Biblia/Epaileak

Wikitekatik
Biblia
Epaileak
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala[aldatu]

1 Josue hil zenean, israeldarrek kontsulta egin zioten Jaunari:
-Gure leinuetarik zein igoko da lehena kanaandarrei erasotzera?

2 Jaunak erantzun zuen:
-Judaren leinua igoko da, beronen esku utzia baitut lurralde hori.

3 Orduan, Judaren leinukoek esan zieten Simeonen leinuko beren senideei:
-Zatozte gurekin Jainkoak guretzat izendatu duen lurraldera eta eraso diezaiegun kanaandarrei. Gero, zuei izendatu dizuenera joango gara gu zuekin.

Eta hala, simeondarrak haiekin joan ziren. 4 Judaren leinukoek, beraz, eraso zuten eta Jaunak eskura eman zizkien kanaandarrak eta periztarrak. Hamar mila gizon hil zizkieten Bezeken. 5 Bertan Adoni‑Bezek zeritzan erregea aurkitu eta eraso egin zioten hari ere.

Kanaandarrak eta periztarrak garaitu zituztela ikustean, 6 Adoni‑Bezek ihesi abiatu zen; baina judatarrek, atzetik joan, harrapatu eta esku‑oinetako behatz lodiak ebaki zizkioten. 7 Adoni‑Bezekek esan zuen: «Esku‑oinetako behatz lodiak ebaki nizkien hirurogeita hamar erregeek nire mahaipeko apurrak bildu behar izan zituzten. Neuk egindakoaren ordaina eman dit orain Jainkoak».

Jerusalemera eraman zuten eta bertan hil zen.

8 Judaren leinukoek Jerusalemi eraso eta hartu egin zuten, eta bertan bizi zirenak ezpataz hil eta hiriari su eman. 9 Ondoren, judatarrek mendialdean, Negeven eta Xefela lautadan bizi ziren kanaandarren kontra jo zuten. 10 Hebron hirian bizi ziren kanaandarren kontra ere jo zuten judatarrek -antzina Hebron hiriari Kiriat‑Arba deitu ohi zioten-, eta Xexai, Ahiman eta Talmai menperatu zituzten.

11 Handik, Debir hiriko bizilagunen kontra joan ziren judatarrak -ordurarte Debir hiriari Kiriat‑Sefer deitzen zioten-. 12 Kalebek esan zuen: «Kiriat‑Seferri eraso eta har dezanari neure alaba Aksa emanen diot emaztetzat». 13 Kenazen seme eta Kaleben anaia gazteenak, Otnielek, hartu zuen hiria, eta Kalebek bere alaba Aksa eman zion emaztetzat.

14 Neska heldu zenean, bere aitari lur-sail bat eskatzera bultzatu zuen Otnielek. Neska asto gainetik jaistean, galdetu zion aitak:
-Zer nahi dun?

15 Aksak erantzun:
-Egidazu beste erregalo bat. Eman didazun lurra elkorra da; emazkidazu urtegiak ere.
Orduan, goiko eta beheko urtegiak eman zizkion Kalebek.

16 Moisesen aitaginarreba izandako kenitar haren ondorengoak, judatarrekin batera, Palmondoen Hiritik Judako basamortura, Aradeko hegoaldera, joan eta bertako jendearekin bizi izan ziren.

17 Judatarrek Simeonen leinuko beren senideekin joan eta Tzefat hirian bizi ziren kanaandarrak garaitu zituzten eta hiria erabat suntsitu. Horma deitu zioten hiriari, hau da, «Suntsitua».

18 Judatarrak Gaza, Axkelon, Ekron eta berauen lurraldeez jabetu ziren. 19 Judaren alde zen Jauna; horregatik, mendialdeaz jabetu ahal izan ziren. Baina lautadako jendea ezin izan zuten bota, jende hark burdinazko gudu-gurdiak zituelako.

20 Moisesek esan bezala, Kalebi eman zioten Hebron, eta hark bota egin zituen handik Anaken ondorengo hiru senitarteetakoak.

21 Benjamindarrek, aldiz, ez zituzten Jerusalemgo jebustarrak bota; horregatik, jebustarrak Jerusalemen bizi ahal izan dira benjamindarrekin batera gaurdaino.

22 Joseren leinukoak Betel hiriaren kontra abiatu ziren, Jauna lagun zutela, 23 eta ikerketa egin zuten bertan -antzina hiri hark Luz zuen izena-. 24 Hiritik kanpora zetorren gizon bat ikusirik, ikertzaileek esan zioten: «Erakuts iezaguzu nondik sartzen den hirira eta ongi tratatuko zaitugu». 25 Gizonak erakutsi egin zien nondik sartzen zen hirira. Orduan, hiriko guztiak hil zituzten ezpataz, gizon hura eta beraren senitartekoak izan ezik. 26 Gizon hark, berriz, hititen lurraldera joan eta hiri bat eraiki zuen; Luz izena eman zion eta hala deritza gaurdaino.

27 Manasesen leinukoek ezin izan zituzten hartu Bet‑Xean, Taanak, Dor, Ibleam eta Megido hiriak, ez eta haien inguruak, ez bizilagunak ere; kanaandarrek jarraitu zuten bertan bizitzen. 28 Alabaina, israeldarrek, indartsuago egin zirenean, lanera behartu zituzten kanaandarrak, bertatik ezin bota izan zituzten arren.

29 Efraimen leinukoek ezin izan zituzten bota Gezerko kanaandarrak; horregatik, kanaandarrak efraimdarren artean bizi izan ziren Gezerren.

30 Zabulonen leinukoek ezin izan zituzten bota Kitron eta Nahalol hirietako bizilagunak. Kanaandarrak zabulondarren artean bizi izan ziren, baina lanera behartuak.

31 Axerren leinukoek ezin izan zituzten bota Ako, Sidon, Ahlab, Akzib, Helba, Afik eta Rehobeko bizilagunak, 32 eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren axertarrak, ezin izan baitzituzten handik bota.

33 Neftaliren leinukoek ezin izan zituzten bota Bet‑Xemex eta Bet‑Anat hirietako bizilagunak, eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren; alabaina, lanera behartu zituzten hiri haietakoak.

34 Amortarrek mendialdera bultzatu zituzten Danen leinukoak, lautadara jaisten utzi gabe. 35 Har‑Heres, Aialon eta Xaalbim hirietan bizitzen jarraitu zuten amortarrek; baina Joseren ondorengoek, indartsu egitean, lanera behartu zituzten. 36 Amortarren lurraldea Akrabim‑erako aldapatik, Selatik, gorantz hedatzen zen.

2. atala[aldatu]

1 Jaunaren aingeruak Gilgaldik Bokimera igo eta esan zion herriari: «Egiptotik irtenarazi zaituztet eta zeuen gurasoei zin eginez hitz emaniko lurraldera sartu. Esana nizuen: <Ez dut sekula hautsiko zuekin egin dudan ituna; 2 eta zuek ez duzue inolako itunik egingo lurralde honetako jendearekin, baizik eta haien aldareak desegingo dituzue>. Zuek, aldiz, nire esana aditu beharrean, zer egin duzue? 3 Beraz, hau diotsuet: Ez ditut jende horiek botako zuen aurretik; ondoan izanen dituzue eta beraien jainkoak tranpa gertatuko dira zuentzat».

4 Jaunaren aingeruak israeldarrei esandako hitzok entzutean, herri osoak negarrari eman zion uluka. 5 Horregatik, toki hari Bokim deitu zioten, hau da, «Negartiak». Gero, opariak eskaini zizkioten bertan Jaunari.

6 Josuek bidali egin zuen herria, eta israeldarrak nor bere lurraldearen jabetza hartzera joan ziren.

7 Josue bizi izan zen bitartean, israeldarrek Jauna gurtu zuten; Josue hil ondoren bizirik jarraitu eta Jaunak Israelen alde eginiko egintza handiak ikusiak zituzten arduradunak bizi izan ziren bitartean ere bai. 8 Ehun eta hamar urte zituelarik hil zen Josue, Nunen seme eta Jaunaren zerbitzaria. 9 Beraren jabegoa zen lurraldean ehortzi zuten, Timnat‑Heres hirian, Efraimgo mendialdean, Gaax mendiaren iparraldera.

10 Hil zen, ordea, orduko belaunaldi hura ere, eta ondoren etorritako belaunaldiak ez zuen ezagutu Jauna, ez eta Jaunak Israelen alde egina ere.

11 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek, Baal sasijainkoaren idoloak gurtuz. 12 Egiptotik atera zituen Jauna, beren arbasoen Jainkoa, baztertu eta inguruan bizi ziren herrien sasijainkoen ondoren joan ziren, berauen aitzinean ahozpeztuz; horrela, Jauna haserrearazi egin zuten. 13 Beraz, Jauna baztertu eta Baal eta Astarteren idoloak gurtu zituzten.

14 Jaunak, Israelen kontra biziki haserreturik, lapurren esku utzi zituen, eta hauek lapurretan egin zieten. Inguruko etsaien esku ere utzi zituen; horregatik, israeldarrek ezin izan zioten eutsi etsaien aurrean. 15 Borrokara joatean, beti galduan ateratzen ziren, beren kontra baitzuten Jauna, beronek zin eginez esana zien bezala. Israeldarrak geroz eta estuago zeuden.

16 Orduan, buruzagiak sortarazi zituen Jaunak eta haiek libratu zituzten israeldarrak lapurrengandik. 17 Baina israeldarrak, buruzagi haiei aditu ordez, desleial izan ziren Jainkoarekiko eta sasijainkoak gurtu zituzten, berauen aurrean ahozpeztuz. Berehala okertu ziren gurasoen bidetik; hauek bai aditu zituztela Jaunaren aginduak! Baina ondorengoek ez zuten berdin jokatu.

18 Buruzagiren bat sortarazten zuenean, bizitza osoan laguntzen zion Jaunak; horrela, beren etsaiengandik salbatu egiten zituen israeldarrak. Izan ere, hunkitu egiten zen haietaz Jauna, beren menperatzaile eta laidotzaileen azpian egiten zituzten negarrengatik. 19 Buruzagia hiltzean, ordea, berriro gaiztotzen ziren israeldarrak, beren gurasoak baino gehiago gaiztotu ere. Sasijainkoetara jo eta gurtu egiten zituzten, berauen aitzinean ahozpeztuz. Ez zituzten aldatzen beren jarduuera gaizto eta jokabide setatsuak.

20 Orduan, Jaunak, Israelen kontra biziki haserreturik, esan zuen: «Herri honek hautsi egin du gurasoekin egin nuen ituna eta ez du aintzat hartu nire esana. 21 Beraz, nik ere ez dut botako beraren aurretik Josuek, hiltzean, utzi zituen jentil‑herri horietariko bat ere».

22 Izan ere, herri haietaz baliatu nahi izan zuen Jaunak Israel probatzeko eta, gurasoen erara, Jaunaren bideetan zebilen ala ez ikusteko. 23 Horra, bada, zergatik utzi zien Jaunak jentil‑herri haiei bertan bizitzen, lurralde hartatik berehala egotzi gabe eta Josueren menpe jarri gabe.

3. atala[aldatu]

1 Lurralde hartako zenbait jentil‑herri bizirik utzi zuen Jaunak, Kanaango gerlak ikusi ez zituzten israeldarrak haien bitartez probatzeko. 2 Aurrez gerrarik ikusi ez zuten israeldar‑belaunaldiak hezitzeko eta gudurako trebatzeko baizik ez zen izan hori.

3 Hona hemen zeintzuk ziren jentil‑herri haiek: filistearren bost buruzagiak, kanaandar guztiak, sidondarrak eta Baal‑Hermon menditik Hamateko sarreraraino Libanoko mendialdean bizi ziren hibiarrak. 4 Horrela probatuko zituen Jaunak israeldarrak eta jakingo beraien gurasoei Moisesen bitartez emaniko aginduak betetzen zituzten ala ez.

5 Beraz, kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren artean bizi izan ziren israeldarrak. 6 Haien alabak emaztetzat hartu eta beren alabak haien semeei eman zizkieten eta haien sasijainkoak gurtu zituzten.

7 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek: Jaunaz, beren Jainkoaz, ahaztu eta Baal eta Axeraren idoloak gurtu zituzten. 8 Sutu egin zen Jaunaren haserrea Israelen kontra, eta Mesopotamia Garaiko errege Kuxan‑Rixataimen esku utzi zituen. Zortzi urtez izan ziren israeldarrak Kuxan‑Rixataimen menpeko.

9 Orduan, israeldarrek oihu egin zioten Jaunari eta honek salbatzaile bat bidali zien: Kenazen seme eta Kaleben anaia gazteen, Otniel; honek salbatu zituen. 10 Jaunak bere espiritua eman zion Otnieli eta honek gobernatu zuen Israel. Borroka egin zion Mesopotamia Garaiko errege Kuxan‑Rixataimi eta, Jaunak eskura eman ziolarik, Otnielek menperatu egin zuen.

11 Israel herrialdea bakean egon zen berrogei urtez, harik eta Kenazen seme Otniel hil zen arte.

12 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriro israeldarrek; horregatik, israeldarrak zigortzeko, Moabeko errege Eglon indartu zuen Jaunak. 13 Amondarrak eta amalektarrak berekin harturik, joan eta menperatu egin zituen Eglonek israeldarrak eta Palmondoen hiria eskuratu zuen. 14 Hemezortzi urtez egon ziren israeldarrak Moabeko errege Eglonen menpe. 15 Orduan, israeldarrek Jaunari dei egin eta Jaunak salbatzailea sortarazi zuen haientzat: Gera‑ren seme Ehud, benjamindarra; ezkertia zen.

Israeldarrek Ehud bidali zuten Moabeko errege Egloni zerga ordaintzera. 16 Ehudek aho-biko ezpata, metro erdi bat luzekoa, egin zuen eta jantzien azpian lotu, eskuineko izter ondoan. 17 Aurkeztu zion, bada, zerga Moabeko errege Egloni -Eglon oso gizena zen- 18 eta, zerga eman ondoren, bidelagunekin batera itzuli egin zen; 19 baina Gilgal ondoan dauden idoloetara heltzean, berriro itzuli eta esan zion erregeari:
-Errege jauna, isilpeko mandatua dakarkizut.

Erregeak esan zien berekin zeuden zerbitzariei:
-Ixo! Alde zuek!

Alde egin zutenean, 20 Eglonengana hurbildu zen Ehud. Erregea beretzat bakarrik zuen goiko gela freskoan zegoen eseria. Ehudek esan zion:
-Jainkoaren mandatua dut zuretzat.

Erregea jaiki egin zen aulkitik. 21 Orduan, Ehudek ezker‑eskua luzatu, eskuineko izterrean zekarren ezpata hartu eta sabelean sartu zion erregeari 22 oso‑osorik, kirten eta guzti; gantzek estali egin zuten ezpata, Ehudek ez baitzuen atera erregearen sabeletik. Ondoren, leihotik atera zen, 23 atzealdetik, goiko gelako ateak itxi eta maratila eman ondoren. 24 Ehud joan eta gero, zerbitzariek, etorri eta goiko gelako ateek maratila emana zutela ohartzean, erregea bere gela freskoan sabela hustutzen ariko zela uste izan zuten. 25 Zain eta zain egon ondoren, kezkatzen hasi ziren, goiko gelako ateak irekitzen ez zirelako. Giltza hartu eta atea irekitzean, han aurkitu zuten beren nagusia lurrean zerraldo, hila.

26 Haiek zain zeuden bitartean, Ehudek, idoloen ingurutik igaro eta Seirara egin zuen ihes.

27 Heldu zenean, Efraimgo mendialdean adarra jo zuen eta israeldarrak menditik jaitsi ziren, Ehud bera buru zutela. 28 Ehudek esan zien: «Jarrai niri! Eskura eman baitizkizue Jaunak zeuen etsai moabdarrak».
Eta haren ondoren jaitsirik, Moaberako igarobideak hartu zituzten Jordanen, eta ez zioten inori ere utzi igarotzen.

29 Egun hartan hamar mila moabdar inguru hil zituzten, denak sendoak eta indartsuak. Ez zuen batek ere ihes egin. 30 Handik aurrera, moabdarrak israeldarren menpe egon ziren eta bakea izan zen herrialdean laurogei urtez.

31 Ehuden ondoren, Anaten seme Xamgar izan zen buruzagi. Seiehun filistear hil zituen itzain‑akuilu batez. Horrela, berak ere salbatu zuen Israel.

4. atala[aldatu]

1 Ehud hiltzean, Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriro israeldarrek. 2 Jaunak, orduan, Hatzor hirian kanaandarren errege zen Jabinen esku utzi zituen. Sisera zuen izena haren gudarostearen buruzagiak eta Haroxet‑Goim hirian bizi zen.

3 Siserak burdinazko bederatziehun gudu-gurdi zituen eta hogei urtez gogor zanpatu zituen israeldarrak; horregatik, israeldarrek dei egin zioten Jaunari.

4 Aldi hartan, Lapidoten emazte Debora profetesak gobernatzen zuen Israel. 5 Andre hura Deboraren Palmondopean jarri ohi zen, Rama eta Betel artean, Efraimgo mendialdean, israeldarrek eramaten zizkioten auziak erabakitzera. 6 Behinola, Neftaliren lurraldeko Kedex hirian bizi zen Barak izeneko bati, Abinoamen semeari, dei egin eta esan zion Deborak:
-Hona hemen Jaunak, Israelen Jainkoak, damaizun agindua: «Zoaz eta bil itzazu zeurekin Tabor mendian Neftali eta Zabulonen leinuetako hamar mila gizon.
7 Nik Kixon errekara ekarriko dizut Sisera, Jabinen gudarostearen buruzagia, bere gudu-gurdi eta gudari‑taldearekin, eta eskura emango».

8 Barakek erantzun:
-Nirekin baldin bazatoz, joango naiz; bestela, ez.

9 Deborak esan zion:
-Joango naiz, bada, zurekin. Baina egintza honetan ospea ez da zurea izango, emakume baten esku jarriko baitu Jaunak Sisera.
Eta Debora Barakekin joan zen Kedexera.
10 Barakek Kedexera deitu zuen Zabulon eta Neftaliren leinuetako jendea. Hamar mila gizon joan zitzaizkion ondoren; Debora ere berarekin zen.

11 Aldi hartan Heber kenitarra beste kenitarrengandik, hau da, Moisesen aitaginarreba zen Hobaben ondorengoengandik banandu eta Kedex ondoan zegoen etxolatua, Tzaanaimgo artearen inguruan. 12 Abinoamen seme Barak Tabor mendira igoa zela jakin orduko, Sisera, 13 burdinazko bederatziehun gudu-gurdiak eta bere gudaroste osoa bildurik, Haroxet‑Goimdik atera eta Kixon errekara joan zen. 14 Orduan, Deborak esan zion Baraki: «Eutsi! Gaur emanen dizu Jaunak eskura Sisera. Jauna doa zure gudu-taldearen buru».

Bere hamar mila gizonak ondoren zituela jaitsi zen Barak Tabor menditik. 15 Eta Jaunak sakabanatu egin zituen Sisera eta beroren gudu-gurdi eta gudaroste osoa, Baraken erasopean. Siserak gudu-gurditik jaitsi eta oinez egin zuen ihes. 16 Barak Haroxet‑Goimeraino joan zen gudu-gurdi eta gudarostearen atzetik. Siseraren gudari guztiak ezpatapean erori ziren, bizirik bat ere gelditu gabe.

17 Sisera bera oinez joan zen ihesi Heber kenitarraren emazte Jaelen oihal‑etxolaraino, bakean baitziren Hatzorko errege Jabin eta Heber kenitarra. 18 Jael bidera atera zitzaion Siserari eta esan zion:
-Zatoz, ene jauna, zatozkit; ez izan beldurrik!

Sartu zen, beraz, haren oihal‑etxolan eta emakumeak estalki batez gorde zuen. 19 Siserak esan zion:
-Emadazu edaten ur pittin bat, egarriak nago eta.

Emakumeak, esne‑zahagia irekirik, eman zion edaten eta ezkutatu egin zuen berriro. 20 Siserak esan zion:
-Zaude etxolako atean eta norbait inor badagoen galdezka etortzen bada, esaiozu ezetz.

21 Sisera leher egina zegoen eta zerraldo lo gelditu zen. Orduan, Heberren emazte Jaelek, oihal‑etxolari eusteko ziri bat eta mailua eskuan hartu, Siserarengana isilean hurbildu eta buruan sartu zion alderik alde, lurrari josiz. Horrela hil zen. 22 Barak Siseraren ondoren zebilen. Jaelek, bidera irtenik, esan zion: «Zatoz, neuk erakutsiko dizut bila zabiltzan gizona».
Sartu zen Barak oihal‑etxolara eta Sisera hila aurkitu zuen, ziria buruan sartua zuela.

23 Horrela makurrarazi zuen Jainkoak israeldarren aurrean Kanaango errege Jabin. 24 Israeldarrak geroz eta gogorrago izan ziren Kanaango errege Jabinekin, erabat hondatu zuten arte.

5. atala[aldatu]

1 Egun hartan, Deborak eta Abinoamen seme Barakek honela kantatu zuten:
2 «Prest daude israeldarrak gudurako,
herriak bere burua eskaintzen du.
Goretsi Jauna!

3 Entzun, erregeok!
Adi, nagusiok!
Nik nahi diot Jaunari kantatu,
Jauna, Israelen Jainkoa, goraipatu.

4 Zu Seirtik ateratzean, Jauna,
Edomgo zelaietan barrena aurrera egitean,
lurra ikaratu egin zen,
ortzia dardaratu;
hodeiek euria isuri zuten,

5 mendiek behea jo,
Jauna, Sinaiko Jauna,
Israelen Jainkoa igarotzean.

6 «Anaten seme Xamgarren egunetan,
Jaelen egunetan,
ezin zen bideetan ibili,
bidaiariek zeharbidez ibili behar zuten.

7 Ez zegoen buruzagirik,
ez zegoen bat ere Israelen,
neu, Debora, altxatu nintzen arte,
Israelen amatzat agertu nintzen arte.

8 Beste jainko batzuk aukeratu zituzten,
gudua gainean zuten arren.
Ez zuten babeskirik, ez lantzarik
Israelgo berrogei mila gizonek.

9 «Israelgo gudalburuekin nire bihotza,
beren burua eskaintzen duten
herritarrekin.
Goretsi Jauna!

10 Asto zuri baten gainean,
tapiz gainean eseriak zoaztenok
eta oinez zoaztenok, entzun

11 putzuetan ura banatzen dutenen oihua:
Jaunaren garaipena kontatzen ari dira,
bere indarrez Israeli emaniko garaipena.
Jaunaren herria
hiriko ateetara jaitsi da.

12 Esna, itzar zaitez, Debora,
itzarri, esnatu,
kanta ezazu!
Jaiki, Barak,
hartu zeure gatibuak,
Abinoamen seme horrek!

13 «Jaitsi dira bizirik geldituak
handiekin batera;
jaitsi da
Jaunaren herria
ausartekin batera,
nik, Deborak, deitua.

14 Efraimdarrek menperatu dute Amalek;
haien atzetik benjamindarrak datoz,
beraien gudari artean.
Makirren senitartetik datoz
zure gudalburuak
eta Zabulonengandik
aginte‑makila dutenak.

15 Isakartarren buruzagiak
Deborarekin joan dira
eta, isakartarrak bezala,
Barak ere bai,
haren ondoren lasterka lautadan.
Rubendarren familietan
handiak erabakiak!

16 Zergatik gelditu zara, bada,
eskortetan, Ruben,
artzain‑txistuak entzuten?
Rubendarren familietan
handiak erabakiak!

17 Galaaden jendea
Jordanez bestaldera gelditu zen.
Danen leinuak zergatik gelditu ziren
itsas ontzietan?
Axertarrak itsasbazterrean
gelditu ziren eseriak
eta beren portuetan jarraitzen dute.

18 Zabulondarrek, bai,
ia hiltzeraino arriskatu zuten bizia,
orobat Neftalik ere zelai garaietan.

19 Erregeak etorri ziren borrokara,
borrokatu ziren Kanaango erregeak
Taanaken, Megidoko iturriaren ondoan;
ez zuten ganorazko harrapakinik hartu.

20 Ortziko izarrak ere borrokatu ziren,
beren ibiltokietatik borrokatu
Siseraren aurka.

21 Kixon errekak ezabatu zituen,
antzinako erreka hark,
Kixon errekak.
Aurrera! Eutsi gogor!

22 Orduan, zaldien hanka-hotsa
entzun zen, lurra joz,
zaldiak bizkor lauoinka.

23 «Jaunaren aingeruak dio:
<Madarikatua Meroz hiria,
madarikatuak hango bizilagunak,
ez baitziren etorri
beren gudari ausartekin
Jaunari laguntzera!>

24 «Emakumeetan bedeinkatuena Jael,
Heber kenitarraren emaztea,
emakume nomaden artean
bedeinkatuena!

25 Siserak ura eskatu zion
eta Jaelek esnea eman,
esnegaina errege‑katiluan.

26 Hartu zuen ezkerraz ziria
eta eskuinaz langileen mailua,
jo zuen Sisera
eta burua txikitu zion,
bekokia zanpatu eta zulatu zion.

27 Jaelen oinetara makurtu zen,
erori eta lurrean gelditu zerraldo.
Beraren oinetara makurtu zen tokian
erori zen hilotz.

28 «Siseraren amak, leihotik begira,
leiho-saretik oihuka, zioen:
<Zergatik dator hain berandu
haren gudu-gurdia?
Zergatik hain geldo
haren zaldiak?>

29 Damarik argienak erantzuten dio,
eta berak bere buruari
errepikatzen:

30 <Aurkitutako harrapakinak
banatzen ari dira, noski!
Bana, bina neskatxa
gudari bakoitzari,
kolorezko ehunak Siserarentzat,
kolorezko oihalak:
koloretan bordaturiko oihalak
haren leporako>.

31 «Gal bitez horrela
zure etsaiak, Jauna.
Zure adiskideak, aldiz,
izan bitez eguzkia
egunsentian bezain bizi!»
Hauen guztien ondoren, bakean bizi izan ziren israeldarren herrialdean berrogei urtez.

6. atala[aldatu]

1 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek, eta hark madiandarren menpe eduki zituen zazpi urtez. 2 Madiandarren agintea gogorra izan zen israeldarrentzat. Haiengandik babesteko, mendietako haitzarte, leize eta toki hurbilgaitzetan gorde ziren. 3 Israeldarrek ereiten zutenean, madiandarrek nahiz amalektarrek nahiz ekialdeko basamortuko jendeak eraso egin ohi zieten; 4 israeldarrengandik hurbil kanpatu eta uztak hondatu ohi zituzten Gazako sarreraraino, israeldarrak deus gabe utziz, janaririk, ardirik, behirik eta astorik gabe. 5 Beren abere, oihal‑etxola eta guzti etorri, lurralde hartan sartu eta dena hondatu ohi zuten madiandarrek. Larrapoteak bezain ugari ziren, eta beraien gameluak zenbatuezin beste. 6 Horrela, madiandarrengatik, erabat pobretu ziren israeldarrak; orduan, dei egin zioten Jaunari.

7 Madiandarrak zirela‑eta, israeldarrek Jaunari oihu egin ziotenean, 8 profeta bat bidali zien Jaunak, esatera: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik ekarri zaituztet Egiptotik eta nik atera esklabotzatik. 9 Nik askatu zaituztet egiptoarren eta gainerako zapaltzaile guztien menpetik; bota egin ditut etsaiak zuen aurretik eta berauen lurraldea eman dizuet. 10 Esan nizuen neu ninduzuela Jauna, zeuen Jainkoa, eta ez izateko amortarren jainkoen beldurrik, beraien lurraldean bizi zareten arren. Baina ez duzue aditu nire esana».

11 Aldi hartan, Jaunaren aingerua Ofra herrixkara etorri eta arteondo baten azpian jarri zen. Arteondo hura Abiezerren senitarteko Joaxena zen. Honen seme Gedeon garia dolarean jotzen ari zen, madiandarrek ikus ez zezaten. 12 Orduan, Jaunaren aingerua agertu eta esan zion:
-Jauna zurekin, gizon ausart hori!

13 Gedeonek erantzun:
-Barkatu, ene jauna, baina Jauna gurekin baldin bada, zergatik ari zaigu gertatzen hau guztia? Zertan dira gurasoek kontatzen zizkiguten gertaera harrigarri haiek, Jaunak Egiptotik ekarri gintuela esaten zigutenean? Orain, izan ere, eskutik utzi gaitu Jaunak eta madiandarren menpe jarri.

14 Jaunak esan zion:
-Zoaz eta salba ezazu Israel zeure indarraz madiandarren menpetik. Nik bidaltzen zaitut!

15 Gedeonek, ordea, ihardetsi zion:
-Barkatu, Jauna; nola salbatuko dut Israel? Nire senitartea Manasesen leinuko ahulena da eta ni gazteena gure aitaren etxean.
16 Jaunak esan zion:
-Zeurekin izango nauzu; horrela, madiandar guztiak batera hondatuko dituzu.

17 Gedeonek berriro:
-Egiaz begiko baldin banauzu, ager iezadazu, zantzu baten bidez, zeu zarela hizketan ari zaidana.
18 Otoi, ez joan hemendik nik eskaintza zure aurrera ekarri arte. Berehala itzuliko naiz.

Jaunak erantzun zion:
-Hementxe egongo naiz zu etorri arte.

19 Joan zen Gedeon eta antxume bat prestatu zuen eta, hogei kilo‑edo irinez, legamigabeko ogiak egin. Gero, okela otarrean eta salda eltzean harturik, arteondo azpira eraman eta Jaunari eskaini zion dena. 20 Jaunaren aingeruak esan zion:
-Hartu okela eta legamigabeko ogiak eta ezarri haitz horren gainean, eta isuri salda.

Halaxe egin zuen Gedeonek. 21 Orduan, Jaunaren aingeruak, eskuan zuen makila luzatuz, muturraz okela eta legamigabeko ogiak ukitu zituenean, sugarra atera zen haitzetik, okela eta legamigabeko ogiak kiskaliz. Gero, desagertu egin zen Jaunaren aingerua Gedeonen aurretik.

22 Jaunaren aingerua izan zela ohartzean, Gedeonek esan zuen:
-Ai, ene Jainko Jauna! Jaunaren aingerua ikusi dut aurrez aurre!

23 Jaunak esan zion:
-Bakea zurekin! Ez izan beldurrik, ez zara hilko.

24 Gedeonek aldarea eraiki zuen bertan Jaunaren omenez, eta «Jauna bakea» izena eman zion. Han dago gaur ere oraindik, Ofran, Abiezerren senitartekoen hirixkan.

25 Gau hartan bertan, Jaunak esan zion Gedeoni:
-Hartzazu aitaren idixkoa, zazpi urtekoa. Eraitsi gero aitak zaintzen duen Baalen aldarea eta puskatu haren ondoan dagoen zutoin sakratua.
26 Ondoren, eraiki arreta handiz aldarea Jaunari, zeure Jainkoari, babesleku honen gailurrean eta, zezena harturik, eskain ezazu erre‑oparitzat, puskatuko duzun zutoin sakratuaren egurren gainean.

27 Gedeonek, beraz, bere morroien artetik hamar gizon harturik, Jaunak agindu bezala egin zuen; alabaina, bere senitartekoen eta hiriko jendearen beldur baitzen, egunez egin beharrean, gauez egin zuen.

28 Biharamun goizean jaikitzean, hiriko jendeak Baalen aldarea norbaitek hautsi eta haren ondoko zutoin sakratua puskatu zuela ikusi zuen, eta idixkoa erre‑oparitzat eskainia zuela aldare berrian. 29 Eta elkarri galdetu zioten: «Nork egin ote du hori?» Ikertu eta aztertu ondoren, Joaxen seme Gedeonek egin zuela jakin zuten. 30 Orduan, hiriko jendeak esan zion Joaxi:
-Atera ezazu semea! Hil egin behar dugu, Baalen aldarea hautsi eta haren ondoan zegoen zutoin sakratua puskatu duelako.

31 Joaxek, ordea, erantzun zien inguruan zituenei:
-Nor eta zuek Baal jainkoa defendatzen? Zuek bera salbatzen? Norbaitek defendatzen badu, halakoa bihar goizerako hila izanen da. Baal jainko baldin bada, defenda beza bere burua, berea baitzuen hautsitako aldarea.

32 Egun hartan Gedeoni Jerubaal goitizena eman zioten, esanez: «Defenda bedi Baal, beraren aldarea hautsi duenaren kontra!»

33 Madiandarrek, amalektarrek eta ekialdeko basamortuko jendeak, denek elkar harturik, Jordan ibaia igaro eta Izreel lautadan ezarri zuten kanpalekua.

34 Jaunaren espirituz jantzirik, Gedeonek adarra jo eta bere ondoan bildu zituen Abiezerren senitartekoak. 35 Eta Manasesen lurralde osora mezulariak bidalirik, bere ondoan bildu zuen hango jendea ere. Gero Axer, Zabulon eta Neftaliren leinuetakoengana ere bidali zituen mezulariak, eta leinu haietakoak ere bildu zituen.

36 Orduan, Gedeonek esan zion Jaunari: «Israel salbatzeko nitaz baliatuko omen zara. 37 Hara, ardi-larru bat zabalduko dut larrainean; ihintza ardi-larru gainean bakarrik egin eta inguruko lurra lehor gelditzen bada, jakingo dut nitaz baliatuko zarela Israel salbatzeko».

38 Halaxe izan zen. Biharamun goizean jaiki, ardi-larrua hartu eta, ihintza ateratzeko bihurritu zuenean, antosin bat bete zuen urez. 39 Gero, esan zion berriro Gedeonek Jainkoari: «Ez zakizkit haserretu, berriro ere ardi-larruarekin beste proba bat egin ahal izatea eskatzen badizut: geldi dadila lehor ardi-larrua eta egin beza ihintza inguruko lur gainean».

40 Gau hartan horixe egin zuen Jainkoak: ardi-larrua bakarrik gelditu zen lehor eta inguruko lur osoan ihintza egin zuen.

7. atala[aldatu]

1 Jerubaalek -hots, Gedeonek- eta harekin zen jende guztiak, goizean goiz jaiki eta Harod iturri ondoan jarri zituzten oihal‑etxolak. Madiandarrek iparraldera zuten kanpalekua, lautadan, More mendixkaren oinetan.

2 Jaunak esan zion Gedeoni: «Gudaroste handiegia dakarzu, madiandarrak zuri eskura nik emateko. Harrotu egingo litzaidake Israel, garaipena bere eskuz lortu duela pentsatuz. 3 Esaiozu jendeari: <Beldur‑ikaraz dagoenak alde egin beza Galaad menditik eta itzul bedi etxera»>.

Hogeita bi mila gizon etxera itzuli eta hamar mila gelditu ziren.

4 Jaunak, ordea, esan zion Gedeoni: «Oraindik ere gehiegi dira. Jaitsarazi gizonak errekara eta han probatuko ditut. Neuk esanen dizut zeintzuk jarraituko duten zurekin eta zeintzuk alde egin beharko duten».

5 Gedeonek jendea errekara jaitsarazi zuenean, Jaunak esan zion: «Bereiz itzazu ura eskuan hartu eta zakurrek bezala miazkatuz edango dutenak, edateko belauniko jarriko direnengandik».

6 Hirurehun gizonek eraman zuten ura ahora eskuetan harturik; beste guztiak belaunikatu egin ziren ura edateko. 7 Jaunak esan zion Gedeoni: «Ura eskutik edan duten hirurehun gizon horien bidez salbatuko zaituztet, madiandarrak eskura emanez. Gainerako jendea doala nor bere etxera».

8 Gedeonek Israelgo gizon gehienak bidali zituen nor bere etxera, hirurehun haiekin bakarrik geldituz; hauek beren lagunen jakiak eta adarrak hartu zituzten. Madiandarren kanpalekua israeldarrena baino beherago zegoen, lautadan.

9 Gau hartan Jaunak esan zion Gedeoni: «Jaiki eta jaits zaitez etsaien kanpalekura; eskura emanen dizkizut. 10 Joateko beldur bazara, hartu Pura zeure morroia eta joan biok kanpalekura. 11 Entzun han esaten ari direna, eta kemena hartuko duzu etsaiei erasotzeko».

Jaitsi zen, beraz, Gedeon Pura bere morroiarekin kanpalekuko lehen gudari‑taldeak zeuden ingurura. 12 Madiandarrak, amalektarrak eta basamortuko jendea, larrapoteak bezain ugari, lurrean etzanak zeuden; haien gameluak ere zenbatuezin hainbat ziren, itsasertzeko hondarra bezain ugari. 13 Gedeon etsaien kanpalekura hurbildu zenean, gudari bat bere ametsa kontatzen ari zitzaion lagunari:
-Amets egin dut, garagar‑ogi bat biribilka zihoala madiandarren kanpalekuan barrena; oihal‑etxola batera heltzean, jo eta irauli egin du, eta oihal‑etxola azpikoz gora erori da.

14 Lagunak erantzun zion:
-Joaxen seme Gedeon israeldarraren ezpata da hori. Madiandarrok eta gure kanpaleku osoa horren esku utzi ditu Jainkoak.

15 Ametsa eta esanahia entzun zituenean, Gedeonek, makurtuz, Jainkoa gurtu zuen. Gero, israeldarren kanpalekura itzuli zen oihuka:
-Jaiki! Gure esku utzi du Jaunak madiandarren kanpalekua!

16 Gedeonek hiru taldetan banatu zituen hirurehun gizonak eta, adarrak eta barruan lastargiak zeuzkaten pegar hutsak emanik, 17 esan zien:
-Ni kanpaleku‑ertzera heltzean, begira niri eta egin nik egingo dudana.
18 Nik eta nire taldeak adarrak jotzean, jo zuek ere kanpalekuaren inguru guztian eta egin oihu: «Jaunarengatik! Gedeonengatik!»

19 Gauerdi inguruan, zaintzaileak aldatu berri zirelarik, heldu zen Gedeon bere ehun gizonekin kanpaleku ondora, eta adarrak jotzen eta eskuetan zeramatzaten pegarrak hausten hasi ziren. 20 Orduan, hiru gudari‑taldeek ere adarrak jo eta pegarrak hautsi zituzten. Gero, lastargia ezkerrean eta adarra eskuinean zeramatzatela, oihu egin zuten: «Eraso! Jaunarengatik eta Gedeonengatik!»

21 Israeldarrak kanpaleku inguruan nor bere tokian zeudelarik, kanpalekukoak lasterka, garrasika eta iheska hasi ziren. 22 Hirurehun haiek adarrak jotzen ari ziren bitartean, elkarren kontra borrokarazi zituen Jaunak madiandarrak. Orduan, kanpalekuko guztiek ihes egin zuten Bet‑Xitara, Tzereda aldera, eta Abel‑Mehola erreka bazterrera, Tabat ondora.

23 Neftali, Axer eta Manases leinuetako israeldarrak bildurik, madiandarren atzetik joan ziren. 24 Gedeonek mezulariak bidali zituen Efraimen leinua bizi zen mendietara, esatera: «Jaitsi eta egin aurre madiandarrei! Har itzazue haiek baino lehen Jordan ibaia igarotzeko ibiak Bet‑Bararaino!»

Efraimen leinuko gizon guztiek bildu eta hartu zituzten Jordan ibaia igarotzeko ibiak Bet‑Bararaino. 25 Bi buruzagi madiandar atzeman zituzten: Oreb eta Zeeb. Eta biak, lehenengoa Oreben haitza deritzan tokian eta bigarrena Zeeben dolarea deritzan tokian hil ondoren, madiandarren atzetik joan ziren. Azkenean, Gedeoni eraman zizkioten Oreben eta Zeeben buruak, Jordanez bestaldetik.

8. atala[aldatu]

1 Efraimen leinuko gizonek esan zioten Gedeoni:
-Zergatik egin diguzu hori? Zergatik ez diguzu deitu, madiandarrak borrokatzera abiatu zarenean?

Eta haserre egin zioten. 2 Gedeonek erantzun zien:
-Zer da, bada, nik egindakoa zuek egindakoaren aldean? Ez al du gehiago balio zuek, efraimdarrok, jasotako uzta‑hondarrak, guk, Abiezerren senitartekook, eginiko uztak baino?
3 Zuen esku utzi ditu Jaunak Oreb eta Zeeb, madiandarren buruzagiak. Egintza horren aldean, nik ez dut deus ere egin.

Hau esateak baretu egin zituen efraimdarrak.

4 Gedeonek eta bere hirurehun gizonek Jordan ibaia igaro zuten. Nekatuak zeuden, baina jarraitu egin zuten madiandarren ondoren. 5 Sukot hirira heldurik, esan zien hango bizilagunei:
-Eman, mesedez, talo batzuk nirekin datozen gizonei, nekaturik baitaude. Madiandarren errege Zebah eta Tzalmunaren atzetik gabiltza.

6 Baina Sukoteko buruzagiek erantzun zioten:
-Atzeman al dituzu, bada, Zebah eta Tzalmuna? Ez! Hortaz, zer dela‑eta eman behar diogu jaten zure gudari‑taldeari?

7 Gedeonek esan zien:
-Ongi da. Baina Jaunak Zebah eta Tzalmuna nire esku uztean, basamortuko otez eta garduz urratuko zaituztet.

8 Handik Penuel hirira igo eta gauza bera esan zien hangoei ere; baina Sukoteko jendeak bezalaxe erantzun zioten Penuelgoek. 9 Eta haiei ere esan zien Gedeonek:
-Garaile etortzean, eraitsi egingo dut zuen dorre hau.

10 Zebah eta Tzalmuna Karkor hirian ziren beren gudarostearekin. Hamabost mila gizon besterik ez zuten; izan ere, ekialdeko jendearen gudarosteko ehun eta hogei mila gudari galduak ziren.

11 Nobah eta Jogbohako ekialdean zegoen nomaden bidea hartu, ustekabean eraso eta xehatu egin zuen Gedeonek etsaien gudarostea. 12 Madiango bi erregeek, Zebahek eta Tzalmunak, ihes egin zuten; baina Gedeonek pertsegitu eta harrapatu egin zituen, eta izutua utzi zuen gudaroste osoa.

13 Hereserako aldapan gora borrokatik itzultzean, Joaxen seme Gedeonek 14 Sukoteko gazte bat atzeman eta galdeketa egin zion. Gazteak idatziz eman zizkion Sukoteko buruzagi eta arduradunen izenak, orotara hirurogeita hamazazpi gizonen izenak. 15 Orduan, Sukoteko jendearengana hurbildu eta esan zien:
-Iraindu egin ninduzuen, Zebah eta Tzalmuna atzeman nituen galdetuz, eta ukatu egin zenieten janaria nekatuak zeuden nire gizonei. Hona, hemen dituzue Zebah eta Tzalmuna!

16 Ondoren, hiriko arduradunak hartu eta zigorkatu egin zituen otez eta garduz. 17 Gero, Penuelgo dorrea eraitsi eta hil egin zuen hango jendea.

18 Orduan, galdetu zien Zebah eta Tzalmunari:
-Zer itxura zuten Taborren hil zenituzten gizonek?

Haiek erantzun zioten:
-Zure antzekoak ziren; errege‑seme ziruditen denek.

19 Gedeonek, orduan:
-Nire anaiak, gure amaren semeak! Ala Jauna, bizirik utzi izan bazenituzte, ez zintuzketedan hilko orain.

20 Gero, bere lehen-seme Jeterri agindu zion:
-Tira, hil itzak!

Mutilak, ordea, ez zuen atera ere egin ezpata; artean gazte izanik, beldur baitzen. 21 Orduan, Zebah eta Tzalmuna beraiek esan zioten.
-Tira, hil gaitzak heuk, hi bezalako gizon ausartari zegokiok eta!

Eta hala, Gedeonek hil zituen Zebah eta Tzalmuna; gero, gameluek lepoan zeramatzaten apaindurak hartu zituen.

22 Israeldarrek esan zioten Gedeoni:
-Madiandarren menpetik libratu gaituzunez gero, izan zaitez gure gobernari, bai eta zure ondorengoak ere gero.

23 Gedeonek ihardetsi zien:
-Ez nauzue gobernari izango, ez eta nire semea ere; Jauna izanen duzue agintari!

24 Eta jarraitu zuen esaten:
-Baina gauza bat eskatu nahi dizuet: zuetako bakoitzak eman diezadala eraztun bana, etsaiei harrapaturiko horietatik.

Izan ere, etsaiek urrezko eraztunak zeramatzaten, basamortuko jendea zenez.

25 Israeldarrek esan zioten:
-Bai, emango dizkizugu.

Eta, soingaineko bat zabaldurik, bertara bota zuen nork bere harrapakinetarik eraztun bana. 26 Gedeoni eman zizkioten urrezko eraztunek hogei kilo pisatu zuten, apaindurak, belarritakoak, Madiango erregeek zeramatzaten purpurazko jantziak eta gameluek lepoan zeramatzaten lepokoak kontatu gabe.

27 Urre harekin irudi bat egin eta Ofran, bere herrian, ipini zuen Gedeonek; israeldar guztiek irudi hura adoratu zuten, Jainkoarekin desleial jokatuz. Irudi hura galbide gertatu zitzaien Gedeoni eta beronen senitartekoei.

28 Horrelaxe menperatu zituzten, bada, israeldarrek madiandarrak; aurrerantzean hauek ez zuten burua berriro altxatu ahal izan.

Israeldar herrialdea bakean bizi izan zen berrogei urtez, Gedeon bizi izan zen artean.

29 Joaxen seme Gedeon, izengoitiz Jerubaal, bere etxera itzuli eta bertan bizi izan zen. 30 Emazte asko zuenez, hirurogeita hamar seme‑alaba izan zituen. 31 Sikemen bizi zuen ohaideak ere seme bat eman zion, eta Abimelek deitu zuen.

32 Hil zen Joaxen seme Gedeon, zahartzaro ederra igaro ondoren, eta bere aita Joaxen hilobian ehortzi zuten, Ofran, abiezertarren hirian.

33 Gedeon hil ondoren, Jauna zapuztu eta idoloak gurtu zituzten berriro israeldarrek, Baal‑Berit beren jainkotzat hartuz. 34 Ez ziren oroitu, inguruko etsai guztien eskuetatik libratu zituen Jaunaz, beren Jainkoaz, 35 eta ez ziren leial izan Jerubaal‑Gedeonen senitartekoekin, hark israeldarrei hainbeste on egin zien arren.

9. atala[aldatu]

1 Jerubaalen seme Abimelek Sikemera joan zen bere amaren senideengana, eta honela mintzatu zitzaien bere amaren aldeko ahaideei:

2-Esaiezue Sikemgo nagusi guztiei: «Zer duzue egokiago, Jerubaalen hirurogeita hamar semeak izatea ala gizon bakarra izatea zuen agintari? Oroitu, gainera, zeuen odol eta jatorrikoa nauzuela ni».

3 Amaren senideek esan zieten hori guztia Sikemgo nagusiei, eta hauek Abimeleken alde jarri ziren, senide zutela esanez. 4 Baal‑Berit jainkoaren jauretxetik zilarrezko hirurogeita hamar txanpon hartu eta Abimeleki eman zizkioten; honek, diru harekin, gizon arlote eta abenturazale‑talde bat bildu zuen, jarrai ziezaioten. 5 Ofrara, bere aitaren etxera, joan eta bere anaiak, Jerubaalen hirurogeita hamar semeak, hil zituen, denak harri beraren gainean. Jerubaalen semerik gazteena, Jotam, besterik ez zen gelditu, gorde egin baitzen.

6 Orduan, Sikemgo nagusi guztiak eta Bet‑Miloko jendea bildu eta Sikemgo zutarriaren aldamenean dagoen arteondo ingurura joan ziren Abimelek errege izendatzera.

7 Jotamek, hori jakitean, Garizim mendi-gailurrera igo eta esan zuen garrasika: «Entzudazue, Sikemgo nagusiok, eta Jainkoak entzun diezazuela zuei!

8 «Behin batez, zuhaitzek erregea izendatu nahi zuten berentzat. Eta esan zioten olibondoari: <Izan hadi gure errege!> 9 Baina olibondoak erantzun zien: <Eta jainkoak eta gizon‑emakumeak ohoratzeko den neure olioa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?>

10 «Orduan, zuhaitzek esan zioten pikuondoari: <Izan hadi gure errege!> 11 Baina pikuondoak erantzun zien: <Eta neure fruitu eder eta gozoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?>

12 «Ondoren, zuhaitzek esan zioten mahatsondoari: <Izan hadi gure errege!> 13 Baina mahatsondoak ihardetsi zien: <Eta bai jainkoak, bai gizon‑emakumeak pozten dituen neure ardoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?>

14 «Azkenik, zuhaitzek elorriari esan zioten: <Izan hadi gure errege!> 15 Elorriak erantzun zien: <Egiaz zeuen errege izendatu nahi banauzue, zatozte, babestu nire itzalpean; bestela, Libanoko zedroak ere irentsiko dituen sugarra aterako zait»>.

16 Eta Jotamek jarraitu zuen: «Abimelek izendatu duzue errege. Egoki eta zuzen jokatu al duzue hori egitean? Ongi jokatu al duzue Jerubaalekin eta beronen etxearekin? Honek egindako guztiarengatik merezi bezala ari izan al zarete? 17 Zuen alde borrokatu zen gure aita, bere bizia arriskatuz, eta madiandarren menpetik libratu zintuzten. 18 Zuek, aldiz, gure aitaren etxearen kontra jaiki zarete gaur eta haren hirurogeita hamar semeak hil dituzue, denak harri beraren gainean. Eta haren mirabearen seme den Abimelek izendatu duzue zeuen errege, senide duzuela eta. 19 Beraz, Jerubaalekiko eta beronen etxearekiko gaur egoki eta zuzen jokatu duzuela uste baduzue, on degizuela Abimelekek, bai eta zuek ere Abimeleki! 20 Baina hala ez bada, kiskal zaitzatela zuek, Sikemgo nagusi eta Bet‑Miloko jendeok, Abimelekengandik aterako den suak, eta kiskal dezala bera ere zuengandik eta Bet‑Milokoengandik aterako denak!»

21 Ondoren, Jotamek ihes egin zuen; Beer‑era joan eta bertan bizi izan zen, bere anaia Abimelekengandik urrun.

22 Hiru urtez agindu zuen Abimelekek Israelen. 23 Aldi hartan, haserreak sortarazi zituen Jainkoak Abimeleken eta Sikemgo nagusien artean, eta hauek Abimeleken kontra jaiki ziren. 24 Horrela, Jerubaalen hirurogeita hamar semeei eginiko sarraskia ordaindu eta haien hilketaren errua beren gain hartu behar izan zuten, bai Abimelekek, berak hil baitzituen bere anaiak, bai eta Sikemgo nagusiek ere, hilketa hartan lagundu egin baitzioten.

25 Abimeleki kalte egiteko, Sikemgo nagusiek gizon‑taldeak ipini zituzten mendi-gailurretan, inguruetako bideetatik zihoazenei lapurretan egiteko. Abimelekek izan zuen horren berri. 26 Hortan, etorri zen Sikemera Gaal izeneko bat, Ebeden semea, eta Sikemgo nagusien konfiantza bereganatu zuen. 27 Landara irtenik, mahatsa bildu eta zapaldu ondoren, festak antolatu zituzten; beren jainkoen jauretxean sartu eta jan‑edanean ari izan ziren, Abimelek madarikatuz. 28 Ebeden seme Gaalek esan zuen: «Zer da Abimelek hori Sikemgoontzat, gu beraren morroi izateko? Jerubaalen semea besterik ez, eta Zebul, beraren ordezkaria! Izan zaitezte Sikem hiriaren sortzaile den Hamorren zerbitzari! Zergatik izan behar dugu Abimelek horren zerbitzari? 29 Herri honen buru egingo baninduzue, berehala urrunaraziko nuke Abimelek hori. Bere gudarostea indartu eta borrokara ateratzeko esango nioke».

30 Hiriko gobernari zen Zebul, Ebeden seme Gaalek esandakoa entzutean, biziki haserretu zen. 31 Eta isilean mezulariak igorri zizkion Abimeleki, esatera: «Ebeden seme Gaal bere senideekin Sikemera etorri eta hiri hau zure kontra asaldatzen ari da. 32 Jaiki zaitez gauez zeure jendearekin eta jarri zelatan landan. 33 Goizean goiz, eguzkia ateratzean, abia zaitez eta eraso hiriari. Gaal bere jendearekin zuri aurre egitera ateratzean, egiozu egokien iruditzen zaizuna».

34 Gau hartan bertan, Abimelek eta beronen jende guztia jaiki eta Sikemgo inguruetan gorde ziren, lau taldetan antolaturik. 35 Ebeden seme Gaal irten eta hiriko sarreran gelditu zenean, Abimelek ere atera egin zen gordelekutik bere gizon guztiekin. 36 Jende hura ikustean, Gaalek esan zion Zebuli: -Begira, gudari‑taldea dator mendian behera!

Baina Zebulek ihardetsi zion:
-Bai zera! Gizonak iruditzen zaizkizu, baina mendiaren itzalak dira.

37 Gaalek, ordea, berriro:
-Baietz! «Lurraren Zilborra» deritzan mendixkan behera dator talde bat, eta Aztien Arteondorako bidetik beste bat.

38 Orduan, Zebulek:
-Non duk heure harrokeria, aho-zabal horrek? Ez al huen, bada, esaten Abimelek ez dela inor gu beraren zerbitzari izateko? Ez al da hori gutxietsi huen gudarostea? Joan hadi orain eta borrokatu beraren kontra!

39 Atera zen, bada, Gaal Sikemgo nagusien aurretik Abimeleken kontra borrokatzera; 40 baina Abimelekek pertsegitu egin zuen eta Gaal ihesi joan zen. Ugari izan ziren hiriko sarrera bitartean eroriak.

41 Ondoren, Abimelek Aruman gelditu zen bizitzen eta Zebulek bota egin zituen Gaal eta beronen senideak Sikemdik, bertara itzultzea debekatuz.

42 Biharamunean, Sikemgo gudarostea landara irtetekoa zela jakin zuelarik, Abimelekek, 43 bere gudariak hartu eta, hiru taldetan banandurik, zelatan jarri zituen landan. Eta jendea hiritik ateratzen ari zela ikustean, eraso eta xehatu egin zuen. 44 Abimelekek bere taldearekin aurreratu eta hiriko sarrera hartu zuen; bitartean, beste bi taldeek landara atera zirenei eraso eta xehatu egin zituzten. 45 Egun osoan gudukatu zen Abimelek hiriaren kontra, hartu eta hango bizilagun guztiak hil zituen arte. Gero, hiria desegin eta gatzez estali zuen.

46 Sikemgo Dorreko nagusiak, hori jakitean, Berit jainkoaren jauretxe azpiko kriptan gorde ziren. 47 Sikemgo Dorreko nagusiak non bildu ziren jakin zuenean, 48 Abimelek Tzalmon mendira igo zen bere gizon guztiekin. Hartu zuen aizkora eskuan, zuhaitz‑adar bat ebaki eta, bizkarrean harturik, esan zion bere jendeari: «Bizkor, egin zuek ere nik egin dudana». 49 Gizonek, adar bana ebakirik, Abimeleki jarraitu zioten eta, adarrak leize gainean pilatu ondoren, su eman zioten leizeari. Barruan zen Sikemgo Dorreko jende guztia hil zen, mila gizon‑emakume inguru.

50 Ondoren, Abimelekek Tebetzera jo, hiria setiatu eta hartu egin zuen. 51 Baina bazen hiriaren erdian dorre gotortu bat eta han babestu ziren hiriko nagusiak, bertako gizon eta emakume guztiekin; atea itxi eta dorre gaineko sabaira igo ziren. 52 Abimelek, dorreraino heldurik, eraso eta su emateko asmoz ateraino hurbildu zenean, 53 emakume batek errotarria buru gainera jaurtiki eta buru-hezurra hautsi zion. 54 Orduan, Abimelekek esan zion bere ezkutariari: «Atera ezpata eta hil nazak! Ez dezatela esan emakume batek hil nauela». Ezkutariak ezpata sartu eta hil egin zuen. 55 Abimelek hila ikustean, israeldarrak nor bere herrira joan ziren.

56 Horrela itzuli zion Jainkoak Abimeleki, bere hirurogeita hamar anaiak hil zituenean aitari eginiko kaltea. 57 Sikemgo jendea ere zigortu zuen Jainkoak, egina zuten kaltearengatik. Horrela bete zen Jerubaalen seme Jotamek haiei botatako madarikazioa.

10. atala[aldatu]

1 Abimeleken ondoren, Puaren seme eta Dodoren biloba Tola, Isakarren leinukoa, agertu zen Israel salbatzeko. Xamirren bizi zen, Efraimgo mendialdean. 2 Hogeita hiru urtez gobernatu zuen Israel. Hil zenean, Xamirren ehortzi zuten.

3 Ondoren, Jair agertu zen, Galaadekoa. Hogeita bi urtez gobernatu zuen Israel. 4 Hogeita hamar seme izan zituen. Seme bakoitzak asto bana zuen, gainean ibiltzeko, eta herrixka bana Galaad lurraldean. Gaur egun ere «Jairren Kanpalekuak» deitu ohi zaie herrixka horiei. 5 Hil zenean, Kamonen lur eman zioten.

6 Jaunari atsegin ez zaiona egiten hasi ziren berriro israeldarrak. Jauna baztertu eta, bera gurtu ordez, Baalen eta Astarteren idoloak eta Aramgo, Sidongo eta Moabeko sasijainkoak gurtu zituzten, bai eta amondarrenak eta filistearrenak ere.

7 Horregatik, israeldarren kontra haserre sutan jarri eta filistearren eta amondarren esku utzi zituen Jaunak. 8 Urte hartatik aurrera, hemezortzi urtez, jende haiek gogor hartu eta menperatu egin zituzten amortarren lurraldean, Galaaden, Jordan ibaiaz ekialdera, bizi ziren israeldarrak. 9 Amondarrek Jordan ibaia igaro zuten, Juda, Benjamin eta Efraimen leinuetakoen kontra ere gudukatzeko. Israel egoera oso larrian gertatu zen. 10 Orduan, israeldarrek dei egin zioten Jaunari, esanez: «Bekatu egin dugu zure aurka, gure Jainko horren aurka, zu baztertu eta Baalen idoloak adoratuz». 11 Jaunak erantzun zien: «Lehen ere, egiptoarrek, amortarrek, amondarrek, filistearrek, 12 sidondarrek, amalektarrek eta madiandarrek zuek menperatu eta niregana jo zenutenean, ez al zintuztedan horien eskuetatik salbatu? 13 Zuek, ordea, ni baztertu eta beste jainko batzuk gurtu dituzue. Horra, ez zaituztet berriro salbatuko. 14 Tira, jo ezazue aukeratu dituzuen jainko horiengana! Salba zaitzatela beraiek zeuen larrialdietan!»

15 Israeldarrek, berriz, esan zioten Jaunari: «Bekatu egin dugu, bai. Egizu gurekin egokien iruditzen zaizuna. Baina gaur bederen salba gaitzazu!»

16 Orduan, israeldarrek jainko arrotzen irudiak bota eta Jauna gurtu zuten. Eta Jaunak ezin izan zuen gehiago jasan israeldarren sufrimendua.

17 Amondarrek bildu eta Galaaden ezarri zuten beren kanpalekua. Israeldarrek ere bildu eta Mitzpan ezarrri zuten berena. 18 Galaadeko buruzagi eta jendeak esan zioten elkarri: «Amondarrei eraso diezaien lehenengo gizona izanen da Galaadeko bizilagun guztion buruzagi».

11. atala[aldatu]

1 Galaadeko Jefte gudari ausarta zen, Galaaden eta emagaldu baten semea. 2 Baina Galaaden emazteak ere izan zituen seme‑alabak. Emaztearen semeok, hazi zirenean, bota egin zuten Jefte, esanez: «Ez duk parterik izango gure aitaren ondarean, beste emakume baten semea haiz eta».

3 Orduan, bere senideengandik alde egin eta Tob lurraldean kokatu zen Jefte. Gizon gaiztaginak bildu zitzaizkion eta lapurretak egiten laguntzen zioten.

4 Aldi baten buruan, amondarrek eraso egin zieten israeldarrei. 5 Borroka hastean, Galaadeko arduradunak Tobera joan ziren Jefteren bila, 6 eta esan zioten:
-Zatoz, izan gure gudalburu, amondarren kontra borrokatzeko.

7 Baina Jeftek ihardetsi zien:
-Zuek, ni gorrotatu eta aitaren etxetik bota ninduzuenok, orain, estuasunean, niregana al zatozte?

8 Galaadeko arduradunek esan zioten Jefteri:
-Horrexegatik gatozkizu, hain zuzen. Zatoz gurekin, borroka zaitez amondarren kontra, eta Galaadeko bizilagunen buruzagi izango zara.

9 Jeftek, orduan:
-Amondarren kontra borrokatzera joatea nahi baduzue eta Jaunak eskura ematen baldin badizkit, neu izango nauzue buruzagi.
10 Galaadeko arduradunek erantzun zioten:
-Jauna testigu, zuk esan bezala egiten ez badugu.

11 Orduan, Jefte Galaadeko arduradunekin joan eta herriak buruzagi eta gudalburu onartu zuen. Ondoren, Jeftek Mitzpako santutegian baietsi zuen hitzarmen hura.

12 Jeftek mezulariak bidali zizkion amondarren erregeari, esatera: «Zer duzu nire kontra, nire lurraldeari erasotzera etortzeko?»

13 Amondarren erregeak erantzun zien Jefteren mezulariei: «Egiptotik igotzean, nire lurraldean sartu eta Arnon errekatik Jabok errekara eta Jordan ibaira artekoa hartu zidaten israeldarrek. Itzul iezadazu orain bakean lurralde hori».

14 Jeftek mezulariak igorri zizkion berriro amondarren erregeari 15 beste mezu honekin: «Hau dio Jeftek: Israeldarrek ez zuten moabdarren, ez amondarren lurralderik hartu. 16 Egiptotik igotzean, israeldarrak basamortuan barrena Itsaso Gorrira jo eta Kadex oasiraino heldu ziren. 17 Orduan, israeldarrek mezulariak bidali zizkioten Edomgo erregeari, beraren lurraldetik igarotzeko baimena eskatuz; baina ez zien eman. Moabeko erregeari ere eskatu zioten; baina hark ere ez zien eman. Horregatik, israeldarrak Kadexen gelditu ziren. 18 Gerora, basamortuan zehar, Edom eta Moab lurraldeak inguratuz, Moabeko ekialdera hurbildu eta Arnon errekaz bestaldera ezarri zuten kanpalekua; baina ez ziren sartu moabdarren lurraldean, muga baitzen Arnon. 19 Ondoren, Sihoni, Hexbongo errege amortarrari, mezulariak bidali zizkioten israeldarrek, esatera: <Emaguzu baimena gure bizitokira zure lurraldetik igarotzeko>. 20 Sihonek, ordea, ez zien utzi. Eta, gainera, bere gudarostea bildurik, kanpalekua Jahatzen jarri eta eraso egin zien israeldarrei. 21 Baina Jaunak, Israelen Jainkoak, israeldarrei eskura eman zizkien Sihon eta gudaroste osoa, eta xehatu egin zituzten. Ondoren, amortarrak bizi ziren lurraldeaz jabetu ziren israeldarrak. 22 Arnon errekatik Jabok errekara arteko eta basamortutik Jordan ibaira arteko amortar lurralde osoa hartu zuten. 23 Jaunak, Israelen Jainkoak, bota egin zituen amortarrak israeldarron lurraldetik, eta orain zuk gu bota nahi al gaituzu? 24 Ez al duzu zeurea Kemoxek, zeure jainkoak, eman dizuna? Ba, guk ere geuretzat dugu Jaunak, geure Jainkoak, eman diguna. 25 Tziporren seme eta Moabeko errege Balak baino hobea zarelakoan al zaude? Hura ez zen aitzakia bila ibili israeldarren kontra borrokatzeko. 26 Gainera, bada hirurehun urte israeldarrok Hexbon eta Aroer hirietan eta berauen inguruetan bizi garela, bai eta Arnon erreka‑ertzetako hirixketan ere. Zergatik ez dituzue libratu denboraldi horretan guztian? 27 Nik ez dizut inolako okerrik egin; zu ari zatzaizkit erasoka. Jauna da epaile. Erabaki beza berak israeldar eta amondarren artean».

28 Amondarren erregeak, ordea, ez zion kasurik ere egin Jefteren mezuari.

29 Jaunaren espirituak eraginik, Galaad eta Manasesen lurraldeak igaro eta Galaadeko Mitzpara heldu zen Jefte, eta hemendik amondarren lurraldera jo zuen. 30 Eta honako promes hau egin zion Jaunari: «Amondarrak eskura ematen badizkidazu, 31 beraiek garaitu eta itzultzean, ongi etorria egitera etxetik atera dakidan lehenengoa zuretzat izanen da, Jauna, eta erre‑oparitzat eskainiko dizut».

32 Joan zen, beraz, Jefte amondarren kontra borrokara eta Jaunak eskura eman zizkion etsaiak. 33 Aroertik Minitera arteko hogei hiritan garaitu zituen, Aben‑Keramimeraino. Garaipen izugarria izan zen. Horrela menperatu zituzten israeldarrek amondarrak.

34 Jefte Mitzpara, bere etxera, heldu zenean, alaba atera zitzaion ongi etorria egitera, danbolina joz eta dantzari. Jeftek ez zuen beste semerik, ez alabarik, huraxe besterik. 35 Alaba ikustean, jantziak urratu eta esan zuen:
-Ai, ene alaba! Lur joa utzi nauzu. Zeu izan behar niri zoritxarra dakarkidana! Hitza eman diot Jaunari eta ezin atzera egin.

36 Alabak erantzun zion:
-Ene aita, Jaunari hitz eman badiozu, egin nirekin hitz emandakoa, Jaunak ere menpean jarri baitizkizu etsaiak, amondarrak.

37 Gero esan zion:
-Baina emadazu honako hau: bi hilabetez mendiz mendi neure lagunekin negarrez ibiltzea, ezkondu baino lehen hil behar dudalako.

38 Aitak erantzun zion:
-Zoaz!

Eta bi hilabeterako joaten utzi zion. Neska mendiz mendi ibili zen bere lagunekin, ezkondu baino lehen hil behar zuelako, negarrez. 39 Bi hilabete haien buruan itzuli zen aitarengana, eta aitak bete egin zuen Jaunari hitz emana. Ezkondu gabe hil zen neska. Horregatik dute Israelen 40 neskek lau egunez Galaadeko Jefteren alabarengatik negar egitera urtero joateko ohitura.

12. atala[aldatu]

1 Efraimen leinuko gizonak bildu, Jordan ibaia igaro eta Tzafon hirira joan ziren. Eta esan zioten Jefteri:
-Zergatik joan zara amondarren kontra borrokara guri dei egin gabe? Su emango diogu zure etxeari, zu barrenean zarela!

2 Jeftek erantzun:
-Nik eta nire jendeak amondarrekin eztabaida gogorra izan genuenean, eskatu nizuen laguntza, baina zuek ez gintuzuen libratu haiengandik.
3 Beraz, salbatuko gintuenik ez zegoela ikustean, aurre egin nien amondarrei, neure bizia arriskatuz. Eta eskura eman zizkidan Jaunak. Zergatik zatozkidate orain niri borroka egitera?

4 Orduan, Jeftek, Galaadeko gizonak bildurik, efraimdarrei eraso eta menperatu egin zituen. Efraimdarrek esan ohi zuten, Efraim eta Manasesen lurralde artean bizi ziren galaadtarrak efraimdarren artetik alde eginak zirela.

5 Jordan ibaia Efraimen lurralderantz igarotzeko ibi edo pasabideak hartu zituzten galaadtarrek. Eta iheslarietakoren bat ibaia igarotzen uzteko eske hurbiltzean, efraimdarra zen galdetzen zioten; ezetz esaten bazuen, galaadtarrek 6 «xibbolet» esateko agintzen zioten. Hark, ordea, behar bezala ahoskatu ezin eta «sibbolet» esaten bazuen, harrapatu eta bertan, Jordango ibi ondoan, lepoa mozten zioten. Aldi hartan berrogeita bi mila efraimdar hil ziren.

7 Sei urtez gobernatu zuen Jeftek Israel. Jefte galaadtarra hil zenean, bere sorterrian, Galaad lurraldean, ehortzi zuten.

8 Ondoren, Belengo Ibtzanek gobernatu zuen Israel. 9 Hogeita hamar seme eta beste horrenbeste alaba izan zituen; alabak kanpora ezkondu zituen, baina semeentzat hogeita hamar neska ekarrarazi zituen kanpotik.

Zazpi urtez gobernatu zuen Ibtzanek Israel. 10 Hil zenean, Belenen ehortzi zuten.

11 Ondoren, Zabulongo Elonek gobernatu zuen Israel, hamar urtez. 12 Hil zenean, Aialon hirian lur eman zioten, Zabulonen lurraldean.

13 Ondoren, Hilelen seme Abdonek, Piratongoak, gobernatu zuen Israel. 14 Berrogei seme eta hogeita hamar biloba izan zituen; nork bere astoa zuen, gainean ibiltzeko. Zortzi urtez gobernatu zuen Israel. 15 Hil zenean, Piraton hirian ehortzi zuten, Efraimen lurraldean, amalektarren mendialdean.

13. atala[aldatu]

1 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriro israeldarrek, eta Jaunak filistearren menpe utzi zituen berrogei urtez.

2 Bazen Tzoran Manoah izeneko gizon bat, Danen leinukoa. Haren emazteak ez zuen haurrik izan, agorra baitzen. 3 Behinola, emakume hari Jaunaren aingerua agertu eta esan zion: «Agorra zara eta ez duzu haurrik izan; hala ere, sabelean sortu eta semea izanen duzu. 4 Baina ez edan ardorik, ez beste edari mozkorgarririk, eta ez jan ezer kutsaturik, 5 zeren eta sabelean sortu eta semea izanen baituzu. Ez diote ilerik moztu behar, amaren sabeletik <nazireu> izan behar baitu, hau da, Jaunarentzat sagaratua. Hura hasiko da israeldarrak filistearren menpetik askatzen».

6 Emakumeak senarrarengana joan eta esan zion: «Jainkoaren gizon bat etorri zait; Jainkoaren aingeru‑itxura zuen, zinez izugarria. Ez diot galdetu nongoa den, berak ere ez dit bere izenik esan. 7 Baina esan dit: <Sabelean sortu eta semea izanen duzu. Ez edan ardorik, ez beste edari mozkorgarririk, eta ez jan ezer kutsaturik; amaren sabelean sortu eta hil arte, <nazireu> izan behar baitu haurrak, hau da, Jaunarentzat sagaratua> ».

8 Orduan, Manoahek otoitz hau egin zion Jaunari: «Otoi, ene Jauna, betorkigu berriro lehen bidali duzun Jainkoaren gizona eta esan diezagula zer egin behar dugun jaioko den haurrarekin».

9 Entzun zuen Jaunak Manoahen oihua eta etorri zen berriro Jainkoaren aingerua emakumeagana. Zelaian eseria zegoen emakumea, baina haren senar Manoah ez zen harekin. 10 Orduan, emakumeak lasterka joan eta esan zion senarrari: «Lehengoan etorri zitzaidan gizona agertu zait berriro». 11 Emaztearen ondoren joan zen Manoah. Gizonarenganaino heltzean, esan zion Manoahek:
-Zu al zara nire emazteari mintzatu zitzaiona?

Gizonak erantzun zuen:
-Neu naiz.

12 Orduan, Manoahek:
-Zuk hitz emana betetzean, zein arau eta zein jokabide hartu beharko du haurrak?

13 Jaunaren aingeruak Manoahi:
-Zure emazteak bete dezala esan nion guztia.
14 Ez dezala hartu mahatsez eginiko ezer, ez edan ardorik, ez edari mozkorgarririk, eta ez dezala jan ezer kutsaturik. Bete dezala agindu nion guztia.

15 Orduan, Manoahek Jaunaren aingeruari:
-Geldi zaitez gurekin; antxume bat prestatuko dizugu.

16 Jaunaren aingeruak erantzun zion:
-Geldiaraziko baninduzu ere, ez nuke zuk emandakorik jango; erre‑oparia egin nahi baduzu, eskaini Jaunari.

Manoahek, Jaunaren aingerua zela ohartu gabe, 17 galdetu zion:
-Nola duzu izena, zuk hitz emana betetzean, ohora zaitzagun?

18 Eta Jaunaren aingeruak:
-Zertarako jakin nahi duzu nire izena? Misteriotsua da.

19 Manoahek, antxumea eta labore‑eskaintza harturik, erre‑oparia eskaini zion haitz baten gainean bere egintzetan misteriotsua den Jaunari. Manoah eta emaztea begira gelditu ziren. 20 Aldaretik sugarra zerurantz igotzean, Jaunaren aingerua ere igo egin zen aldareko sugarrekin batera. Hori ikustean, Manoah eta emaztea ahozpeztu egin ziren lurreraino. 21 Aurrerantzean ez zitzaien agertu Jaunaren aingerua Manoahi eta emazteari. Orduan, Manoahek, Jaunaren aingerua izan zela oharturik, 22 esan zion emazteari:
-Seguru hilko garela, Jainkoa ikusi baitugu.

23 Emazteak, ordea, esan zion:
-Hil nahi izan bagintu, ez zigukeen onartuko egin dizkiogun erre‑oparia eta labore‑eskaintza, eta ez zigukeen ikus eta entzunaraziko horrelako gauzarik.

24 Emazteak haurra izan eta Sansom izena eman zion. Hazi zen haurra eta bedeinkatu zuen Jaunak. 25 Tzora eta Extaol hirien arteko Danen kanpalekuan zegoen batean, Jaunaren espiritua Sansomi eragiten hasi zen.

14. atala[aldatu]

1 Behinola, Timnara jaitsi eta begiz jo zuen Sansomek emakume filistear bat. 2 Etxera itzuli zenean, berria eman zien aitamei, esanez:
-Emakume filistear bat jo dut begiz Timnan. Har iezadazue emaztetarako.

3 Gurasoek galdetu zioten:
-Ez al da gure ahaideen artean eta gure herrian emakumerik, filistear jentil arrotz horiengana emazte bila joan gabe?

Sansomek ihardetsi zion aitari:
-Huraxe dut, baina, atsegin. Hartzazu niretzat.

4 Gurasoek ez zekiten Jaunaren gauza zenik. Aldi hartan filistearrek menperatua zuten Israel eta Jauna egokiera bila zebilen filistearrak zigortzeko.

5 Horrela, bada, Sansom Timnara abiatu zen bere aitamekin. Timnako mahastietara heldu zirelarik, lehoi gazte bat atera zitzaion Sansomi orroaka. 6 Jaunaren espirituak harturik, Sansomek, eskuetan deus ere ez zuen arren, zatikatu egin zuen lehoia, antxumea zatikatu ohi den bezala. Baina ez zien esan gurasoei zer egin zuen. 7 Ondoren, neskarekin mintzatzera joan zen eta oso atsegin gertatu zitzaion.

8 Egun batzuen buruan, emaztea hartzeko Timnara itzultzean, bidea utzi eta lehoiaren gorpua ikustera joan zen. Eta hara non ikusten duen erle‑multzo bat lehoiaren hezur tartean, bere ezti eta guzti. 9 Eztia eskuan hartu eta bidean janez joan zen aitamengana; eman zien eztia eta jan zuten haiek ere. Baina ez zien esan ezti hura lehoiaren hezur artetik hartua zuenik.

10 Sansomen aita neskaren etxera joan zen, eta Sansomek eztei‑otordua eman zuen, gazteek ohi dutenez. 11 Filistearrek, Sansom ikustean, hogeita hamar gazte bidali zizkioten lagun egitera. 12 Sansomek esan zien:
-Igarkizun bat esan behar dizuet. Eztei‑otorduko zazpi egunen barruan asmatu eta aditzera ematen badidazue, soineko eta soingaineko bana emango dizkizuet.
13 Bestela, zuek eman beharko dizkidazue hogeita hamar soineko eta beste horrenbeste soingaineko.

Haiek erantzun zioten:
-Esan igarkizuna, entzungo dizugu.

14 Sansomek, orduan:

«Jaten duenarengandik jatekoa,

indartsuarengandik gozoa».

Hiru egun igaro eta asmaezinik zebiltzan.

15 Laugarren egunean, esan zioten Sansomen emazteari:
-Atera iezaiozu azpikeriaz senarrari igarkizunak zer esan nahi duen; bestela, su emango dizugu, bai eta zuen aitaren etxeari ere. Guri lapurtzeko asmoz gonbidatu al gaituzue?

16 Emaztea negarrez hasi zitzaion Sansomi, esanez:
-Ez nauzu batere maite! Gorrotoa didazu! Nire herritarrei igarkizuna ipini eta niri ez didazu adierazi zer esan nahi duen. Sansomek ihardetsi zion:
-Ez diet adierazi neure gurasoei ere eta zuri adieraziko dizut!

17 Eztei‑otorduko zazpi egunetan emaztea negarrez ari izan zitzaion. Azkenean, nazkatu zuen eta Sansomek aditzera eman behar izan zion. Emazteak berehala bere herritarrei jakinarazi zien. 18 Eta hiriko jendeak, zazpigarren egun hartan, ilunabarra baino lehen, esan zion Sansomi:

«Zer eztia baino gozoagorik?

Zer lehoia baino indartsuagorik?»

«Nire bigantxarekin goldatu ez bazenute,

ez zenuketen inoiz ere asmatuko».

19 Orduan, Jaunaren espirituak eraginik, Axkelon hirira joan, hogeita hamar gizon hil eta haien hondakinak harturik, igarkizuna asmatu zutenei eman zizkien soingainekoak. Gero, aitaren etxera itzuli zen haserre bizitan.

20 Sansomen emaztea, berriz, eztei‑otordua antolatu zuen lagunari eman zioten emaztetzat.

15. atala[aldatu]

1 Aldi baten buruan, gariak igitaitzeko aroan, Sansom bere emaztea bisitatzera joan zen, antxume bat eramanez. Hau zioen:
-Neure emazteagana noa logelara.

Aitaginarrebak, ordea, ez zion sartzen utzi, 2 esanez:
-Benetan gorroto zeniola uste nuen eta zure adiskideari eman nion emaztetzat. Hori baino hobea duzu ahizpa gaztea. Hartzazu zeuretzat, bestearen ordez.

3 Sansomek ihardetsi zion:
-Oraingoan errugabea izango naiz filistearrei egingo diedan kalteaz.

4 Orduan, hirurehun azeri harrapatu eta isatsak bata bestearekin korapilaturik, lastargiak ezarri zizkien Sansomek korapilo bakoitzean. 5 Eman zien su eta bota zituen azeriak filistearren gari-soroetara. Denak hartu zuen su: gari-bala, gari-soro, mahasti eta olibadiek. 6 Orduan, filistearrek galdetu zuten:
-Nork egin du hori?

Erantzun zieten:
-Sansomek, timnarraren suhinak, zeren eta hark Sansomen emaztea hartu eta beraren lagunari eman baitio. Orduan, filistearrek joan eta erre egin zituzten aita‑alabak. 7 Sansomek esan zien:
-Hori egin al duzue? Ba, nik ez dut etsiko zuei mendeku egin arte.

8 Astindu ederra eman zien eta sarraski handia egin. Ondoren, Etamgo haitzarteko leize-zulo batera jaitsi zen bizitzera.

9 Filistearrek Judan jarri zuten kanpalekua. Gero, Lehi hiriari erasotzeko zabaldu egin ziren. 10 Judaren leinuko gizonek galdetu zuten:
-Zer dela‑eta erasotzen diguzue?

Filistearrek erantzun zieten:
-Sansom atxilotzera etorri gara; egin diguna ordainaraztera.

11 Orduan, Judako hiru mila gizonek, Etamgo haitzarteko leize-zulora joan eta esan zioten Sansomi:
-Ez al dakizu filistearren menpe gaudela? Zergatik jarri gaituzu egoera honetan?

Sansomek erantzun zien:
-Beraiek egin didatena egin diet nik.

12 Judakoek esan zioten:
-Zu lotu eta filistearren esku uzteko asmoz etorri gatzaizkizu.

Sansomek, orduan:
-Egidazue zin ez nauzuela hilko.

13 Judakoek erantzun zioten:
-Hil, ez zaitugu hilko; baina ongi lotu eta filistearren esku utzi, bai.

Orduan, bi soka berriz lotu eta atera egin zuten haitzartetik. 14 Lehira heldu zenean, filistearrak bidera atera zitzaizkion, pozez oihuka. Baina Jaunaren espirituak Sansom hartu zuelarik, suak erretako liho‑hariak bezalako bihurtu ziren Sansomi besoak lotzen zizkioten sokak eta eten egin zitzaizkion eskuetako lokarriak. 15 Aurkitu zuen, orduan, hil berria zen asto baten matrailezurra, hartu eta mila gizon hil zituen Sansomek matrailezurraz. 16 Eta esan zuen:
«Asto‑matrailezurraz
ederki astindu ditut,
asto‑matrailezurraz
mila gizon hil ditut».

17 Hori esanik, jaurtiki egin zuen matrailezurra, eta toki hari Ramat‑Lehi izena ezarri zion.

18 Sansomek egarri handia sumatu zuen; Jaunari dei egin eta esan zion: «Garaipen handi hau eman ondoren, egarriak hiltzen utziko ote nauzu eta jentil arrotz horien esku erortzen?»

19 Orduan, Jainkoak Lehin dagoen zuloa ebaki zuen eta ura atera zen. Edan ondoren, arnasberritu eta indartu egin zen Sansom. Iturri hari En‑Kore izena ezarri zioten. Han dago Lehin gaur arte.

20 Sansomek hogei urtez gobernatu zuen Israel, filistearren garaian.

16. atala[aldatu]

1 Behinola, Sansom, Gazara joan zelarik, emagaldu bat ikusi eta beraren etxera sartu zen. 2 Gazakoek, Sansom han zela jakitean, inguratu zuten eta gau osoan zelatan egon zitzaizkion hiriko sarreran. Gau osoan geldi egon ziren, eguna argitzean hiltzeko asmotan. 3 Sansom, ordea, gauerdiraino baizik ez zen egon ohean; gauerdian jaiki eta hiri‑sarrerako bi ateak beren zango, ataga eta guzti orpotik atera eta bizkarrean harturik, Hebronen aurrean dagoen mendi-gailurreraino jaso zituen.

4 Aldi baten buruan, Sorek ibarrean bizi zen emakume batez maitemindu zen Sansom; emakumeak Dalila zuen izena.

5 Filistearren buruzagiek emakumeagana joan eta esan zioten: -Atera iezaiozu azpikeriaz Sansomi nondik duen halako indarra eta nola harrapa dezakegun, lotu eta menperatzeko. Bakoitzak mila eta ehun zilarrezko txanpon emango dizkizugu.

6 Dalilak esan zion Sansomi:
-Esadazu nondik duzun horrelako indarra eta nola lotu zaitzaketen zu menperatzeko.

7 Sansomek erantzun:
-Lehortu gabeko zazpi soka berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein gizon bezalakoa izango.

8 Eraman zizkioten filistearren buruzagiek emakumeari lehortu gabeko zazpi soka berri eta lotu zuen emakumeak Sansom. 9 Gelan gizon batzuk zelatan zeudelarik, Dalilak esan zion Sansomi: «Horra! Filistearrak!» Sansomek, ordea, eten egin zituen sokak, iztupa‑haria suak ukitzean eten ohi den bezala. Eta ez zuten jakin nondik zuen halako indarra.

10 Dalilak, orduan, Sansomi:
-Barre egin duzu nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.

11 Sansomek erantzun zion:
-Behin ere erabili gabeko lokarri berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.

12 Gela batean gizon batzuk zelatan zeudelarik, lokarri berriak hartu, Sansom lotu eta esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Sansom!» Baina Sansomek lokarri berriak ere eten egin zituen, hariak bailiran.

13 Dalilak esan zion:
-Barre egin duzu berriro ere nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen. Sansomek erantzun:
-Nire buruko zazpi ile‑mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ehulearen ziriaz lotuko bazenitu, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.
14 Orduan, lo harrarazi eta buruko zazpi ile‑mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ziriaz lotu ondoren, esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Sansom!» Sansomek, ordea, esnatu eta eten egin zituen ziria, ehulearen ardatza eta ehundura ere. 15 Dalilak, orduan:
-Maite nauzula diozu eta ez zara nitaz fidatzen. Hiru aldiz egin duzu barre nire lepotik, eta oraindik ez didazu esan nondik duzun horrelako indarra.

16 Dalila, egunero, nazkatzeraino galdezka ari zitzaionez, bizitzaz ere asperturik, 17 aditzera eman zion Sansomek bere baitan zeraman isilpekoa: «Ez dit labanak inoiz ere ilea moztu; <nazireu> bainaiz, hau da, Jaunarentzat sagaratua, neure amaren sabeletik. Ilea moztuko balidate, indarra galdu eta ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango».

18 Dalilak, egi‑egia esan ziola oharturik, filistearren buruzagiei dei egin eta esan zien:
-Zatozte, oraingoan azaldu baitit bere barrua.

Hala, etorri ziren filistearren buruzagiak emakumeagana, dirua eskuan zekartela. 19 Eta Dalilak, Sansomi bere belaunetan loharrarazirik, gizon bati dei egin zion buruko zazpi ile‑mototsak mozteko. Sansomi indarrak alde egin zionean, Dalila astintzen hasi zitzaion, 20 esanez: «Horra! Filistearrak, Sansom!» Esnatu zen Sansom eta aurrekoetan bezala libratuko zela uste izan zuen; baina ez zekien Jaunak zapuztua zuela. 21 Hartu zuten, beraz, filistearrek, begiak atera, Gazara eraman eta brontzezko bi katez lotu zuten, eta errotarri bati eragin behar izan zion presondegian. 22 Hala ere, berriro luzatzen hasi zitzaion moztua zioten ilea.

23 Behinola, beren jainko Dagoni opari handi bat eskaintzeko eta jai alaia egiteko bildu ziren filistearren buruzagiak. Hau zioten:


«Gure jainkoak eskura eman digu
Sansom gure etsaia!»

24 Herriak, Sansom ikustean, bere jainkoa goretsi zuen, esanez:
«Gure jainkoak eskura eman digu
Sansom gure etsaia,
gure lurraldea hondatu
eta hainbeste guretar hil zuena!»

25 Izan ere, pozaren pozez, Sansom ateratzeko eskatua zuten, beraren kontura barre egiteko gogoz. Atera zuten, beraz, Sansom espetxetik eta beraren bizkar egin zuten barre. Gero, bi zutaberen erdian utzi zuten. 26 Orduan, Sansomek esan zion eskutik zeraman itsumutilari:
-Eraman nazak jauretxeari eusten dioten zutabeak ukitzeraino, haietan sostenga nadin.

27 Jauretxea gizon eta emakumez betea zegoen; bertan ziren filistearren buruzagiak etxe gainean eta beste hiru bat mila gizon eta emakume ere bai, Sansomek eginiko jostaketei begira egonak. 28 Sansomek dei egin zion Jaunari, esanez: «Ene Jainko Jauna, oroit zaitez nitaz eta egin nazazu indartsu beste behin bederen, kendu dizkidaten bi begiengatik filistear horietaz kolpe bakarraz mendeka nadin».

29 Ukitu zituen, orduan, Sansomek jauretxeari erdi‑erdian eusten zioten bi zutabeak, bataren kontra eskuina eta bestearen kontra ezkerra ipiniz, 30 eta esan zuen: «Hil nadila filistearrekin batera!» Egin zuen bultza indarrez, eta bertan zeuden buruzagi eta jendearen gainera etorri zen jauretxea. Horrela, bere bizitza osoan baino jende gehiago hilez hil zen Sansom.

31 Gero, bere senide eta ahaideek etorri, Sansomen gorpua hartu eta beraren aita Manoahen hilobian ehortzi zuten, Tzora eta Extaol artean. Hogei urtez gobernatua zuen Israel.

17. atala[aldatu]

1 Bazen Efraimgo mendialdean Mika izeneko gizon bat. 2 Behinola esan zion amari:
-Oroitzen al zara nola ostu zizkizuten zilarrezko mila eta ehun txanpon?

Madarikazioa bota zenuen orduan nire aurrean. Begira, neuk ditut txanpon haiek, neuk ostu bainizkizun. Tori dirua!

Amak esan zion:
-Bedeinka zaitzala Jaunak, ene seme!

3 Orduan, amari eman zizkion zilarrezko mila eta ehun txanponak; baina amak esan zion:
-Jaunari eskainia nion zilar hau zure alde, ene seme, zurezko idoloa metalez jantzia egiteko.

4 Semeak itzuli zion dirutik zilarrezko berrehun txanpon hartu eta zilargin bati eman zizkion amak eta zurezko idoloa metalez jantzia egin zuen zilarginak, eta Mikaren etxean ezarri zuten.

5 Mikak santutegi bat zuen, eta efod apaiz‑jantzia eta etxe‑jainkoen irudiak eginarazi ondoren, bere semeetariko bati apaiz‑eginkizuna eman zion, beraren apaiz izan zedin. 6 Aldi hartan ez zen erregerik Israelen eta bakoitzak ongien iruditzen zitzaiona egin ohi zuen.

7 Bazen Judako Belenen Judaren leinuko gazte lebitar bat; atzerritar gisa bizi zen han. 8 Gazte hark alde egin zuen Belendik, beste nonbait bizitzeko. Ibilian‑ibilian, Efraimgo mendialdera heldu zen, Mikaren etxera.

9 Mikak galdetu zion:
-Nondik zatoz?

Hark erantzun:
-Judako Belengo lebitar bat nauzu, beste nonbait bizitzeko asmotan.

10 Mikak, orduan:
-Geldi zaitez nirekin; kontseilaritzat hartuko zaitut, nire apaiz izanen zara. Ordainez, urtean zilarrezko hamar txanpon, jantzi‑multzoa eta jatekoa emango dizkizut.

11 Lebitarrak onartu zuen gizon haren etxean bizitzea, eta gizonak bere semeetako bat bezala hartu zuen.

12 Mikak apaiz‑eginkizuna eman zion lebitarrari; horrela, gazte hura Mikaren apaiz bilakatu zen eta beraren etxean gelditu bizitzen.

13 Mikak pentsatu zuen: «Orain bai izanen dudala Jauna neure alde, lebitarra baita nire apaiza».

18. atala[aldatu]

1 Aldi hartan ez zen erregerik Israelen. Danen leinukoak lurralde baten bila zebiltzan, bertan bizitzeko, ordurarte zozketan ez baitzitzaien atera berentzako lurralderik israeldarren artean. 2 Horregatik, Danen leinukoek beren senitarteetako bost gizon, Tzora eta Extaol hirietako bost gizon adoretsu, bidali zituzten, lurraldean zehar ibili eta ikertzeko aginduz. Gizon haiek Efraimgo mendialdera jo zuten, Mikaren etxera, eta bertan gaua eman.

3 Mikaren etxean zeudelarik, lebitar gaztearen ahotsa ezagutu zuten eta, berarengana zuzenduz, galdetu zioten:
-Nork ekarri zaitu hona? Zer ari zara? Zertan zabiltza hemen?

4 Lebitarrak erantzun:
-Honela eta honela hartu nau Mikak; ordaindu egiten dit, beraren apaiz izateko.

5 Orduan, esan zioten gizonek:
-Otoi, egiozu kontsulta Jainkoari; hasi dugun ibilaldi honek azken ona izango duen ala ez jakin nahi dugu.

6 Apaizak erantzun zien:
-Zoazte bakean. Begi onez ikusten du Jaunak hasi duzuen ibilaldia.

7 Bost gizonak abiatu eta Laixera heldu ziren. Eta ikusi zuten hango bizilagunak seguru bizi zirela, Sidongoen antzera, bakean eta lasai. Ez zioten inolako atsekaberik ematen agintariari. Laixkoak urrun zeuden sidondarrengandik eta ez zuten inolako harremanik inorekin. 8 Bost gizon haiek Tzora eta Extaolera itzultzean, beren senideek galdetu zieten:
-Zer berri?

9 Haiek erantzun:
-Ikusi dugu lurralde hori eta oso ederra da. Jaiki! Eraso diezaiogun! Zertan zaudete hor ezer egin gabe? Ez egon geldi eta abia zaitezte lurralde horretaz jabetzera.
10 Hara iristean, denak lasai aurkituko dituzue. Lurraldea zabala da alderdi guztietara, eta ez da lurreko ondasunetarik batere falta. Eskura emanen dizue Jaunak. 11 Orduan, Tzora eta Extaoldik Danen leinuko seiehun gudari armatu abiatu eta 12 Judako Kiriat‑Jearimdik mendebaldera ezarri zituzten kanpalekuak. Horregatik deritza toki hari gaur arte «Mahane‑Dan», hau da, Danen kanpalekua.

13 Handik Efraimgo mendialdera jo zuten eta Mikaren etxera heldu ziren. 14 Laixko inguruak ikertzen ibiliak ziren bost gizon haiek esan zieten beren ahaideei:
-Ba al dakizue etxe haietako batean efod apaiz‑jantzi bat, etxe‑jainkoen irudiak, idolo bat eta metal urtuzko irudi bat daudela? Pentsa ezazue zer egin.

15 Bost gizon haiek harantz jo zuten eta, Mikaren etxean sarturik, lebitar gaztea agurtu. 16 Danen leinuko seiehun gizon haiek, berriz, atarian gelditu ziren. 17 Eta apaiza seiehun gizon armatu haiekin etxe atarian zegoen bitartean, lurraldea ikertua zuten bost gizon haiek etxean sartu eta idoloa, efoda, etxe‑jainkoen irudiak eta metal urtuzko irudia hartu zituzten. 18 Mikaren etxean sartu eta gauza sakratu haiek hartu zituztela ikustean, apaizak esan zien:
-Zertan ari zarete?

19 Gizonek erantzun zioten:
-Ixo! Ez esan ezer. Zatoz gurekin eta gure kontseilari eta apaiz izanen zara. Zer duzu hobe, gizon bakarraren apaiz izan ala Israelgo leinu eta senitarte batena izan?

20 Atsegin izan zitzaion hori apaizari. Hartu zituen efod apaiz‑jantzia, etxe‑jainkoen irudiak eta idoloa, eta gizon‑taldearekin joan zen. 21 Beste guztiek ere abiatu eta bideari jarraitu zioten, haurrak, abereak eta tresneria aurretik bidaliz.

22 Mikaren etxetik urrun zirelarik, Mikaren auzokoak asaldatu egin ziren eta Danen leinukoen ondoren abiatu, 23 atzetik oihuka. Danen leinukoek atzera begiratu eta galdetu zioten Mikari:
-Zer duk hik jendea horrela asaldarazteko?
24 Mikak erantzun:
-Neuk egindako jainko‑irudiak eta apaiza osturik zoazte; ezer gabe utzi nauzue, eta zer dudan galdetu, gainera?

25 Danen leinukoek ihardetsi zioten:
-Gure aurrean hobe duk isilik egon, gutakoren batzuk beren onetik irtenda zuei erasotzea eta hire bizia eta senitartea hondatzea nahi ez baduk!
26 Danen leinukoek beren bideari jarraitu zioten. Mika, berriz, bera baino indartsuago zirela oharturik, etxera itzuli zen.

27 Danen leinukoek, Mikak eginiko gauza sakratuak eta harekin zen apaiza harturik, Laixera jo eta bertan lasai eta bakean bizi zen jendea ezpataz hil zuten, eta ondoren hiriari su eman. 28 Ezin izan zituen inork ere salbatu, Sidon oso urruti baitzuten eta ez zuten beste inorekin harremanik. Izan ere, Laix hiria Bet‑Rehob izeneko haranean dago. Danen leinukoak hiria berreraiki eta bertan gelditu ziren bizitzen; 29 baina hiriari izena aldatuz: lehen Laix zenari Dan deitu zioten, Israelen seme Danen, beren arbaso izanaren, oroipenez.

30 Danen leinukoek hiri hartan ezarri zuten irudia. Eta Moisesen seme zen Gerxomen seme Jonatan lehenbizi eta beronen semeak gero Danen leinuko apaiz izan ziren, erbestealdira arte. 31 Mikak eginiko irudia beren artean izan zuten, Jainkoaren etxea Xilon egon zen bitartean.

19. atala[aldatu]

1 Israelen erregerik ez zen aldi haietan, Efraimgo mendialde urrutienean bizi zen lebitar batek Judako Belengo emakume bat hartu zuen ohaidetzat. 2 Baina, haserreturik, ohaideak alde egin zion gizonari bere aitarenera, Judako Belenera, eta bertan gelditu lau hilabetez. 3 Azkenean, senarra bertara joan zitzaion, hunkigarriro hitz eginez itzularazteko asmoz. Berekin zeramatzan lebitarrak morroi bat eta bi asto.

Neskak etxean sarrarazi zuen; neskaren aitak ere, ikustean, poz handiz egin zion ongi etorri. 4 Aitaginarrebak, neskaren aitak, etxean geldiarazi zuen eta bertan egon zen hiru egunez. Jan, edan eta bertan ematen zuten gaua.

5 Laugarren egunean, goizean goiz jaiki eta abiatzeko prestatu ziren. Neskaren aitak, ordea, esan zion suhiari:
-Jan zerbait lehenbizi, indarrak hartzeko, eta joango zarete gero.

6 Jarri ziren, beraz, eta jan eta edan zuten biek elkarrekin. Gero, neskaren aitak esan zion:
-Igaro ezazu, arren, beste gau bat hemen eta alai zaitez.

7 Lebitarra, ordea, jaiki egin zen abiatzeko. Baina aitaginarreba esan eta esan ari zitzaionez, bertan gelditu zen beste gau batez.

8 Bosgarren egunean, jaiki zen goizean goiz abiatzeko asmoz, baina neskaren aitak esan zion berriro:
-Hartu indarrak. Geldi zaitezte ilunabarra arte.

Eta biek jan zuten.

9 Jaiki zen, orduan, lebitarra bere ohaide eta morroiarekin batera abiatzeko, baina aitaginarrebak esan zion:
-Arratsaldea da; laster ilunduko du. Eman ezazue gaua hemen, egon lasai. Bihar, goizean goiz, joango zarete etxera.

10 Lebitarrak, ordea, ez zuen gaua han eman nahi izan eta, bi asto txalmatu eta ohaidea harturik, abiatu egin zen eta Jebus, hau da, Jerusalem, begiztatzera iritsi.

11 Jebus ondora heldu zireneko, ilunabarra zen. Morroiak esan zion nagusiari:
-Tira, jo dezagun jebustarren hiri horretara; eman dezakegu bertan gaua.

12 Nagusiak ihardetsi zion:
-Ez gara israeldarrik bizi ez den hiri arrotz batera joango; Gibearaino joango gara.
13 Gero, esan zion:
-Tira, jo dezagun beste herri horietakoren batera; Gibean nahiz Raman emango dugu gaua.

14 Horrela, beraz, aurrera egin zuten bidean. Benjaminen dagoen Gibea herritik hurbil zirelarik, gorde egin zen eguzkia. 15 Bidea utzi eta Gibeara joan ziren gaua igarotzera. Herrian sartu eta plazan gelditu ziren; baina ez zien inork ostaturik eman bere etxean gaua igarotzeko.

16 Arratsean, horra non datorren gizon zahar bat soroko lanetik. Bera ere Efraimgo mendialdekoa zen, baina Gibean bizi zen etorkin gisa, bertako benjamindarren artean. 17 Begiak altxatu eta lebitar bidaiaria herriko plazan ikustean, galdetu zion zaharrak:
-Nondik nora zabiltza?

18 Lebitarrak erantzun:
-Judako Belendik gatoz eta Efraimgo mendialdera noa, hangoa bainaiz. Judako Belenera etorri nintzen eta berriro etxera noa. Herri honetan ez nau inork ere hartu nahi izan bere etxean.
19 Baina badugu lastoa eta belarra astoentzat, bai eta ogia eta ardoa ere neure ohaide, morroi eta hirurontzat. Ez dugu deus ere falta. 20 Hala ere, gizon zaharrak esan zien:
-Bakea zurekin! Neuk emanen dizut falta duzun guztia. Ez gelditu, behintzat, plazan gauez.

21 Orduan, bere etxera eraman zuen. Eman zien belarra astoei eta, oinak garbitu ondoren, jan eta edan egin zuten.

22 Denak pozik zeudelarik, hona non agertzen diren gizonak, gizon gaizkile halakoak; etxea inguratu eta ate-joka hasi ziren, etxeko jabea zen gizon zaharrari esanez:
-Atera ezazu zure etxean sartu den gizon hori, bortxatu egin nahi dugu eta!

23 Etxeko jabeak ihardetsi zien:
-Ez, ene anaiok; ez egin halako itsusikeriarik. Neuk eman diot ostatu; ez egin halako zitalkeriarik.
24 Hemen daude neure alaba, birjina oraindik, eta gizon honen ohaidea; biak aterako dizkizuet. Bortxa itzazue eta egiezue nahi duzuena, baina gizon honi ez egin halako zitalkeriarik.

25 Gizon haiek, ordea, ez zioten kasurik egin. Orduan, lebitarrak bere ohaidea atera zien kanpora, eta haiek gau osoan ari izan ziren emakumea bortxatzen eta eguna argitzean utzi zuten. 26 Egunsentian, bere senarrari ostatu eman zion gizonaren etxera itzuli zen emakumea, baina ate ondoan eroria gelditu zen eguna argitu zuen arte.

27 Lebitarrak, goizean goiz jaiki eta bideari ekiteko atea ireki zuenean, han aurkitu zuen bere ohaidea, etxeko atarian eroria, eskuak atondoan zituela. 28 Gizonak esan zion:
-Jaiki eta goazen.

Baina ez zuen erantzunik izan. Orduan, jaso zuen asto gainera gorpua eta bere lurralderantz abiatu zen lebitarra.

29 Etxera heldurik, labana hartu eta hamabi puskatan zatikatu zuen emakumearen gorpua eta Israelgo lurralde guztietara bidali zituen puskak. 30 Hori ikusi zutenek esan zuten: «Ez da horrelakorik gertatu, ez eta ikusi ere inoiz, israeldarrak Egiptotik igo zirenez geroztik gaur arte. Pentsa ezazue honetaz, eztabaidatu eta erabaki».

20. atala[aldatu]

1 Israeldarren elkarte osoa, iparraldeko Dandik hegoaldeko Beer‑Xebarainokoa, bai eta Galaadekoa ere, Mitzpan batzartu zen, Jaunaren aurrean, gizon bakarra bailitzan. 2 Jainkoaren herriaren batzar hartan Israelgo leinu guztiak eta beren buruzagiak bildu ziren: laurehun mila gudari ziren, gerrarako trebatuak. 3 Israeldarrak Mitzpan batzarturik zeudela jakin zuten benjamindarrek. Israeldarren batzarrak gaiztakeria hura nola gertatu zen jakin nahi izan zuen.

4 Orduan, lebitar hark, hil zuten emakumearen senarrak, esan zuen: «Benjamingo Gibeara joan nintzen neure ohaidearekin, gaua bertan igarotzeko asmoz. 5 Hortan, Gibeako jauntxoak asmo txarrez etorri zitzaizkidan eta etxea inguratu zidaten gauez. Ni hil nahi ninduten, baina nire ohaidea bortxatu zuten, hil arte. 6 Orduan, ohaidearen gorpua hartu, zatikatu eta Israelgo lurralde guztietara igorri nituen puskak. Izan ere, israeldarrontzat zitalkeria higuingarria egin zuten haiek. 7 Hemen zaudeten israeldarrok, hitz egin zeuen artean eta hartu erabakia».

8 Herri osoak, aho batez, esan zuen: «Ez dadila inor ere joan bere oihal‑etxolara, ez dadila itzul bere etxera. 9 Gibea hiriari eraso egin behar diogu, nork egin zozketatu ondoren. 10 Eta Israelgo leinu guztietan ehundik hamar, milatik ehun, hamar milatik mila lagun bereiziko ditugu, Israelen halako itsusikeria egin duen Benjamingo Gibeari erasoko diotenei janaria ekar diezaieten».

11 Horrela, Israelgo gizon guztiek bat egin zuten, Gibea hiriaren kontra joateko.

12 Israeldar leinuetakoek mandatariak bidali zituzten Benjaminen leinuaren lurralde osora, esatera: «Nolako gaiztakeria gertatu da zuen artean? 13 Tira, emazkiguzue Gibeako gizon maltzur‑gaizto horiek; hil egin behar ditugu, Israeldik gaitz hori kentzeko».

Baina benjamindarrek ez zieten entzun nahi izan beren senide israeldarrei. 14 Alderantziz, benjamindar hirietatik Gibeara bildu ziren, israeldarren kontra borrokatzeko. 15 Hogeita hamasei mila gudari zenbatu zituzten egun hartan hirietatik etorriak, Gibeako bertako bizilagunak sartu gabe. 16 Horien guztien artean baziren aukerako zazpiehun gizon ezkerti; bakoitzak habailaz harria jaurtiki eta ile bat ere jo zezakeen, hutsik egin gabe.

17 Zenbatu zituzten israeldar gudariak ere: benjamindarrak sartu gabe, laurehun mila gudari ziren, ezpata erabiltzen trebeak.

18 Israeldarrek Betelera igo eta kontsulta egin zioten Jaunari:
-Gure leinuetarik zeinek abiatu behar du lehenengo benjamindarrei erasotzera?

Jaunak erantzun zien:
-Lehenengo, Judak.

19 Biharamun goizean, israeldarrek jaiki eta Gibeatik hurbil ezarri zuten kanpalekua 20 eta gudu-lerrotan antolatu ziren, Gibearen aurrez aurre, benjamindarrei erasotzeko. 21 Baina benjamindarrek Gibeatik irten eta hogeita bi mila gizon israeldarri lur joarazi zieten.

22-23 Orduan, israeldarrak Betelgo santutegira igo eta negarrez ari izan ziren arratserarte. Ondoren, Jaunari kontsulta egin zioten:
-Ekin behar al diogu berriro geure senide benjamindarren kontrako borrokari?

Jaunak erantzun zien:
-Ekin!

Beraz, israeldar gudarostea, bizkorturik, gudu-lerrotan antolatu zen berriro, lehenengo borrokaldia egina zuten toki berean. 24 Biharamunean, israeldarrak benjamindarrengana hurbildu ziren.

25 Baina bigarren egun hartan ere benjamindarrek Gibeatik atera, eraso eta lur joarazi zieten hemezortzi mila israeldarri, denak gudari trebeak ziren arren.

26 Orduan, israeldar guztiak eta gudarostea Betelera berriro igo eta Jaunaren aurrean eseriak egon ziren, negarrez eta baraurik arratsalderarte; gero, erre‑opariak eta elkartasun‑opariak eskaini zizkioten Jaunari. 27 Israeldarrek kontsulta egin zioten Jaunari; izan ere, egun haietan Betelen zegoen Jainkoaren itun‑kutxa 28 eta Aaronen ondorengoetakoa zen Eleazarren seme Pinhasek zuen kultu‑zerbitzua. Honako hau galdegin zioten Jaunari:
-Ekin behar al diogu berriro geure senide benjamindarren kontrako borrokari ala utzi egin behar dugu?

Jaunak erantzun zien:
-Ekin! Eta bihar eskura emango dizkizuet.

29 Israeldarrek zelatan jarri zituzten gudari batzuk Gibea inguruan. 30 Aurrekoetan bezala, hirugarren egun hartan ere, israeldarrak gudu-lerrotan jarri ziren, benjamindarren kontra borrokatzeko eta Gibea hiriari erasotzeko. 31 Atera ziren benjamindarrak israeldarrei aurre egiteko eta urrutiratu egin ziren beren hiritik. Aurrekoetan bezala, israeldarrak hiltzen hasi ziren landan, Betelerako bidean eta Gibearako bidean; hogeita hamarren bat israeldar bota zituzten. 32 Benjamindarrek zioten: «menperatu ditugu aurrekoetan bezala». Israeldarrek, aldiz, zioten: «Egin dezagun ihes; horrela, erakarri egingo ditugu, hiritik urrunaraziz bideetan zehar».

33 Israeldarrak beren tokiak utzirik, gudu-lerrotan antolatu ziren Baal‑Tamar hiriaren aurrean. Zelatan zeuden israeldarrek, beren gordelekua utzirik, babesik txikiena zuen aldetik eraso zioten hiriari. 34 Bitartean, aukerako hamar mila gudari, Israel osokoak, Gibearen aurrez aurre jarri ziren. Gudua latza izan zen eta benjamindarrak ez ziren ohartu gainera zetorkien hondamenaz. 35 Jaunak hondatu egin zituen benjamindarrak israeldarren aurrean. Hogeita bost mila eta ehun benjamindar gudari trebe hil zituzten egun hartan israeldarrek. 36 Orduan konturatu ziren benjamindarrak galduak zeudela.

Israeldarrek atzera egin zuten benjamindarren aurrean, Gibeari erasotzeko gorderik zeuden zelatariengan baitzuten konfiantza. 37 Zelatariek eraso zioten oldarka Gibeari, zabaldu ziren eta hiriko jende guztia hil zuten ezpataz.

38 Israeldar gudariek eta zelatariek hitza emana zioten elkarri, zelatariek ke‑seinalea igoaraziko zutela hiritik 39 eta israeldar gudariek, orduan, aurre egingo zietela benjamindarrei. Hauek, ordurako, hilak zituzten hogeita hamarren bat gizon israeldar eta pentsatzen ari ziren, aurreko guduketetan bezala, menperatuak zituztela israeldarrak. 40 Baina ke‑seinalea hiritik gora ateratzen hasi zenean, benjamindarrek atzera begiratu eta hiri osoa zerurainoko sugarretan zegoela ikusi zuten.

41 Orduan, israeldarrak itzuli ziren eta benjamindarrak izuturik gelditu, ikusi baitzuten nolako hondamena zetorkien. 42 Eta ihesari eman zioten israeldarren aurretik, basamorturako bidea hartuz; baina israeldarrek eta hiritik zetozen beste gudariek, bien erdian harrapaturik, xehatu egin zituzten 43 benjamindarrak, eta inguratu, pertsegitu eta Gibearen ekialderaino atsedenik eman gabe oinperatu zituzten. 44 Hemezortzi mila gudari benjamindar ausart erori ziren. 45 Atzea eman eta basamorturantz, Rimon harkaitzerantz, ihes egin zutenetarik ere bost mila gizon harrapatu zituzten bidean israeldarrek eta gainerakoak Gidomeraino pertsegitu, beste bi mila hilez.

46 Egun hartan hogeita bost mila gudari benjamindar erori ziren, denak gizon ausartak. 47 Atzera egin eta Rimon harkaitzeraino ihes egitea lortu zutenak seiehun gizon izan ziren, eta lau hilabetez egon behar izan zuten bertan.

48 Israeldarrak, benjamindarren kontra itzulirik, hiriz hiri ibili ziren, gizonak nahiz abereak eta aurkitzen zuten guztia ezpataz hilez. Eta su eman zieten aurkitu zituzten hiri guztiei.

21. atala[aldatu]

1 Israelgo gizonek, Mitzpan bildurik, zin hau egina zuten: «Inork ere ez die bere alabarik emaztetzat emango benjamindarrei».

2 Egun batez, israeldarrak Betelen bildu eta han egon ziren Jainkoaren aitzinean, oihuka eta zotinka negarrez, 3 ziotela: «Jauna, Israelen Jainkoa, zergatik gertatu da hori Israelen? Zergatik galdu da leinu bat?».

4 Biharamunean, herriak, goiz jaikirik, aldarea egin eta erre‑opariak eta elkartasun‑opariak eskaini zituen. 5 Israeldarrek galdetzen zuten: «Israelgo leinuetatik zein da Jaunaren aitzinean egiten ari garen biltzarrera etorri ez dena?» Izan ere, zin handia egina zuten, hil egingo zutela Mitzpara, Jaunaren aurreko biltzarrera, joan ez zedina.

6 Israeldarrak errukitu egin zitzaizkien beren senide benjamindarrei eta esan zuten: «Israelgo leinu bat galdu da. 7 Zer egin dezakegu bizirik gelditu direnentzat emazteren batzuk inguratzeko? Izan ere, Jaunarengatik zin egin dugu ez diegula geure alabarik emango emaztetarako».

8 Israelgo leinu guztiak, Jaunaren aitzinean Mitzpan egiten ari ziren biltzar hartara talderen bat etorri gabe gelditu ote zen galdetu zutenean, ohartu ziren Galaadeko Jabexetik ez zela inor ere etorri batzarrera. 9 Izan ere, jendea zenbatu zutenean, ikusi zuten han ez zela Galaadeko Jabexeko inor ere.

10 Orduan, batzarrak hamabi mila gudaririk ausartenak hiri hartara bidali zituen, agindu hau emanik: «Hil ezpataz Galaadeko Jabexeko bizilagun guztiak, bai eta emakume eta haurrak ere. 11 Suntsitu gizasemeak eta gizasemeekin harremanik izan duten emakume guztiak. Baina utzi bizirik neskatxa birjinak». Eta halaxe egin zuten.

12 Galaadeko Jabexen bizi zirenen artean laurehun neskatxa birjina, gizasemerekin harremanik izan gabeak, aurkitu zituzten eta Kanaanen dagoen Xiloko kanpalekura eraman. 13 Gero, batzar osoak mandatariak igorri zizkien Rimon harkaitzean gorderik zeuden benjamindarrei, bakea eskainiz. 14 Eta benjamindarrak itzuli zirenean, Galaadeko Jabexen bizirik gelditutako neska haiek eman zizkieten; baina ez ziren aski izan. 15 Herria errukitu egin zitzaien benjamindarrei, Jaunak Israelgo leinuen artean halako hutsunea egin zuelako. 16 Eta israeldarren arduradunek galdetu zuten: «Zer egin dezakegu emazterik gabe gelditu direnen alde, benjamindarren artean emakume guztiak galdu baitira? 17 Bizirik irauteko era aurkitu behar diegu benjamindarrei, ezin baita galdu Israelgo leinuetako bat. 18 Baina ezin diegu geure alabarik eman emaztetzat, israeldarrok zin egin baitugu benjamindarrei emaztea eman diezaiona madarikatua izango dela».

19 Orduan, esan zuten: «Horra, Jaunaren urteroko jaia da Xilon». Beteldik iparraldera dago Xilo, Lebonatik hegoaldera, Beteldik Sikemera doan bideaz ekialdera.

20 Eta agindu hau eman zieten benjamindarrei: «Gorde zaitezte Xiloko mahastietan. 21 Eta Xiloko neskak taldeka dantzari ateratzen ikustean, irten zuek mahastietatik eta harrapatu neska horien artetik nork beretzako emaztea. Alde egin gero zeuen lurraldera. 22 Eta neska horien aitarik nahiz nebarik protestaka etortzen bazaigu, esango diogu: <Barka iezaiezue, ezin izan baikenuen bakoitzarentzat emazte bana hartu gudualdian, eta zuek ezin zenizkieten zeuen gogoz eman, errudun izango zinateketen eta> ».

23 Halaxe egin zuten benjamindarrek: dantzan ari ziren neska haietatik behar zituztenak hartu eta beren lurraldera itzuli ziren. Ondoren, hiriak eraiki eta bertan bizi izan ziren. 24 Orduan, israeldarrak ere Beteldik atera eta nor bere lurraldera joan ziren, nor bere leinu eta senitartekoengana.

25 Aldi haietan ez zen erregerik Israelen. Bakoitzak egoki iruditzen zitzaiona egin ohi zuen.