Delituez eta zigorrez/VIII. Delituen sailkapena

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
VIII.Delituen sailkapena
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

VIII.Delituen sailkapena

Ikusi dugu zein den delituen benetako neurria, gizarteari egiten zaion kaltea, alegia. Hau hain da egia garbia, ezen ez baita ez kuadranterik eta ez teleskopiorik behar hau aurkitzeko, edozein adimen kaskarren begibistan baitago, baina, hala ere, gorabehera harrigarriak elkartu direlako, oso jende gutxik daki hau zehaztasunez, herri eta mende bakoitzeko pentsalari banaka batzuek bakarrik. Baina irizpide asiarrek eta aginpidez eta indarrez jantzitako grinek ezabatu egin dituzte (erakarpen indar sumaezinen erruz, gehienetan, oroitzapen bortitzek gizonen sineskortasun beldurtian duten eraginagatik, gutxi batzuetan) irizpide tolesgabe hauek, ziur asko antzinako gizarte jaioberrien lehen filosofian argi zeudenak; baina badirudi mende honetako argiek berriro bide onean jarri gaituztela, eta gainera azterketa geometrikoek, mila esperientzia txarrek eta eragozpenek eurek eman ohi duten sendotasunarekin. Orain, lan metodoak eramango gintuzke dauden delitu mota guztiak aztertzera eta bereiztera, eta zigortzeko bideak bilatzera, baldin eta mende eta leku desberdinetako gorabeheren eraginez haiek hartu duten izaera aldakorrak ez bagintu behartuko xehetasun luze eta aspergarriak ematera. Bakarrik, irizpide orokorrenak eta hutsegite larrienak aipatuko ditut, libertate zaletasun gaizki ulertuak erakarririk anarkia ezarri nahi dutenak desengainatu nahi ditudalako, eta baita gizonak konbentuko egunerokotasunera mugatu nahi dituztenak ere. Delitu batzuek bat-batean desegiten dute gizartea edota honen ordezkariak; beste batzuek hiritar baten bizitzako segurtasun pribatua iraintzen dute, bere ondasun edo ohorean; beste batzuek onura publikoaren alde bakoitza egitera edo ez egitera behartuta dagoenaren kontrako ekintzak dira. Lehenei — deliturik handienak, kaltegarrienak direlako,— lesa maiestatekoak esaten zaie. Ezjakintasunak eta tiraniak bakarrik nahas ditzakete hitz eta ideiarik argienak eta, beraz, izen hau eman, eta ondorioz zigorrik astunena, izaera ezberdineko delituei, eta gizonak bihurtu, beste askotan legez, hitz baten biktima. Delitu orok, baita pribatuak ere, iraindu egiten du gizartea, baina delitu guztiek ez dute helburu gizartearen bat-bateko suntsipena. Ekintza moralek, fisikoek bezala, bere jokaera-esparru mugatua dute, eta, naturako beste mugimendu guztiek bezala, modu desberdinean dute inguruan denbora eta espazioa. Eta esklabotzaren filosofiatik egin ohi den interpretazio sofistak bakarrik nahas dezake egia eternoak desberdina dela garbi utzitakoa.

Honen ondoren datoz gizabanako bakoitzaren segurtasunaren aurkako delituak. Elkarte legitimo guztien helburu nagusia hau izanik, hiritar orok duen segurtasun eskubidea bortxatzen duena ezin da utzi legeak izendatzen duen zigor handienetako bat jaso gabe. 

Honako pentsamendu hau, hots, edozein hiritarrek legeen aurka ez dagoen edozer egin dezakeela, ekintzak berak ekarri ahal dizkion arazoei, beste ezeri beldurrik izan gabe, hau da herriak sinetsi beharko lukeen dogma politikoa, eta magistratu gorenek aldarrikatu beharko luketena, legeak ustelkeriatik babestuz; dogma sakratua da hau, bera gabe ezinezkoa da gizarte legitimoa eraikitzea. Gizakiak ekintza unibertsalen alorrean egindako sakrifizioen ordainez ematen den sari justua da; izaki sentikor ororentzat berdina, eta bakoitzaren indarrek soilik mugatzen dutena. Honek sortzen ditu espiritu libre adoretsuak eta buru argiak, eta gizonak bertutetsu bihurtzen; eta beldurrari aurre egiten dion bertute horietakoa da, eta ez zuhurtzia maxkala, bizitza ganorabako eta zalantzakorra eramateko gauza denak bakarrik jasan dezakeena. Hiritarren segurtasunaren eta askatasunaren aurkako delituak dira, beraz, deliturik handienetakoak, eta sail honetan sartzen dira ez bakarrik erailketak eta herri xeheak egindako lapurretak, baita handikienak eta magistratuenak ere, gauza jakina baita hauen delituen eragina zabalagoa eta bortitzagoa dela, justiziaren eta eginbeharraren ideia desegiten duelako hiritarren artean, eta indartsuenaren legea ezartzen, hau neurri berean delarik arriskutsua erabiltzen duenarentzat zein jasaten duenarentzat.