Edukira joan

Biblia/Josue

Wikitekatik
Biblia
Josue
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Moises, Jaunaren zerbitzaria, hil zenean, Jaunak esan zion Moisesen laguntzaile zen Josueri, Nunen semeari: 2 «Hil da Moises, ene zerbitzaria. Orain, abia zaitez, igaro Jordan ibaia Israel herri osoarekin, ematen diodan lurralderantz joateko. 3 Zuen oinek zapalduko duten lurralde guztia emango dizuet, Moisesi hitz eman bezala. 4 Zuen lurraldea hegoaldeko basamortutik iparraldean dagoen Libanoraino eta ekialdeko ibai handitik, Eufratesetik, hititen lurraldean zehar, mendebaldean dagoen Mediterraneo itsasoraino hedatuko da.

5 «Ezin izango dizu inork ere aurre egin bizi zaren artean, zurekin izango bainaiz, Moisesekin izan nintzen bezala; ez dizut huts egingo, ez zaitut utziko. 6 Izan bihotz eta adore, zuk eskuratuko baitiozu herriari, zuen arbasoei zin eginez agindutako lurraldea. 7 Izan, bada, bihotz, izan adore handia! Saia zaitez Moisesi, ene zerbitzariari, eman nion legea betetzen, hartatik ezertan ere saihestu gabe; horrela, ongi burutuko dituzu egintza guztiak. 8 Ez utzi lege-liburua irakurtzeari, hausnar ezazu gau eta egun, eta saiatu bertan idatzia betetzen; horrela, ongi aterako zaizkizu ekinbide guztiak.

9 «Kementsu eta adoretsu izateko esan dizut. Ez ikaratu, ez kikildu, ni, Jauna, zure Jainkoa, zurekin izango bainaiz zure ibilera guztietan».

10 Orduan, agindu hau eman zien Josuek herriko funtzionarioei: 11 «Joan kanpalekuan barna eta esan herriari: <Prestatu biderakoak, zeren eta hiru egunen buruan Jordan ibaia igaroko baituzue, Jaunak, zeuen Jainkoak, jabetzan ematen dizuen herrialdeaz jabetzera joateko> ».

12 Ruben eta Gaden leinuetakoei eta Manasesen leinu erdikoei esan zien Josuek:

13 - Gogora ezazue Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu zizuena: «Jaunak, zeuen Jainkoak, atseden harrarazi dizue lurralde hau zuei emanez. 14 Zuen emazte, haur eta abereak Jordanez ekialdera, Moisesek eman dizuen lurraldean, geldituko dira. Zuek, ordea, eta zuen gerlariek, gudu-lerrotan jarririk, gainerako herritarren aurretik igaroko duzue ibaia eta lagundu egingo diezue, 15 harik eta Jaunak, zuen Jainkoak, herritar guztiei, zuei bezala, atsedena harrarazi arte eta eman dien lurraldeaz haiek ere jabetu arte. Ondoren, hartuko duzue jabetzan Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Jordanez honandira, ekialdera, eman zizuen lurraldea».

16 Haiek erantzun zioten Josueri:
- Zuk agindutako guztia eginen dugu, eta nora gidatzen gaituzun hara joango gara.
17 Moisesi obeditu genion bezala obedituko dizugu zuri ere. Jauna, zure Jainkoa, zurekin izango da, Moisesekin izan zen bezala. 18 Norbait kontra jartzen bazaizu eta eman dizkiguzun aginduak betetzen ez baditu, hil egingo dugu. Zuk izan bihotz eta adore!

2. atala

[aldatu]

1 Josuek, Nunen semeak, bi gizon bidali zituen Xitimgo kanpalekutik lurraldea isilean ikertzera, esanez: «Zoazte Jeriko hiria eta inguruak ikertzera».
Haiek joan eta Rahab izeneko emagalduaren etxera sartu ziren eta bertan gelditu lotarako.

2 Jakinarazi zioten Jerikoko erregeari israeldar batzuk sartu zirela hirian gau hartan eta lurraldea ikertzera zetozela. 3 Orduan, mandatu hau bidali zion erregeak Rahabi:
-Irtenarazi etxean sartu zaizkizun gizon horiek, gure lurraldea ikertzera etorri baitira.

4 Emakumeak, ordea, gorde egin zituen gizonak, eta erantzun zien guardei:
-Bai, etorri zaizkit gizon horiek etxera, baina nik ez nekien nongoak ziren.
5 Arratsean, hiriko atea itxi baino lehen, alde egin dute eta ez dakit nora joan diren. Haien ondoren berehala joaten bazarete, harrapatuko dituzue.

6 Emakumeak, ordurako, etxe gainera eramanak eta bertan metaturik zituen liho-sorta artean ezkutatuak zituen gizonak. 7 Guardak Jordanerako bidera, igarolekuetara, joan ziren haien bila. Hiritik atera zirenean, itxi egin zuten atea.

8 Israeldar haiek artean lotarako etzan gabe zeudela, Rahabek etxe gainera igo 9 eta esan zien:
-Badakit Jaunak lurralde hau eman dizuela. Hemen, hirian, izuturik gaude eta herrialdeko jende guztia ere ikaraz dago zuen aurrean,
10 jakin baitugu Jaunak lehortu egin zituela Itsaso Gorriko urak, zuek Egiptotik irtetean. Jakin dugu, orobat, nola suntsitu dituzuen Jordanez bestaldean amortarren bi erregeak, Sihon eta Og. 11 Hori guztia jakitean, adoregabeturik, arnasa ere galduta gelditu gara zuen aurrean. Izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, Jainko da goian zeruan eta behean lurrean. 12 Nik leial jokatu dut zuekin. Zin egidazue Jaunarengatik, zuek ere leial jokatuko duzuela nire senitartearekin. Emadazue ezaugarri segurua, 13 eta hitz emadazue bizirik utziko dituzuela gure aitamak, gure nebak eta ahizpak eta ahaide guztiak, eta ez gaituzuela hilko.

14 Gizonek erantzun zioten:
-Geure bizia zuenaren ordain, baldin eta salatzen ez bagaituzu. Jaunak lurralde hau emango digunean, zintzo eta leial jokatuko dugu zurekin.

15 Orduan, emakumeak soka batez leihotik behera eraitsi zituen, haren etxea harresiko hormari atxikia baitzegoen. 16 Eta esan zien:
-Zoazte mendira, zuen bila dabiltzanek harrapa ez zaitzaten. Egon bertan hiru egun ezkutaturik, zuen pertsegitzaileak hirira itzuli arte. Gero, jarraitu zeuen bideari.

17 Gizonek erantzun zioten:
-Guk eutsiko diogu eginarazi diguzun zinari, zuk honako baldintza hauek betetzen badituzu:
18 gu herrialde honetan sartzean, lotu hari gorrizko lokarri hau gu eraitsi gaituzuneko leihoan, eta bildu zeurekin etxean zeure gurasoak, senideak eta ahaide guztiak. 19 Zuetariko norbait etxetik atera eta hiltzen badute, berarena izango da errua eta gu errugabe izanen gara. Baina, etxean egonik, norbaitek zuetakoren bat hiltzen badu, gurea izango da errua. 20 Baina salatzen bagaituzu, aske geldituko gara eginarazi diguzun zinetik.

21 Emakumeak erantzun zien:
-Ongi. Hala bedi!

Eta agur egin zien. Alde egin zutenean, emakumeak lokarri gorria lotu zuen leihoan.

22 Bi gizonak mendira joan eta bertan gelditu ziren hiru egunez, pertsegitzaileak, alde guztietan bila ibili ondoren aurkitu ez zituztelarik, hirira itzuli ziren arte.

23 Orduan, bi gizonek menditik jaitsi eta ibaia igaro zuten. Eta, Nunen seme Josuerengana itzulirik, gertatu zitzaien guztiaren berri eman zioten, 24 esanez: «Benetan, gure eskuetan jarri du Jaunak lurralde osoa. Herrialde horretako jende guztia ikaraz dago gure aurrean».

3. atala

[aldatu]

1 Josue goizean goiz jaiki zen. Berak eta israeldar guztiek, Xitimdik abiatu eta Jordan ibairaino heldurik, bertan eman zuten gaua, ibaia igaro gabe. 2 Handik hiru egunera, funtzionarioak kanpalekuan zehar ibili ziren, 3 herriari agindu hau emanez: «Apaiz lebitarrek Jaunaren, zuen Jainkoaren, itun-kutxa hartu eta badaramatela ikustean, abiatu zuek ere orain zaudeten tokitik eta jarraitu kutxari, 4 nondik joan jakin dezazuen, lehen inoiz ere bide horretan ibili gabeak baitzarete; baina ez hurbildu kutxaren ondora, utzi kilometro inguruko tartea zuen eta beraren artean».

5 Ondoren, Josuek esan zion herriari: «Egizue garbikuntza, Jaunak bihar gauza harrigarriak egingo baititu zuen artean». 6 Eta apaizei esan zien: «Hartu itun-kutxa eta jar zaitezte herriaren aurrean». Apaizak itun-kutxa hartu eta herriaren aurretik abiatu ziren. 7 Jaunak, orduan, esan zion Josueri: «Gaurtik aurrera goratu eginen zaitut israeldar guztien aurrean; horrela jakingo dute ni zurekin naizela, Moisesekin izan nintzen bezala. 8 Eman agindu hau itun-kutxa daramaten apaizei: Jordan ibai-ertzera heltzean, gelditu bertan».

9 Josuek esan zien israeldarrei: «Hurbil zaitezte eta entzun Jaunaren, zeuen Jainkoaren, hitzak». 10 Eta gehitu zuen: «Horra zertan igarriko diozuen Jainko bizia duzuela zeuen artean, eta kanaandarrak, hititak, hibiarrak, periztarrak, girgaxtarrak, amortarrak eta jebustarrak zuen aurretik erabat botako dituela: 11 lur osoko Jaunaren itun-kutxa zuen aurretik igaroko da Jordan ibaian zehar. 12 (Aukera itzazue hamabi gizon, Israelgo leinu bakoitzeko bat). 13 Jaunaren, lur osoko Jainkoaren, itun-kutxa daramaten apaizen oinek Jordan ibaiko urak ukitu bezain laster, ur-korrontea eten eta urak gelditu egingo dira, harresia bailiran».

14 Herria ibaia igarotzeko kanpalekutik abiatu zenean, apaizak itun-kutxa hartu eta jendearen aurrean jarri ziren. 15 Uzta-aroa zen, eta urte-sasoi horretan Jordan ibaia gainezka etorri ohi da. Kutxa zeramaten apaizak Jordanera heldu eta haien oinek ur-ertza ukitu bezain laster, 16 goitik zetozen urak gelditu egin ziren, harresia bezala tente jarriz, eta urak urrutira, Tzartan ondoan dagoen Adam hiriraino, heldu ziren; Araba itsaso edo Itsaso Hilera zihoan ur-korrontea, berriz, erabat eten zen. Eta herria igaro egin zen Jeriko parean. 17 Israel herri osoa lehor-bidetik igaro bitartean, Jaunaren itun-kutxa zeramaten apaizak lehorrean egon ziren ibaiaren erdian, denak igaro arte.

4. atala

[aldatu]

1 Herri osoak Jordan igaro zuenean, Jaunak esan zion Josueri: 2 «Aukera itzazue herriko hamabi gizon, leinu bakoitzeko bat, 3 eta agindu Jordan erditik, apaizen oinak egon diren tokitik, hamabi harri ateratzeko. Eraman ditzatela eta gaua igaroko duzuen tokian ezarri».

4 Josuek, israeldarren artean aukeratu zituen hamabi gizonei -leinu bakoitzeko bati- dei egin 5 eta esan zien: «Zoazte Jaunaren, zeuen Jainkoaren, itun-kutxaren aurrera Jordan erdiraino eta hartu harri bana sorbaldan, israeldar leinuak hainbat harri. 6 Harri horiek seinale izango dira zuen artean. Bihar edo etzi, zuen seme-alabek galdetzean: <Zer esan nahi dute zuentzat harri horiek?>, 7 zuek erantzun, Jaunaren itun-kutxa Jordan ibaian barna igaro zenean, Jordango urak eten egin zirela beraren aurrean. Harri hauek oroigarri izango dituzte betierean israeldarrek».

8 Josuek agindu bezala egin zuten israeldarrek: Jordan erditik hamabi harri, israeldar leinuak hainbat harri, hartu, gaua igaroko zuten lekura eraman eta bertan ezarri zituzten, Jaunak Josueri agindu bezala.

9 Josuek beste hamabi harri ezarri zituen Jordan erdian, itun-kutxa zeramaten apaizak geldi egondako tokian. Han dira harri haiek oraindik.

10 Itun-kutxa zeramaten apaizak Jordan ibaiaren erdian egon ziren geldi, herriari esateko Jaunak Josueri agindu ziona erabat bete zen arte. Moisesek ere horixe zion agindua Josueri. Eta herriak lehiaz igaro zuen ibaia. 11 Herri osoak igaro zuenean, Jaunaren kutxak ere igaro zuen ibaia, eta apaizak herriaren aurrean jarri ziren. 12 Ruben eta Gaden leinuetakoak eta Manasesen leinu erdikoak gainerako israeldarren aurretik joan ziren, gudu-lerrotan jarririk, Moisesek agindua zien bezala. 13 Berrogei mila gudari armatu igaro ziren Jaunaren aurretik, gudurako prest, Jerikoko lautadarantz.

14 Egun hartan, Jaunak goratu egin zuen Josue israeldar guztien aurrean eta begirune izan zioten denek, lehen Moisesi bizitza osoan begirune izana zioten bezala.

15 Jaunak esan zion, orduan, Josueri: 16 «Agindu itun-agiria daukan kutxa daramaten apaizei Jordandik ateratzeko».

17 Hala egin zuen Josuek. 18 Jaunaren itun-kutxa zeramaten apaizen oinek ibai-ertza ukitu bezain laster, Jordango urak beren tokira itzuli eta, lehen bezala, ibai betean joan ziren. 19 Lehen hilaren hamarrean atera ziren israeldarrak Jordandik, eta Gilgalen ezarri zuten kanpalekua, Jerikoren ekialdera.

20 Josuek leku hartan, Gilgalen, ipini zituen Jordanen hartutako hamabi harriak. 21 Eta esan zien israeldarrei: «Bihar edo etzi seme-alabek gurasoei harri horiek zer esan nahi duten galdetzean, 22 hau jakinaraziko diete: <Oinik busti gabe igaro zuen Israelek Jordan ibaia> ». 23 Eta honela bukatu zuen Josuek: «Jaunak, zuen Jainkoak, Jordango urak lehortu ditu zuen aurrean zuek igaro ahal izateko, lehen Itsaso Gorria gure aurrean gu igarotzeko lehortu zuen bezala. 24 Horrela, herri guztiek jakingo dute zein indartsu den Jaunaren eskua eta zuek begirune izanen diozue beti Jaunari, zeuen Jainkoari».

5. atala

[aldatu]

1 Jordanez bestaldera, mendebaldean, bizi ziren amortarren eta kostaldeko kanaandarren erregeek entzun zuten lehortu egin zituela Jaunak Jordango urak israeldarrak igarotzeko, eta adoregabeturik, arnasa ere galduta, gelditu ziren israeldarren aurrean.

2 Aldi hartan, Jaunak esan zion Josueri: «Egin suharrizko aiztoak, israeldarrak bigarren aldiz erdaintzeko». 3 Egin zituen, bada, Josuek suharrizko aiztoak eta Aralot izeneko mendixkan erdaindu zituen israeldar gizasemeak. 4 Hona zergatik eragin zien Josuek erdainkuntza: Egiptotik irtendako gizasemeak, guda-gizon guztiak, bidean, basamortuan, hilak zirelako eta, 5 Egiptotik irtendako herri osoa erdaindua zegoen arren, bidean, basamortuan, jaioak erdaindu gabe zeudelako. 6 Izan ere, israeldarrak berrogei urtez ibili ziren basamortuan zehar, Egiptotik irtendako guda-gizonen belaunaldi osoa desagertu zen arte. Hauek ez zuten aditu Jaunaren esana, eta Jaunak zin egin zien ez ziela ikusten utziko arbasoei zin eginez agindutako lurraldea, esnea eta eztia darizkion lurraldea. 7 Haien ordez, beste belaunaldi bat sortarazi zuen Jainkoak, eta hauek erdaindu zituen Josuek, bidean ez baitzuten erdainkuntza-ohikunea inoiz ere egin.

8 Jende guztia erdaindu ondoren, kanpalekuan bertan gelditu ziren sendatu arte. 9 Gero, Jaunak esan zion Josueri: «Gaur kendu dizuet gainetik Egiptotik irtenez gero zenuten laidoa». Horregatik, toki hari Gilgal izena ipini zioten, eta hala deitzen da gaur arte.

10 Israeldarrek Gilgalen ezarri zuten kanpalekua eta hilaren hamalauan, arratsean, Pazko Jaia ospatu zuten Jerikoko lautadan. 11 Pazko-egunean, legamigabeko ogia eta gari-ale xigortua jan zituzten, baina biharamunean lurralde hartako fruituetatik jan zuten. 12 Lurraldeko fruituak jan zituzten egunetik aurrera bukatu egin zen mana. Aurrerantzean israeldarrek ez zuten manarik izan; urte hartan Kanaan lurraldeko emaitzetatik jan zuten.

13 Behinola, Jeriko ondoan zegoela, eskuan ezpata erantzia zuen gizon bat ikusi zuen Josuek bere aurrean. Josuek gizonarengana aurreratu eta galdetu zion:
-Guretarra zara ala etsaietakoa?

14 Gizonak erantzun zion:
-Ez! Jaunaren gudarosteko buruzagia nauzu eta etorri berria naiz.
Orduan, Josuek, lurreraino ahozpezturik, esan zion:
-Zer agintzen diozu, jauna, zeure zerbitzari honi?

15 Jaunaren gudarosteko buruzagiak erantzun zion: -Erantzi oinetakoak, zauden lekua santua baita.
Halaxe egin zuen Josuek.

6. atala

[aldatu]

1 Jeriko hiria zeharo itxia zegoen israeldarren beldurrez. Ez zen inor sartzen, ez ateratzen. 2 Jaunak esan zion Josueri: «Begira, eskura ematen dizkizut Jeriko eta bertako erregea eta gudariak. 3 Zuek hiria inguratuko duzue: sei egunez, egunero itzuli bat eginen duzue guda-gizon guztiok hiriaren inguruan. 4 Zazpi apaiz kutxaren aurretik joango dira, ahari-adar bana harturik. Zazpigarren egunean, zazpi aldiz egingo duzue itzulia hiriaren inguruan eta apaizek adarrak joko dituzte. 5 Adar-hots luzea entzun bezain laster, herri osoak irrintzi handia egingo du eta hiriko harresia behera etorriko da. Orduan, eraso diezaiola jende guztiak, nork bere aurrean izango duen tartetik».

6 Nunen seme Josuek apaizei dei egin eta esan zien: «Hartzazue itun-kutxa eta zuetariko zazpik eraman dezatela adar bana Jaunaren kutxa aurretik». 7 Gero, herri osoari esan zion: «Zoazte eta inguratu hiria; gizon armatuak doazela Jaunaren kutxa aurretik».

8 Josuek agindua egin zuen jendeak: zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren aurrean jarri eta jotzen hasi ziren. Ondoren, Jaunaren itun-kutxa zetorren. 9 Adarrak jotzen zituzten apaizen aurrean gizon armatuak jarri ziren eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera.

10 Josuek agindu hau emana zion herriari: «Ez egin irrintzirik, ez dadila hizketa-hotsik entzun; ez egin hitzik ere, nik irrintzi egiteko esan arte. Orduan egingo duzue». 11 Kutxak itzuli bat egin zuen hiriaren inguruan eta, ondoren, kanpalekura itzuli ziren gaua igarotzeko. 12 Biharamunean, goizean goiz jaiki zen Josue. Apaizek kutxa hartu zuten, 13 eta zazpi adarrak zeramatzaten zazpi apaizak Jaunaren kutxa aurrean zihoazen adarrak joz. Denen aurrean gizon armatuak zihoazen eta kutxaren atzean gainerako gudariak. Adar-hotsera zihoazen denak aurrera. 14 Bigarren egunean ere, hiriaren inguruan itzuli bat egin eta kanpalekura joan ziren. Halaxe egin zuten sei egunez.

15 Zazpigarren egunean, egunsentian jaiki eta itzulia egin zuten hiriaren inguruan, aurreko egunetakoaren arabera, baina egun hartan zazpi itzuli egin zizkioten hiriari. 16 Zazpigarrenean, apaizek adarra jotzean, Josuek esan zion herriari: «Egin orain irrintzi, Jaunak zuen menpe jarri baitu hiria! 17 Hiria eta bertan den guztia erabat suntsitu behar da Jaunaren ohorez. Rahab emagaldua eta beronen etxean direnak bakarrik geldituko dira bizirik, guk bidalitako mandatariak gorde zituelako. 18 Baina kontu! Erabat suntsitu behar da guztia. Zeuentzat zerbait hartuko bazenute, suntsipena eta ezbeharra ekarriko zenukete israeldarron kanpalekura. 19 Urre-zilar guztia eta brontzezko eta burdinazko ontzi guztiak Jaunarentzat dira eta beronen altxortegira sartuko ditugu».

20 Jo zituzten apaizek adarrak. Adar-hotsa entzutean, herriak izugarrizko irrintzia egin zuen, eta harresiak behea jo zuen. Orduan, gudariek eraso egin zioten hiriari, nork bere aurrean zuen tartetik, eta hartu. 21 Hirian ziren guztiak hil zituzten ezpataz, gizon eta emakume, gazte eta zahar, idi, ardi eta asto.

22 Lurraldea ikertu zuten bi gizonei esan zien Josuek: «Zoazte emagalduaren etxera eta atera bera eta beraren ahaideak, zin egin zenioten bezala».

23 Joan ziren ikertzen ibilitako bi gazteak, eta Rahab, beronen aitamak, neba-ahizpak eta ahaide guztiak etxetik atera eta israeldarren kanpalekutik kanpora utzi zituzten.

24 Jeriko hiriari eta bertako guztiari su eman zioten; zilar-urreak eta brontzezko eta burdinazko ontziak, berriz, Jaunaren etxeko altxortegira eraman zituzten. 25 Josuek bizirik utzi zituen Rahab emagaldua eta beronen senitarteko eta ahaide guztiak. Israeldarren artean bizi izan zen Rahab, eta haren ondorengoak ere hala bizi dira gaurdaino, Jeriko ikertzera Josuek bidaliak gorde zituelako.

26 Aldi hartan, zin hau egin zuen Josuek: «Madarika beza Jaunak Jeriko hiri hau berreraiki nahi izango duena! Oinarriak botatzea bere seme zaharrenaren biziaz ordainduko du eta ateak ipintzea gazteenarenaz».

27 Jauna Josuerekin izan zen eta haren entzutea herrialde osoan zabaldu zen.

7. atala

[aldatu]

1 Israeldarrek ez zuten leial jokatu hiriko gauza guztiak erabat suntsitzeko aginduari zegokionez. Akan zeritzan batek suntsitu beharreko zenbait gauza beretzat hartu zuen eta, horregatik, sutu egin zen Jaunaren haserrea israeldarren aurka. Karmiren semea zen Akan, Zabdi eta Zerahen ondorengoa, Judaren leinukoa.

2 Jerikotik gizon batzuk bidali zituen Josuek, Bet-Abendik hurbil, Betelen ekialdera zegoen Ai hirira, lurralde hura ikertzeko aginduz. Joan ziren gizonak eta, Ai hiria ikertu ondoren, 3 Josuerengana itzuli ziren, esanez: «Ez dira asko hiri horretakoak. Ez du gudaroste osoak joan beharrik; aski dira bi edo hiru mila gizon Ai hiriari erasotzeko. Ez du merezi gudaroste osoa nekaraztea».

4 Hiru mila inguru gizon joan ziren Ai hiriari erasotzera, baina ihes egin behar izan zuten Ai hirikoengandik. 5 Hogeita hamaseiren bat israeldar hil zituzten Aikoek eta hiriko ateetatik harrobietaraino pertsegitu zituzten, maldan behera denak porrokatuz. Israeldarrak adoregabeturik gelditu ziren; hauen kemena urtu eta ura bezala isuri zen.

6 Josuek eta israeldar arduradunek jantziak urratu zituzten, buru gainera hautsa bota eta ahozpezturik egon ziren Jaunaren kutxa aurrean arratsera arte. 7 Josuek otoitz egin zuen, esanez: -Ai ene, Jainko Jauna! Zergatik igaroarazi diozu herri honi Jordan ibaia, gero amortarren esku utzi eta hondatzekotan? Hobe Jordanez bestaldera gelditu izan bagina bizitzen! 8 Otoi, Jauna! Zer esan behar dut, Israelek bere etsaien aurrean atzera egin behar izan duen honetan? 9 Jakingo dute hori kanaandarrek eta lurralde honetako beste bizilagunek, altxatuko dira gure kontra eta gure oroitzapena ere desagerrarazi egingo dute lur-azaletik. Zer eginen duzu, orduan, zeure izen handiaren alde?

10 Jaunak erantzun zion Josueri:
-Ea, jaiki! Zertan zaude hor ahozpezturik?
11 Bekatu egin dute israeldarrek, nik ezarri diedan konpromezua hautsiz. Suntsitu behar zutenetik hartu dute, lapurtu eta beren gauzen artean gorde. 12 Ezin izango diete israeldarrek aurre egin beren etsaiei; ihes egin beharko dute arerioengandik, beraiek merezi izan baitute erabat suntsituak izatea. Erabat suntsitu behar zenutena zeuen artetik desagerrarazten ez baduzue, ez nauzue aurrerantzean zeuekin izango. 13 Jaiki zaitez eta agindu herriari garbikuntza egiteko. Esaiozu: «Egin garbikuntza biharko. Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Erabat suntsitu behar zenuten zerbait duzue zeuen artean, israeldarrok; hori desagerrarazi arte, ezin izango diezue aurre egin etsaiei. 14 Bihar goizean leinuka aurkeztuko zarete; nik, Jaun honek, zotz eginez izendatuko dudan leinukoak senitarteka aurkeztuko dira, izendatuko dudan senitartekoak etxeka, eta izendatuko dudan etxekoak banaka. 15 Erabat suntsitu behar zenetik zerbait gorde izateagatik izendatuko dudan gizona erre egingo duzue beraren gauza guztiekin, Jaunarekiko konpromezua hautsi baitu eta itsusikeria egin Israelen».

16 Biharamun goizean goiz jaiki eta israeldar guztiak leinuka aurkezteko agindu zuen Josuek. Judaren leinua gertatu zen izendatua. 17 Judaren leinuko senitarteak aurkeztarazi eta Zerahen senitartea gertatu zen izendatua. Zerahen senitarteko etxeak aurkeztarazi eta Zabdiren etxea gertatu zen izendatua. 18 Zabdiren etxekoak aurkeztarazi eta Akan gertatu zen izendatua. Akan Karmiren semea zen, Zabdiren eta Zerahen ondorengoa, Judaren leinukoa.

19 Josuek galdegin zion Akani:
-Ene seme, eman ohore Jaunari, Israelen Jainkoari, eta aitortu egia beraren aurrean. Esadak zer egin duan, ez gorde ezer ere.

20 Akanek erantzun zion:
-Egia da, neuk egin dut bekatu Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aurka. Hara zer egin dudan:
21 harrapakinen artean, babiloniar soingaineko zoragarria ikusi nuen, bai eta zilarrezko berrehun txanpon eta kilo erdiko urre-puska ere. Hainbeste gustatu baitzitzaizkidan, hartu egin nituen. Lurpean gordea dut dena neure oihal-etxolaren erdian; dirua azpian dago.

22 Josuek gizon batzuk bidali zituen eta, lasterka oihal-etxolara joanik, dena aurkitu zuten oihal-etxolan gordea eta azpian dirua. 23 Gauzak oihal-etxolatik harturik, Josue eta israeldarrei eraman zizkieten, eta hauek Jaunaren aurrean ezarri zituzten.

24 Orduan, Josuek Zerahen seme Akan bera eta dirua, soingainekoa, urre-puska, Akanen seme-alabak, beraren idi, asto eta ardiak, oihal-etxola eta gauza guztiak hartu eta, israeldar guztiak berekin zituela, Akor izeneko ibarrera eraman zituen. 25 Josuek esan zuen: «Akan, Jaunak gaur bota diezazula gainera erakarri diguzun ezbeharra!»
Eta israeldar guztiek harrika eman zieten Akani eta etxekoei; gero, beraren gauzak erre eta harriz estali zituzten.
26 Ondoren, harri-pilo handia ezarri zioten gainean Akani. Han dago oraindik harri-piloa. Horregatik deritza toki hari gaurdaino «Akor ibarra», hau da, «Ezbehar-ibarra».

8. atala

[aldatu]

1 Jaunak esan zion Josueri: «Ez izan beldurrik, ez kikildu! Hartu zeure gudaroste osoa eta zoaz Ai hiriari erasotzera. Eskura ematen dizkizut Aiko erregea, beronen jendea, hiria eta lurraldea. 2 Egin Ai hiriari eta bertako erregeari, Jerikori eta bertako erregeari egin zeniena. Oraingoan har ditzakezue hiriko ondasunak eta abereak gudu-harrapakintzat. Ipini zelatariak hiriaren atzealdean».

3 Josue, bere gudaroste osoarekin Ai hiriari erasotzeko prestatu zen. Hogeita hamar mila gudari aukeratu eta gauez bidali zituen, 4 agindu honekin: «Jar zaitezte zelatan hiriaren atzealdean; ez urrutiratu gehiegi hiritik eta egon erne. 5 Ni eta gainerako guda-gizonak hirira hurbilduko gara eta, aurrekoan bezala, hirikoak guri erasotzera ateratzean, guk ihesari emango diogu. 6 Gure ondoren aterako dira eta, horrela, hiritik urruti erakarriko ditugu, aurrekoan bezala beraiengandik ihesi goazela uste izango baitute. 7 Zuek, orduan, atera gordelekutik eta jabetu hiriaz; Jaunak, zeuen Jainkoak, eskura emango dizue. 8 Hiria hartu bezain laster, su emango diozue, Jaunak agindu bezala. Horra nire agindua!»

9 Bidali zituen Josuek, eta haiek Ai hiriaren mendebaldera jarri ziren zelatan, Betel eta Ai bitartean. Josuek bere gudarien artean eman zuen gaua.

10 Biharamunean goizean goiz jaiki eta begiraldia egin zion Josuek gudarosteari; gero, Israelgo arduradunekin batera gudarostearen buruan jarri eta Ai hiriari erasotzera abiatu zen. 11 Aurreratu eta hiriaren aitzinera heldu ziren. Iparraldera ezarri zuten kanpalekua, beraien eta hiriaren artean ibarra zegoelarik. 12 Josuek bost mila inguru gudari hartu eta zelatan ipini zituen Betel eta Ai artean, hiriaren mendebaldera. 13 Gudu-talderik handienak, beraz, hiriaren iparraldera zuen kanpalekua; atzegoardia, berriz, mendebaldera zegoen. Gau hartan Josue ibar erdiraino joan zen.

14 Biharamunean, hartaz guztiaz ohartu zenean, Aiko erregea bizkor jaiki eta bere gudaroste osoarekin atera zen toki jakin batera, basamortuaren aurrez aurre, israeldarrei erasotzera, hiriaren atzealdean zenbait gudari israeldar zelatan zeudela konturatu gabe. 15 Galdu-itxurak eginez, Josuek eta israeldarrek ihes egin zuten basamorturantz. 16 Hiriko gizonak oihuka atera ziren israeldarren ondoren eta Josueri segika hiritik urrutiratu egin ziren. 17 Ain (eta Betelen) ez zen gizon bat ere gelditu israeldarren ondoren joan gabe, eta hiria babesik gabe utzi zuten.

18 Orduan, Jaunak esan zion Josueri: «Zuzen ezazu Ai aldera eskuan duzun azkona, eskura ematen baitizut hiria». Eta Josuek Ai aldera zuzendu zuen eskuan zuen azkona. 19 Josuek besoa luzatu bezain laster, zelatan zeudenek, beren gordelekuetatik bizkor atera, lasterka hirian sartu, beraren jabe egin eta su eman zioten berehala.

20 Begiratu zuten atzera Aiko gizonek eta ke-mordo handia ikusi zuten hiritik zerurantz igotzen. Ez zitzaien ihesbiderik gelditzen inongo aldetik, basamorturantz ihesi zihoazen israeldarrak itzuli egin baitziren beren pertsegitzaileen kontra. 21 Izan ere, zelatan egondakoak hiriaz jabetu zirela eta ketan zegoela ikusirik, Josuek eta israeldar guztiek itzuli eta eraso egin zieten Aiko gizonei. 22 Hirian sartutakoak ere bidera atera zitzaizkien, eta Aiko gizonak, israeldarren artean harturik, atzetik eta aurretik erasopean gertatu ziren. Denak hil zituzten: ez zen bat ere gelditu bizirik eta ez zuen inork ere ihes egin. 23 Aiko erregea, ordea, bizirik harrapatu eta Josuerengana eraman zuten. 24 Israeldarrek, segika atera zitzaizkien Aiko gizonak landa zabalean azkeneraino garbitu ondoren, Aira itzuli eta hiriko bizilagun guztiak hil zituzten. 25 Egun hartan Aiko bizilagun guztiak hil zituzten, gizaseme nahiz emakume: hamabi mila lagun.

26 Josuek ez zuen bildu azkonari eutsiz luzatua zuen besoa, harik eta Aiko bizilagun guztiak erabat suntsitu arte. 27 Israeldarrek berentzat hartu zituzten harrapakintzat abereak eta hiriko ondasunak, Jaunak Josueri aginduaren arabera. 28 Josuek Ai hiria erre eta zeharo hondatua utzi zuen, hondakin-pilo bihurtua betiko; eta horrela dirau gaur arte.

29 Erregea, berriz, zuhaitz batetik zintzilikatu zuen arratsera arte; eguzkia sartzean, gorpua zuhaitzetik eraisteko agindu zuen Josuek. Gero, hiriaren sarreran bota eta harri-pilo handia ezarri zioten gainean. Han dago oraindik harri-piloa.

30 Josuek aldarea eraiki zion Jaunari, Israelen Jainkoari, Ebal mendian. 31 Burdinazko tresnaz landu gabeko harri soilez egina zen, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, israeldarrei agindu bezala, beraren lege-liburuan idatzia dagoenez. Aldare gainean erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zituzten. 32 Hantxe bertan, harrien gainean, Moisesek idatzitako legearen kopia idatzi zuen Josuek israeldarren aurrean. 33 Israeldar guztiak, etorkin nahiz bertako, beren arduradun, funtzionario eta epaileekin batera bildurik, kutxaren bi aldamenetan zeuden zutik, Jaunaren itun-kutxa zeramaten apaiz lebitarren aurrean: herri erdia Garizim mendi aldera zegoen eta beste erdia Ebal mendi aldera. Horrela egiteko agindua zuen Moisesek Israel herria lehen aldiz bedeinkatzerakoan. 34 Josuek legearen testu osoa irakurri zuen, bai eta bedeinkazioak eta madarikazioak ere, lege-liburuan idatzia dagoenaren arabera. 35 Moisesek agindutako guztia irakurri zuen Josuek, hitzik utzi gabe, israeldarren biltzar osoaren aurrean, emakumeak, haurrak eta israeldarren artean bizi ziren etorkinak ere bertan zirela.

9. atala

[aldatu]

1 Jakin zuten horren guztiaren berri Jordanez mendebaldera -mendialdean, lautadan eta kostaldean, Libanoraino- bizi ziren erregeek, hititen, amortarren, kanaandarren, periztarren, hibiarren eta jebustarren erregeek. 2 Eta denek bat egin zuten, Josue eta Israel herriaren kontra borrokatzeko.

3 Gabaon hiriko bizilagun hibiarrek, ordea, Josuek Jeriko eta Ai hiriei egina jakitean, 4 amarrukeriaz jokatu zuten: biderakoak hartu eta zaku zaharrak eta ardozahagi zahar urratu eta adabakiz josiak bota zizkieten astoei bizkarrera; 5 oinetako zahar eta birjosiak jantzi zituzten oinetan eta zarpa zaharrak soinean; zeramaten ogia gogorra eta apur egina zegoen. 6 Gisa horretan, Josuerengana Gilgaleko kanpalekura joan eta berari eta gainerako israeldarrei esan zieten:
-Urrutitik gatoz, gurekin bake-hitzarmena egin dezazuen eskatzera.

7 Israeldarrek ihardetsi zieten hibiarrei:
-Nork daki inguru hauetakoak ez ote zareten? Nola egin hitzarmena zuekin?

8 Haiek, ordea, esan zioten Josueri:
-Zeure zerbitzari gaituzu.
Josuek galdegin zien:
-Nortzuk zarete eta nondik zatozte?

9 Haiek erantzun zioten:
-Oso urrutitik gatoz, entzuna baitugu Jaunaren, zure Jainkoaren, izen handiaren berri. Jakin dugu Egipton egin zuena
10 eta Jordanez ekialdeko bi errege amortarrei -Hexbongo errege Sihoni eta Axtaroten bizi zen Baxango errege Ogi- egin diena. 11 Gure herrialdeko arduradunek eta jendeak mandatu hau eman ziguten: «Hartu biderakoak eta zoazte israeldarrengana. Esan beren zerbitzari gaituztela; egiteko, beraz, bake-hitzarmena gurekin». 12 Begira gure ogiari: zuengana etortzeko etxetik atera ginenean, bero-beroa zegoen; orain, gogorra eta apur egina dago. 13 Ardo-zahagi hauek berriak ziren bete genituenean, eta orain urratuak daude. Gure jantzi eta oinetakoak ere zarpaildu egin zaizkigu hain bide luzean.

14 Orduan, israeldarrek onartu egin zuten gabaondarrek eskainitako janaria, egin behar zutenaz Jaunari kontsulta egin gabe.

15 Josuek bake-hitzarmena egin zuen haiekin, bizia errespetatuko ziela aginduz. Elkarte-arduradunek ere zin egin zieten.

16 Hitzarmena egin eta handik hiru egunera, ordea, israeldarrek jende hura inguru hartan bizi zela eta auzoko zutela jakin zuten. 17 Izan ere, abiatu egin ziren israeldarrak eta hirugarren egunean jende hura bizi zen hirietara heldu ziren, Gabaon, Kefira, Beerot eta Kiriat-Jearim hirietara. 18 Hala ere, israeldarrek ez zituzten hil, elkarte-arduradunek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, bizia errespetatzeko zina egina baitzieten. Orduan, elkarte osoa marmarrean hasi zen arduradunen kontra. 19 Hauek esan zioten elkarteari: «Zin egin genien Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, eta ezin diegu orain kalterik egin. 20 Horra zer egingo dugun: Egin diegun zinarengatik, bizirik utziko ditugu, Jainkoak zigor ez gaitzan. 21 Bizi daitezela! Baina egurgile eta ur-ekarle izango dira elkarte osoarentzat». Horrela, eutsi egin zioten arduradunek gabaondarrei emandako hitzari.

22 Josuek gabaondarrei dei egin eta esan zien:
-Zergatik engainatu gaituzue urruti bizi zinetela esanez, hemen, gure artean, bizi zaretelarik?
23 Madarikatuak izan zaiteztela! Esklabo izango zarete betiko: ene Jainkoaren etxerako egurra egin eta ura ekarri beharko duzue.

24 Haiek ihardetsi zioten Josueri:
-Ongi genekien Jaunak, zure Jainkoak, bere zerbitzari Moisesi agindu ziona: lurralde hau osorik zuei emateko eta zuek, hona heltzean, hemengo bizilagun guztiak suntsitzeko. Erabat izutuak geunden, hilko gintuzuen beldurrez, eta horregatik jokatu dugu horrela.
25 Orain zeure esku gaituzu: egiguzu on eta zuzen iruditzen zaizuna.

26 Hala egin zuen Josuek. Libratu egin zituen israeldarren eskuetatik, hil ez zitzaten; 27 baina elkarte osoarentzako eta Jaunaren aldarerako, Jaunak aukeratuko zuen tokian, egurgile eta ur-ekarle izatera behartu zituen. Eta eginkizun hori bera dute gaur egun ere.

10. atala

[aldatu]

1 Aldi hartan, Adoni-Tzedek zeritzan Jerusalemgo erregeak jakin zuen Josuek Ai hiria hartu eta erabat suntsitu zuela, Ai hiriari eta bertako erregeari, lehen Jerikori eta bertako erregeari egindakoa bera eginez. Jakin zuen, orobat, Gabaongo bizilagunek bake-hitzarmena egin zutela israeldarrekin eta beraiekin elkartu zirela. 2 Hori jakitean, biziki beldurtu zen, hiri handia baitzen Gabaon, errege-hiriburuetako bat bezainbatekoa, Ai baino handiagoa, eta hango gizonak gudari adoretsu baitziren.

3 Adoni-Tzedekek mandatariak bidali zituen Hebrongo errege Hoham, Jarmuteko errege Piram, Lakixeko errege Jafia eta Eglongo errege Debir-engana, esatera: 4 «Zatozkidate laguntzera. Eraso egin behar diogu Gabaon hiriari, Josuerekin eta israeldarrekin bake-hitzarmena egin du eta».

5 Bost errege amortarrok -Jerusalem, Hebron, Jarmut, Lakix eta Eglongo erregeek- elkarturik, beren gudarosteekin joan, Gabaon inguratu eta eraso egin zioten. 6 Orduan, Gabaongoek mandatariak bidali zizkioten Josueri Gilgaleko kanpalekura, eskari honekin: «Ez gaitzazu utz laguntzarik gabe zeure zerbitzariok. Zatozkigu bizkor salbatzera, lagun iezaguzu, mendialdean bizi diren errege amortar guztiak gure kontra elkartu baitira».

7 Josue, gudaroste osoa, bere gudari adoretsuak, harturik, abiatu egin zen Gilgaldik. 8 Jaunak esan zion: «Ez izan horien beldur, zure menpe utzi baititut. Horietako batek ere ezin izango dizu aurre egin».

9 Gilgaldik atera eta, gau osoan ibili ondoren, ustekabean eraso zien Josuek errege amortarrei. 10 Jaunak ihes eragin zien israeldarren aurretik, eta hauek erabat garaitu zituzten amortarrak Gabaonen. Gero, Bet-Horon aldapako bidean pertsegitu eta Azeka eta Makedaraino porrokatu zituzten. 11 Israeldarrengandik ihesi Bet-Horon aldapan behera zihoazelarik, Jaunak izugarrizko kazkabarra bota zien amortarrei gainera, Azekara heldu ziren arte, eta asko hil ziren. Jende gehiago hil zuen kazkabar-harriak israeldarren ezpatak baino.

12 Jaunak amortarrak israeldarren eskura eman zituen egun hartan, Josuek Jaunari otoitz egin zion, israeldarren aurrean oihukatuz:
«Eguzki, geldi Gabaon gainean, eta zu, ilargi, Aialon haran gainean!»

13 Eta eguzkia gelditu egin zen, eta ilargia toki berean tinko egon, herria bere etsaiez mendekatu zen arte. Gertakari hau «Zintzoaren Liburuan» dago idatzia. Eguzkia geldi egon zen ortziaren erdian eta egun osoan ez zuen sartzeko presarik izan. 14 Ez zen aurretik izan, ez eta geroztik ere izango, egun hura bezalakorik: egun hartan Jaunak gizon baten esana egin zuen, Israelen alde borrokan ari baitzen Jauna.

15 Ondoren, Josue israeldar guztiekin Gilgaleko kanpalekura itzuli zen.

16 Bost errege amortarrak, ihes egin eta Makedan, leize-zulo batean, gorde ziren. 17 Josueri jakinarazi zioten:
-Makedan aurkitu ditugu bost erregeak, leize-zulo batean gordeta.

18 Josuek agindu zuen: «Eraman biraka harri handi batzuk leize-ahoraino eta ezarri bertan zaintzaileak. 19 Eta zuek ez egon hor geldirik. Zoazte etsaien ondoren eta moztu ihesbideak; ez utzi beren hirietan sartzen, Jaunak, zeuen Jainkoak, eskura eman dizkizue eta».

20 Horrela, Josuek eta israeldarrek sarraski handia egin zuten etsaien artean, ia denak hiltzeraino. Hala ere, batzuek ihes egin zieten eta beren hiri-gotorretan babestu ziren. 21 Israeldar gudariak onik itzuli ziren Josuerengana, Makedako kanpalekura. Inor ez zen israeldarren kontra hitzik ere egitera ausartu.

22 Gero, Josuek agindu zuen: «Ireki leize-zuloko ahoa eta ekarri niregana bost errege horiek». 23 Halaxe egin zuten. Bost erregeak -Jerusalem, Hebron, Jarmut, Lakix eta Eglongoa- leize-zulotik atera 24 eta Josuerengana eraman zituzten. Josuek israeldar guztiei dei egin eta guduan berarekin ibilitako gudalburuei agindu hau eman zien: «Hurbil zaitezte eta zapaldu errege hauei lepoa». Halaxe egin zuten. 25 Josuek, berriro: «Ez izan beldurrik, ez kikildu! Izan bihotz eta adore, horrelaxe erabiliko baititu Jaunak zuek borrokatuko dituzuen etsai guztiak».

26 Ondoren, Josuek hil egin zituen bost erregeak eta zuhaitz banatatik zintzilik ezarri arratsera arte. 27 Eguzkia sartzean, zuhaitzetatik eraisteko eta gorderik egon ziren leize-zulora botatzeko agindu zuen Josuek. Gero, harri handiak ezarriz, itxi egin zuten leize-ahoa. Han dira oraindik ere harriak.

28 Egun berean, Josuek Makeda hiria hartu zuen. Erabat suntsitu zuten hiria, eta erregea eta bizilagunak ezpataz hil zituzten; ez zuten bat ere bizirik utzi, eta Makedakoari Jerikoko erregeari egindakoa bera egin zioten.

29 Makedatik Libnara jo zuen Josuek israeldar guztiekin eta eraso egin zion. 30 Eskura eman zien Jaunak israeldarrei hiri hura ere. Erregea eta bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten; ez zuten bat ere bizirik utzi, eta erregeari Jerikokoari egindakoa bera egin zioten.

31 Libnatik Lakixera jo zuen Josuek israeldar guztiekin; hiria inguratu eta eraso egin zion. 32 Jaunak eskura eman zien hiria eta setiaketaren bigarren egunean hartu zuten; bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten, Libnan bezala.

33 Horam, Gezerko erregea, Lakixi laguntzera etorri zen; baina Josuek garaitu egin zituen bera eta beraren gudaroste osoa, bat ere bizirik utzi gabe.

34 Lakixetik Eglonera jo zuen Josuek israeldar guztiekin; hiria inguratu eta 35 egun berean hartu zuen. Bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten, Lakixen bezala.

36 Eglondik Hebronera jo zuen Josuek israeldar guztiekin, eta eraso egin zion. 37 Hiria hartu eta erabat suntsitu zuten, eta erregea eta bizilagun guztiak ezpataz hil; inguruetako herrixkak ere hartu zituzten eta bizilagunak hil; ez zuten bat ere bizirik utzi, Eglonen bezala.

38 Gero, Debir hirira jo zuen Josuek israeldar guztiekin, eta eraso egin zion. 39 Hiria eta inguruetako herrixkak hartu eta erabat suntsitu zituzten, eta erregea eta bizilagun guztiak ezpataz hil, bat ere bizirik utzi gabe. Hebron eta Libnari eta beraietako erregeei egindakoa bera egin zien Debir hiriari eta bertako erregeari ere.

40 Honela, Josue lurralde osoaz jabetu zen: mendialdeaz, Negev basamortuaz, Xefela lautadaz eta alderdi menditsuez, eta errege guztiak hil zituzten. Erabat suntsitu zituen bizidun guztiak, bat ere utzi gabe, Jaunak, Israelen Jainkoak, agindu bezala. 41 Kadex-Barnea eta Gazatik Goxen eta Gabaonerainoko lurralde osoaz jabetu zen. 42 Ekitaldi bakar batean garaitu zituen Josuek errege haiek guztiak eta beraien herrialdeak, Jauna, Israelen Jainkoa, ari baitzen Israelen alde borrokan.

43 Ondoren, Gilgaleko kanpalekura itzuli zen Josue israeldar guztiekin.

11. atala

[aldatu]

1 Israelen garaipenaren berri jakitean, Jabinek, Hatzorko erregeak, mandatariak bidali zizkien inguruetako erregeei: Jobabi, Madongo erregeari, Ximrongo erregeari, Akxafeko erregeari, 2 bai eta iparraldeko mendialdeko erregeei eta Genesaret aintziraz hegoaldeko Araba basamortukoei, Xefela lautadakoei eta mendebaldean dagoen Dor eskualdeko erregeei ere; 3 orobat, ekialdeko eta mendebaldeko kanaandarrei, mendialdean bizi ziren amortar, hitita, periztar eta jebustarrei eta Hermon mendiaren oinetan, Mitzpa eskualdean, bizi ziren hibiarrei ere. 4 Errege haiek beren gudarosteekin atera ziren: itsasbazterreko hondarra baino ugariago ziren eta zaldi eta gudu-gurdi asko zuten. 5 Denek bat egin eta Merom izeneko aintzira ondoan ezarri zuten kanpalekua, israeldarrak borrokatzeko asmoz.

6 Jaunak, ordea, esan zion Josueri: «Ez izan horien beldur! Bihar, ordu honetan, hilda utziko ditut israeldarren aurrean; zuk ebaki horien zaldien hanka-zainak eta erre gudu-gurdiak».

7 Josuek, bere gudari guztiekin Merom aintzirara joan eta ustekabean eraso zien. 8 Jaunak eskura eman zizkien israeldarrei eta hauek porrokatu eta pertsegitu egin zituzten Sidon hiribururaino eta Misrefot-Maim hiriraino eta, ekialdetik, Mitzpako haraneraino. Denak hil zituzten, bat ere bizirik utzi gabe. 9 Jaunak agindu bezala, hanka-zainak ebaki zizkien Josuek zaldiei eta gudu-gurdiak erre.

10 Ondoren, itzuli eta Hatzor hiria hartu zuen Josuek eta bertako erregea ezpataz hil. Hatzor zen aldi hartan inguru haietako erreinuetako hiriburua. 11 Bertan bizi ziren guztiak ezpataz hil eta erabat suntsitu zituen, bat ere bizirik utzi gabe, eta hiriari su eman zion. 12 Josuek gainerako hiri guztiak hartu eta bertako erregeak ezpataz hil zituen eta erabat suntsitu, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu bezala. 13 Mendi-gailurretan zeuden hiriak ez zituzten erre israeldarrek, Josuek erre zuen Hatzor izan ezik. 14 Hiri haietako ondasunak eta abereak berentzat hartu zituzten israeldarrek, gudu-harrapakintzat; gizakiak, aldiz, ezpataz hil zituzten, denak suntsitzeraino, bat ere bizirik utzi gabe.

15 Jaunak Moisesi agindutakoa agindu zion Moisesek Josueri, eta honek bete; ez zuen bete gabe utzi Jaunak Moisesi agindutako ezer ere.

16 Hona hemen, Josuek hartutako lurraldeak: mendialdea, Negev basamortua, Goxen lurraldea, Xefela lautada, Araba harana eta Israelgo mendialdea eta itsasorainoko lautada; 17 hau da, Seir aldera doan Halak menditik Hermon mendi azpiko Libanoko haranean dagoen Baal-Gad hirira arteko lurralde osoa. Errege guztiak harrapatu eta hil egin zituen, 18 beraien kontra luzaro borrokan ibili ondoren. 19 Israeldarrekin bake-hitzarmena egin zuen hiri bakarra hibiarrak bizi zireneko Gabaon izan zen. Beste guztiak armen indarrez hartu zituzten. 20 Jaunaren erabakiz, burugogorkeriaz lehiatu ziren israeldarrei kontra egiten, israeldarrek errukirik gabe erabat suntsitu eta desegin zitzaten, Jaunak Moisesi agindu bezala.

21 Garai hartan desegin zituen Josuek Hebron, Debir eta Anabeko, Judako nahiz Israelgo mendialdeetako, Anaken ondorengoak ere: erabat suntsitu zituen beraien hiriekin batera. 22 Ez zen Anaken ondorengorik bat ere gelditu israeldarren lurraldean, Gaza, Gad eta Axdod hirietan gelditu ziren arren. 23 Josuek lurralde osoa hartu zuen, Jaunak Moisesi hitz eman bezala, eta Israeli ondaretzat eman zion eta leinuen artean banatu. Eta, gerrak bukaturik, herrialdea bakean gelditu zen.

12. atala

[aldatu]

1 Jordanez bestaldera, ekialdean, bi errege garaitu zituzten israeldarrek eta beraien lurraldeez jabetu ziren; lurralde horiek Arnon errekatik Hermon mendiraino hedatzen ziren, ekialdeko Araba harana barne.

2 Bata, Hexbonen bizi zen Sihon errege amortarra izan zen; honen menpeko erreinua Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik amondarren lur-muga den Jabok errekaraino hedatzen zen, Arnonen ibarra eta Galaad lurralde erdia hartzen zituelarik; 3 bai eta, Araba haranaren ekialdea ere Genesaret aintziratik Araba itsaso edo Itsaso Hileraino, Bet-Jeximoterako bidean, Pisga mendiaren magaleraino.

4 Bestea Axtarot eta Edrei hirietan bizi zen Baxango errege Og izan zen, refatar erraldoien azken ondorengoetakoa: 5 beraren menpeko erreinuak Hermon mendia, Salka eta Baxan osoa hartzen zituen, gexurtarren eta maakatarren mugetaraino, bai eta Galaad lurraldearen beste erdia ere, Hexbongo errege Sihonen mugetaraino.

6 Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, eta israeldarrek menperatu egin zituzten bi errege haiek. Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Ruben eta Gaden leinuei eta Manasesen leinu erdiari eman zizkien jabetzan haien lurraldeak.

7-8 Jordanez mendebaldera, Josuek eta israeldarrek Libanoko haranean dagoen Baal-Gadetik Seir aldera dagoen Halak mendirainoko lurraldeko erregeak garaitu zituzten. Josuek Israelgo beste leinuei eman zien jabetzan lurralde hura, bakoitzari bere zatia emanez. Lurralde hark mendialdea, Xefela lautada, Araba harana, alderdi menditsuak eta Negev basamortua hartzen zituen. Alderdi haietan hititak, amortarrak, kanaandarrak, periztarrak, hibiarrak eta jebustarrak bizi ziren.Hona hemen garaitu zituzten erregeak: 9 Jerikokoa, Betel ondoan dagoen Aikoa, 10 Jerusalemgoa, Hebrongoa, 11 Jarmutekoa, Lakixekoa, 12 Eglongoa, Gezerkoa, 13 Debirkoa, Gederkoa, 14 Hormakoa, Aradekoa, 15 Libnakoa, Adulamgoa, 16 Makedakoa, Betelgoa, 17 Tapuahekoa, Heferkoa, 18 Afekekoa, Laxarongoa, 19 Madongoa, Hatzorgoa, 20 Ximron-Merongoa, Akxafekoa, 21 Taanakekoa, Megidokoa, 22 Kedexekoa, Karmel mendiko Jokneamgoa, 23 Dor eskualdean dagoen Dorkoa, Gilgal ondoko Goimgoa 24 eta Tirtzakoa; guztira, hogeita hamaika errege.

13. atala

[aldatu]

1 Josue zahartua, adinean aurreratua, zegoen. Eta Jaunak esan zion: «Zahartu zara eta adinean aurreratu, eta oso handia da oraindik eskuratzeko gelditzen zaizuen lurraldea. 2 Hona hemen zer gelditzen den: filistearren eta gexurtarren lurralde guztiak 3 Egiptoko mugan dagoen Xihor errekatik iparralderainoko lurraldea, Ekron mugarainokoa, kanaandarren lurraldetzat jotzen da; hor zuten beren agintea bost hiri filistearretako -Gaza, Axdod, Axkelon, Gat eta Ekron hirietako- buruzagiek; hegoaldean, berriz, abiarrak zeuden; 4 bai eta kanaandarren lurralde osoa ere, sidondarren Aratik Afekaraino eta amortarren mugetaraino; 5 gainera, giblitarren lurraldea eta Libanoren ekialde osoa, Hermon mendiaren oinetan dagoen Baal-Gadetik Hamateko sarreraraino; 6 azkenik, Libanotik Misrefot-Maimerainoko mendialdea, sidondarrak bizi diren lurraldea. Israeldarrak heldu ahala, neuk botako ditut herri horiek beren lurraldeetatik. Zure eginkizuna, lurralde horiek israeldarrei ondaretzat izendatzea da, nik agindu bezala. 7 Banatu, beraz, lurralde hori ondaretzat bederatzi leinuen eta Manasesen leinu erdiaren artean».

8 Ruben eta Gaden leinuetakoek eta Manasesen beste leinu erdikoek hartua zuten jadanik beren ondarea Jordanez bestaldera, ekialdera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, emanik: 9 Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik eta lautadaren erdian dagoen hiritik, Madaba lautada osoa Diboneraino 10 eta bere egoitza Hexbonen zuen Sihon amortar erregearen hiri guztiak amondarren mugetaraino; 11 gainera, Galaad eta gexurtarren eta maakatarren lurraldeak, Hermon mendia eta Baxan lurraldea Salka hiriraino; 12 bai eta bere egoitza Axtarot eta Edrei hirietan zuen Baxango Og erregearen erreinu osoa ere. Og erregea zen antzinako refatar erraldoietatik gelditutako bakarra. Moisesek garaitu egin zituen bi erregeak eta beren lurraldeetatik bota. 13 Baina israeldarrek ezin izan zituzten gexurtarrak eta maakatarrak bota, eta israeldarren artean bizi dira oraino.

14 Lebiren leinua bakarrik utzi zuen Moisesek ondarerik eman gabe, Jaunaren, Israelen Jainkoaren, ohorez erretako oparigaiak izango baitzituzten ondare, Jaunak Moisesi hitz eman bezala.

15 Moisesek Rubenen leinuko senitarteei ondare-zati bat eman zien. 16 Haien lurraldeak, Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik eta haranaren erdian dagoen hiritik, Madaba lautada osoa hartzen zuen; 17 bai eta Hexbon eta lautadako hiri guztiak ere: Dibon, Bamot-Baal, Bet-Baal-Meon, 18 Jahtza, Kedemot, Mefaat, 19 Kiriataim, Sibma eta Tzeret-Xahar, haranaren gainaldean dagoen mendixkan; 20 Bet-Peor, Pisga mendi-maldak eta Bet-Jeximot; 21 gainera, lautadako hiri guztiak eta egoitza Hexbonen zuen Sihon amortar erregearen erreinu osoa. Moisesek garaitu zuen Sihon erregea, bai eta lurralde hartan bizi ziren beraren menpeko buruzagi madiandarrak ere: Ebi, Rekem, Tzur, Hur eta Reba. 22 Israeldarrek ezpataz hil zituztenen artean Beor-en seme Balaam igarlea zegoen. 23 Rubendarren lurraldeak Jordan ibaia zuen muga. Hori izan zen rubendarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

24 Moisesek Gaden leinuko senitarteei ere beste zati bat eman zien. 25 Haien lurraldeak Jazer hiria, Galaadeko hiri guztiak eta amondarren lurraldearen erdia, Rabaren aurrez aurre dagoen Aroer hiriraino hartzen zituen; 26 bai eta Hexbondik Ramat-Mitzpe eta Betonimeraino eta Mahanaimdik Debarreko mugaraino ere; 27 eta haranean, Bet-Haram, Bet-Nimra, Sukot eta Tzafon, hau da, Hexbongo errege Sihonen erreinuaren gainerakoa. Jordan ibaia zuen muga, lurraldea ibaiaz ekialdera Genesaret aintziraraino hedatzen zelarik.

28 Hori izan zen gadtarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

29 Moisesek Manasesen leinu erdiko senitarteei ere beste ondare-zati bat eman zien. 30 Haien lurraldeak Mahanaimdik hasita Baxan osoa, Og erregearen erreinua izana, eta Jairren herrixkak hartzen zituen: hirurogei hiri; 31 Galaad lurraldearen erdia eta Baxango errege Og-en erreinuko Axtarot eta Edrei hiriak Manasesen seme Makirren ondorengo erdiei eman zizkien, senitarteka banatuz. 32 Hau izan zen Moisesek Moabeko lautadan, Jordanez bestaldera, Jerikotik ekialdera, egin zuen ondare-banaketa. 33 Lebiren leinuari ez zion ondarerik eman, Jauna, Israelen Jainkoa, baitzuen ondare, Jaunak berak hitz eman bezala.

14. atala

[aldatu]

1 Hona hemen Kanaan lurraldean israeldarrek hartu zuten ondarea. Eleazar apaiza, Nunen seme Josue eta Israelgo leinuetako senitarteburuak arduratu ziren ondare-banaketaz. 2 Jaunak Moisesen bidez agindu bezala, zotz eginez izendatu zitzaien lurraldea bederatzi leinuri eta Manasesen leinu erdiari. 3- 4 Beste bi leinuei eta Manasesen leinu erdiari Moisesek emana zien jadanik ondarea Jordan ibaiaz ekialdera. Joseren ondorengoak bi leinutan banatzen ziren: Manases eta Efraim. Moisesek Lebiren leinukoei ez zien lurralde-zatirik eman, gainerako leinuei bezala, zenbait hiri baizik, inguruetako lurrekin batera: hiriak beraiek bizitzeko, eta herri-lurrak artalde eta aziendentzat. 5 Jaunak Moisesi agindu bezala banatu zuten israeldarrek lurralde hura.

6 Behinola, Judaren leinuko batzuk Josuerengana etorri ziren, Gilgalera, eta haietariko batek, Jefuneren seme Kaleb keniztarrak, esan zion: «Badakizu zer esan zion Jaunak Moisesi, Jainkoaren gizonari, zuri eta niri buruz Kadex-Barnean. 7 Berrogei urte nituen Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali ninduenean; barruak agintzen zidan eran eman nion hemengo berri. 8 Nirekin etorri zirenek adoregabetu egin zuten herria; ni, ordea, Jaunarekiko, ene Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzen.

9 «Moisesek zin egin zidan orduan, ikertzen ibili nintzen lurraldea nirea eta nire ondorengoena izango zela betiko ondare, Jaunarekiko, beraren Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzelako. 10 Eta begira, bada berrogeita bost urte Jaunak Moisesi hura esan ziola, Israel herria basamortuan barrena zebilela. Jaunak orain arte biziarazi nau, berak hitz eman bezala, eta baditut laurogeita bost urte. 11 Hala ere, Moisesek ikerketa egitera bidali ninduenean bezain indartsu nago oraindik ere; orduan adina kemen dut borrokatzeko eta edozein eginbeharretarako. 12 Emadazu, bada, Jaunak egun hartan hitz emandako mendialde hori. Zeuk ere orduan jakin zenuen Anak erraldoiaren ondorengoak bizi direla bertan eta hiri handi eta gotortuak dituztela. Jauna nirekin izatea espero dut eta horiek beren lurraldetik botatzea, Jaunak hitz eman bezala».

13 Josuek bedeinkatu egin zuen Jefuneren seme Kaleb eta Hebron eman zion ondare. 14 Horregatik, Hebron, Jefuneren seme Kaleb keniztarraren ondorengoena da gaurdaino, hau Jaunarekiko, Israelen Jainkoarekiko, leial izan zelako. 15 Antzina, Hebronen izena Kiriat-Arba zen (Anaken ondorengoetariko gizonik handiena izan zen Arba).
Eta, gerrak bukaturik, herrialdea bakean gelditu zen.

15. atala

[aldatu]

1 Judaren leinuko senitarteei egokitu zitzaien lurralde-zatia, Edomgo muga aldera, Tzin basamortuaren hego-ertzeraino hedatzen zen hegoaldetik. 2 Muga Itsaso Hilaren hego-ertzean hasten zen, 3 eta, Akrabim maldaren hegoaldetik jarraituz eta Tzin basamortua igaroz, Kadex-Barnearen hegoaldetik igotzen zen. Gero, Hetzrondik igaroz, Adar aldera igo eta Karkaa inguratzen zuen. 4 Handik, Atzmondik igaroz, Egiptoko errekara heltzen zen eta Mediterraneo itsasoan amaitzen. Hau zen Judaren leinuaren hegoaldeko muga.

5 Ekialdeko muga Itsaso Hila zen, Jordan ibaia itsasoratzen den tokiraino. Hango itsasburuan hasten zen iparraldeko muga; 6 Bet-Hogla aldetik igotzen zen eta, Bet-Arabaren iparraldetik igaroz, Rubenen seme Bohan-en Harkaitzeraino zihoan. 7 Muga, gero, Akor ibarrean zehar, Debir-era heltzen zen eta handik iparraldera jotzen zuen, Adumimerako aldapa parean dagoen Gilgalera, errekaren hegoaldean. Gero, En-Xemex errekastotik igaroz, En-Rogel iturburura heltzen zen. 8 Hemendik, Ben-Hinom haranean gora, jebustarren hiria -hau da, Jerusalem- zegoen mendi-hegiaren hegoaldetik igaro eta Hinom haranaren mendebaldean dagoen mendi-gailurreraino heltzen zen, refatarren lautadaren iparraldeko ertzeraino. 9 Mendi-gailurretik, Neftoah errekastoaren iturburu aldera egiten zuen mugak eta Efron mendiko herrixketara luzatzen, gero Baalarantz -hau da, Kiriat-Jearimerantz- okertzeko. 10 Baalatik, mugak mendebalderantz egiten zuen, Seir mendirantz, eta, Jearim mendiaren -hau da, Kesalon mendiaren- iparraldeko hegitik igaroz, Bet-Xemexera jaisten zen. Gero, Timnatik igaro ondoren, 11 Ekron mendiaren iparraldeko hegian zehar, Xikaron aldera okertzen zen eta, Baala mendian barrena, Jabneel-eraino luzatu eta Mediterraneo itsasoan bukatzen zen.

12 Mendebaldeko muga Mediterraneo itsasoa zen.
Horra, bada, Judaren leinukoei senitarteka banaturiko lurralde-zatiaren mugak.

13 Jaunak Josueri agindu bezala, Jefuneren seme Kalebi lurralde-zati bat eman zioten Judaren leinukoen artean. Kiriat-Arba -hau da, Hebron- eman zioten, antzina Anaken aita Arbarena izaniko hiria. 14 Anaken hiru ondorengoak -Xexai, Ahiman eta Talmai- bota egin zituen Kalebek hiritik. 15 Handik, Debir hiriko bizilagunen kontra joan zen -ordurarte, Debir hiriari Kiriat-Sefer deitzen zioten-. 16 Kalebek esan zuen: «Eraso eta Kiriat-Sefer har dezanari neure alaba Aksa emanen diot emazte». 17 Kenazen seme eta Kaleben anaia zen Otnielek hartu zuen hiria, eta Kalebek bere alaba Aksa eman zion emazte.

18 Neska heldu zenean, bere aitari lur-sail bat eskatzera bultzatu zuen Otnielek. Neska asto gainetik jaitsi zenean, galdetu zion aitak:
-Zer nahi dun?

19 Aksak erantzun:
-Egidazu beste erregaloren bat. Eman didazun lurra elkorra da; emazkidazu urtegiak ere.
Orduan, goiko eta beheko urtegiak eman zizkion Kalebek.

20 Hori izan zen Judaren leinuko senitarteek hartu zuten ondarea.

21 Honako hauek ziren Judaren leinukoek hegoaldeko ertzean, Edomgo muga inguruan, zituzten hiriak: Kabtzeel, Eder, Jagur, 22 Kina, Dimona, Adada, 23 Kedex, Hatzor, Jitnan, 24 Zif, Telem, Bealot, 25 Hatzor-Hadata, Keriot-Hetzron -hau da, Hatzor-, 26 Amam, Xema, Molada, 27 Hatzar-Gada, Hexmon, Bet-Pelet, 28 Hatzar-Xual, Beer-Xeba eta inguruak, 29 Baala, Iim, Etzem, 30 Eltolad, Kesil, Horma, 31 Tziklag, Madmana, Sansana, 32 Lebaot, Xilhim, Ain, Rimon: hogeita bederatzi hiri eta beraien inguruko herrixkak.

33 Lautadan honako hiri hauek zituzten: Extaol, Tzora, Axna, 34 Zanoah, En-Ganim, Tapuah, Enam, 35 Jarmut, Adulam, Soko, Azeka, 36 Xaaraim, Aditaim, Gedera, Gederotaim: hamalau hiri eta beraien herrixkak. 37 Tzenan, Hadaxa, Migdal-Gad, 38 Dilan, Mitzpe, Jokteel, 39 Lakix, Botzkat, Eglon, 40 Kabon, Lahmas, Kitlix, 41 Gederot, Bet-Dagon, Naama, Makeda: hamasei hiri eta beraien herrixkak. 42 Libna, Eter, Axan, 43 Jiftah, Axna, Netzib, 44 Keila, Akzib, Marexa: bederatzi hiri eta beraien herrixkak. 45 Ekron eta beraren herri eta herrixkak; 46 Ekrondik itsasora artean Axdod aldera dauden herri eta herrixkak; 47 Axdod eta Gaza eta beraien herri eta herrixkak, Egiptoko errekaraino. Mediterraneo itsasoa zen muga.

48 Mendialdean honako hiri hauek zituzten: Xamir, Jatir, Soko, 49 Dana, Kiriat-Sana -hau da, Debir-, 50 Anab, Extemo, Anim, 51 Goxen, Holon, Gilo: hamaika hiri eta beraien herrixkak. 52 Arab, Duma, Exan, 53 Janum, Bet-Tapuah, Afeka, 54 Humta, Kiriat-Arba -hau da, Hebron-, Tzior: bederatzi hiri eta beraien herrixkak. 55 Maon, Karmel, Zif, Juta, 56 Izreel, Jokdeam, Zanoah, 57 Kain, Gibea, Timna: hamar hiri eta beraien herrixkak. 58 Halhul, Bet-Tzur, Gedor, 59 Maarat, Bet-Anot, Eltekon: sei hiri eta beraien herrixkak. 60 Kiriat-Baal -hau da, Kiriat-Jearim- eta Raba: bi hiri eta beraien herrixkak.

61 Basamortuan honako hiri hauek zituzten: Bet-Araba, Midin, Sekaka, 62 Mibxan, Ir-Melah, En-Gedi: sei hiri eta beraien herrixkak.

63 Judaren leinukoek ezin izan zituzten Jerusalemen bizi ziren jebustarrak bota. Horregatik, jebustarrak Jerusalemen bizi dira gaurdaino, Judaren leinukoen artean.

16. atala

[aldatu]

1 Joseren ondorengoei egokitutako lurralde-zatia Jordanen hasten zen, Jeriko parean, Jerikoko iturriaren ekialdean, eta handik Betelgo mendira igotzen zen basamortuan zehar. 2 Beteldik Luz hiriraino luzatzen zen, arkitarren mugetatik igaro, Atarot hirian, 3 eta hemendik mendebaldera, jafletiarren mugaz muga, Bet-Horon Azpikoraino eta Gezerreraino jaisten, Mediterraneo itsasoan bukatzeko.

4 Hori izan zen Joseren seme Manases eta Efraimen leinuek hartu zuten ondarea.

5 Hona hemen, Efraimen leinuko senitarteek harturiko lurraldearen mugak: Ekialdetik, Atrot-Adarretik Bet-Horon Goikoraino zihoan muga, 6 eta Mediterraneo itsasoan bukatzen zen. Iparraldeko muga-ertza Mikmetat zen. Handik ekialdera itzultzen zen, Taanat-Silora, eta, Janoharen ekialdetik igaro ondoren, 7 Atarot eta Naarata hirietaraino jaisten zen eta, Jeriko ukituz, Jordanen bukatzen. 8 Tapuahen hasirik, Kana errekan zehar zihoan mendebalderantz, Mediterraneo itsasoan bukatzeko.
Hori izan zen Efraimen leinukoen ondarea, senitarteka banatua.
9 Horrez gainera, Manasesen ondare barruan zenbait hiri eta beraien herrixkak ere izendatu zizkieten efraimdarrei.

10 Efraimdarrek ez zituzten bota Gezerren bizi ziren kanaandarrak. Horregatik, kanaandarrak haien artean bizi dira oraino, baina esklabo-lanetara beharturik.

17. atala

[aldatu]

1 Hona hemen Joseren seme zaharrena zen Manasesen leinuari eroritako lurralde zatia.

Makir, Galaaden aita, Manasesen seme zaharrena zen eta, gerrazalea zenez, Galaad eta Baxan lurraldeak eman zizkioten ondaretzat, Jordanez ekialdera.

2 Manasesen beste sei semeen ondorengoei ere, Abiezer, Helek, Asriel, Sikem, Hefer eta Xemidaren ondorengoei, alegia, beren ondarea izendatu zieten, senitarteka banatua. Horiek ziren Joseren seme Manasesen semeak.

3 Tzelofhadek, ordea -Tzelofhad Heferren semea zen, hau Galaadena eta hau Manasesen seme Makirrena-, ez zuen semerik izan, alabak baizik; alaben izenak Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza ziren. 4 Emakume haiek Eleazar apaizarengana, Nunen seme Josuerengana eta herriko arduradunengana joan eta esan zieten: «Guri ere gure senideei bezala ondarea emateko agindu zion Jaunak Moisesi». Orduan, Jaunaren aginduaren arabera, ondare-zatia eman zieten beren aitaren anaiei bezala.

5 Beraz, Manasesen leinuari hamar zati egokitu zitzaizkion Jordanez mendebaldera, Jordanez bestaldera zituen Galaad eta Baxan lurraldeez gainera. 6 Izan ere, Manasesen emakumezko ondorengoek beren ondarea hartu zuten, gizonezkoek bezala, eta Galaad lurraldea Manasesen beste ondorengoentzat izan zen.

7 Manasesen lurraldearen muga, Axer-en hasi eta Sikemen aurrean dagoen Mikmetatera zihoan; handik hegoaldera jarraitzen zuen, En-Tapuah aldera. 8 (Tapuah inguruko lurraldea Manasesen leinukoena zen, baina Manasesen muga-ertzean zegoen Tapuah hiria bera efraimdarrena zen). 9 Gero, Kana errekaraino jaisten zen muga. Errekaz hegoaldeko hiriak Efraimen leinuak Manasesen lurraldean zituenak ziren. Manasesen muga errekaren iparraldeko ertzetik zihoan eta Mediterraneo itsasoan bukatzen zen. 10 Efraim hegoaldera zegoen eta Manases iparraldera, bien muga mendebaldera itsasoa zelarik. Ipar-mendebaldera Manasesen lurraldeak Axerrenarekin zuen muga, eta ipar-ekialdera Isakarrenarekin. 11 Isakar eta Axerren lurralde barruan, honako hiri hauek Manasesenak ziren: Bet-Xean eta Ibleam beraien herrixkekin, eta Dor, En-Dor, Taanak eta Megido, beraietako bizilagun eta herrixkekin. 12 Baina manasestarrek ezin izan zituzten hiri haietako bizilagunak bota, eta kanaandarrek jarraitu zuten bertan bizitzen. 13 Israeldarrek, indartsuago egin zirenean, esklabo-lanetara behartu zituzten kanaandarrak, baina ezin izan zituzten handik egotzi.

14 Joseren ondorengoek esan zioten Josueri:
-Zergatik eman diguzu lurralde-zati bakarra, gu hain herri ugaria izanik? Izan ere, Jaunak bedeinkatu egin gaitu orain arte.

15 Josuek erantzun zien:
-Hain herri ugaria bazarete eta Efraimgo mendialdea estuegia iruditzen bazaizue, igo zaitezte oihanera eta soildu periztarren eta refatarren lurraldea.

16 Haiek ihardetsi zioten:
-Mendialdea ez dugu aski; gainera, lautadako kanaandarrek burdinazko gudu-gurdiak dituzte, bai eta Bet-Xean eta inguruko herrixketakoek eta Izreel lautadakoek ere.

17 Orduan, esan zien Josuek Efraim eta Manasesen leinuetakoei, Joseren ondorengoei:
-Herri ugaria eta oso indartsua zarete, bai. Ez duzue lurralde-zati bakarra izango,
18 mendialdea zuena izango baita. Nahiz eta baso hutsa den, soildu egingo duzue eta zuena izango da alde batetik bestera. Gainera, kanaandarrak ere botako dituzue, nahiz eta burdinazko gudu-gurdiak dituzten eta indartsuak diren.

18. atala

[aldatu]

1 Lurralde osoa menperatua zutelarik, israeldarren elkarte osoa Xilon bildu zen eta Elkarketa Etxola jaso zuten bertan. 2 Artean, israeldar zazpi leinu gelditzen ziren beren ondare-zatia hartzeko. 3 Josuek esan zien israeldarrei: «Zeren zain zaudete Jaunak, zeuen arbasoen Jainkoak, eman dizuen lurraldeaz jabetzera joateko? 4 Aukeratu leinu bakoitzeko hiru gizon eta lurraldea inguratzera bidaliko ditut, ondare-banaketarako lurraldearen planoa egin dezaten. Ondoren, niregana itzuliko dira. 5 Zazpi zatitan banatuko dute lurraldea, Judaren leinuak bere lurraldean, hegoaldean, jarraituko duelarik, eta Joseren ondorengoek berenean, iparraldean. 6 Egin lurraldearen planoa, zazpi zatitan banatuz, eta ekarri niri. Nik hemen, Jaunaren, gure Jainkoaren, aurrean, zotz egingo dut. 7 Lebitarrek ez dute lurralde-zatirik izango besteok bezala, beraien ondarea Jaunaren apaiz izatea baita. Gaden eta Rubenen leinuek eta Manasesen leinu erdiak, berriz, hartua dute beren ondarea Jordanez bestaldera, ekialdera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, emanik».

8 Lurraldearen planoa egin behar zuten gizonei, abiatzerakoan, Josuek agindu hau eman zien: «Zoazte, ibili lurraldean barna eta egizue bertako planoa. Gero, itzuli niregana eta nik hemen, Xilon, Jaunaren aurrean, zotz egingo dut».

9 Joan ziren, bada, gizon haiek, lurraldea zeharkatu eta marraztu zuten planoa, hirien arabera lurraldea zazpi zatitan banatuz. Gero, Josuerengana itzuli ziren, Xiloko kanpalekura.

10 Josuek zotz egin zuen Xilon, Jaunaren aurrean, eta lurraldea banatu zien israeldarrei, prestaturiko zati-banaketaren arabera.

11 Zotz egin eta Benjaminen leinuari egokitu zitzaion lehenengo. Benjamindar senitarteei ateratako ondare-zatia Judaren leinuarenaren eta Joseren ondorengoenaren artean zegoen.

12 Haren muga, iparraldetik, Jordanen hasten zen, Jerikoren iparraldeko saihetsetik igo eta, mendialdetik mendebalderantz jarraituz, Bet-Aben basamortura heltzen zen. 13 Handik Luz hirira jotzen zuen, Luzen -hau da, Betelen- hegoaldetik igaroz, eta gero Bet-Horon Azpikoaren hegoaldean dagoen mendian barrena, Atrot-Adarrera jaisten zen. 14 Mendebaldetik, mugak norabidea aldatu eta Bet-Horonen aurrean dagoen menditik hegoalderantz hartzen zuen, Kiriat-Baal edo Kiriat-Jearim hiriraino helduz. Hiri hau Judaren leinukoa zen. Hau zen Benjaminen leinuaren mendebaldeko muga.

15 Hegoaldean mugak, Kiriat-Jearimen hasi eta Iim aldera jotzen zuen, Neftoah errekastoaren iturbururaino helduz. 16 Gero, Ben-Hinom haranaren aurreko mendiaren ertzeraino jaisten zen, refatarren lautadaren iparraldera, eta, Ben-Hinom haranean behera, jebustarren hiria zegoeneko mendi-hegiaren hegoaldetik igaroz, En-Rogeleraino heltzen zen. 17 Handik iparralderantz bihurtzen zen, En-Xemex eta Adumimerako aldapa parean dagoen Gelitotera heltzeko. Gero, Rubenen seme Bohan-en Harkaitzera jaisten zen. 18 Handik, Araba haranera begira, iparraldera dagoen maldan behera, Araba haranera jaisten zen, 19 eta, Bet-Hoglaren iparraldeko malda igaroz, Itsaso Hilera heltzen zen, Jordan ibaia itsasoratzen den lekuan. Hau zen Benjaminen leinuaren hegoaldeko muga. 20 Ekialdeko muga Jordan ibaia zen.
Horra, bada, Benjaminen leinukoei senitarteka banaturiko ondarearen mugak.

21 Benjaminen leinuko senitarteek honako hiri hauek zituzten: Jeriko, Bet-Hogla, Emek-Ketzitz, 22 Bet-Araba, Tzemaraim, Betel, 23 Abim, Para, Ofra, 24 Kefar-Amona, Ofni eta Geba: hamabi hiri eta beraien herrixkak. 25 Gabaon, Rama, Beerot, 26 Mitzpe, Kefira, Motza, 27 Rekem, Irpeel, Tarala, 28 Tzela, Elef, jebustarren hiria -hau da, Jerusalem-, Gibea eta Kiriat-Jearim: hamalau hiri eta beraien herrixkak.
Hori izan zen benjamindarren ondarea, senitarteka banatua.

19. atala

[aldatu]

1 Bigarrenez zotz egin eta Simeonen leinuko senitarteei egokitu zitzaien. Haien ondarea Judaren leinuarenaren erdian zegoen. 2 Hona hemen ondaretzat egokitu zitzaiena: Beer-Xeba, Xema, Molada, 3 Hatzar-Xual, Bala, Ezem, 4 Eltolad, Betul, Horma, 5 Tziklag, Bet-Markabot, Hatzar-Susa, 6 Bet-Lebaot eta Xaruhen: hamahiru hiri eta beraien herrixkak. 7 Ain, Rimon, Eter eta Axan: lau hiri eta beraien herrixkak. 8 Gainera, hiri horien inguruko herrixka guztiak Baalat-Beer hiriraino, hau da, Negeveko Ramateraino. Hori izan zen simeondarren ondarea, senitarteka banatua. 9 Simeonen leinuaren ondarea Judaren lurralde-zatitik hartua zen, Judaren leinuarena handiegia baitzen beraientzat. Horregatik, Simeonen leinuak Judaren ondarearen barruan hartu zuen berea.

10 Hirugarrenez zotz egin eta Zabulonen leinuko senitarteei egokitu zitzaien. Haien ondarearen muga Sarid-eraino luzatzen zen. 11 Handik mendebalderantz, Maralara igotzen zen eta, Dabexet ukituz, Jokneamen aurrean dagoen errekaraino heltzen. 12 Saridetik ekialdera bihurtzen zen, Kislot-Taborreko mugetaraino; gero, Daberateraino luzatzen zen eta Jafiara igotzen. 13 Handik ekialderantz jarraituz, Gad-Hefer eta Ita-Kazindik igarotzen zen eta Rimon aldera hartzen zuen, Nea aldera okertzeko. 14 Gero, iparraldetik, Hanaton aldera itzultzen zen eta Iftah-El errekan bukatzen. 15 Lurraldeak beste hauek ere hartzen zituen: Katat, Nahalal, Ximron, Idala eta Belen; guztira hamabi hiri ziren, beren herrixkekin.

16 Hori izan zen zabulondarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

17 Laugarrenez zotz egin eta Isakarren leinuko senitarteei egokitu zitzaien. 18 Hona hemen haien lurraldeak hartzen zuena: Izreel, Kesulot, Xunem, 19 Hafaraim, Xion, Anaharat, 20 Rabit, Kixion, Ebetz, 21 Remet, En-Ganim, En-Hada eta Bet-Patzetz. 22 Muga, Tabor hiritik, Xahatzimatik eta Bet-Xemexetik igarotzen zen eta Jordan ibaian bukatzen; guztira hamasei hiri ziren, beren herrixkekin.

23 Hori izan zen isakartarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

24 Bosgarrenez zotz egin eta Axerren leinuko senitarteei egokitu zitzaien. 25 Hona hemen haien lurraldeak hartzen zuena: Helkat, Hali, Beten, Akxaf, 26 Alamelek, Amad eta Mixal. Mendebaldetik, muga Karmel mendiraino eta Xihor-Libnateraino heltzen zen. 27 Gero, ekialderantz bihurtzen zen, Bet-Dagoneraino, eta, Zabulonen leinuaren muga eta Iftah-El harana iparraldetik ukituz, Bet-Emek eta Neieldik jarraitzen zuen, eta ezkerraldetik Kabul, 28 Abdon, Rehob, Hamon eta Kanaraino luzatzen zen, Sidon hiribururaino helduz. 29 Handik, Rama-ra eta Tiro gotorlekura bihurtzen zen; gero, Hosarantz jotzen zuen, Mediterraneo itsasoan bukatzeko. Mahlab, Akzib, 30 Ako, Afek eta Rehob hiriak ere hartzen zituen; guztira hogeita bi hiri ziren, beren herrixkekin.

31 Hori izan zen axertarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

32 Seigarrenez zotz egin eta Neftaliren leinuko senitarteei egokitu zitzaien. 33 Haien muga Helefetik eta Tzaananimgo arteondotik hasi eta Adami-Nekeb eta Jabneelen zehar Lakumeraino heltzen zen, eta Jordan ibaian bukatzen; 34 gero, mendebaldera itzultzen zen, Aznot-Taborrera, eta handik Hukokeraino heltzen. Mugak Zabulonen leinuaren lurraldea ukitzen zuen hegoaldetik, Axerrena mendebaldetik eta Jordan ibaia ekialdetik. 35 Lurraldeak honako hiri-gotor hauek zituen: Tzidim, Tzer, Hamat, Rakat, Genesaret, 36 Adama, Rama, Hatzor, 37 Kedex, Edrei, En-Hatzor, 38 Iron, Migdal-El, Horem, Bet-Anat, Bet-Xemex; guztira hemeretzi hiri ziren, beren herrixkekin.

39 Hori izan zen neftalitarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

40 Zazpigarrenez zotz egin eta Danen leinuko senitarteei egokitu zitzaien. 41 Haien lurraldeak honako hiri hauek hartzen zituen: Tzora, Extaol, Ir-Xemex, 42 Xaalabin, Aialon, Itla, 43 Elon, Timnata, Ekron, 44 Elteke, Gibeton, Baalat, 45 Jehud, Bene-Berak, Gat-Rimon; 46 bai eta Jarkon erreka, Rakon eta Jafa aldera dagoen lurraldea ere.

47 Lurraldeak, ordea, ez zuen Danen leinukoen menpe iraun. Horregatik, Lexem hiriari erasotzera joan eta hartu egin zuten. Bertako bizilagunak ezpataz hil ondoren, hiriaz jabetu eta bertan jarri ziren bizitzen. Lexem zenari Dan izena ezarri zioten, beren arbasoaren izena.

48 Hori izan zen dandarren ondarea, senitarteka banatua, aipaturiko hiri eta herrixkak barne.

49 Lurraldea mugatu eta banatzen bukatu zutenean, israeldarrek Nunen seme Josueri ere eman zioten ondarea. 50 Jaunak agindu bezala, berak eskatua zuen hiria eman zioten, Timnat-Serah, alegia, Efraimgo mendialdean. Hiria berreraiki eta bertan jarri zen bizitzen Josue.

51 Horra hor, bada, Eleazar apaizak, Nunen seme Josuek eta israeldar leinuetako senitarteburuek Xilon, Jaunaren aurrean, Elkarketa Etxolaren sarreran zotz eginez, izendatu zituzten ondareak. Horrela burutu zuten lurraldearen banaketa.

20. atala

[aldatu]

1 Jauna honela mintzatu zitzaion Josueri: 2 «Esan israeldarrei: Izenda itzazue Moisesen bidez aipatu nizkizuen babes-hiriak. 3 Norbait nahi gabe hiltzen duenak hiri horietan aurkituko du iheslekua. Hiri horiek izango dituzue babesleku, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenarengandik ihes egin ahal izateko. 4 Hiltzaileak hiri horietako batera ihes egingo du eta, sarreran gelditurik, hiriko arduradunei bere arazoa azalduko die. Arduradunek hirian hartuko dute eta txokoren bat emango, beraien artean bizi dadin. 5 Mendeku-eskubidea duena atzetik badatorkio ere, ezin izango dute hiltzailea beraren esku utzi, nahi gabe hil baitu bere lagun hurkoa eta ez lehendik gorroto zuelako. 6 Hiltzailea hirian geldituko da, elkartearen aurrean auzitara agertu arte edota aldi horretan karguan egongo den apaiz nagusia hil arte. Gero, itzul daiteke hiltzailea bere herrira eta etxera, handik egin baitzuen ihes».

7 Hona hemen, babes-hiri izateko hautatu zituztenak: Kedex, Neftaliko mendialdean, Galilean; Sikem, Efraimgo mendialdean, eta Kiriat-Arba -hau da, Hebron-, Judako mendialdean. 8 Jordan ibaiaz bestaldera, Jerikotik ekialdera, Betzer aukeratu zuten, basamortuan, Rubenen leinuaren lautadan; Ramot, Galaaden, Gaden leinuaren lurraldean, eta Golan, Baxanen, Manasesen leinuaren lurraldean.

9 Horra hor, bada, israeldar ororentzat nahiz beraien artean bizi ziren etorkinentzat izendatu zituzten hiriak, norbait nahi gabe hiltzen zuenak haietara ihes egin eta mendeku-eskubidea zuenak hil ez zezan, harik eta elkartearen aurrean auzitara agertu arte.

21. atala

[aldatu]

1 Lebitarren senitarteburuak Eleazar apaizarengana, Nunen seme Josuerengana eta israeldar leinuetako senitarteburuengana joan ziren 2 Xilora, Kanaan lurraldean, eta esan zieten: «Geu bizitzeko hiriak eta abereentzako larratokiak emateko agindu zuen Jaunak Moisesen bidez».

3 Orduan, israeldarrek, Jaunak agindu bezala, beren ondaretik hiriak, beren herri-lur eta guzti, eman zizkieten lebitarrei.

4 Zotz egin eta Kehaten senitarteei egokitu zitzaien lehenengo. Aaron apaizaren ondorengo lebitarrei Juda, Simeon eta Benjaminen leinuen hamahiru hiri atera zitzaizkien; 5 Kehaten ondorengoen gainerako senitarteei, berriz, Efraim eta Danen leinuen eta Manasesen leinu erdiaren hamar hiri; 6 Gerxonen ondorengoen senitarteei Isakar, Axer eta Neftaliren leinuen eta Baxango Manasesen beste leinu erdiaren hamahiru hiri, 7 eta Merariren ondorengoen senitarteei Ruben, Gad eta Zabulonen leinuen hamabi hiri.

8 Jaunak Moisesen bitartez agindu bezala, israeldarrek zotz eginez izendatu zizkieten lebitarrei hiriak, herri-lur eta guzti. 9 Hona hemen, Juda eta Simeonen leinuen ondaretik 10 Lebiren seme Kehaten senitarteko ziren Aaronen ondorengoei atera zitzaizkien hiriak -beraiei egokitu baitzitzaien lehenbizi zortea-: 11 Kiriat-Arba -hau da, Hebron- eta beraren herri-lurrak, Judako mendialdean (Arba Anaken aita zen); 12 baina Hebron inguruko lautada eta herrixkak emanak zizkioten jabetzan Jefuneren seme Kalebi; 13- 16 eta babes-hiri zen Hebronekin eta beraren herri-lurrekin batera, Libna, Jatir, Extemoa, Holon, Debir, Axan, Juta eta Bet-Xemex. Juda eta Simeonen leinuen ondaretik, beraz, bederatzi hiri eta inguruko herri-lurrak eman zizkieten. 17- 18 Benjaminen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri -Gabaon, Geba, Anatot eta Almon- eta inguruko herri-lurrak eman zizkieten. 19 Aaronen ondorengo apaizei, beraz, guztira hamahiru hiri eman zizkieten, eta beraien herri-lurrak. 20 Kehaten ondorengo lebitarren gainerako senitarteei Efraimen leinuaren zenbait hiri atera zitzaien: 21- 22 babes-hiri zen Sikem, eta herri-lurrak, Efraimgo mendialdean, eta gainera, Gezer, Kibtzaim eta Bet-Horon, eta beraien herri-lurrak; guztira lau hiri. 23- 24 Danen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri -Elteke, Gibeton, Aialon eta Gat-Rimon- eta herri-lurrak. 25 Eta Manasesen leinu erdiaren ondaretik beste bi hiri -Taanak eta Ibleam- eta herri-lurrak. 26 Beraz, Kehaten ondorengoen gainerako senitarteei, guztira, hamar hiri eman zizkieten, herri-lur eta guzti.

27 Gerxonen ondorengoen lebitar senitarteei bi hiri eman zizkieten Manasesen beste leinu erdiaren ondaretik: babes-hiri zen Golan, Baxanen, eta Beextera, beraien herri-lur eta guzti. 28- 29 Isakarren leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri -Kixion, Daberat, Tarmut eta En-Ganim- eta herri-lurrak. 30- 31 Axerren leinuaren ondaretik ere lau hiri -Mixal, Abdon, Helkat eta Rehob- eta herri-lurrak. 32 Eta Neftaliren leinuaren ondaretik hiru hiri -babes-hiri zen Kedex, Galilean, Hamot-Dor eta Kartan- eta herri-lurrak.

33 Gerxonen ondorengo senitarteei, guztira, hamahiru hiri eman zizkieten, beraien herri-lur eta guzti.

34- 35 Gainerako lebitarrei, hots, Merariren ondorengo senitarteei, lau hiri eman zizkieten Zabulonen leinuaren ondaretik: Jokneam, Karta, Rimon eta Nahalal, herri-lur eta guzti. 36- 37 Rubenen leinuaren ondaretik, berriz, lau hiri Jordanez bestaldera, Jeriko parean: babes-hiri zen Betzer, Jahtza, Kedemot eta Mefaat, herri-lur eta guzti. 38- 39 Gaden leinuaren ondaretik ere lau hiri -babes-hiri zen Ramot, Galaaden, Mahanaim, Hexbon eta Jazer- herri-lur eta guzti. 40 Merariren ondorengo senitarteei, guztira, hamabi hiri eman zizkieten. 41-42 Beraz, israeldarrek berrogeita zortzi hiri eman zizkieten beren jabetzatik lebitarrei, hiri bakoitza beronen herri-lur eta guzti.

43 Horrela eman zion Jaunak Israel herriari beraren arbasoei zin eginez agindutako lurralde osoa. Israeldarrak beraren jabe egin ziren eta bertan jarri bizitzen 44 Jaunak lasaitasuna eman zien beren lur-muga osoan, beraien arbasoei zin egin bezala. Etsaietako batek ere ezin izan zien aurre egin, Jaunak eskura eman baitzizkien guztiak.

45 Jaunak israeldarrei egindako promes eder haietarik batek ere ez zuen huts egin, denak bete ziren.

22. atala

[aldatu]

1 Josuek Ruben eta Gaden leinuetakoei eta Manasesen leinu erdikoei dei egin 2 eta esan zien: «Bete duzue Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, agindu zizuen guztia eta egin duzue nire esana agindu dizuedan gauza guztietan. 3 Urte luze hauetan ez dituzue zeuen herritarrak bakarrik utzi, Jaunaren, zeuen Jainkoaren, agindua arretaz betez. 4 Orain, Jaunak, zuen Jainkoak, berak hitz eman bezala, zuen herritarrei atsedena eman dielarik, joan zaitezkete zeuen etxera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Jordanen ekialdean jabetzan eman zizuen herrialdera. 5 Baina saia zaitezte Moisesek -Jaunaren, zeuen Jainkoaren, zerbitzariak- emandako aginduak eta legea sutsu betetzen: maita ezazue Jauna, zeuen Jainkoa, ibili berak erakutsitako bidean, bete aginduak, bizi berari atxikiak eta zerbitza ezazue bihotz-bihotzez eta gogo osoz».

6 Josuek bedeinkatu eta bidali egin zituen, eta haiek beren etxera itzuli ziren.

7 Manasesen leinu erdi bati Moisesek lurraldea emana zion Baxanen; beste leinu erdiari, berriz, Jordanen mendebaldean eman zion Josuek lurraldea, gainerako israeldarren artean. Jordanen ekialdean bizi ziren Manasesen leinu erdikoei, etxera bidaltzeko bedeinkatu zituenean, 8 esan zien Josuek: «Aberastasun handiak harturik zoazte etxera: abere-talde ugari, zilarra eta urrea, brontzea, burdina eta janzki asko. Bana itzazue senideen artean etsaiei kendutako harrapakinok».

9 Ruben eta Gaden leinuetakoak eta Manasesen leinu erdikoak, gainerako israeldarrak Xilon, Kanaan lurraldean, utzirik, Galaaderantz, Jaunaren aginduz Moisesek jabetzan eman zien lurralderantz, abiatu ziren. 10 Jordan ingurura heldu zirenean, artean Kanaanen zirela, aldare handi eta ikusgarria eraiki zuten. 11 Jakinarazi zieten israeldarrei Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonek aldarea eraiki zutela Jordan ibai inguruan, Kanaanen aurrez aurre, israeldar lurraldeaz bestaldera; 12 eta israeldar elkarte osoa bildu zuten Xilon, leinu haiei erasotzeko asmoz. 13 Aurrez, ordea, Pinhas, Eleazar apaizaren semea, bidali zieten Galaadera, 14 herriko hamar ordezkari lagun zituela, israeldar leinu bakoitzeko bat. Ordezkari haiek senitarteburu ziren Israelgo leinuetan. 15 Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonengana, Galaadera, heldu zirenean, esan zieten: 16 «Jaunaren elkarte osoaren izenean diotsuegu: Zer da Israelen Jainkoaren kontra egin duzuen desleialkeria hori? Jaunarengandik aldendu zarete gaur: aldare hori zeuentzat eraikiz, Jaunaren kontra errebelatu zarete. 17 Ez al genuen aski Peor-ko bekatuaz? Oraindik ere bekatu haren ondorioak jasaten ari gara, Jaunaren elkarteak izurria jasan behar izan zuen arren. 18 Eta zuek Jaunarengandik aldentzen zarete gaur! Zuek gaur beraren kontra errebelatzeagatik, Jauna bihar haserretu egingo da Israel herri osoarekin. 19 Zuen jabetza den lurraldea kutsatua dagoela eta Jaunaren kulturako desegokia dela iruditzen bazaizue, zatozte Jaunaren jabetza den herrialdera, han baitu Jaunak bere bizilekua, eta jar zaitezte gure artean bizitzen. Baina ez zaitezte Jaunaren kontra eta gure kontra jarri, Jaunaren, gure Jainkoaren, aldareaz gainera beste bat zeuentzat eraikiz. 20 Gogora ezazue Akan, Zerahen semea. Ez zuen leial jokatu, Jerikon dena suntsitzeko agindua hautsi zuelako, eta Israel herri osoak jasan behar izan zuen Jaunaren haserrea, erruduna bera bakarrik izan arren».

21 Ruben eta Danen leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonek erantzun zieten Israelgo senitarteburuei: 22 «Ongi daki Jaunak, jainkoen Jainkoak, eta jakin beza Israelek ere! Jaunak, berarekiko desleial izan bagara eta beraren kontra errebelatu, zigor gaitzala oraintxe bertan! 23 Aldare hau Jaunarengandik aldentzeko, berorren gainean erre-opariak, labore-opariak edota elkartasun-opariak eskaintzeko eraiki baldin badugu, eska biezazkigu kontuak! 24 Ez, ez dugu horretarako egin, kezkaturik gaudelako baizik, zuen ondorengoek gureei egunen batean hau esango ote dieten: <Ba al duzue zerikusirik Jaunarekin, Israelen Jainkoarekin? 25 Zuen -Ruben eta Gaden ondorengoen- eta gure artean Jordan ibaia ipini zuen Jaunak mugatzat. Zuek ez duzue, beraz, zerikusirik Jaunarekin!> Horrela, zuen seme-alabek eragotzi egingo liekete gureei Jaunari gurtza ematea. 26 Horregatik bururatu zaigu aldarea eraikitzea; ez, ordea, erre-opariak eta sakrifizioak eskaintzeko, 27 gure eta zuen artean eta gure ondorengo belaunaldien artean ezaugarri izateko baizik; hau da, beraren tenpluan geure erre-opari eta elkartasun-opariak eskainiz Jaunari kultu eman nahi diogula adierazteko ezaugarri. Horrela, zuen seme-alabek ezin esango diete gureei Jaunarekin zerikusirik ez dutela. 28 Bihar edo etzi, guri nahiz gure ondorengoei horrelakorik esango baligute, guk erantzun ahal izango genuke: <Begira gure gurasoek Jaunari eraiki zioten aldarearen egiturari; ez da erre-opariak eta sakrifizioak eskaintzeko, gure eta zuen artean ezaugarri izateko baizik>. 29 Ez dugu inola ere Jaunaren kontra errebelatu nahi izan, ez Jaunarengandik aldendu, ez eta Jaunaren, gure Jainkoaren, egoitza aurrean dagoen aldareaz gainera, erre-opariak, labore-opariak eta gainerako sakrifizioak eskaintzeko beste bat eraiki ere».

30 Pinhas apaizak eta elkartearen ordezkariek -israeldar leinuetako hamar senitarteburuek- ontzat eman zuten Ruben, Dan eta Manasesen leinuetako gizonek emandako argibidea. 31 Pinhasek, Eleazar apaizaren semeak, esan zien: «Orain badakigu Jauna geurekin dugula, ez baituzue beraren kontra horrelako desleialkeriarik egin. Horrela, Israel osoa libratu duzue Jaunaren zigorretik».

32 Ruben eta Gaden leinuetako gizonak utzirik, Pinhas, Eleazar apaizaren semea, eta herri-ordezkariak Galaadetik Kanaanera itzuli ziren, mendebaldeko israeldarrengana, eta gertatuaren berri eman zieten. 33 Israeldarrek ontzat eman zuten azalpena eta Jauna goretsi zuten. Ez zuten berriro aipatu ere egin Ruben eta Gaden leinuetakoei erasotzea eta haien herrialdea hondatzea. 34 Ruben eta Gaden leinuetakoek «Ezaugarri» izena ezarri zioten aldareari, hau baitzioten: «Jauna Jainko denaren ezaugarri da gu guztiontzat».

23. atala

[aldatu]

1 Urte asko zen, Jaunak inguruko etsaiengandik libraturik, Israel bakean bizi zela. Josue zahartua zegoen, adinean aurreratua. 2 Orduan, Josuek Israel herri osoa, arduradunak, buruzagiak, epaileak eta funtzionarioak bildu eta esan zien: «Zahartua nago eta adinean aurreratua. 3 Zeuek ikusi duzue nola jokatu duen Jaunak, zeuen Jainkoak, herri horiekin, zuei tokia egiteko. Izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, borrokatu da zuen alde. 4 Zotz egin eta ondaretzat banatu dizkizuet, suntsitu nituen herrien lurraldeak ez ezik, bai eta oraindik gelditzen direnenak ere, ekialdean dagoen Jordan ibaitik mendebaldean dagoen Mediterraneo itsasoraino. 5 Jaunak, zuen Jainkoak, berak egotzi eta desjabetuko ditu, zuek beraien lurraldeen jabe egin zaitezten, Jaunak, zeuen Jainkoak, hitz eman dizuen bezala. 6 Izan bihotz eta bete arretaz Moisesen legearen liburuan idatzia dagoen guztia, ezertan ere saihestu gabe. 7 Ez nahasi zeuen inguruan gelditzen diren arrotzekin, ez aipatu ere egin horien jainkoen izenak, ez egin zinik beraien izenean, ez gurtu eta ez ahozpeztu beraien aurrean. 8 Aitzitik, iraun ezazue Jaunari, zeuen Jainkoari, atxikirik, orain arte bezala. 9 Nazio handi eta indartsuak bota ditu Jaunak zuen aurretik; orain arte, batek ere ezin izan dizue aurre egin. 10 Zuetako bat bakarrak mila etsairi ihes eragin ahal izan dio, Jauna, zuen Jainkoa, zuen alde borrokatu delako, berak esan bezala. 11 Zeuon onerako, saia zaitezte Jauna, zeuen Jainkoa, maitatzen.

12 «Baina Jaunarengandik aldendu eta zuen inguruan bizi diren arrotzekin elkartzen bazarete, beraiekin ezkonduz eta harremanak izanez, 13 egon ziur, Jaunak, zuen Jainkoak, ez duela herri horiek zuen aurretik botatzen jarraituko. Sare eta tranpa izango dituzue, saihetsean eztenkada eta begietan arantza bezain mingarri, Jaunak, zeuen Jainkoak, eman dizuen lurralde eder honetatik zuek desagerrarazi arte.

14 «Ni banoa, denak joan ohi diren bidean. Zuek aitor ezazue, bihotz-bihotzez eta gogo osoz, Jaunak, zuen Jainkoak, eginiko agintzari ederretatik batek ere ez duela huts egin: dena bete zaizue; Jaunak hitz emandako ezer ere ez da hutsean galdu. 15 Bada, Jaunak, zuen Jainkoak, eginiko promes eder guztiak bete zaizkizuen bezala, halaxe beteko dizkizue bere mehatxuak ere, Jaunak, zeuen Jainkoak, emandako lurralde eder honetatik desagerrarazi arte. 16 Jaunak, zuen Jainkoak, zuekin egindako ituna hausten baduzue eta jainko arrotzak gurtzen eta beraien aurrean ahozpezten hasten bazarete, piztuko da Jaunaren haserrea zuen kontra eta berehala desagertuko zarete eman dizuen lurralde eder honetatik».

24. atala

[aldatu]

1 Josuek Israelgo leinu guztiak bildu zituen Sikemen. Dei egin zien Israelgo arduradunei, buruzagiei, epaileei eta funtzionarioei ere, eta Jaunaren aurrera agertu ziren. 2 Josuek esan zion herri osoari:

-Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: «Zuen arbasoak, Terah eta beronen seme Abraham eta Nahor, Eufrates ibaiaren bestaldean bizi ziren antzina, eta beste jainko batzuk gurtzen zituzten. 3 Eufrates ibaiaz bestaldetik hartu eta Kanaan lurraldean barrena ibilarazi nuen zuen aita Abraham. Semea eman nion, Isaak, eta ondorengotza ugaldu. 4 Isaaki bi seme eman nizkion: Jakob eta Esau. Esauri Seir mendialdea eman nion jabetzan; Jakob eta beronen semeak, berriz, Egiptora jaitsi ziren. 5 Gerora, Moises eta Aaron bidali nituen, Egipto zigortu nuen neure ekintzaz, eta zuek handik irtenarazi. 6 Zuen arbasoak Egiptotik irten eta itsasoraino heldu ziren. Egiptoarrek pertsegitu egin zituzten Itsaso Gorriraino, beren gudu-gurdi eta zaldiekin. 7 Zuen arbasoek oihu egin zidaten, eta nik ilunpea jarri nuen haien eta egiptoarren artean, eta itsasoa hauen gainera erorarazi, denak estali zituelarik. Zeuen begiz ikusi zenuten egiptoarrei egin niena. Gero, basamortuan bizi izan zineten luzaro.

8 «Jordanez bestaldean bizi ziren amortarren lurraldera ekarri zintuztedan. Haiek gerra egin zizueten, baina zuen eskuetara eman nituen eta haien lurraldeaz jabetu zineten, suntsitu egin bainituen zuen aurrean. 9 Moabeko errege Balak, Tzipor-en semea, Israeli erasotzera atera zen, eta Beor-en seme Balaam deitu eta ekarri zuen zuek madarikatzera. 10 Nik, ordea, ez nion entzun nahi izan Balaami, eta bedeinkatu egin behar izan zintuzten; horrela libratu zintuztedan haren eskutik. 11 «Jordan ibaia igaro eta Jerikora heldu zineten. Jerikoko bizilagunek gerra egin zizueten, bai eta amortarrek, periztarrek, kanaandarrek, hititek, girgaxtarrek, hibiarrek eta jebustarrek ere; nik, ordea, eskuetara eman nizkizuen. 12 Liztortzarrak bidali nituen, zuek etorri aurretik amortarren bi erregeak bota zitzaten. Hori ez zenuten zeuen ezpatari eta uztaiari esker iritsi. 13 Izerdirik aterarazi ez dizuen lurraldea eman dizuet, eraiki ez dituzuen hiriak, eta berorietan bizi zarete; bai eta landatu ez dituzuen mahasti eta olibadiak ere, eta berorien fruituez elikatzen zarete».

14 Eta jarraitu zuen Josuek:
-Izan, beraz, begirune Jaunari eta zerbitza ezazue benetan eta leial. Baztertu zeuen arbasoek Eufrates ibaiaren bestaldean eta Egipton zerbitzatu zituzten jainkoak, eta zerbitza ezazue Jauna.
15 Baina Jauna zerbitzatzea ongi iruditzen ez bazaizue, aukera ezazue zein zerbitzatu: zuen arbasoek Mesopotamian zerbitzatu zituzten jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zareten herrialdeko jendearenak, alegia. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbitzatuko dugu.

16 Herriak ihardetsi zuen:
-Inola ere ez dugu Jauna utziko, jainko arrotzak zerbitzatzeko!
17 Jauna dugu geure Jainkoa. Berak atera gaitu gu eta gure arbasoak Egiptotik, esklabotzatik. Geure begiz ikusi ditugu berak egindako mirari handiak. Berak zaindu gaitu egin dugun bide guztian zehar eta berak babestu gaitu igaro ditugun herri guztietatik. 18 Jaunak bota ditu herri guztiak gure aurretik, bereziki lurralde honetan bizi ziren amortarrak. Beraz, guk ere Jauna zerbitzatuko dugu, bera baitugu geure Jainkoa!

19 Josuek esan zion herriari:
-Zuek ezin izango duzue Jauna zerbitzatu, Jainko santua baita, beste jainkorik zerbitzatzea onartzen ez duen Jainkoa. Ez ditu zuen errebeldia eta bekatuak jasango.
20 Jauna utzi eta jainko arrotzak zerbitzatzen badituzue, kontra jarriko zaizue eta, hainbeste on egin ondoren, gaizki erabiliko zaituzte eta suntsituko.

21 Herriak erantzun zion Josueri:
-Ez! Guk Jauna zerbitzatuko dugu!

22 Josuek esan zien:
-Jauna zerbitzatzea aukeratu duzue. Zeuek zarete testigu!
Eta haiek:
-Bai, testigu gara!

23 Orduan, Josuek:
-Ken itzazue, bada, zeuen artean dituzuen sasijainkoen idoloak eta jar zaitezte erabat Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aldean.

24 Herriak erantzun zion Josueri:
-Jauna, geure Jainkoa, zerbitzatuko dugu eta beraren esana beteko!

25 Egun hartan, Josuek hitzarmena egin zuen herriarekin, eta legeak eta arauak ezarri zizkion Sikemen. 26 Josuek Jainkoaren legearen liburuan idatzi zituen hitzarmenaren xedapenak. Gero, harri handi bat hartu, Jaunaren santutegi ondoan dagoen artearen azpian zutik ezarri 27 eta esan zion herriari: «Horra, gure kontrako testigantzarako izanen da harri hau, Jaunak esan dizkigun hitz guztiak entzun baititu. Etengabe oroitaraziko dizkizue, zeuen Jainkoa uka ez dezazuen».

28 Ondoren, Josuek bidali egin zuen herria, nor bere ondarera.

29 Gertakari horien ondoren, ehun eta hamar urte zituelarik hil zen Josue, Nunen semea, Jaunaren zerbitzaria. 30 Beraren ondare zen lurraldean ehortzi zuten, Timnat-Serah hirian, Efraimgo mendialdean, Gaax mendiaren iparraldera.

31 Josue bizi izan zen bitartean, israeldarrek Jauna zerbitzatu zuten; bai eta Josue hil ondoren bizirik jarraitu zuten eta Jaunak Israelen alde eginiko egintzak ikusiak zituzten arduradunak bizi izan ziren bitartean ere.

32 Israeldarrek Egiptotik ekarritako Joseren hezurrak Sikemen ehortzi zituzten, Jakobek Sikemgo buruzagi zen Hamorren semeei zilarrezko ehun txanponetan erosi zien lur-sailean. Lur-sail hura Joseren ondorengoen ondare izan zen. {{bertset|24|33| Gero, Eleazar, Aaronen semea, hil zen eta Gibean ehortzi zuten, Efraimgo mendialdean, beraren seme Pinhasi eman zioten hirian.