Edukira joan

Delituez eta zigorrez/IX. Ohoreaz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
IX. Ohoreaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

IX. Ohoreaz

Kontraesan nabarmena dago lege zibilen (hauek hiritar bakoitzaren gorputzaren eta ondasunen zaindari dira, beste ezer baino gehiago) eta ohorea deiturikoari buruzko legeen artean, iritziaren alorrekoak hauek. Ohore hitz hau argudiaketa luze eta distiratsuei bide eman dien horietakoa da, nahiz eta esanahi zehatz eta iraunkorrik ez izan. Hain da kaxkarra giza adimenaren izaera, non zeruko astroen jirabuelta espazialak, hain urrunekoak eta inportantzia gutxikoak eurak, ezagunagoak baitira gure ondoko irizpide moral garrantzitsuak baino. Hauek ilunak eta aldakorrak izan ohi dira, beti haize grinatsuen menpe, edo ezjakintasun gidatuaren iritzira. Baina ustezko paradoxa desagertu egingo da jabetzen garenean, begietatik hurbilegi ditugun gauzak ongi ikusten ez diren bezala, ideia moralen hurbiltasun handiegiak eragiten duela bere osagarri diren ideia soil eta ugarien nahasketa, eta ez ongi ikustea beren arteko banaketa-marrak, ezinbestekoak giza zentzunaren gertakariak neurtu nahi dituen espiritu geometrikoarentzat. Eta itzali egingo da gizakiaren gauzetan ikertzaile hotza denaren harridura, honek antzematen duenean beharbada ez dagoela hainbeste tresna moral eta lokarriren beharrik, gizonak zoriontsu eta burujabe egiteko.

Ohore hau, beraz, ideia konplexu horietakoa da, ez bakarrik ideia sinpleak elkartuz osatzen dena, baizik eta baita ideia konplexuak elkartuz ere; ideiok hain modu desberdinean etortzen dira gure adimenera, non batzuetan onartu eta besteetan errefusatu egiten baitira beren osagarri diren hainbat elementu; ideia komun banaka batzuk gordetzen dituzte, kopuru algebraiko konplexu askok zatitzaile komun berdina onartzen duten bezala. Gizonek ohoreari buruz dituzten ideia ugariei zatitzaile komun hau aurkitzeko, beharrezkoa da gizartearen sorrerari begiratu bat botatzea. Lehenengo legeak eta lehenengo epaileak gizon bakoitzaren despotismo fisikoak eragindako arazoei aurre egin beharragatik sortu ziren. Hau izan zen gizartearen ideia erakundetzailea, eta lehen helburu hau beti mantendu da, zinez edo itxurakeriaz, kode guztien buruan, baita suntsitzaileetan ere; baina gizonen arteko hurbiltasunak eta beren jakinduriaren garapenak elkarrekiko jokabide eta beharrizan zerrenda luzea sortu du, beti legearen aurreikuspenak baino handiagoa eta bakoitzaren momentuko boterea baino txikiagoa. Garai honetan hasi zen iritziaren despotismoa, hau baitzen besteengandik onurak lortzeko eta legeek aurreikusten ez zituzten kalteei ihes egiteko bide bakarra. Eta iritzia da jakintsua zein ezjakina jipoitzen duena, bertute-itxura jarri duena bertutearen beraren gainetik, gaiztoa ere misiolari bihurtzen duena, bakoitzaren interesari begiratzen baitio. Horregatik, besteen oniritzia izatea komenigarri ez ezik beharrezko bihurtu zen amildegian ez erortzeko. Horregatik, baldin eta pertsona goseak bereganatzen badu erabilgarri zaiolako, baldin handiputzak eskale gisa eskatzen badu bere merituen testigutzat, ohoreko gizonak ere beharrezkotzat joko du oniritzi hori, eta eskatu egingo du. Ohorea baldintza gisa jartzen diote gizon askok bere bizimoduari. Gizartea sortu ondoren jaio zen eta ezin izan zen guztien gordailuan ezarri; aitzitik, egoera naturalera egindako itzulera azkarra da, pertsonaren beraren bahiketa bat-batekoa, hiritarra behar bezala babesten ez duten legeek eragin dutena, kasu honetan.

Horregatik, askatasun politiko mugagabean eta menpekotasun mugagabean desagertu egiten dira ohorearen ideiak, edo guztiz nahasten dira beste batzuekin; lehenean, legeen despotismoak alferrikakoa egiten duelako besteen oniritziaren bila ibiltzea; bigarrenean, gizonen despotismoak, existentzia zibila ezabatzen duelarik, ahuldu egiten duelako, behin-behineko izaera emanez. Ohorea, beraz, despotismo mugatuko monarkien oinarrizko irizpideetarikoa da, eta horietan, estatu despotikoetan iraultza bezala, egoera naturalera itzultzea, eta antzinako berdintasun-ereduaren oroimena.