XXX. Auziak eta preskripzioak
Baina legeek denbora bat zehaztu behar dute, bai erruztatuaren defentsarako eta bai frogak aurkezteko; izan ere, bestela epailea legegile bihurtuko litzateke berak erabaki beharko balu zein den delitu bat frogatzeko behar den denbora. Era berean, frogatuta dauden eta gizonen gogoan geratu diren delitu basatietan, ez da ihes egin duen errudunaren aldeko inolako preskripziorik eman behar; baina delituak txikiak eta ilunak direnean, preskripzioak balio behar du hiritar baten zoriaren zalantza ezabatzeko, delitua luzaroan estalita euki duen iluntasunak ezabatu egiten duelako inpunitatearen etsenplua, horrela akusatuari hobetzeko aukera ematen zaiolarik. Aski zait irizpide hauek aipatzea, ezin baita muga zehatzik ezarri, legeria jakin batean edo gizarte-egoera jakin batean ez bada; zera gehituko dut bakarrik: nazio batean, neurrimenduz emaniko zigorren egokitasuna oinarri hartuta, preskrizioaren edo frogen denbora delituen arabera luzatzen edo laburtzen duten legeek, kartzela bera edo borondatezko atzerriratzea zigorraren zati bihurtzen dutenak, bereizketa erraza egitea bideratuko dute, zigor bigun eta gutxi batzuk ezar baitaitezke delitu kopuru handi batentzat.
Baina denbora ez da delituen ankerkeriaren proportzio zehatzean luzatuko, delituen probabilitatea beren ankerkeriaren alderantzizkoa baita. Beraz, ikerketa-denbora laburtu egin beharko da eta luzatu preskripzioarena. Badirudi hau kontraesanean dagoela lehen nik esandakoarekin, hau da, zigor berdinak eman daitezkeela delitu ezberdinentzat, zigortzat hartuz kartzela denbora edo honen aurreko preskipzio-denbora. Irakurleari nire ideia azaltzeko, bi delitu mota bereizten ditut: lehena, delitu ankerrak: hilketa eta hurrengo mailako beste gaiztakeria guztiak. Bigarrena, delitu txikiak. Bereizketa honek gizonaren izaeran du oinarria. Norberaren bizitzaren segurtasuna berezko eskubidea da, eta ondasunen segurtasuna gizarte-eskubidea. Gizakia berezko erruki sentimendurantz bultzatzen duten arrazoiak askoz ere gutxiago dira, zoriontsu izateko berezko egarriak eramanik, eskubide bat haustera bultzatzen dutenak baino, eskubideak ez beren bihotzetan baizik eta gizartearen arauetan aurkitzen dituztelako-edo. Bi delitu hauen arteko probabilitate-ezberdintasun txit handiak eskatzen du hauen arauketa oinarri ezberdinekin egitea: delitu ankerrenetan (eta, beraz, arraroenetan) ikerketa-denbora laburtu egin behar da akusatuaren errugabetasun-probabilitatea handitzeko, eta preskripzioaren denbora luzatu, zeren eta errudun edo errugabe jotzen duen epai behin betikoak ekarriko baitu inpunitatearen lilura kentzea, lilura horrek dakarren kaltea handiagoa izaten delarik delituaren ankerkeriaren arabera. Baina delitu txikietan, akusatuaren errugabetasun-probabilitatea gutxitu egiten denez, luzatu egin behar da ikerketa-denbora, eta inpunitatearen kaltea txikiagoa denez, laburtu egin behar da preskripzioarena. Delituak bitan banatze hau ez litzateke onartu beharko, baldin eta bitartean gutxitu egingo balitz inpunitatearen kaltea, eta delituaren probabilitatea handitu. Esan behar da, ez dakigunean akusatua errudun ala errugabe den, eta froga-faltaz askatu denean, berriro atxilotu daitekeela delitu berberagatik, eta ikerketa berriekin hasi, baldin eta legeak seinalatutako aztarna berriak agertzen badira, eta ez bada bere delituari jarritako preskripzio-epea igaro. Hau da, behintzat, hiritarren segurtasuna eta askatasuna babesteko egokia iruditzen zaidan jarrera, ez dadila gertatu batari mesede egitearren besteari kalte egitea, bi ondasun hauek hiritar ororen ondare ezinbestekoak baitira, eta horregatik bata ondo zainduko du despotismo ageriko zein mozorrotuak, eta bestea herriaren anarkia istilutsuak.