Edukira joan

Delituez eta zigorrez/Itzultzailearen oharra

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
Itzultzailearen oharra
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Itzultzailearen oharra

Cesare Beccaria milandarraren Dei delitti e delle pene 1764an argitaratu zen Livorno-n. Berehalako arrakasta izan zuen. Egilea zuzenketak sartuz joan zen ondorengo edizioetan. Itzulpen hau 1766an argitaratu zen 5. edizioarena da; hau izan zen, itxura guztien arabera, Beccariak orraztu zuen azkena. Orripeko oharrak Franco Venturi-k aipaturiko edizioaren gainean oraintsu eginikoak dira (Arnaldo Mondadori editore. Milano, 1991). Beccariak berak ere jarri zituen ohar banaka batzuk; adierazita daude.

Bihurria da Beccariaren prosa. Bere parrafo asko oso luzeak dira, ilunak beste asko, eta gauza biak ez gutxi. Berak zioen bezala, bihotzaren filosofia espirituarena baino maiteago zuen; ur-lasterraren abiadaz eta emariz garatzen ditu bere ideiak, forma gehiegi zaindu gabe.

Berariaz izan zen iluna Beccaria. Inkisizioaren eta beste botere batzuen beldur zen. Zera idatzi zion gutun batean Morellet-i, frantsesezko bere lehen itzultzaileari: «Nire lana idazterakoan, Galileo, Machiavelo eta Giannone-ren kasuak izan ditut gogoan. Sineskeriaren kate-hotsak eta fanatismoaren garrasiak entzun ditut egiaren intziriak itotzen. Honek iluna izatera behartu nau, eta lainopean estaltzera egiaren argia. Gizakiaren defendatzaile izan nahi dut, martiri izan gabe. Iluna izan nahiaren ohitura eta ardurak beharrezkoa ez zenean ere izatera eraman nau, agian».

Testuan arkituko dituzun iluntasunak, beraz, ez dira guztiak itzultzailearen ezinak edo ezjakinak eragindakoak.