Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXIII.Ospe txarra

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXIII.Ospe txarra
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXIII. Ospe txarra

Pertsonaren eta ohorearen aurkako irainak, hots, hiritar batek besteegandik jasotzeko duen gutxieneko oniritzi zatiaren aurkakoak, ospe txarrarekin zigortu behar dira. Ospe txar hau gaizki-ikuste publikoaren ezaugarria da, errudunari jendearen oniritzia, aberriaren konfiantza eta gizarteak hedatzen duen anaitasun antzeko hori kentzen diona. Hau ez dago legearen baitan. Horregatik, beharrezkoa da legeak ematen duen ospe txarra eta gauzen harremanetatik sortzen dena berdina izatea, eta moral unibertsalak ematen duenaren berdina, edo sistema partikularretatik eratortzen den ospe partikularraren berdina; kontu egin azken hauek iritzi arrunten legegile direla gisa honetako nazioetan. Bata bestearen ezberdinak badira, legeak jendearen oniritzia galtzen du, edota moralaren eta zintzotasunaren ideiak lurrundu egiten dira, errealitateari aurre egin ezin izaten dioten hitzaldi beroak gorabehera. Berez inportantziarik gabeak diren ekintzak ospe txarrekotzat jotzeak gutxitu egiten du zinez halakoak direnen ospe txarra. Ospe txarreko zigorrak ez dira maizegi eman behar, eta ez da komeni aldiko pertsona multzo handiegiaren gainera erortzea ere: lehenengoa ez da komeni, iritziko kontuen ondorioak sarriegi gertatzen badira, ahuldu egiten delako iritziaren beraren indarra; bigarrena ere ez da komeni, askok ospe txarra izateak inork ez izatea dakarrelako.

Ez zaie zigor fisiko eta mingarririk ezarri behar harrokerian oinarritutako delituei, mina bera ohore eta janari dutenei; halakoei barregarrikeria eta ospe txarra komeni zaie, zigor hauek fanatikoen harrotasunari ikusleen harrotasuna kontrajartzen baitiete, eta, hauen tinkotasuna lagun, poliki eta tematsu jokatuz, egia bera askatu egiten da. Horrela, indarrak indarrei eta iritziak iritziei kontrajarriz, legegile jakintsuak hautsi egingo du irizpide faltsu batek herriarengan eragindako miresmena eta ezustea, gauza jakina baita irizpide faltsu batetik zuzen ateratako ondorioak bere jatorrizko zentzugabekeria estaltzen diola herriari.

Hona hemen gauzen arteko harremanak eta hauen berezko izaera aldaezina ez nahasteko modua; gauzen izaerak, denborak mugatzen ez duenez eta jardun etengabean dabilenez, nahastu eta barreiatu egiten ditu berarengandik aldentzen diren arau mugatu guztiak. Ez dira gustuaren eta atseginaren arteak bakarrik natura zintzo imitatzen dutenak, oinarri unibertsal gisa; politika bera ere, benetakoa eta iraunkorra behintzat, oinarri beraren gainean eraikitzen da; izan ere, zer da politika, gizonen sentimen aldaezinak hobeto gidatzeko eta sortzaile bihurtzeko artea baino.