Edukira joan

Biblia/Eginak

Wikitekatik
Biblia
Eginak
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1-2 Teofilo maitea: Neure lehen liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zen egunerarte Jesusek egin eta irakatsi zuen guztiaz idatzi nuen. Zerura igo aurretik, Espiritu Santuaren eraginez, azken aginduak eman zizkien berak aukeratutako apostoluei. 3 Jesus apostoluei agertu zitzaien bere heriotzaren ondoren eta bizirik zegoeneko froga asko eman zizkien, berrogei egunez bere burua ikustera emanez eta Jainkoaren erregetzaz hitz eginez. 4 Haiekin bazkaltzen ari zen batean, honela agindu zien: «Ez alde egin Jerusalemdik, zaudete nik Aitaren partetik egin dizuedan agintzaria bete zain. 5 Joanek urez bataiatu zuen, baina zuek egun gutxi barru Espiritu Santuaz bataiatuak izango zarete».

6 Orduan, Jesusekin bildurik zeudenek galdetu zioten: --Jauna, orain ezarriko al duzu berriro Israelgo erreinua? 7 Jesusek erantzun zien: --Aitak bakarrik du hori erabakitzeko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan gertatuko den jakitea. 8 Baina zuen gain jaitsiko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren bazterreraino. 9 Hau esanik, gorantz igo zen Jesus haien begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu zien arte. 10 Oraindik zerura nola zihoan begira-begira zeudela, zuriz jantzitako bi gizaseme azaldu zitzaizkien ondoan, 11 eta esan zieten: «Galilearrok, zertan zaudete hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan den Jesus hori, zerura joaten ikusi duzuen bezalaxe etorriko da berriro».

12 Orduan, apostoluak Jerusalemera itzuli ziren Oliamenditik --mendi hau Jerusalemdik hurbil dago, kilometro batera eskas--. 13 Etxeraturik, bizi zireneko goiko gelara igo ziren. Hona nortzuk ziren: Pedro eta Joan, Santiago eta Andres, Felipe eta Tomas, Bartolome eta Mateo, Santiago Alfeorena, Simon Zelote eta Judas Santiagorena. 14 Guztiok, emakume batzuekin eta Jesusen ama Maria eta anai-arrebekin, bihotz batez otoitzari emanak bizi ziren. 15 Egun haietako batean, Pedrok, senideak bildurik zeudela --ehun eta hogeiren bat laguneko taldea--, jaiki eta esan zuen: 16 «Senideok, bete beharrekoa zen Espiritu Santuak Liburu Santuan Daviden ahoz iragarria, Jesus atzeman zutenen gidari gertatu zen Judasi buruz esana, alegia. 17 Gure taldekoa zen eta gu bezala zerbitzu hau betetzeko aukeratua. 18 Baina bere hobenaren ordain-diruaz soro bat erosi zuen eta, buruz behera amildurik, erditik lehertu zen eta haren erraiak lurrean zabaldu ziren. 19 Jerusalemdar guztiek izan zuten honen berri, eta soro hari <Hakeldama> eman zioten izen beren hizkuntzan, hots, <Odol-soro>. 20 Hau dago idatzia, hain zuzen, Salmoen liburuan:
«Bihur bedi haren bizilekua basamortu, geldi bedi inor gabe.
«Eta beste hau ere bai:
«Har beza beste batek haren kargua.
21-22 «Beharrezkoa da, beraz, norbait gure taldeari elkartzea. Jesus Jauna gure artean bizi izan den denbora guztian --Joanek bataiatu zuenetik zerura jasoa izan den arte, alegia-- gurekin ibili direnetakoa izan behar du, gurekin batera haren piztueraren lekuko izan dadin». 23 Bi aurkeztu zituzten: Jose, deituraz Barsaba, izengoitiz Zintzo, eta Matias. 24 Ondoren, honela egin zuten otoitz: «Jauna, guztien barrua ezagutzen duzun horrek, erakuts iezaguzu biotarik zein hautatu duzun, 25 apostolu-zerbitzu honetan Judasek utzi duen tokia betetzeko, zegokion tokira joan baita hura». 26 Zotz eginik, Matiasi egokitu zitzaion eta beste hamaika apostoluekin elkartu zuten.
Espiritu Santua apostoluen gainera jaitsi

2. atala

[aldatu]

1 Mendekoste-eguna iritsi zenean, toki berean bildurik zeuden guztiak. 2 Bat-batean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian durundi egin zuen. 3 Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen. 4 Denak Espiritu Santuaz bete ziren, eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten zion eran. 5 Egun haietan judu jainkozale asko ziren Jerusalemen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak. 6 Burrunba hura entzutean, hara bildu zen jendea samaldan, eta txunditurik gelditu ziren, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten baitzien. 7 Zur eta lur, honela zioten: «Mintzo direnok, ez ote dira denak galilearrak? 8 Nola daiteke, bada, guretako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea? 9 Baditugu gurekin partiar, mediar nahiz elamdarrak; bai eta Mesopotamian, Judean nahiz Kapadozian, Ponton nahiz Asian bizi direnak ere; 10 badira gure artean Frigia nahiz Panfiliakoak, Egipto nahiz Zirene inguruko Libia aldekoak, bai eta erromatarrak ere; 11 eta denok, judu eta juduberri, kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu». 12 Harriturik eta zer pentsa ez zekitela, «Zer da hau?» galdezka ari ziren elkarren artean. 13 Beste batzuek, aldiz, honela zioten isekaz: «Edanak daude».
Pedroren hitzaldia
14 Orduan, Pedrok, hamaika apostoluen artean zutik, honela hitz egin zien: «Juduok eta Jerusalemen zaudeten guztiok: entzun arretaz nire hitzak, otoi, hemen gertatzen denaz ongi jabe zaitezten. 15 Hauek ez daude edanda, zuek uste bezala, goizeko bederatziak besterik ez baitira oraindik. 16 Ez, baizik eta Joel profetak esan zuena ari da hemen gertatzen:

17 «Hau dio Jainkoak: Azken egunetan neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei. Zuen seme-alabek profetizatu egingo dute zuen gazteek ikuskariak izango, zuen zaharrek ametsak egingo. 18 Neure morroi eta mirabeei ere neure espiritua isuriko diet egun haietan eta profetizatu egingo dute. 19 Gauza harrigarriak egingo ditut goian, zeruan, eta mirariak behean, lurrean: odola eta sua eta ke-lainoa. 20 Eguzkia ilunpe bihurtuko da, ilargiak odol-itxura hartuko du, Jaunaren eguna, egun handi eta ospetsua, iritsi baino lehen. 21 Orduan, Jaunari dei egin diezaiona salbatuko da.
22 «Entzun hau, israeldarrok: Guztiok dakizuenez, Jainkoak Jesus Nazaretarra zuen aurrean sinesgarri egin zuen, mirariak eta egintza ahaltsu eta harrigarriak haren eskuz eginez. 23 Jainkoak zuen eskuetara eman zuen, bere asmoaren eta aurrez hartutako erabakiaren arabera, eta zuek gurutzean josi eta hil egin zenuten sinesgabeen eskuz. 24 Baina Jainkoak piztu egin zuen, Herioren lokarrietatik askatuz, Heriok ezin baitzuen hura bere menpe eduki. 25 Izan ere, honela dio Davidek hartaz:
«Begi aurrean dut Jauna etengabe; bera ondoan dudala, ez naiteke koloka.
26 Horregatik, alai daukat bihotza, pozez kantari mihia, itxaropenean lasai gorputza. 27 Ez bainauzu Herio Leizera botako, zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. 28 Bizirako bidea erakutsiko didazu: zeure aurrean alaitasunez beteko.
29 «Senideok, uztazue argi eta garbi esaten David gure arbasoa hil egin zela eta lur eman ziotela, eta hor dugu gaur ere haren hilobia. 30 Baina profeta zen eta bazekien hark Jainkoak zin eginez hitz eman ziona: beraren odoleko bat ezarriko zuela bere tronuan. 31 Beraz, aurrez ikusi zuen Mesias piztuko zela, eta honetaz mintzo zen hau esatean: ez zuela Jainkoak Herio Leizera botako eta ez zela haren gorputza hilobian galduko. 32 Jesus hau piztu egin du Jainkoak, eta gu guztiok gara lekuko. 33 Jainkoak bere eskuinaldera altxatu duelarik, hitz emandako Espiritu Santua hartu du Aitarengandik eta guri isuri; hauxe da zuek ikusten eta entzuten ari zaretena. 34 David ez zen zerura igo; hala ere, hau dio:
«Hona Jaunak ene Jaunari esana: <Eseri nire eskuinean,
35 zeure etsaiak oinazpian jartzen dizkizudan bitartean>.
36 «Jakin beza ongi, beraz, Israel herri osoak Jaun eta Mesias egin duela Jainkoak, zuek gurutziltzatu zenuten Jesus hau». 37 Hitz hauek bihotzean zirrara egin zieten, eta Pedrori eta gainerako apostoluei galdetu zieten: --Zer egin behar dugu, anaiok? 38 Pedrok erantzun zien: --Bihozberri zaitezte eta bataiatu guztiok, Jesus Mesiasen izenean bekatuak barka dakizkizuen, eta Espiritu Santua hartuko duzue dohain. 39 Zuentzat eta zuen seme-alabentzat agindu baitzuen Jainkoak dohain hau, bai eta Jainko gure Jaunak deituko dituen atzerritar guztientzat ere. 40 Beste hitz askoren bidez egiten zien Pedrok testigantza eta arren eskatzen zien: «Salba zaitezte gizaldi honi datorkion hondamenditik». 41 Pedroren hitza onartu zutenak bataiatu egin ziren, eta egun hartan hiruren bat mila lagun elkartu zitzaizkion taldeari. 42 Denak apostoluen irakaspenak entzuteari eta elkarte-bizitzari emanak bizi ziren, ogi-zatitzea eta otoitza elkarrekin egiten zituztelarik.
Fededun-elkartearen bizimodua
43 Mundu guztia izuturik zegoen, apostoluek egiten zuten hainbat egintza harrigarri eta mirarirengatik. 44 Fededun guztiak elkarturik bizi ziren, eta dena denentzat zeukaten: 45 beren lur eta ondasunak saldurik, guztien artean banatzen zuten dirua, nork zer behar zuen. 46 Egunero bildu ohi ziren tenpluan, baina ogia etxeetan zatitzen zuten, otorduak elkarrekin pozik eta bihotz xaloz eginez. 47 Jainkoa goresten zuten, eta herri osoaren estimazioa zuten. Eta Jaunak egunetik egunera gehitzen zizkion elkarteari salbatzen zirenak.
Pedro eta Joanen aldia (3,1--4,31)
Tenpluan elbarriaren sendaketa

3. atala

[aldatu]

1 Behin batean, Pedro eta Joan tenplura zihoazen bazkal ondoko otoitzera. 2 Tenpluko «Ate Eder» esaten zioten sarreran, jaiotzatik herrena zen gizon bat zegoen. Egunero ezarri ohi zuten han, tenplura sartzen zirenei limosna eskatzeko. 3 Pedro eta Joan sartzen ikusirik, limosna eskatu zien. 4 Haiek begira gelditu zitzaizkion, eta Pedrok esan zion: «Begira guri». 5 Hura adi-adi jarri zitzaien, zerbait emango ziotelakoan. 6 Orduan, Pedrok esan zion: «Ez dut ez urrerik, ez zilarrik, baina dudana emango dizut: Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, jaiki eta ibili!» 7 Eta, eskuineko eskutik harturik, altxarazi egin zuen. Bat-batean, gizonaren oinak eta orpoak indartu egin ziren; 8 salto batez zutitu eta ibiltzen hasi zen. Eta apostoluekin batera tenplura sartu zen bere kasa oinez, saltoka eta Jainkoari goraka. 9 Herri osoak ikusi zuen ibiltzen eta Jainkoa goratzen, 10 eta, Ate Eder ondoan eserita limosna eske egoten zena bera zela oharturik, denak zur eta lur gelditu ziren gertatutakoaz.
Pedroren hitzaldia
11 Gizona oraindik Pedro eta Joanekin zegoela, jende guztia, harriturik, haiengana joan zen lasterka, Salomonen aterpera. 12 Herria biltzen ari zela ikustean, honela mintzatu zitzaien Pedro: «Israeldarrok, zergatik harritzen zaituzte gertatu den honek? Edo zergatik zaudete guri begira, gizon hau geure ahalmenaz edo erlijiotasunaz ibilarazi bagenu bezala? 13 «Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara eman eta Pilatoren aurrean ukatu zenutena, honek askatzea erabaki zuen arren. 14 Santua eta zuzena zen, baina zuek ukatu egin zenuten, eta hiltzaile bat askatzeko eskatu; 15 biziaren sorburua hil zenuten, baina Jainkoak piztu egin du hilen artetik; gu gara horren testigu. 16 Bada, Jesusenganako sinesmenari esker, haren indarrak sendatu du zuek ezagutzen eta hemen ikusten duzuen gizon hau; Jesusek ematen duen sinesmenak ekarri dio osasun betea, denok ikus dezakezuenez. 17 «Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenutela zuek, bai eta zuen agintariek ere. 18 Baina horrela bete zuen Jainkoak, profeta guztien ahoz aurrez iragarria, hots, haren Mesiasek sufritu egin beharko zuela. 19 Bihozberri zaitezte, bada, eta itzuli Jainkoarengana, bekatuak ken dakizkizuen; 20 horrela iritsiko zaizue Jaunaren kontsolazio-garaia, eta hark berriro bidaliko dizue Jesus, zuentzat izendatua zeukan Mesias. 21 Honek zeruan egon behar du oraindik, harik eta gauza guztiak eraberrituko diren garaia, Jainkoak antzinatik bere profeta santuen ahoz iragarria, iritsi arte. 22 «Moisesek, hain zuzen, esan zuen: Ni bezalako profeta sortaraziko dizue Jaunak, zeuen Jainkoak, herritarren artetik; onartu hark esango dizuen guztia. 23 Profeta haren mezua onartuko ez duena herritik bota egingo dute. 24 Eta Samuelek eta geroztik hitz egin duten profeta guztiek ere iragarri dituzte egun hauek. 25 Zeuentzako dituzue profeten agintzariak, bai eta Jainkoak zuen arbasoekin egin zuen ituna ere; hau esan baitzion Abrahami: Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut. 26 Lehenik zuentzat sortarazi eta piztu du Jainkoak Jesus bere zerbitzaria, eta zuei bedeinkazioa ematera bidali du, zuetako bakoitza bere gaiztakerietatik aldentzen bada».
Pedro eta Joan judu-biltzarraren aurrean

4. atala

[aldatu]

1 Oraindik Pedro eta Joan herriari mintzatzen ari zitzaizkiola, apaizak, tenpluko guardaburua eta saduzearrak agertu zitzaizkien. 2 Oso haserre zeuden, apostoluek Jesusengan hilen piztuera gertatu zela herriari irakasten eta hots egiten ziotelako. 3 Beraz, atxilotu eta kartzelan sartu zituzten hurrengo egunerarte, berandu baitzen. 4 Baina predikua entzuniko askok sinetsi egin zuten, eta gizonezko fededunak bost milaren bat izatera iritsi ziren. 5 Biharamunean, herriko agintari, zahar eta lege-maisuak Jerusalemen bildu ziren; 6 han ziren Anas apaiz nagusia, Kaifas, Joan, Alexandro eta apaizburu-familietako guztiak. 7 Pedro eta Joan beren aurrera ekarrarazi eta galdetu zieten: «Zer ahalmenez egin duzue hori? Nork eman dizue eskubidea?» 8 Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, erantzun zien: «Herriko agintari eta zaharrok, 9 gaur, gaixo bati egin zaion mesedea dela eta, noren eskuz sendatu den galdetzen zaigu. 10 Bego argi, bada, zuentzat eta Israel herri osoarentzat, zuek gurutziltzatu eta Jainkoak hilen artetik piztu zuen Jesu Kristo Nazaretarraren ahalmenaz daukazuela gizon hau zeuen aurrean sendaturik. 11 Jesus hauxe da zuek, etxegileok, mezprezaturiko harria, giltzarri gertatu dena. 12 Honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik». 13 Pedro eta Joanen ausardia ikusi eta gizon eskolagabe eta arruntak zirela jabeturik, harrituak zeuden. Bazekiten, alde batetik, Jesusen lagun izanak zirela, 14 eta han zeukaten, bestetik, beren aurrean zutik, sendaturiko gizona. Ez zuten, beraz, aurka egiterik. 15 Hala, biltzarretik ateratzeko agindu zieten eta honela ziharduten beren artean: 16 «Zer egin gizon hauekin? Izan ere, ageri-ageriko miraria egin dute: ongi daki hori Jerusalem osoak, eta ezin dugu ukatu. 17 Alabaina, herrian hori gehiago zabal ez dadin, mehatxatu egingo ditugu, gaurdanik Jesusen izena inori aipa ez diezaioten». 18 Deitu zituzten, bada, eta Jesusi buruz hitzegitea edo irakastea zorrotz debekatu zieten. 19 Baina Pedrok eta Joanek erantzun zieten: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ote den guk zuen esana egitea harena egin ordez. 20 Guk ezin dugu, inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde». 21 Berriro mehatxatu ondoren, askatu egin zituzten. Ez zuten aurkitzen haiek zigortzeko erarik, herriaren beldurrez, jende guztiak Jainkoa goresten baitzuen gertatu zenarengatik. 22 Izan ere, miragarriro sendaturiko gizonak bazituen berrogeitik gora urte.
Elkartea otoitzean. Espiritua jaitsi
23 Libre utzi zituztenean, senideengana itzuli ziren, eta apaizburu eta zaharrek esandako guztia kontatu zieten. 24 Entzutean, denek otoitz egin zioten goraki eta aho batez Jainkoari: «Jauna, zuk egin zenituen zeru-lurrak eta itsasoa, eta horietan bizi diren guztiak; 25 zuk esan zenuen Espiritu Santuaren bidez eta gure aita David zeure zerbitzariaren ahoz:
«Zergatik dabiltza iskanbilan nazioak, eta asmo ustelak asmatzen herriak?
26 Mundu honetako erregeak altxatu dira, eta agintedunek elkar hartu dute Jaunaren eta berak aukeraturiko Mesiasen aurka.
27 «Bai, hala elkartu dira hiri honetan Herodes eta Pontzio Pilato atzerriko nazioekin eta Israel herriarekin, zuk Mesias egin zenuen Jesus zure zerbitzari santuaren aurka. 28 Horrela, zure ahalmenak eta gogoak aurrez erabakia zutena bete dute horiek. 29 Begira orain, Jauna, nola mehatxatzen gaituzten; emaguzu zeure zerbitzarioi zure hitza ausardia osoz predikatzea. 30 Eta luzatu eskua, zure zerbitzari Jesusen bidez sendakuntza, mirari eta egintza harrigarriak gerta daitezen». 31 Otoitza bukatzearekin batera, bilduak zeudeneko tokia dardaratu egin zen; denak Espiritu Santuaz beterik gelditu ziren, eta Jainkoaren hitza ausardiaz predikatzen zuten.
Apostoluen aldia (4,32--5,42)
Elkartearen bizimodua: ondasun-erkidegoa
32 Fededun guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta inork ez zuen esaten zeukana berea zuenik, baizik eta dena denena zuten. 33 Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen; 34 izan ere, ez zen haien artean behartsurik, zeren lurrik edo etxerik zutenek dena saldu eta salmentaren ordaina 35 apostoluen esku jartzen zuten; eta bakoitzari behar zuena ematen zitzaion. 36 Hala egin zuen Josek, apostoluek Bernabe --hau da, Adore emaile-- deitu zutenak; lebitarra zen eta jaiotzaz ziprearra. 37 Bazuen soro bat eta, saldurik, ordaina jaso eta apostoluen esku utzi zuen.
Ananias eta Safira

5. atala

[aldatu]

1 Ananias izeneko gizon batek eta beronen emazte Safirak soro bat saldu zuten. 2 Hartutako dirutik zerbait beretzat gorde zuen Ananiasek, bere emaztearekin ados, eta gainerakoa apostoluen esku jarri. 3 Pedrok esan zion: «Ananias, zergatik utzi diozu Satanasi zure gogoaz nagusitzen Espiritu Santuari gezurra esateko, soroaren ordainetik zati bat zeuretzat gordez? 4 Saldu aurretik zeurea zenuen, eta saldu ondoren ez ote zinen hartutakoaren jabe? Nolatan sartu zaizu buruan horrelakorik egitea? Gizakiei ez, Jainkoari berari esan diozu gezurra». 5 Hitz hauek entzutean, Ananias lurrera erori zen eta hil. Jakin zuten guztiak beldur-ikaraz gelditu ziren. 6 Berehala, gazte batzuek jaiki eta, gorpua jantzi ondoren, lur ematera eraman zuten. 7 Handik hiru ordu ingurura, Ananiasen emaztea etorri zen, ezer ez zekiela. 8 Pedrok galdetu zion: --Esadazu, honenbestean saldu al zenuten soroa? --Bai, horrenbestean --erantzun zuen hark. 9 Pedrok esan zion: --Zergatik hartu duzue elkar Jaunaren Espiritua tentatzeko? Hara, atean dira dagoeneko zure senarrari lur eman diotenak; zu eramango zaituzte orain. 10 Pedroren oinetara bat-batean erori eta hil egin zen. Sartu ziren gazteak eta, hilda aurkiturik, senarraren ondoan lur ematera eraman zuten. 11 Eliz elkarte osoa erabat beldurturik gelditu zen, bai eta gertatuaren berri izan zuten guztiak ere.
Apostoluek mirari asko egin
12 Anitz mirari eta egintza harrigarri gertatzen ziren herrian apostoluen eskuz. Fededun guztiak Salomonen aterpean bildu ohi ziren gogo batez; 13 baina beste inor ez zen haiekin elkartzera ausartzen, herriak asko goraipatzen bazituen ere. 14 Gero eta ugariagoa zen fedearen bidez Jaunari elkartzen zitzaizkionen taldea, gizon eta emakume. 15 Gaixoak kalera ateratzen zituen jendeak, eta ohe nahiz ohatiletan ezartzen zituzten, Pedro igarotzean beronen itzalak bederen bat edo beste uki zezan. 16 Jerusalem inguruko herrietatik ere jende-talde handiak etorri ohi ziren gaixoak eta espiritu gaiztoen menpe zeudenak berekin ekarriz, eta denak sendatzen ziren.
Apostoluen aurka erasoaldia
17 Apaiz nagusiak eta honen alderdiko guztiek --saduzearrek, alegia--, haserre bizian, 18 apostoluak atxilotu eta herriko kartzelan sarrarazi zituzten. 19 Baina gauez Jaunaren aingeruak ateak zabaldu eta kanpora atera zituen, esanez: 20 «Zoazte tenplura eta azaldu herriari biziera honi dagokion guztia». 21 Esan zitzaien bezala, egunsentian tenplura joan eta irakasten hasi ziren. Bitartean, apaiz nagusiak eta honen alderdikoek israeldar buruzagien Biltzar Nagusia bilarazi zuten eta apostoluak kartzelatik ekartzeko agindu. 22 Baina guardek, joan zirenean, ez zituzten aurkitu, eta berri ematera itzuli ziren: 23 «Kartzela arreta guztiaz itxia aurkitu dugu eta zaintzaileak ateetan erne, baina irekitzean barruan ez dugu inor aurkitu». 24 Berria entzunik, tenpluko guardaburua eta apaizburuak zer gertatuko ote zen asmatu ezinik zebiltzan. 25 Hartan, norbait etorri zen albiste honekin: «Kartzelan sartu zenituzten gizonak tenpluan daude eta herriari irakasten dihardute». 26 Joan zen, orduan, guardaburua bere mutilekin eta ekarri egin zituen, baina indarrik erabili gabe, herriak harrika emango ote zien beldur baitziren. 27 Biltzar Nagusiaren aurrera eraman zituzten eta apaiz nagusiak esan zien: 28--Ez al genizuen zorrotz agindu Jesusen izenean ez irakasteko? Zuek, ordea, Jerusalem osoa bete duzue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna leporatu nahi diguzue. 29 Pedrok eta beste apostoluek erantzun zuten: --Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena. 30 Gure arbasoen Jainkoak piztu egin du zuek egur batetik zintzilik hil zenuten Jesus. 31 Jainkoak bere eskuinaldera altxatu du, buru eta salbatzaile eginez, Israeli bihozberritzea eta bekatuen barkamena emateko. 32 Gu gara honen guztiaren lekuko, gu eta esaneko zaizkionei Jainkoak ematen dien Espiritu Santua. 33 Erantzun honek beren onetik atera zituen, eta hil egin nahi zituzten apostoluak. 34 Baina bazen Biltzar Nagusian Gamaliel zeritzan fariseu bat, herri osoan itzal handia zuen lege-irakaslea; apostoluak kanpora ateratzeko agindu ondoren, biltzarrean zutik, 35 honela hitz egin zuen: «Israeldarrok, begira ongi zer egitera zoazten gizon hauekin. 36 Oraindik orain atera zen Teudas ere, norbait bazelako ustetan, eta laurehunen bat gizon bilduak zituen; baina hil egin zuten, eta haren jarraitzaile guztiak sakabanatu egin ziren, eta dena hutsean gelditu. 37 Haren ondoren, errolda egin zen garaian, Judas galilearra atera zen, eta hainbat jende bereganatu zuen; baina hil egin zuten hura ere, eta jarraitzaile guztiak sakabanatu ziren. 38 Beraz, hona nire aholkua: ez zaiteztela sar gizon hauekin; doazela. Hauen asmoa eta jarduna gizakiengandikoak badira, beren kasa desegingo dira; 39 Jainkoarengandikoak badira, berriz, ezin izango dituzue desegin. Ez dakizuela gerta Jainkoarekin borrokan aritzea!» Haren iritzia onartu zuten. 40 Eta, apostoluak deitu eta zigorkatu ondoren, Jesusi buruz hitzik esatea zorrotz debekatu zieten. Ondoren, askatu egin zituzten. 41 Apostoluak Biltzar Nagusitik pozik atera ziren, Jesusengatik sufritzeko Jainkoak duin aurkitu zituelako. 42 Eta, tenpluan nahiz etxez etxe, etengabe irakasten eta hots egiten zuten Jesus Mesias delako berriona.
Estebanen aldia (6,1--8,3)
Elkartearen bizimodua. Zazpien hautapena

6. atala

[aldatu]

1 Garai hartan, ikasleak gero eta gehiago zirelarik, marmarra sortu zen greko-hizkuntzakoen artean hebreera-hizkuntzakoen aurka, haien andre alargunak eguneroko janari-banaketan bazterrera gelditzen zirelako. 2 Hamabiek, ikasleen biltzar orokorra bildurik, esan zuten: «Ez da egoki guk Jainkoaren hitzaren predikua alde batera uztea janari-banaketaz arduratzeko. 3 Beraz, senideok, aukera itzazue zeuen artean izen oneko zazpi gizon, Espiritu Santuaz eta jakinduriaz beteak, eta haiei emango diegu egiteko hori. 4 Gu, horrela, otoitzari eta hitzaren zerbitzuari emango gatzaizkie». 5 Biltzar osoak ontzat eman zuen proposamena, eta Esteban --fedez eta Espiritu Santuaz betea zegoen gizona--, Felipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas eta Nikolas, Antiokiako juduberria, hautatu zituzten; 6 aurkeztu zizkieten apostoluei, eta hauek, otoitz eginez, eskuak buruan ezarri zizkieten. 7 Jainkoaren hitza zabaltzen ari zen; ikasleen taldea franko ugalduz zihoan Jerusalemen, eta apaiz asko ere sinestedun egiten zen.
Estebanen ekintza eta atxiloketa
8 Estebanek, Jainkoaren laguntza eta indarra oparo baitzituen berekin, egintza harrigarri eta mirari handiak egiten zituen herrian. 9 Hartan, zirenear eta alexandriarrez osatua zegoen eta «Askatuena» zeritzan sinagogakoak, ziliziar eta asiar batzuekin batera, Estebanekin eztabaidan hasi ziren. 10 Eta ez baitziren gauza Espirituak hizketarako ematen zion jakinduriari aurre egiteko, 11 gizon batzuk erosi zituzten, zurrumurru hau zabal zezaten: Estebani Moisesen eta Jainkoaren kontra hitz egiten entzun ziotela, alegia. 12 Horrela, herria, zaharrak eta lege-maisuak asaldatu zituzten; gero, Esteban ustekabean harrapatu eta Biltzar Nagusira eraman zuten. 13 Gezurrezko lekukoak aurkeztu zituzten, honela ziotenak: «Gizon hau legearen eta toki santuaren kontra mintzo da etengabe; 14 geuk entzun diogu esaten Jesus Nazaretarra delako horrek tenplua suntsituko duela eta Moisesek eman zizkigun ohiturak aldatuko dituela». 15 Biltzar Nagusian zeuden guztiek begiak Estebanengan jarriak zituzten, eta haren aurpegia aingeru batena bezain distiratsu ikusi zuten.
Estebanen hitzaldia

7. atala

[aldatu]

1 Apaiz nagusiak galdetu zion Estebani: «Egia al da hori guztia?» 2 Estebanek erantzun zuen: «Senide eta gurasook, entzun: Jainko aintzatsua gure arbaso Abrahami agertu zitzaion, artean Mesopotamian zegoela, Haranen bizitzen jarri aurretik, 3 eta esan zion: Utzi zeure lurra eta zeure ahaideak eta zoaz nik erakutsiko dizudan lurraldera. 4 Abraham, orduan, kaldearren lurraldea utzirik, Haranen jarri zen bizitzen. Eta handik, aita hil zitzaionean, orain zuek bizi zareteneko lurralde honetara aldatu zuen Jainkoak. 5 Hala ere, ez zion ondaretzat lurrik eman, ez eta oin-bete bat ere; baina berari eta beraren ondorengoei emango ziela agindu zion, oraindik Abrahamek seme-alabarik ez zuen arren. 6 Honela mintzatu zitzaion Jainkoa: Zure ondorengoak atzerritar gisa biziko dira berena ez duten lurraldean. Esklabotza eta zapalkuntzapean edukiko dituzte laurehun urtez. 7 Alabaina, zigortu egingo dut --esan zion gainera Jainkoak-- esklabo bihurtuko dituen herria, eta ondoren atera egingo dira eta toki honetan gurtuko naute. 8 Ondoren, erdainkuntza eman zion itunaren ezaugarri; hala, Isaak jaio zitzaionean, zortzigarren egunean erdaindu egin zuen Abrahamek; berdin egin zuen Isaakek ere Jakobekin, eta Jakobek hamabi patriarkekin. 9 «Patriarkek, ezinikusiagatik, saldu egin zuten beren anaia Jose, eta Egiptora eramana izan zen. Baina Jainkoa berekin zuen Josek, 10 eta larrialdi guztietatik onik atera zuen. Jakinduria eman zion eta Egiptoko errege faraoiaren aurrean begiko egin; hala, Egiptoko eta bere jauregiko buru jarri zuen faraoiak. 11 Gero, gosetea gertatu zen Egipto osoan eta Kanaanen. Larria zen egoera eta gure arbasoek ez zuten jatekorik. 12 Jakobek, Egipton garia bazela jakinik, hara bidali zituen gure arbasoak. 13 Bigarren aldiz joan zirenean, Josek bere burua ezagutzera eman zien anaiei, eta Joseren jatorriaren berri jakin zuen faraoiak. 14 Orduan, Josek bere aita Jakob eta etxeko guztiak ekartzeko agindu zuen: hirurogeita hamabost lagun ziren guztira. 15 Honela jaitsi zen Jakob Egiptora, eta han hil ziren bera eta beste gure arbasoak. 16 Gero, haien gorpuak Sikemera eraman zituzten eta, bertan, Abrahamek Hamorren ondorengoei diruz erositako hilobian ezarri. 17 «Jainkoak Abrahami zin eginiko agintzaria betetzeko garaia hurbildu ahala, herria haziz eta ugalduz joan zen Egipton. 18 Baina beste errege bat izan zen Egipton Jose ezagutu ez zuena. 19 Hark gure herriaren aurka maltzurkeriaz jokatu zuen eta tratu txarra eman zien gure arbasoei, beren haurrak zapuztera behartuz, bizi ez zitezen. 20 «Garai hartan jaio zen Moises. Guztiz ume ederra zen eta hiru hilabetez gurasoek etxean hazi zuten. 21 Utzi beharra izan zutenean, faraoiaren alabak jaso zuen eta bere seme bezala hazi. 22 Egiptoarren jakintza guztia ikasi zuen Moisesek, eta hizketan eta ekintzan trebea izan zen. 23 «Berrogei urte bete zituenean, bere senide israeldarrekin harremanetan jartzea erabaki zuen. 24 Egiptoar batek israeldar bat gaizki zerabilela ikusirik, honen alde atera zen eta, anaia zapaldua mendekatu nahirik, hil egin zuen egiptoarra. 25 Uste zuen bere senideek ulertuko zutela beraren eskuz askatu nahi zituela Jainkoak; baina ez zuten ulertu. 26 Biharamunean, israeldar batzuk borrokan ari zirela, haien artera sartu zen bakeak egitera, esanez: <Adiskideok, zergatik ari zarete elkar joka, anaiak izanik?> 27 Baina laguna jotzen ari zenak bultza egin zion, esanez: Nork jarri hau hi gure arteko buruzagi eta epaile? 28 Ala, atzo egiptoarra bezala, hil egin behar ote nauk ni ere? 29 Hau entzutean, Moisesek ihes egin zuen eta Madianen jarri zen bizitzen, eta han bi seme izan zituen. 30 «Berrogei urteren buruan, aingeru bat agertu zitzaion sasi artean pizturiko sugarretan, Sinai mendiko basamortuan. 31 Moises harriturik gelditu zen ikusten zuenaz eta, hobeto ikusteko bertara hurbiltzean, Jaunaren ahotsa entzun zuen: 32 Ni zure arbasoen Jainkoa naiz, Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa. Beldurrez dardar, Moises ez zen begiratzera ere ausartzen. 33 Orduan, Jaunak esan zion: Erantzi oinetakoak, zu zauden lekua lur santua baita. 34 Ongi ikusi dut neure herriaren atsekabea Egipton eta entzunak ditut haren intziriak. Haiek salbatzera etorri naiz. Orain, zatoz hona, Egiptora bidali behar zaitut eta. 35 «Nork jarri hau hi gure arteko buruzagi eta epaile? esanez israeldarrek ukatu zuten Moises bera bidali zien, bada, Jainkoak buruzagi eta askatzaile, sasian agertu zitzaion aingeruaren bidez. 36 Moisesek atera zituen Egiptotik, egintza harrigarri eta mirariak eginez Egipton, Itsaso Gorrian eta berrogei urtez basamortuan. 37 Moisesek berak esan zien israeldarrei: Ni bezalako profeta sortaraziko dizue Jainkoak herritarren artetik. 38 Basamortuko batzarrean, bera izan zen bitarteko Sinai mendian hitz egiten zien aingeruaren eta gure arbasoen artean; berak jaso zituen bizia dakarten hitzak, guri emateko. 39 Baina gure arbasoek ez zuten haren esanik egin nahi izan; aitzitik, baztertu egin zuten eta, Egiptora itzulminez, 40 Aaroni esan zioten: Egizkiguzu bidean gidatuko gaituzten jainkoak, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri. 41 Orduan, zekor-irudia egin eta idolo hari sakrifizioa eskaini zioten, eta jai egin zuten beren eskuz eginaren omenez. 42 Horregatik, Jainkoak bizkarra eman zien, eta, bere kasa utzi zituelarik, ortziko izarrak gurtu zituzten, profeten liburuan idatzia dagoen bezala:
«Israel herria, basamortuan berrogei urtez abererik hil eta oparitzat eskaini ote zenidan?
43 Ez! Molok-en oihal-etxola eta zeuen jainko Refanen izarra eraman zenituzten zeuekin, gurtzeko zeuek eginiko irudiak. Bada, Babiloniaz harantza erbesteratuko zaituztet.
44 «Gure arbasoek bazuten basamortuan itun-agiriaren etxola, Jainkoak Moisesi agindu bezala egina, erakutsi zion ereduaren arabera, alegia. 45 Ondoren, gure arbasoek, aurrekoengandik etxola hura hartu eta kanaandarren lurraldera sartu zuten, Josueren gidaritzapean lurralde hartaz jabetu zirenean, Jainkoak haien aurretik kanaandarrak bota ondoren. Honela Daviden garaira arte. 46 David gogoko izan zitzaion Jainkoari, eta Jakoben Jainkoarentzat bizilekua egin ahal izatea eskatu zion Davidek Jainkoari. 47 Baina eraiki, Salomonek eraiki zion etxea, 48 nahiz eta Goi-goikoa giza eskuz eginiko etxetan bizi ez, profetak dioen bezala:

49 «Neure tronu dut zerua, neure oinaulki lurra. Hala diot nik, Jaunak: Zer etxe egingo didazue, bada, edo zein toki nire atsedenerako? 50 Ez ote dira neuk eginak gauza guztiok?
51 «Burugogorrok, jentilak bezain bihotz- eta belarri-gogor zaretenok! Espiritu Santuari kontra egiten diozue beti. Zeuen arbasoen antzeko zuek ere! 52 Zein profeta ez zuten zuen arbasoek pertsegitu? Haiek Zintzoaren etorrera aurrez iragartzen zutenak hil zituzten; zuek, berriz, Zintzoa bera saldu duzue eta hil; 53 zuek, aingeruen eskutik legea hartu bai, baina bete ez duzuenok».
Esteban harrikatua
54 Estebanen hitzaldia entzutean, barrua sutan zuten eta hortzak karraska, haren aurka amorruz. 55 Baina hark, Espiritu Santuaz beterik, zerura begiratu eta Jainkoaren aintza ikusi zuen, eta Jesus zutik Jainkoaren eskuinaldean. 56 Eta esan zuen: «Hara, zerua zabalik ikusten dut eta Gizonaren Semea zutik Jainkoaren eskuinaldean». 57 Orduan, haiek belarriak itxi eta, garrasika, gainera jaurtiki zitzaizkion Estebani denak batean. 58 Atera zuten hiritik eta harrika hasi zitzaizkion. Testiguek Saulo zeritzan gazte baten ondoan utzi zituzten beren jantziak. 59 Harrika ari zitzaizkion bitartean, Estebanek honela egiten zuen otoitz: «Jesus Jauna, hartzazu nire bizia». 60 Gero, belauniko erorita, goraki esan zuen: «Jauna, ez leporatu horiei bekatu hau». Eta, hau esanik, hil egin zen.

8. atala

[aldatu]

1 Saulo han zen, eta ontzat ematen zuen Estebanen hilketa.
Elizaren aurka erasoaldia
Egun hartan bertan, erasoaldi latza sortu zen Jerusalemgo eliz elkartearen aurka. Apostoluak ez beste guztiak Judean eta Samarian barrena sakabanatu ziren.
2 Gizon jainkozale batzuek Estebanen gorpuari lur eman zioten eta dolu handia egin zuten harengatik. 3 Saulo triskantza ikaragarria egiten ari zen eliz elkartean: etxeetan sartu, gizon-emakumeak atxilotu eta kartzelara eramaten zituen.
ELIZAREN LEHEN HEDAKUNTZA (8,4--14,28)
Palestinan (8,4--11,18)
Felipe Samarian
4 Sakabanatu zirenak herriz herri joan ziren, mezua hots eginez. 5 Hala, Felipe Samaria hirira jaitsi eta Mesiasen berri ematen hasi zen. 6 Felipek esaten zuena entzun eta egiten zituen mirariak ikustean, gogo batez lotzen zitzaion jendea haren predikuari; 7 izan ere, deabrudun askorengandik ateratzen ziren espiritu gaiztoak deiadarka, eta elbarri eta herren asko sendatzen ziren. 8 Poz handia izan zen hiri hartan. 9 Bazen hirian Simon zeritzan gizon bat, aspalditik aztikeriara emana; Samariako jende guztia txunditurik zeukan, norbait apartekotzat agertzen baitzuen bere burua. 10 Denak, handi eta txiki, hari lotuak zeuden, hau ziotelarik: «Jainkoaren ahalmena dugu gizon hau, <Ahalmen Handi> deritzana». 11 Hari lotuak zeuden, bada, bere aztikeriaz txunditurik baitzeuzkan aspaldidanik. 12 Baina, Felipek Jainkoaren erregetza eta Jesu Kristoren berriona hots egitean, sinetsi egin zioten eta bataioa hartu denek, gizon eta emakume. 13 Simonek berak ere sinetsi egin zuen eta bataioa hartu, eta ez zen Feliperen ondotik aldentzen. Gertatzen ziren mirariak eta egintza ahaltsuak ikusirik, erabat txunditurik zegoen. 14 Jerusalemen zeuden apostoluek, Samariak Jainkoaren hitza onartu zuela jakitean, Pedro eta Joan bidali zituzten hara. 15 Iritsi zirenean, samariarren alde otoitz egin zuten, Espiritu Santua har zezaten. 16 Izan ere, artean haietako inorengana jaitsi gabe zegoen Espiritua; Jesus Jaunaren izenean bataiaturik bakarrik zeuden. 17 Beraz, Pedrok eta Joanek eskuak buruan ezarri zizkieten, eta Espiritu Santua hartu zuten. 18 Simonek, apostoluek jendeari eskuak ezartzean Espiritua etortzen zitzaiela ikusirik, dirua eskaini zien, 19 esanez: --Emadazue niri ere ahalmen hori, eskuak ezartzen dizkiedan guztiek Espiritu Santua har dezaten. 20 Pedrok erantzun zion: --Lehertuko ahal haiz heure diruarekin, Jainkoaren dohaina diruz erosten dela uste izateagatik! 21 Hik ez duk honetan eskurik, ez parterik, hire kontzientzia ez baita zuzena Jainkoaren aurrean. 22 Damu hadi, bada, heure gaiztakeriaz, eta otoitz egiok Jaunari ea burutapen hori barkatzen dian. 23 Gutiziaz betea ikusten haut eta gaiztakeriari lotua. 24 Simonek erantzun zuen: --Otoitz egiozue Jaunari nire alde, zuek esandakorik gerta ez dakidan. 25 Jaunaren testigantza egin eta haren mezua adierazi ondoren, Pedro eta Joan Jerusalemera itzuli ziren, Samariako auzo askotan berriona zabalduz.
Felipe eta etiopiar ministraria
26 Jaunaren aingeruak esan zion Feliperi: «Ea, abia zaitez hegoalderantz, Jerusalemdik Gazara jaisten den bidetik. Basamortuan zehar doa bidea». 27 Berehala abiatu zen Felipe. Eta han ikusi zuen etiopiar iren bat: Etiopiako Kandaze edo erreginaren ministraria zen, haren ondasun guztien administratzailea. Jerusalemera etorria zen erromes 28 eta berriro etxera zihoan. Bere karrozan eserita, Isaias profetaren liburua irakurtzen ari zen. 29 Espirituak esan zion Feliperi: «Aurreratu eta jarri karroza horren ondoan». 30 Felipe lasterka hurbildu zitzaion eta, Isaias profeta irakurtzen entzunik, galdetu zion irenari: --Ulertzen al duzu irakurtzen ari zarena? 31 Hark erantzun: --Nola ulertuko dut, bada, inork ulerpiderik ematen ez badit? Eta igo eta bere ondoan jartzeko eskatu zion Feliperi. 32 Irakurtzen ziharduen pasartea honako hauxe zen:
Hiltzera daramaten arkumeak bezala, moztaileen aurrean isilik dagoen ardiak bezala, ez zuen ahorik zabaldu.
33 Gizon ezereza zelako ez zioten justiziarik egin. Nork aipatuko du haren ondorengotza? Erauzi egin baitzuten haren bizia lurretik.
34 Galdetu zion irenak Feliperi: --Esadazu, mesedez: Nortaz dio hori profetak, bere buruaz ala beste norbaitez? 35 Felipek, orduan, pasarte honetatik abiaturik, Jesusen berriona adierazi zion. 36 Zihoazela, ura zegoen toki batera iritsi ziren, eta irenak esan zuen: «Horra hor ura! Zer eragozpen da ni bataiatzeko?» ( 37 ). 38 Karroza gelditzeko agindu zuen; Felipe eta irena, biak uretara jaitsi ziren eta Felipek bataiatu egin zuen. 39 Uretatik atera zirenean, Jaunaren Espirituak hartu eta eraman egin zuen Felipe. Irenak ez zuen gehiago ikusi, eta poz-pozik jarraitu zuen bidean aurrera. 40 Felipe, berriz, Azoton gertatu zen, eta herriz herri berriona adieraziz joan zen, Zesareara iritsi arte.
Sauloren konbertsioa eta deia

9. atala

[aldatu]

1 Saulok, oraindik Jaunaren ikasleen aurka heriotza-mehatxua zeriola, apaiz nagusiagana joan eta 2 Damaskoko sinagogetarako gutunak eskatu zizkion, aurkitzen zituen kristau-bidearen jarraitzaileak, gizaseme nahiz emakume, Jerusalemera preso eraman ahal izateko. 3 Damaskorantz zihoala, bertatik hurbil, bat-batean zerutiko argi batek distiraz inguratu zuen. 4 Lurrera erori zen eta mintzo hau entzun zuen: --Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu? 5 --Nor zaitut, Jauna? --galdetu zuen Saulok. --Jesus naiz, zuk pertsegitzen duzuna. 6 Orain, jaiki eta sartu hirian; han esango dizute zer egin behar duzun. 7 Haren bidelagunak ikaraz mutu gelditu ziren, hotsa entzuten baitzuten, baina inor ikusten ez. 8 Saulo lurretik altxatu zen eta, begiak zabalik zituen arren, ez zuen deus ere ikusten. Eskutik hartuta eraman zuten Damaskora, 9 eta hiru egun eman zituen han itsu, ezer jan eta edan gabe. 10 Bazen Damaskon Ananias zeritzan ikasle bat. Jaunak ikuskari batean dei egin zion: --Ananias! --Hemen nauzu, Jauna --erantzun zion hark. 11 Jaunak esan zion: --Zoaz berehala Kale Zuzenera, Judasen etxera, eta galdegizu Tarsoko Saulo delakoaz; otoitzean ari da 12 eta ikuskari batean Ananias izeneko gizon bat ikusi du etxean sartzen eta eskuak gainean ezartzen, berriro ikusi ahal izan dezan. 13 Ananiasek erantzun zion: --Jauna, askori entzuna diot gizon horrek zenbat kalte egin dien zure fededunei Jerusalemen. 14 Eta hemen bertan ere badu aginpide, apaiz nagusiak emanik, zuri dei egiten dizuten guztiak atxilotzeko. 15 Jaunak, ordea, esan zion: --Zoaz, neure zerbitzurako hautatua baitut gizon hori, bai jentilei eta haien erregeei, bai israeldarrei, nire izena ezagutaraz diezaien. 16 Neuk agertuko diot zenbat sufritu beharko duen niregatik. 17 Joan zen Ananias eta, etxean sarturik, eskuak ezarri zizkion Saulori, esanez: «Anaia Saulo, Jaunak, bidean zentozela agertu zitzaizun Jesusek, bidali nau, berriro ikus dezazun eta Espiritu Santuaz bete zaitezen». 18 Bat-batean, begietatik ezkata bezalako batzuk erori zitzaizkion eta ikusten hasi zen berriro; berehala, bataiatu egin zen. 19 Gero, jan eta indarrak berritu zitzaizkion.
Sauloren predikua Damaskon
Saulo Damaskoko ikasleekin gelditu zen zenbait egunez;
20 gero, sinagogetan predikatzen hasi zen, Jesus Jainkoaren Semea dela hots eginez. 21 Entzuten zioten guztiak txunditurik gelditzen ziren eta zioten: «Ez al da, bada, hau, Jerusalemen Jesus delako horri dei egiten diotenak halako amorruz pertsegitzen zituena? Eta ez al da etorri hona, hemengoak ere atxilotu eta apaizburuengana eramateko?» 22 Saulo, ordea, gero eta kementsuago agertzen zen, eta nahasturik uzten zituen Damaskoko juduak, argi frogatzen baitzuen Jesus Mesias zela. 23 Handik denboraldi batera, juduek Saulo hiltzea erabaki zuten; 24 baina Saulok haien asmoen berri izan zuen. Eta, bera hiltzeko, juduek hiriko ateak gau eta egun zaindurik zeuzkaten arren, 25 bere ikasleek harresitik behera eraitsi zuten Saulo gauez saski batean.
Saulo Jerusalemen
26 Jerusalemera iritsi zenean, Saulo ikasleekin elkartu nahirik zebilen, baina beldur zioten denek, ez baitzuten sinesten benetako ikasle zenik. 27 Orduan, Bernabek Saulo berekin hartu eta apostoluei aurkeztu zien. Eta kontatu zien nola Damaskora bidean Saulok Jauna ikusi zuen, nola Jauna mintzatu zitzaion, eta nolako ausardiaz hitz egin zuen Damaskon Jesusi buruz. 28 Ordutik, apostoluekin batera ibili ohi zen Saulo Jerusalemen, Jaunari buruz ausardiaz hitz eginez. 29 Greko-hizkuntzako juduekin ere hizketan eta eztabaidan jarduten zuen; baina haiek Saulo hiltzeko asmotan zebiltzan. 30 Senideek, horretaz jabetzean, Zesareara eraman zuten eta handik Tarsora bidali. 31 Bitarte hartan, Eliza bakean bizi zen Judea, Galilea eta Samaria guztian; Jaunarenganako leialtasunean bizi zen, eta finkatuz eta ugalduz zihoan, Espiritu Santuarengandiko adoreari esker.
Pedro kostaldean. Eneasen sendaketa
32 Pedro harat-honat zebilen etengabe. Joan zen Lidako fededunak ikustera ere, 33 eta han Eneas zeritzan gizon bat aurkitu zuen, zortzi urte hartan ohatila batean etzana zegoena elbarri. 34 Pedrok esan zion: «Eneas, Jesu Kristok sendatzen zaitu. Jaiki eta bildu ohea». Bat-batean jaiki egin zen. 35 Lidako eta Saron lautadako guztiek ikusi zuten bera, eta Jaunarengana bihurtu ziren.
Tabitaren piztuera
36 Bazen Jopen emakume fededun bat, Tabita izenekoa (grekoz «Dorkas» --hau da, «Basahuntza»--). On egitera eta behartsuei laguntzera emana bizi zen erabat. 37 Egun haietako batean, gaixotu egin zen eta hil; eta gorpua, garbitu ondoren, goiko gela batean ezarri zuten. 38 Lida Jopetik hurbil dago, eta ikasleek, Pedro han zela jakinik, bi mandatari bidali zizkioten, lehenbailehen beren hirira etortzeko erregutuz. 39 Pedro berehala atera zen haiekin. Iritsi zenean, goiko gelara eraman zuten; emakume alargun guztiak negarrez hurbildu zitzaizkion eta Dorkas zenak egin ohi zizkien jantzi eta soingainekoak erakutsi zizkioten. 40 Pedrok denak irtenarazi zituen eta, belaunikaturik, otoitz egin zuen; gero, gorpuarengana bihurturik, esan zuen: «Tabita, jaiki!» Hark begiak ireki zituen eta, Pedro ikustean, eseri egin zen. 41 Pedrok eskutik hartu eta zutiarazi egin zuen eta, alargunei eta fededunei deiturik, bizirik aurkeztu zien. 42 Jope osoak izan zuen gertatuaren berri, eta askok sinetsi zuten Jaunarengan. 43 Pedro denboralditxo batez gelditu zen Jopen Simon izeneko larrugin baten etxean.
Pedro eta Kornelio

10. atala

[aldatu]

1 Bazen Zesarean Kornelio izeneko gizon bat, «Italika» zeritzan gudu-taldeko ehuntaria. 2 Bere etxeko guztiak bezala, Israelen Jainkoa gurtzen zuen eta jainkozalea zen; limosna asko ematen zizkion judu-herriari eta otoitz egiten zion Jainkoari ohiko orduetan. 3 Egun batean, arratsaldeko hirurak aldera, ikuskari bat izan zuen: argi ikusi zuen, nola Jainkoaren aingeruak zegoen lekura sartu eta bere izenaz deitzen zion. 4 Kornelio begira gelditu zitzaion eta, beldurrak harturik, galdetu zion: --Zer duzu, Jauna? Aingeruak erantzun zion: --Zure otoitz eta limosnak atsegin izan zaizkio Jainkoari eta gogoan ditu. 5 Bidal ezazu, bada, norbait Jopera, Simoni, Pedro ere deituari, etortzeko esatera. 6 Beste Simon baten etxean dago ostatuz; larrugina da Simon hau eta itsasertzean du etxea. 7 Hitz egin zion aingeruak alde egin orduko, bere konfiantzako bi morroiri eta laguntzaile zuen soldadu jainkozale bati deitu 8 eta, guztiaren berri eman ondoren, Jopera bidali zituen. 9 Biharamunean, mandatariok bidez zihoazela eta jadanik hiritik hurbil zirela, Pedro terrazara igo zen eguerdialdera otoitz egitera. 10 Goseturik, zerbait hartu nahi izan zuen. Prestatzen ari zitzaizkion bitartean, goi-ikuskari hau izan zuen: 11 zerua zabalik ikusi zuen eta oihal handi baten antzeko zerbait, lau puntetatik zintzilik, lurreraino jaisten. 12 Mota guztietako lauoineko, narrasti eta hegaztiak zituen barruan. 13 Eta mintzo batek esan zion: --Ea, Pedro! Hil eta jan. 14 Pedrok erantzun zuen: --Inola ere ez, Jauna! Ez dut egundaino ezer lohirik edo kutsaturik jan. 15 Eta mintzoak bigarrenez esan zion: --Jainkoak garbi egin duena, zuk ez esan kutsatua denik. 16 Hiru bider gertatu zen hori, eta ondoren zerura jaso zuten gauza hura. 17 Pedro ikuskari hark zer esan nahi ote zuen asmatu ezinik zegoen. Hartan, Simonen etxeaz galdezka ibili ondoren, atarian agertu ziren Korneliok bidalitako gizonak, 18 eta, dei eginik, Simon, Pedro ere deitua, ostatuz han ote zegoen galdetu zuten. 19 Pedro oraindik bere ikuskariaz gogoetan ari zen. Eta Espirituak esan zion: «Hor dituzu hiru gizonezko zeure bila. 20 Jaitsi berehala eta zoaz beroriekin kezkarik gabe, neuk bidali dizkizut eta». 21 Jaitsi zen Pedro haiengana eta esan zien: --Neu naiz bilatzen duzuena. Zerk ekarri zaituzte hona? 22 Haiek erantzun zioten: --Kornelio ehuntariaren partetik gatoz. Gizon zuzena da eta Israelen Jainkoa gurtzen duena, eta judu guztien artean izen onekoa. Jaunaren aingeruak agindu dio zu bere etxera eramateko eta zure hitzak entzuteko. 23 Orduan, etxean sartu eta ostatu eman zien Pedrok. Biharamunean, beraiekin abiatu zen, Jopeko zenbait senide lagun harturik. 24 Hurrengo egunean Zesareara iritsi ziren. Kornelio zain zegoen, bere ahaideak eta adiskiderik minenak bildurik. 25 Pedro sartzera zihoala, Kornelio bidera atera zitzaion eta oinetara ahozpeztu. 26 Baina Pedrok zutiarazi egin zuen, esanez: «Altxa zaitez, gizaki hutsa naiz ni ere». 27 Ondoren, harekin hizketan etxean sartu zen Pedro; jende asko aurkitu zuen bildurik, 28 eta esan zien: «Dakizuen bezala, judu batek debekatua dauka atzerritarrekin inolako harremanik izatea nahiz haien etxean sartzea. Baina niri Jainkoak erakutsi dit ez dudala inor lohi edo kutsatutzat hartu behar. 29 Horregatik, ez dut eragozpenik izan etortzeko, deitu didazuenean. Esadazue, bada, zergatik ekarri nauzuen». 30 Korneliok erantzun zion: «Duela lau egun, ordu honetantxe, arratsaldeko hiruretan, otoitzean ari nintzen etxean. Bat-batean, gizon bat agertu zitzaidan aurrean, jantzi distiratsuz, 31 eta esan zidan: <Kornelio, entzun du Jainkoak zure otoitza eta gogora ekarri zure limosnak. 32 Bidal ezazu, bada, norbait Jopera, Simoni, Pedro ere deituari, etortzeko esatera. Simon larruginaren etxean dago ostatuz, itsasertzean>. 33 Berehala bidali nizun mandatua, eta zuk etortzeko borondatea izan duzu. Hemen gaituzu, bada, orain guztiok Jainkoaren aurrean; prest gaude Jaunak guri esateko agindu dizun guztia entzuteko».
Pedroren hitzaldia Kornelioren etxean
34 Orduan, honela mintzatu zen Pedro: «Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, 35 baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan. 36 Hark bere mezua bidali die israeldarrei, guztien Jauna den Jesu Kristoren bidez bakearen berriona iragarriz. 37 Badakizue Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena, 38 Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen. 39 Eta gu gara hark juduen lurralde osoan eta Jerusalemen egindako guztien lekuko. Jesus hau egur batetik zintzilik hil zuten; 40 baina Jainkoak piztu egin zuen hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena eman zion, 41 ez herriko guztiei, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baizik, guri alegia, hura hilen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi. 42 Jesusek berak agindu zigun herriari predikatzeko, bera dela Jainkoak bizien eta hilen epaile ezarri duena aitortuz. 43 Profeta guztiek testigantza hau egiten dute hartaz: harengan sinets dezaten guztiek bekatuen barkamena hartuko dutela beraren bitartez».
Espiritua jentilengana jaitsi
44 Oraindik Pedro hizketan ari zela, Espiritu Santua jaitsi zen mezua entzuten ari ziren guztien gainera. 45 Pedrorekin etorritako fededun juduak txunditurik zeuden, Espiritu Santuaren dohaina jentilen gain ere isurtzen zela ikustean. 46 Izan ere, hizketa arrotzez hitz egiten eta Jainkoa handiesten entzuten zieten. Orduan, Pedrok esan zuen: 47 «Nork uka diezaieke hauei bataioko ura, guk bezalaxe hartu baitute Espiritu Santua?» 48 Eta Jesu Kristoren izenean bataia zitzatela agindu zuen. Ondoren, egun batzuetan bertan gelditzeko eskatu zioten Pedrori.
Pedrok Jerusalemgo eliz elkarteari berri eman

11. atala

[aldatu]

1 Jakin zuten apostoluek eta Judeako senideek, jentilek ere Jainkoaren hitza onartu zutela. 2-3 Pedro Jerusalemera itzuli zenean, erdainkuntzaren aldeko fededun juduek erdaingabeen etxean sartu eta beraiekin jan zuela bota zioten aurpegira. 4 Orduan, Pedrok dena zehatz-mehatz kontatu zien: 5 «Jopen otoitzean ari nintzela, goi-ikuskari bat izan nuen: oihal handi baten antzeko zerbait ikusi nuen, lau puntetatik zintzilik, zerutik ni nengoen tokiraino jaisten. 6 Begira-begira jarri nintzaion, eta lauoinekoak, basapiztiak, narrastiak eta hegaztiak ikusi nituen barruan. 7 Orduan, mintzo bat entzun nuen, niri esaten: <Ea, Pedro, hil eta jan>. 8 Eta nik erantzun: <Inola ere ez, Jauna! Ez dut egundaino ezer lohirik edo kutsaturik ahoan sartu>. 9 Zerutiko mintzoak berriro esan zidan: <Jainkoak garbi egin duena, zuk ez esan kutsatua denik>. 10 Hiru bider gertatu zen hori, eta ondoren dena zerura jaso zuten. 11 Eta une horretan hiru gizonezko agertu ziren gu geunden etxera; Zesareatik bidalita zetozen niregana. 12 Kezkarik gabe haiekin joateko agindu zidan Espirituak. Sei senide hauek joan ziren nirekin, eta gizon haren etxean sartu ginen. 13 Hark kontatu zigun nola aingeru bat agertu zitzaion etxean eta esan zion: <Bidal ezazu norbait Jopera, Simoni, Pedro ere deituari, etortzeko esatera. 14 Hark esango dizunaren bidez salbatuko zarete, zu eta zure etxekoak>. 15 Hitz egiten hasi nintzen orduko, Espiritu Santua jaitsi zen haiengana, hasieran guregana jaitsi zen bezala. 16 Orduan, Jaunak esana gogoratu nuen: <Joanek urez bataiatu zuen, baina zuek Espiritu Santuaz izango zarete bataiatuak>. 17 Beraz, Jainkoak guri Jesu Kristo Jaunarengan sinesteagatik eman zigun dohain bera eman badie horiei ere, nor nintzen ni Jainkoari aurka egiteko?» 18 Hau entzutean, baretu egin ziren entzuleak eta Jainkoa goretsi zuten, esanez: «Jentilei ere eman die, beraz, Jainkoak bizira daraman bihozberritzea!»
Palestinatik kanpora (11,19--14,28)
Antiokiako eliz elkartearen sorrera
19 Bitartean, Esteban hil zutenean sortutako erasoaldikoan sakabanatu ziren fededunak Fenizia, Zipre eta Antiokiaraino heldu ziren; juduei baizik ez zieten, ordea, mezua iragartzen. 20 Baina haien arteko batzuk, Zipreko eta Zirenekoak, Antiokiara heldu zirenean, jentilei ere Jesus Jaunaren berriona iragartzen hasi ziren. 21 Eta, Jauna lagun zutenez, askok sinetsi zuten eta Jaunarengana bihurtu ziren. 22 Jerusalemgo eliz elkarteak honen guztiaren berri jakin zuen, eta Bernabe bidali zuten Antiokiara. 23 Hara iritsi eta, Jainkoak bere onginahiaz haien artean egina ikustean, biziki poztu zen Bernabe, eta bihotz-bihotzez Jaunarekiko leial irauteko adore ematen zien. 24 Bernabe gizon ona baitzen, eta Espiritu Santuaz eta fedez betea, jende asko elkartu zitzaion Jaunari. 25 Handik Tarsora joan zen Bernabe, Sauloren bila, 26 eta, aurkitu zuenean, Antiokiara eraman zuen. Urtebete osoa egin zuten eliz elkarte hartan elkarrekin lanean, jende askori irakatsiz. Antiokian eman zitzaien lehendabizikoz ikasleei «kristau» izena. 27 Garai hartan, profezi dohaina zuten senide batzuk jaitsi ziren Jerusalemdik Antiokiara. 28 Haietako batek, Agabo zeritzanak, Espirituak eraginik, mundu guztian gosete handia izango zela adierazi zuen. Hala gertatu zen Klaudio enperadorearen garaian. 29 Ikasleek, orduan, Judeako senideei laguntza bidaltzea erabaki zuten, bakoitzak ahal zuena. 30 Eta hala egin zuten: Bernabe eta Saulorekin bidali zizkieten emaitzak hango arduradunei.
Santiago hila eta Pedro atxilotua

12. atala

[aldatu]

1 Aldi hartan, Herodes erregea eliz elkarteko batzuei gogor erasotzen hasi zen. 2 Santiago, Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen 3 eta, hori juduei atsegin zitzaiela ikusirik, Pedro ere preso hartu zuen. Pazko-astea zen. 4 Atxilotu eta kartzelan sarrarazi zuen, bada, eta launa gudariko lau talderen zainpean jarri, Pazko ondoren herriaren aurrean agerrarazteko asmotan. 5 Pedro kartzelan zaindua zeukaten bitartean, eliz elkartea Jainkoari otoitzean ari zitzaion gartsuki haren alde.
Pedro kartzelatik askatua
6 Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren artean, bi katez loturik, eta guardak atean kartzela zaintzen. 7 Bat-batean, Jaunaren aingerua agertu eta gela guztia argiz bete zen. Aingeruak, saihetsean ukituz, Pedro esnarazi eta esan zion: «Jaiki, bizkor!» Bat-batean, kateak eskuetatik erori zitzaizkion. 8 Gero, aingeruak esan zion: «Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak». Hala egin zuen, eta aingeruak berriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri». 9 Pedro haren ondoren atera zen; ez zekien aingeruaren bitartez gertatzen ari zena egia zen ala ez; ametsa iruditzen zitzaion. 10 Lehenengo eta bigarren zaintaldeen ondotik igarota, kalera zeraman burdinazko ateraino iritsi ziren. Atea berez zabaldu eta kanpora irten ziren. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik utzi zuen Pedro. 11 Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera». 12 Bere egoeraz oharturik, Markos izeneko Joanen ama Mariaren etxera joan zen; lagun asko zegoen han bildua otoitzean. 13 Jo zuen kanpoko atea, eta Arrosa izeneko neskatxa atera zen nor ote zen ikustera; 14 Pedroren ahotsa ezagutzean, pozaren pozez, atea irekitzea ahaztuta, barrura joan zen lasterka, Pedro atean zegoela iragartzera. 15 «Burutik zaude zu!», esan zioten. Baina hark baietz, egia zela. Orduan, esan zuten: «Haren aingerua izango da». 16 Bitartean, Pedrok ate-joka ziharduen. Ireki eta ikusi zutenean, zur eta lur gelditu ziren. 17 Hark isiltzeko keinu egin zien eskuaz, eta Jaunak kartzelatik nola atera zuen kontatu zien. Azkenean esan zien: «Jakinarazi hau Santiagori eta beste senideei». Ondoren, atera eta beste toki batera joan zen. 18 Eguna zabaltzean, ez zen iskanbila makala sortu gudarien artean, non ote zen Pedro. 19 Herodesek bilatzeko agindu zuen, baina ezin izan zuen aurkitu. Orduan, guardak juzgatu eta hilarazi egin zituen. Ondoren, Judeatik Zesareara jaitsi eta bertan gelditu zen Herodes aldi batean.
Herodesen heriotza
20 Herodes oso haserre zegoen garai hartan Tiro eta Sidongoekin. Hauek elkar hartu zuten erregeagana aurkezteko, eta, Blasto, erregearen etxezaina, beren alde jartzea lortu ondoren, bakezko konponbide bat eskatu zioten erregeari; izan ere, Herodesen lurraldetik hartzen zuten bizitzeko behar zutena. 21 Erabakitako egunean, Herodesek, errege-jantzitan eta bere aulkian eseririk, hitzaldia egin zien. 22 Jendea deiadarka hasi zen: «Jainkoa mintzo da, ez gizakia». 23 Baina bat-batean Jaunaren aingeruak jo zuen Herodes, Jainkoaren ohorea beretzat hartu zuelako, eta harrek jana hil zen. 24 Jainkoaren mezua zabalduz eta ugalduz zihoan. 25 Bernabe eta Saulo, berriz, Jerusalemen beren egitekoa bete ondoren, itzuli egin ziren, Joan Markos berekin harturik.
Lehenengo ibilaldia (13,1--15,35)
Bernabe eta Paulo misiolari bidaliak

13. atala

[aldatu]

1 Antiokiako eliz elkartean bazen zenbait profeta eta irakasle, hala nola, Bernabe, Simeon --izengoitiz Beltza--, Luzio Zirenearra, Manaen --umetan Herodes erregearekin batera hazia-- eta Saulo. 2 Behin, barau-egunez, Jaunaren kultu-ospakizun batean zeudela, Espiritu Santuak honela esan zien: «Bereizi niretzat Bernabe eta Saulo, nik dei egin diedan egitekorako». 3 Orduan, barau eta otoitz egin ondoren, haiei eskuak buruan ezarri eta bidali egin zituzten.
Zipren: Sergio Paulo kontsulordea eta Elimas aztia
4 Beraz, Bernabe eta Saulo, Espiritu Santuak bidalirik, Seleuziara jaitsi ziren, eta handik Ziprera jo zuten itsasoz. 5 Salaminara heldurik, juduen sinagogetan Jainkoaren mezua hots egiten hasi ziren; Joan ere berekin zuten laguntzaile. 6 Uharte guztia zeharkatu zuten Pafoseraino, eta lanbidez aztia zen judu-sasiprofeta bat aurkitu zuten han, Barjesus zeritzana. 7 Uhartean gobernatzen zuen Sergio Paulo kontsulordearen ingurukoa zen. Kontsulordea zentzuzko gizona zen, eta Bernabe eta Saulori deitu zien, Jainkoaren mezua entzun nahirik. 8 Baina Elimas, Aztia --horixe esan nahi baitu izenak--, aurka atera zitzaien, kontsulordea sinesmenetik aldentzeko. 9 Orduan, Saulok, Paulo ere deituak, Espiritu Santuak eraginik, aztiari begira-begira, 10 esan zion: «Hi, iruzurti eta gezurrontzi, deabrukume eta zuzenbide ororen etsai hori, ez ote haiz Jaunaren bide zuzenak okertzen aspertuko? 11 Hor duk, bada, gainean Jaunaren zigorra: itsu geldituko haiz eta ez duk aldi batean eguzkiaren argirik ikusiko». Eta bertan, ilunperik beltzenean gelditu zen Elimas, eta itsumustuka zebilen, eskutik nork eramango. 12 Gertatua ikusirik, kontsulordeak sinetsi egin zuen, Jaunari buruzko doktrinaz ere biziki harriturik baitzegoen.
Pisidiako Antiokian: Pauloren hitzaldia
13 Paulo eta beronen lagunak Pafostik itsasoz atera eta Panfiliako Pergera iritsi ziren. Han Joanek alde egin zien, eta Jerusalemera itzuli zen. 14 Besteak, berriz, Pergetik Pisidiako Antiokiaraino joan ziren. Eta larunbatez sinagogan sartu ziren eta eseri. 15 Legearen eta profeten irakurgaiak egin ondoren, sinagogako buruzagiek ohar hau bidali zieten: «Anaiok, herriari adore emateko zerbait esateko baldin baduzue, mintza zaitezte». 16 Jaiki zen Paulo eta, eskuaz isiltzeko keinu eginik, honela mintzatu zen: «Israeldarrok eta Israelen Jainkoa gurtzen duzuen guztiok, entzun. 17 Israel herriaren Jainkoak gure arbasoak aukeratu zituen, Egiptoko atzerrian bizi zirela herri handi bihurtu eta, ondoren, ahalmen handiz atera zituen handik. 18 Berrogeiren bat urtez eramanpenez gidatu zituen basamortuan zehar, 19 eta, Kanaan lurraldean zazpi nazio suntsitu ondoren, berauen lurra eman zien ondare. 20 Horretan guztian laurehun eta berrogeita hamarren bat urte igaro ziren. Ondoren, buruzagiak eman zizkien, Samuel profetaren garaira arte. 21 Orduan, erregea eskatu zuten, eta Jainkoak Saul eman zien, Kixen semea, Benjaminen leinukoa; berrogei urtez izan zen errege. 22 Gero, Saul kendu eta David jarri zuen errege, eta aitorpen hau egin zuen honetaz: <David, Jeseren semea, aurkitu dut neure gogoko gizon; nik nahi guztia egingo du honek>. 23 Hitz emana zuenez, honen ondorengotik sortu zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus alegia. 24 Hau etorri aurretik, bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egin zion Joan Bataiatzaileak Israel herri osoari. 25 Eta bizitzaren azken aldera, honela zioen Joanek: <Ni ez naiz zuek uste duzuena; badator nire atzetik beste bat, eta ni ez naiz inor horri oinetakoak askatzeko ere>. 26 «Senideok, Abrahamen odoleko zaretenok eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen duzuenok, guri bidali zaigu salbamen-mezu hau. 27 Jerusalemdarrek eta beraien agintariek ez zuten Jesus aintzat hartu eta, berau kondenatuz, larunbatero sinagogan irakurtzen dituzten profeziak bete zituzten. 28 Heriotza merezi zuenik ezer aurkitu ez zioten arren, hil zezala eskatu zioten Pilatori. 29 Eta Liburu Santuak hartaz zioen guztia bete zutenean, egurretik eraitsi eta hilobian ezarri zuten. 30 Baina Jainkoak piztu egin zuen hilen artetik. 31 Egun askotan zehar agertu zitzaien Galileatik Jerusalemera berarekin igo zirenei, eta horiek ditu orain bere testigu herriaren aurrean. 32 «Guk ere berrion hau iragartzen dizuegu: gure arbasoei egindako agintzaria 33 guretzat, haien ondorengoontzat, bete duela Jainkoak, Jesus hilen artetik piztuz. Hala dago idatzia bigarren Salmoan:
«Nire semea zara zu, gaur zaitut nik sortu.
34 «Eta heriotzara gehiago ez itzultzeko piztu duela hilen artetik, honela zuen esana Jainkoak: Davidi eginiko agintzari santu eta fidagarriak beteko dizkizuet. 35 «Horregatik, beste toki batean ere honela dio: Zeure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. 36 «Baina David, bere aldian Jainkoak emandako egitekoa zintzoki bete ondoren, hil egin zen eta bere arbasoekin bildu; usteldu egin zen, bada, haren gorputza. 37 Jainkoak piztu duena, aldiz, ez da usteldu. 38 «Jakizue, beraz, senideok, Jesusi esker hots egiten zaizuela bekatuen barkamena; Moisesen legeaz ezin lortu izan duzuen Jainkoarekiko adiskidetasuna, 39 hari esker aurkitzen du sinesten duen orok. 40 Begira ongi, bada, profetak esandako hau gerta ez dakizuen:

41 «Ikusazue, harro sinesgogorrok, harri zaitezte eta desagertu betiko! Egintza harrigarri bat egingo baitut zuen egunotan, inork kontatuko balizue sinetsiko ez zenuketena».
42 Sinagogatik ateratzean, hurrengo larunbatean ere gai beraz hitz egiteko erregutu zien jendeak. 43 Batzarra banatu zenean, judu eta juduberri jainkozale asko Paulo eta Bernaberekin joan ziren; hauek Jainkoaren dohainari atxikirik irauteko adore ematen zieten beren hitzez. 44 Hurrengo larunbatean, ia hiritar guztiak bildu ziren Jaunaren mezua entzutera. 45 Jendetza hura ikusirik, juduak bekaizkeriaz bete ziren, eta irainez egiten zieten kontra Pauloren hitzei. 46 Orduan, Paulok eta Bernabek ausarki esan zuten: «Zuei adierazi behar genizuen lehenengo Jainkoaren mezua! Baina mezua baztertu eta zeuen buruak betiko bizirako gai ikusten ez dituzuenez gero, jentilengana joko dugu. 47 Honela esan baitigu Jaunak:
«Nazioen argitzat ezarri zaitut, salbamena lurraren bazterreraino eraman dezazun».
48 Hori entzunik, biziki poztu ziren jentilak eta Jaunaren mezua goraipatzen zuten. Eta betiko bizirako zirenek sinetsi egin zuten. 49 Jaunaren mezua zabalduz zihoan eskualde hartan guztian. 50 Baina juduek andere handiki jainkozaleak eta hiriko jauntxoak berotu zituzten, eta Paulo eta Bernaberen aurka erasoaldia sortu eta beren lurraldetik kanpora bota zituzten. 51 Paulo eta Bernabe, beren oinetako hautsa protesta gisa haien aurka astindurik, Ikoniora joan ziren. 52 Ikasleak, berriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziren.
Paulo eta Bernabe Ikonion

14. atala

[aldatu]

1 Ikonion ere, Paulo eta Bernabe juduen sinagogan sartu ziren eta, hain ongi hitz egin zutenez, judu eta greziar askok sinetsi zuen. 2 Baina sinetsi ez zuten juduek jentilak zirikatu zituzten eta senideen aurka gogo-gaiztotu. 3 Hala eta guztiz ere, Paulo eta Bernabe luzaroan egon ziren bertan, Jaunari buruz ausarki hitz eginez; eta Jaunak, mirariak eta egintza harrigarriak egiteko dohaina haiei emanez, bere onginahiari buruzko mezua baiesten zuen. 4 Hiriko jendea bi aldetara jarri zen, batzuk juduen alde eta besteak apostoluen alde. 5 Halako batean, ordea, jentilek eta juduek, agintariekin batera, gogorrera jo eta apostoluak harrika hiltzea erabaki zuten; 6 baina Paulo eta Bernabek, horretaz jabeturik, Likaoniako Listra eta Derbe herrixka eta inguruetara ihes egin zuten, 7 eta han ere berriona zabaltzen jardun zuten.
Paulo eta Bernabe Listran
8 Bazen Listran oinak elbarri zituen gizon bat; sekula oinez ibili gabea zen, jaiotzatik baitzegoen elbarri. 9 Paulori entzuten zegoen batean, Paulo begira-begira jarri zitzaion eta, sendatzeko adinako fedea bazuela ikusirik, 10 oihu handiz esan zion: «Jarri tente oinen gainean!» Salto batean zutitu eta ibiltzen hasi zen. 11 Paulok egina ikustean, oihuka hasi zen jendea Likaoniako hizkuntzan: «Jainkoak jaitsi zaizkigu geure artera giza itxuran!» 12 Bernaberi Zeus deitzen zioten eta Paulori Hermes, hau baitzen hitz egiten zuena. 13 Hiriko sarreran zegoen Zeusen tenpluko apaizak zezenak ekarrarazi zituen, lore-sortaz apaindurik, hiriko ateetara, eta jendearekin batean oparitzat hil nahi zituen apostoluen omenez. 14 Ohartu zirenean, Bernabe eta Paulo apostoluak beren soingainekoak urratu eta jendartera oldartu ziren, deiadarka: 15 «Zer ari zarete? Gu ere gizakiak gara zuek bezalaxe, eta berrion hau adierazten dizuegu, hain zuzen: utz ditzazuela idolo hutsalak eta bihur zaiteztela Jainko biziarengana, zeru-lurrak eta itsasoa eta horietan dagoen guztia egin zituenarengana. 16 Joandako gizaldietan Jainkoak herri bakoitzari bere bidetik joaten utzi dio, 17 baina ez bere burua ezagutzera eman gabe, egin dituen mesedeen bidez: euria eta urtaro aberatsak bidali dizkizue zerutik, eta janariz ase eta pozez bete zaituzte». 18 Hitz hauekin, nekez bada ere, kendu zioten jendeari oparia eskaintzeko asmoa. 19 Orduan, Antiokiatik eta Ikoniotik judu batzuk etorri ziren eta, jendea beren iritzira bildurik, Paulori harrika eman zioten, eta hiritik kanpora atera zuten arrastaka, hilda zegoelakoan. 20 Baina, ikasleak ondora bildu zitzaizkionean, Paulo jaiki eta berriro hirian sartu zen. Biharamunean, Derberantz atera zen Bernaberekin.
Siriako Antiokiara itzuli
21 Hiri hartan berriona zabaldu eta ikasle asko egin ondoren, Listrara, Ikoniora eta Antiokiara itzuli ziren. 22 Ikasleen gogoak bizkortzen zituzten bidenabar, fedean sendo irauteko adore emanez. «Larrialdi asko eraman behar dugu --esaten zieten-- Jainkoaren erreinuan sartzeko». 23 Eliz elkarte bakoitzean arduradunak izendatu zituzten eta, otoitz eta barau egin ondoren, Jaunari gomendatu zizkioten, harengan sinetsi baitzuten. 24 Ondoren, Pisidian barrena, Panfiliara iritsi ziren. 25 Eta, Pergen mezua predikatu ondoren, Ataliara jaitsi ziren. 26 Han untzia hartu zuten Antiokiarako, handik izan baitziren bidaliak burutu berria zuten egitekorako, Jainkoaren onginahiari gomendatuak izan ondoren. 27 Antiokiara iritsi zirenean, eliz elkartea bildu zuten eta Jainkoak beraien bidez egindako guztia azaldu zieten, bai eta jentilei federako atea nola ireki zien ere. 28 Paulo eta Bernabe bertan gelditu ziren denboraldi batean ikasleekin.
JERUSALEMGO BILTZARRA (15,1-35)
Biltzarraren zergatia

15. atala

[aldatu]

1 Judeatik Antiokiara jaitsi ziren batzuk hango senideei irakaspen hau ematen hasi ziren: «Moisesengandiko usadioaren arabera erdaintzen ez bazarete, ez zaitezkete salba». 2 Hori zela eta, sesioa sortu zen, eta Paulo eta Bernabek eztabaida gogorra izan zuten haiekin. Orduan, Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalemera igo zitezela erabaki zuten, apostolu eta arduradunengana, auzi hori argitzera. 3 Antiokiako eliz elkarteak biderako beharrezkoak eman zizkien. Fenizia eta Samarian barrena igarotzean, jentilak ere konbertitzen ari zirela jakinarazten zieten senideei, horrela guztiei poz handia emanez. 4 Jerusalemera iritsi zirenean, eliz elkarteak, apostoluek eta arduradunek harrera ona egin zieten, eta Jainkoak beraien bidez egindako guztiaren berri eman zieten. 5 Baina sinestedun egindako fariseuen alderdiko batzuk atera ziren, esanez jentilak ere erdaindu egin behar zirela eta Moisesen legea betetzera behartu.
Biltzarraren jardun-haria
6 Orduan, apostoluak eta arduradunak arazo hau aztertzeko bildu ziren. 7 Eztabaida luzearen ondoren, zutitu zen Pedro eta esan zuen: «Anaiok, dakizuenez, aspaldi aukeratu ninduen Jainkoak zuen artetik, jentilek nire ahotik berrionaren mezua entzun zezaten eta sinetsi. 8 Eta bihotz-barrua ezagutzen duen Jainkoak onartzen dituela azaldu du, haiei ere guri bezala Espiritu Santua emanez. 9 Haien eta gure artean inolako bereizketarik egin gabe, garbi egin ditu haien bihotzak fedearen bidez. 10 Horrela, bada, zergatik tentatzen duzue orain Jainkoa, gure gurasoek eta guk ere ezin eraman izan dugun uztarria ikasle horiei leporatzen saiatuz? 11 Ez horixe! Uste dugu Jesus Jaunaren onginahiari esker salbatzen gaituela Jainkoak, bai gu eta bai jentilak». 12 Biltzar guztia isildu egin zen Paulo eta Bernaberi entzuteko, eta hauek Jainkoak beraien bitartez jentilen artean egindako mirari eta egintza harrigarriak kontatu zituzten. 13 Bukatu zutenean, Santiagok hitza hartu eta esan zuen: «Entzun, anaiok: 14 Simonek azaldu digu nola hasiera-hasieratik Jainkoak jentilen artetik beretzat herri bat aukeratu nahi izan duen. 15 Hau bat dator profeten esanekin, Liburu Santuak dioen bezala:

16 «Ondoren, itzuli egingo naiz eta Daviden etxola eroria berreraikiko dut; horma hondatuak berreraikiko dizkiot, eta zutik jarriko dut berriro; 17 gainerako gizonek Jauna bila dezaten, nireak diren nazio guztiek. Hala diot nik, Jaunak, hori guztia 18 antzinatik jakinarazi duenak.
19 «Beraz, ene iritziz, ez zaie alferreko oztoporik ezarri behar Jainkoarengana bihurtzen diren jentilei. 20 Aski dugu hauxe eskatuz idaztea: ez dezatela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, utz ditzatela legearen kontrako sexu-harremanak eta ez dezatela jan odolustu gabeko abererik, ez eta odolik ere. 21 Izan ere, juduek aspalditik irakurtzen eta azaltzen dute Moisesen legea larunbatero herri guztietako sinagogetan».
Konklusioa eta azken agiria
22 Orduan, apostoluek eta arduradunek, eliz elkarte osoarekin bat, beren arteko batzuk hautatu eta Paulo eta Bernaberekin Antiokiara bidaltzea erabaki zuten. Judas Barsaba eta Silas hautatu zituzten, senideen artean itzal handiko gizonak biak, 23 eta gutun hau eman zieten eramateko: «Anaia apostoluek eta arduradunek, Antiokiako, Siriako eta Ziliziako jentil-herrietako senideoi, agur! 24 «Guretakoren batzuek, guk agindu gabe, beren esanez kezkatu eta nahastu zaituztela jakin dugu. 25 Horregatik, ordezkari batzuk hautatzea erabaki dugu aho batez, eta zuengana bidaltzea Bernabe eta Paulo geure senide maiteekin, 26 beren bizitzak Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan eman dituzten horiekin. 27 Hor bidaltzen dizkizuegu, bada, Judas eta Silas, gauza bera ahoz jakinaraz diezazueten. 28 Hau da Espiritu Santuak eta guk erabaki duguna: zuei zamarik ez ezartzea, behar-beharrezko diren hauek izan ezik: 29 ez dezazuela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ez eta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzazuela legearen kontrako sexu-harremanak. Ongi egingo duzue horrelakoetatik alde egiten baduzue. Ondo izan!»
Biltzarraren ondorioak Antiokian
30 Bidaliak, beraz, Antiokiara jaitsi ziren eta, biltzarra bildurik, gutuna eman zieten. 31 Hau irakurtzean, poz-pozik gelditu ziren hitz adoregarri haiekin. 32 Judas eta Silasek, profeta baitziren, luze eta zabal hitz egin zuten senideekin, hauek adoretuz eta gogo-berotuz. 33 Denboraldi bat egin zuten han, eta bidali zituztenengana itzuli ziren senideen bake-agurrarekin. ( 34 ). 35 Paulo eta Bernabe, berriz, Antiokian gelditu ziren, beste askorekin batera Jaunaren mezuaren berriona irakasten eta azaltzen.
ELIZA GREZIAR MUNDUAN HEDATU (15,36--21,16)
Pauloren bigarren ibilaldia (15,36--18,22)
Paulo eta Bernabe elkarrengandik bereizi
36 Handik aldi batera, Paulok esan zion Bernaberi: «Goazen berriro Jaunaren mezua aldarrikatu genuen hiri haietara, senideak nola dauden ikustera». 37 Bernabek berekin eraman nahi zuen Joan Markos ere. 38 Baina Paulok, Panfilian alde egin eta lanean lagundu ez zien gizona berriro berekin hartzea ez zuen ongi ikusten. 39 Biziki haserretu ziren biak, eta nor bere aldetik joan zen. Bernabek Markos hartu zuen eta Ziprera atera zen itsasoz; 40 Paulok, aldiz, Silas aukeratu zuen, eta, senideek Jaunaren onginahiari gomendatu ziotelarik, atera egin zen. 41 Sirian eta Zilizian barrena joan zen, eliz elkarteak gogo-berotuz.
Timoteo, Paulo eta Silasekin elkartu

16. atala

[aldatu]

1 Paulo Derbera heldu zen eta gero Listrara. Han Timoteo izeneko ikasle bat aurkitu zuen; ama judua zuen eta kristaua; aita, berriz, greziarra. 2 Izen ona zuen Listrako eta Ikonioko senideen artean. 3 Paulok, berekin eraman nahi zuelarik, erdaindu egin zuen inguru haietako juduengatik, denek baitzekiten aita greziarra zuela. 4 Igarotzen ziren hirietan, Jerusalemgo apostoluen eta arduradunen erabakiak ematen zizkieten jakitera, bete zitzaten. 5 Eliz elkarteak fedean sendotuz eta egunetik egunera ugalduz zihoazen.
Pauloren ikuskaria
6 Gero, Paulo eta Silas Frigia eta Galazia eskualdeetan barrena joan ziren, Espiritu Santuak eragotzi egin baitzien Asia probintzian mezua zabaltzea. 7 Misiako mugara iritsi zirenean, Bitiniarantz jo nahi izan zuten, baina Jesusen Espirituak ez zien utzi. 8 Orduan, Misian zehar, Troadera jaitsi ziren. 9 Gauean Paulok ikuskari bat izan zuen: mazedoniar bat azaldu zitzaion, zutik, erreguka: «Zatoz Mazedoniara eta lagun iezaguzu!» 10 Paulok ikuskari hau izan eta berehala, Mazedoniarantz ateratzeko prestatu ginen, ziur baikeunden Jainkoak deitzen zigula haiei berriona ematera.
Filipon. Lidiaren konbertsioa
11 Troaden untzia hartu eta Samotraziara joan ginen zuzenean. Biharamunean Neapolisera iritsi ginen, 12 eta handik Filipora; Filipo Mazedonia eskualdeko hiri nagusietako bat da, erromatar kolonia. Hiri honetan eman genituen egun batzuk. 13 Larunbatean, hiritik kanpora atera eta ibai ondora joan ginen, han juduen otoizleku bat zegoela uste baikenuen. Bertan eseri eta bilduak ziren emakumeei hitz egiten hasi ginen. 14 Bazen entzuleen artean Lidia izeneko emakume bat, izatez Tiatirakoa, purpurazko oihalen saleroslea; Israelen Jainkoa gurtzen zuen. Jaunak barrutik eragin zion, Pauloren hitzak gogoz onar zitzan. 15 Eta, bera eta beraren familia guztia bataiatu zirelarik, erregu hau egin zigun: «Jaunarengan egiaz sinesten dudala irizten badiozue, hartzazue ostatu, arren, nire etxean». Eta bere eskaintza onartzera behartu gintuen.
Paulo Filipon kartzelatua
16 Otoizlekura gindoazen batean, neskatxa bat atera zitzaigun bidera: geroa igartzeko ahalmena ematen zion espiritu batek hartua zen, eta bere igarpenen bidez irabazi ederra ematen zien nagusiei. 17 Neskatxa Pauloren eta gure atzetik zetorren, deiadarka: «Gizon hauek Goi-goiko Jainkoaren zerbitzariak dira, eta salbamen-bidea iragartzen dizuete». 18 Egun askotan egin zuen gauza bera, eta azkenean Paulok, gogaiturik, espirituari aurre egin zion, esanez: «Jesu Kristoren izenean, atera hadi emakume honengandik». Eta atera egin zen bat-batean. 19 Neskatxaren nagusiek, beren irabazpidea bukatzen zitzaiela ikustean, Paulo eta Silasi eskua bota eta hiriko plazara eraman zituzten agintariengana, 20 eta epaileen aurrean salatu, esanez: «Gizon hauek gure herria asaldatzen ari dira: juduak dira, 21 eta guk, erromatarrok, ontzat eman eta jarraitu ezin ditugun ohiturak irakasten dituzte». 22 Jendea haien aurka altxatu zen, eta epaileek jantziak kendu eta zigorkatzeko agindu zuten. 23 Ongi egurtu ondoren, kartzelara bota zituzten, kartzelariari arduraz zaintzeko aginduz. 24 Agindu bezala, kartzelariak barrueneko gelan sartu zituen eta oinak zepoan lotu zizkien. 25 Gauerdi aldera, Paulo eta Silas otoitzean ari ziren, Jainkoari gorespenak kantatzen; beste presoak entzuten zeuden. 26 Bat-batean, hain lurrikara gogorra izan zen, non kartzelaren oinarriei ere dardar eragin baitzien. Eta kolpetik ate guztiak zabaldu ziren eta denen kateak askatu. 27 Esnatu zen kartzelaria eta, espetxeko ateak zabalik ikustean, ezpata atera zuen bere burua hiltzeko, presoek ihes egin zutelakoan. 28 Baina Paulok deiadar egin zion: --Ez egin kalterik zeure buruari, denok hemen gaude eta. 29 Kartzelariak argia eskatu zuen eta, arrapaladan barrura sarturik, Paulo eta Silasen oinetan ahozpeztu zen, beldurrez dardar. 30 Gero, kanpora atera zituen eta galdetu: --Jaunak, zer egin behar dut salbatzeko? 31 Haiek erantzun zioten: --Sinetsi Jesus Jaunarengan, eta zu eta zure etxekoak salbatuko zarete. 32 Eta Jaunaren mezua iragarri zieten hari eta haren etxeko guztiei. 33 Gau-ordu hartan bertan, kartzelariak berekin eraman eta zauriak garbitu zizkien, eta berehala bataiatu zen beretar guztiekin batera. 34 Ondoren, bere etxera igoarazi zituen, jatekoa atera eta famili festa egin zuten, Jainkoarengan sinetsi zutelako. 35 Eguna argitu zuenean, epaileek guardak bidali zituzten, kartzelariari esatera: --Aska itzazu gizon horiek. 36 Kartzelariak Paulori berri eman zion, esanez: --Epaileek zuek askatzeko esan dute. Atera, bada, eta zoazte bakean. 37 Baina Paulok guardei esan zien: --Gu, Erromako hiritar izanik, epaitu gabe denen aurrean zigortu eta kartzelan sartu gaituzte, eta orain ezkutuan nahi gaituztela atera? Ez horixe! Datozela beraiek gu ateratzera! 38 Guardek epaileei jakinarazi zieten erantzuna; haiek, Erromako hiritar zirela entzutean, izutu egin ziren 39 eta barkazio eske joan zitzaizkien; gero, kanpora atera eta hiritik alde egiteko erregutu zieten. 40 Kartzelatik irtetean, Paulo eta Silas Lidiaren etxera joan ziren. Eta senideak ikusi eta adoretu ondoren, alde egin zuten.
Tesalonikan

17. atala

[aldatu]

1 Anfipolis eta Apolonian barrena, Paulo eta Silas Tesalonikara iritsi ziren; han juduek sinagoga zuten. 2 Paulok, ohi zuenez, haiengana joan eta hiru larunbatez jardun zuen beraiekin eztabaidan. Liburu Santuak oinarri harturik, 3 Mesiasek sufritu eta hilen artetik piztu egin behar zuela azaltzen eta frogatzen zien. Eta esaten zien: «Nik hots egiten dizuedan Jesus hauxe da Mesias». 4 Judu batzuek sinetsi egin zuten, eta Paulo eta Silasekin elkartu ziren; Israelen Jainkoa gurtzen zuten jentil askok eta emakume handikietako mordoxka batek ere gauza bera egin zuen. 5 Baina juduek, ikusezinez, alfer-gaizto batzuk bildu zituzten eta, jendartean iskanbilak sorraraziz, herria nahastu zuten. Gero, Jasonen etxera oldartu ziren, Paulo eta Silasen bila, herriko batzarraren aurrera eramateko asmotan. 6 Aurkitu ez zituztelarik, Jason eta beste zenbait senide hiriko agintarien aurrera eraman zituzten arrastaka, eta oihuka zioten: «Mundu guztia nahastu duten horiek bertaraino iritsi zaizkigu, 7 eta Jasonek etxean hartu ditu. Hauek guztiok enperadorearen aginduen aurka ari dira, badela beste errege bat esanez, Jesus alegia». 8 Hitz hauek asaldatu egin zituzten jendea eta agintariak; 9 baina, fidantza kendu ondoren, askatu egin zituzten Jason eta gainerakoak.
Berea hirian
10 Senideek Paulo eta Silas Bereara bidali zituzten berehala, gauez. Iritsi zirenean, juduen sinagogara joan ziren. 11 Bereako juduek, Tesalonikakoak baino jatorragoak izaki eta, gogo biziz hartu zuten mezua; egunero aztertu ohi zituzten Liburu Santuak, gauzak hala ote ziren ikusteko. 12 Haietako askok sinetsi zuten, bai eta jentilen arteko emakume handiki eta gizonezko mordoxka batek ere. 13 Baina Tesalonikako juduak, Paulok Berean ere Jainkoaren hitza iragartzen ziharduela jakitean, hara joan ziren, hango jendea ere asaldatu eta nahastera. 14 Horregatik, senideek itsasaldera aterarazi zuten Paulo berehala; Timoteo eta Silas Berean gelditu ziren. 15 Paulori laguntzera joan zirenek Atenaseraino eraman zuten, eta, itzultzean, Timoteo eta Silasentzat mandatu hau ekarri zuten: ahalik lasterren bil zitezela Paulorekin.
Atenasen: hitzaldia Areopagoan
16 Atenasen Timoteo eta Silasen zain zegoela, Paulori barrua sumintzen zion hiria idoloz betea ikusteak. 17 Beraz, juduei eta Israelen Jainkoa gurtzen zuten jentilei sinagogan hitz egiten zien, eta egunero jardun ohi zuen plaza nagusian, bertan gertatzen zirenekin eztabaidan. 18 Zenbait filosofo epikureo eta estoikok ere jardun ohi zuen harekin eztabaidan. Batzuek zioten: «Zer ote dio berritsu honek?» Beste batzuek, berriz: «Jainko arrotzen predikari dirudi». Izan ere, Jesusen eta piztueraren berri ematen zien Paulok. 19 Hartu zuten, bada, berekin eta, Areopagora eramanik, honela galdetu zioten: «Jakin al daiteke zer den irakasten duzun doktrina berri hori? 20 Guztiz ideia bitxiak dakarzkiguzu belarrietara, eta zer esan nahi duten jakin nahi genuke». 21 (Izan ere, atenastar guztiek eta han bizi ziren kanpotarrek azken berrikeriak entzun eta kontatuz eman ohi zuten beren denbora guztia). 22 Paulo honela mintzatu zen, Areopago erdian zutik: «Atenastarrok, edonola ere, guztiz erlijiozale zaretela ikusten dut. 23 Hortik zehar zuen jainko-oroitarriei begira nenbilela, aldare bat aurkitu dut idazkun honekin: <Jainko ezezagunari>. Horra, bada: zuek ezagutu gabe gurtzen duzuena, horixe iragartzen dizuet nik. 24 Mundua eta munduko guztia egin duen Jainkoa zeru-lurren Jauna da eta ez da giza eskuz egindako tenpluetan bizi; 25 ez dute giza eskuek zerbitzatzen ere, ez baitu ezeren beharrik, bera baita denei bizia eta arnasa eta gainerako guztia ematen dizkiena. 26 «Gizon bakar batengandik sortarazi zituen Jainkoak nazio guztiak, lur zabal osoan bizi zitezen, bakoitzari bere garai eta lur-mugak ezarriz. 27 Eta hau guztia, Jainkoa bila zezaten, ea itsumustuka bederen aurkitzen zuten; izan ere, ez dago gutako bakoitzarengandik urruti, 28 zeren harengan bizi baikara eta harengan mugitzen, eta izan ere harengan baikara; hori bera esan dute olerkari batzuek ere: <Haren jatorrikoak gara>. 29 Beraz, Jainkoaren jatorrikoak bagara, ez genezake pentsa Jainkoa giza trebetasunak eta irudimenak landutako urre, zilar edo harrizko irudien antzeko denik. 30 Baina Jainkoak ez du kontuan hartu nahi izan gizakien iraganaldia, ezjakinean bizi izan zireneko garaia, eta bihozberritzeko agintzen die orain guztiei edonon. 31 Erabakia baitu mundua justiziaz epaituko duen eguna, eta horretarako ezarri duen gizonaren bidez epaituko ere, berau hilen artetik piztuz denei ziur erakutsi dien bezala». 32 «Hilen piztuera» aipatzen zuela entzutean, batzuk barrez hasi zitzaizkion; beste batzuek, berriz, esan zioten: «Beste batean entzungo dizugu horretaz». 33 Paulok, orduan, alde egin zien. 34 Alabaina, batzuk elkartu zitzaizkion eta sinetsi egin zuten; haien artean, Dionisio Areopagokoa, Damaris izeneko emakume bat eta beste zenbait.
Korintoko eliz elkartearen sorrera

18. atala

[aldatu]

1 Honen guztiaren ondoren, Atenas utzi eta Korintora joan zen Paulo. 2 Han Akila zeritzan judua, izatez Pontokoa, eta Priszila haren emaztea aurkitu zituen. Italiatik etorri berriak ziren, Klaudio enperadoreak agindua baitzuen judu guztiek Erromatik alde egin zezatela. Paulo haiekin harremanetan jarri zen 3 eta, ogibide bera zutenez --oihal-etxolagileak ziren--, haiekin gelditu zen bizitzen eta lanean. 4 Larunbatero hitz egiten zuen Paulok sinagogan, eta bai juduak, bai greziarrak, sinesmenera ekartzen saiatzen zen. 5 Silas eta Timoteo Mazedoniatik etorri zirenean, Paulok mezuaren predikuari eman zion erabat, Jesus zela Mesias juduen aurrean aitortuz. 6 Baina juduek kontra egiten baitzioten eta irainka erantzuten, Paulok, jantziak astinduz, esan zien: «Zeuek zarete gerta dakizuekeenaren erantzule bakar; nik ez dut errurik. Aurrerantzean jentilengana joango naiz». 7 Sinagogatik alde egin eta Israelen Jainkoa gurtzen zuen jentil baten etxera joan zen; Tizio Zuzen zeritzan eta sinagoga ondoan zuen etxea. 8 Krispok, sinagogako buruzagiak, eta beronen etxeko guztiek Jaunarengan sinetsi zuten; Paulori entzuten zioten beste korintoar askok ere sinetsi eta bataioa hartu zuten. 9 Gau batez, honela esan zion Jaunak Paulori ikuskari batean: «Ez izan beldurrik, jarraitu hitz egiten isildu gabe. 10 Ni zurekin nago eta ezin izango dizu inork kalterik egin. Nire herri izango den jende asko dut nik hiri honetan». 11 Urte eta erdi egin zuen han Paulok, Jainkoaren mezua irakasten. 12 Galion Akaiako kontsulorde zela, judu guztiak batean Pauloren kontra altxatu ziren; auzitegira eraman 13 eta honela salatu zuten: «Honek Jainkoari gure legearen kontrako kultua ematera bultzatzen du jendea». 14 Paulo hitz egiten hastera zihoala, esan zien Galionek juduei: «Juduok, oker edo delitu handi bat balitz, kasu egingo nizueke behar den bezala. 15 Baina, zuen gorabeherak hitz eta izen batzuei buruzkoak eta zuen lege horri buruzkoak direnez gero, hor konpon zeuek. Nik ez dut arazo horietan epaile izan nahi». 16 Eta auzitegitik kanpora bidali zituen. 17 Orduan, denek Sostenes sinagogako buruzagiari heldu eta jipoi ederra eman zioten auzitegi aurrean bertan. Galionek ez zien jaramonik egin.
Paulo Antiokiara itzuli
18 Oraindik aldi batean Korinton gelditu zen Paulo. Gero, senideak agurtu eta Siriarantz atera zen untziz Priszila eta Akilarekin. Zenkreasen ilea motz-motz egin zuen, egina zuen botoa betetzeko. 19 Efesora iristean, bere lagunak utzi egin zituen eta, sinagogara joanik, juduekin eztabaidan hasi zen. 20 Hauek denbora gehiago beraiekin gelditzeko eskatu zioten arren, hark ezezkoa eman zien; 21 baina agurtzean esan zien: «Berriz ere etorriko natzaizue, Jainkoa lagun». Efesotik untziz atera 22 eta Zesarean lehorreratu zen; handik Jerusalemgo eliz elkartea agurtzera igo zen eta gero Antiokiara jaitsi.
Pauloren hirugarren ibilaldia (18,23--21,16)
23 Antiokian denboraldi bat egin ondoren, berriro atera eta Galazian eta Frigian barrena joan zen, ikasle guztiak gogo-berotuz.
Apolok Efeson berriona hots egin
24 Apolo izeneko judu bat iritsi zen garai hartan Efesora; izatez Alexandriakoa zen, hizlari bikaina eta Liburu Santuetan oso aditua. 25 Jaunaren bideari buruz ongi eskolatua zegoen; gartsuki hitz egiten zuen eta Jesusi zegokiona zehazki irakasten, Joanena beste bataiorik ezagutu ez arren. 26 Apolo, bada, sinagogan ausarki hitz egiten hasi zen. Priszilak eta Akilak entzun ziotenean, berekin hartu zuten eta are xehekiago azaldu zioten Jainkoaren bidea. 27 Akaiara joateko asmoa zuelarik, senideek animatu egin zuten eta hango ikasleei idatzi zieten, harrera ona egin ziezaiotela. Han, Jainkoaren onginahiari esker, guztiz lagungarri gertatu zitzaien fededunei. 28 Izan ere, ongi finkaturiko arrazoien bidez egiten zien aurre juduei denen aurrean, Liburu Santuen bidez Jesus zela Mesias frogatuz.
Paulo Efeson

19. atala

[aldatu]

1 Apolo Korinton zegoela, Paulo Efesora iritsi zen, Asiako Txikiko mendialdean barrena. Han ikasle batzuk aurkitu zituen 2 eta galdetu zien: --Hartu al zenuten Espiritu Santua sinetsi zenutenean? Haiek erantzun zioten: --Espiritu Santua badenik ere ez dugu entzun. 3 Paulok, berriro: --Zein bataio hartu duzue, bada? Haiek erantzun: --Joanen bataioa. 4 Eta Paulok esan zien: --Joanek bihozberritzearen ezaugarri zen bataioa ematen zuen, baina herriari beraren ondoren zetorrenagan, Jesusengan alegia, sinesteko esanez. 5 Hau entzunik, Jesus Jaunaren izenean bataiatu ziren. 6 Paulok eskuak ezarri zizkienean, Espiritu Santua etorri zitzaien gainera, eta hizketa arrotzez mintzatzen eta profeta gisa hitz egiten hasi ziren. 7 Hamabiren bat lagun ziren. 8 Hiru hilabetetan zehar, sinagogara joan zen Paulo eta Jainkoaren erregetzaz ausarki hitz egin zuen, entzuleei sinestarazten saiatuz. 9 Baina batzuek beren burugogorkeriagatik ez baitzuten sinetsi nahi eta batzarraren aurrean kristau-bideaz gaizki-esaka ari baitziren, Paulok haiengandik alde egin eta ikasleekin talde berezia egin zuen. Egunero irakasten zuen Tirano zelako baten eskolan. 10 Bi urte egin zituen horrela, eta Asiako probintziako guztiek, judu nahiz jentil, entzun ahal izan zuten Jaunaren mezua.
Judu exortzistak
11 Mirari handiak egiten zituen Jainkoak Pauloren eskuz: 12 aski zen hark soinean eramandako musuzapi edo beste jantziren bat gaixoei ezartzea, haiengandik gaitzak uxatzeko eta espiritu gaiztoak botatzeko. 13 Harat-honat zebiltzan judu exortzista batzuk ere Jesus Jaunaren izenaz baliatzen hasi ziren, espiritu gaiztoak botatzeko. Honela esaten zieten: «Paulok hots egiten duen Jesusen izenean, irteteko agintzen dizuet!» 14 Apaizburu zen Eskeba izeneko judu baten zazpi seme zebiltzan horretan. 15 Baina espiritu gaiztoak erantzun zien: «Ezagutzen dut Jesus eta badakit Paulo nor den. Baina nor zarete zuek?» 16 Bat-batean, espiritu gaiztodun gizonak gainera oldartu eta menpean hartu zituen denak, eta hain gogor eraso zien, ezen larrugorritan eta zauriturik ihes egin behar izan baitzuten etxe hartatik. 17 Efesoko bizilagun guztiek, judu eta greziar, izan zuten gertakari honen berri. Beldurrak harturik gelditu ziren denak, eta Jesus Jaunaren izena handiesten zuten. 18 Fededun berri askok ordura arteko beren jarduera okerrak agerian aitortu zituzten, 19 eta aztikeriatan ibilitako askok beren liburuak pila batean bildu eta denen aurrean erre zituzten. Egindako kontuen arabera, zilarrezko berrogeita hamar mila txanpon balio zuten liburuok. 20 Horrela, Jaunaren ahalmenari esker, mezua zabalduz eta finkatuz zihoan.
Efesoko matxinada
21 Honen guztiaren ondoren, Jerusalemera joatea erabaki zuen Paulok Mazedonia eta Akaiatik igaroz. Eta han izan ondoren, Erromara ere joan behar zuela pentsatu zuen. 22 Bere laguntzaileetarik bi, Timoteo eta Erasto, Mazedoniara bidali zituen, baina bera Asia probintzian gelditu zen oraindik aldi batean. 23 Bitarte horretan, iskanbila gogorra sortu zen Efeson, kristau-bidea zela eta. 24 Bazen han Demetrio zeritzan zilargin bat. Artemisa jainkosaren tenpluaren iruditxoak landu ohi zituen zilarrez, artisauei irabazi ederra ematen zielarik. 25 Bildu zituen, bada, artisauok eta ogibide bereko beste langileak, eta esan zien: «Adiskideok, badakizue irabazpide honi esker bizi garela hain ongi. 26 Eta ikusi eta entzungo zenuten, Paulo horrek, Efeson ez ezik, ia Asia probintzia osoan ere jendea franko pentsaeraz aldarazi duela, guk eskuz egiten ditugunak ez direla jainko sinestaraziz. 27 Gure lanbidearen izen ona galtzeko arriskuan gaude; areago, Artemisa gure jainkosa handiaren tenplua ere ezerezkotzat har dezaten arriskuan eta Asia probintzia osoak eta mundu guztiak gurtzen duen jainkosaren ospe handia erabat galtzeko arriskuan». 28 Hitz hauek entzun orduko, guztiak amorru bizian oihuka hasi ziren: «Gora Efesoko Artemisa!» 29 Hiri osora zabaldu zen nahasmendua, eta jende guztiak antzokirantz jo zuen zalapartan, Gaio eta Aristarko mazedoniarrak, Pauloren bidelagunak, berekin arrastaka eramanez. 30 Paulok biltzarrera sartu nahi zuen, baina ikasleek ez zioten utzi. 31 Adiskide zituen probintziako buruzagi batzuek ere abisua bidali zioten antzokira ez agertzeko. 32 Bitartean, biltzarra nahasmendu hutsa zen: batak hau eta besteak hura oihukatzen zuen, gehienek jakin ere ez baitzekiten zertarako bilduak ziren. 33 Jendartetik Alexandro zelako bat atera zuten aurrera, juduek bultzaturik; honek, eskuaz isiltzeko keinu eginik, batzarrari argitasunak eman nahi zizkion. 34 Baina judua zela jabetu bezain laster, denak aho batez oihuka hasi ziren: «Gora Efesoko Artemisa!» Eta ia bi ordu egin zituzten halaxe oihuka. 35 Hiriko idazkariak, jendea baretu ahal izan zuenean, honela hitz egin zuen: «Efesoarrok, ba ote da inor ez dakienik, Efeso hiria Artemisa jainkosa handiaren tenpluaren zaintzailea eta zerutik eroritako beraren irudiaren zaintzailea dela? 36 Hori ukaezina da; zaudete, beraz, lasai, itsu-itsuan jokatu gabe. 37 Hona ekarri dituzuen gizon hauek ez dira gure jainkosaren kontrako sakrilego, ez biraolari. 38 Eta Demetriok eta bere artisauek inoren kontra ezer badute, hor dituzte herriko auzitegiak eta kontsulordetzak. Ager bitzate han elkarren aurkako salakuntzak. 39 Eta beste gorabeherarik baldin baduzue, legezko batzar batean erabakiko da. 40 Izan ere, gaurko honengatik matxinadaz sala gaitzakete, ez baitezakegu arrazoirik eman, iskanbila hau zuritzeko». Hau esanik, bukatutzat eman zuen batzarra.
Paulo Mazedonia eta Greziara

20. atala

[aldatu]

1 Istilua amaitu zenean, Paulok ikasleak bildu eta adore eman zien; ondoren, agur egin eta Mazedoniara joateko atera zen. 2 Igarotzen zituen lurraldeetan senideak hizketaldi askoren bidez adoretzen zituen. Greziara iritsi 3 eta hiru hilabete eman zituen bertan. Ondoren, Siriara untzia hartzeko zegoela, juduak zelatan zeuzkala jakin eta Mazedoniatik barrena itzultzea erabaki zuen. 4 Honako hauek zituen lagun: Sopater, Pirroren semea, Bereakoa; Aristarko eta Segundo, tesalonikarrak; Gaio, derbetarra, eta Timoteo; eta Tikiko eta Trofimo, Asiako probintziakoak. 5 Hauek aurrea hartu ziguten, eta Troaden egon zitzaizkigun zain. 6 Gu, berriz, Pazko Jaien ondoren atera ginen itsasoz Filipotik, eta bost egunen buruan bildu ginen haiekin Troaden, eta aste bete egin genuen bertan.
Troadera, agur egitera
7 Igandean ogia zatitzera bildu ginen. Paulo ikasleei hitz egiten hasi zitzaien eta, biharamunean joan behar baitzuen, gauerdirarte jardun zuen hizketan. 8 Bazen kriseilurik asko gu bildurik geunden goiko gela hartan. 9 Leiho-ertzean eseria zegoen Eutiko izeneko mutil gazte bat; Paulok hitzaldia amaitzen ez zuenez, logaletu egin zen mutila; azkenean, loak harturik, hirugarren solairutik behera erori zen, eta hilda jaso zuten. 10 Jaitsi zen berehala Paulo eta, harengana makurturik, besoan hartu eta esan zuen: «Ez ikaratu! Bizirik dago!» 11 Berriro igorik, ogia zatitu eta jan egin zuen. Ondoren, egunsentirarte luzatu zuen hitzaldia; gero, joan egin zen. 12 Mutila, berriz, bizirik eraman zuten, eta lasaitu ederra hartu zuten guztiek.
Troadetik Miletora
13 Gu untzia hartu eta Asorantz atera ginen, han Paulo hartzekotan, honek oinez joatea erabaki baitzuen. 14 Ason elkartu zitzaigunean, untzian hartu genuen geurekin eta Mitilenera joan ginen. 15 Handik, biharamunean, Kio pareraino iritsi ginen itsasoz; hurrengo egunean Samosera heldu ginen, eta hurrengoan Miletora. 16 Efeson ez gelditzea erabakia zuen Paulok, Asia probintzian luzatzeko beldurrez; presaka zen, izan ere, Mendekoste-egunerako Jerusalemen egon nahi baitzuen, ahal izanez gero.
Efesoko arduradunei hitzaldia
17 Miletotik mandatua bidali zuen Paulok Efesora, eliz elkarteko arduradunei dei eginez. 18 Etorri zirenean, esan zien: «Badakizue nola jokatu dudan beti zuekin, Asia probintziara iritsi nintzen lehen egunetik. 19 Apaltasun osoz zerbitzatu dut Jauna eta hainbat negar egin juduen azpikeriek sortu dizkidaten probaldiak direla eta. 20 Ez dizuet zuen onerako izan zitekeen ezer ukatu; jendaurrean eta etxez etxe predikatu eta irakatsi dizuet, 21 judu nahiz greziarrei, arren Jainkoarengana bihurtzeko eta Jesus gure Jaunarengan sinesteko eskatuz. 22 «Eta orain Jerusalemera noa Espirituak beharturik, han zer gertatuko zaidan jakin gabe; 23 dakidana hauxe da: hiriz hiri, Espiritu Santuak garbi esaten didala kateak eta nekeak ditudala zain. 24 Baina biziak ez dit axola, neure ibilaldia eta Jesus Jaunak eman didan egitekoa ongi burutuz gero, hau da, berrionaren lekuko, Jainkoak digun onginahiaren lekuko, izatea. 25 «Eta orain badakit, zuen artean Jainkoaren erregetza hots egiten jardun duen hau ez duela zuetako inork berriro ikusiko. 26 Horregatik, argi eta garbi diotsuet gaur ez dudala neure gain hartzen inori gerta dakiokeenaren erantzukizunik. 27 Zeren ez baitiot inoiz uko egin Jainkoaren asmoa oso-osorik zuei adierazteari. 28 Zain itzazue zeuen buruak eta artalde osoa, honen zaindari jarri baitzaituzte Espiritu Santuak; larra ezazue Jainkoaren Eliza, hark bere Semearen odolaz eskuratu zuena. 29 «Badakit, ni joatean, artaldeari barkatuko ez dioten otso amorratuak sartuko direla zuen artera. 30 Zuen artetik ere aterako dira batzuk irakaspen okerrak zabalduz, ikasleak beren atzetik eramateko. 31 Zaudete erne, bada, eta eduki gogoan, hiru urtez gau eta egun aspergabe jardun dudala zuetako bakoitzari negar-malkoz aholkuak ematen. 32 Eta orain Jainkoaren eskuetan eta haren onginahizko mezuaren babesean uzten zaituztet; hark badu ahalmena eliz elkartea eraikitzeko eta sagaratu guztiei bere ondarea emateko. 33 «Ez dut inoren zilar-urrerik edota jantzirik irrikatu izan. 34 Ongi dakizue esku hauek irabazi dutela niretzat eta neurekin nituenentzat beharrezko guztia. 35 Orotan erakutsi izan dizuet, horrela behar dela lanean saiatu gauza ez direnei laguntzeko, Jesus Jaunaren hitz haiek gogoratuz: <Zorion gehiago du emateak hartzeak baino>». 36 Hitzaldia bukaturik, belauniko jarri eta otoitz egin zuen beste guztiekin batera. 37 Denek negarrari eman zioten eta Paulori besarkadaka eta musuka hasi zitzaizkion. 38 Nahigaberik handiena gehiago ez zutela ikusiko esateak ematen zien. Ondoren, untziraino lagundu zioten.
Paulo Jerusalemera

21. atala

[aldatu]

1 Haiengandik aldendurik, untzia hartu eta Koseraino joan ginen zuzenean; biharamunean, berriz, Rodasera, eta handik Patarara. 2 Hemen Feniziara zihoan untzi bat aurkitu genuelarik, bertara igo eta abiatu egin ginen. 3 Zipre begiztatu eta ezkerretara utzirik, Siriarantz jarraitu genuen eta Tirora iritsi, han hustu behar baitzuen untziak bere karga. 4 Hango ikasleen bila joan ginen eta aste betez beraiekin gelditu; Jerusalemera ez igotzeko esan zioten haiek Paulori Espirituaren eraginez. 5 Baina, astea igaro ondoren, geure bidaiari jarraitu genion. Hiritik kanporaino lagundu ziguten haiek denek, beren emazte eta haurrekin. Hondartzan otoitz egin genuen belauniko; 6 gero, elkarri agur egin ondoren, untzira igo ginen, eta haiek etxera itzuli. 7 Gu Tirotik Ptolemaidara joan ginen, hala geure itsasbidea bukatuz. Han senideak agurtu genituen eta egun osoa eman genuen beraiekin. 8 Biharamunean atera eta Zesareara heldu ginen. Han, apostoluen zazpi laguntzaileetako bat zen Felipe misiolariaren etxera joan ginen, eta bertan gelditu. 9 Hark profezi dohaina zuten lau alaba ezkongabe zituen. 10 Han zenbait egun generamala, Agabo izeneko profeta bat iritsi zen Judeatik. 11 Gu ikustera etorri zen eta, Pauloren gerrikoa harturik, harekin bere esku-oinak lotu eta esan zuen: «Hona zer dioen Espiritu Santuak: Honelaxe lotuko dute juduek Jerusalemen gerriko honen jabea, eta jentilen eskuetara emango dute». 12 Hori entzutean, Jerusalemera ez igotzeko erregutzen genion Paulori, bai guk eta bai bertakoek. 13 Baina Paulok erantzun zigun: «Zer dela eta ari zarete negarrez? Bihozgabetu egin nahi al nauzue? Prest nago, lotua izateko ez ezik, Jerusalemen hiltzeko ere, Jesus Jaunarengatik». 14 Ezin baikenion hura burutik kendu, bere hartan utzi genuen, esanez: «Egin bedi Jaunaren nahia». 15 Handik egun batzuetara, biderakoak prestatu eta Jerusalemerako bidean gora ekin genion. 16 Zesareako ikasle batzuk ere etorri ziren gurekin eta lehen garaietako ikaslea zen Nason zipretarraren etxera lagundu ziguten, hark eman behar baitzigun ostatu.
JERUSALEMDIK ERROMARA (21,17--28,31)
Paulo Jerusalemen atxilotua eta auzitara eramana (21,17--23,35)
Paulok eta Santiagok elkarrekin topo
17 Jerusalemera iritsi ginenean, senideek oso harrera ona egin ziguten. 18 Biharamunean, Santiagoren etxera joan ginen Paulo eta gainerakook; han zeuden bilduak arduradun guztiak ere. 19 Paulok, haiei agurra egin ondoren, Jainkoak beraren bitartez jentilen artean egindako guztia xeheki kontatu zien. 20 Haiek, entzutean, Jainkoa goretsi zuten; gero, Paulori esan zioten: «Anaia, ikusten duzu zenbat milaka judu egin diren fededun, baina denak legezale sutsuak dira. 21 Eta zera jakin dute zutaz: jentilen artean bizi diren juduei Moisesengandik aldentzeko irakasten diezula, semerik ez erdaintzeko eta usadiorik ez gordetzeko esanez. 22 Zer egin, bada? Nolanahi ere, jakingo dute hemen zarela. 23 Horregatik, egizu gure esana: baditugu hemen boto bat bete behar duten lau gizon. 24 Har itzazu zeurekin, egin garbikuntza beraiekin batera eta ordaindu zeuk haiek botoa betetzeko behar dutena; horrela, ilea moztu ahal izango dute, eta jende guztiak ikusiko du ez dela egia zutaz esan zitzaiena, baizik eta zintzoki betetzen duzula legea zuk ere. 25 Fededun egin diren jentilei dagokienez, berriz, geure erabakiak idatziz eman genizkien: ez dezatela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ez eta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzatela legearen kontrako sexu-harremanak». 26 Hartu zituen, bada, Paulok gizon haiek berekin eta, hurrengo egunean, beraiekin batera garbikuntza eginik, tenplura joan zen, garbikuntza-egunak noiz bukatzen ziren eta haietako bakoitzarengatik opariak noiz eskainiko ziren jakinaraztera.
Paulo tenpluan atxilotu
27 Zazpi egunak betetzeko zeudela, Asiako probintziako juduek, Paulo tenpluan ikusirik, jende guztia asaldatu zuten eta Paulori eskua erantsi, 28 oihuka esanez: «Lagundu, israeldarrok! Hauxe da bazter guztietan gure herriaren, legearen eta tenplu honen kontra denei irakasten ari zaien gizona. Horrez gainera, greziar batzuk sartu ditu tenpluan, toki santu hau kutsatuz». 29 Izan ere, Efesoko Trofimo Paulorekin ikusia zuten aurretik hirian eta Paulok tenpluan sartu zuela uste zuten. 30 Hiri osoa asaldatu zen, eta jendea pilaka bildu. Paulori heldurik, tenplutik arrastaka atera zuten, eta berehala ateak itxi zituzten. 31 Haiek Paulo hil beharrean zerabilten bitartean, Jerusalem osoa nahaspilatua zegoela salatu zioten gudalburuari. 32 Hau, berehala soldadu eta ehuntariak bildurik, lasterka joan zen; gudalburua eta soldaduak ikustean, juduek utzi egin zioten Paulo jotzeari. 33 Gudalburuak, hurbildurik, preso hartu zuen Paulo eta bi katez lotzeko agindu. Gero, nor zen eta zer egin zuen galdetu zuen; 34 baina jendeak nork berea zioen oihuka. Eta iskanbila hartan ezin baitzuen gudalburuak ezer garbirik atera, kuartelera eramateko agindu zuen. 35 Harmailetara iritsi zirenean, soldaduek airean eraman behar izan zuten Paulo jendearen erasoagatik, 36 herri guztia baitzetorren atzetik, «Hil hori!» oihuka.
Paulo bere buruaren alde
37 Kuartelera sartzera zihoazela, Paulok esan zion gudalburuari: --Mesedez, bi hitz esan nahi nizkizuke. Gudalburuak erantzun zion: --Grekoz ere ba al dakizu? 38 Beraz, ez zara zu oraindik orain matxinatu eta lau mila gerrillerorekin basamortura jo zuen egiptoarra. 39 Paulok erantzun zuen: --Ni? Ni judua naiz, Ziliziako Tarsokoa, nahiko entzuna den hiri batekoa. Uztazu, otoi, herriari hitz egiten. 40 Baimena eman zion, eta Paulok, harmailetan zutik, herriari isiltzeko keinu egin zion eskuaz. Denak isil-isilik gelditu ziren, eta Paulo honela mintzatu zitzaien hebreeraz:

22. atala

[aldatu]

1 «Ene senide eta gurasook, entzun ezazue neure buruaren alde esatera noakizuena». 2 Hebreeraz hitz egiten entzutean, are isilago gelditu zen jendea. Paulok jarraitu zuen: 3 «Ni judua naiz, Ziliziako Tarson jaioa, baina hiri honetan hezia eta, Gamalielen ikasle izanik, gure arbasoen legean arretaz eskolatua; jainkozale sutsua nintzen, gaur zuek guztiok zareten bezala. 4 Hil beharrez eraso izan diot kristau-bide honi, gizon eta emakumeak atxilotu eta kartzelan sartuz. 5 Apaiz nagusiak eta herriko zahar guztiek aitor dezakete hau; izan ere, beraiek eman zizkidaten Damaskoko senideentzat gutunak eta hara jo nuen, aurkitzen nituenak Jerusalemera preso ekartzeko, zigor zitzaten.
Paulok bere konbertsioa kontatu
6 «Banindoan, beraz, eta, Damaskora hurbildua nintzela, eguerdialdera, bat-batean zerutiko argi bizi batek distiraz inguratu ninduen. 7 Lurrera erori nintzen, eta mintzo hau entzun nuen: <Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?> 8 <Nor zaitut, Jauna?> galdetu nuen nik. Eta erantzun zidan: <Jesus Nazaretarra naiz, zuk pertsegitzen duzuna>. 9 Nire lagunek argia, bai, ikusi zuten, baina ez zuten entzun mintzo zitzaidanaren ahotsik. 10 Nik galdetu nuen: <Zer egin behar dut, Jauna?> Eta Jaunak erantzun: <Jaiki, zoaz Damaskora, eta han esango dizute Jainkoak zuretzat ezarria daukan egiteko guztia>. 11 Eta, argi haren distiraz itsu bainengoen, lagunek eskutik hartuta eraman ninduten Damaskora. 12 «Bazen han Ananias izeneko gizon bat; jainkozalea zen legearen arabera eta bertako judu guztien artean izen onekoa. 13 Bila etorri zitzaidan eta, hurbildurik, esan zidan: <Anaia Saulo, ikus ezazu berriro>. Eta, bat-batean, ikusi egin nuen bera. 14 Hark esan zidan: <Gure arbasoen Jainkoak hautatu zaitu, beraren nahia ezagutu, Zintzoa ikusi eta beronen ahotsa zuzen-zuzenean entzun dezazun. 15 Ikusi eta entzun duzunaren lekuko izango baitzaitu hark gizon-emakume guztien aurrean. 16 Zertan luzatu, beraz? Bataia zaitez eta garbitu zeure bekatuetatik, Jaunari dei eginez>.
Paulo jentilengana misiolari
17 «Jerusalemera itzuli nintzen eta, tenpluan otoitzean ari nintzela, goi-ikuskari bat izan nuen. 18 Jauna ikusi nuen eta esan zidan: <Atera zaitez Jerusalemdik ahal duzun lasterren, ez baitute onartuko nitaz egingo duzun testigantza>. 19 Nik erantzun nion: <Jauna, baina denek dakite ni sinagogaz sinagoga zuregan sinesten zutenak kartzelatzen eta zigortzen ibili nintzela. 20 Eta Esteban zure lekukoa hil zutenean ere, hantxe nintzen ni, hura guztia ontzat ematen eta hiltzaileen jantziak gordetzen>. 21 Baina Jaunak esan zidan: <Zoaz, urrutira bidaltzen baitzaitut, jentil-herrietara> ».
Paulo eta erromatar gudalburua
22 Hau esan arte adi-adi egon zitzaizkion juduak, baina une hartan oihuka hasi ziren: «Garbitu hori lur gainetik! Ez du bizitzerik merezi!» 23 Haiek oihuka, jantziak astinduz eta hautsa airera botaz jarraitzen zutenez, 24 gudalburuak Paulo kuartelera sartu zuen. Eta zigorkatzeko agindu zuen, jendea haren kontra oihuka zergatik ari zen aitorrarazteko. 25 Zigorkatzeko lotzen zuten bitartean, Paulok esan zion bertan zegoen ehuntariari: --Ba al duzue eskubiderik Erromako hiritar bat epaitu gabe zigorkatzeko? 26 Hitz hauek entzutean, ehuntariak gudalburuari jakinarazi zion, esanez: --Begira ongi zer egiten duzun! Gizon hori Erromako hiritarra duzu. 27 Joan zitzaion gudalburua Paulori eta galdetu zion: --Erromako hiritarra al zara benetan? --Bai --erantzun zion Paulok. 28 Gudalburuak, berriro: --Nik ederki ordainduz erosi nuen hiritargo hori. --Ba, nik jaiotzaz daukat --erantzun zion Paulok. 29 Mintzarazi behar ziotenek berehala alde egin zuten; gudalburua, berriz, beldurturik zegoen, Erromako hiritar bat katez lotua zuela konturatzean.
Paulo judu-biltzarraren aurrean
30 Biharamunean, gudalburuak, juduek Paulo zergatik salatzen zuten garbi jakin nahirik, hura askatzeko agindu zuen eta apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa bilarazi zituen; ondoren, Paulo ekarri eta aurrean jarri zien.

23. atala

[aldatu]

1 Paulo honela mintzatu zen, biltzarrari begira: «Anaiok, nik kontzientziarik garbienaz jokatu izan dut Jainkoaren aurrean gaur arte». 2 Honetan, Paulori ezpainetako bat emateko agindu zien Ananias apaiz nagusiak bere laguntzaileei. 3 Orduan, Paulok esan zion: «Jainkoak joko zaitu, horma zuritu hori! Ni legearen arabera epaitzeko zaude hor eseria; nola hausten duzu legea ni jotzeko aginduz?» 4 Han zeudenek esan zioten Paulori: --Jainkoaren apaiz nagusia iraintzen duzu! 5 Paulok, orduan: --Anaiok, ez nekien apaiz nagusia zenik. Bai, Liburu Santuak dio: Ez madarikatu zeure herriko buruzagia. 6 Bai baitzekien batzuk fariseuak zirela eta besteak saduzearrak, honela esan zuen Paulok ozenki biltzarraren erdian: «Anaiok, ni fariseua naiz, fariseuen semea, eta hildakoen piztuera espero dudalako naukate auzitan». 7 Hori esan zuenean, sesioa sortu zen fariseuen eta saduzearren artean, eta biltzarra bitan zatitu zen. 8 (Izan ere, saduzearrek ez dute onartzen ez piztuerarik, ez aingerurik, ez espiriturik; fariseuek, aldiz, bai). 9 Izugarrizko iskanbila sortu zen. Fariseuen alderdiko lege-maisu batzuek altxatu eta gogor esan zuten: «Ez dugu honengan errurik aurkitzen. Eta espiritu edo aingeruren batek hitz egin badio, zer?» 10 Sesioa gogortzen ari zen, eta gudalburuak, Paulo txikituko zuten beldurrez, gudu-taldeari jaisteko agindu zion, handik atera eta kuartelera eraman zezaten. 11 Hurrengo gauean, Jauna agertu zitzaion Paulori eta esan zion: «Izan bihotz! Jerusalemen nire testigu izan zaren bezala, halaxe behar duzu izan Erroman ere».
Pauloren aurka zelata
12 Eguna zabaltzean, zenbait juduk elkar hartu zuten eta zin egin ez zutela ez jango eta ez edango Paulori bizia kendu arte. 13 Berrogeitik gora ziren horrela hitzartuak. 14 Apaizburu eta zaharrengana joan ziren, bada, eta esan zieten: «Zin eginez hitz eman dugu ez dugula deus hartuko, Paulo hiltzen ez dugun bitartean. 15 Orain, bada, zuek, biltzarrarekin elkar harturik, eskaiozue gudalburuari Paulo bihar zuengana ekartzeko, haren arazoa xehekiago aztertu nahi izango bazenute bezala. Eta gu gertu egongo gara, hura bidean garbitzeko». 16 Baina Pauloren ilobak, arrebaren semeak, azpikeria horren berri jakin zuen eta kuartelera joan zen, Paulori jakinaraztera. 17 Paulok ehuntari bati deitu eta esan zion: --Eramazu gazte hau gudalburuagana; badu zerbait hari esateko. 18 Eraman zuen, bada, ehuntariak gudalburuagana eta esan zion: --Paulo presoak deitu dit eta gazte hau zuregana ekartzeko eskatu; zerbait omen du zuri esateko. 19 Gudalburuak eskutik hartu zuen eta, aparte eramanik, galdetu zion: --Zer duzu esateko? 20 Mutilak erantzun zion: --Juduak elkar harturik daude, bihar Paulo Biltzar Nagusira eraman dezazula zuri eskatzeko, haren arazoa xehekiago aztertzeko aitzakiaz. 21 Baina zuk ez sinetsi, berrogeitik gora gizonek zelata jarriko baitiote; zin egina dute ez dutela jango, ez edango Paulo garbitu arte. Prest daude dagoeneko, zuk beraien eskabideari erantzun zain. 22 Gudalburuak bidali egin zuen mutila, esanez: --Ez esan inori honen berri eman didazunik.
Paulo Zesareara eramana
23 Gudalburuak, orduan, bi ehuntariri deitu eta agindu hauek eman zizkien: «Eduki itzazue prest gaueko bederatzietarako berrehun soldadu oinezko, hirurogeita hamar zaldizko eta berrehun lantzari, Zesareara joateko. 24 Gerta itzazue zaldiak ere, Felix gobernariagana Paulo bizirik eta onik eramateko». 25 Eta gutun bat idatzi zuen, honela zioena: 26 «Klaudio Lisiasek Felix gobernari agurgarri horri, agur! 27 «Bidaltzen dizudan gizon hau juduek atxilotu zuten. Eta, hiltzera zihoazela, soldaduekin joan eta atera egin nuen haien eskuetatik, Erromako hiritarra zela jakinik. 28 Zergatik salatzen zuten aztertu nahirik, juduen Biltzar Nagusira eraman nuen. 29 Eta ikusi dut, beren legeko zenbait gorabeheragatik salatzen dutela, baina ez duela heriotza edo kartzela merezi duen errurik. 30 Eta honen kontra zelata bat prestatua dutela jakin dudanez, zuri bidaltzen dizut lehenbailehen, aldi berean salatzaileei adierazten diedalarik zure aurrean agertu behar dituztela beren salakuntzak». 31 Agindu bezala, soldaduek Paulo hartu eta Antipatrisera eraman zuten gauez. 32 Biharamunean, zaldizkoei Paulorekin joaten utzirik, beraiek kuartelera itzuli ziren. 33 Zesareara iritsi zirenean, zaldizkoek gobernariari gutuna eman eta Paulo aurkeztu zioten. 34 Gobernariak gutuna irakurri eta Paulo zein probintziatakoa zen galdetu zuen. Ziliziakoa zela jakinik, 35 esan zion: «Zure salatzaileak datozenean entzungo dizut». Eta Herodesen jauregian giltzapean gorde zezatela agindu zuen.
Paulo Zesarean auzitara eramana (24,1--26,32)
Pauloren aurka salakuntza

24. atala

[aldatu]

1 Handik bost egunera, Ananias apaiz nagusia Zesareara jaitsi zen, zahar batzuekin eta Tertulo zeritzan abokatu batekin. Eta Pauloren aurkako salakuntza azaldu zioten gobernariari. 2-3 Deitu zioten Paulori, eta Tertulok honela hasi zuen salakuntza: «Felix agurgarria, zuri esker eta zuk zeure arduraz nazio honen onerako egin dituzun hobekuntzei esker, bakerik ederrenean bizi gara. Eta esker onez beterik gaude guztiarengatik beti eta nonahi. 4 Ez zintuzket gehiegi nekatu nahi, baina entzun gaitzazu, otoi, unetxo batean, ohi duzun bihotz onez. 5 Gizon hau guztiz galgarria dela ikusi dugu; mundu guztiko juduen artean sesioak pizten ari da, eta berau da nazaretarren sektako buru; 6 tenplua bera ere kutsatu nahi izan du, eta horregatik atxilotu dugu. ( 6 b- 7 ). 8 Egiozu galdeketa eta zeuk ikusiko duzu egiazkoak direla leporatzen dizkiogun erru horiek». 9 Juduek salakuntza hau ontzat eman zuten, dena hala zela esanez.
Paulo bere buruaren alde Felixen aurrean
10 Orduan, gobernariak hitz egiteko baimena emanik, honela erantzun zuen Paulok: «Hainbat urtetan gure herriaren epaile zarela jakiteak ematen dit konfiantza neure buruaren defentsa egiteko. 11 Zeuk egiazta dezakezunez, hamabi egun besterik ez da Jerusalemera igo nintzela kultuan parte hartzera. 12 Eta ez nau inork tenpluan inorekin eztabaidan ikusi, ez eta sinagogetan edo kalean jendea nahasten ere. 13 Ezin dizute leporatzen dizkidaten gauzen frogarik aurkeztu. 14 Hau, bai, aitortzen dizut: horiek sektatzat daukaten Bide horren arabera zerbitzatzen dut geure arbasoen Jainkoa; baina nik Moisesen legean eta profeten liburuetan idatzirik dagoen guztia onartzen dut, 15 eta Jainkoarengan badut itxaropena --horiek bezalaxe-- hildako guztiak, on eta gaizto, piztuko direla. 16 Horregatik ahalegintzen naiz ni ere, neure kontzientzia Jainkoaren eta gizonen aurrean beti garbi gordetzen. 17 «Urte askoren buruan, Jerusalemera etorria nintzen neure herritarrentzat limosnak ekartzera eta Jainkoari opariak eskaintzera. 18 Garbikuntza egin ondoren, opari horiek eskaintzen ari nintzen tenpluan aurkitu nindutenean, ez jendartean eta iskanbilan. 19 Baina Asiako probintziako judu batzuk... Berauek agertu behar lukete zuregana, ni salatzera, nire kontra ezer badute. 20 Eta bestela, esan dezatela hemen dauden hauek zer oker aurkitu zidaten Biltzar Nagusiaren aurrean agertu nintzenean. 21 Izatekotan ere, berauen aurrean honako hitz hauek goraki esatea: <Hildakoen piztuera espero dudalako nago auzipean gaur zuen aurrean> ». 22 Felixek, oso ongi baitzekien kristau-bidearen berri, gerorako utzi zuen auzia, esanez: «Lisias gudalburua datorrenean erabakiko dut zuen arazoa». 23 Paulo zainpean edukitzeko agindu zion ehuntariari, baina lasai samar utziz, berari laguntzera joatea adiskideei debekatu gabe.
Paulo kartzelan
24 Handik egun batzuetara, judua zen bere emazte Drusilarekin joan zen Felix eta, Paulori deiturik, Jesu Kristoganako sinesmenari buruz entzuten egon zitzaion. 25 Baina Paulok zuzentasuna, nor bere buruaren nagusi izatea eta geroko epaia aipatu zizkionean, Felix larritu egin zen eta esan zion: «Bazoazke, oraingoz. Deituko dizut hurrengo egokiera dudanean». 26 Paulok dirua emango zion itxaropena ere bazuen Felixek, eta horregatik sarritan deitzen zion, berarekin hitz egiteko. 27 Bi urte geroago, Portzio Festo jarri zen gobernari Felixen ordez, eta Felixek Paulo kartzelan utzi zuen, juduei atsegin gertatzearren.
Paulok enperadoreagana jo

25. atala

[aldatu]

1 Festo, bere probintziako kargua hartzera etorri eta handik hiru egunera, Zesareatik Jerusalemera igo zen. 2 Berehala aurkeztu zitzaizkion apaizburuak eta judu handikiak, Paulo salatzera. 3 Mesede bat eskatu zioten arrenka: Paulo Jerusalemera ekar zezala, bidean zelata jartzea pentsatua baitzuten hura garbitzeko. 4 Baina Festok erantzun zien Paulok Zesarean egon behar zuela preso eta bera ere laster zihoala hara. 5 «Beraz --esan zien--, zuen artean aginterik dutenak betoz nirekin Zesareara eta, gizon honek errurik badu, sala bezate». 6 Festok ez zuen Jerusalemen zortzi/hamarren bat egun besterik egin, eta gero Zesareara jaitsi zen. Hurrengo egunean, auzi-mahaian eseri eta Paulo ekartzeko agindu zuen. 7 Paulo azaldu zenean, Jerusalemdik jaitsitako juduek erdian hartu zuten, frogatu ezineko salaketa asko eta handiak eginez. 8 Paulok honela zioen bere buruaren alde: --Ez naiz errudun, ez juduen legearen kontra, ez tenpluaren kontra, ez eta enperadorearen kontra ere. 9 Festok, juduei atsegin ematearren, galdetu zion Paulori: --Nahi al duzu Jerusalemera joan, zure arazoa han epai dezadan? 10 Paulok erantzun zion: --Enperadorearen auzi-mahai aurrean nago; hementxe behar dut izan epaitua. Nik ez diet juduei batere kalterik egin, zeuk ere ongi dakizun bezala. 11 Benetan errudun baldin banaiz eta heriotza merezi duen zerbait egin badut, ez diot heriotzari uko egingo. Baina nire kontra egiten dituzten salakuntzek funtsik ez badute, ez du inork eskubiderik ni horien eskuetara emateko. Enperadoreagana jotzen dut! 12 Festok, kontseilukoekin hitz egin ondoren, erantzun zion: --Enperadoreagana jo duzu, enperadoreagana joango zara.
Paulo, Agripa eta Berenizeren aurrean
13 Handik zenbait egunen buruan, Agripa erregea eta Berenize iritsi ziren Zesareara, Festo agurtzera. 14 Eta egun asko egin baitzituzten han, Festok Pauloren arazoaren berri eman zion erregeari, esanez: «Badut hemen Felixek preso utzi zuen gizon bat. 15 Jerusalemera joan nintzenean, juduen apaizburu eta zaharrak beraren aurka auzia jartzera etorri zitzaizkidan, kondenatzeko eskatuz. 16 Nik erantzun nien, erromatarren artean ez dela ohitura inor errudun jotzea, lehenbizi bere salatzaileekin aurrez aurre hizketatu gabe, eta leporatzen zaionari buruz defendatzeko aukera eman gabe. 17 Beraz, nirekin Zesareara etorri ziren haiek, eta, hurrengo egunean, batere luzapenik gabe, auzi-mahaian eseri nintzen eta gizon hori ekartzeko agindu nuen. 18 Baina salatzaileek, aurkeztu zirenean, ez zioten nik uste nuen okerrik batere leporatu. 19 Beren erlijioari buruzko gorabeherak baino ez zituzten, eta hila den eta Paulok bizi dela dioen Jesus izeneko bati buruzkoak bereziki. 20 Nik ez bainekien auzi hura nondik nora eraman, Jerusalemera joan nahi al zuen galdetu nion, han epai zezaten. 21 Baina Paulok gora jo zuen, auzia enperadore jaunak erabaki zezala eskatuz; beraz, kartzelan zain zezatela agindu nuen, enperadoreagana bidali arte». 22 Agripak esan zion Festori: --Neuk ere gustura entzungo nioke gizon horri. --Bihar entzungo diozu --erantzun zion Festok. 23 Biharamunean, beraz, Agripa eta Berenize etorri ziren ospe handiz, eta entzutegian sartu ziren, gudalburuak eta hiriko handikiak berekin zituztela. Paulo ekartzeko agindu 24 eta honela mintzatu zen Festo: «Agripa errege eta gurekin zaudeten gainerako jaunok, hona hemen gizona. Judu guztiak, bai Jerusalemen eta bai hemen, bizia zor duela oihukatuz etorri zaizkit. 25 Garbi ikusi dut, hala ere, ez duela heriotza merezi duenik ezer egin; baina enperadore jaunarengana jo duenez gero, harengana bidaltzea erabaki dut. 26 Ez dut, ordea, enperadore jaunari honetaz idazteko ezer garbirik. Horregatik ekarri dut zuen aurrera eta, batez ere, zure aurrera, Agripa erregea, hemengo galdeketaren ondoren zer idatzirik izan dezadan. 27 Izan ere, zentzugabe iruditzen zait preso bat bidaltzea, leporatzen zaizkion erruak azaldu gabe».
Paulok bere buruaren alde Agriparen aurrean

26. atala

[aldatu]

1 Orduan, Agripak esan zion Paulori: «Hitz egin dezakezu zeure buruaren alde». Paulok eskuaz keinu egin eta honela hasi zuen bere defentsa: 2 «Zorionekoa ni, Agripa erregea, juduek leporatzen dizkidaten erru guztiez gaur neure burua zure aurrean zuritzeko aukera dudalako; 3 eta, areago, zu juduen ohitura eta eztabaidak ongi ezagutzen dituzuna izanik. Entzuidazu, beraz, otoi, eramanpenez. 4 «Nire bizitza judu guztiek ezaguna dute, neure herritarren artean, Jerusalemen, bizi izan bainintzen gazte-gaztetandik. 5 Aspaldidanik ezagutzen naute eta aitor dezakete, nahi badute, fariseu bezala bizi izan naizela, gure erlijioko alderdirik zorrotzenaren arabera, alegia. 6 Eta orain auzipean baldin banaukate, Jainkoak gure arbasoei egin zien agintzarian itxaropena dudalako da, 7 gure hamabi leinuek, Jainkoa gau eta egun etengabe zerbitzatuz, beteko dela espero duten agintzari horretan itxaropena dudalako. Itxaropen horregatik salatzen naute juduek, errege jauna. 8 Zer, bada? Jainkoak hildakoak piztea sinestezina iruditzen al zaizue? 9 «Egia da: nik ere Nazareteko Jesusi borroka egin behar niola uste izan nuen, horretarako bide guztiak erabiliz. 10 Eta hala egin nuen Jerusalemen: apaizburuengandik harturiko baimenaz, fededun asko sartu nuen kartzelan, eta ontzat eman ohi nuen haien hilketa. 11 Etengabe sinagogaz sinagoga ibiliz, gogor zigortzen nituen, beren fedea ukarazteko. Eta, amorruaren amorruz, atzerriko hirietan ere pertsegitu ohi nituen.
Paulok bere konbertsioa kontatu
12 «Hala, banindoan behin Damaskora, apaizburuen baimenez eta mandatuz. 13 Eta bidean, errege jauna, eguerdialdera, eguzkia baino distiratsuagoa zen zerutiko argi bat ikusi nuen, eta bere distiraz inguratu gintuen ni eta neure bidelagunak. 14 Denok lurrera erori ginen, eta mintzo bat entzun nuen niri hebreeraz esaten: <Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu? Zeuretzat okerrago eztenari ostikoka egiten badiozu!> 15 <Nor zaitut, Jauna?> galdetu nion nik. Eta Jaunak erantzun: <Jesus naiz, zuk pertsegitzen duzuna. 16 Baina altxa zaitez eta jarri tente! Honetarako agertu natzaizu: orain ikusi duzunaren eta aurrera agertuko dizudanaren zerbitzari eta lekuko bihurtzeko. 17 Nik askatuko zaitut zeure herriaren eskutik eta jentilen eskutik, hauen artera bidaliko baitzaitut, 18 begiak ireki diezazkiezun eta ilunpetatik argitara eta Satanasen menpetik Jainkoarengana bihur daitezen; horrela, niregan sinetsiz, bekatuen barkamena izan eta sagaratuei dagokien ondarea eskura dezaten>.
Paulok judu eta jentilei egindako testigantza
19 «Nik, Agripa erregea, ez nion zeruko ikuskariari ezentzun egin. 20 Aitzitik, Damaskokoei lehenbizi, Jerusalem eta Judea osokoei gero, eta jentilei ondoren, bihozberri daitezela hots egin diet eta Jainkoarengana itzul daitezela, bihozberritzeari dagokion eran biziz. 21 Honengatik atzeman ninduten juduek tenpluan, eta hil egin nahi izan ninduten. 22 Baina Jainkoaren laguntzari esker, handi eta txikien aurrean testigantza egiten jarraitu dut gaurdaino; nik ez dut profetek eta Moisesek aurrez iragarria besterik esaten, hau da, 23 Mesiasek sufritu egin beharko zuela; baina, hilen artetik aurrena piztuz, salbamenaren argia ekarriko ziela bere herriari eta jentilei».
Paulok Agripari sinesmenera dei
24 Paulo bere buruaren defentsan honela ari zela, Festok goraki esan zuen: --Burutik hago hi, Paulo! Gehiegi ikasteak burua nahastu dik. 25 Paulok erantzun zuen: --Ez nago burutik, Festo agurgarria; nire hitzak egiazkoak eta zentzuzkoak dituzu. 26 Erregeak badaki honen guztiaren berri, eta horregatik mintzo natzaio konfiantza osoz; ziur nago guztiotarik deus ere ez dela harentzat ezezagun, ez baitira zoko batean gertatuak. 27 Sinesten al diezu profetei, Agripa erregea? Ziur nago sinesten diezula. 28 Agripak esan zion Paulori: --Beste pixka bat, eta kristau bihurtuko nauzu. 29 Eta Paulok hari: --Pixka bat nahiz puska bat, Jainkoak nahi izan dezala, zu ez ezik, gaur niri entzuten didaten guztiak ere, ni naizena izatea... kate hauek aparte! 30 Une hartan, erregea altxatu egin zen, bai eta gobernaria, Berenize eta haiekin zeudenak ere. 31 Ateratzean, honela ziotsaten elkarren artean: --Gizon honek ez du ez heriotza, ez kartzela merezi duenik ezer egin. 32 Agripak Festori esan zion: --Gizon hau aska zitekeen, enperadoreagana jo izan ez balu.
Paulo preso Erromara (27,1--28,31)
Paulo Erromarako untzian

27. atala

[aldatu]

1 Italiarantz untziz atera behar genuela erabaki zutenean, Paulo eta beste zenbait preso, Augusto gudu-taldeko ehuntari baten esku utzi zituzten; Julio zuen ehuntariak izena. 2 Asiako probintziako itsasbazterretara zihoan Adramitioko untzi batera igo eta zabalera jo genuen. Gurekin zen Aristarko mazedoniarra, Tesalonikakoa. 3 Biharamunean, Sidonen geldialdia egin genuen; Juliok Paulo gizabidez hartu zuen eta bere adiskideengana joateko eta haiengandik laguntza hartzeko baimena eman zion. 4 Handik berriro itsasoraturik, Zipreko itsas hegiaren babesean ibili ginen, haizea kontra baikenuen. 5 Eta Zilizia eta Panfiliako itsasoetan barrena, Liziako Mira hirira iritsi ginen. 6 Han, Italiara zihoan Alexandriako untzi bat aurkitu zuen ehuntariak, eta denok bertara aldatu gintuen. 7 Zenbait egunez geldi-geldi ibili ondoren, nekez iritsi ginen Knido hirira: haizea kontra genuenez, Kretaren babesera joan ginen, Salmon lurmuturraren ondotik igaroz. 8 Eta itsas hegiz hegi doi-doi iritsi Portu Eder izeneko toki batera, Lasea hiritik hurbil. 9 Denbora asko galdua genuen, eta arrisku handia zuen ordutik aurrera bideak, negua gainean baitzen. Paulok ohar hau egin zien: 10 «Adiskideok, ikusten nago itsas ibilaldi honek kalte eta galera handiak ekarriko dituela, ez karga eta untziarentzat bakarrik, bai eta guretzat ere». 11 Baina ehuntariak fede gehiago zuen lemazain eta patroiarengan Pauloren esanetan baino. 12 Portu hura, bestalde, ez zen negua igarotzeko egokia, eta itsasora jotzearen aldeko izan ziren gehienak; Fenikeraino iritsi nahi zuten, hego-mendebalde eta ipar-mendebaldera begira dagoen Kretako portu horretan negua emateko asmoz.
Ekaitza
13 Bazen hegohaize apur bat, eta beren asmoa bete zezaketela uste zuten denek; jaso zituzten, beraz, aingurak, eta Kretako bazterrari atxikirik joan ziren. 14 Baina handik berehala, euroakiloi deitzen zuten haize-erauntsi batek eraso zion lehorraldetik untziari; 15 haizeak zeraman untzia, eta, haizeari ezin eutsi geniolarik, noragabe joaten utzi genuen untzia. 16 Kauda izeneko uharte koskor baten babesean igarotzean, ozta-ozta egin ginen salba-txaluparen jabe. 17 Hura untzira jaso ondoren, untzia kablez estutu zuten gogortzeko, eta, Sirteko hondar-metaren batean hondoa jotzeko beldurrez, aingura flotagarria bota eta noragabe jarraitu zuten. 18 Biharamunean, oraindik ekaitzak gogor jotzen baitzuen, untzia arintzen hasi ziren. 19 Hirugarren egunean, untziko tresneria itsasora jaurtiki zuten marinelek. 20 Egun asko baitzen ez eguzkirik, ez izarrik ez zela ageri, eta ekaitz zakarrak bere hartan jarraitzen baitzuen, galdurik genituen onik ateratzeko itxaropen guztiak. 21 Denbora asko generaman ezer jan gabe. Paulok erdian zutik jarri eta esan zuen: «Adiskideok, hobe nire esana egin bazenute eta Kretatik atera ez bagina: hartara ez genituzkeen kalte eta galera hauek izango. 22 Dena dela, ez galdu adorea, arren, zuetako inor ez baita galduko; untzia galduko da bakarrik. 23 Bart gauean, nire jabea den eta nik zerbitzatzen dudan Jainkoaren aingerua agertu zait, 24 eta hau esan dit: <Ez beldurtu, Paulo! Enperadorearen aurrean agertu behar duzu, eta untzian zurekin doazen guztiak ere bizirik aterako direla agintzen dizu Jainkoak>. 25 Izan bihotz, bada, adiskideok! Badut uste on Jainkoarengan, eta ziur naiz esan zaidan bezala gertatuko dela. 26 Uharteren batean jo behar dugu». 27 Hamalaugarren eguna zen Adriatikon noragabe gindoazela. Hartan, gauerdi aldera, lehorra hurbil sumatu zuten marinelek. 28 Bota zuten berun-soka neurtzeko, eta hogei besaldi eman zituen; bota zuten berriro aurreraxeago, eta hamabost eman zituen. 29 Orduan, harkaitzen batean jotzeko beldurrez, lau aingura bota zituzten txopatik, eta eguna argitzeko irrikatzen zeuden. 30 Marinelak, untzitik ihes egin nahirik, txalupa uretara eraisten ari ziren, aingurak brankatik botatzeko aitzakiaz. 31 Paulok honela esan zien ehuntari eta soldaduei: «Horiek untzian gelditzen ez badira, zuek ez zarete bizirik aterako». 32 Orduan, soldaduek sokak ebaki eta txalupa erortzen utzi zuten. 33 Eguna zabaldu bitartean, zerbait jan zezatela eskatu zien Paulok denei, esanez: «Hamalau egun dira gaur, baraurik eta kezkaz zaudetela, ezer hartu gabe. 34 Jan, bada, mesedez, beharrezkoa baituzue salbatzeko. Ez duzue inork buruko ile bat ere galduko». 35 Hau esan ondoren, hartu zuen ogi bat eta, denen aurrean Jainkoari esker onezko otoitza eginik, zatitu zuen eta jaten hasi zen. 36 Orduan, beste guztiek ere animatu eta jan egin zuten. 37 Berrehun eta hirurogeita hamasei lagun ginen guztira untzian. 38 Ase eta gero, untzia arindu zuten, garia itsasora jaurtikiz.
Untzia hondatu
39 Eguna argitu zuenean, ez zuten lurralde hura ezagutu; baina, itsasadar bat bere hondartzarekin begiztaturik, ahal bazen untzia bertan sartzea erabaki zuten. 40 Askatu zituzten, beraz, bi aldeetako aingurak eta uretan erortzen utzi; era berean, lemako lokarriak lasaitu zituzten eta, brankako oihala haizeari emanik, hondartzarantz abiatu ziren. 41 Baina hondar-meta batean hondoa jo zuten; branka hondarretan sartua gelditu zen, mugiezinik; txopa, berriz, zartatuz zihoan olatuen kolpez. 42 Orduan, presoak hiltzea pentsatu zuten soldaduek, inork ere igerian ihes egin ez zezan. 43 Baina ehuntariak, Paulo bizirik atera nahirik, ez zien utzi beren asmoa betetzen. Igerian zekitenek salta zezatela lehenbizi uretara eta atera zitezela lehorrera agindu zuen; 44 gainerakoak, berriz, joan zitezela oholen gainean edo untzi-pusken gainean. Hala, denok bizirik eta onik heldu ginen lehorrera.
Paulo Malta uhartean

28. atala

[aldatu]

1 Arriskutik irten ondoren, jakin genuen uharte hura Malta deitzen zela. 2 Bertako jendeak ohi ez bezalako gizalegez hartu gintuen. Euria eta hotza baitzen, su handia piztu eta guztioi ondora deitu ziguten. 3 Paulok ere bildu zuen besakada bat abar ihar, eta, sutara botatzean, sugegorri bat eskuan itsatsi zitzaion, berotik ihesi. 4 Bertakoek, haren eskutik piztia zintzilik ikustean, elkarri ziotsoten: «Segur aski, hiltzaileren bat da hori; itsasotik ihes egin du, baina Justizia jainkosak ez dio bizitzen uzten». 5 Baina Paulok, sugea astinduz, sutara bota zuen eta ez zitzaion batere okerrik gertatu. 6 Haiek uste zuten, Paulo berehala handitu eta hilda eroriko zela; egon ziren puska batean zain eta, ezer txarrik ez zitzaiola gertatzen ikusirik, iritziz aldatu eta jainkoa zela esaten hasi ziren. 7 Toki hartatik hurbil, etxalde bat zuen uharteko buruak, Publio zeritzanak. Honek bere etxean ostatu eman zigun hiru egunetan arreta guztiaz. 8 Hain zuzen, Publioren aita ohean zegoen gaixo, sukarraz eta beherakoaz. Joan zitzaion Paulo ikustera eta, otoitz egin eta eskuak ezarririk, sendatu egin zuen. 9 Hori zela eta, uharteko beste gaixoak ere Paulorengana etortzen ziren, eta honek sendatu egiten zituen. 10 Gurekiko begiramenez eta arretaz beteak agertu ziren, eta, berriro itsasora atera ginenean, behar genuen guztia eman ziguten.
Maltatik Erromara
11 Hiru hilabeteren buruan atera ginen, negua uhartean egina zuen Alexandriako untzi batean; Kastor eta Polux zeramatzan ikurtzat. 12 Sirakusara iritsirik, hiru egun egin genituen bertan. 13 Handik, itsas hegiz hegi Regiora heldu ginen. Biharamunean hegohaizeak jo zuen eta bi egunetan Potzuolira iritsi ginen. 14 Han senideak aurkitu genituen eta, haien erreguei men eginik, aste bete egin genuen beraiekin. Ondoren, Erromara heldu ginen. 15 Hango senideak, bai baitzuten gure berri, bidera atera zitzaizkigun Foro Apio eta Hiru Bentara. Haiek ikustean, Jainkoari eskerrak eman zizkion Paulok, eta gogoa bizkortu zitzaion. 16 Erroman sartu ginenean, Paulori bere etxean bizitzeko baimena eman zioten, soldadu bat zaintzaile zuela.
Paulok Erroman mezua hots egin
17 Handik hiru egunera, Paulok judu buruzagiei dei egin zien eta, bildu zirenean, honela mintzatu zitzaien: --Senideok, ni, herriaren aurka edo geure arbasoen usadioen aurka deus ere egin gabe, preso egin eta erromatarren eskuetara eman ninduten Jerusalemen. 18 Haiek, galdeketa egin ondoren, askatu egin nahi izan ninduten, ez baitzidaten heriotza merezi zuenik ezer aurkitu. 19 Baina juduak hain gogor kontra zeudenez, enperadoreagana jo behar izan nuen, baina neure herria salatzeko batere asmorik gabe. 20 Horra zergatik nahi izan dudan zuek ikusi eta zuekin mintzatu; izan ere, Israelen itxaropenagatik naukate lotua kate hauek. 21 Haiek erantzun zioten: --Guk ez dugu Judeatik zuri buruzko eskutitzik jaso, eta ez zaigu seniderik etorri ere, zutaz berri txarrak emanez edo gaizki hitz eginez. 22 Baina atsegin genuke zure ideien berri zeure ahotik entzutea, zure sekta horretaz ez baitakigu besterik, bazter guztietan kontra egiten zaiola baizik. 23 Izendatu zioten, beraz, egun bat, eta asko joan zitzaizkion bera zegoen etxera. Paulo Jainkoaren erregetzaren azalpena eta testigantza egiten jardun zitzaien goizetik arratsaldera eta, Moisesen legea eta profetak oinarri hartuz, Jesusen mezua sinestarazten ahalegindu zen. 24 Batzuek onartzen zuten Paulok esana; beste batzuek, ordea, sinesgogor jarraitzen zuten. 25 Ez zetozen beren artean bat eta, alde egitera zihoazela, Paulok azkenik esan zien: «Ederki asko esan zien Espiritu Santuak zuen arbasoei Isaias profetaren bidez:

26 «Zoaz eta esaiozu herri honi: Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez. 27 Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate beren begiez ikus, ez belarriez entzun, ez eta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.
28 «Jakizue, bada, jentilei bidali zaiela Jainkoaren salbamena; horiek bai, entzungo dute». ( 29 ). 30 Paulo bi urte bizi izan zen han bere kontura, eta ikustera zetozkion guztiak hartzen zituen etxean. 31 Jainkoaren erregetza hots egiten zien eta Jesu Kristo Jaunari dagokiona irakasten ausarki, batere eragozpenik gabe. \z