Delituez eta zigorrez/XVIII. Zinegiteez

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XVIII.Zinegiteez
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XVIII. Zineegiteez

Epaituari eskatzen zaizkion zinegiteetan kontraesana sortzen da legeen eta berezko sentimenduen artean, honi egizalea izatea eskatzen baitzaio gezurtia izateko interes osoa duenean; gizonak egia dioela zin egin ahal izango balu bezala bere burua galtzeko arriskuan dagoenean, erlijioa, gehienetan, isilduko ez balitz bezala interesak hitz egiten duenean. Mende guztietako esperientziak erakusten digu gizonak beste ezertaz baino gehiago abusatu duela zeruaren dohai eder honetaz. Izan ere, zein arrazoigatik errespetatuko dute gaiztoek, gizon ustez jatorrek hain sarri bortxatu dutena? Zentzumenetatik urrunegi daudelako-edo, ahulegiak dira gehienentzat erlijioak beldurraren dardarari eta bizitzeko gogoari aurrez aurre jartzen dizkion arrazoiak. Zeruko arazoak eta gizonenak lege guztiz desberdinekin arautzen dira. Eta zergatik nahastu batzuek besteekin? Zergatik jarri gizona kontraesan izugarri honetan: edo Jainkoari huts egin, edo norberaren hodamendia bilatu? Zinegitera behartzen duen honelako lege batek kristau txarra edo martiria izatera behartzen du. Zinegitea, poliki-poliki, itxurakeria huts bihurtzen da, horrela erlijio sentimenen indarra, gizon gehienek duten jatortasun-berme bakarra, desegiten delarik. Esperientziak erakutsi du zein alferrikoak diren zinegiteak, epaile bakar batek ere ezin izango dit ziurtatu zinegite batek egia esanarazi diola erruztaturen bati. Zentzunak erakusten du hau, honek garbi uzten baitu alferrikoak direla, eta ondorioz kaltegarriak, gizonaren berezko sentimenduen kontrako lege guztiak. Errekaren isuriaren kontra aurrez aurre jarritako hormei bezala gertatzen zaie: urak berehala bota eta eraman egiten ditu, edota inguruan sortzen zaien zurrumiloak azpia jaten die poliki-poliki.