Edukira joan

Delituez eta zigorrez/Sarrera

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
Sarrera
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Sarrera

Gizonek araudirik inportanteenak zenbaiten unean uneko zuhurtasunaren eta iritziaren esku uzten dituzte gehienetan, halakoen interesa onura unibertsala dakarten lege jatorrenen aurka jotzea izaten delarik, eta gutxi batzuei mesede egitea, eta horregatik gertatzen da boterea eta bizipoz guztia alde batean geratzen dela, eta ahultasun eta miseria guztia bestean. Horregatik, bizitzari eta askatasunari buruzko gauzarik oinarrizkoenetan mila hutsegiteren erditik igaro arte, gaitzak jasaten guztiz nekatu eta aspertu arte, gizakia ez da jarriko desegokitasun zapaltzaileak konpontzen eta egiarik nabarmenenak onartzen, hauek berehala ihes egiten baitiete adimen laburrei, ez daudelako gauzak aztertzen ohituak, aburu guztiak multzoan jasotzen baizik, eta tradizioz jokatzen dutelako gehiago azterketaz baino.

Zabal ditzagun historiak eta ikusiko dugu legea, gizon libreen arteko hitzarmen omen dena edo izan behar lukeena, gehienetan ez dela izan banaka batzuen grinaren tresna baizik, edo patuak momentu batean sortutako beharra; ez dela giza naturaren azterketa hotzaren ondorioa, ez dela gauzatu ahaleginak puntu bakar batean bildu eta irizpide honetara heldu delako: Zorion handiena, kopuru handienaren artean banatua. Zoriontsuak dira lege jatorren bidez tarteko pausoak azkartu dituzten nazio banaka horiek, gizakien gorabeheren, hautaketa mugimendu motelen eta gaitz handien zain egon gabe, bide onetik jo dutenak. Eta gizonen esker ona merezi du bere gela ilun eta mesprezatutik egia onuragarrien hazia, luzaz fruiturik gabea, erein duen filosofoak.

Ezagutzen ditugu soberanoaren eta bere menpekoen arteko benetako harremanak, eta nazioen artekoak. Merkataritza suspertu egin da inprentak zabaldu dituen egia filosofikoen argira, eta nazioen artean isileko gerra industriala piztu da, gizon zentzudunen artean izan daitekeen gerrarik gizalegekoena eta duinena. Hauek mende honetako argiei zor zaizkien fruituak dira, baina oso gutxik aztertu eta borrokatu dute zigorren ankerkeria eta prozedura kriminalen irregulartasunaren kontra, hau legeriaren oso parte inportantea eta alde batera utzia delarik ia Europa osoan. Oso gutxik, irizpide orokorretan oinarrituta, desegin dituzte mendez mende pilatutako hutsegiteak; gutxik geldiarazi dute, egia ezagunek duten berezko indarraz baliatuz, botere gaizki bideratuaren erabilera gehiegizkoa, orain arte ankerkeria hotzaren eredu iraunkor eta baimendua izan dena. Eta ez zuen balio izan ezjakintasun krudelak eta sentiberatasun ezak sakrifikaturiko ahularen intziriak; eta ezta oinaze barbaroak, gogorkeria oparo bezain zentzugabeak, frogatu gabeko edo ustezko delituak direla bide; edota espetxeko tristura eta bidegabekeriak. Hauen guztien handitzaile da miseriaren borrerorik ankerrena: etorkizunaren zalantza. Esandako guztiak eragin beharko lieke gizonen pentsamenduak gobernatzen dituzten magistratuei.

Montesquieuko Lehendakari hilezkorra7 oso modu bizkorrean igaro da gai honen gainetik. Egia zatiezinak behartu nau gizon handi honen lorratz argitsuei jarraitzera, baina nire idatzien hartzaile diren gizon gogoetazaleek jakingo dute nire urratsak eta harenak bereizten. Oso pozik sentituko nintzateke berak bezala jasoko banitu arrazoiaren jarraitzaile ilun eta baketsuen isileko eskerrak, eta, humanitatearen interesen bultzatzaileak eskertzeko, eragingo banu anima sentiberen erantzuna izan ohi den dardara samur hori.