Zorionak zuei, beti gogoan bainauzue eta nik emandako irakaspenak zintzo gordetzen baitituzue. 3 Baina nahi nuke zuek jakitea, gizon ororen buru Kristo dela, emakumearen buru gizona, eta Kristoren buru Jainkoa. 4 Burua estalirik duela otoitz egiten edo profeta bezala hitz egiten duen gizonak desohoratu egiten du bere buru duen Kristo. 5 Eta buru hutsik otoitz egiten edo profeta bezala hitz egiten duen emakumeak desohoratu egiten du bere buru duen gizona; kaskamotz egotea bezala litzateke hori. 6 Beraz, burua estali nahi ez badu, moztu dezala erabat ilea. Baina emakumeari ilea erabat mozturik edo kaskamotz egotea lotsagarri bazaio, estal dezala burua. 7 Gizonak, bada, ez du estali behar burua, Jainkoaren irudi eta berorren aintzaren isla baita; emakumea, berriz, gizonaren aintzaren isla da, 8 ez baitator gizona emakumeagandik, emakumea gizonarengandik baizik; 9 eta ez zen gizona egin emakumeagatik, emakumea gizonarengatik baizik. 10 Horregatik eta aingeruenganako begiruneagatik, emakumeak menpetasunaren ezaugarria eraman behar du buruan. 11 Hala ere, kristau-ikuspegitik, ez da emakumerik gizasemerik gabe, ez eta gizasemerik ere emakumerik gabe. 12 Izan ere, emakumea gizasemeagandik sortu bazen, gizasemea emakumeagandik jaiotzen da, eta gauza guztiak Jainkoarengandik datoz. 13 Juzga ezazue zeuek: ongi al dago emakumeak Jainkoari buru hutsik otoitz egitea? 14 Ez al dizue naturak berak erakusten gizasemearentzat lotsagarri dela ilea luze eramatea, 15 emakumearentzat ohoragarri den bezala? Izan ere, ile luzea buruko estalkitzat eman baitzion Jainkoak emakumeari. 16 Halaz guztiz, norbaitek eztabaidaka hasi nahi balu, jakin beza, guk ez dugula horrelako ohiturarik eta Jainkoaren eliz elkarteek ere ez.
Jaunaren afaria eta elkar maitasuna
17 Oharpen hauek egiten dizkizuedalarik, ezin ditut ontzat eman zuen batzarrak, on baino kalte handiagoa egiten baitizuete. 18 Hasteko, zuen elkarte-otorduetan zatikatuak zabiltzatela jakin dut. Eta neurri batean egia dela uste dut; 19 izan ere, beharrezko da zuen artean alderdikeriak izatea, benetako kristauak zeintzuk diren hobeki ager dadin. 20 Zeuen elkarte-otorduetarako biltzen zaretenean, egiten duzuena ez da Jaunaren afaria, 21 nor bere afaria jaten hasten baita; horrela, bata goseak gelditzen den bitartean, bestea mozkortu egiten da. 22 Ez ote dituzue zeuen etxeak jateko eta edateko? Ala gutxietsi egin nahi duzue Jainkoaren eliz elkartea eta lotsarazi ezer ez dutenak? Zer esan diezazueket? Zorionak eman? Gai honetan ezin dizuet zorionik eman. 23 Jaunarengandik hartu nuen nik, neure aldetik zuei eskualdatu dizuedan hau: Jesus Jaunak, saldu zuten gauean, ogia hartu zuela 24 eta, esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta esan zuela: <<Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri>>. 25 Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez: <<Kopa hau itun berria da, Jainkoak nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri>>. 26 Beraz, ogi honetatik jaten eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, bera etorri arte. 27 Horregatik, behar ez bezala Jaunaren ogia jaten eta kopatik edaten duena errudun bihurtzen da, Jaunaren gorputz-odolak profanatzen baititu. 28 Azter beza, bada, nork bere burua, ogitik jan eta kopatik edan aurretik; 29 zeren Jaunaren gorputza dela kontuan izan gabe jan-edaten duenak bere gaitzespena baitu jaten eta edaten. 30 Horrexegatik dago zuen artean hainbeste ahul eta gaixo, eta franko hil ere egiten da. 31 Geure buruak arretaz aztertuko bagenitu, Jaunak ez gintuzke gaitzetsiko. 32 Dena den, Jaunak, zigortzean, zentzarazi egiten gaitu, munduarekin batera gaitzetsiak gerta ez gaitezen. 33 Beraz, senideok, zeuen elkarte-otorduak egiteko biltzen zaretenean, itxaron elkarri. 34 Norbait gose bada, jan dezala bere etxean, zuen batzarrak gaitzesgarri gerta ez daitezen. Gainerako gauzak joango naizenean konponduko ditut.
Espirituaren dohainak
12. atala
[aldatu]1 Senideok, Espirituaren dohainei buruz zuek ezjakinean jarraitzerik ez dut nahi. 2 Badakizue, oraindik jentil zinetenean, sasijainko mutuetara jotzen zenutela itsu-itsuan. 3 Horregatik jakinarazten dizuet, inork ere ez duela esaten <<Madarikatua Jesus>> Jainkoaren Espirituak eraginda; eta inork ezin duela esan <<Jesus da Jauna>> Espiritu Santuak eraginik ez bada. 4 Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra; 5 era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra; 6 era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena. 7 Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako. 8 Honela, bati jakinduriaz hitzegitea ematen dio Jainkoak Espirituaren bidez; beste bati, Espiritu beraren arabera, ezagueraz hitzegitea; 9 bati, Espirituaren egitez, sinesmen-dohaina ematen dio; beste bati, sendaketak egiteko dohaina; 10 bati mirariak egiteko ahalmena; beste bati Jainkoaren izenean hitzegitea; bati espiritu faltsua eta benetakoa bereiztea; besteari hizketa arrotzez mintzatzea, eta beste bati hizketa horren esanahia adieraztea. 11 Hori guztia, ordea, Espiritu bat berak egiten du, bere dohainak nahi duen bezala bakoitzari emanez.
Atalak asko, gorputza bat
12 Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu; baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere. 13 Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu. 14 Gorputza, izan ere, ez du atal bakarrak osatzen, askok baizik. 15 Oinak <<eskua ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena>> esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko. 16 Eta belarriak <<begia ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena>> esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko. 17 Gorputz guztia begi balitz, non entzumena? Eta dena belarri balitz, non usaimena? 18 Baina Jainkoak bere tokia jarri zion atal bakoitzari gorputzean, berak nahi bezala. 19 Denak atal bat balira, zer-nolakoa izango litzateke gorputz hori? 20 Baina ez, atalak asko dira; gorputza, ordea, bat bakarra. 21 Begiak ez diezaioke eskuari esan: <<Ez dut zure beharrik>>; ez eta buruak ere oinei: <<Ez dut zuen beharrik>>. 22 Aitzitik, makalenak iruditzen zaizkigun gorputz-atalak beharrezkoenak dira; 23 eta duintasunik gutxieneko iruditzen zaizkigunak itzal eta begirune handienaz inguratzen eta zaintzen ditugu. 24 Izan ere, berez ohoragarri direnek ez dute arreta horien beharrik. Jainkoak berak, gorputza eratzean, berez ohoregabeko ziren atalei ohorerik handiena eman zien. 25 Horrela, gorputzean zatiketarik ez dago, eta atal guztiak bata besteaz arduratzen dira. 26 Honela, atal batek min duenean, min dute atal guztiek berarekin; eta atal bat onetsia denean, poza dute beste guztiek berarekin. 27 Zuek Kristoren gorputz zarete, eta zuetako bakoitza gorputz horren atal. 28 Eliz elkartean bakoitzari bere tokia ezarri dio Jainkoak: lehenengo apostoluak, bigarren profetak, hirugarren irakasleak; ondoren, mirarigileak datoz; gero, sendatzeko edota behartsuei laguntzeko edota elkartea gidatzeko edo hizketa arrotzez mintzatzeko dohaina dutenak. 29 Guztiak apostolu ote dira? Guztiak profeta? Guztiak irakasle? Guztiak mirarigile? 30 Guztiek ote dute sendatzeko dohaina? Guztiak mintzo ote dira hizketa arrotzez? Guztiak ote dira hizketa arrotzen interpretatzaile? 31 Dena dela, irrika itzazue dohainik onenak.
Maitasunaren gorazarrea
Orain biderik bikainena adierazi nahi dizuet.
13. atala
[aldatu]1 Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzez hitz egin, maitasunik ez badut, brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naiz. 2 Nahiz eta profezi dohaina izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badut, ez naiz ezer. 3 Dudan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emanik ere, maitasunik ez badut, ez naiz ezer.
4 Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da; ez du bekaizkeriarik, ez handiusterik, ez harropuzkeriarik. 5 Ez da lotsagabea, ez berekoia, ez haserrekorra; kaltea ez du gogoan hartzen. 6 Ez da bidegabekeriaz pozten, baizik eta egian pozten da. 7 Maitasunak dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten. 8 Maitasuna ez da behin ere itzaltzen. Profezi dohaina desagertu egingo da, hizketa arrotzez mintzatzea amaituko, ezaguera ere amaituko. 9 Erdizkakoa baita orain gure ezaguera, erdizkakoa gure profezia; 10 eta, bete-betekoa iristean, desagertu egingo da erdizkakoa. 11 Haur nintzenean, haur bezala mintzo nintzen, haur bezala sentitzen nuen, haur bezala juzgatzen. Gizon egin naizenean, utzi egin ditut haur-gauzak. 12 Orain dena ilun ikusten dugu, ispiluan bezala; gero aurrez aurre ikusiko dugu; orain erdizka ezagutzen dut; gero oso-osoan ezagutuko dut dena, Jainkoak neu ezagutzen nauen bezala. 13 Hiru gauza ditugu oraindanik iraunkor direnak: sinesmena, itxaropena eta maitasuna; baina hiruretan handiena maitasuna da.
Hizketa arrotzak eta profezia
14. atala
[aldatu]1 Saia zaitezte, beraz, elkarrenganako maitasunean. Espirituaren dohainei dagokienez, irrika ezazue batez ere profezi dohaina. 2 Izan ere, hizketa arrotzez mintzo dena, Jainkoari mintzo zaio, ez gizakiei, inork ez baitio ulertzen: Espirituak eraginda, gauza misteriotsuak esaten ditu. 3 Profeta bezala mintzo dena, berriz, gizakiei mintzo zaie: fedean hazten laguntzen die, adoretu eta kontsolatu egiten ditu. 4 Hizketa arrotzez mintzo dena, bere buruari bakarrik zaio lagungarri; profeta bezala mintzo denak, berriz, eliz elkartea hazarazten du. 5 Nahi nuke zuek guztiok hizketa arrotzez mintzatzea; baina are nahiago profeta bezala mintzatzea. Zeren, eliz elkartea hazarazteko, hobe baita profeta bezala mintzatzea hizketa arrotzez mintzatzea baino, hizketa horren esanahia ere argitzen ez bada behintzat. 6 Begira, senideok: hizketa arrotzez hitz eginez aurkeztuko banintzaizue, zer on ekarriko lizueke horrek, nire hitzak ez balizue emango agerpenik, ez ezaguerarik, ez Jainkoarengandiko mezurik, ez eta irakaspenik ere? 7 Gauza bera gertatzen da musika-tresnekin ere, txirula edota zitararekin, adibidez: notak argi eta garbi ematen ez badituzte, nola jakin zer jotzen duten? 8 Edota turutak soinu nahasia jotzen badu, nor prestatuko da gudurako? 9 Berdin zuek ere: hitz ulergarriak ez badituzue adierazten, nola jakin zer ari zareten esaten? Paretari hitz egiten ariko zinatekete. 10 Hainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzua. 11 Baina nik ez dakidan hizkuntzan mintzatzen bazait norbait, ni arrotz izango natzaio hari eta hura niri. 12 Horrela bada, Espirituaren dohainak irrikatzen dituzuenez gero, saia zaitezte dohainok ugari izaten, baina eliz elkarteari hazten laguntzeko. 13 Hizketa arrotzez mintzo denak, beraz, eska biezaio Jainkoari esaten duena argitzeko dohaina ere. 14 Hizketa arrotzez otoitz egiten badut, nire espiritua otoitzean ari da, bai, baina adimena fruiturik gabe gelditzen da. 15 Zer egin, bada? Espirituaren eraginez otoitz egin bai, baina adimenez ere bai; Espirituaren eraginez Jaunari abestu bai, baina adimenez ere bai. 16 Esker onezko otoitza Espirituaren eraginez bakarrik egiten baduzu, dohain hori ez duen entzule hutsak nola erantzungo dio <<Amen>> zure esker onezko otoitzari, zer diozun ulertzen ez badu? 17 Ederra izango da, bai, zure esker onezko otoitza, baina besteari ez zaio lagungarri gertatuko. 18 Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari, hizketa arrotzez zuek baino gehiago mintza naitekeelako. 19 Hala ere, elkartea bildurik dagoenean, nahiago dut besteentzat irakasgarri izango diren bost hitz ulergarri esan, hizkera ulertezinean hamar mila baino. 20 Senideok, ez izan haurren antzeko zeuen irizpideetan; gaitzerako bai, izan zaitezte haur; baina irizpideetan izan zaitezte pertsona helduak. 21 Honela dio Jaunak Liburu Santuan:
Hizkuntza arrotzez, atzerritarren bidez hitz egingo diot herri honi; baina, hala ere, ez didate adituko.
22 Hizketa arrotzez mintzatzea, beraz, sinesgogorrentzat da seinale, ez sinestedunentzat; profeta bezala hitzegitea, berriz, ez da sinesgogorrentzat, sinestedunentzat baizik. 23 Eman dezagun eliz elkarte osoa bildurik dagoela eta denak hizketa arrotzez mintzatzen hasten direla; entzule huts den edo kristau ez den bat sartzen bada, ez ote du esango burutik eginak zaudetela? 24 Guztiak profeta bezala mintzo badira, ordea, eta entzule huts den edota kristau ez den bat sartzen bada, bere erruak aitortzera eramango dute denen artean, 25 eta beraren bihotzeko ezkutuak agerian geldituko dira. Orduan, ahozpeztu eta Jainkoa gurtu egingo du, eta esango: <<Jainkoa benetan zuekin dago>>.
Bileretan nahasmenik ez
26 Zer egin, bada, senideok? Biltzen zaretenean, batek kantua egin dezala, besteak irakatsi edota goi-agerpen bat eman, hizketa arrotzez mintzatu edota mintzaira hori argitu; baina guztia elkarteari hazten laguntzeko izan dadila. 27 Hizketa arrotzez mintzatzekotan, bi izan daitezela edo hiru gehienez mintzo direnak, eta txandaka; eta argi dezala beste batek esanahia. 28 Esanahia argitzeko inor ez bada, hizketa arroztuna isil dadila batzarrean, eta Jainkoarekin eta bere buruarekin bakarrik mintza dadila. 29 Profeta bezala mintzo direnei dagokienez, mintza daitezela bi edo hiru, eta gainerakoek eman dezatela beren iritzia. 30 Hala ere, eseria dagoenen batek goi-agerpen bat hartuko balu, isil dadila hitz egiten ari zena. 31 Profeta bezala denok hitz egin dezakezue, baina banan-banan, entzuleek irakaspena eta adorea har ditzaten. 32 Profetek beren kontrolpean eduki behar dute profezi espiritua, 33 Jainkoak bakea maite baitu eta ez nahasmendua. Fededunen elkarte guztietan bezala, 34 emakumeei ez zaie zilegi batzarrean hitzegitea; beude isilik, beraz, eta ager bitez menpeko, Moisesen legeak agintzen duen bezala. 35 Argibiderik nahi balute, galde biezaiete etxean beren senarrei, ez baita egoki emakumeek batzarrean hitzegitea. 36 Zer uste duzue? Zuenetik abiatu zela Jainkoaren hitza? Edota zuenera bakarrik heldu dela? 37 Norbaitek profeta dela edo Jainkoaren Espiritua duela uste badu, aitor dezala idazten dudan hau Jaunaren agindua dela. 38 Eta hala aitortzen ez badu, bera ere ez du aitortuko Jainkoak. 39 Beraz, ene senideok, irrika ezazue profezi dohaina, baina hizketa arrotzez mintzatzea galarazi gabe. 40 Dena den, egin guztia duintasunez eta ordenaz.
Kristoren piztuera
15. atala
[aldatu]1 Senideok, irakatsi nizuen berriona oroitarazten dizuet. Zuek onartu egin zenuten, hartan sendo oinarrituak zaudete 2 eta salbatu ere harexek salbatzen zaituzte, nik iragarri nizuen bezala eusten badiozue. Bestela, alferrik sinetsiko zenuten. 3 Neuk hartu nuena bera eskualdatu nizuen lehen-lehenik, hau da: Kristo gure bekatuengatik hil zela, Liburu Santuek esan bezala; 4 hobiratu egin zutela eta hirugarren egunean piztu egin zela, Liburu Santuek esan bezala; 5 Pedrori agertu zitzaiola, eta ondoren Hamabiei; 6 gero, bostehun eta gehiago senideri agertu zitzaien batera; haietatik gehienak bizirik daude oraindik, batzuk hil badira ere; 7 gero, Santiagori agertu zitzaion, ondoren apostolu guztiei. 8 Beste guztiei agertu ondoren, neuri ere agertu zitzaidan, garaiz kanpo jaiotako haurra bezalakoa naizen honi; 9 izan ere, apostoluetan txikiena naiz ni, apostolu izenik ere merezi ez duena, Jainkoaren Eliza pertsegitu bainuen. 10 Baina Jainkoak bere onginahiaz egin nau naizen hau, eta haren onginahia ez da fruiturik gabea izan niregan: beste apostolu guztiek baino lan gehiago egin dut, izan ere; ez, noski, nik, baizik eta Jainkoak nirekin bere onginahiaz. 11 Dena dela, bai haiek eta bai nik, horixe da hots egiten dugun mezua, eta horixe zuek sinetsi duzuena.
Gure piztuera
12 Kristo hilen artetik piztua dela hots egiten bada, nola esaten dute zuetako batzuek hilak ez direla pizten? 13 Hilak pizten ez badira, Kristo ere ez dago pizturik. 14 Eta Kristo pizturik ez badago, funtsik gabea da gure predikua eta zentzurik gabea zuen sinesmena. 15 Egiaz hilak pizten ez badira, Jainkoak ez zuen piztu Kristo ere; eta, hori horrela bada, gu ere Jainkoaren lekuko faltsu bihurtzen gara, beraren kontra egiten baitugu testigantza, Kristo piztu zuela esatean. 16 Zeren hilak pizten ez badira, Kristo ere ez dago pizturik. 17 Eta Kristo pizturik ez badago, alferrikakoa da zuen sinesmena: zeuen bekatuetan zaudete oraindik. 18 Eta zer esanik ez, hil diren kristauak ere galduak dira. 19 Kristorengan jarria dugun itxaropenak bizitza honetarako bakarrik balio badu, gizaki guztietan errukarrienak gara. 20 Baina ez, piztu da Kristo hilen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari. 21 Izan ere, heriotza gizon baten bidez etorri zen bezala, gizon baten bidez etorri zen hildakoen piztuera ere. 22 Eta Adamekin duten batasunagatik gizaki guztiak hiltzen diren bezala, Kristorekin duten batasunagatik guztiak itzuliko dira bizira. 23 Baina bakoitza bere garaian: lehenengo Kristo, lehen fruitu bezala; gero, Kristorenak, hau berriro etortzean. 24 Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emango dionean. 25 Kristok errege izaten jarraitu behar baitu, Jainkoak etsai guztiak haren oinazpian ipini arte. 26 Azkena ezereztuko den etsaia heriotza izango da. 27 Izan ere, gauza guztiak haren menpean jarri ditu Jainkoak. Baina Liburu Santuak, dena haren menpeko dela esatean, ez du, noski, hor sartzen Jainkoa bera, gauza guztiak menpean jarri dizkiona. 28 Jainkoak gauza guztiak menpean jarriko dizkionean, Semea bera menpean jarriko zaio gauza guztiak menpean jarri zizkionari, eta Jainkoa guztietan guztia izango da. 29 Badira zuen artean hilengatik bataiatzen direnak. Baina benetan hilak pizten ez badira, zertarako balio du hilengatik bataiatzeak? 30 Eta gu, zertarako gabiltza etengabe arriskutan? 31 Senideok, Jesu Kristo gure Jaunari esker, zuek nire harrotasuna zaretela bezain egia da, egunero heriotza gainean dudalarik bizi naizela. 32 Efeson basapiztien kontra borroka egin nuen hartan, giza helburu hutsez ari izan banintz, zer irabaziko nukeen horrekin? Hilak pizten ez badira,
jan dezagun eta edan, bihar hil behar dugu eta.
33 Ez zaitzatela inork engaina! Lagun txarrek ohitura onak usteldu egiten dituzte. 34 Etor zaitezte senera eta utzi bekatu egiteari, zuetako batzuek ez baitute ezagutzen Jainkoa. Zeuen lotsarako diotsuet.
Piztutakoen gorputza
35 Norbaitek galde dezake: Eta hilak nola pizten dira? Nolako gorputzez itzuliko dira bizira? 36 Zoro hori, zuk ereindakoa ez da ernetzen aurrez hiltzen ez bada. 37 Eta ereiten duzuna ez da gero haziko den landarea, hazi hutsa baizik, gari-hazia nahiz beste edozein hazi izan. 38 Jainkoak ematen dio haziari berak nahi bezalako forma, bakoitzari dagokiona. 39 Ez dira berdinak gorputz guztiak: gauza bat da gizakien gorputza, bestea abereena, bestea hegaztiena eta bestea arrainena. 40 Badira zeruko izakiak eta lurrekoak, baina zerukoek eta lurrekoek ez dute distira bera. 41 Eguzkiaren distira honelakoa da, ilargiarena halakoa eta izarrena bestelakoa. Eta izarrek berek ere ez dute denek distira berdina. 42 Hildakoen piztuerarekin ere gauza bera gertatuko da: ereiten dena ustelkorra da, pizten dena ustelezina; 43 ereiten dena mesprezagarria, pizten dena ospetsua; ereiten dena ahula, pizten dena indartsua; 44 haragizko gorputza ereiten da eta espirituzkoa pizten; haragizko gorputza baden bezala, espirituzkoa ere bada. 45 Honela dio, hain zuzen, Liburu Santuak: lehenengo gizakia, Adam, izaki bizidun bilakatu zen; azkeneko Adam, berriz, Espiritu bizi-emaile. 46 Ez zen espirituzkoa izan lehenengoa, haragizkoa baizik; espirituzkoa ondoren dator. 47 Lehenbiziko gizakia lurreko hautsetik hartua izan zen; bigarrena, berriz, zerutik dator. 48 Lurtarra, Adam, lurtarren eredu eta irudi da; zerutarra, Kristo, zerutarrena. 49 Eta lurtarraren irudiko garen bezala, zerutarraren irudiko ere izango gara. 50 Senideok, honekin esan nahi dizuet hezur-mamizko gorputz hau ezin dela Jainkoaren erreinuaren jabe egin, ez eta ustelkorra dena ustelezin denaren jabe ere. 51 Hara, misterio bat adierazten dizuet: ez gara denok hilko, baina izatez aldatuak izango gara denok 52 unetxo batean, begien itxi-ireki batean, azkeneko turuta-hotsarekin batera. Izan ere, turutak joko du eta hildakoak ustelezin piztuko dira eta gu izatez aldatuak izango. 53 Gure izate ustelkorrak bizi ustelezinez jantzi behar du, eta izate hilkorrak hilezkortasunez. 54 Gure izate ustelkorra bizi ustelezinez jantziko denean, eta izate hilkorra hilezkortasunez, orduan beteko da Liburu Santuak dioena:
Behin betiko galdua gertatu da heriotza. 55 Non duk, Herio, heure garaipena? Non heure eztena?
56 Heriotza dakarren eztena bekatua da, eta bekatuak legetik hartzen du bere indarra. 57 Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari, halako garaipena ematen digulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez! 58 Beraz, senide maiteok, ez aldatu asmoz eta iraun sendo, egunetik egunera Jaunaren lanean gero eta gogotsuago jardunez, jakinik Jaunak ez duela zuen nekea saririk gabe utziko.
Diru-bilketa Jerusalemgo kristauen alde
16. atala
[aldatu]1 Jerusalemgo fededunentzat egin beharreko diru-bilketari dagokionez, egin zuek ere Galaziako eliz elkarteei agindu niena. 2 Igandero, eman dezala bakoitzak bere borondatez aurreratu ahal izan duena; horrela, ni joango naizenean, ez dugu diru-bilketa egiten ibili beharrik izango. 3 Ni heltzean, ziurtagiriak eman eta Jerusalemera bidaliko ditut zuek aukeratuak, zuen erregalua eramatera. 4 Eta ni joatea on bada, elkarrekin joango gara.
Pauloren ibilaldi-asmoak
5 Mazedoniatik igaro ondoren joango naiz zuenera, Mazedonian barrena egin behar baitut bidaia. 6 Badaiteke zuekin gelditzea eta, beharbada, negu osoan; gero, noranahi joango naizela ere, bidaiari jarraitzeko laguntza eman ahal izango didazue. 7 Oraingo honetan ez zaituztet bidenabar bakarrik ikusi nahi. Badut itxaropen luzaroxeago egongo naizela zuekin, Jaunak hala nahi badu. 8 Baina Efeson geldituko naiz Mendekoste arte, 9 lan handia egiteko aukera ederra egokitu baitzait, nahiz eta asko izan aurka jarri direnak. 10 Timoteo joango balitz, hartzazue ongi, zuen artean uzkurtua egon ez dadin, bera ere ni bezala Jaunaren lanean ari baita. 11 Ez dezala inork gutxiets. Emaiozue laguntza niregana etortzeko bidaiari bakean jarrai diezaion, haren zain bainago senideekin batera. 12 Apolo anaiari dagokionez, behin eta berriz eskatu nion senideekin zuengana joateko, baina oraingoz ez du joan nahi izan. Joango da, egokiera izango duenean.
Eskabideak
13 Egon erne, iraun sendo sinesmenean, joka gizonki eta izan indartsu. 14 Egin dezazuen guztia egin maitasunez. 15 Senideok, eskabide bat egin behar dizuet: badakizue Estebanen etxekoak izan direla Akaiako lehen kristauak, eta fededunen zerbitzura eman dituztela beren buruak. 16 Jar zaitezte horrelako pertsonen gidaritzapean eta horiena bezalako lanean saiatzen diren guztienean. 17 Pozik nago Esteban, Fortunato eta Akaiko etorri direlako, haiek bete baitute zuen hutsunea, 18 eta lasaitu egin gaituzte, bai neu eta bai zuek. Izan, beraz, esker oneko horrelako horiekin.
Azken agurra
19 Asia probintziako eliz elkarteek agurtzen zaituztete. Agur beroa Jaunaren izenean Akila eta Priska eta hauen etxean biltzen den eliz elkartearen partetik. 20 Goraintziak, azkenik, senide guztien partetik. Agur ezazue elkar besarkada santuaz. 21 Azken agurra neure eskuz idazten dizuet: Paulok. 22 Madarikatua Jauna maite ez duena! Marana tha!. 23 Jesus Jaunaren grazia izan bedi zuekin. 24 Denok maite zaituztet Jesu Kristoren baitan. \z