Edukira joan

Delituez eta zigorrez/VII.Hutsegiteak zigorrak neurtzeko orduan

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
VII.Hutsegiteak zigorrak neurtzeko orduan
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VII.Hutsegiteak zigorrak neurtzeko orduan

Orain arteko gogoetek zera esateko eskubidea ematen didate: delituen benetako neurria eta bakarra, nazioari egindako kaltea dela; horregatik, oker ibili dira delituen benetako neurria egilearen asmoa dela diotenak. Asmoa, gauzak momentuan egiten digun zirrarak eta gure buruak lehendik harekiko duen jarrerak erabakitzen dute: jarrerak aldatuz joaten dira gizon guztietan eta bakoitzean, ideien, grinen eta gorabeheren abiada ikaragarriaz. Honengatik, beharrezkoa izango litzateke ez bakarrik hiritar bakoitzarentzat legeria bana sortzea, baita lege berri bana ere delitu bakoitzarentzat. Batzuetan, gizonak asmo onenarekin kalte handiena egiten dio gizarteari; eta beste batzuetan asmo txarrenarekin onik handiena.

Beste batzuek gehiago neurtzen dute delitua samindutako pertsonaren duintasunaren arabera, onura publikoarentzat duen inportantziaren arabera baino. Delituen benetako neurria hau izango balitz, izakien Izakiari egindako irreberentzia bat monarka baten erailketa baino gogorrago zigortu beharko litzateke; izan ere, izaeraren handitasunak modu infinitoan orekatuko luke irainaren desberdintasuna.

Azkenik, zenbaitek pentsatzen du bekatuaren larritasunak zerikusia duela delituak neurtzerakoan. Iritzi honen faltsutasunari berehala igarriko dio gizonen arteko harremanak eta gizonek Jainkoarekin dituztenak hotzean aztertzen ohituta dagoenak. Lehenengoak berdintasunezko harremanak dira. Beharrizan hutsak eraginda, pasioei uko egitetik eta interesen arteko talkatik sortu da onura komuna-ren ideia, giza justiziaren oinarria. Bigarrenak, Izaki perfektu eta sortzaile batenganako menpetasun-harremanak dira, aldi berean epaile eta legegile izateko eskubidea bere buruari bakarrik eman dion Izakia, hori bera baino ezin izan daitekeelako arazorik gabe. Zigor betierekoak daude izendatuak haren ahalguztiduntasuna obeditzen ez duenarentzat. Nor izango da Jainkoaren justizia ordezkatzera ausartuko den zomorroa, nor izango da bere buruaz aski duen Izakia mendekatu nahiko duena, gauzengandik ez atsegin eta ez samin zirrararik jaso ezin duena, izaki guztien artean erreakzioz jokatzen ez duen izaki bakarra? Bekatuaren larritasuna bihotzaren gaiztakeria igarriezinaren araberakoa da. Izaki mugatuek ezin dute hau jakin errebelaziorik gabe. Nola egingo dute, orduan, honetatik arau delituak zigortzeko. Orduan gerta liteke gizonak zigortzea Jainkoak barkatzen duenean, eta barkatzea Jainkoak zigortzen duenean. Gizonak kontraesanean egon badaitezke Jainkoarekin hura iraintzen dutenean, berdin-berdin egon daitezke zigorra ipintzerakoan.