Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXI.Nobleen zigorrak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXI.Nobleen zigorrak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXI. Nobleen zigorrak

Zeintzuk izango dira, bada, nobleen delituei dagozkien zigorrak, nazio gehienetako legeen zati handi bat hauen aldeko pribilegioek osatzen dutela jakinda? Nik ez dut orain aztertuko ea nobleen eta herri xehearen arteko herentziazko bereizketa hori egokia den ala ez gobernu batean, edo beharrezkoa den monarkian; ezta egia denentz nobleziak erdiko botere bat osatzen duela, bi muturren gehiegikeriak mugatzen dituena; edota, litekeenagoa, bere buruaren eta besteren esklabo den gizatalde bat osatzen duela, konfiantza eta itxaropen isuri guztia esparru txiki batean gordetzen duena, Arabiako basamortu hareatsu ikaragarrietan nabarmentzen diren islatxo alai eta oparo horien antzera; eta egia balitz ere desberdintasuna ezinbestekoa eta komenigarria dela gizartean, eta baita egia honek klase mailakoa behar duela izan eta ez hainbeste gizabanakoren mailakoa, parte batean gelditu behar duela eta ez gorputz politiko guztian ibili, iraunkorra izan behar duela eta ez etengabe sortu eta desegiten dena. Gizatalde honi dagozkion zigorrez mintzatzera mugatuko naiz, eta lehenarentzat eta azkenarentzat berdinak izan behar dutela esango dut. Edozein bereizketak, dela ohoretan, dela ondasunetan, legezkoa izateko, legean oinarrituta dagoen aurretiko berdintasuna suposatzen du, legeak hiritar guztiak modu berdinean baititu bere menpeko. Pentsatzekoa da beren berezko despotismoari uko egin dioten gizonek zera esan dutela: langileagoa denak ohore gehiago izan dezala, bere ospeak diz-diz egin dezala bere ondorengoengan; zoriontsuago edo ohoretsuago denak itxaropen handiagoa izan dezala, baina ez dezala besteek baino beldur gutxiago izan hitzarmenak hausteko, zeintzuen bidez igo baitzen besteak baino gorago. Egia da horrelako dekretuak ez zirela giza generoaren batzar batetik sortu, baina dekretu hauek gauzen arteko harreman bareetan existitzen dira, eta ez dituzte desegiten nobleziaren ustezko onurak, eta ez dituzte saihesten arazoak; honelako dekretuek bikaindu egiten dituzte legeak, eta inpunitatearen bide guztiak ixten. Norbaitek esaten badu nobleari eta herritar xeheari emandako zigor berdina ez dela berdina heziketaren desberdintasunagatik, edo familia ilustre bati itsatsitako ospe txarragatik, nik zera erantzungo nioke: zigorraren neurria ez dela erruztatuaren sentiberatasuna, kalte publikoa baizik, hau zenbat eta maila altuagokoak egin, orduan eta handiagoa izaten delarik; zigorren berdintasuna azalekoa baino ezin daitekeela izan, gizabanako bakoitzean duen eragina oso desberdina izaten delako; familia bati itsatsi zaion ospe txarra soberanoak ezaba dezakeela, errudunaren familia errugabeari bere ageriko elkartasuna agertuz. Eta nork ez daki itxuratasun sentikorrak arrazoiaren indarra duela herri sinesbera eta txundierrazean?