Edukira joan

Biblia/Erromatarrei

Wikitekatik
Biblia
Erromatarrei
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

ERROMATARREI GUTUNA Agurra

1. atala

[aldatu]

1-2 Nik, Paulok, Jesu Kristoren zerbitzari honek, idazten dizuet. Jainkoak deitu ninduen apostolu izateko eta Liburu Santuetan profeten ahoz aurrez agindua zeukan berriona hots egiteko. 3-4 Berrion hau Jainkoaren Semeari buruzkoa da, Jesu Kristo gure Jaunari buruzkoa, alegia: berau giza jatorriz Daviden hazitik jaio zen; baina, hilen artetik piztu zenez gero, santu egiten duen Espirituaz Jainkoaren Seme ahaltsu egina izan da. 5 Jesu Kristogandik hartu dugu apostolu izateko dohaina, jentil-herriei sinesmena eramateko eta fedezko erantzuna haiengan sortzeko. 6-7 Hauetakoak zarete zuek ere, Erroman bizi zaretenok. Jainkoak maite izan zaituzte eta Jesu Kristoren elkarteko eta bere herri santu izateko deitu. Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
SARRERA (1,8-17)
Erromara joateko asmoak
8 Lehenengo, zuek guztiongatik eskerrak ematen dizkiot neure Jainkoari Jesu Kristoren bitartez, zuen sinesmena mundu guztian goraipatzen delako. 9 Badaki, bai, Jainkoak, bere Semearen berriona hots eginez bihotz-bihotzez zerbitzatzen dudan hark, beti gogoan zaituztedala. 10 Eta otoitz egiten dudan bakoitzean, hauxe eskatzen diot: berak nahi badu, izan dezadala noizbait zuengana iristeko aukera. 11 Izan ere, zuek ikusi nahian nago, sendogarri izango zaizuen espirituzko dohainen bat emateko, 12 edo, hobeki esan, zuek eta nik batera dugun sinesmenean elkar adoretzeko. 13 Senideok, hauxe jakin behar duzue: askotan hartu dudala zuengana joateko erabakia, zuen artean beste herrietan bezala fruituren bat jasotzeko gogoz; baina orain arte ezin izan dut. 14 Zorretan nago, izan ere, greziar herriarekin nahiz greziar ez direnekin, ikasiekin nahiz ezikasiekin. 15 Horregatik, niri dagokidanez, irrikaz nago zuei ere, erromatarroi, berriona hots egiteko.
Gutunaren gai nagusia
16 Ez dut berriona zabaltzeko lotsarik, Jainkoaren indarra baita fededun guztiak salbatzeko, juduak lehenengo, baina bai eta judu ez direnak ere. 17 Izan ere, berrion horrek Jainkoak fedearen bidez bakarrik onartzen gaituela agertzen digu. Hau dio Liburu Santuak: Zintzoa fedeari esker biziko da.
GIZADI OSOA SALBAMENAREN BEHARREAN (1,18--3,20)
Gizadi osoa bekatuaren menpean
18 Ikusten ari gara Jainkoak bere haserrea agertzen duela gizon-emakume guztien gain zerutik, sinesgabe eta zuzengabe direlako, eta beren zuzengabekeriaz egia ito egin dutelako. 19 Izan ere, Jainkoaz jakin daitekeena agerian dute, Jainkoak berak agertu baitie. 20 Mundua mundu denetik, berez ikusezina dena, hau da, Jainkoaren betiereko ahalmena eta jainkotasuna, ikusgarri gertatzen zaio haren egintzak aztertzen dituenari. Ez dute, beraz, aitzakiarik, 21 Jainkoa ezaguturik, ez baitiote aintzarik, ez eskerrik eman, berari dagokion bezala; baizik arrazoibide hutsaletan galdu dira eta beren adimen zentzugabea ilundu egin zaie. 22 Beren buruak zuhurtzat edukiz, ergel bihurtu dira; 23 eta, Jainko hilezkorraren aintza utzirik, gizaki hilkor, hegazti, lauoineko abere eta narrastien irudietara jo dute. 24 Horregatik, Jainkoak beren grina txarren menpe utzi ditu eta zikinkerietan erori dira, beren buruak desohoratzeraino. 25 Egiazko Jainkoaren ordez gezurrezkoa ezarri dute, eta Egilearen ordez egindakoak gurtu eta zerbitzatu. Bedeinkatua bera beti! Amen. 26 Jainkoak, beraz, grina lotsagarrietara eman ditu: emakumezkoek berezko sexu-harremanak utzi eta naturaren kontrakoetara jo dute. 27 Gizonezkoak ere, berez dagozkien emakumeekiko harremanak utzirik, elkarren irrikaz suturik dabiltza: gizonezkoek gizonezkoekin itsusikeriak egiten dituzte eta, horrela, beren jokabide okerraz merezitako zigorra berengan hartzen. 28 Jainkoaren egiazko ezagutza baztertu dutelako, Jainkoak beren pentsaera okerraren menpe utzi ditu, behar ez dena egin dezaten: 29 zuzengabekeriaz, txarkeriaz, diru-gosez eta gaiztakeriaz josiak daude; bekaizkeriaz, giza hilketaz, haserrez, azpikeriaz eta asmo gaiztoz beterik; izen onaren kentzaile, 30 gaizki-esale, Jainkoaren etsai, iraintzaile, harro handiputz, gaizkirako trebe eta gurasoekin bihurri dira; 31 zentzurik eta leialtasunik gabeak, bihotzik eta errukirik gabeak. 32 Badakite, bai, zein den Jainkoaren epaia: horrelakorik egiten duenak heriotza-zigorra merezi duela, alegia; baina, hala ere, horrelakoak beraiek egitea ez ezik, ontzat ematen dute besteek egitea ere.
Juduak ere bekatuaren menpean

2. atala

[aldatu]

1 Horregatik, zeure burua epaile egiten duzun horrek, zarena zarela, ez duzu aitzakiarik. Besteak epaituz, zeure burua kondenatzen duzu, zeuk, epaile horrek, gauza berberak egiten baitituzu. 2 Badakigu horrelakoak egiten dituztenak Jainkoak zorrotz epaitzen dituena. 3 Eta zu, besteengan kondenatzen dituzun gauza berak egiten dituzun hori, Jainkoaren epaiari ihes egingo diozulakoan al zaude? 4 Edota gutxietsi egiten al dituzu Jainkoaren neurrigabeko bihotz ona, eramanpena eta pazientzia, beraren bihotz onak bihozberritzera gonbidatzen zaituela ahazturik? 5 Zeure bihotz damugabearen gogorkeriaz zigorra handitzen ari zara zeuretzat zigor-egunerako, Jainkoaren epai zorrotza agertuko den egunerako, alegia. 6 Orduan, bakoitzari bere egintzen arabera ordainduko dio Jainkoak: 7 on egiten iraun eta aintza, izen on eta hilezkortasun bila dabiltzanei betiko bizia emango die; 8 berekoikeriaz egiaren kontra jaikitzen direnei eta zuzengabekeriari men egiten diotenei, berriz, haserrea eta zigorra; 9 atsekabea eta larria emango dizkie gaizkia egiten duten guztiei: juduei lehenengo, baina bai eta judu ez direnei ere; 10 ospea, ohorea eta bakea ongia egiten duten guztiei: juduei lehenengo, baina bai eta judu ez direnei ere, 11 Jainkoak ez baitu bereizkeriarik egiten. 12 Moisesen legepean egon gabe bekatu egin dutenak, galdu ere, legerik gabe galduko dira; eta legepean egon eta bekatu egin dutenak legearen bidez izango dira epaituak; 13 ez baitira Jainkoaren aurrean zuzen legea entzun bakarrik egiten dutenak, bete ere egiten dutenak baizik. 14 Begira, jentilek, Moisesen legea ezagutu gabe ere, legeari dagokiona berez egiten dutenean, nahiz legea ez ezagutu, beraiek bihurtzen dira beren buruarentzat lege. 15 Izan ere, legearen errealitatea beren bihotzetan idatzia daukatela erakusten dute, beren kontzientziak aitortzen duen bezala, batzuetan salatu egiten baititu eta besteetan zuritu. 16 Halaxe azalduko da, Jainkoak, Jesu Kristoren bidez eta nik iragartzen dudan berrionaren arabera, gizon-emakumeen barrua epaituko duen egunean.
Moisesen legea eta erdainkuntza
17 Baina zer esan zutaz, judu izenaz harro zauden horretaz? Legean oinarritzen zara eta Jainkoaz harrotzen; 18 haren nahia ezagutzen duzu eta, legeak hala irakatsirik, onena zer den badakizu; 19 itsuen gidaritzat duzu zeure burua, ilunpetan daudenen argitzat, 20 ezikasien hezitzaile eta ezjakinen irakasletzat, eta hori, ezagutzaren eta egiaren adierazpena legean duzulako. 21 Zuk, bada, besteri irakasten diozun horrek, nola ez diozu irakasten zeure buruari? Ez dela ostu behar hots egiten duzun horrek, zergatik osten duzu zeuk? 22 Adulteriorik ez dela egin behar esan, eta zeuk egiten duzu adulterioa! Sasijainkoak higuingarriak direla esan, eta tratuan jarduten duzu haien jauretxeetan! 23 Legeaz harrotzen zaren horrek, nola desohoratzen duzu Jainkoa, legea hautsiz? 24 Horrela, Liburu Santuak dioen bezala, zuengatik atzerritarrek Jainkoaren izena gaitzesten dute. 25 Erdainkuntza baliotsua duzu, bai, baina legea betetzekotan. Legea hausten baduzu, berriz, erdainkuntzarik ez bazenu bezala da. 26 Erdaingabea, ordea, legearen aginduak betetzen baditu, ez ote du erdaindutzat hartuko Jainkoak? 27 Eta, gorputzez erdaingabea izan arren, legea betetzen duenak epaituko zaitu zu, zeure lege-liburu eta erdainkuntza guztiekin legea betetzen ez duzun hori. 28 Izan ere, benetako judua ez da kanpotik hala dena; eta benetako erdainkuntza ez da kanpotik gorputzean egiten dena. 29 Benetako judua barrutik da, eta benetako erdainkuntza bihotzekoa, Espirituak egiten duena eta ez idatzitako legeak. Hau da, gizakiak ez, baina Jainkoak aintzat hartzen duena.
Juduak eta Jainkoaren agintzariak

3. atala

[aldatu]

1 Zer du, bada, hoberik juduak? Edo zer dakar onik erdainkuntzak? 2 Asko, noski, alde guztietatik. Lehenengo eta behin, Jainkoak bere hitzak juduei eman zizkielako. 3 Haietako batzuk ez zirela leial izan? Eta zer? Haien leialtasun-ezak huts bihurtuko ote du Jainkoaren leialtasuna? 4 Ez horixe! Garbi aitortu beharra dago Jainkoa egiatia dela; gizon-emakume guztiak, berriz, hitz ustelekoak, Liburu Santuak dioen bezala:
Horrela, leial zarela agertuko dute zure hitzek, eta auzian garaile aterako zara.
5 Baina gure zuzentasun-ezak Jainkoaren zuzentasuna nabariago egiten badu, ez al genuke esan behar --giza erara mintzatuz-- zuzengabea dela Jainkoa bere haserrea gure gainera isurtzean? 6 Inola ere ez! Hala balitz, nola epai lezake Jainkoak mundua? 7 Baina Jainkoaren leialtasuna nire leialtasun-ezaz nabarmenago agertzen bada haren aintzarako, zergatik kondenatzen nau Jainkoak bekatari bezala? 8 Zergatik ez esan: «Egin dezagun gaiztakeria, ongia etor dadin?» Horrela irakasten omen dut nik, batzuek gezurrez diotenez. Ongi merezia dute gaitzespena horrelakoek.
Liburu Santuek diotenez, gizadi osoa bekatuaren menpean
9 Zer, bada? Ba ote dugu juduok abantailik? Azken batean, ez; zeren, erakutsi berri dugun bezala, denak, bai juduak, bai jentilak, bekatupean baitaude. 10 Eta honelaxe diote Liburu Santuek:
Ez da bat bera ere zuzenik,
11 ez zentzu onekorik, ez Jainkoa bilatzen saiatzen denik. 12 Denak okertu dira, bat egin dute galdukerian. Ez da inor on dagienik, bat bera ere ez. 13 Haien eztarria hilobi zabaldua, haien mihian azpikeria, haien ezpainetan sugegorri-pozoia. 14 Betea dute ahoa madarikazioz eta mingostasunez. 15 Arinak dituzte oinak odola isurtzeko; 16 hondamendia eta zoritxarra uzten dute pasatzen diren tokian; 17 ez dute ezagutzen bake-bidea. 18 Haiengan ez da Jainkoarenganako beldurrik.
19 Badakigu legeak dioen guztia legepean daudenentzat esaten duela, denen ahoak itxi daitezen eta mundu osoa Jainkoaren aurrean errudun ager dadin. 20 Jainkoak ez du inor errugabetzat jotzen legea betetzeagatik. Izan ere, legearen eginkizuna bekatua ezagutaraztea da.
SALBAMENERAKO BIDEA (3,21--4,25)
Sinesmena salbamenaren iturri
21 Baina orain, legea alde batera utziz agertu du Jainkoak bere salbamen-indarra, legeak eta profetek adierazia. 22 Jainkoaren salbamen-indar hau Jesu Kristoganako sinesmenaren bidez heltzen da, fededun guztiengana heldu ere. Jainkoak ez du bereizkeriarik egiten, 23 denek egin baitzuten bekatu eta denak aurkitzen dira geroztik Jainkoaren aintzarik gabe. 24 Baina Jainkoak bere onginahiaz eta dohain hutsez onartu ditu, Jesu Kristoren bitartez burutu duen askapenari esker. 25-26 Jesu Kristok bere odola isuri zuen, eta Jainkoak barkamen-bide egin du Kristo beronengan sinesten dutenentzat. Horrela, garbi erakusten du Jainkoak zuzen jokatu zuela bere eramanpenaz lehengo bekatuak zigortu gabe utzi zituenean, eta zuzen jokatzen duela orain ere, bera salbatzaile azaldu eta Jesusengan sinesten dutenak onartzen dituenean. 27 Non da, bada, zure harrobidea? Ezereztua da. Zeren izenean? Egintzen izenean? Ez, sinesmenaren izenean baizik. 28 Ziur baitakigu sinesmenaren bidez onartzen dituela Jainkoak gizon-emakumeak, eta ez legea betetzeagatik. 29 Juduena ote da bakarrik Jainkoa? Ala beste herriena ere bai? Beste herriena ere bai, noski. 30 Jainkoa bat bakarra da, eta berak sinesmenaren bidez onartzen ditu denak, erdainduak nahiz erdaingabeak izan. 31 Beraz, sinesmena dela eta, baliogabe uzten al dugu legea? Ez horixe! Berretsi, bai, berresten dugu legea.
Abrahamen ikasbidea

4. atala

[aldatu]

1 Eta zer esan gure arbaso Abrahami gertatu zitzaionaz? 2 Izango zukeen zertan harrotu, Jainkoak bere egintzengatik onartu balu; baina ez zuen Jainkoaren aurrean harrotzerik izan. 3 Izan ere, hau dio Liburu Santuak: Abrahamek sinetsi egin zuen Jainkoarengan eta, horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen. 4 Lan egiten duenari saria ez zaio dohain huts bezala ematen, zor zaion zerbait bezala baizik. 5 Baina inolako lanik egin ez arren, erruduna errugabe egiten duen Jainkoarengan sinesten duena, sinesmen horri esker onartuko du Jainkoak. 6 Davidek ere zoriontsu dela dio Jainkoak, egintzei begiratu gabe, zuzentzat onartzen duena:

7 Zoriontsua Jainkoak hobena kendu eta bekatuak barkatu dizkiona. 8 Zoriontsua Jainkoak bekatua egozten ez diona.
9 Zorion hau, ordea, erdainduari bakarrik ote dagokio, ala erdaingabeari ere bai? Esan bezala, sinesmenagatik onartu zuen Jainkoak Abraham zuzentzat. 10 Baina noiz onartu zuen? Erdaindu aurretik ala ondotik? Aurretik, noski, ez ondotik. 11 Erdainkuntza ezaugarri gisa eman zion Jainkoak, erdaindu aurretik sinesmenari esker onartu zuela adierazteko. Horrela, sinesten duten erdaingabe guztien aita da Abraham: hauek ere zuzentzat onartzen ditu Jainkoak; 12 era berean, erdainduen aita da: erdainduak izateaz gainera, Abraham gure aitak erdaindu aurretik zeukan sinesmenaren urratsei jarraitzen dietenen aita, alegia.
Agintzaria sinesmenaren bidez bete
13 Beren oinordekotza mundua izango zutela agindu zien Jainkoak Abrahami eta ondorengoei. Agintzari hau, ordea, ez zegokion legea betetzeari, sinesmenak duen salbamen-indarrari baizik. 14 Legea betetzen dutenak bakarrik balira oinordeko, hutsean geldituko litzateke sinesmena eta baliogabe agintzaria. 15 Legeak zigorra dakar ondorio; baina legerik ez dagoenean, ez da lege-hausterik ere. 16 Beraz, agintzaria, dohain hutsa izanik, fedeari dagokio; horrela, Abrahamen ondorengo guztientzat balio du, legearen arabera ondorengo direnentzat ez ezik, bai eta Abrahamen sinesmenaren arabera direnentzat ere. Bera aita dugu guztiok, 17 Liburu Santuak dioen bezala: Herri askoren aita egin zaitut. Abraham aita dugu, beraz, Jainkoaren aurrean; hark sinetsi egin baitzuen hilak biziarazten eta izaterik ez dutenak izatera deitzen dituen Jainkoarengan. 18 Abrahamek sinetsi egin zuen inolako itxaropiderik ez zegoenean; horrela, herri askoren aita egin zen, Jainkoak esan zionaren arabera: Horrenbeste izango dira zure ondorengoak. 19 Ez zitzaion moteldu sinesmena, bere gorputza ia hila --ehun urte hurbil baitzituen-- eta Sararen sabela ere agorra zela ikusi arren. 20 Jainkoaren agintzariaren aurrean ez zen sinesgogor izan, ez eta zalantzan ibili ere, baizik eta sendotu egin zen sinesmenean; horrela, Jainkoak egia zioela aitortu zuen, 21 erabat ziur baitzegoen hark hitz emana betetzeko zuen ahalmenaz. 22 Horrexegatik, hain zuzen, onartu egin zuen Jainkoak. 23 Baina Liburu Santuak ez du hori harengatik bakarrik esaten, 24 guregatik ere badio; gu ere, Jesus gure Jauna hilen artetik piztu zuenarengan sinesten dugunok, sinesmenari esker onartuko baikaitu Jainkoak. 25 Gure bekatuengatik eman zuten Jesus heriotzara, eta gure salbamenerako izan zen piztua.
KRISTAU BIZIERA BERRIA (5,1--8,39)
Bakea eta salbamena Jainkoarekin adiskidetuei

5. atala

[aldatu]

1 Beraz, Jainkoak sinesmenaren bidez onartu gaituelarik, bakean gaude berarekin, Jesu Kristo gure Jaunari esker. 2 Berari esker, sinesmenaren bidez eman digu Jainkoak bere onginahia geureganatzea. Egoera honetan sendo irauten dugu eta harro gaude Jainkoaren aintza iritsiko dugulako itxaropenez. 3 Eta ez hori bakarrik, harro gaude atsekabeez ere; bai baitakigu atsekabeak eramanpena duela ondorio; 4 eramanpenak probaldia gainditzeko gai egiten gaituela, eta probaldia gainditzeak itxaropena sendotu egiten duela; 5 eta itxaropenak ez du huts egiten, Jainkoak bere maitasuna isuri baitigu geure bihotzetara, berak emandako Espiritu Santuaren bitartez. 6 Izan ere, oraindik bekatupean indargabe ginela, Jainkoak erabakitako garaian, gaiztoen alde hil zen Kristo. 7 Nekez hilko litzateke norbait pertsona zuzen baten alde; agian bai, badaiteke norbait pertsona on baten alde hiltzeko prest egotea. 8 Baina Kristo gu oraindik bekatari ginela hil zen gure alde: honela erakusten du Jainkoak guri digun maitasuna. 9 Orain, Jainkoak Kristoren odolaz onartu gaituelarik, zenbatez gehiago ez ote gaitu salbatuko zigorretik beraren bitartez! 10 Zeren eta, etsai ginelarik, Jainkoak bere Semearen heriotzari esker berekin baketu bagintuen, behin baketuz gero, zenbatez gehiago ez ote gaitu salbatuko beraren biziaz! 11 Are gehiago, Jainkoaz harro gaude Jesu Kristo gure Jaunari esker, beronen bitartez Jainkoarekin baketzea iritsi baitugu dagoeneko.
Adam eta Jesu Kristo
12 Gizon baten bidez sartu zen bekatua munduan, eta bekatuaren bidez heriotza; horrela, gizon-emakume guztiengana zabaldu zen heriotza, guztiek egin baitzuten bekatu. 13 Egia da, legea baino lehen bazela bekatua munduan; baina bekatua ez zaio inori leporatzen, legerik ez badago. 14 Hala ere, Adamengandik Moisesen denboraraino nagusi izan zen heriotza gizakien gain; bai eta Adamena bezalako bekaturik egin ez zutenen gain ere. Adam etortzekoa zen haren irudi da. 15 Baina bekatua eta Jainkoak egiten digun dohaina ez dira neurri berekoak. Izan ere, gizon bakarraren bekatuaz guztiak hil baldin baziren, askoz ugariago zabaldu da guztiengana Jainkoaren dohaina, hau da, beste gizon bakar bati esker, Jesu Kristori esker, eman zaigun dohaina. 16 Eta ondorioei dagokienez ere, Jainkoak eman digun dohaina ez da gizon bakarraren bekatuarekin alderatzekoa. Izan ere, bekatuak, bakarra izan arren, guztien gaitzespena izan du ondorio; dohainak, berriz, bekatuak asko izan arren, barkamena izan du ondorio. 17 Gizon bakarraren bekatuagatik heriotza nagusi gertatu bazen, zenbatez gehiago ez ote dira bakar batengatik, Jesu Kristogatik, nagusi izango betiko bizitzan Jainkoaren salbazioaren dohain oparoa hartzen dutenak! 18 Beraz, baten bekatuak gizon-emakume guztiei gaitzespena ekarri zien bezala, baten leialtasunak gizon-emakume guztiei salbazioa eta bizia ekartzen dizkie. 19 Eta baten desobedientziak denak bekatari egin zituen bezala, baten obedientziak zuzen egingo ditu denak. 20 Bekatua ugari zedin azaldu zen legea; baina bekatua ugaldu zenean, are ugariago izan zen Jainkoaren onginahia. 21 Izan ere, bekatuak heriotzaren nagusitza ekarri zuen bezala, Jainkoaren onginahiak, gizakia onartuz, betiko biziaren nagusitza ekarri digu, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Kristauen biziera berria

6. atala

[aldatu]

1 Zer esan honen guztiaren ondorioz? Bekatu egiten jarraitu behar dugula, onginahia ugari dadin? 2 Ez horixe! Nola bizi gintezke oraindik bekatuan, bekatuarentzat hilik gaudenok? 3 Ez al dakizue, bada, bataioaz Jesu Kristori lotuak izan garenok haren heriotzari izan garela lotuak? 4 Bataioaren bidez berarekin lurperatuak izan garenok haren heriotzari lotuak gaude, Aitaren ahalmenaz Kristo hilen artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria bizi dezagun. 5 Berarena bezalako heriotzan hari itsatsiak izan bagara, hari itsasiak izango gara harena bezalako piztueran ere. 6 Badakigu gure izaera zaharra Kristorekin gurutziltzatua izan zela, bekatuzko gure izaera ezereztua geldi zedin, eta aurrerantzean bekatuaren esklabo izan ez gintezen. 7 Izan ere, norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen da. 8 Kristorekin hil bagara, sinesten dugu, bizi ere berarekin biziko garela. 9 Badakigu Kristo, behin hilen artetik piztuz gero, ez dela berriro hilko: heriok ez du harengan aginterik; 10 haren hiltzea bekatuarentzat behin betiko hiltzea izan baitzen, eta haren bizitzea Jainkoarentzat bizitzea da. 11 Berdin zuek ere: hartu kontuan bekatuarentzat hilda zaudetela eta Jainkoarentzat bizirik, Jesu Kristorekin bat eginik. 12 Beraz, bekatua ez bedi gehiago nagusi izan zuen gorputz hilkorrean. Ez jarri beraren grinen menpean, 13 ez eta eskaini ere bekatuari zeuen gorputzak, gaiztakeria egiteko tresna bihurtuz. Alderantziz, eskaini zeuen buruak Jainkoari, heriotzatik bizitzara itzulitako gizaki bezala, eta jarri zeuen gorputzak Jainkoaren zerbitzura, ongia egiteko tresna bihurtuz. 14 Horrela, bekatuak ez du zuen gain aginterik izango, ez baitzaudete legepean, Jainkoaren onginahiaren eraginpean baizik.
Kristauak bekatutik aske eta Jainkoaren esklabo
15 Beraz, zer? Bekatu egingo ote dugu, legepean ez, baizik Jainkoaren onginahiaren eraginpean gaudelako? Ez horixe! 16 Badakizue, norbaiten menpean jartzen bazarete esklabo bezala berari obeditzeko, obeditzen diozuen haren esklabo egiten zaretela: bekatuari obeditzeko bada heriotzara zoazte, Jainkoari bada, berriz, salbaziora. 17 Baina Jainkoari eskerrak, bekatuaren esklabo zinetenok, irakatsi zaizuen ikasbidea bihotzez onartu duzue 18 eta, bekatutik askatuta, ongiaren zerbitzura jarri zarete. 19 Giza erara mintzo natzaizue, ulertzeko duzuen ahulezia kontuan harturik. Lehen, zeuen buruak lizunkeriaren eta gaiztakeriaren zerbitzura jarri zenituzten, erabat gaiztotzeraino; era berean orain, jar zaitezte ongiaren zerbitzura, erabat Jainkoarenak izan zaitezten. 20 Bekatuaren esklabo zinetenean, ez zenuten ongiarekin loturarik. 21 Eta zer fruitu izan zenuten orduan? Orain lotsa ere ematen dizue orduko hark, ondorioa heriotza baitu. 22 Orain, ordea, bekatuaren menpetik askaturik eta Jainkoaren esklabo eginik, erabat Jainkoarenak izatea duzue fruitu, eta honek betiereko bizia du ondorio. 23 Bekatuak dakarren ordaina heriotza da; Jainkoak ematen digun dohaina, berriz, betiereko bizia, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez eman zaiguna.
Kristaua Moisesen legetik aske

7. atala

[aldatu]

1 Ez al dakizue, senideok --legeen berri dakizuenoi mintzo natzaizue--, gizakia bizi den bitartean bakarrik behartzen duela legeak? 2 Adibidez, emaztea senarra bizi den bitartean bakarrik dago legez senarrari lotua. Senarra hiltzen denean, ordea, ezkontza-legetik askatua gelditzen da. 3 Horregatik, senarra bizi den bitartean beste gizon batekin elkartzen den emaztea adulteriogile bihurtzen da. Senarra hilez gero, berriz, ezkontza-legetik askatua gelditzen da, eta ez da adulteriogile, beste gizon batekin elkartu arren. 4 Horrela bada, ene senideok, zuek ere hil zen Kristoren gorputzeko eginak izan zaretenez gero, legearentzat hilda zaudete, eta beste batenak zarete jadanik --hilen artetik piztu zenarenak, alegia--, Jainkoarentzat fruitu onak emateko. 5 Geure giza grinen menpean bizi ginenean, legeak bekaturako grinak pizten zituen guregan, eta horrela heriotza ekarri zigun fruitu. 6 Baina orain, lotuak gintuen legearentzat hilak gaudelarik, legetik aske gaude; horrela, Espirituaren bizi berriaren arabera zerbitza dezakegu Jauna, eta ez lege idatziaren arau zaharraren arabera.
Bekatua eta Moisesen legea
7 Horrekin zer esan nahi dugu? Legea bekatu dela? Ez horixe! Hala ere, legearen bidez bakarrik ezagutu nuen bekatua. Gutizia zer den ez nukeen jakingo legeak hau esan ez balu: Ez gutiziatu. 8 Bekatuak, agindutik bide hartuta, era guztietako gutiziak ernearazi zituen niregan. Legerik ezean, bekatua hila dago. 9 Garai batean, oraindik legerik ez zegoenean, ni bizirik nengoen; agindua etorri zenean, ordea, bekatua piztu zen 10 eta ni hil egin nintzen. Horrela, bizia emateko zen agindua heriotza-emaile gertatu zitzaidan. 11 Izan ere, bekatuak, agindutik bide hartuta, liluratu egin ninduen eta aginduaren bidez hil. 12 Legea, izan, santua da, eta agindua ere santua, zuzena eta ona da. 13 Orduan, ona zen hura heriozbide gertatu ote zitzaidan? Ez! Hil, bekatuak hil ninduen; baina bekatua bekatu bezala azaltzeko, berez ona zen aginduaz baliatu zen. Horrela, aginduari esker agertu da bete-betean bekatuaren kaltegarritasuna.
Bekatuaren aurkako borroka
14 Jakin badakigu legea espirituaren arlokoa dena; ni, berriz, gizon ahula naiz, bekatuari saldua. 15 Ez dut neure jokabidea ulertzen, nahi dudana ez baitut egiten, eta gorroto dudana, huraxe dut egiten. 16 Baina egiten dudana gogoz kontra egiten badut, horrekin legea ona dela aitortzen dut; 17 baina, orduan, egiten duena ez naiz ni, niregan ari den bekatua baizik. 18 Ongi ikusten dut ez dagoela niregan --nire giza grinetan, alegia-- ezer onik, nire esku baitago on egin nahi izatea, baina ez on egitea. 19 Nahi dudan ongia ez dut egiten, eta nahi ez dudan gaizkia egiten dut. 20 Nahi ez dudana egiten badut, ordea, ez dut nik egiten, niregan ari den bekatuak baizik. 21 Beraz, lege hau sumatzen dut neuregan: ongia egin nahi dudalarik, gaizkia bakarrik dudala neure esku. 22 Neure barruan atsegin zait Jainkoaren legea; 23 baina neure gorputzean beste lege bat ikusten dut, nire adimenaren legeari borroka egiten diona, eta niregan ari den bekatuaren lege horrek preso hartua nauka. 24 Ene zoritxarra! Nork askatuko nau heriotzara naraman nire izaera honetatik? 25 Jainkoak, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. Eskerrak berari! Honela bada, adimenaren aldetik Jainkoaren legea dut zerbitzatzen; gizon ahul naizen aldetik, berriz, bekatuaren legea.
Espirituaren eragina

8. atala

[aldatu]

1 Orain, beraz, ez da gaitzespenik Jesu Kristorekin bat direnentzat. 2 Izan ere, Jesu Kristori esker, bizia ematen duen Espirituaren legeak askatu egin zaitu bekatuaren eta heriotzaren legetik. 3 Legeak giza ahuleziagatik ezin zuena, Jainkoak egin du: gurea bezalako bekatuzko izaeran bidali du bere Semea eta honek, bere burua barkamen-oparitzat eskainiz, kondenatu egin du bekatua bere giza izaera hilkorrean. 4 Honela, bete dezakegu legeak eskatzen duena, ez baikara giza grinen arabera bizi, Espirituaren arabera baizik. 5 Giza grinen arabera bizi direnek gogoak ere halakoak dituzte; Espirituaren arabera bizi direnek, berriz, gogoak ere Espirituarenak. 6 Giza grinei jarraitzeak heriotzara darama; Espirituari jarraitzeak, berriz, bizitzara eta bakera. 7 Izan ere, giza grinei jarraitzen dietenak Jainkoaren aurkako dira; ez dute nahi eta ez dira ere gauza Jainkoaren legeari jarraitzeko. 8 Horregatik, giza grinen menpean bizi direnak ezin daitezke Jainkoaren gogoko izan. 9 Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena. 10 Kristo zuengan baldin badago, berriz, gorputza bekatuagatik hil egingo den arren, Espirituak badu bizia, Jainkoaren salbamen-indarrari esker. 11 Jesus hilen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hilen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez. 12 Zorretan gaude, beraz, senideok, baina ez giza grinekin, haien arabera bizitzeko. 13 Horrela bizitzen bazarete, hil egingo zarete; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete. 14 Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira. 15 Zuek ez duzue hartu esklabo egingo zaituzten espiritua, berriro beldurpean bizitzera eramango zaituztena, alegia; zuek, seme-alaba egiten zaituzten Espiritua hartu duzue, eta Espirituaren bidez «Abba», hau da, «Aita», esanez hots egiten diozue Jainkoari. 16 Espiritu berberak barrutik aitortzen digu Jainkoaren seme-alaba garela; 17 eta, seme-alaba bagara, bai eta oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara.
Kristau-itxaropena eta betiko aintza
18 Nire iritzian, oraingo neke-lanak ezer gutxi dira gero guregan azalduko den aintzaren aldean. 19 Izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea. 20 Izadiak, bere benetako helburua galdua izan arren --ez bere gogoz, horretara behartu zuenarengatik baizik--, badu itxaropena, 21 esklabotza eta hondamenditik askatua izan eta Jainkoaren seme-alaben aintzazko askatasunean parte izateko. 22 Badakigu, izan ere, izadi osoa erdiminetan intzirika dagoela orain arte. 23 Eta hura ez ezik, geu ere bai: Espiritua lehen-dohaintzat hartu dugunok intzirika gaude geure barruan, Jainkoak noiz askatuko eta bere seme-alaba noiz egingo gaituen zain. 24 Salbatuak gaude, bai, baina itxaropenetan bakarrik. Eta itxaro duguna begien aurrean bagenu, hori ez litzateke itxaropena izango, inork ez baitu itxaroten begien aurrean duena. 25 Baina ikusten ez duguna itxaro badugu, iraupenez behar dugu zain egon. 26 Era berean, Espiritua datorkigu geure ahulezian lagun, guk ez baitakigu behar bezala otoitz egiten; baina Espirituak berak erregutzen du gure alde esanezin ahalako intziriz. 27 Eta bihotzak aztertzen dituen Jainkoak ezagutzen du zein den Espirituaren gogoa, Espirituak Jainkoaren asmoen erara erregutzen baitu fededunen alde. 28 Badakigu Jainkoak bera maite dutenen onerako bideratzen dituela gauza guztiak, bere aurre-erabakiz deitu dituenen onerako, alegia. 29 Aurrez ezagutu zituenak, aukeratu ere egin zituen Jainkoak, bere Semearen irudiko izan zitezen, eta, horrela, Semea senide askoren artean lehen-seme izan zedin. 30 Aurrez aukeratu zituenak deitu ere egin zituen; deituak, berriz, zuzenetsi egin zituen, eta zuzenetsiak aintzaz bete.
Jainkoaren maitasunari gorazarrea
31 Horiek horrela, zer esango dugu? Jainkoa gure alde baldin badugu, nor gure aurka? 32 Bere Semea bera ukatu ez zigunak, baizik eta gu guztion alde heriotzara eman zuenak, nola ez dizkigu harekin batera gauza guztiak dohain emango? 33 Nork salatuko ditu Jainkoak aukeratuak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? 34 Nork kondenatuko ditu? Jesu Kristo da hil zena; are gehiago, piztu ere egin zena, eta orain Jainkoaren eskuinaldean gure alde erreguka ari dena! 35 Nork aldenduko gaitu Kristok digun maitasunetik? Atsekabeak, larriak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpatak? 36 Liburu Santuak dioen bezala:
Zuregatik egunoro hilzorian gauzkate; hiltzeko ardiak bezala garabiltzate.
37 Baina guztiotan erraz ateratzen gara garaile, maite izan gaituenari esker. 38 Bai baitakit ziur, ez herio eta ez bizi, ez aingeru eta ez goiko beste indar, ez oraingo eta ez geroko, ez inolako botere, 39 ez ortziko eta ez lur azpiko indar, ez beste izakik, ez gaituela aldenduko Jainkoak Jesu Kristo gure Jaunarengan agertu digun maitasunetik.
ISRAELDARREN SALBAMENA (9,1--11,36)
Israeldarrak Jainkoaren herri hautatua

9. atala

[aldatu]

1 Egia diot --Kristo dut lekuko--, ez diot gezurrik, neure kontzientziak ere, Espiritu Santuak argiturik, hala aitortzen dit: 2 handia da nire nahigabea, etengabea nire bihotzaren mina. 3 Ni neu madarikatua izatea --Kristorengandik aldendua izatea-- ere onartuko nuke, baldin eta hori nire odoleko senideen onerako balitz. 4 Israelen ondorengo dira eta Jainkoak seme-alabatzat hartu zituen; beraiek dituzte Jainkoaren presentzia aintzatsua, itunak, legea, kultua, eta 5 beraienak dira arbasoak eta, giza jatorriari dagokionez, beraiengandik dator Kristo, gauza guztien gainetik dagoen Jainkoa. Bedeinkatua bedi menderen mendetan! Amen. 6 Ez du, ez, huts egin Jainkoaren hitzak. Gertatzen dena da Israelen jatorriko guztiak ez direla benetako Israel herri, 7 ez eta Abrahamen jatorriko guztiak ere Abrahamen benetako seme-alaba. Jainkoak esan zion Abrahami: Isaaken bidez izango dituzu ondorengoak. 8 Honek esan nahi du, ez duela giza sortzeak Jainkoaren benetako seme-alaba egiten, baizik eta Jainkoaren agintzariaren arabera sortuak direla Abrahamen benetako ondorengoak. 9 Izan ere, hona hemen egindako agintzaria: Urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako Sarak semea izango du. 10 Are gehiago, Rebekak bikiak izan zituen Isaak gure arbasoagandik. 11-13 Eta seme haiek jaio aurretik, artean ez onik, ez gaitzik egiteko gai ez zirela, Jainkoak esan zion Rebekari: Zaharrena gazteenaren morroi izango da, edo beste pasarte batek dioen bezala,
Jakob izan nuen maite, eta ez Esau.
Eta hori guztia, Jainkoak aukeratzeko duen askatasuna berresteko eta Jainkoak, aukera egiterakoan, giza jokabidea ez, baizik eta bere dei hutsa hartzen duela kontuan adierazteko izan zen.
14 Eta zer esan guk? Jainkoa ez dela zuzena? ez eta inola ere, 15 berak esana baitio Moisesi:
Nik mesede egin nahi diodanari egiten diot mesede, eta gupida izan nahi diodanari izaten gupida.
16 Arazoaren gorabehera ez dago norberak nahi izatean edota norbera saiatzean, Jainkoak errukia izatean baizik. 17 Honela esaten dio Jainkoak faraoiari Liburu Santuan: Honetarako utzi zaitut bizirik: nire ahalmena erakusteko eta mundu osoak nor naizen jakin dezan. 18 Beraz, Jainkoak nahi duenari dio erruki eta nahi duena uzten du bihotz-gogortzen.
Jainkoa eskuzabal israeldarrekin
19 Baina esango didazu: «Zergatik haserretzen da, hortaz, Jainkoa, inork ere ezin badio beraren nahiari aurre egin?» 20 Baina nor zara zu, gizagaixo hori, Jainkoari kontuak eskatzeko? Buztinezko ontziak esango ote dio buztinlariari: «Zergatik egin nauzu honelakoa?» 21 Buztina ez ote dago buztinlariaren esku, honek lur beretik ontzi baliotsuak nahiz ontzi arruntak egiteko? 22 Jainkoak bere haserrea erakutsi eta indarra azal zezakeen, nahi izanez gero, baina eramanpen handiz jasan zituen zigorra merezi zutenak eta hondatuak izateko zeudenak. 23 Horrela erakutsi nahi izan zuen zein eskuzabal zen errukiz hartu zituenekin, bere aintza azaltzeko aukeratu zituenekin. 24 Hauen artean gaude gu ere, Jainkoak juduen artetik ez ezik, jentilen artetik ere deituok. 25 Hori da Oseasen liburuan esaten dena:
«Ez-nire-herria»ri «Zu-nire-herria» esango diot; eta «Ez-maitea»ri «Maitea».
26 Eta, «Zuek ez zarete nire herria» esan beharrean, «Jainko biziaren seme-alaba» deituko ditu Jainkoak.
27 Isaiasek, berriz, hau dio Israeli buruz:
Israeldarrak itsasoko hondarrak bezain ugariak izango balira ere, bakar batzuk besterik ez dira salbatuko.
28 Beteko du erabakia Jaunak, oso-osorik eta luzapenik gabe bete ere lurrean.
29 Baina Isaiasek beste hau ere esan zuen aurrez:
Jaun ahalguztidunak gutariko batzuk bizirik utzi ez balitu, Sodoma eta Gomorraren azkena izango genukeen guk ere.

Israeldarren jokaera
30 Eta zer dugu honen ondorio? Jentilek, Jainkoaren onespena bilatzen saiatu gabe, Jainkoaren onespena iritsi zutela, fedeaz iristen den onespena, alegia. 31 Israelek, berriz, Jainkoaren onespena emango zion legea betetzen saiatu arren, ez zuela helburua iritsi. 32 Eta hori zergatik? Fedean oinarritu beharrean, egintzetan oinarritu zirelako. Horrela, behaztopa-harrian egin zuten estropezu, 33 Liburu Santuak dioen bezala:
Hona nik Sionen behazto-harria ipini, erorarazteko harkaitza. Baina horretan sinesten duenak ez du huts egingo.

10. atala

[aldatu]

1 Senideok, hauxe da nire bihotzeko irrikarik handiena eta israeldarren alde Jainkoari eskatzen diodana: salbamenera hel daitezela. 2 Aitortzen dut beraien artean jainkozale sutsuak badirela, baina ez dute zuzen ulertzen. 3 Ez dute ulertu Jainkoak ematen duela salbamena, eta beren kabuz lortu nahi izan dute, Jainkoarengandik datorrena onartu gabe. 4 Legearen helburua, izan ere, Kristo da, eta beronen bidez ematen zaie fededun guztiei Jainkoaren onespena.
Jainkoa gizadi osoaren salbatzaile
5 Legearen bidez lortzen den salbamenaz, hau dio Moisesek: Legea betetzen duena beraren bidez biziko da. 6 Fedearen bidez lortzen denaz, berriz, beste hau: Ez esan zeure baitan: Nor igoko da zerura? --Kristo handik jaitsarazteko, alegia--; 7 edo: Nor jaitsiko da leizera? --Kristo hilen artetik igoarazteko, alegia--. 8 Zer dio, orduan, Liburu Santuak?
Esku-eskura duzu hitza, zeure ahoan eta zeure bihotzean.
Hitz hori, hain zuzen, guk hots egiten dugun fedearen mezua da.
9 Izan ere, zeure ahoz Jesus Jauna dela aitortzen baduzu, eta zeure bihotzean Jainkoak hilen artetik piztu zuela sinesten baduzu, salbatu egingo zara. 10 Zeren, bihotzez sinesten duena onartu egiten baitu Jainkoak, eta ahoz aitortzen duena salbatu egiten da. 11 Hau dio Liburu Santuak: Harengan sinesten duenak ez du huts egingo. 12 Judua izan ala ez, ez dago bereizketarik, bat bera baita guztien Jauna, dei egiten dioten guztientzat eskuzabala. 13 Izan ere, Jaunari dei egin diezaiona salbatuko da. 14 Nola, ordea, dei egin, harengan sinesten ez badute? Nola sinetsi, haren entzuterik ez badute? Nola entzun, nork hots eginik ez bada? 15 Nola hots egin, hartarako bidalirik ez bada? Liburu Santuak dioen bezala: Bai ederrak berrionak ekartzen dituztenen oinak! 16 Ez diote, ordea, denek harrera ona egin berrionari. Isaiasek esaten du: Jauna, nork sinetsi du gure mezua? 17 Beraz, mezutik dator sinestea, eta mezua Kristoren berri ematea da. 18 Eta galdetzen dut: Ez al dute entzun? Bai, noski.
Lurbira guztira zabaltzen da haien hotsa, munduaren bazterreraino haien mezua.
19 Eta berriro galdetzen dut: Israelek ez ote du, bada, ulertu? Lehenengo, hona Moisesek dioena:
Herri ez den batekin minduko zaituztet, nazio ergel baten bidez haserrearaziko.
20 Isaias, bere aldetik, hau esatera ausartzen da:
Nire bila ez zebiltzanei atera nintzaien bidera; nitaz galdetzen ez zutenei agertu nintzaien.
21 Israeli buruz, berriz, hau dio: Egun osoan luzatuak nituen eskuak, herri sinesgogor eta errebeldeagana.
Israel herriaren hondarrak

11. atala

[aldatu]

1 Galdera egiten dut: Jainkoak baztertu egin ote du bere herria? Inola ere ez! Neu ere israeldarra naiz, Abrahamen jatorrikoa, Benjaminen leinukoa. 2 Jainkoak ez du baztertu beretzat aukeratu zuen herria. Gogoan duzue, noski, Liburu Santuak Eliasi buruz dioena, nola hitz egiten zion Jainkoari Israelen aurka: 3 Jauna, zure profetak hil egin dituzte eta zure aldareak hondatu. Ni bakarrik gelditu naiz, eta nire bila ere badabiltza bizia kentzeko. 4 Baina Jaunaren mintzoak zer erantzuten dio? Utzi ditut neuretzat Baalen aurrean belaunikatu ez diren zazpi mila gizon. 5 Bada orain ere, gure egunotan, hondar bat, Jainkoak onginahi hutsez aukeratua. 6 Eta onginahi hutsez baldin bada, ez da egintzengatik; bestela, onginahia ez litzateke onginahi izango. 7 Zer esan nahi du horrek? Israel herriak ez zuela aurkitu bila zebilena, eta Jainkoak aukeratuek lortu dutela; gainerakoak, berriz, itsuturik gelditu dira, 8 Liburu Santuak dioen bezala:
Jainkoak adimena itsutu egin zien. Begiak eman zizkien, baina ez ikusteko, belarriak ere bai, baina ez entzuteko Eta horrela gaur arte.
9 Eta Davidek honela dio:
Gerta bekizkie beren otorduak tranpa eta sare, erorbide eta zigor.
10 Lauso bitez haien begiak, ez dezaten ikus, makur bekie bizkarra betiko.
Israeldarrak eta jentilak
11 Beste galdera bat: Gehiago ez zutitzeko erori ote da Israel? Inola ere ez! Haiek erori zirelako heldu dira jentilak salbamenera, eta hori israeldarren jelosia pizteko gertatu da. 12 Beraz, haien erortzea munduarentzat aberaspide, hau da, haien hutsegitea jentilentzat aberaspide gertatu bada, zenbatez aberasgarriago ez ote da izanen Israel osoak salbamena iristea! 13 Orain, zuei, jentiloi, mintzo natzaizue: jentilen apostolu naizenez gero, ospetsu egin nahi dut neure zerbitzu hau, 14 ea neure jatorrikoen jelosia pizten dudan eta haietako batzuen batzuk salbatzen ditudan. 15 Israeldarrak baztertzetik munduari Jainkoarekin baketzea etorri baldin bazaio, zer ote datorke Jainkoak berriro haiek onartzetik? Heriotzatik bizira etortzea litzateke hori! 16 Gainera, lehen opilak Jainkoari sagaratuak badira, bai eta oraldi osoa ere eta, sustraia sagaratua bada, bai eta adarrak ere. 17 Bai, adar batzuk moztu dizkio Jainkoak Israeli, eta moztu gabekoen artean zu txertatu, basolibondo zaren hori; horrela, haiekin batera, olibondoaren sustraitik datorren izerdian partaide gertatu zara. 18 Baina ez harrotu adar moztuen lepotik. Eta harrotzeko tentazioa baduzu, izan gogoan, ez diozula zuk eusten sustraiari, sustraiak zuri baizik. 19 Zuk esan dezakezu: «Ni txertatzeko moztu zituen Jainkoak adarrak». 20 Hala da, beren sinesmen-ezagatik moztu zituen, eta zuk zeure sinesmenagatik irauten duzu; ez izan, beraz, harro, eta ibili kontuz. 21 Berezko adar zirenekin Jainkoak begiramenik izan ez bazuen, beharbada zurekin ere ez du izango. 22 Hartu, bada, gogoan Jainkoaren bihotz ona eta zorroztasuna: zorroztasuna erori zirenentzat, bihotz ona zuretzat, baina haren ontasunean irauten baduzu; bestela, zu ere moztu egingo zaituzte. 23 Israeldarrak ere, beren sinesgogorkeriari uko egiten badiote, txertatuko ditu, bai baitu Jainkoak ahalmenik haiek berriro txertatzeko. 24 Jatorriz zeurea zenuen basolibondotik moztu eta zeurea ez zenuen olibondoan txertatu bazintuen, askoz errazago izango du olibondotik sortutakoak beren berezko olibondoan txertatzea.
Israel herria eta Jainkoarengandiko salbamena
25 Senideok, ez zaituztet ezjakinean eduki nahi Jainkoak honetan guztian duen asmo ezkutuaz, harro ez zaitezten. Israelgo zati baten itsukeriak jentil-herri guztiak salbamenera heldu arte iraungo du; 26 orduan, Israel osoa salbatuko da, Liburu Santuak dioenez:
Siondik etorriko da askatzailea, eta sinesgogorkeria kenduko du Jakoben ondorengoetatik.
27 Hona haiekin egingo dudan ituna, bekatuak barkatuko dizkiedanean.
28 Berrionari dagokionez, israeldarrak Jainkoaren etsai dira, zuen onerako; baina, Jainkoak egindako aukerari dagokionez, maite-maiteak dira beren arbasok direla eta, 29 behin betikoak baitira Jainkoaren dohainak eta deia. 30 Zuek, garai batean Jainkoarekin errebelde zinetenok, orain, israeldarren errebeldiari esker, errukia lortu duzue. 31 Era berean haiek ere: orain errebelde bihurtu dira, zuei izan zaizuen errukiari esker errukia lor dezaten. 32 Jainkoak errebelde izaten utzi baitzien gizon-emakume guztiei, denei erruki izateko.
Jainko salbatzaileari gorazarrea
33 Bai handi eta sakonak Jainkoaren eskuzabaltasuna, jakinduria eta ezaguera! Bai aztergaitzak beraren erabakiak eta sumaezinak haren bideak!

34 Nork ezagutu du Jaunaren pentsamendua? Nor izan da haren aholkulari? 35 Nork eman dio hari lehenengo, gero hark itzuli behar izateko?
36 Berarengandik dira gauza guztiak, beraren bidez eta berarentzat. Aintza berari betierean! Amen.
KRISTAU JOKAERA (12,1--15,13)
Kristauen oparia, bizi eta santua

12. atala

[aldatu]

1 Senideok, Jainkoaren maitasunagatik eskatzen dizuet eskain ditzazuela zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri. Hori da egiazko zuen kultua. 2 Ez egokitu mundu honen iritzietara, eraberri zaitezte baizik, zeuen pentsaera aldatuz; horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena, zer den ona, atsegingarri zaiona eta bikaina.
Bakoitzak bere eginbeharra eliz elkartean
3 Jainkoak eman didan dohainaren izenean, hau diotsuet guztioi eta bakoitzari: ez hartu zeuen burua behar den baino handiagotzat; izan zaitezte neurritsu, Jainkoak bakoitzari eman dion sinesmenaren arabera. 4 Izan ere, gorputza bat den arren, atal asko ditu, eta ez dute atal guztiek eginkizun bera; 5 berdin guk ere: asko garen arren, Kristorekin elkarturik gorputz bat egiten dugu eta guztiok bata bestearen atal gara. 6 Dohain ezberdinak ditugu, Jainkoak eman nahi izan dizkigunen araberakoak. Beraz, Jainkoaren izenean mintzo denak iragar beza Jainkoaren hitza sinesmenari dagokionez; 7 Jainkoak zerbitzari egin duena saia bedi zerbitzuan; irakaslea irakasten; 8 adore emailea adore ematen. Bere ondasunak banatzen dituenak bana bitza eskuzabaltasunez; buru egiten duenak egin beza arduraz; erruki-egintzak egiten dituenak, alaitasunez.
Elkar maitatu
9 Zuen maitasuna izan bedi itxurakeriarik gabea; gorrotatu gaizkia eta itsatsi ongiari. 10 Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala, elkar nork baino nork maiteago izaten saiatuz. 11 Izan saiatuak eta ez nagi; izan gogoz gartsu, Jauna zerbitzatzeko beti prest. 12 Bizi zaitezte itxaropenean alai; izan eramanpen handiko ezbeharrean eta iraupentsu otoitzean. 13 Lagundu fededunei beren beharretan; eman gogoz ostatu arrotzari. 14 Bedeinka itzazue erasotzen dizuetenak; bedeinkatu eta ez madarikatu. 15 Poztu pozez daudenekin; egin negar negarrez daudenekin. 16 Bizi zaitezte elkar ongi hartuz; ez izan handinahi, apalen mailako baizik; ez jo zeuen buruak jakintsutzat. 17 Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde. Saia zaitezte gizon-emakume guztiei ongi egiten. 18 Zuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin. 19 Ene maiteok, ez egin mendekurik zeuen kontura; utzi Jainkoari zigorra ematea, Liburu Santuak hau baitio: Neuri dagokit mendekua, neuk emango diot bakoitzari berak merezia. Hau dio Jaunak. 20 Beraz, zure etsaia gose bada, emaiozu jaten; egarri bada, emaiozu edaten. Horrela, lotsagorritan utziko duzu. 21 Ez zaitzala gaitzak menpera, baizik eta menperatu gaitza ongiaz.
Kristauak agintarien menpeko

13. atala

[aldatu]

1 Gizaki orok izan behar du ezarritako agintarien menpeko. Ez baita aginterik Jainkoarengandik ez denik, eta oraingo agintariak ere hark ezarriak dira. 2 Beraz, agintarien menpeko egiten ez denak Jainkoaren erabakiari egiten dio aurka, eta hari aurka egiten dionak beraren epaia izango du. 3 Agintedunak ez dira beldur izatekoak ongi jokatzen denean, gaizki jokatzen denean baizik. Agintarien beldurrik gabe bizi nahi al duzu? Joka ezazu ongi, eta haien onespena izango duzu, 4 Jainkoaren zerbitzari baitira, zuri ongi jokatzen laguntzeko. Gaizki egiten baduzu, ordea, izan beldur, zigortzeko ahalmena ez baitute alferrik. Izan ere, Jainkoaren zerbitzari dira, justizia egin eta gaizkileak zigortzeko. 5 Horregatik, beharrezko da agintarien menpeko izatea, baina zigorraren beldurrez ez ezik, bai eta kontzientziaren eraginez ere. 6 Horrexegatik ordaintzen dituzue zergak ere, agintariak Jainkoaren ordezkari direlako, horretarako jarriak direlako. 7 Eman bakoitzari zor diozuena: zergak, kontribuzioak, begirunea, ohorea, nori berea.
Maitasuna legearen muina
8 Ez eduki zorrik inorekin, elkar maitatzekoa baizik, zeren lagun hurkoa maite duenak betea baitu legea. 9 Izan ere, harako Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez gutiziatu eta beste edozein agindu, esaldi honetan biltzen da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. 10 Lagun hurkoa maite duenak ez dio gaitzik egiten. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea. 11 Horrek guztiak balio berezia du zein garaitan bizi garen jakinik. Izan ere, ordua da lotatik esnatzeko, sinesten hasi berri hartan baino hurbilago baitugu orain salbamena. 12 Badoa gaua, gainean dugu eguna; utz ditzagun, beraz, ilunpetako egintzak eta presta gaitezen argitan jarduteko. 13 Gabiltzan duintasunez, egun-argiz bezala: ez jan-edanean eta hordikerian, ez lizunkeria eta neurrigabekerian, ez haserre eta norgehiagokerian. 14 Bizi zaitezte Jesu Kristo Jaunari itsatsiak, eta ez ibili giza grinak bete nahian.
Sinesmen heldugabekoei lagundu

14. atala

[aldatu]

1 Egiezue harrera ona sinesmen heldugabekoei, iritziak direla-eta eztabaidan hasi gabe. 2 Batek, denetik jan dezakeela uste du; sinesmenean heldugabekoak, berriz, barazkiak bakarrik jaten ditu. 3 Denetik jaten duenak ez dezala gutxiets zerbait jateari uzten diona, eta zerbait jateari uzten dionak ez dezala kondena denetik jaten duena, Jainkoak onartu egin baitu hau ere. 4 Nor zara zu zurea ez den morroia epaitzeko? Hura zutik ala eroria dagoen, nagusiaren arazoa da; eta zutik iraungo du, ahaltsua baita Jauna berari zutik eusteko. 5 Batek garrantzi berezia ematen dio egun bati; beste batentzat, berriz, egun guztiak berdinak dira. Joka dezala bakoitzak bere kontzientziaren arabera. 6 Halako egunari garrantzi berezia ematen dionak Jaunarengatik ematen dio; denetik jaten duenak Jaunarengatik jaten du, Jainkoari eskerrak ematen baitizkio; jateari uzten dionak ere Jaunarengatik ez du jaten, eta honek ere eskerrak ematen dizkio Jainkoari. 7 Gutariko bat ere ez da beretzat bizi, ez eta hiltzen ere beretzat; 8 bizi bagara, Jaunarentzat gara bizi; eta hiltzen bagara, Jaunarentzat gara hiltzen. Beraz, nahiz bizi nahiz hil, Jaunarenak gara. 9 Horretarako hil eta piztu zen Kristo: hilen eta bizien Jauna izateko. 10 Zergatik kondenatzen duzu, bada, zeure senidea? Eta zergatik gutxiesten? Denok agertu beharko dugu Jainkoaren auzitegian, 11 Liburu Santuak dioen bezala:
Neure biziarengatik dagit zin --dio Jaunak--: Belaun oro nire aurrean makurtuko da, eta mihi orok goretsiko du Jainkoa.
12 Izan ere, guztiok eman beharko diogu Jainkoari nork bere buruaren kontu.
Ez kondenatu lagun hurkoa
13 Ez dezagun, beraz, gehiago elkar kondena, baizik eta saia zaitezte senideari oztoporik edo erorbiderik ez jartzen. 14 Nik badakit eta ziur nago --Jesus Jaunak esan izan duelako-- ez dela ezer ere berez kutsatua denik; kutsatutzat hartzen duenarentzat bakarrik bihurtzen da zerbait kutsatu. 15 Baina zerbait jateagatik zeure senideari min ematen badiozu, ez zabiltza maitasunaren bidetik. Janariak gorabehera, ez dadila zeure senidea gal, Kristo harengatik hil baitzen. 16 Zuek duzuen askatasun hori ez bedi gaitzesanerako bide gerta. 17 Azken batean, Jainkoaren erregetza ez baitatza jan-edaneko gauzetan, baizik eta Espiritu Santuaren dohain diren zuzentasun, bake eta alaitasunean. 18 Eta Kristo honela zerbitzatzen duena Jainkoari atsegin zaio eta gizon-emakumeek onartua da. 19 Saia gaitezen, bada, bakea indartzeko eta elkarte-bizitza eraikitzeko lagungarri diren gauzetan. 20 Janari-arazo batengatik, ez hondatu Jainkoaren egintza. Janari guztiak garbiak dira; hala ere, ez dago ongi besteak galbidean jarriz zerbait jatea. 21 Hobe duzu haragia, ardoa edo dena delakoa utzi, horiek zure senideari oztopo baldin bazaizkio. 22 Gorde zeuretzat, Jainkoarekiko zeure harremanetarako, sinesmenak ematen dizun askatasun hori. Zorionekoa bere burua errudun sentitu gabe bere aukerak egiteko gauza dena! 23 Zilegi ote den ala ez zalantzan dagoela jaten duena errudun da, ez baitu jokatzen berak uste duenaren arabera. Eta norberak uste duenaren arabera ez jokatzea bekatu da.
Jesu Kristo kristauen eredu

15. atala

[aldatu]

1 Fede heldua dugunok fede heldugabekoen ahuleziak eraman behar ditugu, geuri atsegin zaiguna bilatu gabe. 2 Saia gaitezen guztiok lagun hurkoari atsegin ematen, ona eta fedean hazteko lagungarri zaiona bilatuz. 3 Kristok ere ez zuen bere atsegina bilatu, baizik eta Liburu Santuak dioen hau bete zen harengan: Zure kontrako irainak datozkit gainera. 4 Liburu Santuetan idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eramanpenaz eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun. 5 Eramanpenaren eta adorearen iturri den Jainkoak eman diezazuela elkar ongi hartzea, Jesu Kristok nahi bezala. 6 Horrela, bihotz batez eta aho batez goretsiko duzue Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
Harrera ona guztiei
7 Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako. 8 Izan ere, Kristo juduen zerbitzari egin zen, Jainkoak arbasoei eginiko agintzariak betetzeko eta, horrela, Jainkoaren leialtasuna agertzeko; 9 eta jentilen zerbitzari ere egin zen, bere errukiagatik Jainkoa gorets zezaten. Hau dio, hain zuzen, Liburu Santuak:
Horregatik, atzerritarren artean goretsiko zaitut, eta zure omenez kantatuko dut.
10 Beste batean, berriz, hauxe dio:
Naziook, egin poz-oihu haren herriarekin batera.
11 Eta beste batean:
Goretsazue Jauna, nazio guztiok, ospa ezazue, herri guztiok!
12 Isaiasek ere hau dio:
Erneko da Jeseren sustraia, eta sortuko denak nazioak gobernatuko ditu. Harengan izango dute itxaropen nazioek.
13 Itxaropen-iturri den Jainkoak alaitasunez eta bakez bete dezala zuen fedea, eta Espiritu Santuak eman diezazuela bere indarraz itxaropena gainezka.
AZKEN AGURRAK (15,14--16,27)
Paulo Jesu Kristoren zerbitzari jentilen artean
14 Senideok, neure aldetik, ziur dakit zuek onginahiz beterik eta jakite guztiz horniturik zaudetena, eta elkarri argi egiteko gai zaretena. 15 Hala ere, ausardia handi samarrez idatzi dizuet han edo hemen, zenbait gauza gogorarazteko. Jainkoarengandik hartu dudan dohainak ematen dit horretarako bide, 16 Jesu Kristoren zerbitzari egin bainau jentilentzat. Apaiz batek bezala betetzen dut Jainkoaren berriona adierazteko eginkizuna; horrela, jentilak, Espiritu Santuak sagaraturik, Jainkoarentzat opari atsegingarri izan daitezen. 17 Jainkoaren zerbitzuari dagokionean, Kristorengan jartzen dut neure harrobidea; 18 horregatik, hau bakarrik aipatzera ausartuko nintzateke: Jesu Kristok nire bidez ekarri dituela jentilak fedea onartzera, hitz eta egitez, 19 mirari eta egintza harrigarrien indarrez, Espirituaren ahalmenez. Horrela, Jerusalemdik hasi eta inguru guztietan barrena Iliriaraino, Kristoren berrionaren zabalkuntza burutua utzi dut. 20 Hauxe zen niretzat garrantzizkoena: Kristoren izena entzuna ere ez zen tokietan berriona zabaltzea. Ez nuen nahi bestek ipinitako oinarrien gainean eraiki, 21 Liburu Santuak dioenaren arabera baizik:
Haren berri ez zutenek dute ikusiko, eta inoiz hartaz entzun ez zutenek ulertuko.

Erromara joateko asmoak
22 Horrexegatik gelditu behar izan dut behin baino gehiagotan zuengana joan gabe. 23 Orain, ordea, inguru hauetan nuen lana bukatu dut eta, aspaldiko urte hauetan zuek ikusi nahian bainago, 24 Espainiara bidean hortik igarotzean, ikusiko zaituztedan itxaropena dut; eta bidaiari jarraitzeko lagunduko didazuen itxaropena ere bai. Baina lehenago, zuekin egonaldi bat pozik egingo nuke. 25 Jerusalemera noa orain, hango fededunei diru-laguntza eramatera. 26 Izan ere, Mazedoniakoek eta Akaiakoek diru-bilketa egiteko borondatea izan dute, Jerusalemen diren senide behartsuei laguntzeko. 27 Borondatea diot, baina zorra ere bazuten haiekin; zeren, jentilak espirituzko ondasunetan haien partaide izan badira, bidezko baita lurreko ondasunetan haien laguntzaile izatea. 28 Egiteko hau bete eta bildutako dirua haien esku jarri ondoren, Espainiara abiatuko naiz, zuen hiritik igaroz. 29 Eta badakit Kristoren bedeinkazio betea dudala zuengana joateko. 30 Jesu Kristo gure Jaunarengatik eta Espirituak ematen digun maitasunagatik, eskabide hau egiten dizuet, senideok: lagun diezadazuela eginahalean, Jainkoari nire alde otoitz eginez, 31 Judean fedeari aurka egiten diotenen esku eror ez nadin, eta Jerusalemgo fededunek ongi har dezaten daramakiedan laguntza. 32 Horrela, Jainkoak nahi badu, pozez beterik iritsiko naiz zuengana eta atsedenaldia hartu ahal izango dut zuekin. 33 Bakearen Jainkoa zuek guztiokin! Amen.
Goraintziak

16. atala

[aldatu]

1 Zenkreasko eliz elkartearen zerbitzari den gure arreba Febe gomendatzen dizuet: 2 hartzazue Jaunaren izenean, sagaratuei dagokien bezala. Edozertan zuen beharrik balu, lagun iezaiozue, berak ere askori lagundu baitio eta neuri batez ere. 3 Goraintziak Priska eta Akilari, Jesu Kristoren zerbitzuan laguntzaile izan ditudanei. 4 Horiek beren bizia arriskuan jarri zuten, nirea salbatzeagatik. Eta nik ez ezik, jentilen eliz elkarte guztiek ere esker ona zor diete. 5 Goraintziak haien etxean biltzen den eliz elkarteari ere. Goraintziak Epenetori, Asian Kristorengan sinetsi zutenen lehen fruitu den nire adiskide maiteari; 6 bai eta zuengatik hainbeste lan egin duen Mariari ere. 7 Goraintziak nire ahaide eta kartzela-lagun Androniko eta Juniari: apostoluen artean ospetsuak dira eta Kristorengan nik baino lehen sinetsi zutenak. 8 Goraintziak Jaunarengan oso maite dudan Anpliatori. 9 Goraintziak Urbanori, Jesu Kristoren zerbitzuan laguntzaile izan dugunari, eta nire Estakis maiteari. 10 Goraintziak Apelesi, kristau zintzo dela erakutsi duen horri; bai eta Aristobuloren familiakoei ere. 11 Goraintziak Herodion nire ahaideari eta Nartzisoren etxeko fededunei. 12 Goraintziak Trifena eta Trifosari, Jaunarengatik gogoz lanean jardun duten horiei; bai eta Jaunarengatik hainbeste lan egin duen nire Perside maiteari ere. 13 Goraintziak Rufori, kristau agurgarri horri, eta berorren ama eta nire ama ere denari. 14 Goraintziak Asinkritori, Flegoni, Hermesi, Patrobasi, Hermasi eta haiekin bizi diren senideei. 15 Goraintziak Filologo eta Juliari, Nereo eta beronen arrebari, Olinpiori eta horiekin bizi diren fededun guztiei. 16 Agur ezazue elkar besarkada santuaz. Kristoren eliz elkarte guztiek agurtzen zaituztete. 17 Otoi, senideok! Ibili argi elkartean zatiketak sortzen eta hartu duzuen irakaspena galbidean jartzen dutenekin. Alde horiengandik! 18 Horrelakoek ez baitiote Kristo gure Jaunari kultu ematen, beren sabelei baizik, eta beren hitz leunez eta lausenguz liluratu egiten dute jende xaloa. 19 Denen agerian dago nola onartu duzuen fedea, eta horrekin poztu egiten nauzue; baina zuek onerako argi eta gaitzaren aurrean tolesgabe izatea nahi nuke. 20 Bakea ematen digun Jainkoak luzaro gabe zapalduko du Satanas zuen oinpean. Jesu Kristo gure Jaunaren grazia izan bedi zuekin. 21 Goraintziak nire laguntzaile Timoteoren izenean, eta Luzio, Jason eta Sosipatro nire ahaideen izenean. 22 Nik, Tertziok, gutun hau idazten ari natzaizuen honek, agur egiten dizuet Jaunarengan. 23 Ni eta eliz elkarte osoa ere bere etxean hartzen gaituen Gaiok agur egiten dizue. Hiriko diruzain Erastoren izenean eta Kuarto anaiaren izenean agur. ( 24 ).
Aintza Jainkoari
25 Gorets dezagun Jainkoa! Berak fedean sendotu zaitzakete, nik hots egiten dudan berrionaren eta Jesu Kristori buruz ematen dudan mezuaren arabera. Mezu horren bidez, aspalditik ezkutuan zeukan misterioa agertu du Jainkoak. 26 Misterio hori orain azaldu da profeten idatziek dioten bezala, eta, Jainko betierekoak hala erabakirik, herri guztiei adierazi zaie, Jainkoari fedezko erantzuna eman diezaioten. 27 Jainko honi, jakintsu bakarra denari, aintza betierean Jesu Kristoren bitartez! Amen. \z