Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XVI. Torturaz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XVI. Torturaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XVI. Torturaz

Nazio gehienetako ohitura kontsakratua da erruztatuaren tortura epaiketa osatzen den bitartean, delitua aitortu eragiteko, edo egiten dituen kontraesanengatik, edo konplizeak aurkitzeagatik, edo gaiztakeriaren garbiketa bilatzen duen metafisika ulergaitzen batengatik; edota, azkenik, errudun izan daitekeen eta oraindik leporatu ez zaizkion beste delitu batzuengatik.

Gizon bati ezin zaio errudun deitu epailearen sententzia baino lehenago, eta gizarteak ere ezin dio babes publikoa kendu, gizartearekin zituen itunak hautsi egin dituela erabakitzen den arte. Zer zuzenbide da hau, indarrarena ez bada, epaile bati hiritarra zigortzeko eskubidea ematen badio, hau erruduna ala errugabea den ez dakigunean? Ez da berria dilema hau: delitua benetakoa da, edo ez da benetakoa. Benetakoa bada, ez dagokio beste zigorrik legeek ezarritakoa baino, eta alferrikoak dira oinazeak, errudunaren aitorpena alferrikoa delako; benetakoa ez bada, ez litzateke errugabea torturatu behar, errugabea baita, legeen arabera, delituak frogatu ez zaizkion gizona. Baina nik beste gauza bat gehitzen dut: harreman guztiak nahastu nahi izatea dela gizon bati aldi berean salatu eta salatzaile izatea eskatzea, oinazea egiaren arragoa bihurtzea; hau egiaren irizpidea errukarri baten giharre eta zuntzetan kokatzea da ia-ia. Hau doilor indartsuak libre uzteko eta ahul errugabeak zigortzeko bide segurua da. Hauek dira egiaren ustezko irizpide honen eragozpen izugarriak, gizajaleen neurriko irizpidea baita; erromatarrek, basatikeria titulu baten baino gehiagoren jabeak haiek ere, esklaboekin bakarrik erabiltzen zuten tortura, bertute zakar eta laudatuegiaren biktima ziren esklaboekin.

Zein da zigorren helburu politikoa? Beste gizonen izua. Baina zer iritzi izan dezakegu guk ohiko tiraniak errudun zein errugabeen bizkar egiten dituen sarraski sekretu eta pribatuei buruz? Inportantea da delitu nabarmenak zigorrik gabe ez uztea, baina alferrikoa da ilunpean ezkutatuta geratu den delitua nork egin duen asmaketan jardutea. Egindako kalte bat, dagoeneko erremediorik ez duena, ezin du gizarte politikoak zigortu baldin eta, zigorgabetasunak hauspotuta, beste berri batzuei bidea egiten ez badie. Egia baldin bada, beldurragatik edo bertuteagatik, berdin dio, gehiago direla legea errespetatzen duten gizonak, hausten dutenak baino, ondo neurtu behar da errugabea torturatzeko arriskua, gizon horrek askoz ere aukera gehiago duelako, batenaz beste, lege errespetatzaile izateko, mesprezatzaile baino.

Gaiztakeriaren garbiketa da torturaren beste arrazoi barregarri bat. Hau da, legeak gaiztotzat jo duen gizon batek, gaiztakeria horretatik askatzeko, hezurrak bere lekutik aterata frogatu behar du bere testigantza. Gehiegikeria hau ezin da onartu hamazortzigarren mendean. Uste da minak, sentimendu bat, azken batean, garbitu egiten duela doilorkeria, harreman moral zuzena dutela biek. Mina arragoa da, menturaz? Eta doilorkeria gauza garbia al da ba? Ez da zaila lege barregarri honen jatorria bilatzea; azken batean, nazio oso batek bereganatzen dituen gauzarik absurduenek ere beti dute harremanen bat nazio berak errespetatzen dituen beste ideia komun batzuekin. Badirudi ohitura hau gizonen pentsaeran, nazioetan eta mendeetan halako eragina izan duten ideia erlijoso eta espiritualetan oinarritua dagoela. Zera dio dogma hutsezin batek: gizakiaren ahultasunak bereganatu dituen orbanak eta Izaki handiaren amorrua merezi izan ez dutenak, su ulertezin batek garbitu behar dituela. Doilorkeria orban zibila denez, eta oinazeak eta suak orban espiritual eta gorputzik gabeak kentzen dituztenez, zergatik, orduan, torturaren hotzikarek ez dute kentzen orban zibila, doilorkeria, alegia? Nik uste dut zenbait auzitegik zigortu ahal izateko ezinbestekotzat jotzen duen errudunaren aitortzak honen antzeko jatorria duela; izan ere, penitentziaren auzitegi misteriotsuan sakramentuaren parte nagusia izaten da bekatuen aitorpena. Hona hemen gizonek nola abusatzen duten errebelazioaren argi ziurrenez. Honelakoak izaten dira ezjakintasun garaietan irauten duten gauza bakarrak, eta hauek bereganatzen ditu beti gizadi otzanak, eta modurik zelebre eta zentzugabeenetan erabiltzen. Baina doilorkeria ez da ez legeei eta ez arrazoiari lotutako sentimendua, iritzi komunari baizik. Torturak berak benetako doilorkeria eragiten dio jasaten duenari. Metodo honekin, beraz, doilorkeria kendu nahi da doilorkeria emanez.

Hirugarren arrazoia da ustezko errudunei, beren itaunketan kontraesanetan erortzen direnean, egiten zaien tortura; zigorraren beldurrak, epaiketaren zalantzak, epailearen tresneria eta maiestateak, eta gaizkile zein errugabe ia guztien ezjakintasunak edonor kontraesanean erortzera bultzatuko ez balute bezala, hala beldurrez dagoen errugabea nola bere burua babestu nahi duen erruduna; gizonak lasai dagoenean egin ohi dituen kontraesan arruntak burua nahastua dagoenean biderkatuko ez balira bezala, hurbileko arrisku batetik salbatu nahirik.

Egiaren arragoa gaizto hau antzinako legeria basatiaren monumentu bizia da, suaren eta ur-irakinaren frogei eta armen zori ezustekoari Jainkoaren epai deitzen zitzaion garaikoa. Jatorria lehen zergatian duen kate eternoaren mailak une oroz nahastu eta bereiztu beharko balira bezala, gizonen gorabehera aldakorren erruz. Torturaren, eta suaren eta ur-irakinaren frogen artean dagoen alde bakarra zera da: badirudiela lehenengoaren arrakasta erruztatuaren borondatearen esku dagoela, eta bigarrenarena, aldiz, gertakizun guztiz fisiko eta kanpotiko baten esku; baina alde hau itxurazkoa da eta ez benetakoa. Ez da oso gauza librea oinaze eta izuikara artean egia esatea, garai batean suaren eta ur-irakinaren ondorioak amarrurik gabe ebitatzea ez zen bezala. Gure borondatearen ekintzak eragile sentikorren araberakoak dira, hauetan baitute jatorria; eta gizon ororen sentikortasuna mugatua da. Beraz, minaren sentsazioa hainbeste handitu daiteke, non, leku guztia hartzen duelarik, ez dion momentuan torturatuari batere askatasunik lagatzen bide motzena aukeratzeko, eta zigorrari ihes egiteko. Beraz, erruztatuaren erantzuna suaren edo ur-irakinaren aztarnak bezain beharrezkoa da. Orduan, errugabe sentibera errudun aitortuko da, horrela oinazea geldituko dela pentsatzen duenean. Akusatuen arteko diferentzia guztiak desagertzen dira azterketan erabili nahi den bitartekoagatik. Ez da beharrezkoa argi gehiago piztea torturaren oinazepean aitortu zuten errugabeen adibide kontaezinak ikusteko; ez da naziorik, ez da garairik bereak aipatzen ez dituenik, baina gizonak ez dira aldatzen, ez dute ondoriorik ateratzen. Bere ideiak bizitzako premiak baino haratago eraman dituen gizon orok lasterka egin du, noiz edo noiz, naturaren alderantz, honek ahots isil eta nahasgarriekin deitu dionean. Baina ohiturak, gogoaren tiranoak, atzeratu eta izutu egiten du. Torturaren arrakasta izakera eta kalkulu kontua da; kalkulua gizon batetik bestera asko aldatzen da bakoitzaren sendotasunaren eta sentiberatasunaren arabera; hainbeste, ezen metodo honekin arazo hau hobeto konponduko bailuke matematiko batek epaile batek baino. Errugabe baten giharreen eta zuntzen indarra nolakoa den jakinda, asma daiteke hari delitu jakin baten errudun aitortu eragiteko oinaze maila.

Epaituaren azterketa egia jakiteko egiten da, baina egia hau jakiten nekeza baldin bada gizon lasai baten aidea, keinuak eta itxura ikusita, askoz ere nekezago jakingo dugu oinaze-dardarek zeinu guztiak aldatzen dituztenean, gauza ezaguna baita batzuetan aurpegiko zeinuek, gogoz kontra bada ere, egia isladatzen dutela. Edozein eragile bortitzek nahastu eta desagertu egiten ditu gauzen arteko diferentzia txiki horiek, inoiz egia eta gezurra bereizteko balio izaten dutenak.

Legegile erromatarrek bazekizkiten egia hauek; haiek ez zuten inolako torturarik erabiltzen, esklaboekin ez bazen, hauek nortasun guztia ezabatuta izaten baitzuten. Bazekizkien Ingalaterrak11; nazio honen letren handitasunak, merkataritzaren eta aberastasunen nagusitasunak —eta, beraz, indarrak—, eta bertute eta kemen adibideek ez digute uzten hango legeen egokitasuna zalantzan jartzen. Tortura deuseztatua dago Suedian12, Europako monarka argienetako batek13 deusestatu zuen; bere menpekoen laguna den legegile honek, filosofia tronu gainera eramanez, denak legearekiko aske eta berdin egin ditu, hau baita, gaurko egoeran, gizon zentzudunek eskatu dezaketen berdintasun eta askatasun bakarra. Armadetako legeek ere ez dute tortura beharrezkoa ikusi, nahiz eta haiek nazioetako zaborrez osatuak egon gehienbat, eta horregatik iruditu beste inon baino erabilgarriago izan behar zukeela. Gauza harrigarria, ohiko tirania zein handia den ez dakienarentzat: lege baketsuek sarraski eta odolera ohitutako anima gogortuetatik ikasi behar izan dute epaitzeko modurik humanoena.

Egia hau badakite, nahiz eta nahasi samar, berarengadik urruti dabiltzanak ere. Torturapean egindako aitorpenak ez du balio, baldin eta hura amaituta gero erruztatuak ez badu berriz zinpean baieztatzen; baina erruztatuak ez badu delitua onartzen, berriro torturatzen dute. Zenbait doktorek eta nazio batzuek ez dute hiru aldiz baino onartzen gurpilzoro gaizto hau; beste nazio eta doktore batzuek epailearen iritzira uzten dute: jo dezagun bi gizon daudela, errugabe edo errudun, berdin dio; sendoa eta adoretsua absolbitu egingo dute, ahula eta lotsatia kondenatu, argudiaketa zehatz honen harian: Nik, epaileak, delitu jakin baten errudun jo behar zintuztedan; zuk, adoretsuak, oinazea jasaten jakin duzu, horregatik absolbitu egiten zaitut; zuk, ahulak, amore eman duzu, horregatik kondenatu egiten zaitut. Badakit torturekin ateratako aitorpenak ez duela inongo indarrik, baina nik berriro torturatuko zaituztet aitortu duzuena ez baduzue baieztatzen.

Tortura erabiltzetik nahitaez datorren ondorio bitxi bat zera da: errugabea erruduna baino egoera okerragoan jartzen dela; izan ere, biak torturatzen badituzte, lehenak aurkako aukera guztiak ditu, zeren eta, delitua aitortzen badu, kondenatu egingo dute; eta errugabe jotzen badute, jasoa du ez zegokion zigorra; baina errudunak badu aukera bat bere alde, tortura tinko jasaten badu, absolbitu egin beharko dute errugabe gisa: zigor txiki bat jaso du handi baten truke. Beraz, errugabeak galdu besterik ezin dezake egin, eta errudunak irabazi.

Tortura agintzen duen legeak zera dio: Gizonak, eutsi minari, eta naturak kemen itzalezin batez hornitu bazaitu, zeure burua defendatzeko eskubide utziezin bat eman badizu, nik guztiz alderantzizko sentimen bat sortzen dut zuengan, zeuen buruarenganako gorroto heroikoa, eta zeuen buruak salatzeko agintzen dizuet, egia esanez, baita giharreak urratzen eta hezurrak ateratzen dizkizueten bitartean ere.

Torturatzen da, baita, epaituak, akusatutakoez gain, beste deliturik egin duen jakiteko; honek argudiaketa hau du azpian: Zu delitu baten erruduna zara; beraz, beste ehun deliturena ere izan zintezke; zalantza honek kezkatzen nau eta ziurtatu egin nahi dut egia lortzeko nire irizpidearekin; legeek torturatzen zaituzte, erruduna zarelako, erruduna izan zaitezkeelako, zu erruduna izatea nahi dudalako.

Tortura erabiltzen da, azkenik, akuasatuak egindako delituaren konplizeak aurkitzeko; baina hau egia lortzeko bide egokia ez dela demostratua geratu bada, nola balioko du bide honek konplizeak bilatzeko, hau bilatu beharreko egietariko bat izanik? Bere burua salatzeko gauza den gizonak besteak aiseago salatuko ez balitu bezala. Zuzena al da gizona torturatzea besteen delituengatik? Ezin al dira konplizeak bilatu testigantzak aztertuz, erruztatua itaunduz, delituaren gorputza behatuz, akusatuak delitua egin duen ala ez ziurtatzeko dauden bitartekoak erabiliz, azken batean? Konplizeek, gehienetan, ihes egiten dute laguna atxilotzen dutenean; beren egoera zalantzagarriak, besterik gabe, erbestera eramaten ditu eta nazioa libre geratzen da beste gaiztakeria batzuetatik; bitartean, errudunari jarritako zigorrak lortzen du bere helburu bakarra, hots, izuaren bidez horrelako beste delitu bat egitetik beste gizonak atzeratzea.