Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XI. Lasaitasun publikoaz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XI. Lasaitasun publikoaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XI. Lasaitasun publikoaz

Azkenik, hirugarren motako delituen artean aipatzekoak dira lasaitasun publikoa edo hiritarren patxada aztoratzen dutenak; adibidez, hiritarren salerosketa-leku edo ibiltoki diren bide publikoetan gertatzen diren istiluak eta iskanbilak, edo hitzaldi fanatikoak, jende-multzo jakingosearen grina errazak pizten dituztenak; hauek, entzule ugaritasunak eraginda, indarra hartzen dute, beren berotasun ilun eta misteriotsuagatik gehiago, argudiaketa argi eta lasaiagatik baino, azken honek ez baitu sekula eraginik izan ohi jende multzo handiengan.

Diru publikoaz argitutako gauak, hiriko auzoetan barreiatutako udaltzainak, erlijioaren sermoi tolesgabe eta moralak aginte publikoak zaindutako elizetan eginak, isiltasunaren eta lasaitasun sakratuaren eremu diren leku horietan, interes pribatu eta publikoak indartzeko egindako hitzaldiak nazio-batzarretan, legebiltzarretan, edo soberanoaren maiestatea aurkitzen den lekuetan, hauek guztiak dira bitartekorik onenak herriaren grina arriskutsuen suspertzea saihesteko. Hauek osatzen dute magistratuaren begiraletzaren adar nagusia, frantsesek police esaten diotena; baina magistratu honek lege zentzugabeekin jokatuko balu, eta ez hiritar guztien esku dagoen kode batean ezarritakoekin, atea zabaltzen zaio askatasun politikoaren mugak inguratu ohi dituen tiraniari. Nik ez diot salbuespen bakar bat ere aurkitzen axioma orokor honi: hiritar orok jakin behar du noiz den errudun eta noiz errugabe. Zentsoreak eta magistratu arbitrarioak beharrezkoak badira gobernuren batean, hori haren konstituzioaren ahultasunagatik izango da, eta ez gobernu ondo antolatu baten izaeragatik. Norberaren atarramentua ez jakiteak biktima gehiago eskaini dio tirania ezkutuari, ageriko ankerkeria solemneak baino. Zalantza horrek animoak matxinatu egiten ditu, doilortu baino gehiago. Benetako tiranoa beti jendearen iritzia menderatzen hasten da; eta iritziak adorea oztopatzen du, jakinik adoreak egiaren argitan egin dezakeela bakarrik distira, edo grinen sutan, edo arriskuaren ezjakinean.

Baina zeintzuk izango dira delitu hauei dagozkien zigorrak? Heriotza-zigorra egokia eta beharrezkoa al da gizartearen segurtasunerako eta ordena onerako? Tortura eta oinazeak justuak al dira, eta lortzen al dute legeek bilatutako helburua? Zein da delituak prebenitzeko modurik onena? Egokiak al dira zigor berberak garai guztietan? Zer eragin dute ohituretan? Merezi du arazo hauek zehaztasun geometrikoz aztertzea, sofismen lainoei, hizjario xarmatzaileei, eta zalantza lotsakorrei zirrikiturik utzi gabe. Nire meritu bakarra balitz ere Italian lehena izatea beste nazio batzuetan idaztera ausartu direna eta praktikatzen hasi direna garbi azaltzen, ni pozik sentituko nintzateke; baina, gizonen eskubideak eta egia gaindiezinak babestuz, lagunduko banio tiraniaren eta hura bezain kaltegarria den ezjakintasunaren biktima dohakaberen bati heriotzaren ikara eta larritasunetatik ihes egiten, errugabe bakar baten eskerron eta poz-malkoak nahikoa izango lirateke ni gizonen mespreziotik kontsolatzeko.