Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXV.Erbesteratze eta ondasungabetzeak

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXV.Erbesteratze eta ondasungabetzeak
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXV.Erbesteratze eta ondasungabetzeak

Baina bera kide zen gizartetik erbesteratua eta aldendua izan denari, kendu egin behar al zaizkio bere ondasunak? Honelako arazo batek alderdi asko ditu. Ondasunak galtzea erbesteratzea baino zigor handiagoa da; beraz, kasu batzuetan, delituaren arabera, ondasun guztiak edo parte bat galdu beharko du, eta beste batzuetan ez. Dena galtzea gertatu beharko litzateke, legeak ezarritako erbesteratzeak gizartearen eta hiritar gaizkilearen arteko lokarri guztiak desegiten dituenean; orduan hiritarra hil egiten da eta gizona gelditzen; eta, gorputz politikoari dagokionean, berezko heriotzaren ondorio berdina eragin behar du. Esan liteke, beraz, erruztatuari kendutako ondasunak bere legezko oinordekoei dagozkiela, printzeari baino lehenago, heriotza eta erbesteratzea berdinak direlako gorputz politikoaren kontuan. Baina ondasungabetzea ez onartzera ausartzen banaiz, ez da xehetasun honengatik. Batzuek diote ondasungabetzea horma bat dela mendekuen eta harrokeria pribatuen aurrean, baina ez dira konturatzen zigorren ondorioz ondasun batzuk etortzeak ez duela esan nahi hauek beti justuak direnik, justuak izateko nahitaezkoak behar dutelako izan; tirania eskuluzeari ate guztiak itxi nahi dizkion legegile batek ezin du injustizia emankor hau onartu, ezin da losintxatan ibili momentuko onurarekin eta pertsonaia itzaltsu batzuen zorionarekin, jende ilun askoren etorkizun beltza eta malkoak mesprezatuz. Ondasungabetzeak salneurria jartzen dio ahularen buruari, errugabeari errudunaren zigorra sufriarazten dio, eta errugabea ere delituak egiteko premia desesperatuan jartzen du. Ba al da gauza tristeagorik, familiaburu baten delituen erruz, ospe txarrera eta miseriara jaurtitako familia bat ikustea baino, jakinda, legearen arabera, familiak ezingo ziola eragotzi delitua egitea, nahiz eta horretarako bitartekoak izan!