Edukira joan

Biblia/Zenbakiak

Wikitekatik
Biblia
Zenbakiak
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1Israeldarrak Sinai basamortuan zeudelarik, Jauna mintzatu zitzaion Moisesi elkarketa-etxolan. Egiptotik irten eta hurrengo urtea zen, bigarren hilaren lehen eguna. Hau esan zion: 2 «Egin israeldar elkarte osoaren izen-bilketa senitarteka eta familiaka, gizonezko guztiak banan-banan erroldatuz. 3 Israelgo gudarostea osatzeko gai diren hogei urtetik gorako gizonezko guztiak erroldatuko dituzu, gudari-taldeka banatuz. Zu eta Aaron arduratuko zarete izen-bilketaz, 4 leinu bakoitzetik familiaburu bat lagun duzuelarik. 5 Hona hemen lagunduko dizueten familiaburuak: Rubenen leinutik, Xedeurren seme Elitzur; 6 Simeonen leinutik, Tzurixadairen seme Xelumiel; 7 Judaren leinutik, Aminadaben seme Nahxon; 8 Isakarren leinutik, Tzuarren seme Netanel; 9 Zabulonen leinutik, Helonen seme Eliab; 10Joseren semeen leinuetatik: Efraimenetik, Amihuden seme Elixama, eta Manasesenetik, Pedahtzurren seme Gameliel; 11Benjaminen leinutik, Gideoniren seme Abidan; 12Danen leinutik, Amixadairen seme Ahiezer; 13Axerren leinutik, Okranen seme Pagiel; 14 Gaden leinutik, Deuelen seme Eliasaf; 15Neftaliren leinutik, Enanen seme Ahira».

16 Horiek izan ziren israeldar elkarteko ordezkaritzat aukeraturiko leinuburuak, horiek israeldar gudari-taldeen buruzagiak.

17Izendaturiko gizon hauek lagun, Moisesek eta Aaronek 18 herri osoa batzartu zuten bigarren hilaren lehen egunean eta israeldarren izen-bilketa egin zuten senitarteka eta familiaka, hogei urtetik gorako gizonezkoak banan-banan erroldatuz.

19Izen-bilketa egin zuen Moisesek Sinai basamortuan, Jaunak agindu bezala.

20-43 Israelgo leinu guztien izen-bilketa senitarteka eta familiaka egin zen, gudurako gai ziren hogei urtetik gorako gizonezkoak banan-banan erroldatuz. Hona leinu bakoitzak eman zuen emaitza:

Jakoben, Israel ere deituaren, lehen-seme Rubenen leinuak 46.500; Simeonen leinuak 59.300; Gaden leinuak 45.650; Judaren leinuak 74.600; Isakarren leinuak 54.400; Zabulonen leinuak 57.400; Joseren semeen leinuek: Efraimenak 40.500, eta Manasesenak 32.200; Benjaminen leinuak 35.400; Danen leinuak 62.700; Axerren leinuak 41.500; Neftaliren leinuak 53.400.

44Hori izan zen Moisesek, Aaronek eta Israelgo hamabi ordezkariek –leinu bakoitzetik ordezkari bana– egin zuten izen-bilketaren emaitza. 45Israelgo gudarostea osatzeko gai ziren hogei urtetik gorako israeldarren izen-bilketak 46emaitza orokor hau eman zuen: 603.550 lagun.

47Lebiren ondorengoak ez zituzten beste leinuetakoekin batera erroldatu, 48hau esan baitzion Jaunak Moisesi: 49«Israeldarren izen-bilketa egitean, ez duzu erroldatuko Lebiren leinua. 50Lebitarren esku jarriko dituzu itunaren egoitza, bertako tresneria eta gainerako hornigaiak. Haiek eramango dituzte egoitza eta bertako tresnak batetik bestera, eta egoitzako zerbitzuaz arduratuko dira. Egoitzaren inguruan etxolatuko dira. 51Abiatzerakoan, lebitarrek bilduko dute etxola; gelditzean, beraiek eraikiko berriro. Lebitar ez den norbait egoitzara hurbiltzen bada, heriotzara emango dute. 52Gainerako israeldarrak gudari-taldeka etxolatuko dira, nor bere kanpalekuan. 53Lebitarrak, berriz, itunaren egoitzaren inguruan etxolatuko dira; honela libratuko dute israeldarren elkartea Jaunaren haserretik. Itunaren egoitzako zerbitzuaz arduratuko dira».

54Jaunak Moisesi agindu guztia egin zuten israeldarrek.

2. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:

2 «Israeldarrak nor bere leinuaren banderapean etxolatuko dira; kanpalekua elkarketa-etxolaren inguruan eratuko da, halako tarte bat utziz. 3 «Ekialdean Judaren banderapeko kanpamendua ezarriko da bere gudari-taldeekin. 4 Judatarren buruzagia Aminadaben seme Nahxon izango da, haren gudari-taldeak 74.600 gizon dituelarik. 5 Judarekin batera Isakar eta Zabulonen leinuak etxolatuko dira. Isakartarren buruzagia Tzuarren seme Netanel izango da, 6 haren gudari-taldeak 54.400 gizon dituelarik. 7 Zabulondarren buruzagia Helonen seme Eliab izango da, 8 haren gudari-taldeak 57.400 gizon dituelarik. 9 Judaren kanpamenduak, hiru gudari-talde biltzen dituelarik, 186.400 gizon ditu guztira. Ibilaldikoan, hauek joango dira buruan.

10 «Hegoaldean Rubenen banderapeko kanpamendua ezarriko da bere gudari-taldeekin. Rubendarren buruzagia Xedeurren seme Elitzur izango da, 11haren gudari-taldeak 46.500 gizon dituelarik. 12Rubenekin batera Simeon eta Gaden leinuak etxolatuko dira. Simeondarren buruzagia Tzurixadairen seme Xelumiel izango da, 13haren gudari-taldeak 59.300 gizon dituelarik. 14Gadtarren buruzagia Reuelen seme Eliasaf izango da, 15haren gudari-taldeak 45.650 gizon dituelarik. 16Rubenen kanpamenduak, hiru gudari-talde biltzen dituelarik, 151.450 gizon ditu guztira. Ibilaldikoan, bigarren joango dira.

17«Ondoren, elkarketa-etxola eta lebitarrak joango dira beste kanpamenduen erdian. Etxolatu ziren ordenaren arabera abiatuko dira, kanpamendu bakoitza bere banderaren atzetik.

18«Mendebaldean Efraimen banderapeko kanpamendua ezarriko da bere gudari-taldeekin. Efraimdarren buruzagia Amihuden seme Elixama izango da, 19haren gudari-taldeak 40.500 gizon dituelarik. 20Efraimekin batera Manases eta Benjaminen leinuak etxolatuko dira. Manasestarren buruzagia Pedahtzurren seme Gameliel izango da, 21haren gudari-taldeak 32.200 gizon dituelarik. 22Benjamindarren buruzagia Gideoniren seme Abidan izango da, 23haren gudari-taldeak 35.400 gizon dituelarik. 24Efraimen kanpamenduak, hiru gudari-talde biltzen dituelarik, 108.100 gizon ditu guztira. Ibilaldikoan, hirugarren abiatuko dira.

25«Iparraldean Danen banderapeko kanpamendua ezarriko da bere gudari-taldeekin. Dandarren buruzagia Amixadairen seme Ahiezer izango da, 26haren gudari-taldeak 62.700 gizon dituelarik. 27Danekin batera Axerren eta Neftaliren leinuak etxolatuko dira. Axertarren buruzagia Okranen seme Pagiel izango da, 28haren gudari-taldeak 41.500 gizon dituelarik. 29Neftalitarren buruzagia Enanen seme Ahira izango da, 30haren gudari-taldeak 53.400 gizon dituelarik. 31Danen kanpamenduak 157.600 gizon ditu guztira. Ibilaldikoan, azken abiatuko dira, beren banderaren atzetik».

32Horra hor israeldarren izen-bilketa senitarteka, kanpamenduen errolda gudari-taldeka: 603.550 gizon guztira. 33Lebiren ondorengoak ez zituzten erroldatu beste israeldarrekin batera, Jaunak Moisesi agindu bezala.

34Israeldarrak nor bere banderapean etxolatu eta abiatzen ziren, senitarteka eta familiaka sailkaturik, Jaunak Moisesi agindu bezala.

3. atala.

[aldatu]

1 Hona hemen Aaronen eta Moisesen ondorengoak, Sinai mendian Jauna Moisesi mintzatu zitzaionean. 2 Aaronek lau seme zituen: Nadab lehen-semea, Abihu, Eleazar eta Itamar. 3 Horiek gantzutu eta sagaratu zituzten apaiz-zerbitzurako; 4 baina Nadab eta Abihu semerik utzi gabe hil ziren Sinai basamortuan, Jaunaren aurrean, honek agindu gabeko intsentsu-eskaintza egin zutelako. Beraz, Eleazar eta Itamar izan ziren apaiz beren aita Aaronen ardurapean.

5 Jaunak esan zion Moisesi: 6 «Hurbilarazi Lebiren leinua eta ezar ezazu Aaron apaizaren zerbitzura, lagun diezaion. 7 Aaron eta elkarte osoaren ordezkari gisa beteko dute lebitarrek beren zerbitzua elkarketa-etxolaren aurrean, egoitzako zereginez arduratuz. 8 Elkarketa-etxolako tresnen ardura izango dute eta israeldarren zerbitzura egongo dira egoitzako zereginak betetzeko. 9 Lebitarrak, beraz, beste israeldarren artetik bereizi eta Aaroni eta beronen semeei emango dizkiezu laguntzaile. 10 Aaron eta beronen semeak ezarriko dituzu apaiz-zerbitzuan. Beste norbaitek apaiz-eginkizunetan jarduten badu, heriotzara emango dute». 11 Jaunak esan zion Moisesi: 12 «Lebitarrak hautatu ditut israeldarren artetik, berauen lehen-semeen ordez. Neureak ditut, beraz, lebitarrak, 13 neureak baititut lehen-semeak oro: Egiptoko lehen-seme guztiak hilarazi nituenean, niretzat sagaratu nituen Israelgo lehen-jaio guztiak, gizaki nahiz abereak. Neureak ditut, beraz. Neu naiz Jauna».

14Jaunak esan zion Moisesi Sinai basamortuan: 15 «Egizu lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz».

16 Moisesek izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.

17 Hauek ziren Lebiren semeak: Gerxon, Kehat eta Merari. 18 Gerxonen semeak Libni eta Ximei ziren, senitarteburuak; 19 Kehaten semeak, Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel, senitarteburuak; 20 Merariren semeak, Mahli eta Muxi, senitarteburuak. Horiek ziren lebitarren senitarteak, famili jatorriaren arabera banatuak.

21 Gerxonen ondorengoak bi senitartetan banatuak zeuden: libnitarrak eta ximeitarrak. Horiek ziren gerxondarren senitarteak. 22 Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 7.500 ziren. 23 Gerxondar senitarteak egoitzaren atzealdean, mendebaldean, etxolatu ziren. 24 Gerxondarren familiaburua Laelen seme Eliasaf zen. 25 Hona gerxondarren ardurapean zeuden elkarketa-etxolako osagaiak: egoitza eta berau estaltzen zuen oihal-etxola, honen estaldura eta sarrerako oihala, 26 egoitza eta aldare inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako oihalak, eta eraikuntza guztiko sokak.

27 Kehaten ondorengoen senitarteak amramdarrak, itzhartarrak, hebrondarrak eta uzieldarrak ziren. 28 Izen-bilketan hilabetez gorako gizonezkoak 8.600 ziren, santutegiaren zerbitzurako. 29 Kehatarren senitarteak egoitzaren alboan, hegoaldera, etxolatu ziren. 30 Kehatarren senitarteburua Uzielen seme Elitzafan zen. 31 Kehatarren ardurapean zeuden kutxa, ogien mahaia, argimutila, aldareak, santutegiko zerbitzuan erabiltzen ziren tresnak eta etxola bitan banatzen zuen errezela.

32 Aaronen seme Eleazar zen lebitarren senitarteburuen nagusi. Honek bere menpean zituen santutegiko zerbitzuaz arduratzen ziren guztiak.

33 Merariren ondorengoen senitarteak mahlitarrak eta muxitarrak ziren. 34 Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 6.200 ziren. 35 Meraritarren senitarteburua Abihailen seme Tzuriel zen. Hauek egoitzaren alboan, iparraldera, etxolatu ziren. 36 Meraritarren ardurapean zeuden egoitzako oholak, zehar-egurrak, zutabeak, oinak eta beste osagai guztiak; 37 baita atari inguruko zutabeak beren oinekin, hesolak eta sokak ere.

38 Ekialdean, hau da, egoitzaren buruz buru eta elkarketa-etxolaren aurrean, Moises, Aaron eta honen semeak zeuden etxolatuak; hauek santutegiaren zerbitzuaz arduratzen ziren israeldarren izenean. Beraiek ez beste norbait zerbitzu horretan sartzen bazen, heriotzara ematen zuten.

39 Moisesek eta Aaronek senitarteka erroldatu zituzten lebitarrak, Jaunaren agindura. Hilabetez gorako gizonezkoak 22.000 ziren guztira. Lehen-semeen berreskuratzea

40 Jaunak esan zion Moisesi: «Egizu israeldarren lehen-semeen izen-bilketa, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz. 41 Eta bereiz iezazkidazu lebitarrak, israeldar lehen-semeen ordez. Neu naiz Jauna. Halaber, bereizi lebitarren abereak, israeldarren lehen abere-kumeen ordez».

42 Moisesek israeldarren lehen-semeen izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala. 43 Izen-bilketan, hilabetez gorako israeldar gizonezkoak 22.273 ziren.

44 Jaunak esan zion Moisesi: 45 «Hartu lebitarrak israeldarren lehen-seme guztien ordez eta lebitarren abereak israeldarrenen ordez: neureak ditut lebitarrak. Neu naiz Jauna. 46 Israeldarren lehen-semeak lebitarrak baino 273 gehiago direnez, soberako horiek berreskuratzeko, 47 bakoitzarengatik zilarrezko bost txanponeko ordaina eskatuko duzu, santutegiko pisu-neurriaren arabera, oin-txanpona hamar gramokoa delarik. 48 Soberako lehen-semeak berreskuratzeko ordain-dirua Aaroni eta beronen semeei emango diezu».

49 Hartu zuen Moisesek lebitarrak baino gehiago ziren lehen-semeak berreskuratzeko ordain-dirua: 50 zilarrezko 1.365 txanpon hartu zituen, santutegiko dirutan, israeldarren lehen-semeen izenean. 51 Eta dirua Aaroni eta beronen semeei eman zien, Jaunak agindu bezala.

4. atala

[aldatu]

1 Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni: 2 «Egizue Kehaten ondorengo lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka. 3 Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.

4 «Kehaten ondorengoen egitekoa elkarketa-etxolan gauza sakratuenez arduratzea da. 5 Abiatzeko orduan kanpamendua jasotzean, Aaronek eta beronen semeek etxola bitan banatzen duen errezela kendu eta hartaz itun-kutxa estaliko dute. 6 Larru finezko estalduraz bilduko dute eta gainean purpura morezko beste oihal bat zabalduko, eta hagak ezarriko dizkiote kutxari. 7 Purpura morezko oihala zabalduko dute eskainiriko ogien mahai gainean ere, eta bertan isur-oparietarako azpilak, erretiluak, katiluak eta pitxerrak ipiniko dituzte; eskainiriko ogia etengabe egongo da mahai gainean. 8 Horren guztiaren gainean purpura gorriminezko oihala zabaldu eta larru finezko estalduraz bilduko dute, eta hagak ezarriko dizkiote mahaiari. 9 Gero, purpura morezko oihala hartu eta argimutila, kriseiluak, su-hatzak, errautsontziak eta olioarekin erabiltzen diren ontzi guztiak estaliko dituzte. 10 Larru finezko estalduraz bilduko dute argimutila tresna guztiekin batera eta anda gainean ezarriko.

11 «Urrezko aldare gainean ere purpura morezko oihala zabalduko dute, larru finezko estalduraz bildu eta hagak ezarriko dizkiote; 12 gero, santutegiko liturgi zerbitzurako erabiltzen diren tresnak hartu eta purpura morezko oihalean ipiniko dituzte, larru finezko estalduraz bildu eta anda gainean ezarriko. 13 Aldareko errautsak garbitu eta purpura gorrizko oihala zabalduko dute gainean. 14 Aldare gainean liturgi zerbitzurako erabiltzen diren tresna guztiak ezarriko dituzte: errautsontziak, sardexkak, palak eta isipu-ontziak. Guztia larru finezko estalduraz bilduko dute, eta hagak ezarriko dizkiote aldareari.

15 «Abiatzeko orduan kanpamendua jasotzean, Aaronek eta beronen semeek santutegiko tresna guztiak bilduko dituzte, eta gero Kehaten ondorengoak etorriko dira horiek guztiak eramateko. Ez dezatela ezer sakraturik uki, hil ez daitezen. Horiek dira Kehaten ondorengoek eraman behar dituzten elkarketa-etxolako gauzak.

16 «Eleazar, Aaron apaizaren semea, honetaz arduratuko da: kriseiluetako olioaz, intsentsu usaintsuaz, eguneroko labore-opariez eta gantzuketa-olioaz. Egoitzaz eta bertan dagoen guztiaz ere –gauza sakratuez zein tresneriaz– bera arduratuko da».

17 Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni: 18 «Ez gero utzi lebitarren artean desagertzen Kehaten senitarteak! 19 Gauza guztiz sakratuetara hurbiltzean bizia galtzeko arriskua dutenez gero, egizue honela, hil ez daitezen: Aaron eta beronen semeak bertan egongo dira bakoitzari zein den bere egitekoa eta zer eraman behar duen esateko. 20 Ez dezatela gauza sakraturik ikus, ezta begirada bizkor batez ere, hil nahi ez badute».

21 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 22 «Egizu Gerxonen ondorengoen izen-bilketa ere, senitarteka eta familiaka. 23 Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten. 24 Hau izango da gerxondarren egitekoa eta eraman behar dutena: 25 egoitzako zapiak, elkarketa-etxola, honen gaineko larru finezko estaldura, elkarketa-etxolaren sarrerako oihala, 26 atariko oihalak, egoitza eta aldarea inguratzen dituen atariaren sarrerako oihala, sokak eta gainerako osagaiak; hori guztia da gerxondarren egitekoa. 27 Aaron eta beronen semeen agindura beteko dute gerxondarrek beren egitekoa, bai beren zerbitzuari, bai eraman behar dituzten gauzei dagokienez. 28 Gerxondarren senitarteek elkarketa-etxolan bete behar duten zerbitzua Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean beteko dute.

29 «Egizu Merariren ondorengoen izen-bilketa ere, senitarteka eta familiaka. 30 Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten. 31 Elkarketa-etxolan izango duten egitekoa eta eraman behar dutena hauxe izango da: egoitzako oholak, zehar-egurrak, zutabeak, oinak, 32 egoitza inguruko atariko zutabeak beren oinekin, hesolak, sokak eta gainerako osagaiak. 33 Meraritarren senitarteek elkarketa-etxolan bete behar duten zerbitzua Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean beteko dute».

34-49Moisesek, Aaronek eta elkarte-arduradunek Kehat, Gerxon eta Merariren ondorengo lebitar guztien izen-bilketa egin zuten, senitarteka eta familiaka. Hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak erroldatu zituzten, elkarketa-etxolako zerbitzua bete zezaten. Moisesek eta Aaronek Jaunaren agindura egindako izen-bilketak emaitza hau eman zuen: Kehaten ondorengoak 2.750; Gerxonen ondorengoak 2.630; Merariren ondorengoak 3.200.
Beraz, izen-bilketan erroldaturiko lebitar guztiak 8.580 ziren. Bakoitzari zer egin eta zer eraman behar zuen adierazi zitzaion, Jaunak Moisesi aginduaren arabera.

5. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Agindu israeldarrei edonolako lege-kutsadura dutenak –legena edo sexu-jarioa dutela edo gorpu bat ukitu dutela– kanpalekutik urruti botatzeko. 3 Gizonezko nahiz emakumezko, bota ditzatela kanpalekutik. Horrela ez dute kanpalekua kutsatuko, han bizi bainaiz ni beraien artean». 4 Hala egin zuten israeldarrek: kanpalekutik urruti bota zituzten, Jaunak Moisesi agindua betez.

5 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 6 «Esan israeldarrei: Gizonezko nahiz emakumezko batek beste norbaiti kalte egin eta Jainkoarekiko desleial jokatzen badu, errudun bihurtzen da. 7 Bere errua aitortuko du, eta kaltearen ordaina eta bosteko bat gehiago emango dio kalte egin dionari. 8 Kaltetua hila bada eta ordaina jasotzeko ahaide hurbilekorik ez badu, kalte-ordaina Jaunari emango zaio apaizaren bidez, errudunaren bekatuaren barkamen-ohikunea egiteko erabiliko den ahariaz gain. 9 «Israeldarrek Jaunari eskainiko dizkioten opari sakratuak apaizarentzat izango dira. 10 Apaizari eramaten zaizkion opari sakratuak apaizarentzat dira ». 11 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 12 «Esan israeldarrei: Eman dezagun emakume bat bere senarrarekiko desleial izan dela. 13 Senarraren ezjakinean beste gizon batekin sexu-harremanak izan ditu eta kutsaturik gelditu da; baina ez dago lekukorik, ez du inork horretan harrapatu. 14 Hala ere, senarrak susmo txarra hartu dio emazteari, hau egiaz errudun delarik. Baina gerta daiteke emaztea errugabea izanik ere senarrak susmo txarra hartzea. 15 Honelako kasuetan, senarrak apaizaren aurrera eramango du emaztea eta lau kilo garagar-irin eskainiko ditu oparitzat. Ez dio irinari oliorik isuriko, ez intsentsurik ipiniko, susmo txarra dela-eta bekatua salatzeko eskaintza baita. 16 «Emakumea hurbilarazi eta Jaunaren aurrean ezarriko du apaizak. 17 Ur sakratua hartuko du buztinezko ontzi batean eta egoitzako zorutik hartutako hautsaz nahasiko du. 18 Emakumea Jaunaren aurrean ipini, ilea askatu eta bekatua salatzeko oparia, senarrak bere susmo txarragatik ekarria, ezarriko dio eskuetan; apaizak, bitartean, errudunaren gain madarikazioa dakarren ur garratza edukiko du eskuetan. 19 Orduan, zin eragingo dio emakumeari, hau esanez: “Beste gizon batekin harremanik izan ez baduzu, ez bazara desohoratu eta zeure senarrari desleial izan, ez dakizula ezer txarrik gerta, madarikazioa dakarren ur garratz hau edatean. 20 Baina senarrari desleial izan bazatzaizkio eta, zeurea ez den beste gizon batekin harremanak izanik, desohoratu bazara 21 –apaizak une honetan madarikazio-zina eginarazten dio emakumeari–, zigor zaitzala Jaunak: sabela haizatu eta agor bihur zaitzala, zure herritarrek zuri gertatua aipa dezatela beren madarikazioak botatzean. 22 Madarikazioa dakarren ur hau edan bezain laster gertatuko zaizu zigorra”. Eta emakumeak “Amen! Amen!” erantzungo du. 23 «Orduan, madarikazio-hitzok idatzi eta idazkia ur garratzetan garbituko du apaizak. 24 Ur hori emakumeari edanaraziko dio, barrena garraz diezaion. 25 Baina aurretik, senarrak bere susmo txarragatik ekarritako oparia emakumearen eskuetatik hartu, Jaunaren aurrean aurkeztu eta aldare gainean ezarriko du. 26 Oparitik irin-eskutada hartuko du oroigarri gisa eta aldare gainean erreko. Ondoren, ura edanaraziko dio emakumeari. 27 Ura edatean, hau gertatuko da: emakumea senarrari desleial izan eta kutsaturik gelditu bada, madarikazio-ura bere barrura sartu eta garratz bihurtuko zaio, sabela haizatu eta agor geratuko da; emakume hori madarikazio-adibide izango da herritarrentzat. 28 Alderantziz, emakumea kutsatua ez, baizik eta garbi badago, ez zaio gaitzik gertatuko eta izango du seme-alabarik. 29 «Hau da adulterio-susmoaren legea, senarraren eskumende egonik, emaztea desleial izan eta desohoratzen denerako, 30 edota senarrak emazteaz susmo txarra duenerako: Jaunaren aurrean aurkeztuko du emaztea, eta apaizak lege honen arabera jokatuko du. 31 Senarrari ez zaio errurik egotziko, eta emazte errudunak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu».


6. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan israeldarrei: Jaunari nazireu bezala sagaratzeko botoa egiten duenak, gizonezko zein emakumezkok, 3 ez du ardorik, ez beste alkohol-edaririk edango, ez edari horietatik ateratako ozpinik ere; ez du inolako mahats-zukurik edango, ez eta mahatsik edo mahaspasarik jango. 4 Nazireutzak dirauen bitartean, ez du mahatsez eginiko ezer jango, ezta haziz edo azalez eginikorik ere. 5 Nazireu-botoaren denboraldi guztian ez du ilea moztuko: Jaunari sagaratua baitago, ilea hazten utziko du. 6 Jaunari sagaraturik dagoen denboraldi horretan ez da gorpu batengana hurbilduko: 7 aita nahiz ama, anaia nahiz arreba hiltzen bazaio ere, ez da kutsatuko, Jaunari sagaratua baitu bere burua. 8 Nazireu-garai guztian Jaunari sagaraturik dago. 9 «Bat-batean norbait ondoan hiltzen bazaio, sagarapenaren ezaugarri duen ilea kutsatuz, garbikuntza-ohikunea egingo du zazpi egunen buruan: egun horretan erabat moztuko du buruko ilea. 10 Zortzigarren egunean bi usapal edo bi usakume eramango dizkio apaizari, elkarketa-etxolaren sarrerara. 11 Bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu apaizak, eta haren alde barkamen-ohikunea egingo du, gorpua ukitzean eginiko hobenagatik. Egun horretan berriro sagaratuko dio nazireuak bere burua Jaunari. 12 Ostera hasiko du Jaunari nazireu bezala sagaraturiko denboraldia; aurreko egunak ez zaizkio kontuan hartuko, bere nazireu-botoa profanatu duelako. Gainera, urtebeteko bildotsa eramango dio Jaunari ordain-oparitzat. 13 «Hona hemen nazireuari buruzko legea: Sagarapen-garaia burutzean, elkarketa-etxolaren sarrerara joango da 14 eta urtebeteko bildots akats gabea eskainiko dio Jaunari erre-oparitzat, urtebeteko arkume akats gabea barkamen-oparitzat eta ahari akats gabea elkartasun-oparitzat. 15 Irin garbiz eginiko legamia gabeko saski bat ogi, olioz oraturiko opilak eta oliotan bustiriko talo legamia gabeak ere eskainiko ditu, labore- eta isur-opariekin batera. 16 Apaizak Jaunari aurkeztuko dizkio opariok, eta barkamen-oparia eta erre-oparia eskainiko ditu; 17 gero, aharia eskainiko du elkartasun-oparitzat, legamia gabeko ogien saskiarekin batera, eta labore- eta isur-opariak. 18 Ilea motz-motz egingo du nazireuak elkarketa-etxolako sarreran eta bere sagarapenaren ezaugarri duen ile moztua elkartasun-oparia erretzen deneko sutara botako du. 19 Ahari errearen beso bat, saskiko legamia gabeko ogi bat eta legamia gabeko opil bat hartu eta nazireu ile-moztuaren eskuetan ipiniko ditu apaizak. 20 Gero, apaizak Jaunari aurkeztuko dio hori guztia: gauza sakratua da eta apaizari dagokio, aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra bezala. Horren guztiaren ondoren, ardoa edan ahal izango du nazireu-botoa zuenak. 21 «Hori da nazireu-botoz bere burua Jaunari sagaratzen dionari buruzko legea, horiek dira Jaunari aurkeztu behar dizkion opariak, bere kabuz eskain diezaiokeenaz aparte. Lege honen arabera beteko ditu aginduriko botoaren eginbeharrak».

22 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 23 «Esaiezu Aaroni eta beronen semeei formula hau erabili behar dutela israeldarrak bedeinkatzeko:
24 «Jaunak bedeinka
eta gorde zaitzala;
25 Jaunak aurpegi argia erakutsi
eta erruki dakizula.
26 Jaunak maitasunez begiratu
eta bakea eman diezazula.

27 «Honela, nire presentzia israeldarren gain ezarriko da, eta bedeinkatu egingo ditut».

7. atala.

[aldatu]

1 Eraikuntza burutu zuen egunean, Moisesek olioa isuriz sagaratu zuen egoitza bertako tresna guztiekin; berdin egin zuen aldare eta bertako tresna guztiekin ere. 2 Gero, leinuen ordezkari bezala izen-bilketa egiten jardun zuten familiaburuek 3 beren oparia aurkeztu zioten Jaunari: sei gurdi estali eta hamabi idi, hau da, gurdi bat bi buruzagiko eta idi bat buruzagi bakoitzeko. Guztia egoitzaren aurrean ezarri zuten. 4 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: 5 «Ekarri dituzten opariok hartu elkarketa-etxolako zerbitzurako, eta eman lebitarrei, nori bere egitekoaren arabera behar duena». 6 Hartu zituen Moisesek gurdiak eta idiak eta lebitarrei banatu zizkien: 7 gerxondarrei bi gurdi eta lau idi, beren egitekoaren arabera; 8 meraritarrei lau gurdi eta zortzi idi, Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean bete behar zuten egitekoaren arabera; 9 kehatarrei, berriz, ez zien gurdirik, ez idirik eman, haien egitekoa gauza sakratuak bizkarrean eramatea baitzen.

10 Aldarea sagaratzeko egunean, familiaburuek aldarearen inaugurazioko opariak eraman zituzten eta aldare aurrean ezarri. 11 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Egun bakoitzean familiaburu desberdinak eramango du oparia aldarearen inauguraziorako». 12-83 Lehen egunean Aminadaben seme Nahxonek, Judaren leinukoak, eraman zuen oparia; bigarren egunean Tzuarren seme Netanelek, Isakarren leinukoak; hirugarren egunean Helonen seme Eliabek, Zabulonen leinukoak; laugarren egunean Xedeurren seme Elitzurrek, Rubenen leinukoak; bosgarren egunean Tzurixadairen seme Xelumielek, Simeonen leinukoak; seigarren egunean Deuelen seme Eliasafek, Gaden leinukoak; zazpigarren egunean Amihuden seme Elixamak, Efraimen leinukoak; zortzigarren egunean Pedahtzurren seme Gamelielek, Manasesen leinukoak; bederatzigarren egunean Gideoniren seme Abidanek, Benjaminen leinukoak; hamargarren egunean Amixadairen seme Ahiezerrek, Danen leinukoak; hamaikagarren egunean Okranen seme Pagielek, Axerren leinukoak; hamabigarren egunean Enanen seme Ahirak, Neftaliren leinukoak. Eta hona familiaburu bakoitzak eraman zituen opariak: zilarrezko kilo eta erdi inguruko azpila eta 800 gramo inguruko isipu-ontzia –santutegiko pisu-neurriaren arabera–, biak olioz oraturiko irin garbiz beteak labore-oparitarako; baita urrezko 110 gramo inguruko erretilua ere, intsentsuz betea; zekor bat, ahari bat eta urtebeteko bildots bat erre-oparitarako, aker bat barkamen-oparitarako eta bi zekor, bost ahari, bost aker eta urtebeteko bost bildots elkartasun-oparitarako. 84 Beraz, Israelgo familiaburuek honako opariok eskaini zituzten, aldarea sagaratu zen egunean: zilarrezko hamabi azpil, zilarrezko hamabi isipu-ontzi eta urrezko hamabi erretilu. 85 Zilarrezko azpil bakoitza kilo eta erdi inguru zen eta isipu-ontzi bakoitza 800 gramo inguru. Azpil eta isipu-ontzien zilarra, guztira, hogeita zazpi kilo eta erdi izan zen gutxi gorabehera, santutegiko pisu-neurriaren arabera. 86 Bazeuden urrezko hamabi erretilu ere, intsentsuz beterik, bakoitza 110 gramo ingurukoa, santutegiko pisu-neurriaren arabera. Erretiluek 1.320 gramo eman zuten guztira. 87 Erre-oparitarako abereak, guztira, hamabi zekor, hamabi ahari eta urtebeteko hamabi bildots ziren, zegozkien labore-opariekin batera, eta hamabi aker barkamen-oparitarako. 88 Elkartasun-oparitarako abereak, guztira, hogeita lau zekor, hirurogei ahari, hirurogei aker eta urtebeteko hirurogei bildots ziren. Horiek izan ziren aldarea sagaratu ondorengo inaugurazio-jairako opariak. 89 Jaunarekin mintzatzeko elkarketa-etxolan sartu ohi zenean, Jaunaren ahotsa entzuten zuen Moisesek; ahotsak itun-kutxa gaineko estalki gainetik, izaki hegaldunen artetik, hitz egiten zion.

8. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esaiozu Aaroni, zazpi kriseiluak pizterakoan, argimutilaren aurrealdea argitzeko eran egokitzeko». 3 Bete zuen Aaronek Jaunak Moisesi agindua, eta argimutilaren aurrealdea argitzeko eran egokitu zituen kriseiluak. 4 Mailuz landuriko urrez egina zen argimutila, oinetik lore-hosto-bururaino. Jaunak Moisesi erakutsitako ereduaren arabera egina zen. 5 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 6 «Bereizi lebitarrak beste israeldarren artetik eta egiezu garbikuntza. 7 Garbikuntza-ohikune hau erabiliko duzu: garbikuntzako urez zipriztinduko dituzu; ondoren, gorputzeko ile guztia moztuko dute eta arropak garbituko. Horrenbestez, garbi geldituko dira. 8 Gero, zekor bat eta dagokion labore-oparia –oliotan oraturiko irin garbikoa– hartuko dute; zuk barkamen-oparitarako beste zekor bat hartuko duzu. 9 Israeldarren elkarte osoa bilduko duzu eta lebitarrak elkarketa-etxolara hurbilaraziko. 10 Han, Jaunaren aurrean, israeldarrek eskuak buru gainean ezarriko dizkiete. 11 Aaronek, aurkezpen-keinua eginez , Jaunari eskainiko dizkio lebitarrak israeldarren izenean, eta Jaunaren zerbitzurako geldituko dira. 12 Gero, lebitarrek eskuak ezarriko dizkiete buruan zekorrei, eta Aaronek lebitarren alde barkamen-ohikunea egiteko eskainiko ditu , bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat. 13 Aaronen eta beronen semeen aurrean ipiniko dituzu lebitarrak, eta Jaunari eskainiko dizkiozu, aurkezpen-keinua eginez; 14 horrela bereiziko dituzu lebitarrak gainerako israeldarren artetik eta neureak izango ditut. 15 Ordutik aurrera, has daitezke lebitarrak elkarketa-etxolan beren zerbitzua betetzen. Beraz, haien garbikuntza egin eta eskaini egingo dituzu: 16 niretzat bereiziak dira israeldarren artetik eta niri oso-osorik emanak. Israeldarren lehen-semeen ordez hartu ditut, 17 neureak baititut israeldar lehen-semeak oro, baita lehen abere-kumeak ere. Egiptoko lehen-seme guztiak hil nituenean, neuretzat sagaratu nituen. 18 Baina israeldar lehen-semeen ordez lebitarrak hartu ditut 19 eta Aaroni eta beronen semeei eman laguntzaile gisa israeldarren izenean, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko eta israeldarren alde barkamen-ohikunea egiteko. Horrela, ez zaie israeldarrei zoritxarrik gertatuko santutegira hurbiltzeagatik». 20 Moisesek, Aaronek eta israeldar elkarte osoak bete zuten Jaunak lebitarrei buruz agindurikoa. 21 Lebitarrek garbikuntza egin eta arropak garbitu zituzten. Aaronek Jaunari eskaini zizkion, errituzko aurkezpen-keinua eginez, eta haien garbikuntzarako barkamen-ohikunea egin zuen. 22 Horren guztiaren ondoren, elkarketa-etxolako zerbitzua betetzen hasi ziren, Aaronen eta beronen semeen ardurapean. Jaunak Moisesi lebitarrei buruz aginduriko guztia bete zuten. 23 Jaunak esan zion Moisesi: 24 «Hogeita bost urtetik aurrera hasiko dira lebitarrak elkarketa-etxolan duten zerbitzua betetzen, 25 eta berrogeita hamar urterekin utziko diote lanari: ez dute beren zerbitzua luzaroago beteko. 26 Lagun diezaiekete, bai, beren senideei elkarketa-etxolako eginkizunetan, baina beren zerbitzuan jardun ez. Horrela xedatuko duzu lebitarren egitekoa».

9. atala

[aldatu]

1 Israeldarrak Egiptotik irten eta bigarren urtean, urtearen lehen hilean, honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Sinai basamortuan: 2-3 «Ezarritako egunean, hau da, hil honen hamalauko ilunabarrean, ospatuko dute Pazkoa israeldarrek, eta ospatu, jaiari dagozkion ohikune eta usadioei zehatz-mehatz lotuz». 4 Pazkoa ospatzeko agindu zien, bada, Moisesek israeldarrei. 5 Sinai basamortuan, lehen hilaren hamalauko ilunabarrean ospatu zuten. Israeldarrek zehatz-mehatz bete zuten Jaunak Moisesi agindurikoa. 6 Alabaina, zenbait gizaseme kutsaturik zegoen gorpuren bat ukitu zuelako, eta ezin zuen Pazkoa egun hartan ospatu. Orduan, Moises eta Aaronengana jo zuten, 7 esanez: –Gorpu bat ukitu dugulako, kutsaturik gaude. Zer dela-eta ez zaigu zilegi Jaunari geure oparia eskaintzea gainerako israeldar guztiekin batera? 8 Moisesek erantzun zien: –Itxaron, Jaunak zuei buruz erabakitzen duena jakin arte. 9 Jaunak esan zion Moisesi: 10 «Esan israeldarrei: Nire ohorez Pazkoa ospatzen den egunean, zuetako nahiz zuen ondorengoetariko norbait gorpu bat ukitu duelako kutsaturik badago edo etxetik urruti bidaian badabil, 11 bigarren hilaren hamalauko ilunabarrean ospatuko du. Belar mingotsez eta legamia gabeko ogiz lagundurik jango du bildotsa; 12 ez du ezer gordeko biharamunerako, ezta oparigaiaren hezurrik hautsiko ere. Ohikuneari zehatz-mehatz lotuz ospatuko du Pazkoa. 13 Baina, garbi egonik edo bidaian ez delarik, Pazkoa ospatu gabe uzten duena, bota egingo dute herritik. Ezarritako egunean Jaunari oparia eskaintzen ez dionak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu. 14 «Zuen artean bizi den etorkinak, Jaunaren ohorez Pazkoa ospatzen badu, Pazko-ohikune eta usadioak jarraituko ditu: ohikune bat bera izango duzue etorkinek eta bertakoek».

15 Egoitza eraiki zenean, egunez lainoak estaltzen zuen; arratsaldez su-itxura hartzen zuen lainoak egoitzaren gainean. 16 Honela gertatzen zen beti: egunez lainoak estaltzen zuen egoitza eta gauez su-itxura hartzen zuen. 17 Lainoa etxolaren gainetik aldentzen zenean, israeldarrak abiatu egiten ziren; lainoa gelditzen zenean, berriz, etxolatu. 18 Jaunaren agindura abiatzen ziren israeldarrak eta haren agindura etxolatzen. Lainoa egoitzaren gainean gelditua zegoen bitarte guztian, etxolatuak egoten ziren. 19 Lainoa egoitzaren gainean luzaro gelditzen bazen ere, israeldarrak, Jaunaren aginduari lotuz, ez ziren abiatzen. 20 Lainoa egun gutxitan gelditzen bazen egoitzaren gainean, Jaunaren agindura etxolatzen ziren eta haren agindura abiatzen. 21 Batzuetan, arratsaldetik goiza arte bakarrik gelditzen zen, nahiz egun batez, nahiz gau batez; orduan, lainoa aldendu orduko, abiatu egiten ziren. 22 Egoitzaren gainean egun bi, hilabete edo urtebete geldituz gero, israeldarrak geldi egoten ziren eta ez ziren abiatzen. Baina lainoa aldendu orduko, abiatu egiten ziren. 23 Jaunaren agindura etxolatzen ziren eta haren agindura abiatzen. Israeldarrak Jaunak Moisesi emandako aginduari lotzen zitzaizkion.

10. atala

[aldatu]

1 Jaunak esan zion Moisesi: 2 «Egin zilar landuzko bi turuta: elkartea biltzeko eta kanpalekua utzi eta abiatzeko seinalea emateko izango dira. 3 Bi turutak batera jotzean, herri osoa zuregana bilduko da, elkarketa-etxolaren sarreran. 4 Bat bakarra jotzean, Israelgo gudari-taldeen buruak bakarrik bilduko dira zuregana. 5 Turuta-hotsa irrintziz lagundua bada, lehenengo joaldian ekialdean etxolaturiko kanpamenduak abiatuko dira; 6 bigarrenean, hegoaldean etxolaturikoak. Irrintziz lagunduriko turuta-hotsa abiatzeko seinalea izango da; 7 irrintzi gabekoa, berriz, batzarrean biltzekoa. 8 Apaizek, Aaronen ondorengoek, izango dute turuta jotzeko kargua; betiko lege izango duzue hau belaunez belaun.

9 «Zeuen lurraldera iritsi ondoren erasoko dizueten etsaien kontra borrokatzera ateratzean, irrintziekin batera turutak joko dituzue. Horrela, Jauna, zuen Jainkoa, zuetaz oroituko da eta salbatu egingo zaituzte. 10Jo turuta zeuen jaietan ere, festa nagusietan eta ilberri-jaietan, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaintzean. Horrela, zuen Jainkoa zuetaz oroituko da. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

11 Bigarren urteko bigarren hilaren hogeian, lainoa egoitzaren gainetik aldendu egin zen, 12eta israeldarrak abiatu egin ziren Sinai basamortutik. Lainoa Paran basamortuan gelditu zen. 13 Lehen aldia zen Jaunak Moisesen bidez agindutako eran abiatzen zirena. 14 Lehenbizi judatarren banderapeko kanpamendua abiatu zen bere gudari-taldeekin. Judatarren gudarostea Aminadaben seme Nahxonen agindupean zihoan, 15 isakartarren leinukoa Tzuarren seme Netanelen agindupean 16 eta zabulondarren leinukoa Helonen seme Eliaben agindupean. 17 Bitartean, egoitza jaso eta gerxondarrak eta meraritarrak abiatu egin ziren, hura eramanez. 18 Ondoren, rubendarren banderapeko kanpamendua abiatu zen bere gudari-taldeekin. Rubendarren gudarostea Xedeurren seme Elitzurren agindupean zihoan, 19 simeondarren leinukoa Tzurixadairen seme Xelumielen agindupean 20 eta gadtarren leinukoa Deuelen seme Eliasafen agindupean. 21 Berehala kehatarrak abiatu ziren, gauza sakratuak eramanez; haiek iristerako, beste lebitarrek berreraikia zuten egoitza.

22 Ondoren, efraimdarren banderapeko kanpamendua abiatu zen bere gudari-taldeekin. Efraimdarren gudarostea Amihuden seme Elixamaren agindupean zihoan, 23 manasestarren leinukoa Pedahtzurren seme Gamelielen agindupean 24 eta benjamindarren leinukoa Gideoniren seme Abidanen agindupean. 25 Azkenik, kanpamendu guztien atzeguardian dandarren banderapeko kanpamendua abiatu zen bere gudari-taldeekin. Dandarren gudarostea Amixadairen seme Ahiezerren agindupean zihoan, 26 axertarren leinukoa Okranen seme Pagielen agindupean 27 eta neftalitarren leinukoa Enanen seme Ahiraren agindupean.

28 Segida horretan abiatu ziren israeldarrak, gudarostetan banaturik.

29 Moisesek esan zion Hobabi, bere aitaginarreba Reuel madiandarraren semeari: –Gu bagoaz Jaunak agindutako lurraldera. Zatoz gurekin eta Jaunak Israeli hitzemandako ondasunetan parte emango dizugu. 30 Hobabek erantzun zion: –Ez, ez noa. Nahiago dut neure herrialdera itzuli, neure ahaideengana. 31 Moisesek, berriro: –Ez gaitzazu utz! Zuk ongi ezagutzen dituzu basamortuan etxolatzeko parajeak eta gidari izan zaitzakegu. 32 Gurekin bazatoz, Jaunak eman nahi dizkigun ondasunetan partaide izango zara. 33 Utzi zuten, bada, Jaunaren mendia eta hiru eguneko bidean joan ziren. Jaunaren itun-kutxa aurretik joan zitzaien hiru egunetan, kanpatu behar zuten tokia jakinarazteko. 34 Egunez, abiatu orduko, Jaunaren lainoak estaltzen zituen. 35 Kutxa abiatzerakoan, Moisesek zioen:
«Jaiki, Jauna,
eta sakabana daitezela zure etsaiak,
bihoaz ihesi gorroto dizutenak!»

36 Kutxa gelditzean, berriz, honela zioen:
«Itzuli, Jauna!
Kontaezinak dira
israeldar gudari-taldeak!»

11. Atala

[aldatu]

1Behin batean, kexa bizian ari zen herria. Entzutean, biziki haserretu zen Jauna. Lehertu zen haren haserre-sua herriaren aurka eta kanpaleku-ingurua erabat erre zuen. 2Herriak oihu egin zion Moisesi laguntza eske. Moisesek Jaunari erregutu eta itzali egin zen sua. 3Leku hari Tabera —hau da, «Sute»— ezarri zioten izen, Jaunaren sua israeldarren aurka bertan lehertu zelako.

4Israeldarrekin elkartu zen arrotz-jendeari jateko gogoa bizkortu zitzaion, eta israeldarrak negarrez hasi ziren haiekin batera, esanez: «Haragi pixka bat bagenu behintzat! 5Gogoan dugu Egipton doan jaten genuen arraina, baita hango pepino, meloi, porru, tipula eta baratxuriak ere! 6Baina orain goseak hiltzen gaude, "mana" baino ikusten ez dugularik». 7Txarrangil-haziaren itxurakoa zen mana, erretxina-kolorekoa. 8Banatu egin ohi zen herria mana biltzeko, eta, errotan eho edo motroiloan xehetu ondoren, lapikoan egosi eta olio-opilen gustuko opilak egiten zituzten. 9Gauez, kanpalekuan ihintza egitean, gainean agertzen zen mana.

10 Aditu zuen Moisesek herria, senitarteka bildurik, nor bere etxolaren sarreran negarrez ari zela. Jauna haserre-sutan zegoen; Moises ere mindurik zegoen, 11 eta esan zion Jaunari: —Zergatik hartu duzu hain gaizki zeure zerbitzari hau? Zergatik jarri nauzu zoritxarrean, herri honen zama neuri ezarriz? 12 Nik sortu ote dut, bada, herri hau? Nik ekarri ote mundura, esan diezadazun: «Hartzazu lepoan, inudeak haurtxoa bezala, eta eraman arbasoei hitz emandako lurraldera»? 13 Nondik aterako dut jende honi guztiari jaten emateko adina haragi? Gosea kentzeko haragi eske ari zaizkit negarrez. 14 Nik bakarrik ez nezake herri hau guztia eraman: zama astunegia da niretzat. 15 Horrela erabili behar banauzu, ken iezadazu bizia, arren, begiko banauzu bederen. Eta ez dut neure zori beltza gehiago jasan beharrik izango.

16 Jaunak erantzun zion Moisesi: —Bildu hirurogeita hamar herri-arduradun israeldar, zure iritziz herrian agintea eta gidaritza dutenak, ekarri elkarketa-etxolara eta beude han zurekin. 17 Jaitsi eta han mintzatuko natzaizu eta, zuk duzun izpiritutik harturik, haiengan isuriko dut, herria gidatzen lagun diezazuten. Horrela ez zara bakarrik izango. 18 Eta herriari hau esango diozu: «Egin garbikuntza biharko, haragia izango baituzue jateko. Aditu ditu Jaunak zuen negarrak, "Haragi pixka bat jango bagenu behintzat! Hobeto geunden Egipton!" esaten zenutenean. Hara, bada! Emango dizue Jaunak haragia. 19 Ez duzue jango egun bat edo bitan, bost, hamar edo hogei egunetan bakarrik; 20 hilabete osoan jango duzue, nazkatzeraino jan ere, sudurretatik atera dakizuen arte. Hori, zuen artean bizi den Jauna baztertu duzuelako eta haren aurrean negarrez jardun duzuelako, esanez: "Zergatik irten ote ginen Egiptotik?" »

21 Orduan, Moisesek esan zion: —Nirekin datorren herri honi, seiehun mila gizon izanik, hilabete osorako haragia emango diozula diostazu? 22 Ganadu guztia hilda edo itsasoko arrain guztiak bilduta ere ez lukete aski izango!

23 Jaunak erantzun zion: —Nire eskua hain laburra dela uste al duzu? Orain ikusiko duzu esana betetzen den ala ez.

24 Etxolatik irtenda, Jaunak esana kontatu zion Moisesek herriari. Gero, hirurogeita hamar herri-arduradun israeldarrak bildurik, etxola inguruan jarri zituen. 25 Orduan, Jauna jaitsi zen lainoan eta Moisesekin mintzatu zen; gero, Moisesek zuen izpiritutik hartu eta hirurogeita hamar herri-arduradunei isuri zien. Izpiritua haiengan kokatu orduko, profeta gisa hasi ziren mintzatzen, baina ez zuten jarraitu.

26 Bi gizaseme, bata Eldad izenekoa eta bestea Medad, hirurogeita hamarren taldekoak izan arren, ez ziren etxolara joan, baizik eta kanpalekuan gelditu ziren. Baina kokatu zen izpiritua haiengan ere eta profeta gisa hasi ziren mintzatzen. 27 Orduan, mutiko bat korrika joan zitzaion Moisesi, esatera: —Eldad eta Medad profeta bezala mintzatzen ari dira kanpalekuan.

28 Nunen seme Josuek, gaztetandik Moisesen laguntzaile zenak, esan zuen: —Ene jaun Moises, galaraz iezaiezu!

29 Moisesek ihardetsi zion: —Niregatik jeloskor? Nahiago nuke herri osoa profeta bihurtzea, Jaunak bere izpiritua denei ematea!

30 Gero, kanpalekuan bildu ziren Moises eta Israelgo herri-arduradunak.

31 Jaunak haizea atera zuen, eta haizeak, itsasaldetik joz, galeper-multzoa ekarri eta kanpaleku inguruan bota zuen: egun bateko bidea adinako luze-zabala estali zuten galeperrek kanpalekuaren inguru osoan, metro bat lodiko galeper-piloa zegoelarik.

32 Egun eta gau osoa eta biharamun osoa eman zuen herriak galeperrak biltzen. Gutxien jaso zuenak hamar gurdikada bildu zuen. Eta kanpalekuaren inguru osoan ezarri zituzten, lehortzeko. 33 Oraindik haragia hagin artean zerabiltela, biziki haserretu zen Jauna israeldarren aurka, eta izurri ikaragarriz zigortu zituen. 34 Leku hari Kibrot-Taaba —hau da, «Salokeri Hilobiak»— eman zioten izen, han lur eman baitzioten jan-irrika sartu zitzaion jendeari.

35 Kibrot-Taabatik Hatzerotera joan zen herria eta han gelditu.

12. Atala

[aldatu]

1Moises emakume etiopiar batekin ezkondua zegoen. Emazte etiopiarra zela eta, Miriam eta Aaronek gaizki-esaka jardun zuten Moisesen aurka. 2Hau zioten: «Moisesekin bakarrik mintzatu ote da Jauna? Ez al digu, bada, geuri ere hitz egin?» Eta Jaunak aditu egin zuen kexua. 3Benetan gizon apala zen Moises, munduko gizonik apalena. 4Bat-batean, esan zien Jaunak Moisesi, Aaroni eta Miriami: «Zoazte hirurok elkarketa-etxolara». Han joan ziren hirurak. 5Horretan, Jauna jaitsi zen laino-adarrean eta etxolaren sarreran kokatu. Eta Miriami eta Aaroni dei egin zien. Hurbildu zirelarik, 6Jaunak esan zien: «Entzun esan behar dizuedana:

«Zuen artean
profetarik baldin bada,
ikuskaritan
ematen natzaio ezagutzera
eta ametsetan mintzatzen.

7Ez, ordea, neure zerbitzari Moisesi:
konfiantza osoko gizona dut
neure etxean;

8ahotik ahora hitz egiten diot,
aurrez aurre eta ez hitz-erdika.
Hark nire irudia ikusten du,
Jaun honena.

«Nola ausartzen zarete, beraz, Moisesez gaizki-esaka jardutera?» 9Biziki haserretu zen Jauna haien kontra eta alde egin zuen. 10Eta lainoa etxolaren gainetik aldentzean, Miriam legenak jota zegoen, elurra bezain zuri. Miriamengana itzulirik, legenak jota ikusi zuen Aaronek, 11eta esan zion Moisesi: —Arren eskatzen dizut! Ez iezaguzu egotzi burugabeki egin dugun bekatu hau. 12Ez bedi Miriam amaren sabeletik irten orduko haragia erdi janik duen hilaurraren pareko gerta! 13Moisesek oihu egin zion Jaunari, esanez: —Arren, Jainko, senda ezazu! 14Jaunak erantzun zion: —Aitak aurpegira txu egin izan balio, zazpi egunez lotsatan egon beharko zukeen, ezta? Beraz, geldi bedi zazpi egunez kanpalekutik urruti; ondoren, itzuliko da. 15Horrela, kanpalekutik urruti utzi zuten Miriam zazpi egunez. Herria ez zen abiatu Miriam bildu zitzaien arte. 16Gero, Hatzerotetik abiatu eta Paran basamortuan etxolatu ziren.

13. Atala

[aldatu]

1 Jaunak esan zion Moisesi: 2 «Bidal itzazu gizaseme batzuk israeldarrei ematen diedan Kanaan lurraldea ikertzera. Bidali leinu bakoitzetik gizaseme bana, israeldarren arduradunen artetik aukeraturik».

3 Jaunak agindu bezala, bidali zituen Moisesek Paran basamortutik. Guztiak israeldarren buruzagietakoak ziren. 4 Hona bidalien izenak: Zakurren seme Xamua, Rubenen leinukoa; 5 Horiren seme Xafat, Simeonen leinukoa; 6 Jefuneren seme Kaleb, Judaren leinukoa; 7 Joseren seme Igal, Isakarren leinukoa; 8 Nunen seme Oseas, Efraimen leinukoa; 9 Rafuren seme Palti, Benjaminen leinukoa; 10 Sodiren seme Gadiel, Zabulonen leinukoa; 11 Susiren seme Gadi, Joseren seme Manasesen leinukoa; 12 Gemaliren seme Amiel, Danen leinukoa; 13 Mikaelen seme Setur, Axerren leinukoa; 14 Bafsiren seme Nahbi, Neftaliren leinukoa; 15 Makiren seme Geuel, Gaden leinukoa.

16 Horiek izan ziren Moisesek lurraldea ikertzera bidali zituen gizonak. Nunen seme Oseasi Josue izena ezarri zion.

17 Moisesek, beraz, Kanaan lurraldea ikertzera bidali zituen, esanez: —Zoazte Negebetik eta igo mendialdera. 18 Begira zer-nolako lurraldea den, hango biztanleak indartsuak ala ahulak, gutxi ala asko diren. 19 Begira haien hiriak oihal-etxolazko kanpamenduak ala hiri-gotorrak diren, lurra ona ala txarra den, 20 oparoa ala agorra, zuhaitzik dagoen ala ez. Izan kementsu eta ekarri hango zenbait fruitu ere. Hain zuzen, mahatsa biltzeko sasoia zen.

21 Joan ziren, bada, gizaseme haiek eta lurraldea ikertu zuten, Tzin basamortutik hasi eta Rehoberaino, Hamateko sarrera ondoraino. 22 Negebetik igo eta Hebronera iritsi ziren —Hebron Egiptoko Tanis baino zazpi urte lehenago eraikia zen—. Han bizi ziren Anaken ondorengo Ahiman, Xexai eta Talmai. 23 Exkol ibarrera heldurik, mahats-mordo bakarra zeukan aihen bat moztu eta haga batetik zintzilik biren artean eraman zuten. Granada eta pikuak ere hartu zituzten. 24 Ibarrari Exkol —hau da, «Mahats-mordo»— eman zioten izen, israeldarrek han moztu zuten mahats-mordoarengatik.

25 Berrogei egunez lurraldea ikertu ondoren, itzuli egin ziren 26 eta, Kadexera, Paran basamortura, iritsirik, Moises, Aaron eta israeldar elkarte osoarekin bildu ziren. Guztiaren berri eman eta lurralde hartako fruituak erakutsi zizkieten. 27 Txosten hau azaldu zioten Moisesi: «Bidali gintuzun lurraldera joan gara. Esnea eta eztia darizkion lurra da benetan: hona hemen hango fruituak! 28 Alabaina, hango jendea indartsua da, hango hiriak gotorrak eta izugarri handiak. Gainera, Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi ditugu. 29 Negebeko eskualdean amalektarrak bizi dira; mendebaldean hitiar, jebustar eta amortarrak; itsasaldean eta Jordan inguruan, berriz, kanaandarrak».

30 Kalebek, jendeak Moisesen aurka ziharduen zurrumurrua isilaraziz, esan zuen: «Ea, goazen! Igo eta jabe gaitezen lurralde hartaz, bagara horretarako gauza eta».

31 Baina harekin ikerketan joandakoek zioten: «Ez, ezin diegu eraso, gu baino indartsuagoak baitira».

32 Eta ikertutako lurraldea oso gaiztoa zela hasi ziren esaten israeldarren aurrean: «Ikertzen ibili garen lurraldeak bertako biztanleak irentsi egiten ditu, eta hango jende guztia ikaragarri handia da. 33 Erraldoiak, Anaken ondorengoak, ere ikusi ditugu. Haien aldean matxinsaltoak ematen genuen eta halaxe hartu gintuzten beraiek ere gu».

14. atala

[aldatu]

1 Orduan, israeldar elkarte osoa oihu batean hasi zen eta gau osoa negarrez eman zuen. 2 Israeldar guztiak marmarrean hasi ziren Moisesen eta Aaronen kontra, esanez: «Ai, Egipton edo basamortu honetan bertan hil izan bagina! 3 Zertan ekarri gaitu Jaunak lurralde honetara: gu gerran erortzeko eta gure emazte eta seme-alabak gatibu bihurtzeko? Ez ote genuke hobe Egiptora itzuli?» 4 Eta honela ziotsoten elkarri: «Buruzagi bat izendatu eta itzul gaitezen Egiptora». 5 Moises eta Aaron lurreraino ahozpeztu ziren israeldar elkarte osoaren aurrean. 6 Nunen seme Josuek eta Jefuneren seme Kalebek, lurraldea ikertzen ibilitako taldekoek, jantziak urratu zituzten, nahigabeturik, 7 eta esan zieten israeldar guztiei: «Ikertzen ibili garen lurraldea aparta da! 8 Jauna aldeko badugu, hara eramango gaitu eta emango digu. Esnea eta eztia darizkion lurraldea da. 9 Baina ez zaitezte Jaunaren aurka errebelatu! Ez izan lurralde hartako jendearen beldur, ogia bezala irentsiko baititugu. Urrundu egin zaie beren jainkoen geriza; guk, berriz, geurekin dugu Jauna. Ez izan beldur!»

10 Halere, israeldar elkarteak bi haiek harrikatzeko asmoak zerabiltzan; hartan, Jauna aintzaz beterik agertu zitzaien israeldar guztiei elkarketa-etxolaren gainetik.

11 Jaunak esan zion Moisesi:

—Noiz arte jarraitu behar ote du herri honek ni mesprezatzen? Noiz arte bizi behar ote du nitaz fidatzen ez dela, beronen aurrean hainbat mirari egin arren? 12 Izurriz joko ditut eta lurralde-ondarea kenduko, eta horiek baino herri handi eta ahaltsuagoa sortaraziko dut zuregandik.

13 Baina Moisesek erantzun zion Jaunari:

—Egiptoarrek badakite zeure ahalmenaz atera duzula herri hau beraien artetik, 14 eta halaxe kontatu diete Kanaan lurraldekoei. Hauek ere badakite zu gure herriaren erdian bizi zarela eta aurrez aurre ematen zatzaizkiola ikustera, zeuk babesten eta gidatzen duzula, egun-argiz laino-adarrean, gauez su-adarrean. 15 Bat-batean herri hau hilarazten baduzu, zure ospearen berri duten atzerritarrek esango dute: 16 «Jauna ez da gauza izan hitz eman zion lurraldera herri hau eramateko; horregatik sarraskitu ditu basamortuan». 17 Beraz, Jauna, erakutsi orain zeure ahalmena, honela hitz eman baitzenigun: 18 «Jauna, haserregaitza eta onginahiz betea, gaiztakeria eta errebeldia barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen duena hirugarren eta laugarren belaunaldiraino». 19 Zeure maitasun neurrigabeari dagokionez, barkatu herri honi bere gaiztakeria, Egiptotik honaino halako eramanpena agertu diozunez gero.

20 Jaunak erantzun zion:

—Bai, barkatzen diot, zuk eskatu bezala. 21 Baina, hori bai, bizi naizen honengatik eta lurra betetzen duen neure aintzarengatik, zin dagit 22- 23 ez duela arbasoei hitz emandako lurraldea ikusiko mesprezatu nauten horietako inork, Egipton eta basamortuan nire aintza eta mirariak ikusi arren, behin eta berriro ni auzitan jarri eta desobeditu egin baitidate. 24 Baina Kalebek besteek ez bezalako barrua du eta guztiz leiala izan zait; horregatik, Kaleb neure zerbitzaria bakarrik eramango dut ikertzen ibili den lurraldera, eta haren ondorengoak izango dira bertako jabe; 25 baina lautadan amalektarrak eta kanaandarrak biziko dira. Zuei dagokizuenez, bihartik bira egin eta basamorturantz joko duzue, Itsaso Gorrirantz.

26 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni: 27 «Noiz arte jardun behar du zorigaiztoko herri honek nire aurka marmarrean? Entzun dut, bai, israeldarrek nire aurka diharduten etengabeko marmarra. 28 Esaiezu, bada: Hau dio Jaunak: Ala ni Jauna! Zeuei entzunaren arabera tratatuko zaituztet. 29 Izen-bilketan hogei urtez gorako zinetenon gorpuak basamortu honetan geldituko dira luze, nire kontra marmarka jardun duzuelako. 30 Jefuneren seme Kaleb eta Nunen seme Josue salbu, ez da zuetako inor sartuko, bertan ezarriko zintuztedala aginduz hitz eman nizuen lurraldean. 31 Eramango ditut, ostera, zuen seme-alabak, gatibu eroriko zirela zeniotenak, zuek gutxietsi duzuen lurraldera, hartaz gozatzeko. 32 Zuen gorpuak, berriz, basamortu honetan geldituko dira; 33 zuen seme-alabak harat-honat ibiliko dira basamortuan berrogei urtez, zuek guztiok hil arte. Horrela, zuen desleialkeriaren ondorenak jasan beharko dituzte. 34 Lurraldea ikertzen berrogei egun eman bazenituzten, berrogei urte eman beharko dituzue zeuen erruak ordaintzen: eguneko urtea. Horrela ikasiko duzue zer dakarren niri aurka egiteak. 35 Nik, Jaun honek, zin dagit. Hala tratatuko dut nire aurka bat etorri den zorigaiztoko elkarte hau: basamortuan akituko dira eta hilko».

36 Moisesek lurraldea ikertzera bidali eta itzuleran, lurraldeaz gaizki-esaka jardunez, haren kontra elkartea berotu zutenak 37 heriotza ikaragarriz hilarazi zituen Jaunak, lurraldeari izen txarra jarri ziotelako. 38 Lurraldea ikertzera joan zirenetarik, Nunen seme Josue eta Jefuneren seme Kaleb bakarrik gelditu ziren bizirik.

39 Moisesek Jaunak erabakitakoa adierazi zienean, dolu handia egin zuten israeldarrek.

40 Biharamun goizean, israeldarrek mendialdera igo nahi zuten, esanez: «Bekatu egin dugu, bai! Baina orain prest gaude Jaunak esandako tokira joateko». 41 Moisesek esan zien: «Zertan ari zarete? Jaunaren aginduari ezentzun egiten diozue eta ez duzue arrakastarik izango. 42 Ez zaitezte joan, Jauna ez baita zuekin; etsaiek hondatu egingo zaituztete. 43 Aurrean zain dituzue amalektarrak eta kanaandarrak; haien ezpataz hilko zarete, utzi egin baituzue Jauna eta ez baitago jadanik zuekin».

44 Haiek, ordea, mendialdera igotzen lehiatu ziren. Baina ez Jaunaren itun-kutxa, ez Moises, ez ziren kanpalekutik mugitu. 45 Jaitsi ziren amalektarrak eta kanaandarrak mendialdetik eta garaitu egin zituzten eta porrokatu, Hormaraino pertsegituz.

15. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan israeldarrei: Bizilekutzat emango dizuedan lurraldera iristean, 3 erre-opariak eta sakrifizioak eskainiko dizkiozue Jaunari, nahiz botoren bat betetzeko, nahiz nork bere borondatez, nahiz festa nagusietan. Horretarako abelgorria nahiz abere xehea aukeratuko duzue, eta Jaunak atseginez onartuko du oparia. 4 Sakrifizio horiek eskaintzen dituenak litro eta erdiren bat oliotan oraturiko lau kilo ogi-irin garbi erantsiko dizkie 5 eta litro eta erdiren bat ardo isur-oparitzat arkume bakoitzeko. 6 Oparigaia aharia bada, bi litro oliotan oraturiko zortzi kilo irin eskainiko ditu labore-oparitzat 7 eta bi litro ardo isur-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko du oparia. 8 Erre-opari edo sakrifizio gisa zekorra eskaintzen bada —promesaren bat betetzeko nahiz elkartasun-oparitarako—, 9 hiru litro oliotan oraturiko hamabi kilo irin erantsiko dira, 10 eta beste hiru litro ardo isur-oparitarako. Eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

11 «Horrela egingo da zezen, ahari, arkume nahiz antxume bakoitzeko. 12 Nolanahikoa izanik ere eskainitako abere-kopurua, abere bakoitzeko dagokion labore- eta isur-oparia egingo da. 13 Arau hauek beteko dituzte israeldarrek, Jaunak atseginez onartuko dituen opariak egitean. 14 Eta gauza bera zuen artean bizi den edo etorkizunean biziko den etorkinak ere: Jaunak atseginez onartzen dituen opariak egin nahi baditu, zuek bezala egingo du. 15 Lege bat bera izango duzue, bai zuek, bai zuen elkartean parte hartzen duten etorkinek. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun Jaunaren aurrean. 16 Lege eta ohikune bat bera izango duzue, bai zuek, bai zuen artean bizi den etorkinak».

17 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 18 «Esan israeldarrei: Eraman behar zaituztedan lurraldera iritsi 19 eta hango ogia jatean, zati bat bereizi eta Jaunari eskainiko diozue. 20 Ogia erretzean, labealdi bakoitzeko opil bat eskainiko diozue hasikin gisa, uzta-sasoian lehen fruituak eskaintzen dituzuen bezala. 21 Belaunez belaun egingo diozue Jaunari labeko lehen ogien eskaintza.

22-23 «Agindu hauek guztiak, Jaunak Moisesi adieraziak eta haren bidez zuei emanak, indarrean daude aldarrikatu zirenetik eta hala egongo dira aurrerantzean ere zuen ondorengo belaunaldi guztientzat. Horiek horrela, eman dezagun, oharkabean bete gabe uzten duzuela agindu horietako bat.

24 «Oharkabean huts egin duena elkartea bada, zekor bat eskainiko du erre-oparitzat, ohiko labore-opari eta isur-opariekin batera, eta aker bat barkamen-oparitzat. Nik atseginez onartuko dut oparia. 25 Apaizak israeldar elkarte osoaren alde barkamen-ohikunea egingo du, eta barkatua izango du elkarteak bekatua; izan ere, oharkabean huts egin dute eta opariak eskaini dizkidate nire ohorez erretzeko eta beren oharkabeko erruaren barkamenerako. 26 Israeldar elkarte osoari eta haien artean bizi diren etorkinei emango diet barkamena, elkarte osoa izan baita oharkabean huts egin duena.

27 «Oharkabean huts egin duena herritar bakar bat bada, urtebeteko ahuntza eskainiko du barkamen-oparitzat. 28 Oharkabean huts egin duenaren aldeko barkamen-ohikunea egingo du apaizak, eta barkatua izango du herritarrak bekatua. 29 Lege bera izango duzue oharkabean huts egin duenarentzat, bertakoa nahiz zuen artean bizi den etorkina izan.

30 «Baina jakinaren gainean bekatu egiten duenak —bertakoa izan nahiz etorkina— iraindu egiten nau. Horrelako hori bota egingo dute herritik. 31 Nire hitza gutxietsi eta nire aginduak hautsi dituelako botako dute herritik, berea baitu errua».

32 Israeldarrak basamortuan zirela, gizon bat harrapatu zuten egur-biltzen larunbatez. 33 Harrapatu zutenek Moises, Aaron eta elkarte osoaren aurrera eraman zuten. 34 Zaintzapean utzi zuten gizona, ez baitzegoen oraindik erabakia zein zigor ezarri. 35 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Hil egin behar du gizon horrek! Kanpalekutik atera eta elkarte osoak harrikatuko du».

36 Hala, kanpalekutik atera eta harrikatu egin zuen elkarte osoak, hil arte, Jaunak Moisesi agindu bezala.

37 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 38 «Esan israeldarrei: Josi borlatxoak purpura-hariz soineko-ertzetan, bai zuek, bai zuen ondorengoek. 39 Borlatxoek nire aginduak gogoan edukitzen eta betetzen lagunduko dizuete. Horrela, ez diezue amore emango nirekin desleial izatera bultzatu ohi zaituzteten begi-bihotzen irrikei; 40 alderantziz, nire agindu guztiak gogoan eduki eta bete egingo dituzue, eta zeuen Jainko honentzat sagaratuak izango zarete. 41 Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztena. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

16. atala

[aldatu]

1 Itzharren seme Kore, Kehaten ondorengo lebitarra, eta hiru rubendar —Eliaben seme Datan eta Abiram eta Peleten seme On— 2 Moisesen aurka matxinatu ziren beste berrehun eta berrogeita hamar israeldarrekin batera. Hauek israeldar elkarteko buruzagi ziren, batzarrean kargu eta itzal handia zutenak. 3 Moisesen eta Aaronen aurka elkar harturik, esan zieten: «Aski da! Elkarteko kide guztiak daude Jaunari sagaratuak eta guztien artean dago bera. Zein eskubidez jarri nahi duzue zeuen burua Jaunaren batzarraren gainetik?»

4 Hori entzutean, lurreraino ahozpeztu zen Moises, 5 eta Kore eta beronen taldekoei esan zien: «Bihar goizean aditzera emango du Jaunak nor duen berea, nor duen sagaratua eta nori dagokion opariak eskaintzea. Jaunak aukeratua hurbilduko zaio. 6 Egizue, beraz, hau: zuk, Kore, eta zure taldekoek errauts-ontziak ekarriko dituzue, 7 bertan sua egin eta intsentsua ezarriko duzue Jaunaren aurrean. Orduan azalduko da nor aukeratu duen Jaunak eta nor duen sagaratua. Aski da, lebitarrok!»

8 Gainera, esan zion Moisesek Koreri: «Entzun, lebitarrok! 9 Gutxi al deritzozue Israelgo Jainkoak herri osoaren artetik zuek hautatuak izateari, harengana hurbildu, Jaunaren egoitzako zerbitzuaren ardura izan eta herri osoaren izenean jarduteko? 10 Zuri eta lebitar guztioi berarengana hurbiltzeko eskubidea eman dizue Jaunak, eta apaizgoa nahi duzue oraindik? 11 Zu eta zure taldekoak Jaunaren kontra elkartu zarete! Nor da Aaron, beraren kontra jarduteko?»

12 Gero, Eliaben seme Datan eta Abirami dei egin zien Moisesek, baina haiek erantzun zuten: «Ez dugu joan nahi! 13 Gutxi al deritzozu esnea eta eztia darizkion lurraldetik gu ateratzeari, basamortuan hilarazteko? Eta oraindik ere guri agindu nahian al zabiltza? 14 Inondik ere ez gaituzu eraman esnea eta eztia darizkion lurraldera, ez diguzu soro eta mahastirik eman ondaretzat. Begien aurrean duguna ez ikustea nahi al duzu? Ba, ez, ez gara joango!»

15 Haserre-sutan jarri zen Moises eta esan zion Jaunari: «Ez onartu horien opariak! Nik ez diet ezertxo ere kendu, ezta asto bat ere; ez diet inolako kalterik egin!»

16 Moisesek esan zion Koreri: «Zu eta zure taldekoak aurkez zaitezte bihar Aaronekin batera Jaunaren aurrean. 17 Zure kide guztiek, nork bere errauts-ontzia hartu eta intsentsua ezarriz, Jaunaren aurrera eramango dituzte, berrehun eta berrogeita hamar errauts-ontzi guztira; zuk eta Aaronek ere, nork bere errauts-ontzia eramango duzue».

18 Hala egin zuten Kore eta taldekideek: nork bere errauts-ontzia hartu eta, sua eta intsentsua ipinirik, elkarketa-etxolaren sarreran jarri ziren. Han ziren Moises eta Aaron ere. 19 Korek israeldar elkarte osoa bildu zuen Moises eta Aaronen aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran. Jauna aintzaz beterik agertu zitzaion elkarte osoari. 20 Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni: 21 «Alde talde horretatik, hor bertan galduko baititut!»

22 Haiek, lurreraino ahozpezturik, esan zuten: «Oi Jainko, izaki guztiei bizi-arnasa damaiezun Jainko, elkarte osoaren gain isuri behar ote duzu zeure haserrea gizon bakar baten bekatuagatik?»

23 Jaunak erantzun zion Moisesi: 24 «Esan elkarteari Kore, Datan eta Abiramen etxoletatik urruti gelditzeko».

25 Moises, Israelgo herri-arduradunak ondoren zituela, Datan eta Abiramengana joan zen. 26 Eta elkarteari esan zion: «Alde gizon gaizto horien etxola ingurutik eta ez ukitu horienik ezer, horien bekatuengatik zeuek ere gal ez zaitezten».

27 Herria urrundu egin zen Kore, Datan eta Abiramen etxola ingurutik. Datan eta Abiram beren etxolatik irten eta sarreran zeuden beren emazte eta seme-alabekin. 28 Moisesek esan zuen: «Orain izango duzue froga eta jakingo Jaunak bidali nauela egiteko hau burutzera, eta ez naizela neure kabuz ari. 29 Gizon hauek gizakiak berezko duen heriotzaz hiltzen badira, Jaunak bidali ez nauen seinalea; 30 baina Jaunak mirariren bat egiten badu, lurrak zabaldu eta daukaten guztiarekin irensten baditu, Herio Leizera bizirik jaisten badira, gizon horiek Jauna mesprezatu dutela esan nahiko du».

31 Moisesek mintzatzen amaitu orduko, oinazpian lurra zabaldu 32 eta irentsi egin zituen Koreri elkartu zitzaizkion gizonak beren familia eta ondasunekin. 33 Bizirik jaitsi ziren Herio Leizera ondasun guztiekin, eta lurra itxi egin zen berriro. Honela, Jaunak ezabatu egin zituen elkartetik. 34 Inguruan zeuden israeldar guztiek, haien garrasiak entzutean, ihesari eman zioten, lurrak irentsiko zituen beldur.

35 Jaunak sua lehertarazi zuen eta intsentsua eskaini zuten berrehun eta berrogeita hamar gizon haiek hil zituen.

17. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Esan Aaronen seme Eleazarri ateratzeko errauts-ontziak sutatik urrutira, sagaratuak baitaude, eta sakabanatzeko txingarrak. 3 Gizon horiek beren bekatuagatik bizia galdu badute ere, errauts-ontziak sagaratuak daude, nire aurrean intsentsua eskaintzeko erabili izan direlako. Egin errauts-ontzi horiekin aldarea estaltzeko xaflak; horrela, oharpide izango dira israeldarrentzat».

4 Beraz, hartu zituen Eleazar apaizak sutan hil ziren gizonek aurkeztutako brontzezko errauts-ontziak eta xaflak egin zituen aldarea estaltzeko. 5 Israeldarrentzat oroigarri zen hori, Aaronen ondorengo ez zen inor Jaunaren aurrean intsentsua erretzera hurbil ez zedin ohartarazteko; horrela, ez zitzaien gertatuko Koreri eta beronen taldekoei gertaturiko ezbeharra, Jaunak Moisesen bitartez aldez aurretik adierazitakoa.

6 Biharamunean, israeldar elkarte osoa Moises eta Aaronen aurka marmarrean hasi zen, esanez: «Jaunaren herria hiltzen ari zarete zuek».

7 Elkartea Moises eta Aaronen aurka biltzen ari zen. Hortan, elkarketa-etxolarantz begiratzean, lainoak estalia zuela ikusi zuten eta Jauna agertu zen aintzaz beterik. 8 Orduan, Moises eta Aaron elkarketa-etxolaren aurrera joan ziren, 9 eta Jaunak esan zion Moisesi: 10 «Urrundu elkarte honetatik, bat-batean birrinduko baitut».

Moises eta Aaron lurreraino ahozpeztu ziren, 11 eta Moisesek esan zion Aaroni: «Hartu zeure errauts-ontzia, ipini bertan aldareko txingarrak eta bota gainean intsentsua; zoaz arin elkartera eta egizu haien aldeko barkamen-ohikunea, Jaunaren haserrea piztu baita eta hasia da izurria».

12 Moisesek agindu bezala, Aaron errauts-ontzia hartu eta korrika joan zen bildua zegoen elkarteagana. Egiaz, ordurako hasia zen izurria herrian zabaltzen. Aaronek intsentsua ipini eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea egin zuen, 13 hilik eta oraino bizirik zeuden herritarren artean zutik. Orduan, gelditu egin zen izurria. 14 Honen ondorioz hilak 14. 70 0 ziren, Koreren matxinadakoan hildakoak kontuan hartzeke. 15 Izurria bukatzean, elkarketa-etxolara, Moisesen ondora, itzuli zen Aaron.

16 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 17 «Esan israeldarrei ekartzeko leinu bakoitzeko makila bana, hamabi makila guztira. Leinuburuek ekarriko dituzte makilak, eta zuk leinuaren izena idatziko duzu makila bakoitzean; 18 Lebirenean Aaronen izena idatziko duzu, makila bakarra behar baita leinuburu bakoitzeko. 19 Elkarketa-etxolara eraman eta itun-agiriaren aurrean ezarriko dituzu, zuei elkartzen natzaizuen tokian. 20 Nik aukeraturiko gizonaren makila ernamuindu egingo da; horrela, behin betiko urrunduko ditut israeldarrek zuen aurka egiten dituzten marmarrak».

21 Moisesek israeldarrei hau guztia esan eta leinuburu guztiek makila bana eraman zuten, hamabi makila guztira. Haien artean zegoen Aaronena ere. 22 Moisesek itun-etxolan, Jaunaren aurrean, ezarri zituen. 23 Biharamunean, joan zen Moises itun-etxolara eta Lebiren leinuari zegokion Aaronen makila ernamuindua ikusi zuen: ernamuindua eta loratua zegoen eta almendra helduak zituen. 24 Orduan, Moisesek Jaunaren aurretik makilak atera eta israeldar guztiei erakutsi zizkien; denek ikusi zituzten, eta buruzagiek nork berea hartu zuten.

25 Jaunak esan zion Moisesi: «Ipini berriro Aaronen makila itun-agiriaren aurrean eta gorde bertan herri errebelde honentzat oharpen gisa. Horrela, bukatuko dira nire aurkako hauen marmarrak, eta ez dira hilko».

26 Hala, Jaunak agindutakoa egin zuen Moisesek.

27 Israeldarrek esan zioten Moisesi: «Hara, galduak gara, guztiok galduak! Hil egin behar dugu! 28 Jaunaren egoitzara hurbiltzen den oro hil egiten da. Beraz, guzti-guztiok hil behar dugu!»

18. atala

[aldatu]

1 Jaunak esan zion Aaroni: «Zu, zure semeak eta leinuko beste kideak izango zarete santutegiaren aurkako hutsegiteen erantzule; zeuen apaiz-jardunean egindako hutsegiteenak, berriz, zu eta zure semeak bakarrik. 2 Zeure aitaren leinuko senide lebitarrei ere utziko diezu santutegira hurbiltzen eta ondoan izango dituzu laguntzaile, zuk eta zure semeek itun-etxolaren aurrean jardungo duzuenean. 3 Zure eta itun-etxolaren zerbitzura egongo dira; baina ez dira gauza sakratuetara, ez aldarera, hurbilduko, haiek eta zuek hil ez zaitezten. 4 Elkarketa-etxolako zerbitzuan eta hango zereginetan egingo dizute lagun; ez zaizue lebitar ez den inor elkartuko. 5 Zuek beteko duzue santutegiko eta aldareko zerbitzu sakratua; honela, ez da nire haserrea israeldarren aurka piztuko. 6 Nik bereizi ditut zure senide lebitarrak israeldarren artetik, eta niri, Jaun honi, oso-osorik emanak daude, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko. 7 Baina zuk eta zure semeek bakarrik beteko dituzue aldarean nahiz kortinaz barrualdera bete beharreko apaiz-jardukizunak. Eginkizun hori zuei dagokizue, zuei eman baitizuet apaiz-kargua. Apaiz ez den norbaitek apaizgintzan badihardu, heriotzara emango dute».

8 Jaunak esan zion Aaroni: «Zure esku uzten ditut israeldarrek zor dizkidaten eskaintza sakratu guztiak: zuri eta zure ondorengoei dagokizuen zati dira. Betiko lege izango duzue hau. 9 Opari guztiz sakratuetatik, hau da, israeldarrek eskainiko dizkidaten labore-opari, barkamen- eta ordain-oparietatik nire ohorez erretzen ez dena zuretzat eta zure ondorengoentzat izango da. 10 Gizonezkoek bakarrik jan dezakete opari horietatik, eta toki sakratuan jango dute, guztiz sakratuak baitira. 11 Gainera, erritozko aurkezpen-keinua eginez eskaintzen dizkidazun beste oparigaien zati bat ematen dizuet, zuri eta zure ondorengoei, gizonezko nahiz emakumezko: garbi dagoen edonork jan dezake horietatik. Betiko lege izango duzue hau. 12 Zuri ematen dizkizut israeldarrek ekartzen dizkidaten lehen fruituak ere: olio eta ardo berrien eta gariaren zatirik hoberenak. 13 Halaber, ekartzen dizkidaten uzta guztien lehen emaitzak zureak izango dira. Zure senitartetik garbi dagoen edonork jan dezake horietatik. 14 Israeldarrek erabat eta betiko sagaraturiko guztia ere zuretzat izango da.

15 «Azkenik, zuretzat izango dira niri eskainiriko israeldarren lehen-seme nahiz lehen abere-kume guztiak ere. Baina giza lehen-semeak eta abere kutsatuen lehen-umeak berreskuratu egingo dituzte. 16 Jaio eta hilabetera ordainduko dute israeldarrek berreskuratzeko jarein-saria: zilarrezko bost txanponeko ordaina ezarriko duzu, santutegiko pisu-neurriaren arabera, oin-txanpona hamar gramokoa delarik. 17 Baina ez dute berreskuratuko behi, ardi nahiz ahuntzen lehen-umerik: niretzat sagaratuak dira. Hil egingo dituzu, odola aldare gainean isuri eta gantza nire ohorez erre. Nik atseginez onartuko dut oparia. 18 Haragia zuretzat izango da, niri aurkezturiko bularra eta eskuineko izterra zuretzat diren bezala. 19 Israeldarrek opari sakratutzat niretzat bereizitako guztia, zuri eta zure ondorengoei, gizonezko nahiz emakumezkoei, ematen dizuet. Betiko lege izango duzue hau. Inola ere aldaezineko konpromezua da, nik, Jaunak, zurekin eta zure ondorengoekin hartzen dudana».

20 Jaunak esan zion Aaroni: «Ez duzu lur-sailik izango zeure ondaretzat israeldarrei emango diedan lurraldean. Neu izango nauzu ondare eta mantenu beste israeldarren artean. 21 Israeldarren lurreko fruituen hamarrenak ematen dizkiet lebitarrei ondaretzat, elkarketa-etxolan betetzen duten zerbitzuaren ordain. 22 Gainerako israeldarrak ez dira elkarketa-etxolara hurbilduko, heriotza-zigorra lekarkiekeen bekatua egingo bailukete. 23 Lebitarrak arduratuko dira elkarketa-etxolako zerbitzuaz, eta beren hutsegiteen erantzule izanen dira. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun. Lebitarrek, beraz, ez dute Israelen lur-sailik izango ondare. 24 Israeldarrek niretzat bereizten dituzten lurreko emaitzen hamarrenak ematen dizkiet ondaretzat. Horregatik esan diet ez dutela lur-sailik izango ondare gainerako israeldarren artean».

25 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 26 «Esan lebitarrei: Israeldarren lurreko fruituetarik nik ondaretzat emandako hamarrenak jasotzean, hamarrenen hamarrena bereizi eta niri, Jaunari, eskainiko didazue. 27 Hori izango duzue zeuen eskaintza Jaunarentzat, beste israeldarrek beren garitik nahiz olio eta ardo berritik egin ohi dutenaren parekoa. 28 Beraz, israeldarrengandik jasoriko hamarrenetik bereiziko duzue zeuen eskaintza Jaunarentzat, eta Aaron apaizari emango diozue. 29 Israeldarrek emandako guztitik zati bat bereiziko duzue Jaunari zeuen eskaintza egiteko: zatirik hoberena bereiziko duzue Jaunari eskaintzeko.

30 «Esan beste hau ere: Niretzat zatirik hoberena bereizi ondoren, hartu gainerakoa zeuentzat, beste israeldarrek garia eta olio-ardoak berentzat hartzen dituzten bezala. 31 Nonahi jan dezakezue zeuek eta zuen etxekoek. Hori da zuen ordaina elkarketa-etxolako zerbitzuagatik. 32 Niretzat zatirik hoberena bereiziz gero, ez zarete errudun bihurtuko, ez dituzue israeldarren opari sakratuak profanatuko, eta ez zarete hilko».

19. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni: 2 «Hona hemen nik, Jaunak, agindua: Esan israeldarrei hartzeko behi gorri bat, akasgabea eta uztarrian lotu gabea, 3 eta ekartzeko Eleazar apaizari. Honek kanpalekutik atera eta bere aurrean hilaraziko du. 4 Eleazar apaizak odoletik pixka bat hartu eta behatzez zazpi bider zirtatuko du elkarketa-etxolaren aurrealderantz. 5 Gero, behia erabat erreko dute apaizaren aurrean: larru, haragi, odol eta heste. 6 Berehala, apaizak zedro-zura, ixipua eta purpura gorrimina hartu eta behia erretzen deneko sutara botako ditu. 7 Ondoren, arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta sar daiteke berriro kanpalekura; baina kutsaturik geldituko da arratsera arte. 8 Behia erre duena ere arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta kutsaturik geldituko arratsera arte. 9 Garbi dagoen beste norbaitek behiaren errautsak bildu eta, kanpalekutik aterata, leku garbi batean ezarriko ditu. Errauts hori erabiliko du israeldar elkarteak garbikuntzako ura prestatzeko. Ur horrekin eginiko garbikuntza-ohikuneak barkamen-opariaren balioa du. 10 Behiaren errautsak bildu dituenak arropak garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsera arte. Betiko lege izango da hau, bai israeldarrentzat, bai haien artean bizi den etorkinarentzat.

11 «Giza gorpuren bat ukitzen duena kutsaturik geldituko da zazpi egunez. 12 Hirugarren eta zazpigarren egunean garbikuntzako urez garbituko da, eta berriro garbi geldituko; baina hirugarren eta zazpigarren egunean garbitzen ez bada, ez da garbi geldituko. 13 Giza gorpuren bat ukitu eta garbikuntzarik egiten ez duenak Jaunaren egoitza profanatzen du; beraz, bota egingo dute Israel herritik. Garbikuntzako urez zipriztindua izan ez denez, kutsaturik jarraitzen du.

14 «Hona norbait oihal-etxolan hiltzen denerako legea: barruan dauden eta hara sartzen diren guztiak kutsaturik geldituko dira zazpi egunez. 15 Irekita edo behar bezala estali gabe dauden ontzi guztiak ere kutsaturik geldituko dira.

16 «Landan dabilela, hila izan den nahiz berez hildako norbaiten gorpua edota giza hezurrak nahiz hilobia ukitzen dituena kutsaturik geldituko da zazpi egunez.

17 «Halako kutsadura gertatzean, barkamen-oparitzat eskainitako behiaren errautsetik pixka bat ontzi batean ipiniko dute eta iturburuko ura isuriko gainetik. 18 Ondoren, garbi dagoen norbaitek ixipua hartu, uretan busti eta hartaz zipriztinduko ditu oihal-etxola, ontzi guztiak eta barruko lagunak; gauza bera egingo dio giza hezurrak edo hila izan denaren nahiz berez hildakoaren gorpua edota hilobia ukitu duenari ere. 19 Hirugarren eta zazpigarren egunean zipriztinduko du. Ondoren, kutsaturik zegoena arropak garbitu eta uretan bainatuko da, eta zazpigarren egunean, arratsaldean, garbi geldituko. 20 Kutsaturik egon eta garbikuntza egiten ez duena bota egingo dute elkartetik, Jaunaren santutegia profanatu baitu. Garbikuntzako urez zipriztindua izan ez denez, kutsaturik jarraitzen du.

21 «Betiko lege izango duzue hori. Garbikuntzako urez zipriztintzen duenak garbitu egingo du arropa. Garbikuntzako ura ukitzen duenari dagokionez, kutsaturik geldituko da arratsera arte. 22 Kutsaturiko gizonak ukitzen duen guztia kutsaturik geldituko da; kutsaturik dagoena ukitzen duena ere kutsaturik geldituko da arratsera arte».

20. atala

[aldatu]

1 Urtearen lehen hilean israeldar elkartea Tzin basamortura iritsi eta Kadexen gelditu zen aldi baterako. Han hil zen Miriam eta bertan ehortzi zuten.

2 Ez zen han herriarentzat urik, eta Moisesen eta Aaronen aurka bildu ziren israeldarrak. 3 Aurpegi eman zioten Moisesi, esanez: «Ai gu ere hil bagina Jaunak hilarazi zituen senideekin batera! 4 Zergatik ekarri duzue Jaunaren elkartea basamortu honetara? Geu eta gure abereak hil nahi ote gaituzue? 5 Zertarako atera gintuzuen Egiptotik, zergatik ekarri bazter negargarri honetara? Hemen ezin da ezer erein, ezta pikondorik, mahatsondorik nahiz granadondorik landatu ere; ez dago edateko urik ere!»

6 Herri-batzarra utzirik, elkarketa-etxolako sarrerara joan eta lurreraino ahozpeztu ziren Moises eta Aaron. Orduan, Jauna agertu zitzaien aintzaz beterik, 7 eta esan zion Jaunak Moisesi: 8 «Hartu makila eta, zeure anaia Aaron lagun duzula, bildu israeldarren elkartea; gero, guztien aurrean, agindu harkaitzari, eta honek ura emango du. Harkaitzetik ura sortaraziko duzu, eta elkarteari eta abereei emango diezu edaten». 9 Jaunak agindu bezala, hartu zuen Moisesek elkarketa-etxolan, Jaunaren aurrean, zegoen makila. 10 Gero, Moisesek eta Aaronek elkartea bildu zuten harkaitzaren aurrean, eta Moisesek esan zien: «Entzun, errebeldeok: harkaitz honetatik ura sortarazteko gauza ote gara?»

11 Hori esanik, besoa jaso eta bi aldiz jo zuen makilaz harkaitza. Ur-mordoa atera zen, eta jendeak eta abereek edan zuten. 12 Jaunak, ordea, esan zien Moisesi eta Aaroni: «Ez zarete nitaz fidatu, nire santutasuna israeldarren aurrean argi azal zedin; beraz, ez duzue herri hau gidatuko emango diodan lurralderaino».

13 Gertakari hau dela eta, iturri hark «Meribako Urak» du izen, —hau da, «Auzi Urak»—, han eman baitzioten aurpegi israeldarrek Jaunari, eta honek bere santutasuna bertan agertu.

14 Kadextik mezulariak bidali zizkion Moisesek Edomgo erregeari mezu honekin: «Hau diotsute zeure anaia israeldarrek: Ongi dakizu zer-nolako nekeak jasan behar izan ditugun. 15 Gure arbasoak Egiptora jaitsi ziren eta gure herria luzaro bizi izan zen bertan; baina gero, egiptoarrek tratu txarra eman ziguten, bai geuri, bai arbasoei. 16 Orduan, oihu egin genion Jaunari laguntza eske eta hark entzun egin zituen gure garrasiak: aingerua bidali eta atera egin gintuen Egiptotik. Orain hemen gara, Kadexen, zure lurraldearen mugako hirian. 17 Utz iezaguzu zeure lurraldetik igarotzen. Ez gara igaroko ez soroetatik, ez mahastietatik, eta ez dugu edango zure putzuetako urik. Errepidetik joango gara, apurtxo bat ere saihestu gabe, zure lurraldea zeharkatu arte».

18 Baina Edomgo erregeak erantzun zien:
—Ez duzue nire lurraldea zapalduko; bestela, bidera aterako natzaizue borrokara.

19 Israeldarrek esan zioten:
—Bide nagusitik joango gara. Baldin guk eta abereek zure putzuetako urik edango bagenu, ordaindu egingo genizuke. Zure lurraldetik oinez igarotzen uzteko besterik ez dizugu eskatzen.

20 Edomgo erregeak, berriz:
—Ez zarete igaroko!
Eta bidera atera zitzaien gudaroste handi eta biziki indartsuarekin.
21 Honela, galarazi egin zion Edom herriak Israeli bere lurraldetik igarotzea, eta israeldarrak urrundu egin ziren, zeharbidea hartuz.

22 Kadextik abiatu eta Hor mendira iritsi zen israeldar elkartea. 23 Han, Edom lurraldearen mugan, Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni: 24 «Aaron hil egingo da, ezin baita sartu israeldarrei emango diedan lurraldean, muzin egin baitzenieten nire aginduei Meribako iturriaren ondoan. 25 Zuk, Moises, eramatzazu Aaron eta beronen seme Eleazar Hor mendiaren gailurrera. 26 Han apaiz-arropak erantziko dizkiozu Aaroni, eta beronen seme Eleazarri jantziko, bertan hilko baita Aaron».

27 Jaunak agindu bezala egin zuen Moisesek, eta israeldar guztien begi-bistan Hor mendira igo ziren. 28 Han, apaiz-arropak erantzi zizkion Moisesek Aaroni eta Eleazarri jantzi. Han bertan, mendi-gailurrean, hil zen Aaron. Ondoren, Moises eta Eleazar menditik jaitsi ziren. 29 Ohartu ziren israeldarrak Aaron hila zela, eta dolu egin zuten harengatik hogeita hamar egunez.

21. atala

[aldatu]

1 Negeben bizi zen Aradeko errege kanaandarrak, israeldarrak Atarim bidetik zetozela jakin zuenean, eraso eta zenbait israeldar preso hartu zuen. 2 Orduan, israeldarrek promes hau egin zioten Jaunari: «Herri hori eskura ematen badiguzu, horien hiriak erabat suntsituko ditugu».

3 Entzun zuen Jaunak israeldarren deia eta eskura eman zizkien kanaandar haiek. Israeldarrek erabat suntsitu zituzten hiriak eta bizilagunak. Horregatik, leku hari Horma, hau da —«Erabateko Suntsipena»—, ezarri zioten izen.

4 Hor menditik, Itsaso Gorrirako bidea hartu zuten israeldarrek, Edom lurraldea inguratzeko asmoz. Bidean, ordea, adorea galdu 5 eta gaizki-esaka hasi ziren Jainkoaren eta Moisesen aurka: «Zertarako atera gintuzuen Egiptotik? Basamortuan hilarazteko? Ez dugu urik, ez jakirik, eta mana delako janari kaskar honetaz asper-asper eginak gaude!»

6 Jaunak suge pozoitsuak bidali zizkien eta haien miztoaz israeldar asko hil zen. 7 Orduan, Moisesengana joan eta esan zioten: «Bekatu egin dugu Jaunaren eta zure aurka gaizki-esaka jardunez. Erregutu Jaunari sugeak guregandik urruntzeko».
Moisesek herriaren alde erregutu zion Jaunari.
8 Honek esan zion: «Egizu brontzezko suge bat eta ezarri haga baten muturrean. Sugeren batek zizta eginiko edonor, brontzezkoari begiratzean, sendatu egingo da».

{{bertset|21|9| Egin zuen Moisesek brontzezko sugea eta hagaren muturrean ezarri. Eta sugeren batek norbaiti zizta egiten bazion, brontzezkoari begiratzean, sendatu egiten zen.

10 Abiatu ziren israeldarrak, eta Oboten etxolatu ziren hurrengo. 11 Gero, Obot utzi eta Iie-Abarimen etxolatu ziren, Moab lurraldetik ekialdera dagoen basamortuan. 12 Handik aurrera egin, eta Zered erreka ondoan etxolatu ziren. 13 Handik ere abiatu, eta Arnon errekaz bestaldean etxolatu ziren; Arnon errekak, amortarren lurraldean sortu ondoren, basamortua zeharkatzen du eta moabdarren eta amortarren lurraldeen muga markatzen. 14 Horretaz ari da «Jaunaren Guduak» liburua, dioenean:


«Sufa-ko Baheb
eta beronen ibai-adarrak;
Arnon,
15 bere ibai-adarrekin,
Ar ibarrera jaitsi
eta Moabeko muga ondotik
igarotzen dena».

16 Hurrengo, Arnon errekatik, Beer —hau da, «Putzu»— izeneko tokira iritsi ziren. Toki honetan esan zion Jaunak Moisesi: «Bildu herria eta ura emango diot». 17 Orduan abestu zuten kanta hau israeldarrek:
«Sor bedi ura putzutik!
Egin diezaiogun kantu!
18 Buruzagiek irekitako putzua,
herriko handikiek zulatua
beren aginte-makilaz!»
Ondoren, basamortutik Matanaraino joan ziren israeldarrak,
19 eta hurrengo ibilaldietan, Matanatik Nahalielera, Nahalieletik Bamotera, 20 eta Bamotetik Moabeko landan hedatzen den ibarrera, basamortuaren gain dagoen Pisga tontorrera.

21 Israeldarrek mezulariak bidali zizkioten amortarren errege Sihoni mezu honekin: 22 «Utz iezaguzu zeure lurraldetik igarotzen. Ez gara igaroko ez soroetatik, ez mahastietatik, eta ez dugu edango zure putzuetako urik. Errepidetik joango gara zure lurraldea zeharkatu arte». 23 Baina Sihonek ez zion Israel herriari lurraldea zeharkatzen utzi; aitzitik, bere herria bildu eta bidera atera zitzaion basamortuan eta, Jahtzara etorririk, eraso egin zion. 24 Baina israeldarrek garaitu egin zuten eta haren lurraldeaz jabetu, Arnon errekatik Jabok errekaraino, hau da, amondarren lurralderaino, hauek gotortua baitzuten muga. 25 Israeldarrak, beraz, amortarren hiriak —Hexbon eta honen menpeko hiriak, alegia— berenganatu eta haietan jarri ziren bizitzen. 26 Hexbon zen amortarren errege Sihonen hiriburua; honek, Moabeko lehengo erregeari eraso eta lurraldea kendua zion Arnon errekaraino. 27 Horregatik diote koplariek:
«Zatozte Hexbonera!
Berreraiki eta gotortu
Sihon erregearen hiria!
28 Hexbonen sua sortu,
Sihonen hiriburutik sutea
zabaldu
eta Moabeko Ar hiria
eta Arnon inguruko gailurrak
suntsitu ditu.
29 Zoritxarrekoa zu, Moab!
Galdua zara,
Kemox jainkoaren herri hori!
Bizirik geldituriko zure seme-alabak
gatibu eraman ditu
Sihon errege amortarrak.
30 Baina guk geziz jo ditugu
amortarrak:
dena da galdua
Hexbondik Diboneraino.
Hondatu egin dugu herrialdea
Nofaheraino,
hondatu Medabarainoko guztia».

31 Honela, amortarren lurraldean kokatu zen Israel. 32 Moisesek zenbait gizon bidali zituen Jazer hiria ikertzera, eta israeldarrek Jazer eta inguruko hiriak eskuratu zituzten, beraietako amortarrak jaurtikiz. 33 Gero, Baxan alderantz jo zuten, baina Og, hango erregea, bere gudarostearekin erasotzera atera zitzaien bidera, Edrei hiri inguruan. 34 Baina Jaunak esan zion Moisesi: «Ez izan beldur, zure esku jarriko baitut bai bera, bai beraren gudaroste osoa, baita lurraldea ere; Hexbonen bizi zen amortarren errege Sihoni egindakoa bera egingo diozu hari ere».

35 Honela, israeldarrek garaitu eta hil egin zituzten Og erregea, beronen seme-alabak eta gudaroste osoa, inortxo ere bizirik utzi gabe, eta lurraldeaz jabetu ziren.

22. atala

[aldatu]

1 Israeldarrak berriro abiatu eta Moabeko lautadan ezarri zuten kanpalekua, Jordanez ekialdera, Jerikoren parean.

2- 4 Garai hartan, Moabeko erregea Tziporren seme Balak zen. Jakin zuen erregeak israeldarrek amortarrei egindakoa, eta moabdarrak beldurrak hartu zituen Israel herria hain ugaria zela ikusirik. Israeldarren aurrean izututa, moabdarrek Madiango herri-arduradunei esan zieten: «Idiak zelaiko belarra bezala garbituko ditu jendalde horrek gure inguru guztiak».

5 Moabeko erregeak mezulariak bidali zizkion Beorren seme Balaami Eufrates ondoko Petor hirira, amautarren lurraldera, mandatu hau emateko: «Herri bat atera da Egiptotik eta lurralde osoa estali du; orain gure aurrean kokatua dago. 6 Zatoz lehenbailehen, eta madarika ezazu herri hori, nirea baino indartsuagoa baita. Beharbada, menderatu ahal izango dut eta lurraldetik bota. Izan ere, badakit jakin, zuk bedeinkatua bedeinkaturik gelditzen dela eta zuk madarikatua madarikaturik».

7 Moab eta Madiango herri-arduradunak, madarikazio-zina ordaintzeko dirua harturik, Balaamengana joan ziren eta Balaken mezua adierazi zioten. 8 Balaamek esan zien: «Igaro hemen gaua eta emanen dizuet erantzuna Jaunak esango didanaren arabera».
Horrela, Moabeko buruzagiak Balaamekin gelditu ziren.

9 Agertu zitzaion Jainkoa Balaami eta galdegin zion:
—Nortzuk dira zeurekin dituzun gizon horiek?

10 Balaamek erantzun:
—Tziporren seme Balakek, Moabeko erregeak, bidali dizkit mezu honekin:
11 Egiptotik atera den herriak lurralde osoa estali du. Zatoz berehala herri hori madarikatzera; beharbada, borrokatu ahal izango dut eta bota.

12 Jainkoak esan zion Balaami:
—Ez joan horiekin! Ez duzu herri hori madarikatuko, nik bedeinkatua baitut.

13 Biharamun goizean, Balaken buruzagiei esan zien: «Itzuli zeuen lurraldera, Jaunak ez baitit uzten zuekin joaten».

14 Moabeko buruzagiek, Balakengana itzuli eta esan zioten: «Balaamek ez du etorri nahi izan gurekin».

15 Baina Balakek beste buruzagi batzuk bidali zituen, aurrekoak baino ugariago eta ospetsuagoak. 16 Balaamengana iritsirik, esan zioten:
—Honela dio Tziporren seme Balakek: Mesedez, ez muzin egin niregana etortzeari.
17 Ohorez beteko zaitut eta zuk eskatu guztia egingo; zatoz, arren, eta madarika ezazu herri hori.

18 Baina Balaamek erantzun zien Balaken zerbitzariei:
—Nahiz eta Balakek jauregia bete urre eta zilar eman, ezin dut ezertxo ere egin, ez handi ez txiki, Jaunaren, nire Jainkoaren, aginduaren kontra.
19 Dena den, igaro gaua hemen zuek ere, Jaunak oraingoan esango didana jakin arte.

20 Gauean, Jainkoa Balaami agertu eta esan zion: «Gizon horiek zure bila etorri badira, zoaz beraiekin; baina nik esango dizudana bakarrik egingo duzu».

21 Hurrengo goizean, astemea txalmatu eta Moabeko buruzagiekin joan zen Balaam.

22 Abiatu zenean, biziki haserretu zen Jainkoa. Balaam asteme gainean zihoan, bi zerbitzari lagun zituela, eta Jaunaren aingerua jarri zitzaion aurrean bidea oztopatzen. 23 Astemea, Jaunaren aingerua ezpata eskuan bide erdian ikustean, bidetik saihestu eta landan zehar joan zen. Balaamek jo egin zuen, berriro bidera eramateko.

24 Gero, mahasti artean, albotara bi harresi zituen bide estu batean gelditu zen Jaunaren aingerua. 25 Astemea, hura ikustean, harresira arrimatu zen, Balaamen berna harresiaren kontra zanpatuz. Balaamek jo egin zuen berriro.

26 Jaunaren aingerua aurreratu eta inori eskuin-ezkerrera egiten ez uzteko moduko estugune batean gelditu zen. 27 Hura ikustean, etzan egin zen astemea Balaamen azpian. Haserretu eta makilaz jo zuen Balaamek. 28 Orduan, Jaunak hitz egiteko dohaina eman astemeari, eta honek esan zion Balaami:
—Zer egin dizut nik, hiru bider horrela jotzeko?

29 Balaamek erantzun:
—Niri burla egiten ari haiz! Labanarik banu, hementxe hilko hinduket.

30 Astemeak esan zion:
—Ez al nauzu, bada, zeure astemea, betidanik gainean eraman zaituena? Eta inoiz portatu al naiz honela zurekin?
—Ez! —erantzun zion Balaamek.

31 Orduan, ezpata eskuan bide erdian zegoen aingerua eman zion ikustera Jaunak Balaami. Lurreraino ahozpeztu zen Balaam, 32 eta Jaunaren aingeruak esan zion:
—Zergatik jo duzu hiru bider astemea? Neu atera natzaizu bidea oztopatzera, okerreko bidetik baitzoaz.
33 Astemeak ikusi eta hiru bider saihestu nau. Bestela, hila zintudan dagoeneko, bera bizirik utziko nuelarik.

34 Balaamek erantzun zion Jaunaren aingeruari:
—Oker jokatu dut! Ez nekien bidea oztopatzen zidana zeu zinenik. Baina nire bidaia atsegin ez bazaizu, itzuli egingo naiz.

35 Jaunaren aingeruak erantzun:
—Zoaz gizon horiekin, baina nik adierazitakoa bakarrik esango duzu.
Horrela, Balaken buruzagiekin joan zen Balaam.

36 Balaam zetorrela jakitean, bidera irten zitzaion Balak, Edom lurraldeko muga-ertzean, Arnon erreka ondoan, zegoen Ar hirira, 37 eta esan zion:
—Behin eta berriro bidali dizkizut mezulariak deitzera; nola ez zara lehenago etorri? Zu ohorez betetzeko gauza ez naizela uste al duzu?

38 Balaamek erantzun zion:
—Orain hemen nauzu! Baina, zer esan dezaket? Jainkoak ahoan jarriko dizkidan hitzak bakarrik esan ditzaket.

39 Gero, Balaam Kiriat-Hutzotera joan zen Balakekin. 40 Han behiak eta ardiak hil zituen Balakek, eta Balaami eta lagun zituen buruzagiei eraman zien haragia.

41 Biharamun goizean, Baal izeneko mendira igo zen Balak erregea Balaamekin. Handik israeldar kanpalekuaren ertz bat ikus zitekeen.

23. atala

[aldatu]

1 Balaamek esan zion Balaki: «Eraiki hemen zazpi aldare eta prestatu zazpi zekor eta zazpi ahari».

2 Hala egin zuen Balakek, eta bien artean zekor eta ahari bana eskaini zituzten aldare bakoitzean.

3 Gero, Balaamek esan zion Balaki: «Zaude erre-oparien ondoan, ni hemendik aldentzen naizen bitartean. Beharbada, bidera irtengo zait Jauna, eta adieraziko didan guztia esango dizut».
Balaam muino soil batera urrundu zen.
4 Han Jainkoa azaldu zitzaion, eta Balaamek esan zion: «Zazpi aldare prestatu ditut eta bakoitzean zekor eta ahari bana eskaini».

5 Orduan, adierazi behar zituen hitzak jarri zizkion Jaunak ahoan Balaami eta Balakengana itzultzeko agindu.

6 Itzuli zen Balaam Balakengana eta erre-oparien ondoan aurkitu zuen moabdar buruzagi guztiekin. 7 Orduan, bertso hauek abestu zituen Balaamek:
«Mesopotamiatik etorrarazi nau
Balakek,
ekialdeko mendietatik
Moabeko erregeak:
"Zatoz, madarika ezazu Israel,
gaitzetsi Jakoben herria!"
8 Baina nola madarikatu
Jainkoak madarikatu ez duena?
Nola gaitzetsi
Jaunak gaitzetsi ez duena?
9 Harkaitz garai hauetatik ikusten dut,
muino gainetik begi-bistan dut:
horra hor, aparte bizi den herria,
besteekin nahastu gabea!
10 Hautsa bezainbat dira,
nork zenbatu
Jakoben ondorengoak?
Nork jakin
israeldar multzoaren kopurua?
Gizon zintzo horien heriotza,
horiena bezalako azkena,
opa diot neure buruari».

11 Orduan, Balakek esan zion Balaami:
—Baina, zer egin didazu? Etsaiak madarikatzeko ekarri, eta zuk bedeinkazioz bete?

12 Balaamek erantzun:
—Jaunak adierazitakoa behar dut esan.

13 Balakek, orduan:
—Zatoz nirekin beste leku batera, handik herri osoa ikusiko baituzu. Izan ere, hemendik ez dezakezu israeldar kanpalekuaren ertz bat besterik ikus. Handik madarikatuko duzu.

14 Pisga mendi-gailurreko begiraleku batera eraman zuen. Han ere zazpi aldare eraiki eta bakoitzean zekor eta ahari bana eskaini zituen.

15 Balaamek esan zion Balaki: «Zaude hor erre-oparien ondoan, ni Jaunarekin egotera noan bitartean».

16 Jaunak, bidera irtenik, esan behar zituen hitzak adierazi zizkion Balaami eta Balakengana itzultzeko agindu.

17 Itzuli zen Balakengana eta erre-oparien ondoan aurkitu zuen moabdar buruzagiekin. Balakek galdegin zion:
—Zer dio Jaunak?

18 Orduan, Balaamek bertso hauek abestu zituen:
«Entzun arretaz, Balak,
Tziporren seme hori!
19 Jainkoa ez da gizakia
gezurretan jarduteko,
ez da erabakiaz damutzen
gizasemeak bezala.
Mintzatzen ote da
eta esana egiten ez?
Hitza ematen ote,
eta bete gabe uzten?
20 Bedeinkatzeko agindua dut,
Jaunak bedeinkatu egin baitu.
Nik ezin atzera egin!
21 Ez du okerrik aurkitu Israelen,
gaiztakeriarik ez Jakoben herrian.
Jauna, bere Jainkoa, berekin du,
errege bezala
goraipatzen du herriak.
22 Jainkoak atera zuen Egiptotik,
bufaloarena bezalako
indar izugarriz.
23 Ez da aztikeriazko igarpenik,
ez eta madarikazio-hitzik,
Israelen kontra balio duenik.
Bere garaian jakin ohi du
Jakoben herriak
Jaunak beraren alde egina.
24 Lehoia bezala altxatu da herria,
ez du berriro atseden hartuko,
harrapakina irentsi
eta biktimen odola zurrupatu arte».

25 Orduan, Balakek esan zion Balaami:
—Madarikatuko ez baduzu ere, ez bedeinkatu behintzat!

26 Balaamek erantzun zion:
—Ez al dizut esan, Jaunak adierazitako guztia eginen dudala?

27 Balakek esan zion Balaami: «Zatoz, beste leku batera eraman behar zaitut. Agian, Jainkoak ez du eragozpenik izango handik Israel madarika dezazun».

28 Basamortuaren gain zegoen Peor mendi-gailurrera eraman zuen. 29 Balaamek esan zion: «Eraiki hemen ere zazpi aldare eta prestatu zazpi zekor eta zazpi ahari».

30 Hala egin zuen Balakek, eta zekor eta ahari bana eskaini zituen aldare bakoitzean.

24. atala

[aldatu]

1 Jaunari Israel bedeinkatzea atsegin zitzaiola ikusirik, Balaam ez zen joan bestetan bezala igarpen bila, baizik eta basamortura begira jarri zen. 2 Israel leinuka etxolaturik ikustean, Jainkoaren izpirituak hartu zuen, 3 eta bertso hauek abestu zituen:
«Hona hemen
Beor-en seme Balaamen,
begirada argiko gizonaren, mezua;
4 hona hemen estasian,
begiak zabal-zabal,
Jainkoaren hitza entzun
eta Ahaltsuaren agerpenak
dituenaren mezua.
5 Bai ederrak zure etxolak, Israel,
bai ederrak zure egoitzak,
Jakoben herri!
6 Ibar luze-zabalak dirudite,
ibai ondoko baratzeak,
Jaunak ur-ertzean landaturiko
aloe edo zedro arbolen
antzeko dira.
7 Ura gainezka haien suiletan,
soroak urez oparo.
Israelgo erregea
Agag erregea baino ahaltsuago,
haren erregetza gero eta garaiago!
8 Jainkoak atera zuen Egiptotik,
bufaloarena bezalako
indar izugarriz.
Herri etsaiak irentsiko ditu,
haien hezurrak puskatuko,
gorputzak geziz zeharkatuko.
9 Lehoia bezala makurtu
eta etzaten da:
nork egin aurre hari?
Bedeinkatua
bedeinkatzen zaituena,
madarikatua
madarikatzen zaituena!»

10 Biziki haserretu zen Balak Balaamekin eta, ukabilez mehatxatuz, esan zion:
—Etsaiak madarikatzeko deitu, eta hiru bider bedeinkatu dituzu!
11 Alde hemendik zeurera! Ohorez beteko zintudala hitz eman nizun, baina Jaunak hura gabe utzi zaitu.

12 Balaamek erantzun zion:
—Argi eta garbi esan nien zure mezulariei:
13 «Nahiz eta Balakek jauregia bete zilar eta urre eman, ezin dut neure kabuz ezertxo ere egin, ez onik, ez txarrik, Jaunaren aginduaren kontra». 14 Neure aberrira itzuliko naiz, bai; baina hori baino lehen, herri horrek etorkizunean zuen herriari egingo diona azalduko dizut.
15 Orduan, bertso hauek abestu zituen:
«Hona hemen
Beor-en seme Balaamen,
begirada argiko gizonaren,
mezua;
16 hona hemen estasian,
begiak zabal-zabal,
Jainkoaren hitza entzun,
Goi-goikoaren egitasmoa ezagutu
eta Ahaltsuaren agerpenak
dituenaren mezua.
17 Ikusten ari naiz,
baina ez da orain gertatuko;
begi aurrean dut,
baina ez da berehala beteko:
Jakoben herritik izarra sortzen da,
Israeldik errege-makila ateratzen;
Moaben bekokia zanpatzen du,
Seten ondorengoen
buru-hezurra xehatzen.
18 Edom konkistatuko du,
beronen Seir lurraldeaz jabetuko:
Israelek garaipena lortuko du.
19 Jakoben herritik sortzen da
menperatzailea: etsaien hirietan
bizirik geldituak garbitzen ditu».

20 Gero, Balaamek Amalek ikusi eta bertso hauek abestu zituen:
«Herrietan lehena, Amalek!
Haren etorkizuna, ordea,
hondamendi!»

21 Kendarrak ere ikusi eta bertso hauek abestu zituen:
«Zuen egoitza sendoa,
zuen habia harkaitzean kokatua!
22 Baina zuen habia suak irentsiko du
eta Axurrek gatibu
hartuko zaituzte».

23 Azkenik, bertso hauek abestu zituen:
«Ai ene! Nor aterako da bizirik
Jainkoak ekingo dionean?
24 Untziak datoz Zipre aldetik,
Axur eta Eber zanpatuko dituzte,
baina beraiek ere
hondatuak gertatuko dira».

25 Ondoren, Balaam bere herrialdera itzuli zen, eta Balak ere bere bidetik joan zen.

25. atala

[aldatu]

1 Israeldarrak Xitimen etxolatu ziren. Han emakume moabdarrekin hasi ziren harremanetan; 2 beren jainkoei eskaintzen zizkieten sakrifizioetara gonbidatu zituzten moabdarrek, eta israeldarrek haien otordu sakratuetan parte hartu zuten eta haien jainkoak gurtu; 3 honela, Baal-Peorren kultuetara makurtu zen herria eta Jaunaren haserre-sua piztu zen Israelen aurka. 4 Jaunak esan zion Moisesi: «Bildu herriko buruzagiak eta urka itzazu nire aurrean egun-argitan, nire haserre-sua Israeldik aldentzeko». 5 Moisesek Israelgo gobernariei agindu zien: «Zuetariko bakoitzak hil bitza Baal-Peorren kultuetara makurtu diren bere ardurapeko gizasemeak». 6 Hartan, emakume madiandar bat berekin zekarrela etorri zen israeldar bat senideen artera, Moisesen eta elkarte osoaren begi-bistan, hauek elkarketa-etxolaren sarreran negarrez zeuden bitartean. 7 Hori ikustean, Eleazarren seme Pinhasek, Aaron apaizaren bilobak, elkartearen erditik irten eta, eskuetan lantza harturik, 8 israeldarraren atzetik oihal-etxolaraino joan eta biei lantza sartu zien sabeletik. Orduan, gelditu egin zen israeldarrak hiltzen ari zen izurria; 9 ordurako, 24.000 ziren izurriaz hildakoak. 10 Jaunak esan zion Moisesi: 11 «Eleazarren seme Pinhasek, Aaron apaizaren bilobak, israeldarren aurka neukan haserrea baretu du, berauen Jainko bakar izateagatik dagokidan eskubideaz arduratsu agertu baita. Horregatik, ez ditut israeldarrak suntsitu, jelosiak eraginda. 12 Esaiozu, bada, bake-ituna egiten dudala berarekin: 13 itun horren indarrez betiko ematen diet apaizgoa, bai berari, bai beraren ondorengoei; izan ere, bere Jainkoaren eskubideaz arduratsu agertu da Pinhas, eta israeldarren aldeko barkamen-ohikunea egin du». 14 Emakume madiandarrarekin hil zuten israeldarrak Zimri zuen izena eta Simeonen leinuko familiburuetako Saluren semea zen; 15 emakume madiandarrak, berriz, Kozbi zuen izena eta Madiango Tzur senitarteburuaren alaba zen. 16 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 17 «Eraso madiandarrei eta porroka itzazu, 18 azpikeriaz zirikatu baitzaituztete beraiek ere Peorko auzian, baita Peorkoaren ondorioz izandako izurri-egunean hildako Kozbiren kasuan ere, buruzagi madiandarraren alabarenean».

Israel herriaren bigarren izen-bilketa

19 Izurriaren ondoren,

26. atala

[aldatu]

1 Jaunak esan zien Moisesi eta Aaron apaizaren seme Eleazarri: 2 «Egin israeldarren elkarte osoaren izen-bilketa, senitarteka, Israelgo gudarostea osatzeko gai diren hogei urtez gorako gizonezkoak erroldatuz». 3 Hala, Moisesek eta Eleazar apaizak israeldarren izen-bilketa egin zuten Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, 4 hogei urtez gorako gizonezkoak erroldatuz, Jaunak Moisesi agindu bezala. Hauek dira Egiptotik irtendako israeldarrak: 5 Israelen lehen-seme Rubenen leinua, Rubenen semeengandik sorturiko senitarteek osatzen zuten: Henokengandik henoktarrak, Palurengandik palutarrak, 6 Hetzronengandik hetzrondarrak eta Karmirengandik karmitarrak. 7 Horiek ziren rubendar senitarteak: 43.730 gizonezko guztira. 8 Paluren seme zen Eliab, 9 Nemuel, Datan eta Abiramen aita. Datan eta Abiram hauek Moises eta Aaronen aurka altxatutako elkarte-ordezkariak ziren; Koreren taldearekin bat egin zuten, hau Jaunaren aurka altxatu zenean. 10 Lurrak, zabaldurik, irentsi egin zituen Korerekin batera, honen taldea hil eta suak berrehun eta berrogeita hamar gizon suntsitu zituenean; herriaren eskarmenturako izan zen hori. 11 Koreren semeak, ordea, ez ziren hil.

12 Simeonen leinuko senitarteak: Nemuelengandik nemueldarrak, Jaminengandik jamindarrak, Jakinengandik jakindarrak, 13 Zerahengandik zerahtarrak eta Saulengandik sauldarrak. 14 Horiek ziren simeondar senitarteak: 22.200 gizonezko guztira. 15 Gaden leinuko senitarteak: Tzefonengandik tzefondarrak, Hagirengandik hagitarrak, Xunirengandik xunitarrak, 16 Oznirengandik oznitarrak, Erirengandik eritarrak, 17 Arodengandik arodtarrak eta Arelirengandik arelitarrak. 18 Horiek ziren Gaden leinuko senitarteak: 40.500 gizonezko guztira. 19-21 Judaren leinuko senitarteak: Xelarengandik xelatarrak, Peretzengandik pereztarrak eta Zerahengandik zerahtarrak. Peretzengandik sorturiko senitarteak: Hetzronengandik hetzrondarrak eta Hamulengandik hamuldarrak. Judaren bi seme, Er eta Onan, Kanaanen hil ziren. 22 Horiek ziren Judaren leinuko senitarteak: 76.500 gizonezko guztira. 23 Isakarren leinuko senitarteak: Tolarengandik tolatarrak, Pubarengandik pubatarrak, 24 Jaxubengandik jaxubtarrak eta Ximronengandik ximrondarrak. 25 Horiek ziren Isakarren leinuko senitarteak: 64.300 gizonezko guztira. 26 Zabulonen leinuko senitarteak: Seredengandik seredtarrak, Elonengandik elondarrak eta Jahleelengandik jahleeldarrak. 27 Horiek ziren zabulondar senitarteak: 60.500 gizonezko guztira. 28 Joseren semeak Manases eta Efraim izan ziren. 29 Manasesen leinuko senitarteak: Makirrengandik makirtarrak, eta Makirren seme zen Galaadengandik galaadtarrak. 30 Galaaden leinuko senitarteak: Jezerrengandik jezertarrak, Helekengandik helektarrak, 31 Asrielengandik asrieldarrak, Sikemengandik sikemdarrak, 32 Xemidarengandik xemidatarrak eta Heferrengandik hefertarrak. 33 Heferren seme Tzelofhadek ez zuen semerik izan, alabak baizik; alaben izenak Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza ziren. 34 Horiek ziren Manasesen senitarteak: 52.700 gizonezko guztira. 35 Efraimen leinuko senitarteak: Xutelahengandik xutelahtarrak, Bekerrengandik bekertarrak, Tahanengandik tahandarrak, 36 eta Xutelahen seme Eranengandik erandarrak. 37 Horiek ziren Efraimen leinuko senitarteak: 32.500 gizonezko guztira. Horiek ziren Joseren ondorengoak, senitarteka erroldaturik. 38 Benjaminen leinuko senitarteak: Belarengandik belatarrak, Axbelengandik axbeldarrak, Ahiramengandik ahiramdarrak, 39 Xufamengandik xufamdarrak, Hufamengandik hufamdarrak, 40 eta Belaren seme ziren Ard eta Naamanengandik ardtarrak eta naamandarrak. 41 Horiek ziren Benjaminen ondorengoak, senitarteka erroldaturik: 45.600 gizonezko guztira. 42 Danen leinuak senitarte bakarra zuen, Xuhamengandik sortutako xuhamdarrena. 43 Xuhamdar senitarteak 64.400 gizonezko zituen guztira. 44 Axerren leinuko senitarteak: Jimnarengandik jimnatarrak, Ixbirengandik ixbitarrak eta Beriarengandik beriatarrak. 45 Beriaren ondorengoen senitarteak: Heberrengandik hebertarrak eta Malkielengandik malkieldarrak. 46 Axerrek alaba bat izan zuen, Serah izenekoa. 47 Horiek izan ziren Axerren ondorengoak senitarteka: 53.400 gizonezko guztira. 48 Neftaliren leinuko senitarteak: Jahtzeelengandik jahtzeeldarrak, Gunirengandik gunitarrak, 49 Jezerrengandik jezertarrak eta Xilemengandik xilemdarrak. 50 Horiek ziren Neftaliren ondorengoak, senitarteka erroldaturik: 45.400 gizonezko guztira. 51 Izen-bilketan erroldaturiko israeldarrak 601.730 izan ziren guztira.

Aginduriko lurraldea banatzeko argibideak

52 Jaunak esan zion Moisesi: 53 «Senitarte hauen artean banatuko duzu lurraldea, talde bakoitzaren lagun-kopurua kontuan harturik: 54 senitartea ugaria bada, ondare-zatia ere handiagoa emango zaio; urria bada, txikiagoa; bakoitzari izen-bilketan eman duen kopuruaren arabera. 55 Lurraldearen banaketa zozketaz bakarrik egingo da, leinu bakoitzeko senitarteen ondare-zatia lagun-kopuruaren araberakoa izango bada ere. 56 Zozketak erabakiko du bakoitzaren zatia, ugaria nahiz urria izan senitartea».

Lebitarren bigarren izen-bilketa 57 Lebiren leinuaren izen-bilketa senitarteka: Gerxonengandik gerxondarrak, Kehatengandik kehatarrak eta Merarirengandik meraritarrak. 58 Hauek ziren Lebirengandiko senitarteak: libnitarrak, hebrondarrak, mahlitarrak, muxitarrak eta koretarrak. Kehatek Amram sortu zuen. 59 Amram Lebiren alaba batekin, Lebik Egipton izan zuenarekin, ezkondu zen; Jokebed zuen izena. Honek hiru seme-alaba sortu zizkion Amrami: Aaron, Moises eta hauen arreba Miriam. 60 Aaronengandik Nadab, Abihu, Eleazar eta Itamar sortu ziren. 61 Baina Nadab eta Abihu hil egin ziren, Jaunaren aurrean honek agindu gabeko intsentsu-eskaintza egin zutelako. 62 Lebitarrak 23.000 ziren guztira, hilabetez gorako gizonezkoak erroldan sartuz. Lebitarrak ez zituzten gainerako israeldarrekin batera erroldatu, ez baitzegokien ondare-zatirik beste israeldarrei bezala.

Izen-bilketaren bukaera

63 Hori izan zen Moisesek eta Eleazar apaizak Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, eginiko israeldarren izen-bilketaren emaitza. 64 Hauen artean ez zen gelditzen Moisesek eta Aaron apaizak Sinai basamortuan erroldaturiko israeldarrik. 65 Izan ere, Jaunak esana zien basamortuan hilko zirela; beraz, ez zen haietariko inor gelditzen, Jefuneren seme Kaleb eta Nunen seme Josue izan ezik.

Emakumeen oinorde-eskubidea

27. atala

[aldatu]

1 Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza Tzelofhaden alabak ziren —Tzelofhad Joseren seme Manasesen leinukoa zen, Heferren semea; hau Galaadena eta hau Manasesen seme Makirrena—. Bost emakumeek aurkeztu 2 eta Moisesen, Eleazar apaizaren, arduradunen eta elkarte osoaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, esan zuten: 3 «Gure aita basamortuan hil zen; ez zen Koreren taldeko partaide izan, ezta elkartu ere haiekin Jaunaren aurka; bere bekatuagatik soilik hil zen. Ez zuen semerik utzi. 4 Desagertu egin behar al du horregatik gure aitaren izenak beraren senitartetik? Emaguzu, beraz, guri lur-jabetza gure aitaren anaiei bezala». 5 Moisesek Jaunari aurkeztu zion arazoa, 6 eta Jaunak erantzun: 7 «Arrazoia dute Tzelofhaden alabek; lur-ondarea emango diezu jabetzan, beraien aitaren anaiei bezala: aitaren ondarea emango diezu. 8 Eta esan israeldarrei: Gizon bat semerik gabe hiltzen bada, haren ondarea alabaren eskuetara pasatuko da. 9 Alabarik ere ez badu, beraren anaiei emango zaie ondarea. 10 Anaiarik ere ez badu, beraren aitaren anaiei emango zaie. 11 Eta osabarik ere ez badu, gainerako ahaideetatik hurbilenekoari emango zaio ondarea eta bera izango da jabe. Lege izango dute hau israeldarrek, nik, Jaunak, Moisesi agindutakoaren arabera».

Josue Moisesen ondorengo izendatu

12 Jaunak esan zion Moisesi: «Igo Abarim mendiaren gailur horretara eta israeldarrei emango diedan lurraldea ikusi ahal izango duzu bertatik. 13 Ondoren, hil eta zeure arbasoekin elkartuko zara, Aaron zure anaia elkartu zen bezala. 14 Eta hori, Tzin basamortuan israeldar elkarteak aurpegi eman zidanean, nire agindua zalantzan jarri zenutelako: ez zenidaten utzi neure santutasuna israeldarren aurrean agertzen, ura sortaraziz» (Tzin basamortuan, Kadexen dagoen Meribako iturrian gertatua aipatzen da hemen). 15 Moisesek esan zion Jaunari: 16 —Jauna, gizaki orori bizi-arnasa ematen diozun Jainkoa, izendatu elkartearen buru izango den norbait, 17 guduetan eta gainerako gorabeheretan gidatuko duena, Jaunaren elkartea artzaingabeko artalde izan ez dadin. 18 Jaunak erantzun zion Moisesi: —Hartu Josue, Nunen semea: nire izpirituaz jantziriko gizona da. Eskuak gainean ezarriko dizkiozu, 19 Eleazar apaizari eta elkarte osoari aurkeztu eta kargua emango diozu guztien aurrean. 20 Zeure aginpidearen partaide egingo duzu, israeldar elkarte osoa esaneko izan dezan. 21 Halere, Eleazar apaizaren aurrean aurkeztu beharko du Josuek, apaizak «Urim» tresnen bidez niri, Jaun honi, kontsulta egiteko. Eta nire esanera bakarrik egingo dituzte guduak, bai berak, bai israeldarren elkarte osoak. 22 Jaunak agindu bezala egin zuen Moisesek. Josue hartu eta Eleazar apaizari eta elkarte osoari aurkeztu zien. 23 Eleazarrek eskuak gainean ezarri eta kargua eman zion, Jaunak Moisesen bidez agindu bezala.

Sakrifizioei buruzko arauak liturgi egutegiaren arabera

28. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Agindu israeldarrei izan daitezela arduratsu dagozkidan eskaingaiak, nire ohorez erretzeko opariak, ezarritako egunetan aurkezten; atseginez onartuko ditut. 3 Esaiezu:

Egunerokoa

«Hona hemen Jaunaren ohorez egunero erreko dituzuen opariak: urtebeteko bi arkume akasgabe eguneroko erre-opari gisa; 4 bata goizean eskainiko da eta ilunabarrean bestea; 5 eta labore-opari gisa, litro eta erdiren bat oliotan oraturiko lau kilo ogi-irin garbi. 6 Hori da eguneroko erre-oparia, Sinai mendian egin ohi zenaren erakoa: Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duena. 7 Lehenengo arkumearekin batera, litro eta erdi ardo eskainiko da isur-oparitzat; isur-oparia santutegian eskainiko zaio Jaunari. 8 Bigarren arkumea ilunabarrean eskainiko da isur-opari berarekin, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

Larunbatekoa

9 «Larunbatez, urtebeteko bi arkume akasgabe eskainiko dira, oliotan oraturiko zortzi kilo irinen labore-oparia eta haiei dagozkien isur-opariak. 10 Hau da larunbatero eskaini beharreko erre-oparia, eguneroko erre-opari eta isur-opariez gain.

Hilaren lehen egunekoa

11 «Hilaren hasieran, bi zekor, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akasgabeak— aurkeztuko dizkiozue Jaunari erre-oparitzat. 12 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo 13 eta arkume bakoitzeko lau kilo. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duena. 14 Oparigaiei isur-opari hauek dagozkie: zekor bakoitzari hiru litro ardo, ahariari bi litro eta arkume bakoitzari litro eta erdi. Hori da hil guztien hasieran eskainiko den erre-oparia. 15 Gainera, aker bat eskainiko zaio Jaunari barkamen-oparitzat, eguneroko erre-opari eta isur-opariez gain.

Pazko Jaikoa (Lb 23,5-8)

16 «Lehen hilaren hamalauan Pazkoa ospatuko duzue Jaunaren ohorez, 17 eta hilaren hamabostean zazpi eguneko jaia hasten da: egun horietan legamigabeko ogia jango duzue. 18 Astearen lehen egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. 19 Opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez: bi zekor, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akasgabeak—, 20 eta dagokien labore-oparia, oliotan oraturiko irina, alegia: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo 21 eta arkume bakoitzeko lau kilo. 22 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, zeuen bekatuen barkamen-ohikunea egiteko. 23 Hori guztia eginen duzue goizero egin beharreko erre-opariaz gain. 24 Zazpi jaiegunetan, egunero eskainiko dituzue Jaunaren ohorez erretzeko opariak eta hark atseginez onartuko ditu. Opariok, eguneroko erre-opari eta isur-opariez gain eginen dituzue. 25 Zazpigarren egunean batzar sakratua izango duzue berriro eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

Mendekoste Jaikoa (Lb 23,15-22) 26 «Asteen Jaian, lehen fruituen egunean uzta berriko fruituen oparia Jaunari aurkeztean, batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. 27 Bi zekor, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 28 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo 29 eta arkume bakoitzeko lau kilo. 30 Gainera, aker bat zeuen bekatuen barkamen-ohikunea egiteko. 31 Opariok eginen dituzue eguneroko erre-opari eta labore-opariez gain. Abere akasgabeak aukeratuko dituzue eta dagozkien isur-opariak erantsiko.

Poz-irrintzi-egunekoa (Lb 23,23-25)

29. atala

[aldatu]

1 «Zazpigarren hilaren lehen egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. Poz-irrintzi-eguna da. 2 Zekor bat, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akasgabeak— eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 3 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekorrarekin hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo 4 eta arkume bakoitzeko lau kilo. 5 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, zeuen bekatuen barkamen-ohikunea egiteko. 6 Opariok eskainiko dituzue, hilaren hasierako eta eguneroko erre-opariez gain eta beroriei dagozkien labore- eta isur-opariez gain, arautua dagoenez. Jaunak atseginez onartuko ditu bere ohorez erretako opariok.

Barkamen Egun handikoa (Lb 23,26-32)

7 «Zazpigarren hilaren hamarrean, batzar sakratua izango duzue; barau-eguna izango da eta ez duzue ohiko lan arruntik egingo. 8 Zekor bat, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akasgabeak— eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 9 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekorrarekin hamabi kilo, ahariarekin zortzi kilo 10 eta arkume bakoitzeko lau kilo. 11 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, Barkamen Egun handiko barkamen-opariaz eta eguneroko erre-opariez gain, berauei dagozkien labore- eta isur-opariekin.

Etxola Jaikoa (Lb 23,33-43)

12 «Zazpigarren hilaren hamabostean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. Zazpi egunez egingo duzue jai Jaunaren ohorez. 13 Hamahiru zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume —denak akasgabeak— eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 14 Oliotan oraturiko irina eskainiko duzue labore-oparitzat: zekor bakoitzeko hamabi kilo, ahari bakoitzeko zortzi kilo 15 eta arkume bakoitzeko lau kilo. 16 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, eguneroko erre-opari eta berauei dagozkien labore- eta isur-opariekin. 17-34 «Bigarren egunetik zazpigarrenera, eguneroko erre-opari eta berauei dagozkien labore- eta isur-opariez gain, akasgabeko abereak eskainiko dituzue erre-oparitzat, dagozkien labore- eta isur-opariekin, eta aker bat barkamen-oparitarako. Hona erre-oparitzat eskaini beharreko abereak: «Bigarren egunean, hamabi zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; hirugarren egunean, hamaika zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; laugarren egunean, hamar zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; bosgarren egunean, bederatzi zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; seigarren egunean, zortzi zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume; zazpigarren egunean, zazpi zekor, bi ahari eta urtebeteko hamalau arkume. 35 «Zortzigarren egunean, amaierako batzarra izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. 36 Zekor bat, ahari bat eta urtebeteko zazpi arkume —denak akasgabeak— eskainiko dituzue erre-oparitzat, eta Jaunak atseginez onartuko ditu. 37 Oparigai bakoitzari, dagozkion labore- eta isur-opariak erantsiko dizkiozue, arautua dagoenez. 38 Gainera, aker bat barkamen-oparitarako, eguneroko erre-opari eta berauei dagozkien labore- eta isur-opariekin. 39 «Horra hor ezarritako egunetan Jaunari eskainiko dizkiozuen opariak, botoren bat betetzeko nahiz nork bere borondatez eskainitako opariez gain, eta gainerako erre-opari, labore- eta isur-opari nahiz elkartasun-opariez gain».

30. atala

[aldatu]

1 Moisesek israeldarrei adierazi zien Jaunak aginduriko guztia.

Jaunari eginiko botoaz araua

2 Ondoren, Jaunaren beste aginduok adierazi zizkien Moisesek Israelgo leinuburuei: 3 «Jaunari eginiko botoz nahiz edozein zin-hitzez bere burua lotzen duen gizasemeak ezin izango du bere hitza jan: zehatz-mehatz beteko du hitz emana. 4 «Eman dezagun, Jaunari botoa egin edo bere burua edozein konpromezuz lotu duena, oraindik aitaren etxean bizi den neskatxa dela. 5 Aitak, jakinaren gainean egonik, deus ere esaten ez badio, boto eta konpromezu guztiak baliozkoak izango dira. 6 Baina aitak, jakitean, onirizten ez badie, boto eta konpromezu haiek guztiak hutsean geldituko dira; haietatik libre utziko du Jaunak neskatxa, aitak oniritzirik eman ez diolako. 7 «Eman dezagun, neskatxa, artean botoz edo ongi pentsatu gabe harturiko konpromezuz lotua dagoelarik, ezkondu egiten dela. 8 Senarrak, horren berri jakitean, deus ere esaten ez badio, boto nahiz konpromezuak baliozkoak izango dira. 9 Baina senarrak, jakitean, onirizten ez badie, baliogabeturik geldituko da emazteak eginiko boto nahiz ongi pentsatu gabe harturiko konpromezua; Jaunak libre utziko du haietatik. 10 «Alarguntsaren nahiz senarrak zapuztutako emakumearen botoa nahiz edozein konpromezu baliozkoa izango da. 11 Eman dezagun, ordea, emazteak, artean senarraren etxean bizi dela, botoz nahiz edozein zin-hitzez bere burua lotzen duela. 12 Senarrak, horren berri jakitean, deus ere esaten ez badio, oniritzia ematen dio, eta botoak zein konpromezuak baliozkoak izango dira. 13 Baina senarrak, jakitean, baliogabetzea erabakitzen badu, emazteak hitz emandako botoa nahiz konpromezua hutsean geldituko da. Senarrak baliogabetu dituenez, Jaunak haietarik libre utziko du emaztea. 14 Edozein delarik ere emaztearen botoa edo barau egiteko zin-hitza, senarrak bihurtzen du baliozko ala baliogabeko. 15 Senarrak, emaztearen boto nahiz konpromezuaren berri jakinik, biharamunera arte deus ere esaten ez badio, emakumearen botoa zein konpromezua baliozkoa izango da. 16 Baina geroago baliogabetzea erabakitzen badu, bera izango da emaztearen erruaren erantzule». 17 Horiek dira Jaunak Moisesi emandako arauak, bai emakume ezkonduak, bai oraindik aitaren etxean bizi den neskatxak eginiko promesei buruz.

Madiandarren aurkako gudua

31. atala

[aldatu]

1 Jaunak esan zion Moisesi: 2 «Egin mendeku madiandarren kontra, israeldarrei egin dieten kalteagatik; ondoren, hil egingo zara». 3 Moisesek, bada, esan zion herriari: «Aukeratu gizonak eta har ditzatela armak gudurako, Madianen aurka Jaunak erabaki duen mendekua hartzera joateko. 4 Israelgo leinu guztietatik milana gizon bidaliko dituzue gudura». 5 Horrela, hamabi mila gizon armatu prestatu zituzten gudurako, leinu bakoitzetik mila. 6 Horiek bidali zituen Moisesek gudura; arma-gizonekin batera, Eleazarren seme Pinhas bidali zuen, tresna sakratuak eta seinaleak egiteko turutak eramanez. 7 Gerra egin zioten, bada, Madiani, Jaunak Moisesi agindu bezala, eta madiandar gizonezko guztiak hil zituzten, 8 Madiango bost erregeak barne: Ebi, Rekem, Tzur, Hur eta Reba. Beor-en seme Balaam ere ezpataz hil zuten. 9 Israeldarrek gatibu hartu zituzten madiandar emakume eta haurrak, eta abere, azienda eta ondasunak harrapatu. 10 Madiandarrak bizi zireneko hiri eta kanpaleku guztiei su eman zieten. 11 Ondoren, harrapaturiko guztia —abere nahiz gizaki— hartu 12 eta Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, etxolaturik zeuden Moisesi, Eleazar apaizari eta israeldarren elkarte osoari eraman zieten. 13 Moises, Eleazar apaiza eta elkarte-arduradun guztiak, kanpalekua utzirik, bidera irten zitzaizkien. 14 Baina Moises haserretu egin zen gudutik zetozen gudarosteko taldeburuekin, 15 eta esan zien: «Zergatik utzi dituzue bizirik emakumeak? 16 Bazenekiten beraiek izan zirela, Balaamek zirikaturik, israeldarrak Jaunaren aurka altxarazi zituztenak, Peorko hartan; horregatik, hain zuzen, gertatu zen izurria Jaunaren elkartearen aurka. 17 Orain, bada, hil mutikoak eta sexu-harremanak izan dituzten emakume guztiak; 18 utzi bizirik, ordea, eta hartu zeuentzat neskatxa birjinak. 19 Eta zuek, norbait hil edo gorpuren bat ukitu duzuenok, zazpi egunez kanpalekutik aparte egongo zarete etxolaturik. Bai zuek, bai gatibuek, garbikuntza egingo duzue hirugarren eta zazpigarren egunetan. 20 Era berean, garbitu arropa guztia, baita larruzko gauzak, ahuntz-hilezko oihalak eta zurezko tresnak ere». 21 Guduan izandako soldadu guztiei esan zien Eleazar apaizak: «Hona hemen Jaunak Moisesi aginduriko legeak: 22 Urre, zilar, brontze, burdina, eztainu nahiz berun, 23 hau da, sua jasan dezakeen zernahi, sutan ezarri eta garbikuntzarako uretan sartuz garbituko duzue; sua jasan ezin duen guztia, berriz, uretan sartuko duzue. 24 Zazpigarren egunean arropak garbitu eta garbi geldituko zarete; ondoren, kanpalekuan sartu ahal izango zarete berriro».

Harrapakinen banaketa

25 Jaunak esan zion Moisesi: 26 «Atera, Eleazar apaizaren eta elkarteko familiburuen laguntzarekin, harrapaturiko gizaki eta abereen kontua, 27 eta erdibanatu gudura borrokatzera joan direnen eta elkarte osoaren artean. 28 Horretatik guztitik, bereizi zati bat Jaunarentzat: gudura borrokatzera joan direnei dagokienetik, bostehuneko bat, bai gizakietatik, bai behi, asto nahiz ardietatik; 29 hartu zati hori eta eraman Eleazar apaizari Jaunarentzat eskaintza gisa. 30 Gainerako israeldarrei dagokienetik, berriz, hartu berrogeita hamarreko bat, bai gizakietatik, bai abere guztietatik —behi, asto nahiz ardietatik—, eta eman Jaunaren egoitzako zerbitzuaz arduratzen diren lebitarrei». 31 Moisesek eta Eleazar apaizak Jaunak Moisesi agindu bezala egin zuten. 32 Guduan harrapatu zutenetik gelditzen zena hauxe zen: ardiak 675.000, 33 behiak 72.000, 34 eta astoak 61.000; 35 gizakiak, berriz, hau da, neskatxa birjinak, 32.000 guztira. 36 Guduan izandakoei zegokien erdi-partea hauxe zen: ardiak 337.500, 37 (Jaunari zegozkionak 675 buru), 38 behiak 36.000 (Jaunari zegozkionak 72 buru), 39 astoak 30.500 (Jaunari zegozkionak 61 buru) 40 eta 16.000 pertsona (Jaunari zegozkionak 32). 41 Moisesek Eleazar apaizari eman zizkion Jaunarentzat eskaintza gisa bereizitakoak, Jaunak agindu bezala. 42 Beste erdi-partea, israeldarrei banatzeko Moisesek gudu-harrapakinetatik bereizia, 43 hauxe zen: ardiak 337.500, 44 behiak 36.000, 45 astoak 30.500, 46 eta 16.000 pertsona. 47 Israeldarrei zegokien zatitik, gizaki eta abere-mota bakoitzetik berrogeita hamarreko bat bereizi zuen, eta Jaunaren egoitzako zerbitzuaz arduratzen ziren lebitarrei eman zien, Jaunak agindu bezala.

Buruzagien borondatezko eskaintzak

48 Gudarosteko taldeburuek Moisesengana joan 49 eta esan zioten: «Zure zerbitzariok geure agindupean geneuzkan soldaduen kontua atera dugu eta ez zaigu inor ere falta. 50 Horregatik, bizirik atera gaituelako, Jaunari eman nahi dizkiogu oparitzat nork beretzat eskuratu dituen urrezko bitxiak: eraztun, eskumuturreko, besoko eta belarritakoak». 51 Moisesek eta Eleazar apaizak urre landuzko bitxiak jaso zituzten. 52 Gudarosteko taldeburuek Jaunari oparitzat eskainitako urreak ehun eta hirurogeita hamar kilo pisatzen zuen gutxi gorabehera. 53 Bitxiok soldaduek guduan nork beretzat harrapatuak ziren. 54 Moisesek eta Eleazar apaizak, bada, gudarosteko taldeburuengandik urrea jaso eta elkarketa-etxolara eraman zuten, Jaunak israeldarrak gogoan izan zitzan.

Bi leinu eta erdi Jordanen ekialdean

32. atala

[aldatu]

1 Rubenen eta Gaden ondorengoek abere-talde biziki handiak zituzten. Jazer eta Galaad lurraldeak abereak hazteko oso aukerakoak zirela ikusi zutelarik, 2 Moises, Eleazar apaiz eta elkarte-arduradunengana joan eta esan zieten: 3 —Atarot, Dibon, Jazer, Nimra, Hexbon, Elale, Sebam, Nebo eta Beon hiriak, 4 israeldar elkartea iristean Jaunak konkistatu duen lurralde hau, aukerakoa da abeltzaintzarako; eta guk, zure zerbitzariok, abere asko dugu. 5 Begiko bagaituzu, emaguzu lurralde hau jabetzan; ez gaitzazu Jordan igarotzera behartu. 6 Baina Moisesek esan zien: —Nola? Zuek hemen gelditu, gainerako israeldarrak, zuen senideak, borrokara doazen bitartean? 7 Zergatik zabiltzate israeldarrak adoregabetzen, Jaunak emandako lurraldera igaro ez daitezen? 8 Horixe bera egin zuten zuen arbasoek ere, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali nituenean. 9 Exkol ibarrera iritsi eta lurraldea ikertu ondoren, israeldarrak adoregabetu nahi izan zituzten, Jaunak ematen zien lurraldean sar ez zitezen. 10 Egun hartan haserre-sutan jarri zen Jauna eta zin egin zuen 11 Abraham, Isaak eta Jakobi hitz emandako lurraldea ez zutela ikusiko Egiptotik atera ziren hogei urtez gorako gizonezkoek, leial izan ez zitzaizkiolako. 12 Jefuneren seme Kaleb keniztarra eta Nunen seme Josue izan ziren salbuespen bakar, hauek bai, hauek guztiz leial izan baitzitzaizkion. 13 Haserre-sutan jarri zen Jauna orduan Israelen aurka, eta berrogei urtez harat-honat erabili zuen herria basamortuan, Jaunak atsegin ez zuena egin zuen belaunaldi hura guztia hil arte. 14 Eta orain zuek, bekatarikumeok, zeuen arbasoen bidea hartzen duzue, Jaunaren haserre-sua Israelen aurka areago suspertzeko. 15 Izan ere, Jaunarengandik aldentzen bazarete, are gehiago luzatuko dio hark Israeli basamortuko egonaldia, eta, orduan, zuek izango zarete herri osoaren hondamendiaren erantzule. 16 Gad eta Rubenen leinuetako gizonek esan zioten Moisesi: —Artegiak eraikiko ditugu hemen artaldeentzat eta hiriak familientzat, 17 eta geu, armak harturik, beste israeldarren aurretik joango gara lehian, berena izango duten tokira sartu arte. Bitartean, gure familiak hiri gotortuetan geldituko dira, bertako biztanleengandik babesturik. 18 Ez gara etxera itzuliko, israeldar bakoitza bere ondarearen jabe egin arte. 19 Baina ez dugu parterik izango Jordanez bestaldeko lur-banaketan, guri dagokigun ondarea Jordanez alde honetan, ekialdean, baitaukagu. 20 Moisesek esan zien: —Egizue agindu duzuena: hartu armak Jaunaren agindura borrokatzeko; 21 igaro dezatela zuen gizon armatu guztiek Jordan ibaia Jaunaren agindura eta gelditu han, Jaunak bere etsaiak handik bota arte; 22 horrela bada, eta Jaunaren laguntzaz lurraldea menperatu baino lehen itzultzen ez bazarete, ez duzue inolako errurik izango, ez Jaunaren, ez Israelen aurrean, eta lurralde hau zeuen jabetza izango duzue, Jaunaren oniritziaz. 23 Baina, horrela ez baduzue jokatzen, bekatu eginen duzue Jaunaren aurka, eta jakin ez diozuela zigorrari ihes egingo. 24 Eraiki, bada, hiriak zeuen familientzat eta artegiak artaldeentzat. Baina eutsi emandako hitzari. 25 Gaden eta Rubenen ondorengoek erantzun zioten Moisesi: —Prest gaude zure agindua betetzeko, jauna. 26 Gure emazte eta haurrak, artalde eta abereak hemen geldituko dira, Galaadeko hirietan. 27 Zure zerbitzariok, aldiz, gudurako armaturik, Jaunaren agindura borrokara joango gara, zuk, jaun horrek, esan bezala. 28 Honela agindu zien Moisesek Eleazar apaizari, Nunen seme Josueri eta israeldar leinuetako familiburuei gadtarrei eta rubendarrei buruz: 29 «Gaden eta Rubenen ondorengoei, Jaunaren agindura borrokatzeko armaturik zuekin batera Jordan ibaia igarotzen badute, lurraldea menperatu ondoren, Galaad eskualdea emango diezue ondare. 30 Baina, armaturik zuekin batera Jordan igarotzen ez badute, Kanaan lurraldean izango dute ondarea zuek bezala». 31 Gaden eta Rubenen ondorengoek esan zuten: «Beteko dugu Jaunak zerbitzarioi esana. 32 Joango gara Kanaan lurraldera, armaturik Jaunaren agindura borrokatzera, eta dagokigun lur-ondarea Jordanez honaindian izango dugu jabetzan». 33 Horrela, Gaden eta Rubenen ondorengoei eta Joseren seme Manasesen leinu erdiari amortarren errege Sihonen eta Baxango errege Ogen erresumak eman zizkien Moisesek, bertako hiri eta inguruko herrixkekin. 34-36 Gaden ondorengoek Dibon, Atarot, Aroer, Atrot-Xofan, Jazer, Jogboha, Bet-Nimra eta Bet-Haran hiriak berreraiki eta gotortu zituzten, eta artegiak eraiki. 37-38 Rubenen ondorengoek Hexbon, Elale, Kiriataim, Nebo, Baal-Meon eta Sibma berreraiki zituzten, eta berreraikitako hiriei izena aldatu zieten. 39 Manasesen seme Makirren ondorengoek Galaadera joan eta konkistatu egin zuten, bertako amortarrak botaz. 40 Eta Moisesek Manasesen seme Makirren ondorengoei eman zien Galaad, eta bertan jarri ziren bizitzen. 41 Manasesen seme Jairren ondorengoek hango herrixkak konkistatu eta «Jairren Herrixkak» eman zieten izen. 42 Kenat hiria eta honen menpeko herrixkak konkistatu zituen Nobah-ek, eta bere izena eman, «Nobah» alegia.

Irteerako etapen zerrenda

33. atala

[aldatu]

1 Hona, israeldarrek, Moises eta Aaronen gidaritzapean Egiptotik gudari-taldeka banaturik atera zirenean, egin zituzten bideko etapak. 2 Moisesek idatziz jaso zituen Jaunaren agindura egin zuten ibilaldiko abiapuntu eta helmugak. Hona hemen horien zerrenda: 3 Ramsestik abiatu ziren lehenengo hilaren hamabostean, Pazko biharamunean; israeldarrak libre irten ziren egiptoarren begi-bistan, 4 hauek Jaunak hilarazitako lehen-semeak ehorzten ari zirela —horrela eman zien Jaunak epaia egiptoarren jainkoei—. 5 Ramsestik abiaturik, Sukoten kanpatu ziren hurrengo; 6 Sukotetik abiatu eta, basamortu-ertzean, Etamen kanpatu ziren; 7 Etamdik abiaturik, Baal-Tzefon parean dagoen Pi-Hirotera itzuli ziren eta Migdol aurrean etxolatu; 8 Pi-Hirotetik abiaturik, itsasoa zeharkatu eta basamortura iritsi ziren eta, Etam basamortuan hiru eguneko bidea egin ondoren, Maran kanpatu; 9 Mara ere utzi eta, Elimera, hamabi iturburu eta hirurogeita hamar palmondo zituen oasira, iritsiz, bertan etxolatu ziren; 10 Elimdik Itsaso Gorri ondora joan ziren hurrengo; 11 Itsaso Gorritik, Sin basamortura; 12 Sin basamortutik, Dofkara, 13 eta Dofkatik Aluxera; 14 Aluxetik abiaturik, Refidimera iritsi ziren; baina ez zen han urik herriak edateko. 15 Refidimdik abiaturik, Sinai basamortura heldu ziren; 16 Sinai basamortutik Kibrot-Taabara; 17 Kibrot-Taabatik Hatzerotera; 18 Hatzerotetik Ritmara; 19 Ritmatik Rimon-Peretzera; 20 Rimon-Peretzetik Libnara; 21 Libnatik Risara; 22 Risatik Kehelatara; 23 Kehelatatik Xefer mendira; 24 Xefer menditik Haradara; 25 Haradatik Makhelotera; 26 Makhelotetik Tahatera; 27 Tahatetik Terahera; 28 Terahetik Mitkara; 29 Mitkatik Haxmonara; 30 Haxmonatik Moserotera; 31 Moserotetik Bene-Jaakanera; 32 Bene-Jaakanetik Hor-Gidgadera; 33 Hor-Gidgadetik Jotbatara; 34 Jotbatatik Abronara; 35 Abronatik Etzion-Geberrera, 36 eta Etzion-Geberretik Tzin basamortura, hau da, Kadexera; 37 Kadexetik abiaturik Edom lurraldeko mugan dagoen Hor mendian etxolatu ziren hurrengo. 38 Aaron apaiza Hor mendira igo zen Jaunaren aginduz eta bertan hil zen, israeldarrak Egiptotik irten eta berrogei urtera, bosgarren hilaren lehen egunean. 39 Ehun eta hogeita hiru urte zituen Aaronek Hor mendian hil zenean. 40 Orduan jakin zuen Kanaango Negeben bizi zen Aradeko kanaandar erregeak israeldarren etorreraren berri. 41 Israeldarrak, Hor menditik abiaturik, Tzalmonara iritsi ziren; 42 Tzalmonatik Punonera; 43 Punonetik Obotera; 44 Obotetik Moabeko mugaldean dagoen Iie-Abarimera; 45 Iie-Abarimdik Dibon-Gadera; 46 Dibon-Gadetik Almon-Diblataimera; 47 Almon-Diblataimetik Nebo parean dauden Abarim mendietara; 48 eta Abarim mendietatik abiaturik, Moabeko lautadara iritsi ziren eta han kanpatu, Jordan ondoan, Jeriko parean. 49 Moabeko lautadan, Jordan ondoan etxolatu ziren, Bet-Jeximotetik Abel-Xitimera bitartean.

Kanaan lurraldea banatzeko Jaunaren agindua

50 Jaunak esan zion Moisesi Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean: 51 «Esan israeldarrei: Jordan igaro eta Kanaan lurraldean sartzean, 52 bota egingo dituzue hango biztanleak, beraien harrizko eta metal urtuzko idoloak desegin eta kultu-leku guztiak suntsitu. 53 Lurraldearen jabe egingo zarete eta bertan biziko, zeuei eman baitizuet haren jabe izan zaitezten. 54 Zozketaz banatuko duzue lurraldea leinu eta senitarteen artean: senitartea ugaria bada, ondare-zatia ere handiagoa emango zaio, eta urria bada txikiagoa. Senitarte bakoitzak zozketan egokituriko ondarea jasoko du. 55 Alabaina, lurraldeko biztanleak botatzen ez badituzue, geldituko direnak begian arantza nahiz saihetsean eztenkada bezain mingarri izango dituzue: erasoka ariko zaizkizue biziko zareten lurraldean bertan. 56 Orduan, haiekin egiteko nuen asmoa, zuekin egingo dut».

Kanaan lurraldearen mugak

34. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 2 «Eman agindu hauek israeldarrei: Kanaanen sartzear zaudete, eta hori izango da ondaretzat jasoko duzuen lurraldea. Hona lurraldearen mugak: 3 «Hegoaldetik, Tzin basamortutik hasi eta Edomgo mugaraino hedatuko da. Ekialdean, hegoaldeko muga, Itsaso Hilaren hego-ertzetik hasiko da. 4 Gero, Akrabim maldaren hegoaldera okertuko da eta, Tzindik jarraituz, Kadex-Barnearen hegoaldera iritsiko. Ondoren, Hatzar-Adarretik jarraituz, Atzmonetik pasatuko da. 5 Atzmonen Egiptoko errekarantz okertuko da eta Mediterraneo itsasoan amaituko. 6 «Mendebaldetik, Mediterraneo itsasoa izango da muga. 7 «Iparraldetik, Mediterraneo itsasotik Hor mendiraino marratuko duzue muga. 8 Hor menditik Hamateko sarrerara luzatuko da eta Tzedadara iritsiko, 9 eta, Zifronetik jarraituz, Hatzar-Enanen amaituko da. Hori izango da iparraldeko muga. 10 «Ekialdetik, Hatzar-Enanetik Xefameraino marratuko duzue muga. 11 Handik, Ainen ekialdean dagoen Riblara jaitsiko da; gero, Genesaret lakuaren ekialdetik hegiz hegi jaitsiz joango da 12 eta, Jordanen zehar beherantz jarraituz, Itsaso Hilean amaituko. «Hori izango duzue zeuen lurraldea, eta horiek berau inguratzen duten mugak». 13 Moisesek agindu zien israeldarrei: «Horixe da zozketaz banatuko duzuen lurraldea, Jaunak bederatzi leinuei eta hamargarrenaren erdiari ematea agindu duena. 14 Izan ere, Rubenen eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko familiek hartua daukate beren ondare-zatia. 15 Bi leinu horiek eta beste leinu erdiak Jordanen ekialdean, Jeriko parean, hartu dute beren ondare-zatia».

Lurra banatzeko arduradunen zerrenda

16 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 17 «Eleazar apaiza eta Nunen seme Josue izango dira lurraldearen banaketa egingo dutenak; 18 gainera, arduradun bana hartuko dute leinu bakoitzetik eginkizun horretarako. 19 Hona arduradun hauen izenak: «Judaren leinutik, Jefuneren seme Kaleb; 20 Simeonen leinutik, Amihuden seme Samuel; 21 Benjaminen leinutik, Kislonen seme Elidad; 22 Danen leinutik, Jogliren seme Buki; 23 Joseren semeen leinuetatik: Manasesenetik, Efoden seme Haniel, 24 eta Efraimenetik, Xiftanen seme Kemuel; 25 Zabulonen leinutik, Parnaken seme Elitzafan; 26 Isakarren leinutik, Azanen seme Paltiel; 27 Axerren leinutik, Xelomiren seme Ahihud; 28 Neftaliren leinutik, Amihuden seme Pedahel». 29 Gizon horiei agindu zien Jaunak Kanaan lurraldea israeldarrei ondaretzat banatzeko.

Lebitarren hiriak

35. atala

[aldatu]

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean: 2 «Agindu israeldarrei jabetzan hartuko duten ondaretik lebitarrei zenbait hiri emateko, inguruko lurrekin batera, haietan bizi daitezen. 3 Hiriak berak bizitzeko izango dituzte, eta herri-lurrak azienda eta abereentzat. 4 Lebitarrei eman beharreko herri-lurrak harresietatik kilometro bateko erradioan hedatuko dira, 5 hau da, mila metro neurtuko dituzte ekialde zein mendebaldera, hegoalde zein iparraldera, hiria erdian geldituko delarik. Horiek izango dira herri-lurrak. 6 Lebitarrei emango dizkiete sei babes-hiriak, hau da, hiltzailearen ihesleku izateko ezarriko dituztenak; horiez gain beste berrogeita bi hiri emango dizkiete; 7 berrogeita zortzi hiri, beraz, guztira, bakoitza bere herri-lurrekin. 8 Israeldarren ondaretik lebitarrei hiriak ematerakoan, leinu bakoitzak egokitu zaion ondare-zatiaren arabera emango dizkie: ondare handiagoa jaso duenak hiri gehiago, txikiagoa jaso duenak gutxiago».

Nahi gabe hil dutenentzat babes-hiriak

9 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: 10 «Esan israeldarrei: Jordan igaro eta Kanaan lurraldean sartzean, 11 babes-hiriak aukeratuko dituzue. Nahi gabe norbait hiltzen duenak han aurkituko du iheslekua. 12 Hiri horiek izango dituzue babesleku, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenaren eskuetatik ihes egin ahal izateko; horrela, hiltzailea ez da hilko, elkartearen aurrean auzitara agertu baino lehen. 13 «Sei babes-hiri aukeratuko dituzue, 14 hiru Jordanez ekialdera eta beste hiru Kanaan lurraldean. 15 Sei hiriok babes-hiri izango dituzte, bai israeldarrek, bai etorkin nahiz israeldarren artean ostatuz dauden bidaiariek: nahi gabe hiltzen duen edonork, haietan aurkituko du iheslekua. 16 «Burdinazko tresnaz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute. 17 Hiltzeko moduko harria jaurtikiz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute. 18 Hiltzeko moduko zurezko tresna jaurtikiz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute. 19 Hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, hiltzailea aurkitu bezain laster emango du heriotzara. 20 «Gorrotoz bultza eginez edo asmo txarrez zerbait jaurtikiz 21 edota amorraturik ukabilez joz, norbait hiltzen duena, heriotzara emango dute: hiltzaile da. Hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, hiltzailea aurkitu bezain laster emango du heriotzara. 22 «Baina gerta daiteke ustekabean eta amorrurik gabe bultza egin nahiz asmo txarrik gabe zerbait jaurtiki izatea; 23 edota norbaitek hiltzeko moduko harria bota eta ikusi ez duen beste norbaiten gainera eroriz hil izatea, nahiz eta elkarren etsai ez izan eta kalte egiteko asmorik ez eduki. 24 Halako kasuetan, inguruabar horiek kontuan harturik, elkarteak erabakiko du hiltzailearen eta mendeku-eskubidea duenaren arteko auzia. 25 Elkarteak libratu egingo du hiltzailea mendekariaren eskuetatik, eta ihesleku izan duen babes-hirira itzularaziko berriro; hantxe biziko da, olio sakratuz gantzuturiko apaiz nagusia hil arte. 26 Baina ihesleku duen babes-hiriaren mugetatik irteten bada, 27 eta mendeku-eskubidea duenak, babes-hiriaren mugetatik kanpo aurkitu eta hiltzen badu, ez du hilketarik egiten. 28 Hiltzailea, beraz, babes-hirian biziko da, apaiz nagusia hil arte. Gero, itzul daiteke bere jabetzara. 29 «Hori guztia lege izango duzue belaunez belaun, biziko zareten edonon. 30 «Hilketarik denean, zenbait lekukoren aitorpenaz bakarrik eman ahal izango da hiltzailea heriotzara. Lekuko bakarra ez da aski inori heriotza-zigorra emateko. 31 Heriotza-zigorra merezi duen hiltzailearen bizia ezin izango da ordaindu diru truke; heriotzara emango dute. 32 Ez diozue dirurik onartuko babes-hiriren batean babestu denari ere, apaiz nagusia hil baino lehen bere lur-ondarera itzultzeko baimenaren truke. 33 «Ez profanatu zaudeten lurraldea. Hilketak profanatu egiten du lurraldea, eta isuritako odoletik lurraldea garbi gelditzeko bide bakarra hiltzailearen odola da, heriotza-zigorra alegia». 34 «Ez kutsatu bizi zareteneko lurraldea, neu ere bertan bizi bainaiz; izan ere, ni, Jauna, israeldarren artean bizi naiz».

Oinorde-eskubidea duten emakumeen ezkontzarako arauak

36. atala

[aldatu]

1 Galaaden senitarteko arduradunek —Galaad Joseren ondorengoa zen, Makirren semea eta Manasesen iloba— Moises eta israeldar senitarteen arduradunengana joan 2 eta esan zieten: «Jaunak zozketaz lurraldea israeldarrei banatzeko agindu dizu, baita gure senide Tzelofhaden ondarea beraren alabei emateko ere. 3 Horiek horrela, alabak beste leinuren bateko gizonekin ezkonduko balira, beraien ondare-zatia, gure arbasoen ondaretik banandu eta senarren leinukoari erantsiko litzaioke. Horrela, zozketan egokitu zitzaigun ondarea murriztua gertatuko litzateke. 4 Eta Jubileu Urtea iristean, Tzelofhaden alaben ondarea behin betiko erantsiko litzaioke senarren leinukoari eta gure arbasoen leinutik banandurik geldituko». 5 Orduan, Jaunaren aginduz, argibide hauek eman zizkien Moisesek: «Arrazoia dute Joseren leinukoek. 6 Hona, bada, Jaunak agintzen duena Tzelofhaden alabei buruzko auzian: Hauek nahi duten gizonekin ezkon daitezke, beraien aitaren leinuko senitartekoa izatekotan. 7 Horrela, israeldarren artean ez da ondare-zatirik leinu batetik bestera aldatuko; israeldarrek nork bere aitaren ondareari atxikirik jarraituko dute. 8 Israeldar leinu bateko ondare-zati bat herentzian hartzen duen emakumea ez daiteke ezkon bere aitaren leinuko ez den gizonarekin; horrela, israeldarrek nork bere aitaren ondareari eutsiko diote, 9 eta ondarea ez da leinu batetik bestera aldatuko, baizik eta israeldar leinuek nork bere ondareari atxikirik jarraituko dute». 10 Tzelofhaden alabek Jaunak Moisesi agindu bezala egin zuten. 11 Mahla, Tirtza, Hogla, Milka eta Noa, Tzelofhaden alabak, lehengusuekin ezkondu ziren, 12 Joseren seme Manasesen ondorengoen senitarteko gizonekin, beraz. Horrela, haien ondarea beren aitaren leinuko senitartean gelditu zen. 13 Horiek dira Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, Jaunak Moisesen bidez israeldarrei eman zizkien agindu eta arauak.