Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXVIII.Heriotza-zigorraz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXVIII.Heriotza-zigorraz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXVIII. Heriotza-zigorraz

Sekula gizona hobetu ez duen alferriko oinaze ugaritasun honek bultzatu nau, ondo antolatutako gobernu batean heriotza benetan zuzena eta beharrezkoa den ala ez aztertzera. Zein eskubide mota ote da gizonari beren kidea erailtzeko baimena ematen diona? Ez behintzat burujabetasunetik eta legeetatik datorrena. Legeak ez dira bakoitzaren askatasun pribatuko zatitxoen batuketa baizik; legeek borondate orokorra adierazten dute, zein borondate pribatuen batuketa baino ez den. Nork eman dio inori beste gizon batzuk bere iritzira hiltzeko baimena? Nola pentsa dezake inork, bakoitzaren askatasuna ahalik eta gutxien hondatu behar denean, izan daitekeen on handiena sakrifika daitekeela, bizitza, alegia? Eta nola ezkontzen da irizpide hau beste harekin, hots, gizonak ez duela bere burua hiltzeko eskubiderik? Irizpide hau okerra dela pentsatu behar al dugu, hiltzeko eskubidea besteri edo gizarte osoari ematen zaionean?

Heriotza-zigorra ez da, beraz, eskubide bat, frogatua dut ezin dela izan, nazioak hiritarrarekin duen gerra baizik, hark beharrezkoa eta egokia ikusten duelako izaki bat suntsitzea. Baina demostratuko baldin banu heriotza ez dela ez beharrezko eta ez egoki, irabazia nuke humanitatearen kausa.

Hiritar baten heriotza ezin da beharrezkotzat jo, bi arrazoirengatik ez bada. Lehena, norbaitek, nahiz eta askatasunik gabe egon, artean dituen baliabide eta harremanengatik, nazioaren segurtasunari komeni bazaio; hark bizirik jarraitzeak iraultza arriskutsu bat ekar badezake indarrean dagoen gobernueran. Edozein hiritarren heriotza beharrezko bihurtzen da, beraz, nazioak bere askatasuna berreskuratzen edo galtzen duenean; edo anarkia garaian, legeen lekua bidegabekeriek eurek hartzen dutenean. Baina legeen erregetza lasaian, nazioaren borondateak elkartzen dituen gobernuera batean, hau barrutik eta kanpotik indarrez eta oniritziz (indarra bera baino garrantzitsuagoa), ondo hornituta dagoenean, agintea benetako soberanoaren esku bakarrik dagoenean, aberastasunek atsegina erosten dutenean eta ez agintea, nik ez dut ikusten hiritar bat suntsitzeko inolako beharrik, baldin eta haren heriotza ez bada beste gizaki batzuk delituak egitetik atzeratzeko galga bakarra: hau da bigarren arrazoia heriotza-zigorra zuzen eta beharrezkotzat jo ahal izateko.

Hainbeste mendetako esperientziak garbi erakusten duenean azken oinazeak ez dituela gizonak atzeratzen gizartea iraintzeko orduan, Erromako hiritarren adibideak daudenean, eta Moskoviako Elisabeta14 enperatrizaren hogei erregetza-urteak, zeinetan etsenplu ederra eman baitzien herrien gurasoei, aberriaren semeek odolez erositako konkista askoren mailakoa; hau guztia ikusita ere, gizonari ez zaio buruan sartu, honentzat beti susmagarria baita arrazoiaren hizkuntza, eta jatorra agintearena; aski da gizonaren izaerari erreparatzea esan dudana egia dela konturatzeko.

Gizonaren animoan eragin handiena egiten duena ez da zigorraren gogortasuna, honen luzapena baizik, gure sentibekortasuna errazago eta hobeto mugitzen delako eragile txiki baina errepikakorren ondorioz, mugimendu bortitz baina pasakorren ondorioz baino. Ohituraren aginpidea unibertsala da izaki sentikor guztiengan, eta gizonak haren laguntzaz hitz egin, ibili eta bere beharrizanak betetzen dituen bezala, ideia moralak ere ez dira buruan inprimatzen, ez badira gogoan behin eta berriro gogor sakatzen. Gaizkile baten heriotzaren ikuskizun lazgarri baina igarokorrak ez ditu kitatzen hark iraindu duen gizartearekiko zorrak, eta bai, ostera, zerbitzu-abere bihurturik, askatasunik gabe bizi behar duen gizon baten eredu luze eta neketsuak, hau delarik delituen kontrako oztoporik indartsuena. Zein eraginkorra den geure buruari behin eta berriro errepikatu beharreko esaldi hau: Ni neu ere egoera luze eta zorigaitzekoan bizi beharrean izango naiz, baldin eta horrelako bidegabekeriak egiten baditut, eta hau askoz indartsuagoa da gizonek urrun eta ilun ikusten duten heriotza-zigorraren ideia baino.

Heriotza-zigorrak eragiten duen zirrarak ez du bere ahalmenaz ordezkatzen gizonak ahazteko duen berezko joera; gauzarik oinarrizkoenak ere ahazten ditu, eta grinak bitarteko direnean, areago oraindik. Arau orokorra: grina indartsuak gizonaren jabe egiten dira, baina ez luzaroan; eta egokiak dira gizon arruntek, edo pertsiarrek, edo lazedemoniarrek egin ohi dituzten iraultzak gauzatzeko, baina gobernu aske eta lasai batean hobeak dira zirrara iraunkorrak bortitzak baino.

Heriotza-zigorra ikuskizun bilakatzen da gehienentzat, eta higuin-ukitua duen erruki-gai gutxi batzuentzat; bi sentimendu hauek geratzen dira, batik bat, ikuslearen gogoan, eta ez legeak itsatsi gura lukeen izu osasungarria; baina neurriko zigor jarraikorrekin nagusitzen den sentimendua azkenengoa da, bakarra delako. Badirudi legegileek zigorren gogortasunari jarri beharko lioketen muga erruki sentimendua dela, honek beste ezein sentimenduk baino leku handiagoa hartzen baitu ikusleen gogoan, eurentzat egina baitago errudunarentzat baino gehiago.

Zigor batek, zuzena izateko, gizakia delitutik atzeratzeko adinako gogortasuna izan behar du, ez gehiago; izan ere, ondo pentsatuta, ez da bere askatasuna guztiz eta betiko galtzea aukeratuko lukeenik, nahiz eta oso onuragarria izan delitu jakin bat. Beraz, heriotza-zigorraren ordezko esklabotza betikoa nahikoa zigor gogorra da edozeinen barrua dardaraz jartzeko; gehiago esango nuke oraindik: askok eta askok aurpegi lasai eta irmoarekin begiratzen diote heriotzari, honakoak itsukeriagatik, horrakoak harrokeriagatik, honek ia beti hilobiraino laguntzen baitio gizonari, harakoak bizimodu doilorrari ihes egiteko azken ahalegin etsi bezala; baina ez dago itsukeriarik eta harrokeriarik zepo eta kate artean, edo garrote azpian, edo uztarripean, edo burdinazko kaiola batean, eta dohakabearen zorigaitzak ez dira une hartan amaitzen, hasten baizik. Gure adoreak hobeto jasaten ditu bortizkeria eta oinaze izugarri baina pasakorrak, denbora eta asperdura mugagabeak baino. Eta hau, nolabait esateko, gizona bere baitan zeharo bil daitekeelako lehendabizikoei aurre egiteko, baina malgutasunik handiena ere ez delako aski segundoen lan etengabe eta errepikakorra jasateko. Heriotza-zigorrarekin nazioari ematen zaion etsenplu batek delitu jakin bat du atzean; betiko esklabotza zigorrarekin, aldiz, delitu bakar batek etsenplu iraunkor ugari ematen du; eta, inportantea denez gizakiak legeen indarra sarri ikus dezala, heriotza-zigorrak ez lirateke denboran elkarrengandik oso urrun eman behar: alde batetik, honek delituen maiztasuna suposatzen duelako, bestetik, eraginkorra izango bada, ez delako komeni zigor honek eragin behar lukeen zirrara guztia egitea gizonengan, egokia eta desegokia izan behar duelako aldi berean. Norbaitek betiko esklabotza heriotza baino mingarriagoa dela esaten badu, eta, beraz, hura bezain ankerra, nik erantzungo diot, esklabotzako une negargarri guztiak batuta, askoz ere mingarriagoa dela, hau bizitza osoan zehar luzatzen delako, eta hark, berriz, bere indarra une jakin batean erabiltzen duelako; eta zera da esklabotza zigorraren abantaila: ikusten duena gehiago beldurtzen duela, jasaten duena baino; lehenengoak une malerusen batuketa hartzen du kontuan; bigarrenari, berriz, momentuko zorigaitzaren itsumenak gerokoa lausotzen dio. Gaitz guztiak hazi egiten dira irudimenean; sofritzen ari denak, berriz, urrundik begiratzen duenari ezezagun eta sinesgaitz egiten zaizkion euskarriak eta kontsolamenduak aurkitzen ditu; soegilea ez da konturatzen bere sentiberatasuna eta egoerak gogorturiko dohakabearena ez direla berdinak.

Hona hemen, gutxi gorabehera, zein burubidetsu darabilen lapurrak edo hiltzaileak, honek urkabea edo gurpila, beste kontrapisurik ez duenean legeak ez bortxatzeko. Badakit norbere baitako sentimenen garapena heziketarekin ikasten den artea dela; baina lapur batek bere irizpideak egoki garatu ez izanak ez du esan nahi hark bere irizpideak gutxiago erabiliko dituenik. Zeintzuk dira nik errespetatu beharreko lege hauek, aberatsaren eta nire artean hain tarte handia uzten dutenak? Sos bat eskatzen diot eta ez dit ematen, eta berak ezagutzen ez duen lan bat niri aginduz zuritzen du bere burua. Nork egiten ditu lege hauek? Sekula behartsuaren etxola bisitatzera jaisten ez diren gizon aberats eta boteretsuek, haurtxo gosetien garrasi errukarrien eta andre-malkoen artean lizundutako ogi bat sekula banatu ez dutenak. Eten ditzagun gehienontzat kaltegarriak eta tirano alfer banaka batzuentzat egokiak diren lokarri hauek, eraso diezaiogun injustiziari bere iturrian. Nire berezko independentzia-egoerara itzuliko naiz, libre eta zoriontsu biziko naiz denbora batez, nire adorearen eta ahaleginaren fruituekin; etorriko da agian oinazearen eta damuaren eguna, baina laburra izango da denbora hau, eta oinaze-egun bat baino ez dut izango askatasun eta atsegin-urte askoren truke. Gutxi batzuen errege izango naiz, eta zoriaren akatsak zuzenduko ditut, eta tirano harroputz hauek zurbiltzen ikusiko ditut, beren zaldi eta txakurrak baino eskasagotzat hartzen zutenaren aurrean. Orduan erlijioa etortzen da ezer errespetatzen ez duen gaizkilearen burura, eta, honek damu erraza eta betiko zorionaren ia ziurtasun osoa aurkezten diolarik, asko samurtzen da haren azken trajediaren izugarrikeria.

Baina urte mordoa edota bizitza osoa esklabotzan eta oinazean igaro beharko duela ikusten duenean, bere herrikideen begirakunepean, hauekin libre eta anaikiro bizi ordez, babesle zituen lege berberen esklabo; hau guztia konparatu egiten du, bere artean, bere delituen ustezko arrakastarekin, fruituak gozatu ahal izango lituzkeen denbora laburrarekin. Beren arinkeriaren biktima direnen eredu iraunkorra ikusteak askoz ere zirrara handiagoa eragiten dio, zuzendu beharrean gogortu egiten duen oinazearen ikuskizunak baino.

Heriotza-zigorra ez da eragingarria ankerkeriazko eredua ematen diolako gizakiari. Grinek edo gerrako premiek giza odola isurtzen erakutsi badute ere, giza jarreraren leungarri diren legeek ez lukete eredu basatia hedatzen lagundu behar, hau are eta kaltegarriagoa baita lege bidezko heriotza gauzak aztertuz eta itxurak zainduz egiten denean. Zentzugabekeria iruditzen zait borondate publikoaren adierazpide diren legeak, erailketaren errefusatzaile eta zigortzaile direnak, eurak berberak izatea haren egile, eta, hiritarrak erailketatik urruntzeko, eurek ageriko hilketa agintzea. Zeintzuk dira legerik benetako eta komenigarrienak? Zeintzuk denok proposatu eta onartu nahi ditugun hitzarmen eta baldintzak, interes pribatuaren betiko ahotsa isiltzen edota interes publikora moldatzen den bitartean? Zeintzuk dira bakoitzaren sentimenduak heriotza-zigorraren aurrean? Ikus dezagun denok nolako amorru eta ezinikusiarekin begiratzen diogun borreroari, hau borondate publikoaren gauzatzaile errugabea besterik ez denean, onura publikoaren alde lanean ari den hiritar ona, barneko segurtasun publikoak beharrezkoa duen tresna, kanpokoak gudari ausartak behar dituen modu berean. Zein da, orduan, kontraesan honen jatorria? Zergatik da gizakiarengan ezabagaitza arrazoiaren kontrako sentimendu hau? Zergatik gizonak bere barne muinetan, oraindik bere berezko izaera beste inon baino hobeto gordetzen duen lekuan, uste du norberaren bizia ez dagoela inoren esku, halabeharrarenean ez bada, zeinek bere burdinazko aginte-makilaz gobernatzen baitu unibertsoa.

Zer pentsatu behar dute gizonek ikusten dutelarik magistratu jakintsuek eta apaiz serioek lasaitasun axolagabez eta tresneria geldoz zatikarazten dutela presoa, eta dohakabe hau azken arnasan, behin betiko golpearen zain dardaraka dagoen bitartean, epailea badoala pauso geldian, hoztasun bihozgabez eta agian bere agintearen handiustean atsegin hartuz ere bai, bizitzako erosotasun eta atseginez gozatzera? A! esango dute haiek, lege hauek ez dira indarraren aitzakia eta justiziaren itxurakeria pentsatu eta basatiak baino; komenentziazko hizkuntza bat dira, gu, despotismoaren idolo asegaitzari sakrifikatutako biktimak, segurtasun handiagoz sarraskitzeko.

Erailketa, ostera, bidegabekeria ikaragarria balitz bezala erakutsi digutena, inolako nazkarik eta amorrurik gabe burutzen dela ikusten dugu. Etsenpluetatik ikas dezagun. Kontatzen zigutenaren arabera, ikuskizun lazgarria iruditzen zitzaigun hilketa bortitza, baina une bateko arazo moduan ikusten genuen. Bada, orduan, askoz ere leunagoa izango da, itxaro ez delarik, mingarritik duen gehientsua kentzen bazaio! Hauek edo antzerakoak dira deliturako prest dauden gizonek egiten dituzten alderaketa negargarriak, garbi ez bada ere nahas-mahasean, delituak egiteko orduan erlijioaren abusuak, ikusi dugunez, indar gehiago duenean erlijioak berak baino.

Ia mende eta nazio guztietako eredua aurpegiratzen badidate, zenbait delituri heriotza-zigorra ezarri izan zaiola, alegia, nik erantzungo diet hori hutsean geratzen dela ukaezina den egiaren aurrean; esango diet gizonen historia hutsegiteen itsaso amaigabea dela, zeinetan egia gutxi eta lauso batzuk bakarrik geratu diren ur gainean, han-hemenka. Giza sakrifizioak ohikoak izan dira ia nazio guztietan, eta orain nor ausartzen da haiek zuritzen? Gizarte banaka batzuk, denbora laburrez bada ere, heriotza-zigorrari uko egin izanak, nire argudioen alde gehiago esaten du aurka baino, hau baita egia handien zoria, hauek tximista baten iraupena baitute, gizakia estaltzen duen gau luze eta beltzarekin alderatuta. Oraindik ez da heldu egia gehiengoaren ondare izango den garai zoriontsua, orain arte hutsegitea izan den bezala; eta lege unibertsal honetatik kanpo, Jakinduria infinitoak, errebelazioaren bitartez, besteengandik bereizi nahi izan dituen egiak bakarrik geratu dira.

Filosofoaren ahotsa makalegia da ohitura itsuak gidatutako hainbaten zarata eta iskanbilei aurre egiteko, baina munduan zehar sakabanaturiko gizon burutsu apurrek oso kontuan izango naute beren bihotzen lekurik kuttunenean; eta egiak ahal izango balu monarkarenganako bidean —eta ez bere erruz— dagoen hamaika mila traba saihestu eta tronuraino heldu, jakin beza egia gizaki guztien boto sekretuekin datorrela, jakin beza konkistatzaileen ospe odoltsua isildu egingo dela beraren aurrean, eta etorkizun justuak lehen lekua eskainiko diola Titoen, Antoninoen eta Trajanoen trofeo baketsuen artean.

Zoriontsua litzateke gizadia, baldin eta lehenengoz legeak ezarriko balitzaizkio, orain, Europako tronuen gainean monarka onberak ikusten ditugunean, bertute baketsuen, zientzien eta arteen bultzatzaileak, bere herrien gurasoak; hiritar koroadunak, beren agintea handitzeak hiritarren zoriona ekartzen du, erdiko despotismoa desegin baitute, ankerragoa, segurtasun gutxiagokoa eta herri-gogoaren itotzailea zen despotismoa. Zein zorionekoa litzatekeen herriaren gogo egigosea, baldin eta tronuraino iristeko zoria balu! Horiek lege zaharrei irauten uzten badiete, izango da, diot nik, zailtasun ikaragarria dagokeelako hutsegiteei mendez mende itsatsitako herdoil gurtua kentzeko, eta, hau dela eta, hiritar argituok bihotz-bihotzez gura dugu haien agintea handituz joan dadila.