Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXVII.Zigorren biguntasuna

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXVII.Zigorren biguntasuna
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXVII. Zigorren biguntasuna

Baina nire ideien isuriak urrundu egin naute nire gaitik, eta honi buruzko argitasunak ematen saiatu behar dut. Zigorren ankertasuna ez da delituen galgarik onena, hauen ezinbestekotasuna baizik, eta, beraz, magistratuen begiraletza, eta epaile zorrotz baten gogortasuna, zeinek, bertute onuragarria izateko, legeria bigun baten laguntza behar duen. Zigorra, nahiz eta neurrikoa, ezinbestez etorriko dela jakiteak eragin handiagoa izango du, beste izugarriago baten beldurrak baino, honi inpunitatearen itxaropena badario behintzat; izan ere, kaltea, nahiz eta txikia, ezinbestekoa denean, giza grinen uxatzaile da, eta, aldiz, itxaropena —leku guztietan aurkitzen den dohai zerutiarra— arriskuaren ideiaren urruntzaile, batez ere zikoizkeriaren eta ahultasunaren fruitu den inpunitateak indarra hartzen duenean. Zigorraren ankerkeriak berak bultzatzen du, hau zenbat eta handiagoa izan, orduan eta asmazio handiagoak egitera zigorrari zirkin egiteko; delitu gehiago egitera eramaten du, bakar bati ihes egiteko. Oinaze krudelenetara lerratu diren herrialde eta garaiak izan dira beti gertaera odoltsu eta gizatxartuenak jasan dituztenak; izan ere, espiritu basati berberak gidatzen zuen legegilearen eskua, eta senide-hiltzailearena edo sikarioarena. Legegileak, tronuaren gainetik, burdinazko legeak ezartzen zituen esklabo obeditzaileen arima gogortuentzat. Bere iluntasun pribatutik, tirano batzuk desegiten ahalegintzen zen, beste berri batzuk sortzeko.

Oinaze-eragileak ankertzen doazen heinean, gizonen arimak ere gogortu egiten dira, isurkinak eta beren baitako gauzak nibel berean jartzen diren moduan, eta hau grinen indar iraunkor eta biziagatik gertatzen da, gauza jakina baita, ehundaka oinaze-urte basatiren ondoren, gurpilak lehenago espetxeak adina izutzen duela. Zigorrak bere eragina izan dezan, nahikoa da zigorrak dakarren gaitza handiagoa izatea delitutik datorren onura baino, gaitz handiagoa, alegia, zigorraren ezinbestekotasuna eta delituak ekarriko lizkiokeen balizko onuren galera kontuan hartuta. Honen gainetiko guztia alferrikoa da, eta, beraz, tiranikoa. Ezagutzen dituen gaitz errepikakorrengatik gidatzen da gizona, eta ez ezezagunak zaizkionengatik. Demagun bi nazio daudela; batean, delituen mailako zigorrik handiena betiko esklabotza da; bestean, gurpila. Nik diot lehenengoak bigarrenak adina beldur izango diola bere zigor handienari; eta arrazoiren bat balego bigarreneko zigor handiena lehenengora eramateko, arrazoi berberak egongo direla bigarrenean ere zigorrak handitzeko, izan ere, konturatu gabe pasatuko baitira gurpiletik tortura geldi eta ikasiagoetara, eta baita tiranoek ondoegi ezagutzen dituzten zientziaren azken fineziatara ere.

Zigorren ankerkeriak beste bi ondorio kaltegarri dakartza, zigorrok delituak prebenitzeko helburuaren aurka daudenean. Lehenengoa da ez dela hain erraza delituaren eta zigorraren arteko oreka egokia zaintzea, zeren eta, ankertasun saiatu batek giza generoa asko aldatu duen arren, legeek ezin baitute gainditu giza antolaketaren sentiberatasunaren mugan dagoen azken indarra. Behin mutur honetaraino helduta, ezingo litzateke zigor handiagorik aurkitu delitu kaltegarri eta ankerragoentzat, hauek eragozteko komeni den bezala. Beste ondorioa da inpunitatea bera oinazeen ankerkeriagatik sortzen dela. Gizonak muga batzuen barruan itxita daude, bai onerako eta bai txarrerako, eta gizadiarentzako ankerregia den ikuskizuna ezin da beroaldi pasakorra baino izan, eta sekula ere ez sistema iraunkorra, legeek izan behar dutena, hain zuzen. Izan ere, zigorrak oso basatiak badira, aldatu egin behar dira, edota bestela inpunitatea sortuko da ezinbestean legeetatik euretatik.

Historiak irakurtzen ditugunean, nor ez da izutzen ustez gizon jakintsuek asmatu eta odol hotzez erabili dituzten tortura basa eta alferrikoekin? Nori ez zaizkio alderdirik sentikorrenak dardaraz jartzen, ikusten dituenean milaka dohakabe miseriak eta etsipenak beren jatorrizko egoerara jaurtita, edo ezjakintasun lotsatiak asmaturiko delitu ezinezkoak leporatuta, edo beren ideiei leial izatearen, eta ez beste ezeren, errudun. Legeak, gutxi batzuei mesede eta gehienei kalte egin ohi dion legeak, beti begi onez ikusi ohi du miseria. Eta hau guztia zentzumen berberak eta, beraz, grina berberak dituzten gizonek gauzatua, itxurakeria ondo pentsatuekin eta tortura mantso eta urragarriekin; zein ikuskizun atsegina jendetza fanatikoarentzat!