Edukira joan

Delituez eta zigorrez/X. Dueloez

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
X. Dueloez
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

X. Dueloez

Besteen oniritzia behar izatetik sortu ziren duelo pribatuak, bere jatorria legeen anarkian dutenak. Uste da antzinatean ez zela duelorik, agian garai hartakoak ez zirelako era susmagarrian armaturik ibiltzen elizetan, teatroetan edo lagun artean. Dueloa gladiadore esklabo doilortuek herriari ematen zioten ikuskizun arrunta zelako, agian, eta gizon libreak gladiadoretzat hartuko zituzten beldur zirelako, borroka pribatuetan hasiz gero. Alferrikoak izan dira dueloan aritzen direnen aurkako heriotza ediktuak; ez dute ohitura hau moztea lortu. Ohitura hau honetan oinarritua dago: zenbait gizonek heriotzari baino beldur handiagoa diote besteen oniritzia galtzeari, ohoreko gizonak bere burua izaki guztiz bakartua bihurtzeko arriskuan ikusten duelako, egoera jasanezina gizon lagunartezale batentzat; edota, bestela, irainen eta ospe txarraren jomuga izango litzatekeelako, zigorra baino txarragoa dena bere izaera iraunkorragatik. Zergatik jende xeheak ez du duelorik egiten handikiak bezala? Ez arma faltagatik bakarrik; baita besteen oniritzi beharra herri xeherengan txikiagoa delako handiengan baino, hauek, gorago egonik, elkarri jelosiaz eta susmoz begiratzen baitiote.

Beste batzuek idatzi dutena errepikatzea ez da alferrikoa izango: delitu hau saihesteko modurik onena erasotzailea zigortzea da, dueloari bide eman diona, alegia; errugabe deklaratu behar da kulparik izan gabe defendatu beharrean aurkitu dena; honi momentuko legeek ez diote hau ziurtatu, iritzizko legeek, alegia, eta legeei bakarrik diela beldur eta ez gizonei erakutsi beharrean aurkitu da bere herritarren aurrean.