Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXII.Lapurretak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXII.Lapurretak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXII. Lapurretak

Indarkeriarik gabe eginiko lapurretak diru-zigorrekin zigortu beharko lirateke. Inoren kontura aberastu nahi duena pobretu egin beharko litzateke, beretik kenduz. Baina hau, gehienetan, miseriaren eta etsipenaren delitua izaten da, jabetasun-eskubideak (eskubide ikaragarria, eta agian ez eskubide beharrezkoa) existentzia soila besterik utzi ez dion gizaki multzo dohakabearen delitua; baina diru-zigorrek erruztatuen kopurua handitu egiten dutenez, delituena baino handiagoa bihurtuz, eta zigor hauek errugabeei ogia kentzen dietenez gaizkileei dirua ateratzeko, zigorrik egokiena errudunak gizarteari eskaini beharko dion lana eta pertsonaren denbora baterako esklabotza izango da (justua esan dakiokeen esklabotza-mota bakarra); horrela, bere menpekotasun osoaz, ordaindu ahal izango du gizarte-hitzarmenari egindako bidegabekeria okerra. Baina lapurretari indarkeria nahastu zaionean, zigorrak ere zigor fisikoa eta zerbitzuzkoa nahastu behar ditu. Nire aurretiko beste idazle batzuek garbi erakutsi dute zein kaltegarria den lapurreta bortitzen zigorrak eta lapurreta engainuzkoenak ez bereiztea, diru pila handi baten eta gizon baten bizitzaren arteko berdinketa zentzugabea eginez, baina ez da alferrikoa izango ia sekula gauzatu ez den hau errepikatzea. Makina politikoek bestelako edozeinek baino hobeto mantentzen dute behin hartutako abiada, eta motelenak dira, berriz, abiada desberdin bat hartzen. Izaera desberdineko delituak dira hauek, eta politikan ere egia handia da matematikako axioma hura: distantzia infinito batek bereizten dituela kopuru heterogeneoak.