XXXI. Frogatzen zailak diren delituak
Bada aldi berean maiztasun handikoa eta frogatzen zaila den zenbait delitu; eta honelakoetan errugabetasun-probabilitatetik dator frogatzeko zailtasuna; eta inpunitateak eragindako kaltea txikiagoa denez, eta delitu hauen maiztasuna ez inpunitate-arriskuagatik baizik eta beste arrazoi batzuengatik gertatzen denez, ikerketa eta preskripzio-epeak, biak laburtu egin beharko lirateke. Ikusten dugu, ostera, adulterioa eta atsegin greziarra (sodomia), froga zaileko delituak biak, direla ohiko irizpideen arabera, aurreiritzi tiraniko gehien onartzen dutenak, sasi-frogak, erdi-frogak (gizon bat erdi-errugabe, edo erdi-errudun izan ahalgo balitz bezala, edo erdi-zigorgai edo erdi-barkagai); torturak bere aginte krudela erabili ohi du akusatuarengan, testigantzetan, eta baita dohakabearen familia osoan ere, zenbait doktorek, hoztasun lotsagarriz, epaileen esku uzten dituzten arau eta legeek erakusten duten bezala.
Adulterioa, politikoki begiratuta, bere indarra eta norabidea bi arrazoik ematen dioten delitua da: gizonen lege aldakorrek eta sexu bat bestearengana bultzatzen duen erakarmen indar ikaragarriak; hau, askotan, unibertsoaren indar eragilearen antzekoa da, hura bezala moteldu egiten delako distantziarekin, eta batak gorpuzkien mugimendu guztiak aldatzen dituen bezala, besteak gogoaren gehienak aldatzen dituelako, bere eraginak irauten duen bitartean; baina desberdina da honetan: grabitatea eragozpenen aurrean orekatu egiten da bitartean, besteak indar eta kemen handiagoa hartzen du oztopoak areagotu ahala.
Nik oraindik erlijiorik gabe bizi diren nazioei hitz egin beharko banie, esango nieke badirela kontuan hartzeko beste bi ezberdintasun delitu honen eta beste delituen artean. Hau gizadi osoaren behar betiko eta unibertsal baten abusutik sortzen da, gizartea bera sortu aurretiko beharra gainera, bestelako delitu suntsitzaileen jatorria behar naturaletan baino gehiago, momentuko grinetan dagoen bitartean. Gisa honetako behar bat badirudi, gizonaren historia ezagututa, beti berdina dela giro berdinean, eta beti kopuru berdinekoa. Hau egia balitz, alferrikoak eta kaltegarriak lirateke batura osoa gutxitzea bilatuko luketen lege eta ohiturak, norberaren eta besteen beharren parte bat zamatzea izango lukeelako ondorio; baina zuhurrak lirateke, aldiz, nolabait esateko, lautadaren erripa leunari jarraituz, kopuru osoa apurka eta berdin banatuz eta isuriz, alde guztietan lehortea zein uholdea eragotziko luketen lege eta ohiturak. Senar-emazteen leialtasuna ezkontza kopuruaren eta askatasunaren araberakoa da. Herentzia aurreritziek gobernatzen duten lekuan, etxean agintzen duenak erabakitzen eta aukeratzen duenean, galantasunak isilpean eteten ditu lokarriak, moral arruntari muzin eginez, honen jokabidea ondorioen kontra oihu egitea izaten delarik, zergatiei barkamena emanez. Baina gogoeta hauek ez dira beharrezkoak, benetako erlijioan biziz, berezko senen bideratzaile diren arrazoi gorenagoak dituztenentzat. Honelako delitu bat egitea hain bat-batekoa eta misteriotsua da, hain dago estalia legeak berak ipini dituen zapiz (beharrezko estalkia, baina urrakorra eta gauzaren salneurria gutxitu beharrean handitzen duena), aukerak hain dira errazak eta ondorioak hain nahasiak, non legegilearentzat aurreikustea erosoagoa baita zuzentzea baino. Arau orokorra: delitu bat, berez eta gehienetan zigor gabe utzi beharrekoa izaki, zigortzen bada, zigorra pizgarri bihurtzen da. Gure irudimenaren ezaugarrietariko bat honakoa da: oztopoak, gaindiezinak eta zailegiak ez badira edozein gizonen adore alferrarentzat, gehiago aztoratzen dutela irudimena eta handitzen objektua; izan ere, irudimen errari eta kaskarina, objektuaren bidean hainbeste traba eta erreparo aurkitzen duenean, aukera guztiak probatzera behartzen delarik, askoz ere estuago lotuko zaio gure berezko senaren jomuga den alde atseginenari, haren alde txar eta mingarriari baino, zeinetatik ihesi egiten duen.
Sodomia, legeek hain gogor zigortzen dutena eta errugabetasunaren garaile den toturaren eskuetan hain erraz uzten dena, gizon isolatu eta librearen beharretan baino gehiago oinarritzen da gizon gizarteratu eta morroiaren grinetan. Honen erakarmen-indarra atsegin-egarrian baino gehiago heziketan dago, gizona bere buruarentzat ezdeus eta besteentzat erabilgarri bihurtzen duen heziketan; gazte-adore sutsua itxi egiten den etxeetan, beste edozein harremanetarako horma gaindiezina eraikitzen denean, naturaren kemen guztia alferrik galdu egiten da gizadiarentzat, eta zahartzaroa aurreratzen.
Modu berean, haur-hilketa ere kontraesan saihestezin baten ondorioa da, zeinetan aurkitzen baita derrigorrez edo ahuldadez amore emandako pertsona. Ospe txarraren eta kaltea sentitzeko gauza ez den izakiaren heriotzaren artean aukeratu behar duenak, nola ez du, bada, nahiago izango azken hau, berari eta bere zorigaitzeko fruituari ziur-ziur itxaroten dien miseria baino? Delitu hau aurreikusteko modurik onena, tiraniaren aurkako ezintasuna lege eraginkorrekin babestea izango litzateke, tiraniak puztu egiten baititu bertutearen kapapean estaltzen diren bizioak.
Ez da nire asmoa delitu hauek sortzen duten higuin ulergarria apaltzea; baina, iturburuak seinalatuz, ondorio orokor batzuk ateratzeko eskubidea dudala uste dut, hau da, ezin zaiola delitu baten zigorrari inondik inora zuzena deitu (honek beharrezkoa esan nahi baitu), legeak, nazio baten egoera kontutan hartuta, hura aurreikusteko bitarteko egokirik jarri ez duenean.