Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XV.Isilpeko salaketak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XV. Isilpeko salaketak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XV. Isilpeko salaketak

Nabarmenak, baina gehiegikeria konsakratuak, eta nazio askotan beren konstituzioen ahultasunagatik beharrezko bihurtuak, dira isilpeko salaketak. Horrelako ohitura batek faltsu eta fidakaitz bihurtzen du gizona. Mundu guztiak salatari-usaina hartzen dio mundu guztiari, etsaia ikusten da alde guztietan. Gizona, orduan, bere sentimenduak mozorrotzen saiatzen da, eta hauek besteei ezkutatu beharraren ezkutatu beharrez, azkenerako beren buruari ere ezkutatzen dizkio. Dohakabeak gizonak puntu honetaraino heltzen direnean: gidari izango dituzten irizpide argi eta iraunkorrik gabe, noraezean dabiltza iritzien itsaso zabal eta aldakorrean galduta, atzetik segika dituzten munstro zemaikorrei ihes egin nahirik beti; etorkizunaren zalantzak garrazten die oraina; ez dute ezagutzen lasaitasunak eta segurtasunak ematen duten atsegin iraunkorra; bere bizitza tristean zehar noizbehinka bizitako atsegin banaka batzuek bakarrik, presaka eta korrika irentsiak gehienak, kontsolatzen dituzte bizitza bizi izanaz. Eta guk gizon hauek egin behar al ditugu aberria eta tronua defendituko duten gudari ausartak? Eta hauen artean aurkitu behar al ditugu magistratu ustelezinak, hizjario aske eta abertzalearekin soberanoaren benetako interesak zaindu eta garatuko dituztenak, zergekin batera maitasuna eta gizon-mota guztien bedeinkazioa tronura ekarriko dutenak, eta hauek banatuko al dute bakea jauregi eta txaboletan, eta segurtasuna eta zoria hobetzeko itxaropena, estatuen suspergarri eta bizipoz onena, hain zuzen ere?

Nork egin diezaioke aurre kalumniari, hau sekretuaz, tiraniaren ezkutu gogorrenaz, armatua dagoenean? Zer nolako gobernu-mota da agintariak bere menpeko bakoitzean etsaia susmatzen duena, eta, lasaitasun publikoaren izenean, hiritarra lasaitasunik gabe utzi beharren aurkitzen dena?

Zeintzuk dira salaketa eta zigor sekretuak justifikatzeko arrazoiak? Osasun publikoa, segurtasuna eta gobernukeraren iraupena? Baina zein konstituzio bitxik, indartsua eta bere buruaz iritzi ona duena bada behintzat, dio beldur hiritar orori? Salatzaileak kalterik ez jasatea? Orduan legeek ez dute aski defendatzen. Eta soberanoa baino indartsuagoak diren menpekoak dauden seinale! Salatzailearen ospe txarra? Isilpeko salaketa onartzen da orduan, eta publikoa zigortzen! Delituaren nortasuna? Baldin eta inportantziarik gabeko ekintzei edota jendearentzat onuragarriak direnei delitu deitzen bazaie, salaketak eta epaiketak ez dira sekula aski sekretuak izango. Litekeena al da gauza bat delitu izatea, irain publikoa, alegia, eta aldi berean jendeaurreko agerpenik, epaiketarik komeni ez izatea? Nik gobernu guztiak errespetatzen ditut, eta ez naiz gobernu jakin batez ari. Batzuetan, gorabeheren izaeragatik, gauza kaltegarri bat nazio baten sistematik kentzea izugarrizko galera dela pentsa daiteke, nazio honek hau bere-berea duenean. Baina unibertsoko edozein bazter galdutan lege berriak eman beharko balira, eskuak dardara egingo lidake horrelako ohitura bat baimendu baino lehen, eta geroaldi guztia sentituko nuke begira.

Montesquieu jaunak esan zuen salaketa publikoak hobeto dagozkiola errepublikari monarkiari baino, errepublikan onura publikoak izan behar duelako hiritar ororen gogoa, eta monarkian, berriz, sentimendu hau oso ahula denez gobernuaren izaera beragatik, onena komisarioak izendatzea delako, lege-hausleak sala ditzaten herriaren izenean10. Baina gobernu orok, errepublikar zein monarkiko, kalumniatzaileari ezarri behar dio akusatuari egokituko zitzaiokeen zigorra.