Edukira joan

Delituez eta zigorrez/III. Ondorioak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
III. Ondorioak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

III. Ondorioak

Irizpide hauen lehen ondorioa honakoa da: legeak bakarrik ezarri ahal diola zigorra delituari, eta ahalmen hau legegilearen baitan baino ezin daitekeela egon, honek gizarte osoa ordezkatzen duelako gizarte-itun bat dela medio; ezein magistratuk (gizartearen parte den aldetik) ezingo du, zuzen jokatzen badu, zigorrik ezarri bere gizarteko beste kide baten kontra. Izan ere, legearen marraren gainetik ezarritako zigorra, zigor justua gehi beste zigor bat da; horregatik, ezingo dio magistratu batek legezko zigorra handitu hiritar gaizkile bati, erantzukizuna, onura publikoa, edo beste edozein aitzakia hartuta.

Bigarren ondorioa da, gizabanako bakoitza gizarteari lotuta baldin badago, giartea ere modu berean dagoela lotuta gizabanakoari, bi parteak modu naturalean behartzen dituen itun baten bidez. Tronutik txabolaraino jaisten den eta gizon handiena eta txiroena berdin lotzen dituen obligazio honek zera besterik ez digu esaten: denon mesederako dela gehiengoarentzat onak diren hitzarmenak errespetatzea. Bakar baten bortxaketa aski da anarkia zilegitzen hasteko. Soberanoak, gizartearen beraren ordezkari denak, egin dezakeen gauza bakarra, kide guztiak behartzen dituen lege orokorrak ematea da; ezin du besterik egin, ezin da epaile bihurtu norbaitek gizarte-ituna hausten duenean, orduan nazioa bi partetan banatuko litzatekeelako, bata soberanoak ordezkatua, ituna hautsi dela baieztatzen duena, eta bestea akusatuak, ukatzen duena. Beharrezkoa da, beraz, hirugarren batek epaitzea gertatutakoaren egia. Hara hor magistratu baten beharra, zeinen epaiak atzeraezinak eta gertaera partikularren baieztapen edo ezeztapen hutsak izango diren.

Hirugarren ondorioa zera da: frogatuko balitz zigorren gogortasuna, onura publikoa lortzeko eta delituak saihesteko helburuaren aurka ez joanik ere, alferrikoa dela, besterik gabe desegokia izango litzatekeela, ez bakarrik adimen argituaren ondorio diren bertute ongileek nahiago dutelako gizon zoriontsuak gobernatu, esklabo-artaldea baino, zein ankerkeria motel baina etengabe baten menpe eukitzen den, baizik eta baita justiziaren eta gizarte-itunaren beraren aurkakoa delako.