Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXIX.Espetxeratzeaz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXIX.Espetxeratzeaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXIX. Espetxeratzeaz

Hutsegite arrunta bezain gizartearentzat kaltegarria da legeen burutzaile den magistratuari arbitro gisa jokatzen uztea hiritar bat espetxeratzeko orduan, etsai bati askatasuna kentzeko ahalmena ematea edozein aitzakia xumerekin, edota lagun bat zigorrik gabe uztekoa, honen aurkako erruduntasun froga garbiak egon arren. Espetxeratzea da zigor bat, besteak ez bezala, derrigorrez delituaren deklarazioaren aurretik gauzatu beharrekoa, baina berezitasun honek ez dio beste oinarrizko bat kentzen, hots, legeak bakarrik esan dezakeela gizonak noiz merezi duen zigorra eta noiz ez. Legeak zehaztu behar du, beraz, delituaren zein arrastok merezi duen ustezko erruduna atxilotzea, eta zigorra ekar dezakeen azterketa abian jartzea. Iritzi publikoa, ihesa, epailez landako aitorpena, delitukide baten aitorpena, mehatxuka eta liskar etengabean badabil irainduarekin, delituaren gorputza, edota antzeko beste arrasto batzuk aski dira hiritar bat atxilotzeko; baina froga hauek legeek ezarri behar dituzte eta ez magistratuak; izan ere, hauen dekretuak askatasun politikoaren aurkakoak izaten dira beti, kode publikoko esaldi orokor batetik eratorritako proposamen partikularrak ez direnean. Zigorrak leundu ahala, espetxeetako zikinkeria eta gosea kendu ahala, errukiak eta gizatasunak burdinazko ateak zeharkatu eta justiziaren ministroen bihotz estu eta gogorretan gobernatu ahala, legea aztarna ahulagoz baliatu ahal izango da norbait atxilotzeko orduan. Delitu batez akusatutako pertsonak, espetxeratua eta libre utzia izan ondoren, ez luke fama txarraren orbanik eraman behar. Delitu oso larriak leporatutako hainbat eta hainbat erromatar, errugabe azaldu ondoren, oso errespetatuak eta ohoratuak izan ziren herriaren eta magistratuen aurrean! Baina gaur egun zergatik da hain desberdina errugabe baten irteera? Jendeak pentsatzen bide duelako justiziaren ideiari indarraren eta jauntxokeriaren ideia nagusitu zaiola oraingo sistema kriminalean; akusatuak eta konbiktuak nahasi botatzen direlako kobazulo berera. Espetxea akusatuaren oinazeleku delako gehiago, gordeleku baino. Eta legeen barne-indar babeslea bereizita dagoelako kanpoko indarretik, tronua eta nazioa defendatzen dituenetik, biak bat eginda egon beharko luketenean. Horregatik, lehenengo gauza fama txarra kentzea izango litzateke, legeen ekimenez, epaileen boterea lagun hartuta, baina ez haren menpekotasun zuzenean, eta erakunde militar baten neurriko loria eta arrandia erabili beharko litzateke, jakinik ospea, herriaren sentimendu guztiak bezala, lotuago dagoela itxurari mamiari baino; eta frogatua dut espetxe militarrak ez direla zibilak bezain ospe txar emale, jendearen ustez. Oraindik bizi-bizirik daude herriarengan, eta baita egungo nazioaren argiak baino gutxienez mende bat atzerago doazen ohitura eta legeetan ere, iparraldeko gure guraso ehiztarien joera anker eta ideia basatiak.

Zenbaitek dio delitua, legearen kontrako ekintza, alegia, edozein lekutan egina delarik ere, zigortu ahal izan behar dela; ezabaezina izango balitz bezala hiritar izaera, hiritar izateak esklabo izatea edo txarragoa esan nahiko balu bezala; norbait lurralde bateko hiritar izan eta beste batean bizi ahalko balitz bezala; eta beren ekintzak, kontraesanik gabe, gehienetan desberdinak diren bi soberano eta bi legeriaren menpe egon ahalko balira bezala. Bide honetatik, batzuek pentsatzen dute Konstantinoplan egindako ekintza basati bat, adibidez, Parisen zigor daitekeela, arrazoi oso abstraktu bat erabiliz: humanitatea iraindu duenak aurka izan behar omen du humanitate osoa; gaitzespen unibertsala, alegia. Epaileak gizonen sentiberatasunaren zaindari balira bezala, eta ez beren arteko hitzarmenen babesle. Zigorraren lekua delituaren lekua da, han eta hantxe bakarrik daudelako gizonak gizabanako bat samintzera behartuta, samin publikoari aurre egiteko. Bera gizartekide ez den gizarte bateko hitzarmenak sekula hautsi ez dituen gaizkilea beldurgarria izan daiteke, gizarteko agintaritza nagusiak atzerriratu eta baztertu egin dezake, agian, baina gaizkile hori ezin daiteke zigortu hitzarmenen zaindari diren legeen formalitatea erabiliz, eta ezta ekintzen berezko gaiztakerian oinarrituz ere.

Deliturik txikien errudunak espetxe ilun batera jaurtiz zigortzen dira, edota esklabotza urrun eta alferrikora bidaltzen etsenplu ematera, kalterik egin ez duten nazioetara. Gizona, normalean, ez da ausartzen delitu ikaragarriak bat-batean egitera, eta, horregatik, txarkeria handi bati ezarritako zigor publikoa gauza arrotza eta berari gerta ezinezkoa irudituko zaio; baina delitu txikiagoen zigor publikoak, norberaren gogotik hurbilago geratzen denez, eragin egingo dio, eta delitu txikietatik uxatuko du eta, zer esanik ez, handietatik. Zigorrak delituekin orekan ez dira gogortasunean bakarrik egon behar, baita zigortzeko moduan ere. Batzuk libre geratzen dira delitu txiki baten zigorretik alderdi saminduak barkatzen dionean; gizadiaren bihotz-zabaltasunaren alde mintzatzen da jarrera hau, baina onura publikoaren kontrakoa da, hiritar pribatu batek bere barkamenarekin ezin duelako ezabatu etsenpluaren beharra, nahiz eta barkatu ahal izan eragin dioten samina. Zigortzeko eskubidea ez da hiritar batena, hiritar guztiena edo soberanoarena baizik. Batek uko egin diezaioke bere eskubide parteari, baina ez beste guztiena ezereztu.