Irakurleari
Beraz, norbaitek bere kritikekin ohoratu nahi banindu, garbi jakin beza zein den lan honen helburua, inondik inora ez autoritate legitimoa gutxitzea, handitzea baizik, eta hau gertatuko da baldin eta gizakiongan gogoetak indarrak baino ahalmen handiagoa badu, eta samurtasuna eta gizatasuna denon begiko badira. Liburu honen kontra argitaratu diren asmo txarreko kritikak oso irizpide ilunetan daude oinarrituak, eta, une batez, irakurle argiei zuzendutako nire arrazoiketak eten beharrean naiz, behin betikoz atea itxi nahi baitiet arduragabekeriaren hutsegiteei, edo bekaizkeria gaiztoaren gezur-irainei.
Hiru dira gizona gobernatzen duten oinarri moral eta politikoen iturriak. Errebelazioa, lege naturala, eta gizarteak adostutako hitzarmenak. Ezin dira alderatu lehenengoa eta beste biak bere helburu nagusiari dagokionean; baina antza dute hirurek, denek bizitza hilkor honetako zorionera eramaten duten neurrian. Azkenengoaren harremanak kontuan hartzea ez da lehenengo bien harremanak alde batera uztea. Aitzitik, lehenengo hauek, nahiz jainkotiarrak eta aldaezinak izan, gizonen, erlijio faltsuen eta bizio eta bertuteari buruzko irizpide arbitrarioen erruz, gizonen buru ustelduetan mila modu desberdinez bihurritu direnez, beharrezkoa ikusten da hauek banan-banan aztertzea, beste gorabehera batzuekin nahastu gabe; ikusi zer den giza konbentzio soiletatik sortutakoa, eta zer behar komuntzat jotzen denetik, zeinetan oinarritua egon behar baitu dotrina oro eta sistema moral oro; eta hau lan txalogarria izango da beti, gizon temati eta sinesgogorrena ere gizartean bizitzeko oinarriak onartzera bultzatuko baitu. Beraz, hiru bertute eta bizio mota daude: erlijiosoa, morala eta politikoa. Hiru mota hauek ez dute inoiz elkarrekin kontraesanean egon behar. Baina batetik eratortzen diren ondorio eta betebehar guzti-guztiak ez dira eratortzen besteetatik. Errebelazioak eskatzen duen guztia ez du eskatzen lege naturalak, eta honek eskatzen duen guztia ere ez du eskatzen gizarte-lege soilak: horregatik oso inportantea da bereiztea zer den konbentzio hauen ondorio eta zer gizonen arteko hitzarmen, gizonen arteko harremanetan lege-esparru batzuen barruan joka daitekeelako, Izaki gorenaren eskuhartze bereziaren premiarik gabe. Beraz, zalantza-izpirik gabe esan daiteke bertute politikoaren ideia aldakorra dela; bertute naturalarena beti izango litzateke gardena eta nabarmena, baldin eta gizonen inozokeria eta grinek ilunduko ez balute; bertute erlijiosoarena beti bat eta bera da, Jaungoikoak errebelatu eta berak zaintzen duelako.
Hutsegitea izango litzateke, beraz, hemen hitz egiten ari denari konbentzio sozialak eta hauen ondorioak leporatzea, eta lege naturalaren edota errebelazioaren kontrako irizpideak, ez baita hauei buruz mintzo. Hutsegitea litzateke, gerra-estatuaz gizarte-estatuaz baino lehenago hitz egiten denean, norbaitek zentzu hobbestarrean hartuko balu, aurretiko erantzukizun eta betebeharrik ez balitz bezala, konturatu gabe gerra giza natura ustelduaren eta zigorrik ezaren ondorioa dela. Hutsegitea litzateke gizarte-hitzarmenaren ondorioak aztertzen dituen idazle bati delitua egoztea, ez onartzea hauek hitzarmenaren beraren aurretikoak direla.
Justizia jainkotiarra eta naturala aldaezinak eta iraunkorrak dira berez, bi objektu berberen arteko harremana beti berbera baita; baina giza justizia, politikoa alegia, ekintzen eta gizartearen egoera aldakorren harreman soila delarik, aldagarria da, ekintza hura gizarte horri beharrezkoa edo komenigarria bihur dakiokeen heinean, eta ezingo da ondo neurtu ekintza hori giza harremanen hari nahasi eta aldakorrak ikertu gabe. Eta hain desberdinak diren irizpide hauek nahas-mahas badaude, ezingo dugu gai publikoen gainean ondo arrazoitzeko itxaropenik izan. Teologoen lana da zuzenaren eta ez-zuzenaren arteko mugak zehaztea, eta ekintzaren berezko ontasuna edo txartasuna erabakitzea; pentsalariari dagokio politikoki zuzena edo ez-zuzena zer den zehaztea, gizartearendako mesedea eta kaltea neurtzea; objektu batek ezin dio besteari kalte egin, edozeinek ikusten duelako bertute politiko hutsak zenbateraino utzi behar dion leku Jainkoarengandik eratortzen den bertute aldaezinari.
Bere kritikarekin ohoratu nahi nauen inor ez dadila abiatu, beraz, niri bertutea eta erlijioa suntsitzeko asmoak suposatzetik, erakutsia baitut horiek ez direla nire irizpideak, eta ni fedegabetzat edo agintarien aurkakotzat jo aurretik, ahalegindu dadila nigan logiko txarra edo politiko kaskarina ikusten; ez dadila sutan jarri humanitatearen interesa aldarrikatzen duten nire proposamenengatik, konbentzi nazala nire irizpideak ez direla erabilgarriak, edota kalte politikoak ekar ditzaketela, ikusi eragin diezadala zein onuragarriak diren dauzkagun ohiturak. Garbi azaldua dut jende aurrean nire erlijioaren lekukotasuna eta nire soberanoari diodan menpekotasuna, Note ed osservazioni6 izenekoari emandako erantzunean; alferriko lana litzateke idatzi horren ondorengo beste antzeko batzuei erantzutea; baina gizon jatorrei dagokien dezentziarekin idazten dutenek, oinarrizko irizpideak demostratu beharrean jartzen ez nauten gizon argiek, edozein izakera dutelarik ere, jakin bezate niregan topatuko dutela, ez hainbeste erantzuteko zain dagoen gizona, egizale baketsua baizik.