Edukira joan

Biblia/Zakarias

Wikitekatik
Biblia
Zakarias
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Darioren erregealdiko bigarren urtean, zortzigarren hilean, Idoren seme zen Berekiasen seme Zakarias profetari mintzatu zitzaion Jauna.

2-3 Israeldarrei mezu hau iragartzeko agindu zion Jaun ahalguztidunak: «Ni, Jauna, oso haserre jarri nintzen zuen arbasoen aurka. Zuek, hala ere, itzul zaitezte niregana eta itzuliko naiz ni zuengana. Hala diot nik, Jaun ahalguztidun honek. 4 Ez zaitezte izan zeuen arbasoen antzeko. Orduko profetek ere hots egiten zieten Jaun ahalguztidunaren dei hau: <Itzul zaitezte zuen bide eta egintza gaiztoetatik>. Baina ez zidaten entzun, ez eta jaramonik egin ere. Hala diot nik, Jaun honek. 5 Non dira orain zuen arbasoak? Eta profetak betiko bizi ote dira? 6 Nire zerbitzari profetei eman nizkien hitz eta aginduek, ordea, zentzarazi zituzten azkenik zuen arbasoak. Eta itzuli egin ziren niregana, aitortuz, nik, Jaun ahalguztidun honek, beren bide eta egintzen arabera erabili nituela, erabakia neukanez».

7 Darioren erregealdiko bigarren urtean, Xebat deritzan hamaikagarren hilaren hogeita lauan, Idoren seme zen Berekiasen seme Zakarias profetari mezua eman zion Jaunak. Hona Zakariasen azalpena.

8 Gau-ikuskari batean, zaldizko bat ikusi nuen zaldi gorri baten gainean, zulogune batean geldirik, sastraka artean; haren atzean, zenbait zaldi gorri, nabar eta zuri. 9 Eta galdetu nuen:


-Zer adierazten dute, jauna?

Niri adierazpenak emateko zegoen aingeruak erantzun zidan:


-Erakutsiko dizut zer adierazten duten.

10 Orduan, sastraka artean zegoenak esan zidan:


-Lurra arakatzeko Jaunak bidali dituenak dira hauek.

11 Zaldizkoek sastraka artean zegoen Jaunaren aingeruari adierazi zioten:


-Arakatu dugu lurra, eta bakean eta bare aurkitu dugu.

12 Orduan, Jaunaren aingeruak esan zuen:


-Jaun ahalguztiduna, noiz arte iraungo duzu Jerusalemez eta Judako beste herriez errukitu gabe? Badira hirurogeita hamar urte haien aurka haserre zaudela.

13 Orduan, Jaunak hitz atsegin eta pozgarriak erantzun zizkion adierazpenak egiten zizkidan aingeruari.

14 Aingeruak Jaun ahalguztidunaren mezu hau aldarrikatzeko agindu zidan:

«Maitasun biziz maite dut Jerusalem, espa handiz Sion; 15 horregatik, haserre gorritan nago atzerriko nazio ustetsuen aurka: nik neure haserrea arindu nuelarik, haiek nire herria hondatzen lagundu zutelako». 16 Orain, bada, honela dio Jaunak: «Erruki natzaio Jerusalemi: nire etxea berriro eraikiko dute, bai eta hiri osoa ere».


17 Aingeruak Jaun ahalguztidunaren beste mezu hau ere aldarrikatzeko agindu zidan:

«Berriro ere gainez egingo dute ondasunez nire hiriek, berriro kontsolatuko dut Sion, nire aukeratua izango da berriro Jerusalem».

Bigarren ikuskaria: adarrak eta errementariak

2. atala

[aldatu]

1 Ondoren, begiak jasorik, lau adar ikusi nituen. 2 Niri adierazpenak egiten zizkidan aingeruari galdetu nion:


-Zer adierazten dute adar horiek?

Hark erantzun zidan:


-Juda, Israel eta Jerusalemgo bizilagunak sakabanatu zituzten nazio indartsuak adierazten dituzte.

3 Ondoren, Jaunak lau errementari erakutsi zizkidan. 4 Eta galdetu nion:


-Horiek zertara datoz?

Hark erantzun zidan:


-Adarrak Judako jendea inork burua ezin jaso izateraino sakabanatu zuten nazioak dira: errementariok, berriz, Judako jendea sakabanatu zuten nazioak izutzera datoz, eta hauen indarra suntsitzera.

Hirugarren ikuskaria: neurtzeko haria


5 Jaso nituen begiak berriro eta gizon bat ikusi nuen, neurtzeko haria eskuan zuela. 6 Eta galdetu nion:


-Nora zoaz?

Erantzun zidan:


-Jerusalem neurtzera, haren zabalera eta luzera jakiteko.

7 Orduan, adierazpenak egiten zizkidan aingerua aurreratu zen eta bidera zetorkion beste aingeru bati 8 esan zion:


-Joan azkar eta esaiozu horrako mutil horri: «Hiri irekia izango da Jerusalem, bertan izango diren bizilagun eta abereen kopuru handiagatik».

9 Jaunak dio:

«Neu izango naiz suzko harresi haren inguruan, aintzaz betea azalduko naiz haren erdian».

Erbestetuei deia

10 Jaunak dio: «Arin, arin! Egin ihes iparraldeko lurraldetik, neuk sakabanatu baitzintuztedan lau haizeetara! 11 Arin! Egin ihes, Babilonian bizi zareten Siongo seme-alabok!»


12 Jaun ahalguztidunak aginpidez bidali nau larrutu zaituzten nazioei adieraztera:

«Zuek ukitzen zaituztenak, neure begininia ukitzen du. 13 Neuk jasoko dut eskua haien aurka, beren esklaboek dituzte larrutuko». Orduan jakingo duzue Jaun ahalguztidunak bidali nauela.


14 Jaunak dio:

«Egin poz-oihu, alaitu, Sion hiri eder hori, zuen artean bizitzera nator eta. 15 Egun hartan, herri asko elkartuko zaizkit, eta neure herri izango ditut; zuen artean biziko naiz». Orduan jakingo duzu Jaun ahalguztidunak bidali nauela zuregana. 16 Jaunak bere ondaretzat hartuko du Juda lur santuan, bere aukeratua izango du Jerusalem berriro. 17 Bego isilik izaki oro, Jauna agertzean, bere bizileku santutik ateratzean!

Laugarren ikuskaria: Josue apaiz nagusia


3. atala

[aldatu]

1 Gero, Jaunak Josue apaiz nagusia erakutsi zidan, Jaunaren aingeruaren aurrean zutik. Josueren eskuinaldean Satan etsaia zegoen salatari.

2 Jaunaren aingeruak esan zion Satani: «Isilaraz hazala Jaunak, Satan, isilaraz hazala Jerusalem aukeratu duen Jaunak. Josue sutatik ateratako ilintia bezala da».

3 Josue, hain zuzen, soineko zikinez jantzia zegoen, aingeruaren aurrean zutik. 4 Aingeruak bere aurrean zeudenei esan zien: «Erantzi horri soineko zikina!» Eta Josueri esan zion: «Begira, zuregandik bekatua aldendu eta jai-soinekoz janzten zaitut».

5 Aingeruak esan zuen: «Jar iezaiozue buruan buru-zapi garbi bat». Jarri zioten buru-zapi garbia, eta jai-soinekoa jantzi.

6 Gero, Jaunaren aingeruak iragarpen hau egin zion Josueri:

7 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Nire bidetik ibili eta nire aginduak betetzen badituzu, neure tenpluko zuzendari izango zaitut, bertako atarien zaindari; neure aurrean zerbitzari ditudan hauen mailako egingo zaitut.


8 «Entzun, bada, zuk, Josue apaiz nagusi horrek, eta entzun bezate zure apaiz-laguntzaileok, ernetzeko dagoen salbamenaren aurre-ezaugarri direnok: Nik neure morroi <Ernemuin> ekarriko dut. 9 Horra Josueri aurkezten diodan harria, bakarra eta zazpi begiduna. Idazkun bat ezarriko diot, eta egun bakar batean ezereztuko dut lurralde honen bekatua. Hala diot nik, Jaun ahalguztidun honek. 10 Egun hartan mahats-parra eta pikuondopera gonbidatuko duzue elkar».

Bosgarren ikuskaria: argimutila eta bi olibondoak


4. atala

[aldatu]

1 Itzuli zen niri adierazpenak ematen zizkidan aingerua eta esnatu egin ninduen, lotan dagoena esnatzen den bezala, 2 eta galdetu zidan:


-Zer ikusten duzu?

Nik erantzun:


-Urre hutsezko argimutila ikusten dut, olio-ontzia gainean duela; zazpi kriseilu ditu eta zazpi hodi, olioa kriseiluetara eramateko. 3 Eta argimutilaren ondoan, bi olibondo ezker-eskuin.

4 Orduan, aingeruari galdetu nion:


-Zer adierazten dute, jauna?

5 Adierazpenak ematen zizkidan aingeruak erantzun zidan:


-Baina, ez ote dakizu zer adierazten duten?

Eta nik:


-Ez, jauna.

6 a Orduan, hark azaldu egin zidan:

10 b
-Zazpi kriseilu horiek, lurbira osoa arakatzen duten Jaunaren begiak adierazten dituzte.

11 Orduan, nik galdetu nion:


-Eta zer adierazten dute argimutilaren ezker-eskuin dauden bi olibondo horiek?

12 Eta berriro ekin nion:


-Zer adierazten dute olioa daramaten urrezko bi hodien ondoan dauden bi olibondo-adarrok?

13 Hark esan zidan:


-Baina, ez al dakizu benetan?


-Ez, jauna
-erantzun nion.

14 Hark, orduan:


-Mundu osoaren Jabea zerbitzatzeko olioz sagaratuak izan diren bi gizonak dituzu horiek.

Jaunaren agintzaria Zorobabeli


6 b Aingeruak Jaun ahalguztidunaren hitzok Zorobabeli adierazteko agindu zidan: «Zeure eginkizuna ez duzu boterez, ez indarrez beteko, nire espirituaz baizik. 7 Eta hi, mendia besteko harri-multzo hori, berdindu egingo hau Zorobabelek. Honek aterako du tenplua burutuko duen harria. Orduan, jendeak honela egingo du deiadar: Hori bai ederra, hori!»

8 Beste mezu hau ere eman zidan Jaunak: 9 «Zorobabelek bere eskuz jarri zituen etxe honen oinarriak eta bere eskuz burutuko du etxea». Orduan jakinen duzue Jaun ahalguztidunak bidali nauela zuengana. 10 a Hasiera apala arbuiatzen zuena ere poztu egingo da, tenplua burutuko duen harria Zorobabelen eskuetan ikustean.

Seigarren ikuskaria: liburua


5. atala

[aldatu]

1 Berriro jaso nituen begiak eta liburu bat ikusi nuen hegan. 2 Aingeruak galdetu zidan:


-Zer ikusten duzu?

Nik erantzun:


-Liburu bat ikusten dut hegaz, hamar metro luze eta bost zabal dena.

3 Orduan, azaldu zidan:


-Lurbira osoaren gainera zabaltzeko dagoen madarikazioa dakar liburuak.

Liburuaren alde batean «Lapur guztiak garbituko dituzte» zegoen idatzia, eta bestean «Gezur-zinegile guztiak garbituko dituzte». 4 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Neuk bidaltzen dut madarikazio hori, lapurraren etxera eta nire izenean gezur-zinak egiten dituenaren etxera sar dadin; bertan geratuko da, etxe osoa, harri eta habe, ezereztu arte».

Zazpigarren ikuskaria: ontzia eta emakumea


5 Adierazpenak ematen zizkidan aingeruak, hurbildurik, esan zidan:


-Jaso begiak eta begiratu agertzen ari denari.

6
-Zer da?
-galdetu nion.

Hark erantzun zidan:


-Ontzi handi bat da: lurralde guztiaren bekatua adierazten du.

7 Ontzia berunezko estalkiz itxia zegoen. Estalkia jaso zutenean, emakume bat agertu zen ontzi barruan jezarria. 8 Aingeruak adierazi zidan:


-Gaiztakeria da.

Ontzi barrura bultza egin zion emakumeari eta berunezko estalkia ezarri gainean.

9 Begiak jaso eta bi emakume ikusi nituen, airean hegaz. Hegoak zikoinaren gisakoak zituzten. Ontzia hartu eta zerurantz jaso zuten. 10 Adierazpenak ematen zizkidan aingeruari galdetu nion:


-Nora daramate ontzia?

11 Eta hark erantzun:


-Babiloniara; han santutegia eraikiko diote, eta prest dagokeenean, oinaulki gainean jarriko dute.

Zortzigarren ikuskaria: lau gurdiak


6. atala

[aldatu]

1 Begiak berriro jaso eta lau gurdi ikusi nituen bi mendiren artetik agertzen; mendiak brontzezkoak ziren. 2 Lehen gurdiko zaldiak gorriak ziren; bigarrengoak beltzak, 3 hirugarrengoak zuriak, eta laugarrengoak nabarrak. 4 Adierazpenak ematen zizkidan aingeruari galdetu nion:


-Zer esan gura dute, jauna?

5 Aingeruak erantzun zidan:


-Zeruko lau haizeak dira: mundu osoaren Jabearen zerbitzuan daude, eta orain badoaz. 6 Zaldi beltzen gurdia iparraldeko lurralderantz, zaldi zuriena haien atzetik, eta nabarrena hegoaldeko lurralderantz.

7 Zaldiak bizi-bizi atera ziren, lurra arakatzeko prest. Jaunak agindu zien:


-Joan eta zeharkatu lurbira osoa.

Horixe egin zuten. 8 Eta Jaunak dei egin eta esan zidan:


-Hara, iparralderantz atera direnek baretu dute nik iparraldeko lurraldearen aurka dudan haserrea.

Josue koroatua


9 Honela mintzatu zitzaidan Jauna: 10 «Zoaz gaur berton Sofoniasen seme Josiasen etxera eta hartu Heldai, Tobias eta Jedaias, Babiloniatik itzuli diren erbestetu horien emaitzak. 11 Har itzazu urrea eta zilarra, egizu koroa eta ezarri buruan Jotzadaken seme Josue apaiz nagusiari. 12 Eta adierazi berari Jaun ahalguztidunak dioena:

«Hona <Ernemuin> deitua den gizona; horren etorreran dena erneberrituko da; berriro jasoko du Jaunaren tenplua. 13 Bera da Jaunaren tenplua jasoko duena; ohorez betea izango da eta errege-aulkian jezarriko gobernatzeko; apaiza ere bere aulkian jezarriko da, eta zeharo bat etorriko dira biak. 14 Koroa Jaunaren tenpluan geratuko da, Heldaik, Tobiasek eta Jedaiasek egindakoaren eta Sofoniasen seme Josiasen bihotz-zabalaren oroigarritzat. 15 Jaunaren, zeuen Jainkoaren esana benetan betetzen baduzue, urruti daudenak ere etorriko dira Jaunaren tenplua jasotzera». Orduan jakingo duzue Jaun ahalguztidunak bidali nauela zuengana.

Barauari buruzko galdera: ospakizunak eta zuzentasuna


7. atala

[aldatu]

1 Darioren erregealdiko laugarren urtean, Kasleu deritzan hilean, hau da, bederatzigarren hilaren lauan, Jaunak bere mezua zuzendu zion Zakariasi.

2 Betel-Saretzerrek, erregearen gobernu-gizon nagusiak, lagun-talde bat bidali zuen Jaunari mesedea eskatzera 3 eta Jaun ahalguztidunaren etxeko apaizei eta profetei galdera hau egitera: «Dolu eta barau egin behar ote dugu bosgarren hilean, aspaldiko urteetan egin izan dugun bezala?»

4 Jaun ahalguztidunak erantzun hau eman zidan, 5 apaizei eta herritar guztiei adierazteko: «Hirurogeita hamar urteotan, bosgarren eta zazpigarren hilean dolu eta barau egiten duzuenean, nire omenez egiten al duzue? 6 Jan eta edaten duzuenean, ez al duzue zeuen onerako egiten?» 7 Gisa honetako mezua iragarria zuen jadanik Jaunak antzinako profeten bidez ere, Jerusalem, inguruko herriak, Negev eta Xefela oraindik bizilagunez beteak eta bakean zeudenean.

8 Jaunak mezu hau ere eman zion Zakariasi: 9 «Honela dio Jaun ahalguztidunak: Epai ezazue zuzentasunez, izan on eta errukitsu; 10 ez zapaldu alargun, umezurtz, arrotz eta errukarriak; ez dezala inork lagun hurkoaren aurka kalterik asmatzen jardun».

11 Ez zuten, ordea, jaramonik egin; bizkarra eman zioten Jaunari, entzungor egin haren hitzari. 12 Gogortu egin zuten beren bihotza, Jaun ahalguztidunak, bere espirituaz, antzinako profeten bidez ematen zizkien irakaspen eta hitzak ez entzuteko. Orduan, haserre gorritan jarri zen Jaun ahalguztiduna, 13 eta esan zuen: «Nik dei egitean entzun ez zutenez, nik ere ez diet entzungo beraiek niri dei egitean. 14 Herri ezezagunetan sakabanatu nituen; haien atzean lurra soil geratu zen, bizilagunik eta ibiltaririk gabe. Hara lur bikaina lur gorri bihurtua!»

Jaunak zorion-agintzaria Jerusalemi


8. atala

[aldatu]

1 Jaun ahalguztidunak mezu hau eman zidan:

2 «Honela dio Jaun ahalguztidunak: Maitasun biziz maite dut Sion, maitasun garretan nago berarengatik. 3 Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Itzuliko naiz Sionera, Jerusalemen naiz biziko, Jerusalem <Hiri Zintzo> deituko da; Jaun ahalguztidunaren Sion mendia <Mendi Santu>. 4 Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Berriro jezarriko dira adineko gizon-emakumeak Jerusalemgo kaleetan, nork bere makila eskuan, zaharraren zaharrez; 5 hiriko kaleak neskato-mutikoz beteko dira, plazetan jolas eta jolas. 6 Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Egun haietan, herri honetan bizirik geldituek hau ezinezkotzat jotzen badute ere, ez da niretzat ezinezko izango. 7 Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Neuk salbatuko dut neure herria; sortalde eta sartaldeko lurraldeetatik 8 ekarriko ditut, Jerusalemen bizi daitezen. Neure herri izango ditut nik, beren Jainko izango naute haiek, leialtasunez eta zuzentasunez.

9 «Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Izan bihotz, Jaun ahalguztidunaren etxea jasotzeko oinarriak jarri ziren egun haietan profeten ahotik hitz hauek entzun zenituztenok. 10 Artean, ez zegoen lan-irabazirik ez abereentzat, ez gizakientzat; ez zen bake segururik batetik bestera ibiltzeko, etsaiengatik. Neuk axatzen nituen guztiak bata bestearen aurka. 11 Orain, ordea, ez dut jokatuko lehengo aldietan bezala herri honetan bizirik geldituekin. Hala agintzen dizuet nik, Jaun ahalguztidun honek. 12 Izan ere, bakea ereingo dut, mahastiak emango du bere fruitua, lurrak bere ekarria eta zeruak bere ihintza; herri honetan bizirik geldituei emango diet hori guztia. 13 Juda eta Israel, nazioen begietan madarikatuak izan zareten bezala, bedeinkatuak izango zarete nik salbatuko zaituztedanean. Ez beldurtu, izan bihotz!

14 «Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Zuen gurasoek ni haserre jartzean, zuei kalte egitea erabaki nuen, eta ez nintzen damutu; 15 baina, egunotan, aldatu egin dut neure erabakia Jerusalemi eta Judari on egiteko. Ez izan, bada, beldur! 16 Hauxe egin behar duzue: esan egia lagun hurkoari, epaitu zuzenbidez zeuen auzitegietan, 17 ez erabili asmo txarrik elkarren aurka, ez egin gezurrezko zinik; gorroto baitut hori guztia. Nik, Jaunak, esana».


18 Jaun ahalguztidunak mezu hau eman zidan: 19 «Honela dio Jaun ahalguztidunak: Laugarren, bosgarren, zazpigarren eta hamargarren hiletako barauak jai zoriontsu bihurtuko dira Judarentzat, poz eta alaitasunez beteak. Zuek, ordea, egia eta bakea behar dituzue maite. 20 Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Etorriko dira oraindik Jerusalemera herriak eta hiri handietako bizilagunak; 21 hiri batekoak bestekoengana joango dira eta esango diete: <Goazen Jaunaren bila, berari mesede eske>. Eta erantzungo diete: <Bai, bagoaz gu ere>. 22 Herri asko eta nazio indartsuak etorriko dira horrela Jerusalemera, nire, Jaun ahalguztidun honen, bila eta niri mesede eske.

23 «Honela diotsuet nik, Jaun ahalguztidun honek: Egun haietan, hizkuntza arrotz bakoitzeko hamar gizonek soineko hegaletik judu bati heldu eta esango diote: <Zuekin joan nahi dugu, Jainkoa zuekin dagoela jakin baitugu> ».

ISRAEL ETA ATZERRIKO NAZIOAK

Jaunak atzerriak zigortu eta salbatuko

9. atala

[aldatu]

1 Jaunaren hitza Hadrak lurraldera dator, eta Damaskon gelditzen da; Jaunarena baita Siriako hiriburua, Israelgo leinuak bezala; 2 bai eta Damasko aldameneko Hamat eta hain trebe diren Tiro eta Sidon ere. 3 Tirok gotorlekua jaso du, hautsa adina zilar pilatu du, kaleetako lokatza adina urre; 4 baina Jaunak biluztu egingo du, itsasora jaurtikiko ditu haren ondasunak eta hiria bera suak irentsiko du. 5 Hori ikustean, Axkelon dardaraz jarriko da, Gaza min gorritan; bai eta Ekron ere, bere itxaropenak huts egin baitio. Gazak erregea galduko du, Axkelonek bizilagun oro; 6 Axdod jende arrotzez beteko da. Honela dio Jaunak: «Horrela ezereztuko dut filistearren harrokeria; 7 kendu egingo diet ahotik odola darion okela, haginetatik idoloei eskainitako jakiak; hala ere, geldituko dira batzuk bizirik eta neure neureak izango ditut, Judako leinuak bezala; Ekrongoak jebustarrak bezala izango dira. 8 Neure lurraldearen jagole izango naiz inguruan dabiltzan gudari-taldeen aurka; zapaltzailea ez da gehiago lurralde honetan sartuko, orain neure begiz zaintzen dut eta».

Errege apal eta bakegilea

9 Poztu biziro, Sion hiri eder! Egin irrintzi, Jerusalem hiriburu! Hara, badatorkizu zeure erregea: zuzen eta garaile dator, apal eta asto baten gainean, astakume baten gainean. 10 Berak hondatuko ditu Efraimgo gudu-gurdiak eta Jerusalemgo zaldiak; hautsiko ditu gudu-uztaiak, eta bakea iragarriko die nazioei; itsasotik itsasora aginduko du, Eufrates ibaitik lurraren bazterreraino.

Jaunak gatibuak askatu

11 Honela dio Jaunak: «Zurekin odolez baietsi nuen itunarengatik, askatuko ditut zure gatibuak espetxetik, erbestetik, ur gabeko putzu horretatik. 12 Itzuli gotorlekura, itxaropena gorde duzuen gatibuok! Hala nik gaur agindu: Ordain ugaria itzuliko dizuet. 13 Juda gezi-uztai bezala teinkatuko dut eta Efraim izanen da gezi; Sion gudari-ezpata bihurtuko dut, eta haren semeak greziarren aurka jaikiaraziko ditut». 14 Jauna agertuko zaie geziak tximistak bezala jaurtikiz; Jainko Jaunak turuta jo eta hegohaize beltzen artean aurrera egingo du. 15 Jaun ahalguztidunak babestuko ditu: habail-harriz hondatuko dituzte etsaiak, ardoa bezala isuriko dute etsaien odola, ixipu-ontzi beteetatik aldare-ertzetan behera jaisten den opari-odola bezala. 16 Egun hartan Jaunak, beren Jainkoak, salbatuko du bere herria, artzainak artaldea bezala; distira egingo dute herritarrek beren lurraldean, diadema bateko harribitxiak bezala. 17 Hura bai zoriona! Hura bai edertasuna! Gariak eta ardoak biziberrituko dituzte neska-mutil gazteak.

Jaunarengana zuzendu, ez sasijainkoengana

10. atala

[aldatu]

1 Eskatu Jaunari udaberriko euriak; tximistak sortzen dituen Jaunak bidaliko ditu euri-zaparradak, emango dio nori bere soroko fruitua. 2 Sasijainkoek, ordea, erantzun hutsalak ematen dituzte, igarleek gezurrezko agerpenak azaltzen, amets zoroak kontatzen, baliogabeko pozbideak iragartzen. Horregatik dabiltza galduak nora-ezean, artzain gabeko ardiak bezala.

Erbestetuak Jaunak herrira itzularaziko

3 Honela dio Jaunak: «Artzainen aurka pizten da nire haserrea, nagusiei kontuak eskatuko dizkiet. Nik, Jaun ahalguztidun honek, zainduko dut neure artaldea, Judako herria, eta zaldi ohoretsu bihurtuko dut guduan. 4 Judatik aterako dira beronen buruzagiak, giltzarria bezain sendo, kanpadendaren taketa bezain tinko, gudu-uztaia bezain gogor. 5 Gudari adoretsu izango dira, kaleko lokatza bezala zapalduko dituzte etsaiak guduan. Ni, Jaun hau, beraiekin nagoelako egingo dute borroka; lotsatan utziko dituzte etsaien zaldizkoak. 6 Judako herria gudurako sendotuko dut, Joseren ondorengoei garaipena emango diet, berriro aberrira eramango ditut, haietaz errukitu naizelako, eta sekula zapuztu ez banitu bezala izango dira. Jauna naiz ni, haien Jainkoa, eta erantzungo diet haien erreguei. 7 Israeldarrak gudaria bezain adoretsu izango dira; alai egongo dira, edanak baleude bezala; hori ikustean, haien seme-alabak alaituko dira, poz-pozik jarriko dira Jaunak egindakoagatik. 8 Txistua joko dut denak biltzeko, neuk askatu baititut; lehenago bezain ugari izango dira. 9 Atzerritarren artean sakabanatu nituen, baina han urrutian ere gogoratuko dira nitaz, seme-alabak haziko dituzte eta itzuli egingo dira. 10 Egiptotik itzularaziko ditut, Asiriatik bilduko; Galaad eta Libanoraino ere eramango ditut, eta, hala ere, ez dute behar hainbat leku izango. 11 Haiek Egiptoko itsasoa igarotzean, itsas uhinak baretuko ditut, Nilo hondoa agortu egingo da. Asiriaren harrokeria apaldua izango da eta Egiptoren aginte-makila kendua. 12 Neuk, Jaun honek, emango diet indarra eta nire izenean egingo dute aurrera. Nik, Jaunak, esana».

Jaunak herri ahaltsuak hondatu

11. atala

[aldatu]

1 Zabaldu zeure ateak, Libano, eta irents bitza suak zure zedroak. 2 Egizu intziri, zipres horrek, zedroa erori egin baita, soildu egin dituzte zuhaitzik garaienak; egin intziri, Baxango arteok, erori egin baita oihan trinkoa. 3 Intzirika ari dira herrien artzainak, ezereztua baitute beren ospea; orroaka ari dira lehoiak, hondatua baita Jordan inguruko edertasuna.

Bi artzainak


4 Honela dio Jaunak, nire Jainkoak: «Zaindu hiltzeko diren ardiak. 5 Erosleek errudun sentitu gabe hiltzen dituzte; saltzaileek, berriz, honela diote: <Bedeinkatua Jainkoa! Aberasten ari naiz!> Artzainek berek ere ez dute ardien errukirik. 6 Nik ere ez dut errukirik izango lurraldeko bizilagunekin. Hala diot nik, Jaun honek. Gizakia, nor bere artzainaren eta erregearen esku utziko dut; erregeek lurraldea erraustuko dute, eta ez dut inor aterako haien eskuetatik».

7 Orduan, tratulariek hiltzeko zeuzkaten ardien artzain bihurtu nintzen. Bi makila hartu nituen: batari «Edertasun» ezarri nion izena, eta besteari «Batasun», eta artzain hasi nintzen. 8 Hilabete batean hiru artzain kendu nituen; baina haserretu egin nintzen ardien kontra, eta beraiek ere aspertu egin ziren nitaz. 9 Orduan, esan nien: «Ez dut jarraitu nahi zuek larratzen. Hil behar duena, hil dadila! Galdu behar duena, gal dadila! Geratzen direnek, jan dezatela elkar!»

10 «Edertasun» makila hartu eta hautsi egin nuen, herrialde guztiekin Jaunak egindako ituna hausten nuela adierazteko. 11 Egun hartan desegin zen ituna, eta niri begira zeuden ardi-tratulariek argi eta garbi ezagutu zuten Jaunak bere mezua azaltzen zuela horretan. 12 Gero, esan nien: «Ondo baderitzozue, ordaindu lansaria; bestela, utzi». Haiek zilarrezko hogeita hamar txanpon ordaindu zizkidaten.

13 Jaunak esan zidan: «Begira nolako prezioa ezarri dioten nire buruari. Eramazkiozu tenpluko urtzaileari». Hartu nituen, bada, hogeita hamar txanponak, eta tenpluko urtzaileari eraman nizkion.

14 Gero, bigarren makila, «Batasun» deitua, hautsi nuen, Juda eta Israelen arteko senidetasuna hausten nuela adierazteko.

15 Jaunak agindu zidan: «Joka ezazu artzain arduragabearen antzera. 16 Izan ere, neuk jarriko dut herrian artzain bat; ez du ardi galduen ardurarik izango, ez da aldenduen bila ibiliko; ez ditu zaurituak sendatuko, ez eta osasuntsuak bazkatuko ere; gizenduak jan egingo ditu, eta apatxak ere atera egingo dizkie».

17 Bai errukarria artzain arduragabea, artaldea bertan behera uzten duena! Ezpata haren besoaren aurka, haren eskuineko begiaren aurka! Ihartu bekio besoa! Itsutu bekio eskuineko begia!

Jerusalem inguratua eta askatua


12. atala

[aldatu]

1 Israeli buruzko Jaunaren mezua. Jaunak zabaldu du zerua, berak oinarritu lurra, berak eman dio gizakiari bizi-arnasa.

2 Honela dio Jaunak: «Inguruko herri guztiak mozkortuko dituen ardo-kopa bihurtuko dut Jerusalem, eta gauza bera egingo dut Juda osoarekin ere, Jerusalem setiatuko dutenean. 3 Egun hartan, hala ere, harri astun bihurtuko dut Jerusalem herri guztientzat: jasotzen ahalegintzen dena, zauritu egingo da. Lurreko herri guztiak bilduko dira Jerusalemen aurka. 4 Hala diot nik, Jaun honek: Zaldiak izuz eta zaldizkoak beldur-ikaraz joko ditut; atzerritarren zaldiak itsutu egingo ditut; neure begiak, ordea, zabal-zabalik izango ditut Judako herriarentzat. 5 Orduan, Judako buruzagiek esango dute beren baitan: <Beren Jainko Jaun ahalguztidunari esker, indar berriak hartu dituzte Jerusalemgo bizilagunek>. 6 Egun hartan, nire eraginez, Judako buruzagiek aldameneko herri guztiak irentsiko dituzte, ezker-eskuin, suteak sasia bezala, zuziak lastabalak bezala; Jerusalemgo bizilagunek, ordea, beren hirian jarraituko dute bizitzen.

7 «Baina nik, Jaunak, Judako herrialdeak salbatuko ditut lehenengo, Daviden ondorengoak eta Jerusalemgo bizilagunak Judako beste herrialdeen kaltetan harro ez daitezen. 8 Egun hartan, neuk, Jaunak, zainduko ditut Jerusalemgo bizilagunak: makalena Daviden pareko izango da; Daviden ondorengoak izango dira gidari, Jainkoa bera bezala, Jaunaren aingerua bezala.

9 «Egun hartan, Jerusalemi erasoka etor dakizkion guztiak hondatuko ditut. 10 Daviden etxe gainera eta Jerusalemgo bizilagunen gainera bihotz-damua eta otoitz-espiritua isuriko ditut. Ni zulatua ikustean, hiletak joko dituzte seme bakarrarengatik bezala, negar samina egingo dute lehen-semeagatik egin ohi den bezala. 11 Egun hartan, handia izango da Jerusalemen hileta-negarra, Megidoko lautadetan Hadad-Rimon jainkoari egiten zaiona bezalakoa. 12 Lurralde osoak egingo du hileta-negarra, senitarteek senitarteka, gizonezkoek batetik eta emakumeek bestetik: Daviden senitarteak eta Natanenak, 13 Lebiren senitarteak eta Ximeirenak; 14 bizirik gelditutako senitarte guztiek, gizonezkoek batetik eta emakumezkoek bestetik.


13. atala

[aldatu]

1 «Egun hartan, iturburu bat sortuko da Daviden ondorengoen eta Jerusalemgo bizilagunen bekatua eta kutsadura garbitzeko».

Jaunak sasijainkoak eta sasiprofetak desegingo


2 Jaunak dio: «Egun hartan garbitu egingo ditut lurretik sasijainkoen izenak, ez da aurrerantzean haien aipamenik egingo; bota egingo ditut profetak, bai eta haiek kutsatzen dituen espiritua ere. 3 Norbait profeta-jardunean hasten bada, sortu zuten gurasoek berek esango diote: <Hil egin behar duk, Jaunaren izenean gezurrak iragarri ditualako>. Bere gurasoek zulatuko dute alderik alde, profeta-jardunean ari den bitartean. 4 Egun hartan, lotsatu egingo dira profetak beren profeta-jardunaz eta ez dira soingaineko iletsuz jantziko, engainatzeko. 5 Esango dute: <Ni ez naiz profeta, nekazari baizik; lur-sailen jabe naiz gaztetandik>. 6 Eta galdetuko diote: <Zer dituk, bada, soinean daramatzaan zauri horiek?> Eta hark erantzungo: <Neure maitaleen etxean zauritu naute> ».

Herri berria sortuko

7 Jaun ahalguztidunak dio: «Jaiki zaitez, ezpata, nire artzainaren aurka, nire laguntzailearen aurka. Jo artzaina: ardiak sakabanatu egingo dira, txikienak ere jo egingo ditut. 8 Lurralde guztian, hirutatik bi kendu eta hil egingo dira, eta heren bat soilik geratuko da. 9 Heren hori sutan garbituko dut zilarra garbitzen den bezala, urrea arragoan bezala. Hark dei egingo dit eta nik erantzun egingo diot: <Ene herri> esango dut, <Jauna, ene Jainko> esango du».

Jerusalemen garaipena eta berrikuntza


14. atala

[aldatu]

1 Hara, badator Jaunaren eguna. Zure ondasunak, Jerusalem, gudu-harrapakin bezala banatuko dituzte. 2 Atzerriko nazio guztiak bilduko ditu Jaunak Jerusalemen aurka: hiria hartu, etxeak hustu, emakumeak bortxatu egingo dituzte. Hiri erdia erbestera joango da; baina gainerako bizilagunak ez dituzte botako hiritik. 3 Orduan, Jauna aterako da nazio horien aurka borrokara, lehenagoko guduetan egin ohi zuen bezala. 4 Egun hartan, Oliamendi gainean jarriko ditu oinak, Jerusalemen sortaldean. Bitan ebakiko da Oliamendi, eta haran bat azalduko da sortaldetik sartaldera; mendiaren erdi bat iparralderantz aldenduko da, beste erdia hegoalderantz. 5 Mendi arteko haran horretatik egingo duzue ihes, Atzal-eraino iritsiko baita. Ihes eginen duzue, zuen aurrekoek Judako errege Uziasen egunetan lurrikaragatik egin zuten bezala. Orduan, Jauna, nire Jainkoa, etorriko da, bere aingeru guztiekin.

6 Egun hura ez da lehenik argi eta gero ilun izango; 7 paregabeko egun izango da, gaurik gabeko egun, arratsean ere iraungo baitu argiak. Hori noiz gertatuko den, Jaunak bakarrik daki. 8 Egun hartan, urbiziak sortuko dira Jerusalemdik: uren erdiak Itsaso Hilerantz joango dira, eta beste erdiak Mediterraneorantz, uda eta negu. 9 Mundu osoaren errege izango da Jauna. Egun hartan bakarra izango da Jauna, eta ez da haren izena baizik aipatuko.

10 Lurralde osoa lau-lau egingo da, Gebatik Rimoneraino, Jerusalemen hegoaldean. Jerusalem garai egongo da eta Benjaminen Atetik Ate Zaharra zegoen tokiraino
-Kantoiko Ateraino
- eta Hananeelen Dorretik erregeren Dolaretaraino hedatuko da.
11 Bizilagunez betea egongo da eta ez dute gehiago suntsituko; Jerusalemek seguru iraungo du.

12 Jerusalemen aurka borroka egin zuten herri guztiei zigor hau ezarriko die Jaunak: haragia usteldu egingo zaie oraindik bizirik daudela, begiak beren zuloetan ustelduko zaizkie, mihia aho barruan. 13 Egun hartan, Jaunak bidalitako beldur-ikara larriak hartuko ditu: batek lagunari eskua ematean, besteak ukabilkada emango dio. 14 Judako jendeak ere Jerusalemen alde egingo du borroka. Inguruetako herrien aberastasunak bereganatuko dituzte: zilar, urre eta soinekoak ugari. 15 Lehen aipatu den zigor berbera jasango dute zaldi, mando, gamelu, asto eta etsaien gudu-etxoletako beste abere guztiek.

16 Jerusalemi eraso egin zioten herrietan bizirik geldituak, urtero-urtero etorriko dira errege Jaun ahalguztiduna gurtzera eta Etxola Jaia ospatzera. 17 Jauna gurtzera Jerusalemera igoko ez den herriak ez du euririk hartuko bere lurraldean. 18 Egiptoarrak ez badatoz, Jaunak zigortu egingo ditu, Etxola Jaia ospatzera ez datozen beste atzerritarrak bezala. 19 Horixe izango da Egiptorentzat eta Etxola Jaia ospatzera ez datozen herri guztientzat zigorra.

20 Egun hartan, zaldien txilinek ere hauxe eramango dute idatzita: «Jaunari sagaratua»; aldare aurreko ixipu-ontziak bezain sakratu izango dira tenpluko galdarak. 21 Jerusalem eta Judako galdara guztiak Jaun ahalguztidunari sagaratuak egongo dira. Sakrifizioak eskaintzera etorriko diren guztiek galdara hauetan egosiko dute opari-okela. Egun hartan ez da gehiago merkataririk izango Jaun ahalguztidunaren etxean.