1. atala
[aldatu]1-3 Ni, Ezekiel apaiza, Buziren semea, erbesteratuen artean bizi nintzen Kebar ibaiaren ondoan. Hogeita hamargarren urtean -Joiakin erregearen erbestealdiko bosgarren urtea zen-, laugarren hilaren bostean zerua zabaldu eta Jainkoarengandiko ikuskaria izan nuen. Han, babiloniarren herrialdean, Kebar ibaiaren ondoan, Jaunak hitz egin zidan eta beraren indarra jabetu zen nitaz.
4 Hara zer ikusi nuen: Haize-erauntsia zetorren iparraldetik: hodei handi bat tximistek zeharkatua eta argitasun biziz inguratua; erdian metal goriak duen bezalako distira. 5 Hodeiaren erdian lau izaki bizidun zeuden, gizaki-itxurakoak. 6 Launa aurpegi eta launa hego zituzten; 7 zangoak zuzenak, eta oinzolak zekorren apatxarenak bezalakoak, brontze leundua bezain distiratsu; 8 hegalpean giza besoak zituzten lau aldeetan, bai eta aurpegiak eta hegoak ere; 9 hegoek elkar ukitzen zuten. Ibiltzerakoan zuzen zihoazen aurrera, inoiz itzuli gabe. 10 Haien aurpegiek giza aurpegiaren antza zuten aurretik; lehoi-aurpegiarena eskuinetik, zezen-aurpegiarena ezkerretik eta, azkenik, arrano-aurpegiarena. 11 Bi hego gorantz luzaturik zituzten elkar ukituz, eta beste bi gorputza estaliz. 12 Aurrera ibiltzen ziren zuzen, Jainkoaren espirituak nahi zuen alderantz, inoiz itzuli gabe. 13 Izaki bizidun haien artean ikatz gorien antzekoak zeuden, joan-etorrian zebiltzanak zuziak bezala; suak distira egiten zuen eta sutatik tximistak irteten. 14 Izaki haiek batetik bestera ziztu bizian zebiltzan oinaztargia bezala.
15 Izaki haiei begiratzean, lurrean haien ondoan, bakoitzarentzat gurpil bana ikusi nuen. 16 Gurpilek urreharriaren distira zuten eta berdinak ziren laurak; egituraz, bata bestearen barruan sartuta bezala zeuden; 17 horrela, aurrera egitean, lau aldeetarantz joan zitezkeen, itzuli gabe. 18 Izugarria zen haien uztaien altuera, eta lauren bira osoa distiraz betea zegoen. 19 Izaki haiek aurrera egitean, gurpilek ere aurrera egiten zuten ondoan, eta izakiak lurretik altxatzean, gurpilak ere altxatu. 20 Jainkoaren espirituak nahi zuen alderantz joaten ziren, eta gurpilak ere haiekin batera altxatzen ziren, izakiekin bat eginda baitzeuden. 21 Haiek aurrera egitean, hauek ere aurrera; haiek gelditzean, hauek ere gelditu; haiek lurretik altxatzen zirenean, gurpilak ere bai haiekin batera, izakiekin bat eginda baitzeuden.
22 Izakien buru gainean, sabai-modukoa hedatzen zen, kristal distiratsuaren dirdira zuena. 23 Sabaiaren azpian, izakiek hegoak zabalik zituzten, batenak bestearenak ukituz; bakoitzak beste biz gorputza estaltzen zuen. 24 Aurrera joatean hegoek egiten zuten hotsa entzun nuen: ur handiena bezalako hotsa, Jainko Ahaltsuaren ahotsa bezalakoa; jendetza handien edo gudarosteen habarrotsa zirudien. Gelditzen zirenean, beheratu egiten zituzten hegoak. 25 Eta ahotsa sortu zen izakien buru gainean zegoen sabai gainetik. 26 Han, sabaiaren gainean, tronu-itxurako zerbait ikusi nuen, zafiro harriaren antzekoa, eta tronu-itxurakoaren gainetik, goren-gorenean, gizaki-antzeko irudia. 27 Metal goriaren distira zuen, eta suaren antzeko zerbaiten erdian zegoen, goitik beheraino argitasunez inguratua. 28 Egun euritsuetan hodei artean agertzen den ortzadarraren itxura zuen inguruko argitasunak. Jaunaren aintzaren agerpena zen hura guztia. Ikustean, ahozpez erori nintzen eta hitz egiten zidan norbaiten ahotsa entzun nuen.
2. atala
[aldatu]1 Esan zidan: «Gizaseme, zutitu, hitz egin behar dizut eta». 2 Hitz egin bitartean, Jaunaren espiritua sartu zen niregan eta zutitu egin ninduen, eta hitz egiten zidanari entzun nion 3 esaten: «Gizaseme, israeldarrengana bidaltzen zaitut, jende errebelde horrengana; horiek eta horien arbasoak nire aurka altxatu dira gaur arte. 4 Jende burugogor eta setatsuagana bidaltzen zaitut nire mezua adieraztera. 5 Horrela, entzun ala ez, jakingo du herri errebelde horrek baduela profeta bat bere artean. 6 Zu, gizaseme, ez izan horien beldur; esaten dutena esaten dutela, ez izan beldur, nahiz eta horiek zure kontra egin eta zu arantza artean eta eskorpioi gainean eserita bezala sentitu; ez izan horiek esandakoaren beldur, ez kikildu horien aurrean, herri errebeldea baita. 7 Entzun ala ez, nire hitzak esango dizkiezu; ez ahaztu jende errebeldea dela. 8 Gizaseme, entzun esaten dizudana: ez izan errebelde, herri hori bezala; zabaldu ahoa eta jan ematen dizudana».
9 Orduan, esku bat ikusi nuen niregana luzatua, biribilduriko liburua zeukana. 10 Zabaldu egin zuen nire aurrean eta bi aldeetatik zegoen idatzia: bertan erostak, intziriak eta aieneak zeuden idatzita.
3. atala
[aldatu]1 Gero, esan zidan: «Gizaseme, jan biribilduriko liburu hau eta gero joan Israel herriari hitz egitera».
2 Ahoa zabaldu nuen eta liburua janarazi zidan. 3 Eta esan zidan: «Gizaseme, bete sabela ematen dizudan liburu honekin». Jan eta eztia bezain gozo gertatu zitzaidan.
4 Esan zidan: «Gizaseme, zoaz Israel herriarengana eta adierazi nire hitzak. 5 Ez zoaz mintzaira ilun eta hizkuntza ulergaitzeko herri batengana, Israel herriarengana baizik. 6 Mintzaira ilun eta hizkuntza ulergaitzeko herriengana bidaliko bazintut, jaramon egingo lizukete. 7 Baina Israel herriak ez dizu jaramonik egingo, ez baitit niri jaramon egin nahi izan. Izan ere, Israel herri osoa da burugogor eta setatsu. 8 Eta horiek bezain burugogor eta tematsu bihurtuko zaitut. 9 Diamantea bezain gogor bihurtuko zaitut, harkaitzak baino gogorrago; ez zara herri errebelde horren aurrean beldurtuko, ez kikilduko. 10 Gizaseme, entzun arretaz esaten dizudan guztia eta sartu buruan. 11 Zoaz, joan erbestean dauden zeure herritarrengana eta hitz egiezu; beraiek entzun ala ez, nire, Jainko Jaun honen, mezua adieraziko diezu».
12 Orduan, Jaunaren espirituak gora jaso ninduen eta burrunbada handia entzun nuen atzean, lurrikara batena bezalakoa, Jaunaren aintza zegoen lekutik altxatzean; 13 lurrikararen antzeko burrunbada hura izakiek hegoez elkar ukitzean ateratzen zuten hotsa zen eta aldi berean gurpilen zarata. 14 Espirituak gora jaso eta eraman egin ninduen; garrazturik eta barneminduta joan nintzen; zeharo jabetu zen nitaz Jaunaren indarra. 15 Tel-Abibera iritsi nintzen, Kebar ibai ondoan bizi ziren erbesteratuengana, eta zazpi egun eman nituen haien artean, zeharo lur jota.
16 Zazpi egunen buruan, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 17 «Gizaseme, Israel herriaren jagole izendatzen zaitut; nik esandakoa entzutean, ohartarazi egin behar dituzu nire izenean. 18 Gaiztoren batek hil egin behar duela esaten badut, eta bere jokabide txarretik aldendu eta bizirik jarrai dezan zuk ez baduzu gaiztoa ohartarazten, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu. 19 Aitzitik, zuk gaiztoa ohartarazi eta ez bada gaiztakeriatik eta jokabide txarretik aldentzen, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuk onik aterako duzu zeure bizia. 20 Zintzoari, zuzentasunetik aldendu eta bidegabekeria egiten badu, estropezu eragingo diot eta hil egingo da; ohartarazi ez duzunez, hil egingo da bere erruarengatik eta ez diot aurreko jokabide zuzena kontuan hartuko; baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu. 21 Aitzitik, bekatu egin ez dezan zintzoa ohartarazten baduzu, eta benetan ez badu egiten, bizirik jarraituko du ohartarazi duzulako, eta zeuk ere onik aterako duzu bizia».
22 Orduan, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz eta esan zidan: «Altxa, irten haranera eta han hitz egingo dizut». 23 Altxatu eta haranerantz irten nintzen; eta hantxe zegoen Jaunaren aintza, Kebar ibai ondoan ikusia nuena bera. Ahozpez erori nintzen; 24 baina Jaunaren espirituak niregana sartu eta zutitu egin ninduen; orduan, esan zidan Jaunak: «Gelditu zeure etxean itxita. 25 Hara, gizaseme! Jendeak sokaz lotu-lotu egingo zaitu eta ezin izango zara atera. 26 Mihia ahosabaiari erantsia utziko dizut eta mutu geldituko zara; ezin izango duzu berriz jende errebelde hori zentzatu. 27 Baina hitz egingo dizudanean, zabalduko dizut ahoa eta nire, Jainko Jaun honen, mezua adieraziko diezu. Entzun nahi duenak entzun dezala, eta nahi ez duenak ez, herri errebeldea baita».
4. atala
[aldatu]1 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hartu adreilu bat eta jarri zeure aurrean; marraztu gainean hiri bat, Jerusalem. 2 Setia ezazu hiria: jarri eraso-dorreak beraren aurka, egin lubetak, ezarri gudu-kanpalekuak eta jarri eraso-tresnak inguru guztian. 3 Hartzazu burdin xafla bat eta ezarri burdin hesia balitz bezala zeure eta hiriaren artean; finkatu zeure begiak hirian: setiaturik gelditu da. Hau seinale izango da Israel herriarentzat.
4-5 «Gero, etzan ezkerraldera eta hartu zeure gainean Israel herriaren errua. Hirurehun eta laurogeita hamar egunez egongo zara horrela etzanda, israeldarren errua zeure gain hartuz: egun bat israeldarren bekatu-urte bakoitzeko. 6 Egun horiek amaitzean, bigarren aldian eskuinaldera etzan eta Juda herriaren errua hartuko duzu zeure gain berrogei egunez, urte bakoitzeko egun bat. 7 Finkatu zeure begiak Jerusalem setiatuaren gain eta, besoa altxaturik, hitz egin nire izenean beraren aurka. 8 Nik sokaz lotuko zaitut, etzanik igaro beharreko egunak bete arte, alde batetik bestera alda ez zaitezen.
9 «Hartu garia, garagarra, babak, dilistak, artatxikia eta zekalea; sartu dena ontzi batean eta egin ogia. Hori jango duzu alde batera etzanda emango dituzun hirurehun eta laurogeita hamar egunetan. 10 Kilo laurden bateko anoa jango duzu egunero, ordu jakinetan. 11 Ura ere neurtua edango duzu, litro bat, ordu jakinetan. 12 Garagar-taloaren antzeko opilak egin eta jendaurrean giza gorotzaren gainean erreko dituzu». 13 Eta erantsi zuen Jaunak: «Sakabanatuko ditudan nazioen artean, israeldarrek janari kutsatua jan beharko dutela esan nahi du horrek». 14 Esan nion: «Jainko Jauna, ni ez naiz sekula kutsatu; haurtzarotik gaur arte sekula ez dut abere akabatu edo sarraskiturik jan, eta ez da inoiz nire ahoan haragi kutsaturik sartu». 15 Hark erantzun zidan: «Ederki, giza gorotzaren gainean egin ordez, zeure ogia behi-gorotzaren gainean prestatzeko baimena ematen dizut». 16 Eta erantsi zidan: «Gizaseme, ogi-hornidura kenduko diot Jerusalemi; mugatua eta larri jango dute ogia, ura ere neurtua eta ikaraz edango. 17 Azkenik, ura eta ogia faltako zaizkie, lur jota gelditu eta usteldu egingo dira beren erruarengatik».
Jaunak Israel zigortuko
5. atala
[aldatu]1 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hartu aizto zorrotz bat eta erabili bizarra mozteko labana bezala: moztu ilea eta bizarra, pisatu eta banatu hiru metatxotan.
2 Setiaketako egunak amaitzean, metatxo bat hiriaren erdian erreko duzu; beste bat ezpataz jo eta hiriaren inguruan astinduko duzu; azkena haizeratu eta sakabanatu egingo duzu
-eta nik ezpataz pertsegituko dut
-.
3 Baina zuk ile-pixka bat hartu eta soinekoaren tolesduretan gordeko duzu,
4 eta pixka honetatik beste pixka bat hartu, sutara bota eta erre egingo duzu: Israel herri osoa erreko duen sua irtengo da hortik».
5 Hau dio Jainko Jaunak: «Hona hemen Jerusalem! Nazioen erdian jarria nuen nik, eta herrialdez inguratua. 6 Baina nire erabakien eta legeen kontra altxatu da, inguruko nazio eta herrialdeek baino gaiztakeria handiagoak eginez. Nire erabakiak mesprezatu ditu eta ez du nire legeen arabera jokatu. 7 Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Inguruko herriak baino ere errebeldeago izan zarete, ez duzue nire legeen arabera jokatu, ez eta nire erabakiak bete ere; inguruko nazioen ohiturei ere ez diezue jarraitu. 8 Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Neu ere zure kontra nator, Jerusalem; zeuregan betearaziko dut epaia, nazioen aurrean; 9 eta zure jokabide higuingarriagatik, sekula egin ez dudana eta berriro inoiz egingo ez dudana egingo dut zure kontra: 10 gurasoek seme-alabak irentsiko dituzte zure baitan, eta seme-alabek gurasoak; nik betearaziko dut epaia zure kontra eta haize guztietara sakabanatuko bizirik gelditzen direnak.
11 «Horregatik, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, zeure idolatria eta jokaera higuingarriaz nire santutegia kutsatu duzulako, nik ere baztertu egingo zaitudala; ez dizut batere errukirik izango, ez eta barkatuko ere. 12 Jerusalemdarron heren bat izurriz hilko da edo goseak akabatuko du hirian; beste heren bat gerran eroriko da hiri inguruan, eta azken herena haize guztietara sakabanatuko dut eta ezpataz pertsegituko. 13 Neure sumina azkeneraino hustuko dut beraien aurka eta mendekatu egingo naiz; orduan jakingo dute nik, Jaunak, bihotz-minduta hitz egin dudala. 14 Hondamendi egina utziko zaitut eta isekagai bihurtuko inguruko nazioentzat eta bertatik igaroko diren guztientzat. 15 Isekagai eta mesprezagarri, eskarmentu beldurgarri izango zara inguruko nazioentzat, zigor gupidagabea ezarriz zure kontra haserre-suminez epaia betearaziko dudanean. Nik, Jaunak, esan dut.
16 «Gosearen gezi hilgarriak bota eta suntsitu egingo zaituztet; gosea areagotuko dizuet, ogi-hornidura guztia kenduz. 17 Gosea bidaliko dut zuen aurka, eta seme-alabarik gabe utziko zaituzteten basapiztiak; izurria eta hilketak izango dituzue, eta gerra sortaraziko dut zuen aurka. Nik, Jaunak, esana».
Sasikultuetako gurtzaileen aurka
6. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, begira Israelgo mendietarantz eta hitz egin nire izenean berorien aurka. 3 Esan Israelgo mendiei entzuteko nik, Jainko Jaunak, mendi, muino, ibar eta haranei adierazten diedan mezua: Horra, gerra sortaraziko dut zuen sasi-kultu-lekuak hondatzeko. 4 Zuen aldareak suntsitu eta intsentsua erretzeko ontziak apurtuko dituzte. Zuen gurtzaileak hilik eroraraziko ditut idoloen aurrean. 5 Israeldarren gorpuak idoloen aurrean botako ditut, eta haien hezurrak aldareen inguruan sakabanatuko. 6 Bizileku dituzuen hiri guztiak hondaturik geldituko dira eta sasi-kultu-lekuak suntsituta, zuen aldareak hondaturik eta birrinduta, idoloak apurturik eta ezereztuta, intsentsua erretzeko ontziak txikiturik eta zuek egindako dena deseginda. 7 Zuetako asko hilda erortzean, orduan jakingo duzue ni naizela Jauna. 8 Baina batzuk bizirik utziko dizkizuet: gerrari ihes egin eta beste nazio eta herrialdeetan sakabanatuko direnak. 9 Eta bizirik gelditutako horiek nitaz oroituko dira erbesteratuak egongo diren nazioetan; gogoan izango dute nola sufriarazi nien beren desleialkeriagatik, bihotzak niregandik aldendu eta idoloetara jo zutelako. Beren buruen nazka izango dute egindako gaiztakeriengatik, beren idolatria higuingarriagatik. 10 Orduan jakingo dute ni naizela Jauna eta ez niela alferrik hitz egin zoritxar hau iragartzean».
11 Hau dio Jainko Jaunak: «Egin txalo eta dantza! Zoriondu Israel herria bere jokabide guztiz higuingarriagatik! Gerraz, gosez eta izurriz eroriko dira.
12 Urruti dagoena izurriz hilko da, hurbilekoa gerraz, eta gainerakoak
-setiatuak
- gosez, neure sumina zeharo hustuko baitut haien gain.
13 Orduan jakingo dute ni naizela Jauna, haien hildakoak beren idoloen artean, aldare inguruetan, geldituko direnean: muino-tontor eta mendi-gailurretan, zuhaitz handi eta arte hostotsuen azpian, beren idoloei opari atsegingarriak eskaintzen dizkieten leku guztietan.
14 Beraien aurka eskua luzatu eta bizileku duten lurralde hau hondamendi eta eremu bihurtuko dut, basamortutik Diblaraino. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
Hurbil da amaiera
7. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, hau diotsot nik, Jainko Jaunak, Israel herriari: Amaiera! Badator amaiera herrialde honetako lau bazterretaraino. 3 Zuretzat ere amaiera da orain: neure haserrea isuriko dut zure kontra, zeure jokabidearen arabera epaituko zaitut eta egintza higuingarri guztien kontu eskatuko. 4 Ez dizut errukirik izango, ez eta barkatuko ere, zeure jokabideak merezitako ordaina emango dizut, eta zeure egintza higuingarrien ondorioak jasan beharko dituzu; orduan jakingo duzu ni naizela Jauna.
5 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zoritxarra zoritxarraren gain! Badator zoritxarra! 6 Amaiera dator, badator; gainean duzue amaiera, hor dator, hor! 7 Zuen txanda da, herrialde honetako biztanleok. Badator garaia, hurbil da eguna! Pozaren ordez izua izango da mendi gainetan. 8 Berehalaxe isuriko dut neure sumina zuen aurka, eta haserrea hustuko; zeuen jokabidearen arabera epaituko zaituztet eta egintza higuingarri guztien ordaina emango. 9 Ez dizuet errukirik izango, ez eta barkatuko ere; zeuen jokabideak merezitako ordaina emango dizuet, eta zeuen egintza higuingarrien ondorioak jasan beharko dituzue; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zigortzen zaituztena».
Zigor-eguna
10 Hau dio Jaunak: «Hona hemen eguna! Badator, iristear dago zuen txanda. Garatu egin da zabarkeria, harropuzkeria hedatu.
11 Indarkeria, gaiztoaren aginte-makila, nagusitu da. Baina honetatik guztitik ez da ezer geldituko; akabo horien burrunbada eta algarak.
12 Badator garaia, bertan da eguna! Eroslea ez dadila poz, saltzailea ez dadila atsekabe, guztiak harrapatuko baititu nire suminak.
13 Saltzaileak ez du bere salgaia berreskuratuko, nahiz eta bizirik egon, beteko baita herri osoaren aurka erabakitakoa. Inor ez da bizirik aterako bere gaiztakeriagatik.
14 Turuta joko dute, prestakuntzak egingo, baina inor ez gudura joango, guztiak harrapatuko baititu nire suminak.
15 Gerra kanpoan, izurria eta gosea etxean. Landan dagoena gerran hilko da, hirian dagoena goseak eta izurriak irentsita.
16 Bizirik gelditzen direnek ihes egingo dute, mendietara joango dira, haranetako usoak bezala, denak intzirika, nor bere erruarengatik.
17 «Esku guztiak ahuldu egingo dira, belaun guztiak makaldu. 18 Dolu-jantzia jarriko dute soinean, izu-ikarak harrapatuko ditu: aurpegi guztiak lotsaz gorri, buruak soilduta ilerik gabe. 19 Zilarra kalera botako dute, urrea zabortzat hartuko. Ez urreak, ez zilarrak, ez ditu libratuko Jaunaren sumin-egunean, urreak eta zilarrak eragin baitzieten bekatu. Ez diete gosea aseko, ez eta sabelak ere beteko. 20 Harro zeuden beren bitxien edertasunaz; beraietaz egin zituzten idolo higuingarrien irudiak; horregatik, zabor bihurtuko dizkiet. 21 Arrotzen esku utziko dut lurraldea, soil dezaten; herrialdeko gaizkileen esku, harrapakin gerta dadin. Eta profanatu egingo dute. 22 Ez naiz beraietaz arduratuko, eta profanatu egingo dute nire altxorra: gaizkileak sartuko dira hirira eta profanatu egingo dute. 23 Egin itzazu kateak, hilketaz betea baitago herria, indarkeriaz betea hiria. 24 Naziorik ankerrenak etorraraziko ditut, etxeez jabe daitezen. Nik bukaraziko dut ahaltsuen harrokeria eta profanatu egingo dituzte berorien santutegiak. 25 Izualdia etortzean, bakea bilatuko dute, baina alferrik! 26 Hondamendia hondamendiaren gain etorriko da, albiste txarrak albiste txarren gain; ikuskaria eskatuko diote profetari; apaizak ez du irakaspenik emango, ez eta kontseilariek ere aholkurik. 27 Erregea doluz egongo da, printzea etsipenak jota, jendea dardaraz. Haien jokabidearen arabera jokatuko dut beraiekin, beraiek epaitu ohi duten eran epaituko ditut; orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
Idolatria Jerusalemgo santutegian
8. atala
[aldatu]1 Seigarren urtean, seigarren hilaren bostean, Judako erbesteratuen arduradunekin batera neure etxean eserita nengoela, Jainko Jaunaren indarra jabetu zen nitaz.
2 Gizaki-antzeko irudi bat ikusi nuen: gerrialdetik behera suzkoa zen; gerrialdetik gora metal goriaren distira bezalako argitasunez inguratua. 3 Esku-antzeko zerbait luzatu eta iletik heldu zidan; Jaunaren espirituak airean altxatu ninduen eta, Jainkoarengandiko ikuskaritan, Jerusalemgo tenplura eraman, iparraldera jotzen duen barneko atearen ondora; bertan zegoen Jaunari iraingarri eta jasanezin zitzaion idoloa. 4 Eta han agertu zitzaidan Israelen Jainkoaren aintza, haranean ikusia nuena bera. 5 Esan zidan: «Gizaseme, jaso begiak iparralderantz». Iparralderantz begiratu eta aldarea dagoeneko atariaren iparraldera, sarreran, Jaunari jasanezin zitzaion idolo hura ikusi nuen. 6 Orduan, esan zidan: «Gizaseme, ikusten duzu zertan ari diren? Ikusten Israel herriak hemen egiten dituen higuingarrikeriak, ni neure santutegitik alde egitera behartuz? Baina higuingarrikeria handiagoak ere ikusiko dituzu oraindik».
7 Gero, atariko sarrerara eraman ninduen. Horman zirrikitu bat ikusi nuen. 8 Esan zidan: «Gizaseme, zulatu horma hortxe bertan». Zulatu nuen horma eta irekidura bat egin zen. 9 Orduan, esan zidan: «Sartu eta ikusi hauek hemen egiten ari diren higuingarrikeria izugarriak». 10 Sartu eta mota guztietako narrasti eta piztia nazkagarrien irudiak eta Israel herriko idolo guztiak ikusi nituen horman marraztuta, inguru guztian. 11 Israel herriko hirurogeita hamar arduradun, Xafanen seme Jaazanias erdian zela, irudi haien aurrean zeuden nor bere intsentsu-ontziarekin, eta intsentsuaren lurrina gora zihoan. 12 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, ikusten al duzu Israel herriko arduradunek ilunpetan egiten dutena, bakoitza bere irudi marraztuen gelatxoan dagoenean? Esaten dute: <Ez gaitu Jaunak ikusten; bertan behera utzi du Jaunak herrialde hau> ». 13 Eta erantsi zidan: «Ikusiko duzu oraindik hauek baino higuingarrikeria handiagorik».
14 Jaunaren etxearen iparraldeko ate ondora eraman ninduen; han emakumeak zeuden eserita Tamuz jainkoarengatik dolu egiten. 15 Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Bada, ikusiko duzu oraindik hau baino higuingarrikeria handiagorik».
16 Jaunaren etxeko barne-atarira eraman ninduen eta, tenpluko sarreran, atalondo eta aldare artean, hogeita bosten bat gizon ikusi nituen, bizkarrez Jaunaren tenplurantz eta aurpegiz ekialderantz; ekialderantz ahozpezturik, eguzkia gurtzen ari ziren. 17 Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Eta hemen egiten dituzten higuingarrikeriekin Juda herriak aski ez balu bezala, indarkeriaz betetzen dute herrialdea, ni are gehiago irainduz. Begira nola eramaten duten erramua sudurreraino! 18 Bada, neuk ere suminez jokatuko dut; ez diet errukirik izango, ez eta barkatuko ere; oihu handiz egingo didate dei, baina ez diet entzungo».
Tenpluaren eta hiriaren aurkako zigorra
9. atala
[aldatu]1 Orduan, ozenki deiadar egiten entzun nuen Jauna: «Hurbildu hiriaren zigortzaileok, bakoitza bere arma suntsitzailearekin!» 2 Orduan, sei gizon agertu ziren iparraldera dagoen goiko atearen aldetik, bakoitzak bere arma eskuan zuela. Haien erdian lihoz jantzitako gizon bat zegoen, idazteko tresnak gerrian zituela. Sartu eta brontzezko aldarearen ondoan gelditu ziren. 3 Israelgo Jainkoaren aintza, euskarritzat zituen kerubinen gainetik altxaturik, tenpluko sarrerarantz joan zen. Orduan, lihozko jantzia eta gerrian idazteko tresnak zeuzkan gizonari dei egin 4 eta esan zion Jaunak: «Zoaz Jerusalem hiri osoan zehar, eta egin T itxurako ikur bat bertan egiten diren higuingarrikeria guztiengatik intziri eta negar egiten dutenen bekokian». 5 Eta besteei zera esaten entzun nuen: «Ibili hirian berorren atzetik eta egin triskantza errukirik gabe, ez barkatu inori. 6 Agureak, neska eta mutil gazteak, haur eta emakumeak, hil eta garbi itzazue denak; baina ez ukitu T ikurra daraman inor. Santutegitik hasiko zarete». Eta hala, tenpluaren aurrean zeuden agureengandik hasi ziren. 7 Gero, agindu zien: «Kutsatu tenplua, atariak hildakoz betez... Zoazte!» Irten eta ekin zioten triskantzari hirian.
8 Haiek horretan ari ziren bitartean, bakarrik gelditu nintzen; ahozpez erori eta oihu egin nuen: «Ai Jainko Jauna! Israelen bizirik gelditutako guztiak suntsitu behar al dituzu Jerusalemen aurka zeure sumina isuriz?» 9 Esan zidan: «Israel eta Juda herrien errua handia da, izugarria; hilketaz betea dago herria, eta hiria bidegabekeriaz; esaten dute: <Jaunak bertan behera utzi du herrialde hau; ez gaitu Jaunak ikusten>. 10 Beraz, ez diet errukirik izango, ez eta barkatuko ere. Beren jokabidearen ordaina emango diet». 11 Orduan, lihoz jantzitako gizonak, gerrian idazteko tresnak zituenak, etorri eta jakinarazi zion: «Bete dut agindu zenidana».
Jaunaren aintzak tenplutik alde egin
10. atala
[aldatu]1 Kerubinen buru gainean zegoen sabaiaren gainean, tronu-itxurako zerbait ikusi nuen, zafiro harriaren antzekoa. 2 Esan zion Jaunak lihoz jantzitako gizonari: «Sartu kerubinen azpiko gurpil artera; hartu handik eskuak bete txingar gori eta barreiatu hirian». Eta gizona sartu egin zen neure begi-bistan.
3 Gizona sartu zenean, kerubinak tenpluaren eskuinaldera zeuden, eta lainoak barruko ataria betetzen zuen. 4 Jaunaren aintza kerubinen gainetik altxatu eta tenpluko sarrerara joan zen; lainoak tenplua bete zuen, eta Jaunaren aintzaren distirak ataria. 5 Kerubinen hegal-hotsa kanpoko atariraino iristen zen, Jainko Ahaltsuak hitz egitean ateratzen duen ahotsa bailitzan. 6 Lihoz jantzitako gizona gurpil ondoan zegoen, Jaunak sua gurpilen artetik, kerubinen artetik, hartzeko agindu zionean joana baitzen. 7 Kerubin batek eskua luzatu zuen kerubinen artean zegoen sutarantz, hartu eta lihoz jantzitako gizonaren eskuetan ipini zuen. Honek hartu eta alde egin zuen. 8 Kerubinak hegalpean giza besoaren antzeko zerbait zuela ikusi nuen. 9 Lau gurpil ere ikusi nituen kerubinen ondoan, gurpil bat kerubin bakoitzaren ondoan; gurpilek urreharriaren distira zuten. 10 Berdinak ziren laurak, bata bestearen barruan sartuta bezala zeuden. 11 Aurrera egitean, lau aldeetarantz joan zitezkeen, itzuli gabe; izan ere, burua norantz, harantz joaten baitziren haiek, ibiltzerakoan itzuli gabe. 12 Eta kerubinen gorputz osoa, haien bizkarrak, besoak eta hegoak, bai eta lauren gurpilak ere, distiraz beteak zeuden inguruan. 13 Gurpil haiei «Karroza» izena ematen zitzaiela entzun nuen. 14 Kerubinek launa aurpegi zituzten: lehena zezen-aurpegia zen, bigarrena gizaki-aurpegia, hirugarrena lehoi-aurpegia eta laugarrena arrano-aurpegia. 15 Kerubinek gora egin zuten . 16 Kerubinek aurrera egitean, gurpilek ere aurrera egiten zuten haien ondoan, eta ez ziren haien ondotik aldentzen, kerubinek lurretik altxatzeko hegoak zabaltzen zituztenean; 17 kerubinak gelditzen zirenean, gurpilak ere gelditu; haiek gora egitean, gurpilek ere bai, izakiekin bat eginda baitzeuden.
18 Jaunaren aintza tenpluko sarreratik altxatu zen eta kerubinen gainean kokatu. 19 Orduan, kerubinak hegoak zabaldu, lurretik altxatu eta, neure begi aurrean, gurpilekin batera irten ziren. Jaunaren aintza tenpluaren ekialdeko ate-sarreran gelditu zen; Israelgo Jainkoaren aintza kerubinen gainean nabari-nabari zegoen. 20 Kebar ibai ondoan Israelgo Jainkoaren azpian ikusiak nituen izaki bizidunak ziren, eta ohartu nintzen haiek kerubinak zirela. 21 Lau kerubinek launa aurpegi eta launa hego zituzten eta, hegalpean, giza besoen itxurakoak. 22 Aurpegiak, Kebar ibai ondoan ikusiak nituen aurpegien antzekoak ziren. Zuzen-zuzen zihoan bakoitza aurrera.
Jerusalemen zigorra iragarria
11. atala
[aldatu]1 Jaunaren espirituak gora jaso ninduen eta tenpluaren ekialdeko aterantz eraman; sarreran hogeita bost gizon zeuden, eta haien artean herriko buruzagi ziren Jaazanias, Azurren semea, eta Pelatias, Benaiasen semea, ikusi nituen. 2 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hona hemen hirian gaiztakeriak asmatu eta egitasmo txarrak prestatzen dituztenak. 3 Esaten dute: <Ez dira berehalakoan etxeak eraikiko; baina gu seguru gaude hirian, haragia dupinean bezala>. 4 Beraz, hitz egin nire izenean horien aurka, hitz egin, gizaseme».
5 Espirituak hartu ninduen eta Jaunaren mezu hau adierazteko agindu zidan: «Badakit zer ari zareten esaten, israeldarrok; badakit zer darabilzuen gogoan. 6 Kaleak hildakoz betetzeraino ugaritu dituzue hilketak hirian. 7 Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hiri erdian utzi dituzuen hilak dira haragia, eta hiria dupina; baina zuek atera egingo zaituztet bertatik. 8 Gerraren beldur zarete; bada, gerra ekarriko dizuet gainera. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 9 Nik irtenaraziko zaituztet hiritik eta atzerritarren esku utziko; zuen aurkako zigor-epaia beteko dut. 10 Gerran eroriko zarete; Israelen bertan emango dizuet zigor-epaia, eta orduan jakingo duzue ni naizela Jauna. 11 Hiria ez da zuentzat dupina izango, ez eta zuek ere haren barruan seguru dagoen haragia. Israelen bertan emango dizuet zigor-epaia. 12 Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, eta ez duzuela nire legeen arabera jokatu, ez eta nire erabakiak bete ere, baizik eta inguruko nazioen ohiturei jarraitu diezuela».
13 Ni mezu hau aldarrikatzen ari nintzen bitartean, Pelatias, Benaiasen semea, hil egin zen. Ahozpez erori eta deiadar egin nuen ozenki: «Ai Jainko Jauna! Gelditzen diren israeldarrak suntsitu behar dituzu!»
Jaunak israeldar sakabanatuak bilduko
14 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
15 «Gizaseme, hara zer dioen Jerusalemgo jendeak zure senide eta herritarrez, Israel herri osoaz: <Daudela Jaunarengandik urruti! Guri eman zaigu lurralde honen jabetza>.
16 Adierazi, beraz, Jerusalemgo jendeari, nik, Jainko Jaunak, diodan hau: Egia da neuk urrutiratu nituela nazio artera eta herrialdeetan sakabanatu, baina bizi diren herrialdeetan ere beren artean naukate, santutegian bezalaxe.
17 Erbesteratuei, berriz, adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Herrien artetik bilduko zaituztet, sakabanatuak egon zareteneko herrialdeetatik batuko, eta Israel lurraldea emango dizuet.
18 Hara iristean, idolatria eta jokaera higuingarri guztiak baztertuko dituzue.
19 «Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko zuengan; harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango, 20 nire legeen arabera joka eta nire erabakiak betetzen saia zaitezten. Zuek nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko. 21 Baina bihotza idolatria eta jokaera higuingarrietara makurtzen dutenei beren jokabidearen ordaina emango diet. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Aintzak hiritik alde egin
22 Kerubinek hegoak zabaldu zituzten, gurpilak ondoan zituztelarik. Israelgo Jainkoaren aintza haien gainean nabari-nabari zegoen.
23 Jaunaren aintza hiriaren erditik altxatu eta ekialdera dagoen mendi gainean gelditu zen.
24 Espirituak gora jaso eta Babiloniara eraman ninduen, erbesteratuengana; hau ikuskaria izan zen, Jainkoaren espirituaren eraginpean izana; gero, desagertu egin zen ikuskaria.
25 Jaunak agertu zizkidan gauza guztiak adierazi nizkien erbesteratuei.
Ezekiel erbestealdiaren seinale
12. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, herri errebeldearen artean bizi zara; badituzte begiak ikusteko, baina ez dute ikusten; belarriak entzuteko, baina ez dute entzuten; izan ere, herri errebeldea da. 3 Zuk, gizaseme, egin erbesteratuarena: hartu behar-beharrezkoa eta zoaz erbestera egun-argiz beraien aurrean. Zauden lekutik beste baterantz joango zara beraien aurrean. Agian, orduan ohartuko dira herri errebeldea dela. 4 Erbestera joango bazina bezala, zeure fardela aterako duzu egun-argiz beraien aurrean, eta zu zeu arratsean irtengo zara, erbesteratuak irteten diren bezala. 5 Beraien aurrean, zulo bat egingo duzu horman eta handik aterako zeure fardela. 6 Beraien aurrean, bizkarrean fardela harturik, ilunpetan aterako zara; estali aurpegia zeure herrialdea ez ikusteko, seinale bihurtu baitzaitut Israel herriarentzat».
7 Bete nuen agindu zitzaidana. Egun-argitan prestatu nuen fardela, erbesterako beharrezkoarekin; arratsean horma zulatu nuen eskuz eta ilunpetan atera nintzen, fardela bizkarrean harturik, guztien aurrean.
8 Biharamun goizean, esan zidan Jaunak:
9 «Gizaseme, Israel herriak, herri errebelde horrek, ez al dizu galdetu zertan zabiltzan?
10 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua, Jerusalemen dagoen printzearentzat eta bertako Israel herriarentzat dena.
11 Esan seinale zarela zu beraientzat; zuk egina eginaraziko diedala beraiei ere: erbestera joango dira gatibu.
12 Haien printzea, gauzak bizkarrean hartu, horman zuloa egin eta ilunpetan irtengo da. Aurpegia estaliko du herrialdea ez ikusteko.
13 Baina nik sarea botako diot gainera eta tranpan geldituko da harrapatua; Babiloniara eramango dut, eta babiloniarren herrialdean hilko da, hura ikusi ere egin gabe.
14 Beraren ingurukoak, guarda eta gudu-taldeak, alde guztietara sakabanatuko ditut eta ezpataz pertsegituko.
15 Orduan, nazio artean sakabanatu eta herrialde artean barreiatuko ditudanean, jakingo dute ni naizela Jauna.
16 Baina haien artetik batzuk
-gerratik, gosetik eta izurritik ihes egindako batzuk
- bizirik utziko ditut, joango diren nazioetan beren jokaera higuingarriak konta ditzaten; eta horrela jakingo dute atzerritarrek ni naizela Jauna».
17 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 18 «Gizaseme, egin dardar ogia jatean, azaldu estu eta larri ura edatean. 19 Gero, adierazi herriko jendeari nik, Jainko Jaunak, Israelgo eta Jerusalemgo biztanleentzat diodana: Larri jango dute beren ogia eta izu-ikaraz edango ura, herrialdea suntsiturik eta jende gabe geldituko baita, bertako biztanleen indarkeriagatik. 20 Hiri jendetsuak errausturik eta herrialdea suntsituta geldituko dira. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
Jaunaren hitza bete egiten
21 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
22 «Gizaseme, zer da Israeli buruz darabilzuen esaera hori: <Eguna joan eta eguna etorri, baina ikuskaririk betetzen ez>?
23 Adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nik kenduko dut esaera hori, ez da berriz Israelen errepikatuko. Baina beste hau ere adierazi: Hurbil da eguna, ikuskari guztiak beteko direnekoa.
24 Ez da jadanik ikuskari hutsalik eta iragarpen gezurtirik izango Israel herrian.
25 Nik, Jaunak, hitz egingo dut eta esaten dudana luzatu gabe beteko. Zuek, herri errebeldea, bizi zareten bitartean betearaziko dut esandakoa. Nik, Jainko Jaunak, esana».
26 Beste hau ere esan zidan Jaunak: 27 «Gizaseme, hona zer dioen Israel herriak: <Honen ikuskariak oso gerorako dira, epe luzerako beronen profeziak>. 28 Esan, bada, nik, Jainko Jaunak, diodan hau: Ez da nire hitzik atzeratuko, bete egingo da esaten dudana. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Profeta faltsuen kontra
13. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, hitz egin nire izenean Israelen profeta omen direnen aurka; beren kabuz profetagintzan diharduten horiei, esan nire hitza, 3 Jainko Jaun honen mezua, entzuteko: Zoritxarrekoak ikuskaririk izan gabe beren burutazioei jarraitzen dieten profeta zentzugabe horiek! 4 Hondakin artean dabiltzan azeriak dira zure profetak, Israel. 5 Ez dute harresi-zulorik konpondu, ez eta babes-hormarik eraiki ere Israel herriarentzat, Jaunaren egunean erasoari eutsi ahal izateko. 6 Ikuskari hutsalak eta iragarpen gezurtiak dituzte; <Jaunaren mezua> esaten dute, Jaunak bidali ez dituen arren; halere, beren hitza nik betearaztea espero dute. 7 Ez al dituzte ikuskari hutsalak? Ez al dituzte iragarpen gezurtiak egiten, nik hitz egin gabe <Jaunaren mezua> esaten dutenean? 8 Horregatik, hitz hutsalak eta ikuskari gezurtiak zabaldu dituztelako, beraien kontra esku hartuko dudala diot nik, Jainko Jaunak. 9 Neure eskua luzatuko dut ikuskari hutsal eta iragarpen gezurtiak dituzten profeten aurka; ez dira nire herriaren batzarrean egongo, ez da horien izenik Israel herriaren errolda-liburuan idatziko, ez dira Israel lurraldera inoiz itzuliko; orduan jakingo dute ni naizela Jainko Jauna.
10 «Nire herria desbideratu dute <Bakea!> esanez, bake-arrastorik ez zegoenean; nire herriak harresi pitzatua eraikitzen zuen bitartean, hauek kareorez estaltzen zuten. 11 Esan kareorez estaltzen dutenei: Uholde-euriak etorriko dira, harria botako du eta ekaitz-haizeak joko. 12 Harresia jausten denean, ez al dizuete esango: <Non da eman zenioten kareorea?> 13 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Neure haserre-suminean ekaitz-haizea sortaraziko dut, uholde-euriak eta harri suntsitzailea bidaliko. 14 Bota egingo dut zuek kareorez estalitako harresia, lurrera eraitsi eta oinarriak agerian utziko. Erortzean, haren azpian galduko zarete zuek. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna. 15 Neure sumindura guztia hustuko dut hormaren eta kareorez estali dutenen aurka. Esango dizuet: Kito harresia! Kito kareorez estaltzen zutenak! 16 Kito Israelgo profetak, Jerusalemi nire izenean hitz egin eta, bakerik ez zegoenean, bake-ikuskariak azaltzen zizkiotenak! Nik, Jainko Jaunak, esana.
17 «Entzun, gizaseme, eman aurpegi zeure herriko emakumeei, beren kabuz profetagintzan diharduten horiei, eta hitz egin nire izenean horien kontra. 18 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zoritxarrekoak, aztikeriaz jendearen gogoa menperatzeko, jende guztiarentzako eskumuturrekoak eta tamaina guztietako txanoak josten dituzuenok. Nire herriko jendea zeuenganatu nahi duzue zeuen probetxurako. 19 Neure herriaren aurrean profanatzen nauzue esku bete garagar eta ogi-zati batzuengatik; honela, engainatu egiten duzue sineskorra den nire herria, hiltzea merezi ez zutenak hilaraziz eta bizitzea merezi ez zutenak biziaraziz. 20 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hemen nauzue, jendea txoriak bezala harrapatzeko erabiltzen dituzuen lakio horien kontra. Nik desegingo ditut eskumuturreko horiek eta libre joaten utziko zuek menpean harrapaturiko jendeari. 21 Nik zarrastatuko ditut zuen txanoak eta libratuko zuen eskuetatik neure herria, eta ez dira aurrerantzean zuen harrapakin izango; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna. 22 Zeren eta jende zintzoa atsekabetu baituzue gezurrekin, nik neuk atsekabetu nahi ez nuenean, eta gaiztoa bere asmoetan sendotu baituzue, bere jokabide gaiztotik itzul ez zedin eta, horrela, bizirik iraun ez zezan; 23 horregatik, ez duzue gehiago ikuskari hutsalik izango eta ez duzue iragarpenik egingo; zuen eskuetatik libratu egingo dut neure herria; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna».
Israelek idoloak baztertu behar
14. atala
[aldatu]1 Israelgo arduradun batzuk etorri eta nirekin eseri ziren. 2 Orduan, esan zidan Jaunak: 3 «Gizaseme, bekatu eragiten dieten idoloetara emanak dituzte bihotz-begiak gizon hauek: nola utziko diet niri kontsulta egiten? 4 Hitz egin, bada, eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bekatu eragiten dieten idoloetara bihotz-begiak emanak izanik, profetagana etortzen den Israel herriko edonori neuk, Jaunak, erantzungo diot; eta nire erantzuna berorren idolo ugariek merezi dutena izango da. 5 Bihotza ukituko diet israeldar guztiei, beren idoloengatik niregandik urrundu diren horiei. 6 Beraz, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Itzuli, aldendu zeuen idoloetatik, egin uko zeuen jokabide higuingarri guztiei.
7 «Israel herriko bat nahiz Israelen bizi den etorkin bat, niregandik urrundu eta bihotz-begiak bekatu eragiten dioten idoloetara emanak izanik, profetagana niri kontsulta egitera joaten bada, nik neuk, Jaunak, erantzungo diot. 8 Aurpegi emango diot horrelakoari, eskarmentu-eredu bihurtuko dut besteentzat eta neure herritik botako; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
9 «Eta profetak, engainuan erori eta erantzun egiten badio, nik, Jaunak, bere engainuan utziko dut; eskua luzatuko dut beraren aurka eta neure herri Israeldik ezabatuko. 10 Era berean izango dira biak errudun: nitaz galdegitera joandakoa eta profeta. 11 Horrela, Israel herria ez da niregandik gehiago aldenduko, ez eta bere gaiztakeriekin gehiago kutsatuko ere, baizik eta nire herri izango da eta ni beraren Jainko. Nik, Jaunak, esana».
Ezinbestekoa Jainkoaren zigorra
12 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
13 «Gizaseme, herrialde bat nire aurka bekatu egin eta desleial izaten bazait, eskua luzatuko dut beraren kontra: ogibidea kenduko diot, gosetea bidaliko eta gizakiak eta abereak suntsituko.
14 Herrialde horretan Noe, Daniel eta Job baleude, hiru gizon horiek bakarrik jarraituko lukete bizirik beren zintzotasunagatik. Nik, Jainko Jaunak, esana.
15 «Eman dezagun basapiztiak bidaltzen ditudala herrialde horretara eta jenderik gabe hondamendi bihurtua uzten dudala, inor handik igarotzen ez delarik piztiengatik; 16 hiru gizon horiek herrialde horretan baleude, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dituztela beren seme-alabak ere bizirik aterako; beraiek bakarrik geldituko dira bizirik; herrialdea, berriz, hondamendi bihurtua geldituko da. 17 Edo demagun gerra sortarazten dudala herrialdearen aurka eta, herrialde osoa igaroz, gizakiak eta abereak suntsitzeko agintzen diodala gudaroste etsaiari; 18 hiru gizon horiek herrialde horretan baleude, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dutela beren seme-alabarik ere bizirik aterako; beraiek bakarrik geldituko dira bizirik. 19 Edo demagun izurria bidaltzen dudala herrialdearen aurka eta heriotza zabaltzen dudala neure suminez, gizakiak eta abereak suntsituz; 20 herrialde horretan Noe, Daniel eta Job baleude, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dutela seme-alabarik ere bizirik aterako. Beraiek bakarrik jarraituko dute bizirik beren zintzotasunagatik.
21 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Are okerrago izango da, gizakiak eta abereak suntsitzeko lau zigor beldurgarriok
-gerra, gosetea, basapiztiak eta izurria
- Jerusalemen aurka bidaliko ditudanean.
22 Halere, geldituko dira batzuk bizirik, beren seme-alabekin hiritik irten eta zuengana, erbestera, etorriko direnak. Berorien jokabidea eta egintza txarrak ikusiz, Jerusalemen gainera erakarriko dudan zoritxarraz kontsolatu ahal izango zarete.
23 Berorien jokabidea eta egintzak ikusi ondoren, gutxiago sufrituko duzue, konturatuko baitzarete ez nuela hirian egindako guztia arrazoirik gabe egin. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Ezertarako ez den mahatsondoaren parabola
15. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, zertan da mahatsondoa basoko beste zuhaitzak baino hobea? 3 Ematen al du egurrik ezer egiteko? Egiten al da beraren zuraz gakorik ezer zintzilikatzeko? 4 Ez, sutara botatzen da erregai: suak irensten du bi muturretatik, eta erdia ere suak hartzen dio; balioko ote du ezertarako? 5 Osorik zegoenean ere ezin bazen harekin ezer egin, are gutxiago balioko du ezertarako, suak irentsi eta erre ondoren. 6 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Mahatsondoa, basoko beste zuhaitzen antzera, sutara botatzen dudan bezala, horrelaxe botako ditut Jerusalemgo biztanleak. 7 Aurpegi emango diet; sutatik ihes egin dute orain arte, baina suak irentsiko ditu laster; orduan jakingo dute ni naizela Jauna, aurpegi emango diedanean. 8 Herrialde hau hondamendi bihurtuko dut, desleial izan zaidalako. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Herriaren desleialkeriaren historia
16. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, ohartarazi Jerusalem bere jokabide higuingarriaz. 3 Adierazi berari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Jerusalem! Kanaandarra zara jatorriz eta jaiotzaz; aita amortarra zenuen, ama hitita. 4 Jaio zinen egunean, ez zizuten zilborrestea ebaki, ez zintuzten uretan garbitu, ez eta gatzez igurtzi edo zapitan bildu ere. 5 Inor ez zen zutaz errukitu, gupidaz gauza horietako bat ere egiteko. Ematen zenuen nazkarengatik, landa zabalera bota zintuzten jaio zinen egunean.
6 «Zure ondotik pasatzean, odoletan ikusi zintudan mugitzen eta, odoletan etzanik zeundela, esan nizun: <Bizi! Bizi zaitez!> 7 Zelaietako belarra bezain mardul hazarazi zintudan; hazi, handia egin eta sasoira iritsi zinen: bularrak hazi zitzaizkizun eta biloxka atera; baina jantzirik gabe zeunden, larrugorritan. 8 Zure ondotik berriro pasatu eta amodio-garaian zeundela ikusi nuen. Zure gorputz biluzia estali eta zutaz arduratu nintzen; ezkon-hitzarmena egin nuen zurekin eta nirea izan zinen. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 9 Uretan garbitu zintudan, estaltzen zintuen odola kenduz, eta olio usaintsuz lurrindu. 10 Jantzi bordatuak eman nizkizun, larru finezko oinetakoak, lihozko gerrikoa eta zetazko gainjantzia. 11 Bitxiz apaindu zintudan: eskumuturrekoak jarri nizkizun, katea lepoan, 12 eraztuna sudurrean, belarritakoak eta diadema zoragarria buruan. 13 Urre eta zilarrezkoak ziren zure bitxiak, liho fin eta zetazkoak zure jantzi bordatuak. Irin garbiz, eztiz eta olioz elikatzen zinen. Ezin ederrago bihurtu zinen, erregina baten pareko. 14 Nazioartera zabaldu zen zure edertasunaren ospea, erabatekoa baitzen neuk eman nizkizun apaingarriengatik. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
15 «Baina zeure edertasun eta ospeaz baliatuz, prostituzioan hasi zinen, zeure gorputza edonori eskainiz.
16 Zeure jantziak hartu eta sasi-kultu-lekuak apaintzeko erabili zenituen, beraietan prostituzioan jardunez
-sekula gertatu behar ez zuen gauza
-.
17 Nik emandako urre eta zilarrezko bitxi zoragarriak hartu eta gizon-irudiak egin zenituen, beraiekin prostituzioan jarduteko.
18 Zeure jantzi bordatuak hartu eta beraiekin estali zenituen irudiak, eta nire olioa eta intsentsua eskaini.
19 Nik emandako ogia, elikatzeko ematen nizkizun irin garbia, olioa eta eztia eskaini zenizkien opari atsegingarri gisa. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
20 Niri sorturiko seme-alabak hartu eta hilarazi egin zenituen, irudi haiei elikagai eskaintzeko. Ez al zenuen aski zeuk prostituzioan jardutearekin,
21 gainera nire seme-alabak lepo egin eta haien ohorez erretzeko?
22 Zeure jokabide higuingarri eta lizunkeria guztietan ez zinen haurtzaroko egunez, biluzik eta zeure odoletan mugituz egon zineneko garaiaz, oroitu.
23 «Eta gaiztakeria hauen guztien ondoren
-Ai ene, zoritxarrekoa zu!, diot nik, Jainko Jaunak
-
24 prostituzio-lekuak eraiki zenituen plaza
25 eta bideburu guztietan; zeure edertasuna lohitzen zenuen, edonori zeure burua eskainiz eta lizunkerietan etengabe jardunez.
26 Egiptoarrekin, zeure ondoko gizonkote horiekin, prostituzioan jardun zenuen; horrela, lizunkeriak ugalduz, iraindu egin ninduzun.
27 Orduan, eskua luzatu nuen zu zigortzeko. Zure bizikaiak murriztu eta zeure etsai filistear hirien esku utzi zintudan, haiek ere lotsatu egiten zirelarik zure jokaera iraingarriaz.
28 Eta asekaitz, asiriarrekin ere prostituzioan jardun zenuen; baina, halere, ez zinen ase.
29 Hurrengo, merkatarien herrialdean, Babilonian, saiatu zinen prostituzioan; halere, ez zinen ase.
30 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai, nola sumintzen nintzen zure kontra gauza horiek guztiak burutzen zenituenean, emagaldu amorratuenak bezala jokatuz!
31 Bideburu eta plaza guztietan prostituzio-lekuak eraiki zenituen; baina ez zenuen emagalduek ohi bezala jokatu, baztertu egiten baitzenuen lansaria.
32 Ai emazte adulteriogile hori, zeure senarraren ordez arrotzak hartzen dituzuna!
33 Emagaldu orori ematen zaio saria; zuk, ordea, zeuk eman zenizkien opariak zeure maitaleei; zeuk eskaini zenien dirua zuregana etor zitezen, zurekin lizunkeriak egitera.
34 Zuk, zeure prostituzioan, beste emakumeek ez bezala jokatu zenuen; ez ziren maitaleak zure bila ibiltzen; hartu ordez, zeuk ematen zenien dirua, ohi denaren kontrakoa eginez.
35 «Jerusalem emagaldu, entzun Jaunaren hitza! 36 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeure xarmak guztiei banatu eta zeure maitale eta idolo higuingarri horiekin guztiekin prostituzioan jarduteko zeure gorputza biluztu duzulako, eta zeure seme-alabak ere horien ohorez hil dituzulako, 37 zuregandik atsegina hartu duten maitale guztiak elkartuko ditut, zuk maitaturiko guztiak eta gorrotaturikoak ere bai; alde guztietatik bilduko ditut zure kontra, eta beraien aurrean biluzik agerraraziko zaitut, goitik behera ikus zaitzaten. 38 Adulteriogileen eta hiltzaileen zigorra emango dizut eta, zeure desleialkeriagatik haserre eta amorruz, heriotzara kondenatuko. 39 Zeure maitaleen esku utziko zaitut; zure prostituzio-lekuak suntsitu eta eraitsiko dituzte; soinekoak erantzi, bitxi zoragarriak kendu eta jantzirik gabe utziko zaituzte, larrugorritan. 40 Zure aurka xaxatuko dute jendetza: harrika emango dizute, ezpataz zeharkatuko 41 eta zure etxeak erreko. Zure aurkako epaia beteko dute, emakume askoren aurrean; nik amaiaraziko ditut zure prostituzioak, eta ez duzu gehiago saririk emango. 42 Neure sumin guztia hustuko dut zure gain; gero, zure desleialkeriak niregan sortutako jeloskortasuna aldendu egingo da zuregandik, baretu egingo naiz eta ez naiz gehiago haserretuko. 43 Haurtzaroko egunak gogoan izan ez dituzulako eta gauza horiekin guztiekin zirikatu nauzulako, nik ere zigortu egingo zaitut zeure jokabideagatik. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Zeren eta iraindu egin bainauzu higuingarrikeria hauekin guztiekin.
44 «Begira, jendeak esaera hau esango du zutaz: <Nolako ama, halako alaba>. 45 Senarra eta haurrak zapuztu zituen amaren alaba zara zu, eta senarrak eta haurrak zapuztu zituzten ahizpen ahizpa. Zuen ama hitita zen eta aita amortarra. 46 Zure ahizpa zaharrena Samaria da, bere hiriekin zure iparraldera bizi dena. Zure ahizpa txikiena Sodoma, bere hiriekin zure hegoaldera bizi dena. 47 Zuk ez duzu aski izan haien bideetatik ibiltzearekin beraien higuingarrikeriak eginez, baizik eta, horri gutxi iritziz, haiek baino ere jokabide txarragoa izan duzu. 48 Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, zure ahizpa Sodomak bere hiriekin ez zuela zuk eta zure alabek bezain txarto jokatu. 49 Hona zein izan zen zure ahizpa Sodomaren errua: harrokeria, sabelkeria eta erosotasun axolagabea izan zituzten berak eta beraren menpeko hiriek; ez zioten lagundu dohakabeari eta behartsuari. 50 Harropuztu egin ziren eta higuingarri zaizkidan gauzak egin; beraz, desagerrarazi egin nituen, dakizun bezala. 51 Samariak, berriz, ez zuen zure bekatuen erdirik ere egin; hark baino askoz jokabide higuingarriagoa izan duzu. Horregatik, zure aldean zuzenak ematen dute ahizpek. 52 Beraz, hartu desohorea zeure gain, ahizpek baino bekatu higuingarriagoak eginez leku onean utzi baitituzu haiek; zuzenak dirudite zure aldean. Beraz, lotsa zaitez eta hartu desohorea zeure gain, errugabeak bailiran utzi baitituzu ahizpak.
53 «Haien zoria aldatuko dut, Sodoma eta hirien zoria, Samaria eta hirien zoria . 56 Zure harrokeri egunetan, ez al zinen gaizki-esaka ari izaten zeure ahizpa Sodomaz, 57 zure gaiztakeria agerian gelditu aurretik? Orain, edomdarren eta berauen auzoko filistearren hirien isekagai zara, alde guztietatik mesprezatzen zaituztelarik. 58 Orain, zeure jokabide zital eta higuingarriaren ondorenak jasan behar dituzu. Nik, Jaunak, esana.
59 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zuk jokatu duzun bezalaxe jokatuko dut nik ere zurekin, zina mesprezatu eta ituna hautsi baituzu. 60 Baina gazte zinenean zurekin egin nuen itunaz oroituko naiz, eta betiko ituna burutuko dut zurekin. 61 Zu zeure jokabideaz oroituko zara eta lotsatu egingo, zeure ahizpak, zaharrenak eta gazteenak, har ditzazunean; nik emango dizkizut alabatzat, baina ez zurekin dudan itunak horretara behartzen nauelako. 62 Nik neuk burutuko dut ituna zurekin, eta orduan jakingo duzu ni naizela Jauna. 63 Egin duzun guztia barkatuko dizudanean, iraganaz oroituko zara eta, lotsaren lotsaz, ez zara ahoa zabaltzera ausartuko. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Arranoa eta mahatsondoa
17. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, proposatu alegia edo parabola bat Israel herriari, 3 nire, Jainko Jaun honen, mezua adierazteko:
«Bazen arrano handi bat, hegal tzar luzekoa, lumaia trinko eta koloretsua zuena; arranoa Libanora etorri zen eta zedroaren adaburua moztu: 4 adar-punta ebaki, merkatari-herrialdera eraman eta tratularien hiri batean landatu zuen. 5 Gero, hartu Israel lurraldeko hazia eta soroan erein zuen, ur ugariren ondoan. 6 Erne zen hazia eta mahatsondo mardul egin, altuera txikikoa izan arren; arranoagana zuzentzen zituen adarrak, sustraiak ere haren menpean zituen. Mahatsondo egin zen, aihenak bota zituen eta abartsu egin. 7 Bazen beste arrano handi bat ere, hegal tzar luzekoa eta lumaia ugarikoa. Eta mahatsondoak beronengana zuzendu zituen sustraiak eta adarrak luzatu zizkion, zegoen sailean baino oparoago urezta zezan. 8 Soro jorian, ur ugariren ondoan, zegoen landatua, adarrak garatu eta fruitua emateko, mahatsondo bikain izateko. 9 Nik, Jainko Jaunak, galdetzen dut: Garatuko ote da? Ez ote dizkio lehenengo arranoak sustraiak atera, fruituak bota eta kimu berriak ihartaraziko? Ez da ahalmen edo jendetza handirik beharko sustraitik ateratzeko! 10 Horra hor, landatua: garatuko ote da? Ekialdeko haizeak jotzean, ez ote da guztiz ihartuko? Ernamuindu den sailean ihartuko da».
11 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
12 «Galdegiozu herri errebelde horri: Ez al dakizue zer esan nahi duen alegia honek? Hara, Babiloniako erregea etorri da Jerusalemera, erregeak eta buruzagiak hartu eta berekin eraman ditu Babiloniara.
13 Errege-odoleko bat aukeratu eta ituna egin du berarekin, leialtasun-zina eraginez. Herrialdeko handikiak eraman ditu,
14 erresuma ahulduta gera dadin, altxatzeko gauza ez dela, eta haren hitzarmena leial gorde dezan.
15 Baina printzea errebelatu egin da Babiloniaren kontra eta mezulariak Egiptora bidali zaldi eta soldadu askoren bila. Izango ote du arrakastarik? Onik aterako, ote hori egin duena? Ituna hautsi eta onik aterako, halere?
16 Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, Babilonian hilko dela, erregetza eman dion erregearen herrialdean, egindako zina mesprezatu eta ituna hautsi baitu.
17 Armada handiarekin eta gudaroste askorekin etorrita ere, faraoiak ezin izango dio lagundu, babiloniarrek lubetak egin eta eraso-dorreak eraikiko dituztenean jendetza handia sarraskitzeko.
18 Zina mesprezatu du eta ituna hautsi; bere eskua eman zuen eta, gero, hutsegite hauek denak egin. Ez da onik aterako.
19 «Horregatik, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, zigortu egingo dudala nirekiko leialtasun-zina mesprezatu eta ituna hautsi duelako. 20 Sarea botako diot gainera eta tranpan geldituko da harrapatua. Babiloniara eramango dut eta han zigor-epaia emango nire aurka egindako desleialkeriagatik. 21 Bere gudu-talde aukeratuenak gerran jausiko dira, eta bizirik gelditzen direnak alde guztietara sakabanatuak izango. Orduan jakingo duzue nik, Jaunak, hitz egin dudala».
22 Hau dio Jainko Jaunak:
«Zedro garaiaren adaburutik hartuko dut neuk ere, kimu berri bat hartuko dut haren adar-puntatik, eta neuk landatuko dut mendi garai eta bikain batean. 23 Israelgo mendi garaian landatuko dut; adarrak luzatuko zaizkio eta fruitua emango, zedro bikain bihurtuko da. Mota guztietako txoriek egingo dute habia bertan. 24 Basoko zuhaitz guztiek jakingo dute nik, Jaunak, zuhaitz garaia beheratu eta txikia goratu egiten dudala, zuhaitz hezea ihartu eta ihartua hezeberritu. Nik, Jaunak, esandakoa bete egingo dut».
Norberaren erantzukizuna
18. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Zer dela-eta errepikatzen duzue esaera hau Israel herrian: <Gurasoek mahats gordina jan, eta semeek hozkia>? 3 Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez duzuela berriro esango esaera hau Israelen! 4 Hara! Bizi guztiak dira nireak, aitaren bizia nahiz semearena. Bekatu egiten duena, hori hilko da.
5 «Har dezagun, adibidez, gizon zintzo bat, zuzenbidez eta justiziaz jokatzen duena; 6 ez du sasi-kultu-lekuetako otorduetan parte hartzen, ez eta uste ona jartzen ere Israelgo idoloetan; ez du lagun hurkoaren emaztea desohoratzen, ez eta hurbiltzen ere hilerokoa duen emakumeagana; 7 ez du inor zapaltzen eta bahituran hartua itzuli egiten du; ez du lapurretarik egiten, baizik eta jatekoa ematen dio gosetuari, eta jantzia biluzik dagoenari; 8 ez du mailegurik lukurreriaz edo interesak kobratzeko egiten; ez du esku hartzen bidegabekerian eta alderdikeriarik gabe epaitzen du auzietan; 9 nire legeen arabera ibiltzen da eta nire erabakiak betetzen, leial jokatuz. Honelakoa gizon zintzoa da; beraz, bizi egingo da. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
10 «Eman dezagun honek seme gaizkile eta odolzale bat izan duela, gauza hauetakoren bat egiten duena, 11 aitak ez bezala: sasi-kultu-lekuetako otorduetan parte hartzen du, lagun hurkoaren emaztea desohoratzen; 12 dohakabea eta behartsua zapaltzen ditu; lapurretak egin eta bahituran hartua ez du itzultzen; idoloetan uste ona jartzen du, higuingarrikeria eginez, 13 eta mailegua lukurreriaz egin eta interesak kobratzen ditu. Zin dagit neure biziarengatik hori ez dela biziko; gauza higuingarri horiek guztiak egin dituenez, hil egingo da, eta bera izango da bere heriotzaren errudun.
14 «Demagun bigarren honek semea duela, aitak egin dituen bekatu guztiak ikusita ere, berdin jokatzen ez duena: 15 ez du sasi-kultu-lekuetako otorduetan parte hartzen, ez eta uste ona jartzen ere Israelgo idoloetan; ez du lagun hurkoaren emaztea desohoratzen; 16 ez du inor zapaltzen, ez eta bahituran hartua beretzat gordetzen edo lapurretarik egiten ere; jatekoa ematen dio gosetuari eta jantzia biluzik dagoenari; 17 ez du esku hartzen bidegabekerian; ez du mailegurik lukurreriaz edo interesak kobratzeko egiten; nire erabakiak bete eta nire legeen arabera ibiltzen da. Hori ez da hilko aitaren erruarengatik; aitzitik, bizi egingo da. 18 Aitak, ordea, zapalkuntzak eta lapurretak egin eta bere herritarrak gaizki erabili zituen; beraz, bere erruarengatik hilko da.
19 «Galdetuko duzue: <Zergatik ez du semeak aitaren errua bere gain hartzen?> Baina semeak zuzenbidez eta justiziaz jokatu du, nire lege guztiak betetzen saiatu da; bizi egingo da, beraz. 20 Bekatu egiten duena, hori hilko da; semeak ez ditu aitaren erruaren ondorenak jasan beharko, ez eta aitak ere semearenak. Gizon zintzoari bere zintzotasunaren ordaina emango zaio, gaiztoari bere gaiztakeriarena.
21 «Gaiztoari dagokionez, egin dituen bekatu guztietatik aldentzen bada, nire lege guztiak bete eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko. 22 Ez dut gogoratuko egindako gaiztakeriarik, baizik eta bere egintza zuzenengatik biziko da. 23 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Atsegin dudala uste al duzue gaiztoa hiltzea eta ez jokabidez aldatu eta bizitzea?
24 «Zintzoari dagokionez, berriz, bere justiziatik aldendu eta, gaiztoak egin ohi dituen gauza higuingarri guztien antzera, txarkeria egiten badu, bizi egingo ote da, halere? Haren egintza zuzenak ez ditut gogoan hartuko. Egin dituen desleialkeria eta bekatuengatik hil egingo da.
25 «Esango duzue: <Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea>. Entzun, israeldarrok: Nire jokabidea ez dela bidezkoa? Zuena da bidezkoa ez dena. 26 Zintzoa, bere justiziatik aldendu, txarkeria egin eta hiltzen denean, egin duen txarkeriagatik hiltzen da. 27 Gaiztoak, berriz, egin duen gaiztakeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizirik iraungo du. 28 Egindako txarkeriez ohartu eta guztietatik aldentzen bada, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko. 29 Halere, zuek, israeldarrok, diozue: <Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea>. Nire jokabidea bidezkoa ez dela diozue, israeldarrok? Zuena da bidezkoa ez dena. 30 Beraz, Israel herri, nor bere jokabidearen arabera epaituko dut nik. Hau diot nik, Jainko Jaunak. Itzul zaitezte, aldendu zeuen gaiztakeria guztietatik eta ez zarete errudun bihurtuko. 31 Kendu gainetik egindako gaiztakeria guztiak, berritu zeuen bihotz-gogoak. Zergatik hil behar duzue, israeldarrok? 32 Nik ez dut atsegin inoren heriotza; itzuli, bada, eta bizi zaitezte! Nik, Jainko Jaunak, esana».
Israelgo erregeei buruzko eresia
19. atala
[aldatu]1 Israelgo printzeei buruzko eresi hau kantatzeko agindu zidan Jaunak:
2 «Hura lehoi-emea zuen ama, lehoien artean! Lehoikumeen artean etzanda, bere kumeak elikatzen zituen. 3 Bere kumeetako bat hazi zuen, lehoi gazte egin zelarik; harrapakinak sarraskitzen ikasi eta gizakiak irensten zituen. 4 Nazioak bildu ziren haren kontra; beren zuloan harrapatu zuten eta katepean Egiptora eraman. 5 Lehoi-emea zain egon zitzaion, itxaropena galdu zuen arte; orduan, beste kumeetako bat hartu eta lehoi gazte egin zuen. 6 Lehoi gazte bihurturik, lehoi artean ibiltzen zen; harrapakina sarraskitzen ikasi eta gizakiak irensten zituen; 7 jauregiak botatzen zituen, hiriak suntsitzen; herrialdea eta biztanleak ikaraturik zeuden haren orroez. 8 Inguruko eskualdeetako jendea beraren kontra altxatu zen; sarea bota zioten gainera eta beren zuloan harrapatu. 9 Kaiolan sartu zuten katepean eta Babiloniako erregeagana eraman. Ziegan sartu zuten preso, beraren orrorik berriz entzun ez zedin Israelgo mendietan. 10 Mahatsondoa zirudien zure amak, ur-bazterrean landatua. Emankor eta mardula zen ur-ugaritasunagatik. 11 Adar sendoak zituen, aginte-makila bihurtu zirenak; hodeietaraino hazi zen: nabarmena zen bere altueragatik eta adar-ugaritasunagatik. 12 Baina amorruz atera dute sustraitik eta lurrera bota; ekialdeko haizeak fruituak bota dizkio eta adarrak apurtu; adar sendoak ihartu egin zaizkio eta suak irentsi. 13 Orain basamortuan dago landatua, lurralde lehor eta egarberan. 14 Baina sua sortu da adar batetik, aihenak eta fruituak irentsiz. Ez du jadanik adar sendorik, aginte-makila izango denik».
.
Israelen desleialkeriaren historia
20. atala
[aldatu]1 Zazpigarren urtean, bosgarren hilaren hamarrean, Israelgo arduradun batzuk Jaunari kontsulta egitera etorri eta nirekin eseri ziren. 2 Orduan, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 3 «Gizaseme, hitz egin Israelgo arduradunei eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Niri kontsulta egitera etorri zarete? Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dizuedala utziko niri kontsulta egiten. 4 Eta zuk, epai itzazu, epaitu, gizaseme! Aurpegira iezaiezu beren gurasoen jokaera higuingarria.
5 «Nire mezu hau adieraziko diezu: Israel aukeratu nuen egunean, zin eginez lotu nintzaien Jakoben ondorengoei: neure burua ezagutarazi nien Egipto herrialdean eta, zin eginez, Jauna, beraien Jainkoa, izango nintzela agindu nien. 6 Egun hartan, Egiptotik aterako nituela agindu nien zin eginez, eta beraientzat aukeratua nuen herrialdera, esnea eta eztia darizkion lurraldera, guztien artean ederrenera, eramango nituela. 7 Hau eskatu nien: <Bazter itzazue liluratzen zaituzteten Egiptoko idolo higuingarriak, ez zaitezte horiekin kutsa; neu naiz Jauna, zuen Jainkoa>. 8 Baina nire kontra altxatu eta ez zidaten entzun nahi izan; inork ez zituen baztertu Egiptoko idolo higuingarriak, haien lilurapean baitzeuden. Orduan, neure haserre-sumina beraien gain, Egipton bertan, hustu arte isurtzea pentsatu nuen. 9 Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak bizi zireneko nazioen artean, hauen aurrean agertu bainintzaien haiei Egiptotik atera nituenean.
10 «Beraz, Egiptotik atera eta basamortura eraman nituen.
11 Neure legeak eman nizkien eta erabakiak ezagutarazi, betetzen dituenari bizia ematen diotenak.
12 Larunbata ere eman nien, atseden-eguna, nire eta haien arteko elkartasun-seinale izateko, eta jakin zezaten nik, Jaunak, sagaratu nituela.
13 Baina Israel herria kontra altxatu zitzaidan basamortuan; ez zuten nire legeen arabera jokatu, eta nire erabakiak
-betetzen dituenari bizia ematen diotenak
- mesprezatu zituzten; larunbata ere etengabe hautsi zuten. Orduan, neure sumina haien gain, basamortuan, isuri eta haiek suntsitzea pentsatu nuen.
14 Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak Egiptotik ateratzen ikusi ninduten nazioen artean.
15 Basamortuan zin eginez agindu nien ez nituela sartuko eman nien lurraldean, esnea eta eztia zerizkion eta guztietan ederrena zen lurraldean.
16 Eta hori, nire erabakiak mesprezatu zituztelako, ez zutelako nire legeen arabera jokatu eta bai nire larunbatak hautsi; izan ere, haien bihotzak idoloei atxikiak zeuden guztiz.
17 Baina errukitu egin nintzen eta ez suntsitzea erabaki; ez nituen garbitu basamortuan.
18 «Orduan, esan nien haien seme-alabei basamortuan: <Ez jokatu gurasoen legeen arabera, ez jarraitu horien ohiturei, ez kutsatu horien idoloekin.
19 Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa: jokatu nire legeen arabera, saiatu nire erabakiak betetzen.
20 Sagaratu niri larunbata: nire eta zuen arteko elkartasun-seinale da, jakin dezazuen neu naizela Jauna, zuen Jainkoa>.
21 Baina seme-alabak ere nire kontra altxatu ziren; ez zuten nire legeen arabera jokatu, ez ziren nire erabakiak
-betetzen dituenari bizia ematen diotenak
- betetzen saiatu. Nire larunbata hautsi zuten. Orduan, neure haserre-sumina beraien gain, basamortuan, hustu arte isurtzea pentsatu nuen.
22 Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak Egiptotik ateratzen ikusi ninduten nazioen artean.
23 Basamortuan zin eginez agindu nien nazioen artean sakabanatu eta herrialdeen artean barreiatuko nituela.
24 Eta hori, ez zituztelako nire erabakiak bete, eta bai nire legeak mesprezatu, larunbata hautsi eta idoloak gurtu.
25 Orduan, nik ere onak ez ziren legeak eman nizkien, eta bizira eramaten ez zuten erabakiak.
26 Eta beren oparigaiez kutsatzen utzi nituen, eta lehen-semeak idoloen ohorez erretzen, horrela, izu-ikaraturik, ni naizela Jauna aitor zezaten.
27 «Horregatik, gizaseme, hitz egin Israel herriari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Gainera, zuen gurasoek iraindu egin ninduten beren desleialkeriaz.
28 Zin eginez agindu nien lurraldean sarrarazi nituenean, aurrean topatutako muino garai guztietan eta zuhaitz mardul guztien azpian aurkeztu zituzten beren sakrifizioak eta eskaintza iraingarriak, bertan eskaini opari atsegingarriak eta isur-opariak.
29 Orduan, esan nien: <Zer da zuek joaten zareteneko muino hori?> Eta <Muino>
-sasi-kultu-leku
- deitu izan dute gaur arte.
30 «Horregatik, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuek ere kutsatu egin zarete gurasoen jokabideari jarraituz; beraien idolo higuingarriak gurtuz, desleial izan zarete: 31 zeuen oparigaiak eskaini dizkiezue, zeuen seme-alabak haien ohorez erre. Zeuen idolo guztiekin kutsatu zarete gaur arte, eta zuek, israeldarrok, niri kontsulta egitea onartu behar al dut? Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik ez dizuedala utziko niri kontsulta egiten.
32 «Zuen buruetan dagoena ez da inoiz gertatuko. Beste herrialdeetako nazio eta leinuak bezalako izatea nahi duzue, zurezko eta harrizko jainkoak zerbitzatuz. 33 Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ahalmen handiz, esku indartsuz eta neure sumina isuriz erreinatuko dudala zuen gain. 34 Herrien artetik aterako zaituztet eta sakabanaturik zaudeteneko herrialdeetatik bilduko ahalmen handiz, esku indartsuz eta neure sumina isuriz. 35 Basamortura eramango zaituztet herrietatik aparte eta han aurrez aurre epaituko. 36 Zuen gurasoak Egipto ondoko basamortuan epaitu nituen bezala, hala egingo dut zuekin. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 37 Neure artzain-makilapera ekarriko zaituztet eta itun-uztarrian sarraraziko. 38 Nire aurka altxatzen diren erreboltariak kendu egingo ditut zuen artetik; erbesteraturik daudeneko herrialdetik aterako ditut, baina ez dira Israelen sartuko; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
39 «Zuei buruz, israeldarrok, hau diot nik, Jainko Jaunak: Joan dadila nor bere idoloen zerbitzura; baina gero, egingo duzue, bai, nik esana, ez duzue nire izen santua belztuko zeuen idolatriazko opariekin. 40 Han, herrialdeko nire mendi santuan, Israelgo mendi handiaren gainean, Israel herri oso-osoak zerbitzatuko nau. Han gogoz onartuko zaituztet, eta opari bereziak, eskaintza aukeratuak eta emaitza sakratuak eskatuko dizkizuet. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 41 Opari atsegingarri gisa onartuko zaituztet, herrien artetik atera eta sakabanaturik zaudeteneko herrialdeetatik bilduko zaituztedanean. Zuen alde agertuko dut neure santutasuna jentil-herrien aurrean. 42 Orduan, Israelera, zuen gurasoei zin eginez agindu nien lurraldera, eramango zaituztedanean, jakingo duzue ni naizela Jauna. 43 Han zeuen jokabideaz oroituko zarete, zeuen buruak kutsatu zituzten egintza txar guztiez; orduan, zeuen buruaren nazka sentituko duzue egindako gaiztakeria guztiengatik. 44 Israel herri, zuekin neure izenari dagokionez jokatuko dudanean, eta ez zuen jokabide txarraren eta ekintza maltzurren arabera, orduan jakingo duzue ni naizela Jauna. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Ezpata Jerusalemen aurka
21. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, itzuli hegoaldera eta mintza harantz begira; hitz egin nire izenean hegoaldeko basoaren kontra. 3 Esaiozu entzuteko nik, Jainko Jaunak, adierazten diodan mezua: Horra, sua piztuko dut zure erdian, eta zuhaitz guztiak, heze nahiz ihartuak, irentsiko ditu; sugarra ez da itzaliko, eta den-dena hartuko du suak, hegoaldetik iparralderaino. 4 Bizidun orok ikusiko du nik, Jaunak, piztu dudala eta ez dela itzaliko».
5 Nik esan nion: «Ai Jainko Jauna! Zera ari dira nitaz esaten: <Ez al da hori beti parabolak kontatzen ari dena?> »
6 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 7 «Gizaseme, itzuli Jerusalemerantz eta mintzatu toki santuei begira; hitz egin nire izenean Israel lurraldearen kontra. 8 Adierazi Israel lurraldeari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure aurka nator; ezpata zorrotik atera eta guztiak, zintzo nahiz gaizto, garbituko ditut. 9 Nahiz zintzoak, nahiz gaiztoak garbitu behar ditudalako, bizidun ororen aurka aterako da ezpata zorrotik, hegoaldetik iparralderaino. 10 Eta bizidun orok jakingo du nik, Jaunak, atera dudala ezpata zorrotik eta ez dela bertara itzuliko.
11 «Eta zuk, gizaseme, egin negar eta intziri beraien aurrean, bihotza hautsia eta samindua bazenu bezala. 12 <Zergatik ari zara negar-zotinka?> galdetzen dizutenean, erantzun: Laster iritsiko den albiste batengatik. Orduan, bihotz orok huts egingo du, beso guztiak erori, barne-indarrek pott egingo eta belaunek dardar. Eta begira, badator, berehala gauzatuko da. Nik, Jainko Jaunak, esana».
13 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: {{bertset|21|14| «Gizaseme, hitz egin nire izenean nire, Jainko Jaun honen, mezua adieraziz:
«Ezpata! Ezpata zorrotza
eta ongi leundua!}}
15 Sarraskia egiteko zorroztua,
distira botatzeko leundua.
16 Leuntzera bidali zuten
eskuan hartu baino lehen;
zorroztu egin dute ezpata
eta leundu,
borreroaren eskuan ipintzeko.
17 Egin garrasi eta ulu, gizaseme,
nire herria zigortzeko baita ezpata,
Israelgo printze guztiak zigortzeko,
printzeak herriarekin batera.
Beraz, jo bularra saminez,
18 probaldia baita.
Honela diot nik, Jainko Jaunak.
19 Zuk, gizaseme, hitz egin nire izenean
eta egin txalo.
Ezpatak behin, bitan, hirutan joko du;
harrapaturik dauzka
hilketarako ezpatak,
triskantza handirako ezpatak.
20 Bihotzei dardar eragiteko
eta hildako ugari egon dadin,
ate guztietara zuzendu dut
ezpata sarraskitzailea,
distira botatzeko egina,
sarraskirako leundua.
21 Ezpata zorrotz hori,
jo ezker-eskuin,
jarri zeure ahoa edonon.
22 Nik ere egingo dut txalo
eta neure sumina azkeneraino hustuko.
Nik, Jaunak, hitz egin dut».
23 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 24 «Zuk, gizaseme, marraztu bi bide, Babiloniako erregearen ezpata etor dadin. Herrialde bakar batetik irtengo dira bi bideak. Bide bakoitzaren hasieran jarri seinale bat, ezpatak zein hiritara joan behar duen adieraziz: 25 bata, amondarren Raba hirira; bestea, Judako Jerusalem hiri gotortura. 26 Babiloniako erregea gelditu egin da bidegurutzean, bi bideen hasieran, etorkizunari buruz galdegiteko: geziak astindu ditu, idoloei kontsulta egin eta abere-erraiak aztertu. 27 Eskuinean dauka Jerusalemera seinalatzen duen gezia. Beraz, eman sarraskirako agindua, bota gudu-irrintzia, jarri eraso-tresnak ateen kontra, eraiki lubetak eta eraso-dorreak. 28 Jerusalemdarrei gezurrezkoa iruditu zitzaien iragarpen hau, hitzarmena egina baitzuten babiloniarrekin; baina Babiloniako erregeak beren errua aurpegiratuko die, eta preso hartuko. 29 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeuek salatu duzue zeuen errua eta agerian jarri zeuen hobenak; zeuek nabarmendu dituzue zeuen bekatu eta egintza txarrak; zeuen buruak salatu dituzue; horregatik, preso hartuko zaituztete bortxaz. 30 Zuri dagokizunez, Israelgo printze, gaizkile zital hori, heldu da zure ordua, azken zigorraren eguna. 31 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ken diezaiotela durbantea, kendu koroa; ezer ez da lehen bezala izango: behekoa goratua eta goikoa beheratua izango da. 32 Hondamendia! Hondamendia! Sekula gertatu ez den bezalako hondamendi bihurtuko dut dena; baina hau ez da gertatuko nik zigor-epaia betetzeko baimendu dudana heldu arte.
33 «Zuk, gizaseme, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua, Israeli iseka egiten dioten amondarren kontra: Ezpata! Ezpata! Zorrotik kanpo zaude sarraskirako, leundua distira botatzeko. 34 Ikuskari faltsuak eta gezurrezko iragarpenak dituzte zuri buruz. Erabil zaitzatela gaizkile maltzurren lepoak ebakitzeko, iritsi baita horien ordua, azken zigorraren eguna.
35 «Ezpata, itzuli zorrora! Egina izan zinen lekuan epaituko zaitut, zeure sorterrian. 36 Neure amorrua isuriko dut zure gain; neure haserrearen sua bidaliko dut zure aurka, eta suntsitzaile amorratua den jende basatiaren esku utziko zaitut. 37 Suak irentsiko zaitu, zure odola zure herrialdean zabalduko da eta ez da zutaz inor oroituko. Nik, Jaunak, hitz egin dut».
22. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Zuk, gizaseme, epaitu, epaitu gogor hiri odolzalea, aurpegiratu beraren jokabide higuingarria! 3 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure biztanleek hilketak egiten dituzte, horrela zure ordua hurbilaraziz; idoloak egiten dituzte, horrela zu kutsatuz. 4 Hilketa horiengatik, errudun bihurtu zara; eginiko idoloengatik, kutsatu egin zara; horrela, suntsipen-eguna hurbilarazi duzu eta zeure bizitzaren amaierara iritsi. Horregatik, nazio arrotzen isekagai egiten zaitut eta herrialde guztien barregarri. 5 Hurbileko nahiz urrutikoek, zutaz barre egingo dute, ospe txarreko eta desordena handiko hiri hori.
6 «Zure baitan Israelgo printzeek odola isurtzen dute, nor bere indarraz baliatuz. 7 Zure baitan aitamak desohoratzen dituzte, etorkina gogor hartu eta umezurtza eta alarguna ustiatzen. 8 Nire gauza santuak mesprezatzen dira, nire larunbata hausten. 9 Zure baitan badira odola isurtzera bultzatzen duten iraintzaileak, sasi-kultu-lekuetako otorduetan parte hartzen dutenak, gauza gaitzesgarriak egiten dituztenak. 10 Zure baitan bada aitaren emaztearekin sexu-harremanik duenik, eta hilerokoarekin dagoen emakumea errespetatzen ez duenik. 11 Batek adulterio egiten du lagun hurkoaren emaztearekin, beste batek harreman gaitzesgarriak ditu errainarekin, eta beste batek bere arrebaordea, aitaren alaba, bortxatzen du. 12 Zure baitan bada bere burua diruz saltzen duenik, lukurreriaz interesak kobratzen dituenik, lagun hurkoa zapalduz aberasten denik. Eta nitaz ahazturik bizi zara! Honela diot nik, Jainko Jaunak.
13 «Hara, txaloka ari natzaizu egin dituzun bidegabeko negozio eta hilketak ikusiz. 14 Jasango ote du zure bihotzak eta egongo ote zure eskua tinko zure aurka ekingo diodanean? Nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dut. 15 Atzerriko nazioen artean sakabanatuko zaitut eta herrialdeen artean barreiatuko; zure jokabide lotsagarria amaiaraziko dut. 16 Toki txarrean geldituko zara beste nazioen aurrean, baina ni naizela Jauna jakingo duzu».
17 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 18 «Gizaseme, Israel herria hondakin bilakatu zait, zilarra, brontzea, eztainua, burdina edo beruna labearen erdira bota eta azkenean gelditzen den hondakina bezala. 19 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zuek denok hondakin bihurtu zarete; horregatik, metatu egingo zaituztet Jerusalemen erdian. 20 Zilarra, brontzea, burdina, beruna edo eztainua labearen erdian metatu eta dena urtzeko sua suspertzen den bezala hala metatuko zaituztet neure haserre-suminean, labean jarri eta urtzeko. 21 Pilatu eta neure sumina suspertuko dut zuen kontra; Jerusalemen erdian urtaraziko zaituztet. 22 Zilarra labearen erdian urtzen den bezala, hala urtuko zaituztet Jerusalemen erdian; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen kontra bere sumina isurtzen duena».
23 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 24 «Gizaseme, esan Jerusalemi garbitu gabeko lurraldea dela, nire haserrearen eraginez euririk izan ez duen lurraldea bezalakoa. 25 Bertako buruzagiak harrapakina sarraskitzen duen lehoi orrolaria bezalakoak dira: jendea irensten dute, altxorrak eta ondasunak lapurtzen, alargunak ugaltzen hirian. 26 Apaizek nire legea hausten dute eta nire gauza santuak profanatzen; ez dute bereizten sakratua eta profanoa, ez dute ezagutarazten garbiaren eta kutsatuaren arteko aldea; ez zaie axola nire larunbata; horrela, profanatu egiten naute. 27 Buruzagiak harrapakina urratzen duten otsoak bezalakoak dira: odola isurtzen eta jendea garbitzen dute, berak aberasteko. 28 Profetek, berriz, kareorez estaltzen dituzte hoben hauek guztiak; ikuskari hutsalak dituzte eta iragarpen faltsuak; <Jainko Jaunaren mezua> esaten dute, nik, Jaunak, hitzik egin ez dudanean. 29 Herriko jendeak bortizkeriak eta lapurretak egiten ditu; dohakabea eta behartsua ustiatzen dituzte, eta bere eskubidearen kontra gogor erabiltzen dute etorkina. 30 Herrialdea suntsi ez dezadan, babes-harresia eraiki eta beraren alde nire aurrean bitartekari izan zitekeen norbait bilatzen saiatu naiz haien artean, baina ez dut aurkitu. 31 Beraz, neure amorrua beraien gain isuri dut, neure suminaz suntsitu ditut, beraien jokabideak merezitako ordaina emanez. Nik, Jainko Jaunak, esana».
23. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, baziren bi emakume, ama beraren alabak. 3 Egipton prostituzioan hasi ziren, oso gazterik. Han laztandu zizkieten bularrak, eta altzo birjina ferekatu. 4 Zaharrenak, Samariak, Ohola zuen izena, eta gazteenak, Jerusalemek, Oholiba. Gero, nireak izan ziren eta seme-alabak izan zituzten. 5 Oholak prostituzioan jardun zuen nirea izan arren; maitemindu egin zen bere maitaleez; asiriar gerlariak ziren denak: 6 purpuraz jantzitako gobernari eta agintariak, gazte bikain eta zaldun trebeak. 7 Asiriarren arteko hoberenei eman zizkien bere mesedeak, eta bere maitaleen idolo guztiekin kutsatu zen. 8 Jarraitu egin zuen Egipton hasitako lizunkeriekin; han gaztetan egin zuten larrutan berarekin, eta altzo birjina ferekatu lizunkeriak eginez. 9 Horregatik, bere maitaleen esku utzi nuen, bere amorante asiriarren esku. 10 Larrugorritan utzi zuten, seme-alabak kendu eta bera ezpataz hil zuten. Emakumeentzako ikasbide bihurtu zen, eman zioten zigorrarengatik.
11 «Ahizpa Oholibak ikusi zuen hura guztia, baina are biziotsuagoa izan zen eta ahizpak baino ere lizunkeria okerragoak egin zituen. 12 Asiriarrez maitemindu zen; gobernari eta agintariak, dotore jantzitako gerlariak, zaldun trebe eta gazte bikainak ziren denak. 13 Eta kutsatua zegoela ikusi nuen, biak bide beretik zebiltzala. 14 Oholibak areagotu egin zituen bere lizunkeriak: horman marrazturiko gizon-irudiak ikusi zituen, babiloniarren irudiak gorriz margotuak; 15 gerrian uhalak eta buruan durbanteak zituzten, eta gerlari bikainen itxura guztiek ere; babiloniar jatorren irudiak ziren. 16 Ikusteaz bat maitemindu zen haietaz eta mezulariak bidali zizkien Babiloniara. 17 Orduan, babiloniarrak etorri egin ziren berarekin oheratzeko eta kutsatu egin zuten beren lizunkeriez; baina haiekin kutsatu ondoren, nazka hartu zien. 18 Agerian utzi zuen bere emagaldu-izaera, agerian bere gorputz biluzia; orduan, nazka bizia hartu nion, haren ahizpari hartua nion bezalaxe. 19 Are gehiago ugaritu zituen lizunkeriak, gaztetan Egipton prostituzioan jardun zueneko egunak gogoratuz. 20 Bere ohaideez, astar eta zaldiak baino ere beroagoak ziren lizun haietaz, maitemindua zebilen.
21 «Zeure gaztaroko likiskerietara jo duzu berriro, Egipton zure bularrak laztandu eta altzoa ferekatzen zizuten garaietara. 22 Beraz, Oholiba, hau diotsut nik, Jainko Jaunak: Horra, zure kontra xaxatuko ditut maitaleak, zuretzat nazkagarri izatera iritsi diren horiek; alde guztietatik ekarriko ditut zure aurka: 23 babiloniarrak eta Pekod, Xoa eta Koako leinuak, eta berauekin asiriar guztiak, gazte ederrak, gobernari eta agintariak, gerlari bikain eta zaldun trebeak. 24 Iparraldetik erasoko dizute gudaroste handiz eta mota guztietako gudu-gurdiz. Ezkutuz eta buru-oskolez ongi babesturik inguratuko zaituzte. Beraien esku utziko dut auzia eta beren legeen arabera epaituko zaituzte. 25 Neure amorru sutsua botako dut zure gain, eta suminez jokatuko dute zure kontra; sudurra eta belarriak moztuko dizkizute, eta gelditzen diren zuretarrak gerran eroriko dira. Zure seme-alabak eraman egingo dituzte, eta gelditzen direnak suak irentsiko ditu. 26 Jantziak erantziko dizkizute eta zure bitxiez jabetuko. 27 Amaiaraziko ditut, bai, Egipton hasitako zure likiskeria eta prostituzioak; ez dituzu berriro gutiziatuko, ez zara Egiptoz oroituko ere. 28 Honela baitiot nik, Jainko Jaunak: Gorrotagarri eta nazkagarri egin zaizkizun haien esku utziko zaitut; 29 gorrotoz erabiliko zaituzte, zure irabazi guztiez jabetuko dira, larrugorritan utziko zaituzte eta agerian geldituko dira zure emagaldukeriak. Zure likiskeria eta prostituzioek 30 ekarri dizute hau guztia, nazio arrotzekin prostituzioan jardun duzulako, beraien idoloekin kutsatuz. 31 Ahizparen bidea hartu duzu eta, beraz, haren kopa jarriko dut zure eskuan. 32 Hau diot nik, Jainko Jaunak:
«Ahizparen kopa edango duzu, kopa zabal eta sakona, bete-betea. . 33 Saminez mozkor-mozkor egingo zara; izu- eta hondamen-kopa da zure ahizpa Samariaren kopa; 34 hondoraino edango duzu, zeure hortzez apurtuko eta zatiez bularrak urratuko dituzu. Nik, Jainko Jaunak, esana.
35 «Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Ahaztu egin nauzulako eta bizkarra eman, eraman zuk ere zeure likiskeria eta prostituzioen zama».
36 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, epaitu Ohola eta Oholiba, aurpegira iezazkiezu beren jokabide higuingarriak. 37 Adulteriogile eta hiltzaile dira: beren idoloak gurtuz egin dute adulterio, eta mundura ekarri zizkidaten seme-alabak idolo horien ohorez erre dituzte. 38 Eta beste hau ere egin dute: nire santutegia kutsatu eta larunbata hautsi. 39 Beren seme-alabak idoloen ohorez lepo egin ondoren, egun berean nire santutegira sartu eta kutsatu egin dute. Horra zer egin duten neure etxean bertan. 40 Are gehiago, urrutiko gizonei mezulariak bidali zizkieten, etortzeko esanez; eta haiek etorri ondoren, bainatu, begiak pintatu eta beren burua bitxiz apaindu zuten. 41 Gero, etzaleku eder batean jarri ziren, ondoan mahaia prest zutela, eta bertan nik emaniko intsentsua eta olioa. 42 Jendearen atsegin-iskanbila entzuten zen; gizon asko ziren, basamortuko alde guztietatik etorriak. Eskumuturrekoak eta diadema bikainak jartzen zizkieten bi ahizpei. 43 Esan nuen neure artean: lehen hainbeste adulterio eta orain lizunkeria gehiago! 44 Emagaldu batengana bezala zihoazen beraiengana, Ohola eta Oholibagana, emakume likits haiengana. 45 Baina gizon zintzoek epaitu egingo dituzte, adulteriogile eta hiltzaileei dagokien zigorra emanez; adulteriogile eta hiltzaile dira, izan ere.
46 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Bildu batzar horien kontra, ikara eta bipil ditzan; 47 batzarrak harrikatu eta ezpataz hilko ditu; seme-alabak hilko dizkie eta etxeak erreko. 48 Nik amaiaraziko dut lurralde honetan likiskeria. Eskarmentu hartuko dute emakume guztiek eta ez dute zuek bezalako likiskeriarik egingo. 49 Zuen likiskeriak merezitako ordaina emango dizuete, eta idoloekin egindako bekatuen ondorenak jasango dituzue. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna».
Dupin herdoildua: Jerusalem kondenatua
24. atala
[aldatu]1 Bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, idatzi gaurko egunaren data; gaurko egunez, hain zuzen ere, eraso baitio Babiloniako erregeak Jerusalemi. 3 Kontaiozu parabola bat herri errebelde honi eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua:
«Jarri dupina sutan eta bota ura bertara. 4 Ipini okela-zatiak, zatirik onenak, izter eta bizkarraldea; bai eta hezurrik onenak ere. 5 Hartu arkume onena; gero, pilatu azpian egurra, irakin dezala borbor, hezurrak ere ongi egosteko. 6 Izan ere, hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai hiri odolzalea, herdoildutako dupina, herdoila galtzen ez duena! Hustu ezazu zatirik zati, bakar bat ere utzi gabe. 7 Izan ere, isuri duen odola beraren baitan dago: haitz soilaren gainean isuri du eta ez lurrera, hautsak estal ez dezan. 8 Nire sumina suspertu du; mendeku gabe gera ez dadin, haitz soilean, estali gabe, utzi dut isuri duen odola. 9 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai hiri odolzalea! Su handia egingo dut nik ere. 10 Pilatu egurra erruz eta piztu sua; egosi ongi haragia, bota gozagarriak, eta desegin daitezela hezurrak. 11 Utzi txinpart gainean dupina hutsik, berotu brontzea goritu arte, ea zikinkeria urtu eta herdoila joaten zaion.
12 «Baina ahalegin guztiak alferrik! Herdoil asko du eta suak ere ezin kendu.
13 Jerusalem! Kutsaturik zaude zeure likiskeriaz; garbitu nahi izan zaitut, baina ez didazu zikinkeria garbitzen utzi. Ez zara, bada, garbi geldituko nire sumina zure gain zeharo hustu arte.
14 Nik, Jaunak, hitz egin dut eta bete egingo dut, atzera egin gabe; ez naiz errukituko, ez damutuko. Zure jokabidearen eta egintza txarren arabera epaituko zaitut. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Profetaren emaztearen heriotza
15 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
16 «Gizaseme, zure begien pozgarri dena kenduko dizut bat-batean. Baina zuk ez egin dolu, ez hasi aieneka edo negarrez.
17 Egin negar isilean, baina ez egin ohiko dolurik; jarri buru-zapia, jantzi sandaliak, ez estali aurpegia eta ez jan hileta-ogirik».
18 Goizean herriari hitz egin nion; arratsean emaztea hil zitzaidan eta, biharamunean, agindutako guztia bete nuen. 19 Esan zidan jendeak: «Ez al diguzu azaldu behar zer esan nahi duen egiten ari zarenak?» 20 Erantzun nien: «Hau esan dit Jaunak: 21 Hitz egiozu Israel herriari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuen babesleku eta harrogarri, begien pozgarri eta bihotzen xarma den neure santutegia profanatuko dut. Jerusalemen utzi zenituzten seme-alabak gerran hilko dira. 22 Eta orduan, Ezekielek egin duena egingo duzue: ez duzue aurpegia estaliko, ez eta hileta-ogirik jango ere. 23 Buru-zapiekin eta sandaliekin jarraituko duzue, ez duzue dolu egingo, ez eta negarrik ere, baizik eta zeuen erruengatik galduko zarete eta elkarren artean jardungo negar-zotinka. 24 Ezekiel seinale izango da zuentzat; berak egin duen guztia egingo duzue. Eta hori gertatzean, orduan jakingo duzue ni naizela Jainko Jauna».
25 Esan zidan Jaunak: «Hara, gizaseme, babesleku eta alaitasun zoragarri, begien pozgarri eta bihotzen xarma zutena kenduko diet, bai eta seme-alabak ere. 26 Hori gertatuko den egunean, iheslari bat iritsiko zaizu berri ematera. 27 Iheslaria iristeaz bat, zure ahoa zabalduko da eta hitz egingo duzu, ez duzu mutu jarraituko. Beraientzat seinale izango zara eta jakingo dute ni naizela Jauna».
NAZIOEN AURKAKO PROFEZIAK
Amondarren aurkako mezua
25. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, zuzendu amondarrengana eta hitz egin nire izenean beraien kontra. 3 Esaiezu entzuteko nik, Jainko Jaunak, adierazten diedan mezua: <Bai ederki!>, esan zenuten nire santutegia profanatu zutenean, Israelgo lurraldea hondatu eta Juda herria erbesteratu zutenean; 4 horregatik, ekialdeko leinuak egingo ditut zuen jabe, zuen baitan ezarriko dituzte beren kanpalekuak eta bertan jarriko bizitzen; haiek jango dituzte zuen fruituak, eta zuen esnea edango. 5 Raba, gameluen esparru bihurtuko dut eta amondarren herrialdea artaldeentzako eskorta; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
6 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Txaloka eta saltoka, poztu egin zarete Israel herriari gertatuaz, biziki mesprezatzen duzuelako; 7 horregatik, nik zuen kontra ekingo diot, nazio arrotzen harrapakin bihurtu eta herrien artetik ezabatuko zaituztet, herrialdeen artetik desagerrarazi eta suntsituko; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
Moabdarren kontrako mezua
8 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: <Juda herria beste nazio guztiak bezalakoa da> esan dute moabdarrek;
9 horregatik, Moabeko mugei erasoko diet eta hiririk gabe utziko, herrialdeko hiri preziatuenak ere suntsituz: Bet-Jeximot, Baal-Meon eta Kiriataim.
10 Amondarrez bezalaxe, moabdarrez ere jabetuko dira ekialdeko leinuak, eta ez da beraien oroitzapenik ere geldituko nazioen artean.
11 Zigor-epaia beteko dut Moaben kontra, eta orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
Edomen kontrako mezua
12 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Edom Judaren kontra gogor mendekatu da eta errudun bihurtu;
13 horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Edomen kontra ekingo diot, gizakiak eta abereak erauzi eta herrialdea hondamendi bihurtuko dut; Temandik Dedaneraino denak guduan hilko dira.
14 Edomen aurkako mendekua neure herri Israelen bidez burutuko dut: nire haserre-suminaren arabera erabiliko dut Edom; orduan ezagutuko dute nire mendekua. Nik, Jainko Jaunak, esana.
Filistearren kontrako mezua
15 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Filistearrek mendekuz jokatu dute, gogor eta mesprezio biziz mendekatu dira, beren betidaniko etsaiak suntsitzeraino;
16 horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Filistearren kontra ekingo diot, keretarrak erauziko ditut eta itsasertzeko gainerako herriak suntsituko.
17 Gogor mendekatuko naiz beraien kontra, zigor-sumina jasanaraziko diet, eta beraien aurka mendekatuko naizenean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
Tiroren kontrako mezua
26. atala
[aldatu]1 Hamaikagarren urtean, hilaren batean, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, Tirok zera esan du Jerusalemi buruz:
<Bai ederki! Errausturik dago herrien sarleku zen hiria. Orain da nire txanda, aberastu egingo naiz hori hondatua dagoen bitartean!> 3 Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zure aurka nator, Tiro. Nazio ugari altxaraziko dut zure kontra, itsasoak uhinak harrotzen dituen bezala. 4 Tiroren harresiak desegingo dituzte eta dorreak eraitsiko; hautsik ere ez dut han utziko, harkaitz soila besterik ez. 5 Itsasoaren erdian geldituko da, sareak lehortzeko leku egina. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Nazioen harrapakin bihurtuko da Tiro, 6 eta lehorrean dituen hiriak gerrak suntsituko dizkio. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
7 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Babiloniako errege Nabukodonosor, munduko erregerik ahaltsuena, etorraraziko dut iparraldetik Tiroren aurka; zaldi, gurdi eta zaldizkoekin etorriko da, gudaroste handiarekin.
8 «Lehorrean dituzun hiriak suntsituko dizkizu gerraz; gerlariek eraso-dorreak jarriko dituzte zure kontra, lubetak eraikiko zuri erasotzeko eta ezkutu-hesia jarriko beren babeserako. 9 Eraso-tresnaz joko dituzte zure harresiak eta pikotxez eraitsiko dorreak. 10 Zulatua izan den hirira bezala zure ateetatik erregea sartzean, haren zalditeria ugariak harroturiko hautsak estali egingo zaitu; zalditeriaren habarrots eta gurdien burrunbadaz zure harresiek dardara egingo dute. 11 Bere zaldien apatxez kale guztiak zanpatuko dizkizu, bizilagunak ezpataz garbituko eta zutabe sendoak botako behera. 12 Aberastasunak harrapatu egingo dizkizute eta salgaiak ostuko; harresiak eraitsi eta jauregi bikainak botako behera; harriak, habeak eta hondakinak ere itsasora botako dituzte. 13 Zure kanta-hotsa isilaraziko dut, zure zitara-soinua ez da berriro entzungo. 14 Harkaitz soil bihurtuko zaitut, sareak lehortzeko leku, eta ez zaituzte berreraikiko. Nik, Jainko Jaunak, esana.
15 «Hau diotsot nik, Jainko Jaunak, Tirori: Ez al dute itsas herrietakoek dardara egingo zure erorketaren burrunbadaz, zaurituen intziriez eta zure jendeak jasandako sarraskiaz?
16 Itsas herrietako printze guztiak beren tronuetatik jaitsiko dira, beren soingainekoak kendu eta jantzi bordatuak erantziko dituzte; ikaraz beteko dira eta, lurrean eseririk, dardara egingo dute etengabe, zuregatik txundituta.
17 «Erosta kantatuko dizute:
<Nola dagoen hondatua, itsasoetako erregina, hiri ospetsua! Bera eta bertako bizilagunak indartsu ziren itsasoan eta izua sortarazten zuten alde guztietan>. 18 Orain, eroria zaudenean, urrutiko uharteetakoak dardaratu egiten dira, itsas herriak izuturik daude zure amaieraz.
19 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Hondaturiko hiri bihurtuko zaitudanean
-jenderik gabeko hiriak bezala
-, itsas leizea zure aurka altxarazi eta ur handiek estaliko zaituztenean,
20 hilen tokira jaitsaraziko zaitut, antzinako jendearengana, eta lur azpiko munduan biziaraziko zaitut, betiko hondakinen antzeko den mundu horretan, hildako guztiekin batera; ez duzu berriz bizilagunik izango, eta ez zaituzte berreraikiko ere bizidunen lurraldean.
21 Izugai bihurtuko zaitut, eta kito zurea; zure bila ibiliko dira, baina sekula ez aurkituko. Nik, Jainko Jaunak, esana».
27. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, kanta zuk ere erosta Tirori:
3 «Oi Tiro, itsas portuetako erregina, itsas herri askorekin merkataritzan aritzen zaren hori, honela diotsu Jainko Jaunak: Oi Tiro, <Ezin ederragoa naiz> esan zenuen; 4 itsasoan jaun eta jabe zinen, ontzi eder bat bezalakoa eraiki zintuzten zeure egileek: 5 Senir-eko zipresez egin zizuten zurajea, Libanoko zedroz goi-masta; 6 Baxango haritzez arraunak, boliz tartekaturiko Zipreko zipresez zubia; 7 haize-oihalak, zure ezaugarri zirenak, Egiptoko liho bordatuz; zure gainestalkiak Elixa uharteetako purpura eta gorriminezko oihalez. 8 Sidon eta Arbadeko jendea zenuen arraunlari, eta zeure gizonik trebeenak, oi Tiro, lemazain. 9 Bibloseko artisau trebatuenak zenituen zeure itsas arotz; itsas ontzi guztietako marinelek erosten zizuten merkantzia.
10 «Pertsia, Lud eta Put herrialdeetako gerlariak zeneuzkan zeure armadan, babeski eta buru-oskolak zintzilikatuz apaintzen zintuzten.
11 Arbadeko gizonak, zure armadarekin, zure harresietan zeuden zainketan, eta Gamad-ekoak zure dorregainetan. Beren babeskiak zure harresietan zintzilikatzen zituzten, inguru guztian, zure edertasuna bikainduz.
12 «Tarsiseko jendeak zurekin egiten zuen salerosketan, hain ugaria baitzen zure aberastasuna, eta zeure salgaien truke zilarra, burdina, eztainua eta beruna ematen zizkizuten.
13 Grezia, Tubal eta Mexek-eko jendea ere bezero zenuen, eta esklaboz eta brontzezko tresnez ordaintzen zizuten.
14 Bet-Togarmakoek ibiltzeko edo garraiorako zaldiak eta mandoak ekartzen zizkizuten.
15 Dedangoak ere bezero zenituen; itsas herri askok zurekin egiten zituen tratuak, boliz eta ebanoz ordainduz.
16 Aramgoek zure eskulan ugariak erosten zituzten eta trukean esmeraldak, purpurazko oihalak, bordatuak eta lihozko ehunak, koralak eta errubiak ematen zizkizuten.
17 Judak eta Israelek ere zurekin egiten zuten salerosketan, eta Minit-eko garia, artatxikia, eztia, olioa eta erretxina usaintsua ematen zizkizuten ordainetan.
18 Damaskokoek ere produktu asko, mota guztietako ondasunak, erosten zizkizuten, eta Helbongo ardoz eta Tzahar-eko artilez ordaintzen zizuten.
19 Uzal eskualdetik burdina landua, kanela eta kanabera usaintsua ekartzen zituzten zure azokara.
20 Dedangoek zaldi gainean ibiltzeko tresnak salerosten zizkizuten.
21 Arabiakoek eta Kedarko printze guztiek zurekin egiten zituzten tratuak, arkume, ahari eta akerrak salerosiz.
22 Saba eta Ramako merkatariak ere bezero zenituen, trukean lurrinik onenak, mota guztietako harribitxiak eta urrea emanez.
23 Haran, Kane eta Eden hirietakoek, Sabako merkatariek, Axur eta Kilmad hirietakoek ere zurekin egiten zituzten tratuak.
24 Zure azoketara luxuzko jantziak, purpurazko soingainekoak, bordatuak, kolore anitzeko tapizak eta soka txirikordatuak ekartzen zituzten.
25 «Itsaso zabaleko ontziek garraiatzen zituzten zure merkantziak. Aberastasunez bete-beteriko ontzia bezalakoa zinen itsasoaren erdian; 26 arraunlariek ur handitan barrena eraman zintuzten, baina ekialdeko haizeak suntsitu egin zaitu itsasoaren erdian. 27 Zure aberastasunak, merkantziak eta salgaiak, zure marinel eta lemazainak, zure itsas arotz, merkatari eta gerlariak, daramatzazun ontzilari guztiak, itsasoaren erdian urperatuko dira zeu hondoratzean. 28 Zure marinelen deiadar-hotsaz dardara egingo du itsasertzeko jendeak. 29 Arraunlari guztiek bertan behera utziko dute ontzia, marinel eta itsasgizonak lehorrean geldituko dira. 30 Deiadar egingo dute zuregatik, garratz egingo garrasi, errautsez burua estali eta lurrean iraulkatuko. 31 Burua soilduko dute zuregatik eta dolu-jantzia hartuko soinean; bihotz-saminez egingo dute negar, aiene egingo garratz. 32 Hileta joko dute zuregatik, eresi hau kantatuz: <Nor Tiroren pareko, itsas erdian gotorleku zenaren pareko?> 33 Zure merkantziak lehorreratzean, herri asko hornitzen zenuen; zeure ondasun eta merkantzia ugariz munduko erregeak aberasten zenituen. 34 Orain itsasoak suntsiturik zaude, urpean galdurik, zure merkantziak eta ontzilari guztiak ere hondoratuta. 35 Itsas herrietako jendea txunditurik dago zuri gertatutakoaz, erregeak ere izuak jota, aurpegia zurbil. 36 Zu ikustean, atzerriko merkatariak harri eta zur gelditzen dira, beldurgarria baita zure patua: zureak egin du betiko!»
Tiroko erregearen aurkako mezua
28. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, adierazi Tiroko erregeari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Harropuzturik, esan duzu: <Jainko naiz eta jainko-tronuan nago eseria, itsas erdian>; baina zu gizaki huts zara, eta ez jainko, nahiz eta Jainkoaren pareko zarela uste izan. 3 Daniel bera baino ere jakintsuagoa omen zara! Ez dago enigma ulertezinik zuretzat. 4 Zeure jakinduria eta trebetasunaz egin zara aberats, urrea eta zilarra pilatu dituzu zeure altxorretan; 5 merkataritzarako zenuen abileziaz erruz ugaldu dituzu ondasunak, eta aberastasunak harropuztu egin zaitu.
6 «Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeure burua jainkoen pareko egin duzulako, 7 atzerriko jenderik ankerrena etorraraziko dut zure kontra; zure jakinduria bikainaren emaitzak desegingo dituzte ezpataz, eta zure ospe distiratsua belztuko. 8 Hilen tokira jaitsaraziko zaituzte, heriotza bortitzez hilko zara itsas erdian. 9 Zeure hiltzaileen eskumendean, jarraituko ote duzu jainko zarela esaten, zuk, gizaki huts zaren horrek? 10 Sinesgabeei dagokien heriotza lotsagarria izango duzu atzerritarren eskutik. Nik, Jainko Jaunak, esana».
11 Honela mintzatu zitzaidan Jainko Jauna: 12 «Gizaseme, kanta eresia Tiroko erregeari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bikaintasunaren eredu zinen, jakinduriaz eta edertasun paregabez jantzia; 13 paradisuan bizi zinen, Jainkoaren baratzean, mota guztietako harribitxiz apaindua, kornalina, topazio eta beriloz, krisolito, onize eta jaspez, zafiro, errubi eta esmeraldaz apaindua; urrez landuak ziren zure bitxi eta apaingailuak, sortu zintuzten egun berean prestatuak. 14 Zu, besozabalik dagoen kerubin babesle zinen, Jainkoaren mendi santuan zeunden eta ikatz gorien artean ibiltzen zinen. 15 Portaera akasgabea izan zenuen sortu zintuzten egunetik, maltzurkeriaz jokatzen hasi zinen arte. 16 Zeure merkataritza oparoagatik, indarkeriaz bete eta bekatu egin zenuen. Horregatik, zeure postutik kendu eta bota egin zintudan menditik, eta kerubin babesle zinen hori ikatz gorien artetik kendu. 17 Zeure edertasunak harropuztu egin zintuen, zeure distirak burua nahastu. Horregatik bota zaitut lurrera, eta erregeen aurrean barregarri utzi. 18 Erru asko eta bidegabeko merkataritzaz profanatu duzu zeure santutegia. Zeure baitatik sua sortarazi dut eta irentsi egin zaitu; errauts bihurtu zaitut, guztien begi aurrean. 19 Ezagutzen zintuzten herri guztiak txunditurik daude, beldurgarria baita zure patua: zureak egin du betiko!»
Sidonen aurkako mezua
20 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
21 «Gizaseme, itzuli Sidon aldera eta hitz egin nire izenean haren kontra.
22 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure aurka nator, Sidon, zure kontura jantziko naiz ospez. Zure aurka epaia bete eta neure santutasuna agertzean, denek jakingo dute ni naizela Jauna.
23 Izurritea bidaliko dizut, odola isuriko da zure kaleetan; hildakoak hiri erdian eroriko dira alde guztietatik egingo dizuten erasopean. Orduan, denek jakingo dute ni naizela Jauna.
Israel seguru biziko
24 «Ez dute jada auzoko herriek Israel mesprezatuko, ez dute arantza zorrotz eta lahar mingarriek bezala zulatuko. Eta jakingo dute ni naizela Jauna.
25 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Barreiaturik egon deneko herrien artetik Israel bilduko dudanean, neure santutasuna agertuko dut nazioen aurrean, eta israeldarrak neure zerbitzari Jakobi eman nion lurraldean biziko dira berriro.
26 Seguru biziko dira bertan, etxeak eraiki eta mahastiak landatuko dituzte. Israel mesprezatzen duten auzokoen kontra epaia beteko dudanean, seguru biziko dira; orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
Egiptoren aurkako mezua
29. atala
[aldatu]1 Hamargarren urtean, hamargarren hilaren hamabian, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, zuzendu faraoiagana, Egiptoko erregeagana, eta hitz egin nire izenean beraren eta Egipto osoaren kontra. 3 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua:
«Zure aurka nator, faraoi, Egiptoko errege, Niloren erdian zauden krokodilotzarra, <Neurea dut Nilo ibaia, neuk egina da eta>, diozuna. 4 Gakoak jarriko dizkizut muturretan, Niloko arrainak zure ezkatetan erantsaraziko ditut; ibaiaren erditik kanpora aterako zaitut, Niloko arrain guztiak ezkatetan erantsiak dituzula. 5 Basamortura jaurtikiko zaitut Niloko arrain guztiekin; han geldituko zara lur gainean, inork ez zaitu jasoko hilobiratzeko; basapiztien eta hegazti harraparien janari bihurtuko zaitut; 6 horrela jakingo dute Egiptoko bizilagun guztiek ni naizela Jauna, kanabera bezain euskarri ahula izan baitzara Israel herriarentzat; 7 eskuetan hartzean, apurtu eta esku-zabala zulatzen zenien; zure gainean jartzen zirenean, hautsi eta erorarazi egiten zenituen.
8 «Beraz, honela diot nik, Jainko Jaunak: Nik sortaraziko dut gerra zure kontra, eta gizakiak eta abereak erauziko ditu.
9 Egipto hondamendi eta basamortu bihurtuko da, eta orduan jakingo dute ni naizela Jauna. <Neurea dut Nilo ibaia, neuk egina da eta> esan duzulako,
10 zure kontra eta Niloren kontra nator. Basamortu eta hondamendi bihurtuko dut Egipto, Migdoletik Asuaneraino eta Etiopiako mugaraino.
11 Ez da gizakirik, ez abererik, handik igaroko, inor ez da han berrogei urtez biziko.
12 Basamorturik basamortuen bihurtuko dut Egipto, bertako hiriak hiri guztien artean hondatuenak izango dira berrogei urtez, eta atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatuko ditut egiptoarrak.
13 «Baina hau diot nik, Jainko Jaunak: Berrogei urteren buruan, bildu egingo ditut egiptoarrak, sakabanaturik ibili direneko herrien artetik. 14 Egiptoren zoria aldatuko dut: Patros eskualdera itzularaziko ditut, beren sorterrira. Han erresuma apal bat eratuko dute, 15 beste erresumak baino apalagoa, eta ez da berriro nazioen gain jarriko. Txiki egingo dut, nazioak menpera ez ditzan. 16 Ez da berriro israeldarrentzat euskarri izango, egiptoarrengana joz bekatu egitera bultzatzen zituena. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
17 Hogeita zazpigarren urtean, lehen hilaren batean, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 18 «Gizaseme, Babiloniako errege Nabukodonosorrek ahalegin handia eragin dio bere gudarosteari Tiroren aurka; soldadu guztiak burusoil gelditu dira eta bizkarraldeak zauriturik, baina ez du, ez beretzat, ez armadarentzat, batere irabazirik lortu Tiroren aurkako erasotik. 19 Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Babiloniako errege Nabukodonosorri emango diot Egipto herrialdea; hango aberastasunak ostuko ditu, dena soildu eta ondasunak harrapakin gisa hartuko ditu bere gudarosteari saritzat emateko. 20 Tiroren aurkako ekintzaren ordaintzat emango diot Egipto, niretzat lan egin baitute berak eta gudarosteak. Nik, Jainko Jaunak, esana.
21 «Egun hartan, berritu egingo dut israeldarren indarra, eta zuri, Ezekiel, beraiei hitz egiteko ahalmena emango. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
Jaunak Egipto zigortuko
30. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua:
«Egin aiene zoritxarreko egunarengatik! 3 Hurbil da eguna, hurbil Jaunaren eguna; egun goibela izango da, nazioen zigor-garaia. 4 Gerra etorriko da Egiptora, eta izu-ikara izango Etiopian, Egipton hildakoak erortzean; hango aberastasunak lapurtu eta oinarrietaraino suntsituko dute. 5 Etiopia, Put, Lud eta Arabia osoa, Libia eta herrialde aliatu honetako jendea gerran eroriko da egiptoarrekin batera. 6 Hau diot nik, Jaunak: Gerran eroriko dira Egiptoren laguntzaileak Migdoletik Asuaneraino, eta Egiptoren indar harroa lur jota geldituko. Nik, Jainko Jaunak, esana.
7 «Basamorturik basamortuena izango da Egipto, hiri guztien artean hondatuenak bertako hiriak.
8 Egiptori su eman eta laguntzaile guztiak desegingo ditudanean jakingo dute ni naizela Jauna.
9 Egun hartan, mezulariak bidaliko ditut itsasontziz, lasai dagoen Etiopia izutzeko, eta beldurrez dardara egingo du, Egipto zigortuko dudan egunean. Hurbil da egun hori!
10 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Babiloniako errege Nabukodonosorren bitartez amaiaraziko dut Egiptoren harropuzkeria. 11 Erregea eta bere armada, munduko ankerrenak, etorriko dira herrialdea hondatzera. Egiptoren kontra egingo dute gerra, hildakoz beteko herrialdea. 12 Lehortu egingo dut Nilo ibaia, jende maltzurrari salduko diot herrialdea: hondatu egingo dut herrialdea eta bertako guztia arrotzen bidez. Nik, Jaunak, esana.
13 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Idoloak desegingo ditut, Menfiseko sasijainkoak amaiaraziko; ez da Egipton gobernaririk geldituko, beldurra zabalduko dut bertan. 14 Hondamendi bihurtuko dut Patros, su emango Tanis hiriari eta Tebasen aurkako epaia beteko.
15 «Neure sumina isuriko dut Egiptoko hiri-gotor zen Sinen gainera, eta Tebasen harropuzkeria deuseztuko.
16 Su emango diot Egiptori, minez bihurrituko da Sin; zulatu egingo dituzte Tebaseko harresiak, eta hiria urperatua izango.
17 Heliopolis eta Bubastiseko gazteak gerran hilko dituzte eta emakumeak gatibu eramango.
18 Tafnes hirian eguna ilundu egingo da, nik Egiptoren agintea apurtu eta beraren indar harroa amaiaraziko dudanean; hodei batek estaliko du hiria, eta bizilagunak gatibu eramango dituzte.
19 Egiptoren kontrako epaia beteko dut, eta orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
20 Hamaikagarren urtean, lehen hilaren zazpian, honela mintzatu zitzaidan Jauna:
21 «Gizaseme, nik hautsi dut Egiptoko errege faraoiaren besoa, eta inork ez dio lotu eta sendatu, indarberriturik ezpata hartu ahal izan dezan berriro.
22 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Egiptoko errege faraoiaren kontra nator. Bi besoak hautsiko dizkiot, ongi duena eta jadanik hautsia duena, eta ezpata eroraraziko diot eskutik.
23 Atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatuko dut Egipto.
24 Babiloniako erregearen besoak indartuko ditut eta neure ezpata jarriko diot eskuan; faraoiari, berriz, besoak hautsiko dizkiot, eta hilzorian intziri egingo du haren aurrean.
25 Babiloniako erregearen besoak indartuko ditut, faraoiarenak ahulduta eroriko diren bitartean. Nire ezpata Babiloniako erregearen eskuan jarri eta hark Egiptoren kontra astinduko duenean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
26 Egiptoarrak atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatuko ditudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
Faraoia zedro handi bat bezalakoa
31. atala
[aldatu]1 Hamaikagarren urtean, hirugarren hilaren batean, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, esan Egiptoko errege faraoiari eta haren jendetzari:
«Noren pareko zu, zeure handitasunean? 3 Libanoko zedro baten antzeko zara: adar bikainak eta gerizpe ederreko hostaila ditu, eta enbor luzea, adaburua hodeietaraino iristen zaiona. 4 Euriek hazarazi zuten, lurpeko urek luzarazi: hauek haren ingurua ureztatzen zuten lehenengo, landako beste zuhaitzen artetik isurtzen gero. 5 Beste zuhaitzak baino garaiago egin zen, adarrak ugaritu eta luzatu egin zitzaizkion, ura oparo baitzuen hazteko. 6 Hegazti guztiek egiten zituzten habiak haren adarretan, basapiztia guztiek kumeak azpian, herri guztietako jendea bizi zen beraren babespean. 7 Bikaina zen bere handitasunagatik, bere adarren luzeragatik, ura oparo baitzuten haren sustraiek. 8 Jainkoaren baratzeko zedroak ez ziren haren pareko, zipresek ez zuten hark bezalako adarrik, ez eta platanoek ere halako hostaiarik; Jainkoaren baratzean ez zen hura bezain zuhaitz ederrik. 9 Nik edertu nuen hostaia mardulez, eta inbidia zioten Edengo zuhaitz guztiek, Jainkoaren baratzeko zuhaitzek.
10 «Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Asko luzatu, adaburua hodeietaraino goratu eta harrotu egin delako,
11 zapuztu egin dut eta munduko erregerik ahaltsuenaren esku utzi, beraren gaiztakeriak merezi bezala erabil dezan.
12 Atzerritarrek, nazioen arteko ankerrenek, eraitsi dute eta bertan behera utzi mendietan. Haren adar hostotsuak haran eta erreka-zuloetara erori dira hautsita; haren gerizpean bizi ziren herriek ihes egin eta bakarrik utzi dute.
13 Hegazti guztiak pausatu dira enbor erorian, basapiztiak gorde haren adar artean.
14 Hau dena, ur-bazterreko zuhaitzik hodeietaraino goratu ez dadin gertatu da, eta ongi ureztaturiko arbolarik besteen gain altxa ez dadin. Izan ere, denek hil behar baitute, gizakiek bezalaxe, eta lur azpiko mundura joan, hilen tokian daudenekin elkartzera.
15 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zedroa Hilen Egoitzara jaitsi zen egunean, dolu eragin nion naturari: itsas leizea itxi nuen, haren urlasterrak eta ur handiak geldiaraziz; beragatik Libano mendia ilundu nuen, eta landa zabaleko zuhaitzak ihartu. 16 Hildakoekin elkartzera Hilen Egoitzara jaitsarazi nuenean, haren erorketaren burrunbaz dardara eragin nien nazioei. Lur azpiko munduan, Edengo zuhaitz guztiak, Libanoko aukeratuen eta ederrenak, ongi ureztatuak, poztu egin ziren haren kontura. 17 Hauek ere, berarekin batera, Hilen Egoitzara jaitsi ziren, gerran hildakoak bezalaxe; haren euskarri ziren eta haren gerizpean bizi ziren nazioen artean. 18 Edengo zuhaitzen artean, zein zu bezalakoa ospe eta handitasunean? Halere, Edengo zuhaitzekin batera bota zaituzte lur azpiko mundura; sinesgabeen artean zaude, gerran hildakoekin batera. Hauxe da faraoiaren eta haren jendetzaren amaiera. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Egiptoko erregeagatik hileta-eresia
32. atala
[aldatu]1 Hamabigarren urtean, hamabigarren hilaren batean, honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, kanta eresi hau Egiptoko errege faraoiari buruz:
<Lehoikumea ematen zenuen nazioen artean, baina uretako krokodiloa bezalakoa zara: plisti-plasta zabiltza zeure ibaian, hankekin urlasterrari eragin eta ura zikintzen duzu>.
3 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Inguruan nazio asko bildu eta neure sarea botako dizut gainera; nire sarean aterako zaituzte. 4 Lurrera botako zaitut eta bertan behera utziko landa zabalean; hegazti guztiak pausaraziko ditut zure gainean eta basapiztia guztiak asebeteko zure haratustelaz. 5 Mendietan sakabanatuko dut zure sarraskia eta harekin haranak beteko; 6 zure odolaz blai egingo dut lurra, mendi-gainetatik isuri eta erreka-zuloak ere beteko. 7 Zu itzaltzean, zerua estaliko dut: izarrak ilundu eta eguzkia lainoz estaliko; ilargiak ez du distirarik egingo. 8 Zuregatik ilunduko ditut zeruko argizagi guztiak, eta ilunpea ekarriko zure herrialdera. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 9 Herri asko atsekabez beteko da, zure amaieraren berri nazioei eta ezagutzen ere ez dituzun herrialdeei ematean. 10 Herri asko utziko dut txundituta zuri gertatuaz; izuak hartuko ditu haietako erregeak nik ezpata astintzean beraien aurrean. Etengabe egingo dute dardara, bizia galtzeko beldurrez, zu eroriko zaren egunean.
11 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Babiloniako erregearen gudarosteak harrapatuko zaitu. 12 Munduko naziorik ankerrenetako gerlarien ezpatapean eroraraziko dut zure gudaroste ugaria; Egiptoren harrokeria deuseztuko dute eta jendetza guztia suntsituko. 13 Ibai handiaren ertzeko ganadu guztia akabatuko dut; ez giza oinek, ez abere-hankek, ez dituzte hango urak berriro zikinduko. 14 Orduan baretuko ditut ibaiko urak eta olioa bezain leunkiro joango dira. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 15 Egipto hondamendi bihurtuko dudanean eta herrialdea huts-hutsik utzi, bizilagun guztiak jo eta garbituko ditudanean, orduan jakingo dute denek ni naizela Jauna. 16 Hau da abestuko duten eresia: nazio orotako emakumeek abestuko dute, Egipto eta hango jende guztiarengatik abestuko. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Faraoia Hilen Egoitzan
17 Hamabigarren urtean, hilaren hamabostean, honela mintzatu zitzaidan Jauna:
18 «Gizaseme, kanta eresia Egiptoko jende guztiarengatik eta jaitsarazi bera eta munduko beste nazio ahaltsuak lur azpiko mundura, hildakoekin elkartzera.
19 «Besteak baino hobea ote zara, bada? Etzan zu ere hilobian fedegabeekin, 20 gerran hildakoekin batera. Prest dago ezpata, atera dute Egiptoren eta bertako jendearen aurka. 21 Hilen Egoitzan, heroirik adoretsuenek esango dute: <Jaitsi da Egipto bere aliatuekin eta hemen dautza sinesgabe horiek, gerran hilak>.
22 «Han datza Asiriako erregea, bere gerlari guztien hilobiez inguratua; gerran hilak dira denak. 23 Hilen tokiko barrunbeetan daude asiriarren hilobiak, erregearenaren inguruan; gerran eroriak dira denak, bizidunen artean izu-ikara ezartzen zutenak.
24 «Han datza Elameko erregea bere gerlari guztien hilobiez inguratua; gerran hilak dira denak. Sinesgabe horiek, bizien artean izu-ikara ezartzen zutenak, lur azpiko mundura jaitsi dira, desohorez beterik, hildakoekin elkartzera. 25 Elameko erregea gerran hildakoen artean datza, bere gerlarien hilobiez inguratua. Gerran hilak dira sinesgabe horiek guztiak. Izu-ikara ezartzen zuten bizidunen artean; denak desohorez beterik dautza hildako guztiekin batera, gerran hildakoen artean.
26 «Han dautza Mexek eta Tubalgo erregeak ere, beren gerlari guztien hilobiez inguratuak; gerran hilak dira sinesgabe horiek. Izu-ikara ezartzen zuten bizidunen artean. 27 Ez daude antzina eroritako heroiekin, beren armaz horniturik Hilen Egoitzara jaitsi zirenekin; hauei ezpata burupean eta babeskia bular gainean jarri zizkieten. Heroi hauek ere bizidunen artean izu-ikara ezarri zuten. 28 Baina zuk, Egipto, sinesgabeen artean joko duzu lur, eta gerran hildakoekin geldituko zara etzanda.
29 «Han datza Edom ere: bertako errege eta buruzagiak oso ahaltsuak izan arren, fedegabeekin, gerran hildako guztiekin batera daude.
30 «Han daude iparraldeko herrien buruzagi guztiak, bai eta sidondar guztiak ere. Izu-ikara ezartzen zuten, baina orain gerran hildakoekin dautza sinesgabe horiek, desohorez beterik eta beren egintzengatik lotsatuak; hildako guztiekin batera daude.
31 «Jendetza hori ikustean, kontsolatu egingo da faraoia bere gudarostea gerran galdu izanaz. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 32 Izu-ikara ezarri baitzuen bizidunen artean, faraoia eta bere gudarostea sinesgabeen artean geldituko dira etzanik, gerran hildakoekin batera. Nik, Jainko Jaunak, esana».
JERUSALEM ERORI OSTEKOA: ITXAROPENA ETA BIZI BERRIA ISRAELENTZAT
Profeta jagole
33. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, esan zeure herritarrei: Demagun gerra sortarazten dudala herrialde baten kontra; orduan, hango jendeak beren arteko bat aukeratu eta jagole izendatzen du. 3 Jagoleak, arerioa datorrela ikustean, adarra jotzen du jendea ohartarazteko. 4 Norbaitek, adar-hotsa garbi entzun arren, ez badio jaramonik egiten, bera izango da bere heriotzaren erantzule, etsaiak ustekabean harrapatzen badu. 5 Entzun du adar-hotsa eta ez dio jaramonik egin; beraz, bere erruz hil da. Jaramon egin izan balio, salbatu egingo zukeen bizia. 6 Baina jagoleak arerioa datorrela ikusi eta ez badu adarra jotzen jendea ohartarazteko, etsaiak ustekabean harrapatzen duena, bere erruarengatik hilko da, baina nik jagoleari eskatuko diot heriotza horren kontu. 7 Zu, Ezekiel, Israel herriaren jagole izendatu zaitut; nik esandakoa entzutean, ohartarazi egin behar dituzu nire izenean. 8 Gaiztoren batek hil egin behar duela esaten badut, eta bere jokabidea alda dezan zuk ez baduzu ohartarazten, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu. 9 Aitzitik, bere jokabidea alda dezan gaiztoa ohartarazten baduzu, eta berak ez badu aldatzen, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuk onik aterako duzu zeure bizia.
Nork bere erantzukizuna
10 «Gizaseme, esan israeldarrei: Zera ari zarete esaten: <Galdurik gaude geure gaiztakeria eta bekatuen zamapean. Nola bizi gintezke?>
11 Esaiezu nire mezua: Ala ni, Jainko Jauna! Nik ez dut atsegin gaiztoa hiltzea, jokabidez aldatu eta bizitzea baino. Itzul zaitezte, beraz, itzul jokabide gaiztotik; zergatik hil behar duzue, israeldarrok?
12 «Zuk, gizaseme, esan zeure herritarrei: Zintzoa, okerbideratzen bada, ez du ordurarteko bere zuzentasunak salbatuko, ez eta gaiztoa ere bere gaiztakeriak eroraraziko, jokabide gaiztotik aldentzen bada. Zintzoak ez dio biziari eutsiko aurreko bere zuzentasunagatik, bekatu egiten hasten bada. 13 Zintzoari bizi egingo dela esaten badiot, eta hark, bere zuzentasunaz fidatuz, bidegabekeria egiten badu, ez zaizkio bere egintza zuzenak kontuan hartuko eta hil egingo da bere bidegabekeriagatik. 14 Gaiztoari hil egingo dela esaten badiot, eta hark bekatutik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, 15 bahituran hartutakoa bueltatu, ostutakoa itzuli eta, bidegabekeria egiteari utziz, bizia ematen duten aginduetan badabil, bizi egingo da, bai, eta ez da hilko. 16 Ez dut gogoratuko hark egindako bekaturik; zuzenbidez eta justiziaz jokatu duenez, bizi egingo da.
17 «Zure herritarrek erantzungo dute: <Ez da bidezkoa Jaunaren jokabidea>. Beraiena da bidezkoa ez dena. 18 Zintzoa, bere zuzentasunetik aldendu eta bidegabekeria egiten badu, hil egingo da; 19 gaiztoa, bere txarkeriatik aldendu eta zuzenbidez eta justiziaz jokatzen badu, bizi egingo da. 20 Eta oraindik ere Jaunaren jokabidea bidezkoa ez dela esango ote duzue? Israeldarrok, nor bere jokabidearen arabera epaituko zaituztet».
Jerusalemen erorketaren berri
21 Gure erbestealdiko hamabigarren urtean, hamargarren hilaren bostean, Jerusalemdik ihes egindako bat iritsi zitzaidan, esanez: «Hartu dute hiria».
22 Iheslaria iritsi aurreko arratsean, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz; eta goizean, gizon hura iristean, ahoa zabaldu zitzaidan eta ez nuen mutu jarraitu.
Israelen suntsipena
23 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
24 «Gizaseme, Israelen hirietako hondakinen artean bizi direnek esaten dute: <Abrahamek, bakarra izanik, lurraldearen jabetza izan bazuen, are gehiago guk, hain ugari izanik>.
25 Beraz, adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuek haragia odolarekin jaten duzue, idoloetan uste ona jarri eta hilketak egiten dituzue. Nola nahi duzue, bada, lurralde honen jabetza izan?
26 Armen indarkeriazale zarete, egintza higuingarriak egin eta lagun hurkoaren emaztea desohoratzen duzue. Nola nahi duzue, bada, lurralde honen jabetza izan?
27 Adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zin dagit neure biziarengatik: Hirietako hondakinen artean bizi direnak gerran hilko dira; landan daudenak basapiztien janari bihurtuko ditut, eta harkaitz eta koba-zuloetan daudenak izurriz hilko dira.
28 Basamortu eta hondamendi bihurtuko dut herrialdea, beraren indar harroa desegingo; Israelgo mendiak hondamendi bihurtuko ditut, eta ez da handik inor igaroko.
29 Egintza higuingarri guztiak zigortzeko, herrialdea basamortu eta hondamendi bihurtuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
30 «Gizaseme, zure herritarrak zutaz ari dira harresi ondoan eta etxe-atarietan, elkarri esanez: <Goazen, ea zein mezu ematen digun Jaunak>. 31 Eta multzoan etortzen dira zuregana, eta nire herria zure aurrean esertzen da; entzuten dituzte zure hitzak, baina bete ez; atsegin dituzte zure hitzak, baina beren probetxu bila dabiltza barruan. 32 Azken batean, ahots politaz eta musika ederraren laguntzaz amodio-kantak abesten dituena bezala zara zu berorientzat: entzuten dituzte, bai, zure hitzak; bete, ordea, ez dituzte betetzen. 33 Baina zuk iragarria beteko denean, eta betetzear dago, orduan jakingo dute bazutela profeta bat beren artean».
Israelgo buruzagien aurkako mezua
34. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, hitz egin nire izenean Israelgo artzainen kontra eta adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zoritxarrekoak beren buruak bazkatzen dituzten Israelgo artzainak! Ez ote da artaldea artzainek bazkatu beharrekoa? 3 Ardikiz elikatzen zarete, artilez janzten eta arkumerik ederrenak hiltzen dituzue, baina ez duzue artaldea zaintzen. 4 Ez dituzue ardi ahulak indartzen, ez gaixoa sendatzen, ez eta hanka lotu ere hautsia duenari; ez duzue desbideratua artaldera ekartzen, ez eta galdutakoaren bila joaten ere, baizik eta indarrez eta gogorkeriaz ezarri diezue zeuen agintea. 5 Artzain gabe, ardiak sakabanatu egin dira eta basapiztien harrapakin bihurtu. 6 Mendi eta muinoetan nora-ezean dabil nire artaldea; lurralde osoan dago sakabanatua, eta inor ez da berorretaz arduratu eta bila joaten. 7 Horregatik, artzainok, entzun nire, Jainko Jaun honen, mezua: 8 Ala ni, Jainko Jauna! Nire artaldea larrutua eta basapiztia guztien harrapakin izan da artzainik ez zuelako, eta artzainak ez dira nire artaldeaz arduratu; aitzitik, artzainek beren buruak zaindu dituzte eta ez nire artaldea; 9 beraz, artzainok, entzun nik, Jainko Jaunak, diodana: 10 Artzainen kontra ekingo diot: neure artaldea itzultzera behartuko ditut eta artzain-kargutik botako, ez dituzte aurrerantzean beren buruak bazkatuko; horien hortz artetik aterako ditut ardiak eta ez dituzte berriro elikagai izango. 11 Hau baitiot nik, Jainko Jaunak: Ni neu egingo naiz artaldearen kargu, neu arduratuko hartaz. 12 Artaldea sakabanatu zaionean, artzaina bere ardiez arduratzen den bezala, halaxe arduratuko naiz ni neure ardiez; egun lainotsu eta ilunean sakabanaturiko leku guztietatik aterako ditut. 13 Herri eta lurralde arrotzetatik atera eta bilduko ditut, eta beren lurraldera eramango; Israelgo mendietan bazkatuko ditut, haran eta herrialdeko bizileku guztietan. 14 Larre oparotan bazkatuko ditut, Israelgo mendi garaietan izango dituzte eskortak. Han hartuko dute atseden eskorta ederretan, eta larre oparotan bazkatuko dira Israelgo mendietan. 15 Nik neuk larratuko dut artaldea, eta neuk harraraziko diot atseden. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 16 Ardi galduaren bila joango naiz, desbideraturik dabilena artalderatuko, hautsia duenari hanka lotuko, gaixoa indartu egingo dut. . Zuzen zainduko ditut neure ardiak.
Jainkoak bere herriari lagundu
17 «Zuei, nire artaldekoei, hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Nik erabakiko dut ardien arteko auzia, ahari eta akerren artekoa.
18 Ez al duzue nahikoa larre bikainetan bazkatzea? Zergatik zapaldu hankapean gainerako larrea? Ez al duzue nahikoa ur garbia edatea? Zergatik zikindu gainerakoa zeuen hankaz?
19 Eta nire ardiek zuek zanpatutakoa jan behar dute eta zuek zikindutakoa edan.
20 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Nik neuk erabakiko dut ardi gizenaren eta argalaren arteko auzia.
21 Ardi gaixoak beso-bizkarrez bultzaka eta adarka bazkatokitik kanpora bota dituzuelako,
22 neure ardiei laguntzera etorriko naiz, luzaroagoan suntsi ez ditzaten; nik neuk erabakiko dut ardien arteko auzia.
23 Artzain bakar bat jarriko dut artaldearen buru, David neure zerbitzaria; berak bazkatuko ditu, bera izango dute artzain.
24 Ni, Jauna, izango naute Jainko eta David nire zerbitzaria buruzagi. Nik, Jaunak, hitz emana.
25 Bakea ekarriko dien ituna egingo dut neure artaldearekin: basapiztiak desagerraraziko ditut herrialdetik, seguru biziko dira landa zabalean eta lasai lo egingo basoetan.
26 Neure mendi santuaren inguruan ezarriko ditut eta sasoian sasoiko euria bidaliko diet, neure bedeinkazioaren ezaugarri.
27 Landako zuhaitzek fruitua emango dute, lurrak uzta, eta niretarrak lasai biziko dira lurraldean. Beraien uztarriaren lokarriak apurtu eta esklabo bihurtu dituztenen eskupetik libratuko ditudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
28 Ez dituzte berriro beste nazioek larrutuko, ez eta basapiztiek irentsiko ere. Seguru biziko dira, inork izutu gabe.
29 Herrialdea baratze jori bihurtuko diet; ez ditu berriro goseak joko eta beste nazioek ez dituzte lotsaraziko.
30 Orduan jakingo dute ni, Jauna, beren Jainkoa, berekin nautela, eta beraiek, Israel herria, nire herri direla. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
31 Zuek, nire artalde, nire zainpeko ardi zarete, eta ni zuen Jainko. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Edomdarren aurkako mezua
35. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, itzuli Seir mendialdera eta hitz egin nire izenean beraren kontra. 3 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua:
«Zure kontra nator, Seir mendialde hori, zure aurka ekin eta basamortu soil bihurtuko zaitut. 4 Zure hiriak hondaturik utziko ditut, eta zu zeu basamortu bihurtuko; orduan jakingo duzu ni naizela Jauna.
5 «Betidanik izan zara israeldarren etsai, eta gerra egin zenien beren hondamendi-egunean, azken zigorraren egunean;
6 horregatik, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, heriotzara emango zaitudala eta heriotza atzetik jarraika izango duzula; heriotza gorrotatu ez duzunez, bera izango duzu atzetik jarraika.
7 Seir mendialde hori, basamortu soil bihurtuko zaitut, eta ez da hortik inor ibiliko.
8 Hildakoz beteko ditut zure mendiak. Muino, haran eta erreka-zoko guztietan geldituko dira gerran hildakoak.
9 Betiko basamortu bihurtuko zaitut eta zure hirietan ez da inor biziko. Orduan jakingo duzu ni naizela Jauna.
10 « <Israel eta Juda herrialdeak gureak dira, gu jabetuko gara horietaz> esan duzu
-nahiz eta ni, Jauna, bertan bizi
-;
11 horregatik, nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, zuk gorrotoaren eraginez israeldarren kontra azaldu duzun amorru eta grina berberaz jokatuko dudala. Zigortuko zaitudanean, orduan aitortuko naute israeldarrek.
12 Orduan jakingo duzu nik, Jaunak, entzun ditudala zuk Israelgo mendien kontra botatako irain guztiak. Esan duzu: <Hutsik daude, geuk irensteko eman dizkigute>.
13 Erronka egin didazue harro, gehiegikeriaz hitz egin duzue nire kontra; dena entzun dut!
14 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Guztiz suntsituko zaitudanean, herrialde osoa poztuko da. 15 Zu poztu egin zinen Israel herriaren ondarea basamortu bihurtzean; bada, gauza bera egingo dizut: Seir mendialdea, Edom osoa, basamortu bihurtuko zaitut. Orduan, denek jakingo dute ni naizela Jauna.
Israel eraberrituko
36. atala
[aldatu]1 «Gizaseme, hitz egin nire izenean Israelgo mendiei eta esan entzuteko
2 nik, Jainko Jaunak, adierazten diedan mezua: <Bai ederki!
-zioen etsaiak zuei buruz
-. Antzinako mendion jabe bihurtu gara>.
3 Horregatik, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Hondaturik utzi zaituztete eta zuek berenganatzeko irrikaz zeuden beste nazioak zuetaz jabetu dira, isekaz eta irainez bete zaituztete;
4 horregatik, Israelgo mendiok, entzun nik, Jainko Jaunak, zuei guztioi
-mendi eta muino, erreka eta haran, hondaturiko toki eta hutsik zaudeten hiri, inguruko nazio guztien harrapakin eta isekagai izan zaretenoi
- adierazten dizuedan mezua:
5 Jakizue ongi, suminaren suminez mintzo naiz beste nazio guztien aurka, Edomen kontra batez ere; pozez gainezka eta mesprezio biziz nire herrialdeaz jabetu baitziren, bertako lurrak bipiltzeko.
6 «Beraz, hitz egin nire izenean Israel lurraldeari, eta adierazi mendi eta muinoei, erreka eta haranei, nik, Jainko Jaunak, diodana: Suminaren suminez eta amorruz mintzo naiz beste nazioek egin dizueten laidoarengatik. 7 Horregatik, zinez agintzen dut nik, Jainko Jaunak, zuen inguruko nazioek ere beren laidoa jasoko dutela. 8 Eta zuek, Israelgo mendiok, landareak sortuko dituzue eta fruituak emango nire herri Israelentzat, laster itzuliko baita. 9 Bai, zuek babesteko nago ni hemen: landu egingo zaituztete eta erein. 10 Zuen jendea ugalduko dut, Israel herri osoa. Hiri hondatuak berreraiki eta berriz jendea biziko da berorietan. 11 Zuen gizaki eta abereak ugalduko ditut, umeak sortu eta ugaldu egingo dira. Lehen bezain jendetsu egingo zaituztet, eta lehen baino ere egoera hobean jarriko; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna. 12 Israelgo mendiok, nire herritarrak zuen gainetik ibilaraziko ditut; lurraldeaz jabetuko dira eta beren ondare izango dute; herrialdea ez da berriz seme-alabarik gabe geldituko. 13 Hau diot nik, Jainko Jaunak: Israel lurraldeak gizakiak irensten eta herria jenderik gabe uzten duela esan izan dute. 14 Baina aurrerantzean ez duzu gizakirik irentsiko, ez eta herria jenderik gabe utziko ere. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 15 Ez duzu entzun beharko atzerritarren irainik, ez eta beste herrien isekarik jasango ere; ez duzu zeure herria jenderik gabe utziko. Nik, Jainko Jaunak, esana».
16 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 17 «Gizaseme, artean beren herrialdean bizi zirenean, israeldarrek kutsatu egin zuten lurraldea beren jokabide eta egintza txarrez; kutsatua zen haien portaera, hilerokoan botatako odola bezain kutsatua. 18 Beraz, odola isuri eta herrialdea idolatriaz kutsatu zutelako, neure sumina isuri nuen haien gainera. 19 Atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatu nituen, beren jokabide eta egintza txarren arabera epaitu. 20 Eta nazio haietara iritsi zirenean ere, nire izen santua belztu zuten, jendea zera esatera bultzatuz: <Jaunaren herria dira, baina beren lurraldetik irten behar izan dute!> 21 Orduan, neure izen santua garbitu nahi izan nuen, israeldarren erruz, beraiek zeudeneko nazioetan belztua baitzegoen. 22 Beraz, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Ez dut hau zuengatik, israeldarrongatik, egiten, baizik eta zuek egon zareteneko nazioetan belztu duzuen nire izenaren ohoreagatik. 23 Nazio horietan egon bitartean zuek belztutako neure izen handiaren santutasuna agertuko dut beraien aurrean. Eta zuen bidez nire santutasuna beraien aurrean agertuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 24 Nazio eta herrialde horietatik guztietatik bilduko zaituztet, eta zeuen lurraldera eramango. 25 Ur garbiz zipriztinduko zaituztet eta garbi geldituko zarete; zuen kutsadura eta idolatria guztietatik garbituko zaituztet. 26 Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko: harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango. 27 Neure espiritua ezarriko dut zuengan, nire legeen arabera jokatzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko gai bihurtuz. 28 Zuen arbasoei eman nien lurraldean biziko zarete; nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko. 29 Zeuen kutsadura guztietatik libratuko zaituztet, garia erne eta ugalaraziko dut, ez dizuet berriro gosea pasatzen utziko. 30 Arboletako fruituak eta soroetako uztak ugalaraziko ditut, beste nazioen aurrean gosearen lotsa jasan beharrik izan ez dezazuen. 31 Zeuen jokabide gaiztoa eta egintza txarrak gogoratuko dituzue; zeuen buruaz nazka sentituko duzue zeuen erru eta jokabide higuingarriengatik. 32 Hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Jakizue ongi, ez dut honela zuengatik jokatzen. Israeldarrok, zeuok egon behar duzue lotsaz gorri zeuen jokabideagatik.
33 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeuen erru guztietatik garbituko zaituztedanean, hiri hondatuak berreraiki eta bizilagunez beteko ditut. 34 Berriro landuko dira lur hondatuak eta bidaiariek ez dute aurrerantzean lur landugaberik ikusiko. 35 Orduan esango dute: <Hondatua zegoen lurralde hau Edengo baratzea bezala dago orain. Hondatuak, erraustuak eta eroriak zeuden hiriak gotorturik daude eta jendez beterik>. 36 Eta zuen inguruan gelditutako herriek orduan jakingo dute ni naizela Jauna, hiri eroriak berreraiki eta lur erraustuak berriro landatzen dituena. Nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dut.
37 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Gainera, laguntza eske niregana etortzen utziko diet israeldarrei eta artaldea bezala ugalaraziko ditut. 38 Festaburuetan Jaunari sagaratzeko Jerusalemera eramaten diren ardiak bezain ugari izango dira hiri hondatuak beteko dituzten giza taldeak; orduan jakingo dute denek ni naizela Jauna».
Hezurren ikuskaria
37. atala
[aldatu]1 Jaunaren indarra nitaz jabetu zen; beraren espirituak hartu eta hezurrez betea zegoen haran baten erdian utzi ninduen. 2 Batera eta bestera ibilarazi ninduen haran guztian zehar: hezur-pila izugarria zegoen, guztiz ihartuak. 3 Esan zidan Jaunak:
-Gizaseme, bizi ote daitezke hezur hauek berriro?
Erantzun nion:
-Jainko Jauna, zeuk jakingo duzu!
4 Esan zidan:
-Hitz egin nire izenean hezur horiei eta esaiezu entzuteko Jaunaren hitza.
5 Hau diotset nik, Jainko Jaunak, hezur ihartu horiei: Bizi-arnasa jarriko dut zuengan, bizi zaitezten.
6 Zainez inguratuko zaituztet, haragia eratuko dut zuen gainean, larruazalez jantzi eta bizi-arnasa emango dizuet, bizi zaitezten; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
7 Hitz egin nuen Jaunaren izenean berak agindu bezala, eta hitz egin bitartean hots bat izan zen: lurrak dardara egin zuen eta hezurrak bata bestearekin elkartzen hasi. 8 Gainean zainak eta haragia zituztela ikusi nuen, eta larruazalez estaltzen ari zirela; baina ez zuten bizi-arnasarik. 9 Esan zidan Jaunak: «Hitz egin nire izenean bizi-arnasari; hitz egin, gizaseme, eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bizi-arnasa, zatoz lurraren lau aldeetatik eta haize eman gorpu hauei, bizi daitezen». 10 Agindu bezala hitz egin nuen. Bizi-arnasa sartu zen hezurretan, bizira itzuli ziren eta zutik jarri: ikaragarrizko gudaroste baten antza zuten.
11 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hezur horiek Israel herri osoa dira. Hau diote: <Gure hezurrak iharturik daude, galdua dugu itxaropena. Egin du gureak!> 12 Horregatik, hitz egin nire izenean eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nik irekiko ditut zuen hilobiak, nik irtenaraziko zaituztet hilobitik, oi ene herri, eta Israelgo lurraldera eramango. 13 Zuen hilobiak ireki eta berorietatik irtenaraziko zaituztedanean, oi ene herri, orduan jakingo duzue ni naizela Jauna. 14 Neure espiritua ezarriko dut zuengan, bizi zaitezten. Zeuen lurraldera eramango zaituztet. Orduan jakingo duzue nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dudala. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Jaunak Juda eta Israel bilduko
15 Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
16 «Gizaseme, hartu makila bat eta idatzi gainean <Juda eta berarekin elkarturiko israeldarrak>. Gero, hartu beste makila bat eta idatzi gainean <Jose eta berarekin elkarturiko gainerako israeldarrak>
-makila hau Efraimi dagokio
-.
17 Elkar itzazu bi makilok, bat egin dezaten zure eskuan.
18 Eta zure herritarrek zertan ari zaren azaltzeko eskatutakoan,
19 adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Joseren makila eta beronekin elkarturiko Israelgo leinuena
-Efraimi dagokiona
- hartuko dut eta Judaren makilaren kontra ipiniko, eta biak bat izango dira nire eskuan.
20 Bitartean, eduki zuk eskuan, haien begi-bistan, makila idatziak.
21 Gero, adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Egon direneko nazioen artetik batuko ditut israeldarrak; alde guztietatik bildu eta beren lurraldera eramango ditut.
22 Nazio bakar bihurtuko ditut lurralde honetan, Israelgo mendietan; errege bakarra izango dute guztiek; ez dituzte berriro bi naziotan bereiziko, ez eta bi erresumatan banatuko ere.
23 Ez dira gehiago beren idolatria higuingarri eta gaiztakeriez kutsatuko. Errudun bihurtu dituen desleialkeria orotatik askatuko ditut. Garbitu egingo ditut, eta nire herri izango dira eta ni beraien Jainko.
24 David nire zerbitzaria izango dute errege, guztien artzain bakar; nire erabakien arabera jokatuko dute eta nire legeak arretaz beteko.
25 Jakob nire zerbitzariari eman nion lurraldean biziko dira, non bizi izan baitziren haien gurasoak ere. Han biziko dira beraiek eta beraien ondorengoak betiko, eta David nire zerbitzaria izango dute buruzagi betiko.
26 Bakea ekarriko dien ituna egingo dut beraiekin, betiko balioko duena. Herrialdean ezarri eta ugaldu egingo ditut. Neure santutegia beraien artean jarriko dut betiko.
27 Beraiekin biziko naiz: beraien Jainko izango naiz eta haiek nire herri.
28 Neure santutegia beraien artean betiko jarriko dudanean, orduan jakingo dute nazioek ni naizela Jauna, Israel beretzat sagaratu duena».
Gog, Jainkoaren baliabide
38. atala
[aldatu]1 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 2 «Gizaseme, zuzendu Magog herrialdeko Gog-engana, Mexek eta Tubal herrien buruzagi nagusiagana, eta hitz egin nire izenean beraren aurka. 3 Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Gog, zure kontra nator, Mexek eta Tubalgo buruzagi nagusi horren kontra. 4 Itzularazi egingo zaitut, muturretakoa ipini eta zeure gudaroste osoarekin irtenaraziko zaitut: zaldi eta dotore jantzitako zaldizkoekin, babeskiz eta bular-oskolez hornituriko gudaroste handiarekin, denak ezpata eskuetan dutela. 5 Pertsia, Etiopia eta Put herrialdeetako jendea ere haiekin da, denak babeskiz eta buru-oskolez hornituak; 6 bai eta Gomer-ko eta iparraldeko muturreko Bet-Togarmako gudu-taldeak ere: gudaroste kontaezinak dira zurekin. 7 Presta zaitez, presta zeu eta inguruan duzun gudarostea, eduki ezazu erne.
8 «Urte askoren buruan, kontuak eskatuko dizkizuete. Garai hartan, Israel herrialdera etorriko zara, gerran suntsitua izan ondoren, berriztaturik egongo den herrialdera; berau herri askotan sakabanaturik egon ondoren, luzaroan hondaturik izandako Israelgo mendietan egongo da bilduta. Beste nazioetatik aske, herritar guztiak seguru biziko dira han. 9 Baina zuk, zeure gudaroste eta herri aliatu askorekin, ekaitzak bezala egingo diozu eraso, lurraldea estaltzen duen hodei beltza bezala sartuko zara han».
10 Hau diot nik, Jainko Jaunak: «Egun hartan egitasmo maltzurrak bururatuko zaizkizu. 11 Herrialde babesgabeari erasotzea erabakiko duzu, harresi, ate eta morroilorik gabeko hirietan lasai eta seguru bizi den jendearen kontra joatea, alegia. 12 Dena harrapatu eta larrutzera joango zara, berreraikiak izan diren hiri hondatuak eta beraietan bizi den herria larrutzera, nazio arrotzetatik etorri eta herrialdean bildu ondoren, abereak eta beste ondasunak lortu dituen herria, munduaren erdian bizi den herria, larrutzera. 13 Saba eta Dedango jendeak, Tarsisko merkatariek eta inguruko hirietakoek esango dizute: <Harrapakin bila etorri zara? Zilarra, urrea, ganadua eta ondasun handiak bipildu eta harrapatzeko bildu duzu gudarostea?>
14 «Beraz, gizaseme, hitz egin nire izenean eta adierazi Gogi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nire herri Israel seguru biziko denean, altxatu eta 15 zeure herrialdetik, iparraldeko muturretik, irtengo zara herri asko lagun dituzula: gerlari guztiek zaldi gainean jendetza handia, gudaroste izugarria, osatuko dute. 16 Lurraldea estaltzen duen hodei beltzak bezala, nire herri Israeli erasoko diozu. Azken garaia iristean, neure herriaren kontra etorraraziko zaitut, neure santutasuna zure bitartez, oi Gog, beraien aurrean agertuko dudanean, nazioek aitor nazaten.
17 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zu zara neure zerbitzari Israelgo profeten bidez nik aspaldi aipatua: haiek luzaroan iragarri zuten zu etorraraziko zintudala israeldarren kontra.
Jaunak Gog zigortu
18 «Egun hartan, Gog Israel lurraldera etorriko denean, nire haserre-sumina piztuko da. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
19 Neure suminaren suminez zin dagit lurrikara handia izango dela Israelen.
20 Itsasoko arrain, zeruko hegazti, basapizti, narrasti eta munduko gizaki guztiek dardara egingo dute nire aurrean. Mendiak erori egingo dira, harkaitz-labarrak amildu eta harresi guztiek lur joko.
21 Gerra sortaraziko dut Gogen kontra nire mendi guztietan. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Eta haren gerlariek elkar hilko dute.
22 Izurriz eta heriotzaz zigortuko dut. Haren, gudarostearen eta lagun izango dituen herri askoren gain euri-jasa isuraraziko dut, kazkabar, su eta sufrez.
23 Jainko handi eta santua naizela agertuko dut eta nazio askok aitortuko naute. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
Gog-en porrota
39. atala
[aldatu]1 «Zuk, gizaseme, hitz egin nire izenean Gogen aurka eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Gog, zure kontra nator, Mexek eta Tubal herrien buruzagi nagusi horren kontra. 2 Itzularazi egingo zaitut, iparraldeko muturretik abiatzera behartu eta Israelgo mendietara ekarriko. 3 Zure ezkerreko eskuko uztaia apurtu eta eskuinekotik geziak eroraraziko dizkizut. 4 Israelgo mendietan eroriko zarete hilik, zu zeu, gudarostea eta lagun dituzun herriak. Hegazti harrapari eta basapiztien janari bihurtuko zaituztet. 5 Nik iragarri bezala, landa zabalean geldituko zarete hilda. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 6 Su emango diet Magogi eta itsas herriei, non lasai bizi baita jendea; orduan jakingo dute ni naizela Jauna. 7 Neure herri Israeli santu naizela aitorraraziko diot, eta ez diot utziko neure izen santua gehiago belzten. Orduan jakingo dute nazioek ni naizela Jauna, Israelen Santua. 8 Horra, badator iragarri dudan eguna, iristear dago. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 9 Orduan, Israelgo hirietako jendeak, irten, sua egin eta erre egingo ditu armak: babeski eta bular-oskolak, uztai eta geziak, lantza eta azkonak; zazpi urterako erregaia izango dute. 10 Ez dute landan egur bila edo basoetan egurketan ibili beharrik izango, arma horiekin egingo baitute sua. Beren harrapariak harrapakin bihurtuko dituzte eta larrutzaileak larrutu egingo. Nik, Jainko Jaunak, esana.
Gogen hilobia
11 «Egun hartan, Gogi leku bat emango diot hilobitzat Israelen, Bidaiarien bailaran
-bidaiariei pasabidea mozten dien bailaran
-, Itsaso Hilaren ekialdean. Gog eta gudaroste osoa lurperatuko dute han, eta Gogen gudarostearen bailara deituko dute aurrerantzean.
12 Israeldarrek zazpi hilabete beharko dituzte denei lur eman eta herrialdea garbi uzteko.
13 Herritar guztiek jardungo dute horretan; gogoangarri izango dute ni ospetsu agertuko naizen egun hori.
14 Gero, zazpi hilabeteak igarota, giza taldeak aukeratuko dituzte etengabe harat-honat ibil daitezen, lur gainean gelditutako gorpuak lurperatu eta herrialdea garbitzen.
15 Herrialdean zehar dabiltzala giza hezurren bat ikusten badute, harri-pilatxo bat jarriko dute ondoan, seinale gisa, hobiratzaileek Gogen gudarostearen bailaran lur eman arte.
16 Bada hiri bat ere Hamona
-Gudaroste
- izenekoa. Horrela, herrialdea garbi geldituko da.
17 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Gizaseme, esan hegazti eta basapiztia orori biltzeko, etortzeko alde guztietatik, Israelgo mendietan eskainiko diedan sakrifizioan parte hartzera; sekulako otordua izango da, okela jan eta odola edango dute; 18 gerlari adoretsuen haragia jan eta munduko buruzagien odola edango dute, Baxango ahari, arkume, aker eta zezen gizenena balitz bezala. 19 Asebete arte jango duzue haien okela guria eta mozkortu arte edango odola, zuentzat prestatzen ari naizen sakrifizio honetan. 20 Nire mahaian, zaldien eta zaldizkoen, gerlari adoretsu eta mota guztietako soldaduen haragiz asebeteko zarete. 21 Horrela, neure aintza agertuko diet nazioei, eta nazio guztiek ikusiko dute nola juzgatu eta beteko dudan epaia. 22 Egun horretatik aurrera, jakingo dute israeldarrek ni naizela Jauna, beraien Jainkoa.
Ezekielen predikuaren laburpena
23 «Jakingo dute nazioek bere erruengatik erbesteratu zutela Israel, desleial izan zitzaidalako; horregatik, bizkarra eman nien, etsaien esku utzi eta gerran erori ziren denak.
24 Beren kutsadura eta errebeldiak merezi bezala erabili nituen; horregatik eman nien bizkarra.
25 Baina hau diot nik, Jainko Jaunak: Orain, Jakoben herriaren zoria aldatuko dut: gupidaz hartuko dut Israel herri osoa eta erbestetik itzularaziko, neure izen santuaren ohoreaz arduraturik.
26 Beren lurraldean, inork izutu gabe, seguru biziko direnean, nire kontra egin dituzten lotsagarrikeria eta desleialkeria guztiak ahaztuko dituzte.
27 Atzerritarren artetik etorrarazi eta etsaien herrialdeetatik bilduko ditudanean, beraien bidez neure santutasuna agertuko dut nazio askoren aurrean.
28 Orduan jakingo dute ni naizela Jauna, beren Jainkoa, nazio artera erbesteratu ondoren, beren lurraldean elkartuko baititut berriro, bat bera ere han utzi gabe.
29 Ez diet gehiago bizkarra emango, neure espiritua isuriko baitut Israel herriaren gain. Nik, Jainko Jaunak, esana».
TENPLUARI ETA LURRALDEARI BURUZKO IKUSKARIA
Etorkizuneko tenplua
40. atala
[aldatu]1 Gure erbestealdiko hogeita bosgarren urtean, urtearen hasieran, hilaren hamarrean, Jerusalem erori zela hamalau urte bete ziren egun berean, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz. 2 Jainko-ikuskaritan Israel lurraldera eraman eta mendi garai baten gainean utzi ninduen, eta haren gailurrean, hegoaldera, eraikin-multzo bat zegoen, hiri baten antzekoa. 3 Hara eraman ninduen, eta gizon bat ikusi nuen, brontzezkoa zirudiena. Lihozko kordela eta neurtzeko makila zeuzkan eskuan; zutik zegoen ate ondoan. 4 Esan zidan gizonak: «Gizaseme, begira erne, entzun adi eta jarri arreta erakutsiko dizudan guztiari, erakuts diezazudan ekarri baitzaituzte hona. Gero, kontatu israeldarrei ikusiko duzun guztia».
Kanpoko atari eta sarrerak
5 Tenplua ikusarazi zidan: bira osoan harresiz inguratua zegoen. Gizonak eskuan zeukan makila hiru metrokoa zen; harresia neurtu, eta hiru metroko lodiera eta hiru metroko altuera zuen.
6 Ekialdera dagoen sarrerara joan, harmailak igo eta atalasea neurtu zuen: hiru metro zen zabal.
7 Alde bietan, zaingelak zeuden: hiru metro ziren luze eta hiru metro zabal, eta gelatik gelara, bi metro eta erdiko tartea zegoen. Atalasea barnealdetik, atalondo aldera, hiru metro zen zabal.
8 Gero, atalondoa neurtu zuen gizonak:
9 lau metroko sakonera zuen, eta kanpoko hormek metro bateko lodiera. Sarrerako azken lokala zen, tenplurantz.
10 Ekialdeko sarrerak sei zaingela zituen, hiruna alde bakoitzean, denak neurri berekoak, eta tarteko hormak ere denak neurri berekoak.
11 Atearen zabalera neurtu zuen: bost metrokoa zen, eta erdiko pasabidearen zabalera sei metro eta erdikoa.
12 Zaingelen aurrean, pasabidearen alde bietan, horma bat zegoen, metro erdikoa; zaingelak hiru metrokoak ziren luze-zabalean.
13 Zaingela haietako baten barreneko hormatik, aurrez aurre pasabidearen bestaldean zegoen gelaren barreneko hormaraino neurtu zuen: hamabi metro eta erdiko tartea zegoen.
14 Gero, atalondoa neurtu zuen: hamar metrokoa zen. Atalondoak atarira jotzen zuen.
15 Sarreraren kanpoaldetik atalondoaren barnealderaino, guztira, hogeita bost metro zeuden.
16 Zaingeletako kanpo- eta tarte-hormek saredun leihoak zituzten inguru guztian, atalondoko hormek bezalaxe. Geletako barne-hormetan palmondoak zeuden zizelkatuak.
17 Gero, kanpoko atarira eraman ninduen gizonak. Atariak hogeita hamar gela zituen, eta harrizko espaloia inguru guztian. 18 Sarreren alboetan zegoen espaloia, eta honen zabalera haien luzera bestekoa zen; barneko patioa baino beherago zegoen mailaz. 19 Gizonak ataria neurtu zuen, eta kanpoko atariko lehen ataurretik barneko atariko ataurreraino berrogeita hamar metro zeuden.
20 Kanpoko atarian iparraldera zegoen sarreraren luzera eta zabalera ere neurtu zituen. 21 Alde bietan zeuden hiru zaingelak, tarteko hormak eta atalondoa ekialdeko sarrerakoen neurri berekoak ziren: hogeita bost metro luze eta hamabi eta erdi zabal. 22 Atalondoa, leihoak eta palmondoak ekialdeko sarrerakoen neurri berekoak ziren. Zazpi harmaila igo behar ziren, eta atalondoa azkenean zegoen. 23 Iparraldeko sarreraren aurrez aurre, barneko atarirako sarrera zegoen, ekialdetik bezalaxe; sarrera batetik besterako tartea neurtu zuen gizonak: berrogeita hamar metro.
24 Gero, hegoaldera eraman ninduen, non beste sarrera bat baitzegoen; hormen eta atalondoaren neurriak beste sarreretakoak bezalakoak ziren. 25 Sarrerak, atalondoa barne, leihoak zituen inguru guztian, besteenak bezalakoak. Hogeita bost metro zen luze, eta hamabi eta erdi zabal. 26 Zazpi harmaila igo behar ziren, eta atalondoa azkenean zegoen; hormetan palmondoak zeuden zizelkaturik, bana alde bakoitzean. 27 Barneko atariak ere bazuen sarrera bat hegoaldera. Bi sarreren arteko distantzia neurtu zuen gizonak: berrogeita hamar metro.
Barneko atari eta sarrerak
28 Gero, barneko atarira eraman ninduen hegoaldeko sarreratik. Sarrera hura neurtu, eta besteen neurri berekoa zen.
29 Zaingelek, hormek eta atalondoak besteen neurri berberak zituzten. Sarrerak, atalondoa barne, leihoak zituen inguru guztian, eta hogeita bost metro zen luze eta hamabi eta erdi zabal. 31 Atalondoak kanpoko atarirantz jotzen zuen; hormek palmondoak zituzten alde banatan zizelkatuta. Zortzi harmaila igo behar ziren sarrerara iristeko.
32 Ondoren, barneko atarira eraman ninduen ekialdeko atetik. Sarrera neurtu, eta besteen neurrikoa zen. 33 Zaingelek, hormek eta atalondoak besteen neurri berberak zituzten. Sarrerak, atalondoa barne, leihoak zituen inguru guztian, eta hogeita bost metro zen luze eta hamabi eta erdi zabal. 34 Atalondoak kanpoko atarirantz jotzen zuen; hormek palmondoak zituzten alde banatan zizelkatuta. Zortzi harmaila igo behar ziren sarrerara iristeko.
35 Gero, iparraldeko sarrerara eraman ninduen; sarrera neurtu, eta besteen neurrikoa zen. 36 Bazituen zaingelak, hormak, atalondoa eta, inguruan, leihoak. Sarrera hogeita bost metro zen luze, eta hamabi eta erdi zabal. 37 Atalondoak kanpoko atarirantz jotzen zuen; hormek palmondoak zituzten alde banatan zizelkatuta. Zortzi harmaila igo behar ziren sarrerara iristeko.
38 Gela bat zegoen sarrerako atalondora jotzen zuena: han garbitzen ziren erre-oparitarako abereak. 39 Sarrerako atalondoan bina mahai zeuden alde bietan, eta haietan hiltzen ziren erre-oparitarako nahiz barkamen- eta ordain-oparitarako abereak. 40 Iparraldeko atearen sarreran, atalondotik kanpo, baziren beste lau mahai ere, bina alde bietan. 41 Beraz, lau mahai zeuden sarreraren barnealdean, eta lau kanpoaldean: zortzi guztira, abereak hiltzeko erabiltzen zirenak. 42-43 Erre-oparitarako abereak hiltzeko lau mahaiak harlanduzkoak ziren: hirurogeita hamabost zentimetro ziren luze-zabal eta berrogeita hamar gora; mahai gainean oparigaiak ipintzen ziren. Gelaren bira guztian sei zentimetroko apaltxo bat zegoen, eta bertan ipintzen zen oparitarako abereak hiltzeko tresneria.
44 Gizonak barneko atarira eraman ninduen, non bi gela baitzeuden: bata iparraldeko sarreraren ondoan, hegoaldera jotzen zuena, eta bestea hegoaldeko sarreraren ondoan, iparraldera jotzen zuena. 45 Eta esan zidan gizonak: «Hegoaldera begira dagoen gela hau tenpluko zerbitzuaz arduratzen diren apaizentzat da, 46 eta iparraldera begira dagoena aldareko zerbitzuaz arduratzen direnentzat; hauek Tzadoken ondorengoak dira, lebitarren artetik Jaunaren zerbitzurako aukeratuak».
Barneko ataria eta tenplua
47 Gizonak barneko ataria neurtu zuen: karratua zen, berrogeita hamar metro luze-zabal. Aldarea tenplu aurrean zegoen. 48 Tenpluko atalondora eraman ninduen gizonak eta neurtu egin zuen: sarrerako hormek, atearen bi aldeetakoek, bi metro eta erdiko lodiera zuten, ateak zazpi metroko zabalera eta atearen muntagek metro eta erdiko zabalera bakoitzak. 49 Atalondoaren luzera hamar metrokoa zen, eta zabalera seikoa; hamar harmaila igo behar ziren hara iristeko. Atearen bi aldeetara zutabe bana zegoen.
41. atala
[aldatu]1 Tenpluko sala handira eraman ninduen eta neurtu egin zuen: sarrerako hormek hiru metroko lodiera zuten; 2 ateak bost metroko zabalera, eta sarrerako albo-hormek bi metro eta erdikoa. Sala bera ere neurtu zuen: hogei metro zen luze eta hamar zabal. 3 Gero, barreneko gelara sartu eta sarrerako hormak neurtu zituen: metro bateko lodiera zuten, ateak hiru metroko zabalera, eta sarrerako albo-hormek hiru metro eta erdikoa. 4 Gela neurtu zuen: hamar metro zen luze-zabal. Orduan, esan zidan: «Toki santu-santua da hau».
Tenpluaren eranskinak
5 Gizonak tenpluko horma neurtu zuen: hiru metroko lodiera zuen. Inguru guztian, eranskinak zeuden eraikita, bi metroko zabaleraz.
6 Gela haiek bata bestearen gain zeuden, hiru oinetan, eta bakoitzean hogeita hamar gela. Tenpluko hormak maila-moduko batzuk zituen, eta haien gainean zeuden ezarriak geletako habeak, eta ez tenpluaren beraren horman sartuak.
7 Oin bakoitzean gelak zabalagoak ziren, eta tenpluko horma, berriz, estuagoa. Barreneko oinetik bitartekora igarotzen zen, eta honetatik gorenekora.
8 Eta tenpluaren inguru guztian, hiru metroko ezponda ikusi nuen, eta haren gainean zeuden oinarrituak eranskin edo gelak.
9 Eranskinen kanpoko hormak bi metro eta erdiko lodiera zuen. Eta tenpluari erantsitako gela haien
10 eta apaizen gelen artean hamar metroko hutsartea zegoen, tenpluaren inguru guztian.
11 Geletatik bi ate zeuden hutsarte hartara: bata iparraldera eta bestea hegoaldera. Hutsartearen inguruko hormaren lodiera bi metro eta erdikoa zen.
12 Tenpluaren mendebaldean, eraikin bat zegoen hutsartearen azkenean: berrogeita bost metro zen luze eta hogeita hamabost zabal; hormak, berriz, bi metro eta erdi lodi.
13 Gizonak tenplua neurtu zuen: berrogeita hamar metro zen zabal. Hutsartearen, mendebaldeko eraikinaren eta hormen luzera, guztira, berrogeita hamar metrokoa zen.
14 Tenpluaren ekialdeko fatxadaren eta hutsartearen luzera ere berrogeita hamar metrokoa zen.
15 Tenpluaren atzealdean zegoen eraikinaren luzera ere neurtu zuen: berrogeita hamar metro, alde bietan zeuden galeriak barne.
Tenpluaren barnealdea
Barneko sala handia eta atarira jotzen zuten atalondoak
16 zurez estaliak zeuden, bai eta atalaseak eta saredun leihoak ere; dena zegoen zurez estalia, zorutik leihoetaraino; leihoarteak ere zurez estaliak zeuden.
17 Tenpluaren kanpoan eta barnean, sarrerako atetik barreneko gelaraino, hormak apainduta zeuden
18 zizelkaturiko izaki hegadun eta palmondoz; txandaka zeuden izaki hegadun eta palmondoak. Izaki bakoitzak bi aurpegi zituen:
19 giza aurpegia alde bateko palmondora begira, lehoi-aurpegia beste aldeko palmondora begira. Apaingarri haiek tenpluaren inguru guztian zeuden,
20 hormetan zizelkatuak zorutik ataburuetaraino.
21 Gela handiko atearen muntagak karratuak ziren.
Toki santuaren aurrean zerbait zegoen,
22 zurezko aldare baten itxura zuena, metro eta erdi altu eta metro bat luze. Ertzak zituen, eta oinarria eta alboak zurezkoak. Esan zidan gizonak: «Jaunaren aurrean dagoen mahaia da hau».
23 Bi orriko ate batetik sala handira sartzen zen, eta beste ate batetik toki santu-santura. 24 Ate haietako bakoitzak bi euskarri jiragarri zituen. 25 Gela handiko ateetan, hormetan zeuden izaki hegadun eta palmondoak bezalakoxeak zeuden zizelkatuak. Sarrerako atalondoaren fatxadan, kanpoaldetik, zurezko aterpetxoa zegoen. 26 Atalondoaren albo-hormetan, saredun leihoak eta palmondo-irudiak zeuden, bai eta tenpluko eranskinetan eta aterpetxoetan ere.
Tenplu ondoko eraikinak
42. atala
[aldatu]1 Gizonak kanpoko atarirantz eraman ninduen, iparralderantz, eta hutsartearen eta tenplu atzeko eraikinaren aurrean dauden geletara sarrarazi ninduen. 2 Eraikin-multzo hark, iparraldetik, berrogeita hamar metroko luzera zuen, eta hogeita bosteko zabalera. 3 Alde batetik, hamar metroko zabaleraz tenplua inguratzen zuen hutsartera jotzen zuen, eta, beste aldetik, kanpoko atariko harrizko espaloira. Hiru galeria zituen bata bestearen gain. 4 Gela aurrean, barneko atariaren aldetik, pasabide bat zegoen, bost metro zabal eta berrogeita hamar metro luze; iparraldetik zuen sarrera. 5 Goreneko gelak beste bi solairuetakoak baino estuagoak ziren, galeriek tokia kentzen zieten eta. 6 Gelak hiru oinetan zeuden, baina ez zuten zutaberik atarikoek bezala, baizik eta gero eta estuagoak ziren gorantz. 7 Gelen aurrean, kanpoko atariaren aldera, horma zegoen, hogeita bost metro luze zena. 8 Izan ere, kanpoko atari aldera jotzen zuten gela haien luzera ere hogeita bost metrokoa zen; tenplura jotzen zuten gelena, berriz, berrogeita hamarrekoa. 9 Gela haien azpian, eraikinaren ekialdetik, sarrera bat zegoen kanpoko ataritik zetozenentzat. 10 Sarrera hura atariko horma hasten zen tokian zegoen.
Hegoaldetik ere, hutsartearen eta tenplu atzeko eraikinaren aurrez aurre, beste gela-multzo bat zegoen. 11 Pasabidea zuten aurrean, eta neurri, antolamendu eta sarrera-irteerei zegokienez iparraldekoak bezalakoxeak ziren. 12 Hegoaldeko gelen azpian, pasabidearen muturrean, sarrera bat zegoen, babes-hormaren aurrez aurre; ekialdetik sartzen zen. 13 Esan zidan gizonak: «Hutsartera jotzen duten ipar eta hegoaldeko gelak sakratuak dira. Jaunari sakrifizioak eskainiko dizkioten apaizek hor jango dituzte opari guztiz sakratuak, eta hor ipiniko dituzte beste opari sakratuak ere, labore-opariak nahiz barkamen- eta ordain-opariak, toki sakratua baita. 14 Santutegira sartuko diren apaizak ezin izango dira kanpoko atarira irten, Jaunaren zerbitzuan erabilitako jantziak aurrez gela horietan utzi gabe, sakratuak baitira jantzi horiek. Arropaz aldatuko dira herriari dagokion esparrura ateratzeko».
Kanpoko hormaren neurriak
15 Gizonak, tenplu barneko eraikinen neurketak amaitu zituenean, ekialdeko atetik irtenarazi ninduen, eta tenpluaren inguruak neurtzeari ekin zion.
16 Ekialdeko alderdia neurtu zuen makilaz, eta ekialdeak berrehun eta berrogeita hamar metroko luzera zuen.
17-19 Gauza bera egin zuen iparralde, hegoalde eta mendebaldeko alderdiekin, eta denek luzera bera zuten: berrehun eta berrogeita hamar metro.
20 Horrela neurtu zituen lau alderdiak. Dena hormaz inguratua zegoen: berrehun eta berrogeita hamar metroko karratua zen, eta Jainkoari sagaraturiko esparrua eta esparru profanoa bereizten zituen.
Jauna tenplura itzuli
43. atala
[aldatu]1 Ekialdera dagoen aterantz eraman ninduen gizonak. 2 Eta Israelen Jainkoaren aintza ikusi nuen ekialdetik etortzen, ur handiena bezalako burrunbaz; haren aintzaren distirak lurra argitzen zuen. 3 Ikuskari hura Jerusalem suntsitzera etorri zenean izan nuena bezalakoa zen, Kebar ibaiaren ondoan izana bezalakoa. Orduan, ahozpez erori nintzen. 4 Jaunaren aintza tenplura sartu zen ekialdeko atetik. 5 Jainkoaren espirituak gora jaso eta barneko atarira eraman ninduen: Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuen. 6 Artean gizona nire ondoan zegoela, norbaitek tenplu barrutik hitz egiten zidala ohartu nintzen. 7 Esan zidan: «Gizaseme, nire tronuaren lekua da hau, oinak jartzen ditudan lekua; hemen biziko naiz israeldarren erdian betiko. Ez herriak, ez erregeek, ez dute berriro nire izena desohoratuko, idolatria eginez edo beren erregeen gorpuak hemen hilobiratuz. 8 Erregeen jauregia atez ate zegoen nire tenpluaren kontra, haien eta nire artean horma bat besterik ez zegoelarik; horrela, nire izen santua desohoratu zuten beren egintza higuingarrien bidez, eta suntsitu egin nituen neure haserre-suminaz. 9 Baina orain, ez dute israeldarrek idolatria gehiago egingo eta beren erregeen gorpuak urrundu egingo dituzte niregandik, eta ni berorien artean biziko naiz betiko.
10 «Zuk, gizaseme, esan israeldarrei nolakoa izan behar duen tenpluak, beren erruez lotsa daitezen. Eraikuntza-planaz ohartzean, 11 lotsa izango dira egin duten guztiaz. Ezagutaraz iezazkiezu tenpluaren egitura eta banaketa, sarrera-irteerak eta antolamendu osoa; jakinarazi eta eman idatziz tenpluari buruzko lege eta arauak, arretaz bete ditzaten. 12 Hona hemen tenpluari buruzko lege nagusia: Mendi gainean, tenplua inguratzen duen esparru osoa guztiz sakratua da».
Aldarea eta sakrifizioak
13 Hona hemen aldarearen neurriak, orain arteko neurketa-unitate berberaz hartuak. Aldare inguruan erretena zegoen, sakon eta zabal metro erdi zena; ertzeko zintarria metro laurden zen gora, eta ertzaren eta aldarearen artean metro erdiko tartea zegoen. Aldarearen altuera,
14 metro batekoa zen zoruan zegoen oinarritik lehen plataformaraino; hau metro erdi zen zabal. Bi metroko altuera zegoen plataforma hartatik hurrengora, hura ere metro erdi zabal zelarik.
15 Goiko plataformara ere, sutegia zegoenekora, bi metro zeuden; lau ertzetan, adar moduko batzuk zeuden gorantz.
16 Sutegia karratua zen, sei metrokoa alde bakoitzetik.
17 Plataforma ere karratua zen, zazpi metrokoa alde bakoitzetik; kanpoaldetik metro laurdeneko zintarria zuen eta inguru guztian metro erdiko zanga. Ekialdetik zeuden hara iristeko harmailak.
18 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hona hemen aldareari buruzko arauak, sakrifizioak eskaini eta oparigaien odola isurtzeko eraikiko den egunerako.
19 Zezen bat emango diezu apaiz lebitarrei
-Tzadoken ondorengoei, nire liturgi zerbitzurako nik, Jainko Jaunak, izendaturikoei
-, barkamen-oparia eskaintzeko.
20 Zuk oparigaiaren odola hartu eta aldareko lau adarrak zipriztinduko dituzu, plataformetako lau kantoiak eta inguruko zintarri guztia. Horrela garbitu eta sagaratuko duzu aldarea.
21 Gero, barkamen-opariko zezena hartu eta erre egingo duzu horretarako ezarritako lekuan, santutegitik kanpo.
22 Bigarren egunean, akasgabeko ahuntz bat eskainiko duzu barkamen-oparitzat, eta aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo duzu, zezenarekin bezalaxe.
23 Behin garbikuntza-ohikunea amaituta, hartu akasgabeko zezen bat eta ahari bat
24 eta niri, Jaunari, eskainiko dizkidazu. Apaizek beraien gainera gatza bota eta erre-oparitzat eskainiko dituzte nire ohorez.
25 Zazpi egunez, ahuntz, zezen eta ahari bana eskainiko dituzu egunero, denak akasgabeak, barkamen-oparitzat.
26 Zazpi egunez, aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo da, garbi eta sagaratua geldi dadin.
27 Behin astea igaro ondoren, zortzigarren egunetik aurrera, zuen erre-opariak eta elkartasun-opariak eskainiko dituzte apaizek aldarean, eta nik begiko izango zaituztet. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Tenpluan sartzeko eskubidea
44. atala
[aldatu]1 Santutegiaren ekialdera zegoen kanpoko sarrerara eraman ninduen gizonak; itxirik zegoen. 2 Esan zidan Jaunak: «Ate honek itxirik jarraitu behar du; ez da irekiko; ez da hortik inor sartuko, ni, Jauna, Israelen Jainkoa, sartu bainaiz hortik. Itxirik jarraituko du, beraz. 3 Baina karguan dagoen printzea sar daiteke hortik otordu sakratua nire aurrean egitera. Atalondotik sartuko da eta bide beretik irtengo».
4 Gero, iparraldeko atetik tenpluaren aurrera eraman ninduen gizonak. Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuela ikusi nuen, eta ahozpez erori nintzen. 5 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, jarri arreta, begira erne eta entzun adi tenpluari buruz emango dizkizudan lege eta arau guztiak; hartu gogoan, batez ere, tenpluan sartzeko eskubideari buruzkoak.
6 «Adierazi israeldarrei, herri errebelde horri, nire, Jainko Jaun honen, mezua: Israeldarrok, aski da! Gehiegizkoak dira zuen egintza higuingarriak.
7 Nire tenplua profanatzen ari zarete, oparietan neuri dagokidana
-gantzak eta odola
- eskaintzean, atzerritarrak, jende erdaingabe eta sinesgogor hori, bertara sarraraziz; horrela, nire ituna hautsi duzue zeuen jokabide higuingarriarekin.
8 Nire santutegiko liturgi zerbitzua bera ere atzerritarren esku utzi duzue.
9 Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Berriro ez da atzerritarrik, jende erdaingabe eta sinesgogorrik, nire santutegira sartuko, nahiz eta israeldarren artean bizi.
10 «Lebitarrei dagokienez, berriz, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte; horiek ere baztertu egin baininduten, Israel herria niregandik aldendu zenean berorren idoloen atzetik joateko. 11 Horiek tenpluko ateak zaintzeaz arduratuko dira, eta beste zenbait zerbitzu beteko; beroriek hilko dituzte erre-oparietako abereak eta herriaren beste sakrifizioetakoak; herriaren zerbitzura egongo dira. 12 Izan ere, herriaren zerbitzura egon dira idoloak gurtzean, israeldarrei bekatu eraginez; horregatik, berorien kontra ekingo diot, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 13 Ez dira niregana hurbilduko apaiz-zerbitzuan jarduteko, ez eta nire gauza sakratuetara ere hurbilduko, eta are gutxiago guztiz sakratu direnetara. Izan duten jokabide higuingarriaren ondorio lotsagarriak jasan beharko dituzte. 14 Tenpluaren funtzionamendurako beharrezko diren zeregin arrunten ardura izango dute.
Apaizentzako arauak
15 «Apaiz lebitarrek, Tzadoken ondorengoek, ordea, zintzo bete zuten nire santutegiko zerbitzua, israeldarrak niregandik aldendu zirenean. Beraz, horiek hurbilduko zaizkit zerbitzatzera eta oparietako gantzak eta odola aurkeztera. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
16 Horiek sartuko dira nire santutegira, eta nire mahaira hurbilduko. Horiek beteko dute nire zerbitzua.
17 Barneko atariko ateetatik sartzean, lihozko jantziak eramango dituzte soinean; ez dute artilezko jantzirik eramango zerbitzugintzan barneko atarian eta tenpluan ari direnean.
18 Lihozko buru-zapia jantziko dute, eta lihozko galtzak, baina gerrikorik gabe, izerdi ez daitezen.
19 Kanpoko atarira herriarengana irtetean, zerbitzugintzan erabilitako jantziak kendu eta santutegiko geletan utziko dituzte. Beste jantzi batzuk jarriko dituzte, bestela beren jantzi sakratuez herria sagaratuko bailukete.
20 Ez dute burua zeharo soilduko, ez eta ilea gehiegi luzatzen utziko ere; txukun moztuko dute.
21 Ez dute ardorik edango barneko atarira sartu behar dutenean.
22 Ezin izango dira alargunekin nahiz senarrak zapuztutakoekin ezkondu, baizik eta israeldar neskatxa birjinekin bakarrik edota beste apaizen baten alargunarekin.
23 Zer den sakratu eta zer profano, zer garbi eta zer kutsatu, bereizten irakatsiko diote nire herriari.
24 Epaile izango dira auzietan, eta nire legeen arabera egingo dute epaiketa. Nik emandako lege eta arauen arabera ospatuko dituzte jaiegunak, eta sagaratuko larunbatak.
25 Ez dute gorpurik ukituko, kutsa ez daitezen, aita edo amarena, seme edo alabarena, anaia edo ezkongabeko arrebarena izan ezik.
26 Kasu hauetan garbikuntza egin beharko dute eta zazpi egun itxaron.
27 Gero, santutegiko zerbitzugintzarako barneko atarira sartzean, bekatuen barkamenerako oparia eskainiko didate. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
28 Ez dute inolako ondarerik izango: ni neu izango naute ondare. Ez zaie Israelen jabetzarik emango: ni neu izango naute jabetza.
29 Labore-opariak eta barkamen- nahiz ordain-oparitzat eskainitako abereak izango dituzte mantenubide. Israeldarrek erabat eta betiko niri sagaraturiko guztia berorientzat izango da.
30 Lurreko lehen emaitza eta fruituen eta niretzat bereizitako opari guztien zatirik onena apaizentzat izango da. Labealdi bakoitzeko ogirik onenak emango dizkiete israeldarrek, berauen etxeak bedeinka ditzadan.
31 Baina apaizek ezin izango dute jan berez hildako nahiz sarraskituriko hegazti edo abererik».
Lurralde-banaketa
45. atala
[aldatu]1 Lurraldea israeldar leinuen artean banatzean, zati bat Jaunarentzat bereiziko duzue, eremu sakratu gisa: hamabi kilometro eta erdi izango da luze eta hamar kilometro zabal. Sakratua izango da eremu osoa.
2 Eremu horretatik, zati bat, karratua
-berrehun eta berrogeita hamar metrokoa luze-zabalean
-, tenpluarentzat izango da, eta hogeita bost metro zabaleko hutsartea izango du inguru guztian.
3 Jaunarentzat gordetako zati horren erdia, hamabi kilometro eta erdi luze eta bost kilometro zabal, mugatu egingo duzue. Hor eraikiko da santutegia, toki santua.
4 Lurraldearen zati hori sakratua izango da, eta santutegian Jaunaren zerbitzuan jardungo duten apaizentzako gordea; bertan beren etxeak eraikiko dituzte eta santutegiarentzako leku sakratua izango dute.
5 Beste erdia, hamabi kilometro eta erdi luze eta bost kilometro zabal, tenpluko zerbitzuan jardungo duten lebitarrentzat izango da, bizitzeko hiriak izan ditzaten.
6 Eremu sakratu bezala bereizitako zatiaren ondoan, hamabi kilometro eta erdi luzeko eta bi kilometro eta erdi zabaleko beste zati bat mugatuko da hiri-barruti bezala: zati hori israeldar guztientzat izango da.
7 Printzearentzat ere bereiziko da zati bat, eremu sakratu eta hiri-barrutiaren bi aldeetara: mendebaldetik Mediterraneo itsasoraino hedatuko da, eta ekialdetik Israelgo ekialdeko mugaraino. Guztira, leinu bakoitzaren lurraldearen luzera berbera izango du.
8 Printzeak hori izango du bere jabetza Israelen. Horrela, nire printzeek ez dute herria gehiago zapalduko, eta Israelgo leinuei utziko diete gainerako lurraldea.
Printzeen eskubideak eta betebeharrak
9 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Aski da, Israelgo printzeok! Bazter itzazue indarkeria eta lapurreta, jokatu zuzenbidez eta justiziaz, ez zurrupatu nire herriaren ondasunak. Nik, Jainko Jaunak, esana.
10 «Erabili balantza zuzenak, pisu eta neurgailu zuzenak.
11 Solidoak neurtzeko efa-k eta likidoak neurtzeko bat-ak edukiera bera izan behar dute, oinarrizko neurria izango den homer baten hamarrena.
12 Zilarrezko siklo batek hogei gera balioko ditu. Bost siklo beti bost siklo izango dira; hamar siklo beti hamar, eta berrogeita hamar siklok mina bat balioko dute».
13 «Hona printzearentzat egin beharreko ekarpenak: hartuko duzuen gari eta garagarretik hirurogeiko bat, 14 eta oliotik ehuneko bat. Bat-a erabiliz neurtuko duzue olioa, homer-aren eta kor-aren hamarrena delarik. 15 Israelgo zelaietan dauden ardi edo ahuntzetatik berrehuneko bat eskainiko duzue. Hau guztia labore-oparitzat, erre-oparitzat nahiz elkartasun-oparitzat aurkeztuko duzue bekatuen barkamen-ohikunea egiteko. Honela diot nik, Jainko Jaunak. 16 Herrialde osoak egin beharko du ekarpen hau Israelgo printzearentzat. 17 Izan ere, beronek arduratu behar du jaiegun, ilargi berriko, larunbat eta israeldarren festaburuetan egin beharreko erre-oparietarako eta labore- eta isur-oparietarako beharrezkoa hornitzeaz. Beroni dagokio israeldarren bekatuen barkamen-ohikunea egitea, barkamen-opari, labore-opari, erre-opari eta elkartasun-opariak eskainiz.
18 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Lehen hilaren batean, akasgabeko zezen bat eskainiko duzue santutegiaren garbikuntza-ohikunea egiteko. 19 Garbikuntzarako aberearen odola hartuko du apaizak eta tenpluko ate-muntagak, aldarearen lau ertzak eta barneko atariko ate-muntagak igurtziko ditu. 20 Hilaren zazpian, gauza bera egingo duzue nahi edo jakin gabe bekatu egin duenaren alde. Horrela egingo da tenpluaren garbikuntza.
21 «Lehen hilaren hamalauan, Pazko Jaia ospatzen hasiko zarete. Zazpi egunez legamigabeko ogia jango duzue. 22 Jaiaren lehen egunean, printzeak zezen bat eskainiko du bere eta herri osoaren bekatuen barkamen-ohikunea egiteko. 23 Jaietako beste zazpi egunetako bakoitzean, akasgabeko zazpi zezen eta zazpi ahari eskainiko dizkio Jaunari erre-oparitzat, eta aker bat barkamen-oparitzat. 24 Azkenik, zezen eta ahari bakoitzeko berrogei kilo irin eta sei litro olio eskainiko ditu labore-oparitzat.
25 «Zazpigarren hilaren hamabostean hasten den jairako, Pazko Jaiko zazpi egunetan bezala jokatuko du printzeak, barkamen-opari, erre-opari eta labore- eta olio-opari berdinak eginez.
46. atala
[aldatu]1 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ekialdera jotzen duen barne-atariko sarrera itxirik egongo da sei lanegunetan, baina zabalik larunbat eta ilberri-jaietan. 2 Printzea atalondora sartuko da kanpoko ataritik eta ate-muntagaren kontra geldituko. Apaizek printzearen erre-oparia eta elkartasun-opariak eskainiko dituzte; gero, printzea atalasean ahozpeztu eta irten egingo da, baina atea ez da arratsera arte itxiko. 3 Larunbat eta ilberri-egunetan, jendea sarrera honetara etorriko da nire, Jaun honen, aurrean ahozpeztera. 4 Larunbatetan, printzeak sei arkume akasgabe eta ahari akasgabe bat eskainiko dizkit erre-oparitzat. 5 Ahariagatik berrogei kilo irin aurkeztuko ditu labore-oparitzat, eta arkumeengatik berak nahi beste. Gainera, sei litro olio berrogei kilo irineko. 6 Ilberri-egunetan zezen bat, sei arkume eta ahari bat, denak akasgabeak, eskainiko dizkit. 7 Bai eta zezenagatik berrogei kilo irineko labore-oparia ere, eta beste horrenbeste ahari bakoitzeko; arkumeengatik, berriz, berak nahi beste. Gainera, sei litro olio berrogei kilo irineko. 8 Printzea sarrerako atalondotik sartu-irtengo da beti. 9 Baina festaburuetan nire aurrean ahozpeztera etortzean, iparraldeko sarreratik sartutakoak hegoaldekotik irtengo dira, eta hegoaldekotik sartutakoak iparraldekotik. Inor ez da irtengo sartzeko erabilitako sarrera beretik, kontrakotik baizik. 10 Printzea ere jendearekin batera sartu-irtengo da.
11 «Jaiegun eta gainerako festaburuetan berrogei kilo irin eskainiko dira labore-oparitzat zezen bakoitzeko, eta beste horrenbeste ahari bakoitzeko; arkumeengatik, berriz, nahi beste. Gainera, sei litro olio berrogei kilo irineko.
12 «Printzeak, bere borondatez, erre-opari edo elkartasun-opariak eskaini nahi badizkio Jaunari, ekialdeko sarrera zabalduko zaio, eta larunbatetan bezalaxe egingo ditu bere opariak. Hura irten ondoren, itxi egingo da berriro sarrera.
13 «Goizero, urtebeteko arkume akasgabea eskainiko zaio Jaunari erre-oparitzat; 14 gainera, goizero, sei kilo eta erdi irin labore-oparitzat, eta bi litro olio, irinarekin nahasteko. Arau hauek betiko balio izango dute. 15 Arkumea, irina eta olioa goizero-goizero eskaini behar zaizkio Jaunari eguneroko oparitzat.
Printzearen herentzia
16 «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Printzeak bere ondarearen zati bat bere semeetakoren bati ematen badio, zati hori semearen herentzi ondare bihurtuko da.
17 Baina printzeak emaitza bere menpekoren bati egiten badio, ondare-zati hori askapen-urtera arte bakarrik izango da menpekoarena; gero, printzeari itzuliko zaio. Izan ere, beronen semeei bakarrik dagokie herentzian ondare hori.
18 Bestalde, printzea ezin izango da jabetu herriko jendearen ondareaz, beronek jabetzan hartutakoa zurrupatuz. Bere jabetzatik bakarrik emango die semeei senipartea. Horrela, ez da nire herriko inor bere etxaldetik kanporatua izango.
Tenpluko sutegiak
19 «Gero, atearen ondoko sarreratik, iparralderantz dauden apaizen gela sakratuetara eraman ninduen gizonak. Barren-barrenean mendebaldera zegoen leku bat erakutsiz,
20 esan zidan: <Hor egosiko dute apaizek barkamen- eta ordain-oparietako abereen haragia, bai eta erreko ere labore-oparia. Horrela, ez dute ezer kanpoko atarira eraman beharko; bestela, oparigai sakratuez herria sagaratuko bailukete> ».
21 Ondoren, kanpoko atarira eraman eta hango lau kantoien aurretik pasarazi ninduen: kantoi bakoitzean patio txiki bat zegoen. 22 Lau patio txiki haiek neurri berekoak ziren: hogei metro luze eta hamabost zabal. 23 Hormaz inguratuak zeuden laurak, eta horma-barrenean labeak zeuden inguru guztian. 24 Esan zidan gizonak: «Tenpluko zerbitzariek sutegi horietan egosiko dute herriak oparitan eskainitako abereen haragia».
Tenpluko iturria
47. atala
[aldatu]1 Ondoren, tenpluko sarrerara eraman ninduen gizonak. Ura ikusi nuen tenpluko ate azpitik irten eta ekialdera joaten, tenplua ekialdera begira baitzegoen. Ura tenpluaren hegoaldetik, aldarearen hegoaldetik, behera isurtzen zen. 2 Gizonak tenplutik irtenarazi ninduen iparraldeko atetik, eta kanpotik itzulia eginarazi zidan ekialdeko sarreraraino. Eskuinaldetik zihoan ura isurian. 3 Ekialderantz egin zuen gizonak, eta eskuan zeukan kordeltxoaz bostehun metro neurtu zituen. Gero, uretatik pasarazi ninduen: orkatilaraino iristen zitzaidan. 4 Beste bostehun metro neurtu eta berriro uretatik pasarazi ninduen: belauneraino iristen zitzaidan. Beste bostehun metro neurtu eta berriro pasarazi ninduen: gerriraino iristen zitzaidan. 5 Beste bostehun metro neurtu zituen: pasaezineko erreka zen, hain baitziren handiak urak; erreka hura ezin nuen igerian baizik pasatu. 6 Esan zidan: «Ikusi al duzu, gizaseme?» Orduan, erreka-ertzetik itzularazi ninduen. 7 Itzultzean, errekaren alde bietan zuhaitz asko zegoela ohartu nintzen. 8 Esan zidan gizonak: «Ur hauek ekialdera doaz, Araba haraneraino jaisten dira eta Itsaso Hilean amaitzen. Itsasoratzean, hango ur ustelak ondu egiten dituzte. 9 Erreka helduko den edonon, mota guztietako piztiak biziko dira eta arrain asko izango; itsasoko urak on bihurtuko dira, eta bizia sortuko du doan leku guztietan. 10 Arrantzaleak izango dira ur-bazterrean eta En-Geditik En-Eglaimeraino sareak jarriko dituzte lehortzen, eta han Mediterraneo itsasoan bezain ugari izango dira arrainak. 11 Baina aintzira eta padurak ez dira gezatuko, gatzaga izaten jarraituko dute. 12 Errekaren bi ertzetan, mota guztietako fruta-arbolak haziko dira; ez zaizkie hostoak sekula zimelduko, eta etengabe emango dituzte fruituak, hilero emanaldi bat, santutegitik ateratzen den urak ureztatzen baititu. Fruituak elikagai izango dira, eta hostoak sendagai».
Jaunak Israelgo mugak finkatu
13 Hau dio Jainko Jaunak: «Hona hemen, Israelgo hamabi leinuen artean banatuko duzuen lurraldearen mugak .
14 Zati berdinetan banatuko duzue lurraldea. Zin eginez agindu nien zuen arbasoei beraiei emango niela eta, beraz, zuei dagokizue ondaretzat.
15 «Iparraldeko muga Mediterraneo itsasotik hasiko da, eta Hetlon, Hamateko sarrera eta Tzedadatik igarotzen den bideari jarraituko dio. 16 Gero, Berota eta Damasko eta Hamat herrialdeen arteko mugan dagoen Sibraim hirietatik joko du, eta Hatzer-Tikon hiriraino helduko, Haurango mugatik hurbil. 17 Horrela, iparraldeko muga Mediterraneo itsasotik Hatzar-Enon hiriraino iritsiko da, iparraldean Damasko eta Hamat herrialdeak dituelarik.
18 «Ekialdeko muga, Hauran eta Damasko artetik abiatuko da eta, Jordaneko ibarrari jarraituz, Galaad eta Israel lurraldeen artetik, Itsaso Hileraino eta Tamar hiriraino helduko da.
19 «Hegoaldeko muga, Tamar-etik Meriba-Kadexeko oasiraino iritsiko da, eta gero, Egiptoko errekari jarraituz, Mediterraneo itsasoraino.
20 «Mendebaldeko muga Mediterraneo itsasoa izango da, hegoaldeko mugatik Hamateko sarreraraino iparraldean.
21 «Hori da Israelgo hamabi leinuen artean banatuko duzuen lurraldea. 22 Zotz eginez banatuko duzue, zuen artean bizi diren eta seme-alabak izan dituzten etorkinak ahaztu gabe. Hauek jatorrizko israeldar bailiran hartuko dituzue, eta beren ondare-zatia hartuko dute Israelgo leinuen artean. 23 Etorkinak, bizi deneko leinuaren baitan izango du bere zatia. Nik, Jainko Jaunak, esana.
Iparraldeko leinuen zatiak
48. atala
[aldatu]1 «Hona hemen leinuen izenak, dagozkien zatiekin. Danen zatia iparraldeko muturrean dago, Hetlon, Hamateko sarrera eta Hatzar-Enonetik igarotzen den mugaren kontra, Damasko eta Hamat herrialdeen artean; ekialdeko mugatik Mediterraneo itsasoraino hedatzen da. 2-7 Eta jarraian, ondorengo leinu hauen zatiak, ekialdetik mendebaldera hedatuz, ordena honetan: Axer, Neftali, Manases, Efraim, Ruben eta Juda.
Jaunaren zatia
8 «Judaren zatiaren ondoren, ekialdeko mugatik Mediterraneo itsasoraino, Jaunarentzat bereizitako zatia egongo da: hamabi kilometro eta erdi izango da luze, leinu bakoitzaren zatia bezalaxe; erdian santutegia egongo da.
9 Jaunarentzat bereiziko den zatia hamabi kilometro eta erdi izango da luze, eta hamar zabal.
10 Eremu sakratu honetatik zati bat apaizentzako izango da: ekialdetik mendebaldera hamabi kilometro eta erdi izango da luze, eta bost kilometro zabal iparraldetik hegoaldera. Erdian nire santutegia egongo da.
11 Eremu hau apaiz sagaratuentzat, Tzadoken ondorengoentzat, izango da, zintzo bete baitzuten Jaunaren zerbitzua eta, lebitarrek ez bezala, ez zuten Jainkoa baztertu, israeldarrak harengandik aldendu zirenean.
12 Horregatik, Jaunarentzako bereizitako eremu guztiz sakratuaren zati bat dagokie, lebitarrenaren ondoan.
13 Lebitarren zatia apaizena bezalakoa izango da, hamabi kilometro eta erdi luze eta bost kilometro zabal.
14 Lurralde osoko alderdirik onena den horretan ezin izango da lurzatirik trukatu, ez saldu, ez laga, Jaunari sagaratua baita.
15 «Gainerako zatia, bi kilometro eta erdi zabal eta hamabi kilometro eta erdi luze, alde profanoa izango da, hiritarren bizileku eta abereen bazkaleku. Erdian hiria kokatuko da: 16 alde bakoitzetik bi mila berrehun eta berrogeita hamar metro dituen karratua izango da. 17 Hiriaren lau aldeetan ehun eta hogeita bost metro zabaleko hiri-lurrak izango dira. 18 Eremu sakratuaren ondoan, bost kilometro luzeko bi zati geldituko dira: bata hiriaren ekialdean, eta bestea mendebaldean. Zati horietako emaitzez, hirian lan egiten dutenak mantenduko dira. 19 Edozein leinutako israeldarrak etor daitezke hirira lanera. 20 Oro har, Jaunarentzat eta hiriarentzat bereiziriko zatia karratua izango da, hamabi kilometro eta erdi alde bakoitzetik. 21 Gainerakoa printzearentzat izango da. Hari dagokiona, eremu sakratu eta hiri-barruti izateko bereizitakoaren alde bietan egongo da: batetik, hamabi kilometro eta erdiko zati horren mugetatik ekialdeko mugaraino, eta, bestetik, Mediterraneo itsasoraino. Printzeari dagokion zati honen erdian egongo dira Jaunari sagaraturiko zatia eta santutegia, 22 bai eta lebitarrentzako eta hiriarentzako bereizitako lurzatiak ere, Judaren zatia izango duelarik iparraldean, eta Benjaminena hegoaldean.
Hegoaldeko leinuentzako zatiak
23-27 «Hegoalderantz, ondorengo beste leinu hauen zatiak daude, ekialdeko mugatik Mediterraneo itsasoraino hedatuz, ordena honetan: Benjamin, Simeon, Isakar, Zabulon eta Gad.
28 «Gaden hegoaldeko muga lurralde guztiaren muga izango da: ekialdetik, Tamar-tik Meriba-Kadexeko oasiraino eta handik, Egiptoko errekari jarraituz, Mediterraneo itsasoraino. 29 Hau da Israelgo leinuen artean banatuko duzuen lurraldea, hauek leinuei dagozkien ondare-zatiak. Nik, Jainko Jaunak, esana.
Jerusalemgo ateak
30-31 «Jerusalemgo hiriak hamabi ate izango ditu, eta bakoitzak Israelgo leinu baten izena izango du. Iparraldeko harresiak, bi kilometro eta laurden luze, hiru ate izango ditu: Ruben, Juda eta Lebirenak.
32 Ekialdeko harresiak ere, beste bi kilometro eta laurden luze, beste hiru ate izango ditu: Jose, Benjamin eta Danenak.
33 Hegoaldeko harresiak, luzera berekoak, beste hiru ate: Simeon, Isakar eta Zabulonenak.
34 Azkenik, mendebaldeko harresiak ere luzera bera eta beste hiru ate izango ditu: Gad, Axer eta Neftalirenak.
35 Hiriaren perimetroa bederatzi kilometrokoa izango da.
«Aurrerantzean, <Jauna bertan dago> deituko da hiria».