Edukira joan

Biblia/Ester

Wikitekatik
Biblia
Ester
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Hemen kontatzen dena Pertsiako errege Asueroren garaian gertatu zen. Asueroren erresuma Indiatik Etiopiara zabaltzen zen, ehun eta hogeita zazpi eskualde zituelarik. 2 Susa zeritzan hiriburuan zuen Asuerok bere errege-aulkia. 3 Bere erregealdiko hirugarren urtean otordu handia eman zien bere funtzionario nagusi guztiei, Pertsia eta Mediako gudarosteen buruzagiak eta eskualdeetako gobernariak bere inguruan bilduz. 4 Beraren erregetza hain ospetsu egiten zuten aberastasunak eta bere handitasunaren ederra eta distira erakutsi nahi izan zizkien luzaro, sei hilabetez.

5 Aldi honen buruan, Susa hirian ziren denentzat, bai handienentzat, bai apalenentzat, aste betez luzatu zen otordua antolatu zuen erregeak bere jauregiko lorategi-atarian. 6 Bazen han zintzilik liho zurizko eta purpura morezko oihalik; liho eta purpura gorrizko lokarriz zeuden lotuak zilarrezko eraztunetara eta marmolezko zutabetatik esekiak. Urrezko eta zilarrezko etzaulki asko zen han, eta zolua jade, marmol, nakar- eta azabatxe-harlosaz egina zen. 7 Edalontziak urrezkoak ziren, eta mota guztietakoak; ardoa, berriz, erregeari dagokion oparotasunez eskaintzen zuten. 8 Askatasun osoz edan zitekeen, agindua baitzien erregeak jauregiko zerbitzariei, bazkaldar bakoitzak nahi zuena egiteko. 9 Era berean, Baxti erreginak ere otordua eman zien emakumeei Asuero erregearen jauregi barnean.

10 Zazpigarren egunean, ardoak alaiturik, Asuero erregeak bere zerbitzura zituen zazpi laguntzaileei, Mehuman, Bizta, Harbona, Bigta, Abagta, Zetar eta Karkaxi, dei egin zien, 11 eta Baxti erregina, bere koroa eta guzti, bere aurrera ekartzeko agindu. Zeinen ederra zen erakutsi nahi zien jende guztiari eta funtzionarioei; izan ere, oso ederra zen. 12 Eman zioten laguntzaileek erregearen aginduaren berri; baina erreginak ez zuen joan nahi izan. Erregea, orduan, sutu eta haserre bizian jarri zen. 13 Dei egin zien lege-jakintsuei, zeren lege eta arauetan adituak direnen aurrean behar baitira errege-arazoak aztertu. 14 Erregeagana hurbildu zirenen artean zeuden Karxena, Xetar, Admata, Tarxix, Meres, Marsena eta Memukan, Pertsia eta Mediako zazpi buruzagiak; hauek sar zitezkeen erregearen aurrera, erreinuko mailarik gorenetakoak zirelako. 15 Erregeak esan zien:
-Nik, Asuero erregeak, agindu bat bidali diot morroien bidez Baxti erreginari; berak, ordea, ez du bete nahi izan. Zer dio legeak egin behar litzaiokeela?

16 Memukan mintzatu zen erregearen eta buruzagien aitzinean: «Erregea ez ezik, buruzagiak eta Asuero erregearen erresumako eskualde guztietan bizi diren herriak ere iraindu egin ditu Baxti erreginak. 17 Emakume guztiek izango baitute erreginak egin duenaren berri, eta beren senarrak gutxiesten hasiko dira, esanez: <Asuero erregeak bere aurrera joateko agindu zion Baxti erreginari eta hau ez zitzaion joan>. 18 Aurrerantzean, Pertsia eta Mediako buruzagien emazteek, erregina nola jokatu den ikusirik, gutxietsi egingo dituzte erregearen buruzagiak, eta gutxiespen honek haserreak sortuko ditu. 19 Erregeak ongi baderitzo, eman bedi berorren izenean eta ezarri Pertsia eta Mediako legeen artean deuseztuezineko agindu hau: <Ez dadila Baxti aurrerantzean Asuero erregeagana inoiz agertu eta hura baino hobea izanen denari eman diezaiola berorrek erregina izatea>. 20 Horrela, erregeak harturiko erabakia, hain zabala den inperio osora hedatuko da. Orduan, emazte guztiek beren senarrei, nola handienei hala apalenei, begirune izanen diete».

21 Erregeak eta buruzagiek ongi iritzi zioten aholku honi, eta erregeak Memukanen esana egin zuen. 22 Gutunak igorri zituen erreinuko eskualde guztietara, eskualde bakoitzeko idazkeran eta herri bakoitzeko hizkeran emanak, gizaseme guztiak nor bere etxeko nagusi izan zitezen aginduz.

Ester, erregina izendatu


2. atala

[aldatu]

1 Aldi baten buruan, baretu zitzaion haserrea Asuerori; baina ezin zitzaizkion erregeari ahaztu Baxtik egina eta honen aurka harturiko erabakia. 2 Honela mintzatu zitzaizkion orduan erregeari bere funtzionarioak: «Bil ditzatela erregearentzat neskatxa gazteak, birjinak eta politak. 3 Izenda itzazu zeure erresumako eskualde guztietan mandatariak, neskatxa birjinak eta politak Susara, erregearen haremera, ekar ditzaten; utz ditzatela emazteki horiek zaintzeko kargua duen Hegairen, erregearen irenaren, ardurapean; honek emango dizkie apaingarriak. 4 Eta emazteki horien artetik erregearen gogoko gertatzen dena izan bedi erregina, Baxtiren ordez».

Ongi iruditu zitzaion erregeari, eta horrela egin zuen.

5 Bazen Susa hirian Mardokeo zeritzan judu bat, Jair-en semea; Ximeiren biloba, Benjaminen leinuko Kixen ondorengoa. 6 Babiloniako errege Nabukodonosorrek erbesteratua zuen Jerusalemdik, Judako errege Jekoniasekin atzerriratu zituenekin batera. 7 Bere lehengusina Hadasaren, hau da, Esterren aitaordea zen; ez baitzuen Esterrek aitarik, ez amarik. Neska liraina zen gorputzez, eta biziki ederra. Aitamak hil zitzaizkiolarik, Mardokeok zuen alabatzat hartua.

8 Erregearen esana eta erabakia zabaldurik, anitz neskatxa bildu zuten Susa hirira, Hegairen ardurapean jarriz. Ester ere jauregira eraman zuten besteekin batera eta Hegairen, emakume-zainaren, ardurapean jarri. 9 Begiz jo zuen honek Ester, oso atsegina gertatu baitzitzaion; behar zituen apaingarriak eta beste gauza guztiak eskuratu zizkion berehala; gainera, jauregikoen artean aukeraturiko zazpi neskame eman zizkion eta haremeko gelarik hoberenera eraman zuen bere neskameekin batera. 10 Esterrek ez zuen adierazi zein herri eta zein jatorritakoa zen, Mardokeok agindua baitzion ez esateko. 11 Mardokeo haremeko atari aurrean ibili ohi zen egunero, Ester osasunez nola ote zegoen eta nola ote zerabilten jakin nahiz. 12 Hamabi hilabeteren buruan, emakumeentzat agindua zegoen epea bete ondoren, neskatxa bakoitzari Asuero erregearen aitzinera agertzeko txanda etortzen zitzaion. Edertzeko igurzketak honela egin ohi ziren: sei hilabetez mirra-olioz, eta hurrengo seietan emakumeek erabili ohi dituzten lurrin eta usain-gozoz. 13 Neskatxa batek erregearen aurrera azaldu behar zuenean, apaintzeko eskatzen zuen guztia eman ohi zioten, haremetik jauregira berekin eraman zezan. 14 Ilunabarrean sartzen zen jauregira, eta biharamun goizean beste harem batera joan ohi zen, Xaaxgaz-en, erregearen emakume-zain zen irenaren, ardurapean jarriz. Ez zen erregearen aurrera agertuko, erregeak bera desiratu eta deitu ezik.

15 Heldu zitzaion, bada, Esterri, Mardokeok alabatzat hartua zuen bere osaba Abihailen alabari, erregearen aurrera agertzeko txanda. Horretarako, emakume-zain zen Hegaik, erregearen irenak, esan ziona baizik ez zuen eskatu Esterrek. Ikusten zuten guztien onginahia bereganatzen zuen. 16 Asueroren erregealdiaren zazpigarren urteko hamargarren hilean, hots, Tebet hilean eraman zuten Ester erregearen aurrera. 17 Erregeak maiteago izan zuen Ester beste emakume guztiak baino; honek bereganatu zituen, beste neskatxa guztien artean, erregearen onginahia eta amodioa. Berari ezarri zion buruan erregina-koroa, eta erregina egin zuen Baxtiren ordez. 18 Ondoren, otordu handia eman zien erregeak buruzagi eta funtzionarioei, Esterren omenez. Zergak arindu zituen eskualdeetan, eta erregeari dagokion oparotasunez banatu zituen erregaliak.

Mardokeok azpikeria salatu


19 Neskatxak haremera bigarren aldiz bildu zirenean, Mardokeo atezain zegoen erregearen jauregian. 20 Esterrek ez zuen adierazi zein herri eta zein jatorritakoa zen; hala baitzion Mardokeok agindua eta bete egiten zuen hark Mardokeoren esana, beraren ardurapean zegoenean bezalaxe.

21 Egun haietan, Mardokeo jauregiko atezain zelarik, Bigtan eta Terex, gelazain ziren erregearen bi laguntzaileak, Asuero erregea hiltzeko asmotan zebiltzan, oso haserre baitzeuden. 22 Mardokeok, asmo honen berri izan zuenean, Ester erreginari jakinarazi zion, eta Esterrek erregeari, Mardokeoren izenean. 23 Ikerketa eginik, egia zela ikusi zen. Urkatu zituzten biak, eta idatzi egin zuten gertatua Erresumako Gertakari-Liburuan erregearen aginduz.


3. atala

[aldatu]

1 Ondoren, Haman, Hamedataren seme eta Agag-en jatorrikoa, goi-mailara jaso zuen Asuero erregeak, berekin zituen buruzagi guztien gain goratu eta eseraraziz. 2 Erregearen jauregiko funtzionario guztiak belaunikatzen eta ahozpezten ziren Hamanen aitzinean, erregeak horrela baitzuen agindua. Mardokeo, aldiz, ez zen belaunikatzen, ez ahozpezten. 3 Jauregiko funtzionarioek honela ziotsoten Mardokeori:


-Zergatik ez duzu betetzen erregearen agindua?

4 Egunero esaten zioten arren, ez zien jaramonik egiten. Bera judua zela jakinarazi zien Mardokeok. Orduan, Hamani adierazi zioten hori, Mardokeok bere jokabideari eusten ote zion ikusteko. 5 Ikusi zuen Hamanek ez zitzaiola Mardokeo belaunikatzen, ez ahozpezten, eta biziki haserretu zen. 6 Mardokeo zein herritakoa zen adierazi ziotenean, eskua berari bakarrik eranstea gutxi zelakoan, Asueroren erresuman ziren judu guztiak ere galdu egin nahi izan zituen, harekin batera. 7 Asueroren erregealdiaren hamabigarren urteko lehen hilean, hots, Nisan hilean, «pur» edo zotz eginarazi zuen Hamanek, bere asmoak betetzeko egunik eta hilabeterik egokiena zein izango ote zen jakiteko. Hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamahirugarren eguna atera zen.

8 Honela mintzatu zitzaion Haman Asuero erregeari:


-Bada zure erresuman jende-mota berezi bat, eskualde guztietako herrien artean sakabanatua. Haien legeak ez dira beste herrienak bezalakoak, eta ez dituzte betetzen erregearen aginduak. Ez zaio erregeari halakoak bakean uztea komeni. 9 Egoki baderitzo, eman beza idatziz erregeak halako horiek suntsiarazteko agindua. Ehundaka tonelada zilar ipiniko dut nik funtzionarioen esku, errege-gordailura eraman dezaten.

10 Orduan, erregeak eraztuna bere eskutik atera eta juduen etsai zen Hamani, Hamedataren seme eta Agagen jatorrikoari, eman zion, 11 esanez:


-Zilarra zuretzat. Herri horri buruz, egizu nahi duzuna.

12 Lehen hilaren hamahiruan erregearen idazkariei dei egin eta Hamanek agindu bezala idatzi zituzten gutunak, eta erregeorde guztiei, eskualdeetako gobernariei eta herri guztietako buruzagiei igorri zizkieten, nori bere eskualdeko idazkeran eta herriko hizkeran. Asuero erregearen izenean zeuden idatziak eta erregearen eraztunaz zigilatuak. 13 Mezularien bidez bidali zituzten gutunak erreinuko eskualde guztietara. Agindu hau zeramaten: hondatu, hil eta suntsiaraz zitzatela judu guztiak, gazte nahiz zahar, haur nahiz emakume, eta ostu zitzatela haien ondasunak, dena egun berean, hamabigarren hilaren, Adar hilaren, hamahiruan. 14 Gutun honetan esana, legetzat eman behar zen eskualde guztietan, eta herri guztiei adierazi, esaniko egunerako prest egon zitezen. 15 Erregearen agindua harturik, bizkor abiatu ziren mezulariak. Susa hirian ere aldarrikatu zen agindu hori. Erregea eta Haman edatera eseri ziren; bitartean, Susa hiria izu-ikaratua zegoen.


4. atala

[aldatu]

1 Gertatzen ari zena jakitean, Mardokeok bere soinekoak urratu, dolu-jantziz estali, burura hautsa bota eta hirian barrena ibili zen aieneka eta oihuka. 2 Erregearen jauregi aurrera heldu zelarik, gelditu egin zen, ezin baitzitekeen jauregian inor sar dolu-jantziz estalia. 3 Izugarrizko atsekabea zegoen, erregearen esanaren eta erabakiaren berri izan zuten eskualde guztietako juduen artean. Barau, negar eta aiene egin zuten eta haietarik asko zaku eta errauts gainean etzan zen.

4 Neskameak eta irenak Esterri joan zitzaizkion horren guztiaren berri ematera. Erregina erabat nahigabetu zen. Eta soinekoak bidali zizkion Mardokeori, dolu-jantzia erantzi eta haiek jantzi zitzan; Mardokeok, ordea, ez zuen nahi izan. 5 Deitu zuen Esterrek Hatak, bere zerbitzura erregeak jarri zizkion irenetariko bat, eta Mardokeogana igorri zuen, zer gertatzen eta zergatik zen jakitera. 6 Hala, irten zen Hatak Mardokeoren bila, jauregi aurrean zegoen plazara. 7 Gertatzen ari zen guztiaren berri eman zion Mardokeok; juduak suntsitzearen ordain, Hamanek erregearen gordailurako zenbateko dirutza agindua zuen ere jakinarazi zion. 8 Susa hirian aldarrikatua zegoen suntsitze-aginduaren kopia ere eman zion, Esterri erakutsi eta berri emateko; gainera, agindu hau eman zion Esterri: joan zedila erregeagana, beronen onginahia eskuratu eta bere herritarren alde egiteko. 9 Itzuli zen Hatak eta adierazi zion Esterri Mardokeok esana. 10 Esterrek Mardokeogana bidali zuen berriro Hatak, erantzun honekin: 11 «Erregearen funtzionario orok eta erreinuko eskualdeetako jende guztiak daki hau: Deitua izan gabe erregeagana, jauregi barneko atarira, sartzen dena, gizaseme nahiz emakume, hiltzera kondenatzen duela legeak, baldin eta erregeak urrezko bere makila halakoaren gainera luzatzen ez badu. Niri dagokidanez, bada hilabete bat erregeak beregana deitu ez nauela».

12 Mardokeok, Esterren erantzuna jakitean, 13 hau esateko agindu zuen: «Ez uste izan, erregearen jauregian bizi zarelako, juduen zoritxarrari zeuk bakarrik ihes egingo diozunik. 14 Une honetan, hitzik egin gabe, isilik gelditzen bazara, etorriko zaie juduei norbaiten laguntza eta salbatuko dira; orduan, zu eta zeure etxekoak galdu egingo zarete. Gainera, batek daki ez ote zaren erregina izatera iritsi, hain zuzen ere, honelako une baterako!» 15 Esterrek erantzun hau bidali zion Mardokeori: 16 «Bil itzazu Susan bizi diren judu guztiak eta egizue barau nire alde. Ez jan, ez edan hiru egun eta hiru gauez. Nire neskameek eta neuk ere halakoxe baraua eginen dugu. Ondoren, erregearen aitzinera joango naiz, legearen kontrakoa izan arren. Hil beharra badut, hil nadila!» 17 Alde egin zuen Mardokeok, eta Esterrek esana egin zuen.

Esterrek otordura deitu erregea eta Haman


5. atala

[aldatu]

1 Hiru egunen buruan, jantzi zituen Esterrek bere erregina-jantziak, eta jauregi barneko atarian agertu zen, erregearen gela aurrean. Erregea bere aulkian eseria zegoen, atearen aurrez aurre. 2 Ester erregina atarian ikusi zuenean, eztiki begiratu zion eta eskuan zuen urrezko errege-makila luzatu; Esterrek, hurbilduz, makilaren ertza ukitu zuen. 3 Erregeak galdegin zion:


-Zer duzu, Ester erregina? Zer nahi duzu? Neure erresumaren erdia bada ere, emango dizut!

4 Esterrek erantzun zion:


-Ongi baderitzo, betor gaur erregea Hamanekin, prestatu diodan otordura.

5 Erregeak esan zuen:


-Etorrarazi bizkor Haman, Esterren nahia bete dadin.

Horrela, bada, Esterrek prestatua zien otordura joan ziren Haman eta biak. 6 Otordua bukatzean, erregeak galdegin zion Esterri:


-Zer eskatu nahi didazu? Emango dizut! Zer nahi duzu? Erresumaren erdia bada ere, emango dizut!

7 Esterrek erantzun zion:


-Zer eskatu nahi dizudan? 8 Erregeak begiko baldin banau, eskatu nahi diodana ematea ongi iruditzen bazaio, betoz berriro bihar Haman eta biak prestatuko diedan otordura. Orduan esango diot erregeari zer nahi dudan.

Hamanek Mardokeo suntsiarazi nahi


9 Pozik eta alai atera zen egun hartan Haman. Baina Mardokeo jauregiko atarian zegoela ikusi zuenean eta ez zela jaikitzen beraren aurrean, ez zirkinik ere egiten, sutan jarri zen Mardokeoren aurka. 10 Gorde zuen, hala ere, haserrea eta, bere etxean sarturik, bere adiskideak eta bere emazte Zerex etorrarazi zituen. 11 Han ari izan zitzaien nolako aberastasun handiak zituen esaten, zenbat seme-alaba zituen, nola goratu zuen bera erregeak, nola jarri zuen buruzagi eta funtzionario ororen gainetik, 12 eta erantsi zuen:


-Gainera, Ester erreginak, erregearekin batera, ni bakarrik gonbidatu nau prestatu duen otordura. Eta biharko ere, erregea eta biok gonbidatu gaitu. 13 Hori guztia, ordea, alferrik dut, Mardokeo judua jauregi aurrean eseria ikusten dudan bitartean.

14 Orduan, bere emazte Zerexek eta adiskide guztiek erantzun zioten:


-Agindu ezazu hogeita bost metroko urkabea egin dezaten, eta bihar goizean eskatu erregeari Mardokeo bertan zintzilikatzeko. Horrela, alai joan zaitezke erregearekin bazkaltzera.

Pozik entzun zuen hori Hamanek, eta urkabea eginarazi zuen.

Haman Mardokeo ohoratzera behartua


6. atala

[aldatu]

1 Gau hartan bertan, loak harrezinik zegoen erregea. Erresumako Kronika Liburua ekartzeko agindu zuen, eta irakurtzen hasi zitzaizkion. 2 Han zegoen idatzia, nola salatu zituen Mardokeok Bigtan eta Terex, Asuero erregea hiltzeko asmotan ibili ziren bi gelazain laguntzaile haiek. 3 Erregeak galdegin zuen, orduan:


-Zein ohore, zein sari eman zitzaion Mardokeori horrengatik?

Zerbitzariek erantzun zioten:


-Ez zitzaion deus ere eman.

4 Erregeak galdetu zuen:


-Nor da hor atarian?

Hain zuzen, orduantxe zetorren Haman kanpoko atarira, prestatua zegoen urkabean Mardokeo zintzilikatzeko erregeari eskatzera. 5 Zerbitzariek erantzun zioten:


-Haman da atarian dagoena.


-Sar bedi!
-esan zien erregeak.

6 Sartu zen, bada, Haman, eta erregeak galdegin zion:


-Zer egin behar litzaioke erregeak ohoratu nahi duen bati?

Hamanek berekiko: «Nor ohoratu nahi ote du erregeak ni neu izan ezik?» 7 Eta erantzun zion erregeari:


-Erregeak ohoratu nahi duenari? 8 Ba, erregeak soinean eraman dituen jantziak eman behar litzaizkioke, erregeak erabili duen zaldiren bat eskaini eta errege-koroa buruan ezarri. 9 Erregearen funtzionario nagusienetakoren batek soinekoak hartu eta erregeak ohoratu nahi duenari janzten lagundu beharko lioke; gero, zaldi gainera igoarazi eta hiriko kale nagusian barrena erabili beharko luke, beraren aurretik honela oihukatuz: «Hona hemen zer egiten zaion, erregeak ohoratu nahi duen gizonari!»

10 Erregeak orduan Hamani:


-Azkar, hartu jantziak eta zaldia, esan duzun bezala, eta egin hori Mardokeori, atarian dagoen juduari. Ez utzi bete gabe esan duzun xehetasun bat ere.

11 Hartu zituen, bada, Hamanek soinekoak eta zaldia, jantzarazi zizkion Mardokeori eta zaldi gainean erabili zuen hiriko kale nagusian barrena, beraren aurretik honela oihukatuz: «Hona hemen zer egiten zaion, erregeak ohoratu nahi duen gizonari!»

12 Ondoren, Mardokeo jauregi aurrera itzuli zen; Haman, berriz, bere etxera joan zen lasterka, atsekabeturik eta burumakur. 13 Bere emazte Zerexi eta adiskide guztiei adierazi zien gertatu zitzaiona. Bere adiskide jakintsu haiek eta emazteak esan zioten:


-Mardokeo judu izanik, beraren aurrean atzeraka hasi baldin bazara, ezin izango duzu deus ere horren aurka. Aitzitik, hondoraino eroriko zara horren aurrean.

14 Oraindik solasean ari zirelarik, erregearen laguntzaile batzuek agertu eta berehala eraman zuten Haman, Esterrek prestatua zuen otordura.


7. atala

[aldatu]

1 Joan ziren, bada, Ester erreginaren otordura erregea eta Haman. 2 Bigarren egun honetan ere, otordua bukatzean, erregeak esan zion Esterri:


-Zer nahi didazu eskatu, Ester erregina? Emango dizut. Zein da zure eskaria? Erreinuaren erdia bada ere, beteko dut zure nahia.

3 Ester erreginak honela erantzun zion:


-Zeure begiko baldin banauzu, errege jauna, eta ongi iruditzen bazaizu, hona hemen zer nahi dudan: bizitzen uztea. Hona hemen zer eskatzen dudan: nire herritarrei bizitzen uztea. 4 Saldu egin baikaituzte ni eta nire herritarrak, hondatu, hil eta suntsi gaitzaten. Gizonak eta emakumeak esklabo saldu izan bagintuzte ere, isilduko nintzatekeen, ez baitzukeen horrek erregea nekaraztea merezi izango.

5 Orduan, erregeak galdegin zion Ester erreginari:


-Nor da halako asmoak dituena? Non da hori?

6 Esterrek erantzun:


-Gure zapaltzailea, gure etsaia, Haman duzu, maltzur-gaizto hau!

Haman izutua gelditu zen errege-erreginen aurrean. 7 Erregea, haserre bizian, etzaulkitik jaiki eta jauregiko lorategira atera zen. Haman bertan gelditu zen, bizia salbatzeko Ester erreginari eskatuz; sumatu baitzuen erabakia zuela erregeak bere hondamena. 8 Erregea jauregiko lorategitik jangelara itzuli zenean, Ester zegoeneko etzaulkira makurtua zegoen Haman. Erregeak garrasika:


-Gainera, erregina bortxatu nahi al duk neure aurrean, neure etxean?

Horrenbestez, hiltzera kondenatua zegoen Haman. 9 Harbonak, erregearen aurrean zeuden laguntzaileetariko batek, esan zuen:


-Hamanek prestatua du, hain zuzen, urkabea Mardokeorentzat, bizia salbatu zizunarentzat. Hamanen etxean dago eraikia, hogeita bost metro ditu.


-Zintzilika bezate Haman bertan!
-esan zuen erregeak.

10 Eta Mardokeorentzat prestatua zuen urkabean zintzilikatu zuten Haman. Orduan baretu zen erregearen haserrea.

Erregearen agindua juduen alde


8. atala

[aldatu]

1 Egun berean, Asuero erregeak Ester erreginari eman zizkion juduen zapaltzaile izan zen Hamanen ondasun guztiak. Bestalde, Mardokeo beretzat zer zen jakinarazi zion Esterrek erregeari. Orduan, etorrarazi zuen erregeak Mardokeo bere aurrera, 2 atera zuen bere eskutik Hamani kenduriko eraztuna eta Mardokeori eman zion. Esterrek, berriz, Hamanen ondasunen arduradun jarri zuen Mardokeo.

3 Berriro hitz egin zion Esterrek erregeari. Oinetara ahozpezturik, negarrez eskatzen zion, desegin zitzala Agagen jatorriko Hamanek juduak galtzeko emanak zituen aginduak. 4 Erregeak luzatu zuen Esterrengana urrezko makila, eta Ester zutik gelditu zen. 5 Honela mintzatu zitzaion hau:


-Erregeak ongi baderitzo eta ni begiko baldin banau, eskari hau erregeari egoki iruditzen bazaio eta ni atsegin baldin banau, agindu beza idatziz, Hamedataren seme eta Agagen jatorriko Hamanek, asmo maltzurrez, erreinuko eskualde guztietan bizi diren juduak oro hondatzearren, emaniko gutunak baliogabe ditzaten. 6 Nola jasan dezaket nik neure herritarrak hondatuko dituen zorigaiztoa ikustea? Nola eraman ote nezake neure senideak sakailtzen ikustea?

7 Asuero erregeak ihardetsi zien Ester erreginari eta Mardokeo juduari:


-Hara, juduak hondatzeko asmoa zuelako urkarazi nuen Haman, eta haren ondasun guztiak zuri eman dizkizut, Ester. 8 Idatzi zuek idazki bat erregearen izenean, juduen alderako egokien deritzazuen eran, eta zigila ezazue errege-eraztunaz. Izan ere, ezin baita baliogabe utzi erregearen izenean idatzia eta errege-eraztunaz zigilatua dagoen agiria.

9 Berehala deitu zituzten erregearen idazkariak. Hirugarren hilaren, hau da, Siban hilaren hogeita hirua zen. Haiek, Mardokeoren aginduen arabera idatzi zieten ehun eta hogeita zazpi eskualdeetako juduei, erregeordeei, gobernariei eta buruzagiei, Indiatik Etiopiaraino. Eskualde bakoitzeko idazkeran eta herri bakoitzeko hizkeran. 10 Asuero erregearen izenean zihoazen eta beraren izenean zigilatuak. Erregearen ikuiluetako zaldi berezien gainean bidali zituzten mezulariak gutunak eramatera. 11 Hona zer zioen: «Erregeak baimena ematen die hiri guztietako juduei, beren bizia salbatzeko bil daitezen. Eta edozein herri nahiz eskualdetako talde armaturen batek erasoko balie, baimena dute juduek haien haurrak eta emazteak ere hondatu, hil eta suntsitzeko eta haien ondasunak hartzeko. 12 Eta hau, Asuero erregearen menpeko eskualde orotan, egun berean, hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren hamahiruan. 13 Eskualde orotan behar da idazki hau legetzat oihukatu eta herri guztietan hots egin, esaniko egunean juduak prest egon daitezen, beren etsaiei mendeku egiteko».

14 Erregearen agindua harturik, bizkor eta lehiaz abiatu ziren mezulariak erregearen ikuiluetako zaldi berezien gainean. Susa hirian ere hots egin zuten agindua.

15 Mardokeo, berriz, purpura more eta liho zurizko errege-jantzitan jalgi zen jauregitik, urrezko koroa handia zeramala, bai eta liho eta purpurazko mantua ere. Susa hiria poz-oihuz bete zen. 16 Juduentzat dena zen distira, bozkario, alaitasun eta ohore. 17 Erregearen agindua heltzen zen eskualde eta hiri orotan juduak bozkarioz gainezka ziren, otorduak eta jaiak eginez. Beste herrietako jende asko judu bihurtzen zen, juduen beldur ikaragarria sartu baitzitzaien.

Juduek beren etsaiak suntsitu


9. atala

[aldatu]

1 Hamabigarren hilaren, hots, Adar hilaren hamahiruan behar ziren hots egin eta bete erregearen esana eta erabakia. Egun horrexen zain zeuden etsaiak juduak zapaltzeko. Egoera aldatu egin zen, ordea, eta juduek zapaldu zituzten beren etsaiak. 2 Asuero erregearen menpeko eskualde guztietan bildu ziren juduak beren hirietan, kalte egin nahi izan zietenak hiltzeko asmoz. Juduei ez zien inork ere aurre egin, jende guztia izuaren izuz baitzegoen. 3 Eskualdeetako buruzagiak, erregeordeak, gobernariak eta errege-funtzionarioak juduen alde jarri ziren, Mardokeoganako beldur-ikaraz. 4 Izan ere, handia zen Mardokeo erregearen jauregian, eta zabaltzen ari zen haren ospea eskualde guztietan; geroz eta ahaltsuago zen.

5 Beren etsai guztiak ezpataz jo, hil eta suntsitu egin zituzten juduek, lepoa moztuz eta sakailduz. Nahi izan zuten guztia egin zieten juduek etsaiei. 6 Susa hirian bostehun gizaseme hil eta garbitu zituzten, 7-10 hauen artean Hamedataren seme Hamanen, juduen etsai izanaren, hamar semeak: Parxandata, Dalfon, Aspata, Porata, Adalias, Aridata, Parmaxta, Arisai, Aridai eta Baizata. Hala ere, ez zizkieten ondasunak kendu.

11 Egun berean jakinarazi zioten erregeari zenbat lagun hil zuten Susa hirian. 12 Erregea, orduan, honela mintzatu zitzaion Ester erreginari:


-Susa hirian juduek bostehun gizaseme eta Hamanen hamar semeak hil eta garbitu baldin badituzte, zenbat hil ote dituzte erregearen gainerako eskualdeetan? Hala ere, beste zer nahi duzu eskatu? Emango dizut; zuk zer nahi, huraxe egingo da.

13 Esterrek ihardetsi zion:


-Erregeak ongi baderitzo, utz diezaiela Susako juduei bihar ere gaurko aginduaren arabera egiten, eta zintzilika ditzatela urkabean Hamanen hamar semeen gorpuak.

14
-Egin bedi horrela
-agindu zuen erregeak.

Eman zuten agindua Susan, eta zintzilikatu zituzten Hamanen hamar semeen gorpuak. 15 Susako juduak, berriz, bildu ziren Adar hilaren hamalauan ere, eta hirurehun gizaseme hil zituzten Susan; hala ere, ez zituzten haien ondasunak ostu.

16 Erregearen gainerako eskualdeetan ere bildu ziren juduak beren biziak etsaiengandik babesteko; hirurogeita hamabost mila hil zituzten beren etsaietarik, baina ez zituzten haien ondasunak harrapatu. 17 Adar hilaren hamahiruan gertatu zen hau eta hamalauan atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz. 18 Susako juduak, aldiz, hamahiruan eta hamalauan bildu ziren etsaiak hiltzeko, eta hamabostean atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz. 19 Hona, bada, zergatik egiten duten jaiegun Adar hilaren hamalaua herri eta auzoetan sakabanaturik bizi diren juduek, otordu alaiak eratuz eta elkarri eskuerakutsiak bidaliz.

Purim Jaiaren sorrera


20 Mardokeok idatziz eman zituen gauza hauek eta Asuero erregearen agindupeko eskualde orotako judu guztiei gutunak igorri zizkien, nola urrutikoei hala hurbilekoei. 21 Adar hilaren hamalaua eta hamabosta urtero jai egiteko agintzen zien. 22 Izan ere, egun horietan iritsi baitzuten juduek bakea beren etsaien aurrean; hil horretan aldatu zitzaien egoera, atsekabea atsegin eta negarra bozkario bihurtuz. Egun horietan, bada, jai alaiak eta otorduak behar zituzten egin, elkarri erregaloak bidaliz eta behartsuei eskuerakutsiak eginez. 23 Juduek ontzat eman zuten, behin egina zuten hura ohitura bihurtzea. Honela idatzi zien Mardokeok: 24 «Hamedataren seme eta Agagen jatorriko zen Hamanek, judu guztien etsaiak, hauek galtzeko asmo gaiztoa hartu zuen. <Pur> edo zotz egin zuen, juduak hondatu eta suntsitzeko egunik egokiena erabakitzearren. 25 Esterrek, ordea, erregeagana jo zuen eta honek idatziz agindu zuen, Hamanek juduen aurka erabakia zuen hondamendia gerta zekiola berari; horrela, bada, Haman eta honen semeak urkabean zintzilikatu zituzten. 26 Horregatik deritze Purim egun horiei; <pur> hitzetik dator hori».

Honela, beraz, gutun honetan esaten zitzaiena eta beraiek ikusi eta jasan zutena kontuan harturik, 27 juduek ohitura bihurtu zuten eta ontzat hartu, nola berentzat hala beren ondorengoentzat eta judu egiten zirenentzat, bi egun horiek urte oroz jai egitea, hutsik gabe, agindu horrek zioen egunetan. 28 Belaunez belaun, etxe, eskualde eta herri guztietan gogoratu ohi dira eta bete Purim Egun hauek eta ez dira juduen artean galduko; ez da ahaztuko ere inoiz oroitzapen hau judurik izango den bitartean.

29 Abihailen alaba zen Ester erreginak eta Mardokeo juduak Purim-ei buruzko bigarren gutun bat idatzi zuten, beren aginpide osoz lehenengo gutuna sendotuz. 30 Eta Asuero erregearen menpeko ehun eta hogeita zazpi eskualdeetako judu guztiei gutunak bidali zizkieten, bakea eta zoriona opa izanez, eta 31 Mardokeo juduak eta Ester erreginak agindu zutenaren arabera, Purim Jaiak esaniko egunetan egiteko aginduz. Berentzat eta beren ondorengoentzat antolatu zituzten egun hauek, baraualdi eta negar-kantuei buruzko arauak ere erantsiz. 32 Esterrek agindu eta antolatu zituen Purim Jaiak, eta liburuan idatzia gelditu zen.

Mardokeoren ospea


10. atala

[aldatu]

1 Asuero erregeak zergak ezarriz menperatu zituen, nola lehorrekoak hala itsasaldekoak. 2 Media eta Pertsiako Erregeen Kronika Liburuan daude idatzirik erregearen egintza indartsu eta bizkor hauek, bai eta erregeak Mardokeo nola altxatu eta handi egin zuen ere.

3 Bai, erreinuan Mardokeo judua zen Asuero erregearen hurren. Gizon handia juduen aurrean, maitatua bere senide guztien artean. Bere herritarrentzat zorionaren bilatzaile, beretarrentzat bake-ezartzaile.