Edukira joan

Biblia/Lebitarrena

Wikitekatik
Biblia
Lebitarrena
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Jaunak dei egin zion Moisesi eta honela mintzatu zitzaion elkarketa-etxolatik:

2 «Esan israeldarrei: Zuetako batek Jaunari oparia eskaini behar badio, abere bat aukeratuko du, abelgorria nahiz abere xehea. 3 Erre-oparitzat eskaini beharrekoa abelgorria bada, zekor akats gabea eskainiko da eta elkarketa-etxolaren sarrerara eramango, Jaunak atseginez onar dezan.

4 Eskaintzaileak eskua ezarriko dio buruan, eta Jaunak bere bekatuen ordaintzat onartuko dio. 5 Zekorra Jaunaren aurrean hilko du; apaizek, Aaronen ondorengoek, odola aurkeztuko dute eta odolaz elkarketa-etxolaren sarreran dagoen aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik.

6 Gero, eskaintzaileak erre-oparigaia larrutu eta zatitu egingo du; 7 apaizek sua egingo dute aldare gainean eta egurra jarriko sutan; 8 egurraren gainean haragi-zatiak atonduko dituzte, buru eta gantzekin batera. 9 Uretan garbituko dituzte hesteak eta hankak, eta guztia erabat erreko du apaizak aldarean. Erre-oparia da hau, Jaunak atseginez onartzen duen oparia.

10 «Erre-oparitzat eskaini beharrekoa abere xehea bada, arra eta akats gabea eskainiko da, aharia nahiz akerra; 11 eskaintzaileak aldarearen iparraldean hilko du, Jaunaren aurrean; gero, apaizek haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik; 12 zatitu egingo du apaizak, eta zatiok, buru eta gantzekin batera, aldarean sutan jarritako egurraren gainean atonduko ditu. 13 Uretan garbituko dituzte hesteak eta hankak, eta guztia erabat erreko du apaizak aldare gainean. Erre-oparia da hau, Jaunak atseginez onartzen duen oparia.

14 «Jaunari erre-oparitzat eskaini beharrekoa hegaztia bada, usapala nahiz usakumea eskainiko da. 15 Apaizak aldarean aurkeztuko du eta, burua moztu eta odola aldarearen albo batean isuri ondoren, aldarean erreko. 16 Paparoa eta lumak kenduko dizkio eta aldarearen ekialdera botako, errautsen tokira. 17 Gero, ebakia egingo dio hego artean, baina hegaztia bitan banandu gabe, eta aldareko egurraren gainean erreko du. Erre-oparia da hau, Jaunak atseginez onartzen duen oparia.

2. atala

[aldatu]

1 «Norbaitek Jaunari labore-oparia eskaini behar badio, irin garbia eskainiko du; olioa isuriko dio gainera, intsentsua ere ezarriz; 2 gero, apaizei, Aaronen ondorengoei, eramango die, eta hauetako batek eskutada bat irin hartuko du olioarekin eta intsentsu guztiarekin batera eta aldarean erreko eskaintzailearen oroigarritzat. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia.

3 Eskaintzaren gainerakoa Aaron eta beronen ondorengoentzat izango da; guztiz sakratua da, Jaunaren ohorez erretako opariaren parte baita.

4 «Zuen labore-oparia labean errea bada, irin garbiz oliotan oraturiko legamia gabeko opilak eta oliotan bustiriko legamia gabeko taloak egingo dituzue. 5 Labore-oparia zartaginean errea bada, oliotan oraturiko irin garbiz eta legamiarik gabe prestatuko duzue; 6 zatitu egingo duzue, zatien gainera olioa isuriz; labore-oparia da hau. 7 Labore-oparia eltzean egosia bada, irin garbiz eta olioz prestatuko duzue.

8 «Opariak horrela prestatu ondoren, Jaunaren aurrera eramango dituzue eta apaizari aurkeztuko, honek aldareraino hurbil ditzan. 9 Apaizak opariaren zati bat aldarean erreko du eskaintzailearen oroigarritzat. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia. 10 Eskaintzaren gainerakoa Aaron eta beronen ondorengoentzat izango da; guztiz sakratua da, Jaunaren ohorez erretako opariaren parte baita.

11 «Ez diezue legamiarik ipiniko Jaunari eskaintzen dizkiozuen labore-opariei; ez duzue legamiarik, ez eztirik erabiliko Jaunaren ohorez erretzen diren oparietan. 12 Eskainiko dizkiozue, bai, legamia eta eztia lurraren lehen fruituen eskaintzan; baina ez aldarean, Jaunak atseginez onartzen duen oparigai bezala.

13 «Labore-opari guztiei gatza botako diezue; ez da faltako zuen Jainkoarekiko itunaren seinale den gatza labore-oparietan; beraz, oparigai guztiei gatza botako diezue.

14 «Jaunari lehen fruituen oparia eskaintzean, ale berria sutan xigortua eta xehatua eskainiko duzue; 15 olioa isuriko diozue gainera, intsentsua ere ezarriz. Labore-oparia da hau. 16 Apaizak ale xehatua eta olioaren parte bat intsentsu guztiarekin batera erreko du, eskaintzailearen oroigarritzat; Jaunaren ohorez erretako oparia da.

3. atala

[aldatu]

1 «Elkartasun-oparitzat abelgorria eskaini behar duenak, abere akats gabea eskainiko du Jaunaren aurrean, arra nahiz emea. 2 Eskaintzaileak, eskua buruan ezarri ondoren, elkarketa-etxolaren sarreran hilko du; gero, apaizek, Aaronen ondorengoek, haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik.

3 «Elkartasun-opariko aberetik, Jaunari honako hauek aurkeztuko zaizkio, beraren ohorez erretzeko opari gisa: heste inguru eta gaineko gantza, 4 giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik, 5 erre egingo dute apaizek aldarean, sutan dauden egurren gaineko erre-opariekin batera. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia.

6 «Abere xehea eskaini behar duenak, akats gabea eskainiko du, arra nahiz emea. 7 Bildotsa bada, eskaintzaileak Jaunaren aurrean aurkeztuko du, 8 eta, eskua buruan ezarri ondoren, elkarketa-etxolaren aurrean hilko du; gero, apaizek haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik. 9 Elkartasun-opariko aberetik, Jaunari honako hauek aurkeztuko zaizkio, beraren ohorez erretzeko opari gisa: buztan osoa ipur-mokorretik ebakia, heste inguru eta gaineko gantza, 10 giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik, 11 erre egingo du apaizak aldarean. Jaunaren ohorez erretako oparia da.

12 «Eskaintzekoa ahuntza bada, eskaintzaileak Jaunaren aurrean aurkeztuko du, 13 eta, eskua buruan e+zarri ondoren, elkarketa-etxolaren aurrean hilko du; gero, apaizek haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik. 14 Jaunari honako hauek aurkeztuko zaizkio, beraren ohorez erretzeko opari gisa: heste inguru eta gaineko gantza, 15 giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik, 16 erre egingo du apaizak aldarean. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia. Gantz guztia Jaunarentzat da.

17 «Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun biziko zareten edonon: ez duzue gantzik, ez odolik jango».

4. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Esan israeldarrei: Norbaitek oharkabean bekatu egiten badu, Jaunak debekatua duen zerbait eginez, xedapen hauek beteko dituzue:

3 «Bekatu egin duena apaiz nagusia bada, horrela herri osoa errudun bihurtuz, zekor akats gabea eskainiko dio Jaunari, bekatuaren barkamen-oparitzat. 4 Jaunaren aurrera eramango du zekorra, elkarketa-etxolaren sarrerara, eta, eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du. 5 Apaiz nagusiak, zekorraren odoletik pixka bat harturik, elkarketa-etxolara eramango du, 6 eta, behatza odoletan bustirik, zazpi bider zipriztinduko du santutegi aurreko errezela, Jaunaren aurrean.

7 Gero, odol horrekin elkarketa-etxolan dagoen intsentsu usaintsuaren aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu Jaunaren aurrean, eta zekorraren gainerako odola elkarketa-etxolaren sarreran dagoen erre-oparien aldare-oinean isuriko.

8 Ondoren, barkamen-opariko zekorrari gantz guztia kenduko dio: heste inguru eta gaineko gantza, 9 giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik, 10 elkartasun-opariko zekorrarekin bezala, erre egingo du apaizak erre-oparien aldarean. 11 Azkenik, zekorretik gelditzen dena –larrua eta haragia, burua, hankak eta hesteak– 12 kanpalekutik atera egingo du leku garbi batera, gantzen errautsa botatzen den lekura, alegia, eta su-egurraren gainean erreko; errauts-lekuan erreko da.

13 «Jaunak debekatua duen zerbait eginez, oharkabean bekatu egiten duena israeldarren elkarte osoa bada, errudun bihurtzen da, nahiz eta ezjakinean egin. 14 Egin duen bekatuaz jabetzean, elkarte osoak zekorra eskainiko du barkamen-oparitzat. Elkarketa-etxolara eramango du, 15 eta elkarteko arduradunek, eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo dute Jaunaren aurrean. 16 Apaiz nagusiak zekorraren odoletik pixka bat elkarketa-etxolara eramango du, 17 eta, behatza odoletan bustirik, zazpi bider zipriztinduko du santutegi aurreko errezela, Jaunaren aurrean. 18 Gero, odol horrekin elkarketa-etxolan dagoen aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu Jaunaren aurrean, eta zekorraren gainerako odola elkarketa-etxolaren sarreran dagoen erre-oparien aldare-oinean isuriko. 19 Gantz guztia kenduko dio zekorrari eta aldarean erreko, 20 zekor honekin ere beste barkamen-opariko zekorrarekin egindakoa bera eginez. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du elkarteak bekatua.

21 Gero, kanpalekutik atera egingo du zekorra eta lehenengo zekorra bezala erre. Elkartearen bekatuaren barkamen-oparia da hau.

22 «Jaunak debekatua duen zerbait eginez, buruzagiren batek oharkabean bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da. 23 Egin duen bekatuaz jabetzean, aker akats gabea eramango du oparitzat. 24 Eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du Jaunaren aurrean, erre-oparietako abereak hiltzen diren tokian. Barkamen-oparia da hau. 25 Gero, apaizak, akerraren odoletik pixka bat behatzez harturik, erre-oparien aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu, eta gainerako odola aldare beraren oinean isuriko. 26 Gantz guztiak aldarean erreko ditu, elkartasun-oparigaien gantzak bezala. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du buruzagiak bekatua. Herritar arruntarena

27 «Jaunak debekatua duen zerbait eginez, herritar arrunt batek oharkabean bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da. 28 Egin duen bekatuaz jabetzean, ahuntz akats gabea eramango du barkamen-oparitzat. 29 Eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du erre-oparietako abereak hiltzen diren tokian. 30 Gero, apaizak, ahuntzaren odoletik pixka bat behatzez harturik, erre-oparien aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu, eta gainerako odola aldare beraren oinean isuriko. 31 Gantz guztiak kenduko dizkio ahuntzari, elkartasun-oparigaiei bezala, eta aldarean erreko, Jaunak atseginez onartzen duen opari gisa. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du herritarrak bekatua.

32 «Bekatuaren barkamen-oparitzat arkumea badakar, akats gabea eta emea izango da. 33 Eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du erre-oparietako abereak hiltzen diren tokian. 34 Gero, apaizak, arkumearen odoletik pixka bat behatzez harturik, erre-oparien aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu, eta gainerako odola aldare beraren oinean isuriko. 35 Gantz guztiak kenduko dizkio, elkartasun-opariko arkumeari bezala, eta aldarean erreko, Jaunaren ohorez erretako opariekin batera. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du herritarrak bekatua.

5. atala

[aldatu]

1 «Norbaitek, ikusiz nahiz entzutez lekuko izan eta, zinpean aitormen egitera deitua izan delarik, dakiena aitortzen ez badu, bekatu egiten du eta errudun bihurtzen.

2 «Zerbait kutsatua ukitzen duena, hala nola basabere nahiz etxabere kutsatu baten edo piztiaren baten sarraskia, konturatu gabe izanda ere, kutsatu bihurtzen da eta errudun.

3 «Kutsaturik dagoen pertsona ukitzen duena, nolanahikoa dela kutsadura, konturatu gabe izanda ere, errudun bihurtzen da.

4 «Jendeak ohi duen bezala, honetaz eta hartaz zin-hitza arinkeriaz ematen duena, mesederako nahiz kalterako izan, eta konturatu gabe izanda ere, errudun bihurtzen da konturatzean.

5 «Kasu horietako batean errudun bihurtu denak bere bekatua aitortuko du, 6 eta artaldeko eme bat, ardia nahiz ahuntza, eramango dio Jaunari bekatuaren barkamen-oparitzat. Eta apaizak pertsona horren bekatuaren barkamen-ohikunea egingo du.

7 «Ardia edo ahuntza erosteko ahalbiderik ez duenak, bi usapal edo bi usakume eramango dizkio Jaunari egin duen bekatuaren ordain, bata barkamen-oparirako eta bestea erre-oparirako.

8 Apaizari eramango dizkio. Apaizak barkamen-oparitzat eskaini beharrekoa aurkeztuko du lehenbizi; burua moztuko dio lepo-hezur ondotik, baina erabat erauzi gabe; 9 hegaztiaren odol pixka batez aldarearen alboa zipriztinduko du, gainerako odola aldare-oinean isuriz. Barkamen-oparia da hau. 10 Bigarren hegaztia erre-opari gisa eskainiko du, arautua dagoen eran. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua.

11 «Bi usapal edo bi usakume erosteko ahalbiderik ez duenak, lau kilo ogi-irin garbi eramango ditu barkamen-oparitzat. Ez dio oliorik isuriko gainera, ezta intsentsurik ezarriko ere, barkamen-oparia baita. 12 Apaizari eramango dio. Apaizak eskutada bat irin hartuko du eskaintzailearen oroigarritzat eta aldarean erreko, Jaunaren ohorez erretako opariekin batera. Barkamen-oparia da hau. 13 Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua. Gainerako irina apaizarentzat izango da, labore-oparietan bezala».

14 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

15 «Norbaitek, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur eginez, oharkabean bekatu egiten badu, ahari akats gabea eramango dio Jaunari ordain-oparitzat; zilarretan hainbesteko bat balioko du ahariak, santutegiko pisu-neurriaren arabera.

16 Gainera, Jaunari sagaratu beharreko emaitzetan iruzur egina eta bosteko bat gehiago itzuli beharko du eta apaizari eman. Apaizak, ordain-oparitzat aharia eskainiz, haren aldeko barkamen-ohikunea egingo du eta barkatua izango du bekatua.

17 «Norbaitek, Jaunak debekatua duen zerbait eginez, konturatzeke bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da eta bere hobenaren ondorenak jasan behar ditu. 18 Beraz, ahari akats gabea eramango dio apaizari, ordain-oparikoaren balio berekoa. Konturatzeke bekatu egin duenaren alde barkamen-ohikunea egingo du apaizak eta hark barkatua izango du bekatua. 19 Ordain-oparia da hau, delako pertsona hori egiaz baitzen errudun Jaunaren aurrean».

20 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 21 «Norbaitek Jaunarekiko desleial jokatzen badu, herritarrari zaintzeko nahiz mailegaturik hartua zion zerbaitetan iruzur eginez, edota zerbait ostuz nahiz bortxaz kenduz, 22 edota galdua zegoen gauza bat aurkitu duela ukatuz, edota, gizartean egin ohi den bidegabekerietakoren bat zuritzeko gezurretan zin eginez, 23 bekatu egiten du eta errudun bihurtzen da. Beraz, itzuli edo ordaindu egin beharko du, bai ostu edo bortxaz kendu duena, bai zaintzeko utzi zaiona edo, galdua egonik, berak aurkitu duen gauza; 24 baita gezur-zinez zuritu nahi izan duen zernahi bidegabekeria ere. Gainera, bosteko bat gehiago ordainduko dio Jaunari, bere errua aitortu bezain laster. 25 Ahari akats gabea eramango dio apaizari Jaunarentzat ordain-opari gisa, beste ordain-oparietarako erabilien baliokoa. 26 Apaizak haren alde barkamen-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean eta barkatua izango du bekatua, edozein dela ere errudun bihurtu duen bekatua».

6. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Honako arau hauek emango dizkiezu Aaroni eta beronen ondorengoei: «Hona hemen erre-opariei buruzko ohikunea: Erre-oparia gau osoan egongo da erretzen aldare gainean; aldareko sua ez da itzaliko.

3 Goizean, apaizak, lihozko tunika eta lihozko galtzak jantzirik, erre-opariko aberearen errautsak aldaretik bildu eta aldare ondoan utziko ditu.

4 Ondoren, arropak aldatu eta errautsa kanpalekutik atera egingo du leku garbi batera. 5 Aldare gainean pizturik dagoen sua ez da inoiz itzaliko; goizero apaizak egurra botako dio, gainean erre-oparia atondu eta elkartasun-oparigaien gantzak erreko. 6 Aldareko sua beti egongo da pizturik, inoiz ere itzali gabe.

7 «Hona hemen labore-opariei buruzko ohikunea: Aaronen ondorengoei dagokie Jaunaren aurrean, aldarearen aitzinean, aurkeztea. 8 Eskaintzatik, olioz nahasiriko eskutada bat irin, intsentsu guztiarekin batera, hartu eta aldarean erreko dute, Jaunak atseginez onartzen duen oroigarritzat. 9 Eskaintzaren gainerakoa Aaronek eta beronen ondorengoek jango dute; legamiarik gabe eta toki sakratuan jango dute, elkarketa-etxolaren atarian;

10 ez dute legamiarekin erreko, neure ohorez erretako oparietatik ematen diedan partea baita. Guztiz sakratua da, barkamen-oparia eta ordain-oparia bezainbeste. 11 Aaronen ondorengoetariko gizonezkoek bakarrik jan dezakete. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, Jaunaren ohorez erretako opariei dagokienez. Horiek ukitzen dituen edonor sakratu bihurtzen da». 12 Jaunak esan zion Moisesi: 13 «Hona hemen Aaronek eta beronen ondorengoek, apaiz sagaratuak izan ondoren, Jaunari eskaini behar dioten oparia: lau kilo irin garbi eguneko, erdia goizean eta beste erdia arratsaldean. 14 Zartaginean prestatuko dituzte olioarekin ongi nahasiak, eta zatiak eginda eskainiko. Jaunak atseginez onartzen duen oparia da. 15 Hala egingo dute apaiz nagusi sagaratuak izango diren Aaronen ondorengo guztiek ere. Betiko legea da. Jaunarentzat erreko dute oso-osorik oparia; 16 hain zuzen, apaizaren labore-opari guztiak erabatekoak dira; ez dituzte jango».

17 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 18 «Esan Aaroni eta beronen ondorengoei: «Hona hemen barkamen-opariei buruzko ohikunea: Barkamen-opariko aberea erre-oparietakoak hiltzen diren toki berean hilko da, Jaunaren aurrean. Opari guztiz sakratua da.

19 Eskaintzen duen apaizak jango du, eta toki sakratuan jan ere, elkarketa-etxolaren atarian. 20 Haragi opaldua ukitzen duen edonor sakratu bihurtzen da eta jantziren bat haren odolaz zipriztindurik gertatzen bada, toki sakratuan garbituko da. 21 Haragia egosi deneko ontzia buztinezkoa bada, hautsi egingo da; brontzezkoa bada, berriz, gogor igurtzi eta uretan garbituko.

22 Apaiz-familietako gizonezkoek bakarrik jan dezakete. Opari guztiz sakratua da. 23 Baina ez dute jango barkamen-oparitzat eskainitako abererik, baldin eta haren odola elkarketa-etxolara eramana izan bada, santutegian barkamen-ohikunea egiteko; erre egingo da.

7. atala

[aldatu]

1 «Hona hemen ordain-opariei buruzko ohikunea. Opari guztiz sakratuak dira. 2 Ordain-opariko aberea erre-oparietakoak hiltzen diren toki berean hilko da. Oparigaiaren odolaz aldarea zipriztinduko da alde guztietatik. 3 Haren gantz guztiak aurkeztuko dira: buztana, heste inguruko gantza, 4 giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik, 5 erre egingo du apaizak aldarean, Jaunaren ohorez erretako opari gisa. Ordain-oparia da hau. 6 Apaiz-familietako gizonezkoek bakarrik jan dezakete, eta toki sakratuan jan ere, opari guztiz sakratua baita. 7 Hala barkamen-opariak nola ordain-opariak, biek ohikune bera dute. Oparigaia barkamen-ohikunea egin duen apaizarentzat izango da.

8 «Oparigaien larrua erre-oparia eskaintzen duen apaizari dagokio. 9 Labore-opariak, nahiz labean erreak nahiz eltzean edo zartaginean prestatuak, eskaintzen dituen apaizari dagozkio. 10 Baina gainerako labore-opariak, bai oliotan oratuak, bai oratu gabeak, Aaronen ondorengo guztiei hainbana dagozkie.

11 «Hona hemen Jaunari aurkeztu beharreko elkartasun-opariei buruzko ohikunea. 12 Esker onez eskainia bada, sakrifiziorako opariaz gain, oliotan oraturiko legamia gabeko opilak, oliotan bustiriko legamia gabeko taloak eta olioz nahasiriko irina eskainiko dira. 13 Horrez gain, legamiadun ogia eskainiko da, esker onez eskaintzen den elkartasun-opariarekin batera. 14 Halako bat bereiziko da eskaintza-mota bakoitzetik Jaunarentzat emaitza gisa, eta atal hori elkartasun-oparigaiaren odolaz aldarea zipriztindu duen apaizarentzat izango da. 15 Esker onez eskainitako elkartasun-opariko aberearen haragia, eskaini den egun berean jango da; ez da deus ere geldituko biharamun goizerako.

16 «Elkartasun-oparia botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egina bada, oparigaia opaldua izan den egunean jango da; sobera gelditua hurrengo egunean jan daiteke; 17 baina hirugarren egunerako ezer geldituko balitz, erre egingo da. 18 Oparia eskaini duenak opariko haragitik hirugarren egunean jango balu, ez litzaioke Jaunari atsegin izango, eta haren oparia balio gabe geldituko litzateke; gaitzesgarria da haragi hori, eta hartatik jan dezanak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu. 19 Gainera, zernahi kutsatu ukitzen duen haragia ez daiteke jan; erre egingo da.

«Opalduriko haragia, legez garbi daudenek bakarrik jan dezakete. 20 Kutsatua egonik, Jaunari eskainiriko elkartasun-opariko haragia jaten duena, herritik bota egingo dute.

21 Berdin, zerbait kutsatua ukitu ondoren –giza kutsadura dela, abere-kutsadura edo beste edozein kutsadura higuingarri dela– Jaunari eskainiriko elkartasun-opariko haragia jaten duena, herritik bota egingo dute».

22 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 23 «Esan israeldarrei: Ez duzue jango zezen, ardi edo ahuntzen gantzik.

24 Abere hilaren nahiz sarraskituaren gantzaz edozertarako balia zintezkete, jateko izan ezik. 25 Jaunaren ohorez erretzeko oparigai den aberearen gantza jaten duena, herritik bota egingo duzue. 26 Biziko zareten edozein lekutan, ez duzue hegazti- edo abere-odolik jango. 27 Odola jaten duen oro, herritik bota egingo duzue».

28 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 29 «Esan israeldarrei: Elkartasun-oparia Jaunari eskaintzean, eskaintzaileak Jaunari dagokion zatia aurkeztuko du; 30 bere eskuz eramango du Jaunari sagaratu beharrekoa: gantzak eta bularra. Bularra Jaunari eskainiko dio, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 31 Gantzak apaizak erreko ditu aldarean; aurkezturiko bularra, berriz, Aaron eta beronen ondorengoentzat izango da. 32 Opaldutako aberearen izterra ere apaizarentzat gordeko duzue: 33 elkartasun-opariko odola eta gantza eskaintzen dituen apaizari dagokion zatia da. 34 Izan ere, aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra neuk hartu ditut israeldarrengandik –horien elkartasun-oparietatik– eta Aaron apaizari eta beronen ondorengoei eman: betiko dagokien partea da. 35 Horra hor Jaunaren ohorez erretako oparietatik Aaroni eta beronen ondorengoei dagokien partea, Jaunaren apaiz izateko izendatuko dituzten egunetik. 36 Hala emateko agindu die Jaunak israeldarrei, apaiz sagaratuko dituen egunetik. Betiko legea da hau belaunez belaun».

37 Horiek dira opariei buruzko arauak: erre-opari, labore-opari, barkamen- eta ordain-opari, apaizen sagarapeneko opari eta elkartasun-opariei buruzko arauak, 38 Jaunak Moisesi Sinai mendian adieraziak, israeldarrei Sinai basamortuan opariak egiteko agindu zien egunean.

8. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Hartu zeurekin Aaron eta beronen semeak; hartu jantziak ere, gantzuketa-olioa, barkamen-oparirako zekorra, bi ahari eta legamia gabeko ogien saskia, 3 eta bildu elkarte osoa elkarketa-etxolaren sarreran». 4 Jaunak agindu bezala egin zuen Moisesek. Elkartea elkarketa-etxolaren sarreran bildu zenean, 5 Jaunak egiteko agindu zuena adierazi zien Moisesek. 6 Gero, Aaron eta beronen semeak hurbilaraziz, uretan garbitzeko eskatu zien. 7 Ondoren, tunika jantzi zion Aaroni, gerrikoaz lotu eta mantua jarri; gainetik efoda ezarri zion eta xingolaz lotu. 8 Bularrekoa ipini zion, eta bertan «Urim» eta «Tumim» epaigailuak. 9 Buruzapia ezarri zion buruan, eta buruzapiaren aurrealdean urre garbizko xafla, diadema sakratua , Jaunak agindua zion bezala.

10 Moisesek, gantzuketa-olioa harturik, egoitza eta bertan zegoen guztia gantzutu zuen eta sagaratu.

11 Zazpi aldiz zirtatuz, aldarea bere tresna guztiekin eta aska bere oinarekin gantzutu zituen eta sagaratu. 12 Aaron ere, burura olioa isuriz, gantzutu egin zuen eta sagaratu.

13 Gero, Aaronen semeak hurbilaraziz, tunikak jantzarazi zizkien, gerrikoak lotu eta kapelak ezarri, Jaunak agindua zion bezala.

14 Barkamen-oparirako zekorra ekarrarazi zuen. Aaronek eta beronen semeek eskuak zekorraren buruan ezarri ondoren, 15 hil egin zuen Moisesek eta, odola harturik, behatzez aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen alde guztietatik, aldarearen garbikuntza eginez; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen; horrela, aldarea sagaratu zuen, garbikuntza-ohikunea haren gain eginez.

16 Ondoren, heste gaineko gantza, gibela estaltzen zuena eta giltzurrunak berauen gantzarekin harturik, aldarean erre zituen. 17 Baina zekorraren gainerakoak –larrua, haragia eta hesteak– kanpalekutik atera eta erre egin zituen, Jaunak agindua zion bezala.

18 Gero, erre-oparirako aharia ekarrarazi zuen. Aaronek eta beronen semeek ahariaren buruan eskuak ezarri ondoren, 19 hil egin zuen Moisesek, eta odolaz aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik. 20 Aharia zatitu egin zuen eta burua, zatiak eta gantzak erre. 21 Hesteak eta hankak uretan garbitu zituen, eta ahari osoa erre zuen aldarean, Jaunak agindua zion bezala. Erre-oparia izan zen, eta Jaunak atseginez onartu zuen bere ohorez erretako oparia.

22 Ondoren, bigarren aharia ekarrarazi zuen, apaizak sagaratzeko erabiltzekoa. Aaronek eta beronen semeek ahariaren buruan eskuak ezarri ondoren, 23 hil egin zuen Moisesek eta, odola harturik, eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtzi zizkion Aaroni. 24 Aaronen semeei ere, hurbilaraziz, eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak odolaz igurtzi zizkien; gainerako odola aldare-inguru guztian isuri zuen. 25 Hartu zituen gero buztaneko gantza, heste gainekoa eta gibela estaltzen zuena, giltzurrunak berauen gantzarekin eta eskuineko izterra. 26 Hartu zituen ere legamia gabeko opil bat, olioz oraturiko opil bat eta talo bat Jaunaren aurrean zegoen legamia gabeko ogien saskitik, eta gantzen eta eskuineko izterraren gainean ezarri. 27 Hori guztia Aaronen eta beronen semeen eskuetan jarri zuen, eta hauek Jaunari eskaini zioten, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 28 Gero, Moisesek berriro haien eskuetatik hartu eta aldarean erre zuen guztia, erre-opari gisa eskainitakoaren gainean. Apaizen sagarapenerako oparia izan zen, eta Jaunak atseginez onartu zuen bere ohorez erretako oparia. 29 Moisesek bularra hartu eta, errituzko aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskaini zion. Hori zen sagarapen-aharitik Moisesi zegokion zatia, Jaunak agindua zion bezala. 30 Moisesek gantzuketa-oliotik eta aldare gainean zegoen odoletik harturik, Aaron eta beronen jantziak eta semeak eta berauen jantziak zipriztindu zituen; honela, bai Aaron eta semeak, bai beraien jantziak, sagaratu zituen.

31 Moisesek esan zien Aaroni eta beronen semeei: «Egosi haragia elkarketa-etxolaren sarreran; han bertan jango duzue sagarapenerako prestaturiko saskian dagoen ogiarekin batera, nik jaso nuen aginduaren arabera: "Aaronek eta beronen semeek jango dute". 32 Sobera gelditzen diren haragia eta ogia erre egingo dituzue. 33 Ez duzue elkarketa-etxolaren sarreratik alde egingo zazpi egunez, apaiz-sagarapena burutu arte; zazpi egun iraungo baitu apaizgoa hartzeko ohikuneak. 34 Gaur egin den bezala egiteko agindu du Jaunak, zuen bekatuen barkamena lortzeko. 35 Beraz, zazpi egunez, gau eta egun geldituko zarete elkarketa-etxolaren sarreran; ondoren, Jaunak ezarritako zerbitzua bete ahal izango duzue, hil gabe. Agindu hori jaso dut nik Jaunarengandik».

36 Jaunak Moisesen bidez aginduriko guztia egin zuten Aaronek eta beronen semeek.

9. atala

[aldatu]

1 Zortzigarren egunean , Moisesek dei egin zien Aaroni, beronen semeei eta Israelgo herri-arduradunei. 2 Eta Aaroni esan zion: «Hartu zekor bat barkamen-oparirako eta ahari bat erre-oparirako, akats gabeak biak, eta aurkez itzazu Jaunaren aurrean. 3 Esan israeldarrei har dezatela aker bat barkamen-oparirako, zekor bat eta bildots bat, urtekoak eta akats gabeak, erre-oparirako, 4 zezen bat eta ahari bat elkartasun-oparitzat Jaunari eskaintzeko, eta olioz oraturiko irin-oparia. Gaur, hain zuzen, Jauna agertuko zaizue».

5 Elkarketa-etxolaren aurrera eraman zuten Moisesek agindu ziena; elkarte osoa hurbildu zen eta zutik zegoen Jaunaren aurrean. 6 Moisesek esan zien: «Horra Jaunak egiteko agindu dizuena, bere presentzia aintzatsua ager diezazuen». 7 Gero, Aaroni esan zion: «Hurbildu aldarera eta eskaini zeure barkamen-oparia eta erre-oparia, zeure aldeko barkamen-ohikunea egiteko; eskaini herriaren oparia ere, beraren aldeko barkamen-ohikunea egiteko, Jaunak agindu bezala».

8 Hurbildu zen Aaron eta bere barkamen-opariko zekorra hil zuen. 9 Semeek odola aurkeztu zioten, eta hark, behatza odoletan bustirik, aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen. 10 Oparigaiaren gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuen gantza aldarean erre zituen, Jaunak Moisesi agindu bezala; 11 alabaina, haragia eta larrua kanpalekutik atera eta erre egin zituen. 12 Gero, erre-opariko aharia hil zuen Aaronek; semeek odola eraman zioten, eta hark aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik. 13 Ondoren, oparigaiaren zatiak eta burua eraman zizkioten eta Aaronek aldarean erre zituen. 14 Hesteak eta hankak garbiturik, erre egin zituen beste zatien gainean.

15 Ondoren, herriaren oparia aurkeztu zuen Aaronek; herriaren aldeko barkamen-opariko aharia harturik, hil egin zuen eta barkamen-oparitzat eskaini, zekorrarekin egin zuen bezala. 16 Erre-oparia ere eskaini zuen, arautua zegoen eran. 17 Baita labore-oparia ere; hartatik esku bete harturik, aldarean erre zuen, goizeko erre-opariaz gain. 18 Herriak elkartasun-oparirako eskainiriko zezena eta aharia hil zituen; semeek odola eraman zioten, eta Aaronek aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik. 19 Zezenaren eta ahariaren buztanak, heste gaineko gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuena eraman zizkioten 20 eta, bularraren gainean ezarririk, erre egin zituen. 21 Gero, bularra eta eskuineko izterra aurkeztu zituen, Jaunak Moisesi agindu bezala, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 22 Barkamen-opari, erre-opari eta elkartasun-oparien eskaintza amaitu zuenean, Aaronek, herriaren gainera eskuak jasorik, bedeinkatu egin zuen , eta ondoren aldaretik jaitsi egin zen.

23 Moises eta Aaron elkarketa-etxolan sartu ziren; berriro irtetean, herria bedeinkatu zuten. Orduan, Jaunaren presentzia aintzatsua agertu zitzaion herri osoari.

24 Jaunaren aurretik sua atera zen eta aldare gaineko erre-oparigaia eta gantzak kiskali zituen. Hori ikustean, herri osoak oihu egin zuen pozez, eta ahuspez jarri zen.

10. atala

[aldatu]

1 Aaronen seme Nadabek eta Abihuk, nork bere errautsontzia harturik, bertan sua egin eta intsentsua ezarri zuten; horrela, Jaunak agindu gabeko eskaintza aurkeztu zioten. 2 Orduan, Jaunaren aurretik sua atera eta kiskali egin zituen; hantxe bertan hil ziren.

3 Moisesek Aaroni esan zion: «Horretaz ari zen Jauna hau esatean: Hurbiltzen zaizkidanek nire santutasuna errespetatu behar dute eta ni ohoratu herri osoaren aurrean». Aaron isilik gelditu zen.

4 Gero, Moisesek Aaronen osaba Uzielen seme ziren Mixaeli eta Elitzafani dei egin eta esan zien: «Zatozte! Kendu zeuen ahaideen gorpuak santutegi aurretik eta atera kanpalekutik».

5 Hurbildu ziren haiek eta, beren tuniketan bildurik, kanpalekutik atera zituzten, Moisesek agindu bezala.

6 Moisesek esan zien Aaroni eta Eleazar eta Itamarri, haren beste bi semeei: «Zuek ez utzi ilea harro eta ez urratu jantziak, dolua adierazteko, zuek hil eta Jauna elkarte osoaren aurka haserretzea nahi ez baduzue. Israeldar guztiek, zuen senideek, egingo dute dolu, Jaunak suaz hil dituen horiengatik; 7 zuek ez aldendu elkarketa-etxolaren sarreratik, hil nahi ez baduzue, olioz Jaunari sagaratuak baitzaudete». Moisesek agindu bezala egin zuten.

8 Honela mintzatu zitzaion Jauna Aaroni: 9 «Zuk eta zure semeek, elkarketa-etxolan sartu behar duzuenean, ez duzue ardorik, ez alkohol-edaririk edango, hil nahi ez baduzue. 10 Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun; horrela, zer den sakratu eta zer profano, zer garbi eta zer kutsatu bereizi ahal izango duzue, 11 eta nik, Jaunak, Moisesen bidez emandako legeak israeldarrei irakasteko gai izango zarete».

12 Moisesek Aaroni eta honi gelditzen zitzaizkion semeei, Eleazar eta Itamarri, esan zien: «Hartu labore-oparia, Jaunaren ohorez erretako oparitik gelditua, egin legamia gabeko ogiak eta jan aldare ondoan; guztiz sakratua denez, 13 toki sakratuan jango duzue. Horixe da Jaunaren ohorez erretako oparitik zeuri eta zure semeei dagokizuen partea, Jaunak agindu zidan bezala.

14 Israeldarrek elkartasun-oparitzat eskainitako aberearen bularra eta izterra ere, Jaunari aurkeztua bata eta zuentzat aparte utzitakoa bestea, toki garbian jango dituzue zeuk eta zure seme-alabek. Horixe da israeldarren elkartasun-oparietatik dagokizuen partea.

15 Izterra eta bularra Jaunaren ohorez erretako oparien gantzarekin batera eramango dituzte eskaintzaileek eta, errituzko aurkezpen-keinua eginez, Jaunari aurkeztuko. Zeuri eta zure semeei dagokizuen partea da betiko, Jaunak agindu bezala». 16 Moisesek barkamen-opariko akerraz galdegin zien orduan, eta jadanik errea zela jakin zuen. Haserretu egin zen Moises Aaronen seme Eleazar eta Itamarren kontra, eta esan zien:

17 –Zergatik ez duzue barkamen-oparigaia toki sakratuan jan? Guztiz sakratua da, elkartearen errua kentzeko eta Jaunaren aurrean haren aldeko barkamen-ohikunea egiteko Jaunak zuei emana. 18 Akerraren odola santutegi barrura eramana izan denez gero, toki sakratuan jan behar zenuten, agindu nizuen bezala.

19 Aaronek erantzun zion:

–Zuk dakizu zer gertatu zaidan gaur, israeldarrek Jaunaren aurrean beren barkamen-oparia eta erre-oparia eskaini dituzten egun honetan. Ontzat emango ote zuen Jaunak gaur nik barkamen-oparigaia jatea?

20 Ontzat eman zuen Moisesek erantzuna.

11. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:

2 «Esan israeldarrei: Lurrean bizi diren animalia guztietatik, jan ditzakezue 3 bitan banaturiko apatxak dituztenak eta hausnartzaileak. 4-6 Beraz, hausnartzaile diren edo apatxak bitan banaturik dituzten animalien artean ezin izango duzue jan, ez gamelua, ez erbia, ez azkonarra; hausnartzaile izan arren, ez baitute bitan banaturiko apatxik; kutsatutzat edukiko dituzue; }} 7 ezta urdea ere, bitan banaturiko apatxak dituen arren, ez baita hausnartzailea.

8 «Ez duzue horien haragirik jango, ezta horien sarraskirik ukituko ere: animalia kutsatutzat edukiko dituzue.

9 «Uretako piztietatik, itsaso eta ibaietan hegalak eta ezkatak dituzten guztiak jan ditzakezue; 10 baina itsas eta ibai-uretako bizidunen artean, hegal eta ezkata gabeak debekatuak dituzue: 11 ez duzue horien haragirik jango eta horien sarraskiak higuingarritzat edukiko dituzue. 12 Hegalik eta ezkatarik ez duten uretako piztiak debekatuak dituzue.

13 «Hegaztien artean hauek dituzue debekatuak eta ezin izango dituzue jan: arranoa, gabiraia, itsas arranoa, 14 mirua eta mota guztietako saiak, 15 mota guztietako beleak, 16 ostruka, hontz zuria, kaioa, mota guztietako belatzak, 17 hontza, itsas belea, ibisa, 18 zisnea, belabeltza, uroiloa, 19 zikoina, mota guztietako koartzak, marti-oilarra eta saguzarra.

20 «Lauoinka dabiltzan intsektu hegaldunak debekatuak dituzue. 21 Lau zangoko intsektu hegaldun guztietatik, salto egiteko atzeko zangoak aurrekoak baino luzeagoak dituztenak jan ditzakezue. 22 Beraz, mota guztietako larrapoteak, kilkerrak eta matxinsaltoak jan ditzakezue. 23 Lau zangoko beste intsektu hegaldun guztiak debekatuak dituzue.

24 «Zenbait piztia ukitzeak kutsatu egiten du pertsona. Hauek dira kutsatutzat edukiko dituzuen animaliak: bitan banaturiko apatxik ez dutenak eta hausnarrean egiten ez dutenak; horiek ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte; oin-zolen gainean dabiltzan lau zangodun piztia guztiak.

«Animalia horien sarraskiak ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte, eta horien sarraskiak jaso edo garraiatzen dituenak arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. 29 «Hona zeintzuk edukiko dituzuen kutsatutzat lur gainean narraska dabiltzan piztien artean: satorra, sagua eta mota guztietako muskerrak, 30 dragoitxoa, krokodiloa, arrubioa eta kameleoia. 31 Narraska dabiltzanen artean, horiek edukiko dituzue kutsatutzat: hilik daudela ukitzen dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte.

32 «Horietako piztiaren bat, hil eta gero, edozer gauzaren gainera jausten bada, zurezko nahiz oihalezko, larruzko nahiz zakuzko, edo beste edonolako lan-tresnaren gainera, kutsaturik geldituko da; uretan sartuko duzue eta kutsaturik geldituko da arratsa arte; gero, garbi bihurtuko da.

33 «Horietako piztiaren bat buztinezko edozein ontzitara jausten bada, barruan dagoen guztia kutsaturik geldituko da eta ontzia hautsi egingo duzue. 34 Ontzi horretako ura jangai den zerbaiti botatzen bazaio, kutsaturik geldituko da; halaber, edan daitekeen edariren bati botatzen bazaio, nolanahiko ontzitan dagoela, kutsaturik geldituko da. 35 Piztia horien sarraski-zatiren bat edozer gauzaren gainera jausten bada, kutsaturik geldituko da; labeak eta sutegiak birrindu egingo dituzue: kutsatuak dira eta kutsatutzat edukiko dituzue.

36 «Hala ere, iturri eta urtegiei dagokienez, ur bilduak garbi iraungo du, baina sarraskia uretatik ateratzeko ukitzen duena kutsaturik geldituko da.

37 «Sarraskia hazitarako den ale gainera jausten bada, haziak garbi dirau; 38 baina, alea, gero jateko, urez busti baldin bada, eta sarraski-zatiren bat gainera jausten bazaio, kutsatutzat edukiko duzue.

39 «Jangai duzuen abere bat hiltzen bazaizue, haren sarraskia ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte. 40 Sarraski hartatik jaten duenak bere arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. Sarraskia jaso edo garraiatzen duenak ere arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.

41 «Lur gainean narraska dabiltzan piztiak debekatuak dituzue eta ezin izango dituzue jan.

42 «Sabel gainean nahiz lau zangoen edo gehiagoren gainean narraska dabiltzan piztiak debekatuak dituzue eta ezin izango dituzue jan. 43 Ez ditzazuela zeuen buruak higuingarri bihur, ezta kutsatu ere narraska dabiltzan piztiak direla eta. 44 Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa. Gorde garbi zeuen buruak, santu izan zaitezten, ni santua naiz eta. Ez zaitezte kutsa lurrean narraska dabiltzan piztia horiekin. 45 Neu naiz Jauna, zuen Jainko izateko Egiptotik igoarazi zintuztena. Izan zaitezte santu, ni santua naiz eta.

46 «Horra hor abereei, hegaztiei, uretako bizidunei eta lur gainean narraska dabiltzan piztiei buruzko legea, 47 animalia garbi eta kutsatuen artean, jan daitekeen eta jan ezin denaren artean, bereizteko emana».

12. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan israeldarrei: Emakumea, mutikoa izaten badu, zazpi egunez kutsaturik geldituko da, hilerokoa duenean bezala. 3 Zortzigarren egunean mutikoa erdainduko dute; 4 baina amak beste hogeita hamahiru egun itxaron beharko du galdu duen odoletik garbi gelditzeko; ez du ezer santurik ukituko, ezta santutegian sartuko ere, garbikuntza-egunak bete arte.

5 Baina neskatoa izaten badu, bi astez geldituko da kutsaturik, hilerokoarekin bezala, eta beste hirurogeita sei egun itxarongo du odoletik garbi gelditzeko.

6 «Seme nahiz alabagatik garbikuntza-egunak betetzean, apaizarengana joango da, elkarketa-etxolaren sarrerara, eta urteko bildotsa eramango dio erre-oparirako eta usakumea edo usapala barkamen-oparirako. 7 Apaizak Jaunaren aurrean eskainiko ditu, amaren aldeko garbikuntza-ohikunea eginez, eta hura garbi geldituko da bere odoljariotik.

«Horra hor semea nahiz alaba izaten duen emakumeari buruzko legea.

8 «Bildots bat erosteko ahalbiderik ez duen emakumeak bi usapal edo bi usakume har ditzake, bata erre-oparirako eta bestea barkamen-oparirako. Apaizak emakumearen aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du, eta hura garbi geldituko da».

13. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:

2 «Norbaiti larruazalean handitua, zornea edota orbaina ateratzen bazaio, legenarena bezalako zauria sortuz, Aaron apaizarengana edo beronen ondorengoetariko apaiz batengana eramango dute. 3 Apaizak larruazaleko zauria miatuko du; zauri gaineko ilea zuritua badu eta zauria azalekoa baino sakonagoa bada, legen-kasua da. Apaizak, miatu ondoren, kutsatutzat aitortuko du.

4 «Larruazaleko orbaina zuria bada, baina azalekoa baino sakonagoa ez bada eta ilea zuritua ez badu, apaizak jendartetik aparte jarriko du gaixoa zazpi egunez.

5 Zazpi egunen buruan berriro miatuko du, eta zauriak bere hartan, azalean zabaldu gabe, jarraitzen duela ikusten badu, beste zazpi egunez edukiko du jendartetik aparte. 6 Zazpi egun horien buruan berriro miatuko du, eta zauria, azalean zabaldu gabe, zurbilduz doala ikusten badu, garbitzat aitortuko du; zorne hutsa da. Gaixoak arropak garbituko ditu eta garbi geldituko da.

7 «Baina apaizarengana joan eta garbitzat aitortua izan ondoren, zornea zabaldu egiten bazaio azalean, apaizarengana agertuko da berriro. 8 Apaizak, miatu ondoren, zornea azalean zabaldu zaiola egiaztatzen badu, kutsatutzat aitortuko du; legen-kasua da.

9 «Norbaiti legenarena bezalako zauria sortzen bazaio, apaizarengana eramango dute. 10 Apaizak miatu egingo du eta ikusten badu larruazalean handitu zuria duela, gaineko ilea zurituz doala eta haragi bizia ageri dela handituan, 11 legen zaharra du gaixoak larruazalean. Apaizak kutsatutzat aitortuko du eta ez du aparte edukiko, benetan kutsatua baitago.

12 «Baina apaiza ohartzen bada legena larruazalean gero eta zabalduagotuz doala, gaixoa burutik oinetaraino estaltzeraino, 13 sakonago miatuko du; legenak gorputz guztia estali diola ikusten badu, garbitzat aitortuko du; dena zuri bihurtu denez, gaixoa garbi gelditu da. 14 Baina haragi bizia agertzen zaion egunean, kutsatua geldituko da berriro. 15 Orduan, apaizak haragi bizia miatuko du eta kutsatutzat aitortuko gaixoa, haragi bizia kutsatua baita; legen-kasua da. 16 Baina haragi bizia berriro zuritzen bada eta, gaixoa apaizarengana joanik, 17 honek zauriak zurituak dituela ikusten badu, garbitzat aitortuko du; garbi dago, izan ere.

18 «Larruazalean zaldarra izan eta, sendatu eta gero, 19 haren lekuan handitu zuria edo mantxa zuri-gorrixka ateratzen bazaio norbaiti, apaizarengana joango da. 20 Apaizak miatu egingo du; mantxa azalekoa baino sakonagoa badu eta ilea zuritua, kutsatutzat aitortuko du; zaldarraren gainean sortu den legena da. 21 Baina apaizak ikusten badu ile zuririk ez duela eta azalekoa baino sakonagoa ez dela, baizik eta zurbilduz doala, aparte edukiko du gaixoa zazpi egunez. 22 Mantxa larruazalean zabalduz badoa, kutsatutzat aitortuko du apaizak; legen-kasua da. 23 Baina toki berean jarraitzen badu eta zabaltzen ez, zaldarraren mantxa da; garbitzat aitortuko du apaizak.

24 «Larruazalean suz eginiko erredura izan eta erretako tokian mantxa zuri-gorrixka edo zuria sortzen bazaio norbaiti, 25 apaizak miatu egingo du; gaineko ilea zuritua badu eta mantxa azalekoa baino sakonagoa bada, erreduran sortu den legena da. Apaizak kutsatutzat aitortuko du; legen-kasua da. 26 Baina ikusten badu ile zuririk ez duela eta azalekoa baino sakonagoa ez dela, baizik eta zurbilduz doala, aparte edukiko du gaixoa zazpi egunez. 27 Zazpi egunen buruan berriro miatuko du eta mantxa azalean zabalduz badoa, kutsatutzat aitortuko du; legen-kasua da. 28 Baina mantxak toki berean jarraitzen badu eta zabaltzen ez, baizik eta zurbilduz badoa, erreduraren handitua da. Apaizak garbitzat aitortuko du, erreduraren mantxa baita. 29 «Gizon nahiz emakume bati buruan edo kokotsean azaleko gaitzen bat sortzen bazaio, 30 apaizak alderdi gaixoa miatuko du. Ikusten badu azalekoa baino sakonagoa dela eta ilea horitua eta bakandua duela, kutsatutzat aitortuko du; ezkabia-kasua da, buruko edo bizarreko legena. 31 Baina apaizak ezkabiak jotako aldea miatzean, azalekoa baino sakonagoa ez dela eta ilea ez dela belztu ikusten badu, aparte edukiko du gaixoa zazpi egunez. 32 Zazpigarren egunean berriro miatuko du. Ikusten badu ezkabia ez dela zabaldu, ezta ilea horitu ere, eta ez dela azalekoa baino sakonagoa, 33 ilea mozteko aginduko dio gaixoari, ezkabia duen lekuan izan ezik, eta aparte edukiko beste zazpi egunez. 34 Zazpi egun horien buruan apaizak ezkabia miatuko du; ikusten badu larruazalean ez dela zabaldu eta azalekoa baino sakonagoa ez dela, garbitzat aitortuko du; gaixoak arropak garbituko ditu eta garbi geldituko da. 35 Baina garbitzat aitortua izan ondoren, ezkabia larruazalean zabaltzen bazaio, 36 apaizak berriro miatuko du eta, ezkabia azalean zabaldua duela egiaztatu ondoren, ez du ile horirik ba ote duen aztertu beharrik; gaixoa kutsatuta dago. 37 Baina apaizaren ustetan ezkabiak bere hartan jarraitzen badu eta haren tokian ile beltza hazi bada, ezkabia sendaturik dago; garbi dago gaixoa, eta hala aitortuko du apaizak.

38 «Gizon edo emakume bati larruazalean orbain zuriak ateratzen bazaizkio, 39 apaizak miatu egingo du; orbain zuri-zurbilak dituela ikusten badu, gaitzak ez du garrantzirik; halakoa garbi dago.

40 «Gizon bat, ilea erori eta burusoil gelditzen bada, garbi dago. 41 Kopetako ilea erori eta soildurik gelditzen bada, garbi dago. 42 Baldin buruko edo kopetako soilgunean mantxa zuri-gorrixka badu, legena ari zaio sortzen. 43 Apaizak miatu egingo du, eta kopeta eta burusoileko mantxaren handitua zuri-gorrixka ageri bada, larruazaleko legenaren antzekoa, 44 legenak jota dago gizona; kutsatuta dago eta hala aitortuko du apaizak buruan duen gaitzarengatik.

45 «Legenak jotako gizonak arropak urratuak eramango ditu, ilea harro eta aurpegia erdi estalirik, eta "Kutsatua! Kutsatua!" oihu eginez ibiliko da. 46 Gaitzak alde egin arte kutsatua izango da eta bakarrik biziko, kanpalekutik aparte.

47 «Artilezko nahiz lihozko jantzian 48 edo ehunean, larruan nahiz edozein larrukitan mantxa agertzen bada, 49 eta mantxa berdexka nahiz gorrixka bada, lizun-kasua da eta apaizari erakutsi behar zaio. 50 Apaizak miatu egingo du eta aparte edukiko zazpi egunez. 51 Zazpi egunen buruan berriro miatuko du; lizuna jantzian nahiz ehunean, larruan nahiz larrukian zabaldu bada, gaitz galgarria da, eta gauza horiek kutsatuta daude. 52 Beraz, lizuna duen gauza erabat erreko da, gaitz galgarria duenez gero; 53 baina apaizak ikusten badu lizuna ez dela zabaldu esandako gauza horietako batean, 54 garbitzeko aginduko du, eta beste zazpi egunez aparte edukiko. 55 Garbitua eman ondoren, apaizak berriro miatuko du eta, lizuna zabaldu ez arren, lehengo itxura bera duela ikusten badu, kutsatuta dago eta erre egingo da, barru edo kanpoaldetik jana baitago. 56 Baina apaizak ikusten badu lizuna zurbildu egin dela garbitua izan ondoren, lizuna duen zatia ebakiko dio jantzi, larru nahiz ehunari. 57 Lizuna berriro agertzen bada, ordea, eta jantzian nahiz ehunean, larruan nahiz larrukian zabaltzen, erre egingo da. 58 Garbitu bat eman ondoren lizuna joaten zaion jantzi, ehun, larru nahiz larrukia, berriro garbitu eta gero, garbi geldituko da.

59 «Hori da artilezko nahiz lihozko jantziei, ehunei eta larru nahiz larrukiei buruzko legea, zer dagoen garbi eta zer kutsatuta erabakitzeko emana».

14. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Hona hemen legendunaren garbikuntza egiteko ohikunea: 3 Apaiza kanpalekutik aterako da legenduna miatzeko. Legenduna legen zuritik sendatu dela ikusten badu, 4 bi hegazti bizi eta garbi, zedro-zura, purpura gorrimina eta isipua ekartzeko aginduko du garbitu behar duenarentzat.

5 Hegaztietako bat iturburuko ura daukan buztinezko ontzi baten gainean hilaraziko du. 6 Gero, hegazti bizia, zedro-zura, purpura gorrimina eta isipua harturik, iturburuko uraren gainean hildako hegaztiaren odoletan bustiko ditu, baita hegazti bizia ere. 7 Ondoren, legenetik garbitu behar duena zazpi bider zipriztinduko du odolaz eta garbitzat aitortuko. Hegazti bizia libre utziko du landan.

8 «Garbitu behar duenak arropak garbituko ditu eta ile guztia moztuko, uretan bainatuko da eta, horrenbestez, garbi geldituko da. Ondoren, kanpaleku barrura sar daiteke; hala ere, zazpi egunez oihal-etxolatik kanpo egongo da. 9 Zazpigarren egunean, gorputzeko ile guztia moztuko du –burukoa, aurpegikoa, bekainekoa eta gainerako guztia–, arropak eta gorputza garbituko ditu eta garbi geldituko da.

10 «Zortzigarren egunean, bi bildots akats gabe, urteko arkume akats gabe bat, olioz oraturiko hamabi kilo irin garbiko oparia eta litro erdi bat olio hartuko ditu. 11 Garbikuntza egin behar duen apaizak Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, ezarriko du garbitu behar duena beraren opariekin. 12 Apaizak, bildotsetariko bat harturik, ordain-oparitzat eskainiko du, litro erdi bat olio rekin batera, eta Jaunari aurkeztuko, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 13 Toki sakratuan hilko du bildotsa, barkamen-oparigaia eta erre-oparigaia hiltzen diren tokian. Ordain-oparia, barkamen-oparia bezala, apaizarentzat da; guztiz sakratua da.

14 «Gero, apaizak ordain-oparigaiaren odola hartu eta garbitu behar duenaren eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtziko ditu. 15 Litro erdi oliotik pixka bat hartu eta ezkerreko eskuan isuriko du, 16 eta, eskuineko behatza ezkerrean duen oliotan bustirik, zazpi bider zirtatuko du Jaunaren aurrean. 17 Garbitu behar duenaren eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtziko ditu eskuan duen olioaz, ordain-opariko bildotsaren odolaren gainean. 18 Eskuan gelditzen zaion olioa burura isuriko dio. Horrela, garbitu behar duenaren garbikuntza-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean. 19 Gero, barkamen-oparia eskainiko du apaizak eta bere kutsaduratik garbitu behar duenaren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo berriro. Ondoren, erre-oparigaia hilko du 20 eta aldarean eskainiko, irin-opariarekin batera. Azkeneko aldiz haren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du, eta hura garbi geldituko da.

21 «Legenduna pobrea bada, opari guztiok erosteko ahalbiderik gabea, bildots bat bakarra hartuko du ordain-oparirako, Jaunari aurkeztu eta garbikuntza-ohikunea egiteko; gainera, oliotan oraturiko lau bat kilo irin garbi, litro erdi bat olio, 22 eta bi usapal edo bi usakume, ahal duen neurrian, bata barkamen-oparirako eta bestea erre-oparirako. 23 Zortzigarren egunean, guztiok apaizari eramango dizkio bere garbikuntzarako, elkarketa-etxolaren sarrerara, Jaunaren aurrera. 24 Apaizak ordain-oparirako bildotsa eta litro erdi bat olioa hartuko ditu eta Jaunari aurkeztuko, errituzko aurkezpen-keinua eginez. 25 Ordain-oparirako bildotsa hilko du eta, haren odol pixka bat harturik, garbitu behar duenaren eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtziko ditu. 26 Gero, ezkerreko eskuan isuriko du olioa 27 eta, eskuineko behatzez ezkerrean duen oliotik pixka bat harturik, zazpi bider zirtatuko du Jaunaren aurrean. 28 Garbitu behar duenaren eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak igurtziko ditu eskuan duen olioaz, ordain-opariko bildotsaren odola ezarri duen toki berean. 29 Eskuan gelditzen zaion olioa buru gainera isuriko dio, garbitu behar duenaren garbikuntza-ohikunea Jaunaren aurrean egiteko. 30 Gero, usakume edo usapaletarik bat –eraman ahal izan duena– eskainiko du apaizak; bata barkamen-oparitzat eskainiko du eta bestea erre-oparitzat, labore-opariarekin batera. 31 Honela, garbitu behar duenaren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du apaizak Jaunaren aurrean.

32 «Hau da garbikuntza egiteko behar dena erosteko ahalbiderik ez duen legendunari buruzko legea». Lizunak jotako etxeen garbikuntza.

33 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni: 34 «Ondaretzat emango dizuedan Kanaan lurraldean sartuko zaretenean, hango etxeren bat lizunaz jotzen badut, 35 etxeko nagusiak, apaizarengana joanik, bere etxeko hormetan lizuna agertu dela adieraziko dio.

36 «Lizuna ikertzera sartu baino lehen, etxea husteko aginduko du apaizak, etxean dagoen guztia kutsa ez dadin; ondoren, etxea miatzera sartuko da. 37 Lizuna miatuko du eta hormak mantxa berdexkak edo gorrixkak dituela eta hauek horma baino sakonagoak direla ikusten badu, 38 etxetik irten eta zazpi egunez itxita utziko du etxea. 39 Zazpi egunen buruan apaiza berriro etorriko da, eta mantxa horman zabaldu dela ikusten badu, 40 mantxa duten harriak kentzeko eta hiritik kanpora, leku kutsatu batera, botatzeko aginduko du. 41 Etxe barru guztia karraskatzeko eta hautsa hiritik kanpora, leku kutsatura, botatzeko aginduko du. 42 Ondoren, beste harri batzuk jarriko dituzte kendutakoen ordez, eta horma zurituko. 43 Baina harriak kendu, etxea karraskatu eta zuritu ondoren, mantxa berriro sortzen bada, 44 miatzera sartuko da apaiza; ikusten badu mantxa zabaldu egin dela, gaitz galgarria du etxeak, eta kutsaturik dago. 45 Beraz, eraitsi egingo dute eta harri, zur eta kare guztia hiritik kanpora botako, leku kutsatura.

46 «Itxirik dagoen aldian etxe hartan sartzen dena kutsaturik geldituko da arratsa arte. 47 Etxe hartan jan edo lo egiten duenak bere arropak garbitu egingo ditu.

48 «Baina zuritu ondoren, miatzera joan eta mantxa ez dela zabaldu ikusten badu apaizak, garbitzat aitortuko du etxea, desagertu baita gaitza.

49 «Orduan, etxearen garbikuntza egiteko, bi hegazti, zedro-zura, purpura gorrimina eta isipua hartuko ditu apaizak. 50 Hegaztietariko bat iturburuko ura daukan buztinezko ontzi baten gainean hilko du. 51 Gero, zedro-zura, isipua, purpura gorrimina eta hegazti bizia harturik, hegazti hilaren odoletan eta iturburuko uretan bustiko ditu, eta zazpi bider zipriztinduko du etxea. 52 Honela, hegaztiaren odol, iturburuko ur, hegazti bizi, zedro-zur, isipu eta purpura gorriminaren bidez etxearen garbikuntza egingo du. 53 Gero, hegazti bizia hiritik kanpo libre utziko du landan. Honela, etxearen garbikuntza-ohikunea egingo du eta garbi geldituko da.

54 «Horra hor edonolako azaleko gaitz, ezkabia, 55 arropen eta etxeen lizun, 56 handitu, zorne eta orbaini buruzko legea, 57 zer eta noiz dagoen kutsatuta edo garbi erabakitzeko emana. Hori da legenari buruzko legea». Gizonezkoaren sexu-kutsadura

15. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni: 2 «Esan israeldarrei: Gizonezkoa, sexu-jarioa duenean, kutsatu bihurtzen da. 3 Nahiz hazia kanpora isuri nahiz barruan geratu, sexu-jarioa beti da kutsagarria, eta gizona kutsatu bihurtzen du. 4 Jariodunak erabilitako etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da. 5 Jariodunaren etzalekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. 6 Jariodunak erabilitako eserlekuan esertzen denak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. 7 Jarioduna bera ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. 8 Jariodunak garbi dagoen norbaiti listua botatzen badio, honek arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. 9 Jariodunak zaldiz ibiltzean erabilitako zela kutsatua geldituko da. 10 Jariodunak azpian edukitako zernahi ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte. 11 Aurrez eskuak uretan garbitzeke, jariodunak norbait ukitzen badu, honek arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. 12 Jariodunak ukitutako buztinezko ontzia hautsi egingo da; zurezkoa uretan garbituko da.

13 «Kutsatzen zuen sexu-jarioa amaitu eta gero, zazpi egun itxaron beharko du gaixoak berriro garbi geratzeko; arropak garbituko ditu, ur bizitan bainatu eta garbi geldituko da. 14 Zortzigarren egunean, bi usapal edo bi usakume harturik, Jaunaren aurrera, elkarketa-etxolaren sarrerara, joango da eta apaizari emango dizkio. 15 Apaizak bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu. Honela, jariodunaren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean.

16 «Hazi-isuria duen gizonezkoa bainatu egingo da eta kutsaturik geldituko arratsa arte.

17 Hazia gainera erori zaion arropa nahiz larrua uretan garbituko da eta kutsaturik geldituko arratsa arte.

18 «Gizon-emakumeak, sexu-harremanak izan dituztenean, bainatu egingo dira eta kutsaturik geldituko arratsa arte. Emakumearen sexu-kutsadura

19 «Hilerokoa izanik, odoljarioa duen emakumea zazpi egunez geldituko da kutsaturik; emakumea ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte. 20 Hilerokoa izanik erabiltzen duen etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da. 21 Haren etzalekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. 22 Hark erabilitako eserlekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte. 23 Hura etzanda edo eserita egondako lekuan dagoen edozer gauza kutsaturik geldituko da arratsa arte. 24 Aldi horretan emakumearekin etzaten den gizonezkoa haren lohidura beraz kutsatzen da, eta zazpi egunez geldituko da kutsaturik; erabiliko duen etzalekua ere kutsatua geldituko da.

25 «Hilerokoaz kanpo edo hilerokoan ohi den baino luzaroago odoljarioa duen emakumea, kutsaturik geldituko da odoljarioak dirauen bitartean, hilerokoan bezala. 26 Odoljarioak dirauen bitarte osoan erabiltzen duen etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da, hilerokoan bezala. 27 Horiek ukitzen dituena kutsatu bihurtzen da; arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.

28 «Odoljarioa amaitu eta gero, zazpi egun itxaron beharko du emakumeak, berriro garbi geratzeko. 29 Zortzigarren egunean, bi usapal edo bi usakume hartuko ditu eta apaizari eramango dizkio, elkarketa-etxolaren sarrerara. 30 Apaizak bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu. Honela, emakumearen aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean, kutsatzen zuen odoljarioagatik.

31 «Ez daitezela axolagabe izan israeldarrak beren kutsadurei dagokienez, haien artean dudan bizilekua kutsatzeagatik hil ez daitezen.

32 «Hori da kutsagarri diren sexu-jarioari eta hazi-isurketari buruzko legea, 33 hilerokoa duen emakumeari eta kutsaturik dagoen emakumearekin etzaten den gizonezkoari dagokien legea».

16. atala

[aldatu]

1 Jauna Moisesi mintzatu zitzaion, Aaronen semeak hil ondoren –hauek Jaunarengana hurbiltzeagatik hil ziren–. 2 Jaunak esan zion Moisesi: «Esan Aaron zeure anaiari ez dadila noiznahi sar santutegian errezelaz barrualdera, kutxa gaineko estalkiaren aurrera; hil egingo litzateke bestela, zeren kutxaren estalki gainean agertzen bainaiz ni lainoan.

3 Barkamen-oparirako zekorra eta erre-oparirako aharia eramanez sartuko da Aaron santutegian. 4 Lihozko tunika sakratua jantzita sartuko da, lihozko galtzaz estalita eta lihozko gerrikoa eta buruzapia jarrita; jantzi sakratuak direnez gero, bainua hartu ondoren jantziko ditu.

5 «Israeldarren elkarteagandik bi aker hartuko ditu barkamen-oparirako eta ahari bat erre-oparirako. 6 Aaronek bere barkamen-opariko zekorra eskainiko du lehenbizi eta bere eta etxekoen aldeko barkamen-ohikunea egingo. 7 Gero, bi akerrak harturik, Jaunaren aurrean ipiniko ditu, elkarketa-etxolaren sarreran. 8 Aaronek zotz egingo du zein aker izango den Jaunarentzat eta zein Azazelentzat erabakitzeko. 9 Bata, zorteak Jaunarentzat aukeratua, aurkeztu eta barkamen-oparitzat eskainiko du. 10 Bestea, zorteak Azazelentzat aukeratua, bizirik ipiniko du Jaunaren aurrean, haren gain barkamen-ohikunea egiteko; gero, Azazeli bidaliko dio basamortura.

11 «Aaronek bere barkamen-opariko zekorra aurkeztuko du eta hil, bere eta etxekoen aldeko barkamen-ohikunea eginez. 12 Jaunaren aurrean dagoen aldareko ikatz goriz errautsontzia betez eta bi eskutada intsentsu-hauts usaintsu hartuz, errezelaz barrualdera eramango ditu. 13 Jaunaren aurrean, intsentsua ikatz gorietara botako du; intsentsuaren keak itun-agiriaren gaineko estalkia estaliko du, eta Aaron ez da hilko. 14 Zekorraren odoletik pixka bat hartu eta behatzez estalkia zipriztinduko du ekialdetik; gero, zazpi bider zirtatuko du behatzez estalki aurrean. 15 Ondoren, herriaren barkamen-oparirako akerra hilko du; honen odola errezelaz barrualdera eramango du eta zekorraren odolaz eginikoa bera egingo: estalkia zipriztinduko du eta estalki aurrean zirtatuko.

16 Honela, santutegiaren garbikuntza-ohikunea egingo du, israeldarren kutsadura, errebeldia eta bekatu guztiengatik. Beste horrenbeste egingo du israeldarren artean, beraien kutsaduren erdian, dagoen elkarketa-etxolarekin.

17 «Ez da beste inor elkarketa-etxolan egongo, Aaron barkamen-ohikunea egitera sartzen denetik irtengo den arte. Bere, etxekoen eta israeldarren elkarte osoaren aldeko barkamen-ohikunea eginik, 18 atera egingo da Aaron, eta Jaunaren aurrean dagoen aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo du. Zekorraren eta akerraren odoletik pixka bat harturik, aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu alde guztietatik, 19 eta zazpi bider zipriztinduko du aldarea behatzez; honela, israeldarren erruek eragindako kutsaduratik garbituko du eta sagaratuko.

20 «Santutegiaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea amaitu ondoren, Aaronek akerra aurkeztuko du. 21 Bi eskuak aker biziaren buruan ezarriz, israeldarren gaiztakeria, errebeldia eta bekatu guztien aitormena egingo du. Honela, akerraren burura botako ditu guztiak, eta horren kargu duenaren eskuz basamortura bidaliko du. 22 Akerrak berekin eramango ditu israeldarren erru guztiak eremu elkorrera. Akerra basamortura bidali ondoren, 23 elkarketa-etxolan sartuko da Aaron; santutegian sartzeko jantziriko lihozko tunika erantzi eta bertan utziko du. 24 Bainua egingo du toki sakratuan eta, bere beste arropak jantzirik, berriro aterako da, eta bere erre-oparia eta herriarena eskainiko ditu, bere eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea eginez.

25 Azkenik, barkamen-oparigaiaren gantza aldarean erreko du.

26 «Azazelentzako akerra eraman duenak arropak eta gorputza garbituko ditu, kanpalekuan sartu aurretik. 27 Barkamen-oparirako zekorra eta akerra, zeinen odola barkamen-ohikunea egiteko santutegira eramana izan baita, kanpalekutik aterako dituzte eta haien larru, haragi eta hesteak erreko. 28 Erretzaileak arropak eta gorputza garbituko ditu, kanpalekuan sartu aurretik.

29 «Betiko lege izango duzue hau: zazpigarren hilaren hamarrean barau egingo duzue; ez duzue inolako lanik egingo, ez bertakoek, ez zuen artean bizi diren etorkinek, 30 egun horretan egingo baita zuen aldeko barkamen-ohikunea, garbi zaitezten; bekatu guztietatik garbi geldituko zarete Jaunaren aurrean. 31 Betiko legea da: egun hori atseden-egun berezia izango duzue, barauari emana.

32 «Gerora, bere aitaren ordez apaizgoa hartzeko gantzutuko duten apaizak egingo du barkamen-ohikunea; lihozko jantzi sakratuak jantziko ditu, 33 toki santu santuaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea eta apaizen eta elkarte osoaren aldeko barkamen-ohikunea egiteko.

34 «Betiko lege izango duzue hau: urtean behin, israeldarren bekatu guztiengatik barkamen-ohikunea egingo da». Dena Jaunak Moisesi agindu bezala egin zuten.

17. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Adierazi Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei Jaunak ematen dituen agindu hauek:

3 «Israeldar batek, kanpaleku barruan nahiz kanpoan, zekorra, ardia nahiz ahuntza hil nahi badu, 4 aldez aurretik elkarketa-etxolaren sarrerara eramango du, egoitza aurrean Jaunari oparitzat aurkezteko; bestela, errudun izango da legez kontra odola isurtzeagatik, eta herritik bota egingo dute. 5 Beraz, ez zaie zilegi israeldarrei landan abererik hiltzea, baizik eta apaizari eraman behar diote elkarketa-etxolaren sarrerara, eta Jaunari eskaini elkartasun-oparitzat. 6 Apaizak elkarketa-etxolaren sarreran dagoen Jaunaren aldarea zipriztinduko du aberearen odolaz eta gantzak erre egingo ditu. Jaunak atseginez onartuko du oparia. 7 Horrela, israeldarrek ez diete aurrerantzean sakrifiziorik egingo aker-irudietan gurtzen dituzten sasijainkoei, Jaunarekiko desleial jokatuz. Betiko lege izango dute hau israeldarrek belaunez belaun.

8 «Israeldarrak edo israeldarren artean bizi den etorkinak erre-oparia edo beste edozein sakrifizio eskaini nahi badu, 9 elkarketa-etxolako sarrerara eramango du aberea, Jaunari eskaintzeko; bestela, herritik bota egingo dute.

10 «Nolanahiko abereren baten odola jaten duenari –israeldarra nahiz israeldarren artean bizi den etorkina izan– aurpegi emango dio Jaunak eta herritik botako.

11 Odolean dago, hain zuzen, izakiaren bizia. Jaunak odola eman dizue, aldarean isuri eta zeuen bekatuen barkamen-ohikunea egiteko. Izan ere, biziarekin duen zerikusiagatik lortzen du odolak bekatuen barkamena.

12 Horra zergatik agindu dien Jaunak israeldarrei, ez dezala inork odolik jan, ezta haien artean bizi den etorkinak ere.

13 «Jangai den piztia edo hegaztia ehizatzen badu israeldarrak nahiz etorkinak, odolustu egingo du eta odola lurrez estaliko, 14 izaki ororen bizia odolean baitago. Horregatik agindu die Jaunak israeldarrei inolako izakiren odolik ez jateko, izaki ororen bizia odolean dagoelako; jaten duena herritik bota egingo dute.

15 «Berez hildako edo piztiaren batek sarraskituriko aberearen haragia jaten duenak, bertakoa nahiz etorkina izan, arropak eta gorputza garbituko ditu, eta kutsaturik geldituko da arratsa arte; gero, garbi geldituko da. 16 Baina arropak eta gorputza garbitzen ez baditu, bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu».

18. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Esan israeldarrei: Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa. 3 Ez hartu zeuentzat orain arte bizi izan zareten Egiptoko jendearen usadioak edota sarraraziko zaituztedan Kanaango herrienak, ezta bizi ere herri horien legeen arabera.

4 Bete nire erabakiak eta gorde nire legeak zeuen bizimoduan. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

5 «Gorde, beraz, nire lege eta erabakiak: bizia ematen diote betetzen dituenari. Neu naiz Jauna.

6 «Ez du inork bere odoleko emakumerekin sexu-harremanik izango . Neu naiz Jauna.

7 «Ez duzu zeure amarekin sexu-harremanik izango, zeure ama baita: aita eta ama, biak desohoratuko zenituzke.

8 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure aitaren emazte batekin: aita desohoratuko zenuke.

9 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, ezta etxe berean haziak ez bazarete ere.

10 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure bilobarekin, semearen nahiz alabaren alabarekin: zeure burua desohoratuko zenuke.

11 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure aitaren emaztearen alabarekin: zure aitarengandik sortua da, eta arreba duzu.

12 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure aitaren arrebarekin: zure aitaren odol berekoa da.

13 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure amaren ahizparekin: zure amaren odol berekoa da.

14 «Ez duzu zeure aitaren anaia desohoratuko, beronen emaztearekin sexu-harremanak izanez: zeure izeba duzu.

15 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure errainarekin, zure semearen emaztea baita.

16 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure koinatarekin: zeure anaia desohoratuko zenuke.

17 «Ez duzu sexu-harremanik izango aldi berean emakume batekin eta beronen alaba edo bilobarekin –emakumearen semearen nahiz alabaren alabarekin–, haren odol berekoak baitira: itsuskeria izango litzateke.

18 «Emaztea bizirik dagoela, ez zara beraren ahizparekin ezkonduko: honekin harremanak izatean, bien arteko etsaigoa sortuko zenuke.

19 «Ez duzu sexu-harremanik izango hilerokoa duen emakumearekin, kutsaturik baitago.

20 «Ez duzu sexu-harremanik izango zeure herritarraren emaztearekin, kutsaturik geldi ez zaitezen.

21 «Ez duzu zeure haurrik Molok jainkoaren ohorez hilko, zeure Jainkoaren izena profanatuz. Neu naiz Jauna.

22 «Ez zara gizonezkoekin emakumeekin bezala etzango: higuingarritasuna litzateke.

23 «Ez duzu abereekin haragizko bekatua egingo, kutsaturik geldi ez zaitezen; emakumea ere ez da abereekin elkar batuko: ustelkeria litzateke.

24 «Ez kutsatu horrelako jokaerez; horrela kutsatu dira, hain zuzen, zuen aurretik jaurtiko ditudan herriak. 25 Lurraldea bera ere kutsatu egin da; nik zigortu egin dut bere gaiztakeriagatik, eta hark okaztatu eta kanpora bota ditu bere biztanleak.

26 «Zuek, beraz, bertako nahiz etorkin, gorde nire lege eta erabakiak eta ez egin higuingarritasun horiek. 27 Zuen aurretik lurralde horretan bizi izan direnek higuingarritasun guztiok egin dituzte, eta lurraldea kutsaturik gelditu da. 28 Zuek ez ezazue berriro kutsa, eta lurraldeak ez zaituzte okaztatu eta kanpora botako, bertan bizi izan diren herriak bezala. 29 Izan ere, horrelako higuingarritasunik egiten dutenak herritik bota egingo dituzue.

30 «Gorde, bada, agintzen dizuedana eta ez egin zuen aurreko biztanleek egin ohi dituzten higuingarritasunak. Ez zaitezte horiekin kutsa. Neu naiz Jauna».

19. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan israeldarren elkarte osoari: Izan santu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naiz eta.

3 «Izan begirune gurasoei, eta errespetatu nik aginduriko atseden-eguna. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

4 «Ez jo sasijainkoengana eta ez egin metal urtuzko idolorik. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

5 «Jaunari elkartasun-opariak egitean, eskaini hark atseginez onartzeko eran: 6 oparigaia jan, opaldua izan den egunean eta biharamunean jango duzue; baina hirugarren egunerako sobera gelditua erre egingo duzue. 7 Norbaitek hirugarren egunean jango balu, ez litzaioke Jaunari atsegin izango: gaitzesgarria da haragi hori. 8 Horretatik jan dezanak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu, Jaunari sagaratua profanatu baitu: herritik bota egingo dute.

9 «Zeuen uzta biltzean, ez duzue soro-bazterrekoa moztuko, ezta eroritako galburuak biltzen ibiliko ere. 10 Ez dituzue atzean utzitako mahats-hondarrak bilduko, ezta lurrera eroritakoak jasotzen ibiliko ere. Pobreentzat eta etorkinentzat utziko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

11 «Ez ostu, ez esan gezurrik, ez egin iruzurrik zeuen herritarrari. 12 Ez egin gezur-zinik Jaunaren izenean, zeuen Jainkoaren izena profanatuz. Neu naiz Jauna.

13 «Ez zapaldu lagun hurkoa, ez larrutu. Ez utzi biharamuna arte ordaindu gabe langilearen lansaria. 14 Ez madarikatu gorra, ez ipini itsuari bidean oztoporik. Horrela erakutsiko duzue begirune diozuela Jainkoari. Neu naiz Jauna.

15 «Ez egin bidegabekeriarik epaiketan, ez jende xehearen alde jarriz, ez handikiari mesede eginez: epaitu zuzenbidez zeuen herritarra. 16 Ez ibili herritarraren izena belzten; ez egin salaketa faltsurik lagun hurkoa heriotzara kondenarazteko. Neu naiz Jauna.

17 «Ez eman biderik zeuen barrenean anaiarenganako gorrotoari; baina ez izan herritarra zentzarazteko beldur ere, harengatik bekaturik egin ez dezazuen. 18 Ez hartu mendekurik, ez izan erresuminik herritarrekin. Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala. Neu naiz Jauna.

19 «Bete itzazue nire legeak. Ez elkar batu bi mota ezberdinetako abereak, ez erein bi mota ezberdinetako haziak, ez jantzi bi mota ezberdinetako ehunez eginiko arroparik.

20 «Norbaitek emakumezko esklabo batekin sexu-harremanak baditu, emakumea beste bati hitzemana zegoelarik eta jaregite-sari bidez edo beste nolabait libre izatera iritsi gabe, kalte-ordaina eman beharko du ; baina errudunak ez dituzte heriotzara emango, emakumea ez baitzen librea. 21 Gizonak ahari bat eramango du elkarketa-etxolaren sarrerara, Jaunari ordain-oparitzat eskaintzeko. 22 Ordain-opariko ahariaren bidez, bekatuaren barkamen-ohikunea egingo du apaizak Jaunaren aurrean eta barkatua izango du gizonak bekatua.

23 «Kanaan lurraldean sartuko zaretenean eta fruta-arbolak landatu, arbolen fruitua kutsatutzat edukiko duzue hiru urtez; beraz, ez duzue jango. 24 Laugarren urtean, fruitu guztiak Jaunari sagaratuko dizkiozue gorespen-ospakizun batean. 25 Bosgarren urtetik aurrera jan ahal izango dituzue. Horrela egiten baduzue, gero eta ugariagoak izango dira zuen uztak. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

26 «Ez jan haragia aberea hil duzuen toki berean. Ez jardun aztikeria eta sorginkeriatan. 27 Ez moztu ile-adatsaren ertzak inguru guztian, ezta bizarraren ertzak ere. 28 Ez egin ebakirik soinean dolua adierazteko, ez marraztu tatuajerik larruazalean. Neu naiz Jauna.

29 «Ez desohoratu zeuen alaba prostituzio sakratura bultzatuz, lurraldeko biztanleek beren burua itsuskeria horretara eman ez dezaten.

30 «Errespetatu nik aginduriko atseden-eguna eta izan begirune nire santutegiari. Neu naiz Jauna.

31 «Ez jo nekromanteengana, ez ibili igarleak kontsultatzen, kutsaturik geldi ez zaitezten. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

32 «Zutitu errespeturik handienaz zaharren aurrean; horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari. Neu naiz Jauna.

33 «Ez erabili gaizki zuen lurraldera bizitzera etorritako atzerritarra. 34 Bertako bat bezala, zuetako bat bailitzan, hartuko duzue etorkina eta zeuen burua bezala maitatuko, etorkin izan baitzineten zeuek ere Egipton. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

35 «Ez egin bidegabekeriarik, luzera, pisua nahiz edukiera neurtzeko neurri faltsuak erabiliz. 36 Balantza zuzenak, pisu zuzenak eta neurri zuzenak erabiliko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, Egiptotik atera zintuztena.

37 «Bete arretaz nire lege eta erabaki guztiak. Neu naiz Jauna».

20. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan israeldarrei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, seme-alabaren bat Molok jainkoari oparitan eskaintzen badio, heriotza-zigorra izango du: harrika hilko du herriko jendeak. 3 Neure aldetik, aurpegi emango diot horrelakoari eta herritik bota egingo dut, bere semea nahiz alaba eskaintzean nire santutegia kutsatu baitu eta nire izen santua profanatu. 4 Eta herriko jendeak ez ikusiarena egiten badu, hori egin duena heriotzara ez ematearren, 5 neuk esku hartuko dut haren kontra eta haren familiaren kontra: bota egingo ditut herritik, bai bera, bai berarekin batera Moloki kultua emanez desleial izango zaizkidan guztiak.

6 «Aurpegi emango diot nekromante eta igarleengana jotzen duenari ere eta bota egingo dut herritik, idolatriaren pareko baita jokaera hori.

7 «Gorde garbi zeuen burua, santu izan zaitezten, neu bainaiz Jauna, zuen Jainkoa. Sexu-harreman debekatuak

8 «Bete arretaz nire legeak. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratu zaituztena.

9 «Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du. Gurasoak madarikatu dituenez gero, berea izango du heriotzaren errua.

10 «Norbaitek beste baten emaztearekin adulterioa egiten badu, heriotza-zigorra izango dute bi errudunek.

11 «Norbait aitaren emazte batekin oheratzen bada, aita desohoratzen du: heriotza-zigorra izango dute bi errudunek. Berena izango dute heriotzaren errua.

12 «Norbait errainarekin oheratzen bada, heriotza-zigorra izango dute bi errudunek. Berena izango dute heriotzaren errua, egin duten ustelkeriagatik.

13 «Norbait emakumeekin ohi bezala gizonezkoarekin oheratzen bada, higuingarritasuna egiten dute biek: heriotza-zigorra izango dute. Berena izango dute heriotzaren errua.

14 «Norbait emakume batekin eta beronen amarekin ezkontzen bada, itsuskeria egiten du: erre egingo dituzte bera eta bi emakumeak. Ez da horrelako itsuskeriarik izango zuen artean.

15 «Norbaitek abere batekin haragizko bekatua egiten badu, heriotza-zigorra izango du, eta aberea ere hil egingo dute. 16 Era berean, emakumea abere batekin elkar batzen bada, heriotzara emango dituzte emakumea eta aberea. Berena izango dute heriotzaren errua.

17 «Norbait bere arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, ezkontzen bada eta sexu-harremanak badituzte, lotsagarrikeria egiten dute eta herriaren begi-bistan zigortuko dituzte. Bere arrebaordearekin sexu-harremanak dituenak bere erruaren ondorenak jasan beharko ditu.

18 «Norbaitek hilerokoa duen emakumearekin oheratu eta sexu-harremanak baditu, agerian jartzen du –eta emakumeak berak ere bai– odoljarioaren iturria. Beraz, herritik bota egingo dituzte.

19 «Ez izan sexu-harremanik ez aitaren arrebarekin, ez amaren ahizparekin. Odol berekoak direnez gero, beren erruaren ondorenak jasan beharko dituzte biek.

20 «Norbait izebarekin oheratzen bada, osaba desohoratzen du. Beren bekatuaren ondorenak jasan beharko dituzte: seme-alabarik gabe hilko dira.

21 «Norbait koinatarekin ezkontzen bada, nazkagarrikeria egiten du; anaia desohoratu duenez gero, ez dute ondorengorik izango.

22 «Bete arretaz nire lege eta erabaki guztiak. Horrela, bizitzera eramango zaituztedan lurraldeak ez zaituzte okaztatu eta kanpora botako. 23 Ez bizi zuen aurretik botatzen ditudan herrien legeen arabera; horrelako gauzak egin dituztelako, hain zuzen, ezin jasan izan ditut. 24 Zuei, berriz, haien lurraldearen jabe izango zaretela hitzeman dizuet. Neuk emango dizuet jabetzan eztia eta esnea darizkion lurralde hori.

«Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, beste herrietatik bereizi zaituztena. 25 Beraz, zuek ere bereizi egingo dituzue abere garbiak kutsatuetatik, hegazti garbiak kutsatuetatik. Ez dezazuela bihur zeuen burua higuingarri, abereak, hegaztiak eta narraska dabiltzan piztiak direla eta; neuk egin dut bereizketa, kutsatuak zein diren jakin dezazuen. 26 «Izan zaitezte niretzat sagaratuak, ni, Jauna, santua bainaiz, eta herri guztien artetik bereizi baitzaituztet nireak izateko. 27 «Nekromante- edo igarle-lanbidea duen gizonak nahiz emakumeak heriotza-zigorra izango du: harrika hilko dituzte. Berena izango dute heriotzaren errua».

21. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: «Esan Aaronen seme apaizei: Ez bedi kutsa apaiza bere ahaideren baten gorpua ukituz, 2 hurbileko ahaideren batena –ama, aita, semea, alaba nahiz anaiarena– izan ezik. 3 Arreba ezkongabeagatik ere kutsa daiteke, ezkongabe dagoen bitartean bere senitarteko baitu. 4 Bere senitartekoen buru delarik , apaizari ez zaio zilegi kutsatzea, desohoraturik geldi ez dadin.

5 «Apaizek ez dute burua erabat soilduko, ez bizarraren ertzak moztuko, ezta ere gorputzean ebakirik egingo. 6 Beren Jainkoari sagaratuak behar dute izan eta haren izena profanatzetik alde egin, beraiei baitagokie Jaunarentzat erre beharreko opariak eskaintzea. Beraz, santu izan behar dute.

7 «Ez dute emaztetzat hartuko emagaldu edo desohoratua izandako emakumerik, ezta senarrak zapuztutakorik ere, apaizak Jainkoari sagaratuak baitaude. 8 Israeldar orok errespetatuko du apaizen izaera sakratua, beraiek eskaintzen baitute Jainkoaren oparia. Sakratutzat edukiko dituzte, santua bainaiz ni, Jauna, neuretzat sagaratzen ditudana.

9 «Apaiz baten alabak bere burua desohoratzen badu, emagaldu bihurtuz, bere aita desohoratzen du: bizirik erreko dute.

10 «Apaiz nagusia apaizen buru da. Gantzuketa-olioa burura isuri ziotenean, apaizgoa hartu zuen eta jantzi sakratuak erabiltzen ditu. Hori dela eta, ez du ilea harro utziko, ezta arroparik urratuko ere; 11 ez da kutsatu bihurtuko hildakoren batengana hurbilduz, ezta aita edo ama izanik ere. 12 Ez da toki sakratutik aterako, Jainkoaren santutegia profana ez dezan, gantzuketa-olioz Jainkoaren zerbitzurako sagaraturik baitago. Neu naiz Jauna.

13 «Apaiz nagusiak neskatxa birjina hartuko du emaztetzat, 14 eta ez alarguna, ezta zapuztua, desohoratua edo emagaldu izandako emakumea ere. Bere senitarteko neskatxa hartuko du, 15 desohoragarri izango bailitzateke ondorengoek senitartez kanpoko odola izatea. Neu naiz Jauna, hura neuretzat sagaratzen dudana».

16 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 17 «Esan Aaroni: Etorkizunean, gorputz-akatsen bat duen zuen ondorengoetariko inor ere ez da aldarera hurbilduko Jainkoaren oparia eskaintzera. 18 Beraz, akastunik inor ez da gai zerbitzu horretarako: ez itsua, ez herrena, ez aurpegia desitxuratua edo gorputz-atalak oker dituena, 19 ez zangoa edo besoa hautsirik duena, 20 ez konkorra, ez mazkala, ez begi-lausoa, ez larruazaleko gaitzen bat duena, ez barrabilak lehertuak dituena. 21 Gorputz-akatsen bat duen Aaronen ondorengoetariko inor ez da hurbilduko Jaunari erre beharreko opariak eskaintzera; akastunik inor ere ez da zerbitzu horretarako gai. 22 Jan ditzake, bai, Jainkoari eskainiriko jakiak, opari guztiz sakratuak eta opari sakratuak; 23 baina ez daiteke errezelaz beste aldera sar, ezta aldarera hurbil ere, akastuna izanik, santutegia eta bertan dagoena profana ez ditzan. Neu naiz Jauna, apaizak neuretzat sagaratzen ditudana». 24 Dena adierazi zien Moisesek Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei.

22. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan Aaroni eta beronen semeei, zenbait kasutan ez dutela hurbildu behar israeldarrek egiten dizkidaten eskaintza sakratuetara, nire izen santua profana ez dezaten. Esaiezu, bada:

3 Etorkizunean, zuen ondorengoetariko batek, bera kutsaturik dagoela, israeldarrek Jaunari eskainitako opari sakratuak aurkezten baditu, bota egingo duzue nire zerbitzutik. Neu naiz Jauna.

4 «Legenak jota edo sexu-jarioarekin dagoen apaizak ez du opari sakraturik jango, garbikuntza egin arte; berdin gorpu batek kutsaturiko zerbait ukitu edo hazi-isuria duenak, 5 eta kutsagarri den narrastia nahiz gizakia ukitu duenak. 6 Gauza horiek ukitu dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte eta ez du opari sakraturik jango, gorputza uretan garbitu arte. 7 Eguzkia sartzean, garbi geldituko da eta jan ahal izango ditu opari sakratuak, berarentzako janari baitira. 8 Ez du jango berez hildako edo piztiaren batek sarraskituriko abererik, kutsa ez dadin. Neu naiz Jauna. 9 «Leial gorde behar dute apaizek Jaunak agindua, opariak direla eta, bekatuaren ondorenak jasan nahi ez badituzte; ez badute errespetatzen, hil egingo dira. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratzen ditudana.

10 «Laikoek ez dezakete opari sakraturik jan, ezta ostatuz edo lansaripean apaizaren etxean daudenek ere. 11 Esklaboek, ordea –nahiz diruz erositakoek nahiz etxean jaiotakoek–, jan dezakete apaizaren janaritik. 12 Laiko batekin ezkondutako apaizaren alabak ez dezake jan opari sakratuetatik apaizarentzat utzitakorik. 13 Baina alargundu delako edo senarrak zapuztu duelako, seme-alabarik ere ez duelarik, ezkongabetan bezala aitaren etxera itzultzen bada, jan ahal izango du aitaren janaritik. Laikoek, dena den, ez dezakete hartatik jan.

14 «Norbaitek oharkabean opari sakratuetatik zerbait jaten badu, jan duenaren ordaina eta bosteko bat gehiago itzuliko dio apaizari.

15 «Apaizek ez dituzte profanatuko israeldarrek Jaunari eskainiriko opari sakratuak, berari bakarrik dagozkionak; 16 erru izugarria bereganatuko lukete, opari horiek jango balituzte. Neu naiz Jauna, opariak sagaratzen ditudana».

17 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 18 «Esan Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egin ohi diren erre-oparietakoren bat Jaunari eskaini nahi badio, 19 abere arra eta akats gabea aurkeztuko du, Jaunak atseginez onar diezaion: zekorra, aharia nahiz akerra.

20 Ez aurkeztu abere akastunik, ez baitizue Jaunak onartuko.

21 «Norbaitek botoren bat betetzeko edo bere borondatez abelgorria nahiz abere xehea elkartasun-oparitzat Jaunari eskaini nahi badio, inolako akatsik gabea eskainiko du, Jaunak atseginez onar diezaion; 22 beraz, ez abere itsurik edo gorputz-atalen bat hautsia duenik, ez zauri zornetsurik edo larruko gaitzen bat duenik. Ez eraman horrelakorik Jaunaren aldarean oparitzat erretzeko. 23 Oparia borondatezkoa bada, zilegi da gorputz-atalak oker dituen zekorra nahiz aharia eskaintzea; baina botoa betetzeko egina bada, ez dizue Jaunak horrelakorik onartuko. 24 Ez aurkeztu inola ere barrabil mazpildu, lehertu, erauzi nahiz ebakiak dituen abererik. Ez duzue horrelakorik egingo zeuen lurraldean. 25 Ezta atzerritarren eskutik ere, ez duzue onartuko horrelako abererik Jainkoari eskaintzeko, jasan duen mutilazioa akatsa baita: ez dizue Jaunak onartuko».

26 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 27 «Zekorra, arkumea edo antxumea, jaio ondoren, zazpi egunez geldituko dira amaren ondoan; zortzigarren egunetik aurrera, gai dira opari gisa Jaunaren ohorez erretzeko.

28 Hala ere, ez hil egun berean behia edo ardia eta berauen umea.

29 «Jaunari esker oneko oparia eskaintzean, eskaini berak atseginez onartzeko eran, 30 eta oparigaia egunean bertan jan, biharamunerako ezer utzi gabe. Neu naiz Jauna.

31 «Bete arretaz nire aginduak. Neu naiz Jauna. 32 Israeldarrok, ez gero profanatu nire izen santua, baizik eta aitortu santua naizela. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratzen zaituztedana, 33 eta zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztedana. Neu naiz Jauna».

23. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan israeldarrei: Hona, Jauna gurtzeko elkarrekin bilduz ospatuko dituzuen festaburuak.

3 «Sei egunez egingo duzue lan, baina zazpigarrena larunbata da, atseden-egun berezia. Batzar sakratua eginez ospatuko duzue. Ez duzue inolako lanik egingo. Nonahi bizi zaretela ere, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna izango duzue.

4 «Hona hemen batzar sakratua eginez ospatuko dituzuen festaburuen egutegia: 5 «Lehen hilaren hamalauan, ilunabarrean, Pazkoa ospatuko duzue Jaunaren ohorez.

6 «Hilabete beraren hamabostean Legamia gabeko Ogien Jaia ospatuko duzue Jaunaren ohorez. Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue.

7 Astearen lehen egunean batzar sakratua egingo duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. 8 Asteko egun bakoitzean opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zazpigarrenean batzar sakratua egingo duzue berriro eta ez da ohiko lan arruntik egingo».

9 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 10 «Esan israeldarrei: Nik emango dizuedan lurraldean sartu eta bertako uzta bil dezazuenean, lehenengo gari-sorta apaizari eramango diozue. 11 Apaizak, errituzko keinua eginez aurkeztuko dio Jaunari, atseginez onar dezan. Larunbat biharamunean aurkeztuko du. 12 Egun berean urtebeteko bildots akats gabea eskainiko diozue Jaunari erre-oparitzat; 13 gainera, olioz oraturiko zortzi kilo ogi-irin garbi labore-oparitzat eta litro bat ardo isur-oparitzat. Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia. 14 Ez duzue uztaren emaitzarik jango, ez ogirik, ez gari errerik, ez gari berririk, Jaunari oparia eramango diozuen eguna arte. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

15 «Gari-sorten oparia aurkeztuko duzuen egunetik, hau da, larunbat biharamunetik hasita, zazpi aste zenbatuko dituzue; 16 berrogeita hamar egun izango dira, beraz, zazpigarren larunbat biharamuna arte, eta orduan beste labore-opari bat eskainiko diozue Jaunari: 17 bi ogi eramango dituzue zeuen etxetik, errituzko aurkezpen-keinua eginez Jaunari lehen fruitu gisa eskaintzeko; ogiak zortzi kilo ogi-irinez eginak eta legamiaz erreak izango dira. 18 Ogiez gainera, urtebeteko zazpi bildots akats gabe, zekor bat eta bi ahari eramango dituzue, Jaunari erre-oparitzat eskaintzeko, dagozkien isur-opariekin batera. Eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia. 19 Gainera, barkamen-oparirako aker bat eta elkartasun-oparirako bi bildots eskainiko dituzue. 20 Errituzko keinua eginez aurkeztuko ditu apaizak opariok, bi bildotsak barne, lehen fruitu gisa eskainiriko ogiekin batera. Jaunari sagaratuak izango direnez, opariok apaizari dagozkio. 21 Egun berean batzar sakratua egingo duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

22 «Zeuen uzta biltzean, ez duzue soro-bazterrekoa moztuko, ezta eroritako galburuak batuko ere. Pobreentzat eta etorkinentzat utziko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

23 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 24 «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren lehena atseden-eguna izango duzue. Oroitzapen Eguna ospatuko duzue, poz-irrintziz eta batzar sakratua eginez. 25 Ez da ohiko lan arruntik egingo, eta oparia erreko duzue Jaunaren ohorez».

26 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 27 «Zazpigarren hilaren hamarrean Barkamen Eguna ospatuko duzue. Batzar sakratua izango duzue, baraua egingo eta oparia erreko Jaunaren ohorez. 28 Ez duzue inolako lanik egingo, Barkamen Egun berezia baita, Jaunaren, zuen Jainkoaren, aurrean zuen alde barkamen-ohikunea egingo den eguna. 29 Egun horretan barau egiten ez duen edonor herritik bota egingo dute. 30 Eta lan egiten duena neuk desagerraraziko dut herritik. 31 Ez egin, bada, inolako lanik. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon. 32 Atseden-egun berezia eta barau-eguna izango duzue; hilaren bederatziko ilunabarretik biharamuneko ilunabarrera ospatuko duzue».

33 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 34 «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren hamabostean hasita, zazpi egunez Etxola Jaia ospatuko duzue Jaunaren ohorez. 35 Lehenengo egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. 36 Zazpi egun horietan opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zortzigarren egunean batzar sakratua izango duzue berriro eta era berean oparia erreko Jaunaren ohorez. Batzar-egun honetan ere ez da ohiko lan arruntik egingo.

37 «Horiek dira Jaunaren festaburuak, eta horietan batzar sakratua ospatuko duzue, Jaunaren ohorez opariak eskaintzeko: erre-opariak eta labore-opariak, elkartasun-opariak eta isur-opariak, jai bakoitzari dagokion arabera; 38 hori guztia, asteroko atseden-eguneko opariez gain eta nork bere borondatez edo botoren bat betetzeko Jaunari eskainitako opari eta sakrifizioez gain. Etxola Jaiari buruz

39 «Zazpigarren hilaren hamabostean, uzta bildu ondoren, zazpi egunez egingo duzue jai Jaunaren ohorez, lehen egunean eta zortzigarrenean atseden hartuz. 40 Lehen egunetik arbola jorien fruituak, palmondo-erramuak eta zuhaitz hostotsuen eta erreka-bazterreko sahatsen adarrak eskuetan harturik, zazpi egunez zuen poza adieraziko duzue Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aurrean. 41 Urtero ospatuko duzue zazpi eguneko jai hau zazpigarren hilean. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun. 42 Zazpi egunez etxoletan biziko zarete jaiotzaz israeldar zareten guztiok, 43 zuen ondorengo belaunaldiek jakin dezaten etxoletan bizitzen jarri nituela israeldarrak, Egiptotik atera nituenean. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa». 44 Moisesek Jaunaren ohorez ospatu behar zituzten festaburuak adierazi zizkien israeldarrei.

24. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Agindu israeldarrei oliba-olio garbi eta birfindua ekartzeko argimutilarentzat, kriseiluak beti pizturik egon daitezen 3 elkarketa-etxolan, itun-kutxa estaltzen duen errezelaz kanpotik. Aaron arduratuko da horietaz, gau osoan izioturik iraun dezaten Jaunaren aurrean. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun. 4 Aaronek ipiniko ditu kriseiluak argimutilean, Jaunaren aurrean etengabe argi egin dezaten.

5 «Hartu ogi-irin garbia, erre zortzina kiloko hamabi opil 6 eta ezarri Jaunaren aurrean, urre garbizko mahai gainean, seina opileko bi lerrotan. 7 Ipini lerro bakoitzean intsentsu garbia: Jaunaren ohorez, ogiaren ordez erreko den oroitzapen-opari izango da.

8 Larunbatero, betierean, ezarriko dituzte Jaunaren aurrean. Betiko betebeharra izango dute hau israeldarrek. 9 Opilak Aaroni eta beronen ondorengoei dagozkie eta toki sakratuan jango dituzte, guztiz sakratuak baitira, Jaunari eskainiriko opariak direnez gero. Betiko lege izango duzue hau».

10- 11 Bazen israeldarren artean ama israeldarra eta aita egiptoarra zituen gizon bat. Amak Xelomit zuen izena eta Dibriren alaba zen, Dan leinukoa. Behin batez, gizon hark, kanpalekuan israeldar batekin sesioan ziharduela, Jaunaren izena iraindu eta madarikatu zuen. Moisesengana eraman zuten 12 eta zaintzapean utzi, Jaunak berak erabakia adierazi arte. 13 Jaunak agindu zion Moisesi: 14 «Atera kanpalekutik ni madarikatu nauen hori; ezar biezaiote eskua buruan aditu dioten guztiek; gero, hil beza harrika israeldarren elkarte osoak.

15 Israeldarrei, berriz, honako agindu hauek adieraziko dizkiezu: «Jainkoa madarikatzen duenak bere bekatuaren ondorenak jasan beharko ditu: harrika hilko du elkarte osoak. 16 Jaunaren izena iraintzen duenak heriotza-zigorra izango du. Etorkina nahiz bertakoa izan, Jaunaren izena iraintzen duenari heriotza emango diote.

17 «Norbait hiltzen duenak heriotza-zigorra izango du.

18 «Beste baten aberea hiltzen duenak abere bizia itzuliko du hildakoaren ordain.

19 «Norbaitek herritarra zauritzen badu, zauri berdina egingo diote berari: 20 haustura hausturaren ordain, begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain; egin duen zauria egingo diote.

21 «Aberea hiltzen duenak, aberea itzuliko du; gizakia hiltzen duena heriotzara emango dute.

22 «Lege bat bera izango duzue etorkinarentzat eta bertakoarentzat, neu bainaiz Jauna, zuen Jainkoa».

23 Moisesek adierazi zizkien aginduok israeldarrei. Hauek Jauna madarikatu zuena kanpalekutik atera eta harrika hil zuten. Honela bete zuten Jaunak Moisesi iragarritako erabakia.

25. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Sinai mendian:

2 «Esan israeldarrei: Emango dizuedan lurraldean sartu ondoren, atseden emango diozue lurrari aldizka, Jaunaren ohorez. 3 Sei urtez ereingo duzue zeuen soroetan, sei urtez inausiko mahastiak eta bilduko uztak; 4 baina zazpigarrenean atseden osoa izango du lurrak; Jaunari sagaraturiko atseden-urtea izango da. Urte horretan ez duzue ereingo soroetan, ez mahastirik inausiko; 5 ez duzue moztuko azken uztaren ondoren berez erneko den garirik, ezta bilduko ere inausi gabe utzitako mahastien fruiturik: atseden-urtea izango da lurrarentzat. 6 Lurraren atsedenaldian ez zaizue faltako zer janik, ez zuei, ez zuen morroi-mirabe eta langileei, ezta zuekin bizi diren etorkinei ere. 7 Zuen abereek eta basabereek, berriz, lurrak berez ematen duena izango dute janari.

8 «Konta itzazue zazpi asteko egunak adina urte, zazpi bider zazpi, alegia, berrogeita bederatzi urte guztira. 9 Aldi horren buruan, zazpigarren hilaren hamarrean, Barkamen Egunean, alegia, adarra joko duzue ozenki lurralde osoan. 10 Berrogeita hamargarren urtea urte santutzat hartuko duzue eta "Jubileu Urte" emango diozue izen. Urte horretan askapena aldarrikatuko duzue zeuen lurraldeko biztanle guztientzat: nork bere lurren jabetza berreskuratu ahal izango du, nor bere senitartera itzuliko da. 11 Horrela, bada, berrogeita hamar urtetik berrogeita hamar urtera Jubileu Urtea ospatuko duzue: ez duzue ereingo, ez berez ernetako garirik moztuko, ezta bilduko ere inausi gabe utzitako mahastietan. 12 Jubileu Urtea izango baita, zuek santutzat hartu beharrekoa. Jan ahal izango duzue, ordea, lurrak berez emango duena.

13 «Jubileu Urtean zuetako bakoitzak bere lurren jabetza berreskuratuko du. 14 Herritarren artean lursailak saltzean nahiz erostean, ez egin kalterik batak besteari: 15 salerosketak egitean, izan kontuan azken Jubileu Urteaz gero igarotako urteak eta hurrengoa arte falta direnak: 16 zenbat eta urte gehiago falta, hainbat eta handiagoa prezioa; zenbat eta urte gutxiago, hainbat eta txikiagoa prezioa, saltzen dena gelditzen diren uztak baitira.

17 «Ez biezaio inork herritarrari kalterik egin; horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa. 18 Bete nire legeak, gorde nire erabakiak. Bete eta lasai biziko zarete lurraldean. 19 Lurrak zuek ase arte jateko adina uzta emango du, eta kezkarik gabe bizi ahal izango zarete bertan.

20 «Beharbada galdegingo duzue: "Zer jango dugu zazpigarren urtean, ezin badugu erein, ez uztarik bildu?" 21 Hara, nik, Jaunak, ondasunez beteko zaituztet seigarren urtean, lurrari aginduko diot hiru urterako adina uzta emateko. 22 Zortzigarren urtean berriro ereingo duzue; baina bitartean, bederatzigarren urtean uzta bildu artean, uzta zaharretik jan ahal izango duzue. Lurrak berreskuratzeko eskubidea

23 «Ez da zilegi lurrak behin betiko saltzea, neurea baita lurraldea, eta zuek ez zarete bertan etorkin besterik, nirean ostatuz bizi zaretenak.

24 Beraz, jabetzan emango dizuedan lurraldean, jarri indarrean lurrak berreskuratzeko eskubidea.

25 «Zuetako batek zorrak egin eta lursailen bat ezinbestean saltzen badu, haren ahaide hurbilenak berreskuratuko du hark saldutakoa, horretarako eskubidea baitu.

26 Norbaitek, jabetza berreskura diezaiokeen ahaiderik eduki ez arren, bere kabuz horretarako adina diru lortzen badu, 27 bere lursailaren jabetza berreskuratuko du, hurrengo Jubileu Urtea arte falta diren urteen arabera erosleari zor dion diru-kopurua itzuli ondoren. 28 Baina jabetza berreskuratzeko adina diru lortzeko gauza ez bada, eroslearen esku geldituko da Jubileu Urtea arte. Orduan, erosleak ez du jadanik berea izango, eta jatorrizko jabeak berreskuratuko du.

29 «Harresidun hiri bateko etxebizitza saltzen duenak mugatua du berreskuratzeko eskubidea: salmenta-egunaren ondoko urtean bakarrik berreskura dezake. 30 Berreskuratzen ez badu, behin urtea burutuz gero, eroslearen eta beronen ondorengoen esku geldituko da betiko; Jubileu Urtean ere ez dute jabetza galduko. 31 Aitzitik, harresi gabeko herri irekietako etxeak baserri-lurren arabera hartuko dira: berreskuratze-eskubidea noiznahikoa da eta, dena dela, Jubileu Urtean etxea bere jatorrizko jabeari itzuliko zaio.

32 «Lebitarrei dagokienez, noiznahi izango dute lebitar-hirietan dituzten etxeak berreskuratzeko eskubidea. 33 Etxea erosi duena beste lebitar bat bada ere, Jubileu Urtean jatorrizko jabeari itzuliko zaio, zeren israeldarren artean lebitarren jabetza bakarra lebitar-hirietako etxeak baitira. 34 Lebitar-hirietako herri-lurrak ez daitezke sal, lebitarren behin betiko jabetza baitira.

35 «Zuen herritarren bat zorrak egin eta zuekin zituen betebeharrei aurre egin ezinik aurkitzen bada, lagundu egingo diozue eta bizirik irauteko modua emango, zuen artean bizi den etorkinari bezala. 36 Ez diozue inolako interesik eskatuko. Horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari, eta zuei esker bizi ahal izango da herritarra. 37 Ez eman dirua interesak jasotzeko asmoz, ezta janaria ere etekina ateratzeko. 38 Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, Kanaan lurraldea emateko eta zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztena.

39 «Zuen herritarrak zuekin zorrak egin eta bere burua esklabotzat saltzen badizue, ez behartu esklabo-lanetara: 40 hartu langilea edo zuenean bizi den morroia bezala. Jubileu Urtea arte egingo du lan zuentzat. 41 Gero, zuen etxea utziko du bere seme-alabekin batera, eta bere senitartera eta famili ondarera itzuliko da. 42 Izan ere, israeldarrak nire zerbitzari dira, neuk atera bainituen Egiptotik. Horregatik, ez daitezke sal esklaboak saltzen diren moduan. 43 Ez itzazue gogor erabil; horrela erakutsiko duzue begirune diozuela zeuen Jainkoari.

44 «Gizonezko nahiz emakumezko esklaborik eduki nahi baduzue, eros itzazue auzo-herrietako jende artetik. 45 Eros ditzakezue zuen artean bizi diren etorkinen seme-alabak, baita zuen lurraldean jaio zaizkien familiakideak ere. Izan zaitezkete haien jabe 46 eta jabetza zeuen ondorengoei betiko utzi. Horiek, bai, esklabotzat eduki ditzakezue, baina herritarren artean, israeldarren artean, ez duzue batak bestea gogor hartuko.

47 «Etorkina edo zuen artean bizi den atzerritarra aberasten bada, eta zuen herritarrak harekin zorrak egin eta ezinbestean hari nahiz beste atzerritar familiakideren bati bere burua saltzen badio, 48 noiznahi izango du askatasuna berreskuratzeko eskubidea. Bere senitartekoren batek berreskura dezake: 49 osabak, lehengusuak nahiz beste edozein ahaidek; baita berak ere hartarako modurik aurkituko balu.

50 Horretarako, eroslearekin elkar harturik, bere burua saldu zuen urtetik Jubileu Urtea arteko denboraren kontua aterako du. Askapenaren prezioa urte-kopuruaren araberakoa izango da; lanean egin dituen urteen balioaren kontua, berriz, langileen soldata oinarritzat harturik aterako da. 51-52 Jubileu Urtea arte denbora asko nahiz gutxi falta izan, gelditzen diren urteei dagokiena itzuliko du askapen-sari gisa. }} 53 Jabeak langile bat bezala hartuko du berekin emango dituen urteetan; ez diozue utziko herritarrari tratu txarra ematen. 54 Berreskuratzea lortzen ez badu, nolanahi ere Jubileu Urtean libre geldituko da bere seme-alabekin batera.

55 «Izan ere, neure zerbitzari ditut israeldarrak; bai, neure zerbitzari, neuk atera bainituen Egiptotik. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

26. atala

[aldatu]

1 «Ez egin sasijainkorik, ez eraiki idolorik, ez zutarri sakraturik, ez ezarri zeuen lurraldean dotore landuriko harririk, horien aurrean ahuspezteko. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

2 «Errespetatu nik aginduriko atseden-eguna eta izan begirune nire santutegiari. Neu naiz Jauna.

3 «Nire legeen arabera bizitzen bazarete eta nire aginduak arretaz betetzen badituzue, 4 emango dizuet euria bere garaian: lurrak bere uzta ekarriko du eta landako arbolek beren fruitua emango; 5 gari-jotzeak mahats-bilketa arte iraungo du eta mahats-bilketak ereinaldia arte; ase-ase egin arte jan ahal izango duzue eta lasai biziko zarete zeuen lurraldean. 6 Bakea emango dizuet bertan: ezeren kezkarik gabe oheratuko zarete. Piztia kaltegarriak desagerraraziko ditut, eta ez da gerrarik izango. 7 Ihes eragingo diezue etsaiei eta zuen erasopean hilik eroriko dira: 8 zuetariko bostek ehun etsairi erasoko diete eta ehunek hamar milari; zuen erasopean hilik eroriko dira. 9 Begi onez begiratuko dizuet, seme-alaba ugari eman eta erruz ugalduko zaituztet; sendo eutsiko diot zuekiko itunari. 10 Hain ugariak izango dira uztak, non ezin izango baitituzue jan, eta zaharrak atera beharko dituzue berriak sartzeko.

11 «Zuen artean jarriko dut neure egonlekua eta ez zaituztet zapuztuko. 12 Zuekin ibiliko naiz beti, zuen Jainko izango naiz eta zuek nire herri izango zarete. 13 Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, egiptoarren lurraldetik atera zintuztena, haien esklabo ez izateko. Zuen esklabotzaren uztarria hautsi dut eta burua jasorik ibilarazi zaituztet.

14 «Aitzitik, obeditzen ez badidazue eta agindu hauek guztiak betetzen ez badituzue, 15 nire legeak gutxiesten eta erabakiak baztertzen badituzue, eta horrela, nire agindu guztiok bete nahi ez dituzuelarik, nire ituna hausten baduzue, 16 hona zer egingo dizuedan: bat-bateko izuz joko zaituztet, zuen begiak ahuldu eta bizi-indarrak jango dizkizuen gaitz galgarriz eta sukarrez joko. Alferrik ereingo duzue, etsaiek jango baitituzte zuen uztak. 17 Aurka jarriko natzaizue: etsaiek garaituko zaituztete, etsai gorrotagarrienek menderatuko. Ihesari emango diozue inork atzetik eraso gabe ere.

18 «Horrela ere obeditzen ez badidazue, zazpi bider gogorrago zigortuko zaituztet zeuen bekatuengatik. 19 Zuen segurtasun harroa hautsiko dut: zuen zerua burdina bezain lehor eta zuen lurra brontzea bezain elkor bihurtuko ditut. 20 Indar guztiaz ahaleginduko zarete, baina alferrik: lurrak ez dizue uztarik emango, ez landako arbolek ere fruiturik. 21 «Aurka egiten badidazue, niri obeditzeari uko eginez, zazpi bider gogorrago zigortuko zaituztet zeuen bekatuengatik. 22 Basapiztiak bidaliko dizkizuet aurka: seme-alabarik gabe utziko zaituztete, zeuen abereak sarraskituko eta zeuek ere hain bakandurik utziko, non hutsik geldituko baitira herrialdeko bideak.

23 «Guztiarekin ere nire zentzarazpena onartu ez eta aurka egiten badidazue, 24 neuk ere aurka egingo dizuet eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik. 25 Gerra sorraraziko dut zuen aurka, ituna hausteagatik merezi duzuen zigorra emateko; hirietan babestuko zarete, baina izurria sortuko dut bertan eta etsaien esku eroriko zarete. 26 Janari-hornidura kenduko dizuet: labe bakar batean erreko dute hamar emakumek zuen ogi guztia eta, hain neurtua emango dizuetenez, ezin izango duzue jan gosea kentzeko adina.

27 «Hala ere obeditu ez eta aurka egiten badidazue, 28 neuk ere aurka egingo dizuet haserre bizian eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik. 29 Zeuen seme-alaben haragia jan beharko duzue. 30 Deuseztatu egingo ditut zuen sasikultu-lekuak, lurrera botako zuen intsentsu-aldareak, zuen gorpuak idoloen pusken gainean pilatuko ditut eta gaitzetsi egingo zaituztet. 31 Eremu bihurtuko ditut zuen hiriak eta hondakin zuen santutegiak. Ez ditut zuen opariak atseginez onartuko. 32 Hondatu egingo dut zuen lurraldea eta harri eta zur eginik geldituko dira hartaz jabetzera etorriko diren etsaiak. 33 Gerra sorraraziko dut zuen aurka eta kanpoko nazioetan barreiatuko zaituztet. Zuen lurraldea eremu bihurtuko dut eta zuen hiriak hondakin.

34 «Orduan, zuen etsaien artean erbesteraturik emango duzuen denboraldi guztian, lurrak, bertan behera utzia egongo delarik, atseden hartu ahal izango du: zor zitzaizkion atsedenaldiak izango ditu. 35 Zuek bertan bizi zinetela izan ez zituen atsedenaldiak, bertan behera utzia egongo den aldian beteko ditu.

36 «Etsaien lurraldean bizirik geldituko zaretenoi barru-barrurainoko larria sentiaraziko dizuet: airean doan hostoaren hotsa aski izango da zuei ihes eragiteko; ezpataz atzetik erasoko balizuete bezala egingo duzue ihes. Inork eraso gabe eroriko zarete. 37 Gudutik ihesi doazenak bezala egingo duzue elkarrekin estropezu, nahiz eta inork eraso ez. Ez zarete gauza izango etsaiei aurre egiteko. 38 Atzerrian hilko zarete, zeuen etsaien lurpean irentsirik geldituko. 39 Eta zuetarik zenbait bizirik gelditzen badira, han ustelduko dira atzerrian beren gaiztakeriengatik, berenengatik eta beren gurasoenengatik. Jainkoak ituna gogora ekarri

40 «Baina azkenik aitortuko dute beren errua eta beren gurasoena: zein desleial izan zitzaizkidan eta nola egin zidaten aurka, alegia.

41 Horregatik egin nien nik ere aurka eta etsaien lurraldera eraman, ea horrela haien barru sinesgogorra apaltzen zen eta zigorra merezia zutela aitortzen zuten. 42 Orduan, Jakobekin, Isaakekin eta Abrahamekin eginiko itunaz oroituko naiz, baita lurraldeari buruzko agintzariaz ere. 43 Baina lehenago, lurraldea utzi egin beharko dute, hondaturik egongo den bitartean bere atsedenaldiak hartu ahal ditzan. Beren bekatuek merezia ordaindu beharko dute, nire erabakiak mespretxatu eta legeak baztertu dituztelako. 44 Baina etsaien lurraldean egongo direnean ere, ez ditut gaitzetsiko, ez baztertuko, haiek deuseztatu eta nire ituna hausteraino. Neu, Jauna, bainaiz haien Jainkoa.

45 Aitzitik, gogoan izango dut, beraien onerako, haien aurrekoekin egin nuen ituna, haien Jainko izateko atera bainituen Egiptotik herri guztien aurrean».

46 Horiek dira Sinai mendian Jaunak Moisesen bidez israeldarrei eman zizkien lege, erabaki eta irakaspenak, beraren eta israeldarren arteko harremanak zehazteko.

27. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan israeldarrei: Norbaitek pertsona bat Jaunari eskaintzeko botoa egin badu, diru-kopuru bat emanez ere bete dezake bere botoa. 3 Prezioa ezartzeko, honako baliokidetza hauek erabiliko dira:

«Pertsona hogei urtetik hirurogei artekoa bada, gizonezkoarentzat berrogeita hamar zilarrezko txanpon, santutegiko dirutan, 4 eta emakumearentzat hogeita hamar txanpon.

5 «Bost urtetik hogei artekoa bada, mutilarentzat hogei txanpon, eta neskarentzat hamar.

6 «Hilabetetik bost urte artekoa bada, mutikoarentzat bost txanpon, eta neskatoarentzat hiru.

7 «Hirurogei urtetik gorakoa bada, gizonezkoarentzat hamabost txanpon, eta emakumearentzat hamar.

8 «Ezarritako prezioa ordaintzeko norbait pobreegia bada, apaizari aurkeztuko dio eskaini duen pertsona, eta apaizak erabakiko du ordaindu beharrekoa, eskaintzailearen ahalbideak kontuan harturik.

9 «Botoz eskainia Jaunari opaltzeko gai den aberea bada, sagaraturik gelditzen da. 10 Ezin izango da, beraz, beste batez trukatu, hobea nahiz txarragoa izan; hala ere, trukatzen bada, bai eskainiriko aberea, bai ordezkoa, biak geldituko dira sagaraturik.

11 «Botoz eskainia Jaunari opaltzeko gai ez den abere kutsatua bada, eskaintzaileak apaizari aurkeztuko dio, 12 eta apaizak erabakiko du ordaindu beharrekoa, aberea zer-nolakoa den kontuan harturik. Apaizaren erabakia atzeraezina da. 13 Jabeak aberea berreskuratu nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du.

14 «Norbaitek bere etxea sagaratzen badio Jaunari, apaizak erabakiko du etxearengatik ordaindu beharrekoa, zer-nolakoa den kontuan harturik. Apaizaren erabakia atzeraezina da. 15 Etxea sagaratu duenak berreskuratu egin nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du, etxea berriro bereganatzeko.

16 «Norbaitek bere ondareko lursail bat sagaratzen badio Jaunari, bertan erein daitekeenaren arabera erabakiko da ordaindu beharrekoa: laurehun kilo garagar-hazi zilarrezko berrogeita hamar txanponetan. 17 Lursaila Jubileu Urtetik bertatik sagaratzen bada, ezarritako prezioa ordainduko da; 18 Jubileu Urtearen ondoren sagaratzen bada, berriz, apaizak aterako du prezioaren kontua, hurrengo Jubileu Urtea arte falta diren urteei dagokiena prezio orokorretik kenduz.

19 «Lursaila sagaratu duenak berreskuratu nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du, lursaila berriro bereganatzeko. 20 Ez badu berreskuratzen eta, hala ere, beste norbaiti saltzen badio, berreskuratzeko eskubidea galtzen du. 21 Jubileu Urtean erabat eta betiko Jaunari sagaratua geldituko da, eta jabetza apaizarentzat izango da.

22 «Norbaitek, erositako lursail bat, herentziaz jaso gabea, sagaratzen badio Jaunari, 23 apaizak Jubileu Urtea arte ordaindu beharrekoaren kontua aterako du, eta eskaintzaileak egunean bertan ordainduko du ezarritako prezioa. Jaunari sagaraturik geldituko da. 24 Jubileu Urtean, ordea, lursaila jatorrizko jabearen eskuetara itzuliko da, hau da, erosia izan zitzaionagana». 25 (Prezioa santutegiko pisu-neurriaren arabera zilarrezko txanponetan ordainduko da, oin-txanpona hamar gramokoa delarik).

26 «Begi-bistakoa da ezin diola inork ere lehen abere-kumerik Jaunari botoz sagaratu, zeren, lehenengoa izanik, Jaunari baitagokio aldez aurretik: bai zekorra, bai arkumea Jaunarenak dira. 27 Lehen-kumea abere kutsatuarena bada, jabeak berreskura dezake, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordainduz. Ez badu berreskuratzen, apaizak salduko du ezarritako prezioan.

28 «Begi-bistakoa da ere, norbaitek bere ondasunen bat –gizakia nahiz aberea, bere ondareko nahiz erositako lursaila– erabat eta betiko Jaunari sagaratu badio, ezin duela berreskuratu. Era horretan Jaunari sagaraturiko ondasuna guztiz sakratua da eta Jaunari dagokio bakar-bakarrik. 29 Gizakia bada ere, ez daiteke berreskura: heriotzara emango dute.

30 «Lurreko emaitzen hamarrenak ere –bai ereindakoarenak, bai arbola-fruituenak– Jaunarenak dira eta berari daude sagaratuak. 31 Norbaitek hamarren horietatik zerbait berreskuratu nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du.

32 «Abereei dagokienez, abelgorria nahiz abere xehea izan, hamarretik bat Jaunari sagaratuko zaio, zozketa bidez aukeratuz. 33 Jabeak ez du onak ala txarrak diren begiratu behar, ezta aukeratua beste batez trukatu ere. Hala ere trukatzen badu, bai aukeraturiko aberea, bai ordezkoa, biak gelditzen dira sagaraturik eta, beraz, ezin izango dira berreskuratu».

34 Horiek dira Sinai mendian Jaunak Moisesi israeldarrentzat emandako aginduak.