Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XIX.Zigorren lastertasuna

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XIX. Zigorren lastertasuna
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XIX. Zigorren lastertasuna

Zenbat eta zigorra azkarrago eta delitutik hurbilago ezarri, orduan eta zuzenagoa izango da eta, beraz, egokiagoa. Zuzenagoa diot, erruztatuari zalantzaren alferriko oinaze ikaragarriak aurrezten zaizkiolako, hauek hazi egiten direlarik irudimenarekin eta norberaren ezintasun-sentimenduarekin; zuzenagoa, askatasuna kentzea berez zigorra denez, ezin delako epaia eman aurretik gauzatu, beharrak eraginda ez bada. Kartzela, beraz, hiritarra errudun jotzen den arte zaintzeko lekua da soilik, eta zainketa honek, berez mingarria delako, ahalik eta laburrena eta bigunena behar du izan. Laburtasun hori auziaren iraupenaren eta aurrena epaitua izateko antzinatasun eskubidearen arabera neurtu behar da. Kartzelako estuasuna ezin da izan ihesa saihesteko edo delituen frogak ez ezkutatzeko behar dena baino handiagoa. Auzia bera ahalik eta azkarren amaitu behar da. Ba al da kontraste ankerragorik epaituaren larritasunak eta epailearen patxadak egiten dutena baino? Magistratu sentimendu gabearen erosotasun eta plazerrak, alde batetik, eta presoaren malko eta saminak, bestetik. Orokorrean, zigorraren pisuak ahalik eta eraginkorrena izan behar du besteentzat, eta ahalik eta bigunena jasaten duenarentzat, zeren eta ezin baitzaio gizarte bati legezko gizarte deitu, baldin eta ez badu bere egiten, oinarri hutsezin gisa, honakoa: gizakiak ahalik eta gaitz txikiena opa behar diola elkarri.

Zigorra azkar ematea hobe dela esan dut, zeren eta zenbat eta denbora gutxiago igaro bidegabekeriaren eta zigorraren artean, orduan eta indartsuagoa eta iraunkorragoa izaten baita gizonaren gogoan delitu eta zigor ideien arteko lotura, oharkabean bata bestearen eragile ezinbestekotzat jotzen delako. Gauza jakina da ideien arteko lotura dela giza adimenaren lantegia bateratzen duen zementua, hura gabe atsegina eta mina sentimendu isolatuak eta inolako eraginik gabeak izango baitziren. Gizonak ideia orokorretatik eta oinarri unibertsaletatik zenbat eta gehiago urrundu, hots, gizona zenbat eta arruntago bihurtu, orduan eta gehiago jokatzen du hurbileko ideia-elkarketen arabera, urrunakogoak eta nahasiagoak alde batera utziz; hau dela eta, zerbaiten atzetik oso grinatsu dabiltzan gizonei bakarrik balioko diete ideia hauek, arretaren argiak gauza bakarra argitzen baitie, besteak ilunpean utziz. Adimen jantzienentzat ere balio dute ideiok, aldi bakar batean gauza askoren gainetik igarotzeko ohitura dutelako, eta erraztasuna dutelako sentimendu zatikatu mordoa elkarrekin alderatzeko, eta honengatik kasu hauetan emaitza, ekintza, alegia, ez da hain arriskutsua eta ezustekoa izaten.

Izugarri inportantea da, beraz, delituaren eta zigorraren arteko hurbiltasuna, nahi baldin bada, adimen zakar eta arruntetan, delitu onuragarri baten irudi liluragarriari, zigorrari lotutako ideia berehala kontrajar dakion. Bi ideia hauek gero eta gehiago bereiztea da atzerapen luzeak dakarren ondorio bakarra; eta nahiz eta delitu baten zigorrak beti zirrara egin, txikiagoa egiten du zigor gisa ikuskizun gisa baino, eta gertatzen da delitu jakin batek ikusleengan eragindako higuina motelduta dagoenean ematen dela zigorra, bere garaian eman izan balitz, zigor-beldurra indartzeko balio izango zuena.

Beste irizpide oso egoki bat bidegabekeriaren eta zigorraren arteko lotura estutzeko: zigorra izan dadila, ahal den neurrian, delituaren izaeraren araberakoa. Analogia honek izugarri errazten du delituaren zergatiaren eta zigorraren ondorioen artean egon behar duen kontrastea, hau da, zigorrak urrundu dezala gogoa lege-haustearen xarmak eraman nahi duen bidetik.