Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXVI.Familia-espirituaz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXVI.Familia-espirituaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXVI. Familia-espirituaz

Gizon argituenek ere baimendu zituzten injustizia kaltegarri eta onartu hauek, eta errepublika libreenek ere erabili zituzten, eta hau gizartea familien batasun gisa ikusten zutelako gehiago, gizonen batasun gisa baino. Jo dezagun ehun mila gizon daudela, hogei mila familia alegia, bakoitza bost pertsonakoa, beren ordezkari den familiaburua barne: Elkartea familiaka egiten bada, hogei mila gizon egongo dira eta laurogei mila esklabo; elkartea gizakiena bada, ehun mila hiritar egongo dira, eta esklaborik alerik ere ez. Lehenengo kasuan, errepublika bat egongo da, hogei mila monarkia txikiz osatua; bigarrenean, espiritu errepublikarraren haizeak ez du bakarrik nazioko plazetan eta batzarretan joko, baita etxe barruetan ere, non gizonen zorion eta miserien parterik handiena dagoen. Lehenengo kasuan, legeak eta ohiturak errepublikako kideen, familiaburuen ohiko sentimenduen emaitza direnez, espiritu monarkikoa, sartu egingo da, poliki-poliki, errepublikaren baitan. Eta honen ondorioei elkarren interes kontrajarriek eutsi ahal izango diete bakarrik, eta ez askatasun eta berdintasun-sentimendu indartsuak. Familia espiritua xehetasun espiritua da, gauza txikietara mugatua. Irizpide orokorren buruzagi den errepublikaren espiritu arautzaileak, gauzak aztertu ondoren, gehiengoaren onerako diren ekintza nagusi eta inportanteenak laburtu eta sailkatu egiten ditu. Familiaz osatutako errepubliketan, seme-alabak familiaburuaren agindupean izaten dira bizi diren artean, eta haren heriotzari itxoin behar izaten diote legeen menpe baino ez dagoen bizimodua eraman ahal izateko. Makurtzen eta beldurpean bizitzen ohitzen badira berdeen eta adoretsuen diren adinean, sentimenduak oraindik ia aldatu gabe daudenean neurrimendua deitzen zaion esperientziaren eraginez, nola aurre egingo diete haiek bizioak bertuteari beti jartzen dizkion eragozpenei, adin hits eta makalean, zeinetan fruituak ikusteko itxaropen ezak ez dien lekurik uzten aldaketa adoretsuei?

Errepublika gizakiena denean, familia ez da agindupeko menpekotasuna, itunpekoa baizik; eta adin batera heldutako seme-alabak berezko dependentziatik (ahultasunak eragindako heziketa eta babes beharretik) irteten direnean, hiriko kide libre bihurtzen dira, familiaburuari atxikitzen zaizkio, gizarte handiaren onuretan parte hartzen duten gizon libre gisa. Lehenengo kasuan, nazioaren parterik handiena eta emankorrena diren seme-alabak gurasoen esanetara daude; bigarrenean, ez dago beste loturarik, elkarri laguntzeko agindu sakratu eta hautsiezina baizik, eta jasotako mesedeen esker ona, zeina ez baita hainbeste zapuzten giza bihotzaren gaiztakeriaren erruz, legeenganako atxikimendu gaizki ulertuen erruz baizik.

Familiaren legeen eta errepublikaren oinarrien arteko kontraesan hauek etxe barruko moralaren eta agerikoaren arteko beste kontraesan batzuen iturri oparo dira, eta egonezin etengabea sortzen dute gizon bakoitzaren baitan. Lehenengoak morrontza eta beldurra adierazten du, bigarrenak adorea eta askatasuna; hark ongizatea pertsona kopuru txiki batera mugatzen erakusten du, hautatzeko aukerarik gabe; honek gizon mota guztiengana zabaltzea eskatzen du; hark norberaren burua familiaren mesedea izeneko idolo harroari etengabeko sakrifizioa egitea eskatzen du, familiako inoren mesedea ez dena, sarri askotan; honek norberaren interesen alde jokatzen erakusten du, legeak iraindu gabe; edo aberriaren alde bere burua inmolatzera bultzatzen du, ekintzaren aurreko fanatismoa delarik beren saria. Kontraste hauen ondorioa gizonek bertutea maitatzeari uko egitea da, iluna eta nahasia ikusten baitute, eta oso urrutikoa, gauza fisiko eta moralen iluntasunak eragiten duen urruntasun hartakoa. Zenbat bider gizonak, bere lehenagoko ekintzei begiratzen dienean, harrituta geratzen diren ez zutela jator jokatu ikusten dutenean! Gizartea ugaritu ahala, kide bakoitza osotasunaren parte txikiagoa bihurtzen da, eta sentimendu errepublikarra ere murriztu egiten da neurri berean, baldin eta legeek ez badute setimentu hori indartzeko ardura hartzen. Gizarteek, giza gorputzak bezala, muga jakin batzuk dituzte, eta mugetatik harantz hazten baldin badira, beren ekonomia nahastu egiten da, nahitaez. Badirudi estatu baten masak bere osatzaileen sentiberatasunaren alderantzizko proportzioan egon behar duela, zeren eta bestela, bata eta bestea handitzen badira, lege onak delituak oztopatu nahian hasten direnean, sortu duten onuran bertan aurkituko baitute eragozpena. Errepublika handiegi bat ezin da despotismotik libratu, errepublika federal txikietan zatitzen eta elkartzen ez bada. Baina hau nola lortu? Sila bezalako diktadore despotiko baten bitartez, hark desegiteko izan zuen kemen berbera eraikitzeko duen baten bitartez, alegia. Era honetako gizon batek, goranahikoa bada, zain du mende guztietako loria; filosofoa bada, bere hiritarren bedeinkazioak kontsolatuko du aginpide ezetik, nahiz eta haien esker txarrak behin baino gehiagotan erasan. Zenbat eta ahulagoak nazioari lotzen gaituzten sentimenduak, orduan eta indartsuagoak dira gure inguruko gauzenganakoak; eta zenbat eta gogorragoa, orduan eta iraunkorragoak adiskidetasunak. Honelakoetan, familiako bertuteak, beti nola-halakoak, izaten dira ohikoenak, edo, hobeto esanda, bakarrak. Bakoitzak ondoriozta dezake esandakotik zein mugatuak diren legegile gehientsuenen ikuspegiak.