Edukira joan

Delituez eta zigorrez/I. Zigorren jatorria

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
I. Zigorren jatorria
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

I. Zigorren jatorria

Legeak gizon independiente eta isolatuek gizartean elkar hartzeko erabili zituzten baldintzak dira, hauek gerra-egoera etengabean bizitzen eta ia gozaezina bihurtu zen askatasuna gordetzen nekatu zirenean. Zati bat sakrifikatu zuten, gainontzekoaz seguru eta lasai gozatzeko. Elkarren ongizatearen alde sakrifikaturiko askatasun zati hauen baturak osatzen du nazio baten burujabetza, eta soberanoa da hauen legezko gordetzailea eta administratzailea. Baina ez zen aski gordailua sortzea; defendatu beharra zegoen gizon bakoitzaren harrapaketatik, hau beti saiatzen baita gordailutik ez bakarrik berari dagokion zatia hartzen, baizik eta baita besteei dagokiena ere. Harrapaketa hauek saihesteko, gizon bakoitzaren kemen despotikoari eutsiko zioten eragile sentigarriak behar ziren, honek gizarte-legeak lehengo kaosean murgildu nahiko zituenerako. Eragile sentigarri hauek lege hausleentzat pentsatuak dauden zigorrak dira. Eragile sentigarriak diot, zeren esperientziak erakusten baitu jendeak ez dituela portaera-arau egonkorrak hartzen, ez dela hondamen-lege unibertsaletik aldentzen, unibertso fisiko eta moralean ikusten denez, bere zentzuak zuzenean astinduko dituzten eragileen bitartez ez baldin bada, adimena etengabe bisitatuko duten eragileak, onura unibertsalaren aurkako grina bortitzei kontrapisua jarriko diotenak; ez hitzak, ez predikuak, eta ezta egiarik gorenenak ere ez dira aski agerian dauden gauzek sortzen duten erakarmen grinatsuari luzaz eusteko.