Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XVII.Fiskoaz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XVII. Fiskoaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XVII. Fisikoaz

Garai batean ia zigor guztiak diru-zigorrak ziren. Gizonen delituak printzearen ondare ziren. Segurtasun publikoaren aurkako atentatuak luxuzko objektu ziren. Hura zaintzeko eginkizuna zuenak interesa zuen bortxatua izan zedin. Zigorren arazoa, beraz, zigor hauen biltzaile zen fiskoaren eta epaituaren arteko auzia zen. Auzi bidez eramaten zen arazo zibila zen, pribatua publikoa baino gehiago, fiskoari, defentsa publikoari zegozkionez gain, beste eskubide batzuk ematen, eta epaituari, zegozkionez gain, beste kalte batzuk ekartzen zizkiona, eredugarritasuna zela eta. Honengatik guztiarengatik, epailea fiskoaren abokatu zen gehiago egiaren bilatzaile hotz baino, ogasun-kutxako agente, legeen babesle eta ministro baino lehenago. Baina sistema honetan errudun aitortzea fiskoaren zordun aitortzea zenez (orduko auzi kriminalen helburu bakarra), delituaren aitortza arrazoi fiskalei onura eta ez kalte egiteko bideratua zegoen, eta oraindik hala dago (ondorioak beti luzaroan irauten dute zergatiak igaro eta gero), honek agindu kriminal guztien ardatz izaten jarraitzen duelarik. Hori gabe, froga garbiekin errudun jo den batek egokitzen zaiona baino zigor txikiagoa jasoko du, hori gabe ez du tortura jasan beharko egin ahal izan dituen gisa bereko beste delitu batzuengatik. Horrekin, epailea errudunaren gorputzaz jabetzen da eta xehetu egiten du formalitate metodikoz, gordailu batetik bezala, ahal duen onura guztia ateratzeko asmoz. Delitua izan dela frogatuta dagoelarik, aitorpena froga sinesgarria da, eta froga hau hain susmagarria izan ez dadin, oinazeekin eta minaren etsipenarekin lortzen da; eta, aldi berean, tinko aldarrikatzen da epaileaz kanpoko aitortza lasaia eta hotza, epaiketa izugarri baten beldurrik gabe egiten dena, ez dela aski zigortzeko. Gertaera arriskuan jarriko luketen azterketak eta frogak baztertu egiten dira, hauek fiskoaren arrazoiak ahultzen badituzte; batzuetan erruztatuaren torturak ez dira honen ahultasunagatik edo errukiagatik baztertzen, erakunde ulertezin eta irudipenezko horren interesak kaltetuak gerta daitezkeelako baizik. Epailea epaituaren etsai bihurtzen da; katez lotutako gizon bat du, miseria gorria, tortura eta etorkizunik beltzena duena aurrean; ez dabil gertaturiko egiaren bila, ez; delituaren bila dabil presoarengan, amarruak jartzen dizkio, eta galdu egin duela pentsatzen du helburua lortzen ez badu, eta kalte egiten zaiola gizonak gauza guztietan duen ustezko hutsezintasunari. Atxiloketa gertatzen denean, aztarnak epailearen esku geratzen dira; norbaitek errugabea dela frogatu ahal izateko, errudun jotzen dute lehenengo: honi auzi erasokorra egitea esaten zaio, eta horrelakoak dira auzi kriminalak Europa argitu gehienean, hamazortzigarren mendean. Benetako auzi informatiboa, gertaeraren azterketa hotza egiten duena, zentzunak agintzen duena, lege militarrek onartzen dutena, asiar despotismoak berak ere kasu lasai eta garrantzi gutxikoetan erabilirikoa, ia ez da erabiltzen Europako epaitegietan. Labirinto kiribilatu hau zentzugabekeria sinestezinez betea aurkituko du, zalantzarik gabe, etorkizunean biziko den jende zoriontsuagoak! Geroaldiko garai hartan, filosofoak bakarrik izango dira gai gizonaren izaeran irakurtzeko, era honetako sistema bat izan zela noizbait.