Biblia/Daniel

Wikitekatik
Biblia
Daniel
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala[aldatu]

1 Judako errege Joiakimen erregealdiko hirugarren urtean, Babiloniako errege Nabukodonosorrek setiatu egin zuen Jerusalem. 2 Jaunak honen eskuetara eman zituen Joiakim Judako erregea eta Jaunaren etxeko ontzi asko, eta Nabukodonosorrek Babiloniara eraman zituen, bere jainkoen jauretxeko altxortegian gordetzeko.

3 Gero, errege edo handikien familietako israeldar gazte batzuk aukeratzeko agindu zion jauregiko funtzionarioburu zen Axpenazi. 4 Akatsik gabeak izan behar zuten, itxura ederrekoak, jakinduriaz, adimenez eta zuhurtasunez beteak, erregearen jauregian zerbitzatzeko modukoak. Babiloniarren hizkera eta idazkera irakatsiko zizkieten. 5 Gainera, bere janari eta edari beretik emateko agindu zuen erregeak. Hiru urtez horrela hezi ondoren, erregearen zerbitzari izango ziren.

6 Aukeratuen artean, Judaren leinuko lau gazteok zeuden: Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias. 7 Jauregiko funtzionarioburuak izen berriak eman zizkien: Danieli Beltxatzar izena eman zion, Hananiasi Xadrak, Mixaeli Mexak eta Azariasi Abed-Nego. 8 Baina Danielek, bere burua erregearen jan-edariz ez kutsatzea erabakia zuenez, janari kutsatu haietara ez behartzeko eskatu zion jauregiko funtzionarioburuari. 9 Jainkoaren eraginez, funtzionarioburuaren onginahia bereganatu zuen Danielek; 10 hala ere, hau erantzun zion hark: «Erregeak berak erabaki du zuek zer jan behar duzuen; horregatik naiz beldur, zeren eta, beste gazteei baino itxura txarragoa ikusiko balizue, nire bizia jarriko baitzenukete arriskuan».

11 Funtzionarioburuak Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias zaintzaile baten ardurapean jarriak zituen, eta Danielek proposamen hau egin zion zaintzaileari: 12 «Egizu aproba gurekin hamar egunez: ez eman jaten eta edaten barazkiak eta ura besterik. 13 Epe horren ondoren konparatu gure itxura eta erregearen janaritik jaten duten gazteena, eta jokatu orduan gurekin ikusitakoaren arabera».

14 Morroiak onartu zuen proposamena, eta hamar eguneko aproba egin zuen haiekin. 15 Hamar egunen buruan, erregearen janaritik jan zuten beste gazteak baino ederrago eta mardulago aurkitu zituen. 16 Ordudanik, aginduriko janaria eta edaria baztertuz, barazkiak bakarrik ematen zizkien. 17 Jainkoak lau gazte haiei idazki eta jakintza oro ulertzeko adimena eta buru argia eman zizkien. Bazuen Danielek ametsak eta ikuskarien esanahia argitzeko gaitasuna ere.

18 Aukeraturiko gazteak prestatzeko erregeak ezarri zuen epea betetzean, funtzionarioburuak Nabukodonosorri aurkeztu zizkion. 19 Haiekin hitz egiten jardun zuen erregeak, eta Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias adinakorik ez zuen aurkitu. Harrezkero, beraz, bere zerbitzurako hartu zituen. 20 Jakinduria eta buru argia eskatzen zuten arazoetan erregeak iritzia eskatzen zienean, haien erantzunak erreinuko azti eta igarle guztienak baino hamar aldiz hobeak iruditzen zitzaizkion. 21 Daniel han gelditu zen Ziro erregearen lehenengo urtera arte.

Nabukodonosorren lehen ametsa


2. atala[aldatu]

1 Gau batez, bere erregealdiko bigarren urtean, amets egin zuen Nabukodonosorrek. Erabat urduri utzi zuen ametsak, eta ezin izan zuen loak hartu. 2 Orduan, azti, igarle eta astrologoei dei egin zien, ametsaren esanahia azal ziezaioten. 3 Erregeagana aurkeztu zirenean, honek esan zien:


-Amets egin dut, eta oso urduri nago esanahia jakin nahiz.

4 Erantzun zioten aztiek erregeari:


-Bizi zaitez luzaroan, errege jauna! Kontaguzu ametsa zeure zerbitzarioi eta azalduko dizugu esanahia.

5 Erregeak esan zien:


-Erabaki hau hartu dut: ametsa eta beronen esanahia argitzen eta azaltzen ez badizkidazue, txiki-txiki egingo zaituztet eta zuen etxeak zabortegi bihurtuko. 6 Argitzen eta azaltzen badizkidazue, ordea, emaitzez, erregaloz eta ohorez beteko zaituztet. Azaldu, beraz, ametsa eta beronen esanahia.

7 Aztiek berriro ere erregeari:


-Errege jauna, kontaguzu zer amets egin duzun eta azalduko dizugu esanahia.

8 Baina erregeak:


-Badakit luzatu nahirik zabiltzatela, nire erabakien berri badakizuelako. 9 Ametsa argitzen ez badidazue, zori bera izango duzue guztiok. Bat etorri zarete niri hitz zuri eta gezurrezkoak esateko, egoera aldatu zain. Esadazue berehala zein izan den ametsa. Horrela jakingo dut ametsaren esanahia ere azaltzeko gai zareten ala ez.

10 Aztiek erantzun zioten:


-Errege jauna, ez dago munduan gizonik eskatzen duzuna egin dezakeenik. Inongo erregek, handiena eta ahaltsuena izanik ere, ez dio inoiz antzeko gauzarik eskatu igarle edo azti bati. 11 Gehiegizkoa da eskatzen duzuna: ezin dizu inork erantzunik eman, jainkoek izan ezik; baina jainkoak ez dira gizonen artean bizi.

12 Orduan, erregea haserre gorritan jarri zen, eta Babiloniako jakitun guztiak hiltzeko agindu zuen. 13 Agindua aldarrikatu zelarik, Danielen eta honen lagunen bila ere joan ziren.

Jainkoak Danieli erregearen ametsa adierazi


14 Ariok, erregearen guardaburua, prest zegoen jakitunak hiltzen hasteko. Orduan, Danielek Ariokengana jo eta zentzuz hitz egin zion. 15 Erregeak hain epai gogorra zergatik eman zuen galdetzean, arrazoia azaldu zion Ariokek. 16 Daniel berehala joan zen erregeagana, eta denbora pixka bat emateko erregutu zion, ametsaren esanahia azaldu ahal izateko.

17 Gero, etxera itzuli eta gertatuaren berri eman zien bere lagun Hananias, Mixael eta Azariasi; 18 zeruko Jainkoari laguntza eskatzeko esan zien misterioa argitu ahal izateko, Babiloniako beste jakitunekin batera hil ez zitzaten. 19 Gau hartan, ordea, ikuskari baten bidez misterioa argitu zion Jainkoak Danieli. Orduan, honela goretsi zuen Danielek Jainkoa:

20 «Bedeinkatua Jainkoa betierean, bereak baititu jakinduria eta ahalmena! 21 Berak aldatzen ditu urtaroak eta garaiak; berak jartzen eta kentzen erregeak; berak ematen jakinduria jakintsuei, eta ezaguera burutsuei. 22 Berak azaltzen ditu gauza sakon eta gordeak; berak ezagutzen ilunpetan dagoena, argiz inguratua baitago. 23 Eskerrak zuri, gorespen zuri, gure arbasoen aita, jakinduria eta ahalmena eman baitizkidazu! Entzun duzu gure eskabidea eta ezagutarazi diguzu erregearen kezka».

Danielek erregearen ametsa azaldu


24 Ondoren, Daniel, Babiloniako jakitunak hiltzeko erregearen agindua hartua zuen Ariokengana joan zen, esanez: «Ez hil Babiloniako jakitunik! Aurkez nazazu erregeagana, neuk argituko baitiot ametsa».

25 Ariokek berehala eraman zuen Daniel erregeagana, eta esan zion honi: «Jauna, ametsaren esanahia azalduko omen dizun gizon bat aurkitu dut Judatik erbesteratuen artean».

26 Orduan, galdetu zion erregeak Danieli, Beltxatzar ere deituari:


-Egia al da ametsa argitu eta esanahia azalduko didazula?

27 Danielek erantzun:


-Errege jauna, ez dago jakitunik, ez aztirik, ez igarlerik edo astrologorik ametsaren misterioa azal diezazukeenik. 28 Bada, ostera, zeruan misterioak azaltzen dituen Jainkoa. Honexek jakinaraziko dizu, Nabukodonosor errege, gerora gertatuko dena. Hona, bada, lo zeundela ametsetan ikusi zenuena: 29 Ohean etorkizunaz pentsatzen hasi zinen, eta misterioak argitzen dituen Jainkoak zer gertatuko den eman dizu aditzera. 30 Niri dagokidanez, ez zait misterioa adierazi beste inor baino jakitunago naizelako, errege jaunari ametsaren esanahia azaltzeko baizik, eta bere barne-gogoetak argitzeko.

31 «Hauxe da ikusi duzuna, errege jauna: Irudi erraldoi bat zegoen, guztiz distiratsua eta itxura beldurgarrikoa. 32 Irudiaren burua urre finezkoa zen; bularra eta besoak zilarrezkoak; sabela eta izterrak brontzezkoak; 33 hankak burdinazkoak; oinak, berriz, burdinazko eta buztinezkoak. 34 Zu hari begira zeundela, harri bat atera zen menditik, inork ere bultzatu gabe, eta irudiaren burdinazko eta buztinezko oinak jo eta txiki-txiki egin zituen. 35 Une berean, burdina eta buztina ez ezik, brontzea, zilarra eta urrea ere hauts eginda gelditu ziren, eta haizeak eraman zituen, udan larraineko lastoa bezala, arrastorik ere utzi gabe. Bitartean, irudia jo zuen harria mendi handi bilakatu zen, eta mundu osoa bete zuen. 36 Horixe izan da zure ametsa, errege jauna. Orain, ametsaren esanahia azalduko dizut.

37 «Zeu zara denetan erregerik handiena. Zeuri eman dizkizu zeruko Jainkoak erregetza, agintea, ahalmena eta ohorea; 38 zure menpe utzi ditu gizon-emakumeak, piztiak eta hegaztiak, nonahi bizi direla ere; guztien nagusi egin zaitu. Urrezko burua zeu zara! 39 Zure ondoren, beste erreinu bat sortuko da, zurea baino txikiagoa. Gero hirugarren bat, brontzezkoa, mundu osoa menperatuko duena. 40 Laugarren erreinu bat ere izango da, burdina bezain gogorra; nola burdinak dena puskatu eta apurtzen duen, hala puskatu eta apurtuko ditu hark beste erreinuak.

41 «Ikusi duzunez, oinak eta behatzak burdinazkoak eta zeramika-buztinezkoak ziren; erreinua zatitua izango dela esan nahi du horrek. Izango du, bai, burdinaren gogortasunik ere, burdina buztinarekin nahasia baitago, ikusi duzun bezala. 42 Burdinaz eta buztinez egindako oinetako behatzek hauxe esan nahi dute: aldi berean indartsua eta ahula izango dela erreinua. 43 Eta burdina buztinarekin nahasia ikusteak beste hau ere adierazten du: ezkontzaz batuko direla erreinu horietako erregeak, baina ez dutela batasun iraunkorrik lortuko, burdinak eta buztinak elkarrekin bat egiten ez duten bezala.

44 «Errege horien garaian, erreinu bat ezarriko du zeruko Jainkoak: ez dute inoiz ere hondatuko eta haren agintea ez da beste herri baten eskuetara aldatuko. Beste guztiak suntsitu eta desagerturik ere, erreinu horrek betiko iraungo du. 45 Horixe esan nahi du, inork ere bultzatu gabe, menditik atera eta buztina, burdina, brontzea, zilarra eta urrea txikitzen ikusi duzun harriak. Horrela, errege, gerora gertatuko dena jakinarazi dizu Jainko handiak. Egia da ametsa, eta sinesgarria eman dizudan azalpena».

46 Orduan, Nabukodonosor erregeak, lurreraino ahozpezturik, ohore eman zion Danieli, eta opariak eta intsentsua eskaintzeko agindu zuen. 47 Gero, esan zion:


-Egiaz jainko guztietan handiena da zuen Jainkoa; erregeen jaun da eta misterioen agertzaile, gauza izan baitzara zu misterioa niri agertzeko.

48 Berehala, ohore handiz eta erregalo ederrez bete zuen erregeak Daniel; Babilonia eskualdeko gobernari egin zuen eta erreinuko jakitun guztien buru goren.

49 Danielek eskaturik, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego Babilonia eskualdeko administratzaile egin zituen erregeak. Daniel, aldiz, erregearen jauregian geratu zen.

Urrezko irudia gurtzeko agindua


3. atala[aldatu]

1 Nabukodonosor erregeak urrezko irudi bat egiteko agindu zuen, hogeita hamar metro gora eta hiru metro zabal, eta Babilonia eskualdeko Dura lautadan ipini zuen. 2 Gero, erregeak mandatariak bidali zituen eskualdeko funtzionario guztiak biltzeko: eskualdeburu, gudalburu, gobernari, kontseilari, diruzain, epaile, legegizon eta agintariak. Berak eraikitako urrezko irudiaren sagarapen-festarako deitzen zituen. 3 Etorri ziren, beraz, goi-funtzionario guztiok, eta irudiaren aurrean bildu ziren sagarapen-festa egiteko.

4 Bozeramaileak honela aldarrikatu zuen: «Entzun agindu hau, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeok: 5 Turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun orduko, lurreraino ahozpeztuz, Nabukodonosor erregeak eraiki duen urrezko irudia gurtuko duzue. 6 Ahozpezturik gurtzen ez duena, labeko su bizira jaurtikiko dute».

7 Horrela, bada, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak, turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun zueneko, lurreraino ahozpeztuz, Nabukodonosor erregeak eraikitako irudia gurtu zuen.

Danielen lagunak Jainkoarekiko leial


8 Handik laster, babiloniar batzuk juduak salatzera joan ziren Nabukodonosor erregeagana. 9 Esan zioten: «Luzaro bizi zaitez, errege jauna! 10 Zeuk, errege, agindu duzu, turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzun orduko, denek, lurreraino ahozpeztuz, irudia gurtzeko, 11 eta ahozpezturik gurtzen ez duena, labeko su bizira jaurtikitzeko. 12 Ba, judu batzuek, Xadrak, Mexak eta Abed-Negok, Babilonia eskualdean administratzaile jarri dituzunok hain zuzen, ez dute zure agindua bete nahi: ez dituzte gure jainkoak zerbitzatzen, eta ez dute gurtzen eraiki duzun irudia».

13 Nabukodonosor sutan jarri zen, eta Xadrak, Mexak eta Abed-Nego bere aurrera ekartzeko agindu zuen. Etorri zirenean, 14 honela galdetu zien erregeak:


-Egia al da, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, ez duzuela nire jainkoak zerbitzatu eta nik eraiki dudan irudia gurtu nahi? 15 Prest al zaudete orain, turuta, txirula, zitara, alboka, harpa eta beste musika-tresnen hotsa entzutean, lurreraino ahozpeztuz, nik eraikitako irudia gurtzeko? Gurtu nahi ez baduzue, berehala labeko su bizira jaurtiaraziko zaituztet. Eta orduan, zein jainkok libratuko zaituzte nire menpetik?

16 Xadrak, Mexak eta Abed-Negok erantzun zioten:


-Errege jauna, ez daukagu gai horretan zertan erantzunik. 17 Zerbitzatzen dugun Jainkoak libra gaitzake labeko sutatik eta zure menpetik. 18 Eta hala ez balitz ere, jakin ezazu, errege jauna, ez ditugula zerbitzatuko zure jainkoak, ez eta gurtuko ere zuk eraiki duzun urrezko irudia.

19 Hitz horiek entzutean, haserre gorritan jarri zen Nabukodonosor Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren kontra, eta labea besteetan halako zazpi berotzeko agindu zuen. 20 Ondoren, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego lotzeko agindu zien bere gudaririk indartsuenei, eta labeko su bizira botatzeko. 21 Eta loturik, beren jantzi eta guzti, praka, soingaineko eta burukoekin, labeko su bizira jaurtiki zituzten. 22 Erregearen agindu zorrotzaren arabera labea bizi-bizi piztu baitzuten, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego jaurtikitzeko labera hurbildu ziren gudariak berak suak kiskalita hil ziren. 23 Eta Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, hirurak, su bizitan zegoen labera erori ziren lotuta.

Hiru lagunak labetik atera


24 Nabukodonosor erregea jauzi batez zutitu zen eta, harriturik, bere kontseilariei galdetu zien:


-Ez al ziren hiru, lotu eta sutara botatako gizonak?


-Halaxe da, errege jauna
-erantzun zioten.

25 Eta erregeak:


-Ba, nik lau gizon ikusten ditut, suaren erdian libre dabiltzala; ez die suak kalterik egin, eta laugarrenak aingerua dirudi.

26 Nabukodonosorrek, sutan zegoen labera hurbildurik, oihu egin zuen: «Xadrak, Mexak eta Abed-Nego, goi-goiko Jainkoaren zerbitzariok, atera kanpora!»

Berehala irten ziren labe barrutik. 27 Eskualdeburu, ministrari, gobernari eta kontseilari guztiak bildu ziren gizon haiek ikusteko: suak ez zien ezer egin gorputzean, ileak ere ez zitzaizkien kiskali, jantziak ukitu gabe zeuzkaten eta ez zerien erre-usainik.

28 Orduan, oihu egin zuen erregeak: «Bedeinkatua Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren Jainkoa! Aingerua bidali du berarengan uste osoa zuten zerbitzariak libratzera. Nahiago izan baitute erregearen agindua hautsi eta beren bizia arriskatu, berena ez duten jainko bat zerbitzatu eta gurtu baino. 29 Horregatik, hauxe agintzen dut: Xadrak, Mexak eta Abed-Negoren Jainkoaren kontra gaizki hitz egiten duena, edozein herri, nazio edo hizkuntzatakoa delarik ere, txiki-txiki egina izango da, eta halakoaren etxea zabortegi bihurtua. Ez baita gizona horrela libra dezakeen beste jainkorik».

30 Ondoren, erregeak kargu handiagoak eman zizkien Xadrak, Mexak eta Abed-Negori Babilonia eskualdean.

Erregearen mezua


31 Nabukodonosor erregeak, mundu osoan bizi zen herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeari mezu hau bidali zion:

«Bake osoa!

32 «Egoki iruditu zait goi-goiko Jainkoak nire alde egin dituen egintza harrigarri eta mirariak zuei jakinaraztea:

33 <Bai handiak haren egintza harrigarriak! Bai ahaltsuak haren mirariak! Haren erreinuak beti iraunen du, haren aginteak menderen mendetan!>

Erregearen bigarren ametsa


4. atala[aldatu]

1 «Ni, Nabukodonosor, lasai eta zoriontsu bizi nintzen neure errege-jauregian. 2 Baina, gau batez, ohean nengoela, amets bat egin nuen, zeharo izutu ninduena, eta erabat beldurtu ninduten amesgaizto eta ikuskariak izan nituen. 3 Orduan, Babiloniako jakitun guztiak bilarazi nituen, ametsaren esanahia azaltzeko. 4 Etorri ziren, bada, aztiak, igarleak eta astrologoak, eta ametsa kontatu nien; baina ez ziren esanahia azaltzeko gauza izan. 5 Azkenean, Daniel aurkeztu zen. Gizon hau, nire jainkoaren ohorez Beltxatzar ere deitua, jainko santuen espirituz beterik dago. Kontatu nion ametsa, esanez: 6 Beltxatzar, aztien buru zaren hori, badakit jainko santuen espirituak gidatzen zaituela eta misterio zailik ez dagoela zuretzat. Azal iezadazu, bada, ametsaren esanahia. 7 Ohean nengoela, ikuskari hau izan dut:

«Zuhaitz guztiz garaia zegoen munduaren erdian. 8 Zuhaitza handia eta sendoa egin zen: zeruraino iristen zen, munduaren azken ertzetik ere ikus zitekeen. 9 Haren hostoak ederrak ziren, eta fruituak ugari, sorkari guztiak asetzeko adina. Basapiztiek haren itzalean egiten zuten abaro eta hegaztiek haren adarretan habia. Bizidun ororen janari zen.


10 «Oraindik ohean nengoela, zerutik zetorren aingeru zaindari bat ikusi nuen ikuskarian. 11 Ozenki egin zuen oihu, esanez:

«Bota zuhaitza, moztu adarrak, kendu hostoak, jaurtiki behera fruituak! Ihes egin bezate honen azpitik piztiek, bai eta adarretatik hegaztiek ere. 12 Utzi lurrean, ostera, zuhaitzondoa bere erroekin, lotu burdinazko eta brontzezko kateez, eta geldi bedi zelaiko belarretan. Busti beza ortziko ihintzak, janaritu bedi belarrez, abereak bezala. 13 Ez du giza adimenik izango, abereen sena baizik. Zazpi urtez biziko da horrela! 14 Aingeru santuak erabakia da hau, bizidun guztiek jakin dezaten Goi-goikoa dela giza erreinu guztien jabea: nahi duenari ematen dio berak erregetza eta gizakietan apalena errege-aulkira jasotzen.


15 «Hauxe da nik, Nabukodonosor erregeak, izan dudan ametsa. Orain zuk, Beltxatzar, azaldu ametsaren esanahia. Erreinuko jakitun guztiak ez dira gai izan hori azaltzeko; zuk, ordea, egin dezakezu, jainko santuen espirituak gidatzen baitzaitu».

Danielek erregeari ametsa adierazi


16 Daniel, Beltxatzar ere deitua, harri eta zur gelditu zen une batez, bere burutazioek beldurtuta. Erregeak esan zion:


-Beltxatzar, ez izutu ametsa eta beronen esanahia direla eta.

Beltxatzarrek erantzun zion:


-Izan bedi zure etsaientzat amets honek adierazten duena. 17 Zuhaitz handia eta sendoa ikusi duzu, garaieraz zerurainokoa, munduaren azken ertzetik ikus zitekeena. 18 Haren hostoak ederrak ziren eta sorkari guztiak asetzeko adina fruitu zuen. Basapiztiek abaro egiten zuten haren itzalean eta hegaztiek habia adarretan. 19 Errege jauna, zeu zara zuhaitz hori! Handi eta sendo egin zara zeu ere; zeruraino iritsi da zure handitasuna, lurraren ertzeraino zabaldu zure boterea. 20 Gero, aingeru zaindaria ikusi duzu zerutik jaisten; honela zioen: «Bota zuhaitza eta txikitu! Zuhaitzondoa, ostera, utzi lurrean bere erroekin eta lotu burdinazko eta brontzezko kateez zelaiko belarretan. Busti beza zeruko ihintzak eta bizi bedi horrela zazpi urtez basapiztien antzera». 21 Errege jauna, hara esanahia, hara Goi-goikoak zuri buruz hartu duen erabakia: 22 Gizartetik botako zaituzte, basapiztien artean biziko zara, belarra jango duzu idiek bezala eta ortziko ihintzak bustiko zaitu. Zazpi urtez egongo zara horrela, Goi-goikoa giza erreinu guztien jabea dela eta berak nahi duena ezartzen duela errege aitortuko duzun arte. 23 Zuhaitzondoa eta erroak uzteko aginduak, berriz, hauxe esan nahi du: denen jabea zeruko Jainkoa dela aitortuko duzunean, errege izango zarela berriro. 24 Beraz, errege jauna, onar ezazu nire aholkua: Utzi zeure bekatuak zuzenbide eginez, uko egin gaiztakeriari, behartsuekin errukitsu izanez. Agian, luzaroan eta zoriontsu biziko zara.

Ametsa bete


25 Esandako guztia gertatu zitzaion Nabukodonosor erregeari. 26 Handik urtebetera, Babiloniako jauregian egurasten zebilela, 27 esan zuen erregeak:

«Hona hemen Babilonia handia, erregeen bizileku izateko eraikia, nire boterearen eta aintza paregabearen ezaugarri!»


28 Hitz hauek esatearekin batera, mintzo hau entzun zen zerutik: «Nabukodonosor errege, entzun: Galdua duzu zeure erregetza! 29 Bota egingo zaituzte gizartetik! Basapiztien artean biziko zara, belarra jango duzu idiek bezala! Zazpi urtez biziko zara horrela, Goi-goikoa dela erreinu guztien jabea eta berak nahi duena ezartzen duela errege aitortuko duzun arte».

30 Berehala bete ziren hitzok: bota egin zuten Nabukodonosor gizartetik, belarra jaten hasi zen idiek bezala eta haren gorputza ortziko ihintzak bustitzen zuen. Ilea arranoaren lumak bezain luze egin zitzaion eta atzazalak hegazti harraparienak bezalako.

Nabukodonosor sendatu


31 Erregeak esan zuen: «Zazpi urteak bete zirenean, nik, Nabukodonosorrek, begiak zerurantz jaso nituen eta berriro giza adimena eman zitzaidan. Goi-goikoari eskerrak eman nizkion eta beti bizi denari gorespena eta aintza:

«Haren aginteak beti iraungo du, haren erreinuak menderen mendetan. 32 Haren aurrean ezdeus dira lurrean bizi diren guztiak; nahi bezala darabiltza zeru-lurretako izakiak. Ez da inor haren ahalmenari aurka egingo dionik; ez da inor egiten duenaz ezer esango dionik.


33 «Une berean, adimena eman zitzaidan berriro, eta neure erregetzaren aintzarako, neure ohore eta ospe guztiaz jabetu nintzen. Bila etorri zitzaizkidan kontseilari eta handikiak. Errege-aulkian jarri ninduten berriro eta lehen baino ohore handiagoa izan nuen. 34 Horregatik, nik, Nabukodonosorrek, handietsi, goretsi eta ospatu egiten dut orain zeruko Erregea:

«Haren egintza guztiak egiazkoak dira, haren jokabideak zuzenak! Badaki harro dabiltzanak beheratzen!»

Belxatzar erregearen otordua


5. atala[aldatu]

1 Belxatzar erregeak mila goi-funtzionario gonbidatu zituen otordu handi baterako, eta haiekin batera ardoa edaten hasi zen. 2-3 Ardoak beroturik, bere aita Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik hartu zituen urre eta zilarrezko ontziak ekartzeko agindu zuen, bere funtzionario, emazte eta ohaideekin batera beraietatik edateko asmoz. Ekarri zituzten, bada, Jerusalemgo Jainkoaren etxetik hartutako urre eta zilarrezko ontziak eta guztiek beraietatik edan zuten. 4 Ardoa edaten zuten bitartean, urre, zilar, brontze, burdina, zur eta harrizko jainko-irudiak goresten hasi ziren.

5 Bat-batean, giza esku bat agertu zen eta aretoko paretan, argimutilaren atzean, behatzez idazten hasi zen. Idazten ari zen eskua ikustean, 6 zuri-zuri jarri zen erregea eta, bere burutazioek beldurturik, indarrik gabe eta belaunak dardaraz gelditu zen. 7 Deiadarka hasi zen, aztiak, astrologoak eta igarleak ekartzeko aginduz. Honela esan zien: «Hor idatzia eta berorren esanahia azalduko didana purpuraz jantziko dut, lepoan urrezko katea jarriko diot eta agintez hirugarrena izango da nire erreinuan».

8 Aurkeztu ziren, bada, erregearen zerbitzura zeuden jakitun guztiak; baina ez ziren idatzia irakurtzeko gauza izan, ez eta haren esanahia erregeari azaltzeko ere. 9 Izu-ikaraturik zegoen Belxatzar eta erabat zurbildurik. Funtzionarioak ere guztiz izuturik zeuden, zer egin ez zekitela.


Idatzia Danielek azaldu


10 Ama erreginak entzun zituen erregearen eta funtzionarioen deiadarrak eta, otorduko aretoan sarturik, esan zuen: «Bizi zaitez luzaro, jauna! Ez zaitzatela zeure burutazioek izutu; ez daukazu zertan zurbildurik. 11 Badago zure erreinuan jainko santuen espiritua duen gizon bat. Zure aitaren garaian, jainkoek bakarrik dauzkaten buru argia, trebetasuna eta jakinduria aurkitu genituen delako horrengan. Hain zuzen, zure aita Nabukodonosorrek aztien, igarleen eta astrologoen buru izendatu zuen bera. 12 Berebiziko espiritua, ezaguera eta trebetasuna ditu ametsen esanahia argitzeko, asmakizunak igartzeko eta gauza korapilotsuak erabakitzeko. Daniel da, erregeak Beltxatzar izena ezarri ziona. Ekar ezazu, bada, gizon hori: berak azalduko dizu idatziaren esanahia».

13 Ekarri zuten, bada, Daniel erregeagana eta honek galdetu zion:


-Zu al zaitugu Daniel, nire aitak Judatik gatibu ekarri zituen juduetakoa? 14 Jainkoen espiritua duzula eta berebiziko buru-argitasun, trebetasun eta jakinduriaren jabe zarela entzun dut. 15 Arestian ekarri ditut jakitun eta aztiak, hor idatzirik dagoena irakurri eta esanahia azal diezadaten; baina ez dira gauza izan. 16 Zuk ba omen dakizu honelako asmakizunak igartzen eta gauza korapilatsuak erabakitzen. Hor idatzia irakurri eta esanahia azaltzen badidazu, purpuraz jantziko zaitut, lepoan urrezko katea jarriko, eta agintez hirugarrena izango zara nire erreinuan.

17 Danielek erantzun zion:


-Errege jauna, ez dut erregalo edo sari beharrik, gorde zeuretzat edo eman besteren bati. Baina hor idatzia irakurriko dizut eta esanahia azalduko. 18 Goi-goiko Jainkoak errege handi egin zuen Nabukodonosor zure aita, ohore eta aintzaz jantzia. 19 Eta Jainkoak emaniko handitasun horrengatik, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendea beldur zen haren aurrean. Izan ere, bere nahierara ematen zuen heriotza edo bizia, bere nahierara jasotzen edo beheratzen. 20 Baina harrokeriaz eta handiustez bete zen, eta erregetzatik eraitsi egin zuten eta bere aintza galdu zuen. 21 Gizartetik bota egin zuten eta basapiztien antzeko bihurtu zen: basastoekin bizi izan zen, belarra jaten zuen idiek bezala eta haren gorputza ihintzak bustitzen. Horrela bizi izan zen, goi-goiko Jainkoa dela giza erreinu guztien jabea eta berak nahi duena ezartzen duela errege aitortu zuen arte. 22 Eta zuk, Belxatzar, haren semeak, hori guztia jakin arren, ez duzu zeure burua apaldu nahi izan. 23 Zeruko Jauna mesprezatu duzu, haren tenpluko ontziak ekarri eta zeure funtzionario, emazte eta ohaideekin ardoa edateko erabiliz. Bitartean, zilar, urre, brontze, burdina, zur eta harriz eginiko jainko-irudiak, ezer ikusten, entzuten eta ulertzen ez dutenak, goretsi dituzu; baina ez duzu goretsi zure bizia eta etorkizuna bere esku dituen Jainkoa, diren guztiak egin dituena. 24 Horregatik bidali du Jainkoak esku hori hitzok idaztera. 25 Idatzirik dagoena hauxe da: MENE, MENE, TEKEL, PARSIN. 26 Hitzen esanahia, berriz, hauxe: MENEk «zenbatua» esan nahi du, hau da, zenbatu ditu Jainkoak zure erregetzako egunak eta muga ipini die; 27 TEKELek «pisatua» esan nahi du, hau da, pisuan pisatu zaituzte eta urri aurkitu; 28 PARSINek «zatitua» esan nahi du, hau da, zure erreinua zatitua izan da eta mediarrei eta pertsiarrei emana.

29 Orduan, Daniel purpuraz janzteko eta lepoan urrezko katea jartzeko agindu zuen Belxatzarrek, eta agintez hirugarren zela erreinuan aldarrikatu zuen.

30 Gau hartan bertan hil zuten Belxatzar Babiloniako erregea.


6. atala[aldatu]

1 Eta Dario mediarra egin zen hango errege, hirurogeita bi urte zituela.

Etsaiek Danieli tranpa jarri


2 Bere erreinuan ehun eta hogei eskualdeburu jartzea erabaki zuen Dariok, eskualde bakoitzean ordezkari bat izateko. 3 Haien buru hiru ministrari ezarri zituen; hauei eman behar zieten eskualdeburuek beren administrazioaren kontua, erregearen kaltetan ibil ez zitezen. Daniel zen hiru ministrari horietako bat 4 eta, berebiziko gaitasunak zituelako, beste ministrari eta eskualdeburuen artean nabarmendu egiten zen; horregatik, erreinu guztiko gobernu-erantzukizuna berari emateko asmotan zebilen erregea. 5 Hargatik, beste bi ministrariak eta eskualdeburuak, erreinuaren administrazioan Danieli erruren bat nola aurkitu zebiltzan; baina ezin zuten lortu, leiala baitzen, zabarkeriarik gabea. 6 Beraz, hau ziotsoten elkarri: «Ezin izango diogu aurkitu zertan salaturik, bere erlijioari buruzko zerbaitetan izan ezik».

7 Horrela, bada, ministrariek eta eskualdeburuek zalapartaka erregeagana jo zuten, esanez: «Bizi zaitez luzaro, Dario errege! 8 Erreinuko ministrari, eskualdeburu, kontseilari eta gobernariek aho batez eskatzen dizute errege-agindu hau eman eta aldarrika dezazun: Errege jauna, hogeita hamar egun hauetan, zuri ez beste jainko nahiz gizonen bati otoitz egingo diona, jaurtiki dezatela lehoien zulora. 9 Beraz, eman agindu hori eta sinatu, aldatua izan ez dadin, mediarren eta pertsiarren aldaezineko beste legeak bezala».

10 Hala, Dario erregeak sinatu egin zuen agindua.

Daniel lehoien zuloan


11 Agindua sinatua zegoela jakitean, Daniel bere etxera erretiratu zen. Goiko gelako leihoak Jerusalem aldera ematen zuen eta han belaunikatzen zen, egunean hiru aldiz otoitz egin eta Jainkoa goresteko. Hala egin ohi zuen beti. 12 Orduan, Danielen etsaiak zalapartaka sartu ziren haren etxean, eta bere Jainkoari otoitzean aurkitu zuten. 13 Orduan, erregeagana joan eta esan zioten:


-Errege jauna, ez al duzu agindu, hogeita hamar egun hauetan, zuri ez beste jainko nahiz gizonen bati otoitz egingo diona, jaurtiki dezatela lehoien zulora?

Erregeak erantzun zuen:


-Halaxe da! Mediarren eta pertsiarren legeen arabera, emandako agindua aldaezina da.

14 Orduan, haiek erregeari:


-Ba, errege jauna, Judatik gatibu ekarritako Daniel horrek ez dizue batere begirunerik, ez zuri, ez zure aginduei: bere Jainkoari hiru aldiz egiten dio otoitz egunean.

15 Hau entzutean, erregea biziki nahigabetu zen eta Daniel libratzea erabaki zuen. Iluntzera arte ibili zen hura salbatu nahian. 16 Baina etorri ziren berriro ere gizon haiek eta esan zioten:


-Errege jauna, ondo dakizu, mediarren eta pertsiarren legeen arabera, erregeak sinaturiko debekuak nahiz aginduak aldaezinak direla.

17 Orduan, Daniel ekarri eta lehoien zulora jaurtikitzeko agindu zuen. Erregeak esan zion: «Halako iraupen handiz zerbitzatzen duzun Jainkoak bakarrik salba zaitzake!»

18 Harri bat ekarriz, lehoi-zuloaren sarreran jarri zuten, eta erregeak bere errege-zigiluz eta funtzionarioen zigiluz seilatu zuen, Danieli buruz erabakitakoa inork alda ez zezan. 19 Gero, erregeak bere jauregira itzuli eta emakumerik gabe eta baraurik igaro zuen gaua. Ezin izan zuen gau osoan lorik egin.

Daniel lehoi-zulotik onik atera


20 Eguna argitu orduko, jaiki zen erregea eta lehoi-zulora joan zen lasterka batean. 21 Lehoi-zulora hurbiltzean, Danieli hots egin zion ahots saminez:


-Daniel, Jainko biziaren zerbitzaria! Hain iraupen handiz zerbitzatzen duzun Jainkoak libratu al zaitu lehoiengandik?

22 Danielek erantzun zion:


-Bizi zaitez luzaro, errege jauna! 23 Nire Jainkoak aingerua bidali du lehoien ahoak ixtera, eta ez didate kalterik egin. Izan ere, badaki nire Jainkoak errugabe naizela eta zure aurka, errege jauna, ez dudala hobenik egin.

24 Orduan, erregeak, pozaren pozez, Daniel zulotik ateratzeko agindu zuen. Atera zutenean, ez zuen urratu bat ere, Jainkoarengan jarri baitzuen bere uste ona. 25 Gero, Danielen salatzaileak ekartzeko agindu zuen erregeak, eta lehoi-zulora jaurtiki zituzten beren emazte eta seme-alabekin batera. Eta zulo barrenera heldu baino lehen, lehoiek beren atzaparretan hartu eta txiki-txiki egin zituzten.

26 Dario erregeak, orduan, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeari mezu hau bidali zion:

«Bake osoa!

27 «Hauxe agintzen dizuet: Nire erreinu guztian Danielen Jainkoari begirune osoa izan diezaiotela guztiek.

«Hura Jainko bizia baita, hura betiko dirauena. Haren erregetza ez da hondatuko, haren ahalmenak ez du azkenik. 28 Hura da askatzaile, hura salbatzaile; egintza harrigarriak eta mirariak egiten ditu zeru-lurretan. Hark askatu du Daniel lehoien atzaparretatik».


29 Danielek, berriz, kargu handiak izan zituen Dario eta Ziro pertsiarraren erregealdietan.

Danielen lehen ikuskaria: lau piztitzarrak


7. atala[aldatu]

1 Babiloniako errege Belxatzarren erregealdiko lehen urtean, ametsa eta ikuskariak izan zituen Danielek ohean zegoela. Gero, idatzi egin zuen ametsa. 2 Hona Danielen kontakizuna: «Ikuskari bat izan nuen gauez: Ortziko lau ertzetatik haize indartsu batek itsaso handia harrotzen zuen. 3 Eta lau piztitzar, laurak ezberdinak, atera ziren itsasotik. 4 Lehenengoak lehoia zirudien, baina arranoaren hegalak zituen; hari begira nengoela, kendu egin zizkioten hegoak eta, lurretik altxaraziz, bi hanken gainean jarrarazi zuten, gizakia bezala, eta giza adimena eman zioten. 5 Bigarren piztiak hartza zirudien: erdi jaikita zegoen eta ahoan, hortz artean, hiru saihets-hezur zituen. Honela esan zioten: <Jaiki eta jan haragia ugari!> 6 Gero, begira nengoela, beste piztia bat ikusi nuen, lehoinabarraren antzekoa: bizkarraldean lau hego zituen eta lau buru, eta boterea eman zioten. 7 Nire gau-ikuskarietan laugarren piztia bat ikusi nuen: beldurgarria zen, izugarria eta guztiz indartsua; burdinazko hagin handiak zituen; dena irensten eta txikitzen zuen, jan gabe uzten zuena hankapean apurtzen zuelarik. Beste piztiak ez bezalakoa zen; hamar adar zituen.

8 «Adarrei begira nengoela, adar txikiago bat atera zitzaion beste adarren artean, eta hauetako hiru erauzi zizkion. Adar berri hark gizakiarenak bezalako begiak eta harrokeriaz hitz egiten zuen ahoa zituen.

Jainkoaren epaia


9 «Begira nengoela, hona hemen zer ikusi nuen: Errege-aulki batzuk jarri zituzten eta gizon zahar bat jezarri zen.

«Haren jantzia elurra bezain zuri, buruko ileak artilea bezain garbi! Haren aulkia eta gurpilak sugar kiskalgarri! 10 Suzko ibai bat ateratzen zen haren aurretik. Jendetza izugarria zuen zerbitzari, milaka eta milaka zeuden haren aurrean zutik. Auzia hasi eta zabaldu ziren liburuak.


11 «Oraindik begira nengoen, adar txiki hark esaten zituen hitz harroengatik harriturik. Honetan, akabatu egin zuten laugarren piztitzarra; haren gorpua txikitu eta sutara bota zuten. 12 Beste piztiei agintea kendu zieten, baina bizirik utzi zituzten aldi baterako.

13 «Nire gau-ikuskarietan, gizaseme antzeko bat ikusi nuen zeruetako hodeietan etortzen. Gizon zaharrarengana hurbildu zenean, honi aurkeztu zioten. 14 Agintea, aintza eta erregetza eman zizkioten: herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendeak zerbitzatzen zuen.

«Haren aginteak beti iraungo du, ez du azkenik izango, haren erregetza ez da inoiz hondatuko.

Lehenengo ikuskariaren azalpena


15 «Ikara larrian nengoen ni, Daniel, neure barruan, ikusten ari nintzen guztiengatik. 16 Zutik zeuden haietako batengana hurbildu eta ikusi nuen guztiaren egiazko esanahia azaltzeko eskatu nion. Guztiaren argitasuna eman zidan hark: 17 Lau piztitzar horiek munduan sortuko diren lau erreinu dira. 18 Baina horien ondoren, Goi-goikoaren herri santuari emango zaio erreinua, eta harena izango da betierean.

19 «Gero, laugarren piztitzar hura zer izan zitekeen jakin nahi nuen, hain baitzen besteak ez bezalakoa: guztiz ikaragarria zen, burdinazko haginak eta brontzezko atzaparrak zituena; dena irensten eta txikitzen zuen, jan gabe uzten zuena hankapean apurtzen zuelarik. 20 Jakin nahi nuen orobat zer esan nahi ote zuten haren buruko hamar adarrek, bai eta besteen artean atera eta hauetariko hiru erauzi zizkion adar txikiak ere; bai eta zergatik zituen adar txikiak begiak eta harrokeriazko hitzak zerizkion ahoa, eta zergatik agertzen zen besteak baino handiago.

21 «Begira nengoela, adar hura Jainkoaren herri santuaren kontra borrokan ari zen eta ia menperaturik zeukan; 22 baina etorri zen gizon zaharra eta goi-goiko Jainkoaren herri santuaren alde atera zen, heldua baitzen herri santua erreinuaren jabe egiteko garaia.

23 «Ondoren, honela hitz egin zidan: Laugarren piztia lur gainean izango den laugarren erreinua da, beste hirurak ez bezalakoa. Mundu osoa irentsiko du, hanka azpian hartuko eta txikituko. 24 Hamar adarrak, erreinu honetan izango diren hamar errege dira. Ondoren, beste bat etorriko da, aurrekoak ez bezalakoa, haietako hiru errege menperatu eta gero. 25 Goi-goikoaren aurka biraoka arituko da eta herri santua gaizki erabiliko du: jaiak eta legea aldatu nahi izango ditu. Hiru urte eta erdiz egongo da herri santua haren menpean. 26 Baina etorriko zaio auzi-garaia, eta kendu egingo diote agintea, eta erabat hondatua eta ezereztua utziko dute.

27 «Orduan, Goi-goikoaren herri santuari emango zaizkio zerupean dauden erreinu guztietako erregetza, agintea eta handitasuna. Beti iraungo du herri horren erregetzak, eta munduko botere guztiek obedituko diote eta zerbitzatuko.

28 «Hemen amaitzen da kontaera. Ni, Daniel, neure burutazioak zirela eta, oso beldurturik gelditu nintzen, aurpegia zurbil; baina hauek guztiak barruan gorde nituen.

Bigarren ikuskaria: aharia eta akerra


8. atala[aldatu]

1 «Belxatzar erregearen hirugarren urtean, nik, Danielek, beste ikuskari bat izan nuen, lehen izandakoaz gainera. 2 Hona zer ikusi nuen: Elam eskualdean dagoen Susa gotorlekuan aurkitzen nintzen, Ulai ibai ondoan. 3 Ikuskarian ahari bat ikusi nuen zutik ibai ondoan. Bi adar luze zituen, baina bat beranduago atera zitzaion eta luzeagoa zen. 4 Aharia mendebalderantz, iparralderantz eta hegoalderantz adarka ari zela ikusi nuen. Eta ez zegoen hari aurre egingo zion piztiarik, ez eta haren menpetik aterako zenik ere. Nahi zuena egiten zuen eta gero eta indartsuagoa egiten ari zen.

5 «Ikusi nuenaz gogoetaka ari nintzela, aker bat ikusi nuen: lurgaina ukitu gabe mundu guztia zeharkatuz, mendebaldetik zetorren. Akerrak adar handi bat zeukan begien artean. 6 Ibai ondoan zutik ikusi nuen adar biko ahariagana hurbildu eta lasterka batean haren aurka joan zen bere indar guztiaz. 7 Ahariagana hurbiltzen ikusi nuen: ahariari eraso eta bi adarrak hautsi zizkion. Ahariak ez zuen indarrik akerrari kontra egiteko. Gero, lurrera bota eta hankazpian zapaldu zuen. Ez zen haren menpetik hura aterako zuenik. 8 Baina bere boterearen hoberenean zegoela, hautsi egin zitzaion adar handia eta haren tokian beste lau adar handi atera zitzaizkion ortziaren lau ertzetara begira.

9 «Haietako batetik beste adar txiki bat sortu zen; izugarri hazi zen hegoalderantz, ekialderantz eta Guztiz Ederra den Lurralderantz. 10 Zeruko izakietaraino ere heldu zen, eta haietako zenbait eta izar batzuk lurrera bota eta zapaldu egin zituen. 11 Zeruko izakien buruzagiaganaino ere heldu zen: egunero eskaintzen zitzaion oparia kendu eta haren santutegia profanatu zuen. 12 Lehen oparia eskaintzen zen tokian bere gudarostea kokatu zuen maltzurkeriaz. Egiazko kultua oinperatu zuen. Nahi zuen guztia egin eta ongi atera zen adarra bere egintza guztietan.

13 «Orduan, bi aingeru elkarri hitz egiten ikusi nituen. Batak besteari galdetu zion: <Noiz arte iraungo ote dute ikuskari honetan iragarritako gertakariek? Noiz arte egongo ote da bazterturik eguneroko oparia, noiz arte gaiztakeria izugarri hau, noiz arte santutegia profanatua eta zeruko izakiak hankapean?> 14 Beste aingeruak ihardetsi zion: <Bi mila eta hirurehun arratsalde eta goiz igaro beharko dira. Gero, santutegia berriro sagaratua izango da>.

Bigarren ikuskariaren azalpena


15 «Nik, Danielek, ikuskariari begira eta haren esanahia ulertu nahian nenbilela, gizon antzeko bat ikusi nuen zutik neure aurrean. 16 Eta Ulai ibaitik zetorren giza ahots bat entzun nuen deiadarka: <Gabriel, argi iezaiozu gizon horri ikuskaria>.

17 «Orduan, Gabriel ondora hurbildu zitzaidan. Izuturik ahozpez erori nintzen; baina hark esan zidan: <Gizona, uler ezazu ikuskaria azken aldiari buruz ari dela>.

18 «Hitz egiten ari zitzaidan bitartean, zorabiaturik ahozpez erori nintzen. Hark ukitu eta altxarazi egin ninduen. 19 Gero, esan zidan: <Jainkoaren haserrea bere betera iristean gertatuko dena agertuko dizut, azkena erabakia baitago. 20 Ikusi duzun ahariaren bi adarrak mediarren eta pertsiarren erreinuak dira. 21 Akerra, aldiz, greziarren erreinua da, eta begi arteko adar handia erreinu horren lehen erregea. 22 Adar hura haustean, haren ordez atera zitzaizkion beste lau adarrek haren jatorritik sorturiko lau erreinuak adierazten dituzte. Haren tokia hartuko dute, baina ez dute izango haren indarrik. 23 Haien erregetzaren amaieran, gaiztakeriak gainezka egitean, errege lotsagabe eta maltzur bat sortuko da. 24 Indar handia izango du eta izugarrizko hondamena egingo. Ongi aterako da bere egintza guztietan, jende ahaltsua eta herri santua bera ere suntsitu arte. 25 Denak engainatuko ditu bere maltzurkeriaz. Harropuztu egingo da eta lasai zeuden herri asko suntsituko ditu. Printzeen Printzearen beraren aurka jaikiko da. Baina desegina izango da, giza laguntzarik gabe. 26 Arratsaldeko eta goizeko opariari buruz izandako ikuskaria egiazkoa da. Zuk, ordea, gorde isilpean ikusi duzuna, hemendik denbora askora gertatuko baita!>

27 «Orduan, ni, Daniel, zorabiatu egin nintzen eta egunetan egon nintzen gaixo. Ongi jarri nintzenean, erregearen arazoen ardura berriro hartu nuen neure gain. Baina artean oso txunditurik nengoen ikuskariagatik, ez bainuen ulertzen haren esanahia.

Daniel otoitzean bere herriaren alde


9. atala[aldatu]

1 «Dario, Xerxesen semea, mediarren jatorrikoa, Babilonian zegoen errege. 2 Haren erregealdiko lehen urtean, ni, Daniel, Liburu Santuak aztertzen ari nintzen, Jaunak Jeremiasi esan zion hura ulertu nahian, hau da, Jerusalem hirurogeita hamar urtez egongo zela hondatua. 3 Jainko Jaunarengana itzuli nintzen eta otoitz eta erreguak zuzendu nizkion, barau eginez, dolu-jantzia hartuz eta burua hautsez estaliz. 4 Otoitz egin nion Jaunari, neure Jainkoari, eta bekatuak aitortu nizkion, esanez:

«Jauna, Jainko handi eta ikaragarria, zuk itunari eusten diozu eta leiala zara maite zaituztenekin eta zure aginduak betetzen dituztenekin. 5 Baina guk bekatu egin dugu, gaiztoak izan gara eta zure aurka atera, zure agindu eta erabakietatik urrunduz. 6 Ez diegu jaramonik egin zure zerbitzari profetei, zure izenean gure errege eta buruzagiei, gure arbaso eta herri osoari hitz egin dietenean. 7 Jauna, zu bakarrik zuzena! Gu, ordea, lotsagorritan gaude: Jerusalemgo bizilagunok, Judako herria, israeldar guztiak, hemen bizi garenok eta urrutikoak, zurekiko desleial izateagatik beste lurraldeetara sakabanatu dituzunak.

8 «Bai, Jauna, lotsaturik gaude, geu eta gure erregeak, gure buruzagi eta gurasoak, bekatu egin baitugu zure aurka! 9 Baina zure aurka jaiki bagara ere, zu, Jainko Jaun hori, gupidabera zara eta barkatzen dakizuna! 10 Ez dizugu entzun, zeure zerbitzari profeten bidez emandako legeak betetzeko eskatu diguzunean. 11 Israel herri osoak hautsi egin du zure legea, eta bizkarra eman dizu zure esana ez betetzearren. Horregatik erori zaigu gainera zure zerbitzari Moisesen legean idatzitako madarikazioa, zure aurka bekatu egin dugulako. 12 Bete egin duzu, gure eta gure gobernarien aurka eman zenuen hitza, beste inon ere ikusi ez den bezalako zoritxar izugarria Jerusalemera bidaliz. 13 Moisesen legean idatzirik dagoen bezalaxe, hain zuzen, etorri zaigu gainera hainbesteko zoritxar hau; hala ere, Jauna, ez gara zure haserrea baretzen ahalegindu, gure bekatuetatik urrunduz eta zure leialtasuna aitortuz. 14 Horregatik, erne egon zara guri zoritxar hau bidaltzeko. Izan ere, zu, Jauna, gure Jainkoa, zuzena zara egiten duzun guztian; baina guk entzungor egin diogu zure esanari.

15 «Jauna, gure Jainkoa, ahalmen handiz atera zenuen herria Egiptotik eta izen handia zeureganatu duzu gaurdaino; guk, berriz, bekatu egin dugu eta gaizki jokatu. 16 Zuzena zarelako, Jauna, urrundu Jerusalemdik, zeure hiri eta mendi santutik, zeure haserrea eta sumina. Gure hoben eta gurasoen egintza gaiztoengatik irainez betetzen dituzte Jerusalem eta zure herria inguruan bizi diren guztiek. 17 Entzun, bada, Jauna, gure Jainkoa, nire otoitza eta erregua. Begira onginahiz zeure santutegi hondatuari. Zarena zarelako, Jauna! 18 Ene Jainko, entzun eta begira: ikusi zeuri sagaraturiko hiriaren hondamena. Ez dizkizugu egiten erreguok ezer merezi dugulakoan, zure errukia handia delako baizik. 19 Entzun, Jauna! Barkatu, Jauna! Begira, Jauna! Zarena zarelako, ekin luzatzeke zeuri sagaraturiko hiri eta herri honen alde.

Hirurogeita hamar asteen profezia


20 «Artean otoitzean ari nintzen, neure bekatuak eta Israelenak aitortzen, eta Jaunari, neure Jainkoari, bere mendi santuaren alde erreguka. 21 Eta bat-batean, aurreko ikuskarian agertu zitzaidan Gabriel aingerua bera etorri zitzaidan hegan. Arratsaldeko oparia eskaintzen den ordua zen. 22 Honela esan zidan:

«Daniel, ulertzen laguntzera etorri natzaizu. 23 Zu otoitzean hasi bezain laster, mezu bat eman du Jainkoak, eta horren berri ematera natorkizu, bereziki maite baitzaitu Jainkoak. Ahalegin zaitez, beraz, mezua eta ikuskariaren esanahia ulertzen.

24 «Zazpi urteko hirurogeita hamar denboraldi daude erabakita zure herriarentzat eta hiri santuarentzat. Beharrezkoa da denboraldi hori, errebeldiari amaiera emateko, bekatuen barkamena lortzeko eta zuzentasun iraunkorra ezartzeko, ikuskariak eta profeziak beren betera eramateko eta toki santu-santua sagaratzeko. 25 Hauxe da jakin eta ulertu behar duzuna: Erbestetik itzuli eta Jerusalem berreraikitzeko mezua agertu zenetik buruzagi sagaratua agertu arte, zazpi urteko zazpi denboraldi igaroko dira; zazpi urteko hirurogeita bi denboralditan erbestetik etorri eta hiria eta honen kale eta harresiak egingo dituzte, baina garai zailak izango dira. 26 Hirurogeita bi denboraldien buruan gizon sagaratu bat hilko dute, inork ere lagunduko ez diolarik. Gero, buruzagi bat etorriko da bere gudarostearekin, hiria eta santutegia erraustuz. Uholde baten antzera etorriko da azkena. Gerrak eta hondamena izango dira ordura arte, Jainkoak erabaki bezala.

27 «Buruzagiak ituna egingo du jende askorekin zazpi urteko denboraldian. Denboraldi honen erdian geldiaraziko ditu sakrifizioa eta eskaintza; ikaragarrizko idolo higuingarria ezarriko du aldare gainean, hondatzaileari ere erabakitako azkena iritsi arte».

Hirugarren ikuskaria: lihoz jantzitako gizona


10. atala[aldatu]

1 Pertsiako errege Ziroren hirugarren urtean, mezu bat bidali zion Jainkoak Danieli, Beltxatzar ere deituari; mezu fidagarria zen, baina zailtasun handiak iragartzen zituena. Ikuskari batean ulertu zuen Danielek horren esanahia.

2 «Aldi hartan, ni, Daniel, atsekabeturik egon nintzen hiru astez. 3 Ez nuen hartu janari goxorik, ez haragirik, ez ardorik, eta ez nuen erabili usain-gozoko lurrinik ere, hiru asteak amaitu arte. 4 Lehenengo hilaren hogeita lauan, Tigris ibai handiaren ertzean nengoen. 5 Halako batean, gizon bat ikusi nuen, lihozko soinekoz eta urre hutsezko gerrikoz jantzia.

6 «Haren gorputzak harribitxia zirudien, aurpegiak tximistaren distira zuen; begiak suzko zuziak bezalakoak zituen, beso eta zangoak brontze leundua bezain distiratsuak. Haren ahotsak jendetza handi baten zarata-hotsa zirudien.


7 «Ikuskaria neuk bakarrik ikusi nuen. Nirekin zeudenek ez zuten ezer ikusi; baizik eta, ikara handiak harturik, ihesi joan ziren eta ezkutatu. 8 Neu bakarrik gelditu nintzen aparteko ikuskari hari begira. Indargabe gelditu nintzen, aurpegia zurbil. 9 Haren hitzotsa entzutean, konortegabe gelditu nintzen eta ahozpez lurrera erori.

10 «Orduan, esku batek ukitu eta dardaraz lauoinka jarri ninduen. 11 Honela esan zidan: <Daniel, bereziki maite zaitu Jainkoak! Adi ongi esango dizudana. Zuti zaitez, zuregana bidali bainaute!> Hitzok esan zizkidanean zutik jarri nintzen, ikaraz dardar. 12 Honela jarraitu zuen: <Ez beldurtu, Daniel! Gertatzen zena ulertu eta Jainkoaren aurrean apaltzeko gogoa izan zenuen egun beretik entzun du hark zure otoitza. Horregatik etorri natzaizu. 13 Baina Pertsia erreinuko aingeru zaindaria aurka jarri zait hogeita bat egunez, Mikael, aingeru nagusietako bat, laguntzera etorri zaidan arte. Horregatik, han egon beharra izan dut, Pertsiako erregeen ondoan. 14 Eta orain, zure herriari azken egunetan gertatuko zaiona azaltzera etorri natzaizu, egun horietarako baita ikuskaria>.

15 «Horrela hitz egin zidanean, burumakur eta hitzik gabe gelditu nintzen. 16 Baina gizon antzeko batek ezpainak ukitu zizkidan, eta berriro ere ahoa ireki eta hitz egin ahal izan nuen. Aurrean neukanari esan nion: <Nire jauna, zeharo larriturik nago ikuskari honengatik eta indargabe gelditu naiz. 17 Nola hitz egin dezaket zurekin, ene jauna, indarra ez ezik arnasa bera ere galdu dudalarik?> 18 Orduan, gizon antzeko hark berriro ukitu ninduen eta indar berriak eman zizkidan. 19 Eta esan zidan: <Ez beldurtu, Jainkoak bereziki maite zaitu! Egon lasai! Izan bihotz eta indarberritu!> Haren hitzak bizkortu egin ninduen. Orduan, honela esan nion: <Ene Jauna, mintza zaitez, indarberritu nauzu eta>. 20-21 Hark esan zidan: <Ba al dakizu zergatik etorri naizen zuregana? Egiaren liburuan idatzia dagoena iragartzera etorri natzaizu. Orain, berriro Pertsiako aingeru zaindariarekin borrokatu behar dut; harekiko borroka bukatzean, Greziako aingeru zaindaria etorriko da. Mikaelek, zuen aingeru zaindariak baizik ez dit laguntzen etsai horien aurkako borrokan.


11. atala[aldatu]

1 «Neuk ere lagundu eta suspertu nuen bera, Dario mediarraren erregealdiko lehen urtean. 2 Eta orain, hona agertu behar dizudan egiazko mezua:

«Begira, hiru errege izango dira oraindik Pertsian. Eta horien ondoren, aurrekoak baino aberastasun gehiago izango duen laugarren bat. Bere aberastasunek nahiko indarra emango diotenean, inon direnak egingo ditu Greziako erregeari erasotzeko. 3 Baina errege ausart bat sortuko da Grezian. Erreinu txit handia jaso eta nahi duena egingo du. 4 Hala ere, bere nagusitza nahiko finkatua dukeenean, zatitua eta ortziko lau ertzetara sakabanatua izango da. Ez dute errege haren jatorrikoek beraren oinordekotza hartuko; beste jende batzuen artean banatuko dute, eta ez du lehengo indarrik izango.

5 «Hegoaldeko erregea ahaltsua izango da; haren gudalburuetako bat indartsuago egingo da, ordea, eta aginte handiagoa izango du. 6 Urte batzuen buruan elkartasuna egingo dute: hegoaldeko erregearen alaba iparraldeko erregearekin ezkonduko da, bakezkoak egiteko. Baina asmo honek porrot egingo du. Izan ere, bizia galduko dute, bai berak, bai eta beraren senar, seme eta zerbitzariek ere. 7 Hala ere, haren jatorriko bat jaikiko da. Iparraldeko erregearen gudarosteari erasoko dio, haren gotorlekua hartu eta menperatu egingo du. 8 Gainera, lurralde hartako jainkoen irudiak eta tenpluetako zilar eta urrezko ontzi baliotsuak Egiptora eramango ditu. Urte batzuetan bakean utziko du iparraldeko erregea. 9 Gero, honek egingo dio eraso berari, baina atzera egin beharrean gertatuko da.

10 «Iparraldeko erregearen semeak gerrarako prestatuko dira, gudaroste handiak bilduz. Seme horietako bat uholde baten antzera sartuko da bere gudariekin hegoaldeko mugetan barrena. Itzultzean, etsaiaren gotorleku bati erasoko dio. 11 Amorru bizian, kontraerasoa antolatuko du hegoaldeko erregeak iparraldekoaren kontra. Honek gudaroste handi batekin egingo dio aurre, baina haren menpe eroriko da gudarostea. 12 Iparraldeko gudarostea suntsitzean, hegoaldeko erregea harropuztu egingo da; baina, etsaiari milaka gudari hilagatik, ez du luzaroan iraungo agintean. 13 Urte batzuk geroago, iparraldeko erregeak lehen baino gudaroste handiagoa bildu eta berriro erasoko dio gudu-tresna ugariz. 14 Garai hartan asko jaikiko dira hegoaldeko erregearen aurka; haien artean zure herriko gizon oldarkoi batzuk ere bai, goi-ikuskariren bat betetzen dutelakoan, baina porrot egingo dute. 15 Iparraldeko erregea izango da berriro erasoan eta hiri-gotor bat hartuko du. Hegoaldeko indarrek ezin izango diote aurre egin, ez eta gudari aukeratuenek ere. 16 Nahi duena egingo du iparraldekoak, ezin izango baitio inork eutsi. Lurralde Guztiz Ederrean geratuko da, hondamena ekarriz. 17 Bere indar guztiekin hegoaldeko erreinuaz jabetzea erabakiko du. Horretarako, hegoaldeko erregearekin hitzarmena egingo du, alaba emaztetzat emanez, haren erreinua hondatzeko asmoz; baina ez du lortuko bere xedea. 18 Gero, kostaldeko lurraldeetara joko du eta haietako asko hartuko ditu menpean; baina atzerriko buruzagi batek bukaraziko ditu haren harrokeriak, eta berak erantzuterik ez du izango. 19 Orduan, bere herrialdeko gotorlekuak hartzera joango da, baina arrakastarik gabe; bertan eroriko da, eta arrastorik ere utzi gabe desagertuko. 20 Beste errege bat izango da haren ordez; honek ordezkari bat bidaliko du Jerusalemgo tenpluko altxorraz jabetzera; denbora gutxiren barruan hau ere hil egingo dute, baina ez jendearen aurrean, ez eta gerratean ere.

21 «Honen ondoren gizon zital bat etorriko da, errege izateko eskubiderik gabea. Maltzurkeriaz eta azpikeriaz jabetuko da erreinuaz. 22 Erasoko dioten gudaroste guztiak suntsituko ditu, eta itunaren herriko buruzagi bat ere hilko du. 23 Aldeko dituenez baliatuz eta maltzurkeriaz jokatuz, gero eta indartsuago egingo da, berekin lagun gutxi izanik ere. 24 Inork gutxien uste duenean, eskualdeko lurrik aberatsenetara sartuko da eta beraren arbasoak egiten ausartu ez zirena egingo du: bere gizonen artean banatuko ditu lapurtutako harrapakinak eta aberastasunak. Azpijokoz gotorlekuak hartzeko asmotan ibiliko da. Baina denbora gutxirako izango da.

25 «Bere indar eta ausardiaz fidaturik, hegoaldeko erregeari erasoko dio gudaroste handi batez. Hegoaldeko erregea, berriz, gudaroste guztiz handiarekin aterako zaio aurka; baina honek ezin izango dio aurre egin, haren azpijokoek hondatuko dute eta; 26 laguntzailerik gertukoenek salduko dute, beraren gudarostea hondatua izango da eta gudari asko hilak. 27 Gero, mahaian eseriko dira bi erregeak; baina asmo txarrez beterik egongo direnez, gezurra besterik ez diote elkarri esango. Ez dute ezer onik aterako, ez baita artean azken epea betea izango. 28 Iparraldeko erregea bere lurraldera itzuliko da aberastasun handirekin, eta itun santuko herria hondatzea erabakiko du, eta, erabakia betetzean, bere herrira itzuliko da.

29 «Bere garaian, hegoaldeko erreinuaren aurka joango da berriro; baina orduan ez zaizkio aterako gauzak lehen bezala. 30 Mendebaldetik erromatarren itsasontziek erasoko diote. Adorea galdurik, atzera egin beharko du; orduan, itun santuko herriaren aurka hustuko du bere amorrua; horretarako, itun santua alde batera utzi dutenen laguntzaz baliatuko da. 31 Santutegia eta tenpluko gotorlekua profanatu egingo dituzte haren gudariek, eguneroko oparia kendu eta idolo higuingarria ezarriko aldare gainean. 32 Bide okerrera eramango ditu xurikeriazko promesez ituna hautsi dutenak. Baina sendo iraungo dute eta gogor ekingo Jainkoa aintzakotzat hartzen dutenek. 33 Herriko jakintsuek jende askori irakatsiko diote; baina epe baten barruan, hil edo erre egingo dituzte, gatibu eraman edo ondasunak kendu. 34 Laguntza gutxi hartuko dute erasoaldi hauetan, elkartuko zaizkienek ere maltzurkeriaz jokatuko baitute. 35 Jakintsuen artetik batzuk erortzen badira, azkenaldia heldu aurretik herria probatzeko, garbitzeko eta berritzeko izango da, epea erabakia baitago.

36 «Nahi duena egingo du iparraldeko erregeak. Harrokeriaz puzturik, jainkoak baino handiagoa dela pentsatuko du eta irain izugarriak botako ditu jainkoen Jainkoaren aurka. Ongi aterako zaio dena, Jainkoaren zigorra iritsiko den arte. Beteko baita erabakita dagoena. 37 Errege honek ez die izango begirunerik beraren arbasoek gurtu zituzten jainkoei, ez emakumeek begiko duten jainkoari, ez eta beste edozein jainkori ere; jainko guztiak baino handiagotzat joko baitu bere burua. 38 Horien ordez, gotorlekuetako jainkoa gurtuko du, eta beraren gurasoek ezagutu ez zuten jainkoari urrea, zilarra, harribitxiak eta gauzarik baliotsuenak eskainiko dizkio. 39 Jainko arrotz horren laguntzaz erasoko die gotorlekuei. Ohorez beteko ditu jainko hori onartzen dutenak, jende askoren agintari egingo ditu eta lurrak emango dizkie sari.

40 «Azken garaia iristean, hegoaldeko erregeak erasoko dio; baina iparraldeko erregea gainera jausiko zaio gurdi, zaldizko eta itsasontzi askorekin; uholdea bezala igaroko da. 41 Lurralde Guztiz Ederrera ere iritsiko da, eta jende asko eroriko da bertan; edomdarrak, moabdarrak eta amondarren buruzagiak, ordea, libratu egingo dira. 42 Beste lurraldeetara ere zabalduko du bere agintea, Egipto bera ere ez da libratuko. 43 Egiptoko urre, zilar eta altxor guztien jabe egingo da. Libiarren eta etiopiarren txanda izango da hurrengoa. 44 Baina iparraldetik eta ekialdetik etorriko zaizkion albisteek asaldatu egingo dute; orduan, amorru bizian irtengo da jende asko suntsitzeko asmoz. 45 Itsasoaren eta mendi santu ederraren artean jarriko du errege-kanpalekua. Hantxe iritsiko zaio azkena; ez zaio etorriko inortxo ere laguntzera.


12. atala[aldatu]

1 «Garai hartan, Mikael, aingeruen buruzagia eta zure herriaren zaindaria, agertuko da. Larrialdi-garaia izango da, nazioak nazio direnez geroztik parekorik gabea. Orduan, salbatu egingo da zure herria, biziaren liburuan beren izena idatzia duten guztiak, alegia. 2 Iratzarri egingo dira hilobietan dauden asko: batzuk betiko bizitzarako, besteak betiko lotsarako. 3 Jakintsuek ortziak bezala distiratuko dute, eta besteei bide zuzenetik ibiltzen lagundu dietenek izarrak bezala betierean. 4 Eta zuk, Daniel, gorde isilpean mezu hau eta itxi zigiluz liburua azken garaira arte. Orduan, askok aztertuko dute eta beren jakinduria sakonduko>.

5 «Nik, Danielek, begiratu eta beste bi gizon ikusi nituen zutik ibaiaren alde banatan. 6 Haietako batek, ibaiko ur gainean zegoen ehunez jantzitako gizonari esan zion: <Noiz izango da gauza harrigarri hauen azkena?> 7 Ibaiko ur gainean zegoen ehunez jantzitako gizonak, bi eskuak jaso eta betierean bizi den Jainkoaren izenean zin egin zuen: <Hiru urte eta erdi iraungo dute gauza hauek. Herri santuaren indar guztia erabat desegingo denean amaituko dira>.

8 «Nik, Danielek, entzun nituen hitzok, baina ez nituen ulertu. Orduan, galdetu nion: Ene jauna, zein izango da gauza hauen azkena? 9 Eta hark erantzun: <Zoaz orain, Daniel! Mezu hau isilean gordea eta zigilatua egongo da azken garaira arte. 10 Asko izango dira probatuak, garbituak eta berrituak. Gaiztoek, ulertzeko gauza ez direnez, gaiztakeriak egiten jarraituko dute. Jakintsuek, ordea, dena ulertuko dute. 11 Eguneroko oparia kendu eta aldare gainean idolo higuingarria jarriko denetik mila berrehun eta laurogeita hamar egun igaroko dira. 12 Zorionekoa mila hirurehun eta hogeita hamabost egunez eroapenez itxaroten duena. 13 Eta zu, Daniel, izan leial azkenera arte. Orduan hartuko duzu atseden, eta garaiaren azkenean altxatuko zara saria jasotzeko> ».