Edukira joan

Delituez eta zigorrez/V. Legeen iluntasuna

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
V. Legeen iluntasuna
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

V. Legeen iluntasuna

Legeen interpretazioa kaltegarria bada, iluntasuna ere bai, zalantzarik gabe, honek interpretaziora eramaten baitu nahitaez, eta are kaltegarriagoa izango da herriari arrotza zaion hizkuntza batean idatzita badaude legeak; legea gutxi batzuen esku gelditzen da, herriak ezin jakin dezakeelarik bere kabuz zein litzatekeen bere askatasun aukera, edota bere kideena, hizkuntza batek liburu solemne eta publiko bat ia pribatu eta etxeko bihurtzen duenean. Zer nolako iritzia izan behar dugu gizonei buruz, dakigunean hau dela ohitura zaharra Europa ikasi eta argitu honetako parte handi batean! Zenbat eta jende gehiagok ulertu eta eskuen artean izan legeen kode sakratua, orduan eta gutxiago gertatuko dira delituak, gauza jakina baita ezjakintasunak eta zigorren iluntasunak hauspotu egiten dituztela grinak.

Azkenengo gogoeta hauen ondorioetako bat zera da: gizarte batek ez duela inoiz gobernu-forma zehatz bat hartuko gauzak idatzita ez badira jartzen, eta horrela indarra guztiaren eta ez parteen emaitza izango da, eta legeak, —aldaezinak, denen oniritziarekin ez bada— ez dira hondatuko interes pribatuen eraginez. Esperientziak eta arrazoiak garbi erakutsi digute giza tradizioen itxura eta mamia alferrik galduz doazela iturritik urrundu ahala. Gizarte-itunaren irudi egonkorrik ez baldin badago, legeek nola egingo diote aurre denboraren eta grinen indar saihestezinari?

Honetan ikusten dugu zein baliagarria den inprenta, jendea lege santuen jagole egiten duena, eta ez gutxi batzuk, eta ikusten dugu tresna honek nola uxatu duen azpijoko eta aztikeriazko espiritu iluna; hau desagertu egin da argien eta zientzia itxura batera mespretxatuen eraginez, zientziei mesprezioa baino gehiago beldurra dietelarik iluntasunaren jarraitzaileek. Hau dela eta, ikusten dugu delituen ankerkeria apaldu egin dela Europan, gure arbaso zaharrak dardaraz egoten hauen erruz, eta aldi berean esklabo eta tirano bihurtzen ziren. Duela bi edo hiru mendeko historia eta gaurkoa ezagutzen dituenak ikus dezake nola luxuaren eta nagitasunaren baitatik sortu ziren bertuterik gozoenak: gizatasuna, onegintza, giza akatsen tolerantzia. Ikus dezagun orain zeintzuk izan ziren antzinako xalotasun eta fede on gaizki deiturikoen emaitzak: gizadi negartsua sineskeria gupidagabearen mende, zekenkeria, gutxi batzuen handinahia erregeen urre-kutxak eta tronuak giza odolez tindatzen, isileko traizioak, ageriko txikizioak, noble oro herri xehearen tirano, egia ebangelikoaren ministroak, otzantasunaren Jainkoa egunero ikutzen zutenak, eskuak odolez zikinduta. Hauek ez dira zenbaitek usteldua dagoela dioen mende argitu honen emaitzak