Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XX.Indar-ekintzak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XX. Indar-ekintzak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XX. Indar-ekintzak

Delitu batzuk pertsonaren aurkakoak dira, beste batzuk ondasunen aurkakoak. Lehenengoak gorputz-zigorrekin zigortu behar dira nahitaez: handiek eta aberatsek ezin dituzte diruz ordaindu makalaren eta behartsuaren kontrako atentatuak. Bestela, legeen babespean dauden eta lanaren sari diren aberastasunak tiraniaren janari bihurtzen dira. Ez dago askatasunik legeak baimentzen badu gizonak pertsona izateari uztea eta gauza bihurtzea, zenbaitetan gertatzen den bezala: orduan ikusiko duzue indartsua burubelarri saiatzen gorabehera zibilen matazan legeak bere alde jartzen dituen aukerak aurkitu nahian. Aurkikuntza hau da hiritarrak zerbitzu-abere bihurtzen dituen sekretu magikoa, indartsuaren eskuan jarritako katea ezjakinak eta ahulak lotzeko. Arrazoi honengatik, askatasun itxura ematen duten zenbait gobernutan, tirania ezkutuan dago, edo legegilearen edozein zirrikitutatik sartzen da ustekabean, eta konturatu orduko indarra hartu eta hazi egiten da. Gizonek, normalean, ageriko tiraniaren aurka hormarik sendoenak jartzen dituzte, baina ez dute ikusten zomorro nimiñoa, poliki-poliki horma janez, ibai itotzaileari bide isila bezain segurua zabaltzen diona.