XXXII. Buru-hilketa
Bere burua hiltzen duenak mugetatik at joaten denak baino kalte txikiagoa egiten dio gizarteari; hark bere izate guztia uzten du, baina honek, ostera, bere burua eta jabetasunen zati bat darama. Eta gizartearen indarra bere giza kopuruaren araberakoa bada, bere burua batetik kendu eta beste nazio bati ematen dionak, bere heriotzarekin gizarteari kendu besterik egin ez dionaren gaitz bikoitza egiten du. Arazoa, beraz, zera da, ea ona ala txarra den nazioarentzat kanpora joan ahal izateko askatasun osoa eta betikoa ematea bere kide bakoitzari.
Armatu gabea den edo gorabeherek funts gabe bihurtzen duten edozein lege ez da aldarrikatu behar. Eta gogoaren gainean iritziak agintzen duen bezala, eta honek legegilearen bultzadatxo motel eta zeharkakoei jarraitzen dien bezala, bultzada zuzen eta bortitzei muzin eginez, modu berean, gizonen mesprezioa bereganatzen duten alferriko legeek beren doilorkeria itsasten diote lege osasuntsuenei ere, gainditu beharreko oztopo gisa ikusten baitira, onura publikoaren ondare baino gehiago. Hau dela eta, gure sentimenduak mugatuak badirenez, lehen esan dugun bezala, gizakiak zenbat eta miresmen handiagoa legez kanpoko gauzei, orduan eta txikiagoa izango diote legeei eurei. Irizpide hauetan oinarrituta, zenbait ondorio atera dezake zorion publikoaren banatzaile zuhurrak, baina hauek azaltzen hasiko banintz, urrunegi geratuko litzaidake nire esku arteko gaia, estatua espetxe bihurtzea alferrikoa dela frogatzea, hain zuzen. Alferrikoa da era honetako legeak jartzea, zeren eta oztopo gaindiezinek edo itsaso zeharkaezinek ez badute lortu lurralde bi elkarrengandik bereiztea, nola itxiko dira zirkunferentzia bateko puntu guztiak, eta nola zainduko zaintzaileak? Ezinezkoa da dena aldean eraman duena zigortzea, egindakoa egin eta gero. Delitu honi ezin zaio zigorrik ezarri behin eginda gero; eta aurretik zigortzea gizonaren asmoa zigortzea da, eta ez beren ekintza, asmoan agindu nahi izatea da, gizonen legeek aginpiderik ez duten pertsonaren alderdi hain libre horretan. Iheslaria honek utzi dituen ondasunetan zigortzeak (prebarikazio erraz eta ezinbestekoa, bestalde, itunak tiranizatu gabe saihestu ezin dena) nazioen arteko merkataritza guztia hondatuko luke. Erruztatua itzultzen denean zigortu nahi izateak, bestalde, gizarteari egindako kaltea konpondu ezin izatea ekarriko luke, ausentzia betiko izango bailitzateke. Herri batetik irteteko debekuak handitu egiten du nazio bateko hiritarren irteteko gogoa, eta barrura ez sartzeko abisua da kanpotarrentzat.
Zer pentsatu behar dugu, haurtzaroko lehen oroitzapenetik bere aberriari lotuta dauden gizonak barruan edukitzeko beldurraz gain beste bitartekorik ez duen gobernu batez? Hiritarrak aberrian finkatzeko modurik seguruena bakoitzaren ongizatea handitzea da. Salerosketako balantzea gure alde egon dadin edozein ahalegin bidezkoa den bezala, nazioaren eta soberanoaren interesa da bere herriko zorionen batuketa inguruko nazioetakoa baino handiagoa izatea. Luxuaren atseginak ez dira zorion honen elementu garrantzitsuenak, nahiz eta desberdintasunaren aurkako beharrezko erremedioak izan, desberdintasuna handitu egiten baita nazioa aurreratu ahala, eta banaketarik gabe aberastasunak esku bakar batean geratuko bailirateke. Nazio baten mugak bertako biztanleria baino gehiago hazten diren lekuan, luxuak despotismoari laguntzen dio, gizonak zenbat eta gutxiago izan, orduan eta txikiagoa delako produkzioa, eta handiagoa txirotasunak handikeriarekiko duen menpekotasuna, eta zailagoa eta beldurgarriagoa zapalduak zapaltzailearen kontra biltzea, zeren eta losintxak, karguak, bereizpenak, morrontzak, indartsuaren eta ahularen arteko distantzia handitzen duten gauzak, alegia, errazago lortzen baitituzte gutxi batzuek askok baino, gizonak, zenbat eta gutxiago begiratuak izan, orduan eta independienteagoak baitira, eta zenbat eta gehiago izan, orduan eta gutxiago begiratuak. Baina biztanleria mugak baino gehiago hasten den lekuan, luxuak aurre egiten dio despotismoari, hark gizakiaren lana eta produkzioa bultzatzen dituelako, eta halabeharrak nahitaez atsegin eta erosotasun gehiegi eskaintzen dizkiolako aberatsari, herriarengan menpekotasun-sentimena handituko luketen nabarmenkeriek lekua har dezaten. Horregatik ikus daiteke estatu zabal, ahul eta biztanle gutxikoetan, beste gorabehera batzuk ez badira tarteko, nabarmenkeria-gogoa nagusitzen zaiola erosotasunari. Baina, handiak ez izan arren, biztanle askokoak diren estatuetan, luxu gogoa nagusitu egiten zaio nabarmenkeriarako joerari. Baina atseginen salerosketek eta luxuen trukaketek arazo hau dute: nahiz eta hauek askoren erditik igaro, gutxiren artean sortzen direla, eta gutxiren artean bukatzen, eta bakarrik banaka batzuek dastatzen dituztela modu oparoan, eta, hau dela eta, miseria sentimendua ez dela desagertzen, eta honen jatorria gehiago dela konparaketa errealitatea baino. Baina legeek soil-soilik mugatutako segurtasunak eta libertateak osatzen dute bakarrik zorionaren oinarri nagusia; legeak indartsu daudenean, atseginak eta luxuak biztanleriaren zerbitzura egon ohi dira, eta ez daudenean, atseginak tiraniaren tresna izaten dira. Landa oparo eta alaiak gizon maltzurraren esku utziz, basapiztia jatorrenak eta txori libreenak baso ibiliezinetako bakardaderantz urruntzen diren bezala, berdin-berdin ihes egiten die gizonak atseginei, tiraniak partitzen dituenean.
Baita frogatua geratu da alferrikoa eta injustua dela hiritarra bere herrian preso eukitzen duen legea. Eta gauza bera esan behar buru-hilketaren zigorraz. Izan ere, nahiz eta Jainkoak zigortzen duen hobena izan, hilda gero bakarrik zigor daitekeelako, gizonen aurrean ez da delitua, zigorra, errudunaren gainera erori beharrean, haren familiaren gainera erortzen delako. Norbaitek argudiatuko balu zigor honek norbait atzera dezakeela bere bura hiltzetik, nik zera erantzungo nioke: bizitzaren opariari lasai asko uko egiten dionak, bere izatea gorrotatzen duenak eternitate dohakabea nahiago izateraino, ez duela beldur handirik izango bere seme-alaba edo senideei noizbait gerta dakiekeenarengatik.