Edukira joan

Delituez eta zigorrez/IV. Legeen interpretazioa

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
IV. Legeen interpretazioa
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

IV. Legeen interpretazioa

Laugarren ondorioa. Lege penalak interpretatzeko autoritatea ezin da egon epaile kriminalen esku, hauek legegileak ez direlako. Epaileek ez dute arbasoengandik legea jaso beren ondorengoei obeditzea beste biderik uzten ez dien testamentu edo etxeko tradizio gisa; aitzitik, gizarte bizitik jaso dute, edota honen ordezkari den soberanoarengandik, guztien borondateen unean uneko emaitzen zaintzaile legitimoa denarengandik; jaso dute ez antzinako zin bati zor zaion obligazio gisa, baliogabea zatekeena existitzen ez diren borondateak lotzen zituelako, bidegabea zatekeena gizonak gizarte-egoeratik basatikeria-egoerara eraisten zituelako, baizik eta zinegite isileko eta zehatz baten ondorio gisa, bizirik dauden hiritarren borondate elkartuek soberanoari egin diotena, hau ezinbesteko lokarria delarik interes partikularren barne-irakinaldiak baretu eta gidatu ahal izateko. Hauxe da legeen autoritate fisikoa eta zinezkoa. Nor izango da orduan legearen interprete legitimoa? Jende guztiaren unean uneko borondateen zaintzaile den soberanoa, ala epailea, zeinen eginkizun bakarra gizon batek legez kontrako zerbait egin duen ala ez ikertzea den?

Epaileak edozein delitutan silogismo perfektu bat egin behar du: nagusia lege orokorra izango da, txikia legezkoa edo ezlegezkoa den ekintza, ondorioa libertatea edo zigorra. Epailea behartuta dagoenean, edo bi silogismo bat baino gehiago egin nahi duenean, zalantzaren atea zabaltzen da.

Legearen espiritua kontsultatu behar dela dioen axioma arrunta baino gauza arriskutsuagorik ez dago. Hau iritzien uholdeak hautsitako horma da. Egia hau demostratuta dagoela iruditzen zait, nahiz eta jakin paradoxa bat irudituko zaiela adimen laburrekoei, honelakoek gehiago erreparatzen baitiote momentuko edozein desegokitasun txikiri, nazioan erroturiko irizpide faltsu batetik sortzen diren ondorio negargarriei –baina urrunekoei– baino. Gure ezagupenak eta gure ideia guztiak elkarri lotuta daude; zenbat eta konplikatuagoak izan, orduan eta gehiago dira beraietatik eta beraietara heltzen eta irteten diren bideak. Gizon bakoitzak bere ikuspuntua du, gizon bakoitzak garai bakoitzean desberdina du. Legearen espiritua, beraz, epaile baten logika on edo txarraren ondorioa izango litzateke, liseriketa on edo txar batena; edota eragina izango lukete honen grinen indarrak, sufritzailearen ahuldadeak, epailearen eta irainduaren arteko harremanak, edota gizonaren animo haizetsuaren eragingarri eta gauzen itxura-aldatzaile diren indartxo guztiek. Horregatik ikusten dugu hainbat aldiz aldatzen dela hiritar baten zoria auzitegiz auzitegi dabilenean, eta txiroen bizitzak argudiaketa faltsuen eta epaile baten momentuko umorearen biktima direla, honek interpretazio egoki eta zuzentzat hartzen dituenean buruan jira-biraka dabilzkion irizpide nahasiak. Horregatik ikusten dugu auzitegi berdinak modu ezberdinean zigortzen dituela delitu berdinak garai ezberdinean, ez zaiolako kasu egiten legearen ahots aldagaitz eta tinkoari, interpretazioen gorabehera errariei baizik.

Ezin dira alderatu zigor-legearen letra zorrotz eramatetik sor daitekeen desegokitasuna eta interpretazioaren desegokitasunetik sortzen dena. Desegokitasuna sortzen denean, legearen hitzak zuzendu beharko dira, azkar eta erraz egin daitekeen gauza, bestalde, zehaztasun faltaren sortzaile izan diren hitzak zuzenduko dira, eta horrela moztuko da argudiaketan jarduteko baimen kaltegarria, eztabaida antzu askoren iturria. Hitzez hitz bete beharreko lege-bilduma zehatza dagoenean, epaileak duen lan bakarra hiritarren ekintzak aztertzea da, eta lege idatzien arabera epaitzea. Zein den gauza zuzena eta zein okerraren zehazten duen araudia, hiritar ezjakina zein filosofoa gidatu behar duena, kontu jakina denean eta ez eztabaidagaia, orduan hiritarra ez dago jende askoren tirania txikien menpe; hauek, zenbat eta txikiagoa izan sufritzen eta sufriarazten duenaren arteko distantzia, orduan eta ankerragoak izaten dira, eta kaltegarriagoak bakar baten tirania baino, askoren despotismoa ezin daitekeelako zuzendu bakar baten despotismoarekin baizik, eta despota baten krudelkeria ez dagoelako indarraren tamainan, oztopoenean baizik. Horrela lortzen dute hiritarrek bere buruarekiko konfiantza, justua dena gizonak gizartean bizitzeko duen helburua delako, onuragarria dena edozein bidegabekeriaren kalteak zehatz kalkulatzeko aukera ematen diolako. Baita egia da gizonak bere independentzia-espiritua garatuko duela, baina ez legeak eta magistratu nagusiak errefusatzeko, baizik eta, bertutearen izen sakratua ahotan hartzen dutelarik, beren iritzi interesatu eta apetatsuen mende daudenei aurre egiteko. Irizpide hauek ez dituzte gogoko izango goikoengandik hartutako tirania-zartadak behekoei emateko eskubidea hartzen dutenek. Beldur handia izan beharko nuke, baldin eta tirania espiritua irakurketa espirituarekin bateragarria balitz.