Edukira joan

Delituez eta zigorrez/II. Zigortzeko eskubidea

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
II. Zigortzeko eskubidea
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

II. Zigortzeko eskubidea

Behar-beharrezkoa ez den zigorra, dio Montesquieu handiak, tiranikoa8 da; proposizio hau honela orokorragotu daiteke: behar-beharrezkoa ez den gizonetik gizonerako aginte-ekintza oro tiranikoa da. Hona hemen zeren gainean dagoen eraikia soberanoaren delituak zigortzeko eskubidea: osasun publikoaren gordailua gizabanakoen harrapaketatik babestu beharraren gainean. Eta zenbat eta justuagoak izan legeak, zenbat sakratuagoa eta bortxaezinagoa segurtasuna, orduan eta handiagoa soberanoak bere menpekoei gordetzen dien askatasuna. Errepara diezaiogun giza bihotzari eta bertan aurkituko ditugu soberanoak delituak zigortzeko duen eskubidearen benetako oinarriak; izan ere, ezin da onura iraunkorrik itxaron politika moraletik, gizonaren berezko sentimenduetan oinarrituta ez badago. Hauetatik aldentzen den edozein legek beti kontrako indar batekin egingo du topo, garaile irtengo dena azkenean, gauza jakina baita edozein indarrek, nahiz eta oso txikia izan, era jarraituan aplikatuz gero, irabazi egingo diola edozein gorpuzkiri ematen zaion indar zakarrenari ere.

Ez dago gizonik bere askatasun zatia, on publikoaren mesedetan, doan oparitu duenik: kimera hau eleberrietan bakarrik gertatzen da; ahal izango balitz, gutariko bakoitzak nahiko luke besteak lotzen dituzten hitzarmenek gu ez lotzea. Gizon bakoitzak bere burua du mundu osoko gorabeheren ardatz.

Giza generoaren ugalkortasunak —txikia berez, baina handiegia natura antzu eta jareinaren baliabideez gero eta handiagoak ziren beharrizanak ase ahal izateko— batu zituen lehen basatiak. Batasun hauek beste batzuk ekarri zituzten lehenak sustengatzeko, eta horrela gerra egoera gizabanakotik nazioetara igaro zen.

Beharrizana izan zen, beraz, gizona bere askatasunaren zati bat ematera bultzatu zuena: eta gauza jakina da jende guztiak ahalik eta zati txikiena jarri nahi duela gordailu publikoan, askitzat jotzen duena-edo, besteek hura defendatu nahi izan dezaten. Zati ahalik eta txikien hauen batuketak osatzen du zigortzeko eskubidea; hortik gorako guztia gehiegikeria da eta ez justizia, ekintza da, baina ez zuzenbidea. Kontu izan zuzenbide eta indar hitzak ez direla elkarren aurkakoak, baina lehena, beste ezer baino gehiago, bigarrenaren aldaera dela, aldaerarik egokiena gehiengoarentzat. Eta justiziatzat zera ulertzen dut: interes partikularrek elkartuta iraun dezaten beharrezkoa den lokarria, dakigularik hori gabe lehengo egoera antisozialera itzuliko liratekeela interesok. Lokarri hau zaindu beharra gainditzen duten beste zigor guztiak ez dira berez zuzenak. Ez da justizia hitza benetako gauza baten ideiatzat hartu behar, indar fisiko edo existitzen den gauzatzat; gizonek elkar ulertzeko era bat besterik baita, bakoitzaren zorionean zeresan ikaragarria duen era bat. Eta hitz honekin ez naiz ari Jainkoarengandik datorren beste justizia mota hartaz, geroko bizitzako zigor eta sariekin harreman zuzena duenaz baizik.